8. ATALA

 

        Etxera heldu zirenean, Charlotte eta Brand jauna itzuli gabe ziren artean. Baina baronesa etorririk zen tea hartzera, eta baita Robert Acton ere, zeinak orain sarritan egiten baitzuen otordu oparo hartara biltzeko modua, edo, bestela, arrats beranduan agertzen baitzen. Halaxe nabarmendu zuen Clifford Wentworthek, bere gazte-purrustada batez.

        «Azkenaldi honetan ez duzu tea hartzera hutsik egiten, Robert,» esan zion. «Uste nuen nahiko te edan zenuela Txinan.»

        «Noiztik hasi da, bada, Acton jauna sarriago etortzen?» galdetu zion baronesak.

        «Zu etorri zinenetik,» esan zion Cliffordek. «Esango litzateke erakargarri bat zarela.»

        «Bitxikeria bat izango naiz, ziur asko,» esan zuen baronesak. «Emaidazue astia eta saloi bat antolatuko dizuet.»

        «Desegin egingo litzateke zu joandakoan!» esan zion Actonek.

        «Ez ezazu horren arin esan joango denik,» esan zion Cliffordek. «Triste jartzen naiz.»

        Wentworth jaunak semeari begiratu zion, eta, esan zuena kontuan harturik, pentsatu zuen ea ez ote zitzaion Felix aritu izango, marraztu zuen programari jarraiki, printze aleman baten emazteari maitasuna nola adierazi erakusten.

        Charlotte eta Brand jauna berandu iritsi ziren; baina Gertrude, Felixi esker begiak pixka bat behintzat ireki zitzaizkiolarik, alferrik ibili zen Charlotteren aurpegian pasio errudun baten aztarna bila. Brand jauna Gertruderen ondoan eseri zen, eta Gertrudek galdetu zion ea zergatik ez zuten urmaela igaro eta zergatik ez ziren Felixekin eta berarekin elkartu.

        «Bihotz gogorra behar da niri hori galdetzeko,» erantzun zion Brand jaunak, oso ahots apalez. Tarta puska handi bat zuen aurrean, baina jira-biraka zerabilen jan gabe. «Batzuetan, oso bihotz-gogor bihurtzen ari zarela iruditzen zait,» esan zion.

        Gertrudek ez zuen ezer esan; ez zen hitz egitera ausartzen. Amorruaren antzeko zerbait zuen bihotzean; ez zuen asko behar esetsia zela sinesten hasteko. Pentsatu zuen ezen hobeto egingo zuela Brand jaunari gaizki egiten ari zela esateko aukerarik ez emanda. Felixek esan ziona ekarri zuen gogora; nahi zuen, bai, Brand jauna Charlotterekin ezkontzea. Brand jaunarengandik begiak urrundu eta isilik geratu zen. Brand jaunak bere tarta bukatu zuen, Felix, beste aldean eserita, Wentworth jaunari Heidelbergeko ikasleen arteko dueloak kontatzen ari zitzaion bitartean. Tearen ondoren lorioan eta jardinean sakabanatu ziren denak, ohi bezala, eta Brand jauna Gertruderengana hurbildu zen berriro.

        «Gaur arratsaldean zuregana joan ez banaiz, bakarrik ez zeundelako izan da,» hasi zen; «lagun berriago batekin zeundelako.»

        «Felix? Felix lagun zaharra dut dagoeneko.»

        Brand jauna lurrera begira egon zen pixka batean. «Prestaturik nengoela uste nuen zu horrela hitz egiten entzuteko,» jarraitu zuen. «Baina oso mingarri gertatzen zait.»

        «Ez dakit zer esan, besterik,» esan zion Gertrudek.

        Brand jaunak Getruderen aldamenean paseatzen jarraitu zuen pixka batean, isilik. Gertrudek nahiago zukeen alde egin balu. «Dohain onak dituen mutila da, bai. Baina uste dut aholku eman behar nizukeela.»

        «Zuk niri aholku eman?»

        «Badakit nolakoa zaren.»

        «Ez dut uste,» esan zion Gertrudek barretxo bat eginez.

        «Zaren baino makurrago agertzen zara..., Felixi atsegin emateagatik,» esan zion Brand jaunak triste.

        «Makurrago, hari atsegin emateagatik? Zer esan nahi duzu?» galdetu zion Getrudek, eta gelditu egin zen.

        Brand jauna ere gelditu egin zen, eta, lehen bezain leunki, pentsatzen zuena esan zion, «Hari ez zaizkio axola zuri axola zaizkizun gauzak..., bizitzako galdera handiak.»

        Brand jaunari begietara begira jarririk, buruari ezker-eskuin eragin zion Gertrudek. «Bizitzako galdera handiak ez zaizkit axola. Nire ahalmenaren gainetik daude.»

        «Garai batean ez zenuen hori esaten,» esan zion Brand jaunak.

        «Begira,» jarraitu zuen Gertrudek, «uste dut zentzugabekeria franko esanarazi didazula. Eta, gainera, bizitzako galdera handiak zein diren da kontua. Niri ere axola zaizkit gauza batzuk.»

        «Lehengusuarekin eztabaidatzen dituzun horiek al dira?»

        «Ez zenuke nire aurrean nire lehengusuarengatik gaizki esan behar, Brand jauna,» esan zion Gertrudek. «Desohoragarria da hori.»

        Errespetuz entzun zituen Brand jaunak Gertruderen hitzak; gero, ahotsean dardaratxo bat zuela, erantzun zion, «Damu nuke desohoragarria den zerbait egitea. Baina ez dakit zertan den desohoragarria zure lehengusua arina dela esatea.»

        «Joan eta esan berari!»

        «Uste dut berak ere onartu egingo lukeela,» esan zion Brand jaunak. «Hori izango litzateke beraren jarrera. Ez litzateke horregatik lotsatuko.»

        «Hortaz, ni ere ez naiz lotsatzen!» adierazi zion Gertrudek. «Beharbada, horrexegatik izango dut Felix gogoko. Neu ere arina naizelako.»

        «Lehentxeago esan dizudana egiten ari zara: zeure burua beheratzeko ahaleginak egiten ari zara.»

        «Natural jokatzeko ahaleginak egiten ari naiz, behingoz!» esan zion Gertrudek gartsuki. «Itxurak egiten ibili naiz, bizitza osoan; gezurtia izan naiz; eta zuk bihurtu nauzu horrelakoa!» Brand jauna begira geratu zitzaion, geldi, eta Gertrudek jarraitu zuen, «Zergatik ez dut arina izan behar, hori nahi badut? Arina izateko eskubidea du pertsonak, izaeraz hala bada. Ez, ez zaizkit galdera handiak axola. Plazerra axola zait, dibertsioa. Beharbada, gauza gaitzesgarriak atsegin izango ditut; oso litekeena da!»

        Brand jaunak Gertruderi begira jarraitzen zuen; pixka bat zurbildurik ere bazegoen, ikaraturik geratu balitz bezala. «Ez dakizu zer esaten ari zaren!» esan zion.

        «Ez, agian. Zentzugabekeriak esaten ariko naiz, agian. Baina zurekin nagoenean bakarrik esaten ditut zentzugabekeriak. Lehengusuarekin nagoenean, inoiz ez.»

        «Hitz egingo dugu beste batean, pixka bat lasaitzen zarenean,» esan zion Brand jaunak.

        «Besteetan ere neure onetik irtenda izaten naiz zurekin hitz egiten dudanean. Eta horrela aitortu behar dizut, baldin eta horrek aurrerantzean atzera eragiten badizu ere. Amorrua ematen dit hitz egiten didazun moduak. Lehengusuarekin oso bestela gertatzen zait. Harekin lasai eta natural sentitzen naiz.»

        Brand jaunak begiratu egin zion, eta gero, halako atsekabe etsi batek harturik, beste aldera begiratu zuen, jardin goibelera eta udako izar ahuletara. Horren ondoren, burua bat-batean jiratu eta «Gertrude, Gertrude!» xuxurlatu zuen ahopean. «Egia al da ia galdu zaitudala?»

        Hunkiturik zegoen Gertrude, penaturik; baina berehala erabaki zuen hori aditzera ematea baino hoberik egin zezakeela. Tolesgabetasun hura nori ikasi zion une hartan esateak ez zion lagunari atsekaberik arinduko. «Ez didazu damurik ematen,» esan zion Gertrudek, «zeren eta, niri hainbeste arreta eskaintzen zabiltzala, errainu baten atzetik baitzabiltza, eta gauza baliotsu bat alferrik galtzen ari baitzara. Ni baino zerbait hobea lortu ahal izango zenuke, baina ez diozu begiratu ere egiten. Horixe da egia!» Eta gero, asmo osoz, Brand jaunari begiratu eta irribarretxo bat egiten saiatu zen. Oso irribarre bitxia iruditu zitzaion hura Brand jaunari; baina Gertrude, jiratu eta urrundu egin zen.

        Jardinean batera eta bestera ibili zen Gertrude, bakarrik, atsegin bereziz jaulki zituen hitz haiek Brand jaunak nola hartu ote zituen pentsatzen. Geroxeago, etxe aurretik pasatzean, bi lagun ikusi zituen urrutira, jardineko ate ondoan zutik. Brand jauna ari zitzaion Charlotteri partieran gabonak ematen, Charlottek etxetik haraino lagundu baitzion. Partiera luzatu egin zela ikusi zuen Gertrudek, eta buelta hartu zuen. Asko urrundu baino lehen entzun zuen, ordea, ahizpa, poliki-poliki atzetik etortzen. Ez itzuli egin zen, ez itxaron egin zion; bazekien zer esango zion Charlottek. Azkenean parera etorri zitzaionean, halaxe hasi zen Charlotte, hasi ere, Gertrude besotik harturik.

        «Kasu egingo al didazu, oso gauza bezeri bat esan nahi nizuke eta?»

        «Badakit zer esango didazun,» esan zion Gertrudek. «Brand jauna oso nahigaturik dagoela.»

        «Gertrude, nola trata dezakezu horrela Brand jauna?» galdetu zion Charlottek. Eta ahizpak erantzun ez zionean, gehitu zuen, «Zuregatik egin duen guztia eginda gero!»

        «Zer egin du, bada, niregatik?»

        «Galdetzea ere, Gertrude! Asko lagundu dizu. Zerorrek esan didazu, makina bat aldiz. Zure..., zure berezitasunei aurre egiten lagundu dizula. Zure jenio txarra menderatzen erakutsi dizula.»

        Gertrude isilik egon zen pixka batean. «Oso txarra al nuen jenioa?» galdetu zion.

        «Ez naiz zure kontra ari, Gertrude,» esan zion Charlottek.

        «Zer ari zara, hortaz?» galdetu zion ahizpak, barre txiki batekin.

        «Brand jaunaren defentsa egiten ari naiz, zenbat zor diozun gogorazten.»

        «Kitatu ditut harekiko zor guztiak,» esan zion Gertrudek, barre txikia itzali gabe. «Itzuli diot atzera, irakatsi didan bertutea! Orain gaiztoa izan nahi dut berriro.»

        Ahizpak geldiarazi egin zuen bidean, eta gaitzespenezko begirada gozo bat luzatu zion iluntasunean. «Horrela hitz egiten baduzu, sinetsi egin beharko dizut. Pentsa ezazu zenbat zor diogun Brand jaunari. Pentsa ezazu hark beti zerbait espero izan duela zuregandik. Pentsa ezazu zer izan den guretzat. Pentsa ezazu Cliffordengan izan duen eragin ona.»

        «Oso ona da Brand jauna,» esan zuen Gertrudek, ahizpari begira. «Badakit oso ona dela. Baina ez luke Felixen kontra hitz egin behar.»

        «Mutil ona da Felix,» erantzun zion Charlottek, apalki baina bizkor. «Oso mutil zoragarria da Felix. Oso bestelakoa izatea. Brand jauna askoz hurbilago dago guregandik. Nik ez nuke arazo batekin edo zalantza batekin Felixengana jotzea pentsatuko. Brand jaunak askoz gehiago esan nahi du guretzat, Gertrude.»

        «Oso, oso ona da Brand jauna,» errepikatu zuen Gertrudek. «Asko esan nahi du zuretzat, bai, asko, Charlotte,» gehitu zuen bat-batean, «Zu Brand jaunaz maitemindurik zaude!»

        «Mesedez, Gertrude!» egin zuen Charlotte gaixoak; eta ahizpak lotsagorritzen ikusi zuen ilunpetan.

        Gertrudek besoaz inguratu zuen. «Nahiago nuke zurekin ezkonduko balitz!» esan zion hurrena.

        Charlottek ahizparen besoa gainetik kendu zuen. «Ez duzu horrelakorik esan behar!» esan zuen ahopean.

        «Aitortzen duzun baino gogokoago duzu zuk Brand jauna, eta hark, berriz, konturatzen den baino gogokoago zaitu zu.»

        «Bihotz-gogorkeria da hori esatea!» xuxurlatu zuen Charlotte Wentworthek.

        Baina bihotz-gogorkeria bazen ere, Gertrudek erruki gabe jarraitu zuen. «Ez, egia bada!» erantzun zion; «Nik hura zurekin ezkontzea nahi dut.»

        «Ez ezazu horrelakorik esan, mesedez.»

        «Eta berari ere horixe esango diot!» esan zion Gertrudek.

        «Gertrude! Gertrude!» egin zuen ahizpak ia intzirika.

        «Berriro niri zerbait esatera etortzen bada, bai. Honelaxe esango diot: «Zergatik ez zara Charlotterekin ezkontzen? Ni baino mila aldiz hobea da hura.»»

        «Gaiztoa zara! Aldatu egin zara!» jaurti zion ahizpak.

        «Esatea nahi ez baduzu, zeure esku dago eragoztea,» esan zion Gertrudek. «Nirekin hitz egiten uzten ez badiozu, ez diot esango!» Eta hori esanda, alde egin zuen, zer egin zuen oso ondo zekiela; egin zuena pisatu eta halako poz handi bat eta askatasun handi bat sentitzen zituela.

        Wentworth jauna oso desbideraturik zebilen Clifford bere lehengusu distiratsuari konplimendu eskrupulogabeak egiten hasi izango zitzaiola susmatzean; mutilak, izan ere, familiak uste baino eskrupulo gehiago baitzuen. Lotsati-aurpegi garden bat zuen Cliffordek, lasaikerietan gogara ibiltzen ez zen aski frogagarri. Beraren ikasle-bekatutxoek etxekoen artean eragin zuten zurrumurruak higuin handiagoa eman zion Cliffordi, etxe-lapurrari bere oinetakoen karraska hotsak ematen diona baino. Alde bakarra, zera: etxe-lapurrak, gauzak errazteko, bere chaussures kenduko zituzkeen bezala, Cliffordek pentsatu izatea ezen jendearekin harreman erosoak izateko —hitz egiten ziotenean beste zerbait esan nahi ziotela pentsatzeari uzteko—, nahi galgarri orori uko egitea zela biderik laburrena. Eta oso txalogarriak ziren, izan ere, Clifforden nahiak. Bere burua Bostongo Wentworth jaun oso ezagun eta estimatu bihurturik ikusten zuen etorkizunean, eta gauzak ondo zirela, bere lehengusu Lizzie Acton politarekin ezkondurik. Common parkera ematen zuen etxe aurrealde-zabal batean biziko zen, eta zaldi pare gorri berdin-berdin bat gidatuko zuen udazkeneko bide bustietan aurrera orga arin baten gainetik. Oso sinplea zen Cliffordek ondorengo urteetarako zuen ikuspena: familiarteko ezkontza horrek eta trostarako baliabideen bikoizteak osatzen zuten, nagusiki. Oraindik ez zion lehengusuari berarekin ezkontzeko eskatu, baina graduatzen zen bezain laster eskatzeko asmoa zuen. Lizzie konturaturik zegoen Clifforden asmoaz, eta lasai, Clifford zuzenduko zela konbentziturik. Nebak, berriz, oso maite zuen Lizzie alai bizkor trebe hura, eta ez zuen kontra egiteko motiborik ikusten. Gizarte-arau egokia iruditzen zitzaion Cliffordek eta arrebak elkarri ezkon-hitza ematea; bera ezkon-hitza eman gabe bazegoen ere, gainerakoak, zorionez, ez ziren bera bezain zoro. Gainera, gogoko zuen Clifford, eta beste era batera begiratzen zien —nahiz eta aitortu behar den lotsa pixka bat ere ematen ziola horrek— mutila auzoko ikasketa egoitzatik urruntzera behartu zuten okerbide haiei. Acton mundua ikusitakoa zen, berak bere buruari esan ohi zionez. Txinan izana zen eta gizonen artean ibilia. Bazekien zer desberdintasun zegoen funtsean mutil zintzo baten eta mutil gaizto baten artean, eta poztu egiten zuen Cliffordek txarkeriarik ez zuela ikusteak. Fedea zion —inoren aurrean esateko adorerik ez zuela gaineratu behar bada ere— gazteak olo-gaiztoa erein behar duelako usteari, zeina beldur alferren kontrako erremedio egokitzat baitzeukan. Wentworth jaunak, Charlottek eta Brand jaunak Clifforden kasuan hori erabiliko baluke, askoz zoriontsuago izango lirateke; eta tamalgarria iruditzen zitzaion Actoni haiek zoriontsuago ez izatea. Estuegi hartzen zituzten mutilaren gaiztakeriak; solemneegi hitz egiten zioten; ikaratu eta nahastu egiten zuten. Hor zeuden, bai, moraltasunaren oinarri nagusiak, gizonari mozkortzea, billarrean dirua jokatzea, edo zentzumenen atsegina bilatzea debekatzen ziotenak, baina zer beldur zegoen Clifford gizajoak inolako oinarri nagusiri erasoko zionik? Zena zela, Actoni ez zitzaion burutik pasatu ere egin ikasle desobeditzailea berrerosteko Münster baronesaz baliatzea. Lanabes konplexuegia irudituko zitzaiokeen hura lan horretarako. Felixek esan zuena, berriz, emakumeak, zenbat eta xarmagarriagoa izan, orduan eta gizarte-eginkizun gehiago duen usteari jarraiki esandakoa zen.

        Eugeniak, dakigun bezala, denbora asko zuen bere eginkizunak zerrendaratzeko. Adierazi dudan bezala, lau mila milia egin zituen fortuna bila; eta ez dago uste izaterik hain ahalegin handia egin eta gero bide horretan aurrera egiteko laguntzarik txikiena ere zabartuko zuenik. Nire zoritxarrerako, hain emakume bikainaren jokamoldeak lerro gutxitan deskribatu nahi izateak gauzak nahiko zakar adieraztera behartzen nau. Hori uste dut gertatu dela, esate baterako, zera esan dudanean, Eugeniak lehenbizi Robert Actonengan ikusi zuela aurrera egiteko laguntza hori, baina, gero, arkulari zuhurrak beti bigarren arku-soka bat izan ohi duela gogoratu zitzaiola. Zergatiak finki bilbaturik zituen emakumea zen Eugenia, eta asmo zakarrik ez zuen inoiz nabarmentzen. Halako ideal estetiko batek bultzatzen zuen Cliffordengana, eta onura-nahirik gabeko arrazoi bat iruditzen zitzaion hori Clifford bere ardurapean hartzeko. Oso ondo zegoen jaun gazte aurpegi-guri bat xaloa izatea; Clifford, ordea, berde zegoen, zinez. Halako aurpegi polita izanda, manera hobeak behar zituzkeen. Eugeniak erakutsiko zion ezen izen dotore bat, ondasun handi baten itxaropena eta, Europan esaten duten bezala, gizartean posizio bat dituen seme bakarrak jakin behar duela nola jokatu.

        Clifford bere gogoz eta bakarrik hasi zen baronesarengana bisitan joaten, eta harrezkero sarri joaten zen. Ez zekien oso ondo zergatik joaten zen; aitaren etxean ikusten zuen baronesa ia arratsero; ez zuen ezer apartekorik hari esateko. Baronesa ez zen neska gaztea, eta Clifforden adineko mutilek neska gazteak bisitatzen zituzten. Cliffordek handitu egiten zuen Eugeniaren adina; Eugenia emakume zahar bat iruditzen zitzaion; eskerrak baronesa, zuen adimen argi eta guzti, horretaz konturatu ez zen. Baina poliki-poliki, emakume zaharrak bisitatzea, naturala ez bazen ere, dietari buruzko zenbait artikulutan esaten duten bezala, gutxienez gustua hartzen ikaste bat zatekeela pentsatzera iritsi zen Clifford. Emakume zahar oso dibertigarria zen, bai, baronesa. Inoiz ez zion andre batek —ezta jaun batek ere, noski— baronesak hitz egiten zion bezala hitz egin.

        «Europan zehar ibilaldi bat egitera joan behar zenuke,» esan zion baronesak arratsalde batean. «Ikasketak amaitutakoan joango zara, noski.»

        «Ez dut joan nahi,» adierazi zion Cliffordek. «Ezagutzen ditut Europan izan diren adiskide batzuk, eta hemen hobeto dibertitzen dela esaten dute.»

        «Nondik begiratzen zaion. Dibertitzea zeri esaten zaion. Zure lagun horiek segur aski ez ziren aurkeztuak izango.»

        «Aurkeztuak?» galdetu zion Cliffordek.

        «Ez zuten lagunartean sartzeko aukerarik izango; ez zituzten relations egingo.» Baronesak sarritan frantses erara ahoskatzen zituen hitzetako bat zen hori.

        «Parisen dantzaldi batera joan omen ziren; hori badakit,» esan zion Cliffordek.

        «A! Dantzaldi guztiak ez dira berdinak izaten; eta are gutxiago Parisen. Ez, joan egin behar duzu, ulertzen? Hori egin gabe ezin zara geratu. Horren premian zaude.»

        «Ni oso ondo nago,» esan zion Cliffordek. «Ez nago gaixo.»

        «Ez dizut osasunagatik esaten, umetxo. Manerengatik esaten dizut.»

        «Nik ez dut manerarik!» egin zuen Cliffordek purrustadaka.

        «Horrexegatik! Ez duzu gaizki hartuko nik hori baieztatzea, ez?» galdetu zion baronesak irribarrez. «Europara joan behar duzu jendetasun pixka bat ikastera. Han manera hobeak ikasiko dituzu. Lastima da ni Alemanian bizi nintzela etorri ez izana. Lagunartean aurkeztuko zintudan; oso zirkulutxo atsegina neukan. Gaztetxoegia izango zinen, beharbada, baina zenbat eta gazteago hasi eta hobe, nik uste. Dena dela, oran ezin duzu denborarik galdu, eta hara itzultzen naizenean, lehenbailehen joan behar duzu ni ikustera.»

        Hori dena nahasmen handia zen Clifforden ulermenerako: gazterik hasi behar zuela, Eugenia Europara itzuliko zela, haren zirkulutxo atseginean aurkeztua izango zela. Zertan hasi behar zuen, hasi? Eta zer zen baronesaren zirkulutxo hura? Cliffordek baronesaren ezkontzaz zuen ideia nahiko lausoa zen, baina nolanahi aipatzeko gaia ez zela antzemateko bezain zehatza bai, hala ere. Gelaren inguru guztira begiratu zuen; baronesa, nolabait ere, bere ezkontzaren gaia ukitzen ari zela pentsatu zuen.

        «Ez dut Alemaniara joan nahi,» esan zuen Cliffordek; hori esatea iruditu zitzaion egokiena.

        Baronesa begira geratu zitzaion, irribarrea ezpainetan, baina ez begietan. «Eskrupuloak al dituzu?» galdetu zion.

        «Eskrupuloak?» esan zuen Cliffordek.

        «Zuek, hemengo gazteok, oso bereziak zarete; zuekin ez dago asmatzerik! Edo zarete guztiz eragabeak, edo izugarri eratsuak. Nire ezkontza ezberdinari dagokionean, esango nuke pertsona arinekin bizi naizela pentsatzen duzula. Eta oso oker zaude. Garrantzirik handiena eman izan diot nik beti horri.»

        «Ez, ez,» esan zuen Cliffordek, bene-benetan larriturik, «ez dut horrelakorik inoiz pentsatu.»

        «Ez ote? Konbentziturik nago zure aitak hori pentsatzen duela, eta baita zure arrebek ere. Zera esango diote elkarri, hemen ondo portatzen naizela, baina han —ezkerreko eskutik ezkondua izanik— emakume arinekin ibiliko naizela.»

        «Ez, ez,» esan zion Cliffordek indartsu, «ez dute horrelako gauzarik esaten!»

        «Hori pentsatzen badute, hobe lukete esatea,» erantzun zion baronesak. «Hartara, ukatzeko aukera izango nuke. Zuk, mesedez, uka ezazu, inoiz horrelakorik entzuten baduzu, eta ez izan beldurrik, dudan lagunartearen kausaz, ni ikustera etortzeko. Zure bizitza osoan ezagutu ahal izango duzun baino gizon ospetsu gehiago ezagutzeko ohorea dut, enetxo. Emakume gutxirekin dut harremana; baina gutxi horiek maila handikoak dira. Beraz, puritano gazte maite horrek, ez duzu zertan ikaraturik. Ni ez naiz, mutil gazte bat hezteko vrai monde delakoan lekua galdu duten emakumeen lagunartea behar dela uste duten horietakoa. Ez dut inoiz jarrera hori hartu. Ni neure lekuan egon naiz, eta uste dut haiena baino askoz eskola hobea dela gurea. Izan ezazu konfiantza niregan, Clifford, eta egia dela frogatuko dizut,» jarraitu zuen baronesak, atseginez pentsatzen zuela ezen ahaide gaztea galbideratzeaz, behintzat, ezingo zutela salatu. «Beraz, inoiz lapurren artean erortzen bazara, ez esan nik bidali zaitudanik haiengana.»

        Halako grazia egin zion Cliffordi baronesak esan nahi izan zuena ulertzeak —hizkera irudizkoa gorabehera— eta baronesak esan nahi izan zuena eta berak ulertu zuena bat izateak, ezen ezin izan baitzion irribarreari eutsi, ahaleginak egin bazituen ere. «Ez! Ez!» xuxurlatu zuen.

        «Egin barre, egin barre lasai, dibertitzen bazaitut!» esan zuen baronesak. «Horretarako nago ni hemen!» Eta Cliffordi oso pertsona dibertigarria iruditzen zitzaion, bai, baronesa. «Baina ez ahaztu» esan zion baronesak hurrena, «datorren urtean hara joan behar duzula ni bisitatzera.»

        Handik astebetera edo, zera esan zion baronesak, itzulingururik gabe, «Serioski ari al zara zure lehengusutxoari maitasuna adierazten?»

        «Maitasuna serioski adierazten». Hitz horiek, Madame Münsterrek esanda, soinu ikaragarria eta kezkagarria zuten Clifforden belarrietarako. Cliffordek duda egin zuen erantzun baino lehen, berak ulertzen zuenera baino gehiagora bere burua lotzeko beldurrez. «Beno, hala balitz ere, ez nuke esango!» esan zion.

        «Zergatik ez zenuke, bada, esango?» galdetu zion baronesak. «Gauza horiek jakin egin behar dira.»

        «Ez zait axola jendeak jakitea edo ez jakitea,» erantzun zion Cliffordek. «Baina ez dut jendea niri begira ikusi nahi.»

        «Zure mailako gazte batek jakin behar luke jendearen begiradak eramaten, horrek batere axolarik ez balio bezala jokatzen. Ez dut esaten konturatu behar ez duenik,» argitu zuen baronesak. «Ez, begiratzen diotela konturatzen dela eta gauza naturala iruditzen zaiola erakutsi behar du; baina horretara oso ohituta balego bezala agertu behar du. Eta zuk ez duzu hori egiten. Eta hori da egin behar duzuna. Eta ez esan niri maila handiko mutila ez zarenik,» gehitu zuen Eugeniak. «Ez esan niri horrelako tentelkeriarik.»

        «Ez, ez, ez nauzu hori esaten harrapatuko!» esan zion Cliffordek.

        «Bai, Alemaniara etorri behar duzu,» jarraitu zuen Madame Münsterrek. «Erakutsiko dizut nola jendeak, ahotan darabiltela ere, ez duen jakinaren gainean dagoenik inoiz nabarmentzen. Zu ere erabiliko zaituzte ahotan, noski, nirekin batera. Nire maitalea zarela esango dute. Nik erakutsiko dizut zein jaramon gutxi egin behar zaion horri; ikusiko duzu zein jaramon gutxi egiten diodan nik.»

        Clifford begira zegokion, gorriturik eta barrez. «Niri asko axola izango dit!» adierazi zuen.

        «Ez gehiegi, entzun? Ez litzateke gizalegezkoa. Baina pixka bat izateko baimena ematen dizut; batez ere, Acton andereñoarenganako maitasun-grinarik baduzu. Voyons, horri dagokionean, baduzu ala ez duzu? Oso erraza da esaten.»

        «Ez dakit zergatik jakin nahi duzun,» esan zion Cliffordek.

        «Zuk izan behar zenuke esateko gogoa. Ezkontza prestatzen ari denak lagunei esan ohi die.»

        «Ez naiz ezer prestatzen ari,» esan zion Cliffordek.

        «Ez duzu lehengusuarekin ezkontzeko asmorik?»

        «Ondo deritzodana egitea espero dut!»

        Baronesak eserlekuaren bizkarrean burua etzan eta begiak itxi zituen, nekatuta balego bezala. Begiak berriro zabaldu eta «Xarmagarria da zure lehengusua,» esan zuen.

        «Hemengo neskarik politena da,» erantzun zion Cliffordek.

        ««Hemengoa» gutxi esatea da; xarmagarria litzateke beste edonon ere. Uste dut lakioan harrapatuta zauzkala.»

        «Ez, ez nauka harrapatuta.»

        «Hitz emanda zaudete? Gauza bera da, zuen adinean.»

        Cliffordek ausardia pixka batez begiratu zion baronesari. «Ez al diozu inori esango?»

        «Horren sakratua bada..., ez.»

        «Bada..., ez, ez gaude!» esan zuen Cliffordek.

        «Hori da, hortaz, sekretu handi hori..., ez zaudetela hitz emanda, e?» galdetu zion baronesak, barre labur bat eginez. «Poz ematen dit hori entzuteak. Gazteegia zara. Zure egoeran dagoen mutil gazte batek aukeratu eta konparatu egin behar du; lehenik mundua ikusi behar du. Ez izan zalantzarik,» gehitu zuen, «atzerrira joan eta egin behar didazun bisita hori egin aurretik ez zenuke gai horren gainean erabakirik hartu behar. Hori baino lehen gauza batzuk ikusarazi nahi nizkizuke.»

        «Bada, nahikoa beldur diot bisita horri,» esan zion Cliffordek. «Berriro eskolan hastea bezalatsu izango dela iruditzen zait.»

        Baronesa begira geratu zitzaion pixka batean. «Enetxo,» esan zion, «ez da gizon atseginik, emakume argi baten eskolan —bera baino emakume zaharxeago baten eskolan, ziur asko— noizbait izan ez denik. Eta esker onekoa izan behar da heziketa dohainik jasotzen denean. Dohainik ikasiko duzu nirekin.»

        Hurrengo egunean Cliffordek esan zion Lizzieri ezen baronesak inoiz ikusi zuen neskarik xarmagarrientzat zeukala.

        Lizziek buruari ezker-eskuin eragin zion. «Hori ez da egia!» esan zion.

        «Baronesak esaten duen guztia,» galdetu zion Cliffordek, «kontrako aldera ulertu behar dela uste al duzu?»

        «Baietz uste dut!» esan zion Lizziek.

        Zera esateko zorian egon zen Clifford: baronesak, hortaz, Clifford Wentworth jaunaren eta Elizabeth Acton andereñoaren arteko ezkontza bultzatzeko irrikaz egon behar zuela. Azkenean, ordea, ez esatea erabaki zuen.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia