ETXE HUTSA

(Das öde Haus)

 

        Denak bat zetozen esaterakoan bizitzako gertaera benetakoak sarritan harrigarriagoak direla, fantasia bizienak asma dezakeena baino.

        — Froga ugari ematen ditu historiak —mintzatu zen Lelio—. Horregatik dira hain motel eta higuingarriak eleberri historiko izenekoak. Haietan egileak bere burmuin zabarrean su motelez lokatutako umekeriak elkartu egiten ditu unibertsoan nagusi den indar betierekoarekin.

        — Inguruan ditugun sekretu argituezinen egia sakonak —hartu zuen Franzek hitza— halako indarrez atxikitzen gaitu non horretantxe ezagutzen dugun gure gainetik agindu eta mugatzen gaituen izpiritua.

        — Ai! —jarraitu zuen Leliok—. Aipatzen duzun ezagupen hori! Horixe da, jatorrizko bekatuaren ostean, gure hondamenaren ondoriorik latzena: ezagupen hori falta zaigula!

        — Anitz dira deituak —eten zion Franzek lagunari— eta gutti aukeratuak! Ez al duzu uste ezagupen hori, gure mirarizko bizitzaren alderdi oraindik ederragoak igartzeko gaitasun hori zenbaiti dohainean eman zaiela, sen berezi baten antzera? Konparazio zelebrea jarriko dizuet, inor galtzeko erraza den eskualde ilun horretatik argitara irteteko: miresgarria ikusteko dohaina, igartzeko ahalmena daukaten gizakiei xaguxar tankera ematen diet; izan ere, Spallanzani anatomista azkarrak seigarren sen bikain bat aurkitu zuen xaguxarretan, ordezkari maltzurraren gisara gainerako sen guztiak adina ezezik denak batera baino askoz urrunago heltzen dena.

        — Ja ja! —eman zion Franzek algarari—. Hartara, xaguxarrak lirateke berez naturako sonanbuloak! Baina buruan zeneukan argitasun asmo horri jarraituz tinko adierazi nahi dut seigarren sen gogoangarri horrek edozein agerraldi ikus dezakeela, nola pertsona, hala ekintza, gertaera edo bitxikeria; hots, gure bizitza arruntean antzekorik aurkitu ezean miresgarri irizten diogun guztia. Baina zer da bizitza arrunta? Ai! Hesi estu baten barruko zurrunbiloan ertz guztiekin bekainekoak hartzen aritzea, eta halere courbette-ak egiten saiatzen gara, gure eguneroko ibilera geldo, akonpasatuan. Delako igartzeko ahalmen hori txit egokia da ezagutzen dudan norbaitentzat. Horrek bultzata, egunetan zehar jarraitzen die maiz ibilera, jazki, hizketa, edo begirada arraroko arrotzei; era berean, gertaera edo ekintzen baten aurrean, hitz bitan esanda batere arretarik merezi ez eta inoren arreta erakartzen ez duen zerbaiten aurrean gogoetan jarri, zerikusirik gabeko gauzak elkartu eta loturak asmatzen ditu, inori bururatuko ez litzaizkiokeenak.

        Lelio ozenki mintzatu zen:

        — Zaude, zaude! Gure Theodorengatik ari zara. Eta gainera, badirudi buruan zerbait berezia darabilela, hain modu bitxian begirada josita daukanerako.

        — Horixe bai —hasi zen Theodor, ordurarte isilik egon ondoren—. Horixe bai bitxia izango zela nire begirada, gogorapen benetan bitxi baten isladari begira bainengoen nire izpirituaren barrura. Oraindik orain bizitu dudan abentura...

        — O, konta ezazu, konta ezazu! —eten zioten lagunek.

        — Gogo onez kontatuko dut —jarraitu zuen Theodorek—, baina lehenik esan behar dizut, Lelio maitea, gaizki samar aukeratu dituzula nire igartzeko ahalmena erakusteko adibideak. Ez badakizu ere, Eberharden Sinonimo Hiztegian harrigarria hitzaz jakintza eta desiren edozein agerraldi izendatzen da, zentzuaren bidez arrazoitu ezin dena; miresgarria , berriz, ezinezko eta ulertezinari derizkio, naturaren indar ezagun guztiak gainditzen dituenari, edo, nik gehitzen dut hau, haren ohizko bideen aurka doala dirudienari. Horren ondorioz, bada, nire ustezko igartzeko ahalmena dela eta ez dela, nahastu egiten dituzu harrigarria eta miresgarria. Jakina da, ordea, harrigarria miresgarritik ernetzen dela eta maiz ez dugula enbor miresgarria ikusten, nondik adaska harrigarriak hosto eta lorez ernamuintzen diren. Berritu nahi dizuedan abenturan, ene ustez, ikaratzeko moduan elkartzen dira biak, nola harrigarria hala miresgarria ere.

        Hitz horien ondoren Theodorek bere agenda atera zuen, non, lagunek zekitenez, bere bidaiei buruzko hainbat ohar zeuzkan bilduak. Noizik eta behin bertara kirika eginez ondoko gertaera kontatu zien, zabalagorako ere nahikoa duina ematen zuena:

 

        Badakizue (hasi zen Theodor), joan den uda osoa ***n igaro nuela. Bertan aurkitu nuen aspaldiko lagun eta ezagun mordoskak, bizitza erosoak, arte eta zientzietarako etengabeko bizitasunak, horrek denak gogotik eragin zidan. Inoiz ez naiz gusturago sentitu eta irrikaz heldu nion nire aspaldiko joerari: kalean barrena bakarrik paseatzen noalarik, zintzilik jarritako kobrezko grabatu eta iragarkiei atseginez erreparatzea, edo bidean egokitutako pertsonak aztertu eta nire artean zenbaiten horoskopoa ipintzea; izan ere, arte eta luxuzko erakusgaien aberastasunak ezezik, egoitza apain, oparo haiek ikusteak ere horretara bultzatzen ninduen.

        Tankera hartako egoitzez inguratutako abenida, *** ateraino doana, topagune nagusia da bizitzako plazer finenak damatzen dituzten hiritar gorenentzat, nahiz maila nahiz aberastasunagatik. Jauregi altu, nasaien behe-solairuan luxuzko salgaiak eskaini ohi dira gehienetan, eta goiko pisuetan berriz, arestian aipatu jendea bizi da. Ostaturik prestuenak kale honetan daude, atzerriko ordezkariak ere hantxe bizi ohi dira, eta beraz, kontu egingo duzuenez, hiriburuan beste inon baino joan-etorri bereziagoa ageri da bertan, berez dagoena baino populazio ugariagoaren itxura emanez. Leku honetarako grinaren ondorioz beharrak agindu baino bizileku ttikiagotan etsitzen du zenbaitek, eta hartara familia batzuen etxeak erlategien antzekoak dira.

        Askotan ibilia nintzen abenida hartatik zehar, halako batean etxe bat begiz jo nuenean, gainerako guztietatik oso modu harrigarri eta bitxian bereizten zena. Pentsa ezazue etxe baxu batean, lau leihorekin zabalean, bi egoitza eder alturen arrean itota eta lehen pisua ozta-ozta daukalarik aldameneko etxeen behe solairuko leihoa baino goraxeago. Teilatu gutti zaindua, tarteka paperez estalitako leihoak eta horma uherrak jabearen utzikeriaren seinale ziren. Pentsa ezazue zenbat nabarmentzen zen etxe hura, luxurik finenaz apaindutako egoitza dotore haien artean.

        Gelditu eta hurbilagotik begiratu ondoren, leiho guztiak okertuta zeudela ohartu nintzen, behe solairuko leiho aurrean horma zegoela eraikia, sarrerarako ere bai jo zuen saihets ate nagusian ez zegoela ezkilarik eta ezta inolako sarraila edo krisketarik ere agerian. Konbentziturik nengoen etxe hark ez zuela bizilagunik edukiko, sarritan eta noiznahi handik igaro arren behin ere ez bainuen giza zantzurik antzeman.

        Bizilagunik gabeko etxea hiriko auzo honetan! Gertaera harrigarria! Hala eta guztiz ere agian arrazoia soil eta xumea zeukan, hau da, jabeari bidaia luzeren batek astia hartu edo urruneko ondasunetan bizi izanik, barruti hau ez zuela ez inoren gain utzi nahi eta ezta alokatu nahiko ere, hartara ***ra itzultzean berehala bertan bizitzen jarri ahal izateko. Horixe zen nire ustea, eta nik neuk ere zergatik ez jakin arren etxe aurretik igarotzen nintzenero lurrari erantsita bezala geratzen nintzen begira, gogoeta harrigarritan, hausnartzen baino areago sorginduta.

        Badakizue denok, ene gaztaro zoriontsuko adiskide iaioak, badakizue aspaldidanik jokatu dudala aztiaren gisara eta mundu miresgarriko agerpen arraroren bat bizitzan sartu nahi izan zaidanero, arrazoi sendoz gezurtatzen jakin duzue! Tira, nahi hainbat sinu eta imintzio egin ezazue. Aitortu beharrean naiz sarritan sartu diodala ziria neure buruari, eta etxe hutsarekin ere hala gertatuko zela zirudiela, baina... Bukaeran dator lur jota utziko zaituzten ikasbidea, eta entzun arretaz! Has nadin!

        Egun batez, itxurak pasealekuan batera eta bestera ibiltzea agintzen zuen orduan, hantxe nago etxe aurrean, ohi bezala hausnarketan begirada josita. Halako batean hot non jabetzen naizen, zuzenean so egin gabe, norbait nire aldamenean jarri eta begira daukadala. P. kondea da, elkarrizketa frankotan nire gogaide agertua, eta berehala jabetzen naiz inondik ere etxearen misterioak bera ere atxiki duela. Are gehiago harritu nintzen, ordea, hiriko auzorik jendetsueneko etxe huts hark nigan izandako eragin bitxiari buruz hizketan hasi eta barreari eman zionean ironiatsu. Baina laster argitu zen dena.

        P. kondea ni baino askoz urrunago iritsia zen, eta hainbat konbinazio eta oharren ostean etxe hartako buruzpidea ezagutu zuen; eta buruzpide haren sorburua hain istorio bitxian zegoen non idazlearen irudimen bizienak bakarrik koka dezakeen bizitza arruntean. Kondearen istorioa berritzea nuke zuzenena, oraindik argi eta garbi gordetzen baitut gogoan, baina gertatu zitzaidanagatik oraindik daukadan urduritasunak etenik gabe jarraitzera behartzen nau.

        Gogotik harritu omen zen konde jauna, etxe hutsaren barruan zer eta gozogilearen konfitegia zegoela jakin zuenean, oparo jantzitako denda ondo-ondoan zuelarik. Horregatik zeuden murruztaturik behe solairuko leihoak, labeen lekua hain zuzen ere, eta gozoak biltzeko lehen solairuko gela, berriz, eguzki eta eulien kontrako leiho-sare lodiz gordea.

        Kondearen hitz haiek entzutean ur blaitua hartuta bezala geratu nintzen, edota poeten aurkako deabru gaiztoak ameslaria atximurkatzen duenean bezala, minbera eta oinazez.

        Azalpen arrunt hura gorabehera, pasaeran beti neukan begiratu beharra etxe hutsera eta beti irteten ziren giltzape hartatik irudi bitxi ugari, nire burua hotzikara emez zeharkatzen zutenak. Ezin nuen etsi gozotegi, mazapan, karamelu, opil, fruta konfitatu eta besteren ideiara. Burutapen konbinazio bitxi baten bidez solas ezti, lasaigarriaren tankera eman nion guzti hari. Honela zioen, gutti gorabehera: Ez zaitez beldurtu, jauna! Umetxo goxo maitagarriak gara, baina laster trumoiak joko du pittin bat! Orduan pentsatu nuen berriro: Ni nauk ni ergela, arrunta dena miresgarri bihurtu nahian! Ez al didate lagunek arrazoiz bizkarreratzen azti porrokatua naizela?

        Ustezko argitasun haren ondoren, jakina zegoen moduan, etxean ez zen inongo aldaketarik izan. Hala, nire begirada ohitu egin zen, eta arestiko irudi zoro haiek, murruetatik jalkiak ziruditenak, aienatu egin ziren pixkana. Kasualitateak iratzarriko zuen lozorroan zegoena.

        Nahiz eta ahal nuen heinean eguneroko bizitzara itzuli nintzen, ez nion utzi etxe bakan hari begiz jotzeari; aise sinistuko duzue hori, neurezkoa baitut miresgarria den orori tinkotasun irmoz atxikitzea. Hala, egun batez bazkalordu aldera ohi bezala abenidan zehar nenbilelarik etxe hutseko leiho estalietara zuzendu nuen begirada. Orduan ohartu nintzen azken leihoko oihalak, gozotegi albokoak, mugitzen hasi zirela. Esku bat eta ondoren beso osoa agertu zen. Nire antzoki betaurrekoak atera eta argiro antzeman nuen emakume esku zuri, itxura ederreko bat; haren behatz txikerreko harribitxi batek ohi ez bezalako dirdira zeukan eta brazalete bikain batek izarniatzen zuen edertasun oparoz guritutako besoan. Leihoko koxkan kristal pitxer luze, forma arraroko bat ipini zuen esku hark eta oihalaren atzean ezkutatu zen.

        Zur eta lur geratu nintzen. Sentimendu maitagarri, beldurrezko, berezi batek zeharkatu ninduen epeltasun elektrikoz. Zirkinik egin gabe zorigaiztoko leihora begira nengoen, eta baliteke bularrondotik irrikazko intziri batek ihes egin izana ere. Azkenean neure oneratu, eta mota guztiko jendez inguratua aurkitu nintzen, neu bezala jakinmin aurpegiz gora begira. Amorrazi egin nintzen harekin baina berehala gogorazi nion nire buruari hirietan biltzen diren jendetzek badutela antzik lotarako txano bat seigarren solairutik zarrata bakar bat ere egin gabe erori eta ahoa bete hortz begira geratzen direnekin.

        Isilean aldendu nintzen handik eta deabru arruntak garbi xuxurlatu zidan belarrira gozogilearen emazte aberatsa ikusi berri nuela, igande soinekoz apaindua, leihoko koxkan arrosa ur fineko pitxer hustua ipintzen.

        Bat-batean, oraindik halakorik! ideia beldurgarria izan nuen. Itzuli eta zuzenean sartu nintzen etxe hutsaren aldameneko gozogilearen denda argitsuan.

        Arnas hotzarekin txokolatearen apar beroa gatilu ertzera haizemanaz hasi nintzen hizketa jarioan:

        — Hutsagaineko zabalpena eman diozu dendari!

        Gozogileak koloretako beste karamelo pare bat bota zituen zorro barrura bizkor, eta irrikaz zegoen neskatila politari luzatu ondoren ukalondoak mostradore gainean jarri eta galderazko begirada irribarretsuz so egin zidan, ezer ulertu ez balit bezala.

        P Errepikatu nion oso erabaki zuzena izan zela aldameneko etxean labea ipintzea, nahiz eta horrela egoitza huts hura era hits, goibelean bereizten zen ondoko beste alaietatik.

        — Baina jauna! —hasi zen gozogilea—. Nork esan dizu alboko etxea geurea denik? Geureganatzeko ahalegin guztiak zoritxarrez alferrik izan dira eta baliteke gainera hoberako izatea, alboko etxe hori hortik honakoa baita.

        Jabetuko zarete, lagunok, zenbateko zirrara sortu zidan gozogilearen erantzunak, eta otoi etxeaz mintza zekidan eskatu nion.

        — Bai, jauna! —ekin zion—. Nik neuk ez dakit ezer asko, baina ezaguna da etxea S.ko kondesarena dela, bere ondasunetan bizi eta azken urte hauetan ***ra etorri ez dena. Gure kalea apaintzen duten egoitza bikainak artean ez zeudenean ere agi danean etxea bertan zegoen, oraingo itxura berean; harrezkero azken orduan sendotu dute beti, erabat gainbehera etorri baino lehen.

        «Bi biztanle bakarrik ditu: adin handiko administratzaile elkor bat eta zakur antsilari, bizitzaz aspertutako bat, aldian behin atzeko orubean ilargiari uluka aritzen dena. Zurrumurruaren arabera egoitza huts hori sorgindua dago; izan ere dendako jabea den anaiak eta biok, gau isilean, Eguberri aldera, negozioa dela-eta hemen esna geundela, lanturu arraroak entzun genituen maiz, nonbait aldameneko etxearen pareta atzetik jalkiak. Ondoren arramazkada eta murmurio hots latza hasi zen, gu biok izu batean jartzeraino. Ez da aspaldi ere iluntze aldera kantu bitxia entzun zela, inolatan ere deskribatu ezin dizudana. Guk entzundako hura andre zaharraren boza zen, argi eta garbi, baina notak hain ziren ozenak, eta hain goraino heltzen ziren kadentzia aberats eta xaramela luze zorrotzez, non, nahiz eta nik Italia, Frantzia eta Alemanian hainbat kantari ezagutu izan, inoiz ez dudan antzekorik aditu. Nirekiko, frantses hitzak ziren baina ezin izan nuen zehatz antzeman eta ezta parte gaiztoko kantu zoro hura luzaroan entzuten egon ere, tentetuta baineuzkan buruko ileak.»

        «Aldian behin, kaleko zarata guttitzen denean, atzeko gelan hasperen saminak aditzen ditugu eta baita algara lodi baten durundia ere, lurrazpitik aterea dirudiena; baina belarria paretan ipiniez gero berehala antzematen da intziriak eta algarak alboko etxetik datozela. Begira (atzeko gelara gidatu eta leihotik erakutsi zidan), begira harako burdinazko hodi hari, hormatik azaltzen dena: batzuetan botatzen dituen keekin, baita ezer berotu beharra ez dagoen udan ere, eta sutearen beldur, anaiak sarritan izan ditu auziak administratzaile zaharrarekin. Honek berriz, otordua gertutzen ari den aitzakia. Jainkoak bakarrik daki zein ote duen otordua, hodi horri kea barra-barra darionean oso usain bitxi berezia zabaltzen baita sarritan...»

        Dendako ateak intziri egin zuen eta gozogilea presaka joan zen; sartu berriagatik niri keinu eginaz, begirada esanguratsua zuzendu zidan. Bai nik ederki asko ulertu ere. Beste inor izan al zitekeen halamoduzko kristau bakan hura, etxe misteriotsuko administratzailea ezik? Imajina ezazue gizon ttiki, ihar bat, momia koloreko aurpegia, sudur kakoa, ezpain estuak, distira berdeko katubegiak, etengabeko barriduri txoroa, ilea antigoaleko eran kizkurtu eta hautsa emana, tentetu eta karakoilak erantsita, ileko sare handiarekin, postillon d'amour, kafe koloreko jantzi zahar maiztua baina ongi zaindu eta brozatua, galtzerdi grisak, oinetako handi, mutur zapalak harrizko hebilekin. Imajina ezazue gizon ttiki, ihar hori, bere ukabil handi, behatz luze sendoak eta gorputz mardularekin mostradorera hurbiltzen dela; baina orduan, etengabeko barriduriarekin eta kristal ontzitan jasotako gozokiak begitik kendu gabe, ahots ezindu, errukarriz galdegiten duela:

        — Bi laranja garratz konfitatu, bi almendratu, bi marron glacè, e.a.

        Imajina ezazue hori eta zeuok juzka ezazue zerbait bitxia somatzeko arrazoirik nuen ala ez. Agindutakoa batu zuen gozogileak.

        — Pisa ezazu bai, auzolagun agurgarria —esan zuen lanturu ahotsez gizon berezi hark.

        Sakelatik larruzko zorro ttikia aiene eta arnasestu artean atera eta diruaren bila hasi zen nekez. Ohartu nintzenez mostradore gainean zenbatzen ari zen diruaren artean denetatik zegoen, baita garai bateko txanpon sorta ere, jadanik baliorik gabea. Purrustan hasi zen marmarka:

        — Gozo, gozo! Gozo izan behar du orain denak, niregatik gozo. Satanasek bere andregaiaren muturra igurtzitzen du eztiz, ezti hutsez.

        Gozogileak niri irribarretsu begiratu eta honela mintzatu zitzaion agureari:

        — Ondoezik ematen du. Urtetan aurrera eta indarrak ahitzen doazkio berorri ere, nonbait.

        Begitartea aldatu gabe, boza goratuz hasi zen agurea hoska:

        — Urtetan aurrera? Urtetan aurrera? Indarrak ahitzen? Ahul, kemena galduta? Ja ja, ja ja, ja ja!

        Hartan, hezurrek hotsa ateratzeraino ukabil batekin bestea jo eta jauzi egin zuen, airean hankak bilduz; hainbesteko indarrez ere non denda guztian sortu zuen burrunba eta kristal hotsa. Baina orduantxe antsi latza aditu zen, agureak zapaldu egin baitzuen zakur beltza, bere oinen babesean ezkutatu eta etzanda zegoena.

        — Piztia madarikatua! Infernuzuloko zakur zaharra! —heldu zion agureak aurreko lanturu hotsari, zorroa ireki eta zakurrari, almendratu handi bat luzatzen ziolarik.

        Zakurra, giza tankeran negarrez lehertzen, berehala isildu zen; atzeko hanken gainean zutitu eta kattagorriak bezala karraskatu zuen almendratua.

        Biek bukatu zuten batera, zakurrak almendratua klikatzez eta agureak zorroa itxi eta gordetzez.

        — Gabon dagizula, ene auzolagun prestua —esan zuen orduan, eta bostekoa luzatu ondoren hainbeste estutu zion eskua non gozogileak garrasi egin zuen minez.

        — Agure zahar ahulak gabon opa dizu, gozogile jaun prestua —errepikatu eta kanpora abiatu zen, atzetik zakur beltza zuelarik muturreko almendratu kondarrak mihizkatuz.

        Agurea ez zen jabetu nonbait neu ere bertan nengoela, harridurak jota.

        — Horratx! —hasi zen gozogilea—. Horratx nota jarduten duen agure harrigarri horrek aldian behin, hilabetean bizpahiru bider edo. Baina ez dago berari deus ere aterako dionik, ezpada lehen S. kondearen gelaria zela, orain etxea bere gain duela, S. kondearen familia espero duela noiznahi (horretan gara azken urteotan), eta horregatixek ezin duela maizterrik jarri. Gaueko zarata harrigarri horiengatik anaia behin kexaka joan zitzaion batean lasai asko erantzun zion: «Bai, jendeak hala dio, etxea sorgindua dagoela. Baina etzazu sinistu, ez da egia eta.»

        Ohiturak agindu zuen denda hura bisitatzeko tenorea heldu zela. Atea zabaldu, jende apaina aukeran sartu eta ez nuen beste ezer galdetzerik izan.

        Honenbestez argi zegoen P. kondearen albisteak etxearen jabegoa eta erabilerari buruz okerrak zirela; administratzaile zaharra, berak ukatu arren, ez zela bakarrik bizi; eta, inondik ere, sekreturen bat gordetzen zela han munduaren begietatik. Ez al zen bidezkoa kantu bakan ikaragarri hari buruzko kontaera hura hartuemanean jartzea leihoan beso eder hura azaltzearekin? Beso hura ez zegokion, ezinezkoa zen egokitzea andre zahar, zimurraren gorputzari; eta gozogileak deskribatu bezalako kanta ere ezin zen etorri lore berritan zegoen neskatila baten eztarritik. Besoa zela eta ez zela, aise sinistarazi nion nire buruari agian gozogile izutuaren irudipen hutsa izango zela ahots hari adindu eta zorrotz tankera ematearena, edo bestela belarriek okerreko gauza entzunaraziko ziotela.

        Kea, usain arraroa eta neuk ikusitako forma harrigarriko kristal pitxarrarekin gogoratu bezain laster, bizi-bizian azaldu zitzaidan begi aurrean gizaki zoragarri baten irudia, azti tresna galgarritan harrapatua. Agurea belagile zital bihurtu zitzaidan, azti madarikatu, agian S. kondearen familiarekiko inongo loturarik gabe, bere kabuz etxe hutsetik inori kaltea sortzea besterik bilatzen ez zuena.

        Nire fantasia lanean ari zen eta gau hartan bertan, ametsean baino areago lokartu garaiko nahasmenean, behatzean diamante irirkaria zeraman eskua ikusi nuen garbi, eta brazalete distiratsua zeraman besoa. Pixkana-pixkana, laino gris xumearen altzotik sortua bailitzan, aurpegi xamur bat ari zitzaidan hurbiltzen begi urdin, hits, errukarriz, eta ondoren lore berritan zegoen neskatila baten irudi xarmangarria. Laster konturatu nintzen lainotzat neukana ez zela lurrin fina besterik, irudiak esku artean zeukan kristal pitxarretik goratzen zena, jira-bira bihurritan.

        — Oi zu, irudi liluragarria! —egin nuen bozkarioz oihu—, esaidazu non zauden, eta zeren gatibu! Oi, zenbateko tristura eta maitasunez begiratzen didazun...! Badakit magia beltzak kateatu zaituela. Deabru maltzur horren esklabu dohakabea zara, gozotegietan barrena dabilen horrena kafe kolorez jantzita eta ileko sare handiarekin, jauzika bazterrak txikitu beharrean eta zakurtzar almendratujaleak zapaltzen, hauei bost bider zortzi konpasean uluka ariarazi ondoren, infernuko iskanbilarekin. Oi, badakit dena, umetxo goxo ederra! Zure barruko sugaldaren errainua da diamantea! Ai, zure bihotzaren odola emango zenion edaten! Nola egin lezake bestela dir-dir eta milaka bristada jaurti, izaki hilkor batek inoiz somatutako maitasun doinurik bikainenekin? Baina ongi dakit eskumuturra inguratzen dizun uztaia katemaila dela, kafe kolorekoak magnetikoa dela dioena. Etzazu sinistu, ene aingerua! Ikusten dut su urdinak goritutako pegarraren gainean zintzilik. Nik hura irauli eta libre izango zara! Ez al dakit dena? Ez al dakit dena, ene ederra? Baina ireki itzazu, andereñoa, zure arrosazko ezpainak, eta esaidazu...

        Une hartan ukabil aihentsu bat nire sorbalda gainetik kristal pitxarrerantz luzatu, eta hau mila pusketan pitzaturik birrindu zen airean. Hasperen leun batekin ezkutatu zen irudi zoragarria gau beltzean.

        Ah! Zeuon irribarreetatik jabetzen naiz ameslari zelebretzat hartzen nauzuela ostera. Baina zinez diotsuet amets hark, oraingoan ere izen hori jarri nahi badiozue, liluraldiaren itxura osoa zeukala. Sinisgogortasun arruntez jarraitzen duzuenez barrezka, nahiago dut horren gainean ezer ez esan eta lehenbailehen aurrera egitea.

        Egunak argitu orduko, kezka eta irrikaz beteta abenidaraino korri egin eta etxe hutsaren aurrean jarri nintzen. Barruko leiho-oihalez gain, sare lodi batzuk zeuden ipiniak. Kalean ez zen inortxo ere ageri. Behe solairuko leihora hurbildu eta arretaz entzuten jarriagatik ez nuen soinu bakar bat ere aditu, hilobi barrua bezain isila dena. Egunak aurrera egin eta jendearen emana hasi zen. Aldegin beharra izan nuen.

        Ezin gogaituko zaituztet kontatzen egun askotan ibili nintzela edozein orduz inguruan zulomiran zantzurik ttikiena hartu gabe, azterketa eta ikerlan guztiek ez baitzuten inongo arrakastarik izan, eta azkenean nire liluraldiko irudi ederra aienatzen hasi zen.

        Behinola, gautu ondoren paseatzetik etorreran etxe hutsera hurbildu nintzen batean atea zirrikitua zegoela ohartu nintzen. Hurbildu eta kafe kolorekoa azaldu zen. Hartua neukan erabakia.

        — Ez al da etxe honetan bizi Binder jauna, finantzen kontseilaria? —galdetu nion agureari, kriseiluak motelki argitutako ezkaratzera la bultzaka sartuz.

        Agureak bere betiko irribarreaz begiratu eta honela esan zidan, emeki eta tinko:

        — Ez, jaun hori ez da hemen bizi; inoiz ez da hemen bizi izan eta ezta biziko ere. Ez da abenida honetan bizi. Etxe honetan anima herratuak daudela dio jendeak. Baina gezurra dela ziurtatzen dizut. Hau etxe lasai eta ederra da eta bihar bilduko da hona S.ko kondesa andrea, eta... gabon dagizula, jauna!

        Horrenbestez, agurearen maniobrek kanpora bidali ninduten eta atea itxi zuen nire atzean. Bere giltzapilo txintxinkaria hartura, arnasestu eta eztul batean ezkaratzetik oinak arrastaka zihoala entzun nuen eta ondoren eskailerak jaisten zituela iruditu zitzaidan.

        Denbora tarte labur hartan ohartu nintzen ezkaratza antzinako tapiz koloretsuz apaindua eta sala baten eran zegoela jantzia, damasko gorriz estalitako besaulki handiekin, guztiari tankera harrisarria emanaz.

        Orduan hasi ziren nire abenturak, etxe misteriotsuko sartualdi hark erneta bezala. Pentsa bestela: banoa hurrengo eguerdian abenidan zehar, urrutitik begirada etxe hutsari nahigabe zuzendua, eta hor non ikusten dudan zerbaiten distira gol solairuko azken leihoan. Hurbildu eta kanpoko leihosarea erabat zabalik dago eta barruko oihala erdizka. Diamanteak nire aurrean egiten du dir-dir. Jaungoikoa! Besoan bermaturik, nire lilurako aurpegia daukat begira, tristuraz eta errukarri.

        Nola egon ordea geldirik jendearen emanaren erdian? Orduan jo nuen begiz paseatzaileentzat etxe hutsaren parean ipinitako bankua, nahiz eta bertan esertzen zenak atzea ematen zion. Abenidan zehar agudo joan eta bankuaren bizkarrean kuzkurtuz inork galarazi gabe begira niezaiokeen zorigaiztoko leiho hari.

        Bai! Bera zen, lehengo neskatila eder, zoragarri hura berbera! Baina begiradari buruz ezin ezer esan. Ez zegoen niri so, nik lehen uste bezala, baizik eta begiak herioarekin hoztuta bezala. Bizitasun handiz margotutako koadro batekin nahasteko modukoa zen irudi hura, noizean behin besoa eta eskua mugitu ez balira.

        Erabat murgildurik nengoenez leihoko izaki harrigarri haren ikusmiran, nire barrena hainbeste asaldatzen zuena, ez nituen aditu purtxilero italiar baten garrasi hotsak, agian aspalditik bere salgaiak etengabe eskaintzen ari zitzaidana. Azkenean besotik tira zidan. Berehala jira eta gogor samar baztertu nuen, amorruz. Baina ez zion utzi niri erregutu eta gogaitzeari. Egun guztian ez zuela ezer irabazi eta arren arkatz pare bat edo ahoko zotz zorrotxoa erosteko. Eramanezinik, eskua sakelan sartu nuen poltsaren bila, nazkante hura ondotik airean bidaltzeko. Berak badauzkat gauza polit gehiago ere esanaz, bere kutxatilaren azpiko kaxoia atera, beste kristalen artetik sakela ispilu ttiki, borobil bat hartu eta aurrean jarri zidan saiheska, nigandik hurbil. Etxe hutsa ikusi nuen nire atzean, baina leihoa ere, eta argitasun eta zehaztasunik handienaz nire liluraldiko aingerua. Berehala erosi nion ispilua, posible egiten baitzidan leihoari eroso begira egotea, bizilagunen aurrean nabarmendu gabe.

        Ordea leihoko aurpegiari begira nengoela, sentipen arraro eta adieraezin bat joan zen nitaz jabetzen, kasik esnatuzko ametsa dei nezakeena. Iruditu zitzaidan katalepsia antzeko batek ikusmena elbarritzen zidala, mugimenduak baino areago, ezin bainituen begiak ispilutik aldendu. Lotsarren aitortzen dut gogora etorri zitzaidala nire inudeak mutil kozkorretan oherako kontatzen zidan ume ipuina, iluntze aldera aitaren gelako ispilu handiaren aurrean jarri eta barrura begira egon zale nintzenean. Berak zioenez, haurrek gauez ispiluan begiratzen badute aurpegi arrotz, likits batek so egiten die barrutik eta haurraren begiak bertan itsatsiak geratzen dira. Beldurgarria zitzaidan hura, baina sarritan, izulaborriz bazen ere, ezin nintzen egon kirika egin gabe, aurpegi arrotz hura nondik ikusiko. Halako batean begi sutsu izugarri batzuk ikusi uste izan nituen ispiluan dir-dir; garrasi egin eta korderik gabe erori nintzen zerraldo! Eritasun neketsu batek atxiki ninduen orduan. Oraindik ere begi haiek benetan dir-dir egin zutelakoan nago!

        Beraz, mutil kozkorretako umekeria zoro haiekin gogoratu eta hotzikarak zabaldu zitzaizkidan denean. Ispilua harrika bota nahi baina ezin nuen, niri so baitzeuden irudi gozo haren begi zerutiarrak. Bai, begirada nigana zeukan zuzendua, bihotzeraino argitzen ninduelarik. Lehengo izulaborria joan eta lekua utzi zion irrika gozozko min maitagarri bati, nire barrena epeltasun elektrikoz su goritan jarriaz.

        — Ispilu polita daukazu —esan zuen norbaiten ahotsak nire aldamenean.

        Esnatu ametsetik eta handia izan zen nire txundidura b aldetan aurpegi bana ikusi nuenean, zalantzazko irribarrez niri begira. Gizon batzuk zeuden eserita nire banku berean, eta inondik ere nire begirada lotuarekin eta nire asalduran egin bide nituen sinuekin ikuskizun dibertigarria eskaini nien.

        — Ispilu polita daukazu —errepikatu zuen gizonak nik erantzuten ez nionez, begiradarekin beste galdera ere gaineratuz: Esaidazu baina, zer dela ta jositako begirada zoro hori? Anima herratuak agertzen zaizkizu ala...?

        Gizon hark, urtetan aurreratu samarra eta oso txukun jantziak, hizketako doinu eta begiradan bazeukan bihotzoneko zerbait, konfidantza eragiten zuena. Ezbaian egon gabe esan nion ispiluan neskatila zoragarri bat ikusi nuela atzeko etxe hutsaren leihoan jarrita. Areago, berak ere begitarte gozo hura ez al zuen ikusi galdetu nion.

        — Haranzkaldean? Etxe zaharrean? Azken leihoan? —galdetu zidan ostera agureak, zeharo harriturik.

        — Bai, hantxe bertan —nik berriz.

        Orduan agureak barre egin eta honela hasi zen:

        — Tira, nahasketa harrigarria da hori. Nire begi zaharrak... Jainkoak zain biezaizkit! Et, et, jauna. Nik, berez, begi hutsekin bakarrik ikusi dut leihoko aurpegi eder hori, baina oleozko erretratu biziaren tankera eman diot.

        Leihorantz itzuli nintzen azkar. Dena desagertu eta sarea jaitsia zegoen.

        — Bai —jarraitu zuen agureak—, ezertaz konbentzitzeko beranduegi da orain. Izan ere morroiak, nik dakidanez bakar bakarrik bizi denak S. kondesaren aldian behingo etxeko zaindari bezala, oraintxe bertan eraman du koadroa leihotik hautsa kendu ondoren eta sarea jaitsi du.

        — Ziur zaude koadroa zela? —galdetu nuen berriro, zeharo txunditurik.

        — Fida zaitez nire begiez —gaineratu zuen agureak—. Zuk ispiluan koadroaren islada bakarrik ikusi izanak handitu egin du ilusio optikoa, nonbait; baina zure adinean ez al zukeen neska eder baten koadroak nire fantasia ere berpiztuko?

        — Eskua eta besoa mugitu egiten ziren, ordea —eten nion.

        — Bai, bai, mugitzen ziren. Mugituko ez ziren bada! —mintzatu zitzaidan agurea, sorbaldan tapateko leun batzuk emanez.

        Hala, zutitu eta gizabidetsu gur eginez aldendu zen nigandik, honela zioelarik:

        — Begirozu ispiluei sinistu gero, gezurti hutsak dira eta. Zure esanetara geratzen naiz.

        Imajinatuko duzue nola sentitu nintzen ameslari kaiku, inozotzat hartu nindutenean. Konbentzituta nengoen agureak arrazoi zuela eta nire baitan bakarrik erne zela irudipen zoro hura, hain modu latzean nahastu ninduena, esatea lotsagarria bada ere.

        Haserre eta humore txarrez itzuli nintzen etxera, erabaki sendoa harturik etxe hutsaren misterioei buruzko ideiak baztertzeko eta egun batzuetan behinik behin abenida bar, muzin egiteko.

        Tinko lotu nintzaion honi eta gainera hurrengo egunetan idazmahai aurrean egon nintzen presazko zenbait aferengatik, eta gauetan, berriz, lagun zirtolari, alai batzuen arrean; beraz, sekretu haiekin gogoratu ere ez nintzen la egin. Garaitsu hartan hasi nintzen batzuetan lotatik bat-batean esnatzen, norbaitek ukiturik bezala; argi zegoen nire liluraldian eta etxe hutseko leihoan ikusitako izaki misteriotsuaren oroitzapenak itzartzen ninduela. Lanorduan ere, edo lagunekin solasean ari nintzenean eta inolako zergatirik gabe oroitzapen hori jabetzen zen nitaz bat-batean, tximistaren antzera.

        Hala eta guztiz ere, iragaitzazko mementu labur batzuk izaten ziren horiek. Sakela ispilu ttikia, erretratu eder hura sasi-isladatu zuena, etxeko erabilpen arrunterako neukan. Harexez baliatzen nintzen gorbatari gorapiloa egiteko. Hala, lantegi garrantzitsu hori bukatzera nindoan batean lausotua aurkitu nuen eta halakoetan ohitura denez arnasa bota nion, gero igurtziz garbitzeko. Odola zainetan izoztu eta barrena dardarka jarri zitzaidan, izu atsegin batekin! Bai, horrela iritzi behar diot nitaz nagusitu zen sentipenari, ispilura arnasa bota orduko gandu urdinskaren artetik aurpegi gozo hura ikusi nuenean modu hits, erdiragarrian niri begira.

        Barre egiten al duzue? Egin ditut zuekikoak. Ameslari porrokatutzat naukazue, baina zuek zernahi esan edo pentsa, aingeru hura ispilutik begira neukan. Lurrina desegin bezain laster, ordea, ispiluko distiraren artean aienatu zen aurpegia ere. Ez zaituztet nekatu nahi, ez dizuet ondorengo une bakoitza banaka kontatu nahi, gertatu zen heinean. Esan nahi dizuedan bakarra da behin eta berriro errepikatu nituela nire ahaleginak ispiluarekin eta sarritan berreskuratu nuela irudi maite hura nire am asaren bitartez, nahiz eta beste batzuetan gogotik saiatu arren arrakastarik eduki ez. Eroa baino areago joan nintzen korrika etxe hutsaren aurrera leihora begiratzeko, baina han ez zen kristaurik ageri.

        Pentsamendu bakar harekin bizi nintzen, beste guztia hila zegoen niretzat, nire lagun eta ikasketekin ere zabartzeraino. Egoera hura oinaze lasaigarri edo ametsetako irrika bilakatzen zen batzuetan, irudiak indarra eta bizitza galdu balitu bezala; baina sarritan gailurra jotzen zuen, oraindik ere izulaborriz betetzen nauten mementutan.

        Hondamenera eraman nindezakeen animako egoera bati buruz mintzo naiz, sinisgogor halakook, eta ez dago bertan barre edo isekabide den ezer. Entzun eta erruki zaitezte nik jasandakoaz.

        Esan bezala, sarritan, irudi hura lainotzen zenean ondoezak hartzen zidan gorputza; ondoren irudia inoiz baino bizitasun eta distira handiagoz agertzen zen, eutsi niezaiokeela uste izateraino. Baina orduan, eta modu beldurgarrian, irudia neroni nintzela iruditzen zitzaidan, ispiluko ganduak inguratu eta bildua. Egoera garratz hura bularreko min zorrotz batekin amaitzen zen, erabateko nagitasunak jarraitzen ziolarik, hondarrean beti lehertu beharreko nekea uzten zidana. Halakoetan huts egiten zuten nire saioek ispiluarekin, baina berriro indartu bezain laster agertzen zen irudia ispiluan ostera, eta ezin uka dezaket hori nire gorputzarentzat pizgarri berezi bat zela, ordurarte ezezaguna zitzaidana.

        Aterunerik gabeko aztorapen hura kalterako izan nuen. Hildakoa bezain zurbil eta zalantza batean nenbilen, zeharo lur jota. Lagunek gaixotzat hartu ninduten, eta beren etengabeko oharren poderioz azkenean ahalik eta arreta handienaz hausnartu nuen nire egoera. Ez dakit propio edo nahigabe, baina medikuntza ikasten zuen lagunetako batek bisitatu ninduen behin eta buruko gaitzei buruzko Reil-en liburua utzi zuen nire etxean. Irakurtzen hasi eta lan hark biziki erakarri ninduen. Baina hura harridura neure burua ezagutu nuenean zoramen itsutuari buruz zioen guztian! Nire burua eroetxeko bidean ikustearen ikara latzak zentzatu eta erabaki sendoa bartu nuen, berehala burutu beharrekoa.

        Sakela ispilua hartu eta K. doktoreagana joan nintzen segituan, eroen tratamendu eta sendaketa arloan ospetsua, eta baina oinarri psikikoaren jakinduriagatik ere, honek sarritan gorputzeko eritasunak sortu eta atzera senda baititzake. Dena kontatu nion, gorabeherarik ñimiñoena ere isildu gabe, eta nire ustetan mehatxatzen ninduen patu beldurgarritik salbatzeko erregutu nion.

        Lasaitasun osoz entzun ninduen baina harridura sakona antzeman nion begiratuan.

        — Halere —hasi zen—, arriskua ez dago oraindik zuk uste bezain hurbil, eta ziur nago erabat baztertu ahal izango dudala. Ezbairik gabe eragin psikiko bakan batek eraso dizu, baina oinarri gaizto baten erasoaz jakitun izateak gogor egiteko armak jartzen dizkizu eskura. Emaidazu sakela ispilu hori, zure adimen osoa eskatzen duen lanen bati lotu zaitez, ahaztu zaitez abenida horretaz, ahal duzun bezain goiz ekin lanari, eta gero, ibilaldi eder baten ondoren, zoaz lagunartera, aspaldi honetan zure miraz egongo dira eta. Janari sendoak hartu eta ardo bizkorgarri indartsuak edan itzazu. Ikusten duzu zure ideia itsu hori erauzi nahi dudala, alegia etxe hutsaren leihoan eta ispiluan aurpegi hori agertzen zaizun ideia, zure gogoa beste gauzatara zuzendu eta gorputza zailduaz. Jarraiozu nire asmo honi artez.

        Zaila egiten zitzaidan ispilutik aldentzea. Medikuak, jadanik eskuetan zeukalarik, antzeman egin zuen. Arnasa bota eta honela galdetu zidan, nire aurrean jarriaz:

        — Ezer ikusten al duzu?

        — Ezta ezertxo ere —erantzun nion, benetan zen bezala.

        — Bota ezazu zerorrek arnasa —esan zuen orduan medikuak, ispilua niri emanaz.

        Hala egin eta inoiz baino argiago azaldu zen lehengo irudi miresgarria.

        — Horra hor! —oihukatu nuen.

        Medikuak bertara begiratu eta esan zuen:

        — Nik ez dut ezeren aztarnarik hartu, baina ezin ezkuta diezazuket ispiluari begiratu diodan unean bertan dardara latz bat nabaritu dudala, berehala joan zaidan arren. Ikusten duzu oso egiazalea naizela, eta horregatixek merezi dut zure zeharoko konfidantza. Saia zaitez berriro.

        Hala egin nuen. Medikuak besoaz inguratu ninduen, bere eskua bizkarrezurrean nabaritzen nuelarik. Berriro azaldu zen irudia. Medikua, nirekin batera ispiluari begira, zurbildu egin zen; orduan nire eskutik ispilua hartu, berriro begiratu, idazmahaian giltzapean itxi eta nigana jiratu zen, eskua bekokian zuela segundo batzuez isilean egon ondoren.

        — Jarrai itzazu —hasi zen—, jarrai itzazu nire aginduak zehazki. Aitortu beharra daukat zure onetatik atera eta zure baitan nabari dituzun oinaze une horiek oraindik misterio osoa direla niretzat, baina espero dut laster izango naizela zuri horri buruz gehiago esateko gai.

        Hobe-beharrez, borondate tinko eta irmoarekin bizitu nintzen aurrerantzean, doktorearen aginduei segituaz. Laster antzeman nuen bestelako gogoeten eta agindutako dietaren eragin mesedegarria, baina halere ez nintzen libratu eguerdian hamabiak aldera, baina bereziki gauerdian hamabiak aldera nozitzen nituen larrialdi beldurgarrietatik. Lagunarte alaiaren erdian ere, edari eta kantuen orduan, bat-batean laban gori zorrotzek zeharkatzen zidatela barrena iruditzen zitzaidan, eta nire kemen guztia ez zen hari autre egiteko aski; handik aldegin beharra izaten nuen eta zorabio antzeko hartatik esnatu arte ez nuen itzultzerik izaten.

        Gau batez bilera batean nengoen, non indar eta eragin psikikoari buruz eta magnetismoaren arlo ilun, ezezagunaz mintzo zen. Solasgai nagusia zen ea oinarri psikiko urrun batek inorengan eraginik izan ote dezakeen, eta aldeko adibide ugarien bidez baieztatu zuten. Mediku gazte bat aritu zen bereziki hizketan, magnetismoaren oso zalea, esanaz beta eta beste anitz, edo areago magnetizatzaile indartsu guztiak gauza zirela urrunetik sonanbuloengan eragina izateko, borondatea azkarki tinkatze hutsarekin. Kluge, Schubert, Bartels eta bestek honi buruz esandako guztia joan zen argitara ateratzen.

        — Garrantzitsuena —hasi zen azkenean bertako bat, aztertzaile zuhurtzat zeukaten medikua—, nire ustez denetan garrantzitsuena da agi danean magnetismoak hainbat misterio azaltzen dituela, nahiz eta guk nahiago izan gorabehera arrunt eta xume iriztea, eta ez misterio. Baina jakina, kontuz epaitu behar dugu. Nolaz izan daiteke inongo arrazoi agerikorik gabe, nahiz kanpoko nahiz barruko, eta gure ideien katea etenaz norbaiten edo gertakariren baten irudi argia gure gogo barrura bat-batean sartzea eta halako bizitasun harrigarriaz gu menperatzea? Aipagarriak dira ere gure lo garaiko asaldurak: lehenbiziko ametsa leize beltz batean hondoratzen da, eta amets berriak, arestikoarekin zerikusirik gabeak irudi berri bat agertzen digu sekulako bizitasunaz, gu lurralde urrunetara eraman eta aspaldi atzendutako jendeak aurkezten dizkigularik. Areago, askotan honelaxe begiratzen diegu pertsona ezezagunei, agian amets hartatik urte askotara lehen aldiz ikustean. Esaten dugunean ere Ene Jainkoa! Harrigarria bada ere, gizon edo emakume hori ezaguna egiten zait, lehenago ere nonbait ikusi dudalakoan nago, berez ezinezkoa izanik, agian horrelako amets baten oroitzapen iluna izan daiteke. Gure gogoeten katean bat-batean irudi arrotzak agertzea eta gu hainbesteko indarrez menperatzea ez ote da izango oinarri psikiko arrotz baten lana? Ez ote da izpiritu arrotza agian gai izango, baldintza batzuen pean eta inongo prestaketarik gabe lotura magnetiko hori bideratzeko, gu nahitaez jarraitzera behartuz?

        — Horrela helduko ginateke —sartu zen beste bat barrez— urrats handiegirik gabe sorginkeria, lilurak, mirariak eta bestelako siniskeria bitxi eta zentzugabeen doktrinara, aspaldi zaharkitutako garai ezjakin bateko zerak.

        — Begirozu gero! —eten zion medikuak sinisgogorrari—. Garaiak ez dira zaharkitzen eta inoiz ez da garai ezjakinik izan, non eta ez ditugun ezjakintzat hartzen pentsatzeko ausardia eduki duten garaiak, geurea barne. Gauza bitxia da askotan lege sendoen bidez ere finkatua dagoen zerbait ukatu nahi izatea eta, halaber, ez dut uste gure izpituaren sorterria den erresuma ilun misteriotsu horretan lanparatxo bakar bat ere piztuta dagoenik gure begi eskasak argitzeko; baina halere jakina da naturak ez digula ukatu satorren sena eta trebetasuna. Hor saiatzen gara, itsuak izan arren ilunpean barrena bidea urratzen. Baina hala nola antzematen duen itsuak mundu honetako arbolen hosto firfiran kerizpe freskoa emango dion basoa, eta hala nola egarberak ere uren zurrumurru eta plastadan aseturik utziko duen erreka, modu horretan bere desirak beteaz, gisa berean, izpirituaren arnasaz ukitzen gaituzten izaki arrotz horien hegalkada ozenetan igartzen dugu guk ere argiaren iturbururantz garamatzan erromesbidea, begiak zabalduko dizkiguna.

        Ez nion nire buruari gehiagoan eusterik izan.

        — Ziurtzat jotzen al duzu orduan —esan nuen medikuagana zuzenduz—, izpirituzko oinarri arrotz baten eragina, nahitaez jarraitu beharrekoa?

        — Nire iritziz, eta sakonean sartu gabe —erantzun zuen medikuak—, eragin hau posiblea izateaz gain, antzekoak dira ere egoera magnetikoari esker argitzen diren oinarri psikikoaren beste hainbat operazio.

        — Hartara —jarraitu nuen—, etsai gaizkileek eragin galgarria izan al dezakete gugan?

        — Izpiritu erorien trikimailu zirtzilak dira horiek —gaineratu zuen medikuak barrezka—. Ez gaitezen horien aurrean makurtu. Arren eskatzen dizuet ere nire hitzak iritzi soiltzat har ditzazuen, eta esandakoari gehitzen diot inolatan ere ez dudala onartzen izpiritu batek beste bat arras azpira dezakeenik; aldiz, pentsatu nahi nuke egon behar duela menpekotasun, borondate ahultasun edo harremanen bat nagusitza hori ahalbidetzen duena.

        — Oraintxe hasi naiz —ekin zion gizon adindu batek, ordurarte isilik eta arretaz entzuten egonak—, oraintxe hasi naiz zertxobait ohitzen guretzat ezkutukoak diren misterio horiei buruzko zure ideia bakan horiekin. Nahiz indar misteriotsu kaltegarriek eraso gaitzaketen, geure izpiritua okerturik egoteak soilik oztopa diezaguke garaipenez borrokatzeko indar eta kemena. Hitz bitan, soilik izpirituko eritasunak, bekatuak alegia egiten gaitu oinarri galgarri horren morro. Argi eta garbi, antzinatean has eta egundaino, gure barrena astintzen duten asaldurarik nahasienetan jardun dute etsai indarrek. Amodiozko enkantamenduei buruz ari naiz, horietakoz beteak baitaude kronika guztiak. Beti azaltzen dira halakoak sorgin epaiketa zoroetan, eta gaur egun ere Estatu ospetsu baten legebilduman aipatzen dira amodio edabeak, eragin psikikoak izan omen ditzaketenak eta desirak oro har iratzartzeaz gain inor nahitaez liluratzen dutenak. Hau dela eta gogora datorkit gertakari tragiko bat, orain dela gutti neronen etxean ezagutua.

        «Bonapartek bere gudarosteaz gure aberria gainezkatu zuenean, Zaldun Goardia italiarreko koronel batek hartu zuen ostatu nire etxean. Armada Handia deitzen zaioneko ofizialen artean bera zen jokabide isil, apal eta prestuagatik bereizten zen bakarretakoa. Bere hildako aurpegi zurbilak, bere begi hitsek eritasuna edo atsekabe sakona ezagun zuten. Egun gutti zeramatzan nirean, kasualitate arraro hura gertatu zenean, bere kalterako. Bere gelan nengoen orduantxe, ez non eta ez han antsi mingotsen artean eskua bularrera eraman zuenean, edo areago sabelaldera, herio-minetan bezala. Laster ez zen hizketarako gauza ere eta sofa gainera bota behar izan zuen bere burua. Orduan bere begiek ikusmena galdu eta gogortuta gelditu zen korderik gabe, estatuaren antzera. Dardarka esnatu zen azkenean, amets erdian asaldatuta bezala, baina nekearen nekez ez zuen puska batean zirkin egiterik izan. Nire medikuak, beragana joanarazi ondoren, bestelako tratamenduekin emaitza onik izan ez eta magnetismoa erabili zuen, itxuraz poliki antzean. Baina medikuak utzi egin behar izan zuen, bera ere gaitz jasanezin batek bartzen baitzuen gaixoa magnetizatzeko orduan. Gainerakoan koronelaren konfidantza bereganatu zuen eta honek esan zion Pisan ezagututako emakume baten irudia urreratzen zitzaiola halako uneetan; haren begirada gartsua barruratzen zitzaiola iruditu eta berebiziko oinazeak nabaritzen zituela, kordea zeharo galdu arte. Egoera haren ostean buruan min-zurria eta ahidura bat geratzen omen zitzaion, amodio atseginetan murgildu ondoren bezala. Inoiz ez zuen adierazi emakume harekiko bere hartuemana. Gudalosteak abiatu beharra zeukan. Koronelaren kotxea atarian prest zegoen, eta bera gosaltzen. Baina Madeirako baso ardoa ahora zeraman unean eserlekutik erori zuela aitortu zuten.»

        «Aste guttiren buruan, koronelari zuzendutako gutuna iritsi zen nire etxera. Batere zalantzarik gabe ireki nuen, koronelaren senideen xehetasunak jaso eta hartara bere bat-bateko heriotza jakinaraziko nielakoan. Gutuna Pisatik zetorren eta hitz bakar hauek zeuden bertan, izenperik gabe: «Errukarri hori! Gaur, ...ilak zazpi, eguerdiko hamabiak aldera, eta zure erretratu engainagarria amultsuki besarkatzen zuen bitartean erori da Antonia hilik zerraldo». Egutegira begiratu nuen, markatua baineukan bertan koronelaren heriotza eguna, eta jabetu nintzen Antoniaren ordu berean hil zela!»

        Ez nuen entzuten jarraitu gizonak istorioari gehitu ziona. Izan ere, koronel italiarraren egoera berean nengoela antzematean sortu zitzaidan izuarekin oinaze garratzezko halako irrika zoroa erne zitzaidan nire irudi ezezagunarekiko non, harexek menperatuta, berehala zutitu eta lasterka irten behar izan nuen zorigaiztoko etxerantz.

        Argi keinuak ikusi uste izan nituen urrutira, leihosare itxien tartetik, baina urreratu ahala aienatu zen distira. Maitasun egarriz lehertzen, aterantz jo nuen; nire bultzadapean ireki eta hantxe gertatu nintzen motel argitutako ezkaratzean, aire astun, itogarriak bildua. Bihotzak ezinegon eta kezkaz egiten zidan taupa. Orduan doinu luze zorrotz bat entzun zen etxean barrena, emakume eztarritik aterea. Neuk ere ez dakit nondik nora egokitu nintzen bat-batean kandela ugariz argitutako salo batean, antzinako dotoreziaz jantzia, altzari doratu eta txarro japoniar bitxiz apaindua. Usain sendoko kea zetorkidan gandu urdinezko uhinetan.

        — Ongi etorri, ongi etorri, senargai laztana! Heldu da ordua gu biok ezkontzekoa! —oihukatu zuen emakume baten ahots ozenak.

        Ez dakit nola iritsi nintzen saloi hartara, eta hain gutti nondik nora agertu zen bat-batean, gandu artetik, jantzi aberatseko andre altu, gazte hura. Ongietorri, senargai laztana garrasika errepikatuz urreratu zen niganantz besoak zabalduta... adinak eta eromenak zarpaildutako aurpegi horixka zimur bat, zuzenean niri begira. Izu ikaraz dardarka, atzera egin nuen. Kriskitin sugearen begirada gartsu zorrotzak sorgindurik bezala, ezin nituen begiak urrundu atso zatar harengandik, eta ezta urrats bakar bat eman ere.

        Nigana hurbildu zenean iruditu zitzaidan aurpegi higuingarri hura gasa finezko maskara bat besterik ez zela, atzean ispiluko irudi ederraren egitea igartzen zelarik. Atsoaren eskuek ukitzen nindutela nabaritu nuen, halako batean makakorro eginaz lurrera jausi eta nire atzean ahots bat oihuka hasi arte:

        — Ene, deabrua berriro akerrarena egiten ari da berorrekin. Ohera, ohera azkar, Aibeza, ez badu nahi bizkarra galanki berotzea!

        Berehala itzuli eta administratzaile zaharra ikusi nuen mahuka hutsik, zigor luze bati buru gainean eraginaz. Atsoa zehatzen hastera zihoan bere harekintxe, antsika lurrean kuzkurtuta zegoelarik. Besotik eutsi nion baina hark baztertu egin ninduen, oihu batean:

        — Alafede, jauna! Satanas zaharrak hil egingo zintuen ni tartean sartu ez banintz. Alde, alde, alde!

        Saloitik itsumustuan irten eta alferrik bilatu nuen kaleko atea, ilunpe bizi hartan. Zigorkaden ziztua eta atsoaren aieneak entzuten nituen. Laguntza eske marru egiten saiatu nintzen, nire oinpeko zoruak huts egin zidanean. Eskailera batean behera piririka erori eta hain gogor jo nuen ate baten kontra non hau ireki eta gela ttiki batean erori nintzen zerraldo. Utzi berria zirudien ohe banatua eta aulkian eskegitako kafekolore txamarra ikusita, berehala antzeman nuen hura administratzaile zaharraren ganbera zela.

        Handik guttira zalaparta hotsa aditu zen eskaileran behera; administratzailea logela barrura oldartu eta belauniko jarri zitzaidan.

        — Santu guztien izenean! —erregutu zuen eskuak goraturik—. Nornahi zarela ere, eta sorgin andere zaharrak nolanahi erakarri zaituela ere, isilean gorde ezazu hemen gertatua, bestela ez zerurako eta ez lurrerako geratuko bainaiz! Andere goren eroak jaso du astindua eta ohean loturik dago. Oh, baina egintzazu lo patxadan eta gozo, jaun agurgarria! Bai, ederki egingo duzu uztail gau epel, atsegin honetan, ilargi distirarik ez baina izarren irirrarekin! Gau lasai eta zoriontsua izan!

        Hitz egiten zuen bitartean agurea zutitu, kriseilua hartu eta sototik kanpora bultzaka ateraino eraman ninduen, ondoren morroiloz itxiaz.

        Zeharo txundituta hartu nuen lehenbailehen etxerakoa. Jabetuko zaretenez, misterio izugarri hark erabat hunkiturik, lehen egunetan ez nion gertatutakoari zentzuaren arrastorik ere hartzen. Gauza bakarra zegoen argi: ordurarte menperatu ninduen begizko maltzurra jadanik aldendua zegoen nigandik. Aienatua zen ispiluko irudi sorgindu hura ikusteko nire irrika samina, eta egoitza hutseko nire sartualdi hari, berriz, ustekabean eroetxera egindako bisitaldiaren tankera eman nion.

        Inongo zalantzarik gabe administratzailea odol prestuko emakume zoro haren zaindari gogorra zen, munduari ezkutatu beharreko egoeran bizi zena. Baina ispilua... azti hura batik bat... Baina jarrai dezadan, jarrai!

        Handik lasterrera P. kondearekin egokitu nintzen lagunarte jendetsu batean. Bazter batera eramanaz esan zidan irribarretsu:

        — Ba al dakizu argitzen hasi direla etxe hutseko gure misterioak?

        Adi-adi jarri nintzen entzuteko, baina kondea jarraitzera zihoanean jangelako ate bikoitza ireki zen, mahaira joan gintezen.

        Kondeak berritu nahi zizkidan sekretuekin gogoeta sakonean, dama gazte bati besoa eskatu eta mekanikoki bildu nintzen zeremonia geldiko segiziora. Eskaini ziguten leku librera nire dama zuzendu ondoren, begiratzen diot orduan lehen aldiz eta... hor non ikusten dudan nire ispiluko irudi berbera, inolaz ere nahastu ezinezkoa.

        Jabetuko zarete barrenak dardara egin zidala, baina segurtatu behar dizuet, halaber, ez zela erne nigan lehenagoko nire maitasun grina zoro, galgarri haren aztarnarik xumeena ere, emakume irudi eder hura arnasaz ispilura erakartzerakoan antzeman ohi nuena. Nire harridura, edo izua areago, begiradan ageri nuen nonbait, neskatxa zur eta lur baineukan begira; hala, beharrezkotzat jo nuen nire buruaren jabe egiten saiatzea eta ahalik lasaiena adieraztea nire oroitzapen bizi batek ez zidala zalantzarik edukitzen uzten lehenago bera nonbait ikusi izanaz. Bere erantzun laburretik jakin nuenean ezinezkoa zela, bezperan iritsi baitzen bizitzan lehen aldiz ***ra, txunditurik utzi ninduen.

        Mututu egin nintzen. Neskatilaren begi ederrek zuzentzen zidaten aingeruzko soak bakarrik zuzpertu ahal izan ninduen. Badakizue honelakoetan hitzak neurri egokian jalki behar direla, goxo-goxo, emandako notak berriro joko duen puntu zehatza aurkitu arte.

        Hala egin nuen neuk eta laster konturatu nintzen nire alboan izaki xamur eta fin bat neukala, baina animako aztoramenen batek gaizkitua. Elkarrizketako zati alairen batean, bereziki nik Cayenneko piperra bezain mina zen hitz ozar, zelebreren bat isurtzen nuenean bizitasuna eransteko, barre egiten zuen, baina saminki, zakarregi ukitu balute bezala.

        — Ez zaude pozik, andereñoa. Goizeko bisitaldiagatik izango da agian...

        Honela esan Zion nire damari gugandik urruti gabe eserita zegoen ofizial batek. Baina orduantxe ondokoak besotik heldu eta zerbait esan zion belarrira. Bitartean mahaiaren bestaldeko emakume bat, masailak eta begiak sutan, ozenki ari zen hizketan Parisen ikusitako opera emanaldi zoragarriaz, egun hartakoarekin alderatzen.

        Nire albokoari malkoak irten zitzaizkion mara-mara:

        — Ni bai tuntuna —jiratu zen nigana. Migrainak izaten zituela esan zidan.

        — Nerbioetako burukominen ondorio normala —gaineratu nuen doinu ezaxolatiz—. Horrentzako botikarik onena edari poetiko honen bitsean igeri dabilen izpiritu bizi, alaia da.

        Hitz horien ondoren txanpaina isuri nion kopan, hasieran uko egin bazion ere, eta txurrupatzen zuen bitartean begiradaz eskertu zidan gordetzerik izan ez zituen malkoei eman men interpretazioa.

        Bazirudien barrena poztu zitzaiola, eta dena ongi joango zen nik aurrean neukan kopa ingelesa tupustean jo eta soinu zorrotz, sarkor hura atera ez balu. Hildakoa hainbat zurbildu zen nire albokoa eta ni ere bat-bateko izuak atxiki ninduen, zarata hura etxe hutseko atso eroaren ahotsa iruditu baitzitzaidan!

        Kaferako orduan P. kondeagana hurbiltzeko parada izan nuen. Ederki jabetu zen zergatiaz.

        — Ba al dakizu zure albokoa S.ko Edwine kondesa zela? Ba al dakizu bere amaren ahizpa urtetan daukatela etxe hutsean giltzapeturik eromen sendaezin batengatik? Gaur goizean bisitatu dute ama-alabek errukarria. Administratzaile zaharra, kondesaren eroaldi bortitzak bidera zitzakeen bakarra eta bere zaintzaren ardura zeukana, hiltzorian dago. Diotenez, ahizpak azkenean K. doktoreari sekretua konfiatu dio, eta honek azken ahaleginak egingo omen ditu guttienez aldian behingo eldarnio latz horietatik gaixoa libratzeko. Oraingoz hori da dakidan guztia.

        Zenbait jende hurbiltzean eten zen elkarrizketa. K. doktore huraxe zen nire egoera misteriotsu hartan bisitatu nuena. Pentsatzen ahal duzue lehenbailehen jo nuela berriro beragana. Orduztik gertatu zitzaidan guztia kontatu nion zehazki eta arren eskatu nion, nire lasaitasunerako, atso eroaz zekien guztia esan ziezadan. Ez zuen inongo oztoporik izan nik zeharoko diskrezioa hitz eman eta gero, ondorengo hau konfiatzeko:

        — Angelika, Z.ko kondesak —hasi zen doktorea—, hogeitamar urtetik aurrera joana izan arren, oraindik loretan zeukan bere edertasuna, S.ko konde askoz gazteagoak hemengo kortean ikusi zuenean. Bere xarmaren sarean jausirik, kondeak gorespen sutsuenen bidez ekin zion. Eta uda aldean kondesa aitaren ondasunetara itzuli zenean ere atzetik joan zitzaion, aita zaharrari bere desiren berri emateko, Angelikaren jarrerak ez baitzuen itxaropenik gabe uzten.

        «Baina S. kondea heldu eta Gabriela, Angelikaren ahizpa gazteena ikusi orduko, liluralditik bezala esnatu zen. Angelikak iharra eta zimela zirudien Gabrielaren aldean, honen edertasun eta airosiak guztiz aztoratu baitzuen S. kondea. Hartara Angelika gehiago aintzat hartu gabe, Gabrielaren eskua eskatu zuen eta baita Z.ko kondeak pozik asko eman ere, Gabrielari ere S. kondeaganako zaletasun nabaria ageri zitzaiolako.»

        «Angelikak ez zuen nahigaberik ñimiñoena ere azaldu senargaiaren hitz jatearekin.»

        «— Utzi egin nauela uste du gizarajoak! Ez da ohartzen ni ez baizik eta bera izan dela nire jostailua, eta orain harrika bota dudala.»

        Horrela mintzo zen ironia harroz, eta bere jarrera ikusita, benetakoa zirudien hizjale harekiko bere muzinak. Gainerakoan, Gabriela eta S.ko kondearen arteko ezkon asmoak zabaldu zirenetik, Angelika bakanka agertzen zen inora; ez zen mahaira biltzen, eta ziotenez bakarrik ibiltzen zen ondoko basoan barrena, aspaldi pasealekutzat aukeratu zuen hartatik.»

        «Gertakari berezi batek nahastu zuen jauregian nagusi zen ohizko baretasuna. Agi danean Z. kondearen ehiztariek, hartara behartutako nekazari multzo handi batek lagundurik, ijito talde bat atzeman eta azken aldera bailaran gertatutako hilketadun suteak eta lapurreta ugariak leporatu zizkieten. Jauregiko patiora ekarri zituzten, gizonak kate luze bati loturik, eta emakume eta haurrak berriz gurdiari estekaturik. Zenbaiten harrotasuna lapur eta hiltzaile izaerarekin egokitzen zen zeharo, tigre gatibuaren antzeko begirada basati, distiratsukoak baitziren; baina emakume zatar bat nabarmentzen zen denen artetik, luze eta argala, burutik oinetaraino txal gorrian bilduta, gurdi gainean zutik eta jaisten uzteko aginduaz. Hala onartzea erabaki zuten.»

        «Z. kondea patiora heldu eta taldeak jauregiko ziegetan banakatzea agindu zuen; baina orduan, ilea askatuta, izu eta egonezaz aurpegia zurbilduta, Angelika kondesa agertu zen atetik zalapartan, eta ahots urragarriz hasi zen belauniko oihuka:

        — Utz itzazue libre, utz itzazue libre! Errugabeak dira, errugabeak! Aita, utz itzazu! Beren odol tanta bakar bat isurtzen bada, laban hau sartuko dut nire bularrean!»

        «Orduan kondesak laban distiratsu bati airean eragin eta zorabiaturik erori zen.

        «— Ai, nire poxpolina, nire kutuna. Banekien bai, ez zenuela honekin burutuko! —egin zuen marru atso gorriz jantziak, eta kondesaren aurrean kuzkurtu eta muxu nazkagarriz bete zizkion aurpegi bularrak, etengabeko marmarrean:

        — Umetxo laztana, umetxo laztana, itzar zaitez, badator senargaia eta! E, e, badatorrela senargaia!»

        «Hartan atsoak txarro bat atera zuen, non alkohol gardenetan arrain gorri bat arintasunez igeri zebilela zirudien. Atsoak txarroa kondesaren bihotz parean jarri eta berehala itzarri zen. Baina ijitoa ikusi orduko jauzi egin, indarrez eta gartsuki besarkatu eta elkarrekin aldegin zuten jauregi barrenera.»

        «Z. kondea, Gabriela eta bere ezkongaia, bien bitartean azalduak, geldi geldirik zeuden begira, beldurrak hunkiturik. Buhameek ezertaz arduratu gabe jarraitzen zuten lasai. Kateak askatu eta banaka lotuta ezarri zituzten ziegetan.»

        «Biharamunean Z. kondeak auzo guztia bilduarazi eta aurrera ekarri zituzten ijitoak. Kondeak jakitera eman zuen errugabe zirela ibarreko lapurreta haietaz, eta zilegi zutela bere lurraldeak zeharkatzea.»

        «Hala, askatu eta nor bere baimenarekin libre geratu ziren, harrigarriro. Gorriz jantzitako emakumearen hutsunea antzeman zuten. Zurrumurruak zioenez, buhameen buruzagia, ezaguna lepoan zeraman urre kateagatik eta hegal zabaleko bere kapela beheratuko gandor gorriagatik, kondearen gelan egon zen joandako gauean. Gerora zalantzarik gabe egiaztatu zen buhameek ez zutela inolako zerikusirik izan bailarako lapurreta eta hilketetan.»

        «Hurbiltzen zihoakion ezkon eguna Gabrielari. Egun batean harrituta ikusi zuen altzariak, jazkiak, oihalak, hau da, etxeko tresneria oso batekin zenbait gurdi bete eta jauregitik zeramatzatela. Biharamunean jakin zuen Angelika bezperan abiatu zela, ondoan zituelarik S.ko kondearen gelaria eta emakume mozorrotu bat, txal gorriko atso buhamearen antza zeukana. Z. kondeak misterioa argitu zuen esanaz beharturik egon zela, arrazoi batzuk zirela medio, Angelikaren desio bitxiari amero ematera, eta ***ko abenidako etxea oparitzeaz gain, bertan aparte eta bereizirik bizitzen utzi zion; horretarako, erabaki omen zuten ez aitak eta ez familiako inork ez zuela etxean sartzerik izango Angelikaren onespen argirik gabe. S.ko kondeak gaineratu zuen Angelikaren otoien aurrean honen esku utzi behar izan zuela gelaria ere, ***ra berarekin bidaiatzeko.»

        «Ezkontza ospatu zen. S.ko kondea D***ra joan zen emaztearekin, eta beren pozak ez zuen urtebetean okerrik izan. Baina orduan kondea gaixotzen hasi zen, modu arraroan. Bazirudien oinaze ezkutu batek kemen eta bizi poz guztia osten ziola. Alferrik izan ziren emaztearen ahaleginak senarrari barrena suntsitzen zion sekretu hura ateratzeko. Azkenean zorabio gogor batzuk bizitza arriskuan ipini ziotenean, medikuei obeditu eta Pisa aldera abiatu omen zen. Gabrielak ez zion laguntzerik izan, haur izateko zegoenez, eta handik aste batzuetara eduki zuen, hain zuzen ere.»

        «Hemendik aurrera —mintzatu zen doktorea—, S. kondesaren albisteak zatika osatzen dira, eta begirada erneak bakarrik aurki dezake bertan nolabaiteko lotura. Aski bedi jakitea bere haurra, alaba, ulertu ezin daitekeen eran desagertu zela sehaskatik, eta hura aurkitzeko eginahal guztiak alferrik izan zirela. Bere atsekabea etsipeneraino iritsia zen kasik, garaitsu hartan Z. kondeak beste berri latza emanaz idatzi zionean: bere suhia, ustez Pisarantz zihoana, ***n aurkitu omen zuten, Angelikaren etxean, nerbio atakeak jota hilik; agi danean Angelika zeharo erotu zen, eta kondeak berak ere ezin izango omen zituen halako zoritxarrak askoz luzaroagoan jasan.»

        «Gabriela, indarrak apur bat berreskuratu orduko, aitaren ondasunetara lehiatzen da. Gauez, lo hartu ezinik begi aurrean senarra eta alaba galduaren irudia dituela, negar zotin isila entzun uste du bere logelako ate aurrean. Kemena bildurik argimutileko kandelak piztu, kanpora irten eta... Jainko santua! Lurrean kuzkurtuta eta txal gorrian bilduta atso buhameak so egiten dio heriozko begirada beragan josirik. Ume bat dauka besoetan, egonezaz negar zotinka. Kondesaren bihotzak indarrez egiten du taupa: bere haurra da! Desagertutako alaba! Hartzen du buhamearen besoetatik indarrean, baina une horretan esku artean bihurritzen zaio, bizirik gabeko panpina baten moduan. Kondesaren garrasi izutuek etxeko guztiak esnatzen dituzte; presaka bertaratu eta hilda aurkitzen dute andre zaharra, bizkorgarri guztiak alferrik dira, eta kondeak ehortz dezaten agintzen du.»

        «Geratzen den bakarra ***ra bidaiatzea da, Angelika zoroaren etxera, apika haurraren sekretua han argitzeko. Dena aldatua dago. Angelikaren eromenak neskame guztiak izutu ditu eta gelariak bakarrik jarraitzen du bertan. Angelika lasaitu eta zentzatu egin da. Ordea kondeak Gabrielaren haurraren istorioa kontatzen dionean, txalo egin eta algara artean jartzen zaio:

        — Iritsi al da panpintxoa? Ongi iritsi? Ehortzi? Alajaina, bai dotore mugitzen dela urrezko faisana! Ez al dakizu ezer begi urdin eta sutsuekiko lehoi berdeaz?»

        «Kondea izuturik konturatzen da eroaldia itzuli zaiola. Ikusten duenean Angelikaren aurpegia bat-batean atso ijitoaren egitea hartzen ari dela, errukarria bere ondasunetara eramatea erabakitzen du, nahiz eta gelari zaharrak besterik aholkatu. Izan ere Angelikaren eromena amorru eta sumindura bihurtzen da, bera etxetik eramateko prestaketak hasten direnean.

        «Argitasunezko une batean Angelikak malko saminez erregutzen dio aitari bertan hiltzen uzteko, eta honek, barreneraino hunkituta, onartu egiten dio, nahiz eta alabaren ezpainetatik jalkitako hurrengo ateraldiak erokeria berritzat hartu behar izan. Izan ere, hor non aitortzen dion S.ko kondea beso artera itzuli zitzaiola, eta buhameak Z. kondearen etxera eraman zuen haurra elkartze haren fruitu zela.»

        «Hirian uste zen Z. kondeak bere ondasunetara eraman zuela koitadua, baina zinez hantxe egon zen etxe hutsean gordeta, gelariaren ardurapean.»

        «Bada denbora puska bat Z. kondea hil dela, eta S.ko Gabriela kondesa Edwinerekin etorri da familiarteko arazoak konpontzeko. Ezin izan dio bere buruari ahizpa ikustea ukatu. Bisita horretan ez-ohizko zerbait gertatu bide da, baina kondesak ez dit horretaz deusik berritu. Soilik, eta oro har hitz eginez, gelari zaharra ahizparen albotik urrundu behar dela esan dit. Behin batean, eta denok dakigunez, izugarrizko gogorkeriaren bitartez bideratu nahi izan zituen eroaldi haiek, baina Angelikak urrea egiten zekiela sinistarazi zionean, mota guztitako jarduera bitxiak burutzera eta zer behar hartaz hornitzera bultza omen zuen gelaria.»

        «Alferrik litzateke —bukatu zuen doktoreak—, nori eta zuri adieraztea zenbateko harremana dagoen gauza hauen guztien artean. Ziur nago zeu izan zarela hondamendia sortu duena, eta ondorio bezala emakume horren sendaketa edo heriotz lasterra ekarriko duela. Gainerakoan ezin ezkuta dezaket ni zurekin lotura magnetikoan ezarri ondoren ez nintzela gutti izutu neuk ere ispiluan irudia ikustean. Biok ala biok ere dakigu Edwineren irudia zela.»

        Doktoreak horrenbestez amaitzea iritzi zionez, neu ere ezin luzatuko naiz gehiago Angelika, Edwine, neroni eta gelari zaharraren arteko harreman misteriotsuaren nondik norakoarekin, eta elkarrekiko harreman mistikoek antolatu zuten etsai jokoarekin. Gaineratu nahi dudan bakarra da gertakari hauen ostean sentipen astun, latz batek hiritik urrutiarazi ninduela, gerora desagertu zaidan arren. Uste dut patxada sakon bat sentitu nuen unean bertan gertatu zela atsoaren heriotza.

        Honela bukatu zuen Theodorek kontaera. Lagunek oraindik beste pixka batean eztabaidatu zuten bere abentura hura, eta denak ados zeuden esaterakoan bertan tankera bakan, beldurgarrizkoan elkartzen zirela biak, nola harrigarria hala miresgarria ere.

        Elkarrengandik agurtzerakoan, Franzek Theodoren eskua hartu eta honela esan zion, goxoki astindu eta irribarre ia malenkoniatsuarekin:

        — Gabon, Spalanzaniren xaguxarra!

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia