VI

 

        Askoz okerragoa zen nire beste bizioa. Gizakiek ez zidaten atseginik ematen, ermitau baten modura bizi nintzen eta giza gauzen kontra isekaz eta mesprezuz aritzeko prest egoten nintzen beti.

        Neure bizitza berriaren hasieran ez nuen horretan batere pentsatu. Bidezkotzat neukan gizakiak beren esku utzi, eta neure samurtasun, eraspen eta interesa naturaren bizitza mutuari eskaintzea. Hasieran, gainera, erabat betetzen ninduen horrek.

        Gauean, oheratu nahi nuenean, supituki aspaldian bisitatu gabeko muino bat, baso-ertz bat zuhaitz kuttun bakar bat bururatzen zitzaidan. Han egoten zen gaueko haizetan, amets egiten, agian lozorroan, intzirika eta adarrak astintzen. Zer itxura ote zeukan? Eta etxea utzi, bilatu eta bere irudi zehazkabea ilunpetan ikusi, samurtasun txundituz begiztatu eta bere irudi lausoa neure baitan finkatzen nuen.

        Barre egiten didazue. Agian maitasun hau desbideratua zen, baina ez alferrikaldua. Baina nola aurkituko nuen hemendik giza maitasunerako bidea? Hara, hasiera egin ondoren, hoberena berez etortzen da beti. Beti gero eta hurbilago eta egingarriago agertzen zitzaidan neure poema handiaren ideia. Eta neure maitasunak hartaratzen baninduen, egunen batean poeta bezala baso eta ibaien mintzaira hitz egitera, norentzat gertatuko zen guzti hura? Ez bakarrik neure kuttunentzat, batez ere gizakientzat, zeinentzat maitasunean gidari eta maisu izan bainuen. Eta gizaki horiekiko nintzen zakar, isekati eta destainati ere. Sumatzen nuen etendura eta arroztasunaren kontra borroka egin eta gizakiei ere senidetasuna erakusteko. Eta hori zaila zen, zeren bakartasun eta destinoak hain zuzen ere puntu horretan gogor eta gaizto bihurtu baininduen.

        Ez zen aski etxean eta tabernan hain zakarra ez izaten ahalegintzea, eta bidean aurkitzen nuenari adiskidetasunez diosala egitea. Gainerakoan laster konturatu nintzen, zeinen sakon neukan neure baitan jendearekiko harremana garraztuta, zeren mesfidantza edo hoztasunezko barrera egiten zieten nire adiskidetasun-ahaleginei edota isekatzat hartzen zituzten. Okerrena zen jakintsu haren etxea, nire ezagun bakarrarena, ia urte betean bisitatu gabe neukala, eta ikusten nuen, batez ere bertan jo behar nuela atea eta bertako gizartekoitasun-arterako bideren bat bilatu.

        Horretan neuk hainbeste iseka egindako gizatasunak berak nabarmenkiro lagundu zidan. Etxe hartan pentsatzen jarri nintzen bezain laster, izpirituz Elisabeth ikusi nuen, eder, Segantiniren hodeiaren aurrean zegoen moduan, eta supituki konturatu nintzen zenbateraino zen nire joran eta melankoliaren parte. Eta gertatu zen, lehen aldiz serioski pentsatu nuela emakume bat askatzean. Ordura arte hain konbentziturik egon nintzen ezkontzarako ez nintzela gai, ezen ironia zorrotzez uko egingo bainiokeen. Poeta, ibiltari, zurrutero, bakarti nintzen! Orain uste nuen banekiela zein zen nire destinoa eta maitasun-ezkontza baten ahalbidean sortuko zitzaidala giza mundurako zubia. Hain ageri zen liluragarri eta ziur dena! Elisabethek nitaz interesa agertu zuela, sentitu eta ikusi egin nuen; baita izaera sentikor eta noblea zeukala ere. Pentsatzen nuen nola San Clementeri buruzko berriketaldi hartan, eta gero Segantiniaren aurrean, bere edertasuna birbiztu zitzaion. Nik, berriz, urteak neuzkan emanak artez eta naturaz barne-ondasun ugari biltzen; nigandik ikasiko zuen nonahi lozorroan dagoen edertasuna ikusten, eta nik ederrez eta egiaz inguratuko nuen bera, bere aurpegiak eta arimak atsekabe guztiak ahaztu eta bere gaitasunen garapenean ari zedin. Bitxia bazen ere ez nintzen neure bat-bateko aldaketaren alderdi barregarriaz jabetu. Ni, bakarti eta bitxia izaki, gau batean maitemindu itsu, ezkontzako zorionean eta neure etxebizitza antolatzen amets egiten nuen pertsona bihurtu nintzen.

        Albait lasterren bisita egin nuen jakitunaren etxera eta demanda adiskidekorrez hartu ninduten. Sarritan joan nintzen bertara eta zenbait bisitaren ondoren berriz ere bertan aurkitu nuen Elisabeth. Ene, bai eder zegoela! Neure maitale gisa imajinatu nuen bezalako itxura zeukan: eder eta zoriontsua. Eta ordu bete batez bere edertasun alaiaren presentziaz gozatu nuen. Adeitasunez agurtu ninduen, bihotzez ere bai, eta zorionez bete ninduen adiskidetasun fidakor batez.

        Gogoan al duzue lakuko arrats hura, txalupan, paperezko lanpara gorrien arrats hura, musikarekin, ernamuinetan iratotako maitasun-aitorpen harekin? Mutiko maitemindu baten historia triste eta barregarria zen.

        Barregarriagoa —eta tristeagoa da Peter Camenzind gizon maiteminduaren historia.

        Bidenabar jakin nuen Elisabeth arestian hitzemana zegoela. Zorionak eman nizkion, bila etorri zitzaion senargaia ezagutu nuen eta berari ere zorionak eman nizkion. Arrats osoan aitabitxi-irribarre onbera eduki nuen aurpegian, maskara bat bezain astun zitzaidana. Ondoren ez nintzen, ez basora, ez tabernara joan lasterka, baizik eta neure ohean eseri nintzen, kriseiluari begira egon nintzaion, ahitu eta iraungi zen arte, txunditurik eta kondenaturik, harik eta berriz ere nire kontzientzia esnatu zen arte. Orduan saminak eta etsipenak bere hegal beltzak nire gain hedatu zituen berriz ere eta txiki, ahul eta deseginik etzanda geratu eta mutiko batek bezala zotinka ekin nion.

        Horrenbestez egin motxila, joan goizean goiz geltokira eta etxerako bidea hartu nuen. Berriz ere Sennalpstockera igo, neure haurtzaroan pentsatu eta oraindik aita bizi ote zen ikusteko gogo bizia sentitu nuen.

        Bata bestarenganako arrotz bihurturik geunden. Aita ilezuriturik zegoen, zertxobait makurtuta, eta itxura maiztu samartuarekin. Bigun eta ikaraz tratatu ninduen, ez zidan ezer galdetzen, bere ohea utzi nahi zidan eta nire bisita zela eta pentsakor bezain txunditua zirudien. Oraindik etxetxoaren jabe zen, baina belardi eta ganadua saldu egin zituen; errentatxo bat kobratu eta han-hemenka lan arin samar batzuk egiten zituen.

        Bakarrik utzi ninduenean, lehenago amaren ohea egondako tokira joan nintzen, eta iragana korronte zabal patxadatsu baten gisara igaro zitzaidan neure baitan. Jadanik ez nintzen gaztea, eta urteak zeinen bizkor igaroko ziren pentsatu nuen, orduan neu ere gizontxo makurtu eta ilezuria izango nintzen eta heriotza mingotsera begira aurkituko nintzen. Txikia izan nintzen gela ia aldatu gabe, pobre eta zaharrean, latina ikasi eta amaren heriotza ikusi nuen hartan, pentsamendu hauek naturaltasun bake-emailea zeukaten. Esker onez oroitu nintzen neure gaztaroko aberastasun guztiez eta Florentzian ikasi nuen Lorenzo Mediciren bertsoa bururatu zitzaidan:

 

                Quant'è bella giovinezza

                Ma si fugge tuttavia.

                Chi vuol esser lieto, sia:

                Di doman non c'è certezza.

 

        Eta bat-batean harritu egin nintzen, Italiako oroitzapenak, historiakoak eta izpirituaren erresuma urrunekoak jaioterriko gela zahar hartara ekartzeaz.

        Gero diru apur bat eman nion aitari. Arratsean tabernara joan ginen, eta han dena lehen bezala zegoen: alde bakarra zen oraingoan neuk ordaintzen nuela ardoa eta aitak, izar-ardoaz eta xanpainaz hitz egiten zuen bitartean, nigana zuzentzen zela eta orain ni aita hain gehiago edateko gai nintzela. Behiala ardoa buru soilean behera isuri nion baserritar zaharraz galde egin nion. Txantxaiari eta trikimailuetan nagusi izana zen, baina aspaldian hilik zegoen, eta haren pasadizoen gainean ere belarra hazten ari zen. Waadtlandeko ardoa edan nuen, hizketei adi egon nintzaien, neronek ere zerbait kontatu nuen, eta gero aitarekin ilargipean etxera joan nintzen eta mozkorrean behin eta berriz hitz egin eta keinuka ari zela, inoiz ez bezala liluraturik aurkitu nintzen. Bitartean antzinako garaietako irudiek inguratzen ninduten, osaba Konrad, Rösi Girtanner, ama, Richard eta Agliettik eta liburu irudiztatu eder bati bezala begiratzen zien, non harrigarri gertatzen den, zeinen eder eta ongi eginak diruditen gauza guztiek, izan ere errealitatean ez baitute politean erdirik ere izaten. Nola zegoen hura guztia abiada bizian pasatua, ia ahaztua, eta orain argi eta garbi nigan erregistratua zegoen: bizitza erdi bat, neuk nahi izan gabe oroimenean gordeta.

        Etxeratu, eta halako batean aita isildu eta lokartu zenean bakarrik pentsatu nuen berriro Elisabethengan. Atzo agurtu ninduen, miretsi nuen bera eta opa izan nion zoriona senargaiari. Harez gero denboraldi luzea igaro zela neritzon. Baina samina iratzartu, oroitzapen asaldatuen uholdearekin nahastu zen; eta nire bihotz berekoi eta gaizki babestuan hego-haizea mendi-borda koloka eta zaharkitu batean bezala jotzen zuen. Ez nintzen etxean geratu. Irten atzeko leihotik, joan jardintxoan zehar lakura, jaregin txalupa babesgabea eta emaro egin nuen arraunean lakuko gau koloregabean. Solemneki isilik zeuden inguruan zilarrez tindaturiko mendiak, ia ilargi betea zintzilik zegoen gau urdinean eta Schwarzenstocken gailurrak doi-doi harrapaturik zeukan. Hain zegoen isilik, non urruneko Sennalpstockeko ur-jauziaren marmar sorgorra entzuten nuen. Jaioterriaren izpirituek eta neure gaztaroko izpirituek beren hegal zuriez ukitzen ninduten, nire bateltxoa betetzen zuten, eta esku hedatuez erreguka seinalatzen zuten eta keinu oinazetsu eta ulergaitzez.

        Zer zentzu izan zuen nire bizitzak, eta zertarako igaro ziren nire baitatik hainbeste samin eta poz? Zergatik izan nintzen egia eta ederraren egarri, oraindik gaur ere egarri banintzen? Zergatik nozitu nituen seta eta malkoak emakume desiragarri bakoitzaren maitasunarengatik eta sufrimenduak —nik, gaur ere oraindik berriz ere lotsa eta malkotan maitasun triste batengatik burua makurtzen nuen honek? Eta zergatik Jainko ulertezinak ezarri zidan bihotzean maitasunaren nostalgia kiskalgarria, gero bakarti eta gutxi maitatuaren bizitza izendatzeko?

        Urak gur-gur sorgorra ateratzen zuen brankan eta zilarrezko tantatan erortzen zen arraunetatik, mendiak hurbil zeuden inguru guztian eta isil, amildegietako lainoaren gainetik ilargi hotza zebilen. Eta nire gaztaroko izpirituak isilik neuzkan inguruan eta begi sakonez isil eta galdezka ari zitzaizkidan. Baneritzon beraien artean Elisabeth ederra ere ikusten nuela, maite izango nindukeela eta nirea izango zatekeela, garaiz iritsi izan banintz.

        Halaber, baneritzon hoberena izango zela isil-isilik laku zurbilean hondoratzea eta inork ez zuela nitaz galdetuko. Baina gero bizkorrago egin nuen arraunean, txalupa zahar sastarrean ura sartzen zela konturatzean. Supituki hotza sentitu nuen eta lehenbailehen etxera joan eta oheratu egin nintzen. Han nekaturik eta erne etzan nintzen eta neure bizitzaz pentsatzeari ekin nion; eta aurkitu nahi izan nuen zer falta nuen eta zer behar nuen zoriontsuago eta benetanago bizitzeko, eta izatearen bihotzetik hurbilago egoteko.

        Ondotxo nekien ondasun eta poz guztiek eratzen dutela maitasunaren muina eta Elisabethengatiko neure arestiko sufrimendua gorabehera gizakiak benetan maite izaten hasi behar nuela. Baina nola? Eta nor?

        Orduan aita bururatu zitzaidan, eta lehenbiziko aldiz konturatu nintzen, ez nuela inoiz behar bezala maite izan. Mutikotan bizitza mingostu nion alde egin nuenean, amaren heriotzaren ondoren bakarrik utzi nuen, sarritan haserretu egin nintzen berataz eta azkenean ia erabat ahaztu nuen. Imajinatu behar izan nuen, herio-ohean etzanik aurkituko zela eta ni bakarrik eta zurtz egongo nintzela alboan; eta bere arima, niretzat arrotz izandakoa eta zeinaren maitasuna irabazten ahalegindu ez nintzen, alde egiten ikusi.

        Hala hasi nintzen maitale eder eta miretsi batekin ordez, edale zahar eta alproja batekin arte zail eta gozoa ikasten. Ez nion gehiago erantzun zakarrik eman, ahal nuen guztian hitz egiten nuen berarekin, egutegiko istorioak irakurtzen nizkion, eta Frantzia eta Italian hazi eta edaten diren ardoen berri kontatzen nion. Ezin nion bere lan apurra kendu, zeren hura gabe noraezean geratuko baitzatekeen. Ez nuen lortu bere arratseko baxoerdiak nirekin etxean edatera ohiarazterik ere, tabernan egin ordez. Arrats pare batean saiatu ginen hori egiten. Ardoa eta puruak ekarri eta ahaleginak egin nituen agureari denbora pasarazten. Laugarren edo bosgarren arratsean isilik eta temati zegoen eta zer falta zuen galdegin nionean hala kexatu zen: «Uste diat ez dioala aitari sekula tabernara joaten utziko.»

        — Aski da —esan nion— zu zara aita eta ni umea, eta zer egin behar den erabakitzea zure kontua da.

        Frogatuz begiratu zidan, gero hartu pozik burutakoa eta biok elkarrekin joan ginen tabernara.

        Argi nabari zen, aita luzaroago elkarrekin egotearen kontra-kontra jarriko zela, nahiz eta horretaz ez zuen ezer esaten. Gainera sentitzen nuen, nonbait urrunean neukala itxaroten neure egoera urratuaren sosegua.

        — Zer deritzozu egun hauetakoren batean berriz alde egiten badut? —galdetu nion zaharrari.

        Kaskarrari hazka egin, sorbalda murriztuak uzkurtu eta zuhur eta zain irribarre egin zuen:

        — Tira, heuk nahi duana!

        Alde egin aurretik auzo batzuk eta komentukoak bisitatu nituen, eta aita begipean edukitzeko eskatu zuen. Sennalpstockera igotzeko egun eder batez ere baliatu nintzen. Bere tontor zabal erdi biribiletik mendi eta ibar berde, ur garden eta urruneko hirietako ganaduari begira egon nintzen. Guzti honek txikitan joran bortitzez bete ninduen, mundu eder zabala konkistatzera erakarria sentitzen nintzen, eta orain han zegoen berriz, aurrez aurre hedaturik, beti bezain eder eta arrotz, eta ni prest nengoen berriro hara itzultzeko eta beste behin zorionaren herrialdea bilatzeko.

        Neure estudioen mesedetan aspaldi erabakia nuen beste behin luzaroago Asisera joatea. Aurrena Basileara itzuli nintzen, hartu nuen beharrekoena, paketatu nituen neure traste urriak eta aldez aurretik Perugiara bidali nituen. Ni neu Florentziaraino bakarrik loan nintzen ibilgailuz eta handik oinez astiro eta gozatuz hegoalderako erromesbideari lotu nintzaion. Han behean jendearekin adiskidetasunezko tratua izateko ez da behar inolako koplarik behar izaten; jende honen bizitza beti gainazalean egoten da eta hain sinple, libre eta xaloa izaten da, non herriz herri jende mordo baten adiskidetasuna arazorik gabe lortzen den. Berriz ere babestu eta eroso sentitzen nintzen eta erabaki nuen, geroago Basilean ere giza bizitzaren hurbiltasun beroa, ez berriro gizartean, baizik eta jende xumearen artean bilatzea.

        Perugian eta Asisen nire lan historikoak berriz ere interesa eta bizia berreskuratu zuen. Han eguneroko bizitza bera ere gozamen bat zen eta nire izaki hondatua laster hasi zen berriro sendatu eta bizitzarekiko zubi berriak hedatzen. Asiseko nire etxekoandreak, barazki-saltzaile hiztun eta elizkoiak, Santuari buruz berarekin izandako elkarrizketa batzuen ondorioz adiskidetasun intimo handi bat hasi zuen nirekin eta katoliko peto baten estimua izateraino eraman ninduen. Ohore hau merezigabea bazen ere, jendearekin harreman estuagoa edukitzearen abantaila ekarri zidan, zeren ni bestela atzerritar guztiei leporatzen zaien jentilkeriaren susmotik libre bainengoen. Emakumeari Annunziata Nardini zeritzon, hogeita hamalau urte zituen eta alarguna zen; egundoko gorputz-bolumena eta oso manera onak zituen. Igandetan soineko loredun kolore biziko batekin festa-egunaren pertsonifikazioa ematen zuen, gero belarritakoez gainera urrezko katea bat erabiltzen zuen paparrean, zeinean domina urreztatu-sail bat txintxinka eta dirdirka ageri zen. Brebiario astun eta zilarrezko estalkiekiko bat ere erabiltzen zuen aldean, zeinaz baliatzea beti ere asko kostatzen zitzaion, eta arrosario zuri-beltz eder bat zilarrezko katetxoekin, hainbat trebeago maneiatzen zuena. Eta gero elizarako bi bideren arteko Loggettan esertzen zenean harritzen ziren auzoko emakumeei adiskide ausenteen bekatuak kontatzen zizkienean, bere aurpegi biribil elizkoian Jainkoarekin onezkoak egin dituen arimaren adierazpen hunkigarria agertzen zitzaion.

        Nire izena Signor Pietro zen besterik gabe, zeren nire izena jendeari esatea alferrik baitzen. Arrats eder urreztatuetan elkarrekin esertzen ginen Loggetta txikian, auzoak, haurrak eta katuak inguruan zirela, edo dendan fruitu, barazki-otarre, hazi-kaxa eta esekitako txorizo gordinen artean, elkarri geure esperientziak kontatzen genizkion, uzta-itxaropenak aipatzen genituen, puru bat erre edo meloi-atal bati zupaka aritzen ginen. Nik Frantzisko Santua, Portziunkularen historia eta Santuaren elizaren berri ematen nion, baita Santa Klara eta lehen anaien berri ere. Serio entzuten zidan, milaka galderatxo egiten zizkidan, goresten zuen santua, eta gertakari berri eta zirraragarriagoak kontatu eta eztabaidatzera pasatzen zen, zeinen artean oso gogoko zituen lapurren istorioak eta atralaka politikoak. Gure artean katuak, haurrak eta txakurkumeak ibiltzen ziren jolasean eta sesioan. Neure gustuz eta neure izen onari eustearren legenda arakatu nuen historia eraikitzaile eta hunkigarrien bila eta pozik nengoen beste liburu banaka batzuen artean Amolden «Antzinako Eliza-gurasoen eta beste pertsona dohatsuen bizitza» neurekin ekarri nuelako, eta bertako anekdota xaloak aldaketa txikiekin italiera herritar batera itzultzen nituen. Parean pasatzen zirenak apur batean gelditu egiten ziren, entzuten egon, berriketan egin eta sarritan lagunartea arrats berean hiruzpalau aldiz aldatzen zen, Nardini andrea eta biok bakarrik ginen iraunkorrak eta ez genuen huts egiten. Nik neure ardo beltza flaskoan neukan aldamenean eta errespetua sartzen nion behartsu eta neurriz bizi zen herri xeheari ardoa hain oparo erabiltzen nuelako. Pixkanaka auzategiko neskatila izuak ere fidakorrago bihurtu ziren, eta hizketan parte hartzen zuten atalasetik, onartzen zuten estanpatxoak oparitzea eta nire santutasunean sinesten hasi ziren, zeren nik ez bainuen txantxa astunik, eta itxuraz ez nintzen beraien konfiantza lortzen ahalegintzen ere. Beraien artean baziren edertasun begihandi ameslari batzuk, Peruginoren koadroetatik irtenak ziruditenak. Denak atsegin nituen eta pozik hartzen nuen haien presentzia onbera eta jostaria, baina ez nintzen inoiz haietako inortaz maitemindu, zeren haien artean politak zirenek hain elkarren antz handia zuten, non haien edertasunari beti arraza neritzon eta ez xarma pertsonala. Sarritan bisitatzen gintuen Matteo Spinelli, okin-maisuaren semea zen mutiko batek, tipo axeri eta zoliak. Animali mordoa imitatzen zuen, eskandalu guztien berri zekien eta asmo ausart eta maltzurrez gainezka zegoen. Elezaharrak kontatzen nituenean, paregabeko jaiera eta umiltasunez entzuten zituen, gero eliz guraso santuei buruz xaloki planteaturiko galdera maliziatitan, konparaketak eta ustekizunak egiten olgatzen zen, andre barazki-saltzailearen izudura eta entzule gehienen disimulu gabeko gozamenerako.

        Sarritan egoten nintzen Nardini andrearekin bakarrik eserita, entzuten nizkion bere hizketa eraikitzaileak eta bere karitate ugarietan hartzen nuen santutasunik ez zuen atsegina. Ez zion lagun-hurkoen hutsegite eta bizio bakar batek ere ihes egiten, aurretiaz erakusten zien xeheki balioetsiz garbitokian zegokien lekua. Ni, ordea, bere bihotzean sartua nindukan eta bere esperientzia eta oharkizunik txikienen berri ematen zidan deblauki eta konfiantzaz. Erosketarik txikienaz galde egiten zidan, zenbat ordaindu nuen eta erne ibiltzen zen inor nitaz aprobetxa ez zedin. Berak santuen bizitzako ibilerak kontarazten zizkidan eta horren ordainetan fruituen erosketa, barazkien negozioa eta sukaldaritzako sekretuen berri ematen zidan. Arrats, batean ezkaratz zaharkituan eserita geunden. Haur eta neskatilak txoratu zituen suitzar abesti bat eskaini eta eztarri-kanta batez amaitu nuen. Atseginez bihurritu, atzerriko hizkuntzaren doinua imitatu eta erakutsi zidaten, zeinen barregarri eztarri-kanta egitean zintzurra gora eta behera ibili zitzaidan. Orduan norbaitek maitasunaz hitz egiteari ekin zion. Neskatilak barre txiki egiten hasi ziren, Nardini andreak begiak irauli eta hasperen sentimentala egin zuen, eta azkenik neure maitasun-istorioak kontatzera behartu ninduten. Ez nuen Elisabeth aipatu, baina Agliettirekin txalupan egindako bidaia eta maitasun-aitorpen dohakabea kontatu nuen. Harrigarri gertatu zitzaidan neuri ere, historia hura, Richardi izan ezik beste inori jakinarazi gabe neukana, orain jakin-minez zegoen umbriar lagunarte hari kontatzea, hegoaldeko harrizko kaletxoen aurrez aurre, zeinen gainean urregorrizko inularra hedatzen ari zen. Gogoeta handiegirik gabe kontatu nuen, nobela zaharretan bezala, eta halere bihotza hartan ezarria neukan, eta egundoko beldurra nuen entzuleek ez ote zidaten barre eta burla egingo.

        Baina amaitu nuenean, begi guztiak interesaturik eta triste neugandik zintzilik neuzkan.

        — Hain gizon bikaina delarik hori! —jaregin zuen indarrean neskatila batek.

        — Hain gizon bikaina, eta maitasun dohakabe bat izan du!

        Nardini andreak, berriz, bere esku bigun biribila poliki nire ilearen gainetik pasatu eta esan zuen:

        — Poverino!

        Beste neskatila batek madari handi bat eman zidan, lehen hozkada berak egiteko eskatu nionean, halaxe egin eta serio begiratu zidan. Besteei ere hozka egiteko eman nahi izan nienean, ez zuen jasan.

        — Ez, zeuk jan ezazu! Nik zuri oparitu dizut, zeure zoritxarra kontatu diguzulako.

        — Baina ziur egon besteren bat maitatuko duzula —esan zuen mahastizain beltzaran batek.

        — Ez —esan nuen nik.

        — Oh, oraindik Erminia gaizto hori maite al duzu?

        — Orain Frantzisko santua maite dut, eta berak irakatsi dit, pertsona guztiak maite izaten, zuek eta Perugiako jendea eta hemengo haur guzti hauek, baita Erminiaren maitalea ere.

        Bizimodu idilikoan halako nahaste-borraste eta arrisku bat sortu zen konturatu nintzenean Nardini andre onak ni bertan behin betirako gelditu eta berekin ezkontzearen gurari bizia zeukala. Aferatxo honek diplomatiko iaio bihurtu ninduen, zeren ez baitzen erraza, amets haiek deuseztatzea, armonia hondatu gabe eta adiskidetasun atsegina urratzeke. Itzulerako bidaian pentsatu beharra ere banuen. Neure etorkizuneko poemaren ametsarengatik eta nire kaxak maria beheraz mehatxatzen ninduelako izan ez balitz, bertan geratuko nintzatekeen. Agian, maria beherarengatik hain zuzen, Nardinirekin ezkonduko nintzatekeen. Baina ez, ni bertan nindukana, Elisabethengatik artean orbaindu gabeko samina zen eta bera berriro ikusteko irrika.

        Alargun biribila esperantzen aurka egokitu zitzaion aldaezinezkoari eta ez zidan bere deslilura sentiarazi. Alde egin nuenean, despedida agian gogorrago gertatu zitzaidan niri berari baino ere. Nik gehiago galdu nuen jaioterrian sekula utzi nuena baino, eta inork ez zidan inoiz despedida batean eskua hain bihotzez estutu, ezta hainbeste pertsona maitakorrek ere. Jendeak fruituak, ardoa, likorea, ogia eta txorizo bat eman zizkidan karrorako eta ohi ez bezalako sentipena izan nuen adio esaten zidaten haiek adiskideak zirela eta ez zitzaiela berdin nik alde egitea edo bertan geratzea. Annunziata Nardini andreak, berriz, despeditzean musu eman zidan bi masailetan eta negar-malkoak zeuzkan begietan.

        Lehenago uste izan nuen, atsegin bereziren bat eman behar zuela, maitatua izateak norberak maitale izan gabe. Orain sentitu nuen zeinen mingarria den honela bere burua ematen duen eta ordainetan itzuli ezin zaion maitasuna. Eta halere, harro samar nengoen emakume atzerritar batek ni maitatu eta senartzat nahi izateaz. Banitate txiki horrek osasun apur bat esan nahi zuen niretzat. Tardini andreak pena ematen zidan, eta halere ez nuen gauza hura gertatzerik nahi. Bestalde pixkanaka gero eta garbiago ikusten nuen zorionak kanpoko nahiak betetzearekin zerikusi gutxiago daukala eta gazte maiteminduen sufrimenduek, mingarrienak direla ere, tragedia orotatik libratzen dutela. Mingarria zen ni Elisabethez ezin jabetu izana. Baina nire bizitza, askatasuna, lana eta pentsamoldea murriztu gabe geratzen zitzaizkidan, eta distantziatik lehen bezalaxe malta nezakeen, neuk nahi adina. Pentsatzeko era honek eta Umbriako hilabeteetako neure bizimoduaren alaitasun xaloak guztiz osasungarri gertatu zitzaizkidan. Betidanik izan nuen barregarria eta umorezkoa zen guztirako sen berezi bat eta ironiak bakarrik hondatu zidan hartan sentitzen nuen poza. Orain, berriz ere, pixkanaka bizitzako umorearen zentzua berreskuratzen hasita nengoen, eta gero eta posible eta errazago neritzon, neure izarrekin onezkoak egin eta bizitzaren mahaitik mokadu bikainen bat edo beste hartzeari.

        Noski, Italiatik etxera itzultzen naizen guztietan, beti berdin gertatzen da. Putza ardura izaten zaizkit printzipio eta aurreiritziak, barkabera barre egiten dut, eskuak fraken patriketan erabiltzen ditut eta bizi-artista porrokatu gisa portatzen naiz. Denboraldi batean hegoaldeko herri-bizitza bero atseginean igeri ibiltzen da eta etxean ere gauzek hala izan behar dutela pentsatzen da. Hala gertatu izan zitzaidan Italiatik itzuli nintzen bakoitzean eta orduan areago. Basileara iritsi nintzenean eta bertan betiko bizitza zurruna berritu eta aldatu gabe aurkitzean, maila batez jaitsi nintzen neure alaitasunaren gaindegitik abaildu eta gogaikarria zen beste batera. Hala ere lortutakotik zerbait ernamuindu egin zen, eta harez gero nire ontzitxoa ur garden eta asaldatuetan barrena ez da inoiz ibili gutxienez koloretako banderatxo bat ausart eta fidakor haizetara hedatu gabe.

        Lehen ere astiro aldatu izan zitzaizkidan burutapenak. Sentitzen nuen damu handirik gabe irten nintzela gaztaroko urteetatik eta helduarokoetara iritsia nintzela, zeinetan nork bere bizitza bide-tramu labur baten modura begiztatzen ikasten duen eta nork bere burua ibiltari gisa ere bai, zeinaren ibilerek eta azkenean desagertzeak munduari zirrari eta ardura handirik emango ez dioten. Bizi-xede bat, amets kuttun bat beti izaten da begi-bistan, baina ez da inoiz ezinbesteko bihurtzen eta eginbehar ugarien artean, beti izaten da egun bat galdu delako kontzientziako zimikorik gabe, belarretan etzan, bertso bat txistuka eman eta presente maitea ardurarik gabe gozatzeko modua. Ordura arte ni, inoiz ere Zaratustrari otoitz egin gabe, jaunetako bat izana nintzen eta neure burua adoratu edo jende txikia mesprezatzearen errakuntza egin gabe nengoen. Orain pixkanaka gero eta hobeto ikusten nuen, ez dagoela muga finkorik eta txiki, zapaldu eta pobreen zirkuluan bizitza askotarikoagoa ez ezik, gehienetan bero, egiazko eta ereduzkoagoa ere bazela faboratu eta distiratsuen artean baino.

        Gainerakoan garaiz itzuli nintzen Basileara, lehendabiziko gizarte-beilaldian bitartean ezkondu zen Elisabethen etxean parte hartzeko. Ongi sentitzen nintzen, fresko eta beltzarandua bidaiarengatik, eta oroitzapen atsegin txiki asko nekartzan neurekin. Emakume ederrak konfiantza fin batez nabarmendu nahi izan ninduen, eta arrats osoan neure zorionaz gozatu nuen, ezkon-hitz berantiar batek bere garaian salbatu zidanaz. Zeren neure esperientzia italiarra gorabehera beti bainuen halako mesfidantza bat emakumeekiko, beraietaz maitemindutako gizonaren tormentu esperantzagabeetan beren gozamen krudela hartu beharko balute bezala. Horrelako egoera urragarri eta mingarriaren mamitze biziena eskola-aroko kontakizuntxo batek eskaini zidan, zeina behiala bost urteko mutiko baten ahotik jaso bainuen. Bera zebilen haur-eskolan usadio ohargarri eta sinboliko hau zegoen. Mutiko bat bihurrikeria handiegi baten errudun izan eta horregatik jipoia berotu behar zitzaionean, sei neskatori agintzen zitzaien zigorra hartu bitarteko egoera beharrezko eta mingarrian kontrakarrean zebilena aulkiaren gainean tinkatzeko. Nola tinkaturik euste hau atsegin eta ohore handitzat zeukaten, beti sei neskatila azkarrenek, bertute guztien eredu zirenek, parte hartzen zuten gozamen krudelean. Haur-istorio dibertitu honek zer pentsatua eman zidan eta pare bat aldiz ametsetan ere agertu zitzaidan, beraz ametsetako esperientziaz bederen badakit, zeinen laidagarri zaion bihotzari halako egoera.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia