5. ATALA

 

        Wentworth jauna, makila eta guanteak eskuan, arratsaldero joaten zen iloba bisitatzera. Handik ordu pare batera, berriz, baronesa joaten zen etxe handira tea hartzera. Egunero afaltzera joateko proposamena bertan behera utzi zuen baronesak; andre zahar beltz, turbante gorriduna sagarrondoen azpian ilarrak aletzen ikusteak ekar ziezaiokeen edozein atseginen pozetan zegoen. Charlottek —Charlottek inguratu zion andre zahar beltza— etxepe hura bitxia izan behar zuela pentsatzen zuen, zeren eta Eugeniak esan baitzion ezen han Augustinek gobernatzen zuela den-dena, beltz zaharra barne: nork, eta ingeles hizkuntza garbiaren ezagutza izpirik ez zuen Augustinek! Eta egoera araugabe hartan ere etxe txikiko antolabidea —Eugeniaren ikuspuntu berezitik ikusita— hain lotsagarria ez zela konturatzean izan zuen desengainua da, alde handiz, Charlotte Wentwortheri egotzi ahal izango diodan sentimendurik moralgabeena. Baronesari dibertigarria zitzaion tea hartzera joatea; afaritarako bezala janzten zen. Ohi ez bezalako otordu deigarriak eskaintzen ziren te-mahaian; eta mahaitik altxatzen zirenean, lorio zabalean eseri eta solasaldia egiten zuten denek, edo jardinean izarren argitan paseatzen zuten, belarriak hotsez betetzen zizkietela hango intsektu bitxiek, zeinek, uda gauetako magiaren osagaitzat hartuak badira ere mundu osoan, mendebaldeko zeru haren azpian durundia paregabea egiten zutela iruditzen baitzitzaion baronesari.

        Wentworth jauna, esan dudan bezala, fin eta zintzo joaten zen baronesari bisita egitera, baina ez zitzaion iruditzen, hala ere, ilobarengana ohitzen ari zenik. Kosta egiten zitzaion beraren arrebaordearen alaba zela sinestea. Haurtzaroko giza irudi bat zuen Wentworth jaunak arreba: hogei urte besterik ez zituela betiko kanpora alde egin eta atzerrian ezkontza desegoki bat bere gogoz egin zuena. Wentworth jaunaren izeba Whiteside andreak, neska Europara itzuli bat egitera eraman zuenak, hain xehetasun deitoragarriak eman zituen, itzuli zenean, Adolphus Young jaunaz, hau da, neska burugogorraren patuari lotu zitzaion gizonaz, ezen hozmindurik bezala geratu baitziren familiakoen sentimenduak, nebaordeenak batez ere. Catherine ez zen aurrerantzean familiarekin onezkoak egiten batere ahalegindu; ez zien idatzi ere egin haien maitasunaren zapuztea ongi ulertzen zuela esateko. Denborarekin, bada, zera pentsatzera iritsi ziren Bostongo lagunarteetan: andereño hari egin zekiokeen karitaterik handiena andereñoa bera erabat ahaztea zela, eta haren galdukeriak beraren ondorengoengan zenbaterainoko kalteak eragingo zituen asmakerietan ez ibiltzea. Wentworth jaunak ez zuen urteetan ondorengo gazte haiengan —bazuen haien aditzera lauso bat— pentsatzen lanik hartu. Bazituen aurreragoko zereginak etxean, eta, kezka ugari izaten bazuen ere kontzientzian, osaba arduragabe bat izandako arrangurarik ez zuen inoiz izan. Orain, berriz, bi ilobak aurrean agertu zitzaizkionean, berehala konturatu zen oso bestelako eragin eta egoeren fruitu zirela haiek, beraren familiako ondorengoek heldutasun neurri batera iristeko izan zituztenekin konparatuta. Ez zuen esan nahi eragin haiek txarrerako izan zirenik; baina beldur zen, batzuetan, iloba dotore, fin, dama-itxurako hura inoiz gogoko ez ote zuen izango. Zurrundurik eta nahasturik zeukan Eugeniaren arroztasunak. Nolabait esateko, beste hizkuntza bat egiten zuen ilobak. Zer bitxi bat zuten haren hitzek. Iruditzen zitzaion ezen beste edozein gizon, bera zegoen lekuan egonda, baronesaren tonura egokituko zatekeela; baronesari galderak egingo zizkiokeela, eta txantxetan jardungo zuketela elkarrekin; erantzun egingo ziekeela baronesaren zirikadei, nahiz eta haietako batzuk osaba bati zuzentzeko egokiegiak ez zirela iruditu. Wentworth jaunak, ordea, ezin zuen hori egin. Ez zen gauza ilobak munduan zer maila zuen neurtzeko ere. Noble atzerritar baten emaztea omen zen, eta senarrak zapuztu egin nahi omen zuen. Gauza bitxia zirudien horrek, baina juzku bat egiteko elementurik gabe sentitzen zen gizona. Eta elementu horiek bere esperientzian aurkitu beharko zituzkeela uste zuen, mundu-gizona eta pertsona ia publikoa izanik, baina ez zituen aurkitzen, eta bere buruari biltegia hutsik zuela aitortzeak —are gehiago Eugeniari galdera inozoegien bidez hori adierazteak— lotsa ematen zion.

        Iruditzen zitzaion ezen askoz gehiago hurbil zekiokeela —hitz horiek erabiliko zituzkeen berak— Felixi, Felix guztiz fidagarria zen ziurtasun osorik ez bazuen ere. Hain zen alaia, itxura onekoa eta hiztuna Felix, ezen ezinezkoa baitzen hartaz gaizki pentsatzea; eta, hala ere, ematen zuen halako lotsagabekeria bat —ia perbertsio bat— zukeela —edo izan behar zukeela— hain alaia izateaz bat bere buruaz hain ziur zegoen mutilak. Esan behar da ezen Felixek, batere serioa ez izanagatik, nortasun handiagoa zuela —pisu, eduki eta erresonantzia handiagoa zuela— argiro serioak ziren hainbat mutilek baino. Anomalia horretaz gogoetan ari zen Wentworth jauna, eta ilobak, berriz, inolako eragozpenik gabe miresten zuen osaba. Oso agure sentikorra, ezkuzabala eta giza maila handikoa iruditzen zitzaion, eta haren buru ederra —aszeta batenaren gisakoa— marrazteko aukerari heltzeko asmoa zuen. Felixek ez zuen ezkutatu, ezta gutxiagorik ere, pintzela manaiatzen zekienik, eta antz harrigarriko erretratuak oso modu onean egiteko prest zegoela jendeari ulertarazten asmatu ez bazuen, errua ez zen berarena bakarrik izan. «Artista bat da, nire lehengusua artista bat da,» zioen Gertrudek; eta entzun nahi zuen guztiari eskaintzen zion informazio hori. Gertrudek bere buruari esaten zion hori, ohar eta oroigarri gisa, nolabait ere. Hutsarteetan, leku bakartietan zegoela, behin eta berriz esaten zion bere buruari Felix dohain sakratu hartaz jantzia zela. Gertrudek ez zuen ordu arte artistarik ezagutu; irakurri bakarrik egin zituen halako jendeari buruzkoak. Jende mota erromantiko eta misteriotsutzat zeuzkan artistak, gainontzekoei inoiz gertatzen ez zitzaizkien gertaera atseginez beteriko bizitzak zituen jendetzat. Eta Felixek behin eta berriz bera benetako artista ez zela esateak ez zuen balio gogoeta horiek indarberritzeko bestetarako. «Inoiz ez naiz serioski horretara jarri,» esaten zuen. «Ez dut ikasketarik egin; ez dut trebakuntzarik izan. Denetik egiten dut pixka bat, eta ongi ezer ez. Amateur hutsa naiz.»

        Felix artista zela pentsatzea baino ere gogokoago zuen Gertrudek amateurra zela pentsatzea. Amateur hitzak, haren ustez, konnotazio sotilagoa zuen. Bazekien, ordea, zuhurrago erabili beharreko hitza zela hura. Wentworth jaunak, berriz, noiznahi erabiltzen zuen. Izan ere, hitza oso ondo ezagutzen ez bazuen ere, baliagarria gertatzen zitzaion Felix sailkatzeko, zeren eta Felix, hain mutil buruargia, ekinekoa eta itxuraz errespetagarria izanik, lanbide jakin batera egokitu gabe egotea, bitxitasun gogaikarri bat gertatzen baitzitzaion. Baronesa eta neba —baronesa aipatzen zen beti lehenik— oso gogoko hizpide zituzten, noski, Wentworth jaunak, haren alabek eta haien noizean behingo bisitariek.

        «Eta mutilak, zure ilobak, zer lanbide du?» galdetu zion adineko jaun batek —Broderip jaun Salemgoak—, 1809an Harvarden Wentworth jaunaren eskola-laguna izanak, Wentworth jaunak Devonshire Streeten zuen bulegora etorri zenean. (Azken urteetan, astean hiru aldiz bakarrik joaten zen Wentworth jauna bulegora, non ere tratatu behar izaten baitzituen konfidentzialtasun handiko administrazio arazo franko.)

        «Zera, amateurra da,» esan zion Felixen osabak, eskuak elkarturik, eta esan ahal izateak halako satisfazio bat ematen ziola. Eta burtsako artekaria edo ale-esportatzailea adierazteko «europar» esapideren bat izango zelakoan itzuli zen Broderip jauna Salema.

        «Erretratu bat egin nahi nizuke» esan zion Felixek osabari arrats batean denen aurrean, Brand jauna eta Robert Acton ere han zirela. «Bikain geratuko dela uste dut. Oso buru interesgarria duzu, oso erdi arokoa.»

        Wentworth jauna serio jarri zen. Lotsagarri sentitu zen, denak sartu eta ispiluaren aurrean harrapatu balute bezala. «Jainkoak egina da,» esan zuen. «Eta ez dut uste gizonak berregiten ibili behar duenik.»

        «Jainkoak egina da, bai» erantzun zion Felixek, barrez, «eta oso ondo egina, gainera. Baina bizitzak ere bere ukituak eman dizkio lanari. Oso buru interesgarria da zurea, oso ederki argaldua eta zimeldua, eta azalaren zurbila, paregabea.» Eta beste guztiei begiratu zien Felixek, haien arreta interesgune haietara erakarri nahi balu bezala. Wentworth jauna zurbilagotu egin zen nabarmen. «Prelatu zahar baten gisa irudizkatu nahi zintuzket, kardinal edo ordena bateko priore gisa.»

        «Prelatu edo kardinal gisa?» murmurikatu zuen Wentworth jaunak. «Apaiz katoliko erromatar baten gisa diozu?»

        «Zera esan nahi dut, oso bizitza garbi eta aszetikoa eraman duen elizgizon adineko baten gisa. Zu horrelakoa izan zara, nik uste; aurpegian antzematen zaizu,» jarraitu zuen Felixek. «Zu oso, zera..., oso neurtua izan zara. Ez al duzu uste aurpegian antzematen zaiola hori gizonari?»

        «Bilatzen hastea pentsatuko nukeen ere baino gauza gehiago ikusten duzu zuk gizonaren aurpegian,» esan zion Wentworth jaunak lehor.

        Baronesak abanikoari rasta-rasta eragin eta ohi zuen barre distiratsua egin zuen. «Arriskutsua da horren gertutik begiratzea!» esan zuen. «Bekatutxoak ditu osabak kontzientzian!» Wentworth jaunak baronesari begiratu zion, errukarri, zeharo galdurik; eta bizitza garbi eta aszetiko baten seinaleak aurpegian inoiz ageri izan bazituen, orduantxe zituen segurki agerien. «Un beau vieillard, horixe zara zu, osaba maitea!» esan zion Madame Münsterrek, bere begi arrotzak irribarrez zituela.

        «Konplimendu bat izango da hori,» esan zion agureak.

        «Ez naiz konplimendu bat egin dizun lehen emakumea izango, noski!» erantzun zion baronesak.

        «Baietz uste dut,» esan zuen Wentworth jaunak serioski. Eta Felixengana itzuli eta zera erantsi zuen, tonu berean, «Ez iezadazu, mesedez, erretraturik egin. Seme-alabek badute nire dagerrotipo bat. Nahikoa da hori.»

        «Ez dizut agintzen,» esan zion Felixek, «zure burua zerbaitetarako erabiliko ez dudanik!»

        Wentworth jaunak Felixi begiratu zion eta beste guztiei gero; eta zutitu eta poliki-poliki alde egin zuen.

        «Felix,» esan zion Gertrudek, Wentworth jaunak alde egin ondoren izan zen isilunean, «zuk nire erretratu bat egitea nahi nuke.»

        Gertruderen nahi hori bidezkoa ote zen pentsatu zuen Charlottek bere artean, eta Brand jaunari begiratu zion, ziurtabiderik onena hura balu bezala. Zernahi egiten zuela edo esaten zuela Gertrudek, Charlottek beti Brand jaunari begiratzen zion. Aitzakia ona izaten zen hori Brand jaunari begiratzeko —Gertruderen onerako beti, Charlotteren ustez—. Egia da ezen Charlotteren nahia Gertrudek arrazoi izatea izaten zela; izan ere, Charlotte, bere era xume apalean, ahizpa heroikoa baitzen.

        «Oso poztuko gintuzke zure erretratu bat edukitzeak,» esan zuen Brand jaunak.

        «Atsegin handiz pintatuko dut horren modelo xarmagarria,» adierazi zuen Felixek.

        «Hain polita zarela uste al duzu?» galdetu zion Lizzie Actonek Gertruderi, bere jarreratxo mokoti gaizgabean, eskuetan zuen puntu-laneko korapilo bati hortzekin tira eginez.

        «Ez da polita naizela uste dudalako,» esan zuen Gertrudek, inguruan zituenei begira. «Ez dut uste batere polita naizenik.» Nahita eta zer esaten ari zen ondo baleki bezala mintzo zen, eta Charlotteri oso bitxia iruditu zitzaion ahizpa jendaurrean gai hori aipatzen entzutea. «Pintatzeko jarrita egotea dibertigarria izan behar duela pentsatzen dudalako da. Hala uste izan dut beti.»

        «Damu dut, hori baino zer pentsatu hoberik izan ez baduzu, alabatxo,» esan zion Wentworth jaunak.

        «Oso polita zara, Gertrude,» adierazi zion Felixek.

        «Hori konplimendu bat da,» esan zuen Gertrudek. «Jasotzen ditudan konplimendu guztiak itsulapiko batean sartzen ditut; gora eta behera astindu eta hotsa ateratzen dute. Oraindik ez dago asko: bi edo hiru bakarrik.»

        «Ez, ez da konplimendua,» egin zion kontra Felixek. «Ez dizut konplimendu gisa esaten. Hasieran ez nuen uste polita zinenik, baina poliki-poliki polita zarela uste izatera iritsi naiz.»

        «Kontuz, gero, ea itsulapikoa lehertzen zaizun orain!» esan zion Lizziek.

        «Nire iritziz, erretratu bat egiteko jarrita egotea alferkeriaren forma askotariko bat baizik ez da,» esan zuen Wentworth jaunak. «Eta lejio dira.»

        «Osaba maitea,» esan zion Felixek, «ezin da esan alferkerian dagoenik inori hainbeste lan eragiten diona!»

        «Lo dagoela ere pinta daiteke pertsona,» iradoki zuen Brand jaunak, eztabaidarako ekarpen bat egite aldera.

        «Bai! Pinta nazazu lo nagoela!» esan zion Gertrudek Felixi, irribarrez. Eta begiak itxi zituen pixka bat. Charlotte ordurako egonezinak airean zegoen, Gertrudek hurrena zer esango edo egingo ote zuen.

        Hurrengo egunean hasi zen Gertrude erretraturako jartzen; kanpoan jarri zen, lorioaren iparraldeko aldean. «Esaidazu zer pentsatzen duzun gutaz, nolakoak iruditzen gatzaizkizun,» esan zion Felixi, haren astoaren aurrean eserita zegoela.

        «Munduko pertsonarik onenak zaretela iruditzen zait,» erantzun zion Felixek.

        «Hori,» jarraitu zuen Gertrudek, «beste zerbait esatetik libratzen zaituelako esaten duzu.»

        Mutilak margo-oihalaren gainetik begiratu zion. «Zer esan behar dut, bada? Arrazoi duzu, lanak izango nituzke beste zerbait esaten.»

        «Zera,» esan zuen Gertrudek, «ezagutuko zenituen orain baino lehen ere pertsona atseginak, ezta?»

        «Horixe ezagutu ditudala, Jainkoari eskerrak!»

        «Eta gure aldean oso desberdinak izango ziren,» jarraitu zuen Gertrudek.

        «Horrek zera erakusten du,» esan zuen Felixek, «lagunarte on bat izateko mila modu daudela.»

        «Gurea lagunarte ona dela uste al duzu?» galdetu zion Gertrudek.

        «Errege baten dina!»

        Gertrude isilik geratu zen tarte batean; gero, «Triste egoteko ere mila modu egongo da,» esan zuen; «eta guk den-denak baliatzen ditugula iruditzen zait batzuetan.»

        Felix tentetu egin zen bizkor, eskua altxaturik zuela. «Mantendu ahal bazenu aurpegi-aire hori ordu erdi batez..., nik oihaleratu bitartean!» esan zion. «Gutxitan ohi den bezalako edertasuna ageri duzu.»

        «Ordu erdi batez eder agertzeko: niri askotxo eskatzea da hori,» erantzun zion Gertrudek.

        «Boto bat edo promes bat egin ondoren damutu eta ondo pentsatzeko denbora hartu duen neska baten erretratua litzateke,» esan zion Felixek.

        «Ez dut egin ez botorik ez promesik,» esan zuen Gertrudek oso serio. «Ez dut zertaz damuturik.»

        «Lehengusu maitea, esateko modu bat baino ez zen. Badakit zuen familia ezin hobea dela eta inork ez duela zertaz damuturik.»

        «Eta, hala ere, damu gara beti!» esan zion Gertrudek. «Hori esan nahi nuen tristurarena aipatu dudanean. Ondotxo dakizu zuk, ez jakinarena egiten baduzu ere.»

        Felixek algara txiki bat egin zuen. «Ordu erdia ia igaro da, eta zu, hala ere, inoiz baino ederrago zaude. Argi ibili behar da zer esaten den, ikusten?»

        «Niri,» esan zuen Gertrudek, «edozer gauza esan ahal didazu.»

        Artista batek begiratuko zukeen bezala begiratu zion Felixek Gertruderi, eta pixka batean ezer esan gabe jarraitu zuen pintatzen. «Bai, zu desberdina ikusten zaitut aita eta ahizparen aldean, inguruan dituzun pertsona gehienen aldean,» esan zion.

        «Nork bere buruaz hori esatea,» jarraitu zuen Gertrudek, «barne-barnean, behintzat, norbera hobea dela esatea bezala da. Eta ni ez naiz besteak baino hobea; askoz okerragoa naiz. Baina berek esaten dute desberdina naizela. Eta ni desberdina izateak atsekabetu egiten ditu.»

        «Benetako sentipenak gorde egiten ditudala leporatzen didazunez, onartuko dizut ezen zuen arteko joera, oro har, errazegi atsekabetzekoa dela iruditzen zaidala.»

        «Nahiago nuke hori aitari esango bazenio,» esan zion Gertrudek.

        «Orduan, agian, gehiago atsekabetuko litzateke!» esan zuen Felixek, barrez.

        «Hori ziur! Ez dut uste gu bezalako jenderik ezagutuko zenuenik.»

        «Lehengusu maitea, nola dakizu zuk nik zer ezagutu dudan?» galdetu zion Felixek. «Ez dakit nola esan...»

        «Gauza asko kontatu ahal zenidake, nahi bazenu. Zuk zu bezalako jendea ezagutu duzu: jende argia, alaia eta dibertitzea atsegin duena. Gu ez gara dibertsio zale.»

        «Bai,» esan zuen Felixek, «aitortzen dut aski harritzen nauela horrek. Iruditzen zait ez diozuela bizitzari atera ahal zaion atsegin guztia ateratzen. Ematen du ez duzuela gozatzen... Ez didazu gaizki hartuko hori esatea, ez?» galdetu zion, eten bat eginez.

        «Jarrai, mesedez,» esan zuen neskak, erabakiz.

        «Nik uste, oso egokiera ona duzue gozatzeko. Baduzue dirua, baduzue askatasuna, eta Europan «posizioa» esaten zaiona. Eta, hala ere, esango litzateke samingarri irizten diozuela bizitzari.»

        «Eta alai, atsegin eta zoragarri iritzi behar litzaioke, ezta?» galdetu zion Gertrudek.

        «Hala uste dut... modua izanez gero, behintzat. Egia da, bai, horrek egiten duela dena,» erantsi zuen Felixek.

        «Badakizu zorigaitz handia dagoela munduan,» esan zion modeloak.

        «Zertxobait ikusia naiz horretatik,» jarraitu zuen mutilak. «Baina hori dena beste alde hartan zegoen, itsasoaz haraindi. Hemen ez dut horrelakorik ikusten. Paradisua da hau.»

        Gertrudek ez zuen ezer erantzun; jardineko dalia eta andere-mahats zuhaixkei begira geratu zuen, eta Felixek bere lanean jarraitu zuen. ««Dibertitzeko»,» hasi zen azkenean Gertrude, «hau da, bizitza saminez ez hartzeko, gauza txarren bat egin behar al da?»

        Felixek algara alai luze bat egin zuen berriro. «Egia esan, ez dut uste. Eta orain emango dizudan arrazoiarengatik, besteak beste: barruak esaten dit jakingo zenukeela nola dibertitu, aukerarik bazenu, baina ez zarela gai gauza txarrik egiteko.»

        «Oso gaizki egiten duzu,» esan zion Gertrudek, «inori gauza txarrik egiteko gai ez dela esatea. Hori uste izaten dugunean izaten gara gaitzetik hurbilen.»

        «Inoiz baino ederrago zaude,» adierazi zuen Felixek, lekuz kanpo.

        Gertrude ohiturik zegoen ordurako Felix horrelakoak esaten entzutera. Jada ez zen hasieran bezala aztoratzen. «Zer egin behar da?» jarraitu zuen. «Festa antolatu? Antzerkira joan? Nobelak irakurri? Berandu oheratu?»

        «Nik uste, dibertsioa ez du gauza jakin bat egiteak edo ez egiteak eragiten,» erantzun zion lagunak. «Bizitzari, oro har, nola begiratzen zaion; hor dago giltza.»

        «Diziplina gisa; horrela begiratzen zaio hemen. Maiz entzun behar izan dut hori.»

        «Beno, hori oso ondo dago. Baina beste era batera ere begira dakioke,» erantsi zuen Felixek; «egokiera gisa ere begira dakioke.»

        «Egokiera gisa? Bai,» esan zion Gertrudek. «Askoz atsegin handiagoa aterako litzaioke hartara.»

        «Horrekin, hala ere, ez dut hau besterik esan nahi: nik horrela begiratzen diodala, eta horrek ez du asko esaten!» Utziak zituen Felixek paleta eta pintzelak. Atzera okerturik zegoen, besoak gurutzaturik, lanak zer itxura zuen ikusten. «Eta badakizu,» esan zuen, «ni ezer gutxi naiz.»

        «Gaitasun handia duzu,» esan zion Gertrudek.

        «Ez, ez,» egin zion mutilak kontra, alderdikeriarik gabeko tonu alaiez, «Ez dut gaitasun handia. Ez dut dohain aipagarririk. Bestela, antzemango nioke. Ni ezezagun bat izango naiz beti. Munduak ez du nire entzuterik izango.» Gertrudek sentimentu bitxi batez begiratu zion. Felixek ezaguna eta berak ezezaguna zuen mundu bikain hartan pentsatzen zuen; zenbat eta zer-nolako adimen distiratsuak izango ote ziren mundu hartan, Felixen gaitasunak aintzat hartu gabe pasatu ahal izateko. «Nik esaten dizudanari, oro har, ez diozu garrantzi handirik zertan emanik,» jarraitu zuen Felixek, «baina sinets iezadazu honako hau: izaera alaiko kaskarin bat besterik ez naiz.»

        «Kaskarina?» errepikatu zuen Gertrudek.

        «Bohemiar-gisako bat naiz ni.»

        «Bohemiarra?» Gertrudek ez zuen hitz hori egundaino entzun, geografiazko adieran izan ezik, eta Felixek ematen bide zion esanahi irudizkoa oso ongi ulertu gabe geratu zen. Baina atsegin izan zuen.

        Aulkiari atzera eragin eta zutitu egin zen Felix; Gertruderengana hurbildu zen astiro, irribarrez. «Menturazale-moduko bat naiz,» esan zion, goitik begiratzen ziola.

        Gertrude ere zutitu egin zen, Felixen irribarreari irribarrez erantzunez. «Menturazalea?» errepikatu zuen. «Pozik entzungo nituzke zure abenturak.»

        Une batez, eskua hartzera zihoakiola uste izan zuen Gertrudek; baina Felixek, bat-batean, margotzeko jakaren sakeletan sartu zituen eskuak. «Ez dago entzun ezinezkorik,» esan zuen. «Menturazalea izan naiz, baina oso abentura xaloak izan dira nireak. Zoriontsuak izan dira denak; ez dut uste kontatu ezinezkorik bat ere dagoenik. Oso abentura polit eta atseginak izan dira. Pozgarria izango da haiek berriro gogora ekartzea. Eser zaitez berriro, eta kontatzen hasiko naiz,» gehitu zuen berehalaxe, ohi zuen irribarre eraginkor naturalez.

        Egun hartan berriro eseri zen Gertrude, eta hurrengo hainbat egunetan ere eseri zen. Felixek, pintzelari eragiten zion bitartean, istorio asko eta asko kontatu zion, eta Gertrudek irrikaz eta txunditurik entzuten zituen. Begiak Felixen ezpainetan jarririk egoten zen, oso serio. Batzuetan, Gertruderen itxura gogoetatsu serioagatik, gogoz kontra zegoela pentsatzen zuen Felixek. Baina Felixek istant batean baizik ez zuen pentsatzen berak sortutako gogaitasunetan. Jarrera burugabea zatekeen hori, baldin eta adierazten zuen baikortasuna aurreiritzia baino areago itxaropena izan ez balitz. Hizpidetik sahiestea litzateke Felixek kontzientzia ona zuela esatea; izan ere, kontzientziarik onena bere buruari halako erantzuki bat egiten diona baita, eta mutil haren izaera osasuntsu alaia asmo on objektiboetan agortzen zen, asmoen helburua erdiz erdi iristeko zehaztasunarena beste azterketarik egin gabe. Kontatu zion Gertruderi nola Frantzia eta Italia korritu zituen, pintore-zorroa bizkarrean, maiz askotan ostatuko jaunari edo andreari erretratu lausengari bat egin eta harekin ostatu-saria ordaintzen zuela. Kontatu zion nola biolina jotzen ibili zen musikari talde txiki batean —ez oso ospetsua baina— atzerriko lurraldeetan barrena herriz herri kontzertuak ematen. Kontatu zion antzezle ibiltarien troupe batean aldi baterako apaingarri ere izan zela, entzule frantsesentzat eta alemaniarrentzat, poloniarrentzat eta hungariarrentzat Shakespeare antzezteko lan gaitzerako harturik.

        Aldian behingo kontakizun haiek zirauten denboran, Gertrude fantasiazko mundu batean bizi izaten zen. Atalkako eleberri bat irakurtzen ari zela iruditzen zitzaion. Ez zuen halako atseginik sentitu Nicholas Nickleby irakurri zuenez geroztik. Arratsalde batean bere lehengusu Acton andrea —Roberten ama— ikustera joan zen Gertrude; Acton andrea oso gaixo zegoen, etxetik irteten ez zela. Itzulera, bakarrik egin zuen, oinez, landaz landa, sarritan erabiltzen zuten laburbidea hartuta. Felix Bostonera joana zen Gertruderen aitarekin, hirira eraman nahi izan baitzuen Wentworth jaunak mutila adiskide batzuk bisitatzera: adineko jaun batzuk, Felixen amaz oroitzen zirenak —oroitzen ziren, baina ez zuten inoiz aipatzen—, hiritik etorriak ere bai zenbait, beren emazte agurgarriekin, sagarrondoen arteko etxetxora begirunea ekartzera, baronesari, zeinak jendetasun apartaz hartu baitzituen bisitariak, berak auzo hartara joateko erabili zuen zalgurdi handi, arin, zaratatsua gogorazten zioten ibilgailuetan. Arratsaldea apaltzen zihoan. Mendebaldeko zeruan Ingalaterra Berriko eguzki-sarreraren koadro bikain bat zegoen, gorri eta zilar-kolorez margotua, zenitetik zintzilik; eta Gertrudek, bere pentsamenduetan murgildurik, zeharkatzen zituen larre isilak, distira argi sotil batek argitzen zituen. Zelai bateko langa zabalduan gizon baten irudia ikusi zuen Gertrudek urrundik. Zain balegokio bezala zegoen gizona, eta, gerturatu zenean, Brand jauna ezagutu zuen. Denboraldi batean ikusi ez balu bezalako irudipena izan zuen; ez zukeen esango zenbat denbora, zeren, bestalde, etxean egon zaharra ere ez zela iruditzen baitzitzaion.

        «Zurekin batera itzul naiteke?» galdetu zion Brand jaunak. Eta, nahi bazuen baietz erantzun zionean Gertrudek, milia erdira ikusi eta ezagutu zuela adierazi zion Brand jaunak.

        «Oso begi-bista ona duzu!» esan zion Gertrudek.

        «Bai, oso begi-bista ona dut, Gertrude andereñoa,» esan zion Brand jaunak. Zerbait esan nahia sumatu zion Gertrudek; baina aspaldidanik zebilen Brand jauna zerbait esan nahian, eta Gertrude ia jarririk zegoen horretara. Orain, ordea, sentitu zuen ezen Brand jaunak esan nahi zuen horrek ahalmen indarberritu bat zuela bera gogaitzeko, bera nahastu eta urduritzeko. Tarte batean mutila isilik joan zen Gertruderen aldamenean, eta geroxeago zera erantsi zuen, «Ez dut inolako trabarik izan niregandik ihesi zabiltzala ikusteko. Baina, hori ikusteko,» jarraitu zuen, «ez da oso begi-bista ona behar.»

        «Ez dizut ihesik egin,» esan zion Gertrudek, aurpegira begiratu gabe.

        «Uste dut ez zinela ohartu ere egiten ihes egiten zenidala,» erantzun zion Brand jaunak. «Ez zinen konturatzen aurrean nengoenik ere.»

        «Orain, behintzat, hemen zaude, Brand jauna!» esan zion Gertrudek, barre labur bat eginez. «Eta oso ondo konturatzen naiz.»

        Mutilak ez zion erantzun. Gertruderen alboan ibiltzen jarraitu zuen, astiro, belarretatik zihoazenez. Beste langa batera heldu ziren; hura, ordea, itxita zegoen. Brand jaunak langaren gainean jarri zuen eskua, baina ez zuen zabaltzekorik egin; gelditu eta neskari begira geratu zen. «Ardura handiko zerbait darabilzu; zeure baitan oso murgildurik zabiltza,» esan zion.

        Gertrudek begiratu egin zion. Brand jauna zurbil zegoela ikusi zuen, eta aztoratuta zegoela iruditu zitzaion. Gertrudek ez zuen ordu arte Brand jauna inoiz aztoratuta ikusi, eta pentsatu zuen ezen espektakuloa, baldin oso-osorik ematen bazen, ikaragarria izango zela, mingarria ia. «Neure baitan murgildurik? Zer dela eta?» galdetu zion Gertrudek, eta begiak zeru argiztatura itzuli zituen. Errudun eta egonezinak sentitzen zen Gertrude, baina, hala ere, bere buruarekin haserre, hala sentitzeagatik. Brand jauna, ordea, bere begi txiki amultsuekin tinko begira zegokiola, erdi ahaztuta eduki ondoren berriro ere lausoki agertzen hasi zitzaion obligazio multzo itzel baten irudia zuen.

        «Beste ardura batzuk dituzu, beste egiteko batzuk,» jarraitu zuen mutilak. «Ez dakit esan dezakedan beste obligazio batzuk dituzula. Lehengoak ere hor ditugu, Gertrude,» erantsi zuen.

        «Mesedez, zabal ezazu langa, Brand jauna,» esan zion Gertrudek; eta koldar eta lotsagabe jokatzen ari balitz bezala sentitu zen hori esatean. Baina Brand jaunak langa zabaldu eta pasatzen utzi zion, eta, bera pasatu eta gero, atzera itxi zuen. Gertrudek jiratzeko denbora izan zuen baino lehen, mutilak besoa luzatu eta eskumuturretik heldu zion.

        «Gauza bat esan nahi dizut,» esan zion. Eta Gertrude zera gaineratzeko puntuan egon zen, «Eta badakit zehazki nola esango duzun,» baina eutsi egin zion mihiari.

        «Maite zaitut, Gertrude,» esan zion mutilak. «Oso maite zaitut; inoiz baino maiteago zaitut.»

        Gertrudek espero zituen hitz berberak esan zituen. Gertrudek entzunak zituen hitz horiek lehenago. Berarentzat ez zuten xarmarik; eta hori harrigarria zela pentsatu izan zuen lehenago ere bere artean. Ustez, hitz zoragarriak ziren horiek edozein emakumerentzat; baina Gertruderi hutsak eta mekanikoak iruditzen zitzaizkion. «Nahiago nuke hori ahaztuko bazenu,» adierazi zion Gertrudek.

        «Nola ahaztuko dut, bada? Zergatik ahaztu behar dut?» galdetu zion mutilak.

        «Ez dizut ezer agindu, ez dizut hitzik eman,» esan zuen Gertrudek mutilari begira, eta ahotsean dardara txiki bat zuela.

        «Zuregan halako eragin bat banuela sinestarazi didazu. Bihotza ireki didazu.»

        «Nik ez dizut bihotza ireki, Brand jauna!» esan zuen Gertrudek halako indar batez.

        «Orduan ez duzu jokatu nik uste bezain garbi..., denok uste genuen bezain garbi.»

        «Ez dakit zer zerikusi duen beste inork honetan!» esan zion neskak.

        «Zure aitarengatik eta ahizparengatik diot. Badakizu poz ematen diela kasu egingo didazula pentsatzeak.»

        Gertrudek algaratxo bat egin zuen. «Ez die pozik ematen,» esan zuen. «Ezerk ez die pozik ematen. Hemen ez dago inor pozik.»

        «Esango nuke zure lehengusua, Young jauna, oso pozik dagoela,» erantzun zion Brand jaunak, tonu apal ia lotsati batean.

        «Hainbat hobe berarentzat!» Eta Gertrudek beste algaratxo bat egin zuen.

        Mutila begira geratu zitzaion une batean. «Oso aldatuta zaude,» esan zion.

        «Poz ematen dit hori entzuteak,» adierazi zuen Gertrudek.

        «Niri ez. Aspaldidanik ezagutzen zaitut, eta zinen bezalakoa atsegin zintudan.»

        «Asko eskertzen dizut,» esan zion Gertrudek. «Orain etxera joan behar dut.»

        Mutilak, berriz, algaratxo bat egin zuen. «Hara nola ihes egiten didazun, ikusten duzu?»

        «Zuk ere ihes egidazu, hortaz,» esan zion neskak.

        Brand jauna begira geratu zitzaion berriro; eta gero, oso amultsu, «Ez, ez dizut ihes egingo,» erantzun zion; «baina, oraingoz, zure gisara utziko zaitut. Uste dut gogoratuko dituzula —hemendik pixka batera— orain ahazturik dituzun hainbat gauza. Atzera niregana itzuliko zarelakoan nago. Fede handia dut horretan.»

        Oso ahots hunkigarria zuen orain Brand jaunak. Erantzuki karga handia zuten haren hitzek, eta Gertrudek ezin erantzun izan zion. Beste aldera jiratu eta han geratu zen Brand jauna, ukondoak langaren gainean jarririk, eguzki-sarrera ederrari begira. Gertrudek hura utzi eta etxerako bidea hartu zuen. Baina hurrengo zelaiaren erdira iritsi zenean, negarrari eman zion bat-batean. Denbora luzean bildutako malkoak zituela pentsatu zuen, eta halako pozkario bat sentitu zuen haiek isurtzean. Berehala lehortu zituen, ordea. Gogortasun puntu bat bazuen Gertrudek bere baitan, eta handik aurrera ez zuen gehiago negarrik egin.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia