V

 

        Eta orain dator nire bizitzako denboraldia, itxuraz orain artekoa baino mugitu eta ñabarragoa dena, eta nolanahi ere modako nobelatxo bat lirudikeena. Esan beharko nuke nola egunkari alemaniar batek erredaktoretzarako deitu ninduen. Nola neure luma eta aho gaiztoarentzat askatasun gehiegi nahi izan eta horregatik kritikatua eta inarrosia izan nintzen. Nola horretan zurrutero-sona irabazi nuen eta azkenik, tratu pozoitsuen ondoren, postua utzi eta korrespontsal gisa Parisera bidaltzea onartu nuen. Nola habia madarikatu hartan ijito baten modura bizi, denbora alferrik galdu eta girorik desberdinenetan muturra hondoraino sartuta ibili nintzen.

        Ez da koldarkeria neure irakurleen aurrean txerrikeria batzuei ez-ikusi egin eta denboralditxo honen gainetik pasatzea. Aitortzen dut okerreko bide askotatik ibili naizela, era guztietako zikinkeriak ikusi ditudala eta beraietan sartu ere egin naizela. Ordutik alde egin dit bohemioaren zentzu erromantikoak, eta baimena eman behar didazue garbi eta ona denari bakarrik atxikitzeko, horrelakorik ere izan baita nire bizitzan, eta denbora hondatu hura galdu eta bukatutzat emateko.

        Gau batean bakarrik eserita nengoen Boisen eta pentsatzen ari nintzen ea Paris bakarrik edo bizitza bera ere bertan behera utzi behar ote nuen. Aspaldiko partez, lehen aldiz pentsatu nuen neure bizitzan eta konturatu nintzen ez neukala zer galdu handirik.

        Baina orduan supituki oroitzapen bizi batek aspaldi igaro eta ahaztutako egun bat ekarri zidan burura —udako goizalde batean, neure herriko mendietan nengoen eta ohe baten ondoan belaunikaturik nengoen, eta haren gainean ama heriotza nozitzen ari zen.

        Ikaratu eta lotsatu egin nintzen hain luzaroan goiz hartaz gogoratu ez nintzelako. Neure burua hiltzeko pentsamendu inozoek alde egin zidaten. Horregatik uste dut ez dagoela pertsona serio eta erabat errebelaturik bere burua hiltzeko gai denik, inoiz bizitza on eta osasuntsu bat iraungitzen ikusi badu. Ama berriro hiltzen ikusi nuen. Berriro aurpegira begiratu nion, hura nobletzen zuen heriotzaren neke isil serioari. Herioak garratza zirudien, baina haur errebelatua etxean hartzen duen aita babesle bat bezain ahaltsu eta onbera ere bai.

        Supituki jakin nuen heriotza gure anaia zuhur eta ona dela, ordu egokiaren berri dakiela eta konfiantzaz itxaron behar diogula. Eta halaber, hasi nintzen ulertzen sufrimendua eta deslilurak eta melankolia ez daudela hor gu deprimitu eta balio eta duintasunik gabeko bihurtzeko, gu heldu eta argitzeko baizik.

        Zortzi egun geroago nire kutxak Basileara bidali eta Frantziaren hegoaldearen zati on bat oinez korritu nuen eta egunetik egunera Pariseko garai dohakabeak, zeinen oroitzapenak kirats batek bezala pertsegitzen baininduen, lausotu eta laino bihurtzen ari zirela sentitu nuen. Cour d'amour batean bizi izan nintzen. Jauregi, errota eta txosnatan eman nituen gauak, eta tipo ilun berritsuekin edan nuen beren ardo bero eguzkitsua.

        Zarpail, argal, beltzaran eta barrutik aldaturik heldu nintzen bi hilabete geroago Basileara. Neure lehen ibilaldi handia nuen, gerora egingo nituen askotarik lehena. Locarno eta Verona, Basilea eta Brig, Florentzia eta Perugia artean toki gutxi daude neure bota haustuekin bizpahiru aldiz erromes korritu gabekoak —ametsen atzetik, nahiz eta haietariko bat ere oraindik bete ez den.

        Basilean herbarren batean gela bat alokatu nuen, atera neure ondasunak kutxatik eta lanean hasi nintzen; atsegin zitzaidan inork ezagutzen ez ninduen hiri lasai batean bizitzea. Zenbait egunkari eta aldizkarirekiko loturak oraindik etengabe zeuden eta banuen zertan lan egin eta zertaz bizi. Lehen asteak on eta baketsuak izan ziren, gero lehengo tristura itzuli zitzaidan atzera, egunetan, asteetan irauten zidan eta lanean ere ez ninduen uzten. Bere baitan melankolia zer den sentitu ez duenak ezin du hori zer den ulertu. Nola deskriba nezake? Bakardade ikaragarri bat sentitzen nuen. Nire eta pertsona eta hiriko bizitza, plaza, etxe eta kaleen artean etengabe osin zabal bat zegoen. Ezbehar handi bat gertatu zen, gauza garrantzitsuak agertzen ziren egunkarietan —niri bost axola. Jaiak ospatu ziren, hilak ehortzi, merkatuak egin, kontzertuak ematen ziren —zertako? norentzat? Lasterka ibiltzen nintzen, basoetara joaten nintzen, muino eta mendi-bideetan barrena eta nire inguruan belardi, zuhaitz, soroek isilik zirauten dolu kexa gabean, mutu eta arrenka begiratzen zidaten eta bazuten guraria, niri zerbait esan, niregana etorri eta ni agurtzekoa. Baina han zeuden eta ezin zuten ezer esan; eta nik ulertzen nuen haien sufrimendua eta beraiekin sufritzen nuen, ezin bainituen libratu.

        Mediku batengana joan nintzen, ohar idatzi zehatzak eman nizkion, neure sufrimendua deskribatzen saiatu nintzaion. Irakurri, galdetu, ikertu egin ninduen.

        — Inbidia emateko osasuna duzu —esan zidan laudoriotzat— fisikoki ez duzu ezeren faltarik. Saia zaitez irakurketa edo musikaren bitartez zeure burua alaitzen.

        — Lanbidez gauza berri mordoa irakurtzen dut egunero.

        — Agian airepean ariketaren bat egin beharko zenuke.

        — Egunero hiruzpalau orduz ibiltzen naiz, eta jaiegunetan beste hainbeste gehiago.

        — Orduan zeure burua jendartera joatera behartu behar duzu, benetan misantropo bihurtzeko egiazko arriskua duzu eta.

        — Axola al dio?

        — Axola handia. Zenbat eta handiagoa den jendea tratatzeko duzun gogorik eza, hainbat gehiago behartu behar duzu zeure burua jendea ikustera. Zure egoera ez da gaixozkoa eta ez deritzot garrantzizkoa denik ere; baina uzten ez badiozu hain pasiboki denbora galtzeari, baliteke azkenerako oreka gabe gelditzea.

        Medikua gizon zentzuzko eta jatorra zen. Pena eman nion. Jakitun bat gomendatu zidan, zeinaren etxean gizarte-bizitza handia eta bizitza intelektual eta literario garrantzitsu samarra baitzegoen. Beragana joan nintzen. Ezagutzen ninduen izenez, atsegina zen, ia bihozkorra eta sarritan itzuli nintzaion.

        Behiala udazkenaren amaierako gau hotz batean joan nintzaion. Historialari gazte bat eta neskatila argal beltzaran bat aurkitu nituen bertan; ez zegoen beste gonbidaturik. Neskatila te-makinaz arduratzen zen, asko hitz egiten zuen eta zirtoak botatzen zizkion historialariari. Gero pianoa jo zuen apur bat. Ondoren esan zidan nire satirak irakurri zituela baina ez zituela atsegin izan. Zentzuduna iritzi nion, aukeran zentzudunegia, eta laster alde egin nuen etxera.

        Bitartean, pixkanaka jendartean zabaldu zen tabernazalea eta zurrutero porrokatua nintzela. Ez nintzen gehiegi harritu, zeren esamesak inon baino ugariago loratzen baitziren elkarte akademiko hartako gizon eta emakumeen artean. Nire tratuak ez zuen kalterik izan aurkikuntza lotsagarria hura zela eta, aitzitik irrikagarriago bihurtzen ninduen, zeren neurrizkotasunez suharturik baitzeuden denak, gizonezko eta emakumezkoak, kontinentziaren batzordekide izaki, eskuetan eroritako bekatari guztiez pozten ziren. Egun batean lehen eraso adeitsua jasan behar izan nuen. Taberna-bizitzaren laidotasuna, alkoholismoaren izurria eta ikuspuntu sanitario, etiko eta sozialetik kontutan hartu beharreko guztia erakutsi eta elkartearen ospaketa-jai batera gonbidatu ninduten. Zeharo harriturik nengoen, zeren eta halako elkarte eta ahaleginen susmorik ere izan gabe bainengoen ordura arte. Elkarte-bilera, musika eta ukitu erlijiozkoarekin, barregarria gertatu zen eta ezin izan nuen inpresio hori ezkutatu. Aste osoan aritu zitzaizkidan maitakortasun sarkorrez eta gauza hura oso aspergarri bihurtu zitzaidan, eta gau batean, beste behin kanta bera abesten ari zitzaizkidala eta kartsuki nire konbertsioa espero zutenean, etsipenak jo ninduen eta indarrean libra nintzatela garrasi haietatik eskatu nuen. Neskatila han zegoen berriz ere. Arretaz begiratu zidan eta gero bihotzez «Bravo» esan zuen. Ni, ordea, atsekabetuegi nengoen hari jaramon egiteko.

        Hainbat atsegin handiagoz ikusi nuen abstinenteen jai handi batean gertatutako ezbehartxo bitxi bat. Elkarte handiak gonbidatu askorekin batera oturuntza eta bilerak egin zituen bere egoitzan, hitzaldiak eman ziren, adiskideak egin eta koruek kantatu zuten eta gauza guztien martxa ona «hosannak» kantatuz ospatu zen. Bandera-eroaletzat kontratatu zuten morroietako batek luzeegi iritzi zien alkoholik gabeko hitzaldi haiei eta alboko taberna batera sartu zen, eta jai eta erakusketazko segizio festazkoa kaleetan zehar abiatzean, bekatari maliziatiek ikuskizun apartekoaz gozatu ahal izan zuten, jende-multzo suhartuaren aurrean gidari alai mozkorra hondoratzen ari den ontziaren masta bezala kulunka, gurutze urdineko bandera besoetan zuela ikustean.

        Baztertu zuten gizaseme mozkortua; baina ez zuten baztertu giza banitate, zelo eta intrigen galgala, zeina sortu baitzen bertaratutako elkarte eta batzorde bakoitzaren baitan, gero eta indar handiagoz agertuz. Mugimenduan etenak sortu ziren, gutiziati pare batek beretzat nahi zuen ospe guztia eta haserre egiten zieten beren izenean konbertituak ez ziren gainerako guztiei, lankide prestu eta norberakoikeria gabeak, halakorik ere ez baitzen falta, destainaz postuetatik kenduak izan ziren, eta bertan zeudenek laster ikusi ahal izan zuten, nola han ere era guztietako etiketa idealen pean gixonkeria zikinen kiratsa zeruraino zerion. Komeria guzti hauek hirugarren pertsonen bitartez jakin, gustatu egin zitzaizkidan; eta neure gauezko zurrut-ibileretatik etxerakoan, behin baino gehiagotan pentsatu nuen: «Hara, gu basatiok gara pertsonarik hoberenak».

        Rhin ibaira begira zegoen neure gelatxo altu eta erosoan asko estudiatu eta hausnartzen nuen. Atsekabeturik nengoen inolako korrontek arrastatu gabe, inolako grina suhar edo interesek zirikatu gabe eta lozorroko ametsetik atera gabe bizitza ihesi zihoakidalako. Egia da, egunero egitekoak betetzeaz gain, obra bat prestatzen ari nintzela lehen minoriten bizimoduaz; baina hau ez zen sorketa-lana, bilketa-lan apala baizik eta ez nuen aski neure jorana itzaltzeko. Zurich, Berlin eta Parisez gogoratzen hasi nintzen bitartean, garaikideen nahi, grina eta idealak ere argi ikusten hasi nintzen. Batzuen lana ordura arteko altzari, tapiz eta jantziak ezabatu eta pertsonak ingurune libre eta ederragoetara ohitzea zen. Beste bat Haeckelen monismoa dibulgazioko idatzi eta hitzaldietan hedatzen ahalegintzen zen. Beste batzuek betirako munduan bakea lortzearen alde saiatzeak merezi zuela uste zuten. Eta bazen gizarte-estamentu beherenekoen alde ari zenik, edota bilera eta hitzaldiak antolatzen zituenik, jendearentzat teatro eta museoak eraiki eta ireki zitezen. Eta hemen, Basilean, alkoholaren kontra egiten zen borroka.

        Eta ahalegin guzti hauetan bizia, bulkada eta mugimendua zegoen; baina horietako ezer ez zitzaidan garrantzizko eta beharrezko gertatzen, eta ni eta nire bizitza lehen bezala geratuko ziratekeen, helburu guzti haiek orduan lortu baziren ere. Esperantzagabe amiltzen nintzen aulkian, liburu eta orriak pasatu nituen, eta pentsa eta pentsa aritzen nintzen. Gero leihoaren aurrean Rhin ibaia igarotzen eta haizearen txistua entzuten nituen, eta hunkiturik nonahi zegoen melankolia eta joranezko zurrumurrura adi egoten nintzen. Gaueko hodei zurbilak multzo handitan txori ikaratuak bezala pasatzen ikusten nituen zeruan barrena, entzuten nuen Rhin ibaiaren hotsa eta amaren heriotzaz, Frantzisko santuaz, jaioterriko mendi elurtuez eta itotako Richardez oroitzen nintzen. Neure burua harkaitzezko murruan gora igotzen ikusten nuen, Rösi Girtannerrentzat Alpearrosak hartzeko, eta Zurichen liburu, musika eta hizketaz asaldatua ikusten nuen neure burua, Agliettirekin gauez lakuan, etsita Richarden heriotzarengatik, bidaiatu eta berriz itzultzen, suspertu eta berriro lur jotzen. Zertako? Zergatik? Ene Jainkoa, guzti hura joko bat, halabehar bat, irudi pintatu bat bakarrik izan ote zen? Ez al nuen nik borroka egin eta gutiziaren saminak nozitu izpiritua, adiskidetasuna, edertasuna, egia eta maitasunaren bila? Ez al nuen etengabe sufritzen neure baitan jorana eta maitasunaren olatu itogarriarengatik? Eta hutsaren truk, neuk sufritzeko eta inork ez gozatzeko!

        Orduan tabernarako heldua sentitzen nintzen. Putz egin kriseiluari, haztamuka eskailera zahar pikuan behera jaitsi, eta Valtelina eta Waadtlandeko ardoak saltzen zituzten tokietan ezkutatzen nintzen. Beraietan errespetuz hartzen ninduten, bezero ona hartzen denez, baina ni normalean kopetilun eta tarteka zakar ere egoten nintzen. Batzuetan amorragarri zitzaidan Simplizissimus irakurri, ardoa edan eta itxaron egiten nuen, harik eta kontsolamendua sentitu arte. Eta Jainko eztiak bere esku eme bigunaz ukitzen ninduen, erabat nekarazi gorputz-adarrak eta arima errebelatua amets ederren herrialdera gidatzen zidan.

        Tarteka neu ere harritu egiten nintzen jendeari hain tratu zakarra eman eta berari haserre egiteaz atsegin gisako zerbait sentitzen nuelako. Sarri bisitatzen nituen tabernetan beti zerbait erreklamatu behar izaten nuen, kirten eta sesiozaletzat nindukaten, beldurra eta higuina zidaten mirabeek. Beste bezeroekin hizketan hasten banintzen, ironia eta zakarkeriaz aritzen nintzen, eta jakina jendeak ere gauza bera egiten zuen ondoren. Hala eta guztiz ere, aurkitu nuen tabernakide pare bat, biak zahartzen ari ziren bekatari sendaezinak, arrats batzuetan eseri eta tratu jasangarria izateko modukoak. Beraien artean bazen agure zantar bat, bere ustez marrazkilaria zena, emakumeen etsaia, lotsagabea eta lehen mailako zurruteroa. Arratsero tabernaren batean elkarrekin topo egiten bagenuen, zurrut-lehiaketa gogorra sortzen zen bion artean. Aurrena hizketan eta txantxetan aritzen ginen, eta gero botila bat ardo beltz husten genuen, ondoren pixkanaka lehen postura pasatzen zen zurruta, elkarrizketa motelduz joaten zen, eta isilik aurrez aurre elkarri begira geratzen ginen, nor bere puruari zupaka eta bakoitzak geure botila husten genuen. Horretan biok elkarren antzeko ginen, biok aldi berean betearazten genituen botilak eta elkarri adi egoten ginen erdi arretaz eta erdi maleziaz. Ardo berriaren garaian, udazkenaren bukaeran, elkarrekin ibiltzen ginen Margraveko herrietatik eta tipo zahar hark tarteka bere bizitzaren historia kontatzen zidan. Uste dut interesgarria eta bitxia zela, baina zorigaitzez ziplo ahaztu nuen. Bere bizitzaren azken parteko zurrutaldi baten deskribapena bakarrik geratu zait gogoan. Herrialde hartan izan zen, nonbait, herri-jairen batean. Ohorezko mahaira gonbidatu zutelarik, erretorea eta alkatea berehalaxe eraman zituen sekulako mozkorra harrapatzera. Erretoreak sermoia egin beharra zeukan. Kostata kurpitora arrastatu zutelarik, hainbesteko aldrebeskeriak esan zituen bertatik, non berriz aldendu behar izan zuten, eta orduan alkateak hutsunea betetzea erabaki zuen. Indar guztian inprobisatzeari ekin zion, bat-bateko mugimendu zakarrengatik gaizki sentitu eta bere erretolika era ezohizko eta higuingarrian amaitu zuen.

        Gerora istorio hau eta beste batzuk atseginez behin eta berriz kontaraziko nizkion. Baina tiratzaileen festa-eguneko arrats batean tratu bihurria sortu zen bion artean, elkarri bizarretik tiradizoak ere egin genizkion eta haserre bizitan banatu ginen bata bestearengandik. Harez gero behin baino gehiagotan gertatu zen etsai bezala aldi berean tabernaren batean eserita egotea, bakoitza mahai banatan, noski; baina lehengo ohituraren arabera elkarri isilik begiratzen genion, erritmo berdinean edanez, eta eserita jarraitzen genuen harik eta azkeneko bezero gertatu eta gu erretirarazten saiatzen ziren arte. Halere, ez genuen inoiz onezkorik egin.

        Alferrikakoa eta nekagarria zen neure tristura eta bizitzeko gaitasunik ezaren zergatiez beti hausnarketan ibiltzea. Hala eta guztiz ere, ez nuen bukatu eta agortua nengoenik sentitzen, baizik eta bulkada ilunez beterik nengoela eta uste nuen, une egokian oraindik lortuko nuela zerbait sakona eta ona sortu eta bizitza latzari eskutada bat zorion erauztea. Baina etorriko ote zen inoiz une egokia? Mingostasunez oroitzen nintzen jaun moderno urduri haietaz, milaka kitzikapen artifizialez lan artistikora beren burua eztenkatzen zutenez, nigan indar bortitzak erabili gabe eta egonean zeuden bitartean. Eta gogoeta egiten nuen zer eragozpen edo demoniok indarrez gainezka zegoen neure gorputz sendoan arima gorderik zeukan, eta gero eta nekezago arnasa hartzera behartzen zuen. Orduan pentsamendu apartekoak izaten nituen eta neure burua urrunetik, beste nonbaitetik arestian etorritako pertsonatzat hartzen nuen, zeinaren saminak inork ez baitzituen ezagutzen, ez ulertzen, ez partekatzen. Hori du deabruzko melankoliak, norbera gaixotu ez ezik, destainati eta bista laburreko, ia harro ere bihurtzen duela. Heineren atlantearena gertatzen zen, zeinak berak bakarrik hartzen baitzituen bere sorbaldetan munduko samin eta enigma guztiak, beste mila pertsonak sufrimendu berak nozitu eta labirinto berean galduta ibiliko ez balira bezala. Baita nire ezaugarri eta berezitasun ugariak, nireak izango ez balira bezala, aitzitik Camenzindarren famili ondare edo gaitz izaki, neure isolamenduan eta jaioterritik urrun egotean galduko balitzaizkit bezala.

        Hamabostean behin jakitun abegikorraren etxera itzultzen nintzen. Pixkanaka bertan mugitzen zen jendea aski ongi ezagutzera heldu nintzen. Gehienak lizentziatu gazteak ziren, alemaniar ugari zegoen haien artean, fakultate guztietakoak, gainera baziren pintalari pare bat, musikari batzuk ere, baita hiritar-pare bat beren emazte eta alabekin ere. Sarritan harriduraz begiratzen nion jende hari, zeintzuek gonbidatu bitxitzat agurtzen baininduten eta zeinez bainekien astero elkar hainbestetan ikusten zutela. Zertaz hitz egiten zuten beren artean eta zertan aritzen ziren halakoetan? Gehienek homo socialis delakoaren forma estereotipatu bera zuten eta beren artean zertxobait ahaideturik zeudela iruditzen zitzaidan, neuk bakarrik ez neukan izpiritu elkarkoi eta berdintzaile bati esker. Pertsona fin eta garrantzitsu ugari zegoen beraien artean, zeinengandik gizartekoitasun betikoak, agi zenez, ezer ez, edo oso gutxi ebasten baitzuen beren freskura eta indar pertsonaletik. Beraietako batzuekin luzaroan eta interesez hitz egiteko aukera izaten nuen. Baina ezinezko zitzaidan batengandik bestearengana joatea, bakoitzarekin minutu batez egotea, emakumezkoei atseginez zorrozkeriak esatea, neure arreta te-xikara bat, bi elkarrizketatara eta piano-pieza batera aldi berean zuzentzea, hartan animaturik eta pozik dagoenaren itxura izatea. Izu-larria ematen zidan literatura edo arteaz hitz egin-beharrak. Alor horietan gutxi pentsatu, gezur asko bota eta beti ezer ez esateko berriketan zihardutela ikusten nuen. Neroni ere gezurretan aritzen nintzen haiekin, baina ez gustura, eta berriketa alfer hura aspergarri eta amorragarritzat neukan. Askoz pozikago entzuten nion emakume bati bere seme-alabez hitz egiten edo bidaiak, eguneroko bizitzako gorabeherak eta beste edozein gauza kontatzen. Horretan eroso eta ia atseginez sentitzen nintzen batzuetan. Halere askotan, halako arrats baten amaieran, taberna bat bilatu eta eztarriko lehor eta aspertasun nardagarria Valtelinako ardoaz kentzen nituen.

        Bilera horietako batean ikusi nuen berriro neskatila beltzarana. Jende asko zegoen, musika jotzen eta beren ohizko berriketetan ari ziren, eta ni eserita nengoen lanpara baten ondoan postal-karpeta bat eskuan nuela. Toscanako ikusmirak ziren, ez ohizkoak, mila bider ikusitako postaltxo efektistak, baizik eta barnekiago, pribatuan zirriborraturiko bistak, etxeko jaun-andreen bidai lagun eta adiskideen opariak gehienak. Marrazkietan artean San Clemente ibar bakartiko harrizko etxetxo leiho txikidun bat ere aurkitu nuen; ezaguna nuen bertatik paseo asko egina bainintzen. Ibarra Fiesoletik oso hurbil aurkitzen zen, baina bisitari gehienek ez dute inoiz bisitatzen, bertan antzinako oroigarririk ez dagoelako. Edertasun ohargarri eta malkarreko ibarra da, lehorra eta ia bizilagunik gabea, mendi altu, soil eta gogorren artean kokatua, urrun, melankoliko eta zapaldu gabe.

        Neskatilak hurbildu eta sorbalden gainetik begiratu zidan.

        — Zergatik egoten zara beti hain bakarti, Camenzind jauna?

        Haserretu jarri ninduen. Gizonezkoek abandonatua sentitzen duk, pentsatu nuen, eta orain nigana zetorrek.

        — Zer, ez al dut merezi erantzunik?

        — Barkatu, andereño; zer erantzun behar dizut, bada? Bakarrik banago, atsegin dudalako da.

        — Orduan neuk ere traba egiten al dizut?

        — Barregura ematen didazu.

        — Milesker, zeuk ere bai niri.

        Eta eseri egin zen. Irmoki eutsi nion orriari eskuetan.

        — Goierritarra zara, ezta? —esan zidan—. Pozik entzungo nituzke hango kontuak. Nebak dio, zuen herrian deitura bakarra dagoela, Camenzind soilik. Egia al da?

        — Ia-ia —marmar egin nion—. Bada okin bat Füssli deritzona. Eta baita Nydegger izeneko tabernari bat ere.

        — Eta beste guztiak Camenzind! Eta elkarren artean ahaideak al zarete?

        — Gutxi gorabehera.

        Marrazkia luzatu nion. Orria irmo hartu zuen, eta konturatu nintzen, bazekiela halako gauza bat behar bezala tratatzen. Aditzera eman nion.

        — Eskola-maisu batek bezala —barre egin zuen— goratzen nauzu.

        — Ez al diozu marrazkiari begiratu nahi? —galdetu nion zakar—. Bestela jaso egingo dut.

        — Zer da hau?

        — San Clemente.

        — Non dago?

        — Fiesole aldean.

        — Bertan izan al zara?

        — Bai, sarritan.

        — Nolakoa da ibarra? Hemen zati bat bakarrik ageri da.

        Pentsakor geratu nintzen. Paisaia serio, malkar eta ederra begien aurrean hedatu zitzaidan, eta begiak erdi itxi egin nituen hari eusteko. Denbora pixka bat igaro zen, hitz egiten hasi baino lehen eta ongi iruditu zitzaidan neskatila isilik eta itxaroten egon izana. Ulertu egin zuen pentsatzen ari nintzela.

        Eta San Clemente deskribatu nion, uda-arratsaldeko bero-galdatan nola ikusi nuen isil, idor eta handios. Hurbil, Fiesolen industria dago lastozko kapelak eta otarreak egiten dira, oroigailuak eta laranjak saltzen dira, turistei ziria sartzen edo eskean egiten zaie. Askoz beherago Florentzia dago eta bizi zahar eta berrizko uholde bat biltzen du. Baina ez bata eta ez bestea dira ikusten Florentziatik. Ez dago han lan egin duen pintalaririk, han ez dago erromatarren eraikinik, historiak ahazturik dauka ibar gaixoa. Baina han eguzkiak eta euriak borroka egiten dute lurrarekin, han pinu okertuek kostata eusten diote biziari, eta nekosta pare batek beren adaburu meheez airea sentzen dute, ea ekaitz etsaikorra hurbil ote dabilen, zeinak sustrai egarritsuz atxikitzen zaioneko bizi premiatsua laburtzen baitie. Batzuetan alboko baserrietakoren batetik idi-gurdi bat igarotzen da, edo nekazari-familiaren batek Fiesolerako erromesbidea egiten du, baina beti halabeharrezko bidaiariak izaten dira, eta baserritar-emakumeen gona gorriak, gainerakoan hain itxura txairo eta jostaria dutenak, traba egiten dute hemen, eta pozik sentitzen da haien falta.

        Eta kontatu nion nola gaztetan adiskide batekin bertara joan, nekosten oinean etzanda egon eta haien gerri argaletara arrimatu nintzen; eta ibar bakanaren bakardadezko xarma triste eta ederrak jaioterriko amildegiak gogorarazi zizkidala.

        Apur batean isilik egon ginen.

        — Poeta zara —esan zuen neskatilak.

        Parizta bat egin nion.

        — Beste gauza bat esan nahi dut —jarraitu zuen—. Ez nobelak eta horrelakoak idazten dituzulako. Baizik eta natura ulertzen eta maite duzulako. Zer axola zaie beste pertsonei, zuhaitz batek zurrumurru egitea edo mendi bat eguzkitan dirdirka egotea? Baina zuretzat bizi bat dago horretan eta hartan parte hartzeko gai zara.

        Erantzun nion inork ez duela «natura ulertzen» eta bilaketa eta ulertu nahi guztiekin enigmak bakarrik aurkitzen direla eta horrek tristatu egiten duela. Eguzkitan dagoen zuhaitzak, porrokatzen ari den harriak, piztiak, mendiak —bizi bat dute, historia bat dute, bizi, sufritu, tematu, gozatu, hil egiten dira, baina ez dugu ulertzen.

        Ni hitz egiten ari nintzen eta bere arreta egonarritsu eta isilak poza ematen zidan bitartean, bera begiztatzeari ekin nion. Bere begirada nire aurpegira zuzendurik zegoen eta ez zen niretik saihesten. Aurpegia oso lasai zeukan, entregatua eta arretarengatik zertxobait tenkatua. Haur baten modura entzuten ninduen. Ez, hobeto esateko entzuten ari dela ahaztu, eta konturatu gabe, haur-begiak jartzen zaizkion nagusi baten modura. Eta begiztatzen ari nintzela, aurkitzailearen poz xaloarekin oso polita zela aurkitu nuen pixkanaka.

        Hitz egiteari utzi nionean, neskatila ere isilik geratu zen. Gero ikaratu eta begiei keinu eragin zien lanpararen argitan.

        — Nola da zure egiazko izena, andereño? —galdetu nion eta ez nuen hartan gehiegi pentsatu.

        — Elisabeth.

        Alde egin zuen eta laster eskatu zioten pianoa jotzeko. Ongi jotzen zuen. Baina hurbildu nintzaionean, ez zela lehen bezain polita ikusi nuen.

        Antzinako eskailera atseginetik jaisten ari nintzela, etxera joateko, sarreran beren berokiak janzten ari ziren bi pintalariren elkarrizketatik hitz pare bat entzun nituen

        — Arrania, arrats osoa Lisbeth politarekin ibili duk —esan zuen batek barrez eginez.

        — Nork esan! —bota zuen besteak—. Ez dik okerrena aukeratu!

        Laster mundu guztia hasi zen hartaz hitz egiten. Bat-batean konturatu nintzen, ia gogoz kontra, neskatila ezezagun hari oroitzapen barnekoien eta neure barne-bizitzaren parte handi baten berri eman niola. Nola gertatu zen hura? Eta orain mihi gaiztoak hasita zeuden!

        Alde egin eta hilabetetan ez nintzen etxe hartara agertu. Halabeharrez, bi pintalari haietako batek, kalean hizpidea eman zidan.

        — Zergatik ez zoaz gehiago hara?

        — Esamesa arraio horiek ezin ditudalako jasan —esan nion.

        — Bai, gure emakumeak! —barre egin zuen tipoak.

        — Ez —erantzun nion— gizonezkoez ari naiz, eta pintalari jaunez bereziki.

        Hilabete haietan oso gutxitan ikusi nuen Elisabeth kalean, batean denda batean eta bestean arte-galeria batean. Normalean polita agertzen zen, baina ez ederra. Bere aurpegiko mugimenduek bazuten zerbait apartekoa, gehienetan apaintzen eta nabarmentzen zutena, baina noizean behin halako esajeratu eta faltsu-itxura ematen ziotena. Eder, izugarri eder zegoen arte-galerian ikusi nuenean. Berak ez ninduen ikusi. Ni alboan eserita eta katalogoaren orriak iraultzen ari nintzen. Bera nigandik hurbil zegoen Segantini handi baten aurrean, eta erabat koadroan murgildurik. Belardi murritz batean lanean ari ziren neskatila baserritar pare bat ageri zen bertan, atzealdean mendi malkar erpintsuak, Stockhorn-menditeria oroitarazten zutenak, eta haien gainean zeru fresko argian, ezin esan ahaleko jenialtasunez pintaturik marfilezko hodei bat. Lehen begiratuan erakartzen zuen arreta bere masa matazatu eta elkargibiztatuekin; nabari zitzaion aurrena haizeak multzotu eta estuturik zegoela, eta gero igo eta astiro alde egiten hasita ere bai. Zalantzarik gabe ulertzen zuen Elisabethek hodei hura, zeren erabat hura begiztatzen murgildurik baitzegoen. Eta beste behin normalean ezkutaturik zeukan arima aurpegira agertu zitzaion, irribarre emea egiten zuen begi zabalduetatik, aho txikiegia haur baten erara biguntzen zuen eta bekainen arteko bekokiko zimur zuhur eta gogorrak leunduak zeuzkan. Arte-obra handi baten edertasun eta egiazkotasunak behartu zuten bere arima ere eder, egiazko eta estalkirik gabe agertzera.

        Ni ondoan nengoen isilik eserita, Segantiniren hodeia ederra eta haren aurrean liluraturik zegoen neskatila polita begiztatzen ari nintzen. Gero beldurtu nintzen eta pentsatu nuen bira eman, ni ikusi eta hitz ematean, edertasuna gal zezakeela, eta bizkor eta poliki alde egin nuen aretotik.

        Garai hartan natura isilaz gozatzen hasi nintzen eta berarekiko neure harremanak aldatzen. Behin eta berriz ibiltzen nintzen norakorik gabe hiriaren ingurumari zoragarrietan zehar, batez ere Juran barrena. Behin eta berriz ikusten nituen baso-mendi, belardi, fruitu-arbola eta sastrakak zutik eta zerbaiten zain. Agian nire zain, agian maitasunaren zain.

        Eta horrela hasi nintzen gauza haiek maitatzen. Irrika egarritsu bortitza sortu zen nigan bajen edertasun isilarekiko. Nigan ere bizi eta joran sakon bat ilun kanpora irteten zen eta kontzientzia, ulertua izatea, maitasunaren bila zebilen.

        Askok diote «Natura maite dutela». Horrek esan nahi du ez daudela makurtuak berak eskainitako xarmak galtzen uztera. Irten kanpora eta lurraren edertasunaz gozatzen dira, zapaldu belardiak eta azkenik lore eta adarrezko sorta bat biltzen dute, atzera laster bota edo etxean nola ihartzen diren ikusteko. Horrela maite dute Natura, maitasun horretaz igandean oroitzen dira, eguraldi ederra izan eta beren bihotz onaz hunkiturik daudenean. Horren premiarik ere ez lukete, zeren «gizakia naturaren koroa baita». Koroa, noski!

        Gero eta gutizia handiagoz begiratzen nuen gauzen osinean. Haizearen doinu-ugaritasuna entzuten nuen zuhaitzen adaburuetan, errekastoek troketan barrena ateratzen zuten zurrumurrua eta korronte isil patxadatsuak lautadetan nola arrastaka joaten ziren, eta banekien doinu horiek jainkoaren mintzaira zirela eta berriro paradisua aurkitzea esan nahiko lukeela lehen-edertasuna duen hizkuntza ilun hori ulertzeak. Liburuek ez dakite askorik horretaz, Biblian bakarrik aurkitzen da sorkarien «hasperen esanezinaren» hitz miresgarria. Halere, susmatzen nuen garai guztietako pertsonek, ni bezala ulertezinezko horrek hunkiturik, beren eguneroko lana utzi eta isiltasuna bilatu izan dutela, sorkuntzaren kanta entzun, hodeiak nola igarotzen diren begira egon eta ezin egonezko joranez betikorantz beren beso gurtzaileak hedatzeko, ermitau, penitentzigile eta santuak.

        Ez al zara inoiz Pisako kanposantuan izan? Bertako hormak iragan mendeetako pintura kolorgetuez apainduak daude eta beraietako batek ermitauen bizitza erakusten du Tebasko basamortuan. Koadro xaloari bere kolore zurbildu eta guzti hainbesterainoko bake dohatsua dario gaur egun ere, non bat-bateko samina sentitzen duzun eta zeure bekatu eta lohikeriengatik mundutik urrun dagoen toki santuren batean negar egin eta gehiago ez itzultzea eskatzen dizun. Ezin zenbatu ahala artista ahalegindu da bere herrimina pintura dohatsutan adierazten eta Ludwig Richterren edozein haur maitakorren iruditxok kantatzen dute Pisako freskoen abesti bera. Zergatik jarri zien Tizianok, presentea eta gorputzaren adiskideak, bere irudi argi eta objektiboei sarritan urruntasun urdin eztienezko atzealde horiek? Kolore urdin-ilun berozko zerrenda bat besterik ez da, ez da ikusten, urruneko mendiak edo espazio mugagabea adierazi nahi duen. Tiziano, errealistak, berak ere ez zekien. Ez zuen hori egiten, arte-historialariek adierazi nahi dutenez, kolore-armoniazko arrazoiengatik, baizik eta isil ezinari, ariman ezkutaturik bizi zen poz eta zorion horri egiten zion omenaldia. Hala neritzon nik, garai guztietako artea ahalegindu dela geure baitan daukagun jainkozkoaren gurari mutuari mintzaira bat ematen.

        Helduago, ederrago eta askoz haur modurago adierazi zuen hori Frantzisko santuak. Orduan bakarrik ulertu nuen erabat eta osoki. Lur osoa, landareak, izarrak, animaliak, haizea eta ura Jainkoarenganako bere maitasunean sartu zituelarik, aurrea hartu zien Erdi Aroa eta Dante berari ere, eta gizaki denbora gabearen mintzaira aurkitu zuen. Naturaren indar eta fenomeno guztiei neba-arreba deitzen die. Bere azken urteetan medikuak burdin goriaz bekokia erretzera kondenatu zuelarik, gaitz larriak jotako gaixo torturatuaren larriduraren erdian, burdin lazgarri hartan «sua, bere anaia maitea» agurtu zuen.

        Natura pertsona bezala maite izaten, hari atzerriko hizkuntz bat hitz egiten duen kide eta bidelagun bati bezala adi egoten hasi nintzenean, egia da ez zitzaidala melankolia sendatu, baina bai nobletu eta garbitu. Begi-belarriak zorroztu egin zitzaizkidan, doinu finak eta diferentziak hautematen ikasi nuen eta desira nuen bizidun ororen bihotz-taupada gero eta hurbilago eta argiago entzuteko; eta agian ulertu eta poeta-hitzetan hari adierazpidea emateko dohainaren jabe izateko ere bai, horrenbestez beste batzuk ere hurbil zekizkion eta ulermen hobeaz freskura, garbikuntza eta errugabetasun guztiaren iturburura jo zezaten. Bitartean hori desira bat, amets bat zen, ez nekien inoiz bete ahal izango nuen, baina hurbil-hurbil egonarazten ninduen, ikuskorra den guztiari maitasuna eskaintzen nion eta edozein gauza axolagabe edo mesprezuz ez begiztatzera ohitzen nintzen bitartean.

        Ezin dut adierazi zeinen eragin berriztagarri eta kontsolagarria izan zuen honek nire bizitza ilunduan! Ez dago ezer prestuago eta zorion-emaileagorik munduan hitzik gabeko maitasun iraunkor eta grinagabea baino, eta ez dut ezer bihotzetikago nahi nire hitzak irakurtzen dituztenen artetik batzuk, edo besterik ezean pare batek edo bakarrak, nire bulkadaz arte dontsu hau ikasten hasi ahal izatea baino. Askok berez dute hori eta oharkabean jardunaratzen dute, jainkoaren kuttunak, zintzoak eta haurrak gizakien artean. Askok sufrimendu handien artean ikasi dute —ez al dituzue inoiz elbarritu eta ez-behartuen artean horrelakoak ikusi begi pentsakor, bare eta distiratsuekin? Niri edo nire hitz gaixoei entzun nahi ez badiezue, zoazte horiengana, zeinengan maitasun gutizia gabe batek samina gainditu eta argitu duen. Perfekzio horretatik, sufritzaile gaixo askorengan gurtu dudan horretatik, zoritxarrez oraindik oso urrun aurkitzen naiz. Azken urteotan zehar sarri askotan ez baitut izan beraienganako bide zuzena ezagutzeko beharrezkoa den fede kontsolatzailerik.

        Ezin nezake esan ere bertatik ibiliko nintzenik; seguru aski bidean zehar ertz guztietan eseriko nintzatekeen eta itzulinguru gaizto bat baino gehiago ere egingo nukeen. Bi joera berekoi eta indartsu ari dira nire baitan borrokan benetako maitasunaren aurka. Edalea nintzen, eta higuina zien gizakiei. Egia da sarritan neure ardo-anoa murriztu egiten nuen; baina hamabostean behin konbentzitu egiten ninduen jainko losintxariak eta besoetara amiltzen nintzaion. Kalean etzanda egotea edo gauetan antzeko komeriak egitea, ez zait ia inoiz gertatu, zeren ardoak maite nau eta bere izpirituek nireekin elkarrizketa atseginean ari izateko punturaino bakarrik liluratzen bainau. Halere, mozkorraldi bakoitzaren ondoren luzaroan pertsegitzen ninduen kontzientzia txarrak. Dena den, ezin nion ardoari neure maitasuna ukatu, zeinenganako isuri handia aitarengandik heredatua bainuen. Urte luzetan arreta eta pietatez landu herentzia hori eta barrenean neure bihurtu nuen, eta gainera lagundu egin zidan eta erdi-benetako eta erdi-txantxetako itun bat egin zuen instintua eta kontzientziaren artean. Asiseko Santuaren goraltza-kantuan «neure anaia maite, ardoa» sartu nuen.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia