HITZAURREA

 

        Ernst Theodor Amadeus Hoffmann (1776-1822) genero fantastikoaren sortzaileetakoa dugu eta istorio laburraren bilakaeran mugarri.

        Erromantizismo alemaniarraren garaian idatzi zuen, 1790 eta 1820 arteko urrezko aroan. Gainerako herrietan ez bezala, Alemanian garatzen den erromantizismoak gizakiaren barne bizitza hartzen du aintzat batik bat, eta bide horretatik ahalegintzen da edertasunaren bila. Ez dago bertako idazleengan bizitzaren aurreko asaldura edo teatraltasunik: zuhurki bizi dira, eta gogoratu besterik ez dago Hoffmann bera ere burgesiaren partaide eta magistratu zela lanbidez, nahiz gogoz kontra eta bizimodua atera ahal izateko bakarrik.

        Obraren gaineko kontrol hori gorabehera, badago hausturarik, hala eta guztiz ere, bateko norbera dena eta besteko izan nahi lukeenaren artean, edo berez dena eta ustez denaren artean. Ildo horretatik, sarritan igartzen zaio ironia samina Hoffmannen idazkerari, artearen sail guztietan maisu izan nahi eta ezinak sortua.

        Erromantizismoak artistaren izaera bakana aldarrikatu zuen, horretarako beste gainerako giza erregelen menpe ez dagoen norbait bezala azalduaz. Bere herrikideen gidari modukotzat ere hartu zen artista, errealitatea hautemateko gaitasun berezia zuelakoan. Hala, erlijio baten antzekoa litzateke artea, eta artista, berriz, iniziatuaren gisakoa.

        Maila horretan, bizitzaren transformazioa bilatzen da, beti ere artearen bidez: pintura, musika eta literatura. Hoffmannek berak hirurak ala hirurak ere landu zituen, eta zalantza handitan bizitu zen sarritan, hirurotan zeini aurre eman edo zeinetarako sortua ote zen. Hiru bide horien bitartez gure barreneko altxor edo galdutako ondasun hori bilatzeko gonbitea luzatzen digu artistak, inoren baitako musika arretaz entzun dezagun. Aipatu dugun aldaketa asmo hori gauzatzeko, berriz, abiapuntu nagusienetakoa ametsak izango dira, epifania edo betierekoari tankera emateko biderik baliosenak bezala. Novalisen esaldia argigarria izan daiteke: Mundua amets egiten da, eta ametsa mundu. Hau ikuspegi izpiritualean kokatuko da beti, fantasiarik bizienari bide emanaz.

        Ordea munduaren alderdi ilun hori, arrazoiaren bidez argitu ezin den hori, eguneroko bizitzan txertatzen zaigu, kezka eta beldur iturri bihurtuz. Gaitz horri aurre egiteko, idazleak maiz joko du zientziarantz: sail horretakoa dugu, adibidez, Chamissoren Peter Schlemihlen istorio miresgarriak. Hoffmanni dagokionez, sarritan aurkitzen ditugu bere lanetan hipnosia eta abere magnetismoa, geure barrena aztertu eta hala gure ezinen sendabidea aurkitzeko modu bezala. Gai beretsuak landu zituen Heinrich von Kleistek bere istorio ospetsuetan ere, misterio gehiegiz jositako mundu kaotikoa aurkeztua

        Halaber, Hoffmannen iritziz gizakia indar arrotzen arteko gatazkaren erdian dago, bateko zeruko indarra eta besteko infernukoa, berak ein feindliches Prinzip deitzen duen hori; eta nola bata hala bestea ere geure arimen jabe nondik egingo dabiltzalarik erakusten dizkigu. Honek, jakina, eleberri gotikoa eta izuzko ipuinak gogorarazten dizkigu, Horace Walpole eta M. G. Lewisen modukoek aurrez idatziak. Horregatik azaltzen dira Hoffmannen ipuinetan hainbeste mamu, zoro, amandre, arima erratu eta abar, inor eromeneraino eraman arte.

        Horien bidez Hoffmannek unheimlich edo izugarriaren zirrara bilatzen du, askotan gizakiaren alderdi tragiko eta groteskoenak azpimarratuz; argi aurkitu dugu hau, esate baterako, Etxe Hutsa-ko administatzaile zaharragan (ez dezagun ahaztu beste jardueren artean gure idazlea karikaturagilea zela). Alderdi hau da, hain zuzen ere, gainerako erromantikoengandik gehien bereizten duena, haiengan nabariagoa baita lirikotasun joera, natura ederraren aurrean.

        1809garrenean idatzi zuen lehen eleberria, Glück Zalduna. Obrarik ospetsuenak Deabruaren Elixirrak eta Ipuinak ditu, eta azken honetan Serapiondar Anaiak izeneko bilduma batez ere. Bere sorketa lanean ia elkarrengandik bereizi ezinak dira artearen beste arloak ere, musika eta pintura alegia, jadanik aipatu dugunez. Horregatik dira horren ugariak musika eta pinturari buruzko aipamenak ondoren datozen ipuinetan, tartean Hoffmannen beraren iritziak tartekatzen direlarik, eta horrekin batera, noski, erromantizismo alemaniarrarenak.

        Automatak ipuinean, esate baterako, parekotasun argia dago Ludwig pertsonaiaren eta Hoffmannen iritzien artean. Bertan azaltzen zaigu argiro arteak berezko zerbait izan behar duela, gizakiaren barreneko musikaren isla leiala, Ludwigek dioen bezala: Ziztrina eta nazkagarria iruditzen zait makinen musika, eta neure ustez galtzerdi makina on batek askoz balio gehiago dauka musikazko ordulari dotore, perfektuenak baino . Ipuin horretan agertzen dira, besteak beste, amodioaren ezina, amodio galdua, patu gaiztoa, maitaleak bereizten dituen indar beltza, edo kantuaren botere erabatekoa. Eguneroko bizitza leialki erakusten saiatzen da Hoffmann beraz, baina bere irudimenaren ispilutik iragazi ostean. Hori, halere, ez da inolaz ere ikuspegi zentzuzko bati jarraituz bideratuko, eta gandu eta laino artean utziko da, horrela irakurlea beti zalantzan utziaz; zentzu horretan, argigarriak dira Theodorren esaldiak Automatak ipuinean: Desatseginagorik ez dago, ipuin edo eleberrian fantasiaren mundua harrotu ondoren, bertako zorua erratzaz hainbeste pasatzearen poderioz azkenean ondar ale edo hauts ipitz bat ere ez geratzea baino; eta jakinmin guztiak asetuta etxeratzean inongo irrikarik ez antzematea gortinaren atzean berriro kirika egiteko. Ipuin aberats baten zenbait zati anima barruraino sartzeak, aldiz, nire fantasiari hegalak eman eta luzaz dirauen atsegina eragiten dit.

        Hoffmannen istorioetan ederki elkarturik ikusiko ditugu irudimen oparoa eta pertsonaien azterketa psikologikoa, askotan digresio zabalak edo azpi-istorioen bidez, kontaeraren hariak hartarako aukera ematen duenean. Ondoren doazkizunak, irakurle, lagunartean kontatutako istorio laburren eran daude antolatuak, Serapiondar Anaien elkartean, eta horregatik azaltzen dira maiz bertan bilerako entzule lagunen iritziak tartekaturik. Ipuinok ez dira E.T.A. Hoffmannen ipuin bilduma zabaleko ale bakar batzuk besterik, zuk ere, irakurle, liburuan barneratu ahala, gizakia bezain antzinakoak diren ikarak zirrara batekin senti ditzazun, bertako protagonistek bezalaxe.

 

 

"E.T.A. Hoffmann / Ipuin fantastikoak" orrialde nagusia