I

 

        Hasieran bazen mitoa. Jainko handiak indiar, greko eta germaniarren arimak inspiratu eta aditzera ematen zituen bezala, horrela dihardu egunero berriz ere haur bakoitzaren arima inspiratzen. Nik ez nekien oraindik nola zuten izena neure sorterriko laku, mendi eta errekek. Baina banekusan lakuaren gainazal leun urdin-berdea nola zegoen eguzkitan, argitxoz zirtatua, eta haren inguruan koroa trinkoa eratuz mendi malkarrak, eta haien harkaitzik gorenetan elurrezko murru distiratsu eta ur-jauzitxo ttikiak, eta haien oinean belardi aldapatsu mehatzak, fruitu-arbola, txosna eta mendi-behi grisekin. Eta nire arimatxo gaixo, hain huts, isil eta itxaropentsuaren baitan idazten zuten laku eta mendietako izpirituek beren egintza eder ausarten berri. Murru eta zintzur zurrunek setati eta begirunez hitz egiten zuten lehengo garaiez, zeinen sorkari baitira eta zeinen orbainak baitituzte aldean. Aspaldikoaz hitz egiten zuten, lurra lehertu eta makurtu zenekoaz eta bere gorputz oinazetutik bilaka behar intziritsutan gailur eta erpinak sortarazi zituenekoaz. Harkaitzek elkarri bultza egiten zioten gorantz, orroka eta zartaka, harik eta xederik gabe tontortuz kraskatzen ziren arte; mendi bikiek larritasun etsian elkarrekin borrokatzen ziren espazioarengatik, batak irabazi eta gora igo eta anaia albora bota eta desegiten zuen arte. Halere, han eta hemen ageri ziren garai haietako gailur hautsiak, harkaitz zartatuak, troka eta lurmenetan uhaitzak harri-mokor eskergak zeramatzan herrestan, kristala bezala kraskatzen edo oldar ikaragarriaz belardi bigunean hondoratzen zirelarik.

        Harkaitz hauek beti gauza bera esaten zuten. Eta erraza zen haiek ulertzea beren murru malkarrak, geruzaz geruza eratuak, okertuak, lehertuak, denak zauri gordinetan ikustean.

        — Ikaragarri nozitu dugu —zioten— eta oraindik ere nozitzen ari gara.

        Baina harro, sendo eta setati zioten, gerrari zahar menperagaitzek bezala. Gerrariek bezala, noski. Ikusten nuen nola borrokatzen ziren ura eta ekaitzarekin udaberri-aurreko gau izugarri haietan, hego-haize amorratuak tontor garaietan orroa egin eta uhaitzek harkaitz gordin berriak erauzten zituztenean. Sustrai setati errotuekin zirauten gau horietan ilun, arnasa gabe eta temati, haitzerantz luzatzen zituzten afrontuak zartaturiko murru eta adarrak, eta indar guztiaz hedatzen zituzten setaz kuzkurturiko elkarganatzean. Eta zauri bakoitzeko amorru eta larridurazko trumoi ikaragarriak jaregiten zituzten eta lekurik urrunduetaraino iristen zen, eten eta haserre, haien auhena lazgarria.

        Eta nik belardi, hegi eta haitz lurtsuak belar, lore, iratze eta goroldioz beteak ikusten nituen, herri-hizkerak izen ohargarri eta aierutsuak eman zizkien haiek. Mendiaren haur eta biloba bezala bizi ziren beren lekuetan. Nik sentitu, begiztatu, usnatu eta haien izenak ikasten nituen. Sakon eta serio hunkitzen ninduen zuhaitzak ikusteak. Bakoitza bere bizimodu berezia burutzen, bere forma eta adaburua eratu eta bere itzal berariazkoa egiten ikusten nuen. Ermitau eta gerrari neritzen, mendien hurbileko ahaide, zeren haietako guztiek, batez ere mendien gorenean zeudenek, beren borroka isil gogorrean baitziharduten haize, eguraldi eta harkaitzen kontra iraun eta hazteko. Bakoitzak bere zama eraman eta eutsi beharra zeukan eta horretatik zetozkion bakoitzari bere taiu propioa eta zauri bereziak. Baziren pinuak, ekaitzak alde bateko adarrak bakarrik errespetatu zizkienak eta beste batzuk, zeinen enborrak sugeen antzera gainetik zintzilik zeuden harkaitzen inguruan bihurritu ziren, halako moldez, non zuhaitzak eta harkaitzak bata bestea estutu eta elkarri eusten baitzioten. Bi gizon gerrariren antza hartzen nien eta beldurra eta errespetua sortarazten zizkidaten bihotzean.

        Gure gizon eta emakumeak ere haien antzekoak ziren, gogorrak, zimur-zimurrak eta hitz gutxikoak, hoberenak behintzat. Haiengandik ikasi nuen gizakiei zuhaitz edo harkaitzei bezala begiratzen, haietaz gogoetak egin eta pinu isilak baino gutxiago ez ohoratzen eta gehiago ez maitatzen.

        Nimikon, gure herritxoa, lakuaren ondoko zelai malkar triangeluar batean bi mendi-hegiri itsatsirik dago. Bide bat hurbil dagoen komentura doa, bigarrena hiru ordu laurdenetara dagoen albo-herri batera, lakuaren ondoan dauden beste herrietara urez bakarrik iristen da. Gure etxeak zurezkoak dira, antzinako usadiora eginak, eta ez dute adin jakinik, ez da ia inoiz berririk eraikitzen, eta etxetxo zaharrak premiaren arabera konpontzen dira: une batean ezkaratzeko zoladura, beste batean teilatu-zati bat; eta habe-erdi eta taketa asko, garai batean logelako paretan egonak, orain gapirio bezala aurkitzen dira teilatuan, eta horretarako ere balio ez eta erretzeko onegiak badira, hurrengoan ukuiluan edo mandioan konponketak egiteko edo etxeko atea errebortxatzeko erabiltzen dira. Gauza bera gertatzen da bertakoekin ere; bakoitzak bere eginbeharra betetzen du ahal duen bitartean, sartzen da zalantzakor baliogabeen taldean eta azkenean ilunpetan galtzen da, mira gehiegirik sortu gabe. Urte lumen ondoren herrira itzultzen denak ez du ezer aldaturik aurkitzen, teilatu zahar eraberritu pare bat eta beste berri zahartu pare bat izan ezik, zeren garai bateko edadekoak alde eginak baitira baina beste edadeko batzuk daude, txosna beretan bizi direnak, izen berak dituztenak, umeteria ile-beltz bera zaintzen ari direnak, eta aurpegi eta portaeraz hildakoengandik ozta-ozta bereizten direnak.

        Gure elkarteari kanpotiko odol eta bizi berriaren irain indartsua falta zitzaion. Biztanleak, aski arraza sendokoak izaki, elkarrekiko ahaide hurbilak dira eta ia hiru laurdenek Camenzind deitura dute. Parroki liburuan orrialdeak betetzen ditu eta kanposantuko gurutzeetan, etxeetan olioz pintaturik edo zurean landurik edota postariaren karroan, ukuiluetako suiletan edota lakuko txalupetan ageri da. Aitaren etxe-atearen gainean ere pintaturik zegoen: «Etxe han Jost eta Franziska Camenzindek eraiki dute», baina ez zuen aita aipatzen, arbaso bat, nire birraitona baizik, eta ni ere ondorengorik gabe hilko banintz, badakit, beste batek beteko lukeela habia zaharra seguru aski, harik eta bertan zutik iraun eta gainean teilatua izango duen bitartean.

        Itxurazko monotonia hura gorabehera, gure herritarren artean ere bazegoen ongia eta gaizkia, prestua eta kaskarra, ahaltsua eta ahula eta zenbait zuhurren ondoan, zoro-multzo gozatsu bat, inozorik ez aipatzearren. Toki guztiak bezala mundu zabalaren kopia bat zen hura ere, eta nola handiak eta txikiak, zentzudunak eta zoroak elkarren artean estuki senidetu eta lehengusuturik zeuden, sarri askotan teilatupe berean harrokeriarik handiena eta arinkeriarik tentelena aurkitzen ziren, horrela gure bizitzak gizakiaren sakontasun eta xelebrekeriarako adina leku bere baitan zeukalarik. Baina opresio misteriotsu edo inkontzientearen betiereko belo bat zeukan bere gainean. Natur ahalmenekiko dependentziak eta bizitza lantsu baten lazeriak denboran zehar zahartzen ari zen gure arrazari melankoliarako isuria eman zion, aurpegi zorrotz zakarrei gaizki ez zetorkiena, baina inolako fruitu bozkariozkorik behintzat zoritzen ez zuena. Baina, hala ere, pozik kontu egiten zitzaion zoro-pareari, eta haiek, aski isil eta serioak baziren ere, barrea eta isekarako nahikoa bide eta aukera ematen zuten. Haietakoren batek erokeria berriren batez zer esana ematen zuenean, Nimikoneko jendearen aurpegi zimur beltzaranetan oinaztargi alai bat sortzen zen, eta txantxaren atseginari norbere nagusitasunaren gozamenaren saltsa fariseuzkoa gehitzen zitzaion, zeinek ahoari hotsa ateratzen baitzioten pozarren, halako errakuntza eta behaztopetatik libre zeudelako sentimenduarekin. Zintzo eta bekatarien artean zegoen eta atseginez bietatik partaide izan zen gehiengo hartakoa zen nire aita ere. Ez zen inoiz erokeriarik gertatu, bera ezinegon alaiz bete ez zuenik, eta horrela xelebreki behin eta berriz kulunkan geratzen zen egilearenganako miresmen interesatua eta bere tatxa gabeziarekiko kontzientzia irmoaren artean.

        Osaba Konrad zoroen taldekoa zen, baina horregatik nire aitaren eta zentzuaren hernien aurrean inola ere gutxiago sentitu gabe. Aitzitik buruargi bat zen eta idorokuntza-izpiritu ezinegon batek eragiten zion, horregatik besteek zalantzarik gabe inbidia izan ziezaioketelarik. Baina ez zuen ezerk zorioneko egiten. Zeren, buruari birak emateari utzi eta patxadaz melankolian murgildu ordez, beti zerbait berriari ekin eta horrela bere egintzetan zegoen tragikomikoarekiko nabarmenkiro sentimendu bizia izatea pribilegio zuelarik, hori bereizitasun barregarritzat egotzi izan zioten, zeinaren indarrez elkarteko petzero soldata gabe bihurtu zen. Nire aitak berarekiko zuen harremana atergabeko dilindala bat zen miresmena eta mesprezuaren artean. Osabaren asmo berri bakoitzak jakin-min eta asaldura handiak sortzen zizkion aitari, galdera ironiazko eta aieruen atzean alferrik eta zelatari ezkutatu nahi zituenak. Osabak garaitia segurutzat eduki eta handikiro portatzeari ekitean, herrestan eramaten uzten zion eta jeinuari anaitasun espekulatzailean elkartzen zitzaion, ezinbesteko porrota azaltzen zen arte; hura zela-eta osabak sorbaldak uzkurtzen zituen eta aitak amorru bizitan isekaz eta irainez estaltzen zuen eta hilabete luzetan begirada eta hitzik ez zion zuzentzen.

        Konradi zor dio gure herriak belaontzia lehendabizikoz ikusi ahal izana, eta aitaren txalupa erabili zuten horretarako. Bela eta kordateria osabak zehatz eginak ziren egutegi bateko grabatuaren arabera, eta ontzitxoa belaontzi izateko txikiegi gertatu izana, azken buruan, ez zen Konraden. errua. Asteak eman ziren prestakuntzan, aita tirandura, esperantza eta larritasunez zilarbizia bezalatsu zegoen, eta gainerako herritarrek ere ez zuten ezertaz hitz egiten Konrad Camenzinden asmakari berriaz adina. Egun gogoangarria izan zen guretzat udako goiz haizetsu batean txalupak lehendabizikoz lakura joan behar izan zuenekoa. Aita, gerta zitekeen hondamendiaren susmoarekin, urrundurik zegoen eta nire nahigabe handirako osabarekin joatea debekatu zidan. Füssli, okinaren semeak bakarrik lagundu zuen belaren artista hura. Baina herri osoa zegoen gure ontzirategi eta jardinean, eta aparteko ikuskizun haren lekuko izan nahi zuen. Ekialdetiko haize atergabeak jotzen zuen laku aldera. Hasieran txalupakoek arraunean egin behar izan zuten, harik eta brisan sartu, belak hanpatu eta harro abiatu zen arte. Harriturik ikusi genuen mendi-irtengune hurbilenaren atzealdean ezkutatzen eta osaban etxerakoan garaile bati bezalako abegia egin eta haren kontra izan genituen isekazko pentsamendu ezkutuengatik lotsatzeko prestatu ginen. Baina gauean txalupak, itzuli zenean, ez zeukan belarik, marinelak erdi-hilik zeuden eta okinaren semeak eztulka esaten zuen: «Mauka ederra galdu duzue, ez du asko falta izan igandean bi hileta-bazkari izateko». Aitak bi ohol ezarri behar izan zizkion txalupari, eta harez gero ez zen sekula beste belarik gainazal urdinean errainutu. Konradi luzaroan bota zioten aurpegira, zerbaitek presa zuenean: «Belak atera beharko dituk, Konrad!» Aitak bere amorrua irentsi eta luzaroan, koinatuarekin topo egiten zuen bakoitzean, albora begiratu eta harropuzkeriatan hasten zen, esanezinezko mesprezuaren adierazgarri. Egoera honek egun batean Konradek ogia erretzeko labearen egitasmoa proposatu zion arte iraun zuen, eta horrek asmatzaileari egundoko isekak eta nire aitari txanpon-mordoxka bat ordaindu beharra ekarri zion. Errukarria txanpon haien istorioa gogoraraztera ausartzen zitzaiona! Handik denboraldi batera, berriro etxean miseria nagusitu zitzaigunean, amak bidenabar aipatu zuen, ona izango zatekeela bekatuan xahuturiko diru hura edukitzea. Aita leporaino gorritu zen, baina bere buruari eutsi eta zera besterik ez zuen esan:

        — Igande bakar batean zurrutean ziplatuko nukeen.

        Negu bakoitza amaitzean hego-haizea iristen zitzaigun bere furrunda sakonarekin, alpetarrok dardarka eta beldurrez entzun eta atzerrian gaudenean herrimin erdiragarriz irrikatzen duguna.

        Hego-haizearen hurbiltasuna ordu sail bat lehenago sentzen zuten gizon eta emakume, mendi, ihizi eta abereek. Bere etorrera, ia beti aurretik haize freskoak izaten dituena, ziztu sakon beroak iragartzen du. Laku urdin-berdea une pare batean tinta beltzaren koloreko bihurtzen da eta supituki aparrezko koroa zuri artegak sortzen zaizkio gainean. Eta handik gutxira, minutu batzuk lehenago bake isilean zegoenak trumoika ekiten dio, olatu haserretuekin itsasoak hegietan bezala. Bat-batean landa guztia ikaraturik bere baitan uzkurtzen da. Gailurretan, lehen urruntasun aldenduetan hausnarrean zeudenak, orain harkaitzak zenbatu egin daitezke eta distantziara orban nabarrak bezala ageri diren herriei, orain teilatu, aurrealde eta leihoak nabarmentzen zaizkie. Dena bere baitan uzkurtzen da, mendi, belardi eta etxeak, artalde ikaratuaren gisara. Eta orduan hasten da burrunda lazgarri bat, lurraren ikara. Zartailu baten zaratarekin lehertzen dira zeharretara lakuko olatuak, aireak bultzaturiko kea bezala, eta luzaroan, gauean batez ere, ekaitzak mendiekiko egiten duen borroka etsitua entzuten da. Handik apur batera erreka gainezkatu, etxe porrokatu, batel hondoratu eta galduriko aita eta anaiez hitz egiten da herrietan zehar.

        Haurtzaroan beldurra izan nion hego-haizeari eta gorrotatu ere egin nuen. Baina nerabezaroko kemen usua esnatzean maitatu egin nuen erreboltari, beti gazte, sesiante lotsagabe eta udaberriaren ekarle zen hura. Ikusgarria zen nola biziaz hain beterik, kemen eta itxaropenez beterik borroka gogorrari ekiten zion zalapartaka, barrezka, hasperenka, troketan zehar ehizan ibiltzen zen, mendietako elurra jaten zuen eta pinu bihurri zaharrei esku hutsez okertu eta intziri eragiten zien. Gerora nire maitasuna sakonduz joan zen eta haize horrengan hegoa ezti, eder joria agurtu nuen, zeinari beti atsegin, eta edertasunezko korronteak darizkion, mendietan lehertu eta azkenik Iparralde lau eta freskoan nekaturik odolusteko. Ez dago ezer bakan eta baliotsuagorik hego-haizearen sukarra baino, hego-haizeak jotzen duenean mendietako gizona eta bereziki emakumea menperatzen duen hori baino, loa lapurtu eta zentzumen guztiak laztankor kitzikatuz. Hegoa da Iparralde zakar eta pobreagoaren bularrera zalapartari eta suhar, oldartu dena eta Alpeetako herri elurtuei purpurazko laku hurbilaren hegietan jadanik udaberri-lili, nartziso eta almendra-abarrak berriro loratzen ari direla iragartzen diena.

        Hego-haizea baretu eta azken elur-jauzi lohiak lerratu direnean, orduan dator ederrena. Orduan hedatzen dira mendian barrena alde guztietara belardi horixka loratuak, argi eta alai agertzen dira gailur elurtuak eta glaziarrak gorenean; eta lakua urdindu eta epeldu egiten da, berriro eguzkia eta hodeiak errainutuz.

        Guzti hau haurtzaro bat ez ezik, behar izanez gero, bizitza oso bat betetzeko ere adinakoa da. Zeren guzti hau ozen eta garbi mintzatzen baita Jainkoaren hizkuntzaz, giza mihiak inoiz lortuko ez duen moduan. Bere haurtzaroan hizkuntza hori hauteman duenari, bizitza osorako gelditzen zaio oihartzuna, ezti, sendo, fruitukor eta inoiz ez dio lilura horri ihes egiten. Meridian eroso sentitu izan denak gero urte osoak eman ditzake filosofia edo historia naturalis ikasten, Jaungoikoarekin ongi konpontzeari utzi gabe, —zeren hego-haizea berriz sumatzen edo elur-jauzi bat basoan entzuten duenean ikaratan jartzen baita, eta Jainkoa eta heriotzan pentsatzen baitu.

        Aitaren etxeak baratza txiki hesi gabea zeukan alboan. Letxuga latz batzuk, arbiak eta azak hartzen ziren bertan, eta aparte amak sail oso txiki eta helkor bat zeukan loreentzat, non bi arrosondo, dalia-sastraka bat eta erreseda-eskutada bat itxaropentsu eta nahigabez belaskatzen ziren. Baratzaren alboan bazen artean leku txiki eta legartsuago bat, lakuraino iristen zena. Bertan bi upela hondatu, ohol eta taketa batzuk zeuden eta beherago, uretan, gure potintxoa zegoen amarratua, garai hartan bi urtez behin konpondu eta bikeztatzen zena. Hori gertatzen zeneko egunak ongi finkatuak geratu zaizkit oroimenean. Uda aurreko arratsalde beroak izaten ziren, baratzetxoaren gainetik balantzaka ibiltzen ziren tximeleta hori laruak eguzkitan, lakua olio bezain bare zegoen, urdin eta isil, emaro ñirñirka, mendi-gailurra gandu mehez inguratua, eta ontzirategi txikian bike eta olio-pintura-usain sarkorra izaten zen. Gerora ere txalupari uda osoan zehar zerion bike-usaina. Horregatik, handik urte askotara, nonbaiteko itsasoan kresala eta bikearen usain nahastua sudurretaratzean, gure ontzirategitxoa jartzen zitzaidan begien aurrean, eta berriro aita mahuka hutsetan ikusten nuen pintzela pipari zerizkion hodei urdinxkak ikusten nituen udako aire isilean eta oinaztargi koloreko tximeleta horiak hegal baldar lotsatiei eragiten. Egun haietan oso umore atsegina erakusten zuen aitak, xaramelka aritzen zen, eta primeran gainera eta tirol-kanta laburren bat ere jaregiten zuen, ahopean bazen ere. Amak zerbait ona prestatzen zuen afaritarako eta orain pentsatzen dut, arrats hartan Camenzind tabernara joango ez zitzaion esperantza ezkutukoz egiten zuela hori. Baina, halere, aitak alde egin zion.

        Ezin dezaket esan gurasoek nire sentimenduen garapenean onerako ala txarrerako esku hartu zuten. Ama beti eskuak bete lanekin ibiltzen zen, eta aita ez zen ezertaz gutxiago arduratzen hezkuntza-arazoez baino. Bazuen egitekorik aski bere fruitu-arbola parea behar bezala zaindu, patata-sorotxoa maneatu eta belar ondua inguratzen. Baina bi astez behin gutxi gorabehera, arratsean, eskutik heldu alde egin baino lehen, eta isilka ezkutatzen zen nirekin ukuiluaren gainaldeko belar-mandiora. Eta bertan zigor eta hoben-ordainezko egintza bitxia bailitzan, sekulako jipoia hartzen nuen, ez aitak eta ez neuk hura zergatik zen zehatz jakin gabe. Nemesiari aldarean egindako opari isilak ziren, eta bere aldetik agirikarik edo nire aldetik garrasirik gabe burutzen ziren ahalmen misteriotsu bati zor zitzaion zerga bezala. Beti, geroko urteetan «patu itsuaz» norbait hitz egiten entzutean, eszena misteriotsu hauek berriro bururatu eta kontzeptu horren irudikapen guztiz plastikoa zela iruditzen zitzaidan. Bizitzak berak nagusiak garenean izaten duen pedagogia sinple bera erabiltzen zuen aitak oharkabean, zeren tarteka oskarbitik trumoiak jotzen baititu, eta horrela gogoeta egin beharrean aurkitzen gara zer egintza txarren bitartez goiko ahalmenak haserrarazi ote ditugun. Zoritxarrez gutxitan edo ia inoiz ez nuen horrelako gogoetarik egin, aitzitik epekako zentzaketa desiragarria zen hura kontzientziako azterketarik gabe lasai hartzen nuen edo tente, eta poztu egiten nintzen beti arrats haietan, neure zerga ordaindu eta zigorrik gabe aste pare bateko tartea aurrean neukalako. Askoz gehiago kontra egin nion zaharrak lanera behartzeko egin zizkidan ahaleginei. Natura ulertezin eta zarrastelak elkarren kontrako bi dohain batu zituen nigan: ohizkoa ez zen gorputz-indarra eta zoritxarrez txikiagoa ez zen lanerako nagitasuna. Aitak ahalegin guztiak egin zituen nitaz seme baliagarri eta lankide bat egiteko, baina nik amarrukeria guztiak erabiltzen nituen ezarritako lanari ihes egiteko, eta batxilergoan nenbilela ere antzinako beste edozein heroirenganako baino erruki handiagoa sentitu izan nuen Herkulesenganako, lan astun sonatu haietara behartu zutelako. Garai hartan ez nuen ezer ederragorik ezagutzen harkaitz, belardi edo uretan oporrean ibiltzea baino.

        Mendiak, lakua, ekaitza eta eguzkia nituen adiskide, solaskide eta liluratzaile eta askozaz maitagarriago eta ezagunago nituen edozein gizaki edo giza zorte baino. Nire kuttunak, ordea, laku distizari, pinu triste eta harkaitz eguzkitsuei hobesten nizkienak, hodeiak ziren.

        Ezetz erakutsi mundu osoan hodeiak nik baino hobeki ezagutzen eta gehiago maite dituen gizonik! Edo ezetz erakutsi hodeiak baino ederragoa den gauzarik! Olgeta eta begi-gozagarri dira, bedeinkapen eta Jainkoaren emari, hira eta herio-ahalmen. Samur, bigun eta lasaiak dira, jaioberrien arimak bezala; eder, aberats eta emankor aingeru onak bezala, ilun, ezinbesteko eta gupidagabe herioaren mandatariak bezala. Geruza mehetan lerratzen dira zilarrezko, irribarretsu ibiltzen dira itsasontziak bezala zuri-urrezko ertzekin, egonean egoten dira kolore hori, gorri eta urdineko. Ilun eta geldi lerratzen dira hiltzaileak bezala, elkarri segika igarotzen dira buruaren gainetik zaldun lasterkariak bezala ziztu bizian, triste eta ameslari zintzilik egoten berunezko goialdeetatik ermitau melankoliatiak bezala. Uharte zoriontsu eta aingeru bedeinkatzaileen formak dituzte, esku mehatxatzaile, haize-oihal zafrakari, kurrilo alderraien antza dute. Jainkoaren zeruaren eta lur gaixoaren artean giza joran guztien sinbolo eder bezala mugitzen dira, bietakoak izaki —lurreko amets bezala, zeinean beren arima zikinduak zeruaren kontra estutzen diren. Ibilera alderrai, bilaketa, irrikatze eta etxera-nahi guztiaren betiko ikur dira. Eta horrela, zerua eta lurraren artean, herabeti eta jorantsu, zintzilik dauden bezala, horrela daude gizakien arimak ere, herabeti, jorantsu eta setati, denbora eta betieraren artean zintzilik.

        Oi, hodeiak, eder, mugikor, atseden gabeak! Ni haur ezjakina nintzen eta maite nituen, begiratzen nien eta ez nekien, neu ere hodei baten modura bizitzatik pasatuko nintzenik —ibiltari, alderdi guztietan arrotz, denbora eta betieraren artean mugituz. Haurtzarotik neure adiskide eta haurride maite izan ditut. Ezin naiz kaletik ibili, elkarri begiratu, agur egin eta une batez aurrez aurre begira egon gabe. Ez dut ahaztu ere beraiengandik behiala ikasitakoa: beraien formak, beraien koloreak, beraien zertzeladak, beraien jolas, biribilketa, dantza eta atsedeteak, eta beren istorio lurtar-zerutar bitxiak.

        Gogoan dut oraindik elurretako printzesaren istorioa. Erdiko menditeria zuen talai, neguko lehen egunetan, haize epelak jotzean. Printzesatxoa segizio txiki batekin agertzen da, goialde malkarretatik, eta atseden-leku baten bila dabil mendiaren sakana edo gangetan. Bekaizti ikusten du ipar-haize faltsuak xaloa nola kokatzen den, mendian gora barreiatzen gutizia isilean eta gainera amiltzen zaio bat-batean amorruz eta orroka. Jaurtikitzen du printzesa ederra hodei zarpail beltz urratuen kontra, jasotzen du, ekiten dio garrasika, uxatu egin nahi luke. Une batez printzesa urduri jartzen da, itxaroten du, pazientziaz hartzen du eta behin baino gehiagotan buruari eraginez, poliki eta ironiati berriro goialdera itzultzen da. Beste batzuetan, berriz, bere inguruan biltzen ditu adiskide larrituak, agertzen du bere printzesa-aurpegi distirantea eta esku hotzaz atzera joateko agintzen dio iratxoari. Dardarka, uluka ekin eta ihesari ematen dio. Eta printzesa patxadaz geratzen da, laino zurbilez estaltzen du bere egoitza, eta lainoa aldendu denean, sakan eta gangak argi eta distiratsu geratzen dira elur egin-berri garbi eta bigunaz estalirik.

        Istorio honetan bazegoen zerbait noblea, zerbait arima eta edertasunaren garaitzapenaz liluratzen ninduena eta nire bihotz txikia misterio alaiz mugiarazten zuena.

        Laster iritsi zen garaia ni ere hodeietara hurbildu, beraien artean sartu eta sarritan beraien multzoa goitik begiztatu ahal izaten nuena. Hamar urte nituen, lehen gailurrera igo nintzenean; Sennalpstock deritzo eta bere oinean Nimikon gure herritxoa dauka. Orduan ikusi nituen lehen aldiz mendien ikaragarritasun eta edertasuna. Osin sakonak, izotzez eta elur-urez beteak, glaziar berdexkak, morrena ikaragarriak eta guztiaren gainetik kanpai baten gisara zerua, garai eta biribil. Norbait hamar urtez mendi eta laku artean bizi izan eta goialde garaien artean estuturik aurkitu izan bada, orduan ez zaio ahazten lehenbiziko aldiz zeru zabala gainean eta horizonte neurgabea aurrean eduki zuen eguna. Igotzen ari nintzela txunditurik nengoen behetik hain ezagunak zitzaizkidan harkaitz eta harrizko murruak hain ikaragarriro handi aurkitzean. Eta orduan ikusi nuen, supituki larritasun eta pozkarioz, zabaldi eskerga neure aurrean hedatua. Bai miresgarriro handia zela mundua! Gure herri osoa, han behean galdua, argiunetxo bat besterik ez zen. Ibarretik begiratuta auzoak ziruditen gailurrak ordu askotako distantziara zeuden bata bestetik.

        Orduan hasi nintzen susmatzen zertxobait bakarrik, oraindik ez neukala munduaren benetako ikuspegirik, eta han kanpoan mendiak daudela eta erori egiten direla eta gauza handiak gerta zitezkeela, zeinez nik neure mendi-zulo aldenduan berri txikienik ere izan ez nuen. Aldi berean zerbaitek dardara egiten zuen nigan, brujularen orratzak bezala, indar inkontzientez urruntasun handi hartarantz. Eta orduan bakarrik ulertu nuen erabat hodeien edertasun eta melankolia, zeinen urruntasun amaigaberantz zihoazen ikustean.

        Bi laguntzaile nagusiek goratu egiten zuten nire igoera ona, pixka batean atsedena hartu tontor izoztuetan eta barre egiten zuten nire bozkario harrituarengatik. Nik, ordea, lehen harridura handia pasatu zitzaidanean, atsegin eta asalduraz txilio egiten nuen, zezen batek bezala aire garbian zehar. Edertasunarengatiko neure lehen kanta artikulatu gabea nuen. Oihartzun mehatxuzko baterako prest nengoen, baina nire garrasiak goialde baketsuan txori-txorrotxio ahul arrasto gabea bezala entzun zen. Orduan erabat lotsatu eta isildu egin nintzen.

        Egun hartan izotzen bat hautsi zen nire bizitzan. Gero gertakari baten ondotik beste bat etorri zen. Gero eta sarriago eramaten ninduten mendi-igoeretara, baita zailenetara ere, eta benetako gozamenaz barrentzen nituen goialdeetako misterio handiak. Halako batean ahuntzain izateko deitu ninduten. Zelaietako batean, sarritan neure animaliak eramaten nituen batean, bazen haizetik babesturiko zoko bat gentziana urdin-urdinez eta har-landare gorriz betea, niretzat munduko lekurik maitagarriena zena. Bertatik ez zen herria ikusten, eta lakutik ere harkaitzen gainean zerrenda txiki argi bat bakarrik ageri zen, horregatik loreek kolore gordin irrikorretan irazekiak zeuden, zeru urdina denda baten gisara hedaturik gailur elurtu eta zorrotzetan, eta ahuntz-zintzarrien txintxin finaren ondoan ur-jauzi hurbilaren soinu atergabea entzuten zen. Hantxe etzaten nintzen epeletan, hodeitxo zuriei harriduraz begira eta ahopean neure golkorako kantari hasten nintzen, harik eta ahuntzak nire nagitasunaz ohartu eta bihurrikeria debekatu eta olgeta askotarikoak egin nahi izaten zituzten arte. Lehendabiziko astean bertan ilundu zen nire zeru oskarbia, ahuntz errebelatu batekin amildegian behera erori nintzenean. Ahuntza hil egin zen, eta ni kaskezurreko minez geratu nintzen, gainera sekulako errieta egin zidaten; nik ihes egin nien gurasoei, eta promesa eta intziri artean ekarri ninduten berriro.

        Ez zuen asko falta izan abentura honek nire lehena eta azkena izateko. Orduan liburutxo hau idatzi gabe eta beste hainbat neke eta zorakeria ere burutu gabe geratuko ziratekeen. Bazitekeen lehengusinaren batekin ezkondu edo inguru hartako glaziar-uretan izozturik geratzea. Ez zatekeen gauza txarra izango. Baina gauzak bestetara gertatu ziren, eta ez dagokit niri gertatua eta gertatu gabea konparatzerik.

        Aitak noizean behin izaten zuen zeregintxoren bat Welsdorfeko komentuan. Behin gaixo jarri zen eta bertara joan eta desenkusatzeko eskatu zidan. Nik ez nuen horrelakorik egin, baizik eta auzokoari papera eta luma eskatu eta gutun konplitu bat idatzi nien komentuko fraideei, eman mandatuen emakumeari eta neure kabuz mendira joan nintzen.

        Hurrengo astean etortzen naiz egun batean etxera eta bertan fraide bat aurkitzen dut, gutun polit hura idatzi zuenari itxaroten. Pixka bat ikaratu nintzen, baina goratu egin ninduen eta ikasten utz ziezadan aita konbentzitu nahi zuen. Osaba Konrad beste behin onaldian zegoen eta kontsultatu egin zitzaion. Eta jakina, suhartasunez onartu zuen ni ikasi, karrera bat egin eta jakintsu eta jaun bat izan nintekeelako ideia. Aitak onartu egin zuen gomendioa, eta horrela nire etorkizuna ere osabaren proiektu arriskutsuen arteko bat izatera pasatu zen, erretzeko arriskurik gabeko ogi-labea, belaontzia eta beste hainbeste ameskeria bezalaxe.

        Berehalaxe ekin nion gogor ikasteari, latina, historia biblikoa, botanika eta geografia gutxienez. Guzti hura oso atsegin nuen, eta ez zitzaidan bururatzen hark jaioterria eta urte ederrenak galtzera eraman nintzakeenik. Latinaren kontua bakarrik ez zen izan hori. Aitak baserritar bihurtuko nindukeen, nahiz eta nik viri illustres guztiak atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera buruz ikasita eduki. Baina gizon zuhurrak nire izatearen barrenean ikusten zuen, nire nagitasun gaindiezina debilune eta oinarrizko bertute gisa erroturik zegoen. Nik ihes egiten nuen lanetik eta mendira joaten nintzen lasterka edo lakura edo ezkutaturik basoan etzaten nintzen, nagitasunean irakurri eta amets egiteko. Honen berri bazuenez gero bertan behera utzi ninduen.

        Nik uste aukera ona dela honako hau gurasoez hitzerdi bat esateko. Ama ezkondu aurretik polita izandakoa zen eta ordutik gorpuzkera irmo, tentea eta begi beltz xarmangarriak bakarrik geratu zitzaizkion. Handia zen, oso indartsu, maratz eta isila. Nahiz eta aita bezain azkarra izan eta gorputzeko indarrean haren gainetik egon, berak ez zuen etxean agintzen, aitzitik senarrari uzten zion gobernua. Aita tamaina ertainekoa zen, gorputz-adar mehe eta ia delikatuak zituen, buru gogor eta maltzurra, kolore argiko aurpegi oso zimurtxo mugikorrez betea. Gainera zimur labur goitibeherako bat zuen bekokian. Ilundu egiten zitzaion bekainei eragiten zien bakoitzean eta itxura melankoliati eta nahigabetua ematen zion; bazirudien garrantzi handiko zerbait pentsatzen ari zela baina lortuko zuen itxaropenik gabe. Halako melankolia bat nabari zekiokeen, baina ez zen inor hartaz ohartzen, zeren gure eskualdeko jendea ia dena aldartearen arretasun iraunkor lauso batek jota baitago, zeinaren kausa negu luzeak, arriskuak, bizimodu neketsua eta mundu-bizitzarekiko isolamendua diren.

        Bi gurasoengandik jaso ditut neure izaeraren alderdi garrantzitsuak. Amarengandik bizitzarako zuhurtasun apala, Jainkoarenganako konfiantza apur bat eta izaera isil eta hitz-urria. Aitarengandik, berriz, bat-bateko erabakietarako larritasuna, dirua aurreratzeko gaitasunik eza, asko eta gogoetatsu edatearen artea. Azken hau oraindik agertu gabe neukan txikitako urte haietan. Gainera begiak eta ahoa aitarenak ditut, ibilera eta gorpuzkera astun sendoa eta muskuluetako indar zaildua ere bai. Aitarengandik eta gure arrazatik, oro har, jaso nuen bizitzarekiko baserritar-ulermena, baina baita izaera nahasi eta melankolia hondargaberako isuria ere.

        Gaitasun hauekin eta traje berri batez horniturik ekin nion bizitzarako bideari. Gurasoengandiko dohainek iraun egin dute, zeren orduz geroztik neure kabuz ibili eta egon bainaiz munduan. Halere zerbait falta izan bide da, zientziak eta mundu-bizitzak inoiz eman ez didatena. Izan ere, gaur orduan bezala gai naiz mendira igo, hamar orduko martxa egin edo arraunean aritzeko eta, behar izanez gero, neuk bakarrik gizona lurrera eraisteko, baina bizi-artista izateko gaur ere orduan adinaxe falta zait. Txikitatik lurra eta bertako landare eta animaliekin izandako harreman estuak ez zidan aukera handirik eman gizarte-gaitasunak lantzeko, eta oraindik ere nire ametsak froga nabarmenak dira zoritxarrez animali bizimodu hutserako dudan joera horrenak. Sarritan amets egiten dut, itsas ertzean nagoela animalia gisara, gehienetan foka bat bezala, eta horretan hainbesteko ongizatea sentitzen dut, ezen esnatzean neure giza duintasuna berreskuratzeak poztu edo harrotasunez bete beharrean zorigaitzez tristura sentiarazten dit. Ohizko erara gimnasio batean hezi nintzen, bertan bizi izatea eta jatea ordaindu gabe, eta filologo bihurtu nintzen. Inork ez daki zergatik. Ez dago espezialitate alfer eta aspergarriagorik, eta nigandik urrunagokorik ere.

        Ikasturteak bizkor igaro ziren. Olgeta eta eskolen artean herrimin, etorkizuneko amets-orduak, zientziarekiko debozio eta errespetuzko orduak ere igaro ziren. Bitartean, nire berezko nagitasuna ere agertzen zen, era guztietako haserre eta zigorrak ekarri eta suhartasun berriren baten aurrean atzera egiten zuena.

        — Peter Camenzind —esan zidan greko-irakasleak— setatsu eta bakartia haiz eta egunen batean puskatuko zaik kaskezurra—. Begiratu nion betaurrekoen horma lodiari, entzun nizkion hitzak eta barregarri samar iritzi nien.

        — Peter Camenzind —esan zidan matematika-irakasleak— jeinu bat haiz nagikerian, eta sentitzen diat, zero baino nota apalagorik ezin eman ahal izatea. Gaurko hire lanak zeropetik bi puntu eta erdi balio dizkik. Begiratu, sentitu nuela esan nion, isiltzean, eta aspergarri iritzi nion.

        — Peter Camenzind —esan zidan behin historia-irakasleak— ez haiz ikasle ona, hala eta guztiz ere noizbait historialari ona izatera iritsiko haiz. Alferra haiz, baina handia eta txikia bereizten badakik.

        Honi ere ez nion garrantzi apartekorik eman. Hala ere errespetua nien irakasleei, zeren zientziaren jabe zirela uste bainuen, eta zientziaren aurrean halako begirune ilun eta indartsu bat sentitzen bainuen. Eta nire nagikeria zela eta irakasle guztiak bat bazetozen ere, aurrera egin eta erdikoen artean neure postua izatea lortu nuen. Eskola eta eskolako zientzia aski eza zela, laster konturatu nintzen, baina gerokoari itxaron nion. Aurre-prestakuntza eta pedantekeria haien atzean izpiritualitate garbia, benetakoaren zientzia zalantzagabe eta ziurra susmatzen nituen. Eta hantxe jakingo nuen historiaren nahasmendu ilunak, herrien borrokek eta bakoitzaren ariman planteatzen diren arazo kezkagarriek zer zentzu duten. Oraindik joran indartsuago eta biziagorik nigan. Adiskide baten irrika bizia nuen.

        Bazen han mutiko ile-gaztaina eta serio bat, ni baino bi urte zaharragoa, Kaspar Hauri zeritzona. Ibilera ziur eta patxadatsua zuen, gainera burua zinki eta finki, gizonkiro jasoa erabiltzen zuen eta kideekin ez zuen asko hitz egiten. Berari begiratu nion hilabeteetan debozio handiarekin, kalean zehar atzetik ibili nintzaion eta gogoz desiratzen nuen nitaz ohar zedin. Berak agurtzen zuen herritar bakoitzaz zelati sentitzen nintzen, baita sartzen edo irteten ikusten nuen etxe bakoitzaz ere. Baina ni bera baino bi klase atzerago nenbilen, eta itxuraz bazirudien jadanik aski zuela zeukanarekin. Ez genion inoiz elkarri hitzerdirik esan. Beraren ordez mutiko txiki gaixoti bat itsatsi zitzaidan nire baimenik gabe. Ni baino gazteagoa zen, mazkar eta zurbila, baina begi eta aurpegiera eder, sufritzaileak zituena. Nola ahula eta jasankorra zen txantxa asko nozitu behar izaten zituen klasean eta nigan, indartsu eta errespetatua nintzenez, babestailea bilatzen zuen. Baina laster oso gaixo jarri eta ezin izan zen eskolara etorri. Ez nuen haren hutsunerik sentitu eta azkar ahaztu nuen. Bazen gure ikastaldean mutiko horail bihurri bat denetarako balio zuena, musikaria, imitatzailea eta pailazoa. Kostata baina bere adiskidetasuna irabazi nuen, eta laguntxo alaia zertxobait harroxko portatzen zen beti nirekin. Baina orain banuen adiskide bat. Bere gelatxora joaten nintzen, liburu-pare bat irakurtzen nuen berarekin, grekozko ariketak egin eta ordainez kalkuluan laguntza eskatzen nion. Batzuetan paseatzera ere joaten ginen biok eta hartza eta erbinudearen itxura genuela esango nuke. Bera zen beti hiztuna, atsegina, zirtolaria, inoiz kikiltzen ez zena, eta nik entzun eta barre egiten nion, eta pozik nengoen hain adiskide jostaria nuelako.

        Baina arratsalde batean supituki berritsu hura eskolako sarreran eskolakide batzuekin hain gogokoak zituen bere interpretazio komikoetako baten unerik hoberenean iritsi nintzen. Irakasle baten imitazioa egin bezain laster, jaregin zuen: «Ezetz igarri nor den!» eta Homeroren bertso-pare bat ozenki irakurtzen hasi zen. Zehaztasun handiz kopiatzen zuen nire jarrera kikila, nire irakurketa ikaratia, nire ahoskera menditar zakarra eta baita nigan artegatasun-seinalea zen ezkerreko begiari keinu eragin eta ixtea ere. Oso barregarri eta ahal zuen bezain grazia eta errugabetasunik handienarekin ari zen. Liburua itxi eta txalo mereziak jaso zituenean, atzetik sartu eta mendeku hartu nuen. Hitzik ez nuen aurkitu, baina neure samin, lotsa eta amorru guztia belarrondoko bakar eta ikaragarri batean adierazi nuen. Berehalaxe hasi zen klasea eta irakaslea ohartu egin zen nire ordura arteko adiskidearen intziri eta masaila gorrituaz, gainera bere kutuna baitzuen.

        — Nork jo hau?

        — Camenzindek.

        — Camenzid hator aurrera! Egia al duk?

        — Bai.

        — Zergatik jo duk?

        Ez nuen erantzun.

        — Ez al duk horretarako arrazoirik izan?

        — Ez.

        Zigor gogorra jaso nuen eta estoikoki mututu nintzen errurik gabe torturatuaren gozamenean. Baina nola ez nintzen ez estoiko ez santu, eskola-ume bat baizik, zigorra nozitu eta gero etsaiari mihia atera nion ahal nuen luzeen. Ikaraturik ohartu zen irakaslea hartaz.

        — Ez al dik lotsarik ematen? Zer esan nahi dik horrek?

        — Esan nahi du horrako hori higuingarria dela, mesprezua diodala. Eta koldarra ere bada.

        Hala amaitu zen mimoarekiko nire adiskidetasuna. Ez zuen ondorengorik izan eta nerabezaro-urteak adiskiderik gabe igaro behar izan nituen. Baina nahiz eta ordudanik bizitza eta pertsonei buruzko neure ikuspegia zerbait aldatua dudan, atsegin osoz oroitzen naiz oraindik ere belarrondoko hartaz. Eta espero dut mutiko horailak ere ez zuela ahaztuko.

        Hamazazpi urterekin abokatu baten alabaz maitemindu nintzen. Polita zen, eta harro nago neure bizitzan zehar emakume politez bakarrik maitemindu naizelako. Beragatik eta beste batzuengatik nozitu izan dudanaren berri, beste nonbait emango dut. Rösi Girtanner zuen izena eta oraindik gaur egun ere nitaz zeharo bestelako gizon baten maitasuna merezi du.

        Orduan erabili gabeko gazte-indarra borborka neukan gorputz-adar guztietan. Neure lagunekin astrapala zorotan sarturik ibiltzen nintzen, harro nengoen borrokalari, bolari, korrikalari eta arraunlari hoberena nintzelako eta halere beti melankoliati nengoen. Guzti honek ez zeukan batere zerikusirik maitasun-historiarekin. Udaberri goiztiarraren melankolia eztia izan zen ni besteak baino lehenago harrapatu ninduena, poza burutapen triste, herio-pentsamendu eta ideia ezkor bihurtuz. Jakina, ez zen falta izan Heineren «Kanta-Liburua» edizio merkean irakurtzeko eman zidana. Han bukatu ziren irakurketak —bertso hutsetan isuri nuen neure bihotza, pairatu, poemak egin eta eldarnio liriko batean sartu nintzen, seguru aski nire aurpegiari txerriari kamiseta adinaxe zegokiona. Ordura arte ez nuen susmorik izan «literatura ederra» zegoenik ere. Ondoren Lenau, Schiller, gero Goethe eta Shakespeare etorri ziren, eta supituki literaturako iratxo zurbilak dibinitate handi bihurtu zitzaizkidan.

        Ikara eztitan sentitu nuen liburu hauetatik nola bizitza baten aire fresko usain gozokoa zetorkidan jarioka, inoiz lurrean izan gabea baina halere egiazkoa zena, eta nire bihotz hunkituan bere uhinak lehertu eta destinoa bizi nahi zutenak. Ganbarako irakurketarako txokoan, non alboko dorreko erlojuaren kanpai-hotsak eta ondoan habia egiten zuten zikoinen moko-tarrata lehorra entzuten zen, Goethe eta Shakespearen pertsonaiak sartu-irtenean ibiltzen ziren nigan. Giza izatearen jainkozkoa eta barregarrizkoa agertzen zitzaidan: gure bihotz lokabe eta erdibituaren enigma, mundu-historiaren funts sakona eta izpirituaren mirari indartsua, zeinak gure egun laburrak argitzen eta ezagutzaren indarrez gure izatetxoa beharrezkoa eta betierekoaren mailaraino jasotzen duen. Burua leihatila meharretik ateratzean, eguzkia ikusten nuen dizdizka teilatu eta kalexken gainetik, miretsirik entzuten nuen lana eta egunerokotasunaren zaratatxoek nahasturik nola xuxurlatzen zuten eta izpiritu handiek beteriko neure irakurketa-txokoko bakardadea eta misterioa sentitzen nituen inguruan, aparteko edertasuna zuen ipuin batean bezala. Eta pixkanaka, zenbat eta gehiago irakurtzen nuen, zenbat eta miresgarriago eta arrotzago gertatzen zitzaidan teilatu, kalexka eta egunerokoari begiratzea, hainbat eta indar eta atxikimendu handiagoz nabarmentzen nuen neure baitan agian ni ikusle bat nintzela, eta aurrean mundu zabalak neuzkala hedaturik; beraietako altxorren parte bat bilatzeko, halabeharrekoa eta arrunkeriaren estalkia kendu eta aurkitutakoa poeta-indarrez galeratik libratu eta betikotzeko.

        Lotsa apur batekin ekin nion poesia egiteari eta pixkanaka koaderno batzuk bete nituen bertso, zirriborro eta kontakizun laburrekin. Galduak dira eta seguru aski balio handirik gabeak ziren, baina bihotz-taupadak eta gozamen sekretua emateko aski ziren. Oso astiro etorri zen saio hauen atzetik kritika eta auto-azterketa, eta azken ikasturtean gertatu zitzaidan beharrezko lehen desilusio handia. Ordurako hasita nengoen neure lehen poemak albora utzi eta idazketa haiei mesfidantzaz begiratzen, halabeharrez Gottfried Kellerren liburu-pare bat eskuetaratu zitzaizkidanean, berehalaxe bitan eta hirutan bata bestearen atzetik irakurri nituenak. Bat-bateko ezagutzaz ikusi nuen zeinen urrun zeuden nire ameskeria heldugabeak benetako arte egiazko eta umotik, erre nituen neure poema eta eleberriak, eta ernai eta triste begiratu nion munduari lozorro mingarrizko sentipenekin.

 

 

 

© Hermann Hesse

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia