HITZAURREA

 

        Idazle hau Calw, Alemaniako Württembergen jaio zen 1877an eta Suitzako Montagnolan hil zen 1962an. Idazletzan erabat murgildu baino lehen antzinako gauzen bildumari eta liburu-merkatari izan zen. 1902an argitaratu zituen bere lehen poemak. Nobelak geroago agertu ziren. Hesseren obretan nagusiki ageri den ideia Mendebaldeko gizonaren berriztatu-beharra da. Idazleak aiurri idilikoa baina ezkor samarra zuen; bizi behar izan zuen garaiak ametsaren mundura eta bakardadera bultzatu zuen. Th. Mannekin batera, Hesse alemaniar literaturaren berriztatzaile nagusien artean dago. 1912az geroztik italiar Suitzako herritxo batean bizi izan eta bertan hil zen. 1946an Literaturako Nobel Sana irabazi zuen.

        Bere obren artean hauek dira aipagarrienak: Unterm Rad (1906), Siddhartha (1922), Demian (1919), Steppenwolf (1927), Glasperlenspiel (1943), Magister Ludi (1949), Narzissus and Goldmund (1968).

        Peter Camenzind ez da nobela edo roman bat hitz horrek XIX mendean zuen zentzuan; agian erlato areago da. Peter Camenzid obrak, beste obra gutxik bezala agertzen du autorearen mundua, Hessek hain berea duen frantziskanismo maitakor hori, baina era berean esan beharra dago, obra ezkor edo pesimista ere badela, tristura mugagabe bat dariola. Batzuetan Schopenhauer eta Nietzscheren oihartzunak ere nabari dira mundua usteltoki bat, bizitza zentzurik gabeko zerbait balitz bezala.

        Melakolia pesimista honen kontrapisu eginez naturarekiko sentimendu eta lotura estua ageri da Peter Camenzind obran, baina balio plastiko soila baino zerbait gehiago da Hesserentzat natura: berezko bizitza duen zerbait da, pertsonaien bizitza laguntzen duena eta beraiekin komunikazioa izateko gai dena. Hesse ez da ikusle edo behatzaile soil gisa kokatzen naturaren aurrean, solaskide gisa baizik

        Hessek uko egiten dio ezagutu zuen gizarteari, baina iraganeko ondare aberats baten oinordeko den heinean, benetako «nia» bilatzeko gomendatzen du Hessek. Hesserentzat, Klabundek dioenez, Jainkoa bera ere zintzoa eta gaiztoa da aldi berean, eta azken finean, ematen duen irakatsi miresgarria hau da: giza bizitza miresgarria eta ezin agortuzko konplexutasunaren jabe dela.

 

 

 

© Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Hermann Hesse / Peter Camenzind" orrialde nagusia