VII

 

        Nire idazletzak orain ere lehen bezain errespetu gutxi sartzen zidan. Neure lanaz bizi egiten nintzen, zertxobait aurreratu eta noizean behin aitari diru apurren bat bidali ere bai. Poz-pozik tabernara eraman, bertan nire goraltzak doinu guztietan jo, eta niri ordainetan zerbitzuren bat egitean pentsatzen zuen. Behin hitzez hitz esan nion neure ogia egunkari-artikuluen bidez irabazten nuela. Erredaktore edo korrespontsaltzat hartu ninduen, kantoi-orriek izan ohi duten horietakotzat eta hiru bider aita-gutunak idatzi zizkidan, berak garrantzitsutzat jotzen zituen edo niri dirua irabazteko gaia emango zidatela uste zituen gertakarien berri emanez. Batean, txosna bat nola erre zen, bestean, bi mendigoizale nola amildu ziren eta hirugarren batean alkatetza-hauteskundeen berri emanez. Jakinarazpen hauek egunkari-estilo grotesko batez idatziak zeuden eta benetan poztu egiten ninduten, zeren bera eta nire arteko adiskidetasunezko loturaren seinale baitziren eta aspaldiko urteetan hauexek ziren jaioterritik hartutako lehen gutunak; zirikatu ere egin ninduten neure idazketaren nahigabeko trufatze bezala ere; zeren hila joan eta hila etorri, liburu baten iruzkina eginez joan nintzen eta haren argitalpena eskualdeko gertakari haiekin alderatuta garrantzi eta ondorio askoz txikiagokoa baitzen.

        Hain zuzen ere garai hartan bi liburu argitaratu ziren, zeinen autoreak beren garaian Zurichen mutil gazte liriko xelebre gisa ezagutu nituen. Bata, orain Berlinen bizi zen eta bazekien hiri handiko kafetegi eta bordelen zikina deskribatzen. Bigarrenak bakartoki luxuzko bat eraikia zeukan Municheko ingurumarietan eta dilindan zebilen auto-begiztapen neurastenikoen eta kitzikapen espiritisten artean, destainati eta esperantzagabe, harat eta honat. Liburuen iruzkina egin behar izan nuen eta jakina, bien lepotik barre apur bat ere bai. Neurastenikoarengandik benetako printze-estiloan idatziriko gutun destainazko bat besterik ez zen etorri. Berlinekoak, berriz, eskandalua sortu zuen aldizkari batean, bere asmorik funtsezkoenean gaizki ulertutzat jotzen zuen bere burua, Zolagan oinarritzen zen eta nire kritika zentzugabea zela eta, ez ninduen ni bakarrik astintzen, baita suitzarren izpiritu prosaikoa ere. Gizonak behiala Zilrichen ezagutu zuen agian bere literato-bizitzako denboraldi osasungarri eta duin samar bakarra. Ni ez nintzen inoiz abertzale oso beroa izan, baina berlindarrarena gehiegizkoa izan zen, eta epistola luze batez erantzun nion konformagaitzari, zeinean ni ez nintzen mendi-atzean kikildurik geratu hiri handi moderno hanpatuen gutxiespena agertzerakoan.

        Kalapita hauek on egiten zidaten eta behin eta berriz kultur bizitza modernoari buruzko neure kontzepzioa hausnartzera behartzen ninduten. Lana neketsua eta gogaikarria zen eta egunean zehar emaitza kitzikagarri gutxi eskaintzen zituen. Nire liburuxkak ez du ezer galtzen hori aipatu gabe uztean.

        Aldi berean, gogoeta hauek neure buruaz eta aspaldidanik planteaturiko bizitzako obraz sakonago hausnarketa egitera behartu ninduten.

        Banuen nik, jakina denez, gogoa, poema nagusi batean gaurko gizakiei naturaren bizitza handios mutua hurbildu eta maitarazteko. Lurraren bihotz-taupadak entzuten irakatsi nahi nien, osotasunaren bizitzan parte hartzen eta bere errutinatxoen estutasunean ez ahazten, ez garela jainko eta geure buruaren sortzaile, baizik eta lurraren eta osotasun kosmikoaren kume eta atal. Bertan gogorarazi nahi nuen poeten kantek eta gure gauetako ametsek bezala, ibai, itsaso, hodei pasakor eta ekaitzak ere nostalgiaren sinbolo eta eroale direla, zeinak zerua eta lurraren artean bere hegalak hedatzen dituen eta zeinaren helmuga hiritar-eskubideen eta bizidun ororen hilezkortasunaren ziurtasun zalantzagabea den. Izaki ororen gunerik barrenekoena ziur dago eskubide horretaz, Jainkoaren kume da eta larridurarik gabeko atsedena dauka betieraren altzoan. Aitzitik, geure baitan daukagun txar, gaixo, hondatu guztiak kontra egin eta heriotzan sinesten du.

        Halaber, gizakiei irakatsi nahi nien naturarenganako senide-maitasunean poz-iturriak eta bizi-korronteak aurkitzen; begiztatu, noraezean ibili eta gozatu, presentekoaren atseginaren artea predikatu nahi nuen. Mendi, itsaso eta irla berdeak mintzaira ahaltsu liluragarri batean zuei hitz egiten jarri nahi nituen eta behartu nahi egin zintuztedan, ikustera, zeinen bizitza neurrigabeki askotariko eta indartsua zuen etxe eta hiriez kanpo egunero loratu eta borborka jariatzen den. Zuek lotsatzea lortu nahi nuen, atzerriko gerra, moda, esamesa, literatura eta arteez gehiago jakiteaz udaberriaz baino, zeinak zuen hirien aurrez aurre bere jardun menperaezina garatzen duen, eta ibaiaz baino ere bai, zeina zuen zubien azpitik igarotzen den, eta basoez eta belardi bikainez, zeinetan barrena zuen trenbidea doan. Kontatu nahi nizuen gozamen ahaztezinezko urre-katea aurkitu dudan, nik bakarti eta bizitzaile zail honek, mundu honetan eta nahi nuen, zuek ere, agian ni baino zoriontsuago eta alaiago zaretenok, oraindik poz handiagoz mundu hau aurki zenezaten.

        Eta batez ere, maitasunaren misterio ederra zuen bihotzean ezarri nahi nuen. Bizidun ororen neba-arreba eta hain maitasunez beteak izaten zuei irakastea espero nuen, non gehiago beldurrik izan ez diezaiozuen ez sufrimenduari eta ez heriotzari, baizik eta ahaide serio bat bezala benetakotasun eta senidetasunez har zenezaten, zuengana etor dadinean.

        Hori guzti hori espero nuen nik, ez himno eta kanta goitarretan, baizik eta sotil, egiazki eta objektiboki aurkeztea, benetan eta txantxetan, etxeratu den bidaiariak bere kideei kanpokoaren berri kontatzen dien bezala.

        Nahi nuen —gogo nuen —espero nuen—, barregarri samarra dirudi horrek. Nahi izate ugari hori plan eta zirriborro bihurtuko zen egunari itxaron egiten nion beti. Dena den gutxienez gauza mordoa neukan bilduta. Ez buruan soilik, baita liburuxka-pila batean ere, zeinak bidaia eta ibileretan aldean erabiltzen nuen, bi astez behin haietako bat betez. Beraietan munduan ikusgai dagoen guztiari buruzko ohar labur eta trinkoak neuzkan idatzita, gogoeta eta loturarik gabe. Marrazkilariarenak bezalako zirriborro-koadernoak ziren eta hitz laburretan guztiz gauza errealak zeuzkaten gordeta: kale eta mendi-bideen irudiak, mendi eta hirien islak, nekazari, aprendiz, merkatuko etxekoandreei entzundako elkarrizketak, urruneko eguraldi-arauak, argikuntza, haize, euri, harri, landare, animalia, hegaztien hegada, uhinen sorrera, itsas koloreen jokoa eta hodeien formari buruzko oharrak. Noiz edo behin haietatik istorio laburrak ere landu eta argitaratu izan nituen, natura eta bidai estudio gisa, baina dena gizakiarekiko zerikusirik gabe. Niretzat zuhaitz baten historia, animali bizitza bat edo hodei baten bidaia gizakiaren aktoretzarik gabe ere aski interesgarri ziren.

        Poema nagusi bat, bertan giza figurarik bat ere agertu gabe, zentzugabekeria bat zela ere sarritan pasatu zitzaidan burutik; halere urteetan atxiki nintzaion ideia horri eta neure baitan gordeta neukan, inspirazio handi batek ezinezko hori agian gainditu zezakeen esperantza iluna. Orain ikusten nuen azkenean, neure paisaia ederrak gizakiz populatu behar nituela eta hauek ezin zirela naturalki eta aski leialki irudikatu. Amaigabeko bilketa egin beharra zegoen eta gaur egun ere horretan ari naiz oraindik. Ordura arte gizakiak, oro har, osotasun bat eratu zuten eta barrenean ezezagun izan zitzaizkidan. Berrikitan ikasi nuen, zeinen sarigarria den gizateria abstraktu bat ezagutu ordez banakoak ezagutu eta aztertzea, eta nire ohar-liburuxkak eta nire oroimena erabat irudi berriz bete ziren.

        Azterketa hauen hasiera oro atsegina izan zen. Irten nintzen neure axolagabekeria xalotik eta pertsona askotzaz interesatu nintzen. Ikusi nuen nola begi-bistako gauza asko ezezagun zitzaizkidan, baina asko ibili eta askori so egiteak begiak ireki eta zorroztu zizkidatela ere ikusi nuen. Eta betidanik beraiengana hobespenez erakarria sentitu nintzelarik, sarritasun eta atsegin bereziz jotzen nuen haurrengana. Beti izan zitzaidan hodeiak eta olatuak begiztatzea atseginago gizakia aztertzea baino. Txundimenez ohartu nintzen, gizakia gainerako naturatik batez ere inguratu eta babesten duen gezur-jelatina lingirdatsu batek bereizten duela. Labur esateko, neure ezagun guztiengan fenomeno bera nabari nuen —zirkunstantziaren emaitza, bakoitza pertsona bat, irudi argi bat irudikatzera beharturik zegoela, nahiz eta inork ez zuen bere izaki propioena ezagutzen. Sentipen apartekoz proposatu nion neure buruari irmoki eta erabaki nuen pertsonaren barne-muinetaraino ikertu nahi izatea. Gehienengan jelatina askoz garrantzitsuagoa zen. Nonahi aurkitu nuen, baita haurrengan ere, zeinak beti ohartuki edo oharkabean, nahiago izaten duten rol bat imitatzea beren burua estalki gabe eta instintuen arabera adieraztea baino.

        Denboraldi baten ondoren gertatu zitzaidan aurrera pausurik ez nuela ematen eta joko-xehekerietan galtzen nintzela. Ondoren, neure baitan aurkitu nuen akatsa, baina laster ezin izan nion neure buruari ezkutatu desliluraturik nengoela eta inguruneak ez zizkidala bila nenbilen pertsonak ematen. Ez nuen gauza interesgarrien beharrik, tipoena baizik. Hori ez zidan akademikoen multzoak, ez gizarte-pertsonen zirkuluak ematen. Nostalgiaz pentsatu nuen Italian eta joranez neure oinezko ibilera ugarietan izandako adiskide eta bidelagun bakarrengan, eskulangile-aprendizengan. Beraiekin sarritan egin nituen ibiliak eta beraien artean mutil zoragarri asko aurkitu nituen.

        Alferrik zen jaioterriko ostatuak eta benta basa batzuk bisitatzea. Ibiltaririk gehienek ez zidaten ezertarako balio. Horrela geratu nintzen berriro denboraldi batean noraezean, haurrekin geratu nintzen eta tabernen inguruan mordoa aztertu nuen, eta jakina han ere ez nuen ezer aurkitu. Aste-pare triste bat etorri zen eta neure buruaz mesfidatzen hasi nintzen, neure esperantza eta nahiak barregarriro exajeratuak aurkitu nituen, airepean sarri ibili nintzen eta berriro gauen erdietan ardotan galdostu nintzen. Neure mahaiaren gainean berriro bi liburu-erreskada neuzkan metatuak, gustura gordeko nituzkeenak antikuariari eman ordez; baina ez neukan lekurik neure armairuetan. Azkenik irtenbide bat bilatu nahian, aurkitu zurgindegi bat eta bertako nagusiari liburu-apala bat neurtzeko nire bizilekura etortzeko eskatu nion.

        Etorri zen gizontxo patxadatsu bat, manera begiratuekin, neurtu zuen gela, belaunikatu zen zoruan, hedatu zuen metroa sabairaino, kola-usain apur bat sortu zen eta zenbaki bata bestearen atzetik idatzi zituen arretaz zifra handiekin bere nota-liburuan. Halabeharrez, lanean ari zela, liburuz kargaturiko siloi baten kontra tupust egitea gertatu zitzaion. Liburu-pare bat erori egin ziren, eta bera makurtu egin zen jasotzeko. Liburuen artean hiztegitxo bat zegoen artisauen lexikoarekin. Kartoi-estalkiak dituen liburutxo hau alemanieraz hitz egiten den artisau-alberge ia guztietan aurkitzen da, liburuxka ongi egina eta erakargarria da.

        Zurginak, hain ezaguna zuen liburutxoa ikustean, jakin-minez begiratu zidan, erdi-atseginez eta erdi-mesfidantzaz.

        — Zer da? —galdetu nion.

        — Barkaidazu, baina neronek ere ezagutzen dudan liburu bat ikusten ari naiz hor. Benetan ikasita al daukazu?

        — Bideetan zehar ikasi dut bezeroen hizkuntza —erantzun nion— baina pozik kontsultatzen da tarteka esamolderen bat.

        — Egia! —jaregin zuen—. Bai. Eta batzean ere noiz edo noiz parte hartu al duzu?

        — Ez zuk uste duzun bezala. Baina bazterrik bazter nahikoa ibilitakoa naiz eta benta batean baino gehiagotan eman dut gaua. Bitartean liburuak bere lekuan txukundu zituen eta alde egitera zihoan.

        — Zer ibilbide egin izan duzu zeure garaietan? —galdetu nion.

        — Hemendik Koblentzara eta gero Ginebran barrena, Ez zen izan nire garairik txarrena.

        — Pare bat aldiz kartzelan ere egongo zinen?

        — Behin bakarrik, Durlachen.

        — Kontatu behar didazu guzti hori, nahi duzunean. Trago bat hartuko al dugu egunen batean elkarrekin?

        — Nekez, jauna. Baina oporretako arratsen batean etxera etorri eta galdetzen baduzu: zer moduz?, nola zaude?, ados jarriko gara. Adarra jo nahi ez badidazu behintzat.

        Egun batzuk geroago, arrats irekia zen Elisabethen etxean, kalean gelditu eta pentsatzen nengoen ez ote nuen nahiago zurginaren etxera joatea. Eta bira eman, lebita etxean utzi eta zurginari bisita egin nion. Ordurako tailerra itxita eta ilunpean zegoen, solairu ilun eta ezkaratz txiki batetik zehar oztopoka igaro, etxearen atzealdeko eskaileran gora igo eta han aurkitu nuen ate batean nagusiaren izena idatzia zeukan plaka bat. Sartu eta zuzenean sukalde txiki batera iritsi nintzen, non emakume argal bat afariak prestatzen ari zen, aldi berean hiru haur zainduz, zeinek gela meharra bizitza eta izugarrizko iskanbilaz betetzen zuten. Harriturik gidatu ninduen emakumeak alboko gelara, non baitzegoen zurgina eserita egunkariarekin inularreko leihoan. Marmar egin zuen errezelotsu, ilunpetan bezero tematitzat hartu ninduenean, baina gero ezagutu eta eskua eman zidan.

        Txunditurik eta pentsakor zegoela, haurrengana zuzendu nintzen; nire aurretik sukaldera ihes egin zuten eta nik atzetik jarraitu nien. Eta han etxekoandrea arroza prestatzen ari zela ikustean, Urnbriako nire padronaren sukaldeko oroitzapenak suspertu zitzaizkidan eta otorduaz interesatu nintzen. Gure artean normalean arroz ederra, oharkabean, ahi moduko bat egin arte egosi eta gero zaporerik gabeko jaki itsaskor bihurtzen da. Hemen ere ezbeharra martxan zegoen, eta oraindik jakia salbatzeko garaiz iritsi nintzen; eltzea eta bitsadera eskatu eta lehenbailehen prestaketa neure gain hartu nuen. Emakumeak amore eman zuen eta harriturik zegoen, arroza egin zenean, zerbitzatu, piztu lanpara eta neuk ere plater bat hartu nuen.

        Zurginaren emazteak sukaldeko gaiez hain elkarrizketa ugarietan nahastu ninduen, non senarrak ia hitzik ere ez zuen egin eta bere ibileretako abenturen kontaketa beste batera utzi behar izan genuen. Gainerakoan jende jator hark laster jakin zuen ni itxuraz bakarrik nintzela hiriko jaun, berez baserritarren seme eta jende pobrearen haur nintzela, eta horrela lehen gauean adiskide egin eta konfiantza hartu genion elkarri. Gero nigan jatorri bereko bat ezagutu zutenez gero, behartsu familia hartan ere jende xeheari dagokion giro erosoa aurkitu nuen. Pertsonek ez zuten izaten han finkeria, pose, komeriatarako astirik, bizitza behartsu eta gogorra formazioaren estalkirik eta goi-interesik gabe maite zuten eta aski ontzat zeukaten, hitz ederrez guritzen ibiltzeko.

        Gero eta sarriago itzultzen nintzen eta zurginarenean gizarteko tratantekeria ziztrina ez ezik, neure tristura eta zorigaitza ere ahazten nituen. Baneritzon bertan neure haurtzaroaren zati bat aurkitzen nuela gordeta eta jarraitu egiten zuela fraideek ikastera bidaltzeko erabakia hartu zutenean etendako bizitzak.

        Estilo zaharkituko mapa handi eta zuri-hori batera makurturik, jarraitzen zituen zurginak bere eta nire ibilerak, eta biok ezagutzen genuen hiri-ate eta kalexka bakoitzaz gozatzen genuen, artisauen txisteei berritu bat eman eta inoiz zahartzen ez diren Straubingeko kanta bat baino gehiago ere kantatzen genuen. Artisauen kezka, familia, seme-alaba, hiriko gauzez hitz egiten genuen eta pixkanaka gertatu zen nagusiak eta biok poliki-poliki zereginak trukatzea eta neu nintzen hartzaile eta bera emaile eta irakasle. Barrena arinduz sentitu nuen aretoetako doinuez inguraturik egon ordez han errealitatez inguraturik nengoela.

        Seme-alaben artean bost urteko neskato bat nabarmentzen zen bere samurtasun apartekoarengatik. Agnes zuen izena, nahiz eta Agi deitzen zioten, horaila, zurbila eta gorputz-adar mazkarrak zituen, begi handi erneak eta halako izu-aire bat zuen izaeran. Igande batean, familia paseatzera eraman nahi izan nuelarik, Agi gaixo zegoen. Ama berarekin geratu zen eta besteok astiro-astiro hirirantz abiatu ginen. Sankt Margretenen atzean aulki batean eseri ginen, haurrak harri, lore eta zomorroen atzetik hasi ziren eta gizonok udako belardi, Binningeko kanposantu eta Jurako tren eder urdinxkari begira geunden. Zurgina nekaturik ageri zen, adoregabetuta eta kezkaturik zegoela ematen zuen.

        — Zer gertatzen zaizu, nagusi? —galdetu nion, haurrak nahikoa urrundu zirenean. Galduta eta triste begiratu zidan aurpegira.

        — Ez al duzu ikusten ala? —ekin zion—. Agi hil egingo zait. Aspaldidanik dakit hori eta harritu egin nau, hainbeste iraun izanak, zeren beti eduki baitu heriotza aurpegian. Baina orain onartu beharra daukagu.

        Kontsolatzen hasi nintzaion, baina berehala hitz egin zidan berriz ere.

        — Hara —irribarre tristea egin zuen—. Zeuk ere ez duzu sinesten haurra kinka honetatik aterako denik. Ni ez naiz dongea, hara, nahiz eta jubileo-urtean bakarrik elizara joaten naizen, baina ondotxo dakit, orain Jainko Jaunak hitzerditxo bat esan nahi didala. Oraindik haur bat besterik ez da, eta inoiz ez du osasunik izan, baina Jainkoak badaki beste guztiak batera baino maiteago izan dudala.

        Astrapala eta mila galderatxorekin itzuli ziren lasterka haurrak, hertsatu ninduten, lore eta belarren izenak esanarazi zizkidaten eta azkenean istorioak kontatzea nahi izan zuten. Orduan kontatu nien lore, zuhaitz eta sastrakek, haurrek bezala bakoitzak bere arima eta aingerua dauzkala. Aitak ere entzun, irribarre egin eta berak ere txitean-pitean baieztapena ematen zuen. Mendiak urdinagotzen ikusi genituen, entzun arratseko soinuak eta etxera joan ginen. Belardietan arrats-giro gorri bat zegoen, urruneko katedral-dorreak txiki eta mehe ageri ziren aire epeletan, zeruan udako urdintasuna urre-kolore berde eder bihurtu zen, zuhaitzek itzal luzeak zituzten. Txikiak nekaturik zeuden eta isildu egin ziren. Mitxoleta, krabelin eta ezkila-loreen aingeruengan pentsatzen ari ziren, zaharrok Agigan pentsatzen genuen bitartean, zeinaren arima prest baitzegoen, hegalak hartu eta gure taldetxo beldurtua uzteko.

        Hurrengo bi asteetan dena ongi joan zen. Neskatoak sendatu egin zela zirudien, ordu batzuetan ohea utzi egin ahal izan zuen, eta bere burko freskoetan inoiz baino itxura polit eta atseginagoa zuen. Gero, gau pare batean sukarra izan zuen, eta orduan ikusi genuen, hartaz gehiago hitz egin gabe, haurra aste edo egun batzuetan bakarrik izango genuela geure artean. Behin bakarrik hitz egin zuen aitak horretaz. Tailerrean izan zen. Ohol-biltokia arakatzen ikusi nuen eta berak esanda jakin nuen haur-zerraldo bat egiteko piezak bilatzen zebilela.

        — Laster gertatu behar du —esan zuen—, eta nahiago dut neronek bakarrik egin jaiaren ondoren.

        Arotz-aulki batean eseri nintzen, bera beste batean lanean ari zen bitartean. Oholak garbi leundurik geratu zirenean, harrotasun-puntu batez erakutsi zizkidan. Ongi hazitako izei-zur akatsik gabea eta ederra zen.

        — Ez dut iltze bakar bat ere sartu nahi, baizik eta atalak bata besteari doitu, zerraldo on eta iraunkorra izan dadin. Baina gaurkoz nahikoa da, goazen emaztearengana.

        Igaro ziren uda mineko egun bero zoragarriak, eta nik egunero ordu-pare bat ematen nituen Agiren ondoan eserita, belardi eta baso ederren berri kontatu, bere haur-eskutxo ttiki eta arina neure esku zabalean hartu eta bihotz bihotzez azken egunera arte bere inguruan zeukan xarma argi eta maitagarria zurrupatzen nion.

        Heldu zen ehorzketa-ospakizun sotil eta laburra, eta haurrek beren oheetan negar egin zuteneko gau larriak. Heldu ziren kanposanturako ostera ederrak, non hilobi berria landarez hornitu eta elkarri hitz egin gabe instalazio hotzetako bankuan eserita egoten ginen eta Agigan pentsatu eta lehen ez bezalako begiez lurra begiztatzen genuen, zeinean gure kuttuna baitzegoen, eta gainean zuhaitzak eta soropila hazten ziren, eta txoriek beren jolasketa mugagabe eta alaia kanposantu isilean barrena entzun erazten zuten.

        Parez pare laneguna bere bide estutik aurrera joan zen, haurrak berriro kantatzen hasi ziren, sesioan, barrezka eta istorioak entzun nahi zituzten eta oharkabean denok ohitu ginen geure Agi gehiago ez ikusi eta aingerutxo polit bat zeruan edukitzera.

        Bitarte guzti honetan irakaslearen konpainia eta Elisabethen etxea oso gutxitan bisitatu nituen eta gainera elkarrizketen korronte ozenean noraezean eta larri sentitzen nintzen. Orain bi etxeak bisitatu nituen eta bietan ate itxiak aurkitu nituen, zeren denak aspaldidanik landan bizi baitziren. Gero ohartu nintzen lehendabizikoz harriturik urtaro beroa eta oporrak hartzea erabat ahaztu nituela zurginaren etxeko adiskidetasuna eta haurraren gaixotasunarengatik. Lehenago guztiz ezinezkoa zitzaidakeen uztaila eta abuztua hirian ematea.

        Denboraldi labur baterako agur esan eta Oihan Beltza, Bergstrasse eta Odenwalden barrena oinez bidaia bat egiteari ekin nion. Bitartean ohizkoa ez nuen atsegin bat neukan, Basileako zurginaren haurrei toki politen postalak bidali eta batez ere nola beraiei eta beraien aitari gero bidaiaren berri emango nien imajinatzea.

        Frankfurten erabaki nuen oraindik beste egun pare batez bidaia luzatzea. Aschaffenburg, Nürnberg, Munich eta Ulmen plazer berriz gozatu nituen antzinako artearen obrak, eta azkenean lasai baino lasaiago egonaldi bat egin nuen Zurichen. Orain arte, urte guztietan, hilobi batetik bezala ihes egin izan nuen hiri honetatik, orain kale ezagunetan barrena harat-honat ibili nintzen, lehengo taberna eta jardin zaharrak bisitatu nituen eta saminik gabe pentsatu ahal izan nuen iraganeko urte ederretan. Aglietti pintalaria ezkonduta zegoen, eta bere helbidea eman zidaten. Arrats aldera bertara joan, irakurri atean senarraren izena, begiratu leihotik eta sartzeko zalantzatan egon nintzen. Orduan behialako garaiak bizidun bihurtu eta gaztaroko maitasuna bere lozorrotik erdi esnatu egin zitzaidan samin emez. Bira eman eta ez nuen alferrik galdu emakume italiar maitearen irudi ederra zentzugabeko elkar ikuste batez. Aurrera segi ibiltzen eta lakuko jardina bisitatu nuen, garai batean artistek uda gaueko jaia egin zuten tokia, aurrerago joan eta begiztatu nuen etxetxoa ere, zeinaren mansardan hiru urte on eta laburrez bizilekua eduki nuen, eta oroitzapen guztien gainetik Elisabethen izena etorri zitzaidan supituki ahora. Maitasun berria bere aurreko senideak baino sendoagoa zen oraindik. Isil, begiratu eta eskertuagoa zen oraindik.

        Sentipen on hura gordetzeko, hartu txalupa bat, eta atseginez eta astiro arraunean ekin nion laku epel argian barrena. Arrats-behera zen eta zeruan hodei zuri-zuri, eder eta bakar bat zegoen. Denbora guztian begia kendu gabe nengokion eta haurtzaroko hodei-zaletasunean, nien maitasunean pentsatuz begiratzen nion, baita Elisabeth eta Segantinik pintaturiko hodei hartan ere, zeinaren aurrean hain eder eta buru-belarri murgildua ikusi nuen Elisabeth. Inolako hitzez edo irrits lohiez zikindu gabeko maitasuna mola ez nuen orduan bezala inoiz sentitu izan, zeren hodeia patxadaz eta esker onez begiztatzean neure bizitzako gauza on guztiak ikusi bainituen eta lehenagoko nahasmendu eta grinen ordez haurtzaroko nostalgia zaharra bakarrik sentitzen nuen neure baitan, eta bera ere heldu eta lasaiagotua.

        Lehendik nengoen ohiturik, arraunen erritmo lasaiera zerbait ahopean lardaskatu edo kantatzera. Orain ere apal kantatzen nuen eta lehen aldiz ohartu nintzen bertsoak zirela kantatzen nituenak. Oroimenean geratu zitzaizkidan eta etxean idatzi egin nituen, Zuricheko lakuan pasatako arrats ederraren oroitzapenez:

 

                Hodei zuri bat bezala

                dago zeru goian

                Hain argi, eder eta urrun

                zaude, Elisabeth, nire baitan.

 

                Joan-etorri dabil hodeia

                ia-ia oharkabean,

                halere zure ametsetan

                hor dabil gau ilunean.

 

                Hain dirdira ederra du

                non aurrerantzean

                hodei zuriaren ostetik

                eztiki zauden herriminean.

 

        Basilean Asisetiko gutun bat neukan itxaroten. Annunziata Nardini andrearena zen eta albiste onez beterik zegoen. Azkenean aurkitu zuen bigarren gizona! Baina hobe izango dut ezertxo ere aldatu gabe gutuna ematea.

 

        Peter estimatu eta maitea:

        Emaiozu zeure adiskide leial honi gutun bat idazteko baimena. Jainkoak nahi izan du zorion handi baten erdikide egitea, eta urriaren hamabian ospatuko diren neure ezteietara gonbidatu nahi zintuzket. Menotti du izena eta diru gutxi badu ere, asko maite nau eta gainera lehen ere fruitu-kontutan ibilia da. Itxura onekoa da, baina ez zu bezain handi eta ederra, Peter jauna. Piazzan fruta salduko du, ni dendan geratuko naizen bitartean. Auzoko Marietta polit hura ere ezkonduko da, igeltsari atzerritar batekin.

        Egunero pentsatu izan dut zugan eta hamaika jenderi kontatu diot zure berri. Asko maite zaituztet, zu eta Santua, zeinari zure oroitzapenez lau kandela jarri dizkiodan. Menotti ere asko poztuko da, ezteietara etortzen bazara. Zurekin gaizki portatzen bada, debekua jarriko diot. Zoritxarrez ikusi ahal izan da Matteo Spinelli txikia, egiazki, nik beti esan izan dudanez, barrabas hutsa dela. Sarritan lapurtu izan dizkit limoiak. Orain eraman egin dute okina den aitari hamabi lira lapurtu eta Giangiacomo eskalearen txakurra pozoitu duelako.

        Jainkoa eta Santuaren bedeinkazioa opa dizut. Zure falta handia sentitzen dut.

Zure adiskide esaneko eta leiala

Annunziata Nardini

 

        Idatzostea

        Uzta on samarra izan da. Mahatsa gaizki etorri da, eta madariak ere ez dira bahikoa izan, baina limoiak ugari eta merke saldu behar izan ditugu. Spellon sekulako ezbeharra gertatu da. Mutil gazte batek ukuilu-aitzurraz hil du anaia; ez jakin zergatik, baina seguru aski zelo-konturen bat izan da, anaia bazuen ere.

 

        Zoritxarrez gonbidapen liluragarri hura ezin izan nuen onartu. Zorionak opa izateko idatzi nion, bisita hurrengo urtearen hasierarako utziz. Gero gutuna eta Nurenbergetik ekarritako opari batekin joan nintzen zurginaren haurrengana.

        Bertan espero ez nuen aldaketa handi batekin topo egin nuen. Mahaiaren albo batean, leihoaren kontra, giza irudi grotesko eta zurrun bat ageri zen aulki batean, zeina haur-eserleku bat bezala bular-babes batez horniturik zegoen. Boppi zen, etxekoandrearen neba, pertsona larri erdi elbarritu gizajo bat, zeinarentzat arestian gertatu zen amaren heriotzaren ondoren ez baitzuten inon lekurik aurkitu. Gogoz kontra hartu zuen hasieran zurginak, eta elbarritu gaixoaren presentzia iraunkorra familia atsekabetuarentzat izudura bat zen. Oraindik hartara ohitu gabe zeuden; haurrei ikara ematen zien, ama errukitu, kikildu eta lur jota zegoen, aita atsekabe nabariarekin. Boppik konkor bikoitz itsusi baten gainean eta leporik gabe, buru handi eta zertzelada gogorrekoa zeukan bekoki zabal, sudur sendo eta aho eder sufrimenduzkoarekin; begi argiak zituen baina geldi eta larrituxeak eta nabarmenkiro txiki eta politak eskuak denbora guztian zuri eta geldi, bular-babes txikiaren gainean zeuden. Neu ere hunkiturik eta atsekabetuta sentitu nintzen etorri berri gizajoarengatik, eta aldi berean gogorra zitzaidan zurginari gaixoaren istorio laburra entzutea, berak albotik eskuetara begiratzen ziola, inork hitzik egin gabe. Jaiotzatik zen elbarri, baina herriko eskola osoa egina zuen eta urteetan zehar lasto-txirikordaketan baliagarritasun apur bat izan zuen, harik eta kota-atake errepikatu baten ondorioz perlesiak jo samarturik geratu zen arte. Urteak zeramatzan ohean edo bere aulki berezian burko artean eserita. Andreak esaten zuen lehenago asko eta poliki kantatzen zuela, baina urteak zirela entzun ez ziola, eta han etxean ez zuela inoiz kantatu. Eta hau guztia kontatu eta irazkintzen zen bitartean, bera han zegoen eserita eta aurrera begira. Ez nintzen ongi sentitzen, eta berehala alde egin nuen; hurrengo egunetan etxetik urrun ibili nintzen.

        Neure bizitzan zehar sendo eta osasuntsua izan nintzen, ez nuen inoiz gaixotasun larririk izan eta gaixoei, batez ere elbarriei, errukiz baina halako mesprezu apur batekin begiratu izan nien; orain ez nuen inondik ere onartzen artisauaren etxean neukan bizimodu atsegin alaia existentzia dohakabe haren zama gogaikarriak honda zezan. Horregatik, eguna joan eta eguna etorri alde batera uzten ari nintzen bigarren bisita eta alferrik hausnarrean Boppi elbarria nola ken nezakeen denon gainetik. Izan behar zuen ahalbideren bat, kostu handirik gabe ospitale edo erruki-etxeren batean sartzeko. Behin baino gehiagotan bisita egin nahi izan nion zurginari, berari hartaz burubide emateko, baina ikaratu egiten ninduen, inork eskatu gabe hartan hasteak, eta gaixoarekin topo egiteak haurrei bezalako izua sartzen zidan. Ezinezkoa zitzaidan hura beti ikusi eta eskua eman behar izatea.

        Horrela utzi nion igande bati pasatzen. Bigarren igandean, plana egina neukan, tren goiztiar bat hartu eta Jurara ihes egiteko, baina lotsatu neure koldarkeriaz, gelditu eta bazkalostean zurginarenera joan nintzen.

        Kostata eman nion Boppiri eskua. Zurgina umore txarturik zegoen eta paseo bat egitea proposatu zidan; jakinarazi zidanez, betiko miseriaz lur jota zegoen eta poztu egin ninduen nire proposamenetarako irekita zegoela jakiteak. Emazteak gelditu egin nahi izan zuen, orduan elbarriak esan zion joan zitekeela, bera ongi geratuko zela bakarrik. Liburu bat eta basokada bat ur alboan baldin bazituen giltzapean eta kezkarik gabe utz zezaketela.

        Eta gu, geure buruak oso errukior eta bihotz onekotzat geneuzkanok, hura giltzapean utzi eta paseatzera irten ginen! Eta pozik geunden; ongi pasatu genuen haurrekin, udazkeneko eguzki urrezko ederraz gozatu genuen, eta gutako inor ez zen lotsatu, eta inori ez zitzaigun bihotza asaldatu elbarria etxean bakarrik utzi genuelako! Aitzitik, alai geunden, une batez beragandik libratu ginelako, barrena arindurik arnastu genuen eguzkiak epelduriko aire garbia, eta Jainkoaren igandeaz zentzuz eta esker onez gozatzen duen familia eskertsu eta jatorraren itxura geneukan.

        Grenzacher Hornlin basoerdi bat ardo hartzera joan eta tabernan eseri ginenean, aitak Boppiri buruz hitz egiteari ekin zion. Kexatu egin zen ostari astunaz, hasperen egin zuen bere bizimodua murriztu eta garestitu zitzaiolako eta azkenean ohar hau egin zuen irribarrez: «Tira, hemen kanpoan gutxienez lasai egon liteke ordu bete bat, inoren trabarik gabe!»

        Espero ez nituen hitz hauek entzutean neure aurrez aurre ikusi nuen elbarri gizajoa, erreguka eta sufritzen, maite ez genuen hura, gainetik kentzen ahalegintzen ginena, eta orain guk abandonatu eta giltzapetua bakarrik eta triste gela ilunean eserita zegoena. Bururatu zitzaidan laster hasiko zela iluntzen eta ez zela gai izango argia piztu edo leihora hurbiltzeko. Beraz liburua alde batera utzi eta erdi ilunetan bakarrik eserita egon beharko zuen, hitzik egin gabe edo denbora pasatzekorik gabe, gu ardoa edaten, barrezka eta olgetan ari ginen bitartean. Eta bururatu zitzaidan, Asiseko auzoei nola Santuaz kontatu,izan nien eta nola ni harrokeriatan ibili nintzen esanez berak irakatsi zidala gizaki guztiak maite izaten. Zertarako ikertu nuen nik Santuaren bizitza eta bere maite-kanta bikaina buruz ikasi eta bere aztarnak Umbriako muinoetan bilatu, orain gizajo ezindu bat han bazegoen eta sufritu behar bazuen, nik haren berri jakin eta kontsola nezakeelarik?

        Ikusiezin eta ahaltsua zen zerbaiten eskua kokatu zitzaidan bihotzean, estutu egin zidan eta hainbesteko lotsa eta samina sentitu zuen, non dardara egin eta amore eman nuen. Banekien orain Jainkoak nirekin hitz egin nahi zuela.

        — Aizak, poeta! —esan zuen— umbriarraren eskolaria, hi, profeta, gizakiei maitasuna irakatsi eta zoriontsu bihurtu nahi dituan hori! Aizak, ameslaria, haize eta uretan nire mintzoa entzun nahi duan hori! Hik etxe bat maite duk —esan zuen— harrera ona egiten diana, ordu atseginak pasatzen dituana! Eta nik etxe hau bertan egonez ohoratu nahi dudanean, hik ihes egin eta ni baztertzean pentsatzen duk! Hik, santu horrek! Profeta horrek! Poeta horrek!

        Ispilu garbi jasanezin batek errainutua bezala sentitzen nintzen, eta neure burua gezurti, ahozabal, koldar eta hitz-jale bezala ikusten nuen. Horrek min ematen du, honi mingots, umiliagarri eta lazgarria da; baina une hartan nigan hautsi eta tormentuak sufritu eta zauriturik erreboltatzen zenak merezi zuen hautsi eta porrokatzea.

        Indarrean eta bizkor adio esan, utzi ardoa basoan eta zatituriko ogia mahaiaren gainean eta hirira itzuli nintzen. Neure asalduran ezin jasanezko larridura sentitzen nuen, ezbehar bat gerta zitekeelako. Sua sor zitekeen, Boppi ezindua aulkitik eror zitekeen eta sufritzen edo lurzoruan hilik egon zitekeen. Han ikusten nuen, alboan nengoela uste nuen eta elbarriaren begiradan haserre isila nabari zela. Arnasarik gabe iritsi hirira eta etxera, igo zalapartaka eskaileretan gora, eta orduan konturatu nintzen lehen aldiz ate itxiaren aurrean nengoela eta ez neukala giltzarik. Baina berehala lasaitu nintzen. Zeren sukaldeko atera iritsi baino lehen, barrutik kanta-hotsa entzun bainuen. Aparteko une bat izan zen. Bihotza taupaka nuela eta arnasa bueltatu ezinik eskailburu ilunean nengoen eta poliki-poliki lasaitzen ari nintzen giltzapean zegoen elbarriaren kanta entzuten nuen bitartean. Emaro, bigun kantatzen zuen eta kexu-antxa batekin maite-kanta herritar bat, «loretxo zuri-gorri batez». Banekien aspaldian ez zuela kantatu, eta hunkitu egin ninduen entzuteak, nola ordu isil hartaz baliatzen zen bere erara pixka bat alai egoteko.

        Halaxe da izan ere: bizitzak gogoko izaten du gertakari serioen ondoan eta sentipen-mugida sakonen alboan, gauza barregarriak ezartzea. Berehalaxe ohartu nintzen neure egoeraren barregarri eta lotsagarriaz. Neure bat-bateko larritasunean zelaietan barrena ordubeteko bidea egin nuen lasterka, orain giltzarik gabe sukaldeko arearen aurrean aurkitzeko. Edo berriro alde egin behar nuen edo elbarriari neure asmo onak bi ate itxitan zehar oihuka adierazi behar nizkion. Eskaileretan nengoen gizajoa kontsolatzeko, berari arreta erakusteko eta orduak laburtzeko asmoarekin, eta bera eserita zegoen barruan ezeren susmorik gabe, kantatzen eta zalantzarik gabe ikaratu egingo zatekeen, oihuka edo ate-joka han nengoela adierazi izan banio. Berriro alde egitea beste irtenbiderik ez neukan. Alde batera eta bestera ibili nintzen eguzkiak animaturiko kalexketan barrena, gero etxera itzuli zen familiarekin topo egin nuen. Oraingoan ez zitzaidan ezer kosta Boppiri eskua estutzea. Jarri nintzaion alboan, ekin nion hizketan eta zer irakurri zuen galdetu nion. Irakurgaiak eskaintzeko prest nengoen eta berak eskerrak eman zizkidan. Jeremias Gorthelf gomendatu nionean, erakutsi zidan ia bere idatzi guztiak ezagutzen zituela. Halere, ez zuen Gottfried Keller ezagutzen eta bere liburuak utziko nizkiola agindu nion.

        Biharamunean, liburuak ekarri nizkionean, berarekin bakarrik egoteko aukera izan nuen, zeren emazteak irten egin nahi zuen eta senarra tailerrean baitzegoen. Orduan aditzera eman nion zenbat lotsatu nintzen aurreko egunean bakarrik utzi nuelako eta pozik nengoela tarteka bere ondoan eseri eta bere adiskide izan ahal izateaz.

        Elbarritxoak bere buru handia apur bat nire aldera zuzendu zuen, begiratu eta esan zidan:

        — Eskerrik asko.

        Horixe izan zen guztia. Baina burua mugitze hura kosta egin zitzaion eta osasuna duen baten hamar besarkadak adina balio zuen era begirada hain garbia eta haur barek bezain ederra zuen, non lotsaren lotsaz odola aurpegira igo zitzaidan.

        Orain zailena falta zitzaidan, zurginarekin hitz egitea. Hobekien neritzon aurreko eguneko larritasun eta lotsa argi eta garbi aitortzea. Zoritxarrez, ez ninduen ulertu, baina hitz egiteko aukera eman zidan. Onartu zuen gaixoa bion gonbidatutzat edukitzea, eta bera mantentzearen kostu urria bion artean banatu genuen, eta nik nahi nuenean Boppirengana sartu eta irteteko eta neure anaiatzat hartzeko baimena izan nuen.

        Udazkena ohi ez bezain luze, eder eta beroa izan zen. Horregatik Boppiri egin nion lehen gauza gurpil-aulki bat inguratzea izan zen eta egunero, gehienetan haurrak lagun genituela, kanpora ateratzea.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia