HITZAURREA

 

        Europara bizitzera etorri (1875) eta hiru urte eta erdiko tartean idatzi zituen Henry Jamesek fikziozko bere lehendabiziko lau obra garrantzizkoenak —Roderick Hudson (1875), The American (1876-77), Daisy Miller (1878) eta Europarrak (1878)—, aldizkarietan atalka argitaratuak denak. Jamesen ibilbide literarioaren lehen garaiko eleberri labur bat da, beraz, Europarrak, lehen fase horretako eleberri nagusia baino —The Portrait of a Lady baino— bi urte lehenago idatzia.

        «Atlantic» aldizkariko argitaratzaile William Dean Howellsek, The American argitaratu eta gero, beste eleberri bat egiteko enkargua eman zionean —aurrekoaren amaiera tristearen kritika adiskidetsu bat egin eta «musa alai»ari hel ziezaiola eskatzen zionarekin batera—, Jamesek, erantzunean, Europarrak izango zenaren egitasmoaren berri eman zion. Honela zioen:

 

        Susmoa dut ezen bizitzako tragediek bahitzen didatela arreta gainerako gauzek baino gehiago, eta esanahi handiagoa dutela nire irudimenerako; beste alde batetik, ordea, uste dut ezen eguzkiaren orban bati tinko begiratuz gero prismaren koloreak ikusteko gai naizela. Izan daitekeen eguzki-orban distiratsuena izango duzu 1878ko lau ataleko istorioa. (...) Ziur asko, bohemiar tankerako mutil gazte alai xarmagarri bati buruz dudan ideia bat garatuko dut. Mutila atzerri aldetik itzultzen da bere senitarteko familia puritano herdoildu aszetiko batera (1830ko Ingalaterra Berriko leku irudizkoren bat), eta bere alaitasunaren eta ausardia amoltsuaren bidez familiartekoen laztasunak leunduko ditu, haien dispepsia sendatuko du eta haien kezkak uxatuko ditu. Etxe-giroko lagunarte goibel triste bat epikureismora bihurtzearen irudi bat izango litzateke, gaingiroki esanda. (...) Baina gerta dakidake gauza onik ez ateratzea ere. Zenbat kolore eman ahal izango diodan; horretan izango da merezimendua.

 

        Eta, atera, atera zuen, eta ez gutxi. Distiraz gainera, Jamesek agindutako txukuntasun eta perfekzio formal guztia du eleberriak. Eguzki-orban distiratsuenetako bat da, dudarik gabe. Horregatik da harrigarria Jamesek berak berehalaxe lanari «ahul eta huts» iritzi eta amari idatzitako eskutitz batean eleberria gutxietsi izana. New Yorkeko Argitalpenerako bere lan guztien bilduma prestatu zuenean ere ez zuen Europarrak bilduman sartu.

        Baliteke kritika jakin batek urrunarazi izatea James eleberri honetatik. Izan ere, Thomas Wentworth Higginsonek 1879an hitz gogorrak erabili zituen Europarrak-en kontra; eleberria anakronikotzat jo zuen eta Jamesen kosmopolitismoa zalantzan jarri. Honako hauek leporatu zizkion, esate baterako: zaldiz tiratutako omnibusak agertaraztea, artean halako ibilgailurik kaleetan ez zenean; erretratatzen duen familia Bostongo lagunarte onenean sarrera duena izanagatik, familiako alabak «artistarik inoiz ezagutu ez» izatea, edo familia hori bera bi atzerritarren aurrean hain harriturik eta nahasturik ibiltzea, 1830ean Bostonen 1878an baino europar ikasi gehiago zenean.

        Gaur egun txikikeriak dirudite salaketa horiek, baina litekeena da Jamesek min hartu izatea. Jamesek ez zuen, ordea, eleberri historiko bat egiteko asmorik. Jamesek eleberrian agertzen duen Ingalaterra Berria beraren familiako oroitzapenetakoa da eta, batez ere, Emersonen eta Hawthorneren mundua. Kontuan izan behar da Europarrak-en garai berean idatzi zituela Henry Jamesek Emersoni buruzko saio garrantzitsu bat eta Hawthorneri buruzko azterketa bat ere. Emersonen mundua «kolorerik gabea» iruditzen zitzaion Jamesi; pasiorik, gora-beherarik eta abenturarik gabea, oso sinplea eta aldi berean oso arduratsua, moral zut altu batek gobernatua. Mundu hori da, hain zuzen, Jamesek eleberri honetan Wentworth familiaren bidez irudikatzen duena eta, begiak Europako modeloetan (Turgeniev, Zola, Flaubert...) jarririk, Felix Young eta Eugeniaren mundu konplexu eta sofistikatuagoarekin alderatzen duena.

        Amerikarrak alde batean eta europarrak bestean, uste izan daiteke eleberri honetan ere Henry Jamesen gai nagusi eta oinarrizkoa garatuko dela, Mundu Berriaren eta Zaharraren arteko talka alegia, baina Europarrak-en ez dago oraindik talkarik. Eleberriak tonu arina eta ehundura komikoa du nagusi, eta amerikarrek eta europarrek elkarrekiko dituzten uste okerrak, aurreiritziak, gaizki-ulertuak eta gutxiespenak dira komedia giroaren sortzaile. Gainera, maila berean jartzen dira bi munduak, hau da, ez da bat bestea baino gehiago goratzen edo beheratzen. Puritanoen zenbait alderdi ironiaz kritikatzen badira ere, onartzen da bertute miresgarriak ere badituztela. Wentworth familiak ez du ahaide europarren estiloa eta jokamoldea balioesten, baina europarrek ere ez dute balioesten Wentworth familiaren sinpletasun hipokrisiarik gabea.

        Maitasun istorio alaia eta «ondo» amaitzen zena egiteko enkargua zuen Jamesek, eta, horri dagokionean, bete zuen emandako hitza. Dena den, harritzekoa da nola ez zuen Howellsi bidalitako egitasmoan Eugeniaren pertsonaia aipatu. Izan ere, lehen orrialdeetatik kentzen dio Eugeniak protagonismoa Felix Young mutil gazte alaiari, eta bera bihurtzen da eleberriko ardatz eta nagusi. Felix batere korapilatua ez dela kontuan izanik, Eugeniaren giza irudi konplexua falta izan balitz, eleberria ezdeusa izan zitekeen; epikureismoaren eta puritanismoaren arteko kontrakotasuna gauza jakina eta hutsala gerta zitekeen. Baina Eugeniak dena aldatzen du; liburuko zenbait gai korapilatu ez ezik, halako itzal batez estaltzen du «eguzki-orbana».

        Jamesek «Zirriborro bat» azpititulua ezarri zion Europarrak eleberriari. Hobeto esan, «a sketch» ezarri zion; «sketch» hitzak, ingelesez, xehetasun handirik gabeko marrazki bat edo hitzezko deskribapen labur bat adierazteaz gainera, antzerki lan labur bat ere esan nahi du, eta Europarrak, egia esan, hiru zentzuen jabe da. Europarrak eleberri bat da, askotan margolan batean pentsarazten duena, eta gainera Eugeniaren «erakustaldiaren» ikusle bihurtzen gaituena.

 

 

* * *

 

        Hitz bat esan nahi nuke itzulpen honetako elkarrizketetan erabili ditudan komatxoei buruz. Gaur egungo joera nagusia komatxoak ez, baina marrak erabiltzekoa bada ere, kasu honetan komatxoen alde egin dut. Izan ere, elkarrizketa hauek narrazioan bertan integraturik daudela iruditzen zait, eta marra erabiltzeak narrazioan nolabaiteko eten behartu bat egitea eskatuko lukeela. Erabakia hartu eta gero, ordea, gure artean ohikoak diren bi komatxoak («) astunegi gertatzen zitzaizkidan, zeren eta, elkarrizketaren barruan ere batzuetan estilo zuzena edo aipu bat agertzen denez, zenbait esaldi aurrean edo atzean lau komatxo zituela geratzen baitzen. Hala, bada, lizentzia hartu eta ingelesezko moldeari jarraitu diot: elkarrizketaren hasiera eta bukaera koma bakar batez adierazten da; autoreak komatxo artean eman dituen hitzak ere koma bakar batez ematen dira, eta aipu zuzenak, berriz, bi komatxoz.

 

 

* * *

 

        Azkenik (last but not least), eskerrik asko, Eskarne Mujika, Antton Olano eta Juan Garzia, zuen laguntza eta aholkuengatik.

Irene Aldasoro

 

 

 

© Irene Aldasoro

 

 

"Henry James / Europarrak" orrialde nagusia