IV

 

        Aitak bere garaian lortu ez zuena, maitasunezko atsekabe hark lortu zuen: ni zurrutero bihurtzea.

        Nire bizitza eta izaerarako hori askoz garrantzizkoagoa izan zen orain arte kontatu dudan beste ezer baino. Jainko indartsu eta eztia egiazko adiskide bihurtu zitzaidan eta oraindik ere halaxe dut. Nor da bera bezain ahaltsua? Nor da hain eder, irudipentsu, suhar, alai eta melankoliatia? Heroi eta azti da. Seduzitzaile eta Erosen anaia da. Ezina egina bihurtzen du; giza bihotz gaixoak poema eder eta harrigarriz betetzen ditu. Bakarti eta baserritar naizen hau errege, poeta eta jakintsu bihurtu du. Bizitzaren batel hustuak destino berriz zamatu ditu eta hegian hondoa jota daudenak berriro bizitza handiaren korronte lasterrera eramaten ditu.

        Horrelakoa da ardoa. Halere, emari preziatu eta arteekin bezala gertatzen da berorrekin ere. Maitatu, bilatu, ulertu eta ahaleginez irabazi behar da. Asko eta asko ez dira horretarako gai eta milaka eta milaka galdu egiten ditu. Zahartu, hil edo izpirituaren sugarra iraungitzen du beraiengan. Bere kuttunak, aldiz, festara gonbidatzen ditu eta ostadarrezko zubiak eraikitzen dizkie irla zoriontsuetara. Burupean kuxinak ezartzen dizkie, nekaturik daudenean eta adiskide eta ama kontsolatzaileak bezala besarte bigun atseginean hartzen ditu, tristuraren menpe erortzean. Bizitzako zirimolak mito handi bihurtzen ditu eta harpa ahaltsuan sorkuntzaren doinua jotzen du.

        Baina, halere, haur izaten jarraitzen du, zetazko kizkur, sorbalda txiki eta beso-zango finekin. Bihotzera arrimatu, aurpegitxoa zugana altxatu eta txunditurik eta ameslari begiratzen dizu maitasun-begi handiekin, zeinen sakonean paradisuko oroitzapenak eta jainkozko haurtzaro galdu gabe bat busti eta distiratsu darion iturburu sortu berria basoan bezalako zen.

        Eta jainko eztiak badu udaberriko gauean sakon eta zalapartari bere bidea korritzen duen korrontearena ere. Eta baita olatu hotzen gainean eguzkia eta ekaitza kulunkatzen dituenarena ere.

        Bere kuttunekin hitz egiten duenean misterioen, oroitzapenaren, poesiaren, intuizioen itsaso ekaitsuan jaurtikitzen ditu furrundaka zaparrada eta uholde artean. Mundu ezaguna txiki bihurtu eta galdu egiten da, eta arima poz ikaratiz amiltzen ezezagunaren zabalera bidegabean, non dena arrotz eta dena fidakor den eta, non musika, poeta eta ametsaren mintzaira hitz egiten den.

        Baina aurrena gauza bat kontatu beharra daukat.

        Gertatu zen ordu luzetan neure buruaz ahaztu eta alai egoteko gai nintzela, ikasi, idatzi eta Richarden musika entzuten nuen. Baina ez zen egun bakar bat ere pasatzen sufrimendurik gabe. Batzuetan gauez eta ohean nengoela intzirika hasi, asaldatu eta negar-malkoak zerizkidala geratzen nintzen. Edo Agliettirekin topo egitean esnatzen nintzen. Gehienetan, ordea, arratsalde aurreratuan izaten zen udako inular eder, epel, nekagarriak bastean. Orduan lakura joaten nintzen, hartu txalupa, arraunean jo eta ke nekatu arte egin eta gero ezinezkoa gertatzen zitzaidan etxera itzultzea. Orduan, taberna edo garagardotegiren batera joaten nintzen. Han ardo desberdinak dastatzen nituen, edan eta hausnarketan aritzen nintzen eta biharamunean sarritan erdi-gaixo egoten nintzen. Hamaika aldiz sentitu nuen hain atsekabe eta higuin-sentsazioa, non gehiago ez edatea erabaki nuen. Eta gero berriro itzuli eta edan egiten nuen. Pixkanaka ardoak eta bakoitzaren efektuak bereizten hasi nintzen eta kontzientzia gisako batez ahogozatzen nituen, oro har, jakina, aski xalo eta zakar. Azkenean Valtelinako beltzarekin geratu nintzen. Lehen basokada edatean gustu latz eta kitzikagarria artzen nion, gero pixkanaka pentsamenduak lausotzen zizkidan lokamuts patxadatsu eta iraunkor batera iritsi arte, eta ondoren liluratu, sortu eta berez poesia egiten hasten zen. Orduan gustatutako paisaia guztiak ikusten hasten nintzen, argitasun politez inguratzen nindutelarik, eta neu sartzen nintzen haietara, kantatu, amets egin eta neure baitan bizi bero indartsu batek nola zirkulatzen zuen sentituz. Eta azkenean, tristura guztiz atsegin bat izaten nuen, herri-kantak biolinez joko balituzte bezala eta nonbait zorion handi bat zegoela baldin baneki bezala, beraren ingurutik alde batera eta bestera ibili eta galdu nuena.

        Eta horrela berez etorri zen pixkanaka gero eta bakanago bakarrik edatea, aitzitik era guztietako lagunak aurkitzen nituen. Jendez inguraturik nengoenean, ardoak bestelako eragina zuen nigan. Orduan berritsu bihurtzen nintzen, baina ez asaldatua, aitzitik sukar hotz estrainio bat sentitzen nuen. Ordura arte nigan ia ezezaguna zen alderdi bat hasi zen loratzen gauez, baina zerikusi gutxiago zuen baratza eta lorategiarekin arantza eta asunen espeziearekin baino. Hitz-jarioarekin batera izpiritu zorrotz eta hotz bat ateratzen zitzaidan eta seguru, pentsakor, kritiko eta umoretsu bihurtzen ninduen. Beren presentzia gogaikarri zitzaidan jenderik bazegoen txorrotx eta trebeki, edo zakar eta setati adarra jo eta amorrarazten nuen, alde egiten zuen arte. Haurtzarotik hasita pertsonak ez nituen oso maitagarri ez beharrezkotzat eduki, eta orain kritikoki eta ironiaz begiratzen hasi nintzen. Zaletasuna hartu nion istoriotxoak aurkitu eta kontatzeari, zeinetan pertsonek elkarren artean zituzten harremanak errugabeki eta itxuraz objektiboa zen ironiaz azaldu eta iseka garratzez hornitzen ziren. Neronek ere ez nekien nondik zetorkidan mesprezuzko tonu hura, neure barrenetik heldu eta lehertzen den zaldar baten modura agertu eta gero urte luzetan ez baitzen gehiago azaldu.

        Horrela, bada, gauen batean bakarrik banengoen, berriz ere mendi, izar eta musika tristearekin amets egiten nuen.

        Aste haietan gogoeta-sorta bat idatzi nuen gizarte, kultura eta arte garaikideaz, liburutxo pozoitsu bat tabernako hizketak gaitzat harturik. Ikerketa historiko aski arretaz eginetatik era guztietako material historikoa inguratu nuen, neure satirei eustazpi sendo gisako bat ematen ziena.

        Lan honi esker egunkari entzutetsu batean lankide-maila lortu nuen eta hartatik ia bizitzeko modua neukan. Ia aldi berean agertu ziren nire entseguak liburu gisa eta arrakasta handi samarra izan zuten. Azkenean pikotara bidali nuen filologia. Azken kurtsoetan nengoen, aldizkari alemaniarrekiko nituen erlazioek ordura arteko iluntasun eta pobretasunetik atera eta ezagunen zirkulura jaso ninduten. Ogia irabazi, uko egin beka astunari eta literato profesionalaren bizimodu arbuiagarrian sartu nintzen indar guztiarekin.

        Eta arrakasta eta banitatea gorabehera, eta satira eta neure maitetasunezko sufrimenduak gorabehera, gaztaroaren distira epela neukan neure gainean alaitasun eta melankoliarekin. Ironia guztiak eta halako nagitasuntxo kaltegabe bat gorabehera, beti helburu bat ikusten nuen ametsetan, zorion bat, betegintasun bat neure aurrean. Zer izango zen ez nekien. Gauza bakar bat sentitzen nuen, bizitzak nolabait zorion bereziki irrikorra oinetan jarri behar zidala, ospe bat, maitasun bat agian, neure joranen askapena eta neure izatearen gorapena. Oraindik dama noble, torneo eta ohore handiekin amets egiten duen gorte-mutila nintzen.

        Gora zihoan bide baten hasieran aurkitzen nintzelakoan nengoen. Ez nekien ordura arte bizi izandako guztia halabeharrekoak zirela eta oraindik nire izate eta bizitzari akorde sakon eta berezkoa falta zitzaiola. Oraindik ez nekien muga eta edukitzat ospea eta maitasunaz bestelako zerbait duen jorana sufritzen ari nintzela.

        Eta hala ahogozatu nuen neure ospetxo latz samarra gazte-indar guztiaz. Ongi egin zidan ardo onaren ondoan eta pertsona argi eta zuhurren artean esertzeak eta hizketan hasten nintzenean, haien aurpegiak jakin-minez eta arretatsu nigana zuzentzen ikusteak.

        Batzuetan harrigarri gertatzen zitzaidan gaurko arima guzti haietan halako joran handi batek askapenaren eske oihu egin eta zeinen bide miresgarrietatik gidatzen zituen ikusteak. Jainkoagan sinestea inozo eta ia anormaltzat zeukaten, aitzitik era guztietako irakatsi eta izenetan sinesten zuten: Schopenhauer, Buda, Zaratustra eta beste askorengan. Baziren poeta gazte izengabeak gela isiletan jaiera solemnetan estatua eta pinturen aurrean murgiltzen zirenak. Lotsatu egingo ziratekeen Jainkoaren aurrean makurtzeaz, baina Otrikoliko Zeusen aurrean belaunikatzen ziren. Baziren aszetak beren buruak kontinentziaz oinazetzen zutenak eta narras baino narrasago ibiltzen zirenak. Tolstoi edo Buda zuten Jainko. Baziren artistak paper pintatu, musika, jaki, ardo, perfume edo zigarro ongi pentsatu eta berariazkoen bitartez aparteko egoerataraino beren buruak kitzikatzen zituztenak. Bizkor eta naturaltasun simulatuz hitz egiten zuten lerro musikal, kolorezko akorde eta antzekoez eta, oro har, «nota pertsonalaren» ataizean egoten ziren, zeina gehienetan xelebrekeria edo erokeriatxo kaltegaberen bat besterik izaten ez zen. Barrenean komeria zalapartatsu guzti hari dibertigarri eta irrigarri neritzon, halere sarritan ikara aparteko batez sentitzen nuen, zenbat joran serio eta benetako arima-indar sugarretan eta txinparta-jario egoten zen han.

        Behiala miresmen eta liluraz ezagutu nituen eta fantastikoki urrats luzeka zebiltzan poeta, artista eta filosofo berrizale guzti haietatik ez dut ezagutzen ezer ohargarririk egindako bakar bat ere. Bazen beraien artean nire adin bereko ipar-alemaniar bat, figuratxo atsegin eta gizaseme samur eta maitagarria, delikatu eta sentibera artearekin zerikusia zuen guztirako. Etorkizuneko poeta handitzat zeukan bere burua eta bere poema pare baten irakurketa entzun nuen eta oraindik nire oroimenak zerbait bereziki usain gozozko eta edertasun inspiratuzkotzat gogora ekartzen dit. Agian egiazko poeta bihur zitekeen gutako bakarra zen. Halabeharrez jakin izan nuen gerora bere historia laburra. Porrot literario batengatik kikildurik, bere sentiberakerian aldendu egin zen bizitza publikotik eta mezenas alproja baten eskuetan erori zen, zeinek adoretu eta senera ekarri beharrean, erabat lur joarazi zuen. Jaun aberatsaren borondatez dama histerikoekin liluramendu estetiko motel bat burutu zuen, bere ustetan heroi ezezagunaren mailara igo eta, zoritxarrez errebelaturik, Chopinen musika ozenaren eta estasi prerrafaelisten bitartez sistematikoki zentzua galtzera iritsi zen. Jende erdi-hegazkor, jantzi eta orrazkera bitxiekiko poeta eta arima eder hauetaz ikaraz eta errukiz bakarrik oroi naiteke, zeren gerora konturatu bainintzen beraiekiko tratuak zeukan arriskuaz. Goierriko baserritartasunak babestu ninduen zarramaltza hartan parte hartzetik.

        Ospea eta ardoa eta maitasuna eta jakinduria baino askoz noble eta zorion-emaileago zen nire adiskidetasuna. Azkenean berak bakarrik lagundu zidan nire bizimodu zailean eta berak gorde zituen nire gaztaroko urteak fresko eta goizeko oskorria bezala hondatu gabe. Oraindik gaur ere badakit ez dagoela ezer estimagarriagorik munduan gizonen artean benetako adiskidetasun leiala baino, eta oraindik ere gogoeta-egunetan gaztaro-minaren antzeko zerbaitek jotzen banau, estudiante-adiskidetasun harengatik bakarrik izan ohi da.

        Erminiaz maitemindu nintzenetik zertxobait zabartu egin zen Richardekiko nire harremana. Hasieran oharkabean gertatu zen, baina aste batzuk igaro ahala hartaz konturatu egin nintzen. Aitortu nion, berak azaldu zidan sentimenduz ikusi zuela ezbehar guztia gertatzen eta hazten, eta berriro bihotz eta suhartasunez atxiki nintzaion. Behiala bizi-artetxo alai eta libreei zegokienez eskuratu nuen guztia, dena beragandik etorri zitzaidan. Eder eta alai zen gorputz eta arimaz, eta bazirudien bizitzak ez zuela berarentzat inolako itzalik. Gizon zuhur eta mugikorrak bezala ezagutzen zituen garaiko grina eta errakuntzak, baina kalterik egin gabe lerratzen ziren beragandik. Bere ibilera, hizkuntza eta bere izaera malgu, harmoniatsu eta maitagarriak ziren. Oi, nola barre egiten zuen!

        Nire ardozaletasuna ez zuen oso ongi ulertzen. Noiz edo noiz laguntzen ninduen, baina basokada pare batekin aski izaten zuen eta txundimen xaloz begiratzen zion nire kontsumo askoz handiagoari. Baina sufritu egiten nuela eta erremediorik gabe melankolian murgildurik nengoela ikusten zuenean, musika jo, irakurri edo paseatzera eramaten ninduen. Geure txango txikietan bi mutikotxo bezala aztoratzen ginen. Behiala eguerdiko atsedena hartzeko etzan ginen ibar basotsu batean, ekin genion elkarri pinu-orriak botatzeari eta «Helena pietatetsua»ren bertsoak kantatzen hasi ginen doinu hunkigarritan. Errekatxo laster gardena txutxu-putxuka freskoan ari zitzaigun belarria liluratzen eta azkenean arropak erantzi eta ur hotzetan sartu ginen. Orduan komeria bat antzeztea eman zion buruak. Jarri zen harkaitz goroldiotsu baten gainean eta Loreley bihurtu zen eta ni behean ontzilaria nintzen ontzitxo batean igarotzen. Hain zeukan neskatila-itxura lotsorra eta halako pariztak egiten zituen, ezen nik, ikaragarri sufritzen nuelakoa egin behar nuenak, ezin izan nuen barre-algaraka hasi gabe egon. Supituki ahots ozenak entzun ziren, agertu zen turista-talde bat bidezidorretik, eta guk geure biluztasunean albait lasterren erreka-hegi sasitsu eta zintzilikatuen azpian ezkutatu behar izan genuen. Ezeren susmorik ez zuen taldea paretik igarotzean, Richardek era guztietako hots bitxiak egiteari ekin zion murruntzaka, kurriskaka eta arnasestuka. Jendea gelditu, ingurura begiratu, uretara so egin eta ia gu aurkitzeko zorian ibili ziren. Orduan nire adiskideak gorputzaren erdia bere gordelekutik atera, begiratu talde suminduari eta ahots sakon eta apaiz-keinuez turista-taldeari hitz egin zion:

        — Zoazte bakean!

        Berehalaxe ezkutatu zen berriro, zimiko egin zidan besoan eta esan zuen:

        — Hau ere alegoria bat izan duk!

        — Zer eratakoa? —galdetu nion.

        — Pan jainkoa artzain batzuk ikaratzen —barre egin zuen—. Txarrena duk emakume batzuk zeudela tartean!

        Nire ikerketa historikoez ez zen gehiegi arduratzen. Baina laster partekatu zuen, ordea, Asiseko Frantzisko Santuari nion ia maiteminezko atxikimendua, nahiz eta tarteka sumintzen ninduten txantxak ere haren lepotik egiten zituen. Biok bero-bero ikusten genuen pairatzaile dohatsua erabat suharturik eta alai haur handi baten modura Umbriako landetan barrena alde batera eta bestera ibiltzen, bere Jainkoarengatik pozez eta gizaki guztienganako maitasun apalez beterik. Elkarrekin irakurtzen genuen bere Eguzkiaren kanta hilezkorra eta ia buruz genekien. Behi batean, lurrin-ontzian lakuan ibili eta txangotik etxerakoan, arratseko haizeak ur urreztatuari eragiten ziola, ahapeka galdetu zuen:

        — Aizak, zer ziok honetaz santuak?

        Eta nik aipua egin nion:

        — Laudato si, misignore, per frate vento e per aere e nubilo e sereno et onne tempo!

        Haserretu eta elkarri irainak esaten genizkionean, erdi-txantxetan eskola-umeen gisara, hainbeste izendapen bitxi botatzen zizkidan aurpegira, non barre egin eta amorruari eztena kendu behar izaten nion. Normalean nire adiskidea gogoko bere musika entzun edo jotzean bakarrik egoten zen serio. Baina orduan ere gai izaten zen eten bat egin eta txantxetan aritzeko. Halere, bere artezaletasunak eraspen garbi eta bihotzetikoa zuen, eta esanguratsua eta benetakoa zuen guztiarekiko bere sentipenari hutsezin neritzon.

        Zoragarri ulertzen zuen kontsolatu, alboan errukior egon edo alaitzearen arte fin samurra, bere adiskideetako norbaitek premia baldin bazuen. Umore txarrean aurkitzen baninduen, grazia groteskoa zuten istorio anekdotiko mordoa kontatzen zidan eta bazuen lasaitu eta alaitzen zuen halako zerbait bere tonuan, ia beti menperatzen ninduena. Nire aurrean bazuen errespetu apur bat, zeren ni bera baino serioago bainintzen; halere, nire indar fisikoa miresten zuen gehiago. Besteen aurrean askotan aipatzen zuen hori eta harro zegoen esku bakar batez ito zezakeen adiskide bat edukitzeaz. Garrantzia handia ematen zien trebetasun eta ariketa fisikoei, tenisa irakatsi zidan, arraunean eta igerian egiten zuen nirekin, zaldian ibiltzera eramaten ninduen eta ez zuen atsedenik hartu harik eta ia berak bezain ongi billarrean jokatu nuen arte. Bere joko kuttuna zuen, eta artista eta maisu baten gisara ez ezik, bizi, umoretsu eta alai ibili ohi zen billarrean. Sarritan ezagunen izenak jarri ohi zizkien hiru bolei eta jaurtikialdi bakoitzean bolen posizio, hurbiltze eta urruntzeen arabera nobela osoak eraikitzen zituen piper, zirto eta konparaketa karikaturazkoz beteak. Horretarako astiro, zalu eta oso dotore jokatzen zuen eta gozamena zen berari begira egotea.

        Nire idazle-lanbidea ez zuen neronek baino askoz gehiago estimatzen. Behin esan zidan:

        — Hara, beti eduki haut poetatzat eta halakotzat haukat oraindik ere, baina ez heure foiletoi horiengatik, baizik eta heure baitan zerbait eder eta sakona bizirik daukaala sentitzen dudalako, lehentxeago edo geroxeago kanporatuko dena. Eta hura bai izango dela benetako poema!

        Bitartean, txanpontxoak eskuetatik bezala ihes egiten zizkiguten kurtsoek, eta ustekabean iritsi zen Richardek bere jaioterrira itzultzean pentsatu behar izan zueneko unea. Ia aztoramendu artistiko batez gozatu genuen ihesi zihoazen asteez eta azkenean ados jarri ginen despedida mingotsaren aurrean egiteko jai-girotsu eta distirante baten batez urte eder haiek alai eta promesatsu zigilatu behar genituela. Bernako Alpeetan oporraldi bat pasatzea proposatu nuen nik, baina oraindik udaberri aurretxoa izaki, goizegi zen mendietan ibiltzeko. Beste proposamen batzuen bila burua urratzen nenbilen bitartean, Idatzi zion Richardek aitari eta ezer esan gabe ezusteko handi eta alai bat prestatu zidan. Egun batean etorri eta egundoko zeremoniarekin gidari gisa Italiaren Iparraldea bisitatzera gonbidatu ninduen.

        Supituki eroturik bezala taupaka hasi zitzaidan bihotza. Haurtzarotik irrikatu, mila bider amets egindako nahirik bizienetako bat egia bihurtzera zihoakidan. Sukarretan bezala egin nituen neure prestakuntzatxoak, irakatsi nizkion adiskideari hitz pare bat italieraz eta beldurretan egon nintzen azkeneko egunera arte ez ote zen dena hutsean geratuko.

        Geure maletak aurrez bidali genituen, eseri ginen bagoian, zelai eta muino berdeak ziztu bizian pasatu ziren aurretik, Uriko lakua eta San Gotardo etorri ziren, gero mendiko herritxoak, errekak eta harribilezko muinoak eta Tessinoren gailur elurtua, eta gero harrizko etxe beltzaxkak mahasti lauetan eta gero itxaropenez beteriko bidaia itsasorantz eta Lombardia emankorrean barrena Milan zaratatsu eta bizi, guztiz erakargarri eta higuingarrirantz.

        Richardek susmorik ez zuen nolakoa zen Milango katedrala, aitzitik beti uste izan zuen eraikin handi eta ospetsu horietako bat zela. Gozatzekoa izan zen bere haserrezko deslilura ikustea. Lehen harridura pasatu eta umorea berreskuratzean proposatu zuen teilatura igo eta bertan zegoen harrizko irudien labirinto zoroan harat-honat ibiltzea. Lasaitasun apur batekin egiaztatu ahal izan genuen katedraleko orratzean dauden ehunka santu-irudi dohakabeak ez daudela hain egoera tamalgarrian, zeren eskuarki, eta oro har behintzat, berriago ageri baitira eraikinaren gainerakoa baino. Ia bi ordu eman genituen apiril eguzkitsu batek emaro argitu zituen marmol-tranpal inklinatu zabalean. Richardek atseginez esan zidan:

        — Ba al dakik? Barrenean ez diat ezer honelako deslilurak, katedral demontre horrekin bezalakoak bizitzearen kontra. Bidaia guztian izan diat halako larridura apur bat ikusten ditugun eta zanpatzen gaituzten handiostasun guzti horien aurrean. Baina orain gauzak erosotzen ari dituk eta gizatiar ez ezik barregarri ere ageri dituk. Gero harrizko irudi-multzo nahasiak, zeinaren erdian baikeunden, era guztietako fantasia barrokoetara zirikatu zuen.

        — Pentsa litekek —esan zuen— koruaren dorrean, erpinik garaiena izaki, santurik garaien eta gailenena ere bertan dagoela. Nola inola ere ezin daitekeen atsegina izan, beti harrizko sokadantzari gisa dorretxo punta-zorrotz horietan orekan ibiltzea, bidezkoa da, noizean behin santu gorena soltatu eta zerura itzultzea. Eta orain pentsa ezak nolako ikuskizuna gertatzen den horrelakoetan! Gero, jakina, gainerako santu guztiek, zeinek bere arranguraren arabera, postu batez aurrera egiten diate, eta bakoitzak salto handi batez aurrekoaren erpinera jauzi egin behar izaten dik, oso bizkor eta aurrean dauzkan besteekiko zelati.

        Harez gero, Milanera joan izan naizen bakoitzean arratsalde hartaz gogoratu izan naiz eta nostalgiazko irribarretan marmolezko ehunka santuak salto-brinkoak egiten ikusi izan ditut.

        Genoan maitasun handi batez aberastu nintzen. Egun oskarbi haizetsua zen, eguerdi pasatu berria. Besoak balaustrada batera arrimatuak neuzkan eta, atzealdean, Genoa koloretsua zetzan eta, nire azpian, kresal urdin handia, hanpakor eta bizi. Itsasoa. Orroa ilun eta joran ulertezinekin oldartu zitzaidan betiereko eta aldaezin, eta sentitu nuen zerbait adiskidetu zela nigan kresal urdin apartsu honekin bizitza eta heriotzarako.

        Indar beraz jabetu zen nitaz itsasoaren horizonte zabala ere. Berriro ikusi nuen haurtzaroan bezala urruntasun urdin usaintsua ate ireki bat bezala itxaroten. Eta berriro menperatu ninduen sentipen hark: ni ez nintzela jaioa beti etxe-bizitza jende, hiri eta bizilekuetan egiteko, baizik eta harat-honat herrialde urrunetan barrena ibili eta itsasoetan zehar abentura-bidaiak egiteko. Kemen ilunez igo zen nigan irrika zahar tristegarria, neure burua Jainkoaren altzoan amildu eta bizitzatxo amaigabe eta denbora gabearekin senidetzekoa.

        Rapallon borroka egin nuen igerian itsasoarekin, dastatu kresal gazia eta uhinen ahalmena sentitu nuen. Inguruan olatu urdin garbiak, hondartzako harkaitz nabar-horiak, sakonago zeru isila eta betiko zurrumurru handia. Ben berriro hunkitzen ninduen urrunean lerratzen ziren ontzi, masta beltz eta bela zuriak edo urruneratzen ari zen lurrunontziaren kezko banderatxoa ikusteak. Neure kuttun ditudan hodei egonezinen ondoren, ez dut ezagutzen nostalgia eta alderrai ibiltzearen irudi egoki eta ederragorik itsas zabalera doan, pixkanaka txikitu eta horizonte irekian barrena galtzen den horrelako ontzia baino.

        Eta Florentziara joan ginen. Han zegoen hiria, milaka irudi eta milaka ametsetatik ezagutzen nuenez —arin, hedatsu, atoskor, zubipeko korronte berdez zeharkatu eta muino argiz inguratua. Palazzo Vecchioren dorre ausarta zorrotz sartzen zen zeru argian, bere goialdean han zegoen zuri eta eguzkitan epel Fiesole ederra, eta muino guztiak zuri eta arrosa fruitu-arbola-loreen garabetean. Toscanako bizitza mugikor alaia eta kaltegabea mirari baten modura ireki zitzaidan eta laster sentitu nintzen eroso, beti bertan bizi izan banintz bezala. Eliza, plaza, kalexka, loggia eta merkatuetan ematen genituen egunak, muinoetako lorategietan ametsetan gauak, non jadanik limoiak heltzen ari ziren, edo chianti-tabernatxo apaletan mozkorturik eta berritsukerian. Bitarteko ordu aberats zorion-emaileak pintura-galeriatan eta Bargellon, komentuetan, biblioteka eta sakristiatan, arratsaldeak Fiesolen, San Miniaton, Settignanon, Praton.

        Jadanik etxetik abiatu baino lehen erabakitako hitzarmenaren arabera aste batzuetan bakarrik utzi nuen Richard eta neure gaztaroko bidaiarik noble eta preziatuenaz gozatu nuen, Umbriako mendialde aberats eta berdean barrena. Frantzisko santuaren kaleetan zehar ibili nintzen eta, askotan, neure alboan zebilela sentitu nuen, barrena maitasun agortezinez beterik, txori, iturri eta basalarrosa-sastraka bakoitza esker on eta pozez agurtuz. Limoiak hartu eta estutzen nituen mendi-bizkar eguzkitsutan, herritxotan ematen nuen gaua, neure baitan poesia egin, kantatu eta Pazko-eguna Asisen ospatu nuen, neure santuaren elizan.

        Beti iruditu izan zait Umbrian zehar oinez pasatako zortzi egunak neure gaztaroaren koroa eta inular ederra izan zela. Egunero iturri berriak sortzen ziren nigan eta udaberriko paisaia jai-girotsu eta argiari Jainkoaren begi onberari bezala begiratzen nion.

        Umbrian Frantzisko, «Jainkoaren musikaria»ren atzetik ibili nintzen bera omenduz; Florentzian Quattrocentoko bizitzaren oroitzapen etengabeaz gozatu nuen. Ordurako etxean ere satirak idatzita neuzkan gaur eguneko gure bizimoduaz. Halere, Florentzian sentitu nuen lehen aldiz kultura modernoaren barregarrikeria trufazkoa. Han izan nuen lehen aldiz gure gizartean beti arrotz izango nintzen susmoa eta bertan piztu zitzaidan lehen aldiz neure bizitza gizarte honetatik kanpo, eta ahal izanez gero, hegoaldean egiteko gogoa. Hemen jendearekin harremanetan sartzeko aukera nuen, hemen txitean-pitean pozten nintzen bizitzaren naturaltasun libreaz, zeinaren gainean nobletu eta finduz kultura eta historia klasiko baten tradizioa baitzegoen.

        Distira eta zorionetan ihes egin ziguten aste eder haiek; Richard bera ere inoiz ikusi gabe neukan hainbesteko suhartasunez berotua. Umore onez eta pozik husten genituen ederra eta atseginaren edalontziak. Muinoetako herritxo aldendu eta garai kokatuetan barrena ibili ginen, ostatari, fraide, baserri-neskekin eta pozik bizi ziren herri txikitako erretoreen adiskide egin ginen, serenata xaloak entzun, ogiz eta fruituz janaritu haur polit beltzaranak eta mendi-gailur eguzkitsuetatik Toscana udaberri-erlantzetan eta urrunean itsaso liguriarra dirdirka ikusi genituen. Eta biok izan genuen geure zorionaren duin bizitza berri aberats baterantz gindoazelako sentipen sendoa. Lana, borroka, atsegina eta ospea hain hurbil, distiratsu eta ziur zeuden gure aurrean, non presarik gabe egun zoriontsuez gozatzen genuen. Laster zetorren banaketa berari ere arin eta igarokor generitzon, zeren inoiz baino seguruago baikenekien elkarren beharrean eta elkarrentzako seguru geundela bizitzan zehar.

        Han da nire gaztaroaren historia. Baderitzot, horretan pentsatzen jartzen naizenean, udako gau bat bezain laburra izan zela. Musika apur bat, izpiritu apur bat, maitasun apur bat, banitate apur bat —baina festa eleusiar bat bezain eder, aberats eta koloretsua izan zen.

        Eta argi bat haizetan bezain bizkor eta dohakabe iraungi zen.

        Zurichen egin zidan Richardek azken agurra. Bi aldiz jaitsi zitzaidan treneko bagoitik, musu emateko, eta joan zihoala, leihotik samurtasunezko keinuak egiten zizkidan oraindik.

        Bi aste geroago, Alemaniaren hegoaldeko ibai izugarri txiki batean bainatzen ari zela, ito egin zen. Ez nuen gehiago ikusi, ez nintzen bertan izan lurperatu zutenean, egun pare bat geroago jakin nuen guztiaren berri, ordurako zerraldoan eta lurpean zegoela. Neure gelatxoaren zoruan etzan eta Jainkoa eta bizitza birao zantar eta lazgarriekin madarikatzen, negarrez eta zotinka aritu nintzen. Ordura arte ohartu gabe nengoen nire jabego seguru bakarra urte haietan nire adiskidetasuna izan zela. Orain harenak egina zuen.

        Ezin izan nuen luzaroan hiria pairatu, non egunero oroitzapen-mordoak nahigabetzen baininduen, arnasa hartzeko airea lapurtuz. Aurrerantzean zer gertatuko zen, berdin zitzaidan; arimaren barrenean gaixo nengoen eta bizidun ororen aurrean izu-larria sentitzen nuen. Aukera eskasa ikusten nuen neure izaki deuseztatua berriz konpondu eta bela hedatuekin berriro helaroko urteen zorion garratzerantz abiatzeko. Jainkoak nahi izan zuen neure izatearen hoberena adiskidetasun garbi eta alai bati eskaintzea. Gu bi txalupa bizkor ginen ziztu bizian aurrera gindoazenak, eta Richarden txalupa ñabar, arin, zoriontsu, maitatua, nire begia gainean zeukana eta hartaz fidatzen zena, helmuga ederretara gidatuko ninduena. Baina oihu laburren ostean hondoratu zen eta ni supituki lema gabe nenbilen norakorik gabe ilundutako uretan zehar.

        Froga gogorra gainditu ahal izateko izarretara zuzendu eta bidaia berrian bizitzaren koroarengatik borroka egin eta bidaiatu beharko nukeen. Nik sinetsi izan nuen adiskidetasun, emakumeen maitasun, gaztetasunean. Baina bata bestearen atzetik utzi nindutelarik, zergatik ez nuen Jainkoagan sinetsi eta neure burua bere esku ahaltsuan jartzen? Baina bizitza guztian kaskagogorra eta tematia izan naiz, haur bat bezala eta benetako bizitza espero nuen, ekaitzean iritsi, zentzuzko eta aberats bihurtu eta hegal handitan zorion umo baterantz eramango ninduena.

        Baina bizitza zuhur eta soila mutu geratu zen eta aurrera bultzatu ninduen. Ez zidan ez ekaitzik ez izarrik bidali, aitzitik itxaron egin zuen ni berriro apal eta egonarritsu bihurtu eta nire setakeria hautsi arte. Utzi egin zidan neure harrokeria eta hantustezko komeria antzezten, begiratu eta itxaron egin zuen, haur errebelatuak ama berriro aurkitu arte.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia