II

 

        Eta maitasunaz ari naizelarik —horretan neure bizitza osoan mutiko bat izaten jarraitu dudala esan beharra daukat. Emakumeenganako maitasuna beti adorazio garbitzailea izan da niretzat, nire lohitasunera makurturiko sugarra, zeru urdinerantz hedaturiko esku otoizlariak. Amarengatik eta neure sentipen propio eta nahastezinez gurtzen nituen emakumeak, oro har, sexu arrotz, eder eta misteriotsu gisa, izatearen berezko edertasun eta baterakoitasun batengatik nagusi zaiguna eta santutzat eduki behar duguna, izarrak eta mendi-gailur urdinen antzera gugandik urrun eta Jainkoarengandik hurbilagoa dagoela baitirudi. Bizitzaren gordintasunak bere ozpina luzatzean, emakumeenganako maitasunak eztia adina mingostasun ekarri zidan; emakumeak idulki garaian geratu ziren, baina apaiz adoratzailearen zeregin alaia laster bihurtu zen zoro trufatuaren samin eta barregarri

        Rösi Girtannerrek ia egunero topo egiten zuen nirekin, bazkaltzerakoan. Hamazazpi urteko neskatila zen, gorpuzkera tente eta malgukoa. Bere aurpegitxo beltzaran gordinari edertasun bizi patxadatsua zerion, zeina amak ere bazeukan, eta aurretik asaba eta arbasoek ere bai. Etxe zahar noble, prestu eta bedeinkatu hartatik belaunez belaun emakume handi eta apain ugari atera zen, denak isil eta prestuak, denak gordin, noble eta tatxarik gabeko edertasunekoak. Bada Fuggertarren familiako neska baten pintura bat. maisu ezezagun batena, hamaseigarren mendean pintatua, nire begiek ikusi duten irudirik baliotsuenetakoa. Hain ziren antzekoak Girtannertar emakumeak, eta halakoxea zen Rösi bera ere.

        Guzti hori ez nekien nik oraindik. Bere duintasun isil alaian nola ibiltzen zen ikusi eta bere izate sotilaren nobletasuna sentitzen nuen. Orduan arratsero gogoeta egitera esertzen nintzen inularrean, harik eta bere irudia buruan argi eta garbi imajinatzen nuen arte; eta orduan ikara ezti misteriotsua sentitzen nuen neure mutiko-ariman. Baina laster gertatu zen atsegin-une hauek ilundu eta samin garratzen sortzaile izatea ere. Supituki sentitu nuen, zeinen arrotz zitzaidan, berak ez ninduela ezagutzen eta nitaz ez zuela galde ere egiten, eta nire ametsetako irudi eztia bere izate zoriontsuan lapurreta bat zela. Eta halako zorroztasun eta minbera sentitzen banuen ere, bere irudia hain egiazko eta bizirik arnasa hartzen ikusten nuen une batzuetan, ezen uhin ilun bero batek bihotza estali eta pilpirarik urrunduenerainoko oinazea sentiarazten zidan.

        Egunez klasea edo zalaparta biziren baten erdian uhin hura itzuli egiten zitzaidan. Orduan begiak itxi, utzi eskuei erortzen eta amildegi nagi batean barrena lerratzen nintzen, harik eta irakaslearen deiak edo lagunen baten betondokoak iratzartzen ninduen arte. Baztertu egiten nintzen, lasterka egin landan barrena eta amets miresgarriekin txunditzen nintzen mundura. Supituki ikusten nuen orduan zeinen eder eta koloretsua zen dena, nola argia eta arnasa zebiltzan gauza guztietan barrena, zeinen berdea zen ibaia, zeinen gorriak teilatuak eta zeinen urdinak mendiak. Baina inguruan neukan edertasun honek ez ninduen barreiatzen, baizik eta patxadaz eta triste dastatzen nuen. Zenbat eta ederragoa dena izan, hainbat arrotzago neritzon, ez nuela inolako parterik bertan eta hartaz kanpo nengoela. Eta orduan nire pentsamendu sorrek Rösiganako bidea aurkitzen zuten berriro: Une honetan hilko banintz, berak ez luke jakingo, ez luke galdetuko, ez litzateke horregatik nahigabeturik egongo! Halere, ez nion eskatzen neure baitan nitaz kontura zedin. Pozik egingo nukeen zerbait entzungabea beragatik edo oparituko niokeen zerbait, halako hura norengandik zetorren berak jakin gabe.

        Eta egin ere hamaika gauza egin nuen nik beragatik. Oporraldi labur bat etorri zen eta etxera bidali ninduten. Han egunero era guztietako ahaleginak burutzen nituen, dena Rösi ohoratzeko neure iritzian. Gailur oso zail bat igo nuen alderik malkarrenetik. Lakuan txango ausartak egin nituen txalupan, urruntze handiak denbora laburrean. Horrelako txango batetik, unaturik eta gosetuta itzuli nintzelarik, arratsera arte jateko eta edatekorik hartu gabe egotea bururatu zitzaidan. Dena Rösi Girtannerrengatik. Bere izena eta goraltza tontorrik urrunduen eta osinik arakagabeenetara eraman nituen.

        Laster berreskuratu zuen ikastetxeko gelan esekitako nire gaztetasunak bere poza. Sorbaldak zabaldu egin zitzaizkidan, aurpegia eta garondoa beltzarandu, eta nonahi hedatu eta hanpatu zitzaizkidan giharrak.

        Azkenaurreko opor-egunean neure maiteari lore-opari neketsu bat egin nahi izan nion. Banekien nik zenbait aldapa liluragarritako lur-zerrenda txikitan edelweissak zeudena, baina zilarrezko lore usain eta kolorerik gabe honi arimagabe ere baneritzon, eta ez behar bezain eder. Horregatik ezagutzen nituen Alpeetako arrosondo-pare bat amildegi piku baten arrakaladuran: berandu loratzen ziren eta izugarri zailak ziren hartzeko. Joan beharra zegoen. Eta nola gaztetasuna eta maitasunarentzat ez dagoen ezer ezinezkorik, iritsi nintzen azkenean helmugara eskuak urratuta eta zangoak karranpaz nituela. Ezin izan nuen neure egoera larrian pozezko oihurik egin baina bihotza kantari eta zalapartari neukan atseginez, arretaz abar zimelak ebaki eta harrapakina eskuetan hartu nuenean. Berriz itzuli behar nuen, loreak ahoan, atzeranzka jaitsiz, eta Jainkoak bakarrik daki, ni, mutiko beldurtia, hormaren oinera nola heldu nintzen. Mendi osoan aspaldidanik pasatuak zeuden Alpe-arrosak, nik ordea, eskuan neuzkan urteko azken abar ernamuindu eta loreberrituak.

        Beste egun batean loreak eskuetan eduki nituen bost orduko bidaia osoan. Hasieran bihotzak taupada gogorrak ematen zizkidan Rösi ederraren hirirantz nindoala; baina zenbat eta urrunago zegoen mendi garaia, hainbat indar handiagoz tira egiten zidan barreneko maitasunak. Ondotxo oroitzen naiz trenez egindako bidaia hartaz! Aspaldi begietatik galdua nuen Sennalpstock mendia eta gero banan-banan desagertuz joan ziren hegi erpintsuak, eta bakoitza urruti-min lausoz askatu zitzaidan bihotzetik. Gero ezabatu ziren jaioterriko mendi guztiak eta paisaia zabal, lau, berdea hedatu zitzaidan aurrez aurre. Neure lehen bidaian ez zidan zirrara handirik eragin. Oraingoan, ordea, egonezin, larritasun eta tristuraren erori nintzen, beti herrialde lauetan barrena bidaiatzera, eta jaioterriko mendiak eta hiritargoa ezin berreskuratuzko eran galtzera kondenatua banengo bezala. Berehala ikusi nuen zutik neure aurrean Rösiren aurpegitxo polita, hain fin, ezezagun, hotz eta nirekiko hain axolagabe, non mingostasun eta saminak arnasa kendu zidaten. Leihoaren aurretik bata bestearen ondoren lerratzen ziren toki garbi alaiak dorre mehe eta fatxada zuriekin, eta jendea sartu eta irten zebilen, hizketan, agurka, barrez, erretzen eta txantxetan —beterritar alai ozenak, jende konplitu, ireki eta atseginak—, ni, goierriko mutiko traketsa mutu, triste eta setati eserita nengoen bitartean. Ezeroso sentitu nintzen. Hauteman nuen mendietatik betirako alde egin nuela eta, halere, ez nintzela inoiz beterritar izango, inoiz ez haiek bezain alai, atsegin, jendakoi eta ziurra. Halako bat beti txantxetan arituko zen nire lepotik, halako bat egunen batean Rösi ezkonduko zen eta halakoren batek beti agertu bidean eta pausuren bateko aldea aterako zidan.

        Pentsamendu hauek eraman nituen hirira. Lehen agurren ondoren ganbara-gelara igo, ireki maleta eta atera nuen paper-orri bat. Ez zen finenetakoa, eta bertan neure Alpe-arrosak bildu eta paketea etxetik berariaz ekarritako zinta batez lotu ondoren, ez zeukala maite-opari baten itxurarik konturatu nintzen. Seriotasunez eraman nuen kalera, Girtanner abokatua bizi zen tokira, eta lehen aukeran ate nagusitik sartu nintzen, ikusi nuen neure burua pixka batez, ezkaratzean, inularreko erdi-ilunpetan eta neure fardel eragabea eskailera bikain zabalean utzi nuen.

        Ez ninduen inork ikusi, eta ez nuen jakin Rösi nire agurra ikustera iritsi zen. Baina amildegi batera jaitsi eta bizia arriskuan jarri nuen arrosa-abar bat bere etxeko eskaileretan ezartzearren, eta horrek bazuen zerbait eztia, triste-alaia, poesiazkoa, on egiten zidana eta oraindik gaur ere sentitzen dudana. Etsipenezko orduetan bakarrik iruditzen zait, batzuetan, arrosen abentura hura, geroko maite-istorio guztiak bezala, kixotekeria hutsa izan zela.

        Nire lehen maitasun honek ez zuen inoiz amaierarik izan, aitzitik neure gaztaroko urteetan itaunkari lausotuz joan zen eta nire geroko maitemintzeek senide isil zaharragotzat eduki zuten. Oraindik ere ezin dut ezer noble, garbi eta ederragorik imajinatu aitonen alaba gazte, prestu eta begirada isileko hura baino. Eta handik urte askotara Municheko museo historiko batean Fuggertarren alabaren koadro anonimo, misteriotsu eta polita ikustean, iruditu zitzaidan, neure gaztaro melankoliati, triste guztia aurrez aurre neukala eta begi hondargabeetatik sakon eta galdutako zerbaitek bezala so egiten zidala. Bitartean astiro eta poliki azala aldatuz zihoakidan eta oso pixkanaka mutil gazte bihurtu nintzen. Garai hartan ateratako nire argazkiak baserri-mutil kankailu hezurtsua ageri du eskolari-jantzi txar batekin, begi lauso samar eta gorputz-adar moldakaitz eta baldarrekin. Buruak bakarrik zeukan amaitu eta irmo-kutsu apur bat. Harridura gisako batez ikusi nuen nola alboan geratu ziren haurtzaroko manerak eta aurre-poz ilunez itxaron zuen estudiante-garaiari.

        Zurichen ikasi beharra neukan eta aipamen berezia lortzen nuen kasurako nire ongileek ikasketa-bidaia bat egiteko aukera prestaturik zeukaten. Hari guztiari oso irudi eder klasikoa iritzi nion: hostope atoskor bat Homero eta Platonen bustoekin, ni bertan eserita folioen gainera makurturik eta alderdi guztietatik hiri, laku, mendi eta urruntasun ederraren ikusmira argi eta zabala. Nire izakia gartxu eta kementsu bihurtu zen eta etorkizuneko zorionaz gozatzen nintzen, beraren duin izango nintzen konfiantza osoz.

        Azken ikasturtean italiera ikasteari ekin eta antzinako nobelagileekiko ezagupidea egin nuen, zeinen ikasketa zereginik gogokoenetako bat izan baitzen Zurichen emandako aldietan. Baina gero irakasleei eta etxeko jaunari adio esan beharreko garaia etorri zen, maleta egin, itxi eta nostalgia handiarekin agur esanez, Rösiren etxeari inguru egin nion.

        Ondoren etorri zen oporraldiak bizitzaren aurre-zapore mingotsa eman zidan, eta bizkor bezain zakar desegin zizkidan amets-hegal ederrak. Aurrena ama gaixorik aurkitu nuen. Ohean zegoen, ja ez zuen hitzik egiten eta nire etorreraz ez zuen iruzkinik egin. Ez nintzen kexatia baina min eman zidan nire poz eta gazte-harrotasunak oihartzunik ez aurkitzeak. Gero aitak argitu zidan ez zeukala ezer nire ikasteko gogoaren kontra, baina ezin zidala horretarako dirurik eman. Beka-diru apurra iristen ez bazitzaidan, neuk ikusi beharko nuela falta nuena nola irabaz. Berak nire adinean aspaldidanik irabazten zuela bere ogia, eta abar.

        Ibilaldiak egin, arraunean aritu eta mendietara igotzeko aukera handirik ere ez nuen izan oraingoan, zeren etxean eta soroan lagundu behar bainuen eta egun-erdi libreetan ez nuen ezertarako gogorik izaten, ezta irakurtzeko ere. Asaldatu eta nekatu egiten ninduen eguneroko bizimodu arruntak ahotzarrez bere eskubideak nola baliarazten eta nik eramandako joritasun eta hantuste guztia nola irensten zuen ikusteak. Gainerakoan aita, beti diru-arazoa begien aurrean zeukalarik, bere gisara lehor eta zakarra zen, baina ez zen gaizki portatzen nirekin, nahiz eta horrek pozik ez eman niri. Nire eskola-prestakuntzak eta liburuek sortzen zioten errespetu isil erdi-destainatiak ere nahigabetu eta mindu egiten ninduen. Eta gero sarritan pentsatzen nuen Rösigan ere eta berriro sumatzen nuen neure baserritar-ezintasunaren, «munduan» gizon ziur eta mugikor izango ez nintzen sentipen menperatzaile eta txar hura. Egunean zehar pentsatu ere egiten nuen ez ote zen hobeto izango bertan gelditu eta neure latina eta itxaropenak etxeko bizimodu behartsuaren eragin gogor goibelpean ahaztea. Mindurik eta lur jota nenbilen eta ama gaixotuaren ohean ere ez nuen poz eta bakerik aurkitzen. Ametsetako hostope haren irudia Homeroren busto eta guzti isekazko zerbait bezala agertzen zitzaidan berriro, eta deuseztatu egiten nuen eta gainera isurtzen nion neure izaki tormentatuko amorru eta etsaikortasun guztia. Asteek ezin jasanezko luzera zuten, itxaropenik gabeko sufrikario eta desakordiozko garai hartan neure gaztetasun osoa galtzen ari nintzelarik. Txunditu eta asaldaturik nengoen, bizitzak nire amets zoriontsuak hain bizkor eta errotik desegiten zituela ikustean, eta honetan une hartako tormentua supituki eta indarrez nola gainditurik geratu zen ikusteko aukera izan nuen oraindik. Bizitzak bere eguneroko lanaren aldea erakutsi zidan, baina supituki nire begi harrituen aurrean bere betiereko sakonera jarri eta esperientzia gogor eta gordinez bete zuen. Udako egun bero batean goizean goiz egarria sentitu nuen ohean eta sukaldera joateko jaiki nintzen ur freskoaren tina beti aurkitzen zen tokira. Horretarako gurasoen logelatik igaro behar nuen eta hori egitean amaren intziri estrainioak entzun nituen. Joan nintzaion ohera, baina ez ninduen ikusi eta ez zidan erantzun, aitzitik intziri lehor eta larriak egiten zituen betazalei eraginez, eta aurpegia zurbil-urdinxka zeukan. Horrek ez ninduen bereziki ikaratu, nahiz eta beldur apur bat sentitu. Baina gero bere bi eskuak izaran ikusi nizkion, bi ahizpa lokartu bailiran geldi. Esku horietan ama hiltzen zegoela ikusi nuen, zeren ordurako izugarri nekatu eta kemenik gabe baitzeuden, bizidunak edukitzen ez dituen bezala. Ahaztu neure egarriaz, belaunikatu nintzen ohearen ondoan, ezarri nizkion gaixoari eskuak bekokian eta begirada bilatu nion. Ongi eta minik gabe begiratu zidaten begiek, baina iraungitzeko zorian. Alboan arnasa sakonarekin lotan zegoen aita iratzartzerik ez zitzaidan bururatu. Beraz ordu-pare bat inguruan belaunikaturik egon nintzen ama nola hiltzen ari zen begira. Isilik, serio eta kementsu, berari zegokionez, pairatzen zuen eta jarraibide bikaina eman zidan.

        Gelatxoa isilik zegoen eta pixkanaka hurbiltzen ari zen goizaren argitasuna nabari zen; etxea eta herria lotan zeuden eta nire eginbeharra pentsamenduz hil zorian zegoen baten arima laguntzea zen etxea, herria, lakua eta mendi-gailurrez haraindi, goizaldeko zeru garbi baten askatasun hozkirrirantz. Ez nuen samin handirik sentitu, zeren hainbesterainoko txundimen eta errespetuz beterik bainengoen, enigma handi bat nola ebazten zen eta bizitza baten zikloa ikara arin batez nola ixten zen ikusten. Hiltzera zihoanaren kemen kexa gabea hain nabaria izan zen, non bere loria mingotsetik izpi argi freskagarri bat nire arimara erori zen. Aita alboan lotan zegoela, apaiza falta zela, itzultzera zihoan arima santutuz lagunduko zuen sakramenturik eta otoitzik ez zegoela, guzti horretaz ez nintzen konturatu. Betieraren hats zirraragarria gela erdi-ilunean zehar nola zebilen eta nire izakiarekin nola nahasten zen bakarrik sentitu nuen. Azken unean begiak hain zeuden iraungiak, ezen musu eman nien lehen aldiz neure bizitzan amaren ezpain hotz ihartuei. Gero bat-bateko zirrarak kendu zidan ukituaren hotz estrainioa, eseri nintzen ohearen ertzean eta astiro eta dardarati malkoa malkoaren gain isurtzen zitzaidala sentitu nuen masaila, kokots eta eskuetan behera.

        Laster esnatu zen aita, ikusi ninduen han eserita eta erdi-lotan galdetu zidan zer gertatzen zen. Erantzun egin nahi nion, baina ezin nion ezer esan, aitzitik irten egin nintzen gelatik, joan ametsetan bezala neure gelara eta astiro eta ohartzeke bezala arropak jantzi nituen. Berehala agertu zitzaidan zaharra.

        — Ama hil egin duk —esan zuen—. Jakin al duk?

        Buruaz baietz esan nion.

        — Zergatik utzi didak lo egiten? Eta ez dik apaizik izan! Hik egin duana...

        Eta egundoko biraoa bota zuen.

        Orduan zerbaitek min eman zidan buruan, zain bat lehertu balitzait bezala. Hurbildu eta bi eskuak indarrez hartu nizkion —sasoian mutiko bat zen nire kontra— eta aurpegira begiratu nion. Ezin izan nion ezer esan, baina isil eta atsekabeturik geratu zen, eta ondoren biok amarengana joan ginenean, bera ere herioaren ahalmenak menperatu eta aurpegia estrainio eta solemne bihurtu zion. Orduan hildakoarengana makurtu eta emaro, haur baten gisara hasi zen, ia txori baten pare, tonu zorrotz ahuletan. Irten nintzen eta auzoei berri eman nien. Entzun ninduten, ez zidaten galderarik egin, baizik eta eskua eman eta beren laguntza eskaintzen zioten gure etxe zurtzari. Batek komenturako bideari heldu zion apaizaren bila, eta etxera itzuli nintzenerako, han ari zen auzoko emakume bat ukuiluan behia gobernatzen.

        Heldu zen apaiza, baita herriko emakume guztiak ere, dena puntuan eta zuzen gertatu zen, berez bezala, zerraldoa bera ere guk parte hartu gabe eskuratu zen eta lehen aldiz ikusi nuen argi eta garbi zeinen ona den egoera zailetan norbere etxean egon eta elkarte txiki ziur bateko kide izatea. Beste egunen batean agian hori gehiago hausnartu beharko nuen.

        Zerraldoa bedeinkatu, lurperatu eta segizio miresgarria, eta usadiozko kapelu altu zurdatsuak melankoliati desagertu zirenean, baita nire zaharrarena ere, zein bere kaxa eta armairuan, nire aita gizajoa ahuleriaren menpe erori zen. Supituki bere burua deitoratzen hasi zen eta esamolde bereziak, gehienbat biblikoak erabiliz bere miseria aditzera ematen zuen, esanez, orain emaztea lurpean zeukala, semea ere galdu eta atzerrira joaten ikusi beharko zuela. Ez zen atertzen, nik ikaraturik entzuten nion eta bertan geratuko nintzela agintzeko zori-zorian egon nintzen.

        Une hartan erantzuna ia prestaturik neukala, gauza bitxi bat gertatu zen. Supituki, segundo bakar batean, nik pentsatu, desiratu eta biziki irrikatutako guztia agertu zitzaidan irekitako barne-begi baten aurrean bildurik. Lan eder handi bat itxaroten neukala, irakurri eta idazteko liburuena. Entzun nuen hego-haizeak nola jotzen zuen eta nola zeuden dizdizka hegotar kolorez urruneko itsaso eta izpazter zoriontsuak. Jendea ikusi nuen aurpegi zuhur izpirituzkoekin ibiltzen eta emakume eder delikatuak, kale eta pasabideak ikusi nituen Alpeen gainetik zehar eta trenbideak herrialdeetan barrena, denak bat-batean eta bakoitza bere baitan, eta argiro eta guztiaren atzealdean horizonte garbiaren urruntasun mugagabea, hodei bultzalariz zeharkatua. Ikasi, sortu, begietsi, ibili —bizitzaren betetasun osoak zilarrezko begirada iheskorrean dizdiz egiten zuen nire begien aurrean, eta berriz ere haurtzaroan bezala eragin ahaltsu eta oharkabez zerbaiten bulkada sentitzen nuen neure baitan munduaren zabalera handirantz.

        Isildu eta aitari hitz egiten utzi nion, buruari eragin eta bere erretolika ahitu arte itxaroten egon nintzaion. Arratsean gertatu zen hori. Ikasteko eta etorkizuneko aberria izpirituaren erresuman bilatzeko neukan neure erabaki sendoaren berri eman nion orduan, baina berari sostengurik eskatu gabe. Ez zidan gehiago ekin eta saminez eta buruari eraginka begiratzen zidan. Gero, ordea, ulertu zuen aurrerantzean neure bideari jarraitu beharra neukala eta bere bizitzatik erabat aldenduko nintzela. Gaur egun idaztean, egun hartaz oroitzen naizenean, aita berriro leiho ondoko aulkian eserita gogoratzen dut arrats hartan. Bere baserritar-buru zorrotz eta zuhurra zirkinik egiteke dago lepo mehearen gainean, ile laburra zuritzen hasia, eta aurpegiera gogor zailduan borrokan ari dira, gizontasun irmoz, errukia eta hurbiltzen ari den zahartzaroa.

        Beratzaz eta bere teilatupean egin nuen egonaldiaz oraindik gertakaritxo garrantzitsu samar bat gelditzen zait kontatzeko. Bidaiari ekin aurreko astean, aitak bere txanoa jantzi eta eskua jarri zuen ateko maratilan.

        — Nora zoaz? —galdetu nion.

        — Inporta al zaik? —esan zidan.

        — Zergatik ez didazu esaten, zerbait desegokia ez bada behintzat —esan nion.

        Barre egin eta jaregin zuen:

        — Nahi baduk, hator nirekin, jadanik ez haiz umea.

        Horrela berarekin joan nintzen. Tabernara. Baserritar-pare bat eserita zegoen pitxerkada bat ardo beltzen aurrean, bi gidari kanpotar absenta edaten ari ziren, mahaikada bat mutil gazte jassean jokatzen eta egundoko astrapala ateratzen ari ziren.

        Ohituta nengoen, noizean behin basokada bat ardo edatera, halere lehen aldia nuen premiarik gabe tabernan sartzen nintzela. Aita edale ona zen aditzea banuen herrikoen esamesetatik. Asko eta ongi edaten zuen, eta horregatik etxeko jira, nahiz eta erabat zabartua ez eduki, erremedio gabeko erdizpurdikerian trangotua zeukan. Konturatu nintzen barrera handia egin ziotela ostalari eta bezeroek. Litro bat eskatu zuen Waadtlandeko ardotik, atera zuen basora eta nola edan behar zen irakatsi zidan. Botila asko beheratuz atera behar zen, gero pixkanaka zorrotada luzatu eta azkenean botila ahal bezain behera eraitsi. Orduan ardo desberdinez hitz egiteari ekin zion, ezagutzen zituenez eta noiz edo behin hirira edo Suitza erromaniarrera joateko aukera bakanetan dastatu ohi izan zituenez. Arreta handiz hitz egiten zuen Valtelinako beltzaz, zeinetarik hiru mota bereizten zituen. Ondoren ahots apal iradokiorragoz Waatlandeko ardo botilatu jakin batez hitz egitera pasatu zen. Ia txutxu-putxuka eta eta ipuin-kontalariaren itxurak hartuz Neuchateleko ardoaz hitz egin zidan azkenik. Honetatik bazeuden uztaldi batzuk, zeinen bitsak basora ateratzean izar bat sortzen zuen. Eta hatz erakusle bustiaz marrazten zuen izarra mahaian. Gero izugarrizko kontsiderazioekin xanpainen izaera eta zaporean murgildu zen; inoiz edan gabea zuen, baina bi gizon zerraldo mozkorturik uzteko botilakada bat aski zela sinesten zuen.

        Isildu eta pentsakor pipa piztu zuen. Orduan konturatu zen ez neukala ezer erretzeko eta hamar xemeiko eman zizkidan zigarrotarako. Eta gero elkarren aurrez aurre eseri, elkarri kea aurpegira bota eta astiro zurrupatuz hustu genuen lehen litroa. Waatlandeko ardo hori bixiak zapore bikaina zeukan. Pixkanaka alboko mahaiko baserritarrak hizketan sartzera ausartu ziren eta azkenerako, bata bestearen atzetik eztarriak garbituz, arretaz gure ondoan eseri ziren. Laster bihurtu nintzen hizketagai eta erakutsi zidaten ez zeukatela ahaztua eskalatzaile gisa nuen sona. Era guztietako igoera ausart eta amiltze zoroak lainarte mitikoan bildurik, kontatu, eztabaidatu eta defendatu ziren. Bitartean guk bigarren litroa ia amaitu genuen eta nik odola begietan sentitzen nuen. Neure izaeraz zeharo bestetara berriketan hasi nintzen Sennalpstocken horma nagusian gora, Rösi Girtannerrentzat Alpe-arrosak hartu nituen tokira nola igo nintzen ere kontatu nuen. Ez zidaten sinesten, nik berretsi egiten nuen, haiek barre egiten zuten, ni haserre jarri nintzen. Sinesten ez zidaten guztiei borrokan egiteko eskatu nien eta denak derrigor menperatzea espero nuela. Orduan baserritartxo konkortu zahar batek arasara joan, lozazko pitxer handi bat hartu eta luzetara ezarri zuen mahai gainean.

        — Gauza bat esango diat —barre egin zuen—, hain indartsua baldin bahaiz, puska ezak pitxerra ukabilaz. Orduan horrek hartzen duen adina ardo ordainduko diagu. Ezin baduk, heuk ordainduko duk ardoa.

        Aitak berehalaxe esan zuen baietz. Beraz, zutitu, jarri mukizapia eskuaren biran eta jo egin nuen. Lehen bi kolpeek ez zuten ondoriorik izan. Hirugarrenean pitxerra puskatu egin zen.

        — Ordaindu! —oihu egin zuen aitak pozez diz-dizka; agureak ados zirudien.

        — Ongi da —esan zuen—, pitxerrak hartzen duen ardo guztia ordainduko dut. Baina ez da asko izango.

        Jakina, zatiak ez zuen litro laurdenik hartzen eta nik besoko mina eta iseka neureganatu nituen. Aitak ere barre egin zuen nire lepotik.

        — Tira, zeuk irabazi duzu —oihu egin nuen nik, bete nuen zatia gure botilatik eta burutik behera isuri nion agureari. Berriro garaile bihurtu ginen eta bezeroen txaloak jaso genituen.

        Horrela txantxeta bizian egon ginen berandu arte. Gero aitak etxera arrastatu ninduen eta amaren zerraldoa egon zen gelan zehar, asaldatu eta zakarturik, oztopoka ibili ginen. Nik hildako baten modura lo egin nuen eta biharamun goizean ajearekin eta hebaindurik esnatu nintzen. Aitak iseka egiten zidan, erne eta alai zegoen eta bere nagusitasun moralaz pozik. Nik, ordea, isilpean zin egin nuen, sekula gehiago ez nuela edariaz abusatuko eta ezinegonez nengoen alde egin behar nuen egunari itxaroten.

        Etorri zen eguna eta alde egin nuen, baina zina ez dut bete. Waatlandeko horia, Valtelinako beltza, Neuchateleko ardo izarratua eta beste ardo asko ezagutu ditut harez gero eta haien adiskide on bihurtu naiz.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia