GONBIDATU IZUGARRIA

(Der unheimliche Gast)

 

        Ekaitz erauntsi gogorra ari zuen, gero eta negu hurbilagoaren aitzindari. Hodei beltzak bidaltzen zituen aurretik, euri eta kazkabar jasaren ziztu zalapartak sakabanatzeko.

        — Gaur biok bakarrik gaitun —esan zion G. koronelaren emazteak bere alaba Angelikari, hormako ordulariak zazpiak jotzerakoan—. Eguraldi txarrak lagunak uxatu zizkigun. Nire senarra etxeratuko balitz behinik ehin!

        R.ko Moritz kapitaina sartu zen orduantxe. Legegizon gazteak jarraitzen zion, bere humore bizkor eta agortezinarekin asteartero koronelaren etxean biltzen zen taldea alaitzen zuen hark. Angelikak esaten zuenez, halako lagunarte etxekoiarekin ez zen antzematen gizarte zabalagoaren hutsunerik.

        Hotz egiten zuen salan. Koronelaren emazteak tximiniako sua astindu eta te-mahaia inguratzeko agindu zuen.

        — Zuei bioi —mintzatu zen—, benetako heroismo prestuarekin ekaitz eta erauntsian barrena etorri zareten jaunoi, ezin eskatuko dizuet gure te motel, ahularekin etsi dezazuen; beraz, mademoiselle Margeritek iparraldeko gure edari bikaina prestatuko dizue, eguraldi txar guztiei aurre egiteko egokiena.

        Margerite frantsesak, hizkuntzagatik eta emakumeen beste trebetasun batzugatik Angelika andereñoaren mirabea zenak nahiz eta Angelikak baino urte bakar batzuk gehiago eduki, azaldu eta esandakoa egin zuen.

        Pontxeari lurrina zeriolarik eta sua tximinian zirt-zart, elkarren ondoan jezarri ziren mahai ttikiaren inguruan. Hotzez dardarka zeuden denak, eta arestiko jardun ozen eta alaiaren ordez isiltasuna zen nagusi orain. Ekaitzak kebidean harrotutako ahots harrigarriek aditzeko moduan egiten zuten ulu eta txistu.

        — Jakina da —hasi zen Dagobert legegizon gaztea—, udazkena, haize erauntsia, tximiniako sua eta pontxea zein baino zein direla gure batean hotzikararik gordeenak pizteko.

        — Txit atseginak dira halere —bat egin zuen Angelikak hizketarekin—. Nik behintzat ez dut sentipen ederragorik ezagutzen ametsen mundura kirika egiten dugunean gorputz guztian barrena zabaltzen zaigun dardar eme hori baino, auskalo nola sortua.

        — Horixe —jarraitu zuen Dagobertek—, horixe bera! Dardara atsegin hori nagusitu zaigu oraintxe denoi, eta ametsen mundura nahigabe zuzentzera gindoazen kirika horrexek isildu gaitu apur batean. Eskerrak joan zaigun eta ametsen mundutik itzuli garen, edari pozgarri hau eskaintzen digun_errealitate ederrera!

        Hartan zutitu eta bere aurreko basoa hustu zuen, koronelaren emazteari airostasunez gur egin ondoren.

        — Aizu eta —ekin zion Moritzek—, dardara horren eztitasuna sentitzen baduzu zuk ere, andereñoak eta nik neuk bezala, zergatik ez gara gogo onez bertan murgiltzen?

        — Begirozu gero, lagun! —hartu zuen Dagobertek hitza—. Ez gara hizketan ari harako amets haiei buruz, non izpiritua jolas zoragarri eta bihurritan aritzen den. Haize erauntsi, tximini eta pontxearen benetako dardara horiek egoera ulertezin, misteriotsu baten lehen erasoak dira. Egoera hori berezkoa du gizakiak eta alferrik egiten dio gogor izpirituak; kontu handiz ibili behar dugu horrekin. Izuari buruz ari naiz, fantasmenganako beldurraz. Denok dakigu iratxo jende beldurgarria gauez eta batez ere ekaitza denean jaikitzen dela bere aterpe ilunetik, noraezean hasteko; zentzuzkoa da, beraz, honelako une batean gu bisita izugarriren baterako gertu egotea.

        — Txantxetan ari zara, Dagobert —esan zuen koronelaren emazteak— eta ezin dizut onetsi batzuetan nabari dugun ume izu hori geurezkoa dugunik; areago, umeentzako ipuin eta fantasma istorio zoroei leporatzen diet, haurtzaroan inudeek guri frankotan kontatutako haiei.

        — Bai zera, anderea! —hots egin zuen Dagobertek bizikiro—. Haur denboran hain maitagarriak iruditzen zitzaizkigun istorio haiek ez lukete gure animan hain sakon eta indartsu joko, oihartzun sokak geure barruan ez baleude. Ez dago zalantzan jartzerik izpirituen mundu misteriotsuak inguratu egiten gaituela, eta sarritan doinu arraro eta lilura miresgarrien bidez agertzen zaigula. Ikararen, beldurraren zirrara munduko geure organismoaren bultzadagatik bakarrik sor daiteke. Izpiritu espetxeratuaren oinazea da horrela mintzo dena.

        — Ameslaria zara —esan zion koronelaren emazteak—, fantasia erneko gizon guztien antzera. Ulertzen dut zure ideia eta zinez uste dut izpirituen mundu arrotz hori gauza dela gure aurrean azaltzeko, doinu entzungarri eta liluren bidez; baina ez dut ulertzen zergatik aurkezten dizkigun naturak hain modu itsusian erresuma misteriotsu horren menpekoak, inorengan izua eta larria sortzeraino.

        — Agian hortxe datza amaren zigorra —jarraitu zuen Dagobertek—, ume deslaiok bere arta eta heziketatik ihes egin dugulako. Izan ere aspaldiko urre aro hartan gizakiak sustraitik bat eginda bizi zirenean natura osoarekin, ez gintuen inongo izu edo larrik ezintzen, izadi osoaren zeharoko bake eta batasun zoriontsu hartan ez baitzegoen etsairik halako ezer ekar ziezagukeenik.

        «Izpirituen ahots arraroez aritu naiz lehenago. Baina jatorri jakina duten natur soinuak ere zer dela eta iruditzen ote zaizkigu lanturu saminak eta betetzen ote dute gure barrena larritasunik latzenarekin? Naturako doinu horien artean aipagarriena Ceylango Airemusika edo Deabruboza da, eta baita mugako lurraldeetakoa ere, Schubertek bere Natur Zientzien Alderdi Ilunak delakoan aipatzen duena. Naturaren hots horiek gau isil, zohardietan gertatzen dira, giza ahots zinkurinatien antzeko, batean urruti-urrutitik baletoz bezala eta bestean aldamenetik. Hainbeste hunkitzen dute inor non lekuko lasai eta zuhurrenak ere ezin izaten dion izuari eutsi.»

        — Hala da, bai —eten zion Moritzek lagunari—. Ez naiz inoiz izan ez Ceylan eta ezta mugako lurraldeetan ere, baina halere aditu dut naturaren soinu lazgarri hori; eta nik ezezik, hura entzundako beste guztiek ere nabaritu zuten Dagobertek deskribatu bezalako zirrara.

        — Gogotik poztuko nauzu —gaineratu zuen Dagobertek—, eta baita koronelaren emaztea guztiz konbentzituko ere, gertaera osoa konta bazeneza.

        — Badakizue —hasi zen Moritz—, frantziarren aurka borrokatua naizela Espainian, Wellingtonen agindupean. Zalduneria espainiar eta ingeleseko talde batekin akanpatuta nengoen Gasteizeko gatazka baino lehen, zeruaren azpian gauez. Bezperako martxarekin akiturik lozorroan nengoen, bat-batean lanturu zorrotz batek esnatu ninduenean. Burua altxa nuen nire ondoan zaurituren bat heriotza intzirika zegoelakoan, baina inguruko kideen zurrungak besterik ez nituen entzun.

        Egunsenti gorriaren lehen izpiek ilunpe itxi hura urratu zutenean zutitu eta lokartuengandik urrundu nintzen, zauritu edo hil hurran hura aurkituko ote. Gau isila zen eta goizeko haizeak emeki-emeki astintzen zituen hostoak. Orduan lanturu are luzeagoak zeharkatu zuen airea bigarren aldiz, eta motel desegin zen urrunean. Bazirudien hilen izpirituak gatazka zelaitik hegaldatu eta beren oinaze garratza aldarrikatzen ziotela zeru sabai zabalari. Barrena dardarka, berebiziko izuak atxiki ninduen. Tokitan zeuden ordurarte giza eztarritik entzun nituen intziri guztiak soinu erdiragarri haren aldean!

        Nire kideak ere lotatik esnatu ziren. Ozenago eta beldurgarriago bete zuen airea lanturu hark hirugarren aldiz. Zur eta lur geratu ginen izulaborriz; zaldiak ere haizea botatzen eta ostikoka ari ziren urduri. Espainiar batzuk belaunikatu eta otoitzean hasi ziren. Ofizial ingeles baten esanetan maiz ezagutu zuen fenomeno hura hegoaldeko lurretan, eguratsean sortu eta jatorri elektrikoa omen zuena, eta eguraldi aldaketaren seinale. Espainiarrak, miresgarria den guztia sinisteko joeradunak, lurraz kanpoko izpiritu ahots indartsuak zirelakoan zeuden, izugarrikeria hurbilen baten aitzindari. Biharamuneko gatazka burrunbak sendotu egiten zituen beren susmoak, eta baita beldurra areagotu ere.

        — Ceylan edo Espainiara joan behar al dugu beraz —mintzatu zen Dagobert—, naturaren intziri miresgarri horiek entzuteko? Ezin al gaitu ekaitz haizearen ulu erlatsak, kazkabar jasaren zaratak edo haize orratzaren marru eta orroak ere berdin izutu? Tira! Arretaz entzun dezagun mila ahots izugarrik tximini horretan eskaintzen diguten musika zoroa, edo oraintxe kantari hasi den te-ontziaren fantasma abestia.

        — Zoragarria! —hots egin zuen koronelaren emazteak—. Dagobertek te-ontzira ere erakartzen ditu fantasmak eta intziri izugarriak jalkiaz agertzera doazkigu!

        — Gure laguna ez da oker ari, ama maitea —hartu zuen Angelikak hitza—. Tximiniako txistuak, zirt-zartak eta txinpartots harrigarriak dardara batean jar nazake benetan, eta te-ontziaren kanta lanturosa hain da beldurgarria non sua itzaltzera noan, lehenbailehen isil dadin.

        Zutitzerakoan Angelikari zapia erori zitzaion, eta Moritzek agudo makurtu eta eskuratu zion. Angelikaren aingeruzko begiak Moritzengan pausatu ziren; honek hartu eskua eta ezpainen kontra estutu zuen irrikaz.

        Margeritek dardara egin zuen une bere hartan, argindar kolpe batek jota bezala, eta orduantxe bete eta Dagoberteri luzatzera zihoan baso pontxea lurrera erori zitzaion, mila puskatan txikituaz. Margerite negar zotinka jaurti zen koronelaren emaztearen oinetara, bere burua tuntuntzat hartuaz eta bere logelara biltzeko baimen eske. Dena ulertu ez bazuen ere, arestiko kontaera harekin beldurtu egin omen zen; berebiziko egonezarekin zegoela tximini ondoan, gaixo sentitzen zela eta ohean etzan nahi zuela. Hala, koronelaren emazteari eskuetan muin egin eta begietatik mara-mara zerizkion negar anpulu beroz busti zizkion.

        Dagobertek eszena haren mingostasuna igarri zuen, eta baita egoera hari jira berri bat emateko beharra ere. Bera ere koronelaren emaztearen aurrean belaunikatu eta ahalik ahots negartienaz gupida eskatu zuen gaizkile harentzat, inoiz legegizon baten mingaina laztandu eta bihotz izoztua epeldu zuen edaririk goxoena lurrera isurtzeko ausardia izan zuenarentzat. Zoru argizarituko lohidurari zegokionez berriz, zin egin zuen biharamunean oinazpian eskubilak erantsi eta korteko dantza irakasleen inbidiarik gabeko jirabira zoragarriak eginaz ibiliko zela ordubetez salan barrena zirrin-zarran.

        Koronelaren emaztea, hasieran Margeriteri bekozko ilunaz begiratzen bazion ere, alaitu egin zen Dagoberten ateraldi harekin. Biei eskuak irribarretsu luzatuaz, honela esan zien:

        — Altxa eta txuka itzazue zuen malkoak, gupida aurkitu baituzue nire epai-aulki gogorraren aurrean. Hik, Margerite, hire abokatu trebeari eta pontxearen lohidura garbitzeko bere eskaintza heroikoari eskertu behar dion hire hoben latza gogorrago ez hartua. Baina ezin dinat zigorra erabat barkatu. Beraz, ahuleritan pentsatu gabe salan itxuraz egon eta gure gonbidatuei pontxea orain arte baino usuago banatzeko agintzen dinat; baina oroz gainetik hire salbatzaileari eskerronezko muxu bat eman diezaionan!

        — Horrela nire bertutea ez da saririk gabe geratuko —hots egin zuen Dagobertek patetismo barregarriz, Margeriteren eskua eutsiaz—. Sinistazu, aingeru, munduan oraindik badaudela legegizon heroikoak inozentzia eta zuzentasunaren alde beren buruak eskaintzen dituztenak! Baina tira! Egiogun men gure epaile gogorrari. Bete dezagun bere epaia, apelazio posiblerik ez duena.

        Hala, Margeriteren ezpainetan muxu arin bat pausatu eta lehengo eserlekura eraman zuen begirune handiarekin. Margerite, gorri gorri, algara batean hasi zen, malkoen distira oraindik begietan zuen arren.

        — Bai tuntuna naizena! —hots egin zuen frantsesez—. Etxekoandreak agindutakoa egingo dut! Lasai egon, pontxea banatu eta beldurtu gabe entzungo ditut fantasma kontuak.

        — Bejondeizula, aingerutxo —hartu zuen Dagobertek hitza—. Zu nire heroismoak zuzpertu zaitu eta ni berriz zure ezpainen gozotasunak! Berriro indarbizitu zait fantasia, eta gertu nago regno di piantoko izugarrikeria zenbait kontatzeko, gure gozamenerako.

        — Uste nuen —esan zuen koronelaren emazteak—, isiltzera gindoazela berriketa galgarri, latz horiek.

        — Mesedez, ama maitea —eten zion Angelikak—, utziogun jarduten gure lagun Dagoberteri. Esanak esan, aitortu beharra daukat ume hutsa naizela eta entzutea gehien atsegin zaidana fantasma istorio eder horiek direla, hainbeste hotzikaratzen nautenak.

        — Anitz pozten nau horrek —hots egin zuen Dagobertek—. Ez da neskatila izukorra baino maitagarriagorik, eta ez nuke inolaz ere ezkondu nahi fantasmekin larritzen ez den emakumearekin.

        — Lehen zenioenez, ene Dagobert maitea —mintzatu zen Moritz—, amets ikaretatik fantasmenganako beldurraren erasotik bezala babestu behar dugu, eta horren zergatia zor diguzu oraindik.

        — Ederki —esan zuen Dagobertek—. Beranduago etortzen da ikara hori, eta ez lehenengo erasoaren dardara atseginean. Ondoren hedatzen zaigu heriozko ezina, izu lazgarria. Badirudi zirrara atsegin hori beita baten antzekoa dela, izpirituen mundu beldurgarriak gu sorgintzeko darabilena. Jatorri ezaguneko naturotsez mintzatu gara arestian, eta gure zentzuengan duten eragin itzelaz. Baina aldian behin soinu bitxiagoak entzuten ditugu, iturburu igarrezinekoak, izulaborriz betetzen gaituztenak. Alferrik da pentsatzea, geure buruak lasaitzeko, animalia gorde, haize bolada edo beste edozein modu naturalez sortutako hotsak direla. Denok antzeman dugu zurrumurru ttikiena ere gauez aldian-aldian errepikatzea aski dela guri loa galarazi eta barrena larritzeko, geure onetatik ateratzeraino.

        «Orain dela zenbait denbora, bidaian nindoalarik ostatu batean geratu eta bertako ugazabak gela atsegin bat paratu zidan. Gauaren erdian esnatu nintzen bat-batean. Leiho irekitik ilargiak bere printzak jaurtitzen zituen, gelako altzari guztiak eta baita gauzarik ttikienak ere argiro nabarmenduaz. Hots bat entzun nuen orduan, euri tantak metalezko pertzan jotzen duenean bezalakoa. Erne jarri nintzen! Aldian-aldian errepikatzen zen. Nire zakurra, ordurarte ohe azpian etzanda zegoena, arrastaka atera eta usnan hasi zen gelan barrena aieska, hormak eta zorua harramazkatzen. Izotzezko ibaiak nabaritu nituen nire barruan, eta kopeta izerdi patsetan. Hala eta guztiz ere, kemen harturik oihu egin, ohetik jauzi eta gela erdiraino joan nintzen. Nire aurre aurrean erori zen berriro tanta, nire gorputzean barrena pertzeraino, soinu ozena atereaz. Izulaborriz beteta balantzaka oheratu eta erdi zorabiaturik gorde nintzen estalki azpian. Bazirudien aldian-aldian errepikatzen zen soinu hura gero eta emeagoa zela, airean dilindan. Loak hartu eta goiz-txinta arte ez nintzen esnatu. Zakurra ondoan neukan kizkurturik eta ni tentetzean jauzi egin zuen ohetik, zaunka alaiekin, berari ere beldur guztiak joanda bezala. Soinu miresgarri haren jatorri arrunta agian ezkutuan zegoelakoan jabeari kontatu nion nire gaueko gorabehera hura, oraindik gorputz guztia hotzikarez. «Dena argituko zidak —pentsatu nuen—, eta aldez aurretik abisatu ez izana damutuko zaiok».»

        «Jabeak, zurbilduta, arren eta arren eskatu zidan inori ez berritzeko gela hartan gertatua, bestela ogibidea galtzeko zorian jarriko nuela eta. Lehenago ere hainbat bidaiari kexatu omen zen ilargi gauetako soinu hartaz. Agi danean zehatz-mehatz ikertua zeukan dena, baita gela hartako eta aldameneko zoru oholak altxaraziak ere, auzoa gogotik aztertua ere bai, baina hots beldurgarri haren jatorriaz zantzurik bildu gabe. la urtebete zeramanez isilik, fantasma gaizto hartaz libre zelakoan omen zegoen; baina orain, entzuteak beldurra eman arren, berriro jardunean hasi bide zen. Inolaz ere ez omen zuen jendea parte txarreko gela hartan gehiago ipiniko.»

        — Ene! —mintzatu zen Angelika, sukarrez bezala dardarka—. Beldurgarria da hori, beldurgarria denez ere. Ni bertan hilko nintzen, antzekorik egokituez gero. Sarritan gertatu zait lotatik bat-batean berebiziko larriarekin esnatzea, zerbait izugarria gertatuta bezala. Halere, ez dut izaten ezeren ezaguera arrastorik edo amets gaiztoen inongo oroitzapenik; aitzitik, heriozko zorabio batetik esnatu naizela iruditzen zait.

        — Ezagutzen dut egoera hori —jarraitu zuen Dagobertek—. Nahitaez men egitera behartzen gaituzten eragin psikiko arrotzen seinalea da. Hala nola sonanbuloa bere ibilerez oroitzen ez den eta ezta gertatu zaionaz ere, baliteke, halaber, jatorri ezkutuko estuasun latz hori azti boteretsu baten langitea izatea, geure buruongandik urrun gaitezen.

        — Oraindik gogoan daukat beste aldi hura —mintzatu zen Angelika—, duela lau urte inguru nire hemeretzigarren urtebetetze eguneko gauean esnatu nintzenean, zenbait egunetako ezina sortu zidan egonez izugarriarekin. Alferrik saiatu nintzen hainbeste larritu ninduen ametsaz oroitzen. Gogoan daukat ametsetan batari eta besteari kontatu niola nire amets beldurgarri hura, baina bereziki aman; horrexez bakarrik oroitzen nintzen esnatzean, baina nondik norakoaz deus ere ez.

        — Fenomeno psikiko miresgarri hori —gaineratu zuen Dagobertek—, harreman estuan dago hipnosiarekin.

        — Gero eta gogaikarriagoa bihurtuko da gure elkarrizketa —esan zuen koronelaren emazteak—, pentsatze hutsa jasanezina zaidan kontutan galtzen bagara. Arren eskatzen dizut, Moritz, zerbait atsegina eta alaia konta dezazun berehala, fantasma istorio beldurgarriekin behingoz amaitzeko.

        — Gogo onez beteko dut zure eskaria —mintzatu zen Moritz—, baldin eta zilegi bazait, hori baino lehen, aspalditik ezpain puntan daukadan beste gertaera izugarri bakar bat aipatzea. Gainez ari zait barrena egiten, eta alferrikako ahalegina nuke gauza pozgarriez mintzatzea.

        — Arin zaitez bada —gaineratu zuen koronelaren emazteak— nozitzen ari zaren zama ikaragarri horretatik. Laster etxeratuko da senarra eta zuekin eztabaida bat edukitzeko gogoa daukat, edo zuei zaldi ederrez hizketan entzuteko grina gozoa, hartara fantasma berriketek sortu didaten urduritasun nabarmen honetatik irteteko.

 

        Nire azken gatazkan —hasi zen Moritz—, teniente koronel errusiar baten ezaguera egin nuen: livoniarra jaiotzez, hogeitamar urte eskasekoa. Halabeharrez arerioaren aurrean elkarrekin luzaroan egonik, laster ginen lagunmin. Bogislavek, hala zuen teniente koronelak izena, dohain guztiak zeuzkan inguru guztian begirune eta maitasunik handiena erakartzeko: itxura prestua, bizkorra, begitarte atsegina, jantzia, ezin jatorragoa eta, halaber, lehoia bezain ausarta. Botilaren ondoan erraz alaitzen direnetakoa zen, baina sarritan gogorapen lazgarriren batek atxikitzen zuen ez non eta ez han, noizbait gertatu zitzaiona edo, aurpegian dolurik saminenaren arrastoak utzi zizkiolarik. Halakoetan isildu, lagunartetik aldendu eta noraezean ibiltzen zen.

        Gauetan aitzinlekuz aitzinleku joaten zen zaldiz, gatazka zelaian barrena etengabe, eta soilik nekez lehertu ondoren hartzen zuen loak. Gainera bere burua maiz arrisku bizian jartzen zuen inongo premiarik gabe; bazirudien heriotza bilatzen zuela borrokan, baina honek ihes egiten ziola, gudurik gogorrenetan ere ez baitzuen ezpata edo balakada bakar batek ere ukitu. Bistakoa zen, bada, galera berreskuraezin edo ekintza arinegiren batek ekarri ziola hondamena.

        Frantses lurretan jauregi gotortu baten jabe egin ginen indarrez. Bertan itxoin genuen egun pare batez, gudaroste nekatuak atseden har zezan. Bogislaven gela niretik pauso bakar batzuetara zegoen. Gau batean, nire ateko joaldi isil batek esnatu ninduen. Nor zen galdetu, nire izena entzun eta Bogislaven ahotsa ezagutzean jaiki eta ireki nion. Nire aurrean neukan Bogislav gauatorrez jantzita, eskuetan kriseilua pizturik, desitxuratuta, hildakoa bezain zuri, dardarka, hitz bakar bat esan ezinik! Jainkoaren izenean! —esan nuen—. Zer gertatzen zaizu, ene Bogislav? Zorabiatu hura besaulkira eraman eta bizpahiru baso bete nizkion mahai gainean neukan ardo sendotik. Bere eskua nireetan tinkatu eta kontsolatzeko hitzak esan nizkion ahal nuen heinean, ez bainekien egoera tamalgarri haren zergatia.

        Pixkana zuzpertu ondoren Bogislavek lanturu egin eta ahots isil, erlatsez hasi zen: Ez, ez! Erotuko naiz, hainbeste desio dudan heriotzak berarekin ez banarama! Zuri, ene Moritz leiala, konfiatuko dizut nire sekretu izugarria. Beste noizbait ere esan nizun duela urte batzuk Napolin gertatu nintzela. Herritar ospetsu baten alabarekin maitemindu nintzen bertan. Aingeru hark bere ondoan onartu eta gurasoen baimenarekin erabaki zen gure bat egitea, nire ustez inongo zoriontsuena izango zena. Ezkoneguna jadanik finkatua zegoen, bat-batean konde siziliar bat azaldu eta bion artean tartekatu zenean, nire andregaia irmoki berarentzat galdatuz. Argibide eske hasi nintzaionean iraindu egin ninduen. Elkarri joka ekin eta labana sartu nion sabelean. Andregaiagana joan nintzen berehala. Negarretan blai aurkitu nuen, eta bere maitearen hiltzaile zitala deitu ondoren erdeinuz baztertu ninduen. Lanturu etsian oihuka, konortea galduta erori zen eskutik heldu nionean, eskorpioi pozoitsuak ukitu balu bezala! Oraindik halako izugarrikeriarik! Gurasoek ezin zuten konpreni alabaren aldaketa hura. Inoiz ez omen zituen kondearen eskariak aintzakotzat hartu.

        Aitak bere jauregian gorde ninduen, eta ahalegina guztian saiatu zen Napolitik ezkutuan irten nendin. Anima apartaturik egin nuen ihes gelditu gabe San Petersburgoraino! Ez da nire maitearen leialtasunik eza, baizik eta misterio beldurgarri bat ezintasun hau sortzen didana! Napoliko egun dohakabe harrezkero infernuaren izuikarak jarraitzen dit! Egunez sarri, baina gauez sarriago, heriotz antsi lodiak entzuten ditut, batean urrun eta bestean aldamenean. Nik hildako kondearen ahotsa da izulaborriz betetzen nauena. Batailoieko kanoien burrunba gogor eta mosketen zirt-zarten artetik lanturu ikaragarri hori entzuten dut belarri ondoan, nire baitan amorrua eta zoramen etsia iratzarriz! Gau honetan bertan...

        Bogislav isildu eta biok ala biok ere izuak hartu gintuen aspalditik eusten egondako lanturu bihotzerdiragarri bat entzun genuenean, agi danean pasabidetik zetorrena. Norbait aiene eta antsika lurretik altxa ezinean ari zela zirudien, eta gero gugana zetorrela pauso astun, dudatiz. Bat-batean indarberrituta, Bogislavek besaulkitik altxa eta oihu egin zuen ahots mardulez, begiak sutan: Azal hadi, bilaua, gauza baldin bahaiz! Hirekiko eta infernuko hire kide guziekikoak egingo dizkiat. Izugarrizko danbatekoa entzun zen. Une hartan gelako atea zabaldu zen zaratatsu...

 

        Ottmarek hitz hauek irakurtzearekin batera lorategiko atea ere zaratatsu zabaldu zen eta lagunek irudi ilun, mozorrotu bat ikusi zuten, fantasma baten urrats isilez pixkana hurbiltzen. Lurrari josita zeuden denak arnasa joanda, izerdi hotzak hartuta.

        — Gizalege al da —egin zuen azkenean garrasi Lothark, argiaren distirak irudi haren aurpegian osoki eman eta Cyprian adiskidea ezagutzean—, gizalege al da jende finari fantasmakeria txatxu horiekin adarra jotzea? Badakit zuretzat ez dela aski nolanahiko lilura bitxi eta fantasma zoroez jardutea: gustura hartuko zenuke zerorri fantasma, iratxoa bazina. Baina esan ezazu, nondik azaldu zara horren ustekabean eta nola aurkitu ahal izan gaituzu hemen?

        — Hori! Esan, esan! —errepikatu zuten Ottmarek eta Lothark.

        — Gaur nire bidaiatik etxeratu naizenean —has zen Cyprian—, Theodorengana joan, Lotharengana joan, Ottmarengana joan eta inor ez dut topatu. Atsekabeturik soroetara irten eta kasualitateak nahi izan du hirira itzultzerakoan lorategiko etxola honen ondotik igarotzen den bideari lotzea. Bat-batean ahots ezaguna iruditu, leihotik begiratu eta hor non ikusi ditudan nire anaia serapiondar agurgarriak Ottmari Gonbidatu izugarria entzuten.

        — Hara! —eten zion Ottmarek lagunari—. Ezagutzen al duzu nire istorioa bada?

        — Ahaztu al duzu —jarraitu zuen Cyprianek—, kontaera horretako osagarriak nigandik hartu zenituela? Neuk eman nizkizun ezagutzera Deabruboza eta Airemusika, eta baita gonbidatu izugarria agertzearen ideia ere. Jakinminez nago ea zer nolako jarraipena eman diozun nire gaiari. Bestalde, jabetuko zaretenez, Ottmarek salako atea zabaltzearena irakurri duenean behartua nengoen neu ere beste horrenbeste eginaz zuengana azaltzera.

        — Kontuak kontu, ongietorria izan zaitez —hartu zuen Theodorek hitza—, ez gonbidatu izugarri bezala baizik eta anaia serapiondar leialaren gisara, nahiz eta galanki ikaratu nauzun.

        — Eta gaur izpiritu itxura hartu nahi baduzu —mintzatu zen Lothar—, ez zaitez behinik behin izpiritu asaldatu horietakoa izan, baizik eta jezarri, kikararekin hotsik atera gabe tea edan eta zure lagun Ottmari arretaz entzuiozu; izan ere jakinminez nauka bere istorioak, agi danean oraingoan bestek emandako gaiez landu omen duena.

        Theodor gaixoalditik oraindik oso makal zegoenez, komeni baino gehiago hunkitu zen lagunaren ziriarekin. Hildakoa bezain zurbil zegoen eta alai tankera emateko ahaleginak egin behar zituen, modu nabarmenean. Cyprian honetaz ohartu eta nahigabeturik zegoen izandako jokabideagatik.

        — Izan ere! —jalki zuen—. Ez naiz oroitu nire lagunmina zuzpertu berria dela bere gaixoaldi larritik. Halako ziriak debekatzen dituen neure arauaren kontra aritu naiz, holakoen bidez erraza baita inorengan izpirituen munduko larritasun latza txertatu eta izulaborria sortzea. Gogoan dut esate baterako...

        — Utikan —esan zuen Lothark—. Etenaldi aski jasan dugu. Cyprian prest dago, ohi duen bezala, berak sumatutako oihan sorgindu, ilunean barrena gu denok gidatzeko. Arren eskatzen dizut, Ottmar, aurrera egin dezazun.

        Ottmarek kontatzen jarraitu zuen.

        Burutik oinetaraino beltzez jantzitako gizon bat sartu zen, aurpegi zurbil eta begirada serios, irmokoa. Hurbildu jende prestuaren fintasunik handienaz koronelaren emazteagana, eta barkamen eskatu Zion hertsiki, lehenagorako gonbidatu eta hain berandu heldu zelako: bidali ezineko bisita batek atzeratu omen zuen, tamalez. Koronelaren emazteak, bat-bateko ikaraldi hartatik bizkortu ezinik hitz entzunezin batzuk toteldu zituen, arrotzak eserlekua har zezan adierazi nahian, gutti gorabehera.

        Koronelaren emaztearen alboan ipini zuen aulkia, Angelikarekin aurrez aurre. Eseri eta inguruko guztiak zeharkatu zituen begiradarekin. Elbarriturik bezala, inork ezin zuen txintarik atera. Orduan hasi zen arrotza: bi aldiz eskatu behar zuela barkamen, bata hain berandu heldu zelako eta bestea halako zalapartan. Bigarrena ere ez omen zen bere erruz izan, berak ez baizik eta sarreran topatutako morroiak zabaldu baitzuen atea halako indarrez.

        Beldurra gainditzeko ahaleginetan, koronelaren emazteak galdetu zion noren aurrean egoteko plazera zeukan. Arrotzak galderari entzungor egin, nonbait, eta Margeriteri begira jarri zen. Honek, bat-batean izakeraz erabat aldaturik algara egin, arrotzaren aurrean gerriei eragin eta irribarretsu esan zuen frantsesez fantasma istoriorik ederrenarekin gozatzen ari zirela, eta kapitain jaunaren borondatez fantasma zital bat azaltzera zihoala, bera, arrotza alegia, sartu zenean.

        Antzemanik desegokia zela bere burua gonbidatutzat aurkeztu zuen arrotzari izena eta jatorria galdetzea, baina batez ere aurrean edukitzeaz larriturik, koronelaren emazteak ez zuen galdera errepikatu eta ezta Margeriteri errietarik egin ere, jokabide la nabarmen harengatik. Arrotzak bukaera eman zion Margeriteren hizjarioari, besteengana burua jirata zegoen koronelaren emazteari hizketan hasiaz bailaran gertatutako pasadizo hutsalen baten gainean. Koronelaren emazteak zeozer erantzun eta Dagobert ere elkarrizketan sartzen saiatu zen, solas guztia esaldi solte eta etenekoa bihurtu zen arte. Bitartean Margeritek kanta frantses baten kobla bakar batzuk xaramelatzen ari zen, akordeak luzatuaz, gavotte-en jirabira berrienekin oroituz bezala, besteek mugitzerik ere ez zeukatelarik.

        Bihotza kargaturik nabari zuten denek, arrotzaren agerraldi hark ekaitz aurreko sargoriak bezala zapuzten zituen denak, eta denei hiltzen zitzaien ere hitza ezpainetan, gonbidatu izugarriaren begitarte zurbilari so egitean. Hala eta guztiz ere, honen doinua eta keinuak ez ziren batere ezohizkoak. Aitzitik, mundu zabaleko gizon jantzi, asko ikusia zela igartzen zitzaion. Alemana eta frantsesa mintzatzerakoan zeukan hizkera zakarra entzunda, pentsatzekoa zen ez zela izango ez alemana eta ezta frantsesa ere.

        Koronelaren emazteak lasai hartu zuen arnasa, etxe aurrean zaldiak gelditu eta barruan senarraren ahotsa entzutean.

        Laster sartu zen koronela salan. Arrotza ikusi orduko berehala hurbildu eta esan zion:

        — Ongi etorri nire etxera, konde maitea! Ongi etorri, bihotz-bihotzez!

        Eta ondoren emazteagana itzuliaz:

        — S...i kondea da, nire lagun begiko eta leiala, iparralde urrunean ezagutu eta berriro hegoan aurkitzen dudana.

        Koronelaren emazteari lehen aldiz kezka guztiak joan eta irribarre gozo batekin adierazi zion kondeari senarra zela errudun bakarra, bisita haren berri aurrez eman ez ziolako; horregatik hartu omen zuten modu zelebre samarrean, eta ez konfidantzazko lagunei dagokien eran. Ondoren senarrari kontatu zion ilunabar osoa jardun zutela mamukeria eta izaki beldurgarriei buruz hizketan; Moritzek istorio ikaragarria kontatu zuela, bera eta bere lagun bati gertatua, eta Moritzek «Izugarrizko danbatekoa entzun zen» aipatutako unean bertan salako atea zabaldu eta kondea sartu zela.

        — Itzela! —bota zuen koronelak algara ozen batekin—. Fantasmatzat hartu zaituzte, konde maitea. Egiaz, badirudi nire Angelikak oraindik aurpegian dauzkala ikararen aztarnak, kapitaina ez dela oraindik zeharo oneratu bere istorioaren zirraratik eta Dagobertek berak ere alaitasuna galdu duela. Esan ezazu, kondea, ez al da latza zu mamutzat, anima herratu zirtziltzat hartu izana?

        — Fantasma tankerako zerbait ote daramat soinean? —erantzun zuen kondeak begirada arraroarekin—. Gaur egun erruz aipatzen dira lagunurkoagan lilura psikikoa eduki dezaketen gizonak, inori kaltea sortzen diotenak. Agian neu ere gai izango naiz lilura horietarako.

        — Txantxetan ari zara, konde maitea —hartu zuen hitza koronelaren emazteak—, baina egia da grina handia zabaldu dela misterio bitxiekiko.

        — Ume ipuin eta irudipen harrigarriekin ere gaixotzen da jendea —gaineratu zuen kondeak—. Begirozue izurri horrekin! Baina unerik interesgarrienean eten dut nonbait kapitain jaunaren kontaera, eta bere entzuleek bukaera edo azalpena hutsegin nahi ez dutenez arren eskatzen diot jarrai dezan.

        Kapitainari konde arrotz hura izugarria ezezik higuingarria ere iruditzen zitzaion, bere barrenean. Hitz haietan iseka arrastoa igarriaz, eta bereziki irribarre desatsegin haren aurrean, suzko begirada eta doinu zorrotzarekin erantzun zion beldur zela kondeak lagunarte goibel hartara ekarritako alegrantzia hondatuko ote zuen bere lehengo ume ipuin harekin, eta nahiago zuela beraz isiltzea.

        Kondeak ez zituen nonbait kapitainaren hitzak oso aintzat hartu. Eskuetan zeukan urrezko kutxatilarekin jolasean, koronelagana itzuli zen andereño bizi hura jaiotzez frantsesa al zen galdetzeko.

        Margeriteri buruz ari zen noski, salan barrena korrika ttikian bere artean kantari zebilena. Koronela hurbildu eta erotu al zitzaion galdetu zion isilka. Te-mahaira beldurturik bildu eta bertan eseri zen, geldi-geldi.

        Orduan kondea hizketan hasi zen azkenaldiko hainbat gertaerari buruz, oso modu erakargarrian. Dagobertek ezin zuen txintarik ere atera. Moritz zutik zegoen, txingarra baino gorriago, begiak sutan, borrokarako deiaren zain bezala. Joste lanean murgildua zirudien Angelikak, kliskatu ere egin gabe begiak. Azkenean, aldarte txarrean agurtu zuten denek elkar.

        — Zorte oneko gizona zara —esan zuen Dagobertek, Moritzekin bakarrik geratzean—. Etzazu zalantza gehiago egin: Angelikak bihotzez maite zaitu. Gaur begiradan argi antzeman diot zurekin zeharo maitemindua dagoela. Baina deabrua beti ari da arto eder, loratuaren azpian loilo pozointsua erein nahian. Margerite ere pasioaren suak hartu du. Oinaze garratzez maite zaitu eta bere anima gartsua erdibi dezake horrek. Bere gaurko jokaera zoroa ez da izan jelosia amorratuaren leherketa eutsiezina baino. Angelikak zapia erortzen utzi eta zuk eman eta muin egitean, anima apartaturik jarri da Margerite errukarria. Eta zeu zara errudun bakarra. Ahal zenuen galanteriarik handienaz jardun duzu frantses eder horrekin. Badakit zure helburu bakarra Angelika dela eta Margeriterentzako losintxa ugariak ere bestearentzat zirela, baina tximista desbideratuek sua piztu dute. Zoritxar handia da eta beldur naiz ez ote den guztia berebiziko istilu eta nahasmenean bukatuko.

        — Hartzazu bada zeuretzat Margerite! —gaineratu zuen kapitainak—. Angelikak egiaz maite banindu —ai, oraindik zalantza egiten dut!— zoriontsu izango nintzateke eta ez nindukete ardurako munduko Margerite guztien lelokeriek! Baina gaur bestelako ikara batek atxiki nau! Misterio ilun, goibelaren antzera agertu eta denok asaldatu gaituen konde arrotz, izugarri horrek ez al dirudi kalterako kokatua gure artean? Urrutiko oroitzapen bat edo azaleratzen duela iruditzen zait, ametsa esango nuke kasik, konde hori egoera beldurgarrian aurkezten didalarik! Iruditzen zait begiratzen duen lekuan gau iluneko zoritxar latzen bat erneko duela, dena zeharo suntsitzeko. Ohartu al zara zenbat bider ezarri dituen begiak Angelikagan, eta nola honen masail zurbiletara gorritasun hits bat etorri eta joaten zen? Deabru hori konturatu egin da nire maitasunaz, eta horregatik ziren hain isekatiak niri zuzendutako hitzak. Baina heriotzeraino egingo diot aurre!

        Dagobertek kondeari fantasmen patroi jarri zion goitizen, baina ez zutela begitan hartu behar esan zuen ere, agian guztiaren atzean uste baino guttiago egongo zela eta; era berean, kondea agertu aurreko urduritasunari leporatu zion jasandako zirrara.

        — Ekiegun izaki galgarriei adorez eta bizitzaganako konfidantza tinkoz! —amaitu zuen Dagobertek—. Indartsu eta kemen sendoz zutik dirauen burua ez du inongo botere beltzek apalduko!

        Hainbat denbora igaro zen. Koronelaren etxea gero eta sarriago bisitatzearen poderioz, kondea ia ezinbestekoa bihurtu zen bertan. Denak bat zetozen esaterakoan izugarriagoak ziria kondeari huraxe bera leporatu ziotenak, alegia izugarria zela.

        — Ez ote gintzakeen kondeak —esan zuen koronelaren emazteak geuri ere arrazoi osoarekin jende izugarria iritzi, gure aurpegi zurbilak eta jokabide bitxia ikusita?

        Kondeak jakinduriazko etorri oparoa erakusten zuen solasaldi guztietan. Jaiotzez italiarra izaki, atzerriko doinua zeukan baina hitzaldirik sakonenean ere oso iaioa zen. Haren kontakizunen sugarrak nahitaez asaldatzen zuen inor; Moritzek eta Dagobertek ere, arrotzari zioten ezinikusia gorabehera, hizketan hasi eta haren aurpegi hits baina egoki eta adierazkorretik irribarre alai hura hegaldatzen zenean gorroto guztiak ahaztu, eta Angelika bezala, beste guztiak bezala, harexek zer esango zain jartzen ziren.

        Koronelaren kondearekiko adiskidetasuna jaiotako erak ere gizonik prestuena zela erakusten zuen. Iparraldeko lurretan halabeharrez elkarturik, kondeak eskuzabaltasunik handienaz lagundu zion koronelak irteten estuasun batetik, beste gainontzean diru ondasunetan ezezik izenona eta ohorean ere ondorio mingotsak izango zituena. Koronelak, eskerronez, kondearekin bat egin zuen gorputz eta animaz.

        — Heldu da garaia zuri esatekoa kondea hemen egotearen arrazoia —esan zion koronelak emazteaki bakarrik aurkitu zuen batean—. Badakizu kondea eta biok, gero eta lagunminago ginenez, azkenean elkarren ondoko gela banatan jarri ginela bizitzen P.ko herrian, nik bertan lau urte egin ondoren. Behin batean kondeak goizean goiz bisitatu ninduen eta nirekin neraman Angelikaren erretratu ñimiñoari ohartu zitzaion, mahai gainean. Hurbilagotik so egin orduko bere onetatik atera zen, harritzeko moduan. Nire galderei erantzun ezinik, harixe begiak josita zegoen, begirada saihestu ezinik, harik eta aztoraturik aldarrikatu zuen arte inoiz ez zuela emakume eder, zoragarriagorik ikusi; egundaino ez omen zuen maitasunik nabaritu, lehen aldiz barrena sugaldetan jartzen zion haren parekorik. Txantxetan hartu nuen erretratuaren eragin miresgarri hura; kondeari Kalaf berria deitu eta zortea opa nion, nire Angelika zintzoa Turandot behintzat ez zela eta.

        «Azkenik, itzulingururik gabe adierazi nion harrituxea nindukala bere urteekin, adindua ez baina mutil gazte deitzerik ere ez baitzegoen, bat-batean hain modu erromantikoan erretratu batekin maitemindu zelako. Zinez hitz eman zidan orduan, bere aberrian ohitura den zoramen lehiatsuarekin, ikuskarri maite zuela Angelika eta etsipenaren osinik sakonenean amilduko ez bazen, arren utzi behar niola Angelikaren maitasuna eta ezkontza eskatzen. Horregatik etorri zaigu etxera. Segurutzat hartzen du Angelikaren onespena eta behar bezala aurkeztu zidan atzo eskaria. Zer derizkiozu?»

        Koronelaren emazteak ez zekien zergatik, baina senarraren azken hitz haiekin bat-bateko dardara baten antzekoa zabaldu zitzaion gorputz guztian.

        — Jainkoaren izenean —hots egin zuen—, konde arrotz hori gure Angelikarentzat?

        — Arrotza deitzen al diozu —gaineratu zuen koronelak bekozko ilunez—, ohorea, askatasuna eta agian bizitza bera ere zor diodanari? Aitortzen dut urtetan aurreratua dagoenez agian ez dela aproposena gure poxpolin gaztetxoarentzat; baina zalduna da eta gainera aberatsa, oso aberatsa.

        — Angelikari galdetu gabe? —eten Zion emazteak—. Kondeak, maitasunarekin ergeldurik, agian ez du uste hainbateko zaletasunik edukiko beragana.

        — Inoiz pentsarazi al dizut —hots egin zuen koronelak, eserlekutik zutitu eta begiak sutan zituelarik emazte aurrean jarriaz— guraso zoro, tiranoa naizenik, nire alaba maitea nolanahi salduko lukeena? Utz nazazue baketan zuen ipuinetako sentiberatasun eta fineziarekin. Makina bat asmakeria sumatzen da bikoteren bat ezkontzen denero! Angelikak adi-adi entzuten dio kondeari; atseginez begiratzen dio; gorritu egiten da kondeak eskuak ezpainen kontra estutzen dizkionean, berak nahita haren esku artean utzi ondoren. Hortik ezagun dira neskatila lainoen zaletasunak, gizona zoriontsu egingo dutenak. Ez dago ipuinetako amodioen beharrik, zuen buruak hondatu eta sorgindu besterik ez baitzaituztete egiten!

        — Nire ustez —hartu zuen emazteak hitza—, Angelikaren bihotza ez da berak uste bezain libre.

        — Zer? —hots egin zuen koronelak sumindurik.

        Bazihoan itsumustuan irtetera, hartan atea ireki eta Angelika sartu zenean, zintzotasun lainozko irribarre xarmantez.

        Koronelak, haserre eta amorru guztiak bat-batean bazterturik, hurbildu eta muxu eman zion kopetan; eskutik heldu, besaulkira eraman eta bere alaba ezti, maitearen ondoan eseri zen goxo-goxo. Ondoren kondeari buruz hasi zen hizketan: bere nobletasuna, adimena, zuhurtzia goraipatu eta gogoko al zuen galdetu zion Angelikari. Honek erantzun zion kondea hasieran arrotza eta izugarria iruditu zitzaiola, baina orain, sentimendu hura gainditu ondoren begiko zuela.

        — Ene! —hots egin zuen koronelak pozez gainezka—. Eskerrak Jainkoari, ni kontsolatu eta salbatzera datorrelako! S...i konde prestuak bihotzaren barren-barrenetik maite zaitu, alaba kuttuna, eta zure eskua eskatu duenez ezin ukatuko diozu.

        Hitz hauek entzun bezain laster, ordea, Angelikak antsi sakon bat jalki eta zorabiaturik bezala erori zen atzeraka. Amak besoetan hartu zuen, senarrari begirada esanguratsua boteaz. Han, mututurik, alaba zurbil, errukarriari so zegoen.

        Bere oneratzean mara-mara isuri zitzaizkion malkoak Angelikari, eta ahots erdiragarriz hots egin zuen:

        — Kondea! Konde ikaragarria! Ez, ez, inoiz ere ez.

        Koronelak gozotasun osoz galdetu zion behin eta berriro, nolatan jotzen zuen kondea hain izugarritzat. Angelikak orduan aitortu zuen, kondeak maite zuela entzundako unean bertan erne zitzaiola indarbiziturik bere baitan, lau urte lehenago, bere hamalaugarren urtebetetze gauean izandako amets beldurgarri hura, berebiziko larriaz esnarazi ziona, bertako irudi bakar batekin ere oroitu ezinik.

        — Zuhaiska eta lore arraroz betetako baratze eder batean nenbilela zirudien —esan zuen Angelikak—. Bat-batean arbola miresgarri baten aurrean gertatu nintzen, hosto ilun, lore handi eta usain bitxikoa, intsusaren antzekoa. Era zoragarrian astintzen zituen adaskak eta keinu egiten zidan bere gerizpera gonbidatuz bezala. Indar ikusezin batek erakarri eta arbola azpiko belazean etzan nintzen. Airean zehar lanturu arraroak zebiltzala ematen zuen, haizearen antzera arbola ukituaz eta intziri beldurgarriak jalkiaz. Berebiziko minak hartu eta erruki sakon bat piztu zen ene baitan, zergatik jakin gabe. Halako batean argi printza gartsu batek zulatu zidan bihotza, erdibituz bezala! Sekulako larritasunak kargatzen zidan bularra eta bota nahi izan nuen garrasia intziri motel bihurtu zen. Bihotza pitzatu zidan argi printza hura sasiarte ilunetik zelatan neuzkan bi begi ziren. Une hartantxe aurrez aurre jarri zitzaizkidan begi haiek eta elur zurizko esku bat agertu zen, nire inguruan zirkuluak egiten. Hauek gero eta estuagoak ziren eta suzko harien bidez inguratzen ninduten; azkenean ez neukan mugitzerik ere sare trinko hartan. Gainera bazirudien begirada izugarri hark barrenetik atxikitzen ninduela, nire buruaren jabe eginaz. Izpi mehe batetik eskegita nengoela pentsatzeak heriozko larria sortzen zidan. Arbolak niganantz beheratu zituen loreak eta gazte baten ahots maitagarria mintzatu zen han tartetik: «Angelika, neuk salbatuko zaitut, neuk!» Baina...

        Angelikak eten egin behar izan zuen. P. kapitaina iritsi zela adierazi zuten, koronelarekin lan kontuei buruz mintzatzeko gogoarekin. Angelikak kapitainaren izena entzun orduko oihu egin zuen, negarra berriro mara-mara zeriolarik, oinaze garratz batek jota bezala, amodio minik sakonenak zauriturik dagoenaren antzera hasperen eginaz:

        — Moritz! Ai, Moritz!

        Sartzerakoan kapitainak hitz horiek entzun zituen. Malkotan blai ikusi zuen Angelika, besoak beragana luzaturik. Bere onetatik aterata buruko kaskoa kendu zuen, zarata artean lurrera erortzen utziaz. Angelikaren aurrean belaunikatu eta besoetan hartu zuen, irrika eta oinazez gainezka zerraldo erortzera zihoan unean. Bularraren kontra estutu zuen grinati. Koronelak harriduraz hitz egin ezinik begiratzen zion bikoteari.

        — Baneukan elkar maite zuten susmoa —xuxurlatu zion emazteak—, baina ez nekien ezer zehatzik.

        — R. kapitaina —ekin zion koronelak haserre—, zer harreman daukazu nire alabarekin?

        Moritzek, segituan bere buruaren jabe eginik Angelika erdi hila xamurki besaulkian utzi, kaskoa lurretik jaso, aurpegia gorriturik koronelaren aurrean begimakur jarri eta bere ohoreagatik hitz eman zion bihotzaren barrenetik maite zuela Angelika baina ordurarte bere ezpainek ez zutela jalki bere sentimenduak ezagutaraziko zituen txintarik. Izan ere zalantza handiak zituen, Angelikak ere antzeko sentimenduak ote zeuzkan. Zeruko zorion guztiak batera ikusten zituen lehen aldia omen zen hura, oraindik zergatik ez jakin arren; eta ba omen zeukan itxaropena ere aita prestu eta amoltsu hark ez ziola uko egingo elkartze hura bedeinkatzeko erreguari, maitasunik garbi eta barrukoena batuko zukeen hari.

        Koronelak zorrotz aztertu zituen nola kapitaina hala Angelika ere. Ondoren besoak antxumaturik gelan gora eta behera ibili zen isilik, erabakia hartzeko kinkan dagoenaren tankeran. Emaztearen aurrean geratu zen, Angelika besoetan hartu eta kontsolatzeko ahaleginetan ari zelarik.

        — Zer ikusi dauka kondeak hire amets txoroarekin? —esan zuen koronelak amorruari eutsiz.

        Angelika bere aurrean ahopez jarri, eskuetan muin egin eta malkoz basitu ostean ahots erdi itoz mintzatu zen:

        — Ai, aita! Aita maitea, barrenetik atxiki ninduten begi beldurgarri haiek kondearenak ziren, eta parte gaiztoko bere eskuak bildu ninduen suzko sare hartan! Baina arbola miresgarriaren lore urrintsuen artetik deitu zidan gazte ahots kontsolatzailea Moritzena zen. Ene Moritzena!

        — Hire Moritzena? —oihukatu zuen koronelak zakar jiratuz, Angelika ia lurrera erortzeraino. Ahots lodiz jarraitu zuen—: Maitasun ezkutuen amets ziztrinekin erantzuten al dien orduan aitaren erabaki zuhur eta gizaseme prestu baten ezkon eskariei?

        Arestian bezala isilik ibili zen gelan gora eta behera. Azkenean Moritzeri jarri zitzaion eta:

        — R. kapitain jauna, badakizu ez diodala inoiz nire alabari zu baino subi jatorragorik opatu, hainbesteko begirune bai baitizut! Baina nire hitza emana diot S...i kondeari eta zorretan nago berarekin, gizonen artean izan daitekeen mailarik handienean. Etzazu ordea uste guraso tirano, tematiarena egingo dudanik. Kondeagana noa berehala, honen berri ematera. Zure amodioa auzi odoltsua izango da niretzat, agian heriotza ere ekarriko dit baina hala bedi. Amore ematen dut! Zaude hemen ni itzuli zain.

        Kapitainak tinko adierazi zion mila bider nahiago zuela herioak bera eramatea, koronelak arriskurik ttikiena nozitzea baino. Erantzun gabe aldegin zuen koronelak bertatik.

        Koronela gelatik irten bezain laster maitaleek alaiki elkar besarkatu eta leialtasun irmoa hitz eman zioten batak besteari. Orduan Angelikak segurtatu zuen, kondearen ezkon eskarien berri entzundako unean bertan animaren barren-barrenetik jabetu zela Moritzi zion maitasunaz, eta nahiago zuela hiltzea, beste inoren emazte izatea baino. Bat-batean jabetu omen zen Moritzen maitasuna ere berea adinakoa zela. Beren maitasuna adierazten zuten une haietaz oroitu ziren eta poz pozik zeuden, koronelaren purrusta eta haserre guztiak ahazturik, ume zoriontsuen antzera garrasika. Koronelaren emazteak, maitasun itsatsi hartaz aspaldi oharturik eta Angelikaren joera onetsita, hunkiturik hitz eman zien gogotik ahaleginduko zela bere senarra konpromezu hartatik askatzen, zergatik ez jakin arren berari ere hain higuingarri zitzaiona.

        Ordubete inguru igaroa zen, atea zabaldu eta, denen harridurarako, S...i kondea sartu zenean. Koronelak jarraitzen zion, begirada arraiz. Kondea Angelikagana hurbildu, eskutik heldu eta irribarre mikatz, mingarri batekin jarri zitzaion begira. Angelikak dardara egin eta ahots izpi batez xuxurlatu zuen, zorabiatzeko zorian: Ai, begi horiek!

        — Zurbildu egin zara, andereño —hasi zen kondea—, zuen lagunartera azaldu nintzen lehen aldi hartan bezala. Fantasma beldurgarri baten tankera hartzen al didazu? Ez gero! Ez zaitez izutu, Angelika! Eziozu ikararik izan gizon onbera honi, gaztetxoen sugar eta grina osoz maite zintuenari, bihotza jada besteri oparitua zeniola jakin gabe eta zure eskua eskatzeko bezain inozoa izan den honi! Ez! Aitaren hitzak ez dit inongo eskubiderik ematen zuk bakarrik eskain dezakezun zorionerako! Libre zara, andereño! Nire begiradak ez dizu une goibelik gogorazi behar. Laster, agian bihar bertan itzuliko naiz nire sorterrira!

        — Moritz, ene Moritz! —hots egin zuen Angelikak gozatsu, bere maitearen bularrean burua ezarriz. Kondeak gorputza dardarka zeukan, begiak sugalda bizian eta ezpainak ikaraz, marmar hots isil bat jalki zuenean. Axolarik gabeko galdera bat eginaz koronelaren emazteagana burua jiratzea aski izan zuen bere sentimendu harrotuak baretzeko.

        Baina koronela behin eta berriro ari zen:

        — Hau fintasuna! Hau gizonaren zuhurtasuna! Zu bezalakorik ez da! Nire bihotzeko lagun betierekoa...

        Koronelak orduan bularraren kontra besarkatu kapitaina, Angelika eta emaztea, eta irribarretsu adierazi zien ez zuela besterik jakin nahi bere aurka sumatutako azpilan zatar hartaz; eta itxaropen zeukala aurrerantzean Angelikak ez zuela gehiago nozituko fantasma begien oinazerik.

        Eguerdia aurreratua zegoenez koronelak otordua etxean bertan hartzera gonbidatu zituen kapitaina eta kondea. Dagoberteri ere deitu zioten eta laster agertu zen pozik asko.

        Mahaian esertzen hasi zirenean Margerite falta zen. Bere gelan geratu omen zen, esanaz ondoezik zegoela eta ez zela gauza jende aurrera agertzeko.

        — Ez dakit zer gertatzen zaion Margeriteri azkenaldian —mintzatu zen koronelaren emaztea—. Kasketaldiak dauzka, arrazoirik gabe egiten du negar edo barre, eta sarritan jasanezineraino behartzen du irudimena.

        — Zure zorionak —xuxurlatu zion isilik Dagobertek kapitainari belarrira—, Margeriteren heriotza ekarri du!

        — Azti halakoa! —gehitu zuen kapitainak isilik ere—. Bakea emaidazu!

        Koronela ez zen inoiz orduan baino alaiago egon eta ezta emazteak ere barrena hain pozik eduki, alaba kuttunarekin aldian behin izandako kezkak bazterturik. Hori gutti bazen, Dagobert alegrantzia handiarekin ari zen jardunean eta kondeak ere, bere dolua ahazturik, argitan jarri zuen bere izpiritu oparoaren bizitasuna. Hala, erramu koroa loratu batek mugatzen zuen bikote alaiaren inguru guztia.

        Ilunabarra abaildu zen. Ardo finak txinparta egiten zuen basoetan eta ezkongaien zorionaren alde ari ziren denak edaten, barre eta algara artean. Halako batean salako atea astiro ireki eta Margerite sartu zen alderoka, gaujantzi zuriarekin, ilea askatuta, hildakoa bezain zurbil eta desitxuraturik.

        — Margerite, zer ero zabiltza! —hots egin zuen koronelak.

        Esandakoa aintzat hartu gabe Margerite zuzenean kapitainagana astiro joan, esku izoztua haren bular gainean ipini eta muxu eme bat eman zion bekokian, ahots erlatsez marmarka:

        — Hilzorian daudenen muxuak osasuna dakarkio senargai alegerari!

        Ondoren lurrera erori zen ziplo.

        — Horra hor zoritxarra —mintzatu zitzaion Dagobert kondeari ahopeka—. Tuntun hori maitemindua dago kapitainarekin.

        — Badakit —gaineratu zuen kondeak—. Pozoia hartzeko burugabekeria egin du, nonbait.

        — Jainkoaren izenean! —egin zuen Dagobertek garrasi izuturik, zutitu eta gaixoa ezarri zuten besaulkirantz joanaz.

        Angelika eta ama Margeriteri kopeta alkohol urez freskatu eta igurtzitzen ari ziren. Dagobert hurbildu bezain laster ireki zituen begiak. Koronelaren emazteak esan zuen:

        — Lasai, ume maitea. Gaixo hago, baina joango zain. Orduan Margeritek erantzun zuen ahots erlatsez:

        — Bai, laster joango zait dena... pozoia hartu dut eta.

        Nola Angelikak hala amak ere garrasi egin zuten, eta senarrak sutan hots egin zuen:

        — Mila deabru! Zoro alena! Korri medikuagana... Azkar! Etor dadila aurkitzen duzuen lehenbizikoa!

        Morroiak abiatzera zihoazen, eta baita Dagobert ere.

        — Geldi! —hots egin zuen kondeak, ordurarte lasai egon eta Sirakusako ardo bizkorraz betetako kopa, gehien maite zuena alegia, atseginez hustu ondoren—. Margeritek pozoia hartu badu ez da inongo mediku beharrik, neu naiz holakoetarako iaioena eta. Uztazue nire gain.

        Margeriteren ondoan ipini zen. Hau etzanda zegoen, zorabiaturik, eta batzuetan ezinezko dardarak egiten zituen. Aurrean makurtu eta sakelatik kutxatila ateratzen ikusi zuten. Handik zerbait hartu, atzamar artean heldu eta eztiro igurtzi zituen Margeriteren garondo eta sabelgaina. Beragandik urrundu eta honela esan zien besteei:

        — Opioa hartu du baina sendatuko da, nire esku dauzkadan bitarteko berezi batzuk erabiliaz.

        Kondearen esanari jarraiki Margerite gelara igo eta berarekin bakarrik geratu zen. Bien bitartean, koronelaren emazteari orainurrena agindu zioten opio ontzia aurkitu zuen gelariak Margeriteren ganberan, gajoak zeharo husturik.

        — Kondea benetako mirarigilea da — esan zuen Dagobertek doinu ironiko samarrez—. Dena igarri du. Margerite ikusi orduko jakin du pozoia hartu duela, eta baita zer nolakoa ere.

        Handik orduerdira kondea salan sartu eta Margeriteren bizitza ez zegoela arriskuan ziurtatu zuen. Moritzer zeharbegiratua bota ondoren, gaineratu zuen ustez behintzat uxatu zituela gaitz haren sustrai guztiak. Gelariak gaua Margeriteren alboan esna egitea nahi zuen, berak ere aldameneko gelan igaroko zuela eta, badaezpada hurbil izateko. Aurretik, baina, ardo oneko beste baso pare bat opatu zizkion bere buruari, mediku lan hartarako indartzeko aitzakiarekin.

        Hala, mahaian eseri zen gizonen ondoan eta aldi berean Angelika eta ama joan egin ziren, gertaerarekin hunkituta.

        Koronela haserre zegoen tuntunkeria ziztrin harengatik, horrelaxe deitu baitzion Margeriteren jokabideari. Moritzek eta Dagobertek nahasmen desatsegina sentitzen zuten. Baina hori zenbat eta nabariagoa izan, orduan eta ugariagoa zen kondearen etorri alaia, inoiz ez bezalakoa eta zinez ukitu beldurgarrizkoa.

        — Niretzat konde horrek —esan zion Dagobertek lagunari etxerakoan—, izugarria izaten jarraitzen du. Lotura latzen bat daukadala berarekin iruditzen zait.

        — Ai! —gaineratu zuen Moritzek—. Bihotza kargaturik daukat... zoritxarren batek nire maitea mehatxatzen ote duen susmo beltzarekin.

        Gau hartan bertan hiriburuko mandatari batek iratzarri zuen koronela. Biharamunean zurbil samar agertu zen emaztearen aurrera:

        — Apartatu beharrean gara berriro, laztana —esan zuen lasaitasun bortxatuz—. Barealdi labur honen ostean berriro lehertu da gerra. Bart jaso dut agindua. Ahal bezain agudo, beharbada datorren gau honetan bertan abiatuko naiz nire erregimentuarekin.

        Erabat beldurturik, emazteak negarrari eman zion. Kontsolatu nahian mintzatu zitzaion koronela, esanaz ziur zegoela gatazka hura aurrekoa bezain goragarria izango zela, eta bihotzean zeukan kemenak ez ziola inongo zoritxarretan pentsatzen uzten.

        — Bitartean —gaineratu zuen—, arerioa berriro oinperatu eta bakea ezartzen dugun arte gure ondasunetara joan zaitezke Angelikarekin. Laguntzailea emango dizuet, egonaldiaren bakardade eta moztasuna ahantzaraziko dizuena. Zuekin joango da S...i kondea!

        — Ene, Jainkoaren izenean! —hots egin zuen emazteak—. S...i kondea gurekin etorriko dela? Ezkongai baztertua? Azpilari italiar hori, daukan amorrua barruan gordetzen dakiena, aukera duenean indar guztiarekin askatzeko? Zergatik den ez dakidan arren atzodanik inoiz baino higuingarriagoa bihurtu zaidan hori?

        — Hau da hau! —eten zion koronelak—. Ez dago burutzerik emakumeen fantasia eta amets txoroekin! Ez diote igartzen zuhurtzia aparteko gizon baten bihotz zabalari! Aurrez esan bezala, Margeriteren aldameneko gelan igaro du kondeak gau osoa. Beste inori baino lehenago, berari aipatu diot gatazka berriaren albistea. Sorterrira itzultzea ia ezinezkoa zaio. Jota geratu da. Nire ondasunetan geratzea eskaini diot. Zalantza handien ondoan baietz erabaki eta ohorezko hitza eman dit ahalegina guztiak egingo dituela zuek babestu eta zuen urrunaldia samurtzeko. Kondearekin zorretan egon eta nire ondasunak iheslekutzat erabil ditzakeela jakinik, ukatzea nahi al duzu?

        Emaztea ez zen gauza, eta ez zeukan eskubiderik ere ezer gehitzeko. Koronelak esanari eutsi zion. Gau hartan bertan zabaldu zen abiatze deia, eta bereizi beharraren oinaze latz eta nahigabe erdiragarriak hartu zituen bi maiteak.

        Handik egun guttitara Margerite zeharo zuzpertzean, harekin eta Angelikarekin irten zen koronelaren emaztea ondasunetarantz. Kondea ere atzetik zuten, mirabe zenbaitekin.

        Hasieran goxotasunik finenaz agertzen zen kondea emakumeengana, eskatutakoan besterik ez; gainerakoan bere gelan geratu edo ibilaldi bakartiak egiten zituen.

        Hasiera batean bazirudien arerioaren alde jarri zela gatazka, baina laster erdietsi ziren garaipen loriosak. Kondea zen beti garaipenen berri jasotzen lehena, eta koronelak zuzendutako erregimentuaren nondik norakoaz albisterik zehatzenak zeuzkana. Borrokarik odoltsuenetan ere ez zitzaien balakada edo ezpata ukaldirik egokitu, ez koronelari eta ezta kapitainari ere. Hala zioten behintzat koartel nagusiko gutun fidagarrienek.

        Hartara, bada, garaipen eta zorionaren aingeru zerutiarraren antzera agertzen zitzaien beti kondea emakumeei. Horretaz gain, bere jokabide guztian atxikimendurik min eta gardenena erakusten zuen Angelikagana, guraso xamur eta onbera baietz bezala. Ama-alabak aitortu beharrean zeuden koronelak zuzen epaitu zuela bere lagun leiala, eta beren lehengo ezinikusia asmakizun inozoa izan zela. Margeritek ere sendatua zirudien bere grina txoro hartatik eta betiko frantses alai, hiztuna zen berriro.

        Koronelak emazteari zuzendutako gutun batek, hain zuzen ere kapitainaren Angelikarentzako beste bat zekarrenak, kezka ondar guztiak aienatu zituen. Arerioaren hiriburua hartu eta suetena erabaki zen.

        Angelika pozak zoratzen zegoen eta baita kondea ere, hau beti bizitasunik ernegarrienaz ari baitzen hizketan Moritz ausartaren balentriez eta haren andregai izatearen zorteaz. Behin batean Angelikari eskutik heldu, bularraren kontra estutu eta beraganako gorrotoa lehen adinakoa al zen galdetu zion. Lotsaz gorriturik eta malkoak begietan, Angelikak ziurtatu zion berak gajoak ez zuela inoiz gorrotatu, baizik eta Moritz maitatu zuela bihotz guztiarekin, kondearen eskari hark sortutako izua desegiteko. Zorrotz eta irmo hitz egin zion orduan kondeak:

        — Har nazazu, Angelika, zure aitaren pareko laguntzat.

        Muxu arin bat eman zion orduan bekokian, eta hark, ume dohatsuak, pozik hartu zuen, aita iruditzen baitzitzaion era hartan muxu ematen ziona.

        Itxaropena izatekoa zen, epe baterako behinik behin koronela etxeratuko zela, ez non eta ez han bere gutun bat heldu zenean, arrunt latza. Kapitaina bere zaldi-morroiarekin herrixka batetik igarotzerakoan, laborari armatu batzuk eraso omen zioten, saihetsetik tirokatu eta lapurreta eginaz, eta ozta-oztan lortu omen zuen onik ateratzea. Horrela, etxe guztia bizitzen zuen poztasuna bat-batean bihurtu zen izulaborri, oinaze samin eta lanturu etsi.

 

        Koronelaren etxean etengabekoa zen joan-etorriaren ardaila. Eskaileretan gora eta behera zebiltzan librea dotorez apaindutako mirabeak; zalapartan iristen ziren jauregiko patiora zaldikotxeak gonbidatuekin, eta koronelak itzaltsu ematen zien ongietorria, azken gatazkan irabazitako ohore dominekin bularrean.

        Goiko gela bakarti batean zegoen eserita Angelika, andregai jantzi distiratsuarekin, gaztetako loraldi oparoaren edertasun gorenean, ama alboan zuelarik.

        — Alaba maitea —esan zion—, askatasun osoz aukeratu dun S...i kondea hire senar izateko. Lehen aitak elkartze hau burutzeko zeukan desira handia izan arren, Moritz gizarajoa hil ondoren ez din batere gogor egin. Biok hala biok ere mingostasun bera nabari dugula iruditzen zaidan, eta ezin dinat ezkutatu. Ez dinat ulertzen hi Moritzekin horren azkar ahaztua. Hurbiltzen ari dun ordu erabakiorra... kondearekin ezkontzera hoa... heure bihotza ongi azter ezan, oraindik garaian haiz eta! Ahaztu dunan horren oroitzapenak inoiz ez dezala hire bizitzako argia errainu beltz batez goibeldu!

        — Inoiz ere ez! —hots egin zuen Angelikak, begietako malkoak ihintz tantak bezala distiran—. Inoiz ez naiz ene Moritzekin ahaztuko, eta ezta inoiz beste inor bera hainbat maitatuko ere. Kondeaganako nire sentimendua beste tankera batekoa da! Ez dakit nola piztu duen halako zaletasuna nigan! Ez, ez dut maite eta ezin dut Moritz hainbat maite, baina bera gabe ezin naiz bizi eta bere bitartez bakarrik pentsa eta senti dezakedala iruditzen zait! Izpiritu ahots batek etengabe esaten dit bere emazte izan behar dudala, bestela lur honetan ez dela niretzat bizitzeko modurik izango eta. Zeruetako mintzo ezkututzat daukadan ahots horri jarraitzen natzaio.

        Gelaria sartu zen orduan, egunsentiaz gero desagertutako Margeure oraindik ez zutela aurkitu esanaz, baina lorazainak etxekoandrearentzat gutun bat ekarri berri zuela, agi danean Margeritek eskuratua, eginbeharrak bukatu eta jauregira azken loreak ekarritakoan emateko aginduta.

        Honela zioen koronelaren emazteak zabaldu zuen eskutitzak:

 

        «Ez nau berriro ikusiko. Halabehar goibel batek narama berorren etxetik urrun. Arren eskatzen diot, benetako ama izan dudan horri, ez nazatela jarrai, bortxaz itzularazteko. Nire burua hiltzeko bigarren eginahalak izango al du lehenbizikoak baino arrakasta gehiago! Zorion osoa opa diot Angelikari, niri bihotza lehertu didan arren.

        Ongi bizi bedi. Ahaztu malerus honetaz,

        Margerite.»

 

        — Zer da hau ordea? —hots egin zuen etxekoandreak irmoki—. Hemengo lasaitasuna apurtzeko asmoa al dauka erdiero horrek? Makurkeriaz jardun behar al du senar maiteari eskua luzatu nahi dionanero? Alabatzakoa bezala zaindu eta begiratu dudan zuntzun esker gaizto hori sekulan etxeratzen bada, ez naun berarekin batere arduratuko.

        Ahizpa galduarengatik lanturu bizian hasi zen Angelika, eta amak jainkoarren eskatu zion une garrantzitsu haietan lekurik ez emateko erdiero batenganako oroitzapenei.

        Jendea salan bilduta zegoen, orduak jotzean kapera ttikira biltzeko, non apaiz katoliko batek bikotea ezkondu behar zuen. Koronelak barrura lagundu zion andregaiari; denak harriturik zeuzkan bere edertasunak, soinekoaren dotorezia lainoarekin nabarmendua. Kondearen zain zeuden denak. Ordu laurdenak erreskadan igaro baina ez zen ageri. Koronela haren ganberarantz abiatu zen. Gelariarekin gertatu zen. Honek esan zionez, erabat janztez bukatzean kondea txarki sentitu eta parkera irten zen haizea hartuz bizkortzera, atzetik jarraitzea debekatu ondoren.

        Ezin zezakeen asmatu kondearen jokabide hark zergatik kargatu zion bihotza hainbeste, eta ezta zergatik bururatu zitzaion zerbait beldurgarria gerta zekiokeela kondeari.

        Kondea aurki agertuko zela adieraz zezaten agindu eta ezkutuan deitu zion jendearteko mediku ospetsu bati. Honekin eta gelariarekin joan zen parkera, kondearen bila. Zumardi nagusitik saihestu eta sasi itxiz inguratutako txoko batera joan ziren, non, koronelak gogoan zeukanez, kondeak luzaroan geratzeko zaletasuna zuen. Bertan zegoen kondea eserita, erabat beltzez jantzita, izar domina distiratsu bat bularrean, eskuak eserleku gainean bildurik, intsusa loratuaren enborrari bizkarra emanda, begirada josita geldi-geldi. Dardara egin zuten denek, kondearen begi huts, ilunen distirak ikusmenik gabea baitzirudien.

        — Konde jauna! Zer gertatu da? —hots egin zion koronelak, baina han ez zen ez erantzun, ez mugimendu, ez arnasarik!

        Medikua hurbildu, kondeari txalekoa urratu, lepokoa eta txamarra indarrean kendu, eta kopeta ukitu zion. Koronelagana jiratu zen ahots lodiarekin:

        — Alferrik da. Hilda dago. Oraintxe bertan geratu da nerbio atakeak jota.

        Gelaria lanturu bizian hasi zen. Koronelak, zeukan indar guztiarekin bere izulaborria menperatuaz, isiltzeko eskatu zion.

        — Bertan hilko dugu Angelika, kontuz ez bagabiltza —esan zuen koronelak. Gorpua hartu eta bidezidor bakartietan barrena eraman zuten pabiloi baztertu batera, koronelak soinean baitzeraman hango giltza. Gelariaren zaintzapean bertan utzi eta jauregirantz abiatu zen berriro medikuarekin. Erabakia hartzeko zalantzan, ez zekien izugarrikeria hura Angelika gaioari isildu edo emeki-emeki esaten saiatu.

        Salara sartzean, urduritasun eta nahasmenik handiena zen nagusi. Elkarrizketa alaiaren erdian Angelikari bat-batean begiak itxi eta ondoeza egin zitzaion. Aldameneko gelan zeukaten, sofan etzanik. Zurbildu edo desitxuraturik ez, baizik eta masail gorriak inoiz baino bizi eta freskoago zeuzkan, ezin ederrago, aurpegi guztian zeruko loria hedaturik. Pozik handienaz okiturik zirudien. Medikuak, arreta urduriz begiratu ondoren, segurtatu zuen ez zegoela inolako arriskutan, eta harrigarria bazen ere hipnotizaturik zegoela. Ez omen zen ausartzen indarrean esnatzera, laster itzarriko zela bere kabuz eta.

        Bien bitartean zurrumurru misteriotsu bat zabaldu zen gonbidatuen artean. Kondearen ustekabeko heriotzaren berri heldu zitzaien, nonbait. Aldegiten hasi ziren denak pixkana, isilik eta goibel. Urruntzen zihoazen zaldikotxeen hotsa entzun zitekeen.

        Koronelaren emazteari, Angelikaren gainean makurturik, alabaren arnasaldi bakoitza iristen zitzaion. Bazirudien hitz isilak xuxurlatzen ari zela, inorentzat ulertezinak. Medikuak ez zuen utzi Angelikari arropak eranzten, ezta eskularruak kentzen ere, edozein ukitu kaltegarria izan zitekeelakoan.

        Angelikak bat-batean begiak ireki, gora so egin eta garrasi batean zutitu zen:

        — Hemen da! Hemen da!

        Anima apartaturik aldegin zuen sofatik atean barrena, sala igaro eta eskaileretan behera.

        — Erotu egin da! —hots egin zuen izuturik amak—. Oh Jainko santua, erotu egin da!

        — Bai zera! —lasaitu zuen medikuak—. Ez da eromena. Berealditako zerbait gertatuko zen!

        Hori esan eta andereñoaren atzetik joan zen.

        Jauregiko atean zehar ikusi zuen bidean gora eskuak altxata zihoala, ziztu bizian lasterka, haizeak xerrazko soineko ederra farfaildu eta ile karakoilak askatzen zizkiolarik, jostailuak balira bezala.

        Zaldizko bat hurbildu zen laukoan. Angelikaren aldamenera heltzean jauzi egin eta besoetan hartu zuen. Atzetik zetozen beste bi lagun ere gelditu eta zaldietatik jaitsi ziren.

        Koronela, medikuari presaka jarraitu ondoren, hitzik gabe zegoen talde hari harriduraz begira, kopeta igurtziaz, gogoetek ihes ez egiteko bezala.

        Moritz zen bularraren kontra Angelika besarkatzen ari zena. Dagobert eta gizaseme lerden bat zeuzkan ondoan, azken hau jeneral errusiarren uniforme dotorez jantzia.

        — Ezta sekulan ere! —zioen Angelikak behin eta berriro, bere maitea besarkatuaz—. Sekulan ere ez natzaizu infidela izan, ene Moritz maite laztana!

        Eta Moritzek orduan:

        — Badakit bai, ondo ere! Ene aingeru kuttuna! Infernuzuloko amarruak erabiliz liluratu zaitu beste horrek!

        Artean ere elkarri helduta jauregirantz abiatu ziren biak, besteek isilik jarraitzen zietelarik. Jauregiko atera iristean egin zuen koronelak hasperen lehen aldiz, bere onera orduantxe etorri balitz bezala. Honela hots egin zuen, jakinminez inguruetara begira:

        — Hauek gertaerak! Hau mirara!

        — Dena argituko da —esan zuen Dagobertek, eta Bogislav von S...en jeneral errusiarra bezala aurkeztu zion koronelari arrotz hura, kapitainaren lagunik min eta leialena omen zena.

        Behin jauregiko geletara heldu eta koronelaren emaztearen harridura itzelaz jabetu gabe, begirada sutuz galdetu zuen Moritzek:

        — Non da S... i kondea?

        — Hilen artean! —ihardetsi zion koronelak ahots lodiz—. Orain dela ordubete eraman du nerbio atakeak.

        Angelikak dardar egin zuen.

        — Bai, banekien —mintzatu zen—. Zendu den unean bertan, nire barrenean kristal bat tintinotsez apurtu dela iruditu zait. Aldarte bitxi batean erori naiz... baina suntsitu egin da amets latz hura, nire senera etortzean begi beldurgarri haiek ez baitzuten inongo botererik nigan, suzko sarea etenda zegoenez... libre sentitu naiz... Zorionez gainezka... Halako batean Moritz ikusi dudan arte... ene Moritz... nigana etortzen... eta korrika irten natzaio!

        Hartan, bere maitea besarkatu zuen, berriro galdu beldur balitz bezala.

        — Eskerrak Jainkoari —mintzatu zen koronelaren emaztea, begiak zerurantz zuzendurik—. Arindu zait bihotzeko astuntasuna, arrunt zanpatzen ari ninduena; aske naiz Angelikak zorigaiztoko kondeari eskua luzatu beharrak sortzen zidan larritasun latzetik. Nire alaba kuttuna ezkutuko botereekin ezkontzera zihoala iruditzen zitzaidan.

        S...en jeneralak gorpua ikusi nahi eta harengana eraman zuten. Hilotza estaltzen zuen tapakia baztertu eta heriotzak gogortutako aurpegi hura ikusitakoan jeneralak atzera egin zuen dardarka, ozenki zioelarik:

        — Bera da, bai! Jainkoaren izenean, bera da!

        Lo ezti batek hartu zuen Angelika, kapitainaren besoetan. Ohera eraman zuten. Medikuaren iritziz beste ezer baino mesedegarriagoa zen lo hura, estuasun biziraino asaldatutako izpiritu hura baretzeko. Eritasun arriskua aldentzeko era aproposa omen zen.

        Joanak ziren gonbidatuak jauregitik.

        — Orain da garaia —hots egin zuen koronelak—, misterio miresgarri guztiak argitzekoa. Esazu, Moritz, zeruko zein aingeruk berpiztu zaituen.

        — Badakizue —hasi zen Moritz—, nolako zitalkeriaz eraso ninduten S.ko lurraldean, suetena erabaki ostean. Bala batek jota zerraldo erori nintzen zalditik. Ez dakit zenbat denboran egon nintzen heriozko zorabio sakon hartan lurrean etzanda. Lehen aldiz nire opera etorri nintzenean, lauso artean, norabait ninderamatela iruditu zitzaidan. Gau beltza zen. Ahots batzuen zurrumurrua aditu nuen nire inguruan. Frantsesez ari ziren. Beraz, larriki zauritua eta etsaien menpe! Gogoeta horrek beldurrez bete eta berriro hartu ninduen zorabioak. Gero nire egoera aldatu egin zen, eta orduztikakoak dira nire aldian behingo burukomin gogorrak.

        «Goiz batean, argitasun osoz esnatu nintzen. Borla eta litxa handiz apaindutako eta zetazko gortinadun ohe txukun, la dotore batean nengoen. Zetazko tapizez eta mahai eta eserleku urreztatuz zegoen jantzia gela zabal hura, antzinako eran. Gizon arrotz bat neukan aurpegira begira, makur makur eginda. Kanpai lokarriari heldu eta indartsu tira zion. Minutu gutti igaro ziren atea zabaldu eta bi gizon sartu ziren arte, adinduenak antigoaleko jantzi brodatua eta Ludwig gurutzea zeramatzalarik. Gazteena nigana hurbildu, pultsua hartu eta frantsesez esan zion zaharrenari: "Arriskutik kanpo dago. Salbatu da!"»

        «Adineko gizona T. chevalier-a bezala aurkeztu zitzaidan, jauregi hartako jabea. Bidaian zihoalarik igaro omen zen herrixka hartatik, lurrera bota ninduten nekazari zital haiek ni lapurtzeko zorian zeuden unean. Ni askatzea lortu zuen. Zaldikotxera igo eta bide militarretatik urrun zegoen bere jauregira eramanarazi ninduen. Etxeko zirujilari trebea arduratu zen nire buruko zauri larriaren sendaketa neketsuaz, arrakastarekin. Nire hernia maite zuela aitortu zidan chevalier-ak; izan ere, iraultzaren garai nahasi, arriskutsuetan laguntza eskaini zioten behin bertan, eta pozik zegoen niri mesede egin ahal izateaz. Erosotasun eta kontsolamendurako nuen guztia eskura neukala bere jauregian esan zidan ere, eta ez zuela inolaz ni joaterik onartuko, nola zauria hala bideetako arriskua amaitu arte. Gainera ezinezkoa omen zen, tamalez, une hartan lagunei nire egonlekuaren berri ematea.»

        «Chevalier-a alarguna zen eta seme-alabak urrun zituen. Bakarrik bizi zen jauregian beraz, zirujilaria eta mirabe frankorekin. Gogaikarria litzateke luzaz kontatzen hastea nola joan nintzen sendatzen zirujilari iaioaren eskuetan, eta nola ahalegindu zen chevalier-a nire ermitau bizitza hura goxatzen. Solasa zuhurragoa eta begirada sakonagoa zuen bere herrikoengan ohitura dena baino. Artea eta zientziaz egiten zuen berba, nahiz eta ahal zuen heinean isildu azkenaldiko gertaeren kontuak. Ez dut hitz ematen hasi beharko nire gogoeta guztiak Angelikarentzat zirela, eta anima sugaldetan jartzen zidala jakiteak nire heriotzarekin oinazeturik egongo zela! Etengabe erregutzen nion chevalier-ari nire gutunak koartel nagusira helaraz zitzan. Uko egin zion eskari hura bere gain hartzeari, ziurrenik ere liskarrak berriro piztera zihoazela eta. Itxaropena eman zidan esanaz kosta-ahala-kosta arduratuko zeta, erabat osatzen nintzenean, neure herrira onik ekartzen. Bere adierazpenetatik igarri nuen gerra berriro lehertu zeta, eta aliatuen kalterako gainera, nahiz eta berak begirunez isildu.»

        «Aipamen solte horiek aski izan ziren Dagoberten susmoak baieztatzeko.»

        «Ia sukarra joana zitzaidanean, gau batez amets tankerako egoera ulertezinean erori nintzen, oraindik ere dardarka jartzen nauena, nahiz eta hartatik oroitzapen iluna besterik geratzen ez zaidan. Angelika ikusi nuen, baina bere irudia gandu artean lausotzen zeta zirudien, eta alferrik lehiatzen nintzen hura atxikitzeko. Beste norbait zegoen bion artean: nire bularraren kontra ezarri eta bihotz barrenetik eutsi zidan; oinazerik garratzenean hondoratu eta atsegin arrotz, miresgarri batek zeharkatu ninduen. Biharamunean, beste ezer baino lehenago, ohe aurrean eskegitako koadroari ohartu nintzaion, ordurarte nik inoiz bertan ikusi gabea. Anima barreneraino beldurtu nintzen, Margerite baitzen bere begi beltz biziekin argi ematen zidana. Mirabeari galdetu nion koadroaren jatorri eta irudiaren nortasunaz. Chevalier-aren iloba zeta segurtatu zidan, T.ko markesa, eta koadroa beti egon zeta han eskegita; ez nintzaiola baina ordurarte ohartu, hautsak bezperan kendu zizkionez. Chevalier-ak ere hala berretsi zuen. Nahiz esna nahiz ametsetan ni Angelika ikusteko gogoz, eta nire aurrean nor egongo eta Margerite. Arrotza iruditzen zitzaidan neure burua, kanpoko botere batek agintzen zuen nigan, eta, nire izuan, uste nuen ezin nintzela Margeritegandik aldendu. Inoiz ez naiz ahaztuko egoera ikaragarri haren oinazearekin.»

        «Goiz batez banago leihoan, goizeko haizeak dakarkidan urrinaren freskuran, eta turutotsak entzuten ditut urrutira. Pozez betetzen naiz zalduneria errusiarraren martxa alaia antzematean. Doinu haien bidez izpiritu zintzoen uhin antzekoak datozkit, ahots goxo, kontsolatzailez hizketan; badirudi bizitza berriak eskua luzatzen didala, botere maltzurrak itxita eduki nauen hilkutxatik jaiki nadin! Tximista bezain azkar agertzen dira zaldun batzuk jauregiko patioan. Behera begiratzen dut eta... «Bogislav, ene Bogislav» hots egiten dut erabat asaldaturik. Chevalier-a nire gelan sartzen da, zurbil, txundituta, soldaduen ustekabeko helduera eta istilu latzei buruz totelka! Aintzat ere hartu gabe airean jaitsi eta ene Bogislav besarkatzen dut!»

        «Bakea aspaldi erabaki zeta jakin nuen, ni zeharo harrituaz, eta gudaroste adar gehienak etxerantz zihoazela. Chevalier-ak isilean gorde zidan hura dena, ni jauregian atxilotuaren pare edukitzeko. Ez nik eta ezta Bogislavek ere ezin genuen jokabide haren arrazoirik igarri, baina biok susmatzen genuen han tartean bazela makurkeriaren bat. Chevalier-a aurrerantzean ez zen lehengoa, ikuskarri petrala baizik, edozein huskeriarekin teman jarriaz. Eskerronez gartsuki hizketan hasi nintzaionean ere, bizitza salbatu zidala eta, maltzurki egin zuen irribarre, ameslari erdiero bat baino areago.»

        «Berrogeitazortzi orduko atsedenaren ostean abiatu zen Bogislav, eta baita ni ere berarekin. Pozik ginen gaztelu zahar hura atzean uztearekin, espetxe ilun, izugarriaren gogorapenak sortzen zizkidana. Baina jarrai ezazu orain zuk, Dagobert, zuri baitagokizu txanda, gertatu zaizkigun gorabeherak jalkitzeko.»

        — Nola jarri zalantzan —hasi zen Dagobert—, gizakiak berezko duen igartzeko gaitasuna? Inoiz ez nuen sinistu nire lagunaren heriotza. Ametsetan geure barrenetik ulertzeko moduan hitz egiten digun izpirituak esaten zidan Moritz bizi zeta, eta uhal misteriotsu batzuk nonbait lotuta zeukatela. Angelikak kondearekin bat egiteak bihotza erdiratzen zidan.

        «Duela zenbait denbora hona etorri, eta aitortu beharra daukat izutzeko moduko aldartean aurkitu nuela Angelika. Sekretu ezkuturen bat ikusi uste nuen, ispilu magiko antzeko batean. Horregatik itsatsi zen nire baitan atzerrian barrena joateko erabakia, ene Moritz aurkitu arte.»

        «Igarriko diozue nire bozkario eta pozari, A.ko alemaniar lurretan Moritz aurkitu nuenean, S...en jeneralarekin. Anima apartaturik jarri zen nire laguna, Angelika eta kondearen arteko bat egitearen berri entzutean, baina Angelika infidela izan zitzaiolako botatako birao eta lanturu erdiragarri guztiak isildu zituen nire susmoak jakinarazi eta ziurtatu nionean oraindik ere oker hura deusezteko moduan zegoela. S...en jeneralak dardara egin zuen kondearen izena aipatu nuenean, eta berak eskaturik aurpegi eta gorpuzkera deskribatu nizkionean honela oihukatu zuen: "Bai, inondik ere bera behar du izan!"»

        — Harrituko zarete entzundakoan —eten zion jeneralak hizlariari—, Napolin duela zenbait urte S...i kondeak nire bihotzeko maitea lapurtu zidala, bere eskura zeuzkan deabrukeriak erabiliaz. Hala, gorputzean labana sartu nion unetik aurrera infernuko itsumenak atxiki gintuen maitea eta biok, elkarrengandik betirako bereiziaz! Gerora jakin nuen nik sortutako zauriak ez ziola galarazi eskua eskatzea, ai! eta ezkontzera zihoan egun berean geratu zela nire maitea nerbio atakeak jota zerraldo!

        — Jainko errukiorra! —hots egin zuen koronelaren emazteak—. Ez ote zuen nire alaba laztana patu horrek berak mehatxatzen? Nolatan igarri ahal izan ote diot?

        — Izpiritu igarlearen ahotsak hitz egin dizu, anderea —esan zion Dagobertek.

        — Eta Moritzek kontatutako agerpen latz hura —jarraitu zuen koronelaren emazteak—, kondea halako modu izugarrian etxean sartu zitzaigun arratsalde hartan?

        — Aldi hartan kontatu nizuenez —hartu zuen Moritzek hitza—, kolpe izugarria entzun eta heriozko lamara izoztuak haizeman zidan. Irudi zurbil baten zurrumurru antzekoa zebilen gelan barrena, errainu dardarti, ia antzemanezinezkoa. Kemen guztia behar izan nuen nire izua menperatzeko. Nire onera etorri nintzenean hildakoa bezain gogor zegoen Bogislav. Etorrarazitako medikuaren ahalegin ugarien ondoren bere konortera itzuli zenean, saminki luzatu zidan eskua, esanaz: «Aurki... Bihar bertan bukatuko dira nire nahigabeak».

        «Berak iragarri legez gertatu zen, baina berak uste ez bezala izatea erabaki zuen zeruetako indar betierekoak. Biharamuneko gatazkaren garratzenean, bala kartutxo ahul batek bularrean jo eta bota zuen zalditik. Bala mesedegarri hark mila puskatan txikitu zuen infidelaren irudia, oraindik bularrean zeramana. Erraz sendatu zitzaion ubeldura, eta orduez gero Bogislavek ez du ezeren kalterik nozitu, bizitzara hondamena ekar diezaiokeenik.»

        — Hala da, bai —mintzatu zen jenerala—. Eta maite galduarekin gogoratze hutsak oinaze goxo batekin betetzen nau eta mesede egiten dio nire barruko izpirituari. Jarrai dezala gure lagun Dagobertek kontatzen, ordea, zer gehiago gertatu zitzaigun.

        — Lehenbailehen joan ginen A.tik —hartu zuen Dagobertek hitza—. Gaur egunsentian, hemendik set miliatara dagoen P. herrixkara heldu gara. Ordu batzuetan atseden hartu, eta ondoren zuzenean honako bideari jarraitzeko asmotan ginen. Anitz harritu gara Moritz eta biok Margeriterekin topatu garenean ostatuko gelatik ateratzen, eromenezko aurpegi zurbilarekin. Kapitainaren oinetan makurtu, belaunak antsika besarkatu eta bere buruari gaizkile doilorra deitu dio, ehun aldiz heriotza merezi duena, eta arren han bertan hiltzeko eskatu dio. Moritzek higuinik handienaz baztertu eta aldegin du.

        — Bai —eten zion kapitainak lagunari—. Margerite nire oinetan ikustean, chevalier-aren jauregian pairatutako oinaze latz haiek guztiak abaildu zaizkit gainera, nire baitan inoiz ezagutu gabeko amorrua piztuaz. Margeriteri bularretik labana sartzekotan egon naiz, nire sua menperatuaz handik aldegin dudan arte.

        — Margerite lurretik altxa —jarraitu zuen Dagobertek—, eta bere gelara eraman dut. Azkenean bera lasaitzea lortu dudanean, bere hitz etenek nire susmoak egiaztatu dizkidate. Gutun bat eman dit, atzo gauerdian kondeagandik jasoa. Hona hemen!

        Dagobertek gutuna atera, azala urratu eta honela irakurri zuen:

 

        Egin ihes, Margerite! Galdua da dena. Badator gorroto duguna. Nire jakintza guztia ez da aski, bizitzako puntu goren honetan atxiki nauen zorigaitz ilunaren aurka. Margerite! Beste edozein emakume suntsituko zuketen sekretutan barrena gidatu zaitut. Baina zure kemen berezi eta borondate irmo horrekin, maisu jakintsuaren ikasle duina izan zara. Gogotik lagundu didazu. Zure bitartez menperatu dut Angelikaren gogo eta barrena. Horren ordainetan bizitzaren zoriona eskuratu nahi nizun, zuk desio bezala; hala, talde ezkutu, arriskutsuenetan sartu zara, ni neu ere sarritan izutzen ninduten ekintzatan hasiz. Baina alferrik da! Egin ihes, bestela noraezekoa da zure hondamena eta! Azkenera arte ekingo diot ausardiaz indar gaizto honi! Baina heriotza ekarriko didala somatzen dut! Bakardadean hilko naiz. Une horretan zuhaitz miresgarri hartara joango naiz, biok misterio miresgarriei buruz mintzatzeko sarritan erabili dugun haren gerizpera. Margerite! Betirako bazter itzazu sekretuok. Ama Natura beldurgarriak, haserreturik, bere kontra erabil daitekeen jostailu distiratsua ematen die sasiko ume eta zelatari azkarrei, baina hauek esku arinez urratzen diote aurpegiko errezela. Behin emakume bat hil nuen, maitasun grinarik barrukoenaz besarkatu uste nuen mementuan. Horrek indarrak makaldu zizkidan, baina halere, ni bai inozoa, banuen itxaropenik munduko zorionean.

        Ongi izan, Margerite! Itzul zaitez zure sorterrira. S.ra zoaz. T.ko chevalier-a arduratuko da zutaz.

        Ongi izan!

 

        Dagobertek gutuna irakurtzez bukatzean, hotzikarak hartu zituen denak.

        — Beraz —hasi zen isilik koronelaren emaztea—, nire animaren barrenetik uko egiten diedan gauzetan sinistu beharra daukat. Hala eta guztiz ere, ezin nuen inolatan ere ulertu Angelika Moritzekin hain agudo ahaztu eta kondea ondoan hartu izana. Jabetuta nengoen, halaber, la etengabeko asalduran zegoela eta honek berak ere kezka mingarriz betetzen ninduen. Gogoan dut Angelikaren kondeaganako zaletasuna modu bitxian azaldu zela hasieran. Berak konfiatu zidanez, la gauero egiten zituen amets bizi eta atseginak kondearekin.

        — Hori da —hartu zuen Dagobertek hitza—. Margeritek berak aitortu dit gau osoak igarotzen zituela Angelikaren alboan kondearen aginduz, honen izena ahots eztiarekin belarrira xuxurlatzen. Kondea ere noizean behin sartzen omen zen gelan gauerdi aldera, eta minutu batzuz begirada Angelika lokartuagan josita eduki ondoren joaten zen. Beharrezkoa al da, kondearen gutun esanguratsu hau irakurri ondoren beste ezer eranstea? Argi dago barne animari psikikoki eragiten ahalegindu zela botere ezkutuen bitartez, eta naturako indar bereziei esker lortu zuela hori. T.ko chevalier-arekin harremanetan zegoen, eta Frantzian eta Italian adarrak dituen beste eskola sekretu horretako partaide zen, P.ko eskola zaharraren ondorengoa bide dena. Berak bultzata atxiki zuen chevalier-ak kapitaina jauregian, eta amodiozko hainbat sorginkeria zital praktikatu zituen berarekin. Inoren oinarri psikikoa menperatzeko kondeak zerabilzkien bitarteko misteriotsuei buruz hizketan jarrai nezake, Margeritek azaldu dizkidan gisan. Zertxobait azal nezake ere niri ezezaguna ez zaidan zientzi horri buruz, nahiz eta izenez aipatu nahi ez dudan, gaizki ulertuko didazuen beldur... Utzidazue bada gaurkoz honenbestez bukatzen.

        — Eta behin betirako —hots egin zuen koronelaren emazteak asaldatuta—. Ezta txinta bat ere gehiago izuikararen erresuma ilun, arrotz horretaz! Eskerrak zeruko indar betierekoari, nire alaba kuttuna salbatu eta gu kaltetu nahian etxera sartu zitzaigun gonbidatu beldurgarri hartaz libratu gaituelako!

        Biharamunean hirira itzultzea erabaki zuten. Koronela eta Dagobert geratu ziren bakarrik, kondearen ehorzketaz arduratzeko.

        Angelika aspalditik zen kapitainaren emazte zoriontsu. Azaroko ekaitz gau batean familia osoa salan eserita zegoen, tximiniako su gartsuaren inguruan, S...i kondea atetik hain beldurgarriro sartu zen aldi hartan bezala. Orduan bezala nahasten ziren, oihuka eta txistuka, ekaitz haizeak lotatik iratzarritako ahots harrigarriak.

        — Gogoan al duzue oraindik? —galdetu zuen koronelaren emazteak begi argiz—. Oroitzen al zarete oraindik?

        — Fantasma istoriorik ez gero! —hots egin zuen koronelak.

        Baina Angelika eta Moritz jadanik hizketan ari ziren gau hartan nabaritu zutenaz, eta nola ordurako neurriz gain maite zuten elkar. Ez zuten bukatzen orduko xehetasun guztiak aipatzez, bateko beren maitasunaren distira garbia isladatzen zela denean, besteko izuaren dardara eztiak ere maitasun irrikak sortu zituela biengan; eta azkenik, gonbidatu izugarria izan zela, belearen makakorroek iragarri ondoren, laztasun guztien sortzailea.

        — Ez al dirudi, bihotzeko ene Moritz —esan zuen Angelikak—, oraintxe entzuten ditugun ekaitz haizearen doinu bitxiak gure arteko maitasunaz ari direla goxoki hizketan?

        — Arrazoi duzu —erantzun zion Dagobertek—. Eta te-ontziaren txistu, ziiteko eta zirt-zartak ez du batere garratza ematen. Aldiz, barru horretan espetxeratutako iratxo jatorra lokanta eder bat gogoratzen ari dela dirudi!

        Moritz ezin zoriontsuagoaren bularrean gorde zuen Angelikak larrosa galda bizizko bere aurpegia. Hark orduan emazte laztana besarkatu eta xuxurlatu zion:

        — Ba ote da hau baino zorion handiagorik?

 

        — Agi danean —mintzatu zen Ottmar, kontaera amaitu eta lagunak zaputzean isilduta geratu zirenean—, nire ipuina ez zaizue sobera gustatu. Hartaz gehiago mintzatu gabe, bada, utz dezagun ahanzturak beregana dezan.

        — Egin dezakegun onena —gaineratu zuen Lothark.

        — Hala eta guztiz ere —hartu zuen Cyprianek hitza—, nire lagunaren alde egin behar dut. Izan ere, neu ere partaide nabarmena naizela esan dezakezue, bere jakiko zenbait ongailu Ottmarek nigandik hartu eta neure sukaldean maneiatu dituenez. Beraz, ez da bidezkoa nik epairik luzatzea. Ez gero errukirik gabe dena gaitzetsi, Radamanto alenak, aitortu beharra baitago Ottmaren kontaerako hainbat osagarri benetan serapiondartzat har daitezkeela, esate baterako hasiera...

        — Hala da —eten zion Theodorek lagunari—. Te-ontziaren inguruko giroa oso bizia zen, eta baita ipuineko beste hainbat alderdi ere; baina argi eta garbi, konde arrotza bezalako fantasma antzeko pertsonaia desatseginek larritu egiten gaituzte, eta zaila da beren berritasun edo originalitatea nola-hala handitzea. Konde arrotzaren parekoa da Magnetizatzailea-ko Alban (ezagutzen duzue istorioa), eta kontaera hark Ottmarenaren oinarri berdina du. Arren eskatu nahi nizueke, bada, nola Ottmari hala zuri ere, ene Cyprianus, tankera horretako izugarrikeriei aurrerantzean biderik ez emateko. Ottmarek lortuko du, baina zuk, Cyprian, inoiz ere ezetz uste dut.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia