3. kapitulua

XVEIKEN GORABEHERAK KIRALYHIDAN

 


 

        Laurogeita hamargarren errejimendua Bruck an der Leitha hirira aldatu zen, hungarierazko izena erabiliz, Kiralyhidara.

        Hiru eguneko espetxe-zigorraren ostean, Xveiki aske irteteko hiru ordu falta zitzaizkionean, kuartel nagusira eraman zuten urtebeteko boluntarioarekin batera, eta handik tren-geltokira soldadu-eskolta batekin.

        — Aspalditik jakina zen —esan zion bidean urtebeteko boluntarioak— Hungariara eramango gintuztela. Han batailoiak osatuko dituzte, soldaduak tiro-probetan arituko dira, hungariarrekin borrokatuko dira, eta alai joango gara Karpatoetara. Hona, Budeiovitsera, hungariarrak etorriko dira errejimenduekin, eta nahasi egingo dira leinuak. Bada orain teoria bat: beste nazio bateko neskak bortxatzea baliabiderik onena dela endekatzearen kontra. Hala egin zuten suediarrek eta espainiarrek Hogeita Hamar Urteetako Gerran, frantziarrek Napoleonen garaian, eta orain, Budeiovitse eskualdean, hala egingo dute hungariarrek ere, eta hau ez da bortxaketa zakarrarekin lotuta egongo. Denborarekin, jendeak etsi egingo du. Truke hutsa izango da: soldadu txekiarrek neska hungariarrekin egingo dute lo, eta neska txekiar gaixoek beren ondoan onartuko dituzte soldadu hungariarrak, eta zenbait menderen buruan ustekabe interesgarria izango da antropologoentzat aurpegiko hezur irtenak aurkitzea Malxe ibaiaren bazterretako jendearen artean.

        — Elkarrekiko estaldura hau —ohartarazi zuen Xveikek— gauza interesgarria da. Pragan bada zerbitzari beltz bat, Kristian izenekoa. Bere aita, Abisiniako erregea zena, Pragako zirku batean erakusten zuten. Berarekin maistra bat maitemindu zen, «Lada» aldizkarirako artzainei eta basoko errekei buruzko poemak idazten zituena. Hotel batera joan eta, Biblian esaten den bezala, pailardiza egin zuten. Eta emakumea biziki harritu zen mutiko guztiz zuri batez erditu zenean. Baina handik bi astera mutikoa marroi kolorea hartzen hasi zen. Gero eta marroiago zegoen, eta handik hilabetera belzten hasi zen. Urte erdian aita, Abisiniako erregea, bezain beltza zen. Amak larru-gaixotasunetarako klinika batera eraman zuen semea, nola edo hala koloregabetu zezaten, baina han esan zioten benetako larru beltza zela, eta ez zegoela ezer egiterik. Orduan, bere onetik atera eta kolore beltzaren kontrako aholkuren bat eskatzen hasi zen aldizkarietan. Eroetxera eraman zuten, eta seme beltza umezurztegira, non denen dibertigarri gertatu baitzen. Gero zerbitzari lana ikasi eta gaueko kafe-etxe batera joaten zen dantzatzera. Gaur arrakasta handiz jaiotzen zaizkio txekiar mulatoak, bera bezain koloreztatuak ez direnak. «Kaliza» tabernara joaten zen mediku batek behin azaldu zigun hori ez zela, ordea, hain erraza. Mestizo batengandik mestizoak jaiotzen direla, azkenean zuriengandik bereizten ez direnak. Baina belaunaldi batean beltz bat agertzen dela bat-batean. Imajina ezazu ze nahaspila: neska batekin ezkontzen zara, lotsagaldu hori guztiz zuria da, eta bat-batean haurtxo beltza jaiotzen zaizue. Eta baldin eta bederatzi hilabete lehenago zu gabe joana bazen beltzen batek parte hartzen zuen kabaret eta lehiaketa atletikoren batera, uste dut hau guztia buruan bueltaka ibiliko zitzaizula.

        — Zure Kristian beltzaren kasua —esan zuen urtebeteko boluntarioak— ikuspuntu militarretik aztertu behar. Demagun beltz hori soldadu eraman dutela. Pragakoa denez, 28. errejimenduari dagokio. Seguru entzun duzula 28.a errusiarren alde pasatu zela. Bai harrituko liratekeela errusiarrak Kristian beltza ere atxilotuz gero. Errusiako egunkariek seguruenik idatziko lukete Austriak ez dauzkan tropa kolonialak jaurtitzen dituela gerrara, Austriak erreserba beltzak baliatu zituela.

        — Hala ere —erantsi zuen Xveikek—, Austriak koloniak omen dauzka iparraldean: Frantzisko Jose enperadoriaren lurralde bat...

        — Uztazue hori, mutilok —esan zuen eskoltako soldadu batek—. Ez da batere zuhurra gaur egun Frantzisko Jose enperadorearen lurralde batez aritzea. Ez aipatu inoren izenik, eta hobe duzue...

        — Hortaz, begira ezazu mapan —hitza kendu zion urtebeteko boluntarioak— nola badagoen, bene-benetan, Frantzisko Jose gure enperadore maitagarriaren lurralde bat. Estatistiken arabera, izotza besterik ez dago bertan, Pragako izoztegietako ontzi izotz-hausleetan ekarria. Izotz-industria hau atzerritarrek ere estimatzen dute ikaragarri, errentagarria delako, baina baita arriskugarria ere. Izotza Frantzisko Jose enperadorearen lurraldetik zirkulu polarrean barrena garraiatzen denean izaten dira arriskurik handienak. Imajina dezakezu hori?

        Eskoltako soldaduak kontu ilunen bat murmurikatu zuen, eta eskoltari laguntzen zion kaboa hurbildu egin zen, urtebeteko boluntarioaren azalpen hau entzuteko:

        — Austriako kolonia bakar honek Europa osoa horni dezake izotzez, eta ekonomia nazionalaren eragingarri bikaina da. Kolonizatzeak, jakina, poliki jarraitzen du, alde batera kolonoak ez direlako azaltzen, eta bestera izoztu egiten direlako. Hala ere, Merkataritza Ministerioaren eta Atzerri Ministerioaren interesa piztu duten kondizio klimatikoek hobera eginda, espero izatekoa da glaziar alor handiak profitatuko direla. Zenbait hotel eraikitzeak turista andana erakarriko du. Beharrezkoa izango da, jakina, turistentzako bidexkak eta izotzen arteko bideak konpontzea, eta turistentzako ezaugarriak pintatzea glaziarretan. Zailtasun bakarra eskimalak dira, gure bertoko erakundeen lana oztopatzen dute eta... Jende horrek ez du alemana ikasi nahi —jarraitu zuen urtebeteko boluntarioak, kaboak adi-adi entzuten zion bitartean. Gizon bizkorra zen, bizitza zibilean baserri batean zegoen morroi, tentela eta astakiloa zen, edale eta jatun xelebrea, eta bere ametsa sarjentua izatera iristea zen.

        — Hezkuntza Ministerioak, kabo jauna, eskola bat egin zuen haientzat. Horrek gastu handiak ekarri zituen, bai eta bost arkitekto izozturen heriotza ere...

        — Igeltseroak salbatu egin ziren —hitza kendu zion Xveikek—, beren pipa piztuekin berotu ziren eta.

        — Denak ez —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, haietako bik zorte txarra izan zuten eta: xurgatzea ahaztu, eta pipak itzali zitzaizkienez, izotzetan ehortzi behar izan zituzten. Baina azkenik eskola izotzezko adreiluz eta hormigoi armatuz egin zen, euskarri onak batera erabiliz gero, baina eskimalek sua piztu zuten inguruan, izotzetan tinkatutako merkataritza-ontzietako zuraz piztu ere, eta nahi zutena lortu zuten. Eskolapeko izotza urtu egin zen, eta eskola osoa itsasperatu zen, zuzendariarekin eta Gobernuaren ordezkariarekin batera, honek biharamunean egon behar baitzuen eskolaren inaugurazio ospetsuan. Haren garrasiak baino ez ziren entzun, ura lepo aldean zeukanean: «Gott strafe England!»   Jainkoak Ingalaterra zigor dezala! Orain seguruenik armada bidaliko dute bertara, eskimalekiko afera konpontzera. Jakina da gerra gogorra izango dela haiekin. Gure armadari kalte gehien egingo diona hartz zuriak heztea izango da.

        — Hori besterik ez genuen behar —ohartarazi zuen kabo azkarrak—! Sorkari militar ugariekin aski ez bagenu bezala! Har ditzagun, esaterako, gas pozoituaren aurkako maskarak: buruan bat jarri, eta pozoitua haiz, unteroffizierschule-n   Subofizialen eskola azaldu ziguten bezala.

        — Haiek beldurra sartu besterik ez dizuete egiten —adierazi zuen Xveikek—. Soldaduek ez dute ezeren beldur izan behar. Borrokaldian komunean eroriz gero, garbitu dadila eta aurrera, gudara joan dadila. Denak gas pozoituetara ohituta daude kuartelean egoteari esker, bertan baitira ogi freskoa eta txitxirioak garagarrarekin. Baina orain errusiarrek zerbait asmatu omen dute errekruten kontra...

        — Korronte elektriko bereziak izango dira, beharbada —erantsi zuen urtebeteko boluntarioak—. Orain uniformeek badituzte lepoan lehertzen diren izartxoak, zeluloidezkoak dira eta. Hau beste sarraski bat izango da berriz ere.

        Kaboa bizitza zibilean astolapiko bat bazen ere, azkenean ulertu bide zuen adarra jotzen ziotela, eta patruilaren buru jarri zen.

        Bestalde, budeiovitsetarrek beren errejimenduari agur egiten zioten geltokitik gertu zeuden. Ez zen hori itxura ofizialekoa, baina geltokiaren aurreko plaza tropen zain zegoen jendeaz mukururaino zegoen .

        Xveiken interesa herritarren ilaretan kontzentratu zen. Eta gertatu ohi den bezala, oraingoan ere gertatu zen soldadu jatorrak atzetik zihoazela, eta baionetapekoak aurretik. Soldadu jatorrak geroago ganaduarentzako bagoietan pilatuko ziren, eta Xveik eta urtebeteko boluntarioa, ordea, atxilotuentzako bagoi berezian, zeina beti loturik baitzegoen Goi Agintaritzakoenari. Atxilotuentzako bagoietan tokia beti soberan zegoen.

        Xveikek, gehiago ezin jasan eta, jende ilarari «adio!» oihukatu zion, txanoaz agurtzeke. Jendetzak, hunkiturik, «adio!» errepikatu zuen ozen, eta «adio» hori geltokiraino hedatu zen, bertan zegoen jendea «badatoz» esaten hasi zenarekin batera.

        Eskoltako kaboa zoritxarreko zegoen oso, Xveiki oihuka, ezpainak lotu zitzan. Baina agurra elur-jausi baten gisa hedatu zen. Jendarmeek, jende-ilarari bultza eta bultza, bidea ireki zioten eskoltari, eta jendetzak, jo eta ke «kaixo!» oihukatuz, txanoak eta kapelak astintzen zituen.

        Taxuzko manifestaldi bat zen. Geltokiaren aurreko hoteleko leihoetatik zenbait damak zapiak astindu eta «Heil!» oihukatzen zuten. Jendetza artean ere nahasi zen «heil» «adio»-rekin, eta abagune hau «Nieder mit den Serben» oihukatzeko baliatu zuen gizon berotutako bati zangartekoa egin zioten, eta jendetzak zapaldu egin zuen.

        Eta txinpart elektriko baten gisa esaten zen berriz ere:

        — Badatoz!

        Eta bazetozen, bai: Xveik amultsuak, baioneta lagun, jendea agurtzen zuen eskuaz, eta urtebeteko boluntarioak, serio-serio, erreberentzia egiten zuen.

        Orduan geltokian sartu eta zegokien tren militarrera joan ziren, eta koru bat kontzertu bat eman hurran egon zen (zuzendaria ustekabeko manifestaldiarekin nahasia zegoen), zeren «Gorde gaitzak, Jauna» kantatzen hasi baitziren. Zorionez, une hartantxe Lacina, 7. zaldi dibisioko kapilau nagusia agertu zen, kapela beltza jantzita, eta egoera bideratzeari ekin zion.

        Haren istorioa xinplea zen: ofizialen otordu guztien ikaratzailea zen, tripazaina, goseztoa, eta bezperan Budeiovitsera heldu eta kasualitatez bezala parte hartu zuen, jakina, abiatu behar zuen errejimenduko ofizialen bazkari-legean. Hamar lagunek adina jan eta edan zuen, eta, erdi mozkorturik, sukaldera joan zen hondakinen bila. Irin-bolak klaska-klaska jan, basapiztia baten antzera haragia hezurretatik erauzi, eta azkenean ron bila sukalderatu zen, eta korrok egiteraino edanda, agur festara itzuli zen, zurrutari ekiteko. Eskarmentu handia zeukan horretan, eta 7. zaldi dibisiokoek beti ordaintzen zuten haren ordez. Goizean otu zitzaion errejimenduko lehenengo trenen abiatze hori zuzendu behar zuela, eta horregatik jendartetik ibili zen noraezean, eta haren jokabidea ikusita, errejimendua garraiatzeaz arduratutako ofizialak, beldurtuta, geltokiko nagusiaren bulegoan giltzapetu ziren.

        Koruaren zuzendaria «Gorde gaitzak, Jauna» zuzentzen hastear zegoela, Lacina kapilaua garaiz geltokiratu zen batuta kentzeko.

        — Halt! —esan zuen—, oraindik ez, keinua egiten dudanean. Orain ixo ni etorri arte.

        Geltokitik irten, eskoltaren atzera abiatu, eta bere oihuaz geldiarazi zuen: «Halt!»

        — Nora zoaz? —galdetu zion zorrotz kaboari, zeinak egoera berrira nola moldatu ez baitzekien. Haren ordez, Xveik onberak erantzun zuen:

        — Bruck hirira garamatzate. Berorrek nahi badu, kapilau nagusi jauna, gurekin etor daiteke.

        — Joango naiz, bai —iragarri zuen Lacina kapilauak, eta eskoltari bueltaturik, hau gaineratu zuen:— Nork dio ezin naizela joan? Vorwärts! Marsch!   Begiratu honantz! Abian!

        Kapilaua atxilotuentzako bagoian aurkitu zenean, eserleku batean jesarri zen, eta Xveik bihotz onekoak berokia erantzi eta Lacina paterrari jarri zion burupean. Hori ikusirik, isilka ohartarazi zuen urtebeteko boluntarioak kaboa:

        — Kapilauaz arduratu behar.

        Lacina paterra, eserlekuan eroso luzaturik, azaltzen hasi zen:

        — Ragout-a perretxikoekin, jaunok, hobea da zenbat eta perretxiko gehiago eduki, baina perretxikoak aurrena tipularekin frijitu behar, eta gero ereinotz-hosto bat botatzen da, eta tipula...

        — Tipula lehenago bota duzu —esan zuen urtebeteko boluntarioak, kaboaren behako etsiaz lagunduta, zeren honek mozkorti bat ez ezik, bere nagusi bat ere ikusten baitzuen Lacina paterrarengan.

        Kaboaren egoera etsipengarria zen benetan.

        — Bai —ohartarazi zuen Xveikek—, kapilau jaunak arrazoi du guztiz. Zenbat eta tipula gehiago, hobe. Pakomeritse herrian bazen garagardogile bat, garagardoari tipula botatzen ziona, tipulak egarria eragiten duelakoan. Tipula, oro har, bikaina da. Tipula errea gaixoei ere ematen zaie...

        Lacina paterra, bitartean, ahots erdiz mintzo zen eserlekuan, ametsetan bezala:

        — Dena ongailuen araberakoa da, segun nolako ongailuak botatzen diren, eta zenbat. Ez da piperrauts gehiegirik behar...

        Gero eta mantsoago eta isilago mintzo zen:

        — Ez-ta il-tze ge-hie-gi-rik e-re, ez-ta li-moi ge-hie-gi-rik e-re, ez-ta in-txaur mus-ka-tua...

        Esan beharrekoa bukatu ez eta loak hartu zuen. Tarteka-marteka, zurrunga egiteari uzten zionean, sudurretik txistu egiten zuen.

        Kaboak sor eta lor begiratzen zion, eskoltako gizonek beren eserlekuetan barre isilak egiten zituzten bitartean.

        — Hau ez da goiz itzarriko —bota zuen Xveikek handik une batera—, total eginda dago eta. Berdin dio —jarraitu zuen Xveikek, kaboak isiltzeko keinu larri bat egin zionean—, honetan ezin da ezer aldatu, total eginda dago, Bibliak dioen bezala. Horrek kapitain-maila dauka. Kapilau hauek guztiek, behe zein goi mailakoek, badaukate halakoxe dohain bat, Jainkoak emana, ahal denetan porreak bezala jatekoa, Jainkoaren irudira. Ni Katz kapilauaren zerbitzuan egon naiz, eta zia-zia edaten zuen. Hemengo honek egiten duena ez da ezer besteak egiten zuenaren aldean. Mezatako ardoa edan genuen, eta Jainkoaren ordainez inork sosik emanez gero, edanean xahutuko genuke.

        Xveik Lacina paterrarengana gerturatu, paretarantz bueltarazi, eta honela esan zuen jakitun: «Honek zurrunga egingo du Bruckeraino», eta bere tokira itzuli zen, zoritxarreko kaboaren behakoaz lagunduta, kaboak honetaz ohartarazi zuenarekin batera:

        — Abisatzera joan beharko nuke beharbada.

        — Ezta pentsatu ere —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, zu eskortenkomandant   Eskoltaren komandantea-a zara. Ezin zara gugandik urrundu. Eta, aginduen arabera, ezin diozu eskoltako inori abisatzera joaten utzi ordezkorik ez daukazun bitartean. Ikusten duzunez, eginbehar latza da zurea. Inor etor dadin tiro batez abisatu, hori ere ezin da. Hemen ez da ezer gertatzen. Bestalde, badago beste agindu bat: atxilotutakoak eta lagun egiten dieten eskoltak ez beste egon daitezke atxilotuentzako bagoietan. Sarrera debekatua da bertoko langile ez direnentzat. Eta, zeure delituaren aztarnak ezabatzeko, bidean kapilau nagusia trenetik inoren isilik botatzea ere ezinezkoa da, ze hemen badira lekukoak kapilauari ez zegokion bagoi batean sartzen uzten ikusi zaituztenak. Honek guztiak, kabo jauna, graduazioz jaistea ekarriko dizu dudarik gabe.

        Kaboak duda-mudatan adierazi zuen ez ziola kapilau nagusiari bagoian sartzen utzi, hura bere kasa lotu zitzaiela, eta, gauza guztien gainetik, bere nagusia zela.

        — Hemengo nagusi bakarra zeu zara —azpimarratu zuen urtebeteko boluntarioak, eta haren hitzak Xveikek osatu zituen:

        — Gure artera enperadore jaunak berak lotu nahi izan balu ere, ez zenion utzi beharko. Berdin gertatzen da jagoteko txanda duen errekrutarekin: ofizial ikuskatzailea badatorkio zigarreta bila joateko eskatuz, errekrutak zein markakoak ekarri behar dizkion galdetzen dio. Halako gauzak kartzelarekin ordaintzen dira.

        Kaboak, lotsaturik, protestatu egin zuen, esanez Xveik izan zela lehenengoa kapilauari haiekin joan zitekeela esaten.

        — Niri zilegi zait hori, kabo jauna —erantzun zuen Xveikek—, ergela naizelako, baina zugandik inork ez luke holakorik espero izango.

        — Aspalditik zaude zerbitzu aktiboan? —galdetu zion kaboari, bidenabar bezala, urtebeteko boluntarioak.

        — Duela hiru urtetik. Subofizial-mailara igoko naiz laster.

        — Bada, esaiozu agur asmo horri —esan zuen zinismoz urtebeteko boluntarioak—. Esaten dizudan bezala, graduazioz jaistea dator hortik.

        — Berdin dio —esan zuen Xveikek— ofizial bezala zein soldadu huts bezala hiltzea, baina egia da: graduazioz jaitsitakoak lehenengo lerroan jartzen omen dituzte.

        Kapilau nagusia higitu egin zen.

        — Zurrungaka ari da —iragarri zuen Xveikek, harekiko guztia behar bezala zegoela egiaztatu zuenean—, orain jan-edanen batekin dago ametsetan. Bakarrik beldur naiz ez ote digun hemen kaka egingo. Nire kapilauak, Katz horrek, mozkortzen zenean, ezin zion loaldian libratzeari eutsi. Behin...

        Eta Xveikek hainbeste zehaztasunez eta interesez ekin zion Otto Katz kapilauarekikoak azaltzeari, non ohartu ere ez baitziren egin trena mugitzen ari zela.

        Atzeko bagoiko marru batek eten zuen Xveiken kontakizuna. Hamabigarren konpainia, Krumlov eskualdeko eta Kasperk mendietako alemaniar hutsez osatua, uluka ari zen:

 

                Wann ich kumm, wann ich kumm,

                wann ich wieda, wieda kumm   Itzultzen naizenean, itzultzen naizenean, berriro itzultzen naizenean.

 

        Eta beste bagoi batetik etsitakoren bat orroka hasi zitzaien budeiovitsetarrei, zeinak gero eta urrunago baitzeuden:

 

                Und du, mein Schatz,

                bleibst hier.

                Holarjó, holarjó, holo!   Eta zu, altxor enea, hemen gelditzen zara. Holario, holario, holo!

 

        Hain ziren ikaragarriak haren oihuak eta txilioak, non soldadukideek ganaduarentzako bagoiko ate irekitik erauzi behar izan baitzuten.

        — Harritzekoa da —esan zion urtebeteko boluntarioak kaboari— oraindik inspekziorik ez agertzea hemendik. Aginduen arabera, geltokira orduko treneko komandantearen aurrera eraman behar gintuzun, kapilau mozkorti batez arduratu ordez.

        Zoritxarreko kaboak isilik zirauen, atzerantz tematsu begira, azkar urruntzen ziren telegrafoko zutoinetarantz.

        — Pentsatzen jarrita, ez gara inoren aurrean aurkeztuak izan... —jarraitu zuen urtebeteko boluntario maltzurrak—, eta geltokirik hurbilenean ziurrenik treneko komandantea etorriko zaigu ikustera. Irakiten jartzen zait odol militarra. Izan ere, itxura daukagu...

        — ... ijitoena —tartekatu zen Xveik—, edo arloteena. Ematen du Jainkoaren argiaren beldur garela eta ez garela inora azaltzera ausartzen, entzerra ez gaitzaten.

        — Gainera —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, 1879ko urriaren 21eko aginduen arabera, trenean atxilotu militarrak garraiatzean beharrezkoa da ondoko baldintzak betetzea. Lehenengo eta behin, atxilotuentzako bagoia burdinsarez hornitu behar da. Argi eta garbi dago agindu hori bete egin dela oraingo honetan. Burdinsare ezin hobeetan aurkitzen gara. Beraz, hau ongi dago. Bigarrenik, 1879ko urriaren 21eko aginduaren arabera, atxilotuentzako bagoiek komun bana eduki behar dute. Bestela, bagoiak ontzi estali bat eduki behar du atxilotuek eta zaindariek kaka eta txiza egin dezaten. Honi ezin zaio propio «atxilotuentzako bagoia» deitu, komunik ez du eta. Mundu osotik aparte dagoen konpartimentu batean aurkitzen gara, besterik ez. Eta, bestalde, hemen ez dago aipatu ontzia...

        — Leihotik egin dezakezu —bota zuen, etsipenez beterik, kaboak.

        — Ahaztu duzu —esan zuen Xveikek— atxilotu bat ere ezin dela leihoratz hurbildu.

        — Hirugarrenik —jarraitu zuen urtebeteko boluntarioak—, bagoian ontzi bat egon behar, edateko ura eta guzti. Horretaz ere ez zara arduratu. Eta bidenabar: badakizu zein geltokitan banatuko den arrantxoa? Ez dakizu? Banekien ez zeundela jakinaren gainean...

        — Ikusten duzunez, kabo jauna —ohartarazi zuen Xveikek—, ez da txantxetakoa atxilotuak garraiatzia. Gutaz arduratu beharra dago. Gu ez gara beren buruaz arduratu behar duten soldadu arruntak. Guri den-dena ekarri behar zaigu ahora, ze horrexetarako daude aginduak. Aginduak bete ezik, ez litzateke batere ordenarik izango. «Preso hartutako gizona sehaskako haurtxoa bezalakoa da», esan ohi zuen nire ezagun batek, «zaindu egin behar da hoztu ez dadin, ernegatu ez dadin, bere patuaz pozik egon dadin, eta gaixoak pentsa ez dezan ofenditzen dutela». Bestalde —esan zuen handik une batera Xveikek, kaboari lagun antzean begira—, abisatu hamaiketan, mesedez.

        Kaboak zerbait galdetu nahian bezala begiratu zion Xveiki.

        — Seguruenik, kabo jauna, galdetu nahi zenidake zergatik abisatu behar didazuen hamaiketan. Hamaiketatik aurrera, ganaduarentzako bagoiari nagokio, kabo jauna —azpimarratu, eta ahots zeremoniatsuz segitu zuen Xveikek:— regimentsraport-ean hiru eguneko kondena jarri zidaten. Hamaiketan zigorra hasi, eta gaur, hamaiketan, askatu behar naute. Hamaiketatik aurrera hemen ez daukat zer eginik. Soldadu batek ere ez du dagokion baino denbora luzeagoz preso egon behar, ze armadan diziplina eta ordena zaindu behar dira, kabo jauna.

        Kabo etsia kolpe honez geroztik ezin izan zen bere onera etorri, eta azkenik argudiatu zuen ez zuela batere agiririk jaso.

        — Kabo jaun maitea —adierazi zuen urtebeteko boluntarioak—, paperak ez doaz bakarrik eskoltaren nagusiarengana. Mendia Mahomarengana ez badoa, eskoltako nagusiak bakarrik joan behar du paperen bila. Orain egoera berri batean zaude. Dudarik gabe, ezin duzu atxiki aske atera behar duen inor. Bestalde, indarrean dauden aginduen arabera, inori ez zaio zilegi bagoitik irtetea. Benetan ez dakit nola irtengo zaren egoera madarikatu honetatik. Zenbat eta denbora gehiago pasatu, gaizkiago. Hamar eta erdiak dira orain.

        Urtebeteko boluntarioak poltsikoratu egin zuen erlojua:

        — Jakingura handia dut, kabo jauna: zer egingo ote duzu hemendik ordu erdira?

        — Hemendik ordu erdira ganaduarentzako bagoiari nagokio —errepikatu zuen Xveikek ameslari. Jarraian, kaboa, guztiz nahasirik eta suntsiturik, honela zuzendu zitzaion:

        — Barka ezazu, baina uste dut hemen askoz erosoago egoten dela ganaduarentzako bagoian baino. Uste dut...

        Kapilau nagusi lokartuaren oihuak eten zuen:

        — Saltsa gehiago!

 


 

        — Lo egik, lo egik —esan zuen Xveik onberak, eserlekutik erortzen ari zen berokiaren muturra burupean egokitzen ziola—, segi ezak oturuntzarekin amesten.

        Eta urtebeteko boluntarioa kantatzen hasi zen:

 

                Lo egizu, haurtxo, lo,

                itxi begiak, potxolo,

                Jainkoak zurekin egingo du lo-lo,

                aingeruak sehaskan kulunkatuko,

                lo egizu, haurtxo, lo.

 

        Kabo etsia ez zuen ezerk ere suspertzen. So soraioa egiten zion paisaiari, eta bide eman zion, erabat eman ere, atxilotuentzako bagoiko nahaspilari.

        Ate ondoan eskoltako soldaduak jolasten ari ziren, elkarri ipurdikoak joz. Kaboak harantz begiratu zuenean, infanteriako soldadu baten ipurdia zeukan probokatzaile begira. Kaboa, hasperen eginda, leiho aldera itzuli zen.

        Urtebeteko boluntarioa, une batez hausnartu ondoren, bueltatu egin zitzaion kaboari, zeina lur jota baitzegoen:

        — Ezagutzen duzu «Animalien mundua» izeneko aldizkaria?

        — Aldizkari hori —erantzun zuen kaboak, solasak beste bide bat hartzen zuela ikusirik poz-adierazpen nabarmena eginez— nire herriko tabernariak erosten zuen, ze izugarri gustatzen zitzaizkion ahuntzak, baina denak akabatzen zitzaizkion. Horrexegatik eskatu zuen aholku aldizkari horretan.

        — Lagun maitea —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, orain jarraituko du nire solasak, eta argi eta garbi erakutsiko dizu inor ez dagoela hutsegiteetatik salbu. Sinetsita nago, jaunok, atzean zaudetenok jolasari utziko diozuela, ze orain kontatzera noakizuena oso interesgarria izango da, hitz tekniko asko ezagutuko ez badituzue ere. «Animalien mundua»-ri buruzko ipuin bat kontatuko dizuet, gure gaurko estutasun militarrak ahaztu ditzagun. Bada, kontua da noizbait «Animalien mundua» aldizkari interesgarriaren erredaktore bilakatu nintzela, eta denbora batez guztiz ulertezina geratu zitzaidan lanpostu hori lortu izana. Baina azkenik ohartu nintzen nire lagun zahar Hajekenganako adiskidantzazko maitasunak eraman ninduen zoro-egoerari zor niola lan hori. Garai hartara arte, Hajek aldizkariaren zuzendari zintzoa zen, baina aldizkariaren jabe Fuchs jaunaren alabarekin maitemindu zen, eta jabeak lanetik bota zuen, erredaktore zintzo bat aurkituko ziolako baldintzapean. Ikusten duzuenez, garai hartan oso bitxiak ziren lan harremanak.

        »Bada, nire lagun Hajekek aurkeztu ninduenean, aldizkariaren jabeak harrera txit xaloa egin zidan, eta galdetu zidan ea animaliez ideiarik ote neukan, eta asko gustatu zitzaion nire erantzuna, hau da, betidanik estimatzen nituela animaliak, gizakiarenganako iragatea ikusten nuela haiengan, eta animalien defentsari zegokionez beti errespetatu nituela haien nahiak eta desirak. Animalia guztiek desira bakar bat daukate: jaten ditugun baino lehen, ahal dela, minik eman gabe akaba ditzagula. Karpak, jaiotzen denetik bertatik, ideia tinko bat darabil: ez dela polita, sukaldariaren partetik, oraindik bizirik dagoenean sabela irekitzea. Eta oilarrari lepoa mozteko ohiturak kontra egiten dio Animaliak Babesteko Elkartearen proposamenari: esku trebatuek baino ez diete hegaztiei zintzur egin behar, alegia. Mazkar frijituen itxura bihurrituek testimoniatzen dute hilzorian daudenek protestatu egiten dutela "Podol" tabernan bizirik frijituak direlako, eta margarinan gainera. Indioilar-hankak... Une horretan hitza kendu zidan, hegazti-hazkuntza ezagutzen ote nuen galdetzeko: txakurrak, untxiak, erlezaintza, animalia-munduaren aldaera; ba ote nekien aldizkari atzerritarretatik irudiak ebakitzen erreprodukzioak egiteko; ba ote nekien aldizkari atzerritarren artikulu espezializatuak itzultzen; ba ote nekien Brehm naturalistaren idazkiak gainetik irakurtzen, eta beronekin batera editorialak idatz ote nitzakeen animalien bizitzaz, alor askorekin erlazionatuz: festa katolikoak, eguraldi-aldaketa, zaldi lasterketak, ehiza, polizia-txakurren heziketa, jai nazionalak eta erlijiozkoak, etab. Laburbilduz: ba ote neukan hartaz guztiaz kazetari-ikuspuntu orokor bat, eta ba ote nekien editorial baten espazio txikian erabiltzen.

        »Esan nion askotan pentsatua nuela "Animalien mundua" bezalako aldizkari baten zuzendaritza zuzenaz, eta aurpegi eman nezakeela sail eta artikulu guztien alde, aipatutako gaiez jakitun bainengoen. Hala ere, aldizkaria ohi gabeko mailara igoarazten ahaleginduko nintzela. Eduki eta objetibotasun aldetik berrantolatzen. Sail berriak sartzen, hala nola "Animalien txoko alaia" eta "Animaliak animaliei buruz", aldi berean egoera politikoari arretaz erreparatuz. Irakurleei ustekabe bat bestearen atzetik eskaintzen, animalia batetik bestera beren onera etor ez zitezen. "Animalien gaurkotasunaz" saila beste bi sailekin txandakatu behar zela: "Etxeabereen problemak konpontzeko programa berria" eta "Ganadu arteko mugimendua".

        »Berriro moztu zidan, esanez guztiz aski zitzaiola, eta erdia betetzea lortzen banuen, Berlingo azken hegazti-erakusketako bi oilo nano oparituko zizkidala, hain zuzen ere beren estaldura bikainagatik lehen saria eta urrezko domina eskuratu zituztenak.

        »Esan dezaket ahalegindu egin nintzela eta aldizkarian neure programa bete nuela gai izan nintzen neurrian, eta, hori gutxi balitz bezala, konturatu nintzen nire artikuluek gainditu egiten zutela gaitasun hori.

        »Jendeari zerbait guztiz berria eskaini nahian, animaliak asmatu nituen. Printzipio bat izan nuen abiapuntu, alegia, elefantea, tigrea, lehoia, tximinoa, satorra, zaldia, txerria-eta izaki zeharo ezagunak zitzaizkiela, aspalditik gainera, "Animalien mundua"-ren irakurleei. Zerbait berriarekin, asmakizun berriekin zirrara sorrarazi behar zitzaiela. Eta hala, sabel sulfurodun balearekin probatu nuen. Nire balea mota hau bakailaoaren tamainakoa zen, eta azido formikoz betetako bixika bat zeukan, bai eta kloaka berezi bat ere, jan nahi zituen arrainei azido pozoitua botatzeko. Geroago, ingeles jakintsu batek... orain ez dut gogoratzen zein izen jarri zion baleen azidoari. Balearen koipea ezaguna zen, baina azido berriak zenbait irakurleren interesa piztu eta galdetu ziguten zein enpresak egiten zuen azido hori.

        »Bene-benetan esan dezaket "Animalien mundua"-ren irakurleak oso jakin-minak direla. Sabel sulfurodun balearen ondoren, beste animalia gehiago ere asmatu nituen. Haien artean saltari azkarra aipa dezaket (kanguruen familiako ugaztuna), idi jangarria (behiaren aurrekoa), txoko-infusorioa (sagu mota berritzat ezagutzera eman nuena).

        »Egunero gehitzen ziren animalia berriak. Harritu egin nintzen alor honetan lortutako arrakastaz. Inoiz ez nuen pentsatu hain beharrezkoa zela fauna betetzea, eta Brehmek hainbeste animalia utz zitzakeela "Animalien bizitza" idazkitik kanpo. Ezagutzen al zuten Brehmek eta bere jarraitzaileek Islandia irlako nire saguzarra, "saguzar urruna" izenekoa? Ezagutzen al zuten Kilimanjaro mendi tontorreko nire etxe-katua, "galtzordi oreinlari kilikabera" izenekoa?

        »Ba ote zuten naturalistek Khún ingeniariaren arkakusoaren berri, nik anbarean aurkitu nuen arte? Guztiz itsua zen, ze historiaurreko sator lurpekoaren baitan bizi zen, eta satorra ere itsua zen, bere birramona, idatzi nuenez, leizeko erbinude itsu lurpeko batek estali zuelako. Erbinude hura Potojenska leizekoa zen, garai hartan gaurko Itsas Baltikora iristen zena.

        »Gertaera xume honen ondorioz, polemika handia sortu zen "Denbora" eta "Txekiarra" aldizkarien artean: "Txekiarra"-k, bere editorialetako batean, nik aurkitutako arkakusoaren gaineko artikulua aipatu eta hau iragartzen zuen, "Jainkoak egina, ongi egina" dela. "Denbora"-k, era erreal batean, nire arkakusoa ez ezik, "Txekiarra" aldizkari handia ere suntsitu zuen, eta ordutik bazirudien izaki berrien aurkitzaile eta asmatzailea izatearen izar zorionekoak abandonatzen ninduela. "Animalien mundua"-ren harpidedunak urduritzen hasi ziren.

        »Nik erlezaintzaz eta hegaztizantzaz emandako berri zehatzek eman zioten honi guztiari hasiera. Hor garatzen nituen neure teoria berriek ikara sortu zuten, ze Pazourka erlezain ezaguna apoplexiak jo zuen nire aholkuak irakurri orduko, eta erlezaintzak gainbehera egin zuen Xumava eta Podkrkonoxi aldean. Izurritea heldu zitzaien hegaztiei, eta labur esanda, denak akabatu ziren. Harpidedunek mehatxuzko gutunak idatzi eta arbuiatu egin zuten aldizkaria.

        »Aske bizi diren txoriez arduratzen hasi nintzen, eta gaur egun ere gogoratzen dut "Baserriko horizontea" aldizkariko erredaktorearekin izan nuen istilua! Josef M. Kadltxak zuen izena, eta diputatu klerikala zen. Intxaur baten gainean zegoen txoriño baten irudia "Country Life" aldizkaritik ebaki, eta intxaur-jale izena eman nion (berdin-berdin idatziko nuke dudarik gabe, ilogikoki idatzi ere, ipuru baten gainean dagoen txoria ipuru-jale arra edo ipuru-jale emea dela). Haiek ziren haiek txalapartak! Kadltxak jaunak gutun arrunt batean eraso zidan, txori hura eskinoso bat zela eta ez intxaur-jalea, eta Eichelhäher hitzaren itzulpena zela. Karta egin nion, nire intxaur-jaleari buruzko teoria azalduz eta biraoak eta Brehmen aipu asmatuak nahasiz. Kadltxak diputatuak editorial baten bidez erantzun zuen "Baserriaren zerumuga" aldizkarian.

        »Nire nagusia, Fuchs jauna, kafe-etxean eserita zegoen, beti bezala, bertako egunkaria irakurtzen, azken boladan maiz bilatzen zituelako iritziak "Animalien mundua"-n argitaratuak nituen artikulu xarmangarriez. Heldu nintzenean, mahaian jarritako "Baserriaren zerumuga" erakutsi, eta isilka esan zuen, bere begi tristeekin niri so, zein adierazpen zeukaten bere begiek beti azken boladan. Ozen irakurri nuen, kafe-etxeko jende guztiaren aurrean:

        »Erredakzio estimagarria! Ohartua naiz aldizkari honek izen ohigabe eta ezin justifikatuzkoak erabiltzen dituela, arreta gutxi diola hizkuntza txekiarraren garbitasunari, eta denetiko animaliak asmatzen dituela. Plazaratu dut txosten bat, esanez zuen erredaktoreak, "eskinoso" ohiko hitz zaharraren ordez, "Eichelhäher" hitz alemaniarrean oinarritutako "intxaur-jale" hitza erabiltzen duela.

        »— Eskinosoa —errepikatu zuen nire ondotik aldizkariaren jabe etsiak.

        »Lasai irakurtzeari ekin nion:

        »Erantzun gisa gutun izugarri zakarra, pertsonala eta ozarra jaso nuen zuen erredaktorearengandik. Gutun hartan, "zigorra mereziko lukeen astakirten ezjakina" deitzen dit, eta horrek demanda ederra merezi du. Horrela ez zaie erantzun behar jende zintzoen arteko zientzia- gaitzespenei. Jakin nahi nuke nor den gutako astakirtenagoa. Egia da, agian, ez nituela gaitzespenak posta-txartel batean adierazi beharko, baina lepoz gain nenbilenez lanez, ez nion huskeria horri erreparatu. Baina orain, zuen erredaktorearen eraso zakarraz geroztik, jendearen eztenkaden eskura jarriko dut.

        » "Animalien mundua"-ren erredaktorea oker dabil guztiz, txori horren izena ez dakien astakirten ikasgabea naizelakoan. Urtetan zaletua naiz ornitologiarekiko, eta ez liburuen bidez, naturan bertan egindako ikasketekin baizik: kaioletan dauzkadan txoriak gehiago dira zuen erredaktoreak inoiz ikusi dituenak baino, kontuan hartuz, gainera, gizon hori Pragako taberna eta alkoholzuloetan entzerratuta bezala bizi dela.

        »Kontuok bigarren mailakoak izan arren, seguruenik ez litzateke alferrikakoa izango "Animalien mundua"-ren erredaktoreak jakitea erasoa bere lumatik atera aurretik nori deitzen dion astakirten. Izan ere, erasoa Moraviako herri bati zuzendua dago beharbada, zeinetan, artikulu hori agertu arte, aldizkariaren harpidedunak baitzeuden.

        »Bestalde, hau ez da gizon ero baten polemika pertsonala, arazo larri bat baizik, eta horregatik errepikatzen dut onartezina dela itzulpenetatik izenak asmatzea, "eskinoso" izen ezagun eta herrikoia daukagu eta.

        »— Bai, eskinoso —adierazi zuen ahots etsiagoz nire nagusiak.

        »Lasai irakurtzen segitu nuen, inoren etenik onartzeke:

        »Doilorkeria galanta da gero, horrelako gauzak zaletu kaskarin eta zakarren esku gelditzea. Nork noiz deitu dio eskinosoari "intxaur-jale"? "Gure txoriak" idazlanaren 148. orrialdean ageri da izen latindarra: Garrulus glandarius B.A., nire txoria, eskinosoa, alegia.

        »Zuen aldizkariaren erredaktoreak ziurrenik onartuko du zaletu huts batek baino hobeki ezagutzen dudala neure txoria. Bayer Mucifrag doktorearen arabera, intxaur-jalea "carycatectes B" deitzen da, eta "B" horrek ez du esan nahi, zuen erredaktoreak idatzi zidanez, "baboa" hitzaren hasierako letra dela. Ornitologo txekiarrek eskinoso arrunta besterik ez dute ezagutzen, eta ez zure intxaur-jalea, haren teoriaren arabera, hasierako "B" letra dagokion jaun horrek aurkitutakoa. Eraso pertsonal zakar bat da, kontua aldatzen ez duena.

        »Eskinosoak eskinoso izaten segituko du, "Animalien mundua"-ren erredaktorea izor... arren. Hau, arin eta zehaztugabe idazten dutenen erakusgarri geldituko da, nahiz eta erredaktoreak zakarkeria deigarriz Brehm aipatu. Trauskil horrek idazten du eskinosoa Brehmen ustez krokodilo familiari dagokiola, 452. orr., non antzandobiaz hitz egiten baita, hau da, pikalaportaz (Lanius minor L.). Gero, ezjakin horrek Brehm aipatzen du berriro, esanez eskinosoa beleen hamabosgarren familiari dagokiola, eta hala ere, Brehmek hamazazpigarren familiakotzat dauzka beleak, familia horretakoak izanik belatxingen familiako beleak, eta hain da zakarra non belatxinga (Colaeus) deitu baitzidan, mika eta belabeltzen familiakoa, tentel dorpeen azpi-familiakoa, nahiz orrialde horretan basa eskinosoez eta mika urdinez hitz egiten den...

        »— Basa eskinosoak —hasperen egin zuen aldizkariaren editoreak, buruari eutsiz—, emadazu hori, irakurtzen buka dezadan.

        »Izutu egin ninduen irakurtzeko zerabilen ahots erlatsak.

        »Zozoak, txekierazko itzulpenean, zozo izaten segituko du, birigarroak birigarro izaten segituko duen bezala.

        »— Birigarroari ipurujale arra edo ipurujale emea deitu behar zaio, nagusi jauna —ohar egin nuen—, ipuruaz elikatzen da eta.

        »Fuchs jaunak egunkariarekin mahaia jo zuen, eta billar-mahai azpira sartu, irakurritako azken hitzak murduskatuz:

        »— Turdus, zozoa... eskinosorik ez —garrasi egin zuen billar-mahaipean—, intxaur-jalea, kosk egiten ari naiz, jaunok!

        »Azkenik, handik atera zuten, eta hiru egunen buruan, familiaz inguraturik, hil egin zen burmuineko gripeak jota. Bere azken une argitsuko azken hitzak hauek izan ziren:

        »— Ez dit ardura interes pertsonal batek, helburu on batek baizik. Ikuspuntu horretatik, jaso ezazue nire txostena, mesedez... —eta hil egin zen.

 

 

        Urtebeteko boluntarioak, isildu eta, honela esan zion, maltzur, kaboari:

        — Horrekin esan nahi nuen norbera inoiz kinka larrian dagoela, eta huts egiten duela!

        Oro har, kaboak ez zuen huts egin zuena bera zela besterik ulertu, eta horregatik leihora itzuli eta triste begiratu zion atzean utzitako bideari.

        Xveiken kontakizunak interes handixeagoa piztu zuen. Eskoltako gizonak elkarri tonto-tonto begira zeuden. Xveik hasi egin zen:

        — Munduan ezer ez da ezkutuan gelditzen. Dena dago agerian. Entzun duzuenez, eskinoso tentel bat ez da intxaur-jalia. Oso interesgarria da inori adarra jo ahal izatia horrelako kontu batekin. Egia da zaila dela animaliak asmatzia, baina are zailagoa da, izan ere, halako animalia asmatuak erakustia. Orain dela urte asko, bazen Pragan Mestek izeneko bat, lamia bat topatu zuena: Hlavitxek etorbidian erakusten zuen, Vinohrady auzoan, atorde baten atzian. Atordian zulo bat zegoen, eta denek ikus zezaketen, erdi ilunbe hartan, kanape arrunt batian, Zizkov auzoko emakume bat iraulka. Hankak gasa berde batian bilduta zeuzkan, isats-itxura edo emanez; ileak, berdez tindatuak; eta eskuetan eskularru batzuk, paper berdez egindako hegalekin; bizkarrian, soka batez lotuta, lema bat zeukan. Hamasei urtetik beherako gazteek debekatua zuten sarrera, eta txartela erositako hamaseitik gorakoei atsegin eman zien lamiaren ipurdi handiak, iragarki bat eta guzti: «Hurrengora arte!» Bularrak ez ziren beste munduko gauza. Zileraino ailegatzen zitzaizkion, emagaldu nekatu bati bezala. Arratsaldeko zazpietan Mestek jaunak ikuskizuna itxi eta esaten zuen: «Lamia, joan zaitezke etxera», neska arropaz aldatu, eta gaueko hamarretan ikus zitekeen Tabor kaletik ibiltzen, eta topatzen zuen jaun bakoitzari adeitsu esaten: «hi, ederra, txortan egitera joan al haiz?». Baimenik ez zeukanez, Draxner jaunak atxilotu egin zuen, beste antzeko emakume batzuekin batera, sarekada batian, eta Mesteki negozioa bukatu zitzaion.

        Une hartan, kapilau nagusia eserlekutik erori zen eta lurrean lo segitu zuen. Kaboak ergel-ergel begiratu zuen hori, eta isiltasun orokorraren erdian altxatu egin zuen eserlekura, besteen batere laguntzarik gabe. Ikusten zen aginpide osoa galdua zuela, eta itxaropenik gabeko ahots ahulez «lagun zeniezadakete, ezta?» esan zuenean, eskoltako guztiak doi-doi begira gelditu zitzaizkion, baina zirkinik egiteke.

        — Zurrungaka zegoen tokian utzi beharko zenuen —esan zuen Xveikek—. Nire kapilauarekin ez nuen besterik egingo. Behin komunian lo utzi nuen, behin armairu baten gainean, etxe arrotz baten oramahaian, eta auskalo non ere larrutu zuen azeria.

        Bat-batean, kaboak, adore-krisi batean, bertako jaun eta jabea zela erakutsi nahi izan zuenez, zakar esan zuen:

        — Lotu ezpainak eta lerdokeriarik esan gabe gero! Morroiek alferrik hitz egin besterik ez dute egiten. Arkakusoak bezalakoak zarete.

        — Seguru baietz, eta zu Jainkoa zara, kabo jauna —erantzun zuen Xveikek, eztabaida ikaragarri baten bidez munduan bakea jarri nahi duen filosofo baten orekarekin—, zu Ama Birjina zara.

        — Jainkoa —oihu egin zuen urtebeteko boluntarioak, besoak altxatuz—, bete itzazu gure bihotzak ofizial guztienganako maitasunaz, higuinez begiratu ez diezaiegun. Bedeinka ezazu gure bidaia atxilotuentzako zulo gurpildun honetan.

        Kaboak, gorritu eta, salto egin zuen:

        — Urtebeteko boluntario hori, oharpen guztiak debekatzen ditut.

        — Zuk ez duzu ezeren errurik —tonu baketzailez mintzatzen segitu zuen urtebeteko boluntarioak—, animalia- espezie eta familia askori ukatu zien naturak adimendua. Inoiz entzun diozu inori giza ergeltasunaz hizketan? Ez zen hobe izango beste ugaztun familia batean jaio eta «gizon» eta «kabo» izen tentelak eramango ez bazenitu? Huts handia egiten duzu pentsatzean izakirik perfektuena zarela. Izarrak kentzen dizkizutenean, hutsaren hurrengo izango zara, fronte guztietako lubaki guztietan hiltzeko prest. Aitzitik, beste izar bat jartzen badizute, «sarjentutzar» deitzen zaion piztia bihurtuko zaituzte, eta zure egoera ez da oraino parte onekoa izango. Adimena gehixeago estutuko zaizu, eta borroka-lekuan zeure hezur atrofiatuak uzten dituzunean, inork ez du Europa osoan zugatik negarrik egingo.

        — Kaiolara bidaliko zaitut —deiadar egin zuen, etsita, kaboak.

        Urtebeteko boluntarioak irribarre egin zuen:

        — Seguruenik, irain egin dizudalako bidaliko nindukezu zulora. Baina gezurra esango zenuke, ze zure adimen-gaitasunak ezin du batere irainik ulertu, eta, gainera, apustu egingo nizuke gure solasari buruz ez duzula ezertxo ere gogoratzen. Enbrioi bat zarela esango banu, ahaztuko zenuke, ez geltokirik hurbilenera heldu aurretik, baizik eta gure ondotik telegrafo-zutoinik gertuena pasatu aurretik. Burmuinezko goxoki nekrotiko bat zara. Ezin zaitut inondik imajinatu, entzun didazun guztia inon koherentziaz azaltzen. Gainera, hemengo edonori galde diezaiokezu ea nire hitzetan irainik ñimiñoena zegoen zure adimenari buruz, eta ea ezertan mindu zaitudan.

        — Segurua da —baietsi zuen Xveikek— hemengo inork ere ez duela esan iraintzat har zenezakeen hitzik. Gauzak aldrebestu egiten dira inor mindurik sentitzen denian. Behin «Tunel» gau kafe-etxean nengoela, orangutanei buruz ari ginen. Marinel bat zegoen gurekin eserita, eta horrek zera kontatu zuen: «orangutana askotan ezin da bereizi hiritar bizardun batengandik. Orangutanaren kokots iletsuak badu antza... antza», esan zuen, «aldameneko mahaiko jaun horren kokotsarena». Denok elkarri so egin genion, eta gizon kokotsdunak marinelarengana jo eta belarrondoko bat eman zion, eta marinelak burua hautsi zion garagardo botila batekin, eta jaun kokotsduna lurrera erori zen, konortea galduta, eta marinelari agur egin genion, ze berihala alde egin zuen, jauna ia hil zuela ikusirik. Gero suspertu egin genuen jauna, eta dudarik gabe ez genuen horrelakorik egin beharko, ze, suspertu orduko, patruilari deitu zion guztiok atxilotzeko, saltsa horrekin zerikusirik ez bageneukan ere, eta patruilak komisariara eraman gintuen. Lehengo lepotik zeukan hark burua, orangutantzat jo genuela, berari buruz bakarrik hitz egin genuela, eta horrela jo eta ke. Guk, ordea, ezetz, ez zela orangutana. Eta berak, bazela, hori entzun zuela. Azal ziezaiola eskatu nion komisario jaunari. Eta honek, guztiz onbera, azaldu egin zion; baina tipoak, azalpenik onartu ez eta, komisarioari esan zion ez zuela ulertzen, gurekin elkar hartuta zegoela. Orduan komisario jaunak kaiolara bidali zuen, mozkorra kentzeko, eta guk «Tunel»-era bueltatu nahi genuen, baina ezin, gu ere giltzaperatu gintuen eta. Ikusten duzu, beraz, kabo jauna, zer atera daitekeen hizpiderik merezi ez duen ezulertu txiki eta ñimiño batetik. Bestalde, bazen Okrouhlitse herrian herritar bat, Nemecky Brod herrian samindu zena pitoi bat zela esan ziotenean. Badira horrelako hitz gehiago, batere zigorgarriak ez direnak. Esaterako, haserretuko zinateke arratoia zarela esango bagenizu?

        Kaboak irrintzi egin zuen. Ezin esan orro egin zuenik. Hira, amorrazioa eta etsipena adierazten zuten hots ugari egin zituen, eta kontzertu hura kapilau nagusi zurrungariak biribildu zuen bere sudurraren txistuaz.

        Irrintziaren ostean, erabateko depresioa. Kaboa eserlekuan jesarri zen, eta bere begi espresiorik gabeak urrutiko baso eta mendietan tinkatu ziren.

        — Kabo jauna —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, orain, mendi xuxurlariei eta baso usaintsuei begira zaudela, Danteren irudia gogorarazten didazu. Poetaren aurpegi noble berdina, ekintza nobleak egiteko gai den gizon bihotz eta izpiritu samurreko batena. Segi ezazu, mesedez, eserita, ederki ematen dizu eta. Nolako bizitasunarekin, batere arazeria eta seriotasun faltsurik gabe, tinkatzen dituzun begiak paisaian! Seguruenik, pentsatzen ari zara zein ederra izango den udaberrian, oraingo toki idor hauen ordez, lore koloreaniztunezko tapiz bat hedatzen denean...

        — Tapiza errekasto batek inguratuko du —ohar egin zuen Xveikek—, eta kabo jaunak, enbor baten ondoan eserita, lapitzari tu egin eta poema bat idatziko du «Irakurle txikia» aldizkarirako.

        Kaboa erabat soraio zegoen bitartean, urtebeteko boluntarioak baieztatu zuen kaboaren burua dudarik gabe ikusi zuela, eskultore erakusketa batean modelaturik.

        — Barkatu, kabo jauna: Xtursa eskultorearen modeloa ote zara?

        Kaboak urtebeteko boluntarioari begiratu eta triste esan zuen:

        — Ez.

        Urtebeteko boluntarioa isildu eta eserlekuan etzan zen.

        Eskoltako gizonak kartetan ari ziren Xveikekin; kaboa, etsiaren etsiaz, so egile huts zegoen, eta, gainera, ausartu zen Xveikek bateko berdea aterea zuela ohartaraztera, eta hori oker bat zela. Azken jokaldian zazpikoa atera beharko zuela.

        — Tabernetan —esan zuen Xveikek— halakoxe iragarki ederrak izan ohi ziren kartetan so egile huts daudenen kontra. Bat dut gogoan: «hi, lotu ezpainak edo ebakiko dizkiat zainak».

        Trena, ikuskaritzak bagoiak miatzen zituen geltokira heldu zen. Trena gelditu egin zen.

        — Tira —esan zuen urtebeteko boluntario izukaitzak, kaboari begirada adierazkorra eginez—, hemen da ikuskaritza...

        Bagoira sartu zen ikuskaritza.

 

 

        Treneko nagusia Mraz doktorea zen, erreserbako ofiziala, Goi Agintaritzak izendatua.

        Halako zerbitzu tenteletara bidaltzen ziren beti erreserbako ofizialak. Mraz doktorea nahasia zegoen horregatik. Beti bagoi bat falta izaten zitzaion, nahiz eta bizitza zibilean matematika irakasle egon ikastetxe batean. Gainera, azken geltokian bagoietan zeudenen kopurua ez zetorren bat Budeiovitseko geltokian trenera igotakoen kopuruarekin. Paperak begiratzen zituenean, iruditzen zitzaion Amen Jesus batean bi landa-sukalde gehiago ageri zirela. Bizkarreko kili-kili desatsegin batek ohartarazi zuen zaldiak ugaldu egin zitzaizkiola modu ezezagun batean. Ofizialen zerrendan ezin zitzakeen bi kadete aurki. Estreinako bagoian ezarritako errejimenduko bulegoan idazmakina baten bila ari ziren jo eta ke. Nahaste-borraste honen ondorioz, buruko mina izan zuen: jada hiru aspirina-tableta janak zituen eta orain trena miatzen ari zen, oinazezko adierazpena aurpegian.

        Bere laguntzailearekin atxilotuentzako bagoian sartu zenean, paperak aztertu eta kabo suntsituaren txostena jaso zuen: kaboak txostenean zioen bi preso zeramatzala eta halako eta halako soldaduak zeuzkala bere esku. Mraz doktoreak txostenaren salaketak berriro egiaztatu eta bere ingurura so egin zuen.

        — Nor daramazu aldean? —itaundu zuen zorrotz, ahoz behera lo zegoen kapilau nagusia seinalatuz, zeinaren ipurdiak probokatzaile begiratzen baitzion ikuskaritzari.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —toteldu zuen kaboak— hori...

        — Zein? —murmurikatu zuen Mraz doktoreak—. Hitz egizu argi eta garbi.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —adierazi zuen Xveikek kaboaren ordez—, hori, ahoz behera lo dagoen jaun hori, kapilau jaun mozkortua dela. Lotu egin zitzaigun, eta bagoian sartu, eta haren mendekoak garenez, ezin izan genuen bota, men ez egitea salatu ez ziezaguten. Goi Agintaritzako bagoia atxilotuentzakoarekin nahasi zuen, antza.

        Mraz doktoreak hasperen egin eta bere paperak begiratu zituen. Trenean Bruckera joan beharreko kapilau nagusiaren aipurik ere ez zegoen zerrendan. Leihoa astindu zuen, urduri. Azken geltokian, bat-batean, zaldiak ugaldu zitzaizkion, eta orain, bat-batean, kapilau bat jaiotzen zitzaion atxilotuentzako bagoian.

        Kaboari deitzeko beste indar izan zuen, ozta-ozta baina, ahoz behera lo zegoenari buelta eman ziezaion, zeren jarrera hartan ez baitzegoen nor zen jakiterik.

        Kaboak, ahaleginduz, ahoz gora jarri zuen itzartzen hasitako kapilaua, eta bere aurrean ofiziala ikustean, honela esan zuen:

        — Eh, servus, Fredy, was gibt's Neues? Abendessen schon fertig?   Aizak, Freddy, zer dago berri? Prest dago afaria?.

        Begiak berriro itxi, eta horma alderantz jiratu zen.

        Mraz doktorea berehala ohartu zen ofizialentzako kasinoko bezperako tripazain berbera zela hura, ofizialen oturuntza guztien aprobetxategi ospetsua, eta hasperen isila egin zuen.

        — Honen kariaz —esan zion kaboari— epaituko zaituzte.

        Alde egiten ari zenean, Xveikek geldiarazi zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ni ez nagokiola bagoi honi. Hamaikak arte egon behar nuen preso, gaur bete delako nire epea. Hiru egunerako atxilotuta nengoen, eta orain besteekin egon behar dut, ganaduarentzako bagoian. Hamaikak aspaldi jota daudenez, mesedez, teniente jauna, trenetik jaitsi nazatela, edo dagokidan ganaduarentzako bagoira eraman nazatela, eta Lukax teniente jaunarengana.

        — Nola duzu izena? —galdetu zuen Mraz doktoreak, berriz ere bere paperak begiratzearekin batera.

        — Xveik, Josef, zure agindutara, teniente jauna.

        — Hara, hortaz, zu zaitut Xveik ezaguna —esan zuen Mraz doktoreak—. Hamaiketan irten beharko zenuen, bai. Baina Lukax teniente jaunak eskatu zidan Bruckera heldu arte ez askatzeko, seguruagoa zela horrela, behintzat bidean ez zenuela ez-egitekoren bat egingo eta.

        Ikuskaritzak alde eginda, kaboak ezin izan zion ohar maltzur bat egiteari eutsi:

        — Ikusten duzu, beraz, Xveik, ze kakalaguntza eman dizun goiko instantzietara jotzeak. Nahi izan banu, gorriak ikusaraziko nizkizuen.

        — Kabo jauna —adierazi zuen urtebeteko boluntarioak—, kakak jaurtitzea arrazoibide gutxi gora-behera fidagarria da, baina gizon adimentsuak, ernegatuta badago edo inorekin sartu nahi badu, ez du halako hitzik erabili behar. Eta mehatxu hori, gorriak ikusaraziko zenizkigulakoa, barregarria da. Zergatik arraio ez duzu halakorik egin, aukerarik bazeneukan? Honetan ageri dira, argi eta garbi, zure adimenaren heldutasun handia eta ohiz kanpoko fintasuna.

        — Aski da —saltatu zuen kaboak—, biok kartzelara eraman zaitzaketet.

        — Eta zer dela eta, usotxo? —galdetu zuen urtebeteko boluntario errugabeak?

        — Hori nire kontua da —adorea erantsi zion bere buruari kaboak.

        — Zure kontua —esan zuen urtebeteko boluntarioak irribarrez—, zurea eta gurea. Kartetan bezala: nire txanda, zure txanda. Neronek esango nuke biziki eragin dizula epaituko zaituztelako horrek, eta horregatik hasi zatzaizkigu oihuka, ez bide ofizialetik, jakina.

        — Zakarrak! —bota zuen kaboak, azken adorea atereaz aurpegi izugarria jartzeko.

        — Gauza bat esango dizut, kabo jauna —adierazi zuen Xveikek—: nerau soldadu zaharra naiz, gerra baino lehenagotik ere, eta badakit irainetatik ez dela atarramentu onik ateratzen. Orain dela urte asko, soldadu nengoela, gogoratzen dut Schreiter izeneko sarjentu bat zegoela nire konpainian. Aspaldi joan zitekeen etxera, baina, esaera zaharrak dioenez, kaskotik eginda zegoen. Morroiak begitan hartuta ginduzkan soldaduok, beti muturra sartzen gure kontuetan. Ezer ez zuen gustukoa, dena aginduen kontra zegoen, eta ahal zuenetan gogait eragiten zigun, esaten zigula: «Zuek ez zarete soldaduak, trenbide-zaindariak baizik». Egun batean nazkatu eta kumpaineraport-era   Konpainiako epaimahaia joan nintzen. «Zer nahi duk?», galdetu zidan kapitainak. «Kapitain jauna, kexa bat dut Schreiter sarjentuaren kontra: gu soldadu inperialak gara, eta ez trenbide-zaindariak. Enperadore jaunaren zerbitzuan gaude, eta ez gara fruitu-zaindariak». «Begira, intsektua halakoa», erantzun zidan kapitainak, «ken hadi nire bistatik». Eta nik, berriz, apal-apalik eskatu nion batailoiko epaimahaira eraman nintzatela. Batailoiko epaimahaian, teniente koronelari azaldu nionian ez ginela trenbide-zaindariak, soldadu inperialak baizik, bada, bi egunerako entzerratu ninduen, baina nik regimentsraport-era eramatea eskatu nuen. Regimentsraport-ean koronelak, nire azalpenez geroztik, oihu egin zidan, alua nintzela, pikutara joan nendila. Eta nik berriz ere: «Apal-apalik eskatzen dizut, koronel jauna, brigaderaport-era   Brigadako epaimahaia eraman nazatela». Beldurtu egin zen, eta Schreiter sarjentua etorrarazi zuen bulegotik, eta horrek barkamena eskatu behar izan zidan ofizial guztien aurrean «trenbide-zaindaria» hitzagatik. Gero patioan atzeman ninduen, eta baita aditzera eman ere egun hartatik ez zidala irainik egingo, baina kuarteleko kartzelara eramango ninduela. Harrezkero kontu gehiagoz ibili nintzen, baina alferrik. Behin biltegiko jagole egon nintzen. Jagole guztiek zerbait idazten zuten beti horman. Edo alu bat marrazten zuten, edo bertsoren bat idatzi. Ezer bururatzen ez zitzaidanez, handik une luze batera horman sinatu nuen «Schreiter sarjentua pepelerdoa da» esaldiaren azpian. Eta sarjentu baldar horrek berehala salatu zuen hori, ze polizia- txakur bat bezala ibili zen, kuxkuxean, nire atzetik. Zoritxarreko kasualitate bategatik, esaldi horren gainian beste bat zegoen: «Eta gu gerrara barik, kaka zaharra gerrari», eta 1912. urtean gertatu zen hori, Prochazka kontsula zela-eta Serbiara joan behar izan genuenian. Hortaz, berihala bidali ninduten Terezingo landgericht-era   Eskualdeko auzitegia. Epaimahai militarreko jaunek hamabost bat aldiz atera zioten argazkia biltegiko hormari, esaldi, sinadura eta guzti; hamar aldiz «eta gu gerrara barik, kaka zaharra gerrari» idatzarazi zidaten, nire idazkera aztertzeko; hamabost aldiz idatzi behar izan nuen haien aurrean «Schreiter sarjentua pepelerdoa da»; eta azkenean etorri zen grafologo bat, zera idatzarazi zidana: «1897ko uztailaren 29an, Elba ibaiaren ondoko Kralovy Dvur hiriak Elba bortitzaren uholde ikaragarria ezagutu zuen». «Ez da nahikoa», esan zuen auditoreak, «kaka kontua da axola diguna. Dikta iezaiozu zerbait «k» askorekin». Orduan diktatu zidan: kukua, kili-kili, kakoa, lokartuko, kili-kolo, kikildu, aiko-maiko. Grafologoa nahasirik zegoen, eta etengabe begiratzen zuen atzerantz, soldadu baionetadunarenganantz, eta azkenean esan zuen hura guztia Vienara bidali behar zela, eta hau idatz nezala hiru aldiz: «eguzkitxoa berotzen hasten da, beroa bikaina da». Material guztia Vienara eraman zuten, eta irten zen emaitza, alegia, pintada horiei zegokienez, ez zirela nire eskuak idatziak, baina sinadura neurea zela, eta horrexegatik kondenatzen nindutela sei astera, ze sinatu, zaindari nengoenian sinatu nuen, eta ezin omen nuen zaindari lanik egin horman sinatzen nuen bitartean.

        — Ikusten da —esan zuen kaboak pozarren— ez zinela zigorrik gabe gelditu. Gaizkile bat zarela. Ni landgericht horretan egonez gero, ez nizun sei asteko zigorrik jarriko, sei urtekoa baizik.

        — Ez izan horren ankerra —hartu zuen hitza urtebeteko boluntarioak—, eta pentsa ezazu zeure akaberan. Arestian ikuskaritzak esan dizu raport-era joango zarela. Horretarako egoki prestatu beharko zenuke, eta kaboari gertatutakoaz hausnartu. Izan ere, zer daukazu unibertsoaren kontra, kontuan hartuta gugandik gertueneko izarra 275.000 aldiz urrunago dagoela tren honetatik eguzkia baino, bere paralajeak segundo kurbatu bat osatzeko? Zu kosmosean egongo bazina, izar geldi baten gisa, purtzilegia izango zinateke tresna astronomikorik hoberenek ikus zaitzaten. Unibertsoan zein purtzila zaren adierazteko ez dago hitz egokirik. Urte erdiz arku txiki bat egingo zenuke zeruan, urtebetez elipse txiki bat, zirtzilaren zirtzilez, zenbakitan adierazi ezin dena. Zure paralajea neurtezina izango litzateke.

        — Kasu horretan —adierazi zuen Xveikek— harro egon daiteke kabo jauna, inork ezin duelako neurtu, eta raport-eko emaitza berak nahi duena izanik ere, lasai egon behar du, eta ez ernegatu, ze ernegatzeak kalte egiten dio osasunari, eta orain, gerran, denok zaindu behar dugu osasuna, ze gerrako sufrimenduok ez dute jende ahulik onartzen. Entzerratzen bazaituzte, kabo jauna —jarraitu zuen Xveikek, irribarre maitagarria ezpainetan—, bidegabekeriarik egiten badute zurekin, ez duzu adorerik galdu behar, eta haiek berena pentsatzen badute, zuk ere zeuria pentsatuko duzu. Bestalde, hor duzu ezagutzen dudan ikazkin baten kasua. Prantxixko Xkvor zuen izena, eta gerra hasieran Pragako polizia-zuzendaritzan preso hartu zuten, nirekin batera, goi mailako traizioagatik, eta beharbada gero satorren artera bidali ere Berrespen Pragmatikoagatik   Erdi Aroko lege antzeko bat zen, ez indargabetu ez aldatu ezin zena. Gizon honek, leporatzen zitzaionari buruz eragozpenik ote zeukan galdetu ziotenian itaunketan, honela esan zuen:

 

                Izan zena izan zela, inola izan zen,

                oraindik ez da izan inola izan ez zenik.

 

        Horrexegatik sartu zuten ziegan, eta ez zioten bi egunez jatekorik ez edatekorik eman, eta berriro eraman zuten itaunketara, eta lehengo lepotik hark burua, izan zena izan zela, inola izan zen, oraindik ez da izan inola izan ez zenik. Agian urkamendiratu arte horrela segitu zuen geroago epaimahai militarrera bidali zutenian.

        — Orain asko omen dira urkatuak eta fusilatuak —esan zuen eskoltako batek—. Arestian, ariketa-lekuan, irakurri ziguten Motolen Kudrna erreserbista fusilatu zutela. Izan ere, emazteak Benexoven agur egin behar zionean, besoetan zeukan semea sableaz jo zion kapitainak, eta senarra ernegatu egin zen. Eta jende politikoa oro har entzerratzen dute. Erredaktore bat ere fusilatu zuten Moravian. Eta gure kapitainak esan zuen horixe bera daukatela zain besteek ere.

        — Edozerk baditu bere mugak —esan zuen urtebeteko boluntarioak argitasunik eman gabe.

        — Arrazoi duzu —bota zuen kaboak—, egoki zaie holako erredaktoreei. Jendea matxinatu besterik ez dute egiten. Orain dela bi urte bezala, errekruta nintzenean: nirekin bazen erredaktore bat, «armadaren hondamena» beste izenik ematen ez zidana, baina izerditu arte kokoriko ipinarazten nuenetan, honela esaten zidan: «Mesedez, estima nazazu gizakitzat». Nik, ordea, lurreratu behar zuenean erakusten nion gizatasun hori, batez ere kuarteleko patioan potxingoak zeudenean. Halako potxingo baten ondoan jarri nuen, eta morroiak bertan erori behar izan zuen, igerileku batean bezala txipli-txapla eginez. Eta eguerdian berriro ere distiratsu egon behar zuen goitik behera, uniformea patena bezala, eta berak garbitu egiten zuen, kexatu, oharpenak egin, eta biharamunean, lokatzean iraulikatutako txerri bat bezain zikin zegoen, eta nik, haren ondoan, esan nion: «Tira, erredaktore jauna, zer da gehiago, armadaren hondamendia ala zure gizatasun hori?» Adimentsua zen, bene-benetan.

        Kaboak urtebeteko boluntarioari begiratu eta jarraitu egin zuen:

        — Berak adimentsuaren adimentsuz galdu zuen boluntario-galoia, ze soldaduenganako tratu txarrez idatzi zuen egunkarian. Baina nola ez hari tratu txarrik egin, halako gizon ikasiak bizkar-zorroa txukuntzen ez badaki, hamar aldiz erakutsi bazaio ere? Nola ez, bada, buelta erdia ezkerrera esaten zaionian eskuin aldera jiratzen bada apropos, begirada tentela jartzearekin batera? Nola ez, bada, fusil ariketetan ez badaki besaburuari ala kartutxo-uhalari heldu behar dion, eta beldurtuta bezala begiratzen badizu erakusten diozunian nola jaitsi eskua besaburutik behera. Jakin ere ez zekien zein besaburutan eraman fusila, eta tximino batek bezala agurtzen zuen. Eta imajina dezakezu zer gertatzen zen martxa egin eta bera ibiltzen ikasten ari zenian. Jiratu behar zuenian, berdin zion hanka batekin zein bestearekin egin, esaterako sei pauso ematen zituen aurrerantz, eta gero tximista bezain azkar jiratzen zen, eta martxetan erreumadun batek bezala eusten zion pausoari, edo puta zahar batek berbenan bezala dantzatzen zuen.

        Kaboak tu egin zuen:

        — Nahita fusil herdoildu bat hartu zuen, garbitzen ikasteko. Txakur ar batek txakur eme bati bezala eusten zion, baina bi kilo iztupa gehiago erosi balitu ere, ez zuen ezer garbituko. Zenbat eta gehiago garbitu, txarrago eta herdoiltsuagoa, eta raport-ean fusila eskutik eskura zihoan, eta denak harrituta zeuden nola egon zitekeen hain herdoilduta. Gure kapitainak beti esaten zion ez zela inoiz ere soldadua izatera helduko, eta hobe zuela bere burua urkatzea, kuarteleko ogia debalde ez jateko. Eta besteak, bere betaurrekoen azpitik, begiak kliskatu besterik ez zuen egiten. Berarentzat jai handia zen preso edo baimenik gabe egotia. Egun horietan artikulutxoak idatzi ohi zituen soldaduen kontrako tratu txarrez, harik eta behin zorroa miatu zioten arte. Zenbat liburu zeuzkan han, Ama Birjina! Liburu guztiak, desarmeaz, nazioen arteko bakeaz. Hori zela eta bidali zuten presondegi militarrera, eta ordutik bakea izan genuen, harik eta egun batez bulegoan berriro agertu zitzaigun arte, bat-batian, jakiak banatzeko orriak betetzeko, soldadu-jendeak berarekin harremanik eduki ez zezan. Hura izan zen adimentsu horren akabera tristea. Kargu hobera irits zitekeen bere ergeltasunagatik urtebeteko boluntario eskubidea galdu ez balu. Tenientia izan zitekeen.

        Kaboak hasperen egin zuen:

        — Uniformiaren tolesak atontzen ere ez zekien. Pragatik lozioak eta denetariko gantzuak enkargatzen zituen botoiak garbitzeko, eta, hala ere, botoiak ezin herdoilduago zeuden. Baina bazekien tentelkeriak esaten, eta bulegoan zegoenian ez zuen filosofatze hutsean jardun besterik egiten. Berak lehenagotik hartua zion horri gustua. Beti izaten zen, esana dudan bezala, gizaki. Egun batian, bere burua bota behar zuen potxingoan hausnarketa hori egiten ari zenian, honela esan nion: «Gizakia dela eta lokatza dela ari zarenez jo eta su, gogoratu behar duzu gizakia lokatzetik sortu zela, eta ez lizuke axola izan beharko».

        Orain, luze jardun ondoren, kaboa bere buruarekin pozik zegoen, urtebeteko boluntarioaren erantzunaren zain. Alabaina, Xveikek hartu zuen hitza:

        — Gauza berdintsuengatik, hola gogait eragiteagatik, aspaldi, hogeita hamabosgarren errejimenduan, Konitxek delako batek kabo bat sastatu zuen, eta bere burua ere bai. Kuryr herrian gertatu zen. Kaboak hogeita hamar bat labankada zeuzkan gorputzian, haietako dozena bat baino gehiago hilgarriak. Gainera, soldadu hau gero kabo hilaren gainian eseri zen eta bere burua sastatu zuen. Beste kasu bat gertatu zen aspaldi, Dalmazian: han kabo bati zintzur egin zioten eta gaur egun ere ez da jakiten nork egin zuen. Sekretuaz lausotuta gelditu zen kontua. Gaur jakiten den bakarra da lepoa moztutako kaboak Fiala zuela izena, eta Turnov ondoko Drabovna herrikoa zela. Beste kabo baten berri ere badakit: Rejmanek, hirurogeita hamabosgarrenekoa...

        Une hartan, Lacina kapilaua lo zegoen eserlekutik kexu handi bat etorri zen, kontakizun atsegina eten zuena.

        Paterra, edertasun eta duintasun betean, itzartzen hasia zen. Itzartzean egindako imintzioak, Gargantua digante gaztearenen tankerakoak izan ziren, Rabelais zahar alaiak deskribatu bezala.

        Kapilau nagusiak eserlekuan puzker eta korrok egiten zuen, eta inguru guztian aharrausi egiten zuen tarrapataka. Azkenik eseri eta harriturik galdetu zuen:

        — Arranopola, non nago?

        Kaboak, ofizialaren itzartzea ikusirik, debozio handiz erantzun zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau koronel jauna, atxilotuentzako bagoian zaudela.

        Harridurazko tximist batek hegan egin zuen paterraren aurpegitik. Une batez isilka eserita egon zen, hausnarketa sakonean. Alferrik. Aurreko gauean bizi izandakoaren eta leiho burdinbarradun bagoian itzartzearen artean lainotasunezko ozeano bat zegoen.

        Azkenik, honela galdetu zion kaboari, zeina haren aurrean lehen bezain fededun ageri baitzen:

        — Eta noren aginduz ni...?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau koronel jauna, ez dela agindurik izan.

        Paterra altxatu eta eserlekuen artetik ibiltzen hasi zen, hura guztia lainotsua zitzaiola gurguratuz.

        Berriro eseri zen, hitzok esatearekin batera:

        — Eta nora goaz?

        — Bruckera, jauna.

        — Eta zergatik goaz Bruckera?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut hara lekualdatu dutela gure laurogeita hamaikagarren errejimendu osoa.

        Paterrak sakonki hausnartu zuen berriro zer gertatu ote zitzaion, nola heldu zen bagoira eta zergatik zihoan Bruckera, eta laurogeita hamaikagarren errejimenduarekin, eskolta batek lagunduta.

        Mozkorraldia hain urruti zekusan, non urtebeteko boluntarioa ere ezagutu baitzuen, eta galde egin zion:

        — Gizon argia zarenez, azalduko al didazu, besterik gabe, ezer isildu gabe, nola heldu naizen zuengana?

        — Pozik gainera —esan zuen tonu lagunkoiz urtebeteko boluntarioak—: geltokian, trenera igotzean, lotu zintzaizkigun, begi gorrituta zeunden eta.

        Kaboak zorrotz begiratu zion.

        — Gurekin bagoiratu zinen —jarraitu zuen urtebeteko boluntarioak—, eta biribildua zen gertakizuna. Eserlekuan etzan zinen, eta Xveik honek bere berokia jarri zizun burupean. Aurreko geltokian, trenaren kontrolean, trenean zeuden ofizialen zerrendan apuntatu zintuzten. Nolabait esateko, ofizialki aurkitua izan zinen, eta gure kaboa horren kausaz bidaliko dute raport-era.

        — Beno, beno —hasperen egin zuen paterrak—, hurrengo geltokian Goi Agintaritzako bagoira aldatuko naiz. Badakizu bazkaria eman duten?

        — Vienara heldu arte, ez, kapilau jauna —hitza hartu zuen kaboak.

        — Hortaz, berokia jarri zenidan burupean? —bueltatu zitzaion paterra Xveiki—. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.

        — Neronek ez dut esker onik merezi —erantzun zuen Xveikek—. Edozein soldaduk buruan ezer ez daukan nagusi bat ikusten duenean egin beharrekoa egin dut nik. Soldadu guztiek estimatu behar dute nagusia, total eginda balego ere. Nik eskarmentu handia daukat kapilauekin, ze Otto Katz kapilauaren morroi egon nintzen. Jende alai eta bihotz onekoa da.

        Kapilau nagusiak, ajeagatik eskuzabal, zigarreta bat atera eta Xveiki eskaini zion:

        — Erre ezak lasai! Hi —bueltatu zitzaion kaboari— nire erruagatik joango omen haiz raport-era. Ez beldurrik izan, aterako haut korapilotik, ez zaik ezer gertatuko. Eta hi —esan zion Xveiki—, neurekin hartuko haut. Nirekin antzaren lumatzan biziko haiz.

        Oraingoan, aldi baterako eskuzabaltasunak jota, baieztatu zuen guztiei on egingo ziela, urtebeteko boluntarioari txokolatea erosiko ziola, eskoltako gizonei rona, 7. zaldi dibisioko argazki-departamentura aldatuko zuela kaboa, denak askatuko zituela eta inoiz ez zituela ahaztuko.

        Bere poltsako zigarretak, Xveiki bakarrik eman beharrean, guztien artean banatzen hasi zen, eta baita iragarri ere erretzen uzten ziela atxilotu guztiei, eta zigorgabeak gelditu eta bizitza militar normalera itzul zitezen ahaleginduko zela.

        — Ez dut nahi —esan zuen— nitaz oroitzapen gaiztorik izan dezazuen. Goi mailako ezagun asko ditut, eta nirekin ez zarete galduko. Oro har, Jainkoak gogoko duen jende jatorraren antza hartzen dizuet. Bekatu egin baduzue, zorra kitatzen ari zarete, eta ikusten dut atseginez jasaten duzuela Jainkoak bidali dizuena. Zer dela eta —bueltatu zitzaion Xveiki— zigortu zaituzte?

        — Jainkoak zigorra bidali dit —erantzun zuen debozioz Xveikek—, regimentsraport bitarteko, kapilau koronel jauna, errejimendura berandu ailegatziagatik, errugabeki.

        — Jainkoa txit bihotz onekoa eta zuzena da —esan zuen zeremonia handiz kapilau nagusiak—, badaki nor zigortu, zeren honelaxe erakusten baitu bere zolitasuna eta ahalguztia. Eta zergatik zaude zu hemen, urtebeteko boluntario hori?

        — Bihotz oneko Jainkoak —erantzun zuen urtebeteko boluntarioak— erreuma bidali eta gaixotu egin nintzelako. Zigorra ordaindurik, sukaldera bidaliko naute.

        — Jainkoaren egina ongi egina —bota zuen paterrak, sukalde hitza entzuteaz pozik—. Han ere egin dezake gizon zintzoak karrera. Non eta sukaldean jarri beharko lukete jende argia, zeren kontua ez baita nola prestatu janaria, baizik eta zein maitasunez nahasten diren osagaiak, ongailuak, eta abar. Saltsak, esaterako: jende argiak, tipulazko saltsa egiten duenean, barazki mota guztiak hartu eta gurineztatu egiten ditu. Gero ongailuak erantsi, piperrautsa, ongailu gehiago, intxaur muskatua eta jengibre pixka bat, baina sukaldari arrunt eta zakar batek tipula frijitu eta irin zigortua eta bilgorra eransten ditu. Benetan nahiago nuke ofizialen oturuntza batean ikusiko bazintut. Adimenik gabe, badago lan arrunt batean bizitzea, baina sukaldean jakin egin behar da. Bart, Budeiovitseko ofizialentzako kasinoan, «giltzurrunak Madeirako erara» eman dizkigute, besteak beste. Prestatu zituenari Jainkoak barka diezazkiola bekatu guztiak: argia zen benetan. Izan ere, ofizialen jangela horretako sukaldean Skutetxeko maisu batek egiten du lan. Eta giltzurrun berdinak jan nituen 64. milizia-errejimenduko ofizialen jangelan ere. Kuminoa erantsi zuten, taberna arrunt batean piperrautsa botatzen zaien bezala. Eta prestatu zituen sukaldariak zertan ziharduen bizitza zibilean? Etxalde bateko ganaduari jaten ematen.

 


 

        Kapilau nagusia isildu egin zen, eta gero Itun Zahar eta Berriko sukaldaritza arazora desbideratu zuen solasa. Garai haietan, meza eta beste zeremonia erlijiozkoen ondoren, arreta handiz prestatzen ziren jaki gozoak. Gero, denak kantatzera gonbidatu zituen, eta Xveik, beti bezala zoritxarrean, hasi zen:

        — Badator Marina Hodonindik, apaiza ardo upela eta guzti atzetik.

        Baina kapilau nagusia ez zen ernegatu.

        — Ron pixka bat gutxienez balego hemen, ez legoke ardo upelaren beharrik —esan zuen irribarrez, umore lagunkoi osoan—, eta Maria barkatu ere egingo genuke, bekatura zuzen bagaramatza ere.

        Kaboak eskua kontuz berokiratu eta ron botila bat atera zuen handik.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau koronel jauna —esan zuen isilka, egiten zuen sakrifizioaren adierazgarri— ez ote zaren minduko.

        — Ez nago minduta, mutiko —erantzun zuen ahots argiz eta poz batean paterrak—. Gure zorioneko bidaiari topa eginez edaten dut.

        — Jesus, Maria eta Jose —hasperen egin zuen bere artean kaboak, zurrut eder baten ondoren botila erdia desagertua zela ikusirik.

        — Xelebrea zara gero —esan zuen kapilauak irribarre eginez eta urtebeteko boluntarioari keinu nabarmenak eginez—. Hori gutxi balitz bezala, birao ere egiten duzu. Jainkoak zigortu egin behar zaitu.

        Paterrak botilatik berriro edan, eta Xveiki eskainirik, gogor-gogor agindu zuen:

        — Buka ezak!

        — Gerra gerra da —adierazi zion Xveik bihotz onekoak kaboari, botila hutsa itzultzen zionarekin batera. Botilaren hustasuna begi-distira bitxi batez egiaztatu zuen kaboak, eroa balitz bezala.

        — Eta orain lo gehixeago egingo dut Vienara iritsi arte —esan zuen kapilau nagusiak—, eta ordura arte ez iratzartzea nahi dut. Eta zu —zuzendu zitzaion Xveiki— gure jangelako sukaldera joango zara, mahai-tresnak hartu, eta ekarri bazkaria. Esazu Lacina kapilau koronel jaunarentzat dela. Saia zaitez birentzakoa jasotzen. Irin-bolak badira, ez hartu bazterrekoak, ez dira-eta oso gozoak. Gainera, ekardazu sukaldetik ardo botila, eta eramazu kantinplora, rona bota diezazuten.

        Lacina paterrak poltsikoak arakatu zituen.

        — Aizu —esan zion kaboari—, ez daukat diru xeherik, utzidazu florin bat. Tira, hemen duzu! Nola duzu izena? Xveik? Hemen duzu, Xveik, florin bat biderako. Beste florina, Xveik, dena ekarritakoan jasoko duzu. Eta beste gauza bat: zigarretak eta puruak eman diezazkizutela niretzat. Txokolatea banatzen ari badira, birentzakoa ekarri, eta kontserbak izanez gero, eman diezazutela mingain ketua edo antzara-gibela. Emmental gazta ematen badute, ardura zaitez ertzekoa eman ez diezazuten, eta txorizoa, muturrekoa ez, erdikoa, samurra izan dadin.

        Kapilau nagusia eserlekuan etzan zen, eta handik lasterrera lokartu.

        — Uste dut —esan zion urtebeteko boluntarioak kaboari, paterra zurrungaka ari zen bitartean— guztiz pozik zaudela gure umezurtzarekin. Esne mamitan bizi da mundu honetan.

        — Esaten den bezala —bota zuen Xveikek—, titia kenduta bizi da, kabo jauna, eta dagoeneko botilatik edaten du.

        Kaboa une batez bere buruarekin lehiatu, eta bat-batean errespetu guztia galdurik, gogor esan zuen:

        — Oso otzana da.

        — Berak, ez daukan diru xehe horrekin —bota zuen Xveikek—, Mlitxko delako bat gogorarazten dit. Igeltsero zebilen Dejvitse auzoan, eta luzaro diru xeherik eduki ez eta, zordun izan eta iruzurragatik atxilotu zuten. Porreak bezala jaten zuen, eta ez zeukan diru xeherik.

        — Hirurogeita hamabosgarren errejimenduan —adierazi zuen eskoltako gizon batek—, kapitain batek, gerra baino lehen, errejimenduko sos guztia edanean xahutu eta armadatik bota zuten, eta orain kapitain dago, eta Armadako oihal pila (hogei zorro baino gehiago) lapurtu zuen sarjentu bat goi agintari bat da gaur egun, eta infanteriako soldadu bat arestian fusilatu zuten Serbian, hiru egunerako zeukan bere kontserba potea jateagatik.

        — Hura guztia ez da hemen egoki —iragarri zuen kaboak—, baina egia da kabo gixajo batengandik bi florin mailegatzia...

        — Hemen duzu florina —esan zuen Xveikek—, ez dut zure kontura aberastu nahi eta. Eta beste florina ematen didanian, bada, hori ere atzera emango dizut, negar egin ez dezazun. Poztu beharko zintuzke zure nagusi militar batek zugandik dirua mailegatzeak gastatzeko. Oso berekoia zara. Orain bi florin ziztrin dira kontua, baina ikusi nahi zintuzket etsaiaren lerroetan zaurituta dagoen zure nagusi batengatik bizitza ematen, salbatzen eta zeure eskuekin ekartzen, obusak-eta jaurtitzen dizkizuten bitartean.

        — Zuk kaka egingo zenuke praketan, morroi horrek —defendatu zuen kaboak bere burua.

        — Bataila guztietan gehienak dira kakatiak —adierazi zuen berriz ere eskoltako gizon batek—. Arestian kontatu zigun Budeiovitsen lagun zauritu batek erasoaldian hiru aldiz egin zuela kaka: aurrena, lubakietatik gora zihoazela, arrastaka, alanbradetarantz, gero, alanbradak ebakitzeari eman ziotenean, eta azkenik, praketan kaka egin ere, errusiarrak, baioneta eskuan, atzetik hasi zitzaizkienean, «gora» oihukatzeaz batera. Gero korrika hasi ziren, atzeraka, lubakietarantz, eta beren tropan ez zen kaka eginda ez zegoenik. Goian, lubakian, bazegoen bat, erasora irtetean metraila zati batek zerrikote baten gisa buru erdia erauzi ziona: etzanda zegoen, hankak behera, kaka eginda: haren prakei kaka zerien, botan barrena, odolarekin batera behera, lurrera. Eta burezurraren erdia, burmuin eta guzti, haren pean zegoen. Inoiz ezin jakin zer gerta daitekeen.

        — Batzuetan —esan zuen Xveikek—, erasoaldian, ondoezik egon zaitezke, larri. Kontatu zidan Pragan, Pohorelets auzoan, Premyxlgo eriondo batek, berak baionetapeko erasoaldi batean hartu zuela parte. Haren kontra errusiar bat agertu zela, mendia bezain handia, eta jipoia berotu ziola baionetarekin, beti ere sudurrean tanta bat edukita. Tanta hori, muki hori ikusi zionean, larri sentitu eta ospitalera joan behar izan zuela. Bertan kolerak jota zegoela ezagutu zutela, Pest hirira bidali zutela, kolera-barraketara, eta han benetan kutsatu ziotela kolera.

        — Infanteriako soldadu arrunta zen, ala kaboa? —galdetu zuen urtebeteko boluntarioak.

        — Kaboa —erantzun zuen Xveikek lasai.

        — Hori edozein boluntariori ere gerta zekiokeen —esan zuen ergelki kaboak, baina aldi berean garaile moduan begiratzen zion urtebeteko boluntarioari, hauxe esan nahi balu bezala: «Jo ezak pipa hori. Ea zer dioan orain».

        Hura, ordea, isildu eta eserlekuan etzan zen.

        Vienara hurbiltzen ari ziren. Lo egin gabeek Vienako alanbradak eta gotorlekuak behatzen zituzten leihatilatik, eta honek, antza, ahulezia kutsua hedatu zuen tren osoan.

        Lehen jo eta ke entzuten bazen bagoietatik Kaxperk mendietako alemaniarren harrabotsa («Wann ich kumm, wann ich kumm, wann ich wieda, wieda kumm»), oraingoan isildu egin zen, Viena setiatua zuten alanbraden eragin zakarpean.

        — Dena behar bezala dago —esan zuen Xveikek, lubakiei beha—. Dena behar bezala dago erabat, problema bakarra zera da, txangoetan prakak urratu ahal zaizkiela vienatarrei. Hemen zuhur ibili behar. Viena hiri garrantzitsua da —jarraitu zuen—. Begira, bestela, zenbat basapiztia daukaten Schönbrunngo zoologikoan. Orain dela urte asko Vienan nengoela, tximinoak ikustera joatea gustatzen zitzaidan gehien, baina jauregiko pertsonalitateren bat hara doanean, inori ez diote polizia- lerrotik pasatzen uzten. Hamargarren eskualdeko jostun bat zegoen nirekin, eta espetxeratu egin zuten, kosta ahala kosta ikusi nahi zituelako tximinoak.

        — Eta jauregian ere izan zinen? —galdetu zuen kaboak.

        — Oso ederra omen da —erantzun zuen Xveikek—. Ez nintzen bertan izan, baina izandako batek kontatu zidan. Politena zera da, jauregiko zaindariak. Haietako bakoitza bi metrokoa izan behar, eta gero estanko bat ematen diote. Eta printzesak ugari dira.

        Geltoki batera iritsi eta haien atzean musika banda bat entzun zen, Austriako ereserkiaren azken zatia jotzen ari zena. Handik ez gutxira, oker edo iritsia zela ohartuta, bagoitik jaitsi zen. Geltokian arrantxoa eta ongietorri solemnea izan ziren.

        Baina hura ez zen gerra hasieran bezalakoa izan: gerra hasieran, soldaduak, fronterako bidean, geltoki bat zeharkatzean, andereñoek ematen zieten ongietorria, soineko zuri tentelak jantzita, aurpegi are tentelagoa zutela, lore xorta tentel-tentelak eskuan. Dama baten senarra, zeinak are berbaldi tentelagoa egiten zuen, txit aberkoia eta errepublikazalea da gaur egun.

        Austriako Gurutze Gorriaren hiru partaide emakumezko arduratu ziren Vienako ongietorriaz . Orobat, Vienako andre eta andereñoen elkarte gerrazalearen bi partaide, Vienako udaleko ordezkari ofizial bat eta ordezkari militar bat.

        Aurpegi horietan guztietan nekea antzematen zen. Tren militarrak gau eta egun pasatzen ziren, zaurituak zeramatzaten osasun-bagoiak orduro-orduro, geltokietan une oro aldatzen ziren trenbidez presoen bagoiak, eta honelakoetan beti azaldu behar izaten zuten korporazio eta elkarteon partaideek. Egunerokoa zen hori, eta hasierako berotasuna aharrausi bilakatu zen. Zerbitzu honetan txandakatzen ziren; Vienako geltokiren batean ageri ziren guztiek, Budeiovitseko errejimendua zekarren trenaren zain zeudenen neke-adierazpen berdina zuten.

        Ganaduarentzako bagoiko soldaduak kanporantz begira zeuden, adierazpen etsiaz, urkamendira doazenen modura.

        Damak haiengana hurbildu eta bizkotxoak banatu zizkieten, azukrezko iragarkiak eta guzti: «Sieg und Rache»   Garaipena eta mendekua, «Gott strafe England»   Jainkoak Ingalaterra zigor dezala, «Der Österreicher hat ein Vaterland. Er liebt's und hat auch Ursach für's Vaterland zu kämpfen»   Austriarrak aberri bakar bat dauka: maite du, eta haren alde borrokatu behar du.

        Ikusten zen Kaxper mendietako menditarrek beren tripotxak betetzen zituztela bizkotxoz, adierazpen etsia galtzeke.

        Gero, geltokiaren atzean zeuden landa-sukaldeetara arrantxo bila banan-banan joateko agindua jaso zuten konpainiek.

        Ofizialen sukaldea ere bazegoen tartean, eta bertara joan zen Xveik, kapilau nagusiaren enkargua betetzera. Bitartean, urtebeteko boluntarioa janariaren zain zegoen, zeren eskoltako bi joanak baitziren atxilotuen bagoikoentzako arrantxoaren bila.

        Xveikek zintzo bete zuen enkargua, eta trenbideak zeharkatzean Lukax tenientea ikusi zuen, trenbideen artetik paseatzen, ofizialentzako arrantxotik zerbait berarentzat soberatuko zelakoan.

        Haren egoera oso desatsegina zen, zeren Kirschner tenientearekin erdibanatzen baitzuen sehi bat. Izatez, mutikoa bere jaunaz bakarrik arduratzen zen, eta erabateko sabotajea praktikatzen zuen Lukax tenientearekiko.

        — Nori daramakiozu hori, Xveik? —galdetu zuen zoritxarreko tenienteak, Xveikek gauza piloa lurrean ezarri zuenean, ofizialen arrantxotik atera eta berokian bilduta zeukana.

        Xveik une batez asaldatu zen, baina berehala etorri zen bere onera. Haren aurpegia distiraz eta lasaitasunez beteta zegoen honela erantzun zuenean:

        — Zuretzat da, teniente jauna. Ez dakit, ordea, non daukazun konpartimentua, eta, gainera, ez dakit treneko komandanteak ezer izango ote duen ni zurekin joatearen kontra. Urde bat da.

        Lukax tenienteak galdetuz bezala begiratu zion Xveiki, zeinak, ordea, tonu onbera eta isilpekoz jarraitu baitzuen:

        — Urde bat da benetan, teniente jauna. Trenean ikuskaritzan zegoenian, nik berihala eman nion aditzera hamaikak zirela, zigorra beteta nengoela, eta ganaduarentzako bagoiari nengokiola, edo zerorri, eta berak zakar errefusatu ninduen, nengoen tokian geldi nendila, behintzat ez nizula bidetik beste buruhausterik emango.

        Xveikek martiri-aurpegia jarri zuen:

        — Zerorri, teniente jauna, inoiz buruhausterik eman banizu bezala!

        Lukax tenienteak hasperen egin zuen.

        — Buruhausterik —jarraitu zuen Xveikek— seguru ez dizudala sekula ere eman: zerbait gertatu bada, kasualitate hutsa izan da, Jainkoaren borondate hutsa, Pelhrimoveko Vanitxek zaharrak esaten zuen bezalaxe hogeita hamaseigarren zigorra betetzen ari zenian. Inoiz ez dut ezer aproposik egin, teniente jauna, beti alderantzizkoa egin nahi izan dut, zerbait ona, eta ni ez naiz erruduna atarramentu onik atera ez badugu, eta bai, ordea, sufrimenduak eta torturak.

        — Ez egizu negarrik, Xveik —esan zuen Lukax tenienteak ahots bigunez, Goi Agintaritzako bagoira hurreratzen ari zirenean—, nik dena konponduko dut berriro egon zaitezen nirekin.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez naizela negarrez ari. Pena dut, besterik ez, biok gerra honetako zoritxarrekoenak garelako eta ez garelako horren errudunak. Patu petrala, bai, pentsatzen badut betidanik zuhurra izan naizela!

        — Lasai zaitez, Xveik!

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, obedientzia-ukatzea izango ez balitz, esango nukeela ezin naizela inondik ere lasaitu, baina honela esan behar dut zure aginduaren arabera guztiz lasaitu naizela.

        — Horrenbestez, igo zaitez, Xveik, bagoira.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut igotzen ari naizela, teniente jauna.

 

 

        Taborko kanpamendu militarraren gainean gaueko isiltasuna zen jaun eta jabe. Troparentzako barraketan soldaduak hotzez dardaraka zeuden, eta ofizialentzakoetan leihoak irekitzen zituzten, zeren berogailua indar osoan baitzebilen.

        Zaindariak zeuden tokietan zaindariren baten urratsak entzuten ziren, loaren uxatzaile.

        Behean, Bruck an der Leitha herrian, argi distirak zetozen gau eta egun denetariko zaborrak ekoizten ziren haragi kontserbategitik. Haizea, putz eta putz, handik kanpamendurantz zihoanez, zopa kontserbetarako prestatzen ziren zaintxuri, apatx, eta hezur erdi ustelduen kiratsa ere iristen zen.

        Lehen, bake garaian, argazkilari batek beren gaztaroaz tiro-eremuan gozatutako gazte batzuei argazkiak atera ohi zizkieneko pabilioitxo abandonatu batetik ikus zitekeen, behean, Litava ibaiaren haranean, «Artaburua» putetxeko argi gorri elektrikoa. Leku hori Esteban artxidukeak ondratu zuen bere bisitarekin, Xoprongo maniobra handien garaian, 1908an, eta bertan biltzen zen egunero ofizial-taldea.

        Ospe txarreko tokirik onena zen: hara ezin zitezkeen joan soldadu zakarrak ezta urtebeteko boluntarioak ere. Horiek «Etxe arrosa»-ra joaten ziren, argi berdea argazki-atelier abandonatu batetik ere ikusten zitzaiona.

        Dena mailatan banaturik zegoen, geroxeago frontean bezala, monarkiak modu bakar batez lagun ziezaiokeenean bere armadari: brigaden Agintaritza Nagusietan «puff» izeneko putetxe aldagarriak jarriz. Orduan baziren k.k. Offizierspuff, k.k. Unteroffizierspuff eta k.k. Mannschaftspuff   Ofizial, subofizial eta soldaduen errege- eta enperadore-putetxeak.

        Bruck an der Leitha distiratzen zen, zubiaz beste aldean Kiralyhida (Cislajtanie eta Translajtanie) distiratzen zen bezala. Bi hirietan (bata hungariarra, bestea austriarra) jotzen zuten ijito musika taldeek, distiratzen ziren kafe-etxe eta jatetxeetako leihoak, kantatzen zen, edaten zen. Bertoko burgesek eta funtzionarioek haraxe eramaten zituzten emazteak eta alaba helduak, eta Bruck an der Leitha eta Kiralyhida ez ziren putetxe handi bat besterik.

        Gau batez, kanpamenduko ofizialen barraketako batean, Xveik Lukax tenientearen zain zegoen. Arratsean hiriko antzerkira joan eta artean ez zen itzuli. Xveik tenientearen ohe txukundu gabearen gainean eserita zegoen, eta aurreko mahaian Wenzl maiorraren sehia zegoen eserita.

        Maiorra errejimendura itzulia zen, Serbiako Drina ibaian bere ezgaitasun osoa egiaztatu zenean. Pontoi bat eraitsi eta suntsiarazi omen zuen, artean bere batailoiaren erdia beste aldean zegoenean. Oraingoan Kiralyhidako tiro-eremu militarrera aldatu zuten, buruzagi gisa, baita kanpamenduaren diruzain gisa ere. Ofizialen artean kontatzen zen Wenzl maiorrak onbidea hartzeko aukera izango zuela. Lukax eta Wenzlen logelak korridore berean zeuden.

        Wenzl maiorraren sehia, Nikola izenekoa, gizontto txiki bat zen, baztanga-aztarnak zituena. Une hartan hankak kulunkatzen ari zen, biraoka:

        — Harritzen naiz nola ez den oraindik etorri agure mixerable hori. Jakin nahi nuke non dabilen aitona hori gau osoan esku bateko behatzak banatzen. Logelako giltza emango balit sikiera, etzan eta atuna harrapatuko nuke. Ardoa zenbanahi dauka han.

        — Lapurtzen omen du —bota zuen Xveikek, bere tenientearen zigarretak eroso errez, zeren honek gelan pipa erretzea debekatu baitzion—. Zuk jakin behar duzu nondik ateratzen duen ardoa.

        — Agintzen didan tokira noa ni —esan zuen Nikolak ahots mehez—. Berak txartel bat eman, ospitalerakoak erostera joan, eta etxera eramaten ditut.

        — Eta aginduko balizu —galdetu zuen Xveikek— errejimenduko dirua lapurtzeko, lapurtuko al zenuke? Zu, hemen, horma atzean, biraoka ari zara, baina haren aurrean dardaraka zabiltza, lertxun bat bezala.

        Nikolak kliskatu zituen begiak:

        — Pentsatu egingo nuke.

        — Ezin duzu ezer pentsatu, gaxte izerditsu horrek —deiadar egin zion Xveikek, baina isildu egin zen, zeren atea ireki eta Lukax tenientea sartu baitzen. Umore txit onean zetorrela nabaritu zen berehala, zeren txanoa alderantziz baitzekarren.

        Nikolak, beldurraren beldurrez, mahaitik jaistea ahaztu zuen, baina eserita egiten zuen erreberentzia, ahaztuz, gainera, buruan txanorik ez zeukala.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, dena behar bezala dagoela —iragarri zuen Xveikek, agindu guztien arabera itxura militar tinkoa hartuz, zigarreta ahoan gelditzen zitzaion bitartean.

        Lukax tenientea, ordea, horri erreparatu ez eta, zuzen joan zen Nikolarengana, zeinak, sor eta lor begira, tenientearen mugimendu bakoitza behatzen baitzuen, aldi berean erreberentzia eginez eta mahaian eserita egoten segituz.

        — Lukax tenientea naiz —esan zuen, Nikolarengana hurbiltzeaz batera—, eta zuk nola duzu izena?

        Nikola isildu egin zen. Lukaxek Nikolaren aurrean aulki bat jarri, eseri, eta gorantz, Nikolari begira, honela esan zuen:

        — Xveik, ekardazu maletatik errebolberra.

        Xveik maletan bila ibili zen denbora guztian, Nikola isilik egon zen, eta tenienteari ikaraz begiratu besterik ez zuen egiten. Une hartan ulertu balu mahai gainean eserita zegoela, seguruenik are etsiago egon zatekeen, zeren haren hankek teniente eseria ukitzen baitzuten.

        — Kaixo, nola duzu izena? —gora, Nikolarenganantz oihukatu zuen tenienteak.

        Alabaina, sehiak isilik segitu zuen. Geroago azalduko zuenez, paralisi moduko bat pairatu zuen tenientea bat-batean etorrita. Jaitsi nahi eta ezin zuen, erantzun nahi eta ezin, erreberentzia egiteari utzi nahi eta ezin.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —adierazi zuen Xveikek— errebolberra ez dagoela kargatuta.

        — Hortaz, karga ezazu, Xveik!

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez daukagula kartutxo bat bera ere, eta zaila izango dela mahairantz tiro egitea. Utzidazu aipatzen, teniente jauna, hau Nikola dela, Wenzl maior jaunaren sehia. Ofizialen bat ikusten duen bakoitzian, mintzoa galtzen du. Lotsa ematen dio hitz egitiak. Esan dudan bezala, gaxte izerditsu bat da. Wenzl maior jaunak, hirira joaten denetan, korridorean uzten du, eta Nikola noraezean ibiltzen da barrakoitik, morroi batengandik beste batengana. Beldurtzeko motiborik izango balu sikiera, baina ez du okerrik egin.

        Xveikek tu egin zuen, eta ahotsean nabari zitzaion Wenzl maiorraren sehiaren koldarkeriari zion mespretxua, bai eta beronen jokaera ez-militarrari ziona ere.

        — Utz iezadazu —jarraitu zuen Xveikek— usna dezadala.

        Nikolak tenienteari begira segitzen zuela, Xveikek mahaitik jaitsi, eta lurrean utzirik, prakak usnatu zizkion.

        — Oraindik ez —aditzera eman zuen—, baina hastekoa da. Bota behar dut?

        — Bota ezazu, Xveik.

        Xveikek Nikola dardaratia korridorera atera, bere atzean atea itxi, eta korridorerantz esan zuen:

        — Salbatu diat bizitza, ergel horri. Wenzl maior jauna itzultzen denian, ardo botila ekarriko didak isil-gordean. Txantxak alde batera utzita, bizitza salbatu diat, benetan. Nire tenientia total eginda dagoenian, gaiztoa duk kontua. Ni nauk berarekin ibiltzen dakien bakarra.

        — Ni naiz...

        — Puzker bat haiz —adierazi zuen Xveikek mehatxagarri—, eser hadi atalasean, eta itxaron hire Wenzl maiorra etorri arte.

        — Zatoz hona —abegi egin zion Xveiki Lukax tenienteak—, zurekin hitz egin nahi dut eta. Ez zaitez berriz ere zutik gelditu, adi-adi, ergel baten modura. Eseri, Xveik, eta utz ezazu «aginduaren arabera» ditxosozko hori. Lotu ezpainak eta kontu egidazu. Badakizu non dagoen Kiralyhidan Sopronyi uteza kalea? Utzi bazter zeure «apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez dakidala» delakoa. Ez badakizu, esan «ez dakit» eta kito. Idatz ezazu paper pusketa batean: Sopronyi uteza, 16. Etxe hartan burdindegi bat dago. Badakizu zer den burdindegi bat? Jainkoarren, ez esan «apal-apalik jakinarazten dizut», esan «badakit» edo «ez dakit». Hortaz, ez dakizu zer den burdindegi bat? Badakizu. Ondo. Denda hori Kakonyi izeneko hungariar batena da. Badakizu zer den «hungariarra»? Kaxuen zotz, badakizu ala ez? Badakizu. Ondo. Denda gainean lehenengo solairua dago, eta hantxe bizi da. Badakizu? Badakit ez dakizula, hara gurutzea, horregatik diotsut han bizi dela. Aski zaizu? Aski zaizu, ondo. Aski ez bazaizu, preso hartuko zaitut. Apuntatuta daukazu gizonak Kakonyi duela izena? Ondo, orduan zu, bihar goizean, hamarrak aldera, hirira joango zara, aurkituko duzu etxea, eta, lehenengo solairura igota, idazki hau emango diozu Kakonyi andreari.

        Lukax tenienteak diru-zorroa ireki eta, aharrausika, helbiderik gabeko idazki bat eman zion Xveiki eskura, gutun-azal batean sartuta.

        — Oso kontu garrantzitsua da honako hau, Xveik, zuhurtzia inoiz ez da nahikoa —aholkatu zion—, eta horregatik, ikusten duzunez, ez dago hor helbiderik. Zutaz erabat fio naizenez, badakit idazkia eskura emango diozula. Apunta ezazu, baita ere, dama horrek Etelka duela izena. Idatz ezazu, beraz: «Etelka Kakonyi andrea». Esan behar dizut, gainera, idazki hau ezkutuan eman behar diozula, gertatzen dela gertatzen dela, eta erantzunari itxaron. Erantzunari itxaron behar diozulakoa gutunean dago idatzita. Zer besterik nahi duzu jakin?

        — Erantzunik ematen ez badidate, teniente jauna, zer egin behar dut?

        — Orduan gogoraraziko diozu erantzuna jaso behar duzula kosta ahala kosta —erantzun zuen tenienteak, berriz ere aharrausi egiteaz batera—. Orain lotara joan behar dut, ordea, gaur benetan nekatuta nago eta. Askotxo edan dugu. Uste dut edonor egongo litzatekeela nekatuta halako arrats eta gau baten ondotik.

 


 

        Lukax tenienteak, printzipioz, ez zeukan pentsaturik inon denbora luzea ematea. Arrats aldera joana zen kanpamendutik hirira, Kiralyhidako antzerki hungariarra ikustera: opereta bat eman behar zuten, aktoresa nagusiak judu gizen batzuk zirela. Abantaila zoragarri bat zeukaten, hots, dantzaldian hankak altxatzen zituztela eta ez zeramatela ez azpiko gonarik ez pantaloirik. Ofizialak gehiago erakartzeko, azpiko ileak emakume tartariarrek bezala zeuzkaten kenduta, goialdeko ikusleei batere atseginik sortzen ez zien gauza, jakina. Aitzitik, gero eta gehiago ziren aldean esertzen ziren artilleriako ofizialak, zeinek, hainbesteko edertasuna behatzeko, prismatikoak eramaten baitzituzten aldean.

        Hala ere, Lukax tenienteari ez zitzaion interesatzen txerrikeria interesgarri hura, zeren antzerkirako mailegatu zuen largabista ez baitzen akromatikoa, eta izerdien ordez azal more mugikor bat besterik ez baitzekusan.

        Lehenengo ekitaldiko atsedenaldian, ordea, bai interesatu zitzaiola dama bat, adin ertaineko jaun batekin zegoena. Damak arrastaka eraman zuen jauna arropazaindegira, eta azaldu zion berehala etxeratuko zirela, ez zuela halakorik ikusiko. Ozen mintzo zen, alemanez, eta jaunak hungarieraz erantzun zion:

        — Bai, laztana, goazen etxera, ados nago. Ikuskizun nardagarria da benetan.

        — Es ist ekelhaft   Nazkagarria! —erantzun zuen damak, sumindurik, jaunak antzerkirako berokia janzten lagundu zionean. Begiak gar batean zeuzkan, lotsagabekeria hartaz ernegaturik. Begi beltz handiak zeuzkan, haren irudi ederrari ederki egokitzen zitzaizkionak. Bitartean, Lukax tenienteari begiratu eta berriro esan zuen, kemenez:

        — Ekelhaft, wirklich ekelhaft   Nazkagarria, benetan nazkagarria!

        Hura erabakigarri gertatu zen amodiozko abentura laburrerako.

        Behar zituen argibideak eskuratu zituen arropazainarengandik: Kakonyi senar-emazteak zirela, eta senarrak burdindegi bat zeukala Sopronyi uteza 16an.

        — Lehenengo solairuan bizi da Etelka andrearekin —esan zuen arropazainak, kupletista baten zehaztasunaz—. Emaztea alemaniarra da, Xoprongoa, eta senarra hungariarra. Hemen dena dago nahasian.

        Lukax tenientea, arropazaindegitik berokia harturik, hirira joan zen, non 91. errejimenduko zenbait ofizial topatu baitzituen «Albrecht artxidukea» izeneko ardandegi eta kafe-etxe handian.

        Asko mintzatu ez baina, aitzitik, gehiago edan zuen, dama zorrotz, moral, eder hari zer idatzi pentsatzen. Izan ere, dama hura askoz erakargarriagoa gertatu zitzaion antzeztokiko tximu eme (haren ofizial lagunek deitzen zieten bezala) horiek baino.

        Umore txit onean, «Done Ezteberen gurutzea» zeritzan kafe-etxe txikira abiatu zen, non eserleku apartatu bat egokitu baitzitzaion: biluztera eta harekin zernahi egitera eskaini zitzaion emakume errumaniar bat handik bota, tinta, idazluma, gutun-papera eta koñaka botila eskatu, eta hausnarketa sakon baten ondotik idazki hau idatzi zuen, inoiz idatzi zuen ederrena iruditu zitzaiona.

 

        Andre estimagarri hori:

        Atzokoan, sumindu zintuen antzezlana ikusten egon nintzen. Lehenengo ekitaldian zuri erreparatu nizun, zuri eta zure senarrari. Nabaritu nuenez...

 

        — Ekin gogor! —esan zuen Lukax tenienteak bere artean—. Zer eskubide dauka morroi horrek halako emazte maitagarria edukitzeko? Izan ere, tximino ilegabe bat zirudik—. Eta idazteari ekin zion.

 

... zure senarrak ez zion begirik kendu antzeztokiko lizunkeria hari, zu, ordea, nazka-nazka eginda zeunden bitartean. Izan ere, ikuskizun hura ez zen artea, baizik eta eragin nazkagarri bat gizakiaren sentimendurik barnekoenetarako.

 

        — Titiak dizkik emakume horrek gero! —pentsatu zuen Lukax tenienteak—. Baina harira, harira!

 

        Barka nazazu, andre estimagarria, ezagutzen ez banauzu ere zurekin egiazalea izateagatik. Bizitzan emakume asko ikusita nago, baina batek ere ez dit zuk bezainbesteko zauskada egin, zeren zure pentsaera bat baitator, erabat, neurearekin. Ziur nago zure senarra berekoi itzela dela, eta arrastaka eramaten zaituela...

 

        — Hau ez zabilek ondo —esan zuen bere artean Lukax tenienteak, eta «schleppt mit» ezabaturik, hau idatzi zuen:

 

... bere interesagatik eramaten zaituela, errespetagarri hori, bere gustu soileko antzezlanetara. Atsegin dut beti ere egia esatea, ez dut inondik ere zure bizitza pribatua nekarazi nahi, eta zurekin bakarka hitz egin nahi nuke arte garbiari buruz...

 

        — Hemen, hotelean, ezin daitekek. Vienara eraman beharko diat —pentsatu zuen tenienteak—, zerbitzu-bidaian.

 

        Horregatik ausartzen natzaizu, andre estimagarri horri, hitzordua eskatzera, gertutik baina zintzo ezagutu dezagun elkar. Seguru nago ez didazula ezetzik esango hemendik gutxira martxa militar gaitzak zain dauzkadan honi. Zuk baiezkorik emanez gero, batailako iskanbilaren erdian gordeko dut ulertu nauen eta ulertu dudan arimaren oroitzapena. Zure erabakia zantzu gertatuko zait. Zure erantzuna, nire bizitzako une erabakigarri.

 

        Sinatu, koñaka bukatu, eta beste botila bat eskatu zuen, eta kopa bat bestearen ondotik edatearekin batera, ia esaldi bakoitzaren ostean benetan hasi zen negarrez, azken lerroak irakurri zituenean.

 

        Goizeko bederatziak ziren Xveikek Lukax tenientea iratzarri zuenean:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, loak hartu zaituelako ez duzula zerbitzua egin. Nik Kiralyhidara joan behar dut orain zure idazkiarekin. Zazpietan iratzarri zaitut, gero zazpi eta erdietan, gero zortzietan, hemendik pasatzen ari zirenean entrenamendura, eta gero beste aldera jiratu zinen. Teniente jauna... Aizu, teniente jauna...

        Izan ere, Lukax tenienteak, zerbait gurguraturik, beste aldera jiratu nahi zuen, baina ez zuen lortu, zeren Xveikek, errukirik gabe, astindu eta oihu egin baitzion:

        — Teniente jauna, hortaz, ni banoa idazki horrekin Kiralyhidara.

        Tenienteak aharrausi egin zuen:

        — Idazkiarekin? Nire idazkiarekin zuhur jokatu behar, ulertzen duzu? Gure arteko sekretua da. Abtreten...

        Lehenago Xveikek kendutako burusian bildu zen berriro tenientea, eta lo egiteari ekin zion, Xveik Kiralyhidarako bideari lotzen zitzaion bitartean.

        Sopronyi uteza 16 aurkitzea ez zatekeen hain zaila izan Voditxka zulatzaile zaharra aurkitu ez balu. Urte asko zirela, Pragan bizi izan zen, Bojixtte kalean, eta horregatik, elkar aurkitzean, ez zen Bruckeko «Bildots beltza» tabernara joatea beste erremediorik izan. Han ezagun bat zegoen zerbitzari, Ruzenka izenekoa, txekiarra, inoiz kanpamenduan egondako boluntario txekiar guztiek dirua zor ziotena.

        Azken boladan Voditxka zulatzaile azpisuge zaharrak Ruzenka gorteiatzen zuen eta zerrenda batean apuntatuta zeuzkan kanpamendutik irtendako martxa guztiak: txekiar boluntarioengana sasoiz joaten zen, zorra kitatu gabe gerrazko kalapitan gal ez zitezen gogoraraztera.

        — Nora hoa? —galdetu zuen Voditxkak, ardo onari lehenengo zurruta emandakoan.

        — Sekretua duk —erantzun zuen Xveikek—, baina hiri esango diat, lagun zaharra haizen aldetik.

        Dena zehatz-mehatz kontatu zion, eta Voditxkak aditzera eman zuen zulatzaile zaharra zela, eta ezin zezakeela bakarrik utz, elkarrekin joango zirela idazkia ematera.

        Ederki aritu ziren iragandako garaiez, eta hamaikak baino beranduago «Bildots beltza»-tik atera zirenean, den-dena naturala eta erraza iruditzen zitzaien.

        Gainera, beren kolkorako irudipen tinkoa zeukaten ez zirela inoren beldur. Sopronyi uteza 16rako bide osoan barrena, Voditxkak hungariarrenganako gorroto neurrigabea adierazi zuen, behin eta berriz kontatuz han-hemenka borrokatzen zela haiekin, non eta noiz izan ziren liskarrak, eta zerk noiz eta non eragotzi zuen borroka.

        — Behin zulatzaileok Pausdorfera joan gintuan ardo bila, eta halako batian morroi hungariar bati eutsi nioan zintzurretik. Ilunpean, gerrikoarekin jo nahi izan nian kaskoan, ze istilua hasi orduko solairuko lanpara puskatu genian botila batekin, eta hura bat-batian oihuka hasi zuan: «Baina Tonda, ni nauk, Purkrabek, 16. batailoikoa! Hanka hondoraino sartzekotan egon gintuan. Ordainetan, larrutik ordaindu zitean putakume hungariar horiek, orain dela hiru aste Neziderk lakua ikustera joan ginenian. Han, ondoko herri batian, bazegok hungariarren fusil departamentu bat, eta gu kasualitatez taberna batean sartuta, han zeudean haiek, beren "txardax" hori zoro antzera dantzatzen, oihuka: "Uram, uram, biró uram", edo "Lañok, lañok, lañok a faluba". Gu haien aurrean eseri gintuan, eta mahaian geure gerrikoak ezarrita, honela esan genian: "baboak, lañok ederra emango dizuegu, bai". Eta Mejstrik delako batek, eskua Mendi Zuria bezain handia zeukanak, esan zian dantzara joango zela eta putakume bati neska hartuko ziola. Neskak hilak pizteko modukoak zituan, zangosagar, ipurdi, izter eta begi handiak zituzten, eta hungariar tentelek estutzen zituzten moduagatik ikusten zuan bular gogorrak zeuzkatela, erditik ebakitako piloten antzekoak, gustura ari zirela eta ederki konpontzen zirela. Gero Mejstrik guria biribilari lotu zitzaioan saltoka, eta neska eder bat hartu nahi izan zionian hungariar bati, hau zerbait gurguratzen hasi zuan, eta Mejstrikek berihala ukabilkada bat jo zioan, hungariarra erori, guk segidan haien artera salto egin genian, eta nik deiadar egin nian: "Erruduna, errugabea, tori banan-banan!", eta dena guretzat haize alde joan zuan. Leihotik saltoka hasi zituan, guk leihoetan hanketatik heldu, eta berriro botatzen genitian salara. Gutarra ez zenak asto zuriarenak eta beltzarenak hartu zitian. Sudurra sartu zian alkatiak jendarme batekin batera, eta orraztu bat hartu zitean. Tabernaria ere jo genian, ze alemanez hasi zuan oihukatzen jaia izorratzen ari ginela. Gero herritik barrena harrapatu genitian gugandik ezkutatu nahi zutenak. Haietako bat, sarjentua, etxalde bateko sarale meta batian ezkutatuta aurkitu genian, herriko irteeran. Haren neskak traditu egin zian beste neska batekin dantzatziagatik. Mejstrik guria hartu apetan, eta gero Kyralyhidarako bidean gora joan zuan harekin, sarale-lehorgailu batzuk zeuden baso bateraino. Neskak halako lehorgailu bateraino erakarri, eta gero bost koroa kobratu nahi izan zizkioan, eta gizonak muturreko bat jo zioan. Gero goialdean lotu zitzaiguan, kanpamendu ondo-ondoan, eta kontatu zian beti pentsatua zuela emakume hungariarrak beroagoak zirela, baina urde hura enbor baten modura zetzala, eta zerbait gurguratzen zuela behin eta berriz».

 


 

        — Hungariarrak, hitz batean esanda, purtzil banda bat dituk —bota zuen azken hitza Voditxka zulatzaile zaharrak, eta jarraian Xveikek ohartarazi:

        — Zenbait hungariar ez dituk hungariarrak izatearen errudunak.

        — Ezetz? —ernegatu zen Voditxka—. Hori tentelkeria hutsa duk: denak dituk errudunak. Nahi nikek egun batian hirekin sartuko balira, niri gertatu zitzaidan bezalaxe kurtsoetara etorri nintzenian, lehendabiziko egunian. Eguerditik bertatik xaxatu gintiztean ganadu banda baten modura, eskolarakoan, eta tentel bat hasi zitzaiguan gotorlekuak marrazten eta zertan ziren kontatzen, nola egiten ziren zimenduak, nola neurtzen ziren, eta hurrengo goizean dena marraztuta edukiko ez zuena lotu eta preso hartuko zutela. «Hara gurutzea» —pentsatu nian—, zergatik apuntatu naiz kurtsoetan? Frontera ez joateko ala gauez koadernoetan lapitzez marrazteko, eskola-ume baten antzera?» Hain nengoan amorratuta, ezin nintzela lasai egon, ezin nioan begiratu ere egin lezioa ematen zigun ergelari. Dena puskatzeko gogoa etorri zitzaidaan. Kafeari itxaron gabe, berihala joan ninduan barrakoitik Kiralyhidara, eta amorruaren amorruz asmo bakarra nerabilean buruan: hirian taberna isil bat aurkitu, bertan atuna harrapatu, eta bertan iskanbila sortu, norbaiti muturreko bat jo eta, enbataren modura, etxera joatia. Baina Gizonak asmo, Jainkoak xede: ibai ondoan, lorategien artian, taberna bat topatu nian, kapera bat bezain isila, iskanbilarako egina zirudiena. Bi bezero besterik ez zeudean, eta hungarieraz ari zituan, nire haserrerako. Gehiago mozkortu nintzenez, eta uste baino lehenago gainera, ez ninduan mozkorraldian konturatu ondoan beste gela bat zegoela, eta bertara helduak zirela zortzi husar. Bada, horiexek oldartu zitzaizkidaan estreinako bi bezeroei muturreko bana jo nienian. Husar zozo horiek egurtu eta lorategi artetik jazarri nindutenez, ez nian biharamun goizera arte etxeratzerik izan, eta zuzen joan behar izan nian erizaindegira. Han, adreilu-fabrika batian erori nintzela esan nian aitzakiatzat. Astebetez eduki ninditean maindire bustietan bilduta, bizkarra zornatu ez zekidan. Ez hadi eror gizatxar horien eskuetan. Ez dituk gizakiak, basapiztiak baizik.

        — Sua ukituz gero, edonork tint egiten dik —esan zuen Xveikek—, eta ez duk harritu behar ernegatu baziren, ardo guztia mahai gainean utzi beharko zuten-eta hire atzetik ibiltzeko, ilunpean, lorategitik. Tabernan bertan akabatu behar ziaten hirekin, eta gero handik bota. Hobe izango zuan haientzat, eta baita hiretzat ere, mahaian bertan bukatu balute hirekin. Liben auzoan tabernari bat ezagutzen nian, Paroubek izenekoa. Behin letonari bat mozkortu zitzaioan ipuru-pattarrarekin. Biraoka hasi zuan, pattarra ureztatuta zegoela eta. Ehun urte lan egin eta diru guztia pattar horretan gastatuko balu zurrut bakar batian edateko, soka baten gainian ibil zitekeela, Paroubek besotan eramanda. Gero esan zuenez Paroubek pepelerdoa eta astakiloa zela, bada, Paroubek maitagarriak heldu, haren satarteak eta alanbreak burura bota, kanpora bota, eta kaletik barrena joan zuan, pertsianak jaisteko makilarekin, Invalidovna auzoraino. Basapiztia baten modura, atzetik ibili zitzaioan, Invalidovna eta Karlin-etik barrena, Zizkov auzoraino. Handik Malexitse auzora, eta bertan, azkenik, makila bizkarrian puskatu zionez, ez zian Libenera itzultzerik izan. Bai, baina amorrualdiagatik ahaztuta zegoan bezero guztiak zeuzkala tabernan, eta putakume haiek zuzenian hartuko zutela edatekoa. Horixe bera egiaztatu zian bere tabernara azkenik heldu zenian. Tabernako pertsiana erdi jaitsita zegoan, eta ondoan bi polizia, barruko nahaspila arteztu ondoren arnasestuka. Ia dena edanda, kalean ron upela bat hutsik, eta mostradorepean Paroubekek bi morroi topatu zitian, mozkortuak eta poliziek miatuak. Atera zituenian, bina zilarrezko dukat ordaindu nahi izan zizkiotean, ez omen zutelako zekale-pattar gehiago edan. Horrela zigortzen duk gehiegikeria. Berdin gertatzen duk gerran: aurrena etsaiari garaitu eta haren atzetik ibili, eta azkenean guk ihesi egin behar.

        — Nik ondo ditiat gogoan holako morroiak —bota zuen Voditxkak—. Husar haietako bat bidera irtengo balitzait, kontuak zurituko litizkek nirekin. Gu, zulatzaileok, buruan sartzen zaigunian, basapiztiak gaituk. Gu ez gaituk «burdinazko euli»   Gerran parte hartzen zuten erreserbistei jarri zitzaien izengoiti hori horiek bezalakoak. Frontian geundela, Przemysl hiriaren ondoan, Jetzbacher kapitaina zegoan gurekin, munduan parekorik ez zeukan urde bat. Gogait eragiten zigunez, gure konpainiako Bitterlich delako batek, alemaniarra baina gizon oso zintzoa zenak, bere burua hil zian tiroka. Orduan esan genian geure artian bala errusiarren txistua hasi orduko ez zuela Jetzbacher kapitainak bizirik segituko. Eta errusiarrak tiroka hasi orduko, tiroketan bost balazo sartu genizkioan. Munstroak katu zaharrak baino bizi luzeagoa zuenez, beste bi tirorekin garbitu behar izan genian; kexatu besterik ez zuan egiten, baina modu barregarrian, txantxa modura edo.

        Voditxkak irri egin zuen:

        — Hori eguneroko ogia duk frontian. Behin kontatu zidaan lagun batek, orain gurekin dagoenak, infanteriako soldadu zegoenian Belgrad ondoan, bere konpainiak sua hautsi ziola, erasoaldian, bere kapitainari. Txakur bat omen zuan, desfilean bi soldadu tirokatu zituena aurrera ezinean zeudelako. Kapitaina, hilzorian zegoela, erretiratzeko seinalia eginez txistukatzen hasi omen zuan. Denak barrez lehertzekotan egon zituan.

        Solas erakargarri eta didaktiko honen erdian zebiltzala, Xveikek eta Voditxkak azkenik aurkitu zuten Kakonyi jaunaren burdindegia, Sopronyi uteza 16an.

        — Hobe huke hemen itxarongo bahu —esan zion Xveikek Voditxkari etxeko sarreran—. Lehenengo solairura igo, idazkia eman, erantzuna hartu, eta beriahala izango nauk hemen.

        — Utzi behar haut? —harritu zen Voditxka—. Berriro esango diat: hik ez dituk gizon hungariarrak ezagutzen. Zuhurra izan behar haiekin. Nik zartako bat emango zioat gizon horri.

        — Entzun, Voditxka —esan zuen Xveikek serio-serio—, hemen kontua ez duk gizon hungariar bat, haren emaztea baizik. Tabernari txekiar horrekin geundenian azaldu diat, motel, neure tenientiaren idazki bat daramadala eta ezkutukoa dela. Izan ere, nire tenientiak mesedez erregutu zidak inork horren berri ez jakiteko, eta andre tabernari horrexek esan dik guztiz zuzena dela halako zuhurtzia eta ez duela inork jakin behar teniente jaunak emakume ezkondu bati idazten diola. Eta hik ere ametitu duk hori, buruaz baietza emanez. Behar bezala azaldu diat neure tenientiaren agindua zorrotz beteko dudala, eta hik, guztiarekin ere, gora igo nahi duk nirekin.

        — Hik oraindik ez nauk ezagutzen, Xveik —erantzun zuen, serio-serio ere, Voditxka zulatzaile zaharrak—: behin esan badiat ez haudala utziko, hortaz gogora ezak nire hitza lege dela. Bi bagara, seguruagoa izango duk kontua.

        — Ideia hori kenduko diat burutik, Voditxka. Badakik non dagoen Vyxehrad auzoko Neklanova kalia? Bertan zeukaan lantokia Vobornik sarrailagileak. Gizon zuzena zuan, eta egun batian, parranda batetik etxera zihoala, beste parrandari bat eraman zian bere etxera lo egitera. Gero luze gaixotu zuan, eta egunero, andriak, buruko bendak aldatzen zizkionian, zera esatearekin batera: «Ikusten duk, Antton? Biok etorri ez bazinete, orduan errieta besterik ez nian egingo, eta ez burura baskula bota». Eta gizonak, jada hitz egin zezakeenian, zera esaten zian: «Arrazoi duzu, amatxo, hurrengoan inora joanez gero ez dut inor ekarriko».

        — Besterik ez genian behar, hi —gorritu zen Voditxka—: hungariar horrek gure burura zerbait botatzea ere. Nik lepotik heldu eta lehenengo solairutik behera botako diat eskaileratik, obus baten gisa hegan egin dezan. Hungariar horiekin zorrotz jokatu behar. Azalpenik eman gabe.

        — Voditxka, hik ez duk horrenbeste edan, ordea! Hik baino bi kopa gehiago edan ditiat nik gero! Egik kontu ezin dugula iskanbilarik sortu. Neu nauk erantzulia. Emakumia duk hemen kontua.

        — Emakumiari ere emango zioat zartako bat, Xveik, niri berdin zidak, oraindik ez duk Voditxka zaharra ezagutzen. Behin, Zabehlitse auzoan, Irla Arrosa izeneko tabernan, emakume labezomorroa baino itsusiago batek ez zian nirekin dantzatu nahi, aurpegia puztuta omen neukala eta. Egia duk puztuta neukala aurpegia, ze Hostivar auzoko dantzaldi batetik ailegatu berria ninduan. Baina errepara iezaiok emagaldu horren laidoari. «Tori belarrondoko bat orduan, andereño errespetagarri horri», esan nian, «penarik har ez dezazun». Zapla jo orduko, erori eta mahaia eta edalontziak bota zitian lurrera. Marigaizto hura bere gurasoekin eta bi nebarekin zegoan han, lorategian. Baina ez ninduan Irla Arrosako inoren beldur izan. Vrxovitse auzoko ezagunak nitian han, eta lagundu egin zidatean. Bost familia edo txiki-txiki egin genitian, haurrak eta guzti. Michle auzoan ere entzungo zuan, eta gero egunkariek ere aipatu zitean jai hura, hiri bateko elkarte ongile batek lorategi hartan antolatua. Eta horregatik, esan dudan legez, batzuek lagundu zidaten bezala, nik ere laguntzen zioat edozein adiskideri zernahitan. Ez goiagatik ez beheagatik ez nauk higandik bananduko. Hik ez dituk gizon hungariar horiek ezagutzen... Ezin didak honelakorik egin, hiregandik aparta nadila, hainbat urtetan elkar ikusi gabe, eta egoera honetan.

        — Tira, hator nirekin —erabaki zuen Xveikek—, baina izan hadi zuhurra ustekabe desatseginik izan ez dezagun.

        — Ez kezkatu, lagun —esan zuen isilka Voditxkak, eskailerara zihoazela—, zartadako bat emango zioat gizon horri...

        Eta isilpean erantsi zuen:

        — Ikusiko duk nola morroi hungariar horrek ez digun batere lanik ematen.

        Eta korridorean norbait egon balitz eta txekieraz ulertu balu, eskaileratik bertatik entzun zukeen Voditxkaren kontsigna ozena: «Hik ez dituk gizon hungariarrak ezagutzen». Kontsigna hori Litava ibaiaren gaineko taberna isil hartan hartu zuen beretzat: han, muinoz inguratutako Kiralyhida ospetsuko lorategien artean. Soldaduek muinook gogoan izango dituzte beti, madarikazioka, Mundu Gerra baino lehenagoko eta Mundu Gerrako maniobra militar horiek guztiak, teorikoki triskantzak eta sarraskiak praktikatzeko eginak, gogoratzen dituztenean.

 

 

        Xveik eta Voditxka Kakonyi jaunaren etxebizitzako ate aurrean zeuden. Txirrina jo baino lehen, Xveikek ohartarazi zuen:

        — Inoiz entzun duk, Voditxka, zuhurtzia adimenaren ama dela?

        — Niri horrek ez zidak ardura —erantzun zuen Voditxkak—. Gizonak ez dik muturra irekitzeko astirik ere eduki behar...

        — Nik ere ez zaukaat harekin zertaz jardun, Voditxka.

        Xveikek txirrina jo, eta Voditxkak ozen esan zuen:

        — Gizona amen batian eskaileratik behera.

        Ireki zen atea, azaldu zen neskamea, eta zer nahi ote zuten galdetu zuen hungarieraz:

        — Nem tudom   Ez dinat ulertzen —esan zuen mespretxuz Voditxkak—, ikas ezan txekieraz, neskatxa.

        — Verstehen Sie deutsch?   Ulertzen duzu alemanez? —galdetu zuen Xveikek.

        — A pischen   Pixka bat.

        — Also sagen Sie der Frau, ich will die Frau sprechen, sagen Sie, daß ein Brief ist von einem Herr draußen in Kong   Bada, esaiozu andreari berarekin hitz egin nahi dudala: hemen kanpoan jaun baten gutuna daukala.

        — Harritzen nauk —esan zuen Voditxkak, Xveiken atzetik atondora sartzeaz batera— hik halako kiratsu batekin hitz egiteaz.

        Atondoan gelditu, korridorerako atea itxi, eta Xveikek adierazi zuen:

        — Ze etxe txukuna, esekitokian bi euritako, eta Kristoren irudi hori ez duk txarra gero.

        Koilaren tintina eta plater hotsa zetozen gela batetik berriro irten zen neskamea, eta Xveiki esan:

        — Frau ist gesagt, daß sie hat ka' Zeit, wenn was ist, das mir geben und sagen   Andreak esan du ez duela astirik: zerbait edukiz gero, neuri eman edo esateko.

        — Also —esan zuen Xveikek zeremoniatsu— der Frau ein Brief, aber halten Kuschen   Orduan, gutun bat daukat andrearentzat, baina egon isilik.

        Lukax tenientearen idazkia atera zuen.

        — Ich —esan zuen, atzamarraz bere burua seinalatuz—, Antwort warten hier in die Vorzimmer   Ni hemen geratuko naiz, atalondoan, erantzunaren zain.

        — Zergatik ez haiz esertzen? —galdetu zuen Voditxkak, hormaren ondoko aulki batean eseririk—, hantxe daukak aulkia. Zutik geldituko haiz, eskale baten antzo? Ez hadi umiliatu morroi horren aurrian. Ikusiko duk, purrust ederra izango diagu harekin, baina nik zartako bat emango zioat. Aizak —esan zuen handik une batera—, non ikasi duk alemanez?

        — Bakarka —erantzun zuen Xveikek. Une batez isiltasuna nagusitu zen berriro. Gero, neskamea idazkia eramatera joandako gelatik, oihu eta zaratak entzun ziren. Norbaitek zorua jo zuen zerbait astunarekin, gero argi eta garbi antzeman ziren edalontziak hegaka, platerak puskatzen, eta garrasiak:

        — Baszom az anyát, baszom az istenet, baszom a Krisztus Márját, baszom az atyádot, baszom a világot!   Kaka zaharra! Doazela pikutara bere ama, bere Jainkoa, Kristo eta Ama Birjina, bere aita eta mundu guztia! (hungarieraz).

 


 

        Atea alderik alde ireki zen, eta atondora jaun bat, urterik onenetan, sartu zen lasterka, ezpainzapia lepo inguruan, arestion ekarritako gutuna astinduz.

        Atetik gertu Voditxka zulatzaile zaharra zegoen eserita, eta jaun ernegatua hari zuzendu zitzaion aurrena:

        — Was soll das heißen, wo ist der verfluchte Kerl, welcher dieses Brief gebracht hat?   Zer esan nahi du honek guztiak? Non da gutun hau ekarri duen madarikatua?

        — Poliki-poliki —esan zuen Voditxkak, altxatzeaz batera—, oihu egin gabe gero, hegaka irten nahi ez baduk behintzat, eta nork ekarri duen gutuna jakin nahi baduk, galde egiok nire lagunari. Baina hitz egik behar bezala, edo ez bat ez bi atetik irtengo haiz.

        Orain Xveiki etorri zitzaion txanda jaun ernegatuaren ele ederra dastatzeko: gizonak, ezpainzapia lepoan beti ere, bazkaltzen ari zirela zioen hizkera nahasian.

        — Entzunda gaude bazkaltzen ari zinetela —aleman mordoiloaz bat etorri zitzaion Xveik, txekieraz hau erantsiz:— Halaber etor zekigukeen burura bazkaritik alferrik-edo aterako zintugula.

        — Ez hadi umiliatu —esan zuen Voditxkak.

        Jaun ernegatuak, bere imintzio biziagatik ezpainzapia mutur bakar batetik eutsita zeukalarik, hitz egiten jarraitu zuen: etxea andrearena zela, eta hasieran uste zuela idazki hori eskari bat zela etxeko zenbait gela armadarentzat uzteko.

        — Hemen soldadu asko kabituko lirateke —esan zuen Xveikek—, baina idazkia ez zen horrelakoa, ohartu zarenez.

        Jaunak bere buruari eutsi zion, erantzuki andana botatzeaz batera: bera ere erreserbako tenientea izana zela, orain atseginez arituko zela, baina giltzurrunetako gaitza zeukala. Bere garaiko ofizialak ez zirela etxe bateko lasaitasuna hondatzeko bezain libertinoak. Errejimenduko agintaritzara bidaliko zuela idazkia, Gerra Ministeriora, eta egunkarietan plazaratuko zuela.

        — Jauna —esan zuen Xveikek duin—, neuk idatzi dut gutuna. Ich geschrieben, kein Oberleutnant   Neuk idatzi dut, ez ezein tenientek. Sinadura faltsua da, Unterschrift, Name, falsch   Sinadura, izena, faltsuak. Oso gustatua nago zure andrearekin. Ich liebe Ihre Frau   Zure andrea maite dut. Zure andrearekin belarrietaraino nago maitemindurik, Jaroslav Vrchlicky idazleak esaten zuen bezala. Kapitales Frau   Emakume bikaina.

        Jaun ernegatua Xveiki oldartu nahi zitzaion: aurrean zeukan, lasai eta patxadatsu, baina Voditxka zulatzaile zaharrak, jaunaren mugimendu bakoitzari jarraikiz, zangartekoa egin zion, eta eskutik idazkia harturik patrikan sartu zuen. Eta Kakonyi jauna suspertu zenean, Voditxkak eutsi, ateraino eraman, atea esku batez ireki, eta laster entzun zitekeen zerbait, eskaileratik behera bilinbolaka.

        Ipuinetan deabruak norbait harrapatu behar duenean bezain azkar gertatu zen dena.

        Jaun ernegatuarengandik ez zen ezpainzapia besterik gelditu. Xveikek ezpainzapia jaso eta gizalegez jo zuen Kakonyi jauna bost minutu lehenago irtendako gelako atea. Orain, emakume baten negarra entzun zitekeen bertatik.

        — Ezpainzapia dakarkizut —esan zion Xveikek leun, sofan negarrez ari zen andreari—, baten batek zapal zezakeen eta. Agur eta ohore zuri.

        Orpoak bildu, erreberentzia egin, eta korridorera irten zen. Eskaileran ez zegoen lehiaren arrastorik urrutitik antzematerik ere. Hantxe, Voditxkak kalkulatu bezala, dena ondo atera zen. Xveikek iduneko urratu bat aurkitu zuen atari ondoan. Han-edo antzeztu zen tragedia honen azken ekitaldia, Kakonyi jauna, etsita, kaleratua ez izateko ateari helduta zegoela.

        Kalean, ordea, zalaparta ederra zegoen. Kakonyi jauna beste aldeko espaloira narraz eraman eta ura bota zioten, eta kale erdian lehoi baten gisa ari zen borrokan Voditxka zulatzaile zaharra, beren herrikidearen alde irtendako soldadu hungariar batzuekin. Trebeziaz astintzen zuen baionetako hedea, idaur bat balitz bezala. Eta ez zegoen bakarrik: hor ziren borrokan, haren alde, kale horretatik iragaten ari ziren zenbait soldadu txekiar, errejimendu ezberdinetakoak.

        Xveikek, geroago esango zuen bezala, jakin ere ez zekien nola korapilatu zen nahaste hartan, eta hederik ez zeukanez, nola iritsi zitzaion eskura ikusle izutu baten makila.

        Luze iraun zuen liskarrak, baina ona den guztiak badu bere amaiera ere: polizia militarra etorri eta denak harrapatu zituen.

        Xveik Voditxkaren ondoan zihoan, polizia militarraren komandanteak «corpus delicti»-tzat joko zuen makila eskuan.

        Xveik pozik zihoan, makila, fusila balitz bezala, besaburuan zeramala.

        Voditxka zulatzaile zaharrak isiltasun tematian egin zuen bide osoa, harik eta, kuartel nagusian sarturik, Xveiki esan zion arte, kopetilun:

        — Ez ote diat esan ez dituala hungariarrak ezagutzen?

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (II)" orrialde nagusia