4. ATALA

 

        Ahaide amerikarrengana agertu eta egun batzuetara itzuli zen Münster baronesa, nebarekin, eta Wentworth jaunaren etxebizitzaren ondoko etxetxo zuri lehen aipatu den horretan hartu zuen ostatu. Alabekin bisita itzultzera joan zitzaionean jarri zuen Wentworth jaunak landetxe eroso hori baronesaren esku, eskaintza izan zelarik baronesa etorri ondorengo hogeita lau orduetan familian izandako hizketaldian bisitari atzerritar biak serioski eta tentuz eztabaidatu eta aztertu ondorengo emaitza. Hizketaldia, esan dudan bezala, familiartean egin zen, baina han ziren Madame Münster hirira itzuli ondorengo arratsean, beste askotan bezala, Robert Acton eta beraren arreba polita ere. Aurrean egon bazinate, ez zitzaizuen ziur aski irudituko atzerritar distirant haien etorrera gertakizun pozgarri gisa tratatu zenik, ez etxe baketsu hartako atseginik handienetako bat bailitzan, ez entretenimendu-iturri posible gisa. Wentworth jaunak ez zituen horrela tratatzen giza gertakizunak. Wentworthtarren bizimodu ondo ordenatuan ohiko eginkizunen eskematik kanpoko elementuren bat bat-batean sartzeak erantzukizun zentzua —bizimodu horren atal nagusia— berregokitzea eskatzen zuen. Gertakizun bat gertakizunak berak ekar ziezaiekeen atseginaren argi huts eta gordinetan aztertzea Felix Youngen lehengusu amerikarrek ia ezagutzen ez zuten ariketa intelektual bat zen, gizarte-arlo guztietan hain erabilia zenik nekez usteko zutena. Satisfazio bat zen Felixen eta arrebaren etorrera, baina satisfazio pozkariorik gabea eta manaiagaitza. Betebeharraren luzakin bat zen, bertuterik zailenak lantzen jardun behar bat; baina ez Wentworth jaunak, ez Charlottek, ez Brand jaunak, zeina, pertsona bikain haien artean, gogoeta eta goi-nahiaren sustatzaile handia baitzen, ez zuten, egia esan, plazerrarekin zerikusia zukeen zerbait bailitzan tratatu. Egiteko hori Gertrude Wentworthek hartu zuen azkenean, neska berezia baitzen Gertrude, baina bere berezitasunen goi-barren guztiak erakutsi gabe eduki zituena, harik eta atzerritar agian atseginegi haiek aurrean izateak aitzakia polita eskaini zion arte. Gertrudek, nolanahi ere, bata bestearen ondotik gainditu behar izan zituen oztopoak, nola subjektiboak, metafisikoek dioten bezala, hala objektiboak; eta borroka horren berri ematea da, izan ere, neurri handi batean, istorio txiki honen xedea. Wentworth jaunaren eta alaben adiskideak bat-batean gehitu izate horretan zera bide zen garrantzizkoena: hutsegite posibleen eremua handitu izana; eta hutsegiteen larritasun handiaren dotrina —hala dei baitakioke ia— zen Wentworth familiaren tradiziorik estimatuena.

        «Ez dut uste hark etxe honetan gelditu nahiko duenik,» esan zuen Gertrudek, eta izenordaina beste deiturarik ez zion aurrerantzean eman Madame Münsterri. Nahiko erraz jarri ziren Charlotte eta Gertrude, baronesaren aurrean zeudela, hari «Eugenia» esatera, baina elkarren artean hari buruz aritzen zirenean, gutxitan deitzen zioten «hura» beste ezer.

        «Ez al zaio behar bezain ona iruditzen?» esan zuen Lizzie Acton txikiak, zeina galdera desegokiak egiten aritzen baitzen beti —erantzunik, zentzu estuan, eskatzen ez zuten galderak—, berak ere bere betiko barre txiki xalo satirikoaren antzekoren bat besterik espero izaten ez bazuen ere.

        «Etorri nahi bat adierazi du, behintzat,» esan zuen Wentworth jaunak.

        «Hori ez da kortesia beste ezer,» erantzun zion Gertrudek.

        «Kortesia handikoa da, bai, oso kortesia handikoa,» esan zuen Wentworth jaunak.

        «Handiegikoa,» adierazi zuen semeak, ohikoa zuen marmario-tonu batean, nahiz eta hala-holako umore bat adierazteko asmoa beste gaitzik ez zuena izan. «Egonezina sortzen du.»

        «Zuregatik ezin da beste hainbeste esan, jauna,» esan zion Lizzie Actonek, bere barre txikia eginez.

        «Bada, nik ez diot etortzeko ahaleginik egingo,» jarraitu zuen Cliffordek.

        «Niri bost axola, egiten badiozu ere!» esan zion Lizziek.

        «Zu ez zaitu kontuan izango, Clifford,» esan zion Gertrudek, serio.

        «Ez ahal nau izango!» esan zuen Cliffordek.

        «Robert izango du gogoan,» jarraitu zuen Gertrudek, tonu berean.

        Robert Acton gorritzen hasi zen. Ez zen, ordea, horretarako arrazoirik, Gertruderi begira baitzeuden denak; denak, Lizzie izan ezik; hark, bere buru polita alde batera okerturik, nebari begiratzen baitzion.

        «Zergatik egiten duzu besteren arrazoien juzku, Gertrude?» galdetu zion Wentworth jaunak.

        «Ez dut besteren arrazoien juzkurik egiten, aita,» esan zion Gertrudek. «Robert izango duela gogoan, besterik ez dut esan; eta hala izango du!»

        «Gertrudek bere juzkuak egiten ditu!» esan zuen Actonek, barrez. «Ez da hala, Gertrude? Horixe izango nauela gogoan baronesak! Goizetik arratsera izango nau gogoan!»

        «Oso eroso egongo da hemen,» esan zuen Charlottek, etxekoandre-harrotasun puntu batez. «Ipar-ekialdera ematen duen gela handia utziko diogu. Eta ohe frantsesa,» gehitu zuen, andrea atzerritarra zela beti ondo gogoan zuela.

        «Ez du gogoko izango,» esan zion Gertrudek, «ezta eserleku guztietan zapitxo zuriak jartzen badituzu ere.»

        «Zergatik ez, bihotza?» galdetu zion Charlottek, Gertruderen hitzetan ironia izpi bat sumaturik, baina gaizki hartu gabe.

        Eserlekutik jaikirik, Gertrude hara-hona zebilen gelan; haren sedazko soineko harroak, baronesaren ohoretan jantziak, fris-fras egiten zuen alfonbra gainean. «Ez dakit,» erantzun zuen. «Beste gauza zerago bat nahiko du..., gauza pribatuago bat.»

        «Pribatuan egon nahi badu, bere gelan egotea asko du,» adierazi zuen Lizziek.

        Ibiltzeari utzi eta Lizzieri begiratu zion Gertrudek. «Hori ez litzateke atsegina izango,» erantzun zion. «Bakartasuna eta atsegina, biak behar ditu.»

        Robert Acton barrez hasi zen berriro. «Lehengusu maitea, hauxe egoera!»

        Charlottek ahizparengan iltzaturik zituen bere begi serioak; ahizpak ideia bitxi haiek nondik atera ote zituen galdetzen zion bere buruari. Wentworth jaunak ere alaba gazteenari erreparatzen zion.

        «Ez dakit zer bizimodu egingo zuen,» esan zuen Wentworth jaunak, «baina, nolanahi ere, hau baino etxe finagorik eta osasungarriagorik ez zuen izango.»

        Gertrude geldi zegoen zutik, denei begira. «Printze baten emaztea da,» esan zuen.

        «Hemen denok gara printze,» esan zuen Wentworth jaunak; «eta, nik dakidala, inguru honetan ez da jauregirik errentan.»

        «Lehengusu William,» sartu zitzaion Robert Acton, «jokatu nahi al duzu eskuzabal? Eskain iezaiezu, hiru hilabeterako, beste aldeko etxe txikia.»

        «Oso eskuzabala zara besteren gauzekin!» jaurti zion arrebak.

        «Bereekin ere oso eskuzabala da Robert,» adierazi zuen Wentworth jaunak grina gabe, ahaideari gogoetan galdurik bezala begiratzen ziola.

        «Gertrude,» jarraitu zuen Lizziek, «lehengusu berria oso gogoko zenuela uste nuen.»

        «Zer lehengusu berri?» galdetu zion Gertrudek.

        «Ez nizun baronesagatik esaten!» erantzun zion neskatilak, bere barretxoa eginez. «Sarri ikusi nahiko zenuelakoan nengoen.»

        «Felix? Eta sarri ikustea espero dut,» esan zion Gertrudek, soil-soilik.

        «Zergatik eduki nahi duzu, hortaz, etxetik kanpo?»

        Gertrudek Lizzie Actonengana itzuli zituen begiak, eta gero beste aldera begiratu zuen.

        «Nahi al zenuke ni zure etxean zurekin bizitzea, Lizzie?» galdetu zion Cliffordek.

        «Ez ahal zara inoiz biziko! Gorroto zaitut eta!» Hori izan zen andereñoaren erantzuna.

        «Aita,» esan zuen Gertrudek, Wentworth jaunaren aurrean gelditu eta irribarrerik gozoena eginez —gozoetan gozoena izaten baitzen beti, bakanagatik, haren irribarrea—, «utz iezaiezu beste aldeko etxetxoan bizitzen. Zoragarria izango litzateke!»

        Robert Acton Gertruderi begira zegoen. «Arrazoi du Gertrudek,» esan zuen. «Munduko neskarik argiena da Gertrude. Zilegi bazait eskudantzia hau hartzea, hor bizi daitezela aholkatuko nuke nik biziki.»

        «Hor ez dago ezer ipar-ekialdeko gela bezain politik,» esan zuen Charlottek kementsu.

        «Berak polituko du. Utziozue bere gisara!» esan zuen Actonek.

        Gertrude, konplimendu haren aurrean, gorritu egin zen pixka bat, eta Roberti begiratu zion; guztiz familiakoa ez zen batek egindako konplimendutzat hartu zituen Roberten hitzak. «Poliki jarriko du, ziur nago. Oso interesgarria izango da. Ikustera joan beharreko lekua izango da. Etxe atzerritar bat izango da.»

        «Ba ote dugu, gero, etxe atzerritar baten beharrik?» galdetu zuen Wentworth jaunak. «Desiragarria irizten al diozue leku baketsu honetan etxe atzerritar bat izateari?»

        «Baronesa gaixoak taberna bat edo joko-etxe bat ireki behar balu bezala ari zara,» esan zion Actonek, barrez.

        «Zoragarria baino zoragarriagoa izango litzateke!» azaldu zuen berriro Gertrudek, eskua aitaren eserlekuaren bizkarrean jarririk.

        «Joko-etxe bat irekitzea?» galdetu zion Charlottek, oso serio.

        Gertrudek begirada bat luzatu zion ahizpari, eta «Bai, Charlotte,» esan zion soil-soilik.

        «Lotsagabetzen ari da Gertrude,» adierazi zuen Clifford Wentworthek, bere gazte-marmario umorezkoan. «Hara zer dakarren atzerritarrekin elkartzeak.»

        Wentworth jaunak aldamenean zutik zuen alabarengana jaso zituen begiak; aurrerantz erakarri zuen emeki neska. «Kontuz ibili behar duzu,» esan zion. «Erne egon behar duzu. Egia esan, denok ibili behar dugu kontuz. Aldaketa handia da hau; eragin berezien helmenean jarriko gara. Ez dut esango eragin txarrak direnik; ez ditut aurrez juzkatuko. Baina zuhurtasun eta burujabetza handiz jokatzea eskatuko digute beharbada. Beste giro bat izango dugu.»

        Gertrude isilik geratu zen une batean, aitaren hitzenganako begirunez. Baina ondoren esan zuenak ez zion inolaz ere aurrekoari erantzun. «Nola bizi diren ikusi nahi dut. Ziur nago beste ordu batzuk izango dituztela. Beste era batera egingo ditu Eugeniak hainbat eta hainbat gauza. Harenera joatea Europara joatea bezala izango da. Boudoir bat edukiko du. Afaltzera gonbidatuko gaitu... berantorduz. Gosaldu ere, bere gelan egingo du.»

        Charlotte ahizpari begira geratu zen berriro. Gertruderen irudimenak gainezka egin zuela iruditu zitzaion. Gertrudek irudimen handia zuela, bazekien lehendik ere —oso harro zegoen horretaz—. Aldi berean, ordea, arriskutsua eta arduragabea iruditu izan zitzaion beti ahalmen hura; eta orain, mehatxu bat sumatu zuen: ahizpa, bidaia batetik itzuli balitz bezala, bidaian ikusitako gauza bitxi guztiak —agian desegokiak— bat-batean kontatzen hasten den pertsona arrotz bihurtzeko mehatxua. Charlotteren irudimenak ez zuen inoiz bidaiatzen; sakelean gorderik zuen hark, esateko moduan, irudimena, zorro hartako beste gaiak —titare bat, menda-kaxa txiki bat, eta esparatrapu mutur bat— lagun zituela. «Ez dut uste ez afaririk ez gosaririk egingo duenik,» esan zuen Wentworth andereñoak. «Ez dut uste berak ezer egiten jakingo duenik. Zerbitzari sail bat lortu beharko nioke, eta ez lituzke gogoko izango.»

        «Badu neskame bat,» esan zuen Gertrudek; «neskame frantses bat. Hala esan zuen.»

        «Txano koskaduna eta txapin gorriak erabiliko ote ditu neskameak?» esan zuen Lizzie Actonek. «Robertek behin ikustera eraman ninduen antzerki batean neskame frantses bat agertzen zen. Galtzerdi arrosak zituen, eta oso lotsagabea zen.»

        «Soubrette bat zen,» adierazi zuen Gertrudek, bizitza osoan antzerki bat ikusi ez bazuen ere. «Soubrette deitzen diete horiei. Aukera ederra izango dugu frantsesa ikasteko.» Charlottek hasperentxo arin etsi bat egin zuen. Ikusten zuen antzezlari lotsagabe bat, galtzerdiak arrosa eta oinetakoak gorri, hizkuntza ulertezin batean inor nahastarazterainoko hitz-jarioz berbetan, etxe handi garbi haren barne-muinetan hega-biraka. «Horra hor arrazoi bat hona etor daitezen,» jarraitu zuen Gertrudek. «Gurekin frantsesez egiteko eskatuko diogu Eugeniari, eta baita Felixi ere. Hasteko asmoa dut hurrengoan.»

        Wentworth jaunak ondoan zuen artean Gertrude, eta begirada serio, labur, sor bat zuzendu zion berriro. «Gauza bat agindu behar didazu, Gertrude,» esan zion.

        «Zer?» galdetu zion Gertrudek, irribarrez.

        «Ez zarela aztoratuko. Ez dituzula gertakari hauek aztorabide bihurtuko.»

        Unetxo batean aitari begira egon ondoren, burua astindu zuen Gertrudek. «Ez dut uste bete ahal izango dudanik, aita. Aztoraturik nago jada.»

        Wentworth jauna isilik geratu zen tarte batean; denak geratu ziren isilik, ausardia izugarri baten lekuko izan balira bezala.

        «Uste dut hobe izango dutela beste etxera joatea,» esan zuen Charlottek apalki.

        «Beste etxean emango diet ostatu,» erantsi zuen Wentworth jaunak biribilago.

        Gertrude jiratu egin zen; Robert Actoni begiratu zion. Lagun handia zuen bere lehengusu Robert; askotan begiratu ohi zion horrela, hitz egin ordez. Oraingo begirada hori, ordea, ohi baino esanahi gorde gehiagoren ordeko zela iruditu zitzaion Roberti, eta, besteak beste, zera ikusarazi nahi ziola: aitak, barne lasaitasunaren interesetan, ahaide atzerritarrekiko harreman-aukerak murrizteko zuen asmoa —asmo bazen, behintzat— eraginik gabekoa izan zela. Actonek, ordea, zorionak eman zizkion berehalaxe Wentworth jaunari, erakutsi zuen eskuzabaltasunagatik. «Oso ekintza ederra da,» esan zion, «etxe txikia uztea. Zuk eskuzabaltasunez hartu izango dituzu, eta gertatzen dena gertatzen dela, poztu egingo zara horrela jokatu izanaz.» Eskuzabala zen Wentworth jauna, eta bazekien eskuzabala zela. Atsegin ematen zion eskuzabala zela jakiteak, eskuzabal jokatzeak, eta besteek ere eskuzabala zela adierazten zutela ikusteak; eta atsegin horixe da gertaera hauen narratzaileak lepora ahal izango dion buruiritzi-modu nabari bakarra.

        «Hor, hiru eguneko bisita, gehienera ere; egonaldi luzeagorik ezingo nukeen egin,» adierazi zion Madame Münsterrek nebari, etxe txiki zurian jarri zirenean. «Intime-egia zatekeen; intime-egia, zalantzarik gabe. Gosaria, afaria eta tea en famille. Eguzkiak irteteari utziko ziokeen, hirugarren egunera iritsi banintz.» Eta gauza bera aipatu zion Augustine neskameari. Pertsona argia zen Augustine, eta oso konfiantzakoa zuen baronesak. Felixek, berriz, zera adierazi zuen: berak gogo onez igaroko zukeela bizitza osoa Wentworth familiaren altzoan; munduko pertsonarik amultsuenak, sinpleenak eta adiskidetsuenak zirela, eta maitasun handia hartu ziela den-denei. Sinpleak eta amultsuak zirelakoarekin erabat ados zegoen baronesa; oso jende ona zela, eta oso gogoko zituela. Neskak andereño akats gabeak zirela; Charlotte Wentworth baino andereño osatuagorik, zeukan herritar-itxura eta guzti, ez zegoela izaterik. «Baina munduko lagunarterik onena osatzen dutela esatea,» esan zuen baronesak, «beste gauza bat da; eta horiekin porte à porte bizi izateko dudan gogoa eta atzera komentura itzuli, eskola-mantala jantzi eta logela komunean lo egiteko dudana, elkarren antzekoak dira.» Eta, hala ere, oso umore onean zegoen baronesa; oso gogara geratu zen. Zuen ulermen handia eta irudimen fina izanda, bazekien gauza ezaugarriak balioesten, bazekien zein bere sailean nagusi zena balioesten; eta Wentworthtarren etxea, bere sailean, ezin hobea iruditu zitzaion: bake ederrekoa eta tatxagabea; baronesak kuakerismoarenak jotzen zituen lasaitasun eta onberatasun garbi apalez betea, eta, hala ere, oparotasun material batean oinarriturik zegoela ematen zuen, eta hori, hainbat xehetasuni bagagozkio, alferrik bilatuko zen Silberstadt-Schreckensteingo gorte txiki murritzean. Berehalaxe konturatu zen baronesa ahaide amerikarrek gutxitan erabiltzen zutela dirua buruan eta ahotan; eta horrek inpresioa egin zion Eugeniari. Antzeman zion ezen Charlottek edo Gertrudek aitari zenbateko handixko bat eskatuko baliote, aitak bertantxe eskuratuko liekeela ere; eta are inpresio handiagoa egin zion horrek. Baina azkar atera zuen beste ondorio batek egin zion, beharbada, denetan inpresiorik handiena. Laster konturatu zen baronesa Robert Actonek asteko egun guztietan eramango zukeela eskua sakelera, arrebatxo kaskarin hark hala eskatuko balio. Bistan da, zioen baronesak berekiko, lurralde honetako gizonak oso zerbitzalak direla. Eugeniak atseden eta erretiro bila zebilela esan zuenean esandakoa ez zen dena gezurra; baronesak esaten zuena ez zen dena gezurra izaten. Baina bidezkoa litzateke agian zera ere eranstea: esaten zuen guztia ez zela den-dena egia izaten. Naturara itzultzea zela idatzi zion Alemaniako lagun bati; esne jetzi berria edatea bezala zela, eta oso gogoko zuela esne jetzi berria. Bere buruari, jakina, aspergarri samarra gertatuko zitzaiola esaten zion; baina pixka bat aspertzeak axolarik ez ziola pentsatzen zuen, eta ez dateke hori baino froga hoberik umore onean zegoela erakusteko. Bere landetxe limosnazkoaren loriotik begira jarri eta lur-sail baketsuak, larre isilak, urmael gardenak, fruta-arbola makatzak ikusten zituenean, iruditzen zitzaion ez zela inoiz egon halako isiltasun sakon bereziaren erdian; ia plazer sentsual delikatu bat sentitzen zuen. Han dena zen oso ona, oso xaloa eta segurua, eta gauza onen batek etorri behar zuen handik, nahitaez. Augustine zebilen, ordea, aski nahasturik eta gogogabeturik. Muga gabeko fedea zuen Augustinek etxekoandrearen zuhurtzian eta aurreikuspenean. Beti prest izaten zen bere partea jokatzeko, ulertzen baldin bazuen; baina ulertu egin nahi izaten zuen, eta ulermenak, oraingo honetan, huts egiten zion. Baina zer egiten zuen baronesak dans cette galère? Zer arrain harrapatzea espero zuen ur geldi hauetan? Zeregin korapilatsuren bat zerabilen baronesak eskuartean, inondik ere. Fio zen Augustine baronesaz, baina ilunpetan zebilela salatzen zuen adin ertaineko emakume argal, zurbil, neurtu haren —Gertrude Wentworthek soubretteaz zuen ideiarekin batere zerikusirik ez zuen haren— aurpegiak, Wentworthtarren bake eta ugaritasun zantzu ager-nahirik gabekoaren gainean inoiz pausatu zen betarte ironikoena erakusten zuenean. Zorionez, ekintzaz amatatzen zuen Augustinek eszeptizismoa. Bat etorri zen etxekoandrearekin —edo, hobeto esan, aurre hartu zion etxekoandreari— etxe txiki zuriak huts-itxura penagarria zuela uste izatean. «Il faudra,» esan zuen Augustinek, «lui faire un peu de toilette.» Eta hala hasi zen portières direlakoak ateetan esekitzen, argizarizko kandelak, kostata aurkitu ondoren, lekurik susmagaitzenetan jartzen, oihaltza bitxi bat sofa-beso eta sila-bizkar gainetan zabaltzen. Jantziz ondo horniturik etorri zen baronesa Mundu Berrira, eta bi Wentworth andereñoak, bisitan joan zitzaizkionean, txunditu samarturik gelditu ziren haren arropa-banaketa deigarria ikustean. Lepoko zapi indiarrak ageri ziren, errezel gisa, egongelako atean esekirik, eta oihal harrigarriak, Gertruderen ikuspegi metafisikotik ikusita operarako kapusaiak ziratekeenak, eserlekuen gainetan barreiaturik. Sedazko errezel arrosak zeuden leihoetan, gela itzal bitxi batean biltzen zutela; eta tximiniako apalean belusazko zapi-zerrenda ikusgarri bat zegoen, gaina enkaje zakar zikin-itxurako batez estalia. «Etxea pixka bat egokitzen aritu naiz,» esan zuen baronesak, Charlotteren nahasmen handirako; izan ere, bere burua eskaintzeko puntuan egon baitzitzaion Charlotte, alferrik zeuden oihalak kentzen laguntzeko. Gertrude, ordea, bat-batean konturatu zen ezen Charlottek ia gehiegizko zabarkeriatzat hartu zuenak oso helburu burutsua, interesgarria eta erromantikoa zuela. «Izan ere, zer da bizitza errezelik gabe?» esan zuen bere artean Gertrudek; eta iruditu zitzaion berealdiko bizimodu zurimina eta apaindurarik gabea egin zuela ordu arte.

        Felix ez zen ezergatik gehiegi kezkatzekoa, eta beste ezerk baino gutxiago kezkatzen zuen olgetabideak. Olgetarako zuen gaitasuna hain zen handia, hain berezkoa eta bizia, ezen esan baitaiteke eragozpen eta saminei aurre hartuta ibiltzen zela beti. Izaera alaia zuen berez, eta berritasuna eta kanbioa, ziren zirenean, gozamen zitzaizkion. Eta maiz izan zituenez, ematen zuen baino bizimodu atseginagoa egin zuen. Ez zen munduan Felixena baino izaera hoberik. Ez zen harena gogo urduri, irudikor, anbizioz bete bat, patuaren tiraniarekin lehian lebilkeena, baizik eta hain gogo mesfidantzarik gabekoa, ezen desarmatuko baitzukeen Ezbeharra bera, haizeak astintzen duen lorearen mugimendu txairo naturalez txiri egin eta ihes eginez. Gauza guztietatik ateratzen zuen entretenimendua Felixek, eta beraren ahalmen guztiek —irudimenak, adimenak, txerek, zentzumenek— hartzen zuten esku jokoan. Eugenia eta biak oso ondo hartuak izan zirela iruditzen zitzaion; oso hunkigarria zela Wentworth jaunaren jokabidea markatzen zuten eskuzabaltasun aitatiarraren eta gizarte-mailarekiko begiramenaren elkarketa; ohi ez den bezalako adeitasuna erakutsi zuela, esate baterako, etxea uztean. Kontentuz beterik zegoen Felix bere etxearekin, zeren eta askoz bereagoa baitzuen sagarrondo arteko landetxe txiki zuria —borda, Madame Münsterrek esaten zion bezala—, leihoak patiora eta errenta-zorrak luzatuak zituen beste edozein quatrième baino. Bizitzaren parte handi bat igaro zuen Felixek patioetara begira, bi ukalondoak —saretuxeak agian— leiho garai baten ertzean jarririk, zigarreta baten ke mehea kaleko hotsak galdu eta antzinako kanpandorreetako kariloien bibrazioa sentitzen zen atmosfera batera igotzen zen bitartean. Felixek ez zuen inoiz ezagutu Ingalaterra Berriko lur haiek baino gauza landa-girokoagorik, eta berehala zaletu zen haien zakartasun artzain-girokora. Inoiz ez zuen sentitu hain segurtasun gozo erosorik; eta menturazale kaxkar baten gisa ager dakizuekeen arriskutan bada ere, zera esan behar dut: egunero osabarenean afaldu ahal izateari ezin saihestuzko xarma aurkitzen ziola. Xarma, nolanahi ere, Felixen fantasiak pribilejio haren gainera isurtzen zuen argi arrosagatik zen ezin saihestuzkoa. Estimu handia egiten zion aurrean jartzen zioten janariari. Hango ugaritasunaren itxura freskoak zera pentsarazten zion: horrela bizi izango zela jendea mitologia aroan, mahaiak belar gainean zabaldu, ugaritasunaren adarretik sortutakotik bete, eta sukaldeko su-ontzien behar handirik ez zenean. Pozik handiena, ordea, familia bat aurkitu izanak ematen zion Felixi: izen txikiaz deitu ahal zien pertsona bihozbera atseginen artean esertzeak. Berak esaten zuenari eskaintzen zioten arreta baino gauza zoragarriagorik ez zuen inoiz ezagutu. Akuarela-pintzelkadaz zirriborratzeko prest lukeen marrazteko paper handi, garbi, ehundura fineko baten aurrean balego bezala sentitzen zen. Ez zuen lehengusurik izan, eta ez zuen ordu arte andereño ezkongabeekin hain harreman irekirik izan. Oso gogoko zuen emakumeen lagunartea, eta gauza berria zitzaion emakumeak era hartara tratatu ahal izatea. Hasieran ez zuen ulertzen zer gertatzen zitzaion. Iruditzen zitzaion hiru neskaz batera zegoela maitemindurik, bereiztasunik gabe. Garbi ikusten zuen ezen Lizzie Acton Charlotte eta Gertrude baino askoz politagoa zela; horrek, ordea, ez zion Lizzieri nagusitasunik ematen. Hirurek komun zuten zerbait atsegin zuen Felixek; parte bat, noski, haien gorputzen txairotasuna zen, zeinak apropos egina baitzirudien beti oihal arin eta kolore argiko soinekoz janzten ziren bezala janzteko. Baina beste alderdi batzuk ere bazituzten txairoak, eta alderdi txairo hariek, nolabait ere, harremanetan nabarmentzen zirela ikusteak poz handia ematen zion Felixi. Dama agurgarri asko ezagutu zuen zorionez, baina dama haiekin —ezkongabeak zirenekin batez ere— harremanetan izan zen denboran, kristalean sartutako irudiei begira egon zela iruditzen zitzaion orain. Orain konturatzen zen zein higuingarria zen kristala, nolako itxuragabetzeak eta interferentziak sortzen zituen; nola bereganatzen zuen beste objektu batzuen isla, eta behartzen zuen norbera albotik albora begira ibiltzera. Orain ez zuen kontu egin behar izaten ea Charlotte, Gertrude edo Lizzie Acton argiak ondo harrapatzen zituen lekuan ote zeuden: argitan zeuden haiek beti. Dena zuen haiengan gogoko; esate baterako, ez zitzaion oharkabean pasatu ezen oin lirainak eta oingain garaiak zituztela. Atsegin zituen haien sudur politak; atsegin zituen haien begi harrituak eta haien hizkera zalantzakor, setakeriarik gabea; oso atsegin zuen haietako edozeinekin orduak eta orduak nonahi bakarrik egoteko askatasun guztia zuela jakitea eta bakartasunerako laguntzat bat baino bestea nahiago izatea garrantzi gutxiko kontua zela konturatzea. Charlotte Wentworthen hazpegi serio baina gozoak Lizzie Actonen begi urdin adierazkor zoragarriak bezain atseginak ziren; eta beste guztia bezain xarmagarria zen Gertruderen paseatzeko eta entzuteko prestasuna, oso ibilera dotorea zuelako, batez ere. Geroxeago hasi zen Felix bereizketak egiten. Baina orduan ere, askotan pentsatzen zuen nahiago zukeela denak hain triste egon ez balira. Lizzie Actonek ere, egiten zituen berriketa eta irritxo politak gorabehera, triste zirudien. Clifford Wentworth ere, gaztetasun betea alde izanagatik, eta gurpil handi-handiko zalgurdi bat eta behoka gorri bat, munduko hanka-politena, edukiagatik —mutil zorioneko hura ere—, trebe zen begirada uzkur iheskor bat zuzentzeko, eta, batzuetan, kontzientzia garbi ez duenaren gisa, inorengandik sahieska alde egiteko. Inolako pisurik sentitzen ez zuen pertsona bakarra, lagunarte hartan, Robert Acton zen, Felixen iritziz.

        Uste izan zitekeen ezen, aipatu diren etxe-txukunketa apain horiek burutu ondoren, ennui arrisku larriei aurre egin beharko ziela Madame Münsterrek. Ordu artekoan, ordea, ez zuen deiadarrik jo. Gogo-urduria zen baronesa, eta esan daiteke urduritasun hori proiektatzen zuela aurrean zuen edozein egoeraren gainera. Hein batean, bere urduritasunaz baliatzen zen entretenitzeko. Zerbait gertatuko zen itxaropena izaten zuen beti, eta, etsipenak itzaltzen zion arte, plazer samur izaten zuen itxaropena bera. Baronesak orain zer itxaroten zuen argitzeak jeinu handia eskatuko luke; esan dezagun, soilik, aurkitu zuela, ingurura begira jarrita, irudimena zertan erabili. Ahaide berriekin pozez zoratzen zegoela sinestarazi zion bere buruari; familia bat aurkitu izanak satisfazio handi bat sortu ziola berari ere, nebari bezala. Egia da senitartekoen begiramen maitatia asko estimatzen zuela. Mirespen handia jasoa zen Eugenia, oroz gainetik, eta esperientzia handia zuen konplimendu ondo eginetan; baina konturatzen zen ez zuela inoiz indar handiagorik izan, ez ziotela inoiz jaramon handiagorik egin, orain, beraren lagunarte txikian, lehen aldiz, konparaketarako eredurik gabe ziren honetan baino. Izan ere, inguruan zituen jende on haiek beraren handitasuna neurtzeko inolako konparazio eredurik ez zutela sumatzeak botere ia neurrigabea sentiarazten zion baronesari. Egia zen —eta hala esan zion bere buruari— beraren kontra ezer txarrik aurkitu ez izateko arrazoia hori bazen, arrazoi berak galarazi ziezaiekeela beraren alderdi onenak ikustea ere. Baina horretaz bera arduratuko zela esanez ematen zien bukaera baronesak gogoeta horiei.

        Charlotte eta Gertrude nahastu samarturik zebiltzan Madame Münsterri behar bezalako arreta erakutsi nahiaren eta gogaituko zuten beldurraren artean. Sagastiko etxe txikia, orain arte, familiako lagun handiek edo ahaide behartsuek eduki izan zuten udako hilabeteetan, Wentworth jauna konponketak egiterakoan etxe-nagusi bizkor eta ordain-egunean ahanzkor izan zutela. Zirkunstantzia horietan, ez etxe txikiko ateak ez handikoak, zein bere jardinaz haraindi elkarren aurrez aurre zabalik, ez zuten bisita-orduen gainean zergarik ezartzen. Baina, Wentworth andereñoei iruditu zitzaienez, Eugenia ez zen abisu eman gabe etxean agertzeko ohitura horren zale. Hark, nonbait, ez zekien atezain gabe bizitzen. «Ostatu batera bezala sartzen da zuen etxera; alde bakarra, ez dela zerbitzaririk lasterka irteten,» esan zion Charlotteri baronesak, eta hori oso gauza atsegina zela gaineratu. Baronesak hain zuzen ere kontrakoa adierazi nahi izan zuela argitu zion Gertrudek: ez zuela batere atsegin. Ea zergatik esango zuen baronesak gezurra, galdetu zion Charlottek ahizpari, eta, inondik ere, arrazoi onen batzuk izango zituela erantzun zion Gertrudek, eta, baronesa hobeto ezagutzen zutenean, jakingo zituztela. «Gezurra esateko arrazoi onik ez da,» esan zion Charlottek. «Ez ahal du pentsamolde hori izango!»

        Haiek, noski, ahal zuten guztia egin nahi izan zuten, hasiera-hasieratik, baronesari egokitzen laguntzeko. Hainbat eta hainbat gauza eztabaidatu beharko zutela pentsatu zuen Charlottek. Baina baronesak ez zuen ezer eztabaidatzeko asmorik erakusten.

        «Idatziozu ohar bat, ikustera joateko baimena eskatuz. Hori gogoko izango duela uste dut,» esan zion Gertrudek.

        «Zertarako jarri behar diot erantzuten lana?» galdetu zuen Charlottek. «Ohar bat idatzi eta bidaltzen ibili beharko du.»

        «Ez dut uste inolako lanik hartuko duenik,» esan zion Gertrudek barren-barrendik.

        «Zer egin behar du, bada?»

        «Horixe da jakin nahi dudana,» esan zion Gertrudek, eta jakin-min hura eria zen irudipenarekin utzi zuen ahizpa.

        Aldez aurreko korrespondentziarik gabe joan ziren Charlotte eta Gertrude baronesa ikustera, eta hark ordurako eraturik zuen saloitxoan —oso egoki ematen zuten argi, kirikola eta guzti— Robert Acton aurkitu zuten.

        Amultsutasunez gainezka hartu zituen Eugeniak, baina krudelki bazterturik eduki zutela leporatu zien. «Ikusten duzue Acton jaunak errukitu behar izan duela nitaz,» esan zien. «Neba, marraztera irteten da, eta orduak pasatzen ditu kanpoan; harekin jai dut. Horregatik, Acton jauna bidaltzera nindoakizuen, zuen lagunarte zuhurraren mesedea egitera etor zaiteztela eskatzera.»

        Gertrudek ahizpari begiratu zion. «Horra zer egingo zukeen,» esan nahi zion Charlotteri. Charlottek baronesari esan zion ezen egunero haiekin afaltzera joango zela espero zutela: oso poztuko zirela, eta hartara ez zuela sukaldari bat hartzen ibili beharrik izango.

        «Derrigorrez hartu behar dut sukaldari bat!» esan zuen baronesak. «Andre zahar beltz, turbante horidun bat. Horrexen gutizia dut. Leihotik begiratzen dudanean, belar gainean eserita ikusi nahi dut, hauts-koloreko sagarrondo txiki oker horiek atzean dituela, altzobete arto zuritzen. Tokian tokiko ezaugarriak, badakizue! Hemen ez da askorik eta —ez didazue gaizki hartuko hori esatea, ezta?—, ahal den zuku gehiena atera behar zaio dagoenari! Nahi duzuenean, oso pozik joango naiz zuekin afaltzea; baina nik ere gonbidatu nahi zaituztet noiz edo noiz. Eta Robert Acton ere gonbidatu nahi nuke,» erantsi zuen baronesak.

        «Nire etxera etorri beharko duzu gonbitea egitera,» esan zion Actonek. «Ni bisitatzera etorri eta nirean afaldu behar duzu lehenik. Etxea erakutsi nahi dizut; amaren aurrean aurkeztu nahi zaitut.» Acton jauna handik bi egunera joan zitzaion berriro Madame Münsterri bisitan. Oso sarri joaten zen beste etxera; etxetik oinez joaten zen, landaz landa, eta lehengusuek baino eskrupulo gutxiago zuela ematen zuen abisatu gabe joateko. Oraingo honetan Brand jauna topatu zuen atzerritar xarmagarriari kortesiazko bisita egiten; baina Actonen etorreraren ondoren, teologo gazteak ez zuen hitzik esan. Bere eserlekuan eserita egon zen, bi eskuak elkarturik, etxekoandreari serio eta liluraturik bezala tinko begira. Baronesak Robert Actonekin hitz egiten zuen, baina, hizketan ari zela, beste aldera jiratu eta irribarre egiten zion Brand jaunari, zeinak ez baitzion baronesari begirik kentzen. Bi gizonezkoak elkarrekin irten ziren baronesaren etxetik; Wentworth jaunarenera zihoazen. Brand jauna isilik zihoan orduan ere, baina, Wentworth jaunaren jardinera sartu zirenean, gelditu eta atzera begiratu zuen; etxetxo zuriari begira egon zen pixka batean. Gero, burua alde batera pixka bat okertu eta bekokia apur bat zimurtzen zuela, lagunari begiratu eta esan zuen, «Beno, hori izango da solasa esaten diotena, solas benetakoa.»

        «Emakume argia izatea esaten diot nik horri,» esan zuen Actonez, barrez.

        «Oso interesgarria da,» jarraitu zuen Brand jaunak. «Hala ere, nahiago nuke frantsesez hitz egingo balu; hobeto legokioke giroari. Hori izango da hainbatetan entzun eta irakurri izan dugun Madame de Staëlen eta Madame Récamierren solas moldea.»

        Actonek ere malba gorri eta sagarrondoen arteko Madame Münsterren egoitzari begiratu zion. «Zera jakin nahi nuke,» esan zuen, barrez, «zerk ekarri ote duen Madame Récamier hona bizitzera!»

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia