III

 

        Jaioterriko giro zorrotz eta zanpatzailetik irten berri, atseginez dastatu nituen plazera eta askatasunaren gozamenak. Bizitzan galtzaile atera naizen bakoitzean, orduantxe gozatu ahal izan dut, zinki eta finki, gaztaroko plazer aparteko eta suharra. Baso-muga loratuan atsedena hartzen ari den gerrari gaztearen gisara, ezinegon zoriontsua bizi izan nuen borroka eta atsedenaren artean; eta igarle senduna bezala nengoen zutik amildegi ilunen ertzean, korronte eta ekaitzen burrundara entzuten, arima prest neukala gauzen akordea eta bizitza osoaren harmonia hautemateko. Luze eta zoriontsu edan nuen gaztaroaren edalontzi beteetatik, isilean pairatu nituen grina eztiak emakume eder herabez ohoratuengatik eta hondarreraino dastatu nuen gizonen arteko adiskidetasun bozkariotsu garbiaren gaztaro-zorionik nobleena.

        Larruzko jantzi berria eta liburuz eta beste gauza batzuez beteriko maletatxo batekin heldu nintzen hirira, munduaren zati bat konkistatzeko prest eta ahal bezain laster neure herriko kaikuei erakusteko gainerako Camenzindarrak ez bezalako ezpalekoa nintzela ni. Hiru urte zoragarriz bizi izan nintzen urrunerainoko bista zuen mansarda haizetsu berean, ikasiz, poesia eginez, irrikatuz eta munduko edertasun guztiak bere hurbiltasun epelez inguratzen ninduela sentituz. Ez nuen egunero jaki berorik izaten, baina egunero eta gauero eta orduro kantatu, barre eta negar egiten zidan bihotzak, poz indartsuz beterik, eta bizitza maitea bero eta irrikagarri gordetzen zuen bere baitan bildua.

        Zurich izan zen ni bezalako zozomikote batek aurrena ikusi zuen hiri handia eta aste-pare batez begiak zabal-zabal nituela ibili nintzen. Hiri-bizitzari egiazki miresmena edo inbidia niolarik, ez zitzaidan burutik pasatzen horretan ere baserritar hutsa nintzenik; baina poztu egiten nintzen kale, etxe eta pertsonen ugaritasunaren aurrean. Zalgurdiz beteriko kale, trikaleku, plaza, lorategi, eraikin bikain eta elizak begiesten nituen; jende saiatua multzoka lanera lasterka ikusten nuen, estudianteak nagikerian, moduko jendeak bidaiatzen, harroxkoak oilarkeriatan, kanpotarrak harat-honat ibiltzen. Azken modako dotorezian zebiltzan aberatsen emazteei, polit, harro eta barregarri samar, oilategiko pauma antza hartzen zuen. Egia esan ez nintzen lotsati sentitzen, zurrun eta baldar baizik, eta ez nuen inolako zalantzarik erabat egokia nintzela hiriko bizitza urduri hau sakon ezagutu eta gerora neronek ere bertan leku ziur bat aurkitzeko.

        Gaztaroa bidera atera zitzaidan nire hiri berean ikasten ari zen eta nire etxeko lehen bizitzan bi gela polit alokatuak zeuzkan gizaseme gazte eta eder baten itxurapean. Egunero entzun nuen nola jotzen zuen pianoa eta orduan nabaritu nuen lehen aldiz musikaren, arterik eme eta eztienaren lilura. Gero ikusten nuen nola gazte ederrak etxea uzten zuen, liburu edo koaderno bat ezkerrean eta zigarroa eskuinean zituela, zeinaren keak bere gorputz zalu eta argalaren atzetik zurrunbiloa egiten zuen. Beraganako zaletasun lotsatia sentitzen nuen, halere aldendurik jarraitzen nuen eta beldurra nion gizaseme batekin tratua izateari, zeinaren bizimodu eroso, libre eta arinak nabarmenago utziko baitzituen nire pobrezia eta bizimaina falta. Orduan bera etorri zen nigana. Arrats batean atea jo zidan eta izutu egin nintzen apur bat, ez bainuen inoiz bisitarik hartu ordura arte. Sartu zen itxura oneko estudiantea, eman eskua, esan bere izena eta aspaldiko adiskideak bagina bezain libre eta atsegin portatu zen.

        — Galdetu nahi nizuke, ea nirekin musika pixka bat jotzeko gogorik duzun —esan zuen adiskidetasunez. Baina nik ez nuen neure bizitzan musika-tresnarik ukitu. Hori esan eta eztarri-kantan aritzeaz aparte ez nuela beste arterik ezagutzen gehitu nion, halere bere pianoari sarritan oso eder eta liluragarri neritzola.

        — Nola huts egiten den batzuetan! —esan zuen alaikiro—. Zure kanpoko itxuragatik musikaria zinela zin egingo nuen! Handia da gero! Eztarri-kantan al dakizu? O, mesedez, kantatu! Oso pozik entzungo dizut.

        Erabat durditurik nengoen eta argitu nion nik inork eskatuta eta gela baten barruan ez nintzela eztarri-kantan aritzeko gai. Horrelakorik mendian, edo gutxienez airepean, eta neure gustu hutsez bakarrik egin nezakeela.

        — Orduan kanta ezazu mendi batean! Bihar agian? Arren eskatzen dizut. Iluntze aldera elkarrekin joan gintezke. Harat-honat ibili eta berriketan aritu pixka bat, han goian eztarri-kantan aritzen zara, eta ondoren, gauean, otordua egingo dugu herritxoren batean. Ba al duzu astirik?

        O, bai, nahikoa asti dut. Esan nion berehalaxe. Eta gero zerbait jotzeko eskatu nion, eta berarekin gela handi eta eder batera jaitsi nintzen. Markodun koadro moderno pare batek, pianoak, halako desordenu apain eta zigarro-usain finak dotorezia atsegin eta libre gisakoa eta giro erosoa sortzen zuten gela politean, zeinak niretzat erabat berriak ziren. Richardek eseri pianora eta konpas-pare bat jo zituen.

        — Ezagutzen duzu hori, ezta? —esan zidan alde batera eta bestera mugituz eta itxura begikoarekin, jotzean buru ederrak okertu eta distirakor begiratzen zidala:

        — Ez —esan nuen— ez dut ezagutzen.

        — Wagner da —jaregin zuen— «Maisu Kantariak» obrakoa.

        Eta jotzen jarraitu zuen. Doinu erraz eta indartsua zuen, jorantsu eta barea, bainu epel kitzikagarri batek bezala inguratzen ninduen. Berehalaxe begiztatu nituen jotzailearen garondo eta bizkar meheak eta bere musikari-esku zuriak, eta lehenago eskolakide ilebeltz hari begiratu nioneko samurtasun eta begirunezko sentipen txundigarri eta lotsati bera izan nuen, baina gizaseme eder, gailen hura agian adiskide bihurtu eta nire gurari zahar ahaztu gabeak halako adiskidetasun baten ondoren egia gertatuko ziren susmo herabetiarekin.

        Biharamunean bere bila jaitsi nintzen. Astiro eta berriketan igo ginen muino handi batera, begiztatu genituen hiria, lakua eta jardinak, eta inularraren edertasun biziaz gozatu genuen.

        — Eta orain ekin eztarriz kantatzeari! —jaregin zuen Richardek—. Oraindik lotsatzen bazara, bizkarra emango dizut. Baina, ozen kantatu!

        Pozik geratu ahal izan zuen. Suharrez eta alai ekin nion neure eztarri-kantari arrats arrosatuan, era guztietako doinu eta hausturak eginez. Gelditu nintzenean zerbait esan nahi izan zuen, baina berehala eten eta mendirantz itzuli zen aditasunez. Goialde urrunetik erantzuna etorri zen emaro, arrastatu eta hazkor, artzain edo ibiltariren baten diosala, eta isilik eta pozik entzuten egon ginen. Elkarrekin egon eta entzute honek ikara atseginez menperatzen ninduen bitartean, lehen aldiz adiskide baten ondoan nengoela eta biok batera bizitzaren zabaldi eder eta hodei arrosazkora begiratzen genuela sentitu nuen. Arratseko lakuak bere kolore-joko samurrari ekin zion eta eguzkia sartu aurretxoan lautadan desegiten ari zen mendi-gailur harro eta ausarki ebaki pare bat ikusi nuen.

        — Hor dago nire jaioterria! —esan nuen—. Erdiko malkarra amildegi gorria da, eskuinetara Geisshorn dago, ezkerretara eta oraindik urrunago Sennalpstock biribila. Hamar urte eta hiru aste nituela, igo nintzen lehen aldiz tontor zabal horretara.

        Oraindik hegoalderago zegoen gailurren bat nabaritzeko begiak zorroztu nituen. Handik apur batera ulertu ez nion zerbait esan zuen Richardek.

        — Zer esan duzu? —galdetu nion.

        — Esan dut orain badakidala zer arte lantzen duzun.

        — Zein bada?

        — Poeta zara.

        Orduan gorritu eta aztoratu egin nintzen eta bat-batean, igarri zidalako txunditurik geratu nintzen.

        — Ez —jaregin nuen—, ez naiz poeta. Jakina, egin ditut bertsoak eskolan, baina orain ez dut egiten.

        — Ikus al ditzaket?

        — Erre egin ditut. Baina ez nizkizuke irakurtzen utziko, edukiko banitu ere.

        — Zerbait oso modernoa izango zen, nonbait, barruan Nietzsche askorekin.

        — Zer da hori?

        — Nietzsche? Jainko maitea, ez al dakizu nor den?

        — Ez. Nondik jakin behar nuen ba?

        Harritu egin zen Nietzsche ezagutzen ez nuelako. Sumindu eta zenbat glaziarretan ibili zen galdetu nion. Bakar batean ere ibili gabe zegoela esan zidanean, neuk ere berak bezain harridura isekatia erakutsi nion. Orduan eskua sorbaldan ezarri eta serio-serio esan zidan:

        — Oso sentikorra zara. Baina ez dakizu zeinen pertsona errugabe eta inbidiagarria zaren eta zeinen gutxi geratzen diren zu bezalakoak. Hara, urte pare baten buruan zuk nik baino askoz hobeto ezagutuko dituzu Nietzsche eta jendaila guzti hori, zeren sakonagoa eta azkarragoa baitzara. Baina orain zaren bezala nahi zaitut. Ez dituzu Nietzsche eta Wagner ezagutzen baina asko ibilita zaude mendi elurtuetan eta goierritar-aurpegi jatorra duzu. Eta ziur nago gainera poeta zarela. Begirada eta bekokian ikusten dizut.

        Hain libreki eta zeremoniarik gabe begiratzea eta bere iritzia botatzeak harritu egin ninduen eta ohieza gertatu zitzaidan.

        Halere, askoz harritu eta zoriontsuago sentitu nintzen, handi zortzi egunetara jendez beteriko garagardotegi batean nirekin anaitasun-ituna egitean, jende guztiaren aurrera salto egin, musu eman, heldu eta zoro baten pare mahaiaren inguruan dantzari hasi zitzaidanean.

        — Zer pentsatuko ote du jendeak? —ohar egin nion lotsati.

        — Pentsatuko dute: bi horiek oso zoriontsu dituk edo bestela erabat mozkorturik zeudek; gehienek ez dute ezer pentsatuko ordea.

        Normalean haurra iruditzen zitzaidan Richard, nahiz eta zaharragoa, argiagoa, hobeto hezia eta denean ni baino jakitun eta finagoa izan. Kalean modu jai-girotsu eta txantxetakoan erronda egiten zien neskatila erdi-haziei, piano-pieza serioenak eteten zituen guztiz haur-txisteak esateko, eta egun batean denbora-pasa eliza batera joan ginelarik, sermoiaren erdian, supituki, pentsakor eta serio esan zidan:

        — Ez al diok apaizari untxi-antza hartzen?

        Konparazioa egokia zen, baina nik iritzi nion geroago ere adieraz ziezadakeela hori, eta esan egin nion.

        — Arrazoia duk —esan zuen—. Gerorako utzi izan banu, ahaztu egingo zitzaidakean.

        Bere txisteak ez ziren beti zirtozkoak izaten eta sarritan bertso bukolikoak aipatzeraino iristen zen, baina horrek ez zituen ez besteak ez ni molestatzen, zeren nik beragan maite eta miresten nuena ez baitzen umorea eta txispa baizik eta bere haur-izaera arinaren alaitasun gorde ezina, uneoro kanporatu eta giro arin bozkariotsuz inguratzen zuena. Keinu batean, barre eme batean, begirada leial batean kanporatu zezakeen, baina nekez gordetzen zuen luzaroan. Sinetsirik nago lotan zegoela ere seguru aski irribarre edo alaitasunezko keinuren bat egiten zuela.

        Richardek beste gazte askorekin harremanetan jarri ninduen, estudiante, musikalari, pintalari, literato, era guztietako atzerritarrekin, zeren hirian zebiltzan pertsona interesgarri, artezale eta berezi guztiek berarekin tratatua baitzuten. Izpiritu serio eta guztiz borrokalari bat baino gehiago zegoen han, filosofoak, estetak eta sozialistak, eta bakoitzarengandik gauza mordoa ikas nezakeen. Alor desberdinenetatiko ezaguerak iristen zitzaizkidan zatika, nik osatu egiten nituen eta asko irakurtzen nuen haien inguruan, eta horrela pixkanaka lortu ahal izan nuen garai hartako buru jardukorrak kezkatu eta liluratzen zituenaren ideia bat eta internazional izpirituzko baten ikuspegi estimulagarri eta mesedegile bat ere neureganatu ahal izan nuen. Haren gurari, susmo, lan eta idealak erakargarri eta ulergarri zitzaizkidan, neure bulkada indartsu propio batek haien alde edo kontra egotera behartzen ez ninduelarik. Gehienengan pentsamendua eta grinaren energia guztiak gizarte, Estatu, zientzi, arte eta irakasbideak gauzatu eta antolatzera zuzenduak aurkitu nituen, eta iruditu zitzaidan gutxienek ezagutzen zutela kanpoko helburuen ordez beren baitan eraiki eta, denbora eta betierarekiko beren harreman pertsonala argitzearen premia. Neronen baitan ere sen hori gehienetan erdi-lotan aurkitzen zen.

        Ez nintzen inoren adiskide egin, zeren Richard bakarrik eta suhartasunez maite bainuen. Sarri eta konfiantzaz tratatzen zituen emakumeengandik ere aldentzen ahalegindu nintzen. Berarekin egindako akordiorik txikiena ere oso kontutan hartzen nuen eta erabat mintzen nintzen itxaroten edukitzen baninduen. Egun batean esan zidan ordu jakin batean bere bila joan nendila arraunean aritzeko. Joan nintzen, baina ez nuen etxean aurkitu eta hiru orduz alferrik itxaroten egon nintzaion. Biharamunean aurpegira bota nion zabarkeria.

        — Zergatik ez haiz heu bakarrik arraunketara joan? —barre egin zuen harriturik—. Erabat ahaztu zitzaidan; baina ez duk inondik ere galera handia.

        — Ni neure hitza zehatz betetzera ohiturik nagok —erantzun nion berotuta—. Baina era berean ohiturik nagok, hik horri garrantzirik ez eman eta ni edonon hiri itxaroten edukitzera. Hainbeste adiskide dituk hik, izan ere!

        Izugarrizko harriduraz begiratu zidan.

        — Hain benetan hartzen al dituk huskeria horiek?

        — Adiskidetasuna ez duk huskeria bat.

        — «Hain sakon sartu zitzaion bihotzean hitza,

            laster erabaki baitzuen aldatzea bizitza»...

esan zuen alaikiro aipua Richardek, hartu burua eta ekialdekoen maitasun-usadioaren arabera sudur-punta igurtzi zidan bereaz eta laztandu egin ninduen, nik haserre irribarre eginez albora eragin nion arte; adiskidetasuna berriro salbu geratu zen.

        Nire mansardan sarritan liburu garesti eta mailegatutan filosofo, poeta eta kritikari modernoak, Alemania eta Frantziako literatur aldizkariak, teatro-obra berriak eta Parisko foiletoi eta Vienako moda-estetak egoten ziren metaturik. Bizkor irakurri ohi nituen gauza hauekin baino serio eta atseginago aritzen nintzen antzinako nobelista italiar eta estudio historikoekin. Nire nahia lehenbailehen filologia alde batera utzi eta historia bakarrik ikastea zen. Historia orokorra eta metodo historikoei buruzko obrekin batera Italia eta Frantziako Erdi Aro berantiarreko garaiez kronika eta monografiak irakurtzen nituen. Hala ikasi nuen lehen aldiz gizakien artean kutunena dudan Asiseko Frantzisko, santu guztietan dohatsu eta jainkotiarrena zehatz aztertzen. Eta hala nire ametsa, zeinetan nik bizitza eta izpirituaren betetasuna zabalik ikusi nuen, egunean-egunean egia bihurtzen zen eta bihotza berotzen zidan ohore-gose, poz eta gazte-banitatez. Ikasgelan zientzia zorrotzak, eta lakar eta aspergarri samarra ere bazenak, erabat harrapatzen ninduen. Etxean Erdi Aroko historia jaieratsu edo lazgarrietara edo antzinako nobelista atseginetara itzultzen nintzen, zeinen mundu eder eta atsegina ipuinetako txoko itzal eta ilunabartsu batek bezala inguratzen ninduen, edo ideal eta grina modernoen olatu basatia nire gainetik nola pasatzen zen sentitzen nuen. Bitartean musika entzun, Richardekin barre egin, eta bere adiskideen bileretan esku hartzen nuen; frantses, alemaniar, errusiarrekin mintzatzen nintzen, liburu moderno aparten irakurketa entzuten nuen, pintalarien tailerretan sartzen nintzen han-hemenka edo arratseko beilalditara joaten nintzen, zeinetan intelektual gazte nahasi eta asaldatuak agertzen ziren, inauteri fantastiko baten gisara inguratuz.

        Igande batez pintura berrien erakusketa bat bisitatu nuen Richardekin. Adiskidea larre bat bi ahuntzekin irudikatzen zuen pintura baten aurrean gelditu zen. Saiamenez eta txukun pintatua zegoen, modaz pasaturiko estiloz eta benetako arte-senik gabe. Edozein arte-aretotan ageri dira halako koadrotxo polit baina munta gutxikoak. Halere, gustatu egin zitzaidan neure jaioterriko belardien nahikoa irudikapen leiala zelako. Galdetu nion Richardi zerk erakartzen zuen koadrotxoan.

        — Hau —esan zuen eta bazterreko pintalariaren izena seinalatu zuen. Ezin nituen dezifratu letra gorri-ilunak.

        — Koadro hau —esan zuen Richardek— ez duk obra handi bat. Bazeudek ederragoak. Baina ez zegok hau egin duena baino emakume pintalari politagorik. Erminia Aglietti dik izena, eta nahi baduk bihar bere etxera joan eta pintalari handia dela esango zioagu.

        — Ezagutzen al duk?

        — Noski. Bere koadroak bera bezain politak izango balira, aspaldidanik aberatsa izango huke eta ez liake gehiago pintatuko. Gogorik gabe aritzen duk eta halabeharrez beste ezer ikasi ez duelako bizimodua ateratzearren.

        Richardek ahaztu egin zuen kontua eta handik aste pare batera arte ez zuen pintalaria aipatu.

        — Atzo Agliettirekin topo egin nian. Orain dela gutxi izan genian bisitatzeko asmoa. Tira! Ba al duk gorbata garbirik? Begia eransten ziek.

        Gorbata garbi zegoen, eta biok Agliettirenera joan ginen; eta nolabaiteko barne-higuinarekin, zeren Richardek eta bere kideek emakume pintalari eta estudianteekin izan ohi zuten harreman libre eta ausart samarra ez bainuen atsegin. Gizonezkoak arduragabe samarrak, batzuetan zakarrak, beste batzuetan ironiatiak ziren; neskak, berriz, praktiko, azkar eta jasekoak ziren eta bat ere ez zitzaien nabari nik emakumeengan atseginez ikusi eta ohoratzen nuen kutsu itxura-aldatzaile hura.

        Zerbait beharturik sartu nintzen tailerrean. Ordurako ongi ohiturik nengoen pintalarien tailerretako girora, baina lehen aldia nuen emakume baten tailerrean sartzen nintzela. Oso itxura garbi eta txukuna zeukan. Bizpahiru koadro amaitu zeuden markoetatik zintzilik, beste bat, oraindik amaitu gabe, kabailetean zegoen. Hormen gainerakoa lapitzez egindako bozetu garbi erakargarri eta liburu-apala erdi-huts batez estalirik zeuden. Pintalariak harrera hotz samarra egin zion gure bisitari. Utzi alde batera pintzela eta pintatzeko amantalarekin apalaren kontra arrimatu zen; bazirudien ez zuela oso gustura denbora galtzen gurekin. Richardek egundoko laudorioak esan zizkion erakusketako koadroa zela-eta. Barre egin eta ez zituen ontzat eman.

        — Baina andereñoa, koadroa erosteko asmoa eta guzti izan dut! Gainera behiak hain dira benetakoak...

        — Ahuntzak dira —esan zuen patxadaz.

        — Ahuntzak? Ahuntzak, noski! Sor eta lot utzi nau estudioak. Ahuntzak dira, benetakoak, hain ahuntzak izan ere. Galde egiozu nire adiskide Camenzindi, mendi-semea da eta arrazoia emango dit.

        Honetan, hizketaldia lotsaz eta umorez entzuten ari nintzela, pintalariaren begiradak miatu eta arakatua sentitu nintzen. Luzaro eta lasai begiratu zidan.

        — Goierritarra al zara?

        — Bai, andereño.

        — Bistan dago. Zer deritzezu nire ahuntzei?

        — Oh, oso ongi daudela noski! Gutxienez ez ditut behitzat hartu Richardek bezala.

        — Oso atsegina. Musikaria al zara?

        — Ez, estudiantea.

        Ez zuen jarraitu nirekin hitz egiten eta berari begiratzeko tartea hartu nuen. Amantal luzeak estali eta desitxuratzen zion, eta aurpegiari ez nion polita iritzi. Zertzelada zehatz eta gogorrak zituen, begiak zorrotz samarrak, ilea ugari, beltz eta harroa; baina harritzen eta ia atzera botatzen ninduena aurpegiaren kolorea zen. Gorgonzola oroitarazi zidan besterik gabe eta ez nintzatekeen bertan arrakala berdeak aurkitzeaz harrituko. Inoiz ikusi gabe nengoen zurbiltasun arrotz hura, eta orain, tailerreko goiz-argi estrainio harekin, harrizko itxura izutzailea zeukan— ez marmolarena bezalakoa baizik eta harri higatu eta kolorgetuarena. Ni ez nengoen ohituta emakume-aurpegi bat bere formetatik aztertzera ere, baizik eta mutiko baten erara xarma, xoramena, erakarmena areago bilatzera bertan.

        Richard bera ere ez zegoen oso gustura bisita harekin. Hainbat txundituago edo hobeto esateko ikaratuago jarri nintzen, handik apur batera esan zidanean, Agliettik pozik marraztuko nindukeela. Bozetu pare bat izango zirela. aurpegirik ez zuela behar, baina nire figurak zerbait tipikoa zeukala.

        Honetaz gehiago hitz egin baino lehen beste gertakaritxo bat jazo zen, bizitza osoa aldatu eta urteetarako etorkizuna finkatu zidana. Goiz batean, esnatzean, idazle bihurturik nengoen.

        Richardek bultzaturik estilo-ariketa huts bezala idatziak nituen, gure zirkuluko tiporen batzuk, esperientzia txiki, elkarrizketa eta beste gauza batzuk zirriborro erara, eta ahalik eta leialtasun handienaz emanak, baita entsegu batzuk ere literaturaz eta historiaz. Goiz batean, bada, oraindik ohean nengoen, sartu zen Richard nire gelan eta hogeita hamabost franko ezarri zituen ohe-estalkiaren gainean.

        — Hireak dituk —esan zuen negoziolari-doinuz. Azkenik, ustekizun guztiak agortu nuenean, atera egunkari-orri bat patrikatik eta nire nobelatxoetako bat bertan idatzirik erakutsi zidan. Nire eskuizkribuetako asko kopiatu, eta adiskide zuen erredaktore bati eraman eta niri ezer esan gabe saldu zizkion. Inprimatu zuten lehena, beragatik ordaindutakoarekin batera, eskuetan neukan orain. Ez nintzen oso ongi sentitu. Haserretu ere egin ninduen Richardek arduradun gisara jokatzeak, baina lehendabiziko idazle-harrotasun eztia, diru ederra eta nolabaiteko literato-sonatxoa indartsuagoak ziren eta menpean hartu ninduten azkenerako.

        Kafetegi batean aurkeztu zidan adiskideak erredaktorea. Richardek erakutsitako beste lanak gordetzeko baimena eskatu, eta tarteka berriak bidaltzera gonbidatu ninduen. Kutsu berezi bat omen neukan, batez ere lan historikoetan, eta gustura hartu eta behar bezala ordainduko zizkidala esan zidan. Orduan bakarrik konturatu nintzen guzti haren garrantziaz. Ez nituen egunero behar bezalako otorduak egin eta zorrak ordainduko bakarrik, baizik eta derrigorrezko ikasketa alde batera utzi eta agian basoan, neure gustuko arloan lan eginez, erabat neure irabazietatik bizitzea lortuko nuen. Bitartean erredaktoreak bidalitako liburu-sorta bat jaso nuen kritika egin nezan. Zenbait astetan haien kontura bizi izan nintzen eta eskuak bete lan izan nuen; baina nola ordaina hiruhilekoaren amaieran eskuratzen zidaten eta haren itxaropenean lehen baino hobeki bizi izan nintzen, egun batean txakur-txikirik gabe aurkitu nintzen eta gosekura bat egin-beharra izan nuen. Egun batzuetan ogia eta kafea hartuz egon nintzen neure txabolan, baina gero goseak jantoki batera bultzatu ninduen. Kritikarako liburuetatik hiru eraman nituen ordainkizunaren bahituratzat bertan uzteko. Ordurako alferrik salatua nintzen antikuariarengana eramaten. Otordua bikaina izan zen, baina kafe beltza hartzerakoan halako larritasun bat sentitu nuen bihotzean. Lotsati esan nion zerbitzariari ez neukala dirurik, baina liburuak bahituratzat utzi nahi nituela. Neskak haietako bat eskuan hartu zuen; poema-liburu bat zen, jakin-minez orriak irauli eta galdetu zuen ea berak irakur al zezakeen. Oso gustura irakurtzen zuela baina ezin zuela inoiz libururik eskuratu. Salbaturik nengoela sentitu nuen, eta hiru liburuak kaxan otorduaren truke gordetzea proposatu nion. Ontzat eman eta horrela hamazazpi frankotaraino liburuak onartu zituen. Poesi liburu txikiagoengatik gazta eta ogia eskatzen nuen, nobelengatik gauza bera baina ardoarekin, kontakizun laburrengatik xikarakada bat kafe ogiarekin. Gogoratzen naizenez, gehienak eskas samarrak ziren, estilo zaharkitu espasmodikoz idatziak, eta neskatila onberak alemaniar literatura modernoaz inpresio berezia atera zuen, nonbait. Atseginez gogoratzen dut eguerdi-arte hura, nola aurpegitik izerdia zeridala arrapaladan liburua azkeneraino irakurri eta hartaz lerro pare bat idatzi nituen, eguerdirako amaitu eta haren truke jakiren bat hartzeko. Richarden aurrean arduraz gordetzen nituen neure diru-premiak, zeren arrazoirik gabe haietaz lotsatzen bainintzen eta haren laguntza beti gogoz kontra eta oso epe laburretarako onar bainitzakeen.

        Ez neukan neure burua poetatzat. Maizen idazten nuena foiletoia zen, ez poesia. Baina isilean gordeta neukan etorriko zela egun bat poema bat egingo nuena, grina eta bizitzari eskainitako kantu handi eta bizi bat.

        Arimako ispilu alai gardena batzuetan halako melankolia batez lausotzen zitzaidan, baina serioski ondoeztu gabe. Batzuetan egun bat edo gau baterako etortzen zitzaidan, nahigabe ametsezko, anakoretiko bat bezala, aztarnarik utzi gabe ezabatu eta handik aste edo hilabeteetara itzultzen zen. Konfiantzazko neskalagun batengana bezala ohitu nintzen hartara eta ez nuen minez hartzen, baizik eta halako eztitasun baten jabe zen nekadura sosega ezin batez. Gauez etortzen zitzaidanean, lo egin beharrean orduak ematen nituen leihoan, laku beltza, zeru kolorgearen kontra marrazturiko mendien islak eta haien gainean izar ederrak ikusten. Orduan sarritan menperatzen ninduen sentipen izugarri ezti eta indartsu batek, gaueko edertasun guzti hauek haserre begiratuko balidate bezala. Izar, mendi eta lakuak beren izate mutuaren ederra eta grina ulertu eta adieraziko lituzkeen norbait nahi balute bezala, eta halako hori neu izan eta nire lanbidea horixe balitz bezala, hots, natura mutua poematan adieraztea. Hori nola posible izan zitekeen, horretaz ez nuen inoiz gogoetarik egiten, baizik eta gau eder beroa, egonezinean, joran mutuz, nire zain sentitzen nuen. Idatzi ere ez nuen ezer egiten halako aldartean. Halere, mintzo ilun haiekiko erantzukizun-sentipen bat sumatzen nuen eta halako gauen ondoren ibilera bakarti askotarikoak egiten hasi nintzen. Baneritzon hartara lurrari, erregu mutuan eske neukanari, maitasun apur bat erakuts niezaiokeela, nahiz eta ideia horretaz gero neronek barre egin. Ibilera hauek geroko nire bizitzaren oinarri bihurtu ziren; geroko urteen parte handi bat ibiltari gisa eman dut, zenbait herrialdetan barrena aste eta hilabeteetako osterak eginez. Orduan ohitu nintzen diru gutxi eta ogi-koskor bat patrikan nuela urrunera joan, egun osoan bakarrik bideari ekin eta sarritan izarpean gaua ematera.

        Idazletzak pintalaria erabat ahaztera eraman ninduen. Halako batean txartel bat iritsi zitzaidan beragandik: «Adiskide-pare bat etorriko dira ostegunean tea hartzera nire etxera. Mesedez, zatoz eta ekar ezazu zeurekin adiskidea ere».

        Joan ginen eta artista-koloniatxo bat aurkitu genuen bertan. Ia denak ospegabe, ahaztu, arrakasta gabeak ziren, eta horrek bazuen niretzat zerbait hunkigarria, nahiz eta guztiek pozik eta alai ziruditen. Tea, gurin-opilak, urdaiazpikoa eta entsalada atera zituzten. Nola ez nuen ezagunik han eta berritsua ere batere ez nintzen, neure gosea asebidean jarri eta ordu erdi batez isilik eta saiamenez jaten aritu nintzen, besteak tea zurrupatzen eta berriketan ari ziren bitartean. Gero haiek, bata bestearen atzetik, zerbaiti kolpeka hasi nahi izatean, neuk bakarrik ia urdaiazpiko-hornizio guztia garbitu nuela nabarmendu zen. Espero nuen beste platerkada bat erreserban egongo zela. Orduan irribarre emeen ondotik begirada ironiatiak hasi zirelarik, sutan jarri eta eskerrak eman nizkion italiarrari urdaiazpikoarengatik. Zutitu eta labur desenkusatu ondoren, beilaldia bakarrik pasatu nahi nuela adierazi nion eta neure kapelatxoaren bila joan nintzen.

        Orduan Agliettik kapela eskutik kendu, txunditurik eta patxadaz begiratu, eta bertan geratzeko eskatu zidan serio. Bere aurpegira zutikako lanpara baten argia erortzen zen, pantailak iragazia, eta haserrearen erdian bat-batean ulerkor bihurturiko begiez emakume haren edertasun miresgarri eta heldua ikusi nuen. Neure buruari oso baldar eta inozo neritzon eta bazter batean zigortutako eskola-umea bezala sentitu nintzen. Han eserita gelditu eta orriak iraultzen hasi nintzaion Como lakuaren album bati. Besteak tea edaten, harat-honat, barrezka eta elkarrekin hizketan ari ziren, eta atzealdeko lekuren batetik biolin eta txelo baten doinua entzuten zen. Gorrina bati albora eragin zioten, eta lau gazte agertu ziren atril inprobisaturen aurrean eserita, korda-koarteto batean jotzeko prest. Une horretan pintalaria etorri zitzaidan, ezarri xikarakada bat te aurrealdeko mahaitxoan, irribarre atsegin bat egin eta nire ondoan eseri zen. Koartetoak ekin eta luzaroan iraun zuen, baina ez nuen ezer entzun hartatik, baizik eta begi handiekin miretsi nuen dama argal, fin eta dotore jantzia, zeinaren edertasuna zalantzan jarri eta hornizioak ahitu bainituen. Pozez eta larritasunez oroitu nintzen marraztu egin nahi izan ninduela. Gero Rösi Girtannerrengan pentsatu nuen, nola igo nintzen Alpe-arrosen horman gora, lakuko erreginaren historian eta dena orduko une hartarako aurre-prestakuntza bezala agertzen zitzaidan.

        Musika amaitzean, pintalariak ez zuen alde egin, beldur nintzenez, baizik eta lasai jarraitu zuen eserita eta nirekin hizketan hasi zen. Zorionak eman zizkidan egunkarian ikusi zuen nire kontakizun labur batengatik. Txantxetan aritu zen Richarden lepotik, zeina neskatila pare batek bultzaka baitzeramaten eta zeinaren barre-algarek gainerako hots guztiak gainditzen baitzituen tarteka. Gero marrazteko baimena eskatu zidan berriro. Orduan burutada bat izan nuen. Berehalaxe italieraz jarraitu nuen elkarrizketa eta horrela bere hegoaldetar begi bizien begirada alai harritu bat ez ezik, laster izan nuen bere mintzaira entzutearen atsegin preziatua, bere aho, begi eta gorputzari zegokien lingua toscana jariakor, dotore eta ozena Tessinoko doinu arin zoragarriarekin. Nik neuk ez nuen ez ongi ez jariakor hitz egiten, baina halere ez nuen eragozpenik izan. Beste egun batean etorriko nintzaion, marrazkia egin ziezadan.

        — A rivederla —esan nion agurtzean eta ahal nuen guztia makurtu nintzaion.

        — A rivederci domani —irribarre egin eta buruaz baiezko keinua egin zidan.

        Bere etxetik irten eta muinoaren gaineko kale bateraino iritsi nintzen, eta supituki lurralde iluna, eder eta ahaltsu, neure aurrean eta bakean ikusi nuen. Txalupa bakar bat zebilen lakuan farol gorri batekin eta ur beltzetan distira eskarlata pare bat egin zituen, eta bertatik han-hemenka uhin-galdor txiki bakanak zilarrezko ertz mehearekin zetozen. Hurbileko jardin batetik mandolina eta barre-algaren hotsa zetorren. Zerua ia erdiraino estalita zegoen eta muinoan haize bero zakarrak jotzen zuen.

        Eta nola haizeak fruitu-arbolen adar eta gaztainondoen adaburu beltzak laztandu, inarrosi eta makurtzen zituen, intziri, barre eta dardara egin zezaten, halaxe jolas egin zuen nirekin grinak. Muinoaren gailurrean belaunikatu, etzan lurrean, supituki zutik jarri, intziri egin eta ostikoak eman nizkion zoruari, bota airean kapela, igurtzi aurpegiaz belarra, astindu zuhaitz-enborrak, negar, barre, zotin egin, sumindu, lotsatu, zoriontsu eta dohakabe sentitu nintzen. Ordu bete geroago dena nigan pasaturik zegoen, sargori lainotsu batean itorik nengoen. Ez nuen ezer pentsatzen, ez erabakitzen, ez sentitzen; ametsetan bezala jaitsi nintzen muinotik, alderrai ibili nintzen hiri-erdian zehar, kale baztertu batean artean tabernatxo berantiar bat zabalik ikusi nuen, nahi gabe sartu, bi litro Waatlandeko ardotik edan eta erabat mozkorturik goizaldera heldu nintzen etxera.

        Hurrengo arratsaldean Aglieti andereñoa oso ikaratu zen etxera joan nintzaionean.

        — Zer gertatzen zaizu? Gaixo al zaude? Oso itxura txarra daukazu.

        — Ez du garrantzirik —esan nion—. Bart gehiegi edan dudalakoan nago, horra. Hasiko al gara?

        Aulkian eserarazi eta geldi egoteko eskatu zidan. Hori ere egin nuen, gero berehala lokartu nintzen eta arratsalde osoa tailerrean erdi lotan eman nuen. Seguru aski pintura-estudioko terpentina-usainarengatik gertatu zen etxean txalupa pintatu berria zutela amets egitea. Han zegoen hegian eta aita pertza eta pintzelaz lanean ikusten nuen; ama ere han zegoen, eta ez al zegoen hilda galdetu nionean, emaro esan zidan: —Ez, zeren hemen ez banengo, aita bezalakoxe alproja izango hintzateke eta heu ere.

        Esnatzean, erori aulkitik eta neure burua harriduraz Erminia Agliettiren tailerrera aldaturik ikusi nuen. Bera ez nuen ikusi, baina alboko gelatxoan katilu eta mahai-tresnekin ateratzen ari zen zarata entzun eta afalordua bide zela atera nuen ondoriotzat.

        — Esnatu al zara? —dei egin zidan.

        — Bai. Luzaz lo egin al dut?

        — Lau orduz. Ez al zara lotsatzen?

        — Ai ene, Bai amets polita egin dudala!

        — Kontaidazu!

        — Bai, baina irten eta barkatzen badidazu.

        Irten egin zen, baina barkamena ez zidan eman nahi izan, harik eta ametsa kontatu arte. Kontatu nion eta ametsaren kontaketarekin haurtzaro ahaztuan barrena sartu nintzen, eta isildu nintzenerako, erabat ilun zegoen eta ordurako neure buruari eta berari haurtzaro osoa kontatua neukan. Eskua eman, lisatu txamarra zimurtua, gonbidatu ninduen hurrengo egunean berriz marrazteko itzultzera eta egun hartako desegokiera ere barkatu zidala sentitu nuen.

        Biharamunean ordua joan eta ordua etorri eserita egon nintzen. Ia ez genuen hitz egin, eserita edo zutik, isiltasunean nengoen eta liluraturik bezala entzuten nuen karbontziloak paperean ateratzen zuen zirri-zarra biguna, usnatzen nuen olio-pinturen usaina eta ez neukan beste sentsaziorik maite nuen emakumearen ondoan nengoela, baizik eta bere begirada atergabe nire baitan pausatzen zela. Tailerreko argi zuriak estaltzen zituen hormak, euli lozorrotu pare bat furrundaka ari zen beiretan eta alboko gelatxoan infernutxoaren sugarrak kantatzen zuen. zeren salo bakoitzaren ondoren xikarakada bat kafe zerbitzatzen baitzidan.

        Etxean sarritan pentsatzen nuen Erminiarengan. Nik bere arteari ez ohore egiteak, ez zuen erasaten edo gutxitzen nire grina. Bera hain zen ederra, ona, garbi eta ziurra, zer axola zitzaizkidan niri bere koadroak? Aitzitik zerbait heroikoa aurkitzen nuen bere lan saiatuan. Biziarengatik borrokan ari zen emakumea, heroisa isil, jasankor eta adoretsua. Gainera ezer ez da maite denari buruz gogoeta egitea baino alferragorik. Horrelako pentsamenduak zenbait herri eta soldadu-kanta bezalakoak dira, zeinetan milaka gauza gertatu arren leloa berriro setati itzultzen den, nahiz eta harira ez etorri.

        Horixe bera gertatzen da oroimenean daukadan emakume italiar politaren irudiarekin ere, ez da lausoa, baina bai lerrotxo eta zertzelada ugaririk gabea, zeina urrunean hobeki ikusten den hurbil egotean baino. Ez dakit zer orrazkera zerabilen, nola janzten zen, ezta gorputzez handia ala txikia zen ere. Beragan pentsatzen dudanean emakume-buru ile-beltz, nobleki eratua ikusten dut, begi txiki samar pare bat, begirada zorrotzarekin aurpegi bizi zurbil batean eta heldutasun garratzeko ahotxo guztiz ederki markatua. Beragan eta maiteminezko garai guzti hartan pentsatzen dudanean, orduan muinoko arrats hartaz oroitzen naiz beti, nola haize beroak lakuaren aldetik jotzen zuen eta nik negar, pozezko oihu eta izugarrikeriak nola egiten nituen. Eta beste arrats batez ere bai, oraintxe kontatuko dudan batez hain zuzen.

        Argi neukan nola edo hala pintalariari maitasuna aitortu eta bere jabe bihurtu behar nuela. Urrun egon izan banintz besterik gabe isiltasunean ohoratu eta samin mutuak beragatik nozituko nituzkeen. Baina ia egunero ikusi, berarekin hitz egin, berari eskua eman eta bere etxean sartzea, arantza beti bihotzean neukala, ezin izan nuen luzaroan jasan.

        Udako jaitxo bat zen, artistek eta beren adiskideek antolatua. Lakuaren hegian zen, jardin polit batean, udamineko arrats ezti eta epel batean. Ardoa eta ur izoztua edan genuen, musika entzun eta zuhaitzen artean girnalda luzetan zintzilik zeuden paperezko lanparei begira egon ginen. Berriketan, txantxetan, barrezka eta azkenean kantari aritu ginen. Pintalari gazte ziztrinen batek, boneta bitxi bat jantzita, zerbait erromantikoa jo zuen, bizkarra eskaileraren kontra zuela eta soinua ateratzen hasi zen gitarra lepaluze batetik. Bi artista garrantzitsuagoak falta ziren edo alboan eserita zeuden, zaharragoen zirkuluan, inork ez ikusteko moduan. Emakumeen artetik bi gazteago agertu ziren udako jantzitan, besteak inguruan zebiltzan ohizko jantzi narrasetan. Bereziki estudiante zaharrago eta itsusi batek arreta erakarri zidan, gizonezkoen lastozko kapela zerabilen bere ile moztuen gainean, puruak erre, ardoa galanki edan, eta ozen eta ugari hitz egiten zuen. Richard, ohi bezala, neskatilen artean zebilen. Ni kitzikadura guztiak gorabehera hotz nengoen, gutxi edan eta Agliettiri itxaroten nion, egun hartan lakuan arraunean eramango nuela agindu baitzidan. Etorri zen bera ere, oparitu lore pare bat eta igo zen nirekin txalupatxora. Lakua olioa bezain bare zegoen eta gauaren koloregabea zeukan. Laster bultzatu nuen txalupa arina lakuaren zabalera isilera eta neure aurrealdean emakume argala eroso eta pozik ikusten nuen beti lemazainaren aulkian eserita. Zeru garaia oraindik urdin zegoen eta izar lausoak bata bestearen atzetik astiro kanporatzen zituen, hegian han-hemenka musika eta jardineko olgeta-hotsa entzuten zen. Gur-gur emeekin hartzen zituen ur nagiak arraunak, beste txalupa batzuk zebiltzan han-hemenka ilun eta ia ikusten ez zirela gainazal ilunean barrena, baina gutxi axola zitzaidan hiri, zeren begiak mugitu gabe lemazainarengan itsatsiak baineuzkan eta nire maite-aitorpen planeatua burdinazko eraztun baten modura neukan bihotz ikaratuaren inguruan. Arratseko eszenategi osoaren ederra eta poesia, batelean eserita egotea, izarrak, laku garbi lasaia eta guzti hark larridura sortzen zidan, zeren teatro-dekorazio baten antzera agertzen baitzitzaidan, zeinaren erdian nik eszena sentimental bat antzeztu behar zuen. Neure larriduran eta isiltasun sakonak geldiarazirik, zeren biok mutu baikeunden, indarrez eragin nien arraunei.

        — Bai sendoa zarela! —esan zuen pintalariak pentsakor.

        — Gizena esan nahi al duzu? —galdetu nion.

        — Ez. Muskuluez ari nintzen —barre egin zuen.

        — Bai, indartsu samarra naiz.

        Hau ez zen hasiera egokia. Triste eta amorruz jarraitu nuen arraunean.

        Handik apur batera eskatu nion bere bizitzako zerbait kontatzeko.

        — Zer entzun nahiko zenuke ba?

        — Dena —esan nion—. Maitasun-istorio bat nuke gogokoen. Gero neuk ere neure buruaz kontatuko dizut, neure bakarraz. Oso labur eta polita da eta dibertitu egingo zaitu.

        — Zer diozu! Konta ezazu, arren!

        — Ez. Aurrena zuk! Dagoeneko zuk askoz gehiago dakizu nitaz nik zutaz baino. Jakin nahiko nuke inoiz maitemindu zaren edo, beldur naizenez, horretarako zuhur eta hantustuegia ote zaren.

        Erminia apur batean pentsakor egon zen.

        — Berriz ere zure ideia erromantiko horietako baten aurrean gaude —esan zuen emakumeak— horixe baita gauez ur ilunetan emakume bati istorioak kontaraztea. Zuek, poetok, ohituta zaudete, denetarako hitz politak eduki eta sentipenez gutxiago hitz egiten dutenei, beren bihotza ez irekitzera. Baina nirekin huts egin duzue, zeren ez baitut sinesten inork nik baino biziki eta indartsuago maita dezakeenik. Beste emakume bati loturik dagoen gizon bat maite dut, eta berak ez nau ni gutxiago maite; baina biok ez dakigu inoiz elkartzeko modurik izango ote den. Elkarri idatzi egiten diogu, eta batzuetan elkarrekin topo egin ere egiten dugu...

        — Galde al niezazuke maitasun horrek zoriontsu egiten zaituen, ala dohakabe, edo biak batera?

        — Ene, maitasuna ez da inor zoriontsu egiteko. Nik uste dut hor baldin badago, sufritu eta jasateko, zeinen indartsuak garen erakusteko dagoela.

        Hori ulertu nuen eta ezin izan nuen eragotzi intziri arin baten moduko zerbait erantzunaren ordez ahoratzea.

        Berak entzun egin zuen.

        — Ah —esan zuen—, zeuk ere ba al dakizu horren berri? Hain zara gaztea oraindik! Aitorpena egin nahi al didazu orain? Benetan egiteko gogoa baldin baduzu bakarrik egin...

        — Beste batean agian, Aglietti andereñoa. Gaur ez naiz oso ongi aurkitzen, eta sentitzen dut, agian zugan ere oroitzapen mingarriak sortu izana. Nahi al duzu itzultzea?

        — Zuk nahi duzuna. Oso urrun al gaude?

        Ez nion erantzun, baizik eta indarrez sartu nituen arraunak uraren kontra, itzuli eta abiatu egin nintzen, ipar-ekialdeko haizea jotzera balihoa bezala. Txalupa arin lerratu zen ur-gainean, eta nigan irakiten zegoen nahigabe eta lotsazko zurrunbiloaren erdian, sentitu nuen nola zeridan izerdia tanta loditan aurpegian zehar eta nola berehala izozten zen. Pentsatzen nuenean, zeinen hurbil egon nintzen, maitasun-aitortzaile belaunikatua eta amatasun-adiskidetasunez ezezkoa ematen duen maitalearen papera antzeztetik, ikarak hartzen zidan gorputz osoa. Hura egin beharrik ez nuen izan behintzat, eta gainerakoan aski nuen nahigabea sentitzearekin. Zoro baten pare ari nintzen arraunean begira itzultzeko.

        Andereño polita harritu samarturik geratu zen, hegian laburki adio esan eta bakarrik utzi nuenean. Lakua hain zegoen leuna, musika hain zen alaia eta paperezko farolek lehengo gorritasun bizia ematen zuten, baina nik hari guztiari lelo eta barregarri iritzi nion. Musikari batik bat. Gaztekondo hura, oraindik ere zetazko zerrenda zabaletik zintzilik zerabilen bere gitarra harroxko jotzen ari zena, inor baino lehenago jipoituko nukeen. Eta su artifizialak ere hasi ziren gero. Umekeria bat zen hura guztia!

        Mailegatu nituen Richardengandik franko pare bat, jarri garondoan kapela eta oinez abiatu nintzen hiritik kanpora, ordua joan eta ordu etorri, erdi loakartu nintzen arte. Etzan nintzen belardi batean, baina handik ordubetera erabat ihintzez bustita, zurrun eta hotzikaratan esnatu nintzen eta alboko herrira jo nuen. Goizaldea zen. Sekulabelarraren segalariak zebiltzan kale haustuetan zehar, morroi loguratsuak kortetako ateak zabaltzen ari ziren, baserritarren udako lan-giroa nabari zen nonahi. Baserritar geratuko beharko hukeen, esaten nion neure buruari, eta lotsaturik arrastaka igaro nintzen herrian barrena eta berriro nekaturik lasterka egin nuen, harik eta eguzkiaren lehen berotasunak atsedena hartzeko aukera eman zidan arte. Pagadi baten ertzeko belar lehorrean etzan eta lo egin nuen eguzki epeletan arratsalde erdia pasatuxe izan arte. Esnatu nintzenean, burua belar-usainez beterik eta beso-zangoak erabat astunduta nituen, lur biluzian luzaroan egon eta gero bakarrik aurkitzen direnez, eta orduan urrun, triste eta erdi ezabaturik bezala bururatu zitzaizkidan jaia, txalupako joan-etorria eta gainerako guztia, zenbait hilabete lehenago irakurritako nobela batean bezala.

        Hiru egun eman nituen hala, eguzkiari larruazala erretzen uzten nion eta buruak eman ere egin zidan ia ez ote nuen etxera itzuli eta aitari uzta biltzen lagundu behar.

        Jakina, minak ez zuen luze iraun. Hirira itzuli eta gero izurriari bezala ihes egiten nion aurrena pintalariari, baina horrek ez zuen luze iraun, eta gero ikusi eta hitz ematen zidan bakoitzean, atsekabea eztarrian gora igotzen zitzaidan.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia