1. ATALA

 

        Interes gabeko hiri animatu baten bihotzean kokaturiko hilerri estu bat, ostatu goibel bateko leihoetatik ikusita, ez da inoiz gogoetagai pozgarria izaten; eta ikuskizuna ederrenetarikoa denik ezin esan, hilarri lizunduek eta herioaren itzalpeak elur busti motel baten freskadura alferra hartu dutenean. Baldin eta, lanbro izoztuak airea sendotu duenaz bat, egutegiak erakusten badu ezen udaberri-sasoi bedeinkatuak bete dituela dagoeneko sei aste, onartuko da ez zaiola ikuspegiari eragin gogohilgarririk falta. Horrexen sentipen bizia zuen maiatz bateko 12an, duela hogeita hamar urtetik gora, Boston hiri zaharreko hotel onenaren leihoetako batetik begira zegoen andreak. Bazen ordu erdi bat han zegoela; hau da, tarteka zegoen, egon; zeren eta aldika-aldika berriro gelara itzuli eta haren luzera neurtzea egiten baitzuen pauso urduriz. Tximinian su gori-goria zegoen, gar urdin labur bat zeriola, eta suaren aurrean, mahai batean eserita, mutil gazte bat, lapitz bati eragiten. Paperezko orri batzuk zeuzkan mutilak zatitxo karratu berdinetan ebakita, eta, ematen zuenez, paper horiek marrazkiz —irudi bitxiz— betetzen ari zen. Bizkor eta adi ari zen lanean. Batzuetan, burua atzeratu eta marrazkiari besoa luze-luze eginda eusten zion, eta ahopeko hotsak eta txistu arin alaiak egiten zituen. Andreak igurtzi egiten zuen ondotik pasatzean, haren gona, apainduraz betea, orritsua baitzen. Andreak ez zuen mutil gaztearen lanera begirik luzatzen. Bakarrik, noizean behin, pasatzerakoan, gelaren beste aldeko apain-mahai baten gainean esekitako ispilu batera begiratzen zuen. Orduan, pixka batean gelditu eta gerria estutzen zuen bi eskuekin, edo eskuak —oso beteak eta politak zituen— ileko txirikorda anitzetara jasotzen zituen, erdi laztantzeko eta erdi txukuntzeko keinu bat eginez. Buru-azterketa araugabe haiek zirauten denboran andrearen aurpegiko malenkonia desagertu egiten zela irudituko zitzaiokeen begirale erne bati, baina berriro leihora hurbiltzen zen orduko, oso deskontentu zegoela adierazten hasten zen emakumea. Eta, izan ere, zerekin kontenta gutxi zegoen begiak jartzen zituen lekuan. Leihoko kristalak antzigarrak ganduturik zeuden, eta beheko kanposantuko hilarriak, berriz, ihintz izoztuak bete-betean harrapa ez zitzan okertu balira bezala ageri ziren. Burdinazko hesi garai batek babesten zituen hilarriak kaletik, eta hesituraz kanpo bostondar talde bat zebilen elur urtutan ziki-zaka. Askok gora eta behera begiratzen zuten: zerbaiten zain zeudela ematen zuen. Aldian behin ibilgailu bitxi bat inguratzen zitzaien zeuden lekura; nolako ibilgailua, eta leihoko andreak, nahiz eta giza asmakizunen berri ondo zekiena izan, ordu arte inoiz ikusi ez zuen bezalakoa: omnibus handi zapal bat, kolore biziz margotua eta txintxarri dilindariz apaindua, zoluan itsatsitako kanal-antzeko batzuei atxikirik, bide lauzatuan aurrera arrastan zeramana, berealdiko burrunba, zalaparta eta aztarrikaz, harritzeko moduko zaldi txiki pare batek. Une jakin batera heltzen zenean, hilerriaren pareko jendeak —emakumezkoak gehientsuenak, zakutoak eta pardelak aldean— gorputz trinko bat eginda jaurtikitzen zuen bere burua ibilgailuaren gainera —itsasoan salbamendu-txalupan leku hartzeko zalaparta gogorazten zuen mugimendu bat—, eta barru zabalean irentsirik galtzen ziren. Orduan, salbamendu-txalupa —edo salbamendu-kotxea, hoteleko leihoko andreak nola-hala izendatu zuenez— dinbili-danbala urruntzen zen txintxarrots batean gurpil ikustezinen gainean, lemazainak (bolanteko gizonak) brankatik itxuragabe gidatzen zuela. Fenomeno hori hiru minutuero gertatzen zen, eta mantuz jantziriko emakume presati, otarre eta pardeldunen zamaketa aise eta erruz berritzen zen. Hilerriaren beste aldean adreilu gorriko etxetxo ilara bat zegoen, beren etxe-oste xume etxe-girokoak agerian zituztela. Hotelaren beste aldeko muturrean zurezko kanpandorre luze bat ikusten zen, zuriz pintatua, elur maluten lauso artean. Leihoko andrea kanpandorreari begira egon zen pixka batean; inoiz ikusitako gauzarik itsusiena iritzi zion, bere arrazoiak tarteko. Gorrotagarria zitzaion: nardagarria. Sortu zion gogaitasunak ez zuen inolako proporziorik ezein motibo zentzuzkorekin. Ez zuen gogoan kanpandorreek halako kezkarik inoiz sortu ziotenik.

        Ez zen emakume polita; baina gogaitasun sorra adierazten zuenetan ere oso aurpegi interesgarria eta atsegina zuen. Ez zegoen gazteenean ere; baina liraina zenez, oso tamaina egokian mamituriko soinbira aski biribila izanagatik —heldutasunaren eta malgutasunaren ezaugarri—, Hebe gerri-labur batek kopa-ardo ezpainetaraino betea eramango zukeen bezala eramaten zituen hark bere hogeita hamairu urteak. Aurpegiko azala fatigatua zuen, frantsesek esaten duten bezala; ahoa handia, ezpainak beteegiak, hortzak ezberdinak, kokotsa oso molde arruntekoa; sudur zabala zuen, eta irribarre egiten zuenean —eta irribarrez zegoen beti— sudur aldamenetako izurrak goragi igotzen zitzaizkion: begietaraino ia. Begi haiek, ordea, xarmagarriak ziren: grisak kolorez, distiratsuak, begirakune bizkorrekoak, gozoak eta lasaiak, adimenez beteak. Oso bekoki txikia zuen —hori zuen hazpegi eder bakarra—, eta ile beltz harro sarria, finki kizkurtua, zeina txirikordaturik erabiltzen baitzuen beti, hegoaldeko edo ekialdeko —atzerri urruneko— emakumeren bat iradokitzen zuela. Belarritako bilduma handia zuen, eta txandatuz erabiltzen zituen; eta ematen zuen areagotu egiten ziotela itxura ekialdetar edo exotikoa. Konplimendu bat egin zioten behin, haren berri jakin zuenean inoiz entzundako ezerk baino poz handiagoa eman ziona. «Emakume polita?» esan omen zuen norbaitek. «Bai zera, oso hazpegi zatarrak ditu.» «Hazpegiak ez dakit,» erantzun omen zuen bereizten zekien batek, «baina emakume polit batek bezala erabiltzen du burua.» Pentsatzekoa da ez zuela, horren ondoren, gutxiago apaindurik erabiliko.

        Azkenean, leihotik erretiratu zen andrea, eskuekin begiak estaltzen zituela. «Ez dago jasaterik!» esan zuen. «Itzuli egingo naiz! Itzuli egingo naiz!» Eta bere burua suaren aurreko aulki batean erortzen utzi zuen.

        «Zaude pixka batean, enetxo,» esan zion mutil gazteak leunki, paper puskatxoetan zirriborroak eginez.

        Andreak oin bat luzatu zuen; oso oin txikia zen, eta arrosa formako apaingarri handi bat zeukan txapinean. Apaingarri hartan finkatu zituen une batez andreak begiak, eta hurrena beheko-suaren antrazitazko ohatze goriari begiratu zion. «Ikusi duzu inoiz su hau baino gauza nardagarriagorik?» galdetu zuen. «Ikusi duzu inoiz gauza hain... hain affreux-ik?» Oso ingeles garbian mintzatzen zen, baina epiteto hori jaulki zuen moduak epiteto frantsesak erabiltzen ohiturik zegoela erakusten zuen.

        «Sua oso polita iruditzen zait niri,» esan zion mutil gazteak, une batez suari begira jarririk. «Mihitxo urdin horiek, txingar gorriaren gainean dantzari, oso deigarriak dira. Alkimista baten laboratorioko sua ematen dute.»

        «Onegia zara, gizona,» adierazi zion lagunak.

        Mutil gazteak bere marrazkietako bat hartu eta besoa luzatu zuen, burua alde batera okertzen zuela. Mingaina beheko ezpainean hara-hona zerabilen emeki. «Ona, bai. Onegia, ez.»

        «Arnegagarria zara,» esan zion andreak, txapinari begira.

        Mutila marrazkiari ukitu batzuk ematen hasi zen. «Uste dut arnegatuta zaudela esan nahi duzula.»

        «Bada, bai, hain zuzen ere!» esan zion lagunak barre txiki garratz bat eginez. «Hauxe da nire bizi guztiko egunik beltzena, eta badakizu zer esan nahi duen horrek.»

        «Zaude bihar arte,» erantzun zion mutil gazteak.

        «Bai, hutsegite galanta egin dugu. Gaur oraindik zalantza izpi bat baldin bada, bihar ez da batere izango. Ce sera clair, au moins!»

        Mutil gaztea isilik geratu zen pixka batean, lapitzari eragiten. Eta gero, «Hutsegiterik ez da izaten» adierazi zuen.

        «Egia handia, hutsegiteak ikusteko buruargitasunik ez dutenentzat. Norberaren hutsegiteak ez ikustea: horixe litzateke zoriona bizitza honetan,» jarraitu zuen andreak, bere oin politari begiratzeari utzi gabe.

        «Arreba maitea,» esan zion mutilak, marrazten jarraitzen zuela, «lehen aldia duzu argia ez naizela esaten didazuna.»

        «Bada, zure teoriaren arabera, ezin esango dut hutsegin dudanik,» erantzun zion arrebak egoki asko.

        Mutilak algara bizi alai bat egin zuen. «Zu, behintzat, ondo argia zara, arreba maitea,» esan zion.

        «Ez hainbeste, hau proposatu izateko.»

        «Zuk proposatu al zenuen?» galdetu zion nebak.

        Andreak burua jiratu eta begirakunetxo bat bota zion. «Zuretzat nahi al duzu merezimendua?»

        «Nahi baduzu, neure bizkar hartuko dut errua,» esan zion mutilak, begiak altxatu eta irribarre eginez.

        «Jakina,» erantzun zion andreak, «zuk ez dituzu bereizten gauza hauek. Ez dakizu jabegoa zer den.»

        Mutilak lehengo algara alaia egin zuen. «Horrekin jabegorik ez dudala esan nahi baduzu, arrazoi duzu!»

        «Ez ezazu txirotasuna txantxetan har,» esan zion arrebak. «Txirotasunaz harrotzea bezain arrunta da hori.»

        «Ni txiro? Oraintxe bertan bukatu dut berrogeita hamar libera emango dizkidan marrazkia!»

        «Voyons,» esan zion andreak eskua luzatuz.

        Nebak, ukitu bat edo beste gehitu eta marrazkia eman zion. Andreak marrazkiari begiratu zion, baina une bat lehenagoko haritik jarraitu zuen. «Emakume batek berarekin ezkontzeko eskatuko balizu, zuk zera esango zenioke... «Nola ez, maitea; atsegin handiz!» Eta harekin ezkondu eta zoriontsu baino zoriontsuago izango zinateke. Handik hiru hilabeteren buruan, berriz, zera esango zenioke, «Gogoan izango duzu, noski, nirea izan zintezela eskatu nizun egun zoriontsu hura.»»

        Mutil gaztea mahaitik jaikia zen, besoak pixka bat luzatzera; leiho aldera egin zuen. «Izaera xarmagarri baten deskribapena da hori,» esan zuen.

        «Bai, bai, izaera xarmagarria duzu zuk. Hori daukat gure kapitaltzat. Horretaz konbentziturik ez banengo, ez nintzen arriskatuko zu lurralde beldurgarri honetara ekartzera.»

        «Lurralde komiko honetara! Lurralde atsegin honetara!» aldarrikatu zuen mutilak, eta algara biziari eman zion.

        «Omnibusera pilatzen diren emakume horiengatik egiten al duzu barre?» galdetu zion lagunak. «Zerk erakartzen dituela esango zenuke?»

        «Oso gizon ederren bat egongo da barruan,» esan zuen mutilak.

        «Denetan? Ehundaka etortzen dira, eta ez dirudi lurralde honetako gizonak batere ederrak direnik. Emakumeei dagokienean, berriz, komentutik irten nintzenetik ez dut hainbeste batera ikusi.»

        «Emakumeak oso politak dira,» adierazi zuen nebak, «eta hau guztia oso dibertigarria. Honexen marrazki bat egin behar dut.»

        Eta bizkor mahaira itzuli eta erremintak hartu zituen: marrazki-euskarri txiki bat, paperezko orri bat eta hiruzpalau lapitz. Leihoan kokatu zen gauza horiekin, eta han geratu zen kanpora begi-kolpeka, lapitzari arin eta trebe eragiten.

        Irribarre distiratsua erakusten zuen lanean ziharduela. Distiratsua da, bai, une hartan aurpegi argiz bete hari zegokion hitza. Hogeita zortzi urte zituen; soinkera txiki, arin, ondo osatua. Arrebaren antz handia zuen arren, hazpegi ederragokoa zen: ile-horia, azal-zuria, bizkor-itxurakoa; dotore hezur-mamituriko begitartea zuen eta adierazpen gizatsu eta, aldi berean, ez batere serioa, begi urdin gozoak, bekain fin oso arkutuak —halako bekainak, ezen andreek beren maitaleenei sonetoak idatziko balizkiete, neurtitz mota horretako gai bihurturik baitziratekeen— eta bibote txiki bat, gorantz bihurtua, etengabeko irribarrearen arnasak hala eraginda bezala. Bazuen haren fisonomiak zer onbera bat eta, aldi berean, zer deigarri bat. Baina, adierazi dudan bezala, ez zen batere fisonomia serioa. Mutilaren aurpegia ohi ez bezalakoa zen horretan: ez zen batere serioa eta, hala ere, konfiantzarik handiena ematen zuen.

        «Ez ahaztu elur asko jartzea!» esan zion arrebak. «Bonté divine, hau da eguraldia!»

        «Marrazkia zuri-zuri utziko dut, eta figura txikiak egingo dizkiot beltzez,» erantzun zion mutilak barrez. «Eta izena zera jarriko diot... —nola da Keatsen lerro hura?— Maiatz erdiko Lehen Haurra!»

        «Ez dut gogoan,» esan zuen andreak, «amak hau honelakoa zenik inoiz esan zidanik.»

        «Amak ez zizun ezer txarrik esaten. Eta ez da honelakoa izango... egunero. Ikusiko duzu nolako egun bikaina izango dugun bihar.»

        «Qu'en savez-vous? Bihar alde egingo dut.»

        «Eta nora joan behar duzu?»

        «Noranahi hemendik. Silberstadtera berriro. Printze Erregeordeari idatziko diot.»

        Jiratu eta andreari begira geratu zen mutila pixka batean, lapitza hatzen artean geldi zuela. «Eugenia maitea,» xuxurlatu zuen, «hain atsegin izan al duzu itsasoa?»

        Eugenia jaiki egin zen. Eskuan zuen artean nebak eman zion marrazkia. Esanahi gordineko marrazki bat zen: jende multzo errukarri bat bapore baten gainean, elkarrengana pilaturik eta bata besteari helduta, ontzia, aldaroka, beldurtzeko moduan okerturik, olatu baten sabelean azpiratzera zihoala. Zentzu handikoa zen, eta halako indar trajikomiko batez betea. Begiratu zion Eugeniak marrazkiari, eta keinu triste bat egin zuen. «Nola marraz ditzakezu horren eszena gorrotagarriak?» galdetu zion. «Sutara botatzeko gogoak ematen dit!» Eta harrika bota zuen papera. Neba paperari begira geratu zen, isilik, nora joaten ote zen. Papera lurrera erori zen kulunka, eta hantxe utzi zuen. Eugeniak leihorantz egin zuen, eskuak gerrian zituela. «Zergatik ez nauzu gaitzesten? Zergatik ez nauzu iraintzen?» galdetu zion nebari. «Uste dut hobeto sentituko nintzatekeela orduan. Zergatik ez didazu esaten gorroto nauzula hona ekarri zaitudalako?»

        «Ez zenukeelako sinetsiko. Oso maite zaitut, arreba kutuna! Oso pozik nago hemen, eta zoratzen hemengo ikuspegiarekin.»

        «Ez dakit zerk hartu nauen mendean. Galdu dut burua,» jarraitu zuen Eugeniak.

        Mutilak lapitzari eragiten jarraitu zuen. «Oso lurralde bitxi eta interesgarria da hau inondik ere. Hemen gaude, eta nik ondo pasatzeko asmoa dut.»

        Eugeniak aldentzekoa egin zuen pauso urduriz, baina berehalaxe itzuli zen atzera. «Umore ona gauza ederra da, zalantzarik gabe,» esan zuen; «zurea, ordea, gehiegizkoa da, eta ez dut uste ezer onik ekarri dizunik.»

        Mutila begira geratu zitzaion, bekainak jasota, irribarrez; kolpetxo batzuk eman zizkion lapitzarekin bere sudur politari. «Zoriontsu egin nau!»

        «Izan zitekeen gutxiena da hori; ez dizu besterik ekarri. Bizitza osoa fortunari mesederik txikienak ere eskertzen pasatu duzu eta, ez du zurekin lan handirik hartu.»

        «Zertxobait hartuko zuen, ni honelako arreba miresgarriarekin saritzeko.»

        «Seriotasun pixka bat, Felix. Ez ahaztu zu baino zaharragoa naizela.»

        «Honen arreba zaharrarekin, hortaz!» erantzun zuen Felixek barrez. «Seriotasuna Europan utzi genuelakoan nengoen.»

        «Hemen aurkituko duzun itxaropena dut. Eduki kontuan badituzula ia hogeita hamar urte, eta ez zarela bohemiar ezezagun bat besterik: egunkari marrazkidun bateko berriemaile sosgabe bat.»

        «Ezezaguna, nahi duzun guztia, baina ez zuk uste bezain bohemiarra. Eta sosgabea, ezta pentsatu ere! Ehun libra dauzkat sakelean, berrogeita hamar marrazki egiteko kontratua, eta gure lehengusu guztiei eta gure lehengusuen lehengusu guztiei erretratu bat margotzeko asmoa dut, ehun dolar buruko!»

        «Ez duzu anbiziorik,» esan zion Eugeniak.

        «Zuk, ordea, bai, baronesa maitea,» erantzun zion mutilak.

        Basonesa isilik geratu zen une batean, elur bustiak ilundutako hilerriari eta zaldi-kotxe tranbalakariei begira. «Bai, nik badut anbizioa,» esan zuen azkenean. «Eta anbizioak ekarri nau leku beldurgarri honetara!» Ingurura begiratu zuen —halako biluztasun arrunt bat zuen gelak; oheak eta leihoak ez zuten errezelik—, eta hasperentxo bat egin zuen, gogoz. «Anbizio gaixoa!» esan zuen. Hurrena, aldamenean hormaren kontra zegoen sofara bere burua erortzen utzi eta aurpegia estali zuen eskuez.

        Nebak marrazten jarraitu zuen, bizkor eta trebe. Handik pixka batera arrebaren ondoan eseri zen eta marrazkia erakutsi zion. «Tira, ez al zaizu nahiko ona iruditzen bohemiar ezezagun batek egina izateko?» galdetu zion. «Atera ditut beste berrogeita hamar libera.»

        Magalean zuen irudi txikiari begiratu zion Eugeniak. «Zentzu handikoa da, bai,» esan zuen. Eta berehalaxe gaineratu zuen, «Uste duzu gure lehengusuek egingo dutela horrelakorik?»

        «Egin, zer?»

        «Tramankulu horietan sartu eta itxura horretan ibili.»

        Felix pentsatzen egon zen pixka batean. «Egia esan, ez dakit. Interesgarria izango da jakitea.»

        «Ez, aberats-jendea ez!» esan zuen baronesak.

        «Ba al dakizu ziur aberatsak diren?» galdetu zion Felixek alaiki.

        Arreba astiro jiratu zen zegoen lekuan, begira jartzen zitzaiola. «Jaun zerukoa!» xuxurlatu zuen. «Hori da gauzak esateko modua daukazuna!»

        «Askoz hobe izango da aberatsak badira, jakina,» aitortu zuen Felixek.

        «Aberatsak direla ez baneki, etorriko nintzela uste al duzu?»

        Arrebaren premiazko begiradari mutilak bere begirada argitsu kontentarekin egin zion aurre. «Bai, askoz hobe izango da,» esan zuen berriro.

        «Hori besterik ez dut espero haiengandik,» esan zion baronesak. «Ez dut espero buruargiak izango direnik, ez adiskidetsuak —hasieran behintzat— ez dotoreak, ez interesgarriak. Baina, esaten dizut, ziur nago aberatsak direla.»

        Felixek sofaren bizkarrean etzan zuen burua, eta, tarte batean, leihoak marko egiten zion zeru-atal luzexkari begira egon zen. Elurra atertzen ari zuen. Iruditu zitzaion zerua argitzen hasi zela. «Espero dut aberatsak izango direla,» esan zuen azkenean, «eta boteretsuak, buruargiak, adiskidetsuak, dotoreak, interesgarriak, eta oro har, zoragarriak! Tu vas voir.» Eta aurrerantz makurtu eta musu eman zion arrebari. «Begira!» jarraitu zuen, «Seinale bat irudi, hizketan ari naizen bitartean, zerua urre-koloreko bihurtzen ari da; egun bikaina egingo du.»

        Eta hain zuzen ere, bost minutuan aldatu zen eguraldia. Zulatu zuen eguzkiak elur-lainoen artetik eta baronesaren gelara egin zuen jauzi. «Bonté divine,» esan zuen andreak, «hau eguraldia!»

        «Goazen kanpora, mundua ikustera,» esan zion Felixek.

        Eta handik berehala irten ziren. Giroa epeldurik zen, argiturik ez ezik, eta eguzkiak lehorturik zituen espaloiak. Kalerik kale ibili ziren noragabean, denari begira: jendeari eta etxeei, dendei eta ibilgailuei, zeru urdin distiratsuari eta kalegurutze lokaztuei, gizonezko presatiei eta paseoan zebiltzan neskatxa astitsuei, adreilu gorri berriei eta arbola berde-berdeei, dotoreziaren eta arlotetasunaren arteko nahasmen harrigarri hari guztiari. Ordu batetik bestera, udaberriko bihurtu zen eguna. Kale animatuenetan ere bazen halako lur eta lore usain bat. Felix oso entreteniturik zebilen. Komikoa deitu zion lurralde hari, eta ikusten zuen guztiari barrez jarraitzen zuen. Esan zitekeen Amerikako zibilizazioa egundoko txantxa-sorta baten gisa adierazten zitzaiola. Txantxak bikainak ziren izan ere, eta handia mutil gaztearen gozamena. Felixek bazuen irudiaren sena esaten zaiona, eta molde demokratikoek lehen begiratuan sortzen zioten arreta gazte bizi aurpegi-argi baten mugimenduek sortuko zioketenaren antz-antzekoa zen: arreta agerikoa eta onespenezkoa. Eta oraingo honetan, haurtzaroko txokoak berrikusten zebilkeen gazte atzerriratu desalaitugabetzat har zitekeen Felix. Zeruaren urdin moreari begira, egurats distiratsuari begira, han-hemen barreiaturiko kolore-gune ugariei begira jarraitzen zuen.

        «Comme c'est bariolé, ez?» esan zion arrebari, biek aldian-aldian erabili premia misteriotsu bat sentitzen zutelako-edo erabiltzen zuten mintzaira atzerriko hartan.

        «Bai, horixe bariolé,» erantzun zuen baronesak. «Ez dut atsegin kolore hau; begietan min ematen dit.»

        «Bi muturrek bat egiten dutela erakusten du horrek,» erantzun zion mutilak. «Mendebaldera etorri ordez, ekialdera joan garela ematen du. Zeruak Kairon bezalaxe ukitzen ditu etxe-gainak, eta alde guztietan itsatsirik ageri diren iragarki-kartel gorri-urdin horiek dekorazio mahometarra gogorazten dute.»

        «Neska gazteak behintzat ez dira mahometarrak,» esan zuen baronesak. «Ezin esango da aurpegiak estaltzen dituztenik. Horrelako nabarmenkeriarik ez dut inoiz ikusi.»

        «Eskerrak Jainkoari aurpegiak estaltzen ez dituzten!» egin zuen Felixek. «Gutxitan ikusten diren bezalako aurpegi politak dituzte.»

        «Bai, oso aurpegi politak dituzte askok,» esan zuen baronesak, zeina oso emakume argia baitzen: emakume argiegia, behaketa zehatz zorrotzik egin ez izateko. Ohi baino estuago lotu zitzaion nebaren besoari. Ez zegoen pozez gainezka, neba bezala. Gutxi hitz egiten zuen, baina gauza asko hartzen zuen kontuan, eta bere arteko gogoetak egiten zituen. Zertxobait asaldaturik zegoen. Pentsatzen zuen ondo lurralde bitxira etorri zela fortuna egitera. Azalean, amorru eta gogaitasun handia sentitzen zuen; oso pertsona delikatua eta milika zen baronesa. Beste garai batean, behin baino gehiagotan joan izan zen, entretenitzeagatik eta konpainia onarekin, probintziako herriren bateko feriara. Orain ere feria handi batean zegoela iruditzen zitzaion: entretenimenduak eta désagréments oso antzekoak zirela. Batean irribarretsu zebilen eta bestean uzkur. Oso deigarria zen ikuskizuna, baina edozein unetan bultzadaren bat hartzeko arriskua zegoen. Baronesak ez zuen bere inguruan hainbeste jende batera eta bestera inoiz ikusi; ez zen inoiz ibili ezagutzen ez zuen jendearekin horrela nahasirik. Baina, poliki-poliki, beste feria honetakoa eginkizun serioagoa zela konturatzen hasi zen. Parke publiko handi batera joan zen nebarekin. Oso polita zen parkea, baina han zalgurdirik ez ikusteak harritu zuen baronesa. Arratsaldea aurrera zihoan; belar mardul berdemina eta zuhaitz enbor lirainak eguzki izpi zeharrek urreztaturik ageri ziren: urregorri meategitik atera berriak urreztaturik bezala. Andreak egurastera irten eta, beren zalgurdietan, eguzkitakoak zeharretara okerturik dituztela, oinezkoen ilararen ondotik igaro ohi diren ordua zen. Hemen, ordea, Eugeniak ez zuen ohitura horren aztarnarik ikusi, eta are harrigarriago zen falta hori, nola eta ibilbide zoragarri bat baitzihoan, oso hurrenkera egokian landatutako zumar batzuek osatzen zuten arku dotorearen artetik, kale zabal animatu bateraino, non ere, ikusten zenez, bourgeoisie-ko kide aberatsenen artean, oinezko ugari baitzebilen. Gure lagunak pasealeku argi hartatik igaro ziren, eta Felixek oraindik neska polit askoz gehiago hauteman zuen, eta arreba ohartarazi zuen. Ez zen, ordea, horren beharrik; izan ere, baronesak aztertuak baitzituen ordurako, kontu handiz, andereño xarmagarri haiek.

        «Gure lehengusuek ere horrelakoak izan behar dutela esaten dit barruak,» esan zion Felixek.

        Hala espero zuen baronesak, baina ez zuen hori esan. «Oso politak, bai,» esan zuen, «baina umeak. Non dira emakumeak, hogeita hamar urteko emakumeak?»

        «Hogeita hamahirukoak esan nahi al duzu?» galdetzekotan egon zen neba, zeren, askotan, Eugeniak esaten zuena eta esan gabe uzten zuena, biak, ulertzen baitzituen. Baina eguzki-sarreraren edertasuna goraipatzea besterik ez zuen egin, eta baronesak, zeina fortuna bila etorri baitzen, zera pentsatzen zuen, berriz: bere burua inorekin neurtu behar izatekotan, beretzat izango zuela mesede neska txikiekin neurtzea. Bikaina zen eguzki-sarrera. Gelditu egin ziren ikusteko. Halako kolore nahasketa zoragarririk inoiz ez zuela ikusi esan zuen Felixek. Baronesak ere ikusgarria iritzi zion; baina hori baino atsegingarriagoa zitzaion, beharbada, konturatzea ezen, bera han zegoela, mirespenez begiratzen ziola handik pasatzen zen hainbat jende itxura onekok, zeinentzat janzkera deigarriko emakume dotore atzerritar-itxurako bat Bostongo kale kantoi batean naturaren edertasuna frantsesez goraipatzen ikustea ez baitzen oharkabean pasa zitekeen gauza. Eugeniari bihotza alaitu zitzaion. Halako poztasun bare bati amore eman zion. Fortuna bila etorri bazen, fortuna hori aise aurkituko zuela iruditu zitzaion. Hori agintzen zuen sartaldeko zeruaren gardentasun zoragarriak; gauzak berez etortzen direla iradokitzen zuen paseatzaileen begirada gozo lotsagabekeriarik gabekoak.

        «Ez zara atzera Silberstadtera itzuliko, ezta?» galdetu zion Felixek.

        «Bihar ez behintzat,» esan zuen baronesak.

        «Printze erregeordeari idatzi ere ez?»

        «Idatzi eta esango diot alde honetan ez dutela haren aditzerarik.»

        «Ez dizu sinetsiko,» esan zion mutilak. «Bakean utz dezazula aholkatzen dizut.»

        Felixek oso umore onean jarraitzen zuen. Usadio zaharretan eta hiri pintoreskoetan hezia izanagatik, ezaugarri jator asko ikusten zion metropoli puritano txikiari. Arrats hartan, afalondoan, arrebari esan zion ezen hurrengo egunean, goizean goiz, lehengusuei bisita egitera joango zela.

        «Presa handia duzu,» esan zion Eugeniak.

        «Zer naturalagorik,» galdetu zion Felixek, «gaurko neska polit horiek guztiak ikusita gero? Gure lehengusuak horrelakoak baldin badira, zenbat eta lehenago ezagutu eta hobe.»

        «Baliteke horrelakoak ez izatea ere,» esan zion Eugeniak. «Eskutitzak ekarri behar genituen, beste pertsona batzuentzat.»

        «Beste pertsona horiek ez lirateke gure ahaide.»

        «Ez dute horregatik okerragoak zertan izanik,» erantzun zion baronesak.

        Nebak bekainak jasota begiratu zion. «Ez zenuen hori esan, hona etorri eta gure senitartekoekin anaitu behar genuela adierazi zenidan lehen aldi hartan. Afekto naturalaren eragina zela esan zenuen. Eta horren aurka arrazoi batzuk atera nituenean, la voix du sang beste guztien gainetik zegoela aitortu zenuen.»

        «Gogoan duzu hori guztia?» galdetu zion baronesak.

        «Garbi-garbi! Eta oso hunkitu ninduen.»

        Gelan gora eta behera zebilen Eugenia, goizean bezala; gelditu eta nebari begiratu zion. Zerbait esatera balihoa bezala egin zuen, baina ez zuen ezer esan, eta ibilian jarraitu zuen. Handik pixka batera, ordea, bestelako zerbait esan zuen, aurretik pentsatutakoa esan ez izana argitzeko bezala. «Inoiz ez diozu ume izateari utziko, neba maitea.»

        «Esango litzateke zuk, andrea,» erantzun zion Felixek barrez, «mila urte dituzula.»

        «Batzuetan, bai,» esan zuen baronesak.

        «Hortaz, joan eta gizaki harrigarri baten etorrera jakinaraziko diet lehengusuei. Berehalaxe etorriko zaizkizu begirunea ekartzera.»

        Eugeniak gelan paseatzeari ekin zion berriro, eta, gero, nebaren aurrean gelditu eta eskua jarri zion besoan. «Ez dute ni ikustera etorri behar,» esan zion. «Ez diezu utziko hori egiten. Ez dut lehen enkontrua era horretara egin nahi.» Eta nebaren begietako galderari erantzunez, jarraitu zuen. «Zu joango zara, dena aztertu eta gero niri esango didazu. Itzultzen zarenean, dena kontatu beharko didazu: nor eta zer diren, zenbat diren, zenbat gizon eta zenbat emakume, zer adinetakoak..., den-dena. Ondo begiratu dena, eta hartu gogoan, gero niri deskribatzeko: tokia, xehetasun osagarriak... —nola esango nuke?—, la mise en scène. Eta gero, nire garaian, nik deritzodanean, noiz eta nola erabakitzen dudanean, neu joango naiz. Han aurkeztuko naiz: haien begien aurrean agertuko naiz!» esan zuen baronesak, buruan zuena nahiko garbi adierazten zuela, oraingoan.

        «Eta zer mezu eraman behar diet?» galdetu zion Felixek, fede osoa baitzuen arrebaren antolamenduen doitasunean.

        Baronesa nebari begira geratu zen —nebaren zintzo-aurpegi atseginari begira— pixka batean. Eta Felixek miresten zuen doitasunez erantzun zuen, «Nahi duzuna esan. Konta iezaiezu nire historia, naturalena iruditzen zaizun bezala.» Eta bekokia jarri zion musu eman ziezaion.

 

 

 

© Henry James

© itzulpenarena: Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia