9. ATALA

 

        Robert Actoni iruditu zitzaion ezen, Eugenia beraren etxean izan eta gero, elkarren arteko hurbiltasuna areagotu zuen zerbait gertatu zela. Zer, zaila zen esaten, baldin eta Eugeniak Adolf printzeari buruzko erabakia harturik zuela esan izana ez bazen; zeren, bestelakoan, Madame Münsterren bisitak ez baitzuen bien arteko harremanetan aldaketarik eragin. Acton maiz joaten zen Eugenia ikustera; baina lehen ere oso maiz joaten zen. Atsegin zuen Eugeniaren saloitxoan egotea; baina hori ere ez zen gauza berria. Aldaketa bat izan zen, nolanahi ere, eta zentzu honetan: lehen Actonek baronesa buruan askotan erabiltzen bazuen, orain burutik kendu gabe zerabilela. Baronesa hasiera-hasieratik izan zen pertsona liluragarria; lilura, ordea, intelektuala ere bazen orain. Acton orain baronesaren hitzak eta ekintzak neurtzen aritzen zen. Algebrako problema baten faktoreak bezain interesgarriak gertatzen zitzaizkion. Eta asko esatea da hori, oso matematika zalea baitzen Acton. Baronesaz maitemindurik ote zegoen galdetzen zion bere buruari, eta ez ahal zela egongo espero zuen; ez ahal zela egongo, ez hainbeste bere buruagatik, nola maitasun sentimenduagatik beragatik. Hura maitasuna bazen, zuena baino balio handiagoa eman zitzaion maitasunari. Eragin poetiko bat zen maitasuna, eta Actonek baronesarenganako zuen arima-egoerak oso sentimendu prosaikoaren ezaugarriak zituen: jakin-minarenak. Egia zen, erreflexiorako ohiturak Actoni erakutsia zion bezala, ezen jakin-mina, puntu bateraino bultzatuz gero, pasio erromantiko ere bihur zitekeela. Eta Actonek, pentsatzez, pentsatzen zuen emakume xarmagarri harengan urduri eta are melankoniatsu samar egoteko adina. Batzuetan harritu eta haserretu egiten zuen gar handiagoa ez sentitzeak. Ez zuen ezkondu gabe geratzeko inolako asmorik. Iritzi izan zion gazte-denboran —edo saiatu izan zen irizten— ez ezkontzea askoz «atseginagoa» zatekeela, eta uste ere izan zuen beraren ezkongai egoera gaztelu baten antzekoa zela. Gazteluak, edozein moduz, aspaldidanik berdinduak zituen gotorlekuak. Kendurik zituen Actonek kanoiak harresietatik. Lubanarroaren gainera beheraturik zuen zubi altxagarria. Madame Münster igaro zenean, zubiak dardara arin bat egin zuen; zergatik ez zubia berriro altxarazi, baronesa preso hartzeko? Begitantzen zitzaion ezen Eugenia nahiko eraman oneko gatibua izango zela —denbora baten buruan, andre bat eroso egon ahal izateko leku egokia zela konturatzen zenean, behintzat—. Baina zubia ez zen altxatu, eta Actonen bisitari distiratsua, etortzeko izan zen bezain libre zen joateko ere. Actonek jakin nahi zukeena, partez, zera zen: nola demontre ez zen hain gizon sentibera hain emakume xarmagarriaz maitemindu. Baldin, esan dudan bezala, Eugeniaren dohain ugariak algebrako problema baten faktoreak baziren, galdekizun horren erantzuna zatekeen behar-beharrezko kantitate ezezaguna. Eta kantitate ezezaguna bilatzeak arreta izugarria eskatzen zuen; oraingoz, behintzat, Actonen ahalmen guztiak hartzen zituen.

        Abuztuaren erdi aldera kanpora joan beharrean gertatu zen Acton egun batzuetarako. Aspaldiko lagun batek, Txinan bazkide izan zuen batek, Newportera joateko eskatu zion, Newporten baitzegoen laguna, oso gaixorik. Lagunak hobera egin zuen, eta astebetera aske geratu zen Acton. «Aske» hitza erabili dut nahita, zeren eta atxikimendua bazion ere adiskide txinarrari, bisitaria ez baitzen oso borondatetsu joan. Antzerki-lan interesgarri baten erdian antzokitik atera balute bezala sentitu zen. Denbora horretan guztian agertokiko oihalak jasota zirauen, eta laugarren agerraldia —bosgarrenaz behar bezala jabetzeko hain funtsezkoa den laugarren agerraldia— ikusi gabe geratzen ari zen. Bestela esanda, Actonek baronesa zuen gogoan, eta baronesak, distantzia horretara ikusita, oso irudi dotorea ematen zuen. Actonek emakume polit asko ikusi zuen Newporten, eta haiek ere, egia esan, oso dotoreak ematen zuten beren soineko arin eder haiekin; baina oso hiztun onak zirela ere —eta elkarrizketa zen, beharbada, baronesaren alderdi indartsuena ere— ez zirudien Madame Münsterrek haiekin alderatzean ezer galtzen zuenik. Actonek nahiago zukeen baronesa ere Newportera joan balitz. Ez ote zitekeen udaleku ospetsura irtenaldi bat egiteko halako lagun-talde bat edo antolatu eta Eugenia ere haiekin batera joatera gonbidatu? Egia esan, Newporten hamabost egun Eugeniarekin bakarrik pasatzeak emango ziokeen Actoni pozik handiena. Plazer handia zatekeen Eugenia han jendartean ikustea, denei gaina hartzen ziela, Acton ziur baitzegoen hartuko ziela. Actonek bere burua pentsamentu horien mende ikusi zuenean, gora eta behera ibiltzeari ekin zion, eskuak sakelean, bekokia pixka bat zimurturik eta lurrera begira. Zer adierazten zuen —garbi baitzegoen zerbait adierazten zuela— Madame Münsterrekin «kanpora» joan eta beste guztiengandik urruntzeko gogo bizi hark? Ikuspen hark, itxura guztien arabera, ezkontza adierazten zuen sotilki, baronesa bere senar informal harengandik formalki askatzen zenerako. Zena zela, Actonek, bere zuhurtasunari jarraiki, uko egin zion beste edozein esanahi posibleren zentzua aurkitzeari, eta gertakizun hauen kontatzailea ez dago zehaztasun gehiago ematera beharturik.

        Acton etxera itzuli zen lehenbailehen, eta, arratsean iritsi zenez, ahalik eta denbora gutxiena galduta bildu zen Wentworth jaunaren etxeko lagunartera. Wentworh jaunaren etxera heldu zenean, ordea, lorioak hutsik aurkitu zituen. Ateak eta leihoak zabalik zeuden, eta saloietako argiek barrua ere hutsik zegoela erakusten zuten. Etxean sartu zenean, Wentworth jauna topatu zuen gela haietako batean eserita, bakarrik, North American Review irakurtzen. Elkar agurtu eta lehengusuak bidaiari buruz egin zion galdeketa diskretuari erantzun eta gero, Actonek Wentworth jaunaren lagunen galde egin zuen.

        «Hor dabiltza atsegin hartzen, beti bezala,» esan zion agureak. «Oraindik orain ikusi dut Charlotte, Brand jaunarekin lorioan eserita, ohi duten bezala, solas ederrean. Pentsatzen dut ahizparekin elkartzera joango zirela, hura jardinean baitzebilen lehengusu atzerritarrari ehungarren aldiz abegi onari dagozkionak egiten.»

        «Felixengatik esango duzu?» esan zion Actonek. Eta Wentworth jaunaren baiezkoaren ondotik esan zuen, «Eta besteak?»

        «Zure arreba gaur ez da etorri. Ikusiko zenuen etxean,» esan zion Wentworth jaunak.

        «Bai. Galdetu diot etorri nahi zuen. Ezetz esan dit.»

        «Bisita bat espero zuela uste dut,» esan zuen agureak, halako malezia solemne batez.

        «Clifforden zain bazegoen, artean iritsi gabe zen.»

        Wentworth jaunak, hori entzutean, North American Review itxi eta adierazi zion ezen Clifford bere lehengusua ikustera joatekoa zela ulertu zuela. Bere artean, berriz, pentsatzen zuen ezen Lizziek Clifforden berririk izan ez bazuen, Clifford arratserako Bostonera joanik izango zela; joera bitxia, udako gau baterako, gezurrezko aitzakiak emanda joan izateko, batez ere.

        «Ez ahaztu bi lehengusu dituela,» esan zion Actonek, barrez. Eta gero, ardura zitzaion puntura etorririk, «Lizzie ez da etorri,» erantsi zuen, «baina, antza denez, baronesa ere ez.»

        Wentworth jauna Actoni tinko begira geratu zen pixka batean, eta Felixen proposamen bitxi hura ekarri zuen gogora. Ez zekien ez ote zen hobe izango, azken finean, Clifford Bostonera joan izatea. «Gaur ez digu baronesak etortzeko ohorea egin,» esan zuen. «Hiru egun hauetan ez da etorri.»

        «Ondoezik al da?» galdetu zuen Actonek.

        «Ez. Egin diot bisita.»

        «Zer gertatzen zaio, bada?»

        «Bada,» esan zuen Wentworth jaunak, «gurekin aspertu dela ateratzen dut nik.»

        Actonek eserita egoteko ahaleginak egiten zituen, baina urduri zegoen; ezin zuen Wentworth jaunarekin hizketan jardun. Hamar minuturen buruan, kapelua hartu eta joan egin beharko zuela esan zuen. Oso berandu zen; hamarrak puntuan.

        Ahaide aurpegi-zurrunak begirada bat luzatu zion. «Etxera al zoaz?» galdetu zion.

        Actonek, pixka batean zalantzan egon ondoren, baronesari ikustaldi bat egitera joatea pentsatu zuela erantzun zion.

        «Tira, zuk, behintzat, egia esaten duzu,» esan zion Wentworth jaunak tristerik.

        «Baita zuk ere, horretara ezkero!» esan zion Actonek, barrez. «Zergatik ez dut, bada, egia esango?»

        Agureak North American aldizkaria berriro zabaldu eta lerro batzuk irakurri zituen. «Gure artean inoiz bertuterik izan badugu, ez genuke orain galdu behar,» esan zuen. Eta ez zen idatzitakorik aipatzen ari.

        «Gure artean baronesa bat dugu orain,» esan zion Actonek. «Hori da galdu behar ez duguna!» Madame Münster berriz ikusteko gogo handiegia zuen Actonek Wentworth jauna zer esaten ari zen pentsatzen jartzeko. Hala ere, etxetik irten eta jardina eta Eugeniaren behin-behineko egoitzatik bereizten zuen bide-bitarte laburra igaro zituenean, gelditu egin zen pixka batean. Eugeniaren jardintxoan egon zen zutik. Haren saloiko beirate luzea zabalik zegoen, eta errezel zuriak ageri ziren, atzean argiontziaren distira ikusten uzten zutela, gaueko haize epeletan leunki firin-faran. Halako aztoramendu bat eragin zion Madame Münster berriro ikusi behar zuela pentsatzeak; bihotza ohi baino azkarrago taupaka zuela konturatu zen. Horrek bultzatu zuen gelditzera, harriturik eta erdi barrez. Baina, berehala, lorioa zeharkatu, beirate zabaldura hurbildu eta makilaz kax-kax jo zuen ate-burua. Baronesa ikusi zuen barruan, gelaren erdian zutik. Atera egin zuen baronesak, eta errezelei alde batera eragin zien. Gero, Actoni begira geratu zen pixka batean. Ez zuen irribarrerik; serio ematen zuen.

        «Mais entrez donc!» esan zion Eugeniak azkenean. Beiratea igaro eta barrura sartu zen Acton. Baronesari zer gertatzen ote zitzaion pentsatzen egon zen une batean. Baina baronesak berehalaxe irribarre egin eta eskua luzatu zion. «Hobe da berandu, inoiz ez baino,» esan zion andreak. «Eskertzekoa da ordu honetan etortzea.»

        «Oraintxe itzuli naiz bidaiatik,» esan zion Actonek.

        «Oso eskertzekoa, bai, oso eskertzekoa,» esan zion berriro baronesak, non eseri begiratzen zuela.

        «Lehenik etxe handira joan naiz,» jarraitu zuen Actonek. «Uste nuen han aurkituko zintudala.»

        Eugenia ohiko aulkian eseri zen; baina atzera altxatu eta gelan batera eta bestera ibiltzeari ekin zion. Actonek utzirik zituen kapelua eta makila; baronesari begira zegoen, hura berriro ikusteak atsegin handia ematen ziola jabeturik. «Ez dakit esertzeko esan behar dizudan,» esan zion baronesak. «Beranduegi da bisitaldi bat hasteko.»

        «Amaitzeko, berriz, goizegi,» adierazi zuen Actonek; «eta ez dugu hasieraz zertan arduraturik.»

        Baronesak begirada bat luzatu zion, eta, handik pixka batera, berriro bere eserleku baxuan erortzen utzi zuen bere burua. Actonek, berriz, baronesaren ondoan hartu zuen leku. «Erdian gaude, hortaz?» galdetu zion Eugeniak. «Erdian al geunden zuk alde egin zenuenean? Ez, ez naiz beste etxean izan.»

        «Ez atzo, ez herenegun, ezta?»

        «Ez dakit zenbat egun diren izan ez naizela.»

        «Joaten aspertu al zara?» esan zion Actonek.

        Eugenia eserlekuaren atzealdean bermatu zen; tolesturik zituen besoak. «Oso salaketa gogorra da hori, baina ez dut neure burua defenditzeko kemenik.»

        «Ez naiz zuri erasoka ari,» esan zion Actonek. «Espero nuen horrelako zerbait.»

        «Oso adimen argia behar da horretarako. Espero dut bidaia atsegingarria izango zenuela.»

        «Ezta batere,» aitortu zuen Actonek. «Askoz nahiago nukeen hemen zurekin geratu.»

        «Orain bai eraso didazula,» esan zion baronesak. «Nire aldakortasuna zure leialtasunarekin alderatzen ari zara.»

        «Aitortzen dut atsegin ditudan pertsonekin ez naizela inoiz aspertzen.»

        «Zu ez zara, ordea, emakume atzerritar gaizto ezdeus bat, nerbio suminkorrak eta adimen sofistikatua dituena!»

        «Zerbait gertatu zaizu zuri, ni kanpoan egon naizen bitartean,» esan zion Actonek, lekuz aldatzen zela.

        «Zu kanpoan egon izana: hori da gertatu zaidana.»

        «Zer esan nahi duzu, nire mina izan duzula?» galdetu zion Actonek.

        «Hori esan nahi izan banu ere, ez luke mereziko zuk kontuan hartzerik. Oso gezurtia naiz, eta nire konplimenduek ez dute ezer balio.»

        Acton isilik geratu zen une batean. «Behea jo duzu,» esan zion azkenean.

        Madame Münster eserlekutik jaiki eta hara eta hona hasi zen.

        «Pixka baterako bakarrik. Etorriko naiz atzera neure onera.»

        «Hobe duzu estuegi ez hartzea. Aspertuta bazaude, ez duzu hala aitortzeko beldurrik izan behar..., nire aurrean behintzat.»

        «Ez zenuke horrelakorik esan behar,» erantzun zion baronesak. «Adore eman behar zenidake.»

        «Miresten dut zure pazientzia; adore ematea da hori.»

        «Ez zenuke hori esan behar. Nire pazientzia aipatuta, traizio egiten diezu zuretarrei. Pazientziak sofrimendua esan nahi du; eta zer sofrimendu daukat nik?»

        «Beno, goserik edo arbuiorik ez duzu sofritzen, jakina,» esan zion Actonek, barrez. «Baina, nolanahi ere, den-denok miresten dugu zure pazientzia.»

        «Higuina da den-denok didazuena!» esan zuen bat-batean baronesak, gartsuki, Actoni bizkarra ematen ziola.

        «Zaila jartzen didazu,» esan zuen Actonek, zutitzen zela, «zuri hitz gozorik esatea.» Arrats hartan zer harrigarri eta hunkigarri bat zuen Eugeniak: ohi ez bezalako samurtasun bat eta emozio ito baten aztarna. Bat-batean, baronesak jokabide bikaina erakutsi zuela eta hori aintzat hartzekoa zela pentsatzen hasi zen Acton. Irain krudel baten zama bizkarrean zuela etorri zen baronesa munduko bazter isil hartara, eta, dotore eta apalki, esker ona erakutsi zion han aurkitu zuen lasaitasunari. Bidearen beste aldeko lagunarte murritzera bildu zen; hango elkarrizketa arrunt probintzianoetan parte hartu zuen; hango plazer urri eta gatzgabeak partekatu zituen. Bere buruari eginkizun bat ezarri zion, eta hura zehatz-mehatz bete zuen. Ingalaterra Berriko bizimoduaren baldintza zorrotzetara egokitu zen, eta atsegin balitu bezala betetzeko tentua eta barrena izan zuen. Inoiz sentitu ez zuen bezalako behar larri bat sentitu zuen Actonek, Eugeniari miresten zuela eta oso maila handiko emakumetzat zeukala esateko. Ordu arte, haren guardian ibili zen beti; kontuz, begiratuki eta irudikor jokatu zuen. Orain, ordea, odolean sentitzen zuen halako zalaparta arin batek iradokitzen zion ezen emakume xarmagarri harenganako konfiantza-maila handiagoak izango zuela bere saria. «Ez dizugu higuinik,» jarraitu zuen Actonek. «Ez dakit zer esan nahi duzun. Edozein moduz, nik neuregatik diot; besteenik ez dakit. Ziurrenera zuk izango diezu higuina, eramanarazten dizuten bizimodu triste honegatik. Egia esan, alde batera poztu egingo nintzateke hori esaten entzungo bazintut.»

        Eugenia gelaren beste aldeko atera begira zegoen; astiro-astiro Robert Actonengana itzuli zituen begiak. «Zer arrazoik mugitzen du,» galdetu zion, «zu bezalako gizon bat —gizon prestu bat, galant homme bat— horrelako arrunkeria bat esatera?»

        «Arrunkeria handia al da?» galdetu zion Actonek tolesgabeki. «Hala izango da, bai, eta eskerrik asko esateagatik. Ez dut esan hitzez hitzezko zentzuan, noski.»

        Baronesak Actoni begira jarraitzen zuen. «Zer zentzutan esan duzu, bada?» galdetu zion.

        Zaila zen galderari erantzuten, eta Acton, bere burua barregarri samar ikusirik, leihoraino joan eta kanpora begira jarri zen. Han egon zen tartetxo batean, pentsatzen, eta gero atzera jiratu zen. «Zera, Alemaniara bidali behar zenuen dokumentu hori,» esan zuen, «zure uko hori, bidali al duzu?»

        Madame Münsterren begiak zabal-zabal egin ziren: baronesak oso serio ematen zuen. «Bai erantzun berezia, nire galderari eman diozuna!»

        «Ez da erantzun bat,» esan zion Actonek. «Askotan izan dut galdetzeko gogoa. Uste nuen agian zerorrek esango zenidala. Orain hori galdetzeak zakarkeria dirudi, baina zakarkeria litzateke noiznahi galdetuta ere.»

        Baronesa isilik geratu zen pixka batean; gero, «Uste dut nahikoa eta gehiegi ere esan dizudala!» esan zion.

        Adierazpen horrek halako esanahi berezi bat zuela iruditu zitzaion Actoni; konturatzen zen, izan ere, eskaintzen zion baino gehiago eskatzen ziola baronesari. Leihora itzuli eta lorioko saretaren artetik diz-diz zegoen izar bati begira egon zen pixka batean. Nolanahi ere, zer eskainirik ez zitzaion falta; beharbada, ez zituen behar bezain argi egin izango eskaintzak. «Zuk zerbait eskatzea nahi nuke,» esan zion orduan. «Ez al nezake zuregatik zerbait egin? Bizimodu aspergarri hau eraman ezin baduzu, utz iezadazu eta nik dibertituko zaitut!»

        Baronesa berriro eserlekuan murgildurik zen, eta abaniko bat zuen, bi eskuez heldurik, ahoaren parean. Abanikoaren gainetik tinko begiratzen zion Actoni. «Oso bitxia zaude gaur,» esan zion barrez.

        «Prest nago edozertarako,» erantzun zion Actonek, aurrean zutik jarririk. «Ez al zenuke bidaiatu eta lurraldea pixka bat ikusi nahi? Ez al duzu Niagarara joan nahi? Ikusi behar zenuke Niagara.»

        «Zurekin ala?»

        «Oso pozik eramango zintuzket.»

        «Biok bakarrik?»

        Actonek irribarrez begiratu zion, baina, aldi berean, serio. «Bada, bai; bakarrik joan gaitezke,» esan zion.

        «Zarena ez bazina,» erantzun zion baronesak, «iraintzat hartuko nuke.»

        «Zer esan nahi duzu naizena ez banintz horrekin?»

        «Bizitza osoan tratatu ditudan jaun horietako bat bazina, esan nahi dut: bostondar xelebre bat ez bazina, alegia.»

        «Tratatu dituzun jaun horiek haiengandik iraina espero daitekeela erakutsi badizute,» esan zion Actonek, «pozten naiz naizena izateaz. Askoz hobe zenuke Niagarara etortzea.»

        ««Dibertitu» nahi banauzu,» esan zion baronesak, «ez duzu gastu handiagorik zertan eginik. Zinez ongi dibertitzen nauzu bestela ere.»

        Acton baronesaren aurrean eseri zen. Baronesak abanikoa aurpegiaren parean zuela jarraitzen zuen, abanikoaren gainetik begiak bakarrik ageri zituela. Isilune bat izan zen, eta, handik pixka batera, Actonek, lehengo galderara itzuli eta esan zuen, «Bidali al duzu dokumentu hori Alemaniara?»

        Beste isilune bat izan zen berriro. Madame Münsterren begi adierazkorrek, ordea, isiltasuna ia eten egiten zutela ematen zuen. «Esango dizut..., Niagaran!» esan zion andreak.

        Hori esaten bukatzerako, gelaren beste muturreko atea zabaldu zen: minutu batzuk lehenago Eugenia begira egon zitzaion atea. Clifford Wentworth azaldu zen, lotsagorriturik eta eroso ez balego bezala. Baronesa altxatu egin zen bizkor, eta Actonek, astiroago, gauza bera egin zuen. Cliffordek ez zuen Acton agurtzekorik ere egin; Eugeniari begiratzen zion.

        «A! Hemen al zeunden?» esan zion Actonek.

        «Felixen estudioan zegoen,» esan zuen Madame Münsterrek. «Haren zirriborroak ikusi nahi omen zituen.»

        Cliffordek Robert Actoni begiratu zion, baina ez zion ezer esan; kapeluaz bere buruari haize ematea baizik ez zuen egin. «Une txarra aukeratu duzu,» esan zion Actonek; «ez zenuen argi askorik izango.»

        «Batere ez!» esan zuen Cliffordek, barrez.

        «Kandela itzali al zaizu?» galdetu zion Eugeniak. «Etorri egin behar zenuen, piztera.»

        Clifford Eugeniari begira geratu zen une batez. «Horixe egin dut: etorri. Baina kandela han utzita!»

        Eugenia beste aldera jiratu zen. «Hori da ergela zarena, umea! Hobe izango duzu etxera joatea.»

        «Beno,» esan zuen Cliffordek, «gabon!»

        «Ez al diozu hitzik esan behar bidaia arriskutsu batetik onik itzuli den gizonari?» galdetu zion Actonek.

        «Zer moduz?» esan zion Cliffordek. «Uste nuen..., uste nuen oraindik....» eta isildu egin zen, begiak berriro baronesarengana itzultzen zituela.

        «Oraindik Newporten egongo nintzela uste zenuen, ezta? Han nengoen, bai..., goizean.»

        «Gabon, mutiko azkar hori!» esan zion Madame Münsterrek sorbaldaren gainetik.

        Clifford baronesari begira-begira geratu zen, baina ez mutiko azkar baten gisa; eta, gero, bere purrustadatxo isekazko haietako bat egin eta alde egin zuen.

        «Zer gertatzen zaio horri?» galdetu zuen Actonek, Clifford joan zenean. «Nahiko nahasturik zegoela ematen zuen.»

        Eugeniak leihotik kanpora begiratu zuen, eta une batean entzuten geratu zen. «Zer...! Zer...!» erantzun zion. «Hemen, ordea, ez duzue, horrelako gauzarik aipatzen.»

        «Ttantta bat edaten aritu dela esan nahi baduzu, esan lasai.»

        «Utzi dio edateari. Sendatu dut. Eta horren trukean nitaz maitemindu da.»

        Orain Actoni zegokion begira geratzea. Arreba etorri zitzaion bat-batean gogora; baina ez zuen aipatu. Barrez hasi zen. «Ez nau harritzen Clifford maitasun-grinak hartu izateak! Zerak harritzen nau: zure lagunartea utzi eta zure nebaren pintzeletara joateak.»

        Eugeniak ez zuen pixka batean ezer esan. «Ez da estudioan egon. Hori nik asmatu dut..., bat-batean.»

        «Asmatu? Zergatik?»

        «Erromantikoa dela uste du. Gauerdian ni ikustera etortzeko ohitura hartu du, baina sagastitik etorri eta Felixen margo-gelatik sartzen da beti, ate bat alde hartara baitu margo-gelak. Dibertitu egiten bide du horrek,» gehitu zuen Eugeniak, irribarretxo bat eginez.

        Aitortu zuen baino harrituago zegoen Acton. Izan ere, Clifforden beste alderdi bat zen hura, Clifforden araugabekeriak osagai erromantikorik gabeak izan baitziren ordu arte. Berriro barre egiten ahalegindu zen, baina serioegi zegoen, eta, zalantza-une baten ondoren, seriotasunak hitz egin zuen. «Espero dut ez diozula aurrera eragingo,» esan zion baronesari. «Ez luke desleial jokatu behar Lizzie gaixoarekin.»

        «Zure arrebarekin?»

        «Badakizu elkarren oso kutunak direla,» esan zion Actonek.

        «Hara!» esan zuen Eugeniak, barrez, «Lizziek badu, hortaz....»

        «Ez dakit,» eten zion Actonek «zer duen Lizziek. Baina Clifford Lizzieren aurrean atsegingarri agertzen saiatu dela iruditu izan zait beti.»

        «A! Par exemple!» jarraitu zuen baronesak. «Munstro txiki hori! Hurrengoan sentibera jartzen denean, lotsatu egin behar lukeela esango diot.»

        Acton isilik geratu zen une batean. «Hobe izango da ezer ez esatea.»

        «Dagoeneko esan diot hainbeste, handizka,» esan zuen baronesak. «Baina lurralde honetan, zera, gazteen arteko harremanak hain dira harrigarriak, ezen ez baitago asmatzerik. Ez daude hitz emanda, baina hitz emanda daudela esango zenukete denok. Har ditzagun, esate baterako, Charlotte Wentworth eta elizgizon gazte hori. Ni Charlotteren aita banintz, lehenbailehen Charlotterekin ezkontzeko esango nioke Brand jaunari; baina horretarako presarik ez bide du inork ikusten. Eta beste aldetik, berriz, hara non jakiten duzun hogei urteko mutil bat eta oraindik gobernantarekin dagoen neskatila bat —zure arrebak ez duela gobernantarik? Bada, amatxoren ondotik inoiz aldendu ez den neskatila bat, hortaz—, beren adinari dagozkion ume-jolasetan bestetan inork ikusi ez duen bikote gazte bat, labur esanda, senar-emazte egiteko zorian daudela.» Baronesaren hitzen etorriak halako gar gehiegizko bat zuen, Clifford agertu aurretik andreak erakusten zuen aldarte bihotz-hil xarmagarriari kontrajarria. Actoni iruditu zitzaion ezen amorru izpi bat zuela begietan, ironia puntu bat (Lizzie amarengandik inoiz aldendu ez zela esan zuenean bezala) ahotsean. Madame Münster amorruz bazegoen, Robert Acton, berriz, halako harridura batek zuen harturik. Baronesa gelan atzera eta aurrera ibiltzen hasi zen berriro, Acton, isilik, begira zuela. Halako batean, baronesak erlojua atera zuen, eta, erlojuari begiratu eta goizeko hirurak zirela eta joan egin beharko zuela adierazi zion Actoni.

        «Ordubeterik ere ez dut egin,» esan zion Actonek, «eta etxe handikoak erretiratu gabe dira oraindik. Ikusten dira argiak. Zure neba ere ez da itzuli.»

        «A! Etxe handikoak,» esan zuen Eugeniak, «beldurgarriak dira! Ez dakit zer egiten egoten diren hor. Ni emakume baketsu bat naiz, beti-batekoa; arau zorrotzak ditut, eta bete egiten ditut. Eta arau horietako bat ordu txikietan bisitaririk ez hartzea da —are gutxiago zu bezalako gizon buruargiak badira—. Beraz, gabon!»

        Gogor zegoen baronesa, zinez; eta Actonek gabon esan eta alde egin bazuen ere, artean harridura oso galdu gabe alde egin zuen.

        Hurrengo egunean, Clifford Lizzie ikustera joan zen, eta Actoni, zeinak, etxean zegoela, jardina igarotzen ikusi baitzuen, ez zitzaion gertakizuna oharkabean pasatu. Madame Müsterrek Clifforden sentimenduen hozteari buruz esandakoa egiari egokitzen ote zitzaion jakin nahi zuen. Baina beraren trebetasuna eginkizun horrek eskatzen zuen mailara iristen ez zela ikusirik, mutil gaztearen xalotasunari laguntza eskatzea erabaki zuen azkenean. Clifford atzera bazihoala ikusi zuen arte itxaron zuen, eta, orduan, irten eta atzetik harrapatu zuen.

        «Galdera bat egin nahi nizuke eta biziki eskertuko nizuke erantzungo bazenit,» esan zion Actonek. «Zer egiten zenuen bart Madame Münsterrenean?»

        Clifford barre egiten eta gorritzen hasi zen, baina ez, ordea, sekretu erromantiko bat lukeen mutil gazte baten gisa. «Zer esan zizun berak?» galdetu zion Actoni.

        «Horixe da, hain zuzen, esan nahi ez dudana.»

        «Bada, nik ere hark esandakoa bera esan nahi nuke,» esan zion Cliffordek; «eta zer esan zuen ez badakit, ezin izango dut agian.»

        Jardineko bidean zeuden gelditurik; Actonek tinko begiratzen zion ahaide gazte aurpegi-guriari. «Esan zidan ezin duela asmatu zer gertatzen zaizun; antza denez, oso begitan harturik omen daukazu.»

        Cliffordek begiak zabal-zabal egin zituen, pixka bat ikaraturik bezala. «Tira, tira,» egin zuen purrustada, «ez duzu benetan esango!»

        «Eta noiz edo behin —gizalege hutsez— beraren etxera joaten bazara, bera bakarrik utzi eta Felixen estudioan pasatzen duzula denbora, Felixen marrazkiak ikusteko aitzakiaz.»

        «Tira, tira!» egin zuen berriro purrustada Cliffordek.

        «Esan al dut nik inoiz gezurrik?»

        «Bai, pila bat!» esan zion Cliffordek, elkarrizketak sarkasmoaren indarra erabiltzeko aukera ematen ziola ikusirik. «Zera,» erantsi zuen, «aita zinela pentsatu nuen.»

        «Ba al zenekien norbait zegoela?»

        «Etortzen entzun zintugun.»

        Acton pentsatzen egon zen. «Baronesarekin zeunden, hortaz?»

        «Saloian nengoen. Oinotsak entzun genituen kanpoan, eta aita izango zela pentsatu nuen.»

        «Eta hori pentsaturik,» galdetu zion Actonek, «ihes egin zenuen?»

        «Madame Münsterrek irteteko esan zidan..., estudiora joateko.»

        Acton are pentsatiago geratu zen; aulki bat eskura izan balu, eseri egingo zen. «Zer arrazoi zukeen, bada, baronesak, zuk aitarekin topo egitea nahi ez izateko?»

        «Zera,» esan zion Cliffordek, «aitak ez du gogoko ni hara joatea.»

        Actonek zeharretara begiratu zion lagunari, eta baztertu egin zuen adierazpen haren gainean iruzkinik egitea. «Hori esan al dio baronesari?» galdetu zion.

        «Ez ahal zion esango!» esan zuen Cliffordek. «Niri ere —hitz horiekin guztiekin— ez dit esan. Baina kezkatzen duela badakit; eta utzi egin nahi diot aita kezkatan edukitzeari. Baronesak ere badaki, eta hark ere utz diezaiodala nahi du.»

        «Bera ikustera joateari uztea?»

        «Hori ez dakit; baina aita kezkatzeari uztea, behintzat, bai. Eugeniak dena daki,» erantsi zuen Cliffordek, bera ere zerbaiten jakitun balego bezala.

        «Hara!» esan zuen Actonen galde nahiz, «Eugeniak dena daki, beraz?»

        «Bazekien zetorrena aita ez zela.»

        «Zergatik joan zinen, hortaz?»

        Berriro gorritu eta barre egin zuen Cliffordek. «Bada, ni ez nengoelako hain ziur. Eta gainera, Eugeniak joateko esan zidan.»

        «Pentsatzen al zuen ni nintzela?» galdetu zion Actonek.

        «Ez zuen ezer esan.»

        Berriz ere gogoetan murgildu zen Acton. «Baina ez zenuen alde egin,» esan zion hurrena; «itzuli egin zinen.»

        «Ezin izan nintzen estudiotik irten,» adierazi zion Cliffordek. «Atea itxita zegoen, eta Felixek, berriz, ohol batzuk iltzaturik zituen leiho madarikatu haien beheko aldean, argia goitik sar zedin. Leihoetatik ere ezin. Han egon nintzen zain puska batean, eta gero, berriz, lotsagarri sentitu nintzen. Ez nuen neure aitarengandik ezkutuka ibili nahi. Ezin nuen gehiago. Irten egin nintzen, eta zu zinela ikusi nuenean, nahastu egin nintzen pixka bat. Baina Eugenia ederki irten zen, ez?» gehitu zuen Cliffordek, lotsagarri sentitzeak oharmena zeharo lausotu ez dion umorista gazte baten tonuan.

        «Zoragarri!» esan zuen Actonek. «Batez ere,» jarraitu zuen, «oso zentzugabe jokatu zenuela eta nahiko haserre egongo zela kontuan izanik.»

        «Tira!» esan zuen Cliffordek, puntarengo jokabidea ez izanagatik inpresioak oso doi jaso dituela sentitzen duen mutil gazte baten axolagabekeriaz, «Eugeniari ez dio ezerk axola!»

        Acton zer erantzun ez zekiela geratu zen pixka batean. «Eskerrik asko kontatu didazunagatik,» esan zion azkenean. Eta, gero, Clifforden sorbaldan eskua jarri eta gehitu zuen, «Esaidazu beste gauza bat: ez zara, bada, menturaz, baronesaz pittin bat maitemindurik egongo?»

        «Ez, jauna!» esan zuen Cliffordek, Actonen eskua gainetik kentzeko bezalako keinu bat egiten zuela.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia