BANPIRO ISTORIOA

(Eine Vampit-Geschichte)

 

        — Banpirismoari buruzko elkarrizketan —hartu zuen Cyprianek hitza—, izugarrizko istorioa bururatu zait, antzina irakurri edo entzun bide dudana. Ziurrenik azkenekoa izango da, gogoan baitaukat istorioa benetan gertatu zela gaineratu zuela kontalariak, eta bertako kondearen familia eta oinetxea ere aipatu zituela. Baina istorioa jadanik argitaratua egon eta ezaguna bazaizue, eten iezadazue berehala hitza, aspalditik ezagutzen diren gauzak azaltzen uztea baino aspergarriagorik ez dago eta.

        — Ikusten nago —mintzatu zen Ottmar— berebiziko izugarrikeriaren bat aurkeztuko diguzula berriro. Gogoan izan ezazu bederen Serapion santua, eta ahal bezain labur izan zaitez, hartara gure Vinzenzek ere hitz egiteko parada izan dezan; izan ere konturatu naiz egonezinik dagoela guri aspaldi hitz eman zigun ipuina berritzeko.

        — Lasai, lasai —hots egin zuen Vinzenzek—. Ezin diot nire buruari ezer hoberik opa Cyprianek atzekalde guztian oihal beltz eta iluna eskegitzea baino, horrela gero nire irudi koloretsu eta, nire ustetan, ipursaltokarien emanaldi mimiko plastikoa bere edertasunagatik nabarmen dadin. Hasi honenbestez bada, ene Cyprian, eta izan zaitez goibel, beldurgarri eta baita lazgarriagoa ere, oraindik irakurri ez dudan Lord Byron banpirozalea baino.

 

 

        Hyppolit kondea —hasi zen Cyprian— bidaia luze eta urrunetik itzuli zen, berriki hildako aitaren ondare aberatsaz jabetzera. Oin-jauregia ingururik eder eta atseginenean zegoen eta ondasuneko mozkinekin apainketa garestitarako askitzen zen. Bere bidaian barrena eta batik bat Ingalaterran xarmangarria, fina eta bikaina iruditu zitzaion guztia ikusi nahi zuen berriro begi aurrean ernaturik. Bere deia entzutean beharrezko artisau eta artistak bildu, eta berehala has zen jauregiaren berregitea eta parke zabal baten ezarketa eskalarik handienean; hartara eliza, hilerria eta apezetxea inguratu eta baso itxurako haren zati zirela ematen zuen. Kondeak berak zuzentzen zituen langile guztiak, horretarako behar den jakintza bazeukanez; buru-belarri murgildu zen jardun hartan, eta urtebete igaro zuen hala, inoiz emakume gazteen aurrean bere jakinduria agerian jartzea bururatu gabe, modu horretan, eta osaba zahar baten aholkuari jarraiki, emazterik eder, on eta prestuena egoki zekion.

        Marrazketa mahaian zegoen goiz batez eserita, egoitza berrirako egitura taxutzen, baronesa zahar baten etorrera adierazi ziotenean, aitaren ahaide urruna. Baronesaren izena entzun zuenean, Hyppoliti berehala gogoratu zitzaion andre zahar hari buruz hitz egiterakoan aitak agertzen zuen arbuioa, baita higuina ere, eta harengana hurbildu nahi zutenei bazterrean mantentzea gomendatzen ziela, inoiz arriskuaren arrazoia aipatu gabe. Zehaztasunak eskatuez gero, berriz, gauza batzuetaz isiltzea hitz egitea baino hobe zela esan ohi zuen. Kontu ziur bakarra zen zurrumurru ilunak ibili zirela binan barrena auzi kriminal bitxi, bakan bati buruz, zeinak baronesa senarragandik bereizi eta bere bizileku urrunetik joanarazi zuen, eta printzearen errukiari esker utzi omen zen epaia bertan behera. Hyppolit oso modu desatseginean hunkiturik sentitu zen bere aitak higuintzen zuen pertsona haren hurbiltzearekin, nahiz eta berak ere arrazoia jakin ez. Ordea kanpo alde hartan indarrean zegoen ostatu legeak enbarazuzko bisita hura onartzera behartzen zuen.

        Behin ere ez zuen inortxok kondeagan baronesak adinako higuina sortu itxura hutsarekin, batere itsusia ez izan arren. Sartu orduko suzko begiradaz kondea zeharkatu, ondoren begiak beheratu eta bisita harengatik barkamen eskatu zuen apaltasunez. Bere kexa izan zen kondearen aitak heriotzako ordurarte gorrotatu zuela aurreiritzi arraro, jende makurrak zitalkeriaz txertatutakoengatik, eta miseria gorrian ia akiturik eta lotsatzeko egoeran ikusi arren sekulan ez ziola laguntzarik ñimiñoena ere eskaini. Azkenean, diru mordoska baten jabe ustekabe eginik, aukera zeukan bina utzi eta herriska urrun batera aldegiteko. Bidaia hartan zihoalarik ez omen zion eusterik izan gizon haren semea ezagutzeko gogoari, begirune handia baitzion, bidegabeko gorroto adiskidezin hura eta guzti. Baronesaren hizketa doinu egiati harekin ezezik, hainbat gehiago hunkitu zen kondea andre zahar haren aurpegi zatarretik begirada saihestu eta aldameneko andereño polit, lirain, eta miresgarrian begirada pausatzean.

        Baronesa isildu baina kondea ez zen agi danean ohartu, mutu geratu baitzen. Baronesak eskatu zion lotsakizunari leporatzeko sartu eta berehala bere alaba Aurelia ez aurkeztua. Orduan berreskuratu zuen kondeak mintzoa, eta gaztetxoen maitemin zoroz gorri-gorri eginik, baronesari arren eskatu zion uzteko konpontzen aitaren hutsegite hura, inondik ere gaizkiulerturen bati egotzi beharrekoa, eta ezer baino lehen bere jauregian ostatua onartzeko.

        Bere borondaterik onenaren seinaletzat baronesaren eskua estutu zuen, baina nola hitza hala arnasa ere trabatu eta hotzikarek barrena zeharkatu zioten. Heriotza punturaino sumindutako hatz haien artean harrapaturik sentitu zuen eskua, eta baronesaren gorputz ihar luze hura, berriz, ikusmenik gabe begira zeukana, koloretako arropa zatarrez dotoretutako gorpua iruditu zitzaion.

        — Jainko santua, zoritxar honek oraintxe gertatu behar zuenik ere! —hots egin zuen Aureliak ahots ezti, erdiragarriz. Atsekabez esan zuen ama gajoa aldian behin tetano gaitzak jotzen zuela ez non eta ez han, baina bere gisara joaten zitzaiola handik guttira. Ezinean aritu ondoren baronesagandik libratu eta Aureliaren eskuari heldurik ezpainen kontra sutsuki estutu zuenean, kondeari amodio gozoaren bizitasun oparoa itzuli zitzaion.

        Ia gizontasunera heldurik, kondeak lehen aldiz nabaritu zuen pasioaren indar guztia, eta ezin izan zituen bere sentimenduak gorde; Aureliaren jatortasunak bera onartzerakoan, berriz, itxaropenik ederrenak erne zituen beragan. Handik minutu guttitara baronesa tetano gaitzetik esnatu eta kondeari ziurtatu zion, arestiko egoera hartaz deusik oroitu gabe, anitz estimatzen zuela denboraldi bat jauregian geratzeko eskaintza eta denak batera barkatzen zituela bere aitak egindako bidegabeak.

        Honela aldatu zen bat-batean kondearen etxea, eta bera sinisturik zegoen fortunaren mesede berezi batek eskuratu ziola hainbeste otoiztutako emazte maitagarria, munduan izan daitekeen zorionik handiena ekar ziezaiokeen bakarra. Lehengoan jarraitu zuen baronesaren jokaerak, isila, seriosa, bere baitaratua, izakera xamurrekoa aukera zuenean eta bihotz itxikoa gutizia xalo guztien aurrean. Kondea azkenerako ohitu egin zen andre zaharraren aurpegi zurbil, beldurgarri eta mamu itxurakoarekin, eritasun harengatik zelakoan; baita bere grina goibel harekin ere, mirabeengandik jakin baitzuen sarritan joaten zela gauez paseatzera parkean barrena kanposantu aldera.

        Kondea lotsaturik zegoen aitaren aurreiritziek hainbeste eragin ziotelako, eta indar guztia galdu zuten osaba zaharraren agindu irmoek, alegia sentipen hura gainditu eta jarrera hura utz zezan, lehenago edo beranduago inor hondamenean amilduko zuela eta.

        Aureliaren benetako maitasunaz erabat konbentziturik, haren eskua eskatu zuen. Pentsatzen ahal da zeinen pozik onartu zuen eskaintza hura baronesak, bere burua miseria gorritik irtenda zorionaren altzoan ikusirik. Zurbiltasuna eta itxura berezi hura, bihotz kargatuaren seinale, desagertu egin ziren Aureliaren aurpegitik; maitasun bozkarioa zerien bere begiei eta gorriz distiratzen zioten masailek.

        Ezkonegun goizeko halabehar hunkigarri batek kondearen asmoak zapuztu zituen. Kanposantutik urruti gabe baronesa parkeko lurrean ahopez hilda aurkitu zuten, eta jauregirantz zeramaten. Kondea, jaiki berritan, kanpora begira zegoen zorion atseginez. Betiko gaitzak joko zuela baronesa uste zuen, baina alferrik izan ziren hura oneratzeko ahalegin guztiak, hilda zegoen eta.

        Oinaze sakonetan murgildu beharrean, Aurelia mututu egin zen kolpe harekin, malkorik isuri gabe, barreneraino doluturik bezala. Kondea bere maiteaz arduratu zen, eta eztiro eta goxoki ausartu zitzaion gogorazten umezurtz geratu zela, eta gizalegea alde batera utziz benetako gizalegeaz jokatu behar zutela; hots, ama hil arren ezkontza ahalik gehiena bizkortu behar zutela. Hura entzutean Aurelia kondearen besoetara jausi eta hala oihukatu Zion ahots erdiragarriz, malkoak begietatik mara-mara:

        — Bai, bai! Santu guztien izenean, nire zorionagatik, bai!

        Kondeak hunkialdi bortitz hura barrenean eduki bide zituen ideia saminei leporatu zien: bakarrik geratua, nora joanik gabe, eta jauregian jarraitzea berriz itxura ez.

        Aureliak andre zahar prestu bat eduki zezan arduratu zen kondea, lagungarri moduan. Hala, aste guttiren buruan ezkoneguna iritsi zen berriro; oraingoan inongo halabehar gaiztoren oztoporik gabe, Hyppolit eta Aureliaren arteko zoriona zigilatu zuen. Bitarte hartan guztian Aurelia oso urduri egon zen. Ama galdu izanaren oinazeak ez baizik eta larritasun garratz, hilgarriren batek ematen zuen jarraitzen ziola etengabe.

        Maitasun hizketarik eztienean ere bat-batean izuturik bezala eta hildakoaren zurbiltasunaz besarkatzen zuen kondea, malkoak mara-mara, heldulekua nahi balu bezala eta botere gaizto ikusezinen batek hondamenera eraman ez zezan oihuka:

        — Ez. Inoiz ez, inoiz ez!

        Orduan ematen zuen, kondearekin ezkondu ondoren, lehengo urduritasuna desagertu egin zela, joan zitzaiola larritasun izugarri hura. Jakina, Aureliaren barrena kaltetzen ari zen misterio zitalaren susmoa bazeukan kondeak, baina ordurarte ez zitzaion gisakoa iruditu Aureliari haren galdera egitea, urduritasun hark iraun eta bera isilik egon bitartean. Une hartan ausartu zen aldarte bitxi haren arrazoia zein izan ote zen emeki galdetzera. Aureliak adierazi Zion arinaldi handia zuela senar maiteari bihotza zabal-zabal egitea. Eta kondea gogotik harritu zen jakitean amaren jardun doilorrak sortu zuela Aureliaren atsekabe nahasgarri hura.

        — Izugarriagorik ba ote da —hots egin zuen Aureliak— norberaren ama gorrotatu, higuindu beharra baino?

        Aita eta osabarenak ez ziren gezurretako aurreiritziak beraz, eta baronesak ongi hausnartutako zurikeriaz lortu zuen kondea engainatzea. Kondeak adur onekotzat hartu zuen ama gaiztoa ezkonegunean zendu izana, eta ez Zion hori gorde Aureliari. Baina honek azaldu zion ama hil bezain laster ideiarik goibel, beldurgarrienak erne zitzaizkiola: ezin omen zen estuasun izugarri hartatik aldendu, alegia hildakoa piztu eta maitearen besoetatik leizezulo beltzera jaitsaraziko ote zuen.

        Aureliak gandu artean gogoratzen zuen, artean ume zelarik (bere esanaren arabera), goiz batez, lotatik esnatu berritan, sekulako ardaila harrotu zela etxean. Ateak indarrean zabaldu eta itxi, eta ahots ezezagunen istilua entzun zen. Azkenean giroa baretzean umezainak Aurelia besoetan hartu eta gela handi batera eraman zuen, non gizon asko zeuden bilduak; bertan, mahai zabal baten gainean, Aureliarekin sarritan jolastutako gizona zegoen etzanda, berari gozokiak eman eta alaba deitzen ziona. Eskutxoa luzatu eta muxu eman nahi izan zion. Bestetako ezpain epelak izozturik zeuden ordea, eta Aurelia negar hipaka hasi zen, zergatik jakin gabe.

        Umezainak etxe arrotz batera eraman zuen, non luzaroan egon zen, harik eta emakume bat agertu eta zaldikotxean eraman zuen arte. Hura zuen ama berria, eta handik lasterrera hiriburura bidaiatu zuen Aureliarekin.

        Aureliak hamasei urte inguru edukiko zituen baronesarenean gizonezko bat azaldu zenean, pozez eta konfidantzaz hartua izan zena, aspaldiko ezagun kuttuna bailitzan. Geroz maizago etortzen zen, eta aurki baronesaren etxea nabarmen aldatu zen. Teilatuazpian bizi, erromes moduan jantzi eta otordu kaskarrak jan beharrean, gela eder batera bildu zen hiriko auzorik ederrenean, arropa apainak eskuratu zituen, eguneroko bazkaldar zuen arrotzarekin bapo jan eta edaten zuen, eta hiriburuak eskaintzen zituen josteta guztietan esku hartzen zuen. Baina arrotzari eskertu beharreko hobekuntza hark ez zuen Aureliagan inongo eraginik izan. Gela barruan geratzen zen giltzapean, eta lehen bezain erromes, baronesa arrotzarekin dibertitzera zihoan bitartean.

        Arrotzak, nahiz eta ia berrogei urteak aldean izan, oso itxura fresko, gaztea zeukan, gorputz altu eta lerdenekoa zen eta aurpegiz ere egoki antzekoa. Alabaina, desatsegina iruditzen zitzaion Aureliari; izan ere, jokabidez maila gorena erakutsi nahi izan arren, sarritan baldarra, gordina eta zarpaila zen.

        Aureliari begiratzen hasi zen moduak, ordea, sekulako beldurraz bete zuen, baita higuinaz ere, nahiz eta arrazoiari igarri ezin. Ordurarte baronesak ez zuen lanik hartu Aureliari arrotzaren gainean txintarik ere esateko. Orduan aipatu zion Aureliari baroiaren izena, aberats okitua eta urrutiko ahaidea zela gaineratuz. Bere lerdentasuna eta eskuarteak goraipatu eta zer iruditzen zitzaion galdetuz bukatu zuen. Aureliak ez zuen ezkutatu arrotzarekiko bere higuina, baina orduan baronesak suzko begiz begiratu, barrenean beldurra sortzeraino, eta txoro eskasa deitu zion.

        Handik guttira inoiz baino jatorrago hasi zen baronesa Aureliarekin jarduten. Arropa ederrak eman zizkion, baita modazko apaingarri ugari ere, eta jende arteko ospakizunetan esku hartzeko parada izan zuen. Aureliari atsegin emateko arrotzaren eginahalek gero eta higuingarriago bihurtzen zuten. Baina jota geratu zen bere andereño zentzu xamurra, kasualitate zitalez arrotza eta ama galduaren arteko lotsagarrikeria baten lekuko suertatu zenean.

        Handik egun batzuetara arrotzak erdi mozkorturik besarkatu zuenean Aurelia, asmo jakinarekin, etsipenak gizonezko indarra eman, atzeraka boteaz arrotza baztertu, ihes egin eta gela barruan giltzaperatu zen.

        Baronesak hoztasunez eta irmoki argitu zion Aureliari, arrotzaren bizkar bizi zirenez eta lehengo miseriara itzultzeko inongo gogorik ez zeukanez, kaltegarri eta alferrikakoak zirela xotilkeria tuntun haiek; Aureliak men egin behar ziola arrotzaren borondateari, beste gainerantzean bertan utziko zituen amenazua egin baitzuen. Aureliaren otoi saminak, malko beroak aintzat hartzeko ordez, halako moduan hasi zen andre zaharra isekati barrez bizitzako atsegin guztiak eskuratuko zizkion jarrera bati buruz, eta izugarrikeria likitsekin gizalegea gaitzesten non Aurelia arrunt izutu zen. Bere buruaren hondamendia ikusirik, berehalako ihesari iritzi zion salbatzeko bide bakarra.

        Etxeko giltza lortu ondoren, Aureliak premiazko huskeriak bildu eta ezkaratze motel argituan barrena abiatu zen gauerdia eta gero, ama lokarturik zegoelakoan. Bazihoan isil isilik irtetera, bat-batean etxeko atea zalapartan ireki zenean, zarata eskaileretan gora zabalduz. Ezkaratze erdian Aureliaren oinetara oldartu zen baronesa, ator zarpail, zikinez jantzia, bular besoak agerian, ile urdina banatua eta istilu bizian. Atzetik zuen arrotza, marru batean: Zaude, deabru madarikatua, infernuzuloko sorgina, zure ezteieguneko otorduaren ordaina emango didazu eta! Iletatik helduta gela erdiraino arrastaka eraman eta berarekin zeraman makil lodiarekin hasi zitzaion indartsu joka.

        Baronesak ikaragarrizko garrasia bota zuen, eta Aurelia, ozta-oztan bere buruaren jabe, laguntza eske hasi zen leihotik oihuka. Polizia armatu patruila bat suertatu zen orduantxe handik igarotzen. Berehala sartu ziren etxean. Harrapa ezazue —hots egin zien baronesak polizia soldaduei amorru eta oinazez kizkurturik—, harrapa ezazue! Eutsi gogor! Begiraiozue bizkarrean! Bera da        .

        Baronesak izena aipatu orduko, patruila buru zen sarjentuak oihu egin zuen pozez: Hara! Azkenean atzeman haugu, deabru. Eta horrenbestez arrotza atxilotu eta indarrean eraman zuten, berak gogor egin arren.

        Gertatua gertatu, baronesak ongi igarri zion Aureliaren asmoari. Mementuz nahikoa iritzi zion Aurelia besotik zakar oratu, gela barrura bota eta giltzapean uzteari, txintarik esan gabe. Biharamunean baronesa norabait joan eta iluntzera arte ez zen itzuli. Bitarte horretan Aureliak, bere gelan espetxean bezala giltzaperaturik, ez zuen inor ikusi edo entzun eta egun osoa igaro behar izan zuen jan eta edan gabe. Honela jarraitu zuen zenbait egunez segidan. Anitzetan begiratzen zion baronesak amorruzko begiz, erabakia hartu ezinik bezala, harik eta gau batean pozgarriak ziruditen gutunak aurkitu zituen arte. Burugabe alaena —esan zion baronesak Aureliari—, hi haiz guztiaren errudun, baina jadanik berdin zion. Neuk ere ez dinat opa izpiritu gaiztoak ezarri dinan zigor beldurgarria. Handik aurrera jatorragoa bihurtu zen berriro; Aureliak, berriz, gizon higuingarri hark aldegin zuenetik ihesarena ahazturik, askatasun handixeagoa eskuratu zuen berriro.

        Zenbait egunen buruan Aurelia bere gelan bakarrik escrita zegoelarik, iskanbila gogorra has zen kalean. Gelariak, presaka sartuz, jakinarazi zion orduantxe zekartela borreroaren semea ***tik, hilketakiko lapurretagatik bertan markatua izan eta espetxeko bidean zaindariei aldegin ziena. Beldurrezko susmoak harturik, Aureliak balantza egin zuen leiho ondoan. Ez zegoen oker: arrotza zen handik zehar zaindari ugariz inguratua zeramatena, gurdiari estuki loturik. Zigorra betetzera zekarten berriro. Aurelia zorabiatzeko zorian erori zen besaulkira, gizonezkoaren begirada basati ikaragarriarekin egokitu eta hark behetik amenazuzko keinuarekin ukabila leiho aldera luzatu zionean.

        Baronesak etxetik kanpo joaten jarraitzen zuen maiz, Aurelia beti bertan utzita; hala, beti gogoeta triste eta goibelen artean bizi zen, bere patuari buruz eta ustekabeko arrisku posibleei buruz. Gelariak, berriz, gaueko gertakari haren ondoren etxera etorri zenak, ongi ezagutzen zuen bilau hark baronesarekin izandako harreman estua, eta esan zion errukia ziotela baronesari hirian, gaizkile zirtzil hark halako modu zitalean engainatu zuelako.

        Aureliak sobera zekien kontua besterik zela, eta ezinezkoa zirudien arrotza baronesaren etxean atzeman zuten poliziak behinik behin konbentziturik ez egotea borreroaren semea eta baronesaren arteko ezaguera onaz, bere izena aipatu eta bizkar markatua salatu baitzien bistako gaizkile ezaugarritzat. Gelariak han hemenkako esamesak ere adierazi zizkion zalantza artean; gauza jakina omen zen auzitegiak ikerketa sakonak burutu zituela eta baita baronesa ohoragarria atxilotzearekin mehatxatu ere, borreroaren seme zitalaren aitorpen bitxiak zirela medio.

        Aurelia gajoa berriro jabetu zen amaren izakera okerraz; izan ere bazuen hiriburuan bizitzen jarraitzeko kemena, gertaera izugarri haren ostean. Azkenean, ordea, susmo lotsagarri eta funts sendoko haietatik ihes, urrutira aldegin beharrean gertatu zen. Bidaia horretan zihoazelarik kondearen jauregira heldu, eta arestian kontatua gertatu zen bertan.

        Aurelia pozez gainezka zegoen, kezka ilun guztietatik urrun; baina hura izua eman zion, bere zorionean zeruko paru dohatsuari buruz amari hizketan hastean, honek infernuko sugarrak begietan zituelarik oihu egin zionean: Hi haiz nire zorigaitza, ume makur zirtzila, baina hire zorion amestu horren erdian aurkituko hau mendekuak, heriotza azkar batek naramanean. Hire jaiotzak sortu zidan tetano gaitzaren bidez, Satanas maltzurrak... Hemen trabatu zen Aurelia, eta kondearen bularrean hondoratuz, amen eskatu zion ez errepikarazteko baronesak amorru zoroan esandako guztia. Lur jota sentitzen zen parte gaiztoko indarrek hartutako amaren mehatxu harekin oroitzean, edozein izugarrikeria gainditzen baitzuen.

        Kondeak ahal hainbat adore eman zion emazteari, nahiz eta berak ere gorputzean barrena herio hotzikarak nabaritu. Bera ere lasaitu zenean, aitortu beharra izan zuen baronesaganako arbuioak, hilik egon arren itzal beltzez estaltzen ziola bizitza, eguzki distirazkoa uste zuena.

        Handik denbora guttira Aurelia nabarmenki hasi zen aldatzen. Aurpegiko herio zurbiltasunak eta begi ahulduek eritasuna adierazteaz gain, Aureliaren izakera nahasi, urduri eta izutiak sekretu berriren bat iragartzen zuen, bere burua hondatzen ari zena. Senarragandik ere ihes, gelan giltzapean itxi ala parkeko txokorik bakartienak bilatzen zituen; ondoren ikusiez gero, negarrarekin puztutako begiek eta aurpegi desitxuratuak oinaze latzen bat salatzen zuten. Alferrik ahalegindu zen kondea egoera haren jatorria ikertzen.

        Mediku ospetsu baten susmoak atera zuen zeharoko atsekabetik: hots, kondesak agertzen zuen asaldura eta aldaketa seinale mehatxukor guztiak ez ote ziren bikote zoriontsuarentzat esperantza ona besterik. Mediku hura bera, kondea eta kondesarekin mahaian eserita zegoen batean, ustezko esperantza on haren aipamen luzetan ari zen. Bazirudien kondesak entzungor egiten zuela, axola ez eta, baina bat-batean adi-adi jarri zen, medikua hizketan hastean emakumeek halako egoeran nabari obi dituzten gurari bitxiei buruz, eutsiezinak gainera, beren osasuna kaltetu gabe haurragan ere eragin txarrik ez dutenak.

        Kondesak galderez josi zuen medikua, eta honek etengabe berritu zituen kasurik irrigarri eta zelebreenak, bere esperientzia praktikotik bilduak.

        — Halere —esan zuen—, badaude gurari bihurrienen adibideak ere, emakumeak ekintza latzenetara eraman dituztenak. Esate baterako, errementari baten emazteari halako gurari eutsiezina piztu zitzaion senarraren haragiarekiko non ez zuen atsedenik izan harik eta egun batez, senarra mozkorturik etxeratu zitzaionean, ustekabean laban handi batez eraso eta bertan sarraskitu zuen arte, handik ordu guttitara azken hatsa eman behar izateraino.

        Medikuak hitz hauek jalki orduko kondesa zorabiaturik hondoratu zen besaulkian, eta ozta-oztan atera ahal izan zuten jo zion nerbio ataketik. Orduan jabetu zen medikua arinkeriaz jokatu zuela emakume neurasteniko haren aurrean gertaera beldurgarri hura aipaturik.

        Kinka gaizto hura kondesaren mesederako izan zela zirudien.

        Lasaitu egin zen, nahiz eta handik lasterrera bere izakera zurrunak, begietako su ilunak eta hildako kolore areagotuak kondea zalantza mingots berritan murgildu zuten.

        Kondesaren egoerako alderdirik argiezinena, ordea, janaririk ez zuela hartzen zen, berebiziko higuina baitzion, bereziki haragiari; hala, beti higuinezko keinurik bizienez joan behar izaren zuen mahaitik. Medikuaren jakintzak huts egin zuen; ez kondearen erregurik sutsu, eztienek eta ezta beste ezerk ere ezin zion kondesari botika tantotxo bat harrarazi.

        Asteak, hilabeteak igaro ziren kondesak mokadu ttiki bat ere ahoratu gabe, eta misterio argiezina zenez halere bizirik jarraitzea, medikuak iritzi zion han tartean bazegoela zerbait giza ezagutzaren esparrutik kanpo geratzen zena. Aitzakiaren baten pean joan zen jauregitik, baina kondea argi ohartu zen mediku trebeari ulergaitza ezezik izugarriegia ere iruditu zitzaiola kondesaren egoera, zer eta eritasun ikertuezin haren aurrean zain jarraitzeko, lagundu ahal izan gabe. Pentsatzen ahal da zer nolako aldartean geratu zen kondea. Baina ez zen hori dena izan.

        Garaitsu hartan azaldu zion morro zahar leial batek kondeari, bakarrik aurkitu zuen batean, kondesa gauero jauregitik irten eta egunsentian itzultzen zela. Izozturik geratu zen kondea. Orduantxe bururatu zitzaion azkenaldian ez-ohizko logaleak hartzen zuela gauerdi aldera, eta emazteak isuritako edari loarazleren bati egotzi zion; hala lortzen zuen, nonbait, gizalege finaren aurka senarrarekin elkarbanatzen zuen ganberatik oharkabean aldegitea.

        Juzkurik ilunenak erne zitzaizkion animan; ama sorginarekin gogoratu zen, agian haren joera piztu baitzen alabagan, sasiko harreman zantarren batekin, borreroaren seme zirtzilarekin...

        Hurrengo gauak azalduko zion sekretu izugarri hura, emaztearen egoera argiezinaren arrazoi bakarra bide zena. Kondesak senarrari tea prestatzeko ohitura zuen gauero, ondoren joan egiten zelarik. Egun hartan ez zuen tantorik edan, eta ohiturari jarraituz ohean irakurtzen hastean ez zuen bestetako logalea nabaritu gauerdian. Halere burko gainean ezarri eta lozorroan zegoen itxura egin zuen. Kondesa ohantzetik isil isilik atera, senarragana hurbildu, aurpegian argi egin eta ganberatik irten zen.

        Bihotza taupaka, kondea jaiki, berokian bildu eta atzetik joan zitzaion. Ilargi gaua izanik kondeak garbi bereizi zezakeen zuriz jantzitako Aureliaren irudia, nahiz eta aurre handi samarra hartua zion. Parketik zehar kanposanturantz egin zuen kondesak, bertako hormaren parean desagertuz.

        Korrika joan zen kondea atzetik, zabalik aurkitutako kanposantu hormako atetik barrena. Aurrez aurre eta ilargi distirapean, irudi beldurgarri, mamu tankerako batzuk antzeman zituen elkarren jiran. Ile banatuko atsoak zeuden lurrean makurtuta erdi bilutsik. Gizonezko baten gorpua zeukaten erdian, eta gosepasaturik ari ziren hari harrapazka. Eta Aurelia ere tartean zen!

        Kondeak, izulaborriaren zoramenaz, korrika aldegin zuen bere onetatik aterata parkeko bidezidorretan barrena, herio beldurrak eta infernuzuloko izuak xaxaturik, egunak argitzean bere burua jauregiko ate aurrean topatu zuen arte, izerditan blai. Zorabiaturik, ezer garbirik bururatu ezinik, eskailerak korrika igo eta geletan zehar zalapartan sartu zen kanberaraino. Hantxe zegoen kondesa etzanik, itxuraz loaldi ezti goxoan. Amets higuingarria izan zuela sinistarazi nahi izan zion kondeak bere buruari; edo bestela, ihintzaz basitutako berokiak ezagun baitzuen gauean batera eta bestera ibili zela, ikuskari nahasleren batek larritu zuela zeharo.

        Kondesa iratzarri zain egon gabe ganberatik joan, jantzi eta zaldiz atera zen. Goizgiro ederreko ibilaldi hartan, zuhaiska urrintsuetan barrena, esnatutako txorien kanta hots alaiak agurturik, aienatu egin ziren gaueko irudi beldurgarriak. Indar berriz eta alaiturik itzuli zen jauregira. Baina biak, senar emazteak, mahaian bakarrik eseri eta kondesak nazka imintzioz jangelatik irtetekoa egin zuenean haragi egosia zerbitzatu zutelako, modu latzean agertu zitzaion kondearen animari gauean ikusitakoaren egia. Sumindura basatiz zutitu eta ahots beldurgarriz hots egin zion:

        — Infernuzuloko abere madarikatua, ezagutzen dut gizonen otorduari diozun nazka, hilobian harrapatzen baituzu jatena, emakume deabrua!

        Kondeak hitz hauek esandakoan kondesa uluka oldartu eta bularrean hozkatu zuen hienen amorruz. Kondeak figura gaizto hura beragandik lurrera jaurti, eta azken hatsa ematen ikusi zuen estasi ikaragarrian. Kondea, berriz, erotu egin zen.

 

 

        — Bejondeizula! —esan zuen Lothark une batez besteak bezala isilik egon ondoren—. Nire Cyprian paregabea, ederki bete duzu hitza. Zure istorioaren aldean banpirismoa benetako ume-jolasa da, barrez lehertzeko haute komedia. Ez, bertako guztia izugarri interesgarria da, eta hainbeste dago asa foetida-z ondua non ahosabai aztoratuegi batek, janari natural osasuntsuei zaporerik hartzen ez dienak, atsegin aurkilezakeen bertan.

        — Halere —hartu zuen Theodorek hitza—, gure lagunak hainbat alderdi isildu eta beste hainbatetik lasterka igaro da zirrara beldurgarri arin bat bakarrik sortzeko, eta eskertzekoa da hori. Oraintxe datorkit gogora liburu zahar batean irakurri nuela mamu istorio latz hori. Bertan, ordea, zehatz-mehatz kontatzen zen dena, eta bereziki atsoaren higuinkeriak aurkezten ziren con amore. Osotasunak irudipen gaiztoa utzi zidan, luzaroan gainditu ahal izan ez nuena. Pozik nengoen berriketa zatar hura ahazturik eta hobe nuen Cyprianek atzera gogorazi ez balit, nahiz eta aitortu beharra daukadan berak, gure San Serapion patroia gogoan, dardarizo galantak sortu dizkigula, bukaeran behinik behin. Denok zurbildu gara apur bat, baina bereziki kontalaria bera.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Antton Garikano

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia