VIII

 

        Beti izan da nire destinoa, bizitzatik eta neure adiskideengandik neuk eman nezakeen baino askoz gehiago hartzea. Hala gertatu zitzaidan Richard, Elisabeth, Nardini andrea eta zurginarekin, eta orain sumatzen nuen, urte helduetan eta neure burua nahikoa balioesten nuen garaian ere elbarri dohakabe baten ikasle txunditu eta eskertsua izango nintzela. Benetan gertatzen bada, aspaldian hasitako poema nik azkenean amaitu eta argitaratzea, Boppirengandik ikasi ez dudan onik ezer gutxi izango da bertan. Bizitza osoan zehar aberaski bizi ahal izateko aukera eman didan denboraldi on eta pozgarri baten hasiera izan zen niretzat. Giza arima bikain bati argi eta sakon begiratzeko aukera izan nuen, zeinaren gainetik gaixotasuna, bakardadea, pobrezia eta tratu txarra hodei arin solte gisa igaro baitziren.

        Biziotxo guztiak, zeinen bitartez bizitza eder eta laburra garraztu eta hondatzen dugun, amorrua, ezinegona, mesfidantza, gezurra —itxuragabetzen gaituzten zornadura zikin mingarri guzti horiek sufrimendu luze eta funtsezko batek oinaze artean kiskali egin zituen gizon honengan. Ez zen jakintsua, ezta aingerua ere, baina zentzuz eta eraspenez beteriko pertsona zen, sufrimendu eta gabezia handi eta ikaragarrien bitartez lotsarik gabe ahul sentitzen eta bere burua Jainkoaren eskuan jartzen ikasi zuena.

        Behin galdetu nion nola lortzen zuen beti bere gorputz oinazetu eta indargabearekin moldatzea.

        — Oso erraza da —irribarre atsegina egin zuen—. Betiko gerra bat dago nire eta gaixotasunaren artean. Bataila bat irabazten dut, beste bat galtzen dut, teman jarraitzen dugu beti eta batzuetan biok gelditzen gara geldi, sueten bat sinatzen dugu, elkarri moldatzen gatzaizkio eta ataizean egoten gara, biotako bat berriz ere lotsagabetu eta atzera gerra hasi arte.

        Ordura arte beti uste izan nuen, begi ona neukala eta behatzaile ona nintzela. Boppi, horretan ere, nire maisu miretsi bihurtu zen. Nola natura eta animaliak oso atsegin zituen, sarritan eramaten nuen zoo-parkera. Bertan ordu zoragarriak ematen genituen. Boppik denbora laburraren buruan animalia bakoitza ezagutzen zuen, eta nola hara beti ogia eta azukrea eramaten genituen, animalia askok gu ere ezagutzen gintuzten eta era guztietako adiskideak egin genituen. Zaletasun berezia genion tapirrari, zeinaren bertute bakarra bere espezieko gainerakoek berezkoa ez duten garbitasuna den. Gainerakoan harro, adimen gutxiko, higuingarri, eskergabe eta izugarri jatun aurkitzen genuen. Beste animalia batzuk, esaterako, elefantea, orkatzak, sarrioak, baita bisonte zimurtsuak ere, azukrea hartu eta gero halako esker on bat erakusten zuten, fidakor begiratzen ziguten edo nire laztanak egonarriz jasaten zituzten bitartean. Tapirrarengan ez zegoen halako arrastorik. Inguratzen gintzaizkion bezain laster, supituki burdin hesira agertzen zen, gugandik hartutakoa astiro eta xeheki jan eta alde egiten zuen inolako zinu-minurik gabe beretzat ez zela gehiago ezer erortzen ikustean. Horretan harrokeria eta nortasun-seinale bat ikusi genuen, eta nola berarentzat esleitua ez zuen, ez eskatzen, ez eskertzen, baizik eta zerga naturaltzat bestekiko gabe hartzen zuen «aduana-kobratzaile» deitu genion; batzuetan eztabaida sortzen zen, zeren Boppik ezin baitzien eskuarki animaliei jaten eman, ea tapirrak nahikoa zuen ala oraindik beste zatitxoren bat ba ote zegokion. Kasua benetakotasun eta froga egokiekin aztertzen genuen, estatu-ekintza bat balitz bezala. Behiala tapirrarengandik pasatuta geunden, baina Boppik esan zuen beste azukre-kosko bat gehiago eman beharko geniokeela. Berriz itzuli ginenean, bitartean lastozko etzalekura itzulita zegoen tapirra, harro begiratu ingurura eta ez zen burdin hesira etorri.

        — Barka ezazu, kobratzaile jauna —oihu egin zion Boppik— baina uste nuen azukre-koskorren bat ematea falta zitzaigula.

        Eta aurrera jarraitu genuen elefantearengana, ordurako zain-zain alde batetik bestera mugitzen baitzen, bere tronpa epel mugikorra hedatuz. Boppik berak jaten eman ahal izaten zion eta haur-atseginez ikusten zuen nola erraldoi hark bere tronpa malgua beregana makurtu zuen, ogia esku-ahurretik hartu eta begitxo fidel ttikitik zuhur eta onbera begiratzen zuen.

        Zaintzaile batekin ados jarri nintzen Boppik bere gurpil-aulkian jardinean egoteko aukera izan zezan, nik bere ondoan egoteko modurik ez nuenean ere, berak halako egunetan eguzkia hartu eta animaliak ikus zitzan. Gero ikusitako guztiaren berri ematen zidan. Batez ere zirrara eragiten zion lehoiak zeinen konplituki bere emaztea tratatzen zuen ikusteak. Atsedena hartzeko etzaten zenean, bere joan-etorri ezinegonari halako norabidea ematen zion, non lehoi-emea ez zuen ukitzen, ez trabatzen, ez gainetik igarotzen. Eskuarki igaberekin hizketa egoten zen Boppi. Ez zen nekatzen animalia mugikorrek zuten igerian eta gimnasian aritzeko arteari eta hartan zuten atseginari begira, bera mugitu ezinik aulkian egon, eta burua eta besoari zirkin bat eragiteko, kostata ahaleginak egin behar izaten zituen bitartean.

        Udazken hartako egunik ederrenetako bat zen, eta neure bi maite-istorioak kontatu nizkion Boppiri. Biok genion elkarri hain konfiantza handia, non ezin izan nizkion ez pozgarri ez aintzatsu ziren esperientzia haiek isildu. Berak serio eta adiskidekor entzun zizkidan, ezer esan gabe. Gero, ordea, Elisabeth, hodei zuria, behin ikusteko zeukan gogoa aitortu zidan eta hartan pentsatzeko eskatu zidan, baldin eta berarekin kalean topo egiten bagenuen.

        Baina halakorik ez zen gertatzen eta egunak hozten hasi zirenean, joan Elisabethengana eta konkordun gaixoari poz hura emateko eskatu nion. Onbera zen eta onartu egin zidan nahia, eta egun jakin batean bere bila joan eta zoo-parkera, Boppi gurpil-aulkian itxaroten zegoen tokira lagundu ninduen. Dama delikatu, ongi jantzi eta ederrak elbarriari eskua eman eta zertxobait berarengana makurtu zenean, eta Boppi gizajoak pozarren dirdirka zeukan aurpegiko begi handi eta onak esker onez eta ia samurkiro zuzendu zizkionean, ezingo nukeen asmatu bietarik zein zen ederrena eta neure bihotzetik hurbilen neukana. Damak hitz atsegin pare bat esan zion, elbarriak ez zion saihestu bere begirada distirantea, eta ni alboan eta harriturik nengoen, gehien maite nituen bi pertsonak ikusten eta bizitzen artean zeinen osin sakona zegoen, une batez aurrez aurre begira. Boppik arratsalde osoan Elisabethez bakarrik hitz egin zuen, bere edertasuna goratzen zuen, bere prestutasuna, bere ontasuna, bere jantziak, guante hori eta zapata berdeak, bere ibilera eta begirada, bere ahots eta bere kapela ederra, aldiz, nik penagarri eta barregarri neritzon maite nuenak neure bihotzeko adiskideari limosna bat egitearen lekuko izan-beharrari.

        Bitartean Boppik «Grünen Heinrich» eta «Seldwylertarrak» irakurri zituen eta liburu bakar hauen munduan oso eroso sentitu zen eta bion adiskide bihurtu ziren Schmoller Pankraz, Albertus Zwiehan eta orrazigile jatorra. Apur batean ezbaian egon nintzen Conrad Ferdinand Meyersen libururik eman behar ote nion, baina iritzi nion bere hizkuntza trinkotuegiaren zehaztasun ia latinoa ez zuela preziatuko, eta ezbairik ere izan nuen istorioaren osina begi argi lasai haien aurrez aurre irekitzeaz ere. Horren ordez Frantzisko santuaren berri eman nion eta Môrikeren kontakizunak irakurtzeko. Ohargarri gertatu zitzaidan nola aitortu zuen esanez Lau ederraren istorioaz ezingo zukeela gozatu, baldin eta hain sarri igaberen urmaelaren ondoan egon eta bertan era guztietako ur-fantasia liluragarritan murgildu izan ez balitz.

        Atsegina zen konturatzea nola biok pixkanaka elkarri hika hitz egitera pasatu ginen. Nik ez nion inoiz eskaini, berak ere ez zukeen hartuko; baina berez gertatu zen, biok elkarri hika egitea eta egun batean horretaz konturatzean, biok barre egin eta betirako horretan utzi genuen. Nola neguaren hasierako eguraldiak ezinezko bihurtu zituzten gure bidaiak eta berriz ere arrats osoak Boppiren koinatuaren etxeko egongelan ematen nituen, azkenean konturatu nintzen nire adiskidetasun berriari ez zitzaiola erabat begi onez begiratzen. Zurgina, egia esan, kopetilun, zakar eta hitzurri egoten zen luzaroan. Denborarekin mahaikide gauzezaren presentzia astunak ez ezik, Boppirekiko nire harremanak ere ez zuen gutxiago abailtzen. Hala gertatu zen, arrats batean gustura elbarriarekin berriketan ari nintzela, etxeko jauna alboan egunkariarekin aldarte txarrean eserita egon zela. Normalean guztiz pairakorra zen emaztearekin ere eztabaidan hasi zen, zeren oraingoan gogor eta kontra eginez eusten baitzion bere nahiari eta ezin zuen jasan Boppi beste norabait eramaterik. Behin baino gehiagotan ahalegindu nintzen jarrera abegikorragoan jartzen edo proposamen berriak egiten, baina ez zegoen berarekin ezer egiterik. Oso mingarri bihurtu zen, elbarriarekiko nuen adiskidetasunari iseka egin eta beroni bizitza garrazteraino. Gaixoa nirekin, elbarriarekin egunero luzaro egoten nintzen honekin batera, karga astuna zen, noski, bestela ere nahikoa estu bizi zen familiarentzat, baina nik espero nuen, zurginak azkenean gurekin ongi konpondu iritsi eta gaixoari estimua izango ziola. Niri azkenean ezinezko gertatu zitzaidan, zerbait egin edo uztea, zurgina mindu edo Boppi baztertu gabe. Nola erabaki presakako eta bortxatuei higuina diedan —Zürichen bizi nintzen garaian Richardek Petrus Cunctator izena jarri zidan— aste osoak eman nituen itxaroten eta etengabe sufritzen nuen baten edo agian bien adiskidetasuna galtzeko arriskuarengatik.

        Garbi ez zeuden harreman hauek gero eta higuingarriago bihurtu ahala, sarriago joaten nintzen tabernara. Arrats batean, istorio penagarriak bereziki amorrarazi ninduelarik, jo nuen Waadtlandeko ardoa saltzen zuten taberna batera eta gorputzean zenbait litro sartuz aurre egin nion gaitzari. Bi urtetan bigarren aldia nuen etxera zuzen joatea kosta zitzaidana. Biharamunean, zurrutaldi handi guztien ondoren bezala, oso aldarte axolagabean nengoen, adorea bildu eta zurginaren bila joan nintzen, azkenik komeriari amaiera emateko. Proposatu nion, nahi bazuen Boppi erabat nire esku utz zezakeela, eta adierazi zuen ez zegoela horretarako prest, baina azkenean baietza eman zuen, zenbait egunetan pentsatzeko astia eskatu ondoren.

        Handik gutxira konkordun gizajoarekin bizileku alokatu berri batera joan nintzen. Niretzat ezkondu izan banintz bezalaxe zen, zeren orain ohizko ezkongabe-gelaren ordez birentzako etxetxo txukun batean bizitzen hasiko bainintzen. Baina gauza aldatu egin zen hasieran zenbait saio ekonomiko zorigaitzeko egitean. Etxea txukundu eta arropak garbitzeko neskatila bat etortzen zen, jatekoa etxera ekarrarazten genuen, eta laster sentitu ginen erabat bero eta ongi elkarbizitza honetan. Inolako kezkarik gabe egiten nituen neure ibilera handi eta txikiei etorkizunean uko egin-beharrak ez ninduen batere izutu. Lan egitean adiskidearen hurbiltasun isila lasaigarri eta onuragarri aurkitu nuen. Gaixoari eskaini beharreko zerbitzutxoak berriak zitzaizkidan eta hasieran gogaikarri samarrak, esate baterako arropak jantzi eta eranztea; baina nire adiskidea hain zen jasankor eta eskertsua, non lotsatu egiten ninduen eta ahaleginak egiten nituen bera arretaz zaintzeko.

        Neure irakaslearenera oso gutxitan joan nintzen aurrerantzean, sarriago Elisabethengana, zeinaren etxeak, guztia gorabehera, beti liluraz erakartzen ninduen. Bertan eseri, tea edo basokada bat ardo edan, ikusten nuen etxekoandrea musika jotzen eta batzuetan sentimenduzko suharraldiak izaten nituen, nahiz eta werthertiar sentipen guztiei neure baitan ironia iraunkorrez kontra egiten nien. Gaztaroko maitasun-egoismo beraska betirako neure baitatik bazterturik neukan, noski. Beraz, gerra-egoera dotore, fidakor bat zegoen gure artean harreman zuzena, eta benetan oso gutxitan jartzen ginen ados, adiskidetasunik handienean elkarri haserre egin gabe. Emakumearen adimen mugikor eta bere sexukoei dagokienez zertxobait mimatuak ez zuen gaizki elkar hartu nire izaera maitemindu eta traketsarekin, eta nola biok elkar izugarri estimatzen genuen, hainbat indar handiagoz borroka egin genezakeen edozein huskeria ziztrinen aurka. Barregarri neritzon ezkon gabezia bere kontra babesteari —pixka bat lehenago bizitza guztira pozik ezkontidetzat hartuko nukeen emakumearen kontra. Berari txantxaren bat ere egin niezaiokeen, tipo jatorra zen eta bere emaztea argiaz harro zegoen senarrarekin batera. Isilean oraindik sugarretan jarraitzen zuen antzinako maitasunak, baina orain ez zen jadanik lehenagoko su artifizial askonahia, baizik eta erlantz on eta iraunkorra, bihotza gazte iraunarazten duena, eta zeinetan ezkonge harrotasun esperantzagabe batek tarteka neguko gauetan atzamarrak bero ditzakeen. Boppi erabat nire ondoan zegoenetik eta ni bere jakituria miresgarriz maitasun iraunkor eta bikainez inguratzen ninduenetik, Elisabethenganako neure maitasuna arriskurik gabe gaztetasun eta poesi zati bat bezala neure baitan biziaraz nezakeen.

        Gainerakoan bere emakume-malezien bidez Elisabethek gero eta aukera gehiago eskaintzen zidan neure berotasunak hoztu eta ezkon gabeziaz bihotzez gozatzeko.

        Boppi gizajoa nirekin batera bizi zenez gero, gero eta gutxiago joaten nintzen Elisabethen etxera. Boppirekin liburuak irakurri, bidai album eta egunkariak aztertu, dominoan jokatzen genuen; uretako txakur bat erosi, leihotik neguaren hasierari begira egon eta egunero elkarrizketa zuhur eta ero pilo bat izaten genuen. Gaixoak mundu-ikuskera aski hausnartua, umore onez gozaturiko bizitzaren ikuspegi errealista zeukan eta hartatik egunero neukan zer ikasia. Elurra mara-mara egin eta neguak leihotik bere edertasun garbia destolesten zuelarik, mutiko-atseginez ezartzen genuen estufaren ondoan, gela-idilio barnekoi bat. Pertsona ezagutzearen artea, zeinaren atzetik hainbeste denboraz alferrik ibilia nintzen, aukera honetan oso ondotik ikasi ahal izan nuen. Boppi, behatzaile isil eta zorrotz gisa, bere txikitako inguruneari buruzko irudi ugariz beterik zegoen eta zoragarriro kontatzeko gai zen, behin hartara jarriz gero. Elbarriak bere bizitzan hiru bat dozena baino pertsona gehiago ez zuen ezagutu eta ez zen inoiz korronte handitan igerika ibili; halere, nik baino hobeki ezagutzen zuen bizitza, zeren ohiturik baitzegoen gauzarik txikiena eta pertsona bakoitzarengan esperientzia, poz eta ezaguerazko iturri bat ere ikustera.

        Gure atseginik gogokoena, lehen bezala gero ere, animalien munduaz gozatzea zen. Zoo-parkeko animaliei buruz, zeinak orain ezin baikenituen bisitatu, era guztietako istorio eta alegiak aurkitu genituen. Haietako gehienak ez genituen kontatzen, baizik eta elkarrizketa gisara inprobisatzen genituen. Adibidez, bi papagaioren arteko maitasun-aitorpena, bisonteen arteko famili tirabirak, basurdeen gaueko berriketak.

        — Zer moduz zaude, Lepahori jauna?

        — Nolabait samar, Azeri jauna, milesker. Badakizu, harrapatu nindutenean, emaztea galdu nuela. Pintzelisats zuen izena, zuri aditzera emateko ohore izan nuenez. Perla bat, benetan esaten dizut, perla bat...

        — Ene, utz itzazu istorio zaharrak, auzo jauna, oker ez banago, dagoeneko behin baino gehiagotan kontatu didazu perlaren hori. Jainko maitea, behin bakarrik bizitzen da eta ez dago plazer apur hori alferrik galtzerik.

        — Arren, Azeri jauna, nire emaztea ezagutu izan bazenu, hobeto ulertuko nindukezu.

        — Baina benetan, benetan. Pintzelisats zuen izena, ez al da hala? Izen polita, halaxe zen laztantzeko ere. Baina nik egiazki esan nahi nizuna —konturatu al zara, nola ari den ugaltzen txolarre-izurrite hori? Badut horretarako plantxo bat.

        — Txolarreen kontra?

        — Txolarreen kontra. Begira, hara zer neukan pentsaturik: jarri ogi apur bat burdin hesiaren aurrean, kokatu lasai han eta tipo horiei hurbildu arte itxaroten diegu. Txarrak baino txarragoak gara, horrelako piztiaren bat harrapatzen ez badugu. Zer deritzozu?

        — Primeran, auzo jauna.

        — Mesedez jarriko al duzu ogi apur bat? —Ederki! Baina agian zertxobait eskuinalderago eraman beharko zenuke, zeren horrela bioi ongi etorriko zaigu. Une batean baliabiderik gabe geratu naiz. Horrela ongi dago. Kontuz gero! Orain lurrean etzango gara, begiak itxi —pxt, hor dator bat hegaz! (Isilunea).

        — Tira, Azeri jauna, oraindik ezer ez?

        — Zuk daukazu ezinegona! Lehen aldiz ehizan bazenbiltza ere! Ehiztariak itxaron egin behar du, itxaron eta berriz ere itxaron. Baita berriz ere!

        — Bai, nora joan da orduan ogia?

        — Barkatu?

        — Ogia ez dago hemen.

        — Ezina da! Ogia? Benetan —desagertu egin da! Arranopola! Haize madarikatu hori izan da noski!

        — Tira, baditut neure susmoak. Lehen iruditu zait zerbait jaten ari zinela.

        — Zer? Ni zerbait jaten? Zer ordea?

        — Ogia uste dut.

        — Iraintzen ari zara zeure usteekin, Lepahori jauna. Auzoko bati hitzerdi bat eramaten jakin beharra dago, baina hau gehiegi da. Hau gehiegi da, diot nik. Ulertu al didazu? Zeretik jango nuen nik ogia! Zer uste duzu zuk gero? Aurrena zeure penaren istorio maiztu hori entzun behar izan dut milagarren aldiz, gero burutada on bat izaten dut, jartzen dugu ogia hor...

        — Neu izan naiz! Neuk jarri dut ogia.

        — Jartzen dugu ogia, ni jartzen naiz hor eta itxaroten, dena ongi doa, gero bitartean hasten zara zu zeure berriketa horrekin txolarreei itxaroten eta gero ehiza alferrik galtzen da eta gainera orain neuk jan dut, nonbait, ogia ere! Tira, eserita itxaron beharko didazu, nirekin berriro tratua izan nahi baduzu.

        Honetan arin eta bizkor igarotzen ziren arratsalde eta arratsak. Ni aldarte hobean nengoen, gogara eta azkar lan egiten nuen eta harritzen nintzen lehenago hain nagia, jausia eta bizimodu motelekoa izanak Richardekiko denborarik hoberenak ez ziren egun isil eta alai hauek baino ederragoak izan, zeren kanpoan elur-malutek dantza egiten baitzuten eta estufaren ondoan biok urtxakurrarekin ongi sentitzen baikinen.

        Eta orduan egin behar izan zuen Boppi maiteak bere lehen eta azken inozokeria. Ni neure bozkarioan, jakina, itsu nengoen eta ez nuen ikusten berak inoiz baino gehiago sufritzen zuela. Izan ere berak, apaltasun eta maitasunez, inoiz baino atseginago, ez zen kexatzen, ez zidan erretzea debekatu, eta gero gauez etzatean, sufritu, eztula egin eta isilean intziri egiten zuen. Halabehar hutsez, behin gelan bere ondoan gauez idazten ari nintzela, eta berak aspaldi ohean uste ninduela, nola ari zen intzirika entzun nion. Tipo gizajoa erabat izuturik eta aztoraturik geratu zen, ni supituki lanpararekin bere logelan sartzean. Jarri argia alboan, eseri eta itaunketa bat egiteari ekin nion. Luzaroan ahalegindu zen ihes egiten, baina azkenean dena agertu zen.

        — Ez duk hain txarra —esan zuen kikildurik—. Bakarrik mugimendu batzuetan karranpa-sentsazioa bihotzean eta noizbehinka arnasa hartzean ere bai.

        Berehalaxe desenkusatu zen, gaixotzea krimen bat balitz bezala!

        Hurrengo goizean medikuarengana joan nintzen. Egun eder oskarbi eta hotza zen, bidean neure ardura eta kezkak alde batera utzi, eta eguberrietan pentsatu eta neure buruari galdetu nion ea zerk izan zitekeen Boppirentzat pozgarri. Medikua oraindik etxean zegoen eta lehiaz eskatu niolako neurekin etorri zen. Bere auto erosoan bidaia egin, eskaileretan gora igo, eta Boppiren gelara sartu ginen; haztatu, kolpetxoak eman eta auskultatzen hasi zen, eta medikua apur bat serioago eta bere ahotsa pixka bat bigunagotu zelarik, poz guztia pikotara joan zitzaidan.

        Kota, bihotz-ahulezia, larritasun-egoera —entzun nuen, apuntatu nuen guztia eta neure buruaz harriturik ere banengoen, batere kontrarik egin ez niolako, ospitalean ingresatzeko agindu zuenean.

        Arratsaldean etorri zen anbulantzia, eta ospitaletik itzuli nintzenean, oso gaizki sentitu nintzen etxean, non urtxakurra arrimatzen zitzaidan eta gaixoaren aulki handia alboan ezarria eta aldamenean gela husturik neuzkan. Hala gertatzen da maitatzearekin. Mina ekartzen du, eta horregatik asko sufritu nuen ondorengo denboran. Izan ere, hain gutxi inporta dio saminik nozitzen den ala ez! Elkarbizitza sendoa badago eta bizidun ororekiko dugun lokarri estu eta bizia sentitzen bada, eta maitasuna hozten ez bada! Orain arte izan ditudan egun alai guztiak emango nituzke, neure maitemintze eta neure poeta-plan guztiekin, garai hartan bezala sakratuena sakondu ahal izango banu. Begiei eta bihotzari oso mingarri zaie, eta harrokeria eta banitatea zaurituak geratzen dira, baina gero hain lasai, hain apal, hainbat helduago eta barren-barrenean biziago sentitzen da norbera! Agitxo horailarekin behiala nire izakiaren zati bat hil egin zen. Orain neure konkorduna, neure maitasun guztia eman eta bizitza osoa elkar banatu nuena, sufritzen eta poliki-poliki hiltzen ikusten nuen eta berarekin sufritzen nuen egunean-egunean eta neuk ere parte hartzen nuen hiltzearen lazgarrian eta santuan. Oraindik hasiberri bat besterik ez nintzen ars amandi-an eta berehala ars moriendi-aren lehen kapituluarekin hasi beharra neukan. Garai hau ez dut aipatu gabe uzten, Parisekoa aipatu gabe utzi dudan bezala. Honetaz ozenki hitz egin nahi dut, emakumeak bere eztei-egunaz edo agureak bere mutikotako urteez bezala.

        Bizitzan maitasuna eta sufrimendua besterik izan ez zuen gizon bat ikusi nuen hiltzen. Haur baten modura txantxetan nola ari zen entzun nuen, bere baitan heriotzaren nekea sentitzen zuelarik. Ikusi nuen, nola oinaze larrien artean bere begiradak ni bilatzen ninduen, ez eskale baten modura erreguka, baizik eta ni adoretzeko eta niri erakusteko, karranpa eta sufrimendu haiek bere baitan zeukan hoberena ukigabe utzi zutela. Gero begiak handitu egin zitzaizkion, eta ez zen gehiago bere aurpegi belaskatua ikusten, bere begi handien erlantza baizik.

        — Zerbait egin al diezaaket, Boppi?

        — Zerbait kontaidak. Agian tapirraren berri.

        Tapirraren berri kontatu nion, itxi zituen begiak, eta nik ahaleginak egiten nituen, lehenago bezala hitz egiteko, zeren etengabe negar egiteko zorian bainengoen. Eta gehiago ez ninduela entzuten edo lotan zegoela uste nuenean, berehalaxe isiltzen nintzen. Orduan berriro begiak irekitzen zituen.

        — Eta gero?

        Eta tapirraz, urtxakurraz, neure aitaz, Matteo Spinellitxo bihurriaz, Elisabethez kontatzen jarraitzen nuen.

        — Bai, bai, tipo lelo batekin ezkondu duk. Halaxe duk, Peter! Supituki heriotzaz hitz egiten hasten zen.

        — Ez duk atsegina, Peter. Lanik gogorrena ez duk hiltzea bezain gogorra. Baina egin-beharra zegok.

        Edo:

        — Oinazeak gainditutakoan, orduan barre egingo diat. Nire kasuan irabazia zekarrek hiltzeak, konkorraz, zango laburrez eta mehaka elbarriez libratuko nauk. Hire kasuan tamalgarria izango duk, horrelako sorbalda zabal eta zango osasuntsuak edukita.

        Eta behin, azkeneko egunetan, lozorro batetik esnatu eta ozenki esan zuen:

        — Ez zegok apaizak esaten duen bezalako zerurik. Zerua askoz ederragoa duk. Askoz ederragoa.

        Zurginaren emaztea etorri eta modu prestuan interesaturik eta laguntzeko prest agertu zen. Zurgina erabat aparte geratu zen nire sentimendu handiz.

        — Zer deritzok —galdetu nion Boppiri halako batean—, zeruan izango ote duk tapirrik?

        — O, noski —esan zuen buruaz baiezka—. Era guztietako animaliak zeudek, baita sarrioak ere.

        Etorri ziren eguberriak, eta jaitxo bat ospatu genuen bere ohearen ondoan. Izotz handia egin zuen, atzera antzigarra egin zuen, eta elur berria erori zen hormaren gainean, baina ni ez nintzen ezertaz konturatu. Jakin nuen Elisabethek haur bat izan zuela, eta berriro ahaztu egin nuen. Nardini andrearen gutun bitxi bat iritsi zen; zalapartaka irakurri eta albora eragin nion. Neure lanak ziztu bizian egiten nituen ordu bakoitza neure buruari eta gaixoari lapurtzen ari izatearen kontzientziarekin. Gero aztoraturik eta artega ospitalera joaten nintzen eta han isiltasun alaba zegoen, eta egunaren erdia Boppiren ohe ondoan eserita ematen nuen, ametsezko bake sakonez inguraturik.

        Amaierarako gutxi falta zuela egun hobeak izan zituen. Ohargarria zen, nola denbora igaro berriak oroimenean iraungia zirudien eta erabat lehen urteetan bizi zen. Bi egun osoz amaz bakarrik hitz egin zuen. Ezin zuen luzaroan hitz egin ere, baina ordutako pausaldietan ere berarengan pentsatzen ari zela nabari zitzaion.

        — Gutxiegi kontatu diat beratzaz —kexatu zen—, ez duk berari buruzko ezer ahaztu behar, bestela aurki ez duk inor izango haren berri dakienik eta berarekiko esker onekoa denik. Ona huke, Peter, mundu guztiak halako ama izatea. Berak ez ninduen erruki-etxera eraman, lan egiteko gai ez nintzenean.

        Gelditu eta nekez hartu zuen arnasa. Ordu bete igaro eta berriro hitz egiten hasi zen:

        — Bere seme-alaba guztien artean gehien maitatu izan ninduen, hil zen arte. Anaiek alde egin zuten, eta arreba zurginarekin ezkondu da, baina ni etxean geratu nintzen, eta pobrea bazen ere, ez ninduen inoiz bertan behera utzi. Ezin duk nire ama ahaztu, Peter. Oso txikia huen, agian neu baino ere txikiagoa. Eskua ematen zidanean, txori txiki bat eskuan kokatuko balitz bezalaxe huen. Aski zela haur-zerraldo bat berarentzat, esan zian Rütimann auzoak, hil zenean.

        Berarentzat ere haur-zerraldo bat gutxi gorabehera aski izango zen. Mazkartua eta kaxkarra zegoen bere ospitale-ohe garbian eta eskuak emakume gaixoaren eskuak ziruditen, luzeak, txikiak, zuriak eta apur bat uzkurtuak. Bere amaz hitz egiteari uzten zionean, nire txanda izaten zen. Nitaz hitz egiten zuen, han ondoan eserita ez banengo bezala.

        — Zorte txarrekoa izan da, baina halere, ezerk ez dio kalterik egin. Ama goizegi hil zitzaion.

        — Oraindik ezagutzen al nauk, Boppi? —galdetu nion.

        — Noski, Camenzind jauna —txantxetan esan eta irribarre eme bat egin zuen.

        — Kantatzeko gauza banintz —esan zuen ondoren.

        Azken egunean oraindik galdetu zuen:

        — Aizak, asko kostatzen al duk hemen ospitalean egotea? Garestiegi atera litekek.

        Baina ez zuen inolako erantzunik itxaron. Gorritasun lauso bat igo zitzaion aurpegi zurira, itxi zituen begiak eta apur batean erabat zoriontsu zirudien.

        — Horrenak egin du —esan zuen arrebak.

        Baina berriz ere begiak ireki, irrikor begiratu eta bekainak mugitu zituen, keinu egin nahi izan balit bezala. Zutitu nintzen, ezarri eskua ezker sorbaldaren azpian, altxa nuen poliki-poliki apurtxo bat, horrek beti mesede egiten baitzion. Nire esku gainean zegoela uzkurtu zituen apur bat ezpainak minez, gero bira eman zion buruari apur bat eta dardara egin zuen, bat-batean hotza sentitu balu bezala. Askapena izan zen hura.

        — Ona al duk, Boppi? —galdetu nion oraindik. Ordurako bere sufrimenduaz libre zen eta eskuan hoztu zitzaidan. Urtarrilaren zazpia zen, eguerdiko ordu bata. Arrats aldera dena prestatu genuen, eta gorputz txiki mazkarra han geratu zen etzanda bakean eta txukun beste desitxurarik gabe, harik eta garraiatu eta lurra eman arte. Bi egun haietan erabat harriturik nengoen bereziki triste eta norakorik gabe aurkitzen ez nintzelako, ezta negar egin beharrean ere. Banaketa eta despedida hain sakon sentitu izan nituen gaixoaldian, non orain oso gutxi geratzen zitzaidan hartatik eta nire saminaren oskol kulunkaria astiro eta arindurik berriro gora igo zen.

        Hala eta guztiz ere, iruditu zitzaidan garaia zela hiria bake-bakean utzi eta nonbait, ahal izanez gero, hegoaldean, atsedena hartu eta ordura arte nola hala bilduriko neure poemaren albainuak behingoz serioski ardatzean iruteko. Oraindik geratzen zitzaidan diru-apur bat, beraz agur esan nien neure betebehar literarioei eta udaberriaren hasieran maleta egin eta abiatzeko prestatu nintzen. Aurrena Asisera, non barazki-saltzailea bisitaren zain baineukan, gero gogor lan egitera ahalik eta mendi-habia lasaienean. Baneritzon ordurako ikusita neukala heriotza eta bizitzaren zati on samar bat besteei eskatu ahal izateko haiei buruzko neure erretolikak entzun zitzatela. Erabateko ezinegonean itxaroten nion martxoari eta aldez aurretik belarrian sentitzen nituen esamolde italiarrak belarrian, eta risotto. laranja eta chianti ardoaren usain gozo kilikaria sudurrean

        Planak ez zuen akatsik eta zenbat eta gehiago hartan pentsatu, hainbat gehiago asetzen ninduen. Baina bitartean ongi egin nuen aldez aurretik chiantiaz gozatzean, zeren gauzak zeharo bestetara atera baitziren. Nydegger ostatariaren gutun bizi eta harrigarriro estilizatu batek jakinarazi zidan otsailean, elur handiak zeudela eta herriko ganadua eta jendea ez zirela ongi aurkitzen, zehatz esateko, neure aitaren ardura izan behar nuela eta nolabait esateko on izango zela dirua bidaltzea edo bertara joatea. Nola dirua bidaltzea ongi ez zetorkidan eta zaharrak kezkatu egiten ninduen, bertara joan behar izan nuen. Egun gozakaitz batean iritsi nintzen, zeren elurra eta haizearengatik ez baitzen ez mendirik ez etxerik ikusten eta eskerrak bidea itsumustuka ere korritzeko moduan ezagutzen nuenari. Camenzind zaharra, nire susmoen kontra, ez zegoen ohean, baizik eta behartsu eta kikildurik sutondoan eta auzoko emakume batek estu harturik zeukan, zeinak esnea ekarri, eta bere portaera txarraz sermoi garratz eta luzea botatzen zion; horregatik ez zen konturatu ere egin nola sartu nintzen.

        — Hara, Peter hemen zegon —esan zuen bekatari zaharrak eta keinu egin zidan ezkerreko begiaz.

        Baina emakumeak ikararik egin gabe jarraitu zion predikuari. Eseri nintzen aulki batean, itxaron nion bere hurko-maitasunari agortu arte eta bere erretolikan neuri ere kalterik egin ez zidaten kapitulu batzuk aurkitu nituen. Bide batez begira nengoen nola elurra berokia eta botetatik urtzen zitzaidan eta aulkiaren inguruan aurrena bustigune bat eta gero urmael isil bat eratzen zuen. Emakumeak berea amaitu zuenean bakarrik egin ahal izan nion diosal ofiziala eta berak ere atseginez esku hartu zuen bertan.

        Aita indarrez oso urritua zegoen. Berriz sentitu nuen bera zaintzeko lehenagoko bulkada labur hura. Orduan alde egiteak ez zion ezertan lagundu, eta orain, premia handiagoa zuenean, ondorioak neure gain hartu beharra neukan.

        Azken finean, baserritar zakar marmarti bati, bere garai hobeetan ere bertuteen ispilu izan ez den bati, ez dago zahartzaroko gaixotasun-egunetan otzana izateko eskatzerik ezta semearen maitasun-agerpenen aurrean hunkipena erakusteko ere. Aitak berak ere ez zuen mola horrelako asmorik, baizik eta zenbat eta gaixoago hainbat tematiago bihurtu zen eta lehenago sufriarazitako guztiak ordainarazi zizkidan, korrituekin ez bazen, gutxienez koska ongi berdindu arte. Hitzetan urri samarra eta begiratua zen nirekin, baina bitarteko drastiko mordo baten jabe zen, hitzik gabe konformagaitz, garratz eta zakar agertzeko. Batzuetan neure buruari galdetzen nion denborarekin neu ere halako agure erretxin eta gogaikarri bihurtuko ote nintzen. Lehenago bezain atsegin handiz jarraitzen zuen edaten, eta basokada bat hego-ardo, egunero bi aldiz ematen niona kopetilun dastatzen zuen, zeren nik botila berehalaxe beti soto hutsera eramaten bainuen eta bertako giltza ez nion inoiz uzten.

        Otsailaren amaiera aldera etorri ziren goi-mendietako negua hain bikain bihurtzen duten aste argi horiek. Mendi-gailur garai zorrotzak zeru urdinaren kontra argi eta aire gardenean zehar ezin sinetsizko hurbiltasunean ageri ziren. Belardi eta zintzurrak elurpean zeuden, neguan mendian izaten den elurraren pean, zeina bezain zuri, garden eta usain sarkorrekorik haranetan ez baita inoiz aurkitzen. Lur-hanpagunetan eguerdietan eguzki-argiak jai distiratsuak ospatzen ditu, sakonune eta maldetan itzal urdin biziak daude, eta airea asteetan elurra egin ondoren hain dago garbia, non eguzkitan arnasaldi bakoitza gozamen bat den. Aldapa txikiagoetan mutikoak irrist egiten gozatzen dute, eta eguerdi-osteko orduetan adineko jendea kaleetan ikusten da eguzkia hartzen eta gauez teilatuko habeek izotzetan karrak egiten dute. Elurturiko landa zurien artean inoiz izozten ez den laku bare eta urdina dago, udan inoiz egon litekeen baino ere ederrago. Egunero, bazkalaurretik ate aurrera irteten laguntzen nion aitari eta bere atzamar beltzaran, korapilatsu eta okertuak eguzkiaren epeltasun ederrean nola hedatzen zituen ikusten nuen. Handik apur batera eztulka eta hotzaz kexatzen hasten zen. Bere trikimailu xaloetako bat zuen, niri trago bat eskatzeko; horregatik ez eztula eta ez hotza, ez ziren benetan hartzekoak. Basokadatxo bat gentziana edo absentatxo bat hartzen zuen orduko, mailaketa trebe batean uzten zion eztula egiteari eta atzealdetik poztu egiten zen ziria sartu zidalako. Otorduaren ondoren bakarrik uzten nuen, jantzi azpantarrak eta ordu pare batez mendian gora ibiltzen nintzen, joan nahi nuen tokiraino, eta etxerako bidea, aldean eramandako fruitu-zaku baten gainean eserita irristaka zelaia elurtuetan barrena egiten nuen.

        Asisera bidaia egiteko garaia hurbildu zenean, oraindik elur handiak zeuden. Apirilean hasi zuen euria eta elurra agudo eta modu txarrean urtu zen gure herrian, aspaldiko urteetan ikusi ez zen bezala. Gau eta egun entzuten zen hego-haizearen ulua, urruneko elur-jauzien burrunba eta ur-jauzien orroa ozena, zeinek harkaitz-zati handiak eta zuhaitz hautsiak baitzekartzaten eta gure sail eta fruitu-arboladien kontra jaurtikitzen baitzituzten. Hego-haizearen sukarrak ez zidan lo egiten uzten, gaua joan eta gaua etorri erasanik eta larriturik entzuten nuen ekaitzaren kexua, elur-jauzien burrunba eta laku haserretuak hegiaren kontra ateratzen zuen zarata. Udaberriko borroka lazgarrien garai sukartsu hauetan hainbeste berritu zitzaidan atzera gainditutako maite-eritasuna, non gauez altxatu, ateko leihoan jarri eta sufrimendu garratzen artean Elisabethi maite-hitzak oihukatzen nizkion astrapala guzti hartan. Züricheko gau epelean, italiar pintalariaren etxearen gainaldeko muinoan maitasunez eldarniotan egon nintzenetik, inoiz ez zen grina hain izugarri eta menperaezinik nitaz nagusitu. Sarritan, emakume ederrak nigandik oso hurbil egon, irribarre egin eta beragana hurbiltzeko pausu bakoitzaren aurrean atzera egingo balu bezala zen. Nire pentsamenduek, nahi zuten tokitik sortzen zirela ere, ezinbesteko eran irudi hartara itzultzen ziren, eta nik zauritu baten antzera, ezin nion beti zaldar minberan hazka egiteari utzi. Lotsa ematen zidan neure buruak, mingarri bezain alferrikakoa zena, madarikatu hego-haizea eta barrenean sufrimendu guztiekin halako sentimendu atsegin bero isila sumatzen nuen, mutikotan bezala, Rösi politarengan pentsatu eta uholde epel ilunak menperatzen ninduenean bezala.

        Banekien eritasun haren kontrako sendabelarrik ez zela sortu, eta gutxienez zertxobait lan egiten saiatzen nintzen. Neure obraren egiturari ekin nion, zirriborratu estudio batzuk eta laster ikusi nuen oraindik ez zela hartarako garaia. Bitartean alderdi guztietatik hego-haizeari buruzko albiste txarrak zetozen, eta herrian bertan ere sortu zen premiarik. Errekaren dikeak erdi deuseztatuak, zenbait etxe, mandio eta ukuiluek kalte handiak izan zituzten, albo-herrietan etxerik gabe geratutako ugari ziren, nonahi intziria eta beharra ageri zen eta inon ez dirurik. Egun haietako batean, nire zorionerako alkateak bere udal-gelatxoan hartu eta galdetu zidan ea prest nengoen premia orokorren laguntzarako batzorde batean sartzeko. Nigan jartzen omen zuten konfiantza udalerriaren arazoak kantoiaren aurrean ordezkatu eta egunkarien bitartez herrialde osoa parte hartu eta diru-laguntza ematera mugitzeko. Komeni zitzaidan une hartan neure alferrikako sufrimenduak beste arazo serio eta duinagoen aurrean ahaztea, eta zoro batek bezala ekin nion lanari. Basilean laster lortu nituen gutun bidez diru-biltzaile batzuk. Kantoiak, aurrez bagenekienez, ez zeukan dirurik eta laguntzaile-pare bat bidali besterik ezin izan zuen egin. Gero, egunkarietara jo nuen dei eta txostenekin; gutun, diru-ekarpen eta galderak etorri ziren, eta nik idazte-lanaz gainera udalbatzarekin jardun beharra neukan baserritar kaskagogorrekin borroka eginez.

        Aste pare bateko lan gogor eta ezinbestekoak mesede egin zidan. Gauzak pixkanaka bideratu eta nire beharra gutxiagotu ahala, berdetu egin ziren inguruan belardiak eta urdindu lakua bare eta eguzkitsu, elurretik libraturiko zintzurretan gora. Aitak egun eramangarriak zeuzkan, eta nire maitasun-premiak elur-jauzien hondar zikinak bezala desagertu eta ezabatu egin ziren. Lehenago, garai honetantsu, aitak txalupa bernizatzen zuen, ama baratza zaintzen hasten zen, eta ni adi ibiltzen nintzen zaharraren lan, bere pipako hodei eta tximeleta horietara. Orain ez zegoen pintatu beharreko txaluparik, ama aspaldian hilik zegoen eta aita gogo txarrez zebilen makurturik etxe gozakaitzaren inguruan. Iraganeko aldietan osaba Konradez ere oroitzen nintzen. Sarritan eramaten nion, aitak ikusi gabe, basoerdi bat ardo eta bere egitasmo ugariak irribarre umoretsuz eta harrotasunez nola kontatzen zituen entzuten nuen. Orain ez zuen egitasmo berririk egiten, eta adinak bera ere gogor erasan zuen, hala ere bazegoen bere itxuran eta batzuetan bere irribarrean ere on egiten zidan haur edo mutil gazte-kutsuko zerbait. Sarritan nire kontsolagarri eta denbora-pasa izaten zen, zaharrarekin etxean burutu ezin nuenean. Ardoa edatera eramaten nuen neurekin, eta bera trostan ibiltzen zen nire ondoan eta ahaleginak egiten zituen bere zango mehe, okertuei larriturik nire pausuen parean eusteko.

        — Bela hartu behar da, osaba Konrad —zirikatzen nuen eta belatik beti geure txalupa zaharraz hitz egitera pasatzen ginen, zeina ez baitzen existitzen eta hildako maite bat bezala deitoratzen zuen. Nola nik ere maite izan nuen ontzi hura eta orain falta zen, bera eta berarekin gertatutako istorio guztiak azken xehetasuneraino gogoratzen genituen.

        Lakua beti bezain urdin zegoen, eguzkiak ez zeukan jai-giro eta berotasun gutxiago, eta nik mutiko zahar honek sarritan begiratzen nien pinpilinpauxa horiei eta barrenean hainbeste ez nintzela aldatu, lehen bezain ongi belardian etzan eta mutiko-ametsak egin nitzakeela sentitzen nuen. Baina halakorik ez zela gertatzen eta nire urteen parte on bat betirako joana zela, egunero ikusten nuen garbitzerakoan, latazko palankana herdoildutik nire aurpegia bere sudur sendo eta aho garraztuarekin errainutzean. Halere, hobeto arduratzen zen horretaz Camenzind zaharra, denboraren joanaz huts egin ez nezan, eta presentetik erabat aldendurik egon nahi nuenean, aski izaten nuen neure gelako mahaiaren kaxoia irekitzea, non baitzegoen eta lo egiten baitzuen zirriborro baliogabeturiko pakete batez eta orri laurdenetan sei edo zazpi proiektuz osaturiko etorkizuneko nire lanak.

        Zaharra zaintzeaz gainera, gure etxe zaharkituari eusteak nahikoa egiteko ematen zidan. Zoruan zuloak agertzen ziren, estufa eta sutegiak arazoak zituzten, kea eta kiratsa zerien, ateak ez ziren ixten, eta ganbarako eskailerak, behiala aitaren zigorketen lekuko izandakoak, bizia arriskuan jartzeko moduan zeuden. Han ezer egin aurretik aizkora zorroztu, zerra konpondu, mailua auzoari eskatu eta iltzeak bilatu beharra zegoen, gero garai bateko zur-horniduratik, usteltzen ari ziren hondarretatik zati erabilgarriak hartu beharra zegoen. Lanabesak eta deztera-harri zaharra konpontzen eta osaba Konradek zertxobait lagundu zidan, baina zahartu eta makurtuegi zegoen hartaz asko baliatzeko. Halaber, neure idazle-esku bigunak ere urratu nituen zur setatiaren kontra, eragin nion oinaz dezterari, igo nintzen ia nonahi meheturiko teilatura, sartu iltzeak, jo mailuaz, estali oholtxoz eta tailatu, eta horretan ari nintzela haragitan sartuxea neukan gorputzetik izerdi-tanta bat baino gehiago isuri behar izan nuen. Honetan ari nintzela, teilatuaren konponketan hain zuzen, mailu-kolpeen artean, tente jarri eta puru erdi itzalia zupatzen nuen, begiratzen nuen zeruaren urdintasun sakonera eta neure nagitasuna aieak gehiago xaxatu eta agirika egingo ez zidan kontzientzia alaiz gozatzen nuen. Pasatzen ziren handik auzoak, emakumeak, agureak eta eskola-umeak, eta neure alferkeriaren zuribidetzat beraiekin auzo eta adiskideei dagokien elkarrizketetan sartzen nintzen eta pixkanaka beraiekin arrazoizko hizketa bat izan nahi zuen pertsona baten entzutea hartuz joan nintzen.

        — Bero egiten du gaur, Lisbeth?

        — Bai horixe, Peter. Zertan ari haiz?

        — Teilatua konpontzen.

        — Ez ziok kalterik egingo, lehenago ere hartuko zian horrek konpondu bat.

        — Noski, noski.

        — Zer moduz zebilek zaharra? Laster beteko dizkik hirurogeita hamar urte.

        — Laurogei, Lisbeth, laurogei. Iritsiko ote gara gu inoiz adin horretara? Ez dakit merezi duen.

        — Tira, Peter, joan beharra zeukat, gizonak bazkaldu egin nahiko dik eta. Ongi jardun!

        — Adio, Lisbeth.

        Eta tartera zapian bilduta aurrera jarraitzen zuen bitartean, hodeiak ikusi nituen airean, begira gertu eta pentsatu nuen, nola zitekeen mundu guztia hain lehiatsu bakoitza bere egitekoaren atzetik ibiltzea, ni bitartean bi egun osoz ohol berari mailuka ari nintzelarik. Azkenean, halere, teilatua konpondurik geratu zen. Aita biziki arduratu zen hartaz, eta nola ezinezkoa zen bera teilatura igotzea, zehatz-mehatz deskribatu eta ohol-zati bakoitzaz kontu eman behar izan nion, eta horretan fanfarroikeriaren batzuk entzuteari ez nion axolarik izan.

        — Ongi zegok —bota zidan— ongi zegok, baina ez nian uste aurten amaituko huenik.

 

 

        Neure bidaia eta bizitzako ahaleginei begiratu eta hausnartzen ditudanean, poztu eta amorratu egiten nau neure baitan arraina uretako eta baserritarra lurreko omen delako esperientzia bizi izanak, eta Nimikoneko Camenzindar batengandik, arte guztiak erabilita ere, hiri eta mundu-gizon bat egiterik ez dagoela jakiteak. Ohitu egiten naiz hori gauzen ordenuan ikustera eta pozik nago, munduaren zorionaren atzetik ehiza zorte gabean ibili ondoren berriro lakua eta mendiaren bitarteko zoko hartara neure burua gidatzen ikusteaz, nongoa bainaiz eta non nire bertute eta bizioak, bizioak batik bat, zerbait arrunt eta usadiozko baitira. Han kanpoan neure jaioterria ahaztu eta neure burua landare bitxi eta ohargarritzat hartzeko zorian egon nintzen; orain berriro ikusten dut nimikondarraren izpiritua baizik ez zela, nigan pilpiratu eta munduaren gainerakoen usadiora moldatzen ez zena. Hemen ez zaio inori nigan inor berezirik ikustea bururatzen, eta aita edo osaba Konrad begiztatzen dudanean, beraien seme eta iloba normal ikusten dut neure burua. Izpirituaren erresuman zehar egindako nire ostera-pare bat eta formazio deritzon hori egoki konpara daitezke nire osabaren belazko bidaia sonatuarekin, bakarrik lehena diru, ahalegin eta urte ederretan nini garestiago atera zitzaidala. Kanpotik ere, Kuoni lehengusuak bizarra uzteko kontseilua eman eta larruzko fraka eta alkandora-mahukatan ibiltzen naizenetik, berriro erabat hemengo bihurtu naiz, eta ilea zuritu eta zahartutakoan, ohartzeke hartuko dut aitaren lekua herrian eta bere zeregintxoa herriko bizitzan.Jendeak urte askotan kanpoan izan naizela besterik ez daki, eta neu ere kontuz ibiltzen naiz beraiei ez esateko zer arraiotan ibili naizen hor zehar eta zenbat putzutan sartu naizen; bestela laster adarra jo eta gaitzizena ezarriko lidakete. Alemania, Italia edo Parisez hitz egiten dudanean, neu ere apur bat puztu egiten naiz eta unerik zinezkoenetan noiz edo noiz zalantzan jartzen dut neure egiazkotasuna ere.

        Eta zer geratu da hainbeste abentura-bidaia eta alferrik galdutako urteen ondoren? Maite nuen eta oraindik ere maite dudan emakumea, bere bi haur politak hazten ari da Basilean. Bestea, ni maite izan ninduena, kontsolatu da eta aurrera jarraitzen du fruitu, barazki eta hazi artean. Aita, zeinarengatik etxera itzuli nintzen, ez da ez hil ez sendatu, aitzitik nire aurrean eserita daukat ezer egin gabe; begiratu eta sotoaren giltza daukadalako inbidia dit.

        Baina hori ez da dena. Amaz eta ito zen gaztaroko adiskideaz gainera, Agi horaila eta neure Boppitxo elbarria aingeru gisa dauzkat zeruan. Eta hernian etxeak berriro nola konpondu eta harrizko bi dikeak berriro eraiki diren bizipena daukat. Nahi izango banu, herriko udalbatzan eseriko nintzateke. Baina bertan dagoeneko bada nahikoa Camenzindar.

        Oraindik orain beste ikuspegi bat ireki zait. Nydegger ostataria, zeinaren aretoan aitak eta biok hainbeste litro ardo edan ditugun Veltin, Wallis edo Waadtlandekotik, maldan behera hasi da eta ez dauka ilusiorik negozioan. Bere miseriaz kexatzen zitzaidan egun hauetan.

        Baina txarrena da bertako inor ez bada aurkitzen horretarako, kanpoko garagardotegi batek jabegoa erosten duela, eta gero kito, eta jadanik ez dauka Nimikonen gustuko tabernarik. Beti sortzen dira kanpoko maizterrak, ardoa baino garagardoa gogozago zurrut egiten dutenak eta horrelako baten eskutan Nydeggerren taberna alferrikaldu eta pozoitu egiten da. Hori dakidanetik, ez dut bakerik; Basilean oraindik badut diru apur bat bankuan eta Nydegger zaharrak ez luke aurkituko nigan ondorengorik txarrena. Horrek duen koska zera da, aita bizi den bitartean ezin izango dudala tabernari inoiz izan. Alde batetik, ezin izango nuke zaharra upelaren zipotzetik urrundurik eduki eta bestetik garaitzaile agertuko litzateke esanez nik, neure latin eta ikasketa guztiekin Nimikoneko ardo-saltzaile izatea lortu dudala eta besterik ez. Baina hori ez dago egiterik, eta horrela jartzen naiz pixkanaka zaharren bizitza noiz amaituko den zain, ez ezinegonez, baizik eta patxada guztiarekin.

        Osaba Konradek arestian berriz ere balentri egarria sentitu du, urte luzetan isilik eta lozorrotan egon ondoren, eta hori ez dut atsegin. Etengabe ahoan dauka hatz erakuslea eta pentsalari-zimurra bekokian, pausu txiki presazkoak egin bere gelan zehar eta eguraldi oskarbia dagoenean asko begiratzen du uretara.

        — Uste dut berriz ere ontzitxoak egingo dituela —esan zuen bere Cenzine zaharrak, eta urteetan izan ez duen bezalako bizitasun eta zorroztasuna ageri ditu eta halako aurpegiera zuhur eta erabakitsua, oraingoan nola hasi behar duen baleki bezala. Baina nik uste dut, ez dela ezer gertatuko eta arima nekatua, hegalak eskatzen ari zaiola, laster etxera itzultzeko. Bela atera beharra dago, osaba zaharra! Baina gauzak berarekin hain urrun joaten badira, orduan nimikondarrek entzungabeko zerbaiten berri izango dute. Zeren neure baitan erabakita baitaukat, bere hilobian apaizaren ondotik hitz batzuk esatea, eta hori toki honetan inoiz gertatu ez den zerbait da. Osaba dohatsu eta Jainkoaren kuttuntzat aurkeztuko dut, eta parte eraikitzaile horrek gatz eta piper eskutada on bat ekarriko du doluminez eta dauden eta maite dutenentzat, zeinek ni ez bainaute hain erraz ahaztu eta barkatuko. Espero dut oraindik aita bizirik izango dela.

        Eta kutxan daude «Nire bizitzako obra», nire poema handiaren hasierak, esango nuke. Baina patetikoegia ematen du, baina nahiago dut ez esan, zeren aitortu beharra baitaukat bere jarraipen eta burutzapena zango ahulen gainean datzala. Agian iritsiko da oraindik eguna berrien berritik ekin, jarraitu eta burutuko dudana; orduan arrazoi izango du nire gaztaroko senak eta poeta bihurtuko naiz.

        Hori niretzat udalaren osoko bilkura edo harrizko dikeak adina edo gehiago izango litzateke. Nire bizitzaren iragana izan den eta halere galdu gabe dagoenak, pertsona maite guztien irudiekin, hasi Rösi Girtanner lirainagandik eta Boppi gizajoarenganainokoak, ez ninduke menperatuko.

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia