MAGNETIZATZAILEA

(Der Magnetiseur)

 

        Ametsak apar huts dira

        — Ametsak apar huts dira —esan zuen baroi zaharrak eskua kanpai lokarrirantz luzatuz, logelarako bidean argia eman behar zion Kaspar zaharrari deitzeko.

        Berandu zen. Udazken haize hotza zebilen udako sala gaizki atonduan, eta Mariak, bere txalean bil-bil eginda, bazirudien ezingo ziola loari luzaroan eutsi, begiak erdi itxita.

        — Hala ere —jarraitu zuen baroiak eskua berriro bildu eta besaulkian kizkurturik bi besoak belaunetan jarriz—, hala ere gogoan dauzkat nire gaztaroko hainbat amets berezi!

        — Ai, aita jauna —eten zion Ottmarek—, zein amets ez ote da berezia! Alde batetik agerraldi bakanen bat iragartzen duten ametsak dauzkagu, alegia Schilleren hitzez Destinua aurrera ekartzen diguten izpirituak , eta, bestetik, gure begirada lotsatiak ezinez soilik ikus dezakeen erresuma ilun, misteriotsu baterantz bultzatzen gaituzten ametsak; bi amets mota horiek dira berebiziko indarraz atxikitzen gaituzten bakarrak.

        — Ametsak apar huts dira —errepikatu zuen baroiak ahots lodiz.

        — Materialisten esaera horretan ere —gaineratu zuen Ottmarek—, non miresgarria gauza arruntzat hartzen den, baina arrunta ere sarritan gauza geza eta sinistezintzat; esaera horretan, nire ustez, badago alegoria zuzen bat.

        — Zer zentzu aurkitzen diozu atsotitz zahartu horri? —galdetu zuen Mariak aharrausi eginaz.

        Irribarretsu erantzun zuen Ottmarek Prosperoren hitzez:

        — Zeure begietako leihatilak zabaldu eta entzuidazu gogoz! Izan ere, Maria maitea, horren loti egon ez bazina, aise antzemango zenuen giza bizitzako agerraldi ezin bikainagoei buruz ari garela hizketan, ametsez alegia. Aparrarekin alderatzean, berriz, burutapenik finenak datozkit. Txanpaina gainezkari, txistuegile, txinpartatsuaren aparrari buruz ari naiz, zeuk edan ohi duzun hori, nahiz eta andereñoen gisara ardoa baztertu, kaltegarria delakoan. Begiraiezu milaka burbuila ñimiño horiei, edontzian gora txinparta artean igo eta aparraren gainean irakiten: horiek dira izpirituak, lurreko loturetatik askatzen ari direnak, ezinegonez. Horrelaxe bizi da izpirituaren oinarri gorena aparretan, materiaren eraginetik libre, hegoak astinduz hitz eman zaigun erresuma zerutiar urrunerantz, bere kideko izpiritu gorenekin pozik elkartzeko eta agerraldi miresgarri guztiak beren zentzurik sakonenean ulertu eta ezagutzeko. Baliteke, beraz, ametsen sorrera apar horixe izatea, non gure bizitzaren izpirituek pozik eta libre irakiten duten, loak gure bizitza hertsia kateatzen duenean; orduan hasten da, agian, bizitza zabal gorenagoa, eta igarri ezezik orduan ezagutzen ditugu ere izpirituen mundu urruneko agerraldi guztiak, leku eta denbora esparruen gainetik.

        — Hizketako tankera hori —eten zion baroi zaharrak, murgilduta zegoen oroitzapen batetik indartsu aldenduz bezala—, zure lagun Albanena iruditzen zait. Badakizue zuen aurrean inoiz amore ematen ez duen kontrarioa nauzuela. Esan berri duzun guztia berez oso atsegina da entzuteko, hau da, zenbait anima hunkibera edo hunkitzaile gozatzeko, nahiz eta egia ez izan bere alderdikeria horrengatik. Izpirituen munduarekiko lotura eta nik dakita zeri buruzko zure berriketen ondoren, pentsatzekoa litzateke ametsak egoerarik zoriontsuenean jarri behar lukeela inor. Zenbait amets, ordea, niretzat gogoangarriak direnak halabeharragatik nigan nolabaiteko eragina izan dutelako —halabehar, bide batez esanda, elkarren arrean harremanik ez dueen gertaera arrotzak elkartzeari deitzen diot, gero guri denak batera agertzen zaizkigularik-; amers horiek guztiak, nioen moduan, desatseginak ziren eta baita mingarriak ere; amets horiek sarritan gaizkitu ninduten, nahiz eta hausnarketa guztiak neure golkorako gorde, orduan oraindik ez baitzegoen ohiturarik naturak gugandik urrundu duena atzeman nahian jarduteko.

        — Badakizu, aita jauna —gaineratu zuen Ottmarek—, zuk halabehar, gertaeren elkarketa edo antzeko zernahi aipatzen duzunean nire lagun Albanen iritzi bera dudala. Eta hausnarketarako ohiturari dagokionez ziur zaude antzinako ohitura dela hori, giza izaeran sustraiturik dagoena. Saisen dizipuluak ere...

        — Zaude! —zutitu zen baroia—. Ez gaitezen gehiago murgildu solas horretan, arrazoi aski baitaukat zure miresgarri zaletasun larregia jasateko aldartean ez egoteko. Aitortu beharra daukat gaztaroko oroitzapen batek atxiki nauela gaur bertan, irailak bederatzi, eta ezin dudala uxatu. Abentura hura kontatuko banizue, hantxe aurkituko luke Ottmarek frogaturik zeinen kaltegarria gertatu zitzaidan amets edo erdi-ametsetako egoera hura, errealitatearekin halako lotura bitxia zuena.

        — Agian, aita jauna —esan zuen Ottmarek—, adibide ederren bat emango diguzu Albani eta bioi, loa eta ametsak ikertzen dituen magnetismoaren esperientzia ugarientzat.

        — Magnetismo hitzak berak dardarka jartzen nau —haserretu zen baroia—. Baina nork bere alorrean jardun beza. Arrakasta opa dizuet, naturak onesten badizue zuen esku traketsez berari errezela urratzea, eta ez dezala zuen jakinmina heriotzarekin zigortu.

        — Ez dezagun eztabaidatu, aita jauna —erantzun zuen Ottmarek—, segurantzia osotik ernetzen diren gauzetaz. Baina zure gaztaroko oroitzapen hori ezin al diguzu jakitera eman?

        Baroia hondoraino eseri zen berriro besaulkian, eta barrena asaldatua zeukanean egin ohi zuen bezala begirada modu adierazkorrean gora zuzendu eta hasi zen:

        — Badakizue nobleziaren B.ko akademian jaso nuela nire heziketa militarra. Bertako irakasleen artean bazen gizon bat inoiz ahaztuko ez dudana; ordea oraindik ezin naiz berarekin oroitu barreneko dardara edo izu tankerako bat gabe. Sarritan iruditzen zait mamuen gisan sartuko dela atetik ezkutuan.

        «Gizon tantai hura are nabarmenagoa bihurtzen zen bere zimelean, gihar eta zain hutsez osatua ematen baitzuen; agian gizaseme egokia izango zen gaztetan, oraindik ere jaurtitzen baitzuten bere begi beltz handiek suzko begirada bat, aurre egiten zaila denontzat. Berrogeitamar urtetik gora samartua, halere gaztetxo baten indarra eta iaiotasuna zeukan, bere mugimendu guztiak azkarrak eta tinkoak ziren. Inor baino trebeagoa zen esgriman, nahiz labana eta nahiz ezpatarekin, eta zaldirik basatiena ere apalduko zukeen, antsika jartzeraino. Soldadu danimarkarren artean komandante izana, ihes egin beharrean gertatu omen zen, bere jenerala dueloan hil zuelako ezpataz. Hau askoren ustez ez zen dueloan gertatu, baizik eta jeneralaren irain baten ondoren sartu omen zion ezpata gorputzean, bere burua babesteko betarik eman gabe. Aski bedi esatea Danimarkatik ihes egin eta komandante graduarekin ipini zela gotorlekuan, gol mailako irakaskuntzan. Txit suminkorra, hitz edo begirada hutsarengatik jar zitekeen sutan eta ongi hausnartutako laztasunaz zigortzen zituen ikasleak; bere inguruko guztiak, ordea, ukitu misteriotsua zeukan. Behin batean arau eta erregela guztien kontra ikasle bati emandako tratu gogorrak buruzagien arreta erakarri eta ikerketa zabaldu zen; baina orduan ikasle harexek bere burua errudun egin eta halako grinaz mintzatu zen komandantearen alde non salaketa guztietatik libre utzi zuten.»

        «Beste batzuetan, berriz, ez zuen bera zenik ematen. Bere ahots lodiaren bestetako doinu zalapartariak ozentasun zehaztuezin bat hartzen zuen, eta ezin izaten zen beragandik begirada saihestu. Onez onean hartzen zituen akats ttiki guztiak, eta bazirudien arrakastaren bat lortu zuen norbaiti bostekoa ematen zionean bere morroi bihurtzen zuela, eutsiezineko azti-indar batez; eta inori bat-bateko heriotzarik saminena opatzen bazion, bazirudien bete egingo zela bere desioa. Halako egunen biharamunean ekaitz izugarria lehertu ohi zen, denok gorde edo aldegitera behartuz. Berak orduan egunsentian Danimarkako uniforme gorria jantzi eta erraldoiaren adinako pausoak emanaz irteten zen akademiaren jauregi aldameneko lorategi zabalera, nola uda hala negua izan, egun osoa noraezean ibiltzeko. Ahots beldurgarri eta imintzio nabarmenekin entzuten genion danieraz hizketan, ezpata atera eta arerio izugarri batekin borrokan arituko balitz bezala, kolpeak jaso eta moztuz, harik eta kolpe artetsu baten ondoren arerioa bota arte; orduan birao eta madarikaziorik latzenak esanez gorpu hura ostikoka mastrakatzen zuela zirudien. Ondoren ziztu bizian aldegiten zuen zumardietan barrena, arbolarik altuenetara igo eta isekati algaraka, geure geletatik aditzen genionoi zainetako odola izoztuz. Berrogeitalau orduz jarduten zuen hala, eta paroxismo hark egunez bezala erasotzen zion gauez ere. Hurrengo egunean bazirudien aurreko bere ibilera guztiak ahaztuak zituela; bestetan baino zakar, suminkor eta gogorrago agertzen zen, lehengo aldarte atseginera etorri arte.»

        «Ez dakit nondik jaio ziren berari buruzko zurrumurru harrigarri, sinistezin haiek, akademiako mirabe eta herriko jende xehearen artean ere zabalduak. Ziotenez, sua amatatu eta gaitzak sendatzeko gauza zen, eskuak gainean ipini edo baita begirada hutsarekin ere; izan ere, gogoan daukat behin batean makilka uxatu zituela zenbait lagun, modu hartan senda zitzan etorriak. Nire zerbitzuko agure elbarri batek zuzenean aipatu zidanez, denek zekiten komandantea parte gaiztokoa zela, eta deabru zitala agertu zitzaiola aspaldi ekaitzaren erdian itsasoan, heriotzatik salbatzeko aukera eta nolanahiko ekintza miresgarriak egiteko gizagaindizko indarra eskainiaz; berak orduan onartu eta deabruaren menpe geratu omen zen. Agi danean orain maiz zeukan borrokatu beharra deabru harekin, azaldu egiten baitzitzaion lorategi inguruetan, nahiz zakur beltz eta nahiz beste edozein animalia zatarren itxuran; baina lehenago ez bazen beranduago komandanteak burua makurtu beharko omen zuen, modu ikaragarriren batean.»

        «Kontaera zoro eta ments haiek gorabehera, ez nion barne hotzikarari eusterik izaten, eta nahiz komandanteak nirekiko agertzen zuen zaletasunari atxikimendu leialez erantzuten nion, gizon berezi harenganako nire sentimenduetan zerbait ulertezina nahasten zen, etengabe jarraitzen zidana eta neuk ere argitu ezin nuena. Bazirudien goiko izakiren batek hertsatzen ninduela gizon harekin leial izatera, maitasun haren amaitze ordua nire heriotzako ordua balitz bezala. Berarekin elkartzen nintzenean atsegin antzeko bat nabaritzen nuen, baina baita beldur antzeko bat ere, eutsiezineko estuasunaren sentimendua, parte onekoa ez zen moduan larritu eta barrena hotzikaraz jartzen zidana. Aspalditik nengoenez bere ondoan, jator jokatzen zuen nirekin eta gauzarik bitxienak kontatzen zizkidan, begirada nigan josirik ohitura zuen moduan, eta eskutik helduta; aldarte bakan hark leher eginik uzten ninduen. Zorabiatzeko zorian ibiltzen nintzen ondoezik eta nekatuta. Aipatzeke uzten ditut nire lagun eta nagusiarekin izaten nituen eztabaida bitxi guztiak nire ume jokoetan parte hartzen zuen aldietan, neroni, babes lege zorrotzenei jarraituz, lorategian egiten ari nintzen gotorleku garaitezin hura altxatzen laguntzen zidanean. Baina harira joan nadin.»

        «17-garren urteko Irailaren zortzitik bederatzirako gauean, zehatz-mehatz gogoratzen naiz, ametsa egin nuen, bizi bizia eta benetan gertatua zirudiena. Komandanteak atea isilik zabaldu, nire ohe ondora etorri eta eskuineko eskua ezarri zidan bekainean, bere begizulo beltzekin beldurtzeko moduan niri so, zinez nire aurrean zutik baneuka bezala. Hasperen egin nuen, ezinegonez eta izuz. Orduan ahots lodiz hitz egin zidan: «Gizakume gizarajoa, aitor nazak hire nagusi eta jauntzat! Zergatik ahalegintzen haiz alferrik hire morroi uztarria astintzen? Hire barrena dakusan Jainkoa nauk, eta inoiz bertan gordetako edo gorde nahi duan guztia argi eta garbi zeukat nire aurrean. Baina lurreko zizare hori, nik higan dudan boterearen zalantza egiten ausart ez hadin, hire gogoeten errota ezkutuan sartzeko asmoa diat, heuk ere ikus dezakean moduan». Bat-batean tresna zorrotz distirant bat ikusi nion eskuetan, eta kaskezurra zulatzen has] zitzaidan bere harkintxe. Atera zitzaidan izu oihuaren poderioz esnatu egin nintzen, izerdi patsetan, zorabiatzeko zorian. Nire oneratzea lortu nuenean giro sargori zakarrak betetzen zuen gela osoa. Oraindik ere komandantearen ahotsa entzuten nuela iruditzen zitzaidan, urrutitik nire izenaz deika behin eta berriro. Amets latz haren ondoriotzat hartu nuen; ohetik jauzi egin eta leihoa ireki nuen, haize garbiak gelako sargoria egurasteko. Baina hura beldurra nirea ilargi gauaren erdian komandantea ikusi nuenean uniformez jantzita, nire ametsean agertu bezalaxe, kanpora zeraman burdinazko aterantz zihoalarik zumardian barrena. Zabaldu atea, zeharkatu, bere atzean itxi eta erro nahiz krisketen burdin zaratak oihartzuna harrotu zuen gau isilean. «Hara! —pentsatu nuen nire artean—. Zer nahi ote du komandanteak kanpora irtenda?», eta berebiziko larria eta kezka abaildu zitzaizkidan. Eutsiezineko indarrak bultzata bezala presaka jantzi eta inspektore jauna iratzarri nuen, hirurogeitamar urteko agure alaia, komandanteak bere paroxismo gaiztoetan aintzat hartzen zuen bakarra; izandako ametsa ere kontatu nion, ondorengo gertakariarekin batera. Agurea adi-adi jarri eta esan zuen: «Nik ere entzun dut ate hots handia, baina neure irudipena zelakoan nengoen; nolanahi ere, baliteke komandanteari zerbait berezia gertatu izana eta hobe izango dugu bere gelan begiratzea».»

        «Txirrina jota ikasle eta irakasleak esnatu eta, kandelak hartuta, prozesio itzaltsuan bezala joan ginen pasabide luzean barrena komandantearen gelarantz. Atea itxita zegoen eta giltza nagusiarekin irekitzen alferrik saiatu ondoren, barrenetik morroiloa emanda egongo zela jabetu ginen. Ate nagusia ere, lorategira irteteko erabili beharko zukeena itxita eta morroiloa emanda zegoen, lehenago bezala. Oihuek erantzunik ez zutenez azkenean logelako atea behartu zuten: begirada josita eta ahotik apar odoltsua zeriola zegoen komandantea, Danimarkako uniforme gorria soinean, esku okertuarekin ezpatari helduta, lurrean hilda! Alferrik izan ziren hura zuzpertzeko ahalegin guztiak.»

        Baroia isildu egin zen. Ottmar zerbait esateko zorian zegoen bina eutsi egin zion; eskua kopetan jarrita, bazirudien lehenbizi bere barrenean taxutu eta itxuratu nahi zuela kontaera hartaz esateko zeukana. Mariak isilune hura eten zuen, esanaz:

        — Ene bada, aita jauna! Hori pasadizo ikaragarria! Nire aurrean ikusten dut komandante beldurgarria Danimarkako uniformez jantzi eta begirada nigan josita. Hondatu dit gaurko loa.

        Franz Bickert pintoreak, baroiaren etxeko lagunmina azken hamabost urte haietan, ez zuen ordurarte parterik hartu elkarrizketan, ohitura zuenez; aldiz, gurutzatu besoak bizkarrean eta sinu zelebre ugari eginaz ibilia zen harat-honat, noizean behin jauzi barregarriak egiten ahaleginduz. Azkenean honela ekin zion:

        — Baronesak arrazoi osoa du. Zertarako ditugu ikarazko kontaerak eta pasadizo hunkigarriak lotarako tenorean? Loa eta ametsei buruz daukadan teoriaren kontra dago hori, milioi pare bat esperientziatan bakarrik oinarriturik dagoen teoriaren kontra, hain zuzen ere. Baroi jaunak orain artean zorigaiztozko ametsak besterik ez baditu egin, hori da nire teoria ezagutzen ez duelako eta ezin duelako, beraz, horren araberan jokatu. Ottmarek aipatzen duenean magnetismoa, planeten eragina eta auskalo zer kontu, baliteke arrazoirik falta ez izatea baina nire teoriak ilargi izpiei ere sartzen uzten ez dien armadura osatzen du.

        — Dagoeneko irrikitzen nago zure teoria bikain hori entzuteko —esan zuen Ottmarek.

        — Utzi Franzeri lasai hizketan —eten zion baroiak—. Laster konbentzituko gaitu nahi duen guztiaz eta nahi duen eran.

        Pintorea Mariaren parean eseri, finezia barregarria eta irri gozo, bitxi batekin atzaparkada tabako hartu eta honela hasi zen:

        — Lagunarte ohoragarria! Ametsak apar huts dira. Alemaniako atsotitz jator esanguratsu bat da hori, baina Ottmarek hainbeste xehatu du, hainbeste zehaztu du non berak hitz egin bitartean nire buruan antzeman baititut lurretik jaio eta gorantz zihoazen burbuilak, izpirituaren oinarri gorenarekin batzera. Baina ez al da geure izpiritua legamia prestatzen duena, gero hortik beste zati xeheago horiek harrotzen direlarik, oinarri bakar eta beraren emaitza direnak? Aurkitzen al ditu gure izpirituak bere baitan legami hori prestatzeko osagai guztiak, ala kanpotik datorkio laguntza? Hori ere galdetu eta berehala erantzuten dut: Natura osoa, bere agerpen guztiekin, ez dago horren eskura, bere lantegiaren luze-zabala eskaintzen digunean; gure izpirituak nagusi libre dela uste du, baina naturaren helburuei jarraituz aritzen da. Gutaz kanpoko gauzei dagokienez hain gaude lotura psikiko eta fisiko estuan naturarekin non beragandik libratzeak, halakorik ahal balitz, gure bizitza suntsituko lukeen. Gure bizitza mugatua delako hori beste zabalago horrek hesitzen du, horrexen islada besterik ez baita; halere, irudiak eta imajinak ispilu sakon batean jasota bezala ikusten ditugu aldaturik, eta beraz modu harrigarri eta arrotzean sarritan, nahiz eta karikatura horren jatorria bizitzan bertan egon. Ene ustez gizakiak behin ere ez du gogoeta edo ametsik egin naturakoak ez diren osagaiekin; horiek gabe ez legoke ezertarako. Alde batera utziaz gure gogoa asaldatu eta geurezkoa ez dugun estuasunean jartzen gaituzten kanpoko eragin bazterrezinak, hala nola bat-bateko izua, nahigabe larria e.a., ene iritziz gure izpiritua bere horretan egoten da ezarri zaion barrutian, bizitzaren agerraldi bikainenetarako legamia prestatzen, gerora bertatik burbuilak goratuko direlarik, alegia ametsen aparra eraikitzen duten horiek, Ottmarek dioen moduan. Nik neuk, batez ere ilunabarretan humore agortezinekoa bainaiz, denek aitortzen didaten eran, artez prestatzen ditut gau bakoitzeko ametsak, nire burura hamaika gauza irrigarri erakarriz; eta gauez nire fantasiak kolore bizi eta tankera zoragarrienaz aurkezten dizkit. Neure antzerki emanaldiak maite ditut gehien.

        — Zer esan nahi duzu? —galdetu zion baroiak.

        — Ametsak iraun bitartean —jarraitu zuen Bickertek—, eta idazle azkar batek jadanik aipatu duenez, antzerki idazle eta antzezlerik onenak gara, zeren gutaz kanpoko pertsonaiak beren ezaugarri berezi guztiekin interpretatu eta guztiz egia antzean aurkezten baititugu. Horretan oinarrituaz, egunez gogora ekartzen ditut bidaietan gertatu zaizkidan hainbat abentura barregarri, nirekin bizitutako pertsona barregarriak, eta gauean neure irudimenak munduaren antzezpenik atseginena aurkezten dit, lagun horiek beren ezaugarri bitxi eta kaikukeria guztiekin azalduaz. Gaua baino lehen, ikuskizunaren oihala edo zirriborro antzekoa egiten dut, eta ametsean poetaren borondatearen arabera taxutzen da dena gatza eta piperrarekin. Nire barruan daramat Sacchiren konpainia osoa, eta bizitzatik hartutako zertzeladekin hain bizi antzezten ditu Gozziren ipuinak, non ikuslegoak, berori ere neu naizelarik, egiatzat hartzen dituen. Esan bezala, nahita sumatutako amets horietatik bazter uzten ditut bai kanpoko halabeharrek piztutako aldarteak, bai kanpoko beste eragin fisikoren batek sortuak. Izan ere, ia denok noizbait oinazetu gaituzten amets guztiak, alegia dorretik erortzea, burua moztea e.a., gorputzeko oinazeren batek sortuak izaren dira; izpirituak, lotako orduan animaliazko bizitzatik aldendu eta bere kontura lanean ari delarik, bere eran konprenitu eta asmatzen du jatorri fantastikoren bat oinaze horrentzat, emanaldiarekin ahalik ongiena egokitzeko moduan.

        «Gogoan daukat pontxearen inguruko lagunarte alai batean gertatu nintzela behin ametsetan. Ofizial harroputz ezagun bat etengabe ari zen estudiante bati zirika, harik eta honek aurpegira edontzia hustu zion arte. Borroka zabaldu zen denean, eta nik, bakea jarri nahian, mina hartu nuen eskuan, erresuminez esnatzeraino. Eta hara! Eskua odoletan ez neukan bada, mantan gordeta zegoen orratz gogor batekin urratuta!»

        — Bada aizu, Franz! —hots egin zion baroiak—. Ez zen oso amets atsegina, prestatu zenuen horixe!

        — Ai ene! —esan zuen pintoreak ahotslanturosez—. Ezer egin ote daiteke patuak sarritan ezartzen digun zigorraren aurka? Neuk ere izan ditut amets beldurgarri, oinazetsu, izugarriak, izerditan jarri eta nire onetatik atera nautenak.

        — Horietaz mintza zaitez —hots egin zuen Ottmarek—, horrekin zure teoria pikutara joango bada ere.

        — Baina Jainkoarren —kexatu zen Maria—, ez al duzue batere begirunerik nigana?

        — Ez! —hots egin zuen Franzek—. Akabo dira begiruneak! Beste edonork bezain izugarriak egin ditut ametsak. Izan ere ez al ninduen Amaldasongiko Printzesak tea hartzera gonbidatu? Ez al neukan soinean xingolezko txamarrarik zoragarriena, txaleko brodatua eta guzti? Ez al nuen italierarik garbiena hitz egiten, lingua toscana in bocca romana? Ez al nengoen andere zoragarri harekin maitemindua, artisten eran? Ez al nituen gauza bikain, zerutiar eta poetikoenak esaten, halako batean behera begiratu eta ohartu nintzen arte, izuarekin zeharo pasata, modurik itxurazko eta gisakoenean nengoela jantzia baina prakak ahaztu zitzaizkidala?

        «Baina nabarmenkeria horrekin inor haserretu baino lehen —jarraitu zuen aztoratuta—, alajainkoa! zer ez ote nezake esan nire ametsetako herio oinazeez? Ez al nintzen nire hogeigarren urtebetetze egunean andereño prestu harengana itzuli, dantzan egiteko irrikitan? Ez al nituen nire azken sosak xahutu txamarra zaharrak berria eman zezan alderantzikoz gain jarrarazten eta zeta zurizko galtzerdi batzuk ere erosten? Hala, heldu naiz azkenean milaka argi eta gizonezko dotoreekin distiraz dagoen salako ate aurrera, eman dut nire txartela, eta infernuko zakur atezain batek labezulo txiki bat ireki ez dit bada, itolarrizko fintasunez sartzeko erreguka, hura dela eta salako sarrera! Baina hauek denak huskeriak dira, bart estutu eta larritu nauen amets garratzaren aldean. Ene! Paper orri baten erdiko errainua nintzen. Norbait —hain zuzen ere idazle deabru guztiz ezagun bat, baina aski bedi norbait esanda— harramazka aritu zait deabruzko bertso zarpailak izkiriatzen, bi pitzadurakiko antzar luma kamuts eta izugarri luzearekin. Beste behin ere ez al ninduen etsai anatomista batek maniki baten eran bere gogora zatikatu, nirekin hainbat froga deabruzko egiteko? Esate baterako zein itxura izango ote nukeen garondoan hanka hazita, edo ezkerreko hankaren ordez eskuineko besoa ipiniez gero.»

        Baroiak eta Ottmarek algara ozenez eten zuten pintorearen hizketa. Aienatua zen lehengo giro goibela eta baroiak honela ekin zion:

        — Ez al naiz lehen ere esana familiarte ttiki honetan Franz zaharra dela gure benetako maître de plaisir? Bere mintzaldi hasiera patetikoaren ondoren are bikainagoak bihurtu dira bere eztenkada humoretsuak, azkenaldera ustekabean jaurti eta leherketa indartsu batekin bezala gure zurruntasuna apurtu dutenak; ez non eta ez han aldatu gara izpirituen mundutik benetako bizitza pozgarrira.

        — Etzazue uste —gaineratu zuen Bickertek— pailazoen moduan aritu natzaizuenik alaitu nahian. Berehalakoan! Amets higuingarriok benetan oinazetu naute eta baliteke neronek oharkabean prestatuak izatea.

        — Gure Franzek —eten zion Ottmarek— esperientzia ugari ezagutzen ditu ametsen sorrerari buruzko bere teoriarentzat, baina oinarri hipotetiko horien arteko lotura eta ondorioen txostena ez da oso txalotzekoa. Gainera badago beste amets mota gorenago bat ere, eta lotako ordu pizgarri pozgarrian haztamuka hurbildu ondoren, gizakia harexez bakarrik balia daiteke izpirituen munduko printzak erakartzeko, horrela jainko indarrez asetu eta sendotuz.

        — Begirozue! —esan zuen baroiak—. Ottmar bere zaldira igoko da laster, eta hala joan egingo da guk sinisgogorrok, Moisesek lur agindua bezala, urrutitik bakarrik ezagutu omen dezakegun erresuma misteriotsu hartara. Baina galarazi egingo diogu aldegitea, udazken gau zakar honetan. Zer derizkiozue beste ordubetetxo igarotzen badugu elkarrekin? Tximiniako sua piztu eta Mariak, berak ongi dakien eran, pontxe goxoa prantatuko digu, alaitasuna bizkortu eta azkartuko digun izpiritua, ustez behintzat.

        Bickertek estasian bezala zeru sabaira begiratu, antsia egin eta Mariaren aurrean makurtu zen, eskari bat apalki egiten duenaren itxuran. Mariak, ordurarte isil samar eta bere baitaraturik eserita egon ondoren irribarre egin, ohitura bakana beragan, eta alegera zutitu zen pintore zaharraren jarrera zelebrea ikusita, dena baroiaren nahiei jarraituz paratzeko. Bickert ere korrika ttikian zebilen batera eta bestera. Kasparri egurra ekartzen lagundu zion, eta belaun bakar baten gainean saiheska jarri eta sugarrei haizemanez etengabe ari zen Ottmari hoska: erakusteko zeinen ikasle saiatua zen eta bera marraz zezala, aurpegiko su errainuei eta islada ederrei zehatz erreparatuaz. Baroi zaharrak, gero eta alaiago, anbarrezko puntadun bere pipa luze turkiarra ekarrarazi zuen, soilik mementurik atseginenetan egin ohi zuen gauza.

        Turkiako tabakoaren urrin iheskorra salan hedatu eta Mariak limo zukua isuri zionean zilarrezko pontxe-ontziko azukre txikitu berriari, izpiritu atsegin, etxekoi bat jaiki zela zirudien, eta hartatik sortutako barne patxadak une haren gozamena areagotuko zuela, aurreko eta ondorengo mementu guztiak hutsaldu eta deuseztuz.

        — Harrigarria da gero —hasi zen baroia—, Mariak beti hain pontxe goxoa prestatzea. Ez dut beste inorena dastatzerik izaten. Alferrik azalduko dizkizu zehatz-mehatz osagai guztiak. Behin batean Katinka petralak nire aurrean prestatu zuen pontxea, Mariak bezalaxe, baina ez nuen baso bakar bat ere irensterik izan; badirudi azti formula batez edo hitz egiten diola Mariak edariari, indar magiko berezia emanaz.

        — Ezin bestela izan —hots egin zuen Bickertek—. Heltzen dion guztia bizitzen du Mariak, bere airostasun liluragarri horrekin. Prestaketan ikuste hutsarekin, pontxea goxoa eta aparta bihurtzen da.

        — Oso gisakoa —eten zuen Ottmarek—, baina zure baimenarekin, arreba maitea, hori ez da erabat egia. Ados nator aita jaunak dioenean zuk prestatu edo zure eskuetatik igarotako edozein gauza dastatzeak edo ukitzeak barne patxada pizten duela inoren bakean, baita nigan ere. Hori sortzen duen magia, ordea, izpirituzko harreman sakonagoetan bilatzen dut nik, eta ez Bickertek bezala zure edertasun eta finezian; berak horri leporatzen dio, noski, zortzi urte zenituenetik kortea egin dizunez.

        — Zer ikusteko ote nago oraindik? —hots egin zuen Mariak barrezka—. Gaueko fantasia eta lilurak ozta-oztan gainditu ditut, eta orain berriz zer eta misteriozko zerbait aurkitzen duzue nigan. Beraz komandante beldurgarriekin edo bizkiekin ahaztu naizen arren, halere arriskuan jarraitzen dut, alegia ni neu ere fantasma bihurtu eta ispilu aurreko neure isladarekin izutuko ote naizen.

        — Tamalgarria litzateke —esan zuen baroiak irribarrez—, hamasei urteko neskatilak ispilura begiratu ezin izatea, bere burua fantasmatzat hartzeko arriskuagatik. Baina nolatan ezin ote gara gaur zorakeria fantastiko hauetatik urrundu?

        — Zeuk ematen didazu mementuero aukera, jauna, nahigabe bada ere —gaineratu zuen Ottmarek—, berriketa alfer eta kaltegarriak direlakoan zokoratzen dituzun gai horietaz mintzatzeko, eta horregatik ezin duzu aurrean ikusi, onar ezazu, ene Alban ona. Ezin da zigortu naturak berak txertatu digun ikerketarako grina eta jakin nahia; areago, badirudi zenbat eta handiagoa izan gugan daukan eragina, orduan eta errazago igoko garela berak ipini dizkigun mailetan gora.

        — Eta nahikoa gora iritsi garela uste dugunean —eten zion Bickertek—, zorabioak hartu eta lotsagarri erortzen gara zilipurdika, goialdeko arnasa fina gure buru astunentzat desegokia dela jabeturik.

        — Ez dakit zer pentsa zutaz azkenaldi honetan, hain zuzen ere Alban etxean dagoenetik —gaineratu zuen Ottmarek—. Lehen hezur eta mami besarkatzen zenuen miresgarri zen guztia, tximeleta hegoen irudi berezi eta abardurei buruz hausnarrean, eta baita lore, barri...

        — Zaude —hots egin zuen baroiak—. Aurki gara bestela lehengo solasean. Zoko-moko guztietan edo trasteen ganbara fantastikoan zure Alban mistikoarekin aurkitu nahi duzun zera horri, ahalik eta gero funts sendorik gabeko eraikuntza altxatzeko, zera horri ametsa derizkiot, alegia apar hutsa, nire teoriaren arabera. Edariari darion aparra geldiezina da, zaporerik gabea; horrelakoak dira ere zuen lan sakonen emaitzak, tornutik ateratako txirbilak bezain hutsaren hurrengoak, hau da, nahiz eta kasualitateak forma jakina eman sekula artelan gorentzat hartuko ez direnak. Gainerakoan Bickerten teoria hain da argia non praktikara eramaten saiatuko naizen.

        — Ez garenez ametsetatik aldentzen —esan zuen Ottmarek—, zilegi bekit duela gutti Albanek berritu didan pasadizoa kontatzea, gure oraingo giro atseginean mantenduko gaituena.

        — Baldintza batekin —gaineratu zuen baroiak—: azken esan duzun horretaz ziur egotea eta Bickerteri uztea nahi hainbat ohar eransten.

        — Horixe nerabilen buruan, aita maitea —esan zuen baroiak—. Izan ere, Albanen kontakizunak latzak eta izutzekoak ez badira ere, gehienetan hain zirraragarriak dira non eragin ongarria duten inorengan, nahiz akiturik utzi.

        — Pozik geratuko da nire Maria jatorra —gaineratu zuen Ottmarek—, baina ezin ditut Bickerten oharrak onetsi, ametsei buruzko bere teoria baieztatuko baitu nire kontakizunak. Nire aita jaunak, ordea, konbentzitu beharra edukiko du oker dagoela Alban onari buruz eta bere dohain horri buruz, Jainkoak emana praktika dezan.

        — Ahora datozkidan ohar guztiak pontxearekin irentsiko ditut —esan zuen Bickertek—, baina libre izan behar dut nahi hainbat aurpegi imintzio egiteko.

        — Onartua izan bekizu —hots egin zuen baroiak, eta beste hitzaurrerik gabe hasi zen Ottmar kontatzen:

        — Albanek J.ko unibertsitatean gazte bat ezagutu zuen, bere itxura egokiagatik ikusi orduko denak erakarri eta leku guztietan ongi-etorria jasotzen zuena, konfidantza eta begikotasunez. Biak medikuntza ikasleak eta jakinduri egarriz eskolara iristen lehenak izaki, elkarrekin egotearen poderioz harreman estura heldu ziren, eta azkenean, leialtasunik handienaz jokatzen baitzuen Theobaldek (hala deitzen zion Albanek bere lagunari), adiskide min bihurtu ziren. Theobaldek izakera samurra, ahula, ia emakumezkoa agertzen zuen, eta baita aztoramen idilikoa ere; aro honetan, hain zuzen ere zapaltzen duenagatik axolarik gabe eta trumoi urratsez bazterrak zanpatuz aurrera doan erraldoi gotor baten antzeko aro honetan, beste guztien aldean Theobald hain ttipi eta gozo nabarmentzen zen non gehienek barre egiten zuten bere bizkar. Alban zen, bere lagunaren samurtasunari ederretsita, lotsarik gabe jarraitzen Zion bakarra bere lorategitxo fantastikoetan barrena, nahiz eta sarritan saiatzen zen berriro bizitzako ekaitzaldietara itzul zedin, eta horrela barrenean agian zeuzkan indar eta kemen txinpartak nondik piztuko. Izan ere Albanek uste zuen bere lagunari hainbeste zor ziola, unibertsitate urte haietan bakarrik ernatu eta sendotu baitzitzakeen Theobaldegan beharrezko ziren indarrak, ahalik eta aurre egin ahal izateko bai gorabehera gogorrei eta bai zorigaitzen ustekabeko zigor guztiei, eguraldi sargoriko tximisten antzekoei.

        «Theobalden asmoak, bere inguruari bakarrik erreparatzen zion pentsakera xume haren neurrikoak ziren. Ikasketak amaitu eta doktoradutza eskuratu orduko bere sorterrira itzuli nahi zuen, guraso ordeengana joan (umezurtza zen) eta haien alabarekin ezkontzeko, elkarren ondoan haziak baitziren biak; eta hartara, itxurazko ondasun baten jabe eginik, bere buruari eta jakintzari bakarrik begira bizitzeko. Garai hartan berriro zabaltzen ari zen abere magnetismoa bere animaz nagusitu zen, eta gai horretaz idatzitako guztia gogotsu ikasi zuen; era berean, Albanen gidaritzapean esperimentutan jardun bitartean, baztertu naturako indar psikikoen aurka omen zihoazen baliabide fisikoak, eta magnetismo barbaro izenekora itzuli zuen gogoa, hau da, izpiritualisten eskola zaharrera.»

        Ottmarek magnetismo hitza aipatu orduko, Bickerten aurpegian imintzioa agertu zen, hasieran astiro baina ondoren gihar guztietatik crescendo zihoana, harik eta azkenean, fortissimo-aren gisan, keinu ezin zelebreago hura baroiagana zuzendu zuen arte; berau barrez lehertzeko zorian zegoen, Bickertek zutitu eta hizketan hastekoa egin zuenean. Orduantxe Ottmarek baso bat pontxe luzatu zion eta honek maltzurki edan zuen, Ottmarek bere kontakizunarekin jarraitzen zuen bitartean:

        — Buru-belarri murgildu zen Alban hipnosian; isilpean ereiten zuen han-hemenka abere magnetismoaren ikasbidea, mesmerismoari bere burua guztiz eskainirik; halaber, Theobaldi hain higuingarriak zitzaizkion krisi bortxatu haien alde zegoen ere. Bi lagunen iritzi desberdintasun hura hainbat eztabaidatarako gai izanik, horra non Theobalden zenbait esperientzia ukatzerik ez eta eragin psikikoei buruzko Theobalden aztoramen eztiak erakarrita, Albani berari ere magnetismo psikikorako joera handitu zitzaion; azkenean, Puysegurenak bezala bi alderdiak ekartzen dituen eskola berriaren jarraitzaile egin zen Alban. Aitzitik, hain konbentzimendu arrotz eta arinak zituen Theobald ez zen bere sistematik den guttiena ere aldendu; aldiz, temati baztertu zituen baliabide fisikoak oro.

        «Bere beta guztia eta beraz bizitza osoa erabili nahi zuen eragin psikikoen osin misteriotsuetan ahalik eta gehiena sakontzeko, eta hartara, izpirituz beti hari atxiki eta oztopo guztietatik urrunduz, naturaren dizipulu duin bihurtzeko. Horrela, bada, bere bizitza kontenplatzaileak apaizgo baten antzekoa izan behar zuen, hartara, gero eta ordenazio gorenago baten moduan Isisen tenplo handiko barne geletan sartzeko bedeinkazioa jasotzearren. Lagunaren grina hark itxaropen emanda, Albanek haizea eman zion Theobalderi xede hartarako, eta azkenean bere helburua erdietsi eta sorterrira itzultzerakoan honako hauek izan ziren Albanen azken hitzak: hasitakoari tinko eusteko.»

        «Handik lasterrera jaso zuen Albanek bere lagunagandik eskutitz bat, eta bertako zentzurik ezatik argi ageri zen zoramenak hartu zuela, etsipenak ezezik. Bere zorion bakarra, idazten zion, gerrara joatea zen, bere bihotzeko maiteak hara aldegin baitzuen sorlekutik, eta heriotzak bakarrik arin zezakeen bere orduko atsekabe hura, erabat akitzen ari zuena. Alban ez zen bertan egonean geratu; berehala abiatu zen lagunagana, eta alferrikako hainbat saioren ondoren zertxobait behintzat lortu zuen malerus hura lasaitzea. Tropa arrotzak handik igarotzerakoan, kontatu zion Theobalden maitearen amak, ofizial italiar batek bere etxean hartu omen zuen ostatu; lehenengo begiratuan maitemindu zen erabat neskatilarekin, eta baita bere aberrikoek ohizkoa duten sugarraz ekin ere; emakumeen bihotza eskuratzeko xarma guztiak erabiliz, halako sentimendua piztu zuen harengan non egun gutti barru Theobald gizarajoa ahaztu eta italiarrarentzat baino ez zen bizi. Honek ordea gerrara bildu beharra izan zuen berriro, eta orduztik neskatxa errukarriari etengabe jarraitzen zion maitearen irudiak, nahiz gatazka garratzean odolusten nahiz lurrera jaurtita hiltzear, neskaren izena etengabe hots eginaz; hala, azkenean neskatxari zentzua nahasi zitzaion eta Theobald gizarajoa itzuli zenean andregai zoriontsua besoetan hartzeko itxaropenetan, ez zuen ezagutu ere egin. Albanek Theobald zuzpertzea lortu bezain sarri, maitea berreskuratzeko bide ziur bat adierazi zion. Bere iritzien araberakoa iruditu zitzaion Theobalderi Albanen aholku hura, eta ez zuen mementu bakar batez ere zalantzan jarri zeharoko arrakasta izango zuela; beraz, fede osoz lotu zitzaion lagunak egiatzat aitortu zionari.»

        «Badakit, Bickert, zer esan nahi duzun —eten zuen Ottmarek solasa—. Antzematen dut zure ezina, eta Mariak horren jator luzatzen dizun pontxe basoari eusten diozun era etsi, barregarria atsegina egiten zait. Baina zaude isilik, arren. Irribarre gazigozo hori da zure oharrik bikainena, nire asmoa hondatzeko edozein hitz edo ateraldi baino askoz hobea. Zuei esateko daukadana, ordea, hain da zoragarri eta atsegina non zu zeu ere goxotasunik handienean jarriko zaituen. Entzun bada arretaz, eta zeuk baieztatuko didazu, aita, nire hitza osoki bete dudala.»

        Baroiaren erantzuna «hm, hm» egitea izan zen, eta Mariak begirada argiz so egin Zion Ottmari, aldi berean masaila eztiro esku gainean kokatuaz, ile adats horiak beren oparoan besoan behera hedaturik.

        — Neskatilaren egunak oinazetsuak eta beldurgarriak baziren —jarraitu zuen Ottmarek bere kontakizuna—, gauek ere jota uzten zuten. Egunez jarraitzen zioten irudi beldurgarriak indar handiagoz agertzen ziren gauez. Ahots erdiragarriz oihukatzen zuen bere maitearen izena, eta bazirudien haren gorpu odolduaren alboan eman behar zuela azken arnasa, itolarrizko hasperenez. Gauean ametsek neskatila gajoa larritzen zutenean, amak haren ohe ondora joanarazten zion Theobaldi. Hau aldamenean esertzen zitzaion, eta borondatearen indar guztiarekin izpiritua tinkatuaz, beragan josten zuen begirada. Hainbat bider hartan aritu ondoren, ametsen eragina ahuldu egiten zela zirudien, ofizialaren izenaren deiadarrek ez baitzuten inoren anima zulatzerainoko lehengo indarra, eta hasperen sakon haiek lasaitua ematen zioten bularreko estuasunari. Orduan Theobaldek neskaren eskua bereen artean ipini eta isil isilik esaten zuen bere izena. Laster igarri zen ondorioa. Etenka baino ez zuen esaten ofizialaren izena; bazirudien silaba bakoitzarekin, hizki bakoitzarekin geratzen zela hausnarrean, bere irudien errenkadan zerbait arrotza sartu bailitzan. Handik lasterrera ez zen batere mintzo; ezpaineko dardarak bakarrik erakusten zuen bere mintzatu nahia, kanpoko eraginen batek galarazia. Egoera hark zenbait gau iraun zituen; ondoren Theobald esaldi etenetan hasi zitzaion isilka mintzatzen, eskutik indartsu helduta. Haurtzaroa zekarkion gogora. Batean jolasten zebilen Augusterekin (oraintxe oroitzen naiz berriro neskatilaren izenaz) osabaren baratze handian, arbola altuenetatik gerezirik ederrenak berarentzat biltzen, beti moldatzen baitzen beste umeengandik ezkutuan onena berari eskupetik emateko; bestean, luzaroan gogaitzen zuen osaba arren eta arren, harik eta honek nazio arrotzen janzkera liburu ederra uzten Zion arte. Orriak pasatzen aritzen ziren bi umeak, besaulki gainean mahaiaren kontra belauniko. Beti egoten zen beren lurraldeko gizon emakume banaren irudia, eta hauek beti ziren Theobald eta Auguste. Janzkera bitxiko bazter arrotz haietan egon nahi izaten zuten bakarrik, lore eta belar ederrekin jolasteko...

        «Gogotik harritu zen ama, gau batez Auguste hizketan hasi eta Theobalden oroitzapenekin bat egin zuenean. Zazpi urteko neskatila zen bera ere, eta biek jardun zuten jolasean. Augustek haurtzaroko pasadizo aipagarrienak iratzarri zizkion. Oso sutsua zenez, sarritan egiten zion gogor ahizpa zaharragoari, honek maltzurki amorrazten baitzuen arrazoirik gabe, hainbat gorabehera tragikomiko sortaraziz. Esate baterako neguko gau batez hiru umeak elkarren ondoan eserita zeuden, eta ahizpa zaharrena, inoiz baino elkorragoa, egoskor ari zen Auguste ttikia zirikatzen, berau haserre bizian negarrez zeukalarik. Theobald irudiak marrazten ari zen beti bezala, gero haiei zentzuzko esanahiak emateko. Halako batean argia mukatu nahi izan zuen hobeto ikusteko, baina itzali egin zen ustekabean; azkar baliatu zen Auguste aukera hartaz eta zaplazteko gogorra eman zion ahizpa zaharrenari, hainbeste amorrazioren truke. Neskatxa oihuka joan zen lanturuan aitagana, Theobalden osabagana, Theobaldek argia itzali eta jo egin zuela esanaz. Osaba berehala hurbildu eta Theobalderi maltzurkeria zital hura aurpegiratzean, honek ukatu egin zuen errudunaz edo gaiztakeriaz ezer zekienik. Auguste nahigabez lehertzeko zorian zegoen, Theobalderi egotzi ziotenean bera errudun egitearren itzali zuela argia eta zartakoa eman; baina zenbat eta Augusteren negarra ugariagoa, orduan eta gehiago kontsolatzen zuen osabak, esanaz gaizkilea aurkitu zutela eta baita Theobald gaiztoaren bihurrikeria zapuztu ere. Bazihoan osaba zigorrari ekitera, Augustek bihotza hautsi eta egia aitortu zuenean, bere burua errudun eginaz; aitorpen hartantxe antzeman zuen osabak neskatxaren mutilaganako maitasun neurrigabea, eta Theobalden tinkotasun hura zela eta, zoriontsu baitzegoen Augusterengatik benetako heroismoz sufritzeko, umerik setosoena baino areago jipoitu zuen. Augusteren oinazeak ez zuen mugarik eta erabat desagertu ziren bere zakarkeria eta agindu nahia. Theobald gozoa bihurtu zen aurrerantzean bere agintari, eta gogotsu egin zion men; nahi hainbat uzten zion bere jostailu eta panpinarik ederrenekin ibiltzen, eta lehen neskatxaren ondoan egoteko sukalde ttikirako hosto eta lore bila aritu behar bazuen, orain atseginez jarraitzen zion Augustek berak sasiartean barrena, zurezko zaldi ausartaren gainean elkarrekin. Baina neskatilaren anima osoki atxikitzeaz batera, bazirudien sufritutako bidegabeak Theobalden maitasun sugarra ere piztu zuela. Osaba jabetua zegoen hartaz guztiaz, eta handik urte batzuetara pasadizo haren egiazko nondik norakoa harriturik jakitean ez zuen gehiago zalantzan jarri umeek erakutsi zuten elkarrekiko maitasuna, eta gogo osoz onetsi zuen bien ezkontza asmoa, beren bizitza osorako nahi zutena. Gerora ere pasadizo tragikomiko harexek elkartu behar zuen bikotea berriro.»

        «Osaba haserre sartu zen unetik hasi zuen Augustek bere jarduna, eta Theobaldek leialki heldu zion bere paperari. Ordurarte Auguste egunez isilik eta bere baitaraturik egona zen, baina gau haren biharamunean amari bat-batean adierazi zion azkenaldian Theobaldekin egiten zuela amets, eta zergatik ez ote zen etortzen, ez eta ere idazten. Desira hau gero eta nabariagoa zenez, Theobaldek ez zuen ezbai gehiago izan Augusteren aurrean azaltzeko, bidaiatik lehen aldiz orduantxe baletor bezala; izan ere, Augustek ezagutu ez zuen aldi izugarri barrez gero kontu handia izan zuen aurrean ikusi ez zezan.»

        «Augustek maitasunez gainezka eman zion ongi-etorria. Handik guttira aitortu zion, malko ugariren artean, huts egin ziola. Arrotz batek modu arraroan lortu omen zuen beragandik urrunaraztea, eta indar arrotz hark atera zuela bere onetatik, harik eta Theobalden ametsetako agerraldi mesedegarriek izpiritu gaizto, sorgintzaile hura uxatu zuten arte; aitortu beharra omen zeukan ere ezin zela arrotzaren itxurarekin gogoratu, eta Theobald zela orain bere baitako biztanle bakarra. Nola Alban hala Theobald ere konbentzituta zeuden Augustek gainditu zuela bere arestiko eroaldia, eta ez zegoela beste oztoporik bien elkartzea...»

        Ottmar kontakizuna horrenbestez amaitzera zihoan, Mariari bat-batean garrasi lehor bat atera zitzaionean; zorabiaturik erori zen eserlekutik Bickerten besoetara, hau arin hurbildu ondoren. Baroia izuturik altxa, Ottmar ere berehala Bickerteri laguntzera joan eta bion artean eraman zuten Maria sofa gainera. Hildakoa bezain zurbil zegoen, bizitzaren zantzuak oro aurpegi oker, desitxuratutik ezkutatuak.

        — Hilda dago, hilda dago! —egin zuen baroiak oihu.

        — Ez —hots egin zuen Ottmarek—. Bizi beharra dauka. Bizitzeko premia dauka. Albanek lagunduko dio.

        — Alban! Alban! Hildakoak piztu ditzake berak! ­oihukatu zuen Bickertek.

        Orduantxe atea zabaldu eta Alban sartu zen. Bere itzal berezi harekin joan zen isilik zorabiatuagana. Baroiak amorruz begiratzen zion... inor ez zen hitz egitera ausartzen. Alban Mariaz bakarrik ohartzen zela zirudien. Beragan itsatsi zuen begirada.

        — Maria, zer gertatzen zaizu? —mintzatu zitzaion irmoki, dardara sortaraziz.

        Eskutik heldu zion. Ondotik aldendu gabe esan zuen:

        — Nolatan beldur hau, jaunok? Pultsua motela dauka baina etenik gabea. Kez betea dago gela. Ireki leihoa eta Maria berehala zuzpertuko da hutsaren hurrengo nerbio atake arin honetatik.

        Bickertek hala egin eta orduan Mariak begiak zabaldu zituen. Albanengan pausatu zuen begirada.

        — Utz nazazu, izugarri halakoa, oinazerik gabe hil nahi dut eta —murmuriatu zuen ozta-oztan entzuteko moduan.

        Aurpegia Albanengandik saihestuaz sofako kuxinen artean gorde eta lo sakonean murgildu zen, bere arnasaldi sendoetatik antzeman zitekeenez. Irribarre bitxi, beldurgarri bat hegaldatu zen Albanen aurpegitik. Baroia zutitu egin zen, irmoki zerbait esan nahian bezala. Albanek gogor eutsi zion begiradaz, eta egoeraren larria aintzat hartu gabe mintzatu zen barre zuri batekin:

        — Lasai, baroi jauna! Umetxoa apur bat gaizkitu da baina lo ongarri honetatik itzartzen denean bihar goizeko seietan puntuan, aski izango da hemendik hamabi tanta ematea.

        Sakelatik ateratako txarroa Ottmari luzatu eta urrats motelez irten zen salatik.

        — Sasi-mediku alena! —hots egin zuen Bickertek, Maria lokartua bere gelara eraman eta Ottmar gelatik irtetean—. Azti begirada sakon hori, itzal hori, iragarpen profetikoa, elixir miresgarriaren txarroa... Zain nengoen airean lurrinduko ote zen Schwedenborg bezala, edo agian beltzetik gorrira aldatutako frakez salatik aterako, Beireis bezala.

        — Bickert —erantzun zuen baroiak, Maria zeramatelako tristuraz besaulkian geldirik eta mutu egon ondoren—, zer bilakatu da gure ilunabar alaia? Baneukan irudipen hori barrenean, alegia gaur zorigaitzen batekin egokitu eta arrazoi bereziren batengatik Alban ikusiko nuela. Ottmarek izendatu duen unean bertan agertu da, aingeru jagolea bezala. Esaidazu, Bickert, ez al da ate horretatik sartu?

        — Noski! —gaineratu zuen Bickertek—. Eta oraintxe konturatzen naiz Cagliostroren antzera sartu digula ziria, arestiko gure larrialdian jabetu ez garen arren; gela aurreko ate bakarra barrutik itxi dut, eta hona hemen giltza... Nahastu egin ote naiz bada, eta irekita utzi?

        Bickertek atea ikertu eta itzultzerakoan irribarrez esan zuen:

        — Ongi bukatu ditu Cagliostrok bere lanak. Atea lehen bezala dago sarrailez itxita.

        — Hm —jalki zuen baroiak—. Sasi-medikua amarruzale ari zaigu bihurtzen.

        — Tamalgarria da —gaineratu zuen Bickertek—. Albanek mediku trebearen ospea dauka, eta aspaldi hartan gure Maria osasuntsua nerbioetako gaitz sendaezin hark jo eta botika guztiek kale egin zutenean ere aste guttiren buruan osatu zen Albanen kura magnetikoari esker. Azkenean behintzat hartu zenuen erabaki zail hura, Ottmaren kontseilu ugariei esker, baina batez ere bestetan bere burua pozik eta alai eguzkitara luzatzen zuen lore zoragarria gero eta iharrago ikusten zenuelako.

        — Ongi uste al duzu egin nuela Ottmaren aurrean amore emanda? —galdetu zuen baroiak.

        — Une hartan bai —gaineratu zuen Bickertek—. Baina Albanen egonaldi luzatu hau ez dut batere gogoko. Eta magnetismoari dagokionez...

        — Zeharo baztertzen duzu —eten zuen baroiak.

        — Bai zera —erantzun zuen Bickertek—. Makinatxo bat froga ezagutu ditut, hartan sinistera naramatenak. Argi antzematen dut magnetismoan daudela natura osoko bizitza organikoaren harreman eta lotura miresgarriak. Hartaz dakigun guztia, ordea, erabat zatikatua dago eta gizakiak lortuko balu naturako sekretu sakon horren jabe egitea, irudituko litzaidake amak ustekabean lanabes zorrotz bat galduko lukeela, bere umeen atsegin eta pozerako hainbat gauza zoragarri sortzeko erabili duena; umeek topatuez gero mina hartuko lukete, amaren tankeran beste hainbeste egiteko grina itsuan.

        — Horixe da neure iritzia ere —esan zuen baroiak—. Baina Albani berari dagokionez, oraindik ez dakit nola bildu eta argitu bere ondoan nagoenean nabaritzen ditudan sentimendu berezi guztiak. Batzuetan ondorio argi batera heldu naizela uste dut: bere jakinduri sakonak aztoratu egin bide du, baina bere grinak, bere zorteak besteon arreta erakartzen du! Ikusten ez dudanean soilik iruditzen zait horrelakoa; hurbiltzen zaidanean beste ikuspegi batetik ikusten dut eta izuz betetzen naute bere aurpegiko egite okertuek, banaka azaltzen baitzaizkit zein baino zein beldurgarriago, baina denak batera ez. Duela zenbait hilabete Ottmarek aurkeztu zigunean bere lagunik onena bezala, iruditu zitzaidan lehen ere noizbait ikusia nuela; gogoko nituen bere fintasun eta jokabide prestuak, baina bere agerraldi hura, oro har, ez nuen atsegin. Izan ere askotan kezkatu nau Alban iritsi eta berehala, dakizuenez, Maria hain modu arraroan gaixotu izana, eta aitortu beharra daukat Albanek, azkenean deitu ziotenean berehala ekin ziola kurari, eta gainera halako ahalegin paregabez, halako gogoz, halako maitasun eta leialtasunez non bere arrakastak atxikimendu eta begirunerik zuzen eta garbiena irabazi zuen. Gustura okituko nukeen urrez baina zaila gertatzen zitzaidan eskerrak ematea; izan ere sendaketa magnetikoaren emaitzek, azaltzen ziren heinean, higuinez betetzen ninduten eta Alban bera ere gero eta gehiago nuen gorroto. Batzuetan uste nuen arrisku latzenetatik salba nindezakeela, berarentzat inongo onurarik gabe. Bere itzal hori, bere solas mistikoak, bere hitzontzikeriak zumar, ezki eta beste hamaika zuhaitz magnetizatzeari buruz, edota besozabalik ifarrera begira munduko izpiritutik indar berria eskuratzeari buruz; horrek denak urduri jartzen nau, nahiz eta bihotzez gaitzesten dudan. Baina, Bickert, entzun arretaz! Denetan bereziena da, Alban hemen denetik inoiz baino sarriago pentsatu behar dudala Danimarkako komandanteagan. Oraintxe bertan ere hain isekati eta deabruaren antzera irribarrez eta bere begi beltz handiekin begiratzen zidanean, hantxe neukan komandantea aurrez aurre... nabarmena da elkarren arteko antza.

        — Horra non argitu den bat-batean —eten zuen Bickertek— zure sentimendu arraroa, zure minberatasuna. Alban ez baina Danimarkako komandantea da larritu eta oinazetzen zaituena. Mediku onbera horrek arrano sudurra eta suzko begi beltzak izatearen errua besterik ez dauka; lasai zaitez eta uxatu etsaiak burutik. Baliteke Alban aztoratua egotea, baina denon ona nahi du eta hala lortzen du. Har ditzagun bere hitzontzikeriak kaltegarri ez den jostailutzat, eta begiraiogun mediku trebe, begi zorrotzeko gisara.

        Baroiak zutitu eta honela esan zuen, Bickerten bi eskuei helduta:

        — Franz, zeure iritzien aurka mintzatu zara; egon behar du aringarriren bat nire larri eta egonez honentzat. Animaren barruan daukat errotua: Alban da nire deabru galgarria. Franz, begirozu gero! Erne egon, aholku eman, lagundu eta babes nazazu nire familiako egoitz akitua kolokan ikusten baduzu. Ulertu nauzu. Buka dezagun honenbestez.

        Lagunek elkar besarkatu zuten eta gauerdia aspaldi igaroa zen nor bere gelara pentsakor joan zenean, egonezaz eta urduri. Seietan puntuan itzarri zen Maria, Albanek iragarri bezala; txarrotik hamabi tanta eman eta handik bi ordutara alai eta distiratsu sartu zen egongelan, non baroia, Ottmar eta Bickertek besozabalik hartu zuten. Alban bere gelan itxita zegoen, presazko gutun batek egun osoa lanpeturik edukiko zuela esanda.

 

 

Mariaren eskutitza Adelgunderi

 

        Azkenean salbatu zara, beraz, gerra zitalaren eraso eta moztadetatik, eta ihesleku libro, ziurra aurkitu. Ezin dizut hitzez adierazi, bihotzeko lagun maitea, nolako zirrara nabaritu nuen hainbeste denboraren ostean zure idazkera ttiki, polita berriro ikustean. Egonezinik, guttigatik ez nuen erabat hautsi hain gogor itxitako gutuna. Hasieran behin eta berriro irakurri eta halere ezin nuen antzeman zer zioen, harik eta azkenean lasaitu eta bozkarioz jakin nuen arte zure neba maitea, ene Hypolit laztana, ongi dela eta aurki ikusiko dudala berriro. Ez al zaizu orduan nire gutunik heldu? Ai, ene Adelgunde! Zure Marie gaixo egon da, oso gaixo ere, baina hobetu naiz jadanik, nahiz eta nire gaitza hain tankera ulertezinekoa zen non oraindik ere arras izutzen nauen hartan pentsatzeak. Ottmar eta medikuek diote oraindik daukadan sentimendu hau eritasunaren ondar bat dela, eta gainera sustraitik erauzi beharrekoa. Ez idazu eskatu zer gertatu zaidan kontatzea, neuk ere ez dakit eta: ez oinazerik, ezta izenez esan daitekeen minik ere, baina halere patxada guztia, alaitasun guztia eduki dut joana. Dena aldaturik heltzen zitzaidan. Hitz ozenek eta urrats hotsek arantzek bezala zulatzen ninduten buruan. Batzuetan nire inguruko gauza guztiek ahotsa eta doinua zuten eta beren mingain miragarriekin zirikatu eta oinazetzen ninduten; susmo arraro batzuk benetako bizitzatik aldenduta nindukaten. Sinistazu, ene Adelgunde, beldurgarrizko moduan sartu zirela nire bizitzan txori berdea, Trebisond-go Fakardin printzea eta beste hamaika ipuin ergel, izeba Klarak hain ederki kontatzen zizkigunak, eta azti maltzurren batek nigan eragindako aldaketaren menpe nengoen. Barregarria da esatea inozokeria horiek nigan hain eragin gaiztoa izan dutenik, nire ahulezia eta indarrik eza nabarmenduaz. Ezerez edo huskeriekin sarritan heriotzeraino kezkatu, eta gero horrelakoxe beste huskeria batek loriatzen ninduen bitartean, indar ezezagun baten enbata gogorrak nire barrua suntsitzen ari ziren. Zenbait gauza bestetan aintzat hartzen ez nituenak, bat-batean bururatu eta erabat oinazetzen ninduten. Konparazio batera halako ezinikusia hartu nien lirioei non zorabiatu egiten nintzen urrutira bakarren bat loratuez gero ere; beren kokotsetik basilisko leun, distiratsuak ikusten nituen miztoa aterata nigana jauzika. Saiatu besterik ez naiz egin, Adelgunde maitea, zuri nire egoeraren berri ematen, nik eritasuna deituko ez nukeen egoera, pixkana makaltzen joan ez banintz; gero eta ahulago, heriotza ikusi nuen atetan.

        Baina orain zerbait berezia esan behar dizut. Alegia nire zuzpertzea gizaseme zoragarri bati esker izan dela, Ottmarek aurrez etxera ekarria eta agi danean hiriburuko mediku handi eta trebeen artean bakarra, nirea bezalako eritasun berezia azkar eta ziur sendatzeko sekretua daukana. Baina benetan berezia zera da: nire amets eta lilura guztietan gizon serios, eder bat agertzen zela, gazte izan arren benetako begirunea pizten zidana; noiz era batean noiz bestean, baina beti sotana luzez jantzita, diamantezko koroa buruan, ipuinetako izpirituen munduko errege erromantikoa bezala agertu eta aztikeria gaizto guztiak desegiten zituen. Bihotz bihotzez atxiki behar nintzaion bere babespean hartu baininduen, eta nire burua zor nion horren ordainetan. Batzuetan Salomon jakintsuaren gisara agertzen zitzaidan, eta bestetan, inongo zentzurik gabe, Xirula Magikoa-ko Sarastro ekartzen zidan gogora, lehenago hiriburuan ikusia nuena. Ai Adelgunde maitea, hura ikara hartu nuen nire ametsetako errege erromantiko hura Alban zela ohartu nintzenean, ikusi bezain laster. Alban da, hain zuzen ere, arestiko mediku berezi hori, Ottmarek aspaldi lagunmin moduan aurkeztu ziguna; aurreneko bisitaldi labur hartan hain gutti erreparatu nion non ondoren ez nintzen bere itxuraz ere oroitzen.

        Ni sendatzeko deitu eta itzuli zenean, ordea, ezin nion nire orduko sentipenari inolako tankerarik eman. Nahiz Albanek bere itxura eta jokabide guztian duintasuna eta agintari itxura hori eduki, gainerako guztiengandik goraltzen duena, bere begirada zorrotz, seriosa nigan ezarri zuenean honako hau iruditu zitzaidan: berak agindutako guztia egin behar nuela eta ni berea egiteko bakarrik sendatu nahi ninduela. Ottmarek esan zuen magnetismo izenekoaren bidez izango nintzela sendatua eta zenbait bitarteko erabiliz Albanek egoera asaldatu batean jarriko ninduela, lo harrarazi eta ondoren loaldi horren barruan itzar nendin, hartara neuk ikusiko bainuen nire eritasuna, eta baita sendabidea finkatuko ere. Ez dakizu,

        Adelgunde maitea, larria ezezik zenbateko beldurra eta izua nabari nuen korderik gabeko egoera goren horrekin gogoratzean, baina halere ongi nekien alferrik nuela Albanen erabakien aurka saiatzea. Bitarteko haiek erabili eta, nire ikarak eta beldurrak gorabehera, ondorio mesedegarriak soilik antzeman ditut, zorionez. Itzuli zait kolorea, alaitasuna, eta edozein huskeria oinaze bihurtzen zidan lehengo estuasunaren ordez lasai samar nago orain. Desagertu dira ametsetako irudi burugabe haiek eta loak zuzpertu egiten nau; gainera, bertan maiz agertzen zaizkidan zorakeriekin oinazetu beharrean bizitu eta alaitu egiten naiz. Sarritan amesten dut orain, Adelgunde maitea, begiak itxita eduki arren eta zentzu berri bat ernaturik bezala, gauza naizela koloreak ezagutu, metaleak bereizi, irakurri eta abar egiteko, Albanek hala nahi duen heinean. Anitzetan eskatzen dit ere nire baitan begiratu eta esateko zer ikusten dudan bertan, eta zehatz-mehatz egiten dut. Batzuetan Albanekin gogoratu behar izaten dut bat-batean, bera aurrean daukadalarik, eta murgiltzen joaten naiz amets antzeko batean; nire zentzuak lokartzen joan ahala, nire azken gogoetek ideia arrotzak ekartzen dizkidate eta bizitasun bereziz, edo areago, urre distirakoz zeharkatzen naute. Badakit Alban dela jainkozko ideiok nigan pentsatzen dituena, barruan baitaramat bera txinparta bizkorgarri, goren baten antzera, eta bera urrun baledi, izpirituz bakarrik gerta daitekeen gauza zeren urruntze fisikoak ez baitu axola, akabo nintzateke.

        Berarekin eta beragan bakarrik bizi naiteke, eta nire izpirituaz erabat nagusitzea lortuko balu, nire bizitza mortu hila litzateke; izan ere, hau idazten dizudan bitartean ere argi antzematen dut beragandik datorkidala etorria nire burua ezagutzera emateko. Ez dakit, ene Adelgunde, zelebrea edo agian ameslari asaldatu horietakoa irizten didazun, eta ezta ulertzen ote nauzun ere. Oraintxe bertan iruditzen zait Hypoliten izena irristatzen dela zure ezpainetatik, isilik eta saminki. Sinistaidazu inoiz ez dudala Hypolit orain baino gehiago maitatu; sarritan aipatzen dut nire otoitzetan, osasun izan dezan. Zeruetako aingeruek begiratuko al dute gatazkako zauri gaiztoen mehatxutik. Hala eta guztiz ere Alban nire jaun eta nagusi denetik, iruditzen zait bere bitartez soilik maita dezakedala Hypolit gehiago eta sakonago, eta nire esku daukadala izpiritu jagolearen antzera bera zaintzeko eta nire otoitzekin serafinen hego azpian bezala gordetzeko ahalmena, inguruko heriotzaren begirada erne eta maltzurra zapuztuaz. Alban gizon prestu, zoragarri horrek bizitza gorenaren bidez kontsakratutako andregaia bezala narama Hypoliten besoetara; baina umeak ezin du munduko ekaitzetara bere nagusia gabe ausartu. Orain egun gutti jabetu naiz Albanen benetako indarraz. Baina sinistu al dezakezu, ene Adelgunde, inoiz baino eriago eta suminkorrago jarri nintzenean nire jaun eta jabeari buruzko zalantza ziztrinak jaio zirela nire bularrean? Izan ere maitasun eta leialtasun haustura iruditzen zitzaidan nire Hypoliten aldeko otoitzetan ere Albanen irudia jaikitzea, haserre eta mehatxukor, bakar-bakarrik irten nahi nuelako berak ipinitako barrutitik ume bihurriaren antzera, aitaren ohar hitzak ahaztuz baratze baketsutik basora joateko, non basapizti odolzaleak sasiarte berde, ederren artetik zelatan dauden.

        Ai, Adelgunde! Izugarri oinazetzen naute zalantza horiek. Barre egingo duzu esaten badizut zera ere bururatu zaidala: Albanek propio nahaspilatu nahi nauela, eta baita nire barruan haragizko maitasuna piztu ere, zeruetako mirari baten itxurapean. Ai, Hypolit!

        Duela gutti geunden eroso asko eserita gau batez aita, neba, Bickert zaharra eta laurok; ohitura duenez, Alban bere paseo luze horietako batean zen. Ametsez ari ginen hizketan, eta nola aitak hala Bickertek ere zer konta miresgarri eta atsegin anitz zekiten. Orduan Ottmarek hitza hartu eta kontatu zuen bere lagun batek Albanen aholkuz eta gidaritzaz lortu zuela neskatila baten amodioa irabaztea, hau deusez jabetu gabe, lo zegoen bitartean aldamenean jarri eta honen gogoeta sakonenak magnetikoki bideratuaz. Hala, aitak eta Bickert zahar leialak ere, nire aurrean inoiz ez bezala, tinko eta gogor gaitzetsi zuten magnetismoa eta, hein batean, baita Alban bera ere. Horrek indarbizitu egin zituen nire nagusiarekiko zalantzak: infernuko bide ezkutuak ote zerabilzkien ni bere esklabu egiteko? Eta aginduko balit Hypolit utzi behar nukeela, gorputz eta animan bera bakarrik eramateko? Inoiz ezagutu gabeko zorabioan erori nintzen larritasun hilgarriz; Alban ikusten nuen bere gelan tresneria ezezagun, landare eta animalia zatar eta metale distiratsuz inguratua, mugimendu ezinduen bidez beso eta eskuekin jira-bira bitxiak eginaz. Bere aurpegia, bestetan hain bare eta seriosa, har beldurgarri batena zen eta bere begi gorrietatik ziztu nazkagarrian labaintzen ziren basilisko leun, distiratsuak, lehen lirio kokotsetan ikusi uste nituenak. Ibai izoztu bat iruditu zitzaidan zihoakidala bizkarrean behera dariola, eta egoera beretsuan esnatu nintzen zorabio hartatik; aurrean neukan Alban zutik, baina Jainko santua, inolaz ere ez zen bera, ez, nire irudimenak sumatutako har izugarria! Hura lotsa biharamunean bere aurrean! Albanek bazuen berari buruzko nire zalantzen berri, eta gozotasun jatorrez isildu zuen nik emandako itxura; izan ere, nire baitan bizi denez nire gogoeta ezkutuenak ere ezagutzen ditu, eta ni, debozio eta apaltasunez, ez naiz horiek gordetzen saiatzen.

        Gainerakoan nire eritasunaz ezer gutti argitu zuen, eta aitak gau hartan erretako tabako turkiarraren keari leporatu zion. Ikusi egin behar zenuen, zenbateko seriostasun jatorrez, zenbateko arretaz zaindu ninduen nire nagusi zoragarriak. Ez da gorputza bakarrik sendatzen dakiena, ez! Izpiritua ere bizitza gorenerantz bideratzen du. Nahiago nuke hemen bazeunde, ene Adelgunde maitea, eta aspaldiko gure bake bizitza zoriontsu hark bizkortuko bagintu. Bickert betiko agure alaia da, baina aita eta Ottmar aldarte txarrean jartzen dira batzuetan; bizitzan zaildutako gizonei sarritan ez zaie gure geldotasuna atsegin. Albanek zoragarri hitz egiten du antzinako Egipto eta Indiako saga eta mitoez; sarritan loak hartzen nau nahigabe, batik bat parkeko bago handien azpian, eta ondoren indarberrituta esnatzen naiz. Shakespeareren Ekaitza-ko Miranda bezala sentitzen naiz, Prospero alferrik saiatzen denean bere ipuina entzun diezaion. Prosperoren hitz berak erabiliaz esan zidan Ottmarek lehengoan: «Etsi ezazu zure nekearen azpian. Ezin duzu besterik egin.»

        Tira ba, Adelgunde! Hona hemen nire barne bizitza guztia, dena kontatu dizut eta horrek on egiten dit bihotzean. Aldameneko lerroak Hypolitentzat dira, e.a.

 

 

Albanen Theobaldentzako gutunaren zatia

 

        ... atzean geratu da. Fedeak berarekin dakar onbeharra ere, baina on egite hori lagun hurkoa engainatzeko ezezik zurikeria hutsa ere bada, inork bere burua saindu gisara koroatzeko, urre distira faltsuko argizpien isladan atsegin hartuz. Brahman maite hori, atso zaharren moral zaharkituak eraikitako bide bazterrean geratu zaren hori, ez al dira batzuetan zure bularrean ernatzen bestelako sentipenak ere, on eta zuhurtzat dauzkazun zure sentipen horiekin bat ez datozenak? Ama Antzarraren ikasbidearen aurkako zalantza guztiok, sistema moralak hesitutako ibai bazter artifizialetik gainez egiteko joera guztiok, goietara hegaldatzeko grina eutsiezinak, sorbaldan antzematen ditugun hego lumadunak astindu nahiak, horiek guztiak Satanen akuilukadak dira, eta hauexen kontra ohartarazten gaituzte maisu aszetek. Ume sinisberak bezala behar ditugu begiak itxi, naturak denean hedatzen digun Kristo sainduaren argi eta distirak itsutu ez gaitzan. Barne indarrez baliatzen diren joera guztiek ezin dute gaitzesgarriak izan; izan ere, giza naturan bertan ernatu eta oinarrituz, gure bizitzaren xedea betetzen saiatzen dira. Eta zin da xede hori, non eta ez den gure indar fisiko eta psikikoak ahalik ongiena landu eta erabiltzea? Badakit gehiago mintzatu gabe ere, ene brahman maitea (horrela eta ez bestela deitu behar dizut zure bizimodua ikusita), zuk bestelako iritzia duzula, iradoki besterik egin ez dizudan nire uste honen aurka baitoaz zure ibilera guztiak.

        Ongi derizkiot, zaude ziur, zure bizitza kontenplatzaileari eta baita zure ahaleginei ere, ikerketa zorrotzen bidez naturako misterioetan sartzeko; nik ordea zu bezala egon beharrean besoak gurutzatuta gozatzen, nahiz diamantezko giltza distiratsua eskuetan daukazun, nik adore eta kemenez heldu eta zabaldu egiten dut ate misteriotsu hori, zuk beti aurrean edukiko duzun hori. Borrokarako prest egonik, zergatik zabartzen zara? Bizitza osoa da borroka eta borrokaren ondorioa. Gero eta gorago iristen den klimax batean eskuratzen du boteretsuak garaipena, eta arloteak menperatuz indartzen du bere burua. Badakizu, Theobald maitea, borroka hori bizitza izpiritualean kokatu dudala beti, eta erabat sinisturik nago naturako semea-alaba kuttun batzuk lortzen duten nagusitza izpiritual misteriotsu horrek, bereganatzen duten aginte horrek gero eta ekintza gorenago baterako indarra eta bultzada ematen diela. Geurez indarra eta nagusitza daukagunoi eskura eman zaizkigu armak, nolabait esanik, borroka izpiritual honetan azpiko oinarriaren aurka borrokatu eta irabazteko. Nolatan deitzen ote zaio magnetismoa, baliabide ezezagunen bidez gutaz kanpoko izpirituaren oinarrian barneratze, geureganatze eta menperatze horri? Izan ere izendapen hori ez da aski, edo areago, ez du adierazten guk ulertzera eman nahi duguna, indar fisikoa bakarrik hartzen baitu aintzat. Mediku bat izan da munduari nire sekretu horiek aipatzen lehena, eliza ikusezin batek altxor kuttunaren moduan gordeta zeuzkan sekretuak hain zuzen, eta gainera errezela lodi batez estalita, kontsakratu gabeen begirada soilarenzat zeharkatu ezina. Ez al da bada zorakeria pentsatzea izpirituaren errege egiten gaituen talisman miresgarri hori konfiatu digula naturak, zer eta haginetako edo buruko mina edo auskalo zer sendatzeko? Ez, bizitzako izpirituaren oinarriaz erabat nagusitzen saiatzen gara, talisman horren botere indartsua gero eta hobeto ezagutzearen poderioz. Lilura horren uztarripean, menperatutako izpiritu arrotza gure bitartez bakarrik bizi daiteke, eta bere indarraz sendotu eta gogortzen gara! Izpiritu guztiak elkartzen diren fokua Jainkoa da! Zenbat eta izpi gehiago batzen diren suzko piramidean, orduan eta hurbilago dago fokua! Nola zabaltzen diren izpi horiek! Natura osoko bizitza organikoan barrena hedatzen dira izpi horiek, eta izpirituaren distirak erakusten dizkigu landare eta animaliengan ere, gu ezezik hauek ere argitzen baitituzte. Nagusitza horren atzetik ahalegintzea jainkotasunaren atzetik ahalegintzea da, eta botere sentipena zenbat izan, hainbeste da zoriona ere. Zorion guztien osotasuna foku horretan dago! Zein kaskarrak eta zirtzilak iruditzen zaizkidan zurrumurru horiek guztiak, konsakratuei emandako dohain zoragarriari buruz! Izan ere gorentasun hori ikuspegi goren baten bidez bakarrik iritsi daiteke, norbere barruko kontsakrazioa eta gero.

        Azken honen ondoren pentsatuko zenuen bitarteko fisikoak guztiz arrotzak direla nire jardunean, baina ez da horrela. Gizakiok ilunpetan haztamuka gabiltza, izpiritua eta gorputzaren arteko harreman ezkutua argi ez daukagun bitartean, eta nire ustez baliabide fisikoak dira guri eskura eman zaizkigun aginte-ikur antzekoak, morroi ezezagunak makurrarazteko.

        Neuk ere ez dakit, ene Theobald, nolatan idatzi dizudan honenbeste kontu hain desatsegin honetaz, hitz huts hauek zentzua eta sendotasuna edukitzeko izpiritu barrenetik ernetako konbentzimendu osoa behar baita. Erantzun egin nahi nion zure salaketari, alegia bizkor hedatzen doan joera horren jarraitzaile eta zure ikuspegi moralaren arabera bekatari naizenekoa, baina oraintxe jabetzen naiz baroiaren etxeko nire hartuemanak era etenegian berritu dizkizudala, taxuz ulertzeko behintzat. Saiatzera noa, beraz, etxe honetako nire sarreraren hainbat alderdi biltzen, eta ene brahman fededun maiteak mementu batez jarraitu nahi banau nire esparruan gora hegaka, erru guztietatik arinduko dut nire burua.

        Ottmar beste gizon horietakoa da, azkarra eta zuhurra ezezik zaletasun sutsukoa, zientzien arloko edozein aurkikuntza ulertzen duena; baina ulerpen hori da bere xede bakarra, eta formaren ezagupena da erdiesten duen bakarra, bere barne indarrarekin pozik, neke guttiren ostean. Ezagupen horri aski irizten dio bere izpirituak, barruko ideiei igarri ere egin gabe; bere gogoak, hori behintzat ezin ukatu, sakonera gutti du. Ottmarek, dakizunez, oso gogoko nau eta gaur egun hain ugariak diren korifeo gazte horien pare onartu ondoren, gustura ekin diot berari adarra jotzeari. Nire gelan sartzeko daukan begirunea ikusita pentsa liteke Saisen tenploko areto ezkutu eta saindua dela, eta bere burua nire heziketa gogorraren menpe jarri nahi izan duenez, bidezkotzat jo dut berari jostailu xume batzuk konfiatzea, gero neska-mutilei harro erakutsi eta nagusiak dion maitasuna goraipatzen duelarik. Bere erreguei amore emanaz aitaren ondasunetara joan nintzenean berarekin, bere aita agure egoskor bat zela aurkitu nuen, aldamenean pintore zahar bitxi, umoretsu bat zeukalarik, batzuetan pailazo moralzale negartiarena egiten duena.

        Ez naiz oroitzen Mariak nigan izandako zirraraz lehen zer esan nizun, baina orain zaila izango dela iruditzen zait horretaz mintzatzea, zuk ulertzeko moduan behintzat. Zinez, ezagutzen nauzula pentsatu beharra daukat, eta ulertzen dituzula nire ibilerak herri xeheari beti arrotz zaizkion arlo gorenetan. Pentsatzen ahal duzu, beraz, nahiz eta liraina izan, kimu berritan hosto eta lore bikainez jantzitako landare zoragarriaren parekoa; nahiz urruneko hodeiek ezkutatzen dutenaren irrikaz diruditen beg, urdinak eduki; alegia, nahiz aingeruak bezain ederra izan, bera bezalako neskatila batek ez nazakeela jarri maitemindu barregarriaren egoera xamur, antsikarian.

        Bat-batean, Maria eta bion arteko harreman izpiritual ezkutuaz jabetu bezain laster, sentipen miresgarrienak zeharkatu ninduen. Baina gozamen hari amorru zorrotz, arantzadun bat gehitu zitzaion, Mariaren oposizioa sortuaz: indar arrotz gaizto batek aurre egiten zion nire eraginari, eta atxiloturik zeukan Mariaren izpiritua. Ahalegina guztian nire izpiritua hantxe bilduaz etsai hura ezagutu ahal izan nuen, eta borroka bizian bilatu nituen Mariaren barrenetik nigana isurtzen ziren izpi guztiak, erre-ispilu antzeko batean atxikiaz. Besteek ez bezala begiratzen zidan pintore zaharrak; bazirudien Mariak nigan ernatutako urduritasuna antzeman zuela. Begiradak salduko ninduen agian, zeren eta gorputza hain dago izpirituari itsatsia non gorabeherarik ttikienak nerbioak dilindan jarri ezezik kanpoan ere eragiten duen, eta aurpegia edo behinik behin begirada aldatzen duen. Anitz poztu ninduen, ordea, berak kontua hain isilik eramateak; ez zuen Hypolit kondea beste solasgairik, Mariaren ezkongaia alegia, eta haren dohai bilduma oparoa niri aurkezten aritzeak barre egiteko balio izan zidan, gizonek xaloki eta umekiro beren arrean eraikitzen dituzten harreman txoroen bizkar, eta pozteko aukera ere eman zidan, naturak bilbatu dituen lotura motak ezagutzen ditudalako eta horiek arretaz zaintzeko ahalmena daukadalako.

        Nire helburu bakarra Maria zeharo nireganatzea zen, bere bizitza eta izaera guztia nireari lotzea, nigandik bereiziez gero bera suntsi zedin; horrek ni zoriontsu egin eta naturaren borondatea beteko zukeen. Emakumearekiko lotura izpiritual hau da Isisen apaizari komeni zaiona, animaliazko plazer handienen gainetik zeru sabairaino hegaldatzeko; baina ezagutzen duzu nire sistema puntu honi buruz eta ez dut jarraituko. Naturak emakumea pasiboa egin zuen denerako. Emakumeei dagokien bakarra zera da, oinarri goren arrotz horri, hau da, haurren anima osatzen duen horri beren borondatez amore ematea, gogoz konprenitzea, onestea eta ohoratzea; eta emakumeen nagusi eta jabe egitea da, berriz, eduki daitekeen gozamenik handiena. Aurrerantzean ere, nahiz eta baroiaren ondasunetatik berriro urrundu nintzen, dakizunez, Manaren izpiritu alboan jarraitu nuen, eta nahiago ditut ez aipatu ezkutuan erabili nituen bitartekoak beragana gorputzez ere hurbiltzeko, berari gogorrago eragiteko, batzuk zirtzilak emango bailukete, aurreko nire xede hartarantz bideratuak egon arren.

        Handik lasterrera Maria egoera harrigarrian murgildu zen, Ottmarek noski eritasun nerbiosotzat hartu zuena, eta mediku gisara itzuli nintzen etxera, aurrez pentsatua neukan bezala. Maria ohartu egin zen ni nintzela ametsetan nagusi gisara agertzen zitzaion hura, botere menperatzailearen loriaz, eta ordurarte ilunpe artean sumatutako guztia argi eta garbi ikusi zuen izpirituko begiekin. Nire begirada eta borondate tinkoa behar izan nituen bera egoera sonanbuloan jartzeko, hau da, bere baitatik guztiz irten eta nagusiaren goragoko esferara aldarazteko. Ni gogoz onartu ondoren, neure izpirituak hegoak eman zizkion, gizonek inguruan eraiki zioten espetxetik ihes egiteko. Nirekiko izate honen bidez bakarrik jarrai dezake Mariak bizitzen, eta lasai eta zoriontsu dabil. Hypoliten iruditik arrasto xume batzuk besterik ez zaizkio geratzen, eta horiek ere aurki desegingo dira airean. Baroiak eta pintore zaharrak bekozko ilunez begiratzen didate, baina zoragarria da naturak oparitu didan indarrak horretarako ere duen balioa. Inondik ere sentimendu latza izango da, gogor egin arren ni nagusi aitortu beharra. Badakizu zeinen modu miresgarrian bildu dudan ezkutuko jakintzen nire altxorra. Inoiz ez duzu nire liburua irakurri gura izan, nahiz eta harrituta utziko zintuzkeen, inongo fisika tratatutan ez baitago landurik naturako indar ugarien eta beren eraginen halako konbinazio zoragarria. Ez nau lotsatzen hauetako zenbait arretaz prestatu izanak; eta iruzurra deitu al lekioke zerbait miresgarria delakoan ahoa bete hortz dagoen jendaila beldurtu eta harritzen duenari? Izan ere zerbaiten jatorria ezagutzeak ez du hondatzen berez miragarria dena, baizik eta harridura.

        Hypolit koronel gisara dago ...n, gatazkalekuan beraz. Ez diot heriotza opa; etortzea du nahi badu, hartara nire arrakasta bikainagoa izango baita, garaipena ziurra denez. Nik uste baino indartsuagoa suertatzen bada arerioa, fida zaitez nire indarraz, eta abar...

 

 

Gaztelu bakartia

 

        Atertu zuen ekaitza, eta ilunabarreko eguzkiak, sugaldetan, urratu egiten zituen hodei goibelak, ihes bizkorrean urruneko haran sakonetan lurrintzen ari zirenak. Arratseko haizeak bere hegoak harrotu eta zuhaitz, lore eta belarren urrinak uhin zabalen eran isuri zituen aire epelean barrena. Basotik irten nintzenean belaze loratuak inguratzen zuen herrixka atsegina, postiloiak aurrez iragarritako moduan. Gorantz zutitzen ziren gazteluko dorre gorikoak eta leihoak sutan zeuden eguzki distirarekin, barruko garrek kanpora lehertu nahi balute bezala. Ezkilots eta eliz kantak heldu zitzaizkidan; segizio itzaltsu bat ikusi nuen urruneko gaztelutik hilerri aldera zihoana. Iritsi nintzenerako isildua zen kantua; bertako ohiturari segituz zerraldoa zabaldu eta hilobi aurrean ipini ondoren, apaiza azken otoitzarekin ari zen. Zerraldoari estalkia jartzeko zorian ziren, ondoratu eta hildakoari begiratu nionean. Oso gizon adindua zen, okertu gabeko aurpegi argi, lasaiarekin, lozorro gozoan bailegoan. Hunkiturik esan zuen nekazari zahar batek:

        — Begira zeinen atseden ederrean joan zaigun gure Franz zaharra; niri ere eman biezat Jainkoak hain azken pozgarria. Dohatsuak Jainkoaren alboan hildakoak.

        Huraxe iruditu zitzaidan hileta ospakizunik egokiena zendu dohatsuarentzat eta nekazariaren hitz soil haiek, berriz, errezurik bikainena.

        Zerraldoa ehortzi zuten, eta lur zokorrak zarata lehorrez erortzerakoan tristurarik mingotsenak hartu ninduen, nire bihotzeko laguna balitz bezala lur hotzaren gaineko hura.

        Gaztelua zegoen gailurrera igotzekoa nintzen, apaiza bidera irten eta hilobiratu berriaren nortasunaz galdetu nionean. Franz Bickert pintore zaharra, azken hiru urteotan gaztelu hutsean bakarrik bizitu eta bertako zaindari bihurtu zena ehortzi omen zuten. Nire gaztelurako desioa aipatu nion; elizgizonak bere gain zeukan giltza, jabeak emana eskubidedun berria etorri arte. Ukatu ezinezko hotzikaraz sartu nintzen sala zabal hustuetan, lehen gizonen bizileku alaia eta orain heriozko isiltasunaren erresuma zen hartan. Azken hiru urte haietan gazteluan ermitau gisara egon zen bitartean harrigarriro jardun zuen artegintzan. Inongo laguntzarik gabe, ezta aparailu mekanikoena ere, goiko solairu guztia estilo gotikoan pintatzeari ekin zion, bere gela ere bertan ipinita, eta lehenengo begiratuan zentzu sakoneko alegoriak antzeman zitezkeen elementu bitxien multzo fantastiko hartan, edergintza gotikoaren antzera. Sarritan azaltzen zen deabru irudi zatar bat, neskatila lokartu bati zelatan.

        Bickerten gelarantz abiatu nintzen berehala. Eserlekua saihestua zegoen mahaitik, non marrazki bat egiten hasia zegoen, Bickert lanetik orduantxe altxa balitz bezala; beroki gris bat zegoen adarretik eskegita, eta kapela gris ttikia marrazkiaren alboan. Bazirudien segituan sartuko zela arrotzari bere lantegi hartara ongi-etorria beso zabalik ematera aurpegi atsegin, dohatsuko agure hura, heriotza oinazeak desitxuratzerik izan ez zuena. Elizgizonari nire desioa adierazi nion zenbait egunetarako, agian astetarako, gazteluan bizitzeko. Txunditua zirudien; sentitzen zuela esan zuen nire desioa bete ezin izatea, eskubideduna etorri bitartean legez itxita jarraitu behar zuela gazteluak, eta Inongo arrotzek ezin zuela bertan bizi.

        — Eta neu banintz eskubidedun hori? —jarraitu nuen, Baron von F. bertako jabe egiten zuen baimen agiria erakutsiaz.

        Ez zen gutti harritu eta lausenguz bete ninduen. Gela eskaini zidan parroki etxean, gaztelu hutseko bizimodua gogoko izango ez nuelakoan. Baztertu egin nuen eskaintza; gazteluan geratu nintzen, eta Bickertek utzitako paperak izan ziren patxada orduetan gehien erakarri nindutenak. Berehala aurkitu nituen orri bakar batzuk, egutegi antzeko ohar labur ezaxolatiak, familia prestu hartako senide guztiek nozitutako hondamendiaz argitasunak ematen zituztenak. Guztiak bildurik Ametsak apar huts dira izenburu umoretsu samarraren pean, pintoreak modu bereziren batean eskuratutako b gutun zatiekin borobiltzen da dena.

 

 

Bickerten egutegitik

 

        San Antonioren izenean ez al naiz hiru mila deabrurekin borrokan aritu, eta ez al diot kementsu eutsi? Inori tinko begiratuez gero hauts eta ke artean desegiten da. Albanek nire animan irakurtzerik baleuka, nire barkamen eskari eta ohore ordain bat aurkituko lituzke bertan berarentzat, halako satanaskeriak leporatu dizkiodalako, irudimen biziegiak kolore itsugarriz aurkeztuak neure damu edo ikasbiderako!

        Heldu da! Gazte, osasuntsu, bikain; Apoloren adatsak, Jupiterren bekokia, Martitzek bezalako begia, jainkoen mandatari itxuraz, Hamletek heroia deskribatzen duen bezala. Maria lurrean bizi beharrean, zeruan dabil hegaz. Hypolit eta Maria... honelako bikoterik!

        Baina halere ez naiz berarekin fidatzen. Zergatik ixten da bere gelan? Zergatik ibiltzen da gauez hiltzaile zelatariaren antzera hanka puntetan? Ezin naiz berarekin fidatu! Batzuetan iruditzen zait lehenbailehen sartu behar niokeela labana eta ondoren pardonnez! esan adeitsu. Ezin naiz berarekin fidatu!

        Harrigarria gertaera! Nire lagunari gelara laguntzen ari nintzaionean pasabidean barrena, gauminera arte bihotzez bihotz hizketan aritu ondoren, irudi ihar bat presaka igaro da, batoi zuriarekin eta kriseilua eskutan. Baroiak oihu egin du: Komandantea, Franz! Komandantea! Alban zen inondik ere, eta behetik zetorren argiak okertu egiten zion aurpegia, zahar eta itsusia. Saihetsetik zetorren, Mariaren gela aldetik. Baroiak alabagana joatea erabaki du. Jainkoaren aingeru dohatsua bezain lasai zegoen lo. Biharkoa da hain aspalditik irrikatutako eguna! Hypolit zoriontsua! Baina agerraldi horrek izuz bete nau, nahiz eta nire buruari Alban zela konbentzitzen saiatu. Gaztetan baroiari azaldutako deabru gaiztoa ore dabil bere buru gainean zintzilik, hemengo bakea apurtuaz bere bizitzan sartzeko? Baina utikan susmo ilunak! Konbentzi nadin ametsetako zorakeria zatar horiek sarritan sabeleko ondoezaren ondorio direla. Ez ore litzateke Diavolinis hartu behar amesgaiztoen kalteetatik begiratzeko?

        Jainko zuzena, hil egin da hil! Maria baronesa maitagarriaren heriotza jakinarazi behar diot Aibezari, familiaren artxiboetarako. Gaitasun gutti daukat jarduera diplomatikorako. Jainkoak eskuko jaiotasun apur hau eman ez balit pintatzeko! Baina behintzat argi dago aldare aurrean Hypolit besarkatzera zihoanean, Maria zerraldo erori dela, hilik. Jainkoaren zuzentasunaren esku uzten dut gainerako guztia!

        Bai, zeu izan zara, Alban, Satan zitala! Zeuk hil duzu infernuzuloko azpikeriak erabiliz, Jainkoak hala aitortu dio Hypoliti! Ihes egin duzu, baina zoaz, bai. Ezkuta zaitez lurraren barren-barrenean, halere mendekuak aurkitu eta zirtzilatuko zaitu eta.

        Ez, ezin dizut barkatu, Ottmar! Zuk utzi duzu Satanasek lilura zaitzan, eta zuri eskatzen dizu Hypolitek bere maitearen izpiritua! Gaur hitz gogorregiak izan dituzte elkarrentzat eta jadanik borrokak ez dauka bueltarik.

        Hypolit hil egin da! Zorionekoa bera, Mariarekin baitago. Ottmar dohakabea! Aita dohakabea!

        Exeunt omnes! Bakea eta betiko atsedena hildakoei. Gaur gauerdian, irailak bederatzi, nire laguna hil zait besoetan! Berebiziko kontsolamendua daukat laster ikusiko dudala jakinda. Ottmar gatazkan hil dela jakiteak, horrela bere okerrak bikain garbituz, eten egin ditu lurrari lotzen ninduten azken hariak. Hemen geratu nahi dut gazteluan, geletan barrena, beraiek bizi eta maite ninduten lekuan. Sarritan entzungo dut beren ahotsa. Maria dohatsu maitagarriaren hitz atseginek, lagun leialen ateraldi jatorrek zuzpertu egingo naute izpiritu dei baten antzera oihartzun eginaz, bizitzaren zama arintzeko. Bizitzak galdu du niretzat zentzu guztia. Igarotako egun zoriontsuak han urrunean elkartzen dira, eta handik datozen lagun maiteen diosala irribarretsuek sarritan amets miresgarri eta dardara atseginetan biltzen naute. Noiz ore? Noiz joango ore naiz beste alde horretara zuengana?

        Eta beste alde horretan dago orain!

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia