JESUITEN ELIZA

(Die Jesuiterkirche in G.)

 

        Leher eginik lepoa hautsi beharreko bidaia baten ondoren, estu-estu eginda postakotxe ziztrin batean, sitsek ere abandonatu egin zutena hala nola arratoiek Prosperoren itsasuntzia, G.ra heldu nintzen azkenean, merkatuko ostatu aurrera. Zorigaitzik handienak gertatu zitzaizkion nire ibilgailuari, azken estazioko posta-zuzendariarenean puskaturik geratu zen arte. Hainbat ordu eta gero azkenean arrastaka eraman zuten haraino lau zaldi erkitu eta higatuk tramankulu zirtzilatu hura, nire morroia eta zenbait laborarik lagunduta. Jakitunak etorri, buruari eragin eta esan zuten zeharo zegoela konpondu beharra, bizpahiru eguneko kontua.

        Atsegina zirudien herriak, inguruak ere polita, baina halere beldurrez nengoen mehatxatzen ninduen geldialdi harekin. Irakurle jator hori, inoiz beharturik egon bazara hiru egun igarotzera herrixka batean, non inortxo ere ezagutzen ez eta denen aurrean arrotz zaren, eta oinaze sakonen batek ez badizu behinik behin hondatu lagun hurkoarekin harremanak izateko joera, jabetuko zara nire orduko ondoezaz.

        Jakina da bizitzaren izpiritua gure inguru guztian dagoela zabaldurik; baina herri ttikiak beren buruentzat bakarrik jotzen duten orkestrak bezala dira: beren piezak bakarrik entzuten dituzte garbi eta zuzen, doinu arrotzek hozkia eman eta segituan isilarazten dituztelarik.

        Aldarte txarrean nenbilen nire gelan gora eta behera; hartan, bat-batean bururatu zitzaidan nire herrikide batek, sarritan aipatzen zuenez, tratu handia eduki zuela gizon ikasi eta azkar batekin aspaldi, G.n bertan urte pare bat egin zituen garaian. Izena ere gogoan neukan: Aloysius Walther, jesuiten kolegioko irakasle. Bertara joatea erabaki nuen, nire lagunarekiko ezagutza hartaz baliatzera. Kolegioan esan zidaten Walther profesorea klasean zegoela baina aurki amaituko zuela, eta aukeran eman zidaten geroago itzuli edo kanpoko salan itxoitea. Nahiago izan nuen azkenekoa.

        Jesuiten komentu, kolegio eta eliza guztiak estilo italiarrean daude eraikiak, antzinateko forma eta egituretan oinarriturik, edertasun eta ospeari aurrea emanaz eta ez jaiera sakratu edo handitasun erlijiosari. Hala, han ere arkitektura aberatsez zeuden apaindurik sala altu, egurastu eta argiak, eta habe jonikoen artean saindu irudiak zeuden han hemenka zintzilik, harritzeko moduan nabarmenduak, leihoarteetako jeinuen dantza edo fruitu eta kutixi irudien alboan.

        Profesorea sartu zenean nire laguna gogorazi nion, eta bere abegikortasuna eskaini zidan nire egonaldi behartu hartan. Lagunak deskribatu bezala aurkitu nuen profesorea: hiztuna eta munduko gizona; hau da, apez gorenak bezalaxe sarritan breviarium-etik urrundurik zientziatan jantzi eta bizitzari begiratu ziona, bertako berri zehatza jakiteko. Bere gela ere dotorezia modernoz paraturik ikusi nuenean berriro etorri zitzaizkidan gogora salan izandako burutapenak, eta profesoreari jakinarazi nizkion.

        — Egia da —erantzun zuen—. Baztertu egin dugu gure eraikuntzetatik garai bateko jauntxo zanpatzaileen garraztasun eta maiestate berezi hura, eraikuntza gotikoen bidez bularra tinkatu eta berebiziko izua sortzen ziguna. Txalogarria da, beraz, gure lanek antzinako bizitasun hori erakustea.

        — Hala eta guztiz ere —erantzun nion—, eraikuntza gotikoen zerura iristeko maiestate eta handitasun saindu hori ez al du benetako kristautasunak sortzen, modu horretan aurre eginaz antzinako izpiritu zentzukorrei, munduaren barrutian geratutakoei?

        Profesoreak barre egin zuen.

        — Bai zera —mintzatu zen—. Erresuma goren hori mundu honetan bertan ezagutu behar da, eta ezagutza hori sinbolo alaien bidez esna daiteke, zeren horiek erresuma hartatik munduko bizitzara jaitsitako izpiritua aurkezten baitute. Beste aldean dago gure bizilekua; baina hemen gauden bitartean, gure erresuma mundu honetakoa ere bada.

        Hori da, pentsatu nuen: zuen ekintza guztietan erakusten duzue zuen erresuma mundu honetakoa dela, eta mundu honetakoa soilik. Ez nion noski pentsatzen nuena Aloysius Walther profesoreari esan, eta honela jarraitu zuen:

        — Hemengo gure egoitzaren apaindura diozun hori, itxura hutseko edertasuna da. Hemen, marmola garestiegia izan eta margogintzako maisu handiek lan egin nahi izan ez dutenez, imitazioen bidez moldatu behar izan dugu joera berrietara. Aski egiten dugu estukuzko estalkiak erabiltzearekin, eta gehienetan margolaria bera da marmol mota desberdinak lortzen dituena; hori bera gertatzen da gure elizan, berriro ari baitira dekoratzen gure babesleen bihotzonari esker.

        Eliza ikusi nahiko nukeela adierazi nion; profesoreak behera eraman ninduen, eta habe korintiarrekiko elizbarnean sartu nintzenean, zeharo hunkitu ninduen neurri lirainen zirrara atseginak. Aldare nagusiaren ezkerretan aldamio altua zegoen altxata, eta gizon bat zegoen gainean paretak giallo antiko-z berriro margotzen.

        — Zer moduz ari zara, Berthold? —hots egin zion profesoreak goikoari.

        Margolariak gugana burua itzuli baina berehala jarraitu zuen lanean, ahots lodi eta ia entzunezinez esaka:

        — Lan nekeza! Tresna baldarrak... erregela erabiltzerik ez... abereak... tximinoak... giza aurpegiak... giza aurpegiak! Ai, ene inozo errukarria!

        Soilik barreneko oinaze minak sor zezakeen azkena esateko erabili zuen ahotsa. Modurik bitxienean sentitu nintzen asaldaturik; hitz haiek eta bere aurpegiak, hasieran profesoreari luzatu zion begiradak artista dohakabearen bizitza urratua ekarri zidan begi aurrera. Gizonak ez zituen berrogei urte baino gehiago izango; margolari arropa zikin, zarpail hark gorputza itxuragabetzen zion arren, bazuen prestutasun bakan bat ere. Barreneko kezkak aurpegia koloregabetzen zion, baina ez zeukan itzaltzerik bere begi beltzetako distiraren sua.

        Margolariaren berri galdetu nion profesoreari.

        — Atzerriko artista da —gaineratu zuen—, eliza konpontzea erabaki zenean hemen gertatu zena. Pozez ekin Zion guk eskainitako lanari, eta bere etorrera zorte handia izan zen guretzat: izan ere, ez hemen eta ezta inguru guztian ere ez genukeen margolari iaioagorik aurkituko, hemen margotu behar den guztirako. Gainerakoan izan litekeen gizonik gisakoena da, denok maite dugu, eta horregatik izan zen ongietorria gure kolegiora. Bere lanagatik jasotzen duen soldata mordoskaz gain mantenua ematen diogu; gastu ttikia da guretzat halere, oso jale urria baita, bere gorputz gaixobera horri dagokion bezala.

        — Halere —eten nion—, petrala ematen du gaur, urduri.

        — Horrek baditu bere arrazoi jakinak. Goazen saihets aldareetako koadro eder batzuk ikustera, duela gutti kasualitate zoriontsuak eskuratu dizkigunak. Original bakarra dago bertan, Domenichino bat; eskola italiarreko maisu ezezagunenak dira besteak, baina aurreiritzirik ez baduzu behintzat izenik ospetsuena ere eduki lezaketela aitortu beharko duzu.

        Profesorearen esana berretsi nuen. Bitxia zen original bakar hura izatea alerik kaskarrenetakoa, kaskarrena ez bazen; eta haren aldean zenbait koadro izengaberen edertasuna zoragarria iruditu zitzaidan. Aldare bateko koadroaren gainean estalkia zegoen ipinia. Arrazoiaz galdetu nuen.

        — Irudi hau da daukagun ederrena —esan zuen profesoreak—, gaur egungo artista gazte baten lana; bere azken lana izango da inondik ere, okertu egin baita bere jarduera guztia. Azken egunotan, eta zenbait arrazoi tarteko, gorde egin behar izan dugu koadroa baina agian bihar edo etzi erakutsi ahal izango dizut.

        Galdetzen segi nahi nuen baina profesorea presaka abiatu zen galerian barrena, argi aditzera emanaz niri beste erantzunik emateko gogorik eza.

        Kolegiora itzuli eta pozik onartu nuen profesorearen gonbidapena, arratsaldean berarekin aldameneko leku atsegin bat bisitatzera joateko. Berandu etxeratu ginen, ekaitza lehertu zen eta nire bizitegira iritsi orduko euria hasi zuen goian-behean. Gauerdi aldera zerua argitu eta urruti entzuten zen trumoia. Leiho irekitik aire epel, urrinez puztuak haizematen zuen nire gela sargorira; nekaturik egonarren, ez nion eusterik izan beste ibilalditxoa emateko tentazioari. Bi ordu zurrungan zeramatzan atezain zakarra esnatzea lortu, eta gauerdian paseatzera irtetea inongo erokeria ez zela adierazi ondoren laster nintzen kalean.

        Jesuiten elizatik igarotzerakoan leiho bateko argi itsugarriaren distirari ohartu nintzaion. Saihetseko ate ttikia bultzata bakarrik zegoen; sartu eta zuzia ikusi nuen hutsune altu baten aurrean sutan. Gehiago hurbiltzean konturatu nintzen hutsune aurrean lokarrizko sarea zegoela luzetaraka, eta atzean errainu ilun bat zebilela eskaileran gora eta behera, itxuraz hutsune barrena margotzen. Berthold zen, sarearen itzala kolore beltzez zehatz markatzen. Eskaileraren ondoan, asto altuaren gainean, aldare baten marrazkia zegoen.

        Harritu egin ninduen burutapen argi hark. Irakurle agurgarri hori, zertxobait ezagutzen baduzu margogintzaren arte noblea, beste azalpenik gabe jakingo duzu zertarako zen Berthold hutsunean marrazten ari zen sarearen itzala. Bertholdek barrutik kanporako aldarea margotu behar zuen hutsunean. Marrazki ttikia neurri handira ongi aldatu ahal izateko, eta ohizko bideari jarraituz, sareaz estali zuen bai zirriborroa eta baita margoa burutu beharreko gaina ere. Baina margotu beharreko hutsunearen azala ez zen laua, baizik eta borobil erdia. Modu xume, bikain hartan lortzen zuen hutsunean sare lerro okerrek isladatzen zituzten laukiak zirriborro gainean bateratzea, lerro zuzen eta proportzio arkitektonikoekin.

        Kontu handia hartu nuen zuziaren aurretik igaro eta nire itzalak salatu ez nindezan; baina nahikoa hurbil geratu nintzen saihetsean, margolaria ederki ikusteko eran. Goizean ez bezalakoa iruditu zitzaidan; agian zuziaren distiragatik izango zen, baina aurpegia gorritua zeukan eta begiak irirka, barne lasaitasunaz; lerroak marrazteaz bukatu zuenean eskuak gerrian jarri eta, lanari begira, doinu alai bat hasi zen txistuka. Gero itzuli eta sarea baztertu zuen. Orduan ikusi ninduen.

        — Aizak, aizak! —hots egin zuen—. Hi al haiz, Christian?

        Agerian jarri eta elizara zerk erakarri ninduen argitu nion; eta itzalentzako sarearen burutapen azkar hura goraipatu ondoren, margogintzaren arte nobleaz jakitun eta praktikatzaile gisara aurkeztu nintzen. Harekin jarraitu beharrean, Bertholdek esan zuen:

        — Christian alferrontzi hutsa da; nire ondoan igarotzekoa zuen gau osoa, baina inondik ere lo egongo da dagoeneko. Aurrera jarraitu behar nuke lanean, agian bihar izugarri gaizki margotuko baita hutsunean, baina orain ezin dut bakarrik ezer egin.

        Nire laguntza eskaini nion. Ozenki barre egin eta b sorbaldetatik helduz hots egin zidan:

        — Zirikaldi ederra! Zer esango ote du Christianek bihar jabetzen denean artaburua dela eta ez dudala bere beharrik eduki? Zatoz bada, adiskide eta lagun ezezaguna, lagunidazu lehenik aldamioa altxatzen.

        Kandela batzuk piztu eta elizan barrena joan ginen lasterka, astoak eta oholak arrastan eramanaz. Laster zegoen eraikirik aldamio altua hutsune aurrean.

        — Ekiogun orain lanari! —hots egin zuen Bertholdek, gorako bidean.

        Harritu egin ninduen marrazkia neurri handitara aldatzeko Bertholden arintasunak; bizkor luzatzen zituen lerroak, inoiz hutsik egin gabe, artez eta txukun. Aurrez halakoetara ohitua nengoenez ganoraz lagundu nion, batzuetan bere gainaldean eta bestetan azpialdean, adierazitako tokietan erregela luzeak kokatu eta eusten, ikatz ziriak zorroztu eta ematen, e.a.

        — Laguntzaile aparta zara —hots egin zuen pozarren.

        — Eta zu berriz —gaineratu nuen— izan daitekeen eraikuntza margolaririk trebeenetakoa. Zure eskumutur bizkor horrekin ez al zara inoiz bestelako margoketan aritu? Atrebentzia ez bada, noski.

        — Zer esan nahi duzu? —mintzatu zen Berthold.

        — Alegia —esan nuen— eliz hormetan marmolezko habeak margotzeko baino zerbait hoberako zarela zu jaioa. Eraikuntzen margoketa bigarren mailako zerbait da; historia edo paisaien margolaritza goragokoak dira, zalantzarik gabe. Horrelakoetan izpiritua eta irudimena airean barrena hegaldatzen ahal dira, lerro geometrikoen barruti estuetara mugatu gabe. Zure margogintzak daukan fantasia bakarra ere, perspektiba liluratzaile hori, kalkulu zehatzen araberakoa da eta emaitza ez da ideia bikain baten ondorioa, baizik eta espekulazio matematiko hutsa.

        Nik hura nioen bitartean berak pintzela utzi eta burua esku gainean ipini zuen.

        — Lagun ezezagun hori —hasi zen ahots lodi eta itzaltsuz—, bekatu handia da artearen alorrak beren garrantziagatik sailkatu nahi izatea, errege harro baten mirabeak balira bezala; eta bekatu are latzagoa da ausartak bakarrik hartzea aintzat, hau da, esklabu kate hotsari entzungor eta lurraren uztarriari muzin egin diotenak, argia eta bizitzaren gainetik sortu eta agindu nahi dutenak, libre eta Jainkoaren pare direlakoan. Ezagutzen al duzu Prometeoren fabula, kreatzaile bihurtu nahian zeruari sua lapurtu zion hura, ahalik eta bere irudi hilei bizia emateko? Lortu zuen bere xedea: irudiak aurrerantzean biziak ziren eta beren begiei zeruko sua zerien, barreneko galda hartatik. Baina bekatari hura kondenatua izan zen betiko oinaze latz eta gupidagabera, Jainkoena bakarrik zen ondasun hartaz jabetzeagatik. Jainkozkoa igarri eta munduaz bestaldearen irrika zeukan bihotz hura putre mendekatiak jan zuen, lotsagabe haren erraiez elikatuz. Zerura iritsi nahi izan zuen hark betirako jasaten du lurreko oinazea.

        Margolaria bere artean gogoetan geratu zen.

        — Baina Berthold —ekin mon nik—, zer harreman dauka horrek zure artearekin? Ez dut uste inor bekatari lotsagabetzat har daitekeenik, zer eta gizakien irudiak egiteagatik, nahiz margoz edo nahiz eskulturaz.

        Ironia mingotsez bezala lehertu zen Berthold barrezka:

        — Ja ja! Umekeriak ez dira bekatu! Izan ere, umekeria da pintzela margoen ontzian lasai sartu eta oihala igurtzitzea, gizakiak itxuratzeko grinarekin. Baina hori, beste tragedia hartan ageri den bezala, naturako ezjakinen bat gizakiak egiten saiatu eta gaizki irtetea bezala da. Bekatariak ez baizik eta txoro errugabeak dira horiek! Baina, jauna! Tizianoren haragi grina ez bezala alderdi goren hori bilatzen duena, alegia jainkotasunaren alderdi gorena, Prometeoren txinparta gizakiagan, ene! amildegi ertzean dago, erori ez erori, osin beltza oinpean zabaldurik. Handik zehar nabigatzen da belauntzi ausarta, infernuaren engainuz behera begiratu eta bertan ikusten duen arte izarretan ikusi nahi zuena.

        Margolariak hasperen sakona egin, eskua kopetatik igaro eta gora begiratu zuen.

        — Baina zertan ari naiz zurekin hizketan, adiskide, margotzeari utzi eta zorakeriak esaten? Begira, honi esaten diot nik zuzen eta artez marraztea. Erregela baino zoragarriagorik! Lerro guztiak jomuga jakinerantz, erabakitako asmo argi baterantz. Zehatz neur daitekeena bakarrik da benetan gizatarra; hortik aurrerakoa, parte txarrekoa. Gizakiaz harantzagokoak Jainko ala Deabru izan behar du; ez al lituzke gizakiaren matematikak biak gainditu behar? Ezin al liteke pentsa Jainkoak gu propio bere etxeko lanak egiteko sortu gaituela, arau eta neurri jakinen alorrean jardun dezagun, guk geure beharretarako zerratokiak eta ehundegiak egiten ditugun bezala? Orain dela gutti Walther profesoreak baieztatzen zidanez, animalia batzuk besteek jan ditzaten izan dira sortuak, eta hori azkenean gure probetxurako omen da; hala, konparazio batera katuak berezko sena du saguak jateko, hauek gosariko azukrea ostu ez diezaguten. Azken batean arrazoi du profesoreak: bai animaliak eta bai gu ere ongi egituratutako makinak gara, errege ezezagunaren mahairako osagaiak landu eta oratzeko eginak... Bizkor, bizkor adiskide, hurbildu ontziak! Eguzkiargi ederretan sailkatu nituen atzo margo guztiak, zuziaren distirak nahastu ez nazan: txokoan daude zenbakiturik. Hurbil idazu lehenbizikoa, gazte! Grisa! Bai idorra eta nekeza izango litzatekeela gure bizitza, zeruko Jainkoak honenbeste jostailu koloretsu eman ez baligu! Zuhurrak ez du jokatzen ume kuriosak bezala, girtenari eragitean musika jotzen duen kutxa nondik apurtuko. Bere artean dio: Bistakoa da jotzen duela, girtenari eragin ondoren. Nik zureria hau perspektiba zehatzez marrazterakoan ziur nago ikusleak plastikoki jasoko duela. Bigarren zenbakia honantza, gazte! Margo egokienekin ari naiz orain pintatzen... badirudi lau kanaz egiten duela atzera. Ongi menperatzen dut hau. Azkarrak gara gero! Nolatan ttikitzen ore dira gauzak urrunean? Txinar baten galdera inozo bakar batek zalantzan jar lezake Eytelwein profesorea bera ere; musika kutxari buruz, ordea, girtenari eragin dionero emaitza bera jaso duela esan lezake. Lehen zenbakiko bioleta, gazte! Beste erregela eta pintzel lodi garbitua! Ene, zer dira gorenera heltzeko gure lehia eta borroka guztiak? Haurraren eginahal baldar eta zorabiatuak, bularra goxoki ematen dion inudea zauritzen dutenak! Bigarren zenbakiko bioleta... Azkar, gazte! Ideiala amets ziztrin gezurti bat da, odolaren irakinak sortua... Baztertu ontzi horiek, gazte, jaistera noa eta. Deabruak adarra jotzen digu, aingeru hegoak erantsi dizkien panpinekin.

        Ez naiz gauza Bertholdek esandako guztia hitzez errepikatzeko, berak presaka margotu eta ni eskulangile moduan erabili ninduen bitartean. Hartan jarraitu zuen iseka saminak egiten munduko ekintza guztien murriztasunari; alafede, hiltzorian zegoen anima zauritu baten barrutik hitz egiten zuen, eta ironiarik zorrotzenaz irteten zen bertako lanturu hotsa.

        Egunsentia agertzen hasi eta zuziaren distira motelduz zihoan, sartzen ari ziren eguzki izpiekin. Bertholdek grinati jarraitzen zuen margoketan, baina geroz astiroago, eta bular hunkitu hartatik hots bakanak eta azkenean hasperenak bakarrik jalkitzen ziren. Aldare guztia abardura egokiz zegoen estalia, eta erabat osatu gabe ere jadanik miresteko moduan nabarmentzen zen.

        — Zoragarria... Txit zoragarria! —hots egin nuen mirespenez.

        — Zer esan nahi duzu —esan zuen Bertholdek ahots ahulez—, hala-moduzko zerbait aterako dela? Egoki antzean marrazteko ahalegin guztiak behintzat egin ditut, baina orain ezin dut gehiago.

        — Ezta pintzelkada bat ere gehiago, Berthold maitea! Harrigarria da honelako lana zenbat aurreratu duzun ordu guttitan; baina gehiegi nekatzen zara eta indarrak alferrikaltzen dituzu.

        — Hala eta guztiz ere —gaineratu zuen Bertholdek—, hauek izaten dira nire ordurik emankorrenak. Agian gehiegi jardun dut berriketan, baina nire barreneko oinaze erdiragarria askatzeko hitzak baino ez dira izan.

        — Zorigaitzak jota ematen duzu, gizarajo hori —esan nion—. Gertaera zitalen batek mingostu dizu bizitza, nonbait!

        Margolariak bere lanabesak kaperara astiro eraman eta zuzia itzali zuen. Orduan nigana etorri, eskutik heldu eta ahots dardartiz mintzatu zitzaidan:

        — Une bakar batez ere lasaitu eta pozik egoteko gauza izango al zinateke zu, bekatu gogor eta inoiz garbitzerik izango ez den bat burutu duzula jakinda?

        Harri eta zur geratu nintzen. Eguzki printzek margolariaren aurpegi zurbil okertuan jotzen zuten eta fantasma tankera zeukan ia, ate ttikitik kolegio barrenera alderoka sartu zenean.

        Biharamunean desiratzen nengoen noiz iritsiko ote zen profesorearekin elkartzeko ordua. Hainbeste hunkitu ninduen iragan gaueko gorabeheraren berri xehea eman nion. Kolore biziz azaldu nion margolariaren jokaera harrigarria eta ez nuen bere hitz bakar bat ere isilean gorde, hain gutti profesoreari berari buruzkoak ere. Baina zenbat eta bere arreta gehiago erakarriko nuela uste nuen, orduan eta axolakabeagoa iruditzen zitzaidan, eta oso modu desatseginean egiten zuen barre nire bizkar; izan ere, ez nuen etsitzen Bertholderi buruz hizketan, eta gogor ekiten nion ere gizarajo hartaz zekien guztia esan ziezadan.

        — Gizon harrigarria da margolari hori —hasi zen profesorea—: barea, bihozbera, saiatua, jangartsua, lehenago ere esan dizudanez, baina zentzu guttikoa. Bestela ez zen, ez bizitzako gertaera eta ezta inongo krimenengatik margolaritza historiko ospetsutik hormen arrastogintza kaskarrera makurtuko.

        Profesorearen ardura ezak ezezik, arrastogintza kaskarra esateak ere haserretu egin ninduen. Erakusten saiatu nintzen Berthold oraindik aintzat hartzeko artista zela, eta gainera arretarik azkarrena merezi zuena.

        — Tira —esan zidan azkenean profesoreak—, horrenbeste interesatzen bazaizu gure Berthold, zehatz-mehatz ezagutu behar duzu nik berataz dakidana, eta ez da gutti. Hasteko, goazen oraintxe elizara. Berthold gau osoa jo eta ke aritu denez lanean, atseden hartuko du goizez; bertan aurkitzen badugu, huts egingo dute nire asmoek.

        Elizara iritsi eta profesoreak agerian jarri zuen koadro estalia. Distira liluragarriko oihala agertu zen nire aurrean, inoiz ikusi ez dudan bezalakoa. Konposizioak Raphaelen estiloa zeukan, xume eta zerutiarra: Maria eta Elisabeth zelai eder bateko belaze gainean eserita, beren aurrean Joan eta Jesus haurrak zeudelarik, loreekin jolasten. Atzekaldean, berriz, gizon bat otoitzean, saiheska.

        Mariaren egite garden zerutiarrak, bere irudi osoaren gorentasun eta gartsutasunak harridura eta mirespen sakonez bete ninduten. Ederra zen, munduan izan den edozein emakume baino ederragoa, baina era berean, Dresdetar Galeriako Raphaelen Mariak bezala, bere aurpegiak Jainkoaren Amaren botere guztiahalduna erakusten zuen.

        Ah, ez al zuten inoren bularrean irrikarik aseezinena harrotzen begi miresgarri eta itzal sakonez inguratutako haiek? Ez al ziren zeruko zorion amaigabeaz mintzo, aingeruen korua bezala, ezpain fin, erdireki haiek? Sentimendu azalduezin batek ahopez jarrarazi ninduen Zeruko Erregin haren aurrean!

        Hitzik esan ezinik, ez nintzen gai irudi paregabe hartatik begirada aldentzeko. Amabirjina era umeak bakarrik zeuden erabat bukaturik. Elisabethen irudiari ezkerreko eskua falta zitzaiola zirudien, eta gizon otoizlea arrean bigarren aldiz margotu gabe zegoela. Gehiago hurbiltzean, Bertholden egitea hartu nion gizon haren aurpegiari. Berehala igarri nion profesoreak esango zidanari.

        — Oihal hau da Bertholden azken lana. Orain dela zenbait urte jaso genuen Silesia Garaiko N.tik, gure kolegetako batek enkantean erosi ondoren. Amaitu gabe dagoen arren, lehengo erretaula kaskarraren ordez jarri genuen. Bertholdek etorri eta ikusi zuenean garrasi egin eta lurrera erori zen konortea galduta. Aurrerantzean kontu handia zeukan honixe ez begiratzeko, eta sail honetako bere azken lana zela aitortu zidan. Espero nuen oihala bukatzera bilduko nuela pixkana, baina izu eta higuinez baztertu zuen nire eskari bakoitza. Alai eta indartsu antzean egon zedin, oihala estalarazi behar izan nuen berak elizan lan egin bitartean. Pasaeran begiz joez gero ere eutsiezineko indar batek hartura bezala korrika aldegin, bere burua negar zotinka lurrera bota eta sumindura haren ondoren ez zen egun batzuetan deusetarako gauza izaten.

        — Gizarajo errukarria! —hots egin nuen—. Nongo deabruren ukailak atxikitzen zaitu halako amorruz bizitza hondatzeko?

        — O! —bota zuen profesoreak—. Gorputzean bertan hazi zaio esku hori, era baita besoa ere. Bai, bai! Zalantzarik gabe bera izan da bere buruaren etsaia, barrenean infernuko sua piztu duen Satanas. Hala ezagun du behintzat bere bizitzak.

        Margolari gizarajo haren bizitzaz zekien guztia berehala esateko erregutu nion profesoreari.

        — Luzeegia litzateke eta arnasa franko beharko nuke horretarako —gaineratu zuen profesoreak—. Ez dezagun berrikera hitsekin egun alai hau alferrikaldu! Gosaldu eta goazemazu gero errotara, bazkaria edukiko dugu bertan zain eta, ederki asko prestatua.

        Ez nuen nire eginahalean amore eman, eta itzulinguru anitzen ondoren, azkenean jakin nuen Berthold iritsi eta handik lasterrera kolegioko ikasle zen mutiko bat berarekin adiskidetu zeta, eta honi konfiatu zizkiola pixkana bere bizitzako gorabeherak. Gazteak bere aldetik arretaz idatzi eta Walther profesoreari eman zion eskuizkribua.

        — Zure baimenarekin, jauna —esan zuen profesoreak—, zu bezain saiatua zen bera ere! Baina margolariaren gorabehera harrigarriak idaztea behinipehin poliki etorri zitzaion estiloa lantzeko!

        Neke asko eta gero lortu nuen profesorearen promesa, gaueko txangoaren ondoren eskuzkribua utziko zidala. Nahiz jakinmin ernagarri harengatik, nahiz profesorearengatik berarengatik, inoiz ez naiz egun hartan hainbat aspertu. Ezin nuen burutu profesorearen Bertholdenganako hoztasunarekin ere; baina bere kolega bazkaltarrekin izan zuen elkarrizketak konbentziturik utzi ninduen, bere jakinduria eta ohitura mundutar guztiak gorabehera, materialista porrokatua zeta eta ez zeukala gorenerako interesik. Erabat sinisten zuen jatea eta jana izatearen sistema, Bertholdek aipatu zidana. Berak zioenez, bai izpirituzko eginahalak bai asmakizun eta sormen indar guztiak ere errai eta sabeleko lotura jakinen ondorio ziren, eta tartarrean aritu zen beste hainbat ateraldi zelebre eta bitxiri buruz; benetan sinisten zuen, adibidez, gogoeta bakoitza garuneko bi zuntzen arteko koitoak sortzen duela. Hartatik ulertu nuen kontu zoro haiekin nolako oinazeak eragin eta zenbat laban zorrotz sartuko zituen Berthold gizajoaren zauri odolduetan, honek etsipen mingotsez egiten baitzien gogor goietako eragin mesedegarri guztiei.

        Azkenean ilunabarrean profesoreak orri idatzi batzuk eman zizkidan, hitz hauekin:

        — Hemen duzu, lagun lehiatsu hori, ikaslearen erdipurdiko lana. Ez dago gaizki idatzia baina oso zelebre bai, zeren egileak, arau guztien aurka, lehen pertsonan jasotzen baitu margolariaren hizketa inongo azalpenik gabe. Gainerakoan, nire karguak ahalmena ematen didanez oparitu egiten dizut lan hau, bai baitakit zu ez zarela idazlea. Fantasiak Callot-en eran idatzi duenak bere modu zoroan sasiantolatu eta berehala argitaratuko luke, baina zurekin ez dut horren beldurrik.

        Aloysius Walther profesoreak ez zekien Bidaiari Saiatua zeta aurrean zeukana, nahiz eta igarri zezakeen. Honenbestez eskaintzen dizut bada, irakurle agurgarria, Berthold margolariaz jesuiteneko ikaslearen kontaera laburra.

        Bertan argituko zaizu niri agertu zitzaidan bezala, eta orduan jabetuko zara, irakurle, patuaren joko harrigarriek sarritan hutsegite kaltegarritara garamatzatela.

 

        «Utziozue semeari lasai Italiara joaten! Dagoeneko artista azkarra da eta hemen D.n ez zaio aukerarik falta original bikainenetatik ikasteko, baina halere ez du hemen geratu behar. Artisten bizitza librea ezagutu behar du artearen lurralde alaian; bertan sendotuko da bere ikasketa eta osatuko zaizkio ideiak. Kopiatze hutsa ez zaio jada lagungarri. Landare itsatsiak eguzki gehiago hartu behar du, kimuak hazi eta fruituak eman ditzan. Zeuon semeak benetako artista anima dauka eta ez zaitezte beste ezertaz kezkatu!»

        Horrela mintzo zitzaien Stephan Birkner margolari zaharra Bertholden gurasoei. Hauek beren etxe behartsuan ezinbestekoa ez zuten guztia bildu eta bidaia luze hartarako hornitu zuten mutikoa. Horrela bete zen Bertholden desirarik sutsuena, Italiara joatea.

        «Birknerek nire gurasoen erabakia jakinarazi zidanean, jauzi egin nuen pozaren pozez. Ametsetan bezala igaro nituen irteera iritsi bitarteko egunak. Ez nintzen gauza galerian pintzelkada bakar bat emateko ere. Artearen mintegia zen Italiaren berai eman behar zidaten, nahitanahiez, inspektoreak eta Italian izandako artista guztiek. Hurbildu ziren azkenean eguna eta ordua. Samina izan zen gurasoengandik agurtzea, ez baitzidaten joaten utzi nahi, gehiago ikusiko ez ninduten susmoarekin nahigabeturik. Aitak berak ere, bestetan gizon irmo eta tinkoa zenak, nahikoa lan bazuen bere buruari eusten. «Italia! Italia ikusiko duzu!» hots egiten zidaten lagun artistek. Hala, haizea eman zioten nire irrika hari, tristurak indartu besterik egin ez zuenari, eta berehala abiatu nintzen... artistaren bidea gurasoen etxe aurrean hasten zeneko irudipenarekin.»

        Margolaritzaren sail guztietan prestatua egon arren, Berthold paisaialaritzan jarduna zen batik bat, maitasun eta gogo osoz. Artearen adar honetarako larre gizenak aurkitu uste zituen Erroman, baina ez zen hala gertatu. Bere inguruko artista eta artezaleek etengabe esaten zioten historiaren margolaritza bakarrik zegoela gailurrean, eta gainerako guztia bigarren mailan. Hala, artista ospetsua izan nahi bazuen, aholkatu zioten bere ordurarteko arlotik berehala aldendu eta gorenago hari ekitea. Azken honi gaineraturik Raphaelen Vatikanoko freskoek beragan izan zuten eragina, inoiz nabaritu ez bezalakoa, paisaialaritza saihestu zuen. Raphaelen antzera marraztu eta beste maisu ospetsuen oleo ttikiak kopiatu zituen. Zeukan trebetasun harekin dena irteten zitzaion ederki eta itxuraz, baina argiro antzematen zuen artista eta jakitunen laudorioak kontsolatu eta pozik edukitzeko bakarrik zirela. Berak ere ikusten zuen bere marrazkiei, bere kopiei originalaren bizitasuna falta zitzaiela. Raphael eta Correggioren ideia zerutiarrek sormenerantz bultzatzen zuten (hala uste zuen behintzat); baina irudimenean atxiki nahi zituenean gandu artean bezala desagertzen ziren, eta buruz marrazten zuen guztiak ez zeukan inongo mugimendu edo esanahirik, burutapen ilun eta nahasien antzera.

        Alferrikako eginahal eta borroka haiek guztiek anima goibeldu zioten. Sarritan egiten zien ihes lagunei, Erromako ingurumarietan zuhaiztiak eta paisaia zati bakanak ezkutuan marraztu eta margotzeko. Baina hau ere ez zitzaion lehen bezain ongi irteten, eta, lehen aldiz, zalantzan jarri zuen bere artista izateko deia. Itxaropen ederrenak aienatuz zihoazkiola zirudien.

        «Ai, ene lagun eta irakasle prestua —idatzi zion Birkneri—, gauza handietarako gai ikusten ninduzun zuk; baina anima argitu behar zidan leku honetan jabetu naiz zuk arterako maisutasuna deitzen zenuen hura ez dela talentu hondarra besterik, eskuko trebetasun hutsa. Esaiezu gurasoei aurki etxeratuko naizela mantenduko nauen lanbideren bat ikastera, eta abar.»

        Honela erantzun zion Birknerek: Oh, zure ondoan egoterik baneuka, seme, zure nahigabe horretatik zuzpertzeko! Baina sinistaidazu: zure zalantzek ezagun dute artistarako deitua zarela. Bere indarrekiko konfidantza aldagaitzez etengabe aurrera egiteko asmoa daukana tentel hutsa da, eta bere burua engainatzen du; horrelakoak faltan du borrokarako akuilu benetakoa, akastunaren gogoan bakarrik bizi dena. Saia zaitez! Laster azkartuko zara eta orduan lasai egingo duzu aurrerantz zeure buruak agintzen dizun bidetik, lagunen epai eta aholku oztopatzailerik gabe, agian ez dira zu ulertzeko gauza eta. Zerorrek erabaki ahal izango duzu orduan paisaialaritzan geratu ala historiaren margolari bilakatu, enbor beraren adarrak guttietsi daitezkeenik uste izan gabe.

        Bertholdek bere aspaldiko irakasle eta lagunagandik kontsolamenduzko gutun hau jaso zuen garai berean, Erroman Philipp Hackerten ospea zegoen zabaldua. Bertan aurkeztutako bere lan batzuk, grazia eta argitasun miresgarrikoak, artisten arreta erakarri zuten eta historiaren margolariek ere aitortu zuten naturaren imitazio garbi hura oso berezi eta bikaina zela. Bertholdek lasai hartu zuen arnasa: ez zuen gehiago entzuten bere arte maiteaganako isekarik, eta goraipatu eta ohoraturik zekusan huraxe bera lantzen zuen gizona. Txinparta baten antzera piztu zitzaion bere baitan Napolira joan eta Hackertekin ikasi behar zuela. Pozez gainezka idatzi zien Birkneri eta gurasoei, borroka latzen ondoren bide zuzena aurkitu eta laster bere alorrean artista ospetsu bihurtzea espero zuela.

        Atseginez onartu zuen Hackert aleman prestuak ikasle herrikidea, eta hau laster lotu zitzaion irakaslearen ereduari. Bertholdek trebetasun handia lortu zuen naturako arbola eta landare mota desberdinak leialki itxuratzen; ez zen makal azaldu gandu eta lainoekin ere, Hackerten koadroetan ageri ziren bezala. Laudorio ugari irabazi zituen horrekin, baina batzuetan, oso modu berezian, bai bere eta bai irakaslearen paisaiek zerbait eskas zutela irizten zion, izenez zehaztu ezinekoa, baina Claude Lorrainen koadroetan eta Salvator Rosaren basamortu gorrietan aurkitzen zuena. Maisuaganako hainbat zalantza jaio zitzaizkion, eta zeharo sumindu zen Hackertek berealditako lanak hartu zituenean erregeak bidalitako ihizi hilak margotzen. Baina laster gainditu zituen bere ustez gogoeta iraingarriak ziren haiek, eta begirune dohatsu eta ahalegin alemanez jarraitu zuen irakaslearen ereduen arabera lanean, handik guttira ia bere pareko izatera heldu arte.

        Azkenean, Hackertek berak aukera eman ondoren, naturatik leialki margotutako paisaia handi bat erakusketan ezarri behar izan zuen, gehienean Hackerten paisaia eta natura hilez osatua zegoen batean. Artista eta jakitun guztiak miretsi ziren gaztearen lan fin, txukun harekin, eta gogotik laudatu zuten. Modu bitxian jantzitako agure bat izan zen ezertxo ere esan ez zuen bakarra, ezta Hackerten pinturei buruz ere; aldiz, era esanguratsuan egin zuen irribarre, jendearen goraipamenak barra-barra zabaltzen ziren bitartean.

        Berthold argiro konturatu zen ezezagun hark, bere paisaiaren aurrean aurpegi errukiorrez jarrita, burua astindu eta handik joatekoa egin zuela. Berthold harrotuxea zegoenez jendetzak eskainitako laudorio orokorrarekin, ezin izan zion eutsi ezezagun harenganako haserre minari. Aldameneratu eta honela galdetu zion, beharrezko zena baino doinu zakarragoz:

        — Badirudi ez zaizula koadroa atsegin, jauna, nahiz eta artista eta jakitun azkarrenek ez duten erabat txartzat hartu. Esaidazu arren zein akats duen, ahalik eta zure aholku jatorrari jarraituz hobetu dezadan.

        Ezezagunak Bertholdi begirada zorrotzez so egin eta serioski esan zion:

        — Gazte, zu urrutira iritsi zintezkeen.

        Berthold zeharo beldurtu zen gizon haren begirada eta hitzekin; ez zuen kemenik izan beste ezer esan edo atzetik jarraitzeko, hura salatik astiro irten zenean. Laster sartu zen bertan Hackert bera, eta Berthold berehala joan zitzaion gizon harrigarri harekin izandako gorabehera kontatzera.

        — Utikan! —hots egin zion Hackertek irribartsu—. Ez zaitez larritu! Gure agure purrustaria zen, ezer atsegin ez eta denei gaizki irizten diena. Sarreran egokitu naiz berarekin. Zelebre aberats hori Maltan jaioa da guraso greziarrengandik, eta ez da batere margolari txarra; baina egiten duen guztiak itxura fantastikoa du, inor hunkitzeko egokia. Izan ere, arteari buruzko oso iritzi aldrebesak dauzka, eta etsaiari ere balioko ez liokeen sistema artistikoa eraiki du. Ondo asko dakit ez dela batere nire zale baina gogo onez barkatzen diot, horrela ez baitu parterik izango bidezko dudan ospean.

        Bertholderi iruditu zitzaion maltatar hark barreneko txoko minberatu batean ukitu ziola, baina zirujilari ongiegilearen antzera zauria aztertu eta sendatzeko. Laster ahaztu zen hartaz, ordea, eta lehen adinako ganoraz jarraitu zuen lanean. Bere koadro arrakastatsu hark adore eman zion antzeko bati ekiteko. Hackertek berak aukeratu zuen Napoliren inguru aberatseko tokirik ederrentxoena, eta lehengo koadroak ilunsentia aurkezten zuenez, oraingo paisaiak egunsentian egina behar zuen. Bertholdek zuhaitz ezezagun eta mahasti franko margotu zituen, baina bereziki lainoa eta gandua.

        Egun batez barri handi baten gainean zegoen Berthold eserita, Hackertek aukeratutako tokian bertan, naturatik hartutako koadro handiagoaren zirriborroa amaitzen.

        — Benetan egokia —entzun zuen bere alboan.

        Bertholdek gora so egitean maltatarra ikusi zuen bere orriari begira, eta honek irribarre sarkastikoz jarraitu zuen:

        — Gauza bakarra ahaztu zaizu, gazte maitea! Begiraiozu haranzko mahasti hura inguratzen duen hesi aihentsuari: erdi irekirik dago atea. Itzal sendoz ezarri behar duzu, ate ertirekiak berebiziko eragina du eta!

        — Arrazoirik gabe ari zara txantxetan, jauna! —erantzun zion Bertholdek—. Horrelako kasualitateak ez dira zuk uste bezain hutsalak, eta horregatik ipintzen ditu nire maisuak. Gogora zaitez Herri Beheretako margolari zahar haren paisaian eskegitako zapi zuriarekin: hura gabe hondaturik legoke eragin guztia. Baina ez dirudi batere gogoko duzunik paisaialaritza, ni gorputz eta animaz eskaini natzaiona, eta horregatik erregutzen dizut lanean lasai jarraitzen utz nazazun.

        — Oso oker zaude, gazte —mintzatu zen maltatarra—. Berriro diotsut urrutira iritsi zintezkeela; alderdi gorena bilatzeko etengabeko ahalegina ageri da zure lanetan. Baina ez duzu inoiz zure helburua iritsiko, hartu duzun bideak ez baitu hara eramaten. Esango dizudana arretaz entzun ezazu. Agian lortuko dut, ezjakin hori, zure baitan neurriz gain eraikitzen saiatu zaren su hori berriro indartzen, bere gar beroek argi zaitzaten; orduan ikusi ahal izango duzu zugan bizi den benetako izpiritua!

        Horren ergela naizela uste al duzu, paisaien pinturak historiakoen azpian jartzeraino, biek ala biek ere helburu beraren atzetik saiatu behar dutela antzeman gabe? Arrearen helburu sakratua natura interpretatzea da, izaki guztiak bizitza gorenerantz bideratzen dituen zentzu sakonean. Eraman al dezake inoiz horretara natura kopiatze hutsak? Bai pobre, baldar eta behartuak ematen dutela hizkuntza ezezagun batetik egindako idatzizko kopiak, eskribauak ulertzerik ez eta hainbeste nekez zirriborratzen dituen hizkiei tankera eman ezin dienean. Hala, zure maisuaren paisaiak ere hizkuntza ezezagun batetik idatzitako originalaren bikoizketak dira. Baina iniziatuak naturaren ahotsa entzuten du arbola, sasi, lore, mendi eta urmaheletatik soinu miresgarrien bitartez ikertuezineko sekretuei buruz mintzo dena, iniziatu horren bularrean ideia gartsuak iratzarriz. Orduan iristen zaio etorria, Jainkoaren arnasa bezala, ideia hori bere lanetan gauzatzeko.

        Ez al duzu zirrara harrigarria antzeman, gazte, garai bateko maisuen paisaiei so egitean? Halakoetan ez duzu noski pentsatzen ezkiaren hostoak, pinuak eta platanondoak naturari leialago izan ote zitezkeen, atzeko giroa lausoagoa edo ura gardenagoa; baina hari darion izpirituak erresuma gorago batera igotzen zaitu, eta haren islada ikusi uste duzu. Naturaren alderdi mekanikoa gogoz eta arretaz ikastazu bada, ahalik eta irudikapenaren praktika lortzeko, baina etzazu praktika hori artetzat beratzat hartu. Naturaren zentzu sakonagoan sartzen bazara, oparotasun distiratsuz agertuko zaizkizu bertako iduriak.

        Maltatarra isildu egin zen. Baina Berthold zeharo hunkiturik, burumakur eta txintarik atera ezinik zegoenez, hitz hauekin agurtu zen:

        — Etzaitut inolaz ere zure bokazioan nahastu nahi izan, baina badakit izpiritu gorena dagoela zure barrenean lozorroan. Berari hots egin diot hitz tinkoz, esnatu eta bere hegalak lau haizetara astin ditzan. Ongi izan!

        Bertholderi iruditu zitzaion maltatarrak hitzez adierazi zuela berak izpiritu barruan irakiten zeukana. Barreneko ahotsa kanpora irten zen: Ez! Eginahal hauek guztiak, neke hau itsuaren aztarrika dudakor engainagarria da. Utikan, utikan orain arte txoratu nauena! Ez zen gauza izan beste lerro bakar bat ere marrazteko. Maisua utzi eta harat-honat ibili zen eroa baino areago, maltatarrak aipatutako ezagupen goren hura ager zekion otoi eskatzen.

        «Amets eztietan bakarrik nintzen zoriontsu, erabat dohatsu! Egia bihurtzen zen orduan maltatarraren esana. Lamara sorginduak ferekatzen ninduen zuhaiska berdeen artean etzanik, eta naturaren ahotsa haize bolada melodikoz entzuten zen baso ilunean barrena: «Entzun arretaz, iniziatu horrek! Aditu itzazu kreazioaren jatorrizko hotsak, gorputz harturik zure zentzuek jaso ditzaten». Eta akorde haiek argitzen zihoazen heinean bazirudien zentzu berri bat itzartzen zela nigan, ordurarte ikertuezintzat neukan guztia gardentasun miresgarriz ulertzeko modua ematen zidana. Argitu berri zitzaidan misterio hura hieroglifiko bitxitan bezala marraztu nuen suzko lerroz airean; baina hieroglifikozko idazki hura paisaia harrigarri, miresgarri bat zen, non zuhaitzak, sasiak, loreak, mendiak eta urmahelak doinu maitagarrien antzekoz mugitzen ari ziren.»

        Baina ametsetan bakarrik etortzen zitzaion delako zoriona Berthold gizarajoari, indar guztiak akiturik eta barrena Erroman baino nahasiago zeukalarik, historiaren margolaria izan nahi zuen garai hartan. Baso ilunean zehar ibiliez gero berebiziko izuak atxikitzen zuen; handik irten eta urruneko mendiei begiratuez gero, berriz, atzapar izoztu antzeko batzuk heltzen zioten bularretik, arnasa gelditu eta lehertu beharreko estuasuna sortuz. Natura osoa, lehen hain irribarre atsegina eskaintzen ziona, munstro izugarria bihurtu zitzaion; eta haren ahotsak berriz, garai batean ilunabarreko haize firfiran, ur xirriparen parrastan eta ostrailaren zurrumurruan hitz goxoz diosala egiten zionak, orain hondamendi eta heriotza albisteak besterik ez zekarzkion. Azkenean, amets goxo haiek kontsolatzen zuten heinean joan zen lasaitzen, nahiz eta beti ekiditen zuen soroetara bakarrik irtetea. Hala, margolari aleman bikote alai batekin elkartu eta sarritan egiten zituen beraiekin irtenaldiak Napoliko alderdi ederrenetara.

        Haietako batek, dei diezaiogun Florentin, bere artearen azterketa sakona baino gehiago hartu zituen aintzat bizitzaren plazer atseginak, eta horren lekuko zen bere bilduma ere: neskatila nekazarien taldekako dantzak, prozesioak, herrietako festak, ikusi ahala zekizkien Florentinek paperean berehala ipintzen, esku irmo eta arinez. Marrazki bakoitzak, zirriborroa besterik ez bazen ere, bizitza eta mugimendua zeuzkan. Halere, Florentinen zentzuak ez zeuden inolaz ere alderdi gorenari itxita. Aitzitik, egungo margolari anitzek baino gehiago ikertzen zuen maisu zaharrek egindako koadroen gartsutasuna. Bere margo liburuan arrasto zabalez zeuzkan marraztuak Erromako kalostra zahar bateko freskoak, hormak pitzatu aurrekoak. Santa Katalinaren martirioa erakusten zuten. Ezinezkoa zen Berthold hainbeste hunkitu zuten lerro haiek baino zoragarri eta txukunago burututako ezer ikustea. Tximisten distirak ikusi zituen ilunpe goibelaren artetik. Azkenean Florentinen alaitasun joera bera hartu zuen, eta hark naturaren xarma bizitasun azkarrez isladatzen zuenez, baina are gehiago giza alderdia, Bertholdek ere alderdi huraxe hartu zuen heldulekutzat, aurreko bere hustasun hartan ez desegiteko.

        Florentinek orduantxe topatutako talderen bat arinki marraztu bitartean, Bertholdek lagunaren margo-liburua zabaldu eta Katalinaren irudi liluragarria kopiatzen saiatzen zen; hainbestean irten zitzaion azkenean, nahiz eta Erroman bezala alferrik ahalegindu bere irudiei jatorrizkoaren bizitasuna txertatzen. Honetaz kexatu zitzaion Florentineri, bere ustez benetako maisutasun artistikoan erraz gainditzen zion hari, eta kontatu egin zizkion ere maltatarrak berarekin arteari buruz izandako hitzak.

        — Ai, Berthold maitea —esan zion Florentinek—, maltatarrak arrazoi du, eta nik elkarren parean ipintzen ditut egiazko paisaiak eta margolari zaharren historiazko koadro dohatsu, garrantzitsuak. Nire iritziz ere, lehenik trebatu egin behar dugu aldameneko natura bizia itxuratzen, gero gaueko erresuma horretan argitasuna aurkitu ahal izateko. Nire aholkua da, Berthold, irudiak marraztu eta bertan zure ideiak antolatzen ohitu zaitezen. Agian horrela argiago ikusiko duzu dena.

        Lagunak gomendatu bezala egin zuen Bertholdek, eta bere bizitzaren gaineko hodei ilunak aienatu egiten zirela iruditu zitzaion. Nire barruan ideia ilun baten antzera zegoena hieroglifikoen bidez itxuratzen saiatu nintzen, harako amets hartan bezala. Baina hieroglifikozko idazki haren letrak giza irudiak ziren, argigune baten inguruan mugituz, lotura harrigarrian. Argigune honek izan behar zuen margolari baten fantasiak inoiz erne duen irudirik zoragarriena: baina alferrik saiatu nintzen hari tankera hartzen, ametsetan agertzen zitzaidanean zeruko printzez inguraturik. Hura itxuratzeko nire saio guztiek huts egin zuten modu lotsagarrian, eta irrikaz puskatzen nengoen.

        Florentin jabetu egin zen lagunaren egoera eritasuneraino asaldatu hartaz eta ahal hainbat kontsolatu zuen, huraxe zela esanaz argitasunerako sarrera. Baina ameslariaren antzera zebilen Berthold noraezean, eta bere saio guztiek ume ahularen ekinaldi hutsak izaten jarraitu zuten.

        Napolitik urruti gabe zegoen duke baten landetxea, artista kanpotarrei ostatu ematen ziena, baina batez ere paisaialariei, begiralekurik ederrena eskaintzen zuelako Vesuvio eta itsaso aldera. Berthold maiz aritu zen han lanean, baina oraindik maizago parkeko haitzuloan bere amers fantastikoekin jokoan. Haitzulo hartan zegoen egun batez eserita, bularra erdibitzen zion irrikaz, ezinean eta malko beroak zerizkiolarik, arren eta arren zeruko izarrek bere bide iluna argi zezaten; zurrumurrua entzun zuen orduan zuhaiska artean, eta emakume baten irudi liluragarria agertu zen haitzulo aurrean.

        Eguzkiaren printzek jotzen zuten aingeru aurpegi hartan. Esanezinezko begiradaz so egiten zidan. Santa Katalina... Ez, areago, nire ideiala zen, nire ideiala! Pozez zoraturik ahozpez jarri nintzen eta irribarre ezti batekin ezkutatu zen irudia! Entzuna izan zen nire otoitzik gartsuena!

        Florentin haitzuloan sartu eta harritu egin zen Bertholdekin, begirada transfiguraturik bularraren kontra estutu zuenean. Malkoak zerizkion begietatik:

        — Lagun, lagun maitea! —totelkatu zuen—. Zoriontsua naiz, dohatsua! Aurkitu dut, aurkitu!

        Berehala bildu zen bere lantokira; oihala zabaldu eta margoketan has zen. Jainkoaren etorriak azkarturik bezala, magiaz sortu zuen emakume zerutiar hura, bizitzaren su guztiarekin.

        Handik aurrera zeharo aldatu zen bere barrena. Bihotza akitzen zion tristuraren ordez zoriona eta alaitasuna erne zitzaizkion. Gogoz eta kementsu aztertu zituen antzinako margolarien maisulanak. Kopia batzuk bikainak irten zitzaizkion, eta orduan hasi zen bere koadro propioak egiten, jakitun guztiak harriturik utziz. Paisaiekin ahazturik zegoen jada, eta Hackertek berak aitortu zuen gazteak bere benetako bidea aurkitu berri zuela.

        Honela, zenbait lan nagusi margotzen hasi zen, elizatarako erretaulak eta. Gehienetan leienda kristautako gai alaiak aukeratu zituen, baina ororen gainetik nabarmentzen zen bere ametsetako irudi zoragarria. Jendearen iritziz Angiola T... printzesaren oso antzekoa zen, aurpegi eta gorputzez; margolari gazteari ere aipatu zioten, eta zirikatzaileek isekati adierazi zuten andereño eder haren suzko begiradak bihotz barreneraino zulatu zuela margolari alemaniarra. Berthold oso haserre zegoen Jendearen esamesa zoro haiekin, zerutiar zena mundu arruntera mugatu nahi zutelako.

        — Zer uste duzue —zioen berak—, halako izakia mundu honetan bizi litekeela? Liluraldi miresgarri batean agertu zait misterio gorena; artistaren iniziazio unea izan zen hura!

        Berthold pozik eta zoriontsu bizi zen orain, harik eta Bonaparteren Italiako garaipenaren ondoren gudaroste frantziarra Napoliko erresumara hurbildu zen arte, zorion baketsu guztiak suntsituko zituen iraultza piztuz. Erregea irten egin zen Napolitik erreginarekin batera, eta antolatu egin zen città. Bikario jeneralak sueten lotsagarria erabaki zuen jeneral frantsesarekin eta laster heldu ziren ordezkari frantsesak, ordaindu beharreko zerga jasotzera. Bikario jeneralak ihes egin zuen jendearen amorrua ikusita, erabat sinisturik baitzeuden abandonatu egin zituztela bai hark, bai citták eta bai etsaien aurka babesa eman ziezaiekeen guztiek. Gizarteko kate guztiak hautsi, herri xeheak anarkia basatiz ordenu eta legeari barre egin, eta Viva la Santa Fede! deiadarka zebiltzan talde erotuak kaleetan barrena, handikien etxeak ostu eta sutan jarriaz, etsaien menpe utzi zituztelakoan. Alferrik ahalegindu ziren amorratu haiek mantsotzen Moliterno eta Rocca Romana, herriaren kutunak eta buruzagitzarako aukeratuak. Della Torre eta Clemens Filomarino dukeak erailak izan ziren, baina halere ez zen berdindu jendailaren odol egarria.

        Bertholdek etxe sutu batetik erdizka jantzirik lortu zuen salbatzea. Herritar multzo batekin topatu zen, piztutako zuziekin eta labana distirantekin T.ko dukearen jauregirantz zihoazenak. Beren tarrekotzat hartu eta beraiekin joatera behartu zuten. Zoro haiek guztiak Viva la Santa Fede! oihuka, minutu guttiren buruan hila zuten dukea, mirabeak eta aurre egin zien nornahi; eta jauregia ere su galdetan zegoen.

        Bultzaka sartu zuten Berthold jauregi barruraino. Ke trinkoa hedatzen zen pasilo luzeetan. Korrika abiatu zen gela zabalduetatik zehar, sugarren artean hiltzeko arriskuz, irteeraren bila alferrik. Beldurrezko garrasi zorrotza entzun eta hor doa salan barrena lasterka. Emakume bat borrokan ari da lazzarone batekin, heldu tinko eta bularrean labana sartzeko zorian daukalarik. Printzesa da, Bertholden irudi liluragarria! Bertholdek izuarekin bere onetatik aterata jauzi egin, lazzarone-ari zintzurretik heldu, lurrera bota eta eztarrian sartzen dio labana hura bera. Hartzen du printzesa besoetan, eta badoa berarekin sala sutuetan barrena korrika, eskaileretan behera, beti aurrerantz jendetza ugariaren artetik, dena ixtant batean! Inork ez zuen oztopatu Berthold ihesean; izan ere, labana odoldua eskuetan, kedarrez belztuta eta jazki urratu haiekin herriak lapur hiltzailetzat hartu eta onetsi egin zioten sari hura hartua. Arriskuetatik ezkutatzeko, hiriko txoko bakarti batera joan zen senez korrika, eta murru zahar baten pean erori zen zorabiaturik. Itzartzean printzesa zeukan aldamenean belauniko, bekokia ur hotzez garbitzen.

        — O, eskerrak! —xuxurlatu zuen ahots goxo, maitagarriz—. Jainkoari eskerrak esnatu zaren, nire salbatzailea, nire bizitza!

        Berthold tentetu eta ametsetan zegoela uste zuen; printzesagan josi zituen begiak. Bai, bera zen! Zeruko irudi zoragarria, jainkozko etorria bere baitan piztu zuena.

        — Izan al liteke? Egia al da? Bizi al naiz? —hots egin zuen.

        — Bai, bizi zara —esan zuen printzesak—. Niretzat bizi zara! Ez zinen itxaropentsu izatera ausartzen, baina mirariz bezala gertatu da. Oh, nik ongi ezagutzen zaitut. Berthold margolari alemana zara, ni maitatu eta zure koadro ederrenetan goraltzen ninduzuna. Horrela ezin nintekeen zurea izan. Baina hemendik aurrera zurea nauzu, betirako. Aldegin dezagun elkarrekin, aldegin dezagun!

        Printzesaren hitz hauek entzutean sentipen arraroak hunkitu zuen Berthold, bat-bateko oinazeak amets eztia hondatzen duenean bezala.

        Baina emakume eder hark bere elur zurizko besoetan hartu eta bularraren aurka estutu zuenean grinati, inoiz ezagutu gabeko dardara gozoa nabaritu eta desira asaldatuaz hots egin zuen:

        — Oh, ez da ametsetako irudi faltsua, ez! Nire andrea da besarkatzen dudan hau, inoiz utziko ez dudana eta nire irrika egarbera hau asebeteko duena!

        Ezinezkoa zen hiritik itzuri egitea; izan ere ateetan zegoen gudaroste frantsesa, herriak azken bi egunetan sarrera galarazten ziolarik, nahiz eta txarki armaturik eta inongo gidaririk gabe jardun. Hondarrean, gordelekuz gordeleku, Bertholdek Angiolarekin hiritik aldegitea lortu zuen. Angiolak, bere salbatzaileaganako maitasun suaz, muzin egiten zion Italian geratzeari. Familiak hildakotzat joko zuen eta Bertholdek berarentzat har zezakeen. Soinean zeramatzan diamantezko koilara eta eraztun garestiak aski izan ziren premia guztiak osatzeko Erroman, haraino heldu ondoren pixkana. Hala, azkenean onik iritsi ziren Alemania hegoko M.ra, non Bertholdek geratzeko asmoa zeukan, artearen bidez bizimodua atereaz.

        Ez al zen inoiz amestu gabeko eta inoiz igarri gabeko zoriona, emakume eder, zerutiar, ametsik sutsueneko ideialaren senarra izatea, nahiz eta bizitzako gorabehera guztiak murru gaindiezinaren antzera zutitu bera eta maitearen artean? Bertholdek zorion hau ulertu ezin eta berebiziko plazer hartan zegoen murgildurik, harik eta barreneko ahots gero eta ozenagoak artea aintzat hartzeko gogorazi zion arte. M.ko herrian koadro handi baten bidez bere ospea sendotzea erabaki zuen, bertako Amabirjinaren elizarentzat.

        Burutapen soil bat izango zen irudiaren zirriborro guztia: Maria eta Elisabeth baratze eder bateko zelai gainean eserita, eta Jesus eta Joan umeak haien aurrean belarretan jolasten. Baina alferrik izan ziren koadroari ikuspegi izpirituala emateko lehia guztiak. Bere krisiaren garai dohakabe hartan bezala lausotzen zitzaizkion irudiak, eta zeruko Amabirjina ez baizik eta munduko emakumea zen, Angiola bera, modu zatarrean itsusiturik agertzen zena bere izpirituaren begi aurrean.

        Berataz jabetu bide zen indar latz hari aurre egitea erabaki zuen. Koloreak prestatu eta margotzen hasi zen. Baina indarrak ahituta zeuzkan eta bere neke guztiak ume ezjakinaren eginahal ahulak ziren, aspaldi hartan bezala. Hotza eta motela zen margotzen zuena, eta Angiola bera ere, bere ideiala aurrean eserarazi eta margotu nahi izan zuenean argizarizko irudi hila bihurtu zen oihalean, kristalezko begiekiko begirada galduarekin. Hala, atsekabe hitsa joan zitzaion animan sartzen eta bizi poz guztia hondatu zion. Ez zuen lanean jarraitu nahi, ez zen gauza, eta hala, miseria gorrian gertatu zen, hainbatez etsigarriagoa Angiolak kexu hitz bakar bat ere jalkitzen ez zuenez.

        «Nire barrenarekin ezin nuen, galdutako indarrez baliatuko nintzen itxaropen faltsuak tristaturik, eta handik lasterrera eroaren pareko egoeran nengoen. Emazteak semea izan zuen eta hori izan zen nire nahigabe guztien gailurra: luzaroan eutsitako nire arrangura, galda bizizko gorroto bihurtu zen. Bera zen, bai, nire zoritxar guztien sortzailea. Bera ez zen, ez, niri azaldutako ideiala; ni erabat hondatzeko ezkutatu zizkidan maltzurki harako emakume zerutiar haren gorputz aurpegiak. Etsipen zoroz madarikatu nituen bera eta haur errugabea. Heriotza opatu nien biei, hartara aske geratzeko ezten goriz zauritzen ninduen oinaze garratzetik! Burutapen zitalak jaio ziren nigan. Alferrik izan zen Angiolaren aurpegi zurbilean, bere malkoetan nire jokabide zakar, makur hura isladaturik ikustea... «Zuk eraman nauzu galbidera, andre bilaua» oihukatu eta ostikoz jota baztertu nuen nigandik, zorabiaturik lurrera erori eta belaunetatik heltzen zidanean.»

        Emaztea eta haurraren aurkako Bertholden jokabide latz, zoro hark auzokoen arreta erakarri zuen eta horiek agintariei jakinarazi zieten. Atxilotu egin nahi izan zuten, baina poliziak bere etxean sartu zirenerako aztarnarik utzi gabe joana zen emazte eta haurrarekin. Handik lasterrera azaldu zen N.n, Silesia Garaian. Emaztea eta semea alde batera utzi eta gogo berriz ekin zion M.n alferrik bukatzen saiatutako koadroa margotzeari. Baina Amabirjina, Jesus eta Joan haurrak bakarrik bukatu ahal izan zituen. Eritasun beldurgarriak jo zuen, berak desio zuen heriotzaren ateetan jarriaz. Bere gaitz hartan lagundu nahian, lanabes guztiak erosi zizkioten eta baita bukatu gabeko koadro hura ere; nola-hala zuzpertu ondoren, arlote gaixobera, gizarajoaren antzera joan zen. Aurrerantzean bizimodu urria atera zuen han hemenka agintzen zizkioten hormetako margoekin.

 

        — Bertholden istorioa izugarri latza da —esan nion profesoreari—, eta berak zehazki aipatzen ez duen arren, emaztea eta seme errugabea hilko zituen zitalki.

        — Erdi eroa da —gaineratu zuen profesoreak—, eta ez dut uste horretarako adorerik izango zuenik. Inoiz ez du horretaz argiro hitz egiten, eta jakiteko dago emazte eta semearen heriotzaren erruduntzat ote daukan bere burua. Marmola margotzea dagokio berriro ere, eta gaur gauean bukatuko du aldarekoa. Umoretsu egongo da orduan, eta agian kontu gehiago aterako dizkiozu alderdi korapilatsu horretaz.

        Bururatu zitzaidanean gauerdian Bertoldekin egongo nintzela, biok bakarrik elizan, dardarak zeharkatu ninduen burutik oinetaraino, bere istorio hura irakurri ondoren. Batzuetan etsaiaren hurrengoa izan zitekeela uste nuen, bere izakera jator eta bihotz zabala gorabehera, eta nahiago izan nuen eguerdiko eguzki argitan berarekin elkartzea.

        Aldamio gainean aurkitu nuen petral antzean bere baitan bildurik, marmol zainak puntuen bidez margotzen. Beragana igo eta txarroak eskuratu nizkion isilik. Harriduraz begiratu zidan.

        — Zure eskulangilea naiz —esan nion emeki, beragan irribarrea sortuz.

        Bere bizitzaz hizketan hasi nintzaion orduan. Dena nekiela jabetu zen, eta nonbait lehengo gau hartan dena kontatu zidala uste zuen. Pixkana-pixkana izugarrikeria hartaraino heldu, eta orduan bat-batean esan nuen:

        — Zoramen amorratu hartan hil zenituen beraz ama semeak? Margoen txarroa eta pintzela erortzen utzi eta honela oihukatu zuen, niri begirada garratza luzatu eta bi eskuak gora altxata:

        — Esku hauek garbi daude nire emazte eta semearen odoletik!

        Horrelako hitz bat gehiago eta zurekin batera botako dut nire burua aldamiotik behera, elizako zoruaren harrian txiki daitezen gure kaskezurrak!

        Egoera estuan aurkitu nintzen orduan, eta hitz beste egitea iruditu zitzaidan denetan onena.

        — O, begira, Berthold maitea —esan nuen ahal bezain lasai eta hotz—, horman behera doa kolore hori iluna.

        Bertholdek niri begiratu eta pintzelaz horia igurtzi bitartean aldamiotik isilik jaitsi, elizatik irten eta profesoreagana joan nintzen nire bizkar barre egin zezan, indiskrezio zigortu harengatik.

        Nire ibilgailua konpondua zegoenez G.tik joan nintzen, Aloysius Walther profesoreak irmoki zin egin ondoren Bertholdekin zerbait berezirik gertatuez gero berehala idatziko zidala.

        Urte erdi inguru igaroa zen profesoreagandik eskutitza jaso nuenean, G.ko gure elkarraldi hura luzaz goraipatuz. Ondorengo hau idazten zidan Bertholderi buruz:

        «Zu joan eta aurki aldaketa gogorra izan zuen gure margolari harrigarriak. Bat-batean zeharo alaitu eta modurik zoragarrienean bukatu zuen erretaula handi hura, orain denak txunditurik uzten dituena. Desagertu egin zen orduan, eta berarekin ezer eraman ez zuenez eta handik egun batzuetara bere kapela eta makila aurkitu genituenez O... ibaitik urruti gabe, denok uste dugu bere buruaz beste egin duela.»

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia