3. ATALA

 

        Arrats hartan, afaritan, Felix Youngek bere inpresioen kontu eman zion arrebari, Münster baronesari. Konturatu zen baronesa ezen umore ezin hobean itzuli zela Felix. Horretan, ordea, baronesak ez zuen pozteko arrazoirik ikusten. Neurri baterainoko konfiantza baizik ez zuen nebaren juzkuan; Felixek arrosa-koloreko ikuspegiak ikusteko zuen ahalmena, kolorerik politena itsusteko adinakoa zen. Hala ere, egite hutsen azalpenak sinets zekizkiokeela uste zuen, eta eskatu zion, halako ezinegon batez, konta zitzala egite horiek. «Pentsatzen dut ez zintuztela, behintzat, atetik bidaliko,» esan zion baronesak. «Hamar bat ordu egin dituzu kanpoan.»

        «Zera bidaliko ninduten atetik!» esan zion Felixek. «Bihotzak zabalik hartu naute; zekor gizenena hil dute.»

        «Ulertzen dut zer esan nahi duzun: aingeru sail bat dela.»

        «Horixe bera,» esan zuen Felixek. «Aingeru sail bat da, garbi esanda.»

        «C'est bien vague,» adierazi zuen baronesak. «Zer itxura dute?»

        «Ez dute inoiz ikusi duzun ezeren antzik.»

        «Eskerrik asko; baina horrek ez du kontua askorik argitzen. Serioski, poztu al dira zu ezagutzeaz?»

        «Pozez zoratzen jarri dira. Nire bizitzako egunik handiena izan da. Ez naute inoiz, ezta inoiz ere, hainbeste goretsi! Benetan diozut, ni nintzen taldeko izarra. Arreba maitea,» esan zuen mutilak, «nous n'avons qu'à nous tenir: oso jende handia izango gara!»

        Madame Münsterrek begirada bat luzatu zion, eta oniritzi izpi baten argia zuten haren begiek. Baronesak kopa-ardoa ezpainetara eraman zuen, eta, gero, esan zuen, «Deskriba iezazkidazu. Egin iezadazu erretratu bat.»

        Felixek bere kopa hustu zuen. «Bada, landa da, belardi eta baso artea; leku basati bat, hemendik oso urrun ez badago ere. Hura bidea, ordea, enetxo! Imajina ezazu mendi garaietako glaziar bat lokatzezkoa. Baina ez duzu atzera eta aurrera denbora luzez ibili beharko, zeren eta hara joan eta bertan gera zaitezela nahi baitute, betiko.»

        «Hara!» esan zuen baronesak. «Hara joan eta bertan gera nadila betiko? Bon

        «Oso ingurune landa-girokoa da, izugarri naturala; eta gain guztian, argi zuri bitxi hori, zeru urdin urrun hori. Bada, han, zurezko etxe handi bat dago —hiru solairuko bungalow gisako bat—; Nurembergeko jostailu erraldoi bat dirudi. Bazen han jaun bat, etxeari buruz hitzaldi bat eman didana, eta hark «etxe agurgarria» deitu dio; baina bart eraikia dirudi.»

        «Polita da? Dotorea?» galdetu zion baronesak.

        Felix pixka batean begira geratu zitzaion, irribarrez. «Oso garbia da! Ez dago dirdairik, ez doraturik, ez zerbitzari osterik. Aulkiak, nahiko bizkar-tenteak. Zoruak, ordea, bertatik jateko modukoak, eta eskailerak, berriz, bertan esertzeko modukoak.»

        «Pribilejio bat izango da. Eta bizilagunak ere bizkar-tenteak izango dira, noski?»

        «Arreba maitea,» esan zion Felixek, «bizilagunak xarmagarriak dira.»

        «Zer eratara?»

        «Beren erara. Nola esango nizuke? Hango estiloa primitiboa da; patriarkala; urrezko aroaren ton bera.»

        «Eta ton hori besterik ez dute urrezkorik? Ez dago aberastasun zantzurik?»

        «Aberastasuna zantzurik gabe dagoela esango nuke nik. Etxe-giroko bizimodu sinple bat; kanpoalderako ezer ez, eta oso gutxi... —nola esango nuke?— ...zentzumenetarako; baina aisance handi bat, eta diru asko —ikusten ez dela— mugimenduan, erakundeetako bazkidetzak ordaintzeko, jabegoak berriztatzeko, sendagilearen fakturak pagatzeko; eta, beharbada, baita alaben doterako ere.»

        «Eta alabak?» galdetu zion Madame Münsterrek. «Zenbat dira?»

        «Bi dira: Charlotte eta Gertrude.»

        «Politak dira?»

        «Bat bai,» esan zuen Felixek.

        «Zein?»

        Mutil gaztea isilik geratu zen, arrebari begira. «Char-lotte,» esan zuen azkenean.

        Orain, berriz, arrebak begiratu zion. «Ulertzen dut. Gertrudez maitemindu zara. Puritanoak izango dira burutik hasi eta hanka-puntetaraino; alaiak ez beste guztia!»

        «Ez dira alaiak, ez,» onartu zuen Felixek. «Neurtuak dira; are zorrotzak. Izaeraz gogoetara emanak diren horietakoak dira; gauzak serioski hartzen dituzte. Nik uste, arazoren bat dute: edo oroitzapen tristeren bat dute, edo nahigaberen bat etorriko den beldur dira. Ez dute izaera epikureoa. Osaba, Wentworth jauna, duintasun izugarriko agure bat da; ematen du martirioa pairatzen ari dela, ez suzkoa, baizik eta izotzezkoa. Baina guk alaituko ditugu: on egingo diegu. Astinaldi ederra hartuko dute. Baina, bestela, izugarri amultsuak eta atseginak dira. Eta esker onekoak. Argitzat gauzkate; ospe handikotzat gauzkate!»

        «Oso ederki dago hori dena,» esan zuen baronesak. «Baina hiru pertsona horietara mugatu behar al dugu? Wentworth jauna eta bi andereño hoietara? Nola esan duzu deitzen direla, Debora eta Betsabe?»

        «Ez, ez; beste neskatila bat ere bada; horien lehengusua; oso neskatila polita; amerikar perfektua. Eta gero etxeko semea dago.»

        «Ederki,» esan zuen baronesak. «Iritsi gara gizonezkoetara. Zer diozu etxeko semeaz?»

        «Ez dakit ez ote den pixka bat berdozten.»

        «Hori, hortaz, epikureoa da! Zer adin du?»

        «Hogei urteko gazte bat da; mutil ederra, baina ez dakit gustu arruntak ez ote dituen, tamalez. Eta, gero, Brand jauna: mutil gazte oso garai bat, apaiz laiko-itxurako bat. Denek oso iritzi onean daukatela ematen du, baina nik ez diot ondoegi antzeman.»

        «Eta ez al dago ezer,» galdetu zion baronesak, «bi mutur horien artean? Elizgizon misteriotsuaren eta gazte neurrigabeko horren artean?»

        «Bai, bai. Acton jauna. Uste dut,» esan zuen mutilak, arrebari baiezko keinua buruaz eginez, «atsegin izango duzula Acton jauna.»

        «Gogoan izan oso kontentagaitza naizela,» esan zion baronesak. «Gizabide handia al du?»

        «Zurekin handia izango du. Mundu-gizona da; Txinan izana da.»

        Madame Münsterrek algaratxo bat egin zuen. «Txinako mundua duen gizon bat! Oso interesgarria izango da.»

        «Etxera aberastasun handia ekarri zuen ideia dut,» esan zion Felixek.

        «Hori beti da interesgarria. Gaztea al da? Itxura onekoa? Buruargia?»

        «Berrogei urteren azpitik ibiliko da; burua soiltzen hasia du; iaioa da hizketan. Esango nuke,» erantsi zuen mutilak, «miresgarria gertatuko zaiola Münster baronesa.»

        «Oso litekeena da,» esan zuen andreak. Nebak inoiz ez zuen jakiten nola hartuko zituen Eugeniak gauzak; baina, handik pixka batera, oso deskribapen polita egin ziola adierazi zion baronesak, eta hurrengo goizean joan eta bere begiz ikusiko zuela.

        Hala, bada, lau lagunentzako zalgurdi desestali batera igo —baronesak ez zion ibilgailuari aitzakiarik aurkitu, eskatu zioten diru-saria eta kotxe-gidariaren lastozko kapelua izan ezik (baronesaren lekaioek jantzi hori-gorriak zituzten Silberstadten)— eta landarako bidea hartu zuten. Baronesak, atze-atzera eseri eta bere eguzkitako puntiladuna zabuka zuela, ezker-eskuin begiratzen zuen eta bide bazterreko gauzak aztertzen zituen. Affreux iritzi zien berehalaxe. Nebak esan zion ezen lurralde hartan, ematen zuenez, plano hurbilak eskasagoak zirela plans reculés baino, eta baronesak erantzun zion ikuspegi guztiak plano hurbila zirudiela. Felixek antolaturik zuen lagun berriekin arreba noiz eraman: arratsaldeko lauretan zuten ordua jarria. Etxe handiaren aurrealde garbia oso abegitsu agertu zen Felixen begietara, zalgurdia ondoratu zenean. Zumar garai lerdenek itzal luzexkoak egiten zituzten etxe aurrean. Baronesa zalgurditik jaitsi zen. Ahaide amerikarrak lorioan zituen zain. Felixek kapeluaz agurtu zituen, eta gizonezko garai zimel bat, bekoki-zabala, bizarra ondo eginik, aurreratu zen jardineko atera. Charlotte Wentworth zuen aldamenean; Gertrude atzetik zetorren, astiroago. Bi andereñoek sedazko soinekoak zituzten fris-fras. Felixek jardineko atetik barrura eraman zuen arreba. «Izan zaitez oso atsegingarria,» esan zion. Konturatu zen, ordea, aholku haren beharrik ez zela. Eugenia prest zegoen bera bakarrik izan zitekeen bezain atsegingarri agertzeko. Arreba inolako eragozpenik gabe miretsi ahal izatea baino plazer handiagorik ez zen Felixentzat; zeren eta, horretarako aukera maiz sortzen bazen ere, ohitura ez baitzegoen sustraitua. Eugenia, inoren aurrean atsegingarri agertu nahi izaten zuenetan, munduko emakumerik xarmagarriena iruditzen zitzaion Felixi, beste edonori bezala. Halakoetan, ahaztu egiten zitzaion inoiz bestelakoa ere izaten zela; batzuetan gogorra eta gaiztoa izaten zela; noiz edo noiz beldur ere izaten ziola. Orain, jardinera sartzeko besotik heldu zionean, igarri zion atsegingarri izan nahi zuela, hartarako asmoa zuela, eta horrek poz handia eman zion Felixi. Eugenia atsegingarri agertuko zen, bai.

        Gizaseme garaia irten zitzaion baronesari enkontrura, oso begitarte zurrun eta itzaltsuz. Zurruntasun hura ez zen, ordea, eskuzabaltasun ezaren adierazgarri. Aitzitik, Wentworth jaunaren moldea erantzukizun handi baten ardurak eragina zen, abagunearen solemnetasunak ezarria, hain andre handi eta aldi berean zorigaitzekoari behar bezalako begiramena erakusteko zailtasunaz jabetzeak sortua. Konturatu zen Felix, aurreko egunean, Wentworth jaunaren zurbiltasun bereziaz; orain, berriz, ia hilotzaren itxura hartu zion osabaren aurpegi zorrotz zuriari. Baina hain sena handia zuen mutil hark inoren barrena hauteman eta ulertzeko, ezen berehalaxe ohartu baitzen heriozko itxura haiek ez zirela larritzekoak. Felixen irudimen argiak barrundaturik zuen jada Wentworth jaunaren mekanismo izpirituala, eta konturatu zen ezen, agurea gauzak kontzientziaz egiten zituen gizona izaki, haren barne-mugidak ondoez fisikoaren ezaugarri batzuez adierazten zirela.

        Baronesak eskua hartu zion osabari, eta bere aurpegi itsusi eta irribarre ederraz begira geratu zitzaion. «Ondo egin al dut etortzea?» galdetu zion.

        «Oso ondo, oso ondo,» esan zuen Wentworth jaunak solemneki. Aritu zen Wentworth jauna bere artean hitz batzuk aurretik prestatzen, baina orain joanak zitzaizkion denak burutik. Ia izuturik zegoen. Inoiz ez zion hala begiratu —halako irribarre tinko eta sakonez— ezein emakumek. Halako irribarrea zuen emakumea, zeini berehalaxe hartu baitzion beste ezohiko nolakotasun batzuk ere bazituen susmo bizia, iloba zuela, hau da, beraren aitaren alabaren umea zela pentsatzeak erasan egiten zion Wentworth jaunari, eta nahasmendua sortu. Iloba printze batekin «morganatikoki» ezkondutako baronesa alemaniar bat zuela pentsatzeak gogoeta franko eragin zion ordurako. Ondo ote zegoen hori? Zuzena ote zen? Onargarria ote zen? Gaizki lo egin ohi zuen beti, baina aurreko gauean ohi baino luzaroago egon zen esna, galdera horiek buruan bira eta bira zituela. «Morganatiko» hitz bitxi hori zebilkion etengabe belarrietan burrunban; behin batean ezagutu zuen Morgan izeneko andre bat gogorazten zion: emakume zakar higuingarri bat. Pentsatu zuen ezen, baronesak halako irribarrez begiratzen bazion, berak ikusmenaren organoak berariazko hoztasunera zehazki doiturik begiratu behar ziola. Baina oraingo honetan ezin izan zuen bere egitekoa azkeneraino bete. Bi alabengana itzuli zituen begiak. «Oso pozten gaitu zu ezagutzeak,» esan zuen. «Zure baimenarekin, alabak aurkeztuko dizkizut: Charlotte Wentworth andereñoa, Gertrude Wentworth andereñoa.»

        Baronesak pentsatu zuen ezen ez zuela hain adierazpide lehorreko jenderik inoiz ikusi, Charlottek, samurki eta solemneki begiratzen ziola, musu eman eta eskua hartu bazion ere. Gertrude oso hila iruditu zitzaion baronesari, nahiz eta neskarentzat alaitasun iturri beharko zukeen Felix —irribarre distiratsuz— berarekin hizketan aritu izana, lagun zahar bat balu bezala agurtu baitzuen Felixek Gertrude. Malkoak zituen Gertrudek begietan, baronesari musu eman zionean. Madame Münsterrek eskutik hartu zituen bi neska gazteak, eta goitik beheraino begiratu zien. Baronesa oso emakume bitxia iruditu zitzaion Charlotteri, eta inor ez bezala jantzia: ondo ala gaizki, ez zukeen esaten jakingo. Nolanahi ere, Charlotte poztu egin zen sedazko soinekoak jantzi izanaz: Gertrudek jantzi izanaz, batez ere. «Oso lehengusu politak ditut,» esan zuen baronesak, batean bati eta bestean besteari begiratzen ziela. «Oso alaba ederrak dituzu, jauna.»

        Charlotte lotsagorritu egin zen berehalaxe; ez zuen oraindaino beraren itxurari buruzko aipamenik ahots ozen adierazkorrez egiten entzun. Gertrudek beste aldera begiratu zuen, Felixengana gabe; atseginez beterik zegoen. Atsegina, ordea, ez zion konplimenduak eman; ez zuen sinetsi; Gertrudek oso arruntzat zeukan bere burua. Ez zukeen zehazki esaten jakingo nondik norakoa zen poz hura, baina baronesaren hizkeran zuen iturria, eta ez zuen gutxitu —areagotu baizik, harrigarria badirudi ere— neskaren sinesgogortasunak. Wentworth jaunak ez zuen ezer esan. Gero, gizabideari jarraiki, galdetu zuen, «Sartu nahi duzu barrura?»

        «Ez zaudete denok hemen; zuk baduzu seme-alaba gehiago,» esan zion baronesak.

        «Seme bat daukat,» erantzun zion Wentworth jaunak.

        «Eta zergatik ez dator niri harrera egitera?» esan zuen Eugeniak. «Arrebak bezain xarmagarria ez dela pentsatu beharko dut.»

        «Ez dakit; ikusi egin beharko dut,» esan zuen agureak.

        «Beldur handia die emakumeei,» esan zuen apalki Charlottek.

        «Oso mutil ederra da,» esan zuen Gertrudek, ahal zuen ozenen.

        «Sartu eta bilatu egingo dugu. Bere cachette-tik aterako dugu.» Eta baronesak Wentworth jaunaren besoa hartu zuen. Wentworth jaunak, ordea, ez zuen gogoan besorik eskaini zionik, eta, etxe aldera zihoazela, ea eskaini behar ote zion pentsatzen zuen bere artean, eta ondo egin ote zuen baronesak eskaini gabe hartzea. «Ondo ezagutu nahi zaituztet,» esan zuen baronesak, gogoeta haiek eteten zizkiola, «eta zuek ere ni ondo ezagutu nazazuela nahi dut.»

        «Naturala dirudi elkar ezagutzea,» erantzun zion Wentworth jaunak. «Ahaide hurbilak gara.»

        «Ai! Behin bizitzan une batera helduz gero, pertsona, nahitaez, bere lotura naturaletara itzultzen da, bere txera naturaletara. Zu ere konturatuko zinen horretaz!» esan zion Eugeniak.

        Eugenia oso buruargia zela, oso adimen distiratsua zuela esan zioten aurreko egunean Wentworth jaunari, eta informazio horrek halako jakin-min bat sortu zion. Pentsatu zuen ezen hori izango zela buruargitasuna; berehala etorriko zela distira. «Bai, oso indartsuak dira txera naturalak,» xuxurlatu zuen.

        «Batzuentzat bai,» adierazi zuen baronesak. «Baina ez denentzat.» Charlotte zuen baronesak aldamenean; eskua hartu zion berriro, irribarre egiteari utzi gabe. «Eta zuri, cousine, nondik datorkizu azal xarmagarri hori?» jarraitu zuen; «horiek lirioak eta arrosak!» Charlotte gaxoaren begitarteko arrosak lirioen gainetik nabarmentzen hasi ziren berehalaxe, eta pausoa bizkortu eta loriora heldu zen. «Azalaren lurraldea da hau,» jarraitu zuen baronesak, Wentworth jaunarengana itzultzen zela. «Konbentziturik nago delikatuagoak direla hemengoak. Badira azal bikainak Ingalaterran, eta Holandan, baina zakarrerako joera dute. Gorriegiak dira.»

        «Uste dut konturatuko zarela,» esan zion Wentworth jaunak, «ikuspegi askotatik dela lurralde hau aipatu dituzun horiek baino hobea. Izana naiz Ingalaterran eta Holandan.»

        «Hara! Izana zara Europan?» esan zion baronesak. «Eta nola ez zinen ni ikustera etorri? Baina, tira, hobe da horrela.» Etxean sartzen ari ziren; gelditu eta ingurura begiratu zuen baronesak. «Ikusten dut etxea —etxe zoragarria— holandar gustura antolaturik duzula!»

        «Etxea oso zaharra da,» adierazi zuen Wentworth jaunak. «Washington jeneralak behin astebete igaro zuen hemen.»

        «A! Badut Washingtonen aditzera,» adierazi zuen baronesak. «Oso kuttuna zuen gure aitak.»

        Wentworth jauna isilik geratu zen pixka batean, eta gero, «Konturatu nintzen oso ondo ezagutzen zutela Europan,» esan zuen.

        Felix jardinean geratu zen Gertruderekin; neskaren aurrean zegoen, irribarrez, aurreko egunean bezala. Aurreko egunean gertatua amets bat iruditu zitzaion Gertruderi. Felix etorri eta dena aldatu zen; denek ikusi zuten Felix; denek hitz egin zioten; baina berriro etorriko zela sinesteko, beraren etorkizunaren parte —beraren familia-giroko bizimodu murritz gogoetatsuaren parte— izango zela sinesteko, zentzumenen beste froga bat behar zuen Gertrudek. Zentzumenen aurrean zuen orain froga, eta zentzumenek atsegin zutela ematen zuen. «Zer iruditu zaizu Eugenia?» galdetu zion Felixek. «Ez da xarmagarria?»

        «Oso distiratsua da,» esan zuen Gertrudek. «Baina oraindik ez dakit zer esan. Doinu bat kantatzen ari den kantaria iruditzen zait. Kanta amaitzen den arte ezin jakin!»

        «A! Kanta ez da inoiz amaituko!» esan zion mutilak, barrez. «Ez al zaizu emakume ederra iruditzen?»

        Gertrude desengainaturik geratu zen Münster baronesaren edertasunari zegokionean. Bazen egongeletako batean esekirik, Josephine enperatrizaren erretratu oso polit baten irarlan bat, Wentworth andereño gazteenak beti oso gogoko izan zuena, eta Gertrudek, arrazoi misteriotsuak tarteko, baronesak irudi haren antza izango zuela espero zuen. Baronesa, ordea, ez zen halakoa, inondik inora. Baina, nahiz eta beste era batekoa izan, zoragarria zen, hala ere, eta Gertrudek oso modu iradokiorrean zuzendurik ikusi zuen bere uste okerra. Nolanahi ere, bitxia zen Felixek arrebaren edertasunaz hitz egiterakoan erakusten zuen baikortasuna. «Denborarekin, ederra irudituko zaidala uste dut,» esan zion Gertrudek. «Oso interesgarria izan behar du Eugenia ezagutzea, baina ez dakit inoiz lortuko dudan.»

        «Horixe ezagutuko duzula! Lagun handiak egingo zarete,» esan zion Felixek, hori munduko gauzarik errazena balitz bezala.

        «Oso dotorea da,» esan zuen Gertrudek, baronesari begira jarririk, hura aitaren besoari helduta zegoela. Atsegin zuen Gertrudek inor dotorea zela esatea.

        Felix ingurura begira ibili zen. «Eta atzoko zure lehengusutxoak, neska polit zoragarri hark,» esan zion, «zer egin du?»

        «Egongelan dago,» erantzun zion Gertrudek. «Oso polita da, bai.» Eta Felix zuzenean barrura eramateko obligazio bat edo sentitu zuen, lehengusuaren ondoan egon zedin. Baina pixka batean dudan egon ondoren, bertan jarraitu zuen. «Ez nuen sinesten itzuliko zinenik,» esan zion Felixi.

        «Itzuli ez!» esan zuen Felixek, barrez. «Ez zinen konturatu, hortaz, nire bihotz sentibera honi eragin zion zirraraz.»

        Lehengusu Lizziek eragin zion zirrara esan nahi ote zuen pentsatu zuen bere artean Gertrudek. «Bada, ez nuen uste berriz ikusiko zintugunik,» esan zion.

        «Eta zer egingo nuela uste zenuen, bada?»

        «Ez dakit. Pentsatzen nuen lurrindu egingo zinela.»

        «Konplimendu polita nire sendotasunarentzat! Sarri askotan lurrintzen naiz,» esan zuen Felixek, «baina beti geratzen da zerbait.»

        «Itxarotera irten banaiz, besteak irten direlako izan da,» jarraitu zuen Gertrudek. «Baina agertu ez bazina ere, ez nintzen harrituko.»

        «Desengainua izango ahal zenuen, behintzat» adierazi zuen Felixek Gertruderi begira.

        Gertrudek ere begiratu egin zion, eta burua ezker-eskuin mugitu zuen. «Ez, ez!»

        «Ah, par exemple!» esan zuen mutil gazteak. «Zuregandik inoiz ez alde egitea merezi duzu.»

        Egongelan sartu zirenean, Wentworth jauna aurkezpenak egiten ari zen. Mutil gazte bat zegoen baronesaren aurrean zutik, nahiko gorriturik, barrea urri, gorputzaren pisua oin batetik bestera aldatzen zuela: mutil gazte mehe aurpegi-gozo bat, hazpegiak, Wentworth jaunarenak bezala, oso egoki osatuak zituena. Haren atzean, beste bi jaun zeuden, beren jarlekuetatik altxaturik, eta urrutixeago, leiho baten ondoan, neskatila polit-polit bat. Galtzerdia egiten ari zen neskatila; baina, hatzei bizkor eragiten zien bitartean, baronesari begiratzen zion bere begi handi distiratsuez.

        «Nola du izena zure semeak?» esan zuen Eugeniak, mutilari irribarrez.

        «Clifford Wentworth naiz, andrea,» esan zuen mutilak, ahotsa dardaraz.

        «Zergatik ez zara irten ni errezibitzera, Clifford Wentworth jauna?» galdetu zion baronesak, bere irribarre ederrarekin.

        «Uste nuen ez zenutela nire beharrik izango,» esan zuen mutilak, poliki-poliki saiheska eginez.

        «Beti behar izaten da un beau cousin —edukiz gero!—. Baina aurrerantzean nirekin oso ondo portatzen bazara, ez dizut oraingo hau kontuan hartuko.» Eta Madame Münsterrek han ziren beste pertsonengana itzuli zuen bere irribarrea. Lehenik Brand jaunaren begitarte xaloan eta haren giza irudi jaka-luzean pausatu zuen. Brand jaunak Wentworth jaunarengan iltzaturik zituen begiak, egoera ezohiko hura ez zezala luza eskatuko balio bezala. Wentworth jaunak haren izena esan zuen; Eugeniak begirada xarmagarri bat luzatu zion, eta gero beste jaunari begiratu zion.

        Jaun hori ohi den baino garaiera txikiagoko eta pisu gutxiagoko gizonezkoa zen. Begi ilun bizi sumari atseginak zituen, ile beltz fin urria eta bibote txiki bat. Eskuak sakeletan sartuta zituela zegoen zutik, eta Eugeniak begiratu zionean atera zituen. Ez zuen, ordea, Brand jaunak bezala, etxeko jaunaren aldera begirada iheskor urduririk luzatu. Aurrez aurre begiratu zion Eugeniari, hari aurrez aurre begiratzeko pribilejioa eskertuko balu bezala. Madame Münster istanteko konturatu zen hura zela, izatez, aurrean ziren pertsona guztietan garrantzizkoena. Eta sentipen haren halako adierazpen bat agertzen ziola guztiz jabeturik agurtu zituen Eugeniak, sinpatiazko buru-makurtze arin batez, Wentworth jaunaren aurkezpen hitzak: «Nire lehengusu Acton jauna!»

        «Zure lehengusua, eta nirea ez?» esan zuen baronesak.

        «Hori zure esku dago,» erantzun zion Acton jaunak, barrez.

        Baronesa begira geratu zitzaion pixka batean, eta Acton jaunak oso hortz zuriak zituela konturatu zen. «Utz dezagun zure jokabidearen esku,» esan zion. «Hobe izango dut itxarotea. Badut nahiko lehengusu. Baldin eta andereño xarmagarri horrekiko ahaidetasuna ere aldarrikatzen ez baduzu, behintzat!» Eta leihoko neskatila seinalatu zuen.

        «Nire arreba da,» esan zuen Acton jaunak. Eta Gertrude Wentworthek besoez inguratu eta aurrera eragin zion neskatilari. Ez zuen ematen, ordea, eragin behar handirik zuenik. Pauso arin bizkorrez eta burujabetasun osoz hurbildu zen baronesarengana, galtzerdia galtzetorratzetan bilduta. Begi urdin ilunak eta gaztaina-koloreko ile iluna zuen; izugarri polita zen.

        Eugeniak musu eman zion, beste neskei eman zien bezala, eta, gero, pixka bat urruntzen zela begiratu zion. «Hau beste type bat da,» esan zuen; frantses erara ahoskatu zuen hitza. «Hau beste egitura batekoa da, osaba; beste izaera batekoa, zure alaben aldean. Hau Felix,» jarraitu zuen, «askoz gehiago egokitzen zaio guk amerikar eredutzat daukagunari.»

        Azalpenak iraun zuen denboran, neskatilak erdi irribarre bat egiten zien behin banan denei, eta behin eta berriz Felixi. «Nik eredu bakarra ikusten dut hemen!» esan zuen Felixek barrez. «Jende maitagarriaren eredua!»

        Ateraldia isilik entzun zuten denek, baina Felixek, gauza guztiak azkar ikasten zituena izanik, ikasia zuen ordurako ezagun berri haien artean maiz somatu izan zituen isiluneak ez zirela nahitaez gaitzespenezkoak edo gaitzondoak eraginak. Hura, nolabait esan, arretazko isiltasuna zen: apaltasunezkoa. Felixen arrebaren inguruan zutik zeuden denak, Eugenia gaitasun berezi baten edo adimen distiratsu baten erakustaldia egiten noiz hasiko zain baleude bezala. Haien jarrera ikusita, zera atera zitekeen: Eugenia solasaren txerpolari gisako bat zela, adimena gasaz eta argi-bitxiz jantzia. Jarrera hark ironiazko zentzu bat eman zien Madame Münsterren hurrengo hitzei. «Hau da, beraz, zure zirkulua,» esan zion osabari. «Hau da zure salon. Hauek dira zure ohiko habitués, ez? Oso pozten naiz zuek denok ezagutzeaz.»

        «Bai,» egin zuen Wentworth jaunak, «nahi dutenean etorri eta nahi dutenean joaten dira. Hori egin behar duzue zuek ere.»

        «Aita,» sartu zen Charlotte Wentworth, «hori baino gehiago egin behar dute.» Eta bisitari interesgarriarengana itzuli zuen bere aurpegi gozo serioa, adierazpen lotsati eta aldi berean lasaiekoa. «Nola duzu izena?» galdetu zion.

        «Eugenia Camila Dolores,» esan zuen baronesak irribarrez. «Baina ez duzu dena esan beharrik.»

        «Eugenia esango dizut, ondo baderitzozu. Hona etorri eta hemen gelditu behar duzue, gurekin.»

        Baronesak Charlotteren besoan jarri zuen eskua oso maitekiro, baina ez zuen ezer esan. Jende haiekin «gelditzerik» ba ote zegoen pentsatzen zuen baronesak bere artean. «Oso atsegina izango litzateke, oso atsegina,» esan zuen, eta taldeko lagun batengandik bestearengana erabili zituen begiak, gelaren bira osoan. Denbora irabazi nahi zuen hitza eman aurretik. Azkenean, Brand jaun gaztearengan pausatu zituen begiak; Brand jauna besoak tolesturik eta eskua kokotsean zuela zegoen baronesari begira. «Jaun hau elizgizonen bat edo izango da, ezta?» esan zion baronesak Wentworth jaunari, ahotsa pixka bat apalduz.

        «Ministro bat da,» erantzun zion Wentworth jaunak.

        «Protestantea?» galdetu zuen Eugeniak.

        «Unitarista naiz, andrea,» erantzun zuen Brand jaunak handikiro.

        «A! Ulertzen dut,» esan zuen Eugeniak. «Gauza berriren bat.» Baronesak ez zuen sinesmen horren aditzerarik.

        Acton jauna barrez hasi zen, eta Gertrudek larriturik begiratu zion Brand jaunari.

        «Oso urrutira etorri zara,» esan zion Wentworth jaunak baronesari.

        «Oso urrutira, oso urrutira,» erantzun zuen baronesak, buruaz keinu dotore bat —hainbat gauza adieraz zitzakeen keinu bat— egiten zuela.

        «Horra hor gurekin gelditzeko arrazoi bat,» esan zion Wentworth jaunak, hizketarako zuen lehortasun harekin, zeinak —Eugeniaren buru argiari oharkabean pasatu ez zitzaionez— ez baitzion ezer kentzen esanahiaren samurrari.

        Eugeniak begiratu egin zion, eta une batez, osabaren aurpegi hotz zurrun hartan, oroitzapenean amaz zuen irudi ilunaren antz-aire bat ikusi uste izan zuen. Emozioak bat-batean hartzen zuen emakumea zen Eugenia, eta orain, ustekabean, halako bat sentitu zuen bihotzean hedatzen. Zirkuluko lagunei begira jarraitu zuen; konturatu zen mirespena ageri zutela berarengan jarririk ziren begi guztiek. Irribarre egin zien den-denei.

        «Ikustera etorri naiz..., proba egitera..., galdetzera,» esan zuen. «Eta ondo egin dudala uste dut. Oso nekatuta nago; atseden egin nahi dut.» Malkoak zituen begietan. Etxe barru argia, jende lasai adeitsua, bizimodu sinple serioa: gauza horiek guztiek estura menderaezin bat eragin zioten, eta inoiz ezagutu zuen emoziorik egiazkoenetako bati amore ematen ikusi zuen bere burua. «Hemen gelditu nahi nuke,» esan zuen. «Har nazazue, arren.»

        Irribarre egiten bazuen ere, malkoak zituen ahotsean, nola baitzituen begietan. «Iloba maitea,» esan zion Wentworth jaunak samurki. Charlottek, berriz, besoak luzatu eta beregana erakarri zuen baronesa. Bien bitartean, Robert Acton beste aldera jiratu zen, eskuak sakeletan sartuta.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia