7. ATALA

 

        Gertruderen erretratua amaitu eta gero, Felixek —ordurako zirkulu hartako kontza eta ardatz bihurturik— lagunarte hartako beste kide askoren irudiak eraman zituen margo-oihalera. Aitortu behar da erretratuak nabarmen itxuratzen zituen pintorea zela Felix, eta modeloei halako xarma erromantiko bat eransten ziela, zeina, ematen zuenez, merke eta eroso eskuratutzat jotzen baitzen, «jarrita egotea» hain entretenigarri egiten zuen mutil gazteari ehun dolar ordainduta. Felixi, izan ere, ordaindu egiten zitzaizkion erretratuak, ez baitzuen ezkutatu, ezta gutxiagorik ere, jakin-min maitatiari esku emanda joan zela, mendebaldeko mundurako pausoak eman zituenean, egoera hobetzeko desira ere. Osabaren erretratua Wentworth jaunak esperimentu hartarako inoiz eragozpenik jarri izan ez balio bezala egin zuen; eta xedea burutu ahal izateko bortxa leun bat erabili behar izan zuenez, bidezkoa da esatea ezen ez ziola agureari denbora besterik eskatu. Udako goiz batean, hartu zuen Wentworth jauna besotik —gutxi ziren, gutxi zirenez, Wentworth jauna besotik hartutakoak— eta jardinetik zehar bidean aurrera eraman zuen gizona, sagarrondoen arteko etxetxoan presaka batean antolaturik zuen estudiora. Jaun bena gero eta txundituago zegoen bere iloba bizkorrarekin, haren gaztetasun gordin irekiak esperientzia kopuru harrigarri baten laburbilduma baitzirudien. Iruditzen zitzaion Felixek asko jakin behar zuela; pozik jakingo zukeen zer pentsatzen ote zuen Felixek berak, elkarrizketetan beti oso formalki erabili bai baina, gutxi ezagutzen zituen zenbait gauzaz. Giza ekintzak uste osoz, zorrotz baina alaiki juzkatzeko Felixek zuen moldeari inbidiagarri iriztera iritsi zen pixkanaka-pixkanaka Wentworth jauna; kritika egitea gauza erraza zela ematen zuen hala. Iritzi bat egitea —inoren jokabideaz, esate baterako— giltza bat ahal-iritzian hartu eta harekin sarrailan haztamuka ibiltzearen oso antzekoa gertatzen zitzaion Wentworth jaunari. Eskukada bat erreminta alfer gerritik zintzilik ipinita lebilkeenaren itxura hartzen zion Wentworth jaunak bere buruari. Ilobak, aitzitik, eskumuturrari behin bakarrik eraginda, etxe-lapur batek bezain abilki irekitzen zituen ate guztiak. Osaba bat beti iloba baino zuhurragoa den konbentzioari eusteko obligazioa sentitzen zuen Wentworth jaunak, Felixen hizketa bizkor arin etengabea isilik eta serio entzunez beste inola ez bazen ere. Baina iritsi zen egun bat, tinkotasuna alde batera utzi eta ilobari ia aholku eskatu ziona.

        «Erabili al duzu inoiz buruan Estatu Batuetan finkatzeko ideia?» galdetu zion goiz batean, Felix pintzelari dotore asko eragiten ari zela.

        «Osaba maitea,» esan zion Felixek, «barkatuko didazu zure galderak irribarretxo bat eragiten badit. Hasteko, nik ez dut buruan ideiarik erabiltzen. Ideiek erabiltzen naute ni sarritan. Baina plan seriosik, ez dut, nik uste, inoiz egin. Badakit zer esango duzun, edo, hobeto esan, zer pentsatuko duzun, ez baitut uste esango duzunik: oso arina eta burugabea naizela. Eta hala da; baina horrela nago egina; datozen bezala hartzen ditut nik gauzak, eta, gauza baten ondoren, nola edo hala, beti sortzen da beste zerbait. Bigarrenik, ez dut finkatzeko planik egiten. Ezin naiz finkatu, osaba maitea. Ez naiz finkatzen direnetakoa. Badakit hori egiten dutela atzerritarrek hemen; finkatu egiten direla denak. Baina —zure galderari erantzuteko— ez dut, ez, ideia hori buruan erabili.»

        «Europara itzuli eta berriro lehengo bizimodu araugabeari ekiteko asmoa al duzu?» galdetu zion Wentworth jaunak.

        «Asmoa dudanik ezin dut esan. Baina oso litekeena da berriro Europara itzultzea. Europarra naiz, azken finean. Europar sentitzen naiz, horra. Arrebak izango du zeresan handia horretan. Ni baino ere europarragoa da bera; bera hemen, zera, bere markotik ateratako irudi bat baino ez da. Eta «berriro ekiteari» dagokionean, osaba maitea, bizimodu araugabeari ez diot, egia esan, inoiz utzi. Zer da, bada, niretzat, hau baino araugabeagorik?»

        «Hau araugabea? Zer, gero?» galdetu zion Wentworth jaunak, aurpegi serio zurbilaz.

        «Bada, hau dena! Zuen artean honela bizitzea; familiarteko bizimodu serio lasai xarmagarri hau egitea; Charlotte eta Gertruderen lagun izatea; hogei andereñorengana bisitan joan eta haiekin paseatzera irtetea; arratsean zuekin lorioan eseri eta kilkerrak entzutea, eta hamarrak puntuan oheratzea.»

        «Oso deskribapen bizia egin duzu,» esan zion Wentworth jaunak; «baina deskribatu duzun horretan ez dut gauza desegokirik ikusten.»

        «Ezta nik ere, osaba maitea. Oso atsegina da dena. Desegokia balitz ez nuke atsegin izango. Benetan diozut, gauza desegokiak ez ditut atsegin, zuk besterik uste duzula iruditzen bazait ere,» jarraitu zuen Felixek, pintatzeari utzi gabe.

        «Ez dizut horrelakorik inoiz leporatu.»

        «Ez iezadazu lepora, mesedez,» esan zion Felixek; «filistindar zakar bat naiz-eta funtsean.»

        «Filistindarra?» errepikatu zuen Wentworth jaunak.

        «Zera, Jainkoaren beldur den gizon arrunt bat, nolabait esateko.» Wentworth jauna uzkur geratu zitzaion begira, jakintsu harritu bat bezala, eta Felixek jarraitu zuen, «Zahartzaro errespetagarri eta errespetatu bat izatea espero dut. Luzaroan bizi izatea, alegia. Horri egitasmo deitzea, gehitxo izango da beharbada, baina desira bizi bat da: arrosa-koloreko ikuspen bat. Agure alai bat izango naiz, are kaskarina agian!»

        «Naturala da,» esan zion osabak esaeratsu «bizitza atsegin bat luzatu nahi izatea. Badirudi halako prestasun falta geurekoi bat dugula geure plazerrei azkena emateko. Baina ezkontzeko asmoa,» erantsi zuen, «izango duzu, ezta?»

        «Hori ere, osaba maitea, itxaropen bat da, desira bat, ikuspen bat,» esan zion Felixek. Hizketa hura Wentworth jaunaren alaba maitagarrietako baten esku-eskaintzarako aitzinsolas izan zitekeela otu zitzaion une batean. Baina behar den apaltasunaren izenean eta mundu honetako errealitate gogorren jakitun, Felixek urrundu egin zuen pentsamendu hura. Ontasun haragi egina zen osaba, bai; baina hortik, andereño bat, pentsa zitekeenez ezkonsari bikaina izango zuena, eta artista sosgabe bat, ospe-itxaropenik gabea, elkartzea pentsatzera —are gehiago eskatzera— oso bide luzea zegoen. Konturaturik zen Felix ezen azkenaldi honetan askoz ere nahiago zuela Gertrude Wentworthen lagunartea —beste inorekin partekatu gabe, ahal izanez gero—; baina gauza eskuraezinen kategoria urrun bezain distiratsura alboraturik zeukan, oraingoz, andereño hura. Ez zen Gertrude Felixek mirespen alferra izan zion lehen emakumea. Maitemindu izan zen dukesez eta kondesez, eta egin zuen, behin edo bitan, zinismora gerturatze arriskutsu bat, emakumeen interesgabetasuna soberetsi egin zela esatean. Eskuarki, apaltasunaren bidez leundu zuen ausardia; eta bidezkoa da eta garbi esan behar da ezen Felix ez zatekeela gai izango, orain eskaintzen zitzaion familiarteko konfiantza handiaz baliaturik, bere bi lehengusu politetan gazteena gorteatzeko. Tradizio artean hazia zen Felix, eta tradizio haien argitan, abegi onaren kontrako hutsegite larria zatekeen halako jokabidea. Beti zoriontsu zela esan dut, eta haren oraingo zorionaren arrazoietako bat hauxe zen: Gertruderekiko harremanei zegokienean, oso kontzientzia ona izatea. Bertutearen edertasunez jantzia —eta edertasun forma hori ere beste guztiak miresten zituen bezainbat miresten zuen— ikusten zuen Felixek bere jokabidea.

        «Ezkontzeak, nik uste,» esan zion hurrena Wentworth jaunak, «zoriona ekarriko lizuke.»

        «Sicurissimo!» esan zion Felixek; eta gero, pintzela gelditu eta irribarrez begiratu zion osabari. «Zuri gauza bat esatera tentatuta nago. Arriskatuko naiz?»

        Wentworth jauna tentetu egin zen pixka bat. «Fidatzekoa naiz. Ez naiz kontuak zabaltzen ibiltzen.» Hala ere, nahiago zukeen Felixek gehiegi arriskatuko ez balu.

        Osabaren erantzunari barrez zegoen Felix. «Harrigarria gertatzen zait zu niri zoriontsu nola izan esaten entzutea. Uste dut zerorrek ez dakizula, osaba maitea. Gogorregi ari ote naiz?»

        Agurea isilik geratu zen une batean, eta gero, iloba hunkitu zuen duintasun lehor batez esan zuen, «Gerta dakiguke, batzuetan, geuk ibili ezin dugun bidea inori erakustea.»

        «Tira, ezin esango didazu nahigabeak izan dituzunik,» jarraitu zuen Felixek. «Ez nuen uste, eta ez nuen horrelakorik aipatzeko asmorik. Hauxe besterik ez nuen esan nahi, ez zaretela dibertitzen.»

        «Dibertitu? Ez gara umeak.»

        «Ez, bada. Adin egokia duzue. Hori esaten nion lehengoan Gertruderi,» gehitu zuen Felixek. «Ez ahal nuen gaizki egingo!»

        «Eta egin bazenuen,» esan zion Wentworth jaunak, Felixek harengandik uste izango zuen baino ironia finagoz, «zure dibertitzeko modua zelako egingo zenuen, eta kito. Zuk, antza, ez duzu inoiz arazorik izan.»

        «Bai, bai, izan ditut!» adierazi zuen Felixek, halako indar batez. «Eskarmentua hartu aurretik. Baina ez naute berriro harrapatuko!»

        Wentworth jaunak isilune bat egin zuen, barru-barrutik irtendako hasperen bat baino adierazgarriagoa. «Zuk ez duzu seme-alabarik,» esan zion azkenean.

        «Ezin esango didazu,» esan zion Felixek, «zure seme-alaba xarmagarri horiek atsekabe-iturri zaizkizunik!»

        «Ez dut Charlotterengatik esaten.» Eta etenaldi bat egin eta gero, Wentworth jaunak jarraitu zuen, «Ezta Gertruderengatik ere. Baina nahiko kezkaturik nauka Cliffordek. Kontatuko dizut hurrengo batean.»

        Felixi eserialdi bat eskaini zion hurrengo aldian, konfiantzarako bidea eman ziola gogoratu zion ilobak. «Zer moduz Clifford?» galdetu zion Felixek. «Oso mutil isila iruditu zait beti. Isilegia ere bai, aukeran; nireganako goganbeharrez bezala ikusten dut, pertsona arintzat hartuko banindu bezala. Lehengoan arrebari esan omen zion —hala esan zidan Gertrudek— nik barre egiten diodala. Barre egiten badiot, konfiantza eman nahiak eraginda egiten diot. Ez dut beste biderik ezagutzen.»

        «Clifforden egoera ez da barre egitekoa,» esan zion Wentworth jaunak. «Oso egoera berezia baizik, honezkero igarriko zenion bezala.»

        «Lehengusuarekin duen maitasun aferagatik al diozu?»

        Wentworth jaunak tinko begiratu zion, pixka bat gorritzen zela. «Unibertsitatera joaten ez dela dagoelako esaten dut. Bidali egin dute aldi baterako. Horretaz ez hitz egitea erabaki dugu, zuzenean galdetzen ez badigute.»

        «Bidali egin dutela?» errepikatu zuen Felixek.

        «Sei hilabeterako alde egiteko eskatu zioten Harvardgo agintariek. Bitartean, Brand jaunarekin ari da ikasten. Brand jaunak lagunduko diolakoan gaude; hala espero dugu, behintzat.»

        «Zer gertatu zitzaion unibertsitatean?» galdetu zion Felixek. «Plazerretarako zaletasun handiegia? Brand jaunak ez dizkio, ez, sekretu horiek erakutsiko!»

        «Zaletu behar ez zuenaz zaletu zen gehiegi. Plazertzat jotzen dena dela uste dut, bai.»

        Felixek bere barre alaia egin zuen. «Osaba maitea, plazer bat zela nola duda egin? C'est de son âge, Frantzian esaten duten bezala.»

        «Nik, aitzitik, bizitzan beranduagoko bizioa dela esango nukeen, zahartzaro desengainatu batekoa.»

        Felixek begi-kolpe bat zuzendu zion osabari, bekainak jasota, eta gero «Zertaz ari zara?» galdetu zion, irribarrez.

        «Clifford aurkitu zuten egoeran egoteaz.»

        «A! Aurkitu egin zuten, beraz? Harrapatu?»

        «Nahitaez harrapatu behar. Ezin ibili zen eta, balantzaka.»

        «A!» esan zuen Felixek, «edan egiten du! Hartu nuen zerbaiten susmoa, hona etorri nintzen lehen egunean. Guztiz bat nator zurekin: arrunkeria da hori. Hori ez da jaun batentzako bizioa. Utzi egin behar dio.»

        «Itxaropen handia dugu Brand jaunaren eraginean,» jarraitu zuen Wentworth jaunak. «Hasiera-hasieratik hitz egin dio. Eta Brand jaunak berak ez du tantarik probatzen.»

        «Hitz egingo dut Cliffordekin; hitz egingo dut berarekin!» esan zuen Felixek alaikiro.

        «Eta zer esan behar diozu?» galdetu zion osabak, zertxobait goganbeharturik.

        Felixek ez zion pixka batean erantzun. «Clifford bere lehengusuarekin ezkontzeko asmotan al zabiltza?» galdetu zion azkenean.

        «Lehengusuarekin ezkondu?» egin zuen Wentworth jaunak oihartzun. «Ez zait bururatu Lizziek Cliffordekin ezkondu nahiko lukeenik.»

        «Ez zaudete, hortaz, Acton andrea eta biok elkar hartuta?»

        Wentworth jauna begira geratu zitzaion, begirada ia galdurik bezala. «Ez dut andre harekin horrelako gairik inoiz aipatu.»

        «Bada, garaia litzateke, nik uste,» esan zion Felixek. «Lizzie Acton oso polita da, eta Clifford arriskuan badago...»

        «Ez daude hitz emanda,» esan zuen Wentworth jaunak. «Hitz emanda daudela uste izateko arrazoirik, behintzat, ez dut.»

        «Par example!» esan zuen Felixek. «Ezkutuko hitz-emate bat? Ez, ez; egidazu kasu: Clifford, esaten dizudan bezala, mutil xarmagarria da. Ez luke horrelakorik egingo. Lizzie Acton, hortaz, ez litzateke beste emakume bategatik jeloskortuko.»

        «Ez ahal dela jeloskortuko espero dut!» esan zuen agureak, jelosia likorea maite izatea baino ere bizio makurragoa den irudipen lauso batez.

        «Cliffordek, hortaz, zera du onena,» proposatu zion Felixek, «gogoa emakume argi xarmant batengan jartzea.» Eta pintatzeari utzi eta, ukondoak belaunetan jarririk, adierazi nahi alai batez begiratu zion osabari. «Begira, nik uste handia dut emakumeen eraginean. Emakumeekin bizitzeak jaun egiten laguntzen dio gizonari. Bai, Cliffordek baditu arrebak, bai, eta xarmagarriak oso. Baina neba-arreben arteko sentimendua ez, beste zerbait behar da horretan. Ulertzen duzu? Lizzie Acton hor du, baina Lizzie, agian, ez da behar bezain heldua.»

        «Uste dut hitz egin duela Cliffordekin, aritu zaiola arrazoiak ematen,» esan zion Wentworth jaunak.

        «Mozkortzearen itsuskeriaz? Neurritasunaren ederraz? Lan gogorra da hori andereño polit batentzat. Ez,» jarraitu zuen Felixek, «Cliffordek emakume atsegin bat ikusi behar luke sarritan, gai mingarri horiek aipatu ere egin gabe, edanda egotea zentzugabekeria handia dela ikusaraziko liokeen emakume bat. Eta hartaz pixka bat maiteminduko balitz, hainbat hobe. Sendagarri izango luke.»

        «Eta zein andre proposatuko zenuke?» galdetu zion Wentworth jaunak.

        «Zure esku duzu emakume argi bat. Nire arreba.»

        «Zure arreba... nire esku?» errepikatu zuen Wentworth jaunak.

        «Esaiozu hitzerdi bat Cliffordi. Esaiozu ez dadila kikildu. Egokiera onean dago jada; eraman du bi edo hiru aldiz zalgurdian paseatzera. Baina etxera bisitatzera ez dut uste joaten zaionik. Bultza ezazu joatera, sarritan joatera. Eta arratsalderen batean, han eserita daudela, hitz egingo dute. On egingo dio horrek.»

        Wentworth jauna pentsatzen geratu zen. «Uste duzu eragin onuragarria izango duela Eugeniak Cliffordengan?»

        «Eragin zibilizatzailea izango du —neurriratzailea, esango nuke nik—. Emakume xarmant bizkor batek beti izaten duena, limurtzaile samarra baldin bada, batez ere. Osaba maitea, neure heziketaren erdia horrelako emakumeen lagunarteari zor diot. Baldin eta, esan duzun bezala, Clifford unibertsitatetik aldi baterako bidali badute, izan dezala Eugenia irakasle.»

        Wentworth jaunak pentsati jarraitzen zuen. «Eugenia limurtzailea dela uste al duzu?» galdetu zion.

        «Eta zer emakume polit ez da?» galdetu zion Felixek. Baina Wentworth jaunak ez zukeen hori, onenean ere, erantzuntzat hartuko, Wentworth jaunari ez baitzitzaion iloba Eugenia polita iruditzen. «Cliffordekin, ironia apur bat erabiltzeko behar den adina limurkeria erabiliko du Eugeniak,» jarraitu zuen mutilak. «Hori da Cliffordek behar duena. Aholka ezazu, beraz, trata dezala Eugenia amultsuki. Iradokizuna zuk eginda, hobeto hartuko du.»

        «Zer esaten didazu,» galdetu zion agureak, «Madame Münsterri, zera..., maitasun-adierazpenak egiteko iradoki behar diodala semeari?»

        «Adierapenak, bai!» esan zuen Felixek onarpenez.

        «Baina, ulertu dudanez, emakume ezkondua da Madame Münster.»

        «A!» esan zuen Felixek irribarrez, «Ezingo da, noski, Cliffordekin ezkondu. Baina ahal duena, egingo du.»

        Wentworth jauna lurrera begira egon zen pixka batean. Azkenean, zutitu egin zen. «Ez dut uste,» esan zuen, «horrelako biderik hartzeko aholka diezaiokedanik semeari.» Eta Felixen begirada harrituari erreparatu gabe, eserialdia eten zuen. Ez zen handik hamabost egun arte berriz pintatzeko jarri.

        Oso gogoko zituen Felixek Wentworth jaunaren lur-sail zabalen zati handi bat hartzen zuen aintziratxoa eta haren beste aldean, ezponda piko batean, zegoen pinudi ikusgarria, udako haizekirriaren ibiltokia. Haizeak arbola-buru urrun haietan egiten zuen zurrumurrua harrigarri garbi entzuten zen; ia hizketa bat ematen zuen. Arratsalde batean, Felix bere margo-gelatik irten eta Eugeniaren saloi txikiaren ate zabalduaren aurretik pasatu zen. Barruan, itzaleko freskuran, arreba ikusi zuen, zuriz jantzirik, besaulki batean hondoratu eta lore-sorta handi bat aurpegira hurbiltzen zuela. Clifford Wentworth zuen aurrez aurre eserita, kapeluari bira eta bira. Bistakoa zen Cliffordek lore-sorta eskaini berria ziola baronesari, eta baronesaren begi ederrek, arrosa eta geranio handien gainetik Cliffordi begira, solaserako irribarrea ageri zuten. Landetxearen ate aurrean gelditu eta duda egin zuen Felixek, ez ote zuen atzera itzuli eta saloian sartu beharko. Baina azkenean bere bideari jarraitu zion, eta Wentworth jaunaren jardinean barneratu zen. Berak Clifforden jarraibiderako iradoki zuen zibilizatze prozesua berez etorri bide zen. Felix ziur zegoen, behintzat, Wentworth jaunak ez zuela beretzat hartu mutilaren kontzientzia estetikoa sustatzeko egin zion plan burutsua. «Zera pentsatuko du, dudarik gabe,» pentsatu zuen Felixek bere artean, narratu den elkarrizketaren ondoren, «nik, neba-arreben arteko onginahiak eraginda, entretenimendua eskaini nahi diodala Eugeniari, Clifford bezalako mutil hunkibera batekin maitakeria bat —edo, Wentworth jaunak ziurrenera deituko dion bezala, intriga bat— antolatuz. Onartu beharra dago —eta konturatu izan naiz orain baino lehen ere— pertsona oso estuen irudimenak noizbehinka hartzen dituen lizentziak oroz gainekoak direla.» Felixek, berriz, ez zion Cliffordi ezer esan, noski. Eugeniari, ordea, jakinarazi zion ezen Wentworth jauna nekaldi handia pairatzen ari zela semearen zaletasun makurra zela eta. «Nolabait lagundu behar genieke, hainbeste adeitasun erakutsi digute eta,» erantsi zuen. «Anima ezazu Clifford zu ikustera etortzera, eta piztu iezaiozu solaserako zaletasuna. Horrek utziaraziko dio bestea; beste hori heldutasun ezaren ondorio baitu: munduan dagokion lekua —etorki zaharreko gazte aberats bati dagokiona— behar den seriotasunez ez hartzearen ondorio. Erakuts iezaiozu serioagoa izaten. Maitasuna adierazten badizu ere, gutxi axola dio.»

        «Neure burua eskaini behar dut, hortaz, intoxikazio modu hobetzat, koñak botilaren ordezkotzat, ez?» galdetu zion baronesak. «Herrialde honetan, izan ere, gauza harrigarriak egitera iristen da pertsona.»

        Baina ez zion uko garbirik egin Clifforden goi-mailako heziketaz arduratzeari, eta Felixek, zeina, bereagoak zituen interesei gogo emanda ibili zenez, ez baitzen gai horretaz gehiago arduratu, erredentzio lana jada hasia zela pentsatu zuen. Aurrez ikusita, izugarri ona iruditu zitzaion ideia, baina, abian jarrita ikusi zuenean, pixka bat urduritu egin zen. «Eta zer, baldin Eugenia...? Zer, baldin Eugenia...?» galdetu zion isilka bere buruari, eta arrebaren gaitasunean zuen uste mugagabean galdu zen galdera. Baina abisu hura bere zehazgabean ere onartzeko edo baztertzeko denbora izan zuen baino lehen, Felixek Robert Acton ikusi zuen Wentworth jaunaren hesituraren langa batetik irten eta sagastiko landetxe aldera etortzen. Acton, itxura zenez, bere etxetik zetorren, oinez, bidexka itzaltsu bat hartuta, Madame Münsterri bisita egiteko asmoz. Felix hari begira egon zen pixka batean; gero, aurrera jarraitu zuen. Utz zekiokeen Actoni probidentziaren papera jokatzen, eta —behar izanez gero— Cliffordek Eugeniarekin zuen kateadura eteten.

        Felixek jardinetik etxe aldera hartu zuen, etxe atzeko langa baten aldera, zeinak basoxka baten ondotik landaz landa aintzirara zihoan bidera ematen baitzuen. Etxe ondoan gelditu eta gora begiratu zuen; batez ere, itzalean zegoen leiho zabaldu batean pausatu zituen begiak. Leihoan agertu zen orduan Gertrude, udako argitara begira. Kapelua erantzi eta diosal egin zion Felixek. Aintziran arraunean egitera zihoala eta berarekin joateko ohorea egin ziezaiola eskatu zion. Gertrude pixka batean begira egon, eta, ezer esan gabe, barrura sartu zen. Baina berehala agertu zen berriro, behean, garai hartan erabiltzen ziren Livorno kapelu bitxi xarmagarri haietako bat buruan, saten zuriko begiztaz lotua; bazuen eguzkitako berde bat ere. Gertrude Felixekin joan zen aintziraren ertzera. Beti izaten zen han pare bat txalupa amarraturik. Haietako batean sartu ziren, eta Felixek, arraunei emeki eraginez, beste aldeko ertzeraino bultzatu zuen txalupa. Uda-egun bikaina zen; eguzki-kolorekoa zegoen aintzira txikia; ez zen arraunen plastada beste hotsik, eta huraxe entzuten joan ziren biak. Lehorreratu ziren, eta, bihurrika-bihurrika zihoan bide batetik, gailurra pinuz estalirik zuen muino batera igo ziren. Aintziraren gain zuria ikusten zen handik, arbola artetik diz-diz. Oso leku fresko atsegina zen, eta freskura, pinu-adarren xuxurla arinaren azpian, sentitu ez ezik entzun ere egiten zela ematen zuen. Pinu-orratzezko alfonbra erdoil-kolorekoaren gainean eseri eta hainbat gauzaz hitz egin zuten Felixek eta Gertrudek. Felixek azkenean, solasaldiaren barruan, bere partieraz hitz egin zuen; lehen aldia zuen gai hori aipatzen zuena.

        «Joan egin behar al duzu?» esan zuen Gertrudek Felixi begira.

        «Egunen batean..., hostoak erortzen hasten direnean. Badakizu ezin naizela betiko geratu.»

        Gertrudek, aurrean zuen ikuspegi zabalera eraman zituen begiak, eta gero, isilaldi baten ondoren, esan zuen, «Ez zaitut berriz ikusiko.»

        «Zergatik ez?» galdetu zion Felixek. «Ziurrenera biok bizirik iraungo dugu ni joanda gero ere.»

        Baina Gertrudek lehengoa errepikatzea besterik ez zuen egin. «Ez zaitut berriz ikusiko. Ez dut zure berririk izango,» jarraitu zuen. «Ez dut zure aditzerarik izango. Lehen ez nuen zure aditzerarik, eta aurrerantzean ere orduan bezala geratuko naiz.»

        «Orduan, zoritxarrez, ez zintudan ezagutzen,» esan zion Felixek. «Baina orain idatzi egingo dizut.»

        «Ez idatzi niri. Ez dizut erantzungo,» adierazi zion Gertrudek.

        «Zure eskutitzak erre egingo nituzke, noski,» esan zion Felixek.

        Gertrude begira geratu zitzaion berriro. «Nire eskutitzak erre? Bai gauza bitxiak esaten dituzula batzuetan!»

        «Ez dira gauza bitxiak, berez,» erantzun zion mutilak. «Zuri esaten zaizkizunean gertatzen dira bitxi. Joango zara Europara.»

        «Eta norekin joango naiz?» Soiltasunez egin zuen Gertrudek galdera; oso serio zegoen. Felixek Gertruderen seriotasunean jarri zuen arreta; pixka batean zalantzan egon zen. «Ez iezadazu horrelakorik esan,» jarraitu zuen Gertrudek. «Ez iezadazu aitarekin eta ahizparekin joango naizela esan, ez duzu sinesten eta.»

        «Gorde egingo ditut zure eskutitzak.» Hori izan zen Felixek eman zion erantzun guztia.

        «Ez dut idazten. Ez dakit idazten.» Gertrudek ez zuen besterik esan pixka batean. Eta lagunak, Gertruderi begira jarririk, nahiago zukeen inori abegi ona egin dion jaun zahar baten alabari maitasuna adieraztea «desleialtasuna» ez balitz. Arratsaldea bazihoan; itzalak gero eta luzeagoak ziren, eta mendebaldeko zerua iluntzen ari zen. Bi pertsona agertu ziren aintziraren handiko aldean, zelaian zehar etxetik zetozela. «Charlotte ata Brand jauna dira,» esan zuen Gertrudek. «Hona datoz.» Baina Charlotte eta Brand jauna uraren ertzean geratu ziren, aintzirara begira; ez zuten enbarkalekuan gelditu zen txalupa hartzekorik egin. Felixek kapeluaz agurtu zituen; urrunegi zeuden dei egiteko. Ikusi ahal izateko moduko erantzunik, behintzat, ez zuten itzuli, eta hurrena biratu eta ur ertzean aurrera paseoan joan ziren.

        «Brand jauna ez da sentimenduak agertzekoa,» esan zuen Felixek. «Niri ez zait inoiz irekitzen. Eseri eta isilik geratzen da, eskua kokotsean, niri begira. Batzuetan begiak urruntzen ditu. Zure aitak oso hizlari ona dela esaten dit, eta entzun nahi nuke hizketan. Oso mutil zintzoa dirudi, gainera. Baina nirekin, ez du hitz egiten. Eta, ez pentsa, oso gogoko dut hizketan irudi argiak erabiltzen dituztenak entzutea!»

        «Oso hiztun ona da,» esan zuen Gertrudek, «baina ez du irudi argirik erabiltzen. Nik askotan entzun dut. Banekien, ikusi gaituztenean, ez zirela hona etorriko.»

        «A! Esan ohi den bezala, la cour egiten ariko zaio zure ahizpari. Bakarrik egon nahiko dute.»

        «Ez,» esan zuen Gertrudek serioski, «ez dute horrelako arrazoirik bakarrik egoteko.»

        «Eta zergatik ez dio Charlotteri la cour egiten?» galdetu zion Felixek. «Charlotte hain polita, hain atsegina eta hain ona izanda?»

        Gertrudek begirada bat zuzendu zion Felixi, eta, gero, hizpide zuten eta urrutira ageri zen bikotearengana itzuli zituen begiak. Brand jauna eta Charlotte elkarren parean zihoazen. Izan zitekeen maitale pare bat, baina bazitekeen ez izatea ere. «Pentsatzen dute ez nukeela hemen egon behar,» esan zuen Gertrudek.

        «Nirekin? Uste nuen ez zitzaizuela horrelakorik bururatzen.»

        «Zuk ez duzu ulertzen. Zuk ulertzen ez dituzun gauza asko dago.»

        «Ergela naiz, badakit; baina zergatik, orduan, ez dira Charlotte eta Brand jauna, ahizpa zaharrena eta elizgizona diren aldetik, eta elkarrekin paseatzeko askatasuna dutenez, hona etorri, zu lazoan harrapatzeko erabili dudan ez-legezko elkarrikuste hau eten eta niri begiak irekitzera?»

        «Egingo luketen azken gauza litzateke hori,» esan zuen Gertrudek.

        Felix begira-begira geratu zitzaion une batean, bekainak jasota. «Je n'y comprends rien!» esan zuen. Gero, berriz, urrunduz zihoan bikote kritikoaren irudiei jarraitu zien begiez. «Nahi duzuna esango duzu,» esan zuen, «baina nik garbi ikusten dut zure ahizpari ez zaiola berdin bere lagun argia. Atsegin du harekin horrela paseatzen ibiltzea. Hemendik igartzen diot.» Eta behaketaren kilikak eraginda, zutitu egin zen.

        Gertrude ere zutitu egin zen, baina ez zen lagunaren aurkikuntza imitatzen saiatu; aitzitik, beste aldera begiratu zuen. Barrua astindu zioten Felixen hitzek, baina halako diskrezio batek bere buruaz nagusitzera bultzatu zuen. «Horixe ez zaiola berdin Brand jauna; iritzirik onenean dauka.»

        «Ikusten da, ikusten da,» esan zuen Felixek olgetazko tonu batean, burua alde batera okertuta begiratzen ziela Charlotte eta Brand jaunari. Gertrude aintzirari bizkarrez jarri zen; ez zuen begiratu nahi, baina Felixek hurrena zer esango zegoen. «Hara! Basoan sartu dira!» esan zuen Felixek.

        Gertrude jiratu egin zen berriro. «Charlotte ez dago Brand jaunaz maitemindurik,» esan zuen; esan beharra-edo sentitu bide zuen.

        «Hortaz, Brand jauna dago Charlottez maitemindurik; eta ez badago, egon behar luke. Emakumetxo perfektua da Charlotte bere sailean. Modatik pasatutako zilarrezko azukre-pintza pare bat gogorazten dit; oso azukre zalea naiz ni, badakizu. Eta oso ondo tratatzen du Brand jauna; konturatu naiz horretaz; oso amultsu eta leun.»

        Gertrude pentsatzen egon zen une batean. Eta erabaki garrantzitsu bat hartu zuen. «Charlottek Brand jauna nirekin ezkontzea nahi du,» esan zuen. «Horregatik hartzen du hain amultsu.»

        Inoiz baino gorago jaso zituen bekainak Felixek. «Zurekin ezkontzea! Hara! Hara! Bai interesgarria! Eta zer diozu, gizon bat hori egitera bultzatzeko amultsu tratatu behar dela?»

        Gertrude zurbildu egin zen pixka bat, baina jarraitu egin zuen, «Brand jaunak berak ere nahi du.»

        Felixek besoak gurutzatu zituen, eta Gertruderi begira geratu zen. «Ulertzen dut, ulertzen dut,» esan zuen presaka. «Zergatik ez didazu lehenago esan?»

        «Ez dut atsegin horretaz hitz egitea, ezta orain ere. Charlotterena argitzeagatik bestegatik ez dizut esan.»

        «Ez duzu Brand jaunarekin ezkondu nahi, hortaz?»

        «Ez,» esan zuen Gertrudek serio.

        «Eta aitak nahi al du?»

        «Asko»

        «Eta zuk ez duzu Brand jauna gokoko... Ezetza eman al diozu?»

        «Ez dut harekin ezkondu nahi.»

        «Eta ahizpak eta aitak, berriz, harekin ezkondu beharko zenukeela uste dute, ezta?»

        «Istorio luzea da,» esan zion Gertrudek. «Pisuzko arrazoiak daudela uste dute. Ez dakit nola esan. Obligazioak hartu ditudala uste dute, eta itxaropena eman diodala.»

        Felixek irribarre egin zion, Gertrude besteren baten istorio dibertigarri bat kontatzen ari balitzaio bezala. «Ez dakizu zenbat ardura zaidan hori,» esan zion. «Eta arrazoi horiek..., obligazio horiek..., ez dituzu ontzat hartzen?»

        «Ez nago ziur; ez da erraza.» Eta eguzkitakoa hartu eta beste aldera jiratu zen Gertrude, aldapan behera abiatzeko bezala.

        «Esaidazu gauza bat,» jarraitu zuen Felixek, Gertruderengana hurbilduta; «azkenean, beharbada, amore emango duzula uste al duzu? Konbentzitu egingo zaituztela?»

        Gertrudek Felixi begiratu zion, Felixen irribarre ia grinatsuaren aldean berak beti izaten zuen aurpegi betilunez.

        «Inola ere ez naiz ezkonduko Brand jaunarekin,» esan zion Gertrudek.

        «Ulertzen dut!» erantzun zion Felixek. Eta, poliki-poliki, muinotik jaitsi ziren biak, ur ertzera heldu ziren arte hitzik esan gabe. «Zure arazoa da,» jarraitu zuen orduan Felixek; «baina badakizu zer? Ez naiz guztiz pozten! Brand jaunarekin ezkondu behar duzula erabakita balego, lasaiago egongo nintzateke, askeago izango nintzateke. Nik ez dut zuri maitasuna adierazteko eskubiderik, ez?» Eta isilune bat egin zuen, Gertrude estutasun txiki batean jartzen zuela.

        «Batere ez,» erantzun zuen Gertrudek azkar, azkarregi.

        «Zure aitak ez luke horrelakorik entzun ere nahiko; ez dut sosik. Brand jaunak izango ditu ondasunak, noski?»

        «Uste dut ondasunen batzuk badituela; baina horrek ez du zerikusirik.»

        «Zuretzat ez, jakina; baina aitarentzat eta ahizparentzat, izango du. Bada, esaten dizudan bezala, erabakita balego, askoz askeago sentituko nintzateke.»

        «Askoz askeago?» errepikatu zuen Gertrudek. «Aska ezazu txalupa, mesedez.»

        Askatu zuen soka Felixek, eta hura eskuetan zuela geratu zen. «Orain esan ezin dizkizudan gauzak esan ahal izango nizkizuke orduan,» jarraitu zuen. «Zenbat miresten zaitudan esan ahal izango nizuke, desiratzea debekatua zaidana desiratzen dudan itxurarik eman gabe. Maitasun gartsua adieraziko nizuke,» erantsi zuen, barrez, «baldin eta horrek laidorik egingo ez lizukeen egoeran zaudela baneki.»

        «Beste gizon bati hitz emanda nagoela jakinda? Hori arrazoibide bitxia!» esan zion Gertrudek.

        «Hartara, ez nindukezu aintzat hartuko.»

        «Nik denak hartzen ditut aintzat!» esan zion Gertrudek. Eta, Felixen laguntzarik gabe, arin jauzi egin zuen txalupara.

        Arraunak hartu eta aurrera bultzatu zuen Felixek txalupa. «Hori al zen kezkatzen zintuena? Iruditzen zitzaidan, bai, bazenerabilela zerbait buruan. Zergatik ez dizkidazu kontatzen,» erantsi zuen, «direlako arrazoi edo obligazio horietako batzuk? Gogo onez entzungo nituzke.»

        «Egotez, ez dago arrazoirik —pisuzko arrazoirik—,» esan zuen Gertrudek, uraren distira arrosa eta horiei begira.

        «Ezin dut ulertu! Neska polit batek limurkeria izpi bat agertu duela eta, hori ez da nahikoa arrazoi.»

        «Niregatik badiozu, ez da hori arazoa. Nik ez dut horrelakorik egin.»

        «Kezkatzen zaituen zerbait da, nolanahi ere,» esan zion Felixek.

        «Ez lehen bezainbat,» erantzun zion Gertrudek.

        Felixek, beti bezala, irribarrez begiratu zion. «Horrekin ez duzu asko esaten, ez?» Gertrudek, ordea, begiak ur argitsuan jarririk jarraitzen zuen, oso serio. Agertu berri zuen kezkaren seinaleak ezkutatzen saiatzen ari zela iruditu zitzaion Felixi. Etxekoandre on batek hautsak kentzeko izaten duen eraginaren antz-antzeko eragina sentitzen zuen Felixek, beti, malenkoniaren aztarnak uxatzeko. Eta uxatu beharreko zerbait zuen orain ere; arraunei eragiteari utzi eta gelditu egin zen bat-batean. «Eta zergatik jo du Brand jaunak zuregana eta ez zure ahizparengana?» galdetu zion. «Ziur nago Charlottek onartuko zukeela.»

        Gertrude arinkeria handietarako gai zela irizten zioten familian; baina haren arinkeria ez zen inoiz hain urrun iritsi. Nolanahi ere, oso hunkitu zuen Felix zerbaitetaz ziur zegoela esaten entzuteak. Hala, bada, begiak Felixengana itzuli eta ahalegin guztiak egin zituen bere ahizparen eta bere gorteatzailearen arteko maitasun istorioaren irudi zoragarria irudizkatzen. Badakigu irudimen handia zuela Gertrudek, eta ez da ezinezkoa, beraz, ahalegin horrek nolabaiteko fruitua eman izatea. Baina hauxe xuxurlatzea besterik ez zuen egin Gertrudek. «Ai, Felix, Felix!»

        «Zergatik ez lirateke, bada, ezkonduko? Egin itzazu ahaleginak ezkon daitezen!» esan zion Felixek.

        «Ahaleginak egin?»

        «Iraul ezazu egoera. Bakean utziko zaituzte orduan. Nik, ahal dudan guztian lagunduko dizut.»

        Gertruderen bihotza taupaka hasi zen; oso aztoraturik zegoen: ez zioten hain gauza interesgarririk inoiz proposatu. Felix arraunean hasi zen berriro, eta palakada luzeak emanez zeraman orain txalupa etxera bidean. «Uste dut begi onez begiratzen diola, bai, Charlottek Brand jaunari!» esan zion Gertrudek, lehorreratu zirenean.

        «Horixe baietz! Eta ezkondu egingo ditugu! Horrek zoriontsu egingo ditu; eta hala, mundu guztia pozik izango da. Ezteiak izango ditugu, eta nik eztei olerkiak idatziko ditut.»

        «Uste dut niri eman behar lidakeela poza,» esan zion Gertrudek.

        «Brand jaunarengandik libro izateak, ez? Berriro aske izateak.»

        Gertrudek ibiltzen jarraitu zuen. «Ahizpa horren gizon onarekin ezkonduta ikusteak.»

        Felixek algara alai bat egin zuen. «Zuek arlo horretara eramaten dituzue beti gauzak; ez duzue zeuenik inoiz esango. Beldur handia diozue, hemen, egoistak izateari. Uste dut ez dakizuela egoistak izaten ere,» jarraitu zuen. «Hara! Nik erakutsiko dizut! Ni neuregatik poztuko naiz, eta lehentxeago esan dizudanaren kontrakoagatik, hain zuzen ere. Horren ondoren, maitasuna adierazten dizudanean, serioski ari naizela pentsatu beharko duzu.»

        «Edozertaz ari zarela ere, serioski ari zarenik ez dut inoiz pentsatuko,» esan zion Gertrudek. «Ametsezkoegia zara.»

        «A!» esan zuen Felixek, «Horrek, hortaz, dena esateko baimena ematen dit! Adoragarria zara, Gertrude!»

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia