AUTOMATAK

(Die Automate)

 

        Turkiar hiztunak sekulako arreta piztu zuen. Hiri guztia zeukan asaldatua: nola gazte hala zaharrak, nola agintari hala eskekoak, jendearen emanak gauera arte irauten zuen. Orakulua entzutera joaten ziren denak, irudi erdibizi erdihil harrigarri haren ezpain geldiek kuriosei xuxurlatzen zietena. Bere egitura guztiz berezia zen merkatu eta azoketan erakusgai egon ohi diren tramankuluen aldean, eta nornahi erakartzen zuen.

        Behar-beharrezko altzariz bakarrik jantzitako gela ez oso handi baten erdian zegoen eserita giza tamaina eta itxura oneko irudi hura, arropa turkiar aberatsez, hiru hankako aulki apal baten gainean. Inork eskatzen zionean artistak baztertu egiten zuen aulkia, solairuarekiko edozein lotura susmo gezurtatzeko, ezkerreko eskua belaunaren gainean zeukalarik eta eskuinekoa berriz mahai huts, aparte baten gainean. Esandako moduan, irudi hark tankera bikaina zeukan, baina burua zen denetan bereziena: ekialdeko begitarte zuhur haren bizitasuna guttitan aurkitzen da argizarizko irudietan, nahiz horiek gizaseme zuhurren izakera sendoko aurpegiak itxuratu. Hesi xume batek inguratzen zuen irudia, ondoraino hurbiltzea galaraziz; izan ere, sekretua igartzen saiatu gabe egitura ezagutu nahi zuena edo zerbait galdetzera zihoana bakarrik sar zitekeen barrura, irudiaren albora, beti ere artistari ongi iruditzen zitzaion heinean.

        Galdera eskuineko belarrira xuxurlatuez gero, turkiarrak lehenik begiak eta ondoren gorputz guztia galdetzaileagana jiratzeko ohitura zeukan; ahotik zerion arnasa ikusita, berriz, bazirudien bere erantzun isila irudi barrenetik zetorrela zinez. Erantzuna emateko garaia heltzen zenero, artistak irudiaren ezkerraldetik giltza sartu eta erloju mekanismo bati kuerda ematen zion, zarata handiarekin. Horretaz gain, leihatila bat irekitzen zuen eskatuez gero, eta irudi barrenean gurpil askodun tresneria agertzen zen; hark ez zuen inolako zerikusirik automataren mintzoarekin, baina betetzen zuen lekuarekin ezinezkoa zen irudi txokoren batean inor ezkutaturik egotea, nahiz ttikiagoa izan Augusto enperadorearen ipotx ospetsua baino, hostopilezko pasteletik irtendako hura. Erantzun bakoitzaren aurreko buru mugimenduaren ostean, turkiarrak aldian behin eskuineko eskua altxatzen zuen, behatzaz mehatxatu edo esku osoaz galdera baztertzeko bezala. Halakoetan, galdetzailearen grina berretuak erantzun nahasi edo elkor bat besterik ez zuen jasotzen; barruko gurpileriak buru eta besoen mugimendu hura ere erakuts zezakeen, ezinbestean izaki pentsalari baten ondorioa zela zirudien arren.

        Gogotik saiatzen zen jendea harreman motaren bat sumatu nahian, nota horma hala aldameneko gela eta altzariak ere ikertuz, baina alferrik. Irudia ezezik, artista ere mekanikari aski trebeen Argos-en begiek inguratzen zuten, baina zenbat eta nabariagoa izan norbait begira zeukala, orduan eta ageriagoa zen artistaren lasaitasuna. Gelako bazterrik urrunenean aritzen zen ikusleekin hizketan eta txantxetan, eta berezko bizitza balu bezala uzten zuen irudia, berarekiko loturarik behar izan gabe mugitu eta erantzun zezan. Artistak, ordea, ezin izaren zion irribarre ironiko antzeko bati eutsi mekanikariek aulkia eta mahaia alde guztietatik inguratu eta ukitzen zutenean; beheratu eta berriro argitan jarritako irudiari betaurreko eta handitzeko kristalez begiratzen zioten, gurpil multzo harrigarri hari deabruak bakarrik antzeman ziezaiokeela baieztatuz. Dena alferrik zen, eta irudiari ahotik zerion arnasa hauspo gordeen bidez sortua zenik eta artista sabeliztuna zeneko hipotesia ere berehala ezeztatu zen, artista ozenki aritzen baitzen hizketan ikusleren batekin, turkiarrak erantzun bitartean.

        Irudi haren apaindura eta ezinulertu miresgarri hura gorabehera, laster agortuko zen herritarren jakinmina artista gauza izan ez balitz beste era batean ikusleak bereganatzeko. Turkiarrak zabaltzen zituen erantzunen bizkar zegoen hori: galdetzaileari sakon begiratu ondoren, erantzunak batzuetan zuhurrak eta bestetan gordin samarrak izaten ziren; zenbaitetan adimen eta azkartasunez beteak bihurtzen ziren eta, harrigarria bada ere, baita oinazea sortzerainokoak ere. Sarritan etorkizunari buruzko iragarpen mistiko baten bidez txunditzen zuen inor, baldin eta galdetzaileak bere animarekin bat egiten bazuen. Are gehiago, turkiarrak sarritan galdera alemanieraz jaso eta galdetzaileak ere bazekien hizkuntza arrotz batean erantzuten zuen eta gainera ez omen zegoen erantzun borobilagoa ematerik, edo hain hitz guttiz gehiago adierazterik, aukeratutako hizkuntz hartan baino!

        Laburbilduz, la egunero izaten zen turkiar jakintsuaren erantzun erne eta zehatzen berri. Zer ote zen miresgarriagoa, gizasemea eta irudiaren arteko lotura misteriotsua, edo bestela galdetzailearen nortasunean sartze hura eta erantzunen azkartasun bakana; horrexez ari ziren hizketan ilunabar batez lagunarteko bilera batean, Ludwig eta Ferdinand ikaskideak ere tartean zeudelarik. Lotsatzekoa bazen ere oraindik turkiarra ez zutela bisitatu aitortu beharra zeukaten, nahiz eta gizalegezkoa izan bertara joatea, galdera zorrotz bakoitzari emandako erantzun miragarria ondoren denetara zabaltzeko.

        — Niri higuingarriak iruditzen zaizkit —zioen Ludwigek—, giza tankera ez baizik eta giza itxura isekatia duten irudi horiek guztiak, heriotza bizi edo bizitza hilaren estatuak. Mutil kozkorretan negarrez korrika irteten nintzen argizarizko irudi erakustokiren batera eramaten nindutenean, eta gaur egun ere ezin naiz horrelako erakustokietan sartu sentimendu latz ikaragarria nabaritu gabe. Agintari, heroe, hiltzaile eta lapur ospetsu guztien begirada izoztu, hil, kristalezkoak nigana zuzenduak ikusten ditudanero Macbethen hitzak datozkit gogora: Zergatik begiratzen didazu ezin banauzu ikusi? Berez, ziur nago gizaki gehienek nire sentimendu ikaragarri hau bera dutela, nigan nagusi dena adinakoa ez bada ere. Nabarmena da ere argizarizko irudi erakustokietan jende gehiena isilka mintzatzen dela eta guttitan aditzen dela ahots gorarik. Hori ez da agintarienganako begirunez baizik eta ikara eta laztasunaren ondorioa, azken horiek behartzen baitute ikusleen pianissimo-a. Areago, irudi hilen gizaki itxurako mugimendu mekanikoei nazkagarriak derizkiet eta ziur nago zuen turkiar bizkor, miresgarri horrek bere begi okertze, buru jira eta beso altxatzeekin munstro nigromanteak bezala jarraituko lidakeela lokartu ezineko gauetan. Ez naiz beraz bertara joan zale, eta nahiago dut besterengandik jakin hari edo honi adierazi dizkion ateraldi eta zuhurtasunak.

        — Egiaz —hartu zuen Ferdinandek hitza—, ezeri gizaki itxura ematearen zorakeriaz eta argizarizko irudi erdibizi erdihilei buruz esan duzun guztia bihotz barrenean daukat errotua. Alabaina automata mekanikoetan artistaren lan egiteko moduak erabakitzen du dena. Nik inoiz ikusi dudan automatarik perfektuenetakoa Ensleren Akrobata da; izan ere, bere mugimendu indartsu guztiak ikuskarriak izateaz gain, bere bat-bateko geldialdiak soka gainean eta buru imintzio atseginak txit barregarriak ziren. Halere irudi horiek ez dute pizten jende sentiberaren artean bestelako beldur honi, hain ohizkoa dena.

        Nire iritziz, ordea, gure turkiarra beste izaera batekoa da. Ikusi dutenen deskribaketaren arabera, daukan tankera bikain prestua erabat badaezpadakoa da, eta bere begi kizkurtze eta buru jiratzeak sekretuaren gakotik gure arreta saihesteko besterik ez dira. Turkiarrari ahotik arnasa dariola litekeena da, eta agian egia ere izango da, esperientziak hala erakusten duenez; horrek ez du esan nahi, baina, ebakitako hitzek sortzen dutenik arnasa. Ezbairik gabe, ikusizko eta entzunezko aparailu gorde, ezezagunen bidez galdetzailearekin harremanetan dago norbait, aditu eta erantzunak xuxurlatzen dituen irudipena emanaz. Lotura mota horretaz inortxok, ezta gure mekanikari trebeek ere aztarrenik ttikiena bildu ezinak adierazten du artistaren asmakizuna zeinen burutsua den, eta horregatik merezi du bere lanak gure arreta osoa.

        Ordea niri askoz miresgarriagoa iruditu eta gogotik erakartzen nauena gizaki ezezagun horren izpirituko indarra da, galdetzailearen gogoan barrena sartzen dela baitirudi: azkartasun eta argi-ilunpe izugarria ageri da maiz erantzunetan, hauek orakulu bihurtuaz, hitzaren zentzu estuan. Gai honetaz zenbait lagunengandik entzun ditudan gauzek hainbeste harritu naute non ezin diodan gehiagoan nire grinari eutsi, ezezagunaren azti miragarri horri neurria hartzeko; horregatik erabaki dut bihar goizean bertaratzea. Hori horrela, Ludwig maitea, panpina bizienganako beldurrak baztertu eta lagun nazazun gonbidatu nahi zaitut begirunez.

        Gogor ekin arren, Ludwigek amore eman behar izan zuen zelebretzat har ez zezaten, taldeko gehiagok ere beharturik eta lagunarte alegeratik alde batera ez geratzearren, biharamunean denak elkarrekin turkiar miragarriari tamaina hartzera joateko.

        Ludwig eta Ferdinand beste zenbait gazte alairekin Pan ziren, harako hitza emanak haiek ere. Turkiarra, ekialdeko gorentasun ukaezina eta, esan bezala, buru bikainekoa, Ludwigeri barregarria iruditu zitzaion sartu orduko, eta artistak giltza saihetsetik sartu eta gurpilak kirrinka hasi zirenean, buruzpide hari tankera baldar eta antzua emanik oihuka ekin zion nahi gabe:

        — Begira, jaunak! Geuk sabelean haragi errea besterik ez baina gure jaun turkiarrak burduntzi osoa dauka barru horretan.

        Denak hasi ziren barrez, baina artistari ziria nonbait gustatu ez eta berehala utzi zion kuerda emateari. Taldeko giro alai hura turkiar jakintsuari atsegin ez zitzaiolako edo goiz hartan aldarte onean ez zegoelako, kontua da galdera azkar eta zorrotzak izan asmo zuten gehienek erantzun zentzugabeak eta motelak jaso zituztela. Zorigaitzik handiena Ludwigena zen, orakuluak la inoiz zuzen ulertzerik ez eta oso zalantzazko erantzunak jaso baitzituen. Haserre zirudien artista eta automatagandik bazihoazen denak, asmo guztiak zapuzturik, Ferdinandek esan zuenean:

        — Egia da, jaunak, ez zaudetela oso pozik turkiar jakintsuarekin; baina gure galderetan bertan egon liteke koxka, agi danean ez baitzaizkio atsegin. Badirudi bere oraingo buru jiratze eta esku altxaldiek (hala ari zen irudia egiten) nire susmoa baieztatzen dutela. Ez non eta ez han beste galdera bat egitea bururatu zait, erantzun egokia jasoez gero automataren ohorea berehala salbatuko duena.

        Ferdinand irudiaren aurrean jarri eta hitz batzuk xuxurlatu zizkion belarrira isilik; turkiarrak besoa goratu zuen, ez zuela erantzun nahi adierazteko. Ferdinandek ordea lehengoari eutsi eta azkenean turkiarrak beragana itzuli zuen burua.

        Ferdinanden bat-bateko zurbiltasunaz ohartu zen Ludwig; laster berriro galdetu, ordea, eta berehala jaso zuen erantzuna. Irribarre behartu batekin hitz egin zion Ferdinandek lagunarteari:

        — Jaunok, niri dagokidanez behinik behin turkiarrak bere ohorea salbatu duela ziurta dezaket. Baina ahalik eta orakuluak orakulu misteriotsu izaten jarrai dezan, zilegi bekit nik zer galdetu eta berak zer erantzun didan isilik gordetzea.

        Ferdinand bere barruko asaldura gorde nahian aritu arren argi antzematen zitzaion egiten zituen ahaleginetan pozik eta bere onean zegoela emateko. Turkiarraren erantzun miresgarri eta zuzenenak ere ez zukeen lagunartean hain sentimendu arraroa, kasik beldurgarria sortuko, Ferdinanden estuasuna antzemanik. Joanak ziren aurreko alaitasunak, arestiko berritsuketaren ordez hitz solte bakanak jalki zituzten eta bekozko ilunez banakatu ziren.

        Ferdinand Ludwigekin bakarrik geratu orduko, honela hasi zitzaion:

        — Adiskidea, zuri ezin dizut ezkutatu: turkiarrak barren barrenetik hunkitu eta mindu nau, eta ez dut oinaze hau guztiz gaindituko orakulu beldurgarriak heriotza ez dakarkidan arte.

        Harri eta zur begiratu zion Ludwigek lagunari, Ferdinandek aurrera jarraitzen zuelarik:

        — Orain jabetzen naiz turkiarraren bidez gurekin harreman misteriotsuan dagoen izaki ikusezin horrek botere aski daukala gure pentsamendurik gordeenetan indar magikoz sartzeko; botere arrotz horrek, agian, argi eta garbi ikus dezake etorkizunaren ernamuina ere, kanpoko munduarekiko lotura mistikoan gure baitan haziz doana. Hartara, etorkizunean egokituko zaiguna jakin lezake, heriotzako ordua iragartzeko dohain hitsa daukaten gizonak dauden bezalaxe.

        — Berebiziko zerbait galdetuko zenion —gaineratu zuen Ludwigek—, baina agian garrantzi handiegia emango zenion orakuluaren erantzun dudatiari; hala, turkiarraren bidez bere burua ezagutarazten duen gizon txatxu horren indar mistikoari leporatuko zenion hain hunkigarria den zera hori, kasualitate hutsalen elkarketa bitxi batengatik.

        — Kontraesanean zaude —hartu zuen Ferdinandek hitza—, beste batzuetan kasualitateari buruz aho batez esaten dugunarekin. Dena jakin dezazun eta gaur egun neure barrena zeinen aztoratua eta hunkitua dagoen kontura zaitezen, orain arte isilean eduki dudan neure iragan bizitzako zerbait adieraztera noakizu konfidantzan.

        «Badira zenbait urte nire aitaren Prusia Ekialdeko ondasunetatik B.ra itzuli nintzela. K.ra heltzean gazte kurlandar batzuekin topatu nintzen, B.rako bidean beraiek ere, eta elkarrekin abiatu ginen hiru zaldikotxetan. Pentsatuko duzunez, gaztaroko lehen ernealdi hartan diruzorroa ongi beteta mundutik bidaia genezakeenoi bizinahiak ia lasaikeria gordineraino egiten zigun gainez. Barrez lehertzen egiten genituen eroaldirik handienak, eta oraindik gogoan daukat eguerdi batean M.ra iritsi eta zaldien ugazaba andreari ilekosare guztiak lapurtu genizkionekoa; ondoren bere protestak aintzat hartu gabe sareak jantzi eta etxe aurrean tabakoa erreaz ibili ginen harantza eta honantza, sekulako jendetza erakarriz, harik eta postiloiaren adar-dei alaiarekin berriro bideari lotu ginen arte.»

        «Aldarterik onenean heldu ginen D.ra, bertako bazter ederretan egun batzuk geratzeko asmoz. Egunero egiten genituen irtenaldi alaiak. Behin batean gauera arte ibili ginen Karlsberg eta inguruko bazterretan, eta ostatura itzultzean zain geneukan aurrez agindutako pontxe goxoa. Itsas aireak arnasa berotuta, gogoz heldu genion harixe. Pultsua zainetan taupaka eta odola zainetatik suzko ibaia bezala zihoakidan galdetan, berez mozkortuta ez egon arren. Azkenean nire gelara itzuli ahal izan nuenean ohe gainean etzan nintzen zerraldo, baina nekatuta egonagatik neure loak ametsetako gogoetaren antza gehiago zeukan, inguruko guztia aditzen bainuen. Bazirudien aldameneko gelan isilka ari zirela hizketan, eta azkenean gizon ahotsa bereizi nuen argiro esanaz:

        — Orain lo egin ezazu eta garaia denean prest egon.»

        «Ateren bat ireki, ostera itxi eta isilune sakona nagusitu zen denean, handik guttira piano baten akorde xumeek eten zuena.»

        «Badakizu, Ludwig, musika doinuen lilura zenbatekoa den beren oihartzuna gau isilean zabaltzean. Akorde haien bidez izpiritu baten ahots xarmantak hitz egiten zidala ematen zuen. Zirrara atsegin hartan murgildu nintzen guztiz, fantasia edo musika piezaren batek jarraituko zuelakoan, baina ez nintzen gutti harritu emakume ahots eder, zerutiar bat melodia bihotzerdiragarriz kantari hasi zenean:

 

                Mio ben ricordati

                s'avvien ch'io mora,

                quanto quest' anima

                fedel t'amò.

                Lo se pur amano

                le fredde ceneri

                nel urna ancora

                t'adorerò!»

 

        «Nola azalduko dizut inoiz ezagutu eta inoiz somatu gabeko nire sentimendu hura, batean crescendo eta bestean decrescendo zihoazen doinu luze haiek nigan piztu zutena? Melodia bakan, ezezagun hura —maitasunik saminenaren malenkonia sakon, eztia— batean goraino igotzen zen melisma xumez, kristalezko kanpai hotsekin, eta bestean beheraino jaisten zen, itxaropenik gabeko lanturu baten hasperen lodietan hiltzera balihoa bezala; berealditako pozak astintzen zuela nire barrena sentitu nuen, izugarrizko oinaze irrikatsuak bularra tinkatu, arnasak huts egin, eta hondoa jotzen nuela zeruko atsegin itzel haren pean. Ez nintzen mugitzera ausartzen eta nire anima osoa, nire gogo osoa neukan jarria huraxe entzuteko. Aspaldi mututuak ziren doinu haiek, harik eta bertan suntsituko ninduela zirudien tentsio hura negar jario batekin hautsi nuen arte.»

        «Azkenean loak hartu bide ninduen, adar hots ozen batek esnaturik zalapartan jaiki nintzenean goizargiaren distira baitzegoen nire gelan. Agi danean ametsetan bakarrik bizitu nuen neure ustez munduan aurki daitekeen zorion eta pozik handiena zen hura: hau da, neskatila eder, egoki bat zegoela nire gelara sartuta. Kantaria zen, eta ahots goxo, xamurrez hitz egin zidan:

        — Honela aise ezagutuko ninduzun, Ferdinand maitea, baina ongi nekien kantuan aritzea aski nuela berriro zure baitan berpizteko. Izan ere, doinu bakoitza zure bihotzean pausatu da eta ni ikusi orduko egin du oihartzun.»

        «Hura poza hartu nuen nire maitemina zela ikusi nuenean, umetatik bihotzean neramana, patu gaiztoak apaldi nigandik urrundu eta orain zorionez berriro aurkitua. Baina nire maitasun gartsuak desira sakonezko melodia hartantxe egin zuen oihartzun, eta gure hitzak, gure begiradak doinu bikainak bihurtu ziren, suzko ibaian bezala elkarrekin dariola.»

        «Erabat esnatu nintzenean onartu beharra izan nuen ametsetako irudi zoragarri hura ez zela antzinako inongo oroitzapenek sortua: lehenengo aldiz ikusi nuen neskatila eder hura. Buila handian eta gogot ari ziren etxe aurrean hizketan. Modu mekanikoan agudo jaiki eta inguratu nintzen leiho aldera: gizon adindu, apain jantzinako bat postamutilei errietan ari zitzaien, orga arineko zerbait hautsi zutelako. Azkenean dena antolatzez bukatu eta gizonak oihu egin zuen goiko aldera:

        — Dena zuzen dago. Bagoaz.»

        «Orduan jabetu nintzen nigandik hurbil emakume bat zegoela leihora aterata, eta berehala ezkutatu zen. Bidai sonbreru handi samarra zeramanez, ez nuen bere aurpegia ikusterik izan. Etxeko ataritik irten zenean jiratu eta gora begiratu zuen, ni nengoen aldera. O, Ludwig, kantaria zen! Nire ametseko imajina. Begi zerutiar haiek nigan ezarri ziren eta iruditu zitzaidan kristalezko doinu baten argi printzak jo zuela nire bularra eztenkada gori batek bezala, mina nabaritu nuen gorputzean, dardarka neuzkan zuntz eta zain guztiak eta berebiziko plazer hark lurrari josita nindukan. Laster sartu zen organ eta postiloiak adarrari haizeman zion, txantxetan bezala piezatxo bizia osatuz. Berehala ezkutatu ziren kale kantoian barrena. Ametsetan bezala geratu nintzen leihoan. Kurlandarrak nire bila sartu ziren gelara, aurrez erabaki genuen txangorako. Ez nuen txintarik esan eta gaixotzat hartu ninduten: nola aipatuko nien bada gertaturikoaz ipitzik ere? Uko egin nion nire ondoan bizitutako arrotz haien galdera egiteari ostatuan, besteren ezpainetako hitzek nire bihotzeko sekretu goxoa likistuko zutelakoan. Orduztik aurrera nire maite betikoa bihotzari atxikita eraman nahi nuen zinez, nahiz eta gehiago ikusi ez.»

        «Ulertu ahal izango duzu, bihotzeko ene laguna, nire orduko egoera. Horregatik ez didazu errietarik egiten maite ezezagun haren aztarnaren bat biltzeko izan nuen zabarkeriagatik. Nire aldarte hartan kurlandar talde alaia desatsegina bihurtu zitzaidan eta beraiek ezer igarri aurretik gau hartan bertan aldegin eta B.rako bidea hartu nuen, nire lehengo asmoei jarraituz.»

        «Badakizu ttikitatik ongi samar marraztu dudala. B.n maisu trebeen gidaritzapean jarri nintzen, miniaturen margogintzan, eta baita denbora guttian hainbeste aurreratu ere non nire helburu nagusia bete ahal izan nuen: hau da, emakume ezezagun haren ahalik eta irudirik antzekoena duintasunez margotzea. Ezkutuan eta giltzapean margotu nuen erretratua. Gizakiaren begiek ez dute inoiz ikusi. Neurri berdineko beste irudi bat markuan jarrarazi eta nahikoa lanen ondoren maitearen erretratua gainean ipini nuen, orduztik bularrean daramadan bera.»

        «Nire bizitzan lehenbiziko bider mintzatu natzaio inori nire inoizko mementurik garrantzizkoenaz eta zeu zara, Ludwig, nire sekretuaren partaide egin dudan bakarra. Baina kanpoko indar zital hori barruraino sartu zait gaur. Turkiarrari hurbildu natzaionean honela galdetu diot, bihotzeko nire maitea gogoan:

        — Bizituko al dut etorkizunean beste mementurik, garai batean adinako zoriona ekarriko didanik?»

        «Turkiarrak ez erantzutekoa egin du, konturatuko zinenez. Azkenean, amorerik ematen ez nuenez, jartzen zait eta:

        — Zure bularrari begira nago, baina aurreko urre distiratsuak ikusmena eragozten dit. Jira ezazu erretratua!»

        «Ez daukat hitzik nire zirrara adierazteko. Ohartuko zara nire barruko hunkiduraz. Turkiarrak esan bezalaxe neukan erretratua bularrean; inor konturatu gabe hura itzuli eta errepikatu diot galdera. Goibel hitz egin dit:

        — Gizarajoa! Berriro ikusi bezain laster galduko duzu!»

        Gogoeta sakonetan murgildutako laguna hitz adoretsuz zuzpertzen saiatzera zihoan Ludwig, orduantxe ezagun batzuk azaldu eta eten zituztenean.

        Turkiar jakintsuak emandako erantzun misteriotsu berriaren zurrumurrua hirian zehar zabaltzearekin batera zer suman hasi zen jendea, ea zein zorigaiztoko profeziak larritu ote zuen hainbeste Ferdinand arduragabea; barra-barra egiten zizkieten galderak biei, eta bere laguna estuasun hartatik ateratzeko, Ludwig abenturazko istorio bat asmatu beharrean aurkitu zen, jende artean zabaltzen zihoan heinean egiatik guttiago zeukana.

        Ferdinandi turkiar harrigarria bisitarazi zion talde hark astero elkartzeko ohitura zeukan. Hurrengo bileran bertan aipatu zuten turkiarra, Ferdinandengandik zerbait aditu nahian aldarte ilun hartan jarri zuen gorabeheraz, bera alferrik gordetzen saiatu arren. Ludwig argi ohartzen zen bere lagunaren barrena ikaran zegoela; izan ere indar arrotz, beldurgarri hark bularreko sakonenean gordeta zeraman maitasun fantastikoaren sekretua ikusi ahal izan zuen. Bera ere Ludwig bezain ziur zegoen, gauzarik sekretuenetaraino iristen zen indar haren begiradarentzat etorkizunaren nondik norako misteriotsua ere gauza jakina izan zitekeela. Ludwigek orakuluetan sinistu beharra zeukan, baina laguna mehatxatzen zuen adur gaiztoko aitorpen zital haren berri izatean ezinikusia hartu zion turkiarraren bitartez mintzo zen izaki gordeari.

        Horregatik egiten zien gogor irudiaren miresle ugariei, eta norbaitek adierazi zuenean automataren berezko mugimenduak ikuskarriak zirela eta modu horretan orakulu antzeko erantzunek sortutako zirrara handiagoa zela, Ludwigek esan zuen turkiar prestuaren begi kizkurtze eta buru jiratzeak zelebrekeria hutsa iruditu zitzaizkiola. Eta gainera ustekabean aldegin zion ateraldi hark humore txarrean jarri omen zuen artista eta agian baita ezkutuan ziharduen izakia ere, ondorengo erantzunak anitzez motelagoak izateaz gain ez baitzuten batere zentzurik.

        — Aitortu beharra daukat —gehitu zuen Ludwigek—, sartu bezain laster, irudi hark nire intxaurrausteko ñimiñoa gogorazi zidala, artean mutil kozkorra nintzelarik lehengusu batek behin Eguberritan oparitua. Gizontxoak aurpegi petral barregarria zeukan eta intxaur gogorren bat txikitzerakoan bere begi handi, nabarmenak kizkurtzen zituen barruko tresnaren bidez, irudiari halako bizitasun zelebrea emanaz non ordutan aritzen nintzen huraxe hartuta jolasean, ipotx hura nire esku artean benetako mandragora bihurtzeraino. Handik aurrera txotxongilorik perfektuenak ere traketsak eta geldoak ziren nire intxaurrausteko ederraren aldean.

        «Erruz hitz egin zidaten Danzigeko arsenaleko automata miresgarriei buruz, eta orain dela urte batzuk Danzigen suertatu nintzenean ez nuen aukera hura huts egin nahi izan. Salan sartu eta berehala Alemania zaharreko soldadu bat nigana bizkor inguratu eta tiro egin zuen bere armaz, sabai zabalean barrena zakar zartatuz. Ahaztu ditudan antzeko beste bitxikeria gehiagok ere harritu ninduten, baina azkenean beste sala batera eraman ninduten, Mayors gerraren jainko beldurgarria korte guztiarekin zegoen lekura. Martitz bera jazkera grotesko samarrez zegoen eserita mota guztiko armaz apaindutako tronuan, zaindari eta gerrariz inguratua. Tronu aurrera heldu ginen orduko danbor joka hasi ziren bi soldadu, eta txilibitu jotzaileak berriz ikaragarrizko hozki hotsarekin haizemanka, belarriak ixteko gogoa emateraino. Gerraren jainkoak orkestra txarra zeukala iradoki nuen, jaun goren harentzat desegokia, eta arrazoi eman zidaten. Azkenean danborrak eta txilibituak isildu eta zaindariak burua jiraka eta halabardaz lurrean danbaka hasi ziren, harik eta gerraren jainkoak begiak maiz okertu ondoren eserlekutik zutitu eta gugana etortzekoa egin zuen arte. Laster bota zuen ordea bere burua berriro tronu gainera, eta beste danbor eta txilibitu saio laburraren ostean dena lehengo lasaitasun astunera itzuli zen. Automata haiek denak ikusita, kanporako bidean nire artean esan nuen: «Nahiago diat nire intxaurraustekoa». Eta orain ere, jaunak, turkiar jakintsua ikusi eta gero hala diot berriro: «Nahiago diat nire intxaurraustekoa».»

        Barre handiak egin zituzten, baina denak ados zeuden Ludwigen iritzia benetakoa ez baizik eta txantxetakoa zela; izan ere aintzat hartu gabe automataren erantzunek gehienetan zuten azkartasuna, ez eta ere gizaseme gordea eta turkiarraren arteko igarriezinezko lotura, irudiaren bidez mintzatzeaz gain galderen araberako mugimenduak eragiten zituena; nolanahi ere miresgarria zen, eta azken batean mekanika eta akustikaren arloan maisu lana.

        Hala onartu behar izan zuen Ludwigek berak ere, eta aho batez goretsi zuten denek artista atzerritarra. Hartan agure bat altxa zen eserlekutik, normalean gutti hitz egin eta ordurarte elkarrizketan esku hartu ez zuena, bukaeran izaten baitzuen hitzen batzuk gehitzeko ohitura, beti ere gaiari estuki lotuak. Hala, gizalege osoz hasi zen:

        — Arren entzun nazazuen eskatzen dizuet apalki, jaunak. Arrazoi osoz goraipatzen duzue aspaldi honetan hainbeste erakarri gaituen artelan bakan hori; baina hori erakusten duen gizon arrunta arrazoirik gabe izendatzen duzue artista, ez baitauka inongo zerikusirik lan horren bikaintasunean. Horren jatorria artearen arlo guztietan jantzita dagoen gizon batengan dago, azken urteotan gure hiriko murru artean bizi ezezik guk denok ezagutu eta ohoratzen duguna.

        Harriduraren harriduraz ekin zioten agureari galdezka eta honek horrela jarraitu zuen:

        — Aipagai dudan gizona X. profesorea da. Turkiarrak bi egun zeramazkien hemen jadanik, inork beragan ezer asko erreparatu gabe; profesorea ordea ezin egon harengana joan gabe, gogotik interesatzen baitzaio automata izeneko guztia. Turkiarraren erantzun pare bat jaso orduko, baina, eraman artista txokora eta hitz batzuk esan zizkion belarrira. Hau zurbildu egin zen eta gela sarrailez itxi zuen, bertaratutako kurios bakarrak joan zirenean. Iragarkiak kale kantoietatik ezkutatu eta ez zen turkiar jakintsuaz beste konturik aditu, harik eta handik bi astetara ohar berriak azaldu ziren arte; orain hain misterio argituezina den buru eder berria eta gainerako egitura guztiarekin azaldu zen turkiarra. Orduezkero dira erantzunak hain azkar eta zentzuzkoak ere. Ez dago inongo zalantzarik hori guztia X. profesorearen lana dela, artista egunero joaten baitzen profesorearen etxera, automata agertzen ez zuen bitarte hartan; era berean, jakina da irudia jasota zegoen eta oraindik ere dagoen hoteleko gela berean izan zela profesorea zenbait egunez erreskadan. Zeuok atera ondorioak, jaunak, baina jakin ezazue profesorea musikazko automata bikainenen jabe dela, eta denetariko mekanika eta magia gaiak direla eta ez direla gutunezko harreman etengabean dagoela aspalditik B. kontseilariarekin, eta zein baino zein aritzen direla biak; bere esku dauka, beraz, mundua harriduraz betetzea. Baina ezkutuan ari da lanean eta asmaketan, nahiz eta benetako gogoa eta zaletasuna daukatenei bere artelan bakanak atsegin handiz erakusten dizkien.

        Zinez, denek zekiten X. profesorea, bere fisika eta kimika jakintza arlo nagusiez gain artelan mekanikoekin ere aritzen zela, baina lagunarteko bakar batek ere ez zuen igarri turkiarrarekiko bere zerikusia, eta aditzeraz bakarrak ezagutzen zuten agureak aipatutako arte erakustokia. Ferdinand eta Ludwigek asaldura bitxia nabaritu zuten X. profesorea eta automata arrotz haren arteko loturari buruzko agurearen txostenarekin.

        — Ezin dut zure isilpean gorde —esan zuen Ferdinandek— itxaropena jalo zaidala; alegia orain hain latz lotuta naukan sekretuaren aztarna bilduko ote dudan, X. profesoreagana baldin banoa. Izan ere baliteke bai turkiarra, edo areago, orakulua bideratzeko darabilen pertsona gordea eta bai ni lotura harrigarrian gaudela jakiteak nire burua lasaitzea eta hitz beldurgarri haien zirrara guttitzea. Erabakia hartuta daukat, bere automatak ikusteko aitzakiarekin gizon misteriotsu horren ahalik eta ezaguerarik estuena egiteko, eta bere artelanak musikazkoak omen direnez zeuri ere interesgarria gertatuko zaizu nirekin etortzea.

        — Bestela ere nahikoa atsegina zait zuri nire babesa ematea, hitzez eta egitez —erantzun zuen Ludwigek—. Ezin dizut halere ukatu, X. profesoreak makina horretan duen eraginaz agureari entzun ondoren ideia bitxi anitz igaro zaizkidala burutik, nahiz eta gugandik hurbil dagoena agian urruneko bidetan bilatzen ari naizen. Izan ere ezin ote liteke izan, misterioaren argia gugandik hurbil bilatuz, pertsona ikusezin horrek lehendik jakitea bularrean irudia zeneramala eta hartara hitz konbinazio arrakastatsu batengatik egiaren itxura ematea? Zorigaiztoko iragarpen hori da, apika, guk turkiarraren jakinduriari egindako isekaren ordaina.

        — Lehen ere esana dizut —erantzun zion Ferdinandek—, animarik ez dagoela nire erretratu hori ikusi duenik, eta ez diodala nire bizitza guztian inori kontatu gertaera hunkigarri hori: ezinezkoa da turkiarrak horren berri izatea modu arruntean! Urruneko bidetan bilatzen duzuna, apika, askoz hurbilago dago egiatik.

        — Hona hemen nire ustea —esan zuen Ludwigek—: automata hori ikuskizun aparta da, nahiz eta gaur nire iritziak desberdina ematen zuen; eta argi dago artelana itzaletik zuzentzen duen ezezagun honi askoz jakintsuagoa dela inozoen moduan ahoa bete hortz mirespenez begira egoten direnek uste dutena baino. Irudia ez da komunikaziorako bidea besterik, baina ez dago ukatzerik oso trebe aukeratua daudela nola bere tankera hala bere mugimenduak, egokituta baitaude inoren arreta sekretuari atxiki eta galdetzailea airean jartzeko, horrela izaki erantzulearen nahiari jarraituaz. Bistan da irudi barruan ez dagoela gizaki batentzako tokirik, eta beraz entzunezko trikimailuren batengatik iruditzen zaigu erantzunak turkiarraren ahotik datozkigula. Hori nola dagoen antolatua, erantzuten duen pertsonak nolatan daukan ahalmena galdetzailea ikusi, entzun, eta atzera ulertzeko moduan mintzatzeko, niretzat erabateko misterioa da oraindik. Guzti horretarako artistak ezagupen akustiko eta mekaniko onak behar ditu aldez aurretik, eta baina zentzu bikaina ere, edo hobeto esanda maltzurkeria franko, ahal dituen bitarteko guztiak baitarabilzki guri ziria sartzeko. Aitortu beharra daukat ere sekretu hori argitzea guttiago interesatzen zaidala askoz gauza garrantzitsuagoa dena baino, hain zuzen ere turkiarrak maiz galdetzailearen anima ikusten dueneko irudipena; alegia, berak zeuri frogatu aurretik aipatu zenuenez, zulatu egiten duela inoren gogo barruraino.

        «Badirudi izaki erantzule horri posible zaiola guretzat ezezagunak diren bideak erabiliz gugan eragin psikikoa edukitzea, eta gurekin halako izpirituzko loturan jartzea non gure gogoa eta nortasun osoa atxikitzen dituen. Nolanahi ere, ez ditu gure sekretu gordeak argiro adierazten baizik eta estasian bezala, inoren izpirituarekin bat egin ondoren; hala, geure barrua izpirituaren begiarentzat agerian jarri eta bertako zera guztiak azaleratzen dizkigu. Botere psikiko horrexek astintzen ditu bestela zarata nahasia bakarrik ateratzen duten gure barruko sokak, dardarka eta soinuan jarriz, eta hala argiro entzuten dugu armonia garbia. Baina geu gara gure buruari erantzuna ematen diogunak, kanpoko izpiritu arrotzak barruko ahotsa guretzat ulerkorragoa egin ondoren; eta asmakizun nahasiak, pentsamenduaren arabera taxuturik, orakulu argi bihurtzen dira. Maiz ametsetan ahots arrotz batek zerbait irakasten digunean bezala da, guk jakin ez edo behintzat zalantzan geneukana; ahots hori, halere, itxuraz jakintza ezezagunak eskuratzen dizkiguna, geure barrutik dator eta ulertzeko moduan hitz egiten digu. Bistakoa da turkiarrak, atzeko izpiritu gorde horrek alegia, guttitan daukala beharra galdetzailearekin harreman psikikoan jartzeko. Ehundaka galdegilek azaleko erantzuna jasoko dute, beren nortasunaren arabera; eta sarritan aski izango da erantzulearen berezko azkartasunak edo izpiritu erneak behar bezala zorroztutako ateraldi zolia, galderaren sakonerak bestelakorik ezinezko egiten duenean. Galdetzaile aztoratuak modu desberdinean hitz egingo dio turkiarrari eta honek orduan lotura psikikoa ezartzeko bideak finkatuko ditu, boterea emanaz galdetzailearen barren-barrenetik erantzuteko. Galdera sakonei berehala erantzuteko turkiarraren ukoa agian ez da bere bitarteko ezkutuak erabili ahal izateko beta lortzearren besterik. Hori da nire iritzia, bene-benetan, eta ikusten duzunez, artelan horren inguruan ez naiz gaur sinistarazi nahi nizuen bezain axolakabe: baliteke seriosegi hartu izana ere! Halere ez nuke aipatu gabe utzi nahi, nirekin ados baldin bazaude ere, ez dizudala ezer esan lasaituko zaituenik.»

        — Oker zaude, lagun maitea —erantzun zuen Ferdinandek—. Zure ideiak nire animako ilunpearekin, bat etortze horrek harritzeko moduan lasaitzen nau. Neure esku bakarrik dago nire sekretu maitea profanatua izan ez dadin, bai baitakit nire lagunak ere leialki zainduko duela, konfidantzan emandako gauza sekretu bezala. Halere beste xehetasun bat ere aipatu beharrean natzaizu, orain arte gogoratu ez zaidana. Turkiarrak zorigaiztoko hitz haiek jalkitzean, ustez behintzat melodia lanturos hura aditu nuen, Mio ben ricordati s'avvien ch'io mora, doinu eten, banakatutan; eta gero, berriz, aspaldiko gau hartako ahots jainkotiar haren akorde luze, bakarra igaro zen nire buru gainetik.

        — Neuk ere ez dizut ezkutatuko —esan zuen Ludwigek—, zeuk erantzun isil hura jaso zenuen unean bertan, kasualitatez, artelana inguratzen duen itxituraren gainean neukala eskua jarrita; dardara nabaritu nuen eskuan eta neuri ere iruditu zitzaidan gelan barrena musika doinua labaintzen zela, kantu tankera ematerik izan ez nion arren. Ez nion kasu handirik egin zeren ondo dakizunez irudimena beti musikaz betea baitaukat, eta hori dela eta nahasketa harrigarriak izan ditut dagoeneko. Ez nintzen gutti harritu, halere, jakin nuenean zeinen lotura misteriotsua zegoen, bateko doinu lanturos hura eta besteko turkiarrari galdera egitera bultza zintuen D.ko gertaera dohakabe haren artean.

        Ferdinandek bere lagun maitearekiko harreman psikikoaren frogatzat hartu zuen hark ere doinua aditu izana, eta gero eta gehiago murgiltzen zirenez izpiritu hurbilen arteko lotura psikikoen sekretuetan, eta beti ondorio bizi, miresgarrietara iristen zirenez, azkenean Ferdinand arindua sentitu zen turkiarraren erantzuna jaso zuenez gero bularra zapaltzen zion zama astunetik. Kementsu zegoen zorigaitz haren aurka ekiteko:

        — Nola galduko dut bada —esan zuen—, neure baitako erregina dena eta hain sendo errotua egonik nire heriotza arte suntsituko ez dena?

        Itxaropenez beterik ustez egiatzat zeuzkaten susmo haiekin, X. profesoreagana loan ziren azalpen argiagoen bila. Urtez oso aurrera eta modaz kanpo jantzitako gizona aurkitu zuten, itxura alai, modu desatseginean zulatzen zuten begi gris ttiki, eta aho ertzean irribarre zuriarekin.

        Bere automatak ikusteko nahia adierazi ziotenean, esan zuen:

        — Hara! Artelan mekanikoen zale zarete? Ala dilettante-ak agian? Europa guztian eta mundu ezagun guztian ere alferrik bilatuko zenuketena aurkituko duzue hemen.

        Bere artelanez hitz egiterakoan profesorearen ahotsa biziki higuingarria zen, tenore garrasilari disonante batena, marrukako saltzaileen antzekoa. Zarata handiarekin giltza hartu eta artelanak zeuzkan gela ireki zuen, fintasun eta apainduraz jarria. Erdian, koska baten gainean, piano handi bat zegoen; eskubitan, benetakoaren tamainako gizon irudia, eskuan txirularekin; ezkerretan, emakume irudia zegoen eserita piano antzeko musika-tresnaren aurrean, eta honen atzean bi mutiko, danbor handia eta triangeluarekin. Gibelean, jadanik ezagutzen zuten orkestrioia ikusi zuten bi lagunek, eta musikazko ordulariak paretaren jira guztian. Hartan, profesorea orkestrioia eta ordularien artetik arin igaro eta automatak ukitu zituen pasaeran. Orduan pianoan eseri eta martxarako andantea hasi zen pianissimo jotzen; errepikatzerakoan, xirulariak xirula ahoan ipini eta leloa haizematen hasi zen, mutiko bat danborra emeki jotzen erritmoari jarraituz, eta bestea triangelua eztiro ukitzen. Handik guttira andrea elkartu zitzaien akorde txit egokiekin, teklak zapaltzean armonikaren antzeko doinua sortuaz. Aretoko giroa bizitzen zihoan, musikazko ordulariak erritmo zehatzez elkartzen ziren bata bestearen ondoren, mutikoak gero eta gogorrago astintzen zuen danborra, triangelua zorrotz entzuten zen gela guztian eta azkenean orkestrioiak turutotsei ekin zien fortissimo, dena dardarka jartzeraino, harik eta profesoreak eta bere makinek azken akorde batez amaitu zuten arte.

        Lagunek txaloaldi batekin saritu zuten profesorea, bere irribarrezko begirada maltzur eta alai hark itxuraz irrikatzen zuen gauza. Automatengana hurbildu eta antzeko musika emaitza gehiago eskaintzeko zorian zegoen, baina bi lagunek, aurrez erabaki balute bezala, egiteko larri bat aitzakiatu zuten aho batez eta denbora gehiagoz geratzea ezinezkoa zutela esanaz, mekanikaria eta bere makinengandik loan ziren.

        — Ez al zaizu dena oso artistikoa eta ederra iruditu? —galdetu zuen Ferdinandek.

        Baina luzaroan haserreari eutsi ezinik egon balitz bezala lehertu zen Ludwig:

        — Gaizkitxo sartu digu ziria profesore madarikatu horrek! Non dira desio genituen azalpenak? Zertan dira profesore burutsu horrekin izatekoak genituen elkarrizketa aberatsak, Sais-era joaten ziren ikasleenak bezalakoak?

        — Horren ordez —esan zuen Ferdinandek—, berebiziko artelan mekanikoak ikusi ditugu. Baita musika bera aintzat hartuez gero ere! Agi danean xirularia Vaucanson-en asmakari ospetsua da, eta behatzen mugimendua arautzen duen mekanismo bera darabil emakume irudiarekin ere, musika tresnetan oso doinu atseginak sortuaz. Bikaina da makinen elkarketa hori!

        — Horrexek berak erotu nau bada! —ekin zion Ludwigek—. Makinen musikak, eta baita profesorearen piano emanaldiak ere halako jipoia eta egurra eman dit non hezur mamitaraino sartu zaidan, eta ez dut luzaroan gaindituko.

        «Gizakiak hildakoekin elkartze hori, gizakien gorpuzkera eta mugimendua itxuratuaz, hunkigarria eta zirraragarria da niretzat, izugarria ezezik. Gogoan darabilt posible litzatekeela barne-tresneria gorde baten bidez irudiak arintasunez eta artistikoki dantzan jartzea; baita gizakiekin batera dantzan ibili eta denetariko itzulinguruak eginaz jiratzen eta bihurrikatzen ibiltzea ere, dantzari biziak zurezko hila besotik hartuta harantza eta honantza. Jasango al zenuke halakorik minutu bakar batez, barruko ikara nabaritu gabe? Baina gainera ziztrina eta nazkagarria iruditzen zait makinen musika, eta neure ustez galtzerdi makina on batek askoz balio gehiago dauka musikazko ordulari dotore, perfektuenak baino.»

        «Haizezko instrumentuek jo dezaten erabilitako ahoko arnas jarioa bakarrik ote da, ala, aldiz, sokazko instrumentuei eragiten dieten behatz zalu, malguak ote dira gu halako xarmaz liluratzen gaituztenak eta gugan lur honetan berdinik gabeko sentipen ezezagun, adierazezinak pizten dituztenak, hau da, lurreko ezerekin hartuemanik ez duten sentipenak, izpirituen erresuma urrunaren eta gure izaera gorenaren irudipena sortuaz?»

        «Ez ote da ordea anima bera izango organu fisiko hori inoren bihotz barreneko hotsa bizitzara ekartzeko darabilena, denok entzuteko moduan, eta horrela guztion baitan oroitzapen berdinak iratzartzen dituena, ondoren izpirituari oihartzun armonikoan erresuma miresgarri hori irekitzeko eta bertatik doinuak suzko izpiak bailiran jaurtitzeko?»

        «Haizebide, malguki, haga, zilindro eta mekanika saileko beste aparailuen bidez musika sortu nahi izatea zentzugabeko eginahala da, animaren barne indarrak bakarrik eman baitiezaioke ezeri bizitza, baita mugimendu ñimiñoenean ere. Musikagileari lepora dakiokeen okerrena sentimendurik gabe jotzea da, horrela musikaren berezko izaera hondatzen baitu, edo, areago, musika horren bidez musika bera suntsitzen; hala eta guztiz ere, jotzailerik geldo eta elkorrena ere askoz hobea izango da makinarik perfektuena baino, ezinezkoa baita hari bere emanaldian barrena unetxo bakar batez ere zirrararik ez sortzea, eta hori, noski, ez zaio makinari inoiz gertatuko.»

        «Mekanikoen ahaleginak giza organuak gero eta gehiago musika doinuen sorkuntzari egokitzeko edo makinen bidez ordezkatzeko, ene ustez gerra aitortzea da izpirituaren oinarriari; azken horien botereak gora egiten du distiraz, bere aurka diharduten indarrak ugariago diren heinean. Hori horrela, mekanikaren ikuspegi horretatik perfektuena irizten zaion makina niretzat txatxukeria bat da, eta aitzitik organilo xume bat, alegia izan daitekeen gauzarik mekanikoena, askoz nahiago dut Vaucanson-en xirularia eta armonika jotzailea baino.»

        — Zeharo bat nator zurekin —esan zuen Ferdinandek—. Hitzez adierazi duzu argiro aspaldian barrenean eduki eta batez ere gaur profesorearen etxean bizi-bizian nabaritu dudana. Musikari zu bezain lotua eta atxikia ez nagoen arren, eta beraz nolanahiko akatsei horren azkar antzematen ez diedan arren, halere betidanik higuingarria iruditu zait makinen musika hotz, hil hori. Oraindik gogoan daukat mutil kozkorretan aitaren etxeko harpa-ordulari handi batek izugarrizko egoneza sortzen zidala, bere ordueroko joaldiekin. Tamalgarria da hain mekaniko trebeek beren jakintza guztia kalterako huskeriatan erabiltzea, eta ez musika instrumentuen hobekuntzan.

        — Egia da hori —gaineratu zuen Ludwigek—. Teklazko instrumentuetan bereziki zeregin handia dago, arlo zabala irekitzen baitiote mekaniko trebeari; harritzekoa da, adibidez, zenbateraino dagoen aurreratua pianoaren egitura, horrek doinua eta erabilkeran dauzkan ondorio ugariekin.

        «Izan ere, ez al da musika saileko mekanikorik onena naturaren berezko hotsak zelatan aditzen dituena, denetariko gorputzen barruan bizi diren soinuak aztertzen dituena, gerora musika misteriotsu hori tresnaren bati txertatzen ahalegintzeko, gizakion nahia beteaz ukitu ahala hotsa atera dezan? Metale eta kristalezko zilindro, kristalezko hari, kristal nahiz marmolezko barretatik doinuak ateratzeko ahalegin guztiak, edo sokak ohi ez bezala dardarkatuz jotzea txalogarria iruditzen zait; era berean, naturan barrena gordeta dauden soinu sekretuak ezagutzeko urratsak, akatsez beteak egon arren, edo handinahiak eta dirugoseak bultzata, perfekziorantzako asmakizun berritzat laudatu eta erakutsiko dira. Honexegatik azaldu dira azken aldera hainbeste instrumentu berri, izen bitxi edo handiosen pean batzuk, abiadura berean desagertu eta ahanzturan utziak.»

        — Musikaren mekanika bikain hori —esan zuen Ferdinandekikuskarri interesgarria da, baina ezin diet igarri ahalegin horien balio edo jomugari.

        — Funtsean —gaineratu zuen Ludwigek—, doinurik perfektuena bilatzea. Baina musika doinuari orduan eta perfektuagoa derizkiot zenbat eta hurbilago egon naturaren hots ezkutuetatik, hots oraindik erabat desagertu gabeak lurretik.

        — Baliteke —esan zuen Ferdinandek—, sekretu horietan ni zu bezain sartua ez egotea, baina aitortu beharrean nago ez dizudala guztiz ulertzen.

        — Utzidazu behinik behin argitzen —jarraitu zuen Ludwigek— zein den nik horretaz dudan ustea.

        «Gizateriaren antzinatean, eta idazle jakintsu baten hitzez baliatuz (Schubert-enak, Natur zientzien alderdi ilunei buruzko iritziak), bizitza naturarekiko armonia dohatsuan zegoenean, iragarpen eta poesiarako sen jainkotiarrak beteta; ez gizakien izpirituak natura, baizik eta naturak gizakien izpiritua bereganaturik zeukanean; ama horrek haur miresgarriari bere altzotik jaten ematen Zion garaian, orduan, zorionezko haurgintza minetan bezala, musika dohatsuaz besarkatzen zituen gizakiak, eta hots miragarriz ezagutarazten zizkion bere etengabeko jardunaren sekretuak. Antzinate horren osin ezkututik datorren oihartzunetako bat esferetako musikaren leienda zoragarria da; gazte denboran Scipioren Ametsa-n lehen aldiz bere berri irakurri nuenean gogoeta saminez bete ninduen, eta hala, ilargi gau isiletan erne egoten nintzen maiz, haizearen firfir artean doinu miresgarri hura entzungo ote zen. Halere, arestian esan dudanez, naturaren hots horiek ez dira erabat desagertu: horien artean daude Ceylango Airemusika edo Deabruboza, lehengo idazle berak aipatuak eta giza gogoa hainbeste hunkitzen dutenak non lekukorik lasaienak ere ezin baitio eutsi barruko izu sakon eta erruki erdiragarriari, giza lanturuen hain antzeko doinuen aurrean.»

        «Berez, neuk ere behin naturaren gertakari antzekoa bizitu nuen Prusia Ekialdeko Kurisches Haff-etik hurbil. Udazken mina zen eta aspalditxotik nengoen bertako etxalde batean. Gau isilean, haize leunarekin, argi aditu nituen doinu luze, geldi batzuk, behin organu hots sakonaren berdinak, beste behin ezkilots ito, dardarkorraren berdinak. Sarritan, zehatz bereizi nitzakeen fa lodia eta do bosgarrenaren zartada, eta mi bemol ttiki hirugarrena ere sarritan aditu nuen; zazpigarrenen akorde zorrotzak, bada, aienerik sakonenaren doinuz, nire bularra tristura sarkorrez bete zuen, eta baita izuz ere.»

        «Naturako hots aztarnagabeen sorrera, sendotze eta isilaldi horretan, badago zerbait gure gogoa nahitaez atxikitzen duena, eta beren islada den instrumentuak ere beste hainbeste egingo du gurekin. Horregatik iruditzen zait niri, doinuari dagokionez, eta gure animan duen eraginaren arabera, armonika dela perfekzioari gehien hurbiltzen zaiona; eta ederki dago ikustea naturako hotsak hain poliki imitatu eta geure barrena hain era miresgarrian hunkitzen duen instrumentu horrek arinkeria eta itxura hutsari inolako biderik ez ematea, baizik eta berezko soiltasun dohatsu horri eustea.»

        «Honen inguruan, asmatu berria den armonikordio izenekoak ere emaitza oparoak agintzen ditu, ezkilen ordezko mekanika ezkutu horrekin, teklak zapaldu eta zilindroa itzulikatzean sokak dardarka jarriaz. Doinuaren sorrera, sendotze eta isilaldia, jotzaileak armonikarekin baino aiseago menperatzen ditu ia, baina beste mundukoa dirudien armonikaren maila hori armonikordioak oraindik ez du iritsi.»

        — Entzuna dut instrumentu hori —esan zuen Ferdinandek—, eta aitortu beharra daukat bere doinua barreneraino heldu zitzaidala, nahiz eta ene ustez artistak erdipurdi jo zuen. Gainerakoan, denean ulertzen dizut, nahiz eta zuk aipatutako natur hotsen eta instrumentu bidez sortzen dugun musikaren arteko harreman estua oraindik argi ikusten ez dudan.

        — Geure baitan bizi den musika —gaineratu zuen Ludwigek—, izan al daiteke beste ezer, non eta ez den naturan gordetako sekretu sakonen berdina, zentzurik altuenaz bakarrik ikertu eta instrumentuen bidez bakarrik entzun daitekeena, azti indartsuak bezala menperatu ondoren? Baina izpirituaren eragina psikikoa besterik ez denean, ametsetan alegia, xarma hori desegin egiten da, eta instrumentu ezagunen bidez aditzen ditugu naturako hots horiek era miresgarrian airean jaiotzen, gugana hegaldatzen, sendotzen eta oihartzun ematen.

        — Eoloren harpa datorkit gogora —eten zion Ferdinandek lagunari—. Zer derizkiozu asmakizun burutsu horri?

        — Naturako hotsak jalkitzeko ahalegin horiek —gaineratu zuen Ludwigek—, txit bikain eta goragarriak dira; baina, ene iritziz, orain arte ez dizkiote jostailu kaxkarrak baizik aurkeztu naturari, eta honek gehienetan txikitu egin ditu, arrazoizko haserrez bezala. Aireari igarotzen uzte hutsarekin ume jostailu bihurtu diren Eoloren harpa guztiak baino burutapen hobea da eguraldizko arpa, behin bere berri irakurri nuenez: zabal samarrean lasatutako hari lodiak dardarka ipintzen ditu haizeak, hots indartsuarekin joaz.

        «Hementxe daukate fisiko eta mekaniko zuhur eta azkarrek arlo osoa lantzeko, eta nik uste, natur zientziek daramaten habaila ikusita, are sakonagotik ikertuko direla naturaren sekretu dohatsuak; eta era berean, orain iragarri bakarrik egiten ditugun hainbat gauza ikusi eta entzuteko moduan argitaratuko direla.»

        Bat-batean soinu bitxi baten zurrumurrua hegaldatu zen airean barrena, etengabe crescendo, armonika zirudiena. Biak ala biak ere beldur bizian jarri zituen, lurrari josita bezala, zutik; orduan, doinu hura emakume ahots baten melodia lanturosa bilakatu zen. Ferdinandek lagunari eskutik heldu eta dardarizo batean estutu zuen bularraren kontra, baina isilik eta ikaraz esan zuen Ludwigek: Mio ben ricordati s'avvien ch'io mora.

        Hiritik kanpo zeuden, hesi eta arbola altuz inguratutako lorategi baten sarrera aurrean; hantxe bertan, belazean eserita jolasten aritutako neskatila polit bat bizkor zutitu zen, esanez:

        — Zeinen ondo kantatzen duen ahizpa maiteak. Lorea eramango diot, krabelin koloretsuak ikusita askoz hobeto eta gehiago kantatzen baitu.

        Hartara, lore sorta handia eskutan, jauzika sartu zen lorategira eta bertako atea zabalik utzi zuen, lagunek barrura begiratzeko moduan. Harridura ezezik, hura izan zen beldurra nabaritu zutena X. profesorea ikustean lorategi erdian, lizar handi baten gerizpean. Lagunek bere etxean aurkitu zuten irribarre ironiko, beldurgarriaren ordez, seriostasun malenkoniatsu sakona ageri zitzaion aurpegian, eta zerurantz zuzendutako begirada hark bazirudien transfigurazio zoriontsuan so egiten ziola hodei atzean gordetako munduaz bestaldeari, eta soinu zoragarri haiek zireia hango berriemaile, haizeboladak balira bezala airean hedatzen. Pauso geldi eta neurtuak eman zituen erdiko bidexkan gora eta behera, baina bera mugitu ahala piztu eta bizitzen zen inguruko guztia. Kristalezko soinuek zuhaiska eta arbola ilunen artetik distiratzen zuten, eta denek bat hartuta, suzko galdak bezala kontzertu zoragarrian, ibaika sartzen ziren noten gogo barruraino, bertan gutizia zerutiar gorenak piztuz.

        Ilunabarra abailtzearekin, profesorea hesi arrean desagertu eta doinuak pianissimo ahitu ziren. Azkenean lagunak isiltasun sakonean itzuli ziren hirira. Baina Ludwig aldentzera zihoanean lagunagandik, Ferdinandek bularraren kontra estutu eta esan zion:

        — Izan zaitez leiala nirekin! Izan zaitez leiala! Indar arrotza nabari dut neure barrura sarturik, bertako soka gordeei atxiki eta nahi bezala eraginaz, ni bertan suntsitu beharrean! Profesoreak bere etxean azaldu digun ironia gorrotagarri hura ez al zen azken batean guganako etsaitasunaren seinale, eta ez al gaitu automatak erakutsita baztertu nahi izan, hartara zentzuen munduan nirekiko edozein harreman deuseztatzeko?

        — Baliteke arrazoi osoa izatea —erantzun zuen Ludwigek—. Neure susmoa ere zera da: nola-hala, oraingoz bederen misterio argitu gabea guretzat, profesorea txertatu egin da zure bizitzan, edo, hobeto esanda, zuk emakume ezezagun horrekin daukazun lotura psikiko, misteriotsuan. Agian, bere gogoz kontra eta gogor ekiten dion etsaitasun baten bitartez sendotu egiten du zuen harreman hori, borrokarekin indartuz baitoa; pentsatzekoa da beraz, zu beragana hurbiltzea gorrotagarria gertatzen zaiola, zeren eta zure izpiritua bere nahiaren kontra, edo areago, bere asmo arrunten baten aurka jarduteak harreman psikiko horren ondar guztiak harrotzen baititu, eta baita abiadura bizi berrian jarri ere.

        Bi lagunek bitarteko guztiez baliatzea erabaki zuten X. profesoreagana hurbildu eta, hala, Ferdinand hainbeste hunkitzen zuen misterio hura argituko ote. Biharamunean profesorearen etxerako bigarren bisitaldiarekin kontua bideratuko zutelakoan, ez non eta ez han Ferdinandek eskutitza jaso zuen aitagandik, atzerapen ttikiena ere gabe B.ra joan zedin; handik ordu guttitara irten zen posta-zaldiz, lagunari ziurtatu ondoren ezerk ez ziola galaraziko berandu jota hamabost egun barru atzera itzultzea.

        Ludwigi txit harrigarria iruditu zitzaion X. profesorea eta turkiar hiztunaren arteko zerikusiaz hitz egin zien agure harengandik jakitea, Ferdinand abiatu eta laster, profesorearen artelan mekanikoak bigarren mailako denborapasa zirela, eta bere aztergairik sakonena, bere eginahalen benetako helburu tinkoa natur zientziak zirela, oro har. Gizon hark profesorearen musika arloko asmakariak goretsi zituen batik bat, oraindik inori erakutsi gabe eduki arren. Agi danean aldiriko lorategi eder bat zuen bere laborategi misteriotsua, eta bertatik pasaeran zirenek sarritan entzuten omen zituzten soinu eta melodia bitxiak, lorategi hura amandre eta izpirituen bizilekua bailitzan.

        Hamabost egun igaro baina Ferdinand ez zen bueltatu. Azkenean, bi hilabete eta gero, Ludwigek eskutitza jaso zuen B.tik, honela zioena:

 

 

        «Harrituko zara ondorengo hau irakurtzen duzunean, nahiz agian susmatuko zenuen profesorearekin berriro elkartu ondoren, baldinbaitere elkartuko al zinen eta.

        «P. herrixkan zaldiak aldatzen ari diren bitartean, ezertan pentsatu gabe bazterrei begira nago. Halako batean hor non azaltzen den zaldikotxe bat eta ondoko eliza irekiaren aurrean gelditzen; soiltasunez jantzitako emakume bat jaisten da, gizon gazte egoki bat atzetik duela, xingolekin apaindutako ehiztari uniforme errusiarrez; bi gizon ere jaisten dira bigarren auto batetik. Postazaina jartzen da eta: «Hori da Artzain jaunak gaur ezkonduko duen bikote kanpotarra». Banoa mekanikoki eliza aldera eta barrura sartzen naiz, apezak bedeinkazioaz ospakizuna amaitzen duen unean bertan. Begiratu, eta kantaria dela ikusten dut. Berak ni ikustean zurbildu eta zorabiatu egiten da, eta atzean daukan gizonak besotan hartzen du. Nor izango eta X. profesorea.

        «Handik aurrera gertatutakoaz ez dakit fitsik, eta hain gutti nola heldu naizen hona: X. profesoreak ongi berrituko dizu. Inoiz nabaritu gabeko lasaitasuna eta epeltasuna dauzkat animan. Turkiarraren zorigaiztoko orakulua ez zen gezur madarikatua besterik, tramankulu traketsen bidez itsu-itsuan asmatua. Galdu ote dut nire maitea? Ez ote da beti neurea izango bihotzaren barne gartsuan? Ez duzu luzaroan nire aditzerarik izango. K.ra noa, eta agian handik ipar urruneko P.ra.

        Hitz horietatik Ludwigek argi antzeman zion lagunaren gogo nahastuari, eta are misteriotsuagoa iruditu zitzaion dena, jakindakoan X. profesorea ez zela hiritik irten. «Ez ote da izango —pentsatu zuen—, zenbait jenderen arteko lotura psikiko miresgarrien tirabira moren bizitzan sartzen dela, eta norberak erakartzen dituela bere ingurura kanpoko gertaerak, zentzu engainatuari sinetsaraziz jatorria ez dagoela norberagan? Agian nire laguna noizbait jabetuko da orain neure barrenean daramadan ideia pozgarri honetaz, eta modu horretan kontsolatuko da! Bete da turkiarraren orakulu zitala, eta honela agian baztertuko zen nire laguna mehatxatzen zuen ukaldi latza».»

 

        — Eta? —galdetu zuen Ottmarek, Theodor bat-batean isiltzean—. Hori al da dena? Non dago argibidea? Zertan dira bai Ferdinand, bai X. profesorea, bai kantari xarmanta, eta bai ofizial errusiarra?

        — Ez al dut aldez aurretik esan —gaineratu zuen Theodorek—, zati bat bakarrik aurkeztu nahi nuela hemen? Ene ustez, gainera, turkiar hiztunari buruzko istorio gogoangarria hasieratik bertatik ' eskaini zen zatikaturik. Izan ere, irakurle edo entzulearen fantasiak haize astindu gogor pare bat bakarrik jaso behar du, eta handik aurrera bere kabuz nabigatu. Baina, Ottmar maitea, Ferdinanden patuaz guztiz lasai egon nahi baduzu, oroit zaitez orain dela gutti irakurri dudan operari buruzko elkarrizketaz. Ferdinand bera da, gorputz eta anima osasuntsuz, borrokarako gogo alaiz zelaira irteten dena; honako honetan bizitzaren lehenagoko denbora batean ageri arren, dena ongi joan bide zaio logaraiko maitemindu honi.

        — Gogoratu besterik ez dago —hartu zuen Ottmarek hitza—, lehen ere gure Theodorek oso begiko zuela hainbat istorio miresgarri, zoroekin inoren fantasia ahalik eta gehiena sustatzea, gero bat-batean eteteko. Berak guttiena uste duenean mistifikazio neurrigabea leporatuko diote, okerragorik ez bada. Garai batean ere bere ibilera eta jardun guztiek zatikatuak ematen zuten. Bigarren aldeak bakarrik irakurtzen zituen, lehena edo azkenaz batere axolatu gabe; antzerkian bigarren eta hirugarren aktoa bakarrik ikusten zituen, eta abar.

        — Oraindik ere badaukat joera hori —esan zuen Theodorek—. Desatseginagorik ez dago, ipuin edo eleberrian fantasiaren mundua harrotu ondoren, bertako zorua erratzaz hainbeste pasatzearen poderioz azkenean ondar ale edo hauts ipitz bat ere ez geratzea baino; eta jakinmin guztiak aseta etxeratzean inongo irrikarik ez antzematea gortinaren atzean berriro kirika egiteko. Ipuin aberats baten zenbait zati anima barruraino sartzeak, aldiz, nire fantasiari hegalak eman eta luzaz dirauen atsegina eragiten dit. Nor, ez zaio hala gertatu Goetheren intxaur koloreko neskatilarekin? Batez ere Goetheren amandre ipuin haren zatiak, bidaiariak kutxatilan sartuta daramazkien emakume ttikiari buruzkoak, zeharo liluratu ninduen.

        — Aski da —eten zuen Lothark laguna—, aski da. Ez dugu besterik jakingo turkiar hiztunaren inguruan, berez istorioa nola-hala bukatua dago eta.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia