6. ATALA

 

        Arratsaldean iloba bisitatzera joanda, Wentworth jaunak behin baino gehiagotan topatu zuen Robert Acton baronesaren saloitxoan. Wentworth jauna ez zen horregatik batere higuintzen, ez baitzuen sentitzen bere ahaide gaztearekin Eugeniaren adei ona irabazteko lehiarik. Madame Münsterren osabak iritzirik onenean zeukan Robert Acton, eta familia osoak ere agerminik gabeko estimu handia zion, noski. Harro ziren denak Robertez, baldin eta harro izatea egotz badakieke «merezimenduak norbereganatzea» deritzon okerbidean erortzetik libro ohi ziren pertsonei. Haiek ez ziren inoiz Robert Acton zela-eta burgoitzen, ez hari buruzko goraipamen hutsaletan erortzen; ez zituzten hark esandako gauza argiez ahoak betetzen, ez eskuzabaltasunez egiten zituen ekintzak aipatzen. Horren ordez, Roberten onberatasun neurrigabean zuten halako fede bere hotzean samur bat zeukaten Wentworthtarrek zuzentzat; eta baliteke Roberten ekintzei buruzko iritzirik ez kanporatze horixe izatea zioten estimu handiaren frogarik onena. Ez zuten goratzen gaitzesten zuten baino gehiago, baina isilean hura zuten lagunarte hartako lore. Hura zen familiako mundu-gizona. Txinan izana zen, eta bitxiteria bat ekarri zuen etxera; dirutza egin zuen —edo, hobeto esan, boskoiztu egin zuen lehendik zuen ondasun ez txikia—. Aldi berean ezkongaia, «moduzkoa» eta umore onekoa izatea —irudimenik lotuena ere erakartzen duen elkarketa— zuen bereizgarri; eta ziurtzat jotzen zen abantaila horiek orain bere «kide»ko neska gazte egoki baten esku jarriko zituela. Ez zen Wentworth jauna —aitatasunari dagozkion betebeharrez kanpo— bere buruari inor inoren gainetik jartzea onartuko ziokeen gizona; Robert Acton, hala ere, oso zentzuduntzat zeukan; horretarainokoan makurtzen zitzaion, makurtzekotan ere, bereizkeriaren bihozkadari, zeina gauza likits samarren batetik sortua balitz bezala arbuiatzen baitzuen Wentworth jaunaren izaerak. Acton, izan ere, zentzuduna zen oso —eta zerbait gehiago ere bai—, baina zera ere esan behar da Wentworth jaunaren alde: bere lehentasunen atal debekatuenean bazuela uste aztarna bat, zeinak barruntarazten baitzion ezen lehengusuak zuen meriturik handiena iritzi funtsgabeei entzungor egiteko —eta dotore egiteko— halako gaitasun inbidiagarri bat zela, abagune arruntek eskatzen dutena baino adore handiagoa —oldar hobea— erakusteko gaitasun bat. Wentworth jauna ez zen arriskatuko Acton heroien ezpalekoa zenik pentsatzera. Erru txikia du, ordea, horretan, Robert bera ere ez baitzen arriskatuko. Zuhurtasun handiz jokatzen zuen, bai, Actonek gauza guztietan —bere buruaz zuen iritzitik hasita—. Bazekien ez zela, inolaz ere, hango zirkuluetan uste zuten bezain mundu-gizona; baina bazekien ere, bestalde, beraren azkartasun naturalaren helmena lagunarte haietan erakutsitako neurrira baino harago iristen zela. Gauzak alderdi umorezkotik hartu zalea zen Acton, eta konturatu zen ezen jarrera hori erakusteko egokierak maiz izaten zirela lagunarterik txikienetan ere. Eta egokiera horiek osatu zuten denboraldi batean —hau da, zuela urte t'erdi Txinatik itzuli zenez geroztik— jaun horren bizimodu aktiboena, une honetan nagitasunak aski jota ageri bazen ere. Ezkontzeko, berriz, jarrera ona zuen. Oso gogoko zituen liburuak, eta liburutegi bikaina zuen; Wentworth jaunak baino askoz liburu gehiago, alegia. Oso gogoko zituen marrazki eta margolanak ere, baina aitortu behar da, kritika garaikidearen argi zorrotzetan, ezen haren hormak zenbait maisu-lan alferrek apaintzen zituztela. Ikasketak —eta itxura batean ematen zuen baino ikasketa handiagoak zituen— Harvarden egin zituen. Atsegin zituen lagunarte zaharrak, eta pozgarria zitzaion Bostonerako bidean sarritan zeharkatzen zuen erakunde hartatik hain hurbil bizi izatea. Robert Acton oso interesaturik zegoen Münster baronesaz.

        Baronesak irekitasunez hitz egiten zion, edo hori zuen, behintzat, asmoa. «Badakit oso bitxia irudituko zaizula ni munduko bazter aparte honetara bizitzera etorri izana,» esan zion baronesak etxe berrian jarri ondorengo hiru edo lau asteren buruan. «Zer arrazoik bultzatu ote nauen pentsatzen egongo zara. Bada, oso gaizgabeak dira nire arrazoiak.» Ordurako bertakoturik zen baronesa; Bostongo lagunarte onenak egina zion bisita, eta Clifford Wentworthek ere eraman zuen hainbat aldiz zalgurdian paseatzera.

        Robert Acton baronesaren ondoan eserita zegoen, abaniko batekin jolasten; hainbat abaniko zegoen han-hemen baronesaren saloian, kolore desberdinetako xingola luzeak itsatsirik zituztela, eta haietako batekin jolasten zen beti Acton. «Ez, ez zait batere bitxia iruditzen,» esan zuen Actonek astiro, irribarrez, «emakume argi bat Bostonera edo Bostongo aldirietara etortzea; horrek ez du azalpen handirik behar. Oso leku polita da Boston.»

        «Kontrakoa esatera behartu nahi banauzu,» esan zion baronesak, «vous vous y prenez mal. Aldarteak ematen didanean, gai naiz edozer gauzarekin bat etortzeko. Boston paradisu bat da, eta paradisuaren aldirietan gaude gu.»

        «Aldirietan ez baina, paradisuaren erdi-erdian nago ni une honetan,» erantzun zion Actonek, aulkian halako patxada bat hartzen zuela. Ez zuen, hala ere, beti hartzen patxada; eta hartzen zuenetan ere, ez zen egoten ikusarazi nahi izaten zuen bezain lasai. Herabetasunetik babesteko hartzen zuen, hein batean, lasaitasun itxura hori; eta egoera berean pertsona askori gertatzen zaion bezala, behartu egiten zuen itxura. Erosotasun itxura hori, gainera, estalki bat zuen, dena kontuz aztertu ahal izateko. Interes handia zuen emakume buruargi harenganako, zeinaren buruargitasuna, esaten zuena esaten zuela Actonek, ez baitzen inolaz ere Bostongo estilokoa. Halako pilpira batean zeukan Münster baronesak, jakin-min zehazgabe baten gatibu. Onartu behar izan zuen Actonek ezen halako emakumerik ez zuela inon ikusi, ezta Txinan ere. Lotsa ematen zion, arrazoi ezkutuak tarteko, sentitzen zuen emozioaren biziak, eta sentimendu hura —gaingiroki— gainditzeko, ikuspegi umorezkotik hartzen zuen —gaingiroki hori ere— Madame Münster. Ez zen egia Actonek baronesaren erromesaldi deboziozkoari normala irizten zionik. Beste hau ere aurreratu beharko litzateke Actoni buruz: bostondar onegia zela Acton, urruneneko edozein atzerritarrek ere Ingalaterra Berriko metropolia bisitatzeko izan zezakeen desira apetalditzat hartzeko. Desira horrek ez zuen apologiaren beharrik; eta Madame Münsterrek Ingalaterra Berrian lehengusuak izateko zoria zuen, gainera. Hala eta guztiz ere, lagunarte txiki hari ondo egokitzen ez zitzaion emakumea zelako harritzen zuen Madame Münsterrek Acton; onenean ere, anomalia atsegin, dotore, liluragarri bat zen hura han. Actonek bazekien ondo ez zegoela Wentworth jaunari gogoeta horiek gordinegi adierazterik; ez ziokeen jaun zaharrari inoiz esango ezen baronesa zertan ote zebilen galdetzen ziola bere buruari. Eta gogo handirik ere ez zuen, egia esan, mesfidantza gisako zer hori inorekin partekatzeko. Plazer pertsonal bat sentitzen zuen horretan: Txinatik etorri zenetik sentitu zuen plazerrik handiena bai, gutxienez. Onerako edo txarrerako, beretzat gorde nahi zuen baronesa; haren monopolioa merezia zuela iruditzen zitzaion, bera izan zelako, zalantzarik gabe, baronesak gizarte-harremanetarako zuen gaitasuna ondoen balioesten jakin zuena. Eta denbora luzea baino lehen ikusi ahal izan zuen ezen monopolio hari eragozpenik jartzeko asmorik ez zuela baronesak.

        Egun batean (Acton orduan ere eserita zegoen eta abaniko batekin jolasten ari zen), zera eskatu zion baronesak: aukerarik izaten bazuen, Bostongo pertsona jakin batzuei desenkusak egin ziezazkiela beraren izenean, bisitarik itzuli ez zielako. «Dozenerdi bat etxe dira,» esan zion; «zerrenda izugarria. Charlotte Wentworthek egin dit zerrenda, izugarri letra argiz. Ez du zalantzarako biderik ematen: oso ondo dakit nora joan behar dudan. Wentworth jaunak kotxea nire esku dagoela esaten dit, eta Charlotte nirekin joateko eskaintzen zait, guante pare estu bat eta azpiko gona harro-harro bat jantzita. Eta, hala ere, hiru egunetan atzeratu dut. Lotsagaldu bat naizela pentsatuko dute.»

        «Desenkusak egiteko eskatu didazu,» esan zuen Actonek, «baina ez didazu esan zer aitzakia jarri behar dudan.»

        «Dagokidana baino gehiago da hori,» adierazi zion baronesak. «Lore sorta bat erosteko eskatu eta dirua emango banizu bezala litzateke hori. Ez daukat arrazoi berezirik ez joateko, ez baldin bada..., ahalegin handiegia eskatzen didala, nolabait ere. Ez dik gogorik pizten. Aitzakia horrek ez al luke balioko Bostonen? Bostondarrak oso egiazaleak direla esan didate, ez dutela gezurrik esaten. Eta, gainera, Felixek lagundu beharko lidake, eta hura ez da inoiz prest egoten. Ez dut ikusi ere egiten. Hor dabil beti kanporik kanpo saletxe zaharrak marrazten, edo hamar miliatako ibilaldiak egiten, edo bakarren baten erretratua pintatzen ez bada, urmaelean arraunean edo Gertrude Wentworthekin maitakeriatan.»

        «Uste nuen dibertigarria gertatuko zitzaizula nor edo nor ikustera joatea,» esan zion Actonek. «Oso denboraldi lasaia daramazu hemen; oso bizimodu aspergarria da hau zuretzat.»

        «A! Lasaitasuna! Lasaitasuna!» esan zuen baronesak. «Hori da nahi dudana. Atsedena. Horregatik etorri naiz hona. Dibertsioa? Izan dut dibertsioa. Eta jendea ikusteari dagokionean, ikusi dut jendea franko neure bizitzan. Desegokia ez balitz, nire desira apala hauxe dela esango nuke: hemengo jendeak bake-bakean utz nazala!»

        Acton begira geratu zitzaion une batean, eta baronesak ere begiratu egin zion. Inork begiratzea oso ondo eramaten zuen emakumea zen baronesa. «Atsedetera etorri zara, hortaz?» galdetu zion Actonek.

        «Baietz esan nezake. Etortzeko izan ditudan arrazoiak, arrazoi ez diren horietakoak izan dira asko —ulertzen didazu?— eta, hala ere, berak dira onenak: alde egitea, aldatzea, aurreko guztiarekin haustea. Behin abiatuz gero, norabait heldu behar izaten da, eta pentsatu nuen neure artean ea zergatik ez nintzen, bada, hona helduko.»

        «Izango zenuen pentsatzeko denbora, bidean!» esan zion Actonek, barrez.

        Madame Münsterrek berriro begiratu zion; eta gero, irribarrez, esan zion «Eta etorrita gero zergatik etorri naizen pentsatzeko ere izan dut, bai, denbora. Baina neure buruari galdera alferrak egiten ez naiz ibiltzen. Hemen nago, eta zuk, berriz, eskerrak eman behar zenizkidake.»

        «Alde egin behar duzunean, ikusiko duzu nolako oztopoak jarriko dizkizudan bidean.»

        «Niri bidean oztopoak jartzeko asmoa duzu, beraz?» galdetu zion baronesak, gerruntzean zuen arrosa-pipila berregokitzen zuela.

        «Eta hauxe denetan handiena: hain atsegin izango nauzula...»

        «Ezen ezingo dudala alde egin? Ez zaitez egon horren ziur. Oso pertsona atseginak utzi ditut alde hartan.»

        «Bai» esan zion Actonen, «baina hona etortzeko, ordea! Niregana etortzeko!»

        «Ez nekien zinenik ere. Barka iezadazu horren zakar esatea, baina, egia esan, ez nekien. Ez,» jarraitu zuen baronesak, «hain zuzen ere, zu —zu bezalako jendea— ez ikusteagatik etorri naiz.»

        «Ni bezalako jendea?» esan zuen Actonek.

        «Lotura naturalak aurkitzeko halako irrika bat nuen eta banekien hemen aurkituko nituela. Hemen aurkitzeko itxaropena nuen. Hangoak, nolabait esan, lotura artifizialak besterik ez ziren. Ikusten duzu aldea?»

        «Nire kaltetan da alde hori,» esan zuen Actonek. «Ni lotura artifiziala izango naiz, hortaz?»

        «Konbentzionala,» adierazi zuen baronesak, «oso konbentzionala.»

        «Beno, bada modu bat gizon-emakumeen arteko lotura natural bihurtzeko,» esan zion Actonek.

        «Elkarren maitale eginda, esan nahi al duzu? Hori, baliteke naturala izatea edo ez izatea. Baina, edozein modutara ere,» jarraitu zuen baronesak, «nous n'en sommes pas là

        Ez zeuden hor, oraindik behintzat. Baina geroxeago, baronesa Actonekin paseatzera irteten hasi zenean, hala uste izan zitekeen, itxura batean. Hainbat alditan etorri zitzaion bila Acton, bakarrik, zaldi pare hanka-arin dotore batek tiratutako orga garaian. Hura desberdina zen Clifford Wentworthekin irtetearen aldean, Clifford baronesaren lehengusua baitzen eta baronesa baino askoz gazteagoa. Pentsaezina zen baronesa Cliffordekin maitakeriatan ibil zitekeenik: Clifford mutiko aurpegi-lotsati bat besterik ez zen, eta Bostongo lagunartearen parte handi batek Lizzie Actoni «ezkon-hitza emanda» zegoela jotzen zuen. Ez zen, noski, baronesak inolako maitakeriatan parte har zezakeenik pentsa zitekeelako, emakume ezkondua zela jakina baitzen. Jendeak bazekien haren ezkontzak izaera «morganatikoa» zuela; baina horrek ezkon-lokarri erabatekoa baino gutxiago esan nahi zuela pentsatzeari nardagarri iritzita, zerbait gehiago adierazten zuelako ustean babestu zen komunitatearen kontzientzia.

        Actonek nahi zuen ezen baronesak Amerikako ikuspegiak oso iritzi onean eduki zitzala, eta distantzia handiak korritzera eramaten zuen, biderik politenak eta ikuspegi zabalenak aukeratuta. Kontent egoteak ondu egiten duela egia bada, goienean behar zuten orduantxe Eugeniaren bertuteek; izan ere, xarmagarria irizten zion lurralde basati hura lasterka zeharkatzeari, eta orobat lagunari, zeinak ibilgailuari noizbehinka pulunpa eragin, enararen hegadarena bezalako mugimentu batez, eta urratu besterik egin gabeko bideetan aurrera barneratzen baitzuen, eta, baronesari iruditzen zitzaionez, beste gauza asko ere egingo baitziokeen, eskatuz gero. Batzuetan ez zuten ia etxerik ikusten pare bat ordutan: basoak, ibaiak, eta aintzirak bakarrik, eta mendi argiz apainduriko ostertza. Esan dudan bezala, oso leku basatia eta polita iruditzen zitzaion hura baronesari; baina irudipen hark are biziagotzen zion Mundu Berrira iristean piztu zitzaion aukera zabalagoen sentipena.

        Egun batean —arratsalde hondarra zen— ikuspegi zoragarria eskaintzen zuen mendi gailur batean gelditu zituen Actonek zaldiak. Denbora luzean utzi zituen atsedeten, berak, eserita, Madame Münsterrekin hitz egiten zuen bitartean. Ederra zen ikuspegia, nahiz eta begien aurrean giza aztarnarik ageri ez. Basoa eta basoa ikusten zen, ibai baten distira urrunean, eta Massachusettseko mendien erdien tontorren isla. Belarrez estalitako lur zerrenda zabal bat zegoen bidearen ertzean, eta haren beste aldean errekatxo sakon garbi bat; basaloreak ziren belarretan, eta arbola erori baten enborra errekatxoaren ondoan. Actonek itxaron egin zuen pixka batean; azkenean, baserritar oinezko bat agertu zen bidean. Actonek zaldiei eusteko eskatu zion baserritarrari, eta hark zerbitzu hori egin zion, hirikide bati zor zaion adiskidetasunez. Actonek, orduan, jaisten lagundu zion baronesari, eta biak belarretan aurrera paseoan joan eta errekatxo ondoko enborrean eseri ziren.

        «Ez dut uste honek Silberstadt gogoraziko dizunik,» esan zion Actonek. Silberstadt aipatzen zion lehen aldia zuen, bere arrazoiak tarteko. Bazekien ezen baronesak senar bat zuela han, eta hori gogaikarria zen; eta entzuna zuen, gainera, senar horrek baztertu egin nahi zuela, eta egoera horretan gaitzesgarria zatekeen gauza horiei zeharkako aipamen bat egitea ere. Bestalde, egia zen baronesak berak maiz aipatu izan zuela Silberstadt. Eta Actonek askotan pentsatu zuen zergatik utzi nahi ote zuen senarrak. Egoera bitxia andre batentzat, emazte zapuztuarena; eta miresgarria zen nolako grazia eta duintasunez zeraman hori baronesak. Auzi horrek bi alde zituela eman zuen aditzera baronesak, hasiera-hasieratik, eta berari zegokion aldea, ezagutzera ematea erabakitzen zuenean, jakingarria bezain hunkigarria izango zela.

        «Hiria, hau da, eskulturaz beteriko gableak eta eliza gotikoak, Schloss zoragarria, bere lubanarro eta dorre almenatu, ez dit gogorazten, jakina,» esan zuen baronesak. «Baina badu printzerriko beste alde batzuen antza. Esango litzateke Alemaniako baso bikain antzinako horien artean gaudela, elezaharretako mendi horien artean; Schreckensteingo leihoetatik ere ikuspegi beretsua ikusten da.»

        «Zer da Schreckenstein?» galdetu zion Actonek.

        «Gaztelu handi bat, Printze Erregeordearen udako egoitza.»

        «Bizi izan al zara han?»

        «Egon izan naiz,» esan zuen baronesak. Acton isilik geratu zen; aurrean zuen ikuspegi gaztelu gabekoari begira egon zitzaion une batean. «Lehen aldia da Silberstadti buruz galdetzen didazuna,» esan zion baronesak. «Nire ezkontzaren ingurukoak jakin nahiko dituzu; oso gauza bitxia irudituko zaizu, ezta?»

        Acton begira geratu zitzaion une batez. «Ez zenuke, ordea, ondo hartuko nik hori esatea!»

        «Zuek amerikarrok dituzue manera bitxiak!» adierazi zion baronesak. «Inoiz ez duzue garbi galdetzen; aipatu ezin diren gauza asko dituzuela ematen du.»

        «Gizabide handikoak gara amerikarrok,» esan zion Actonek, atzerriko lurretan egon izanak nazio kontzientzia erasana bazion ere, ez baitzuen gogoko inor amerikarrez gaitzesaka entzutea. «Ez gara inoren egitekoetan muturra sartzen ibili zale,» esan zion. «Baina oso pozik entzungo nituzke zure ezkontzaren ingurukoak. Konta iezadazu nola izan zen.»

        «Printzea nitaz maitemindu zen,» erantzun zion baronesak soilki. «Etengabe gorteatzen ninduen. Hasieran ez zuen nirekin ezkondu nahi, ezta gutxiagorik ere. Baina baldintza horietara makurtzeari uko egin nionez, ezkontza eskaini zidan..., ahal zuen heinean. Gaztea nintzen eta, aitortzen dut oso lausengaturik sentitu nintzela. Baina berriz egin behar banu, ez nuke, ez, onartuko.»

        «Duela zenbat denbora izan zen hori?» galdetu zion Actonek.

        «Bada... duela urte batzuk,» esan zion Eugeniak. «Ez zenioke emakume bati datarik galdetu behar.»

        «Uste nuen emakumea historia kontatzen ari bazen, bada...» erantzun zion Actonek. «Eta orain ezkontza hautsi nahi du?»

        «Politikari komeni zaion ezkontza bat eginarazi nahi diote. Haren anaiaren ideia da. Oso argia da haren anaia.»

        «Ez da nolanahiko parea izango!» esan zion Robert Actonek.

        Baronesak sorbaldak jaso zituen, filosofiaz. «Que voulez- vous! Printzeak dira. Beren ustez, oso trataera ona ematen didate. Silberstadt estatu txiki despotiko hutsa da, eta Printze Erregeordeak luma zirriborro batez ezkontza baliogabetzeko ahalmena du. Baina, nolanahi ere, nire oniritzi formalik gabe ez duela baliogabetuko agindu dit.»

        «Eta zuk uko egin diozu oniritzia emateari?»

        «Orain artekoan bai. Zitalkeria da, eta, besterik ez bada, zailtasunak jarri nahi izan dizkiet. Baina idazmahaian dudan agiritxoa sinatu eta Printzeari bidaltzea besterik ez dut.»

        «Eta, hala, dena amaituko litzateke?»

        Baronesak eskua jaso eta berriro erortzen utzi zuen. «Titulua mantenduko nuke, hori bai; nahi izanez gero, behintzat, horretarako askatasuna izango nuke. Eta mantendu egingo dudala uste dut. Izen bat beharrezkoa da. Eta pentsioa ere geratuko litzaidake. Oso pentsio txikia da: mixeria; baina horrekin bizi naiz.»

        «Eta paper hori sinatzea besterik ez duzu?» galdetu zion Actonek.

        Baronesa begira geratu zitzaion pixka batean. «Presazkoa iruditzen al zaizu?»

        Acton altxatu egin zen astiro, eta eskuak sakelean zituela geratu zen zutik. «Zer irabazten duzu ez sinatuta?»

        «Atera dezakedan laka hauxe da: erabakia luzatzen utzi edo atzeratzen badut, Printzea niregana itzul daitekeela, anaiari buru egin diezaiokeela, alegia. Maitasun handia dit, eta anaiak poliki-poliki baizik ez du urrundu ahal izan.»

        «Eta zuregana itzuliko balitz,» esan zion Actonek, «zuk... onartuko zenuke berriro?»

        Baronesak Actonen begiradari eutsi zion; pixka bat bakarrik gorritu zen. Hurrena, zutitu egin zen. «Zera esateko satisfazioa izango nuke, «orain nire txanda da, eta Berori den Jaun Goren Narearekikoak haustera noa!»»

        Zalgurdi aldera abiatu ziren. «Istorio bitxia da!» esan zuen Actonek, «Nola ezagutu zenuen printzea?»

        «Andre zahar batekin —kondesa zahar batekin— bizi nintzen Dresdenen. Aitaren lagun izana zen andre hori. Aita ordurako hila zen eta oso bakarrik nengoen. Neba mundua korritzen zebilen antzerki troupe batekin.»

        «Nebak gelditu behar zuen zurekin,» adierazi zion Actonek, «printzeei gogo ematetik zain zintzan.»

        Baronesa isilik geratu zen pixka batean, eta gero, «Ahal zuena egin zuen,» esan zuen. «Dirua bidaltzen zidan. Kondesa zaharrak aurrera eragiten zion printzeari; ia presionatu egiten zuen. Egoera nolakoa zen kontuan izanik, oso ondo jokatu nuela uste dut,» erantsi zuen Madame Münsterrek emeki.

        Actonek begiratu egin zion, eta konturatu zen —lehenago ere konturatu izan zen— emakumeak politagoa ematen duela bere hutsegite eta atsekabeak kanporatu dituenean. «Bada,» pentsatu zuen ozenki, «pozik ikusiko nuke nola bidaltzen duzun Jaun Goren Narea... nora edo hara!»

        Gelditu eta bitxilore bat hartu zuen Madame Münsterrek belarretatik. «Eta uko-agiria sinatu ez?»

        «Bada, ez dakit, ez dakit,» esan zuen Actonek.

        «Era batera mendekua lortuko nuke; beste erara, berriz, askatasuna.»

        Actonek barre txiki bat egin zuen zalgurdira igotzen laguntzen zion bitartean. «Nolanahi ere,» esan zuen, «ondo zaindu paper hori.»

        Handik egun pare batera etxea ikustera gonbidatu zuen Actonek baronesa. Egina zion proposamena lehenago, baina amaren gaixotasuna zela-eta atzeratu zen bisita. Actonen ama bakarrik baliatzen ez zela zegoen, eta azken urteak logelako leiho ondoan igaro zituen, eraman handiz, besaulki lore handidun batean. Aurreko egun batzuetan inor errezibitzeko gauza ez zela egon zen; orain, ordea, hobeto zegoen eta oso mezu gizabidetsua bidali zion baronesari. Bisitaria afaltzera joatea nahiko zukeen Actonek, baina Madame Münsterrek nahiago izan zuen bisita soil batez hastea. Afaltzera joaten bazen, Wentworth jauna eta alabak ere gonbidatuko zituztela pentsatu zuen baronesak, eta iruditu zitzaion ezen okasioaren izaera berezia hobeto gordeko zela anfitrioiarekin tête-a-tête izanda. Okasioa zergatik zatekeen berezia, ez zion inori adierazi. Denek ikusi ahal izan zutenez, oso era atseginean igaro zen. Zalgurdiz bila joan eta baronesa ateraino ekartzea Actonek laster batean burutu zuen eginkizuna izan zen. Actonen etxea oso ona zela pentsatu zuen baronesak bere artean; pentsamendua hitzetan ematerakoan, berriz, etxe liluragarria zela adierazi zuen. Etxe handi, karratu, marroiz pintatu bat zen; zuhaixka oso ondo zainduak zituen inguruan, eta bide labur bat jardineko atetik bertaraino. Gainera, Wentworth jaunarena baino askoz bizileku modernoagoa zen, eta premiazkoak baino osagai gehiagorekin jantzia eta garestiago apaindua. Antzeman zion baronesak ezen anfitrioi zuenak oso dotoretasun puntu egokira ekarria zuela erosotasun materiala. Bazituen, gainera, chinoiseries direlako bitxi xarmagarriak —Inperio Zerutarrean eginiko egonalditik ekarritako trofeoak—: ebanozko pagodak eta bolizko kutxak; munstro-eskulturak, tximinia-apaletan irri eta imintzio, marrazki zoragarriko esku-babeski batzuen aurrean; portzelanazko baxerak, kaobazko arasen kristalezko ate barruetan diz-diz; babeskiak, izkinetan, seda tenkatuz estaliak eta mandarinak eta herensugeak bordaturik zituztela. Etxe guztian barreiaturik zeuden gauza horiek, eta etxe osoa ikusteko aitzakia eman zioten Eugeniari. Gogoko izan zuen Eugeniak etxea; oso etxe atsegin eta polita iruditu zitzaion. Etxe-giroa eta irekitasuna, biak zituen etxe hark, eta ia museo bat bazen ere, hango gela zabal, gutxi erabiliak esnetegi ondo gobernatu bat bezain garbi eta txukun zeuden. Lizzie Actonek esan zion ezen berak bere eskuz kentzen ziela egunero hautsa pagoda eta gainerako bitxiei; eta baronesak erantzun zion ikusten zela etxeko maitagarri bat zela. Lizziek ez zuen, inondik ere, hautsak kentzen aritzen zen andereño baten itxurarik. Hain soineko politak erabiltzen zituen eta hain esku finak zituen, ezen nekez uste izango zen hura lan zakarretan aritzen zenik. Baronesa heldu zenean, irten, irten zitzaion errezibitzera, baina ez zion ezer, edo ia ezer, esan, eta baronesak berriz ere pentsatu zuen —lehenago ere izan zuen horretarako aukera— neska amerikarrek ez zutela gizabiderik. Baronesak ez zuen neskatila amerikar hura gogoko, eta prest zegoen Acton andereñoaren onespena lortzen huts egin zuela onartzeko. Lizzieren jarrera baikor eta irekia ia ozarkeria iruditzen zitzaion; eta etxeko lanetarako zaletasunarekin batera Parisko estiloko azken soinekoak erabiltzeko zaletasuna izateak —zaletasun uztargaitzak, itxuraz—, indar arriskutsu baten jabe zela iradokitzen zuen. Baronesari amorrua ematen zion neska koxkor bat hutsaren hurrengoa ala haragokoa zen arduratzen ibili beharrak —herrialde hartan gertatzen bide zen bezala—, zeren Eugeniak ez baitzuen inoiz presio moralik izan dontzeila koxkorrak juzkatzeko orduan. Lizzieren ozarkeriaren seinale izango zen, beharbada, Lizzie bera oso azkar erretiratu izana, baronesa nebaren eskuetan utzirik. Acton luze aritu zen bere chinoiseries haiei buruz hizketan; asko zekien portzelana eta bitxien gainean. Baronesak, etxean batera eta bestera zebilela, geldialdi ugari egin zuen. Alde guztietan eseri zen, nekatuxe zegoela esanda, eta objektu baten eta bestearen galde egin zuen, aditasunaren eta arreta faltaren arteko nahasketa bitxi bat erakusten zuela. Nori esana izan balu, anfitrioiaz maitemindurik zegoela aitortuko zukeen; nekez egingo ziokeen, ordea, aitorpen hori —nahiz konfidentzialtasun osoz izan— Actoni berari. Dena den, gauza bakanen xarma bezain atsegingarria gertatu zitzaion sentitzea —gauzak sentitzeko zuen zolitasun miresgarri harekin— ezen Actonen jarrera lazgunerik gabekoa zela, haren ironiaren ezten umoretsua ere jomuga iristerako leuntzen zela. Actonen prestutasunak sortzen zuen sentipena lore sorta bat eskuan eramateak sortzen duenaren antzekoa zen: oso atsegina perfumea, baina loreak berak gogaikarriak batzuetan. Konfiantza osoa izan zitekeen Actonengan, nonahi eta beti; eta, hala ere, Acton ez zen guztiz sinplea; gehiegi zatekeen hori; aldez bakarrik zen sinplea, eta hori nahikoa zuen baronesak.

        Lizzie etorri zen berriro, ama Madame Münster hartzeko prest zegoela esatera, eta baronesak Acton andrearen geletara jarraitu zion. Lizzieren atzetik zihoala, pentsatu zuen ezen andereño hura begitan hartzera bultzatu zuen arrazoia ez zela haren jarrera ozarra izan, arlo horretan erraz irabaziko baitziokeen. Neskatilaren aldetik ez zegoen lehiarako grinarik, konparaketaren ondorioz sortutako burlazko ume-laineza axolagabe bat baizik. Acton andrea berrogeita hamabost urteko emakume argaldu aurpegi-gozo bat zen. Burukoak euskarri zituela eseririk, kanpoko astaperrexil sail bati begira zegoen. Oso apala, oso herabea, eta oso ezindua zen; Eugenia poztu egin zen bera horrelakoa ez zelako —ez horren ezindua, ez, segurki, horren apala—. Aulki batean, Acton andrearen ondoan, Emersonen Saiakerak ageri ziren. Gertaera gogoangarria zen Acton andrearentzat, zegoen egoera errukarrian egonda, aurrez aurre dama atzerritar argi bat izatea, zeinak manera hobeak baitzituen berak inoiz ezagutu zuen edozein andrek baino —baita dozena oso bat andrek ere baino.

        «Asko hitz egin didate zutaz,» esan zion emeki baronesari.

        «Semeak, ezta?» galdetu zion Eugeniak. «Niri ere ikaragarri hitz egin dit zutaz. Eta zuk nahi izango zenukeeen moduan hitz egin ere!» adierazi zion baronesak; «halako semeak honelako amaz hitz egin behar duen bezala!»

        Acton andrea begira-begira zegokion; Madame Münsterren «maneren» erakustaldi bat zen hura. Baina begira-begira zegokion Robert Acton ere, bere gonbidatu distiratsuari amaren aipurik apenas egin ziola ondo asko konturaturik. Robertek ez zuen amaren presentzia geldi hartaz inoiz hitz egiten. Hain zen presentzia xehe eta sotila, ezen, Roberten baitan, esker oneko emozio subjektibo huts gisa adierazten baitzen. Eta Actonek gutxitan hitz egiten zuen bere emozioez. Baronesak Actonengana itzuli zuen bere irribarrea, eta berehalaxe konturatu zen gezurtxoak esaten harrapatu zutela; behaztopa egin zuela. Baina zer jende zen hura, horrelako gezurtxoak atsegin ez izateko? Haiek higuindurik bazeuden, beste hainbeste gertatzen zitzaion baronesari ere; eta kortesiazko galdera batzuk eta ahapekako erantzun batzuk trukatu ondoren, agur esan zion Acton andreari. Etxera lagundu beharrik ez ziola esan zion Roberti; bakarrik igoko zela kotxera; nahiago zuela hala. Erabaki sendoa zen, eta Acton desengainaturik geratu zela iruditu zitzaion. Actonekin ate aurrean zain zegoela —kotxea buelta hartzen ari zen harkoskorrezko ibilbidean— lasaitasuna bihurtu zion pentsamendu horrek.

        Agurtzeko esku ematean, baronesak Actonengana jaso zituen une batez begiak. «Ia erabakita nago paper hori bidaltzera,» esan zion.

        Konturatu zen Acton ezen baronesa bere ukoa deitzen zion agiriaz ari zela; eta kotxera lagundu zion ezer esan gabe. Baina kotxea abiatzera zihoala, esan zion, «Bada, bidaltzen duzunean, espero dut jakinaraziko didazula!»

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia