2. kapitulua

XVEIKEN ANABASI BUDEIOVITSETARRA

 


 

        Antzinateko Xenofonte gerraria, Asia Txiki osoa zeharkatu eta, auskalo noraino heldu zen maparik gabe. Godo zaharrek ere ezagutza topografikorik gabe egin zituzten beren espedizioak. Gerrara etengabe abiatzea, horixe da «anabasia». Lurralde ezezagunetan barrena bide egitea. Lepoa mozteko lehenengo aukeraren zelatan dauden etsaiez inguraturik egotea. Norbaitek, Xenofontek bezala, edo Kaspiar itsasotik edo Azov itsasotik etorritako lapur leinu guztiek bezala, buru ona daukanean, benetako mirakuluak egiten ditu bidetik gaindi.

        Zesarren legio erromatarrak ere urruti iritsi ziren maparik gabe, Galiako itsasoaren ondoko lekuren batera, iparraldera, eta egun batez beren artean esan zuten Erromara itzultzean beste bide batetik abiatuko zirela, atsegin handiagorik hartzearren. Eta halaxe egin zuten. Garai hartatik bertatik esaten da bide guztiek Erromara egiten dutela.

        Halaber, bide guztiek Txeske Budeiovitsera ere egiten dute. Horretan guztiz sinetsirik zegoen Xveik soldadu ona, Budeiovitseko lurraldearen ordez Milevsky aldeko herri bat ikusi zuenean.

        Halarik ere, aurrera jo zuen, etengabe, zeren ezein soldadu oni ezin baitio axola izan halako Milevsky eskualdeak, dena dela egun batez Txeske Budeiovitsera iristeko.

        Eta halatan, Xveik Milevskyko mendebaldean agertu zen, Kvetov herriaren ondoan, zekizkien martxa militar guztiak kantaturik, eta beraz, Kvetovera iritsi aurretik behartuta ikusi zuen bere burua berriz ere kantatzen hastera:

 

                Gu gerrara abiaturik,

                negar egiteke ez zen neskarik...

 

        Elizatik itzultzen ari zen atso bat, Kvetovetik Vrazerako bidean, hizketan hasi zitzaion Xveiki, kristau agurra eginez:

        — Arratsalde on, soldadutxo, norantz zoaz?

        — Budeiovitsera, amonatxo, errejimendura —erantzun zuen Xveikek—, gerrara.

        — Baina bide okerretik zoaz, soldadutxo —esan zuen izu-ikaran amonak—. Hemendik, Vraztik zehar, sekula ez zara ailegatuko; zuzen joanez gero, Klatovyra ailegatuko zara.

        — Nik uste dut —esan zuen Xveikek etsita— Klatovytik badagoela Budeiovitsera ailegatzia. Bide luzia da, egia da, batez ere errejimendura joateko presa dagoenian. Baina garaiz ailegatzeko borondate ona gorabehera, gerta daiteke ustekabe desatseginik.

        — Nire herrian bazen zu bezalako txori galdu bat, Plzengo errejimendura joan behar zuena. Tonitxek Maxku zuen izena —hasperen egin zuen amonatxoak—. Nire ilobaren ahaidea da. Bada, joan egin zen, eta handik astebetera jendarmiak bila ibili zitzaizkion, errejimendura ez ailegatziagatik. Eta hurrengo astean etxian azaldu zitzaigun, zibilez jantzita, etxera joateko baimena zeukala eta. Orduan alkatia jendarmeen bila joan eta hauek kendu egin zioten baimena. Frontetik idatzi du jada, zaurituta dagoela, hankamotz.

        Amonatxoak errukiz begiratu zion Xveiki:

        — Itxaron iezadazu, soldadutxo, hango baso hartan. Patatak eramango dizkizut beroa hartzeko. Hemendik ikus daiteke gure etxola, basoaren atzean, pixka bat eskuin aldera. Vraz nire herritik barrena ezin zara joan, hantxe dira-eta jendarmiak, begi-belarri. Gero, basotxotik Maltxinera joango zara. Hor ingura-mingura ibili beharko duzu, ze bertako jendarmiak ankertzarrak dira desertoriak harrapatzen. Joan zaitez zuzen basotik zehar Horazddovits ondoko Sedlets herrira. Bertan bada jendarme bat, oso jatorra, jende guztiari herritik pasatzen uzten diona. Paperik al daramazu aldean?

        — Ez, amonatxo!

        — Orduan, hara ere ez zaitez joan, hobe Radomyxlera joatia, baina saiatu hara arratsian ailegatzen, jendarme guztiak tabernan daude eta. Han, Doleixi kalian, Florianek kaliaren atzian, etxe txiki bat topatuko duzu, behealdia urdinez pintatua, eta bertan egizu Melicharek nekazariaren galde. Nire neba da. Emazkiozu goraintziak nire partetik. Berak erakutsiko dizu nondik joan Budeiovitsera.

        Basotxoan ordu erdi baino gehiago eman zuen Xveikek amonatxoaren zain. Atsoak etxean batean patata-zopa prestatu, hoztu ez zedin lapikoa burko batez estali, eta Xveiki eraman zion. Zopari esker, Xveik berotu ahal izan zen. Jarraian, amonak zapi batetik ogi xerra eta urdai pusketa bat atera eta Xveiken poltsikoetan sartu zituen. Gero aitaren egin, eta esan zuen bi loba zeuzkala han.

        Ondoren zehatz-mehatz errepikatu zion zein herri zeharkatu behar zituen, eta zein herri saihestu. Azkenik, poltsikotik txanpon bat atera eta Xveiki eman zion biderako pattarra eros zezan Maltxin herrian, zeren Radomyxlera iristeko milia luzea baitzegoen.

        Txizova herritik Xveik, amonatxoaren aholkuari jarraiki, Radomyxlera joan zen, ekialdera, eta baita bere artean pentsatu ere munduko edozein lekutatik iritsiko zela Budeiovitsera.

        Maltxin herritik aurrera soinujole zahar bat izan zuen bidelagun, bertako tabernan aurkitu zuena Radomyxlerako milia luze horretarako pattarra erosi zuenean.

        Soinujoleak Xveik desertoretzat hartu eta Horazddovitsera berarekin joan zedila aholkatu zion, bertara ezkondua zela bere alaba, eta alabaren senarra ere desertorea zela. Begi bistakoa zen soinujoleak zia-zia edan zuela Maltxinen.

        — Senarrak bi hilabete daramatza ukuiluan ezkutatuta —sinestarazi nahi izan zion Xveiki—. Bada, zu ere ezkutatuko zaitu, eta hantxe izango zarete gerra bukatu arte. Eta han bi egonez gero, ez zarete triste egongo.

        Xveiken ezezko adeitsua zela eta, biziki ernegatu eta ezkerraldera jo zuen, soroan barrena, Xveiki mehatxu eginez Txizovako jendarmerian salatu egingo zuela.

        Radomyxlen Xveikek, iluntzean, Melicharek nekazaria aurkitu zuen Doleixi kalean, Florianeken atzean. Vrazko arrebaren eskumuinak eman zizkionean, nekazariari ez zioten inola ere eragin.

        Etengabe eskatzen zizkion Xveiki paperak. Gizaki aurreiritziduna zen, zeren jo eta ke mintzo baitzen Pisek lurralde osoan barrena zebiltzan gizatxar, zital eta lapurrez.

        — Gerratik ihes dabiltza, ez dute han soldadu ibili nahi, eta lurralde osotik ari dira, ahal denetan ahal dena lapurtzen —azpimarratu zuen Xveiken begien aurrean—. Badirudi haietako batek ere ez dakiela bost arte zenbatzen. Bai, bai, jendea gehien amorratzen duena norbaitek egia esatia da —erantsi zuen, Xveik eserlekutik jaiki zenean—, kontzientzia garbia daukana esertzen da eta paperak erakusten ditu. Baina ez badauka...

        — Agur, bada, aitona.

        — Agur, bai, eta hurrengoan bila ezazu tontoago den norbait.

        Xveik iluntasunera irten zenean ere, luze aritu zen aitona purrustaka:

        — Budeiovitsera omen doa bere errejimendura. Tabortik. Aurrena Horazddovitsera doa, birigarroa halakoa, eta gero Pisekera. Izan ere, munduko bira ematen ari da.

        Xveikek ibili eta ibili eman zuen gau osoa, harik eta Putim herriaren alboko soro batean lastategi bat aurkitu zuen arte. Lastoa arrastelatu eta ahots bat entzun zuen gertu-gertu:

        — Zein errejimendutakoa zara? Nora zoaz?

        — 91.ekoa. Budeiovitsera.

        — Budeiovitsera?

        — Bai. Hantxe daukat neure tenientia.

        Entzun zitekeen hor, aldamenean, gertu, ez zegoela lagun bakar bat barrez, hiru baizik. Barrea isildu zenean, Xveikek zein errejimendutakoak ziren galdetu zuen. Jakin zuen bi 35.ekoak zirela eta bat artilleriakoa, baita ere Budeiovitsekoak.

        35.ekoek esan zuten hilabete bat zeramatela ihes, fronteratu aurretik, eta artilleriakoak, mobilizaziotik bertatik bideetan ihes zebilela. Putimgoa zela, eta lastategi horren jabea. Gauez beti egiten zuela lo lastategian. Beste biak bezperan oihanean aurkitu, eta ekarri egin zituela lastategira.

        Gerra hilabete bat edo biren buruan bukatuko zelako itxaropena zeukaten guztiek. Uste zuten errusiarrak Budapest atzean eta Moravian izango zirela jada. Bala-bala zebilela kontu hori Putimen. Goizaldean, elkarrengandik banandu aurretik, dragoiaren amak gosaria ekarriko ziela. 35.ekoak, gero, Strakonitsera joango zirela, zeren haietako batek izeba baitzeukan han, eta izebak, bere aldetik, ezagun bat zeukala Suxitsen, mendietan, zerrategi baten jabe, eta han ongi ezkutatuta egongo zirela.

        — Eta hi ere, laurogeita hamaikagarrenekoa, nahi baduk —gonbidatu zuten Xveik—, gurekin joan haiteke. Bidali pikutara heure tenientia.

        — Hori ez da hain erraza —ihardetsi zuen Xveikek, eta murgildu, ezkutatu egin zen lastategian.

        Goizean itzarri zenean, guztiak alde eginak ziren, eta norbaitek, dragoiak nonbait, ogi puska bat utzia zion hanken ondoan biderako.

        Xveik basoz baso ibili eta eskale bat aurkitu zuen Xttekno herritik hurbil, gizontxo zaharra, pattar-zurrutera gonbidatuz abegi egin ziona aspaldiko laguna balitz bezala.

        — Ez joan horrela jantzita —irakatsi zion Xveiki—, uniforme militarrak buruhausteak emango dizkik eta. Han-hemenka zeudek jendarmeak, eta horrela jantzita ezin diru eskean ibili. Jakina, gaur egun jendarmeak ez dituk gure atzetik ibiltzen beste garaietan bezala. Orain zeuon atzetik ibiltzen dituk bakarrik... zeuon atzetik bakarrik —errepikatu zuen hain sinetsita, non Xveiki burutara etorri baitzitzaion hobe zuela 91. errejimenduaz deusik ez esatea. Nornahitzat har zezala. Zertarako zapuztu ilusioa gizontxo zahar on hari?

        — Eta nora hoa? —galdetu zuen eskaleak handik gutxira, biak pipa bana pizturik eta poliki herria inguratzen ari zirela.

        — Budeiovitsera.

        — Jainkoarren! —izutu zen eskalea— Han atzaparra egotziko diate minutu batian. Berotzeko astirik ere ez duk izango. Janzki zibil guztiz zarpaila jantzi behar duk eta tontoarena egin. Baina ez beldurrik izan: orain Strakonitsera joango gaituk, Volynera, Dubera, eta deabruak berak egon beharko likek tartean, jantzi zibilen bat aurkituko ez bagenu. Han, Strakonitse aldean, jendia hain duk tentel eta ondradua, ze gauez atia irekita utzi eta egunez ez ditek giltzatzen. Orain, neguan, auzokoarenera joaten dituk hitz aspertu bat egitera, eta hik beriahala edukiko duk jantzi zibila. Zer behar duk? Zapatak badauzkak, hortaz, gainian jartzeko zerbait besterik ez. Zaharra da hire beroki militarra?

        — Bai.

        — Orduan, ez erantzi. Horrelakoak janzten ditik baserriko jendiak. Prakak eta soingainekoa behar dituk. Jantzi zibila daukagunian, prakak eta soingainekoa Vodnanyko Herrman juduari salduko zizkioagu. Honek Estatuko ondasunak erosi eta herriz herri saltzen dizkik... Gaur Strakonitsera joango gaituk —osatu zuen bere plana—. Hemendik lau ordura Xvartsenbergeko arditegi zaharra zegok. Han badiat artzain bat ezagun, ni bezalako aitona zaharra, han gaua egin eta biharamunian Strakonitsera abiatuko gaituk, bertako inguruetan jantzi zibila geure sareetara harrapatzera.

        Arditegian Xveikek aitona atsegin bat aurkitu zuen, zeinak gogoratzen baitzituen bere aitonak Frantziako gerrez kontatutakoak. Eskale zaharra baino hogei bat urte zaharragoa zen, eta horregatik «mutiko» esaten zion, Xveiki bezala.

        — Beraz, ikusten duzue, mutikook —azaldu zuen, patatak erretzen ari ziren labearen inguruan eseririk zeudela—: orduko hartan nire aitonak ere desertatu egin zuen soldadu honek bezala. Baina Vodnanyn harrapatu zuten eta baita zipli-zapla eman ere ipurdian. Eta artean zorionekotzat jo zezakeen bere burua. Protivin atzeko Razitsen, Jarexen semea, Jarex zahar arrantza-ikuskatzailearen aitona, Piseken fusilatu zuten desertatziagatik. Eta fusilatu aurretik, kaletik joan zen, soldaduengandik ihes, eta seiehun makilada jaso ere bai. Hortaz, heriotza arindura eta berrerospen fortunatu zitzaion... Eta noiz egin duk hik ospa? —zuzendu zitzaion, begiak negar batean, Xveiki.

        — Mobilizazioaz geroztik, kuartelera eramaten gintuztenian —erantzun zuen Xveikek, ulertuz uniformeak ezin ziezaiokeela artzain zaharraren konfiantzari iruzurrik egin.

        — Saltatu huen pareta? —galde egin zuen jakinguraz artzainak, nabarmenki memorian edukiz nola bere aitonak kontatzen zion berak ere kuarteleko pareta saltatu zuela.

        — Beste inondik ezin, aitona.

        — Eta zaindari taldea indartsua zen eta sua hautsi zuen?

        — Bai, aitona.

        — Eta nora hoa orain?

        — Kaskotik egin zaiok —erantzun zuen Xveiken ordez eskaleak—. Kosta ahala kosta joan nahi dik Budeiovitsera. Badakik: gazteak sengabeak dituk, beti galbidean jarriak. Eskolak eman beharko zizkioat. Zibilen bati lapurtu, eta dena ongi joango zaiguk. Udaberria arte alderrai ibili, eta gero joango gaituk nekazari baten zerbitzuan lan egitera. Aurten jende asko beharko duk, gosia izango duk, eta aurten ere eskale guztiak soro lanetara eramango omen ditiztek. Hortaz, uste diat hobe izango dela borondatez joatia. Jende gutxi egongo duk. Gehienak, zoko botata.

        — Uste duk —galde egin zuen artzainak— aurten bukatuko dela kontua? Bada, arrazoi duk, mutiko! Gerra luziak izan dituk orain arte. Napoleondarra, gero, kontatu zigutenez, Suediakoak, zazpi urteko gerrak. Jendiak merezi zitian, bai, gerrok. Ze Jainkoak ezin zian ikusi ere egin gizakien harrokeria. Ahari haragia ere kea baino gutxiago gustatzen zitzaiean, ez zitean jan nahi, mutilok. Beste garai batian hona etorri ohi zituan segizioan, ahariren bat saldu niezaien eskupetik, baina azken urteetan txerrikia besterik ez zitean jan nahi, oilakia, dena gurinaturik edo gantzaz koipeturik. Hortaz, Jainkoa ernegatu egin zuan gizakien harrokeriagatik, eta bere onera etorriko dituk belarrak egosten dituztenian, gerra napoleondarrean gertatu zen bezala. Izan ere, gure mandatariek artian ez zekitean zer egin hainbesteko gehiegikeriarekin. Xvartsenberk jaun noble zaharra zalgurdi dotorian baino ez zuan joaten, baina haren seme mukizuari automobil kiratsa zeriok. Jainkoak muturra igurtziko ahal ziok gasolinaz.

        Pataten ura labean borborka hasi eta artzain zaharrak, isilune labur batez geroztik, profeta baten moduan esan zuen:

        — Eta gerra hau ez dik gure enperadore jaunak irabaziko. Ez zegok gerrarako grinarik, ze, Strakonitseko maisu jaunak esan bezala, ez zian koroatzerik onartu. Esaera zaharrak dioenez, tximinoak gora igoago eta uzkia ageriago. Agure zital horrek prometatu baldin bazuen koroatzea ametituko zuela, bada, hitza bete beharko zian.

        — Bazitekek —iritzi zion eskaleak— orain nola edo hala betetzia.

        — Orain, mutila, bost axola horrek denei — sumindurik adierazi zuen artzainak—. Hor behean, Skotxitxen, egon beharko huke, auzokoen aurrez aurre, biltzen direnian. Norberak bazeukak inor han gordeta, eta ikusi beharko huke nola mintzo diren: gerra ostean askatasuna izango dela, ez dela izango ez gorterik ez enperadorerik, eta nobleen etxaldeak konfiskatu egingo direla. Halako zerbait esatiagatik jendarmeek Korinek delako bat eraman ziaten, jendia asaldatzen zuela eta. Bai, gaur egun edozer egiteko eskubidia zaukatek jendarmeek.

        — Eta lehen ere bai —bota zuen eskaleak—. Gogoratzen diat Kladnon bazegoela jendarme bat, Rotter kapitaina. Horrek bat-batean polizia-txakurrak hezteari eman zioan, otso txakur horietakoak, entrenatuta daudenian den-dena igartzen dutenak. Eta Kladnoko kapitain horrek izugarri maite zitian bere txakurrak. Etxe bat zeukaan propio haientzat. Txakurrok esne mamitan bizi zituan bertan. Eta bat-batian otu zitzaioan gurekin, eskale gizagaixookin probatuko zituela txakurrok. Hortaz, agindua eman zioan jendarmeriari Kladno eskualde osoko eskaliak bildu eta haren eskuetara zuzen eramateko. Orduan ni Lanytik atera eta basoaren sakonian barneratu ninduan, baina alferrik, ze basozain baten etxera joan nahi eta ez ninduan heldu, harrapatu eta kapitain jaunarengana eraman ninduten eta. Zuek, jakina, ezin duzue imajinatu ere egin nolakoak jasan nituen txakurrokin kapitainarenian. Aurrena ni usnatzeko agindu ziean, gero zurubi batetik igo behar izan nian, eta goian nintzeneko, halako munstro bat askatu ziaten nire atzetik joateko, eta piztia horrek zurubitik lurrera eraman nindian, hantxe nire gainian belaunikatu, kurrinkatu, eta hortzak erakutsi zizkidaan aurpegira. Gero munstro hura eraman eta esan zidatean inon ezkutatzeko, noranahi joan nintekeela. Orduan Katxak haranerako bidea hartu, basoetarantz, sakan batera, eta handik ordu erdira aurrian neuzkaan bi otso txakur: lurrera bota, eta batek lepotik eusten zidan bitartian, bigarrena Kladnora joan zuan lasterka, eta ordubeteren buruan Rotter kapitaina bera etorri zitzaidaan, jendarmez lagunduta: txakurrari deitu, eta bost koroakoa eman zidaan, bai eta Kladno herrialdian bi egunez eskean ibiltzeko baimena ere. Baina bai zera: nik zangoak dantzatu nitian Beroun eskualdera, eta Kladnon berriro azaldu ez. Eskale guztiak itzurtzen zitzaizkioan kapitain horri, ze guztiekin egiten zitian bere esperimentuak. Berak ikaragarri maite zitian txakurrak. Jendarmerietan kontatzen zitean ikuskatzera joaten zenian, otso txakurrik ikusten zuen tokian ikusketarik egin ez eta egun osoa ematen zuela jendarmeriako arduradunarekin zurrut alaian.

        Eta artzaina, patatak urgabetu eta azpil batean ardi esne mikatza botatzen zuen bitartean, bere oroitzapenei birlotu zitzaion jendarmeen eskubideari buruz:

        — Lipnitsen bazegoan subofizial bat behean, gaztelupian. Jendarmerian bertan bizi zuan eta agure onbera naizen honek nonahi suposatzen nuen beti jendarmeriak erdialdeko lekuren batean egon behar zuela, plaza batian edo, eta ez karrika apartatu batian. Hiritxoko bazterrak ibili ditiat iragarkiei begiratu gabe. Etxez etxe joan eta etxetxo baten lehenengo solairura igo, atia ireki eta eskatu diat: «limosna xume bat, mesedez». Bai horixe! Hankak zurtu egin zitzaizkidaan: jendarmeria bat zuan. Hormetan fusilak, mahaian gurutzefikak, izkribuak armairutxoetan, enperadore jauna mahai gainetik niri adi-adi begira. Eta nik txintik atera baino lehen, subofizialak niganantz salto egin eta atian halako belarrondokoa eman zidaan, ze egurrezko eskaileratik behera hegaka jaitsi eta ez ninduan gelditu Keizlitsera heldu arte. Horixe duk jendarmeen eskubidia.

        Jateari eman eta goiz joan ziren logela berora, aulkietan banatuta lo egitera.

        Gauez Xveik isilka jantzi eta kanpora irten zen. Ekialdean ilargia irteten ari zen, eta haren argi iratzartzailearen azpian Xveikek ekialdera hartu zuen, bere artean errepikatzen zuela:

        — Ezin Budeiovitsera heldu.

        Eskuinean, basotik atera zenean, hiri bat ikus zitekeenez, iparraldera jo zuen, gero hegoaldera, non beste hiri bat ikus baitzitekeen (Vodnany, alegia). Vodnany saihesteko, larre batetik gaindi kontrako bidea hartu eta goizeko eguzkiak ongietorria eman zion Protivin gaineko mendi-lepo elurtuetan.

        — Aurrera jo eta ke —esan zuen bere artean Xveik soldadu onak—. Eginbeharra deika ari duk. Ailegatu behar diat Budeiovitsera.

        Eta zoritxarreko halabeharragatik, Protivindik hegoaldera gabe, Budeiovitsera gabe, iparraldera, Pisekera zuzendu ziren Xveiken pausoak.

        Eguerdi aldera Xveikek herri bat ikusi zuen bere aurrean. Muino txiki batetik jaistearekin batera, hausnar egin zuen:

        — Ezin honela segitu, galdetuko diat nondik joaten den Budeiovitsera.

 


 

        Eta herrian sartzean biziki harritu zen herriaren izena lehenengo etxetxoko habe batean ikusteaz.

        — Jainkoarren —hasperen egin zuen Xveikek—, Putimen berriz ere. Izan ere, hemengo lastategi batean egin nian lo.

        Gero, ordea, ez zen ezertaz harritu, etxe zuriz pintatu batetik jendarme bat atera zenean, amarauna zaintzen duen armiarma balitz bezala. Urmael baten atzean zegoen etxe horretatik zintzilik, oilo bat zegoen (inon esaten zuten bezala, arranotxo bat   Bi buruko arranoa Austria-Hungariako sinboloa zen).

        Jendarmea artez Xveikengana joan eta hauxe besterik ez zuen esan:

        — Nora ote?

        — Budeiovitsera, neure errejimendura.

        Jendarmeak irribarre sarkastikoa egin zuen.

        — Budeiovitsetik zatoz baina. Zeure Budeiovitse hori atzean daukazu —eta Xveik jendarmerian sarrarazi zuen.

        Putimgo jendarmeburua, subofiziala alegia, ingurune guztian ezaguna zen uki onez eta aldi berean azkar jokatzeagatik. Inoiz ez zuen atxikitakorik edo preso hartutakorik iraintzen, baina egiten zituen itaunketak hain ziren korapilatsuak, non errugabeek ere aitortzen zuten.

        Bi jendarme jendarmeburuari egokitu eta jendarmeriako langile guztien irribarreen artean egiten zen beti itaunketa korapilatsua.

        — Kriminologia adimen eta xalotasunean oinarritzen da —esaten zien beti subofizialak kaboei—. Norbaiti oihukatzeak ez du batere zentzurik. Samur jokatu behar gaizkile eta susmagarriekin, baina aldi berean kontu hartu, galdera-uholdean ito daitezen.

        — Ongi etorri, soldadu —esan zuen subofizialak—. Eser zaitez lasai asko, bidean unatu zara nonbait, eta kontaiguzu nora zoazen.

        Xveikek errepikatu egin zuen Txeske Budeiovitsera zihoala, bere errejimendura.

        — Gero, jakina, bidea nahasiko zenuen —esan zuen irribarrez subofizialak—, Txeske Budeiovitsetik zatoz-eta, frogatu ahal dizudanez. Zure gainean Bohemiako mapa dago zintzilik. Begira iezaiozu, soldadu. Gugandik hegoaldera Protivin dago. Protivindik hegoaldera, Hluboka, eta handik hegoalderago Txeske Budeiovitse. Ikusten duzu, beraz, Budeiovitsera joan beharrean bertatik zatozela.

        Subofizialak xalo begiratu zion Xveiki, eta honek honela esan zuen, lasai eta duin:

        — Alabaina, Budeiovitsera noa—. Hau gehiago izan zen Galileoren «alabaina, higitu egiten da!» delakoa baino, zeren honek, nonbait, izugarri amorraturik esan behar izan baitzuen halakorik.

        — Badakizu zer, soldadu? —etengabeko begikotasunez mintzo zitzaion Xveiki subofiziala—, neronek azalduko dizut kontua, eta azkenean konturatuko zara ukatze bakoitzak aitortzea zailtzen duela!

        — Egia biribila diozu —esan zuen Xveikek—: ukatze bakoitzak aitortzia zailtzen du, eta alderantziz.

        — Hortaz, badakizu, jakin, zu ere iritzi horretara helduko zarela. Onean erantzun iezadazu nondik irten zinen zeure Budeiovitsera abiatu zinenean. Nahita diot «zeure» hori, nonbait beste Budeiovitse bat izan behar delako, Putimgo iparraldean kokatua eta orain arte mapetan azaldu gabea.

        — Tabortik irten nintzen.

        — Zer ari zinen Taborren?

        — Budeiovitserako trenari itxaroten.

        — Zergatik ez zinen trenez joan Budeiovitsera?

        — Txartelik ez neukalako.

        — Eta zergatik ez zizuten, soldadua zaren aldetik, txartela dohainik eman?

        — Aldean agiririk ez neramalako.

        — Hara bestea —esan zion garaile itxuraz subofizialak jendarmeetariko bati—, ez da dirudien bezain ergela, hasia da ederki korapilatzen.

        Subofiziala berriro hasi zen, agiriei buruzko azken erantzuna entzun ez balu bezala:

        — Beraz, Tabortik irten zinen. Norantz?

        — Txeske Budeiovitsera.

        Subofizialaren aurpegierak zorroztasun pixka bat eskuratu zuen eta bere begirada mapan erori zen.

        — Erakutsiko diguzu mapan nondik zindoazen Txeske Budeiovitsera?

        — Neronek ez ditut toki guztiak gogoratzen, eta behin hemen, Putimen, izan nintzela besterik ez dut gogoratzen.

        Jendarmeek ikusmiraz begiratu zioten elkarri, eta subofizialak segitu egin zuen:

        — Taborko geltokian izan zinen, beraz. Ezer daramazu aldean? Atera ezazu!

        Xveik zehatz-mehatz arakatu zuten, eta pipa eta pospoloez beste ezer aurkitu ez ziotelarik, galde egin zion subofizialak Xveiki:

        — Esadazu: zergatik ez daramazu ezer aldean, ezta txakur txikirik ere?

        — Ezer behar ez dudalako.

        — Ene bada ta ni —hasperen egin zuen subofizialak—, hau tortura hau! Esan duzu behin Putimen izan zinela. Zer ari zinen orduko hartan?

        — Putimdik zehar Budeiovitsera nindoan.

        — Hortaz, ikusten duzu nola ari zaren korapilatzen. Budeiovitsera zindoazela diozu, eta orain, seguruenik konbentzitu zaitugunez, Budeiovitsetik zatoz.

        — Itzulinguru oso bat egingo nuen, nonbait.

        Subofizialak begirada adierazgarri bat elkartrukatu zuen, berriz ere, beste jendarmeekin.

        — Zure itzulinguru horiek... iruditzen zait inguruetatik arlote zabiltzala. Luze izan zinen Taborko geltokian?

        — Budeiovitserako azken trena irten arte.

        — Zer ari zinen han?

        — Soldaduekin hizketan.

        Subofizialak beste begirada txit adierazgarri bat egin zien gainontzeko jendarmeei.

        — Eta, adibidez, zertaz mintzo zinen eta zer galdetu zenien?

        — Zein errejimendutakoak ziren eta nora zihoazen.

        — Ederki. Eta ez ote zenien galdetu, adibidez, zenbat gizonez osatzen den errejimendu bat eta nola dagoen banatuta?

        — Holakorik ez nuen galdetu, aspaldixetik dakidalako, buruz jakin ere.

        — Beraz, ederki informaturik zaude gure armadaren antolamenduaz.

        — Jakina, subofizial jauna.

        Eta azken hordagoa subofizialak bota zuen, bere jendarmeei garaile antzera begira:

        — Badakizu errusieraz?

        — Ez.

        Subofizialak kabo bati keinu egin eta biak aldameneko gelara irtenik, subofizialak, bere garaipen erabatekoaren eta segurtasunaren berotasunaz, hauxe iragarri zuen, eskuak igurtziz:

        — Entzun duzu? Ez daki errusieraz! Hura sabelzuria! Den-dena aitortu du, baina inportanteena ez du aitortu. Bihar Pisekera bidaliko dugu, eskualdeko buruzagiarengana. Kriminologia adimen eta begikotasunean oinarritzen da. Ikusi duzu nola ito dudan galdera-uholde batekin. Nork pentsatuko luke hari buruz holakorik? Tentela eta ergela dirudi, baina halako jendearekin azkarra izan behar. Orain ezar ezazue hor nonbait, eta ni txostena egitera joango naiz.

        Eta eguerditik arratsera arte aritu zen subofiziala, irribarre atsegina ezpainetan, txostena idazten, zeinaren esaldi bakoitzean spionageverdächtig   Espioi-susmagarria hitza ageri baitzen.

        Aleman ofizial bitxi honez idatzi ahala, argiago gertatzen zitzaion Flanderka subofizialari egoera, eta honela bukatu zuenean: «So melde ich gehorsam, wird der feindliche Offizier heutigen Tages, nach Bezirksgendarmeriekommando Písek, überliefert»   Orduan, jakinarazten dut soldadu etsaia gaur eramango dutela Písek lurraldeko polizia-zuzendaritzara, bada, bere obrari irribarre egin eta kaboari deitu zion.

        — Eman diozue jaten ofizial etsaiari?

        — Zerorren aginduaren arabera, nagusi jauna, itaunketara hamabiak baino lehenago ekartzen dituztenei baino ez diegu jaten ematen.

        — Hau salbuespen handia da —esan zuen duintasunez subofizialak—. Hau goi graduazioko ofiziala da, aitzindarietako bat. Badakizu errusiarrek ez dutela hona espiatzera kabo xumerik bidaliko. Bidal ezazu norbait «Katua» tabernara bazkari bila. Ezer ez badago, zerbait presta dezatela. Gero tea ronarekin presta dezatela, eta den-dena hona ekar dezatela. Ez esan norentzat den. Ez aipatu inori ere nor daukagun hemen. Sekretu militarra da. Eta zer ari da orain?

        — Tabakorri pixka bat eskatu eta ziegan dago, lasai itxuraz, etxean egongo balitz bezala. «Berotxo ederra dago hemen», dio, «eta berogailuak ez du kerik botatzen? Oso gustura nago hemen zuen artian. Eta berogailuak kerik botaz gero, garbitu tximinia. Baina arratsaldez, eta sekula ez eguzkia tximiniaren gainian dagoenian».

        — Ze gizon fina —ahots berotasun beteaz esan zuen subofizialak—, ederki egiten du zozoarena. Eta, hala ere, badaki fusilatu egin behar dutela. Halako gizona estimatu egin behar dugu, geure etsaia izan arren. Halako gizona heriotza segurura doa. Ez dakit horrexetarako gauza izango ote ginen gu. Agian duda egingo genuke, etsi egingo genuke. Baina bera lasai dago eserita, dioela: «Berotxo ederra dago hemen, eta berogailuak ez du kerik botatzen». Hori bai dela adorea, kabo jauna. Horretarako beharrezkoa da odola burura ez igotzea. Pairamena behar da, irmotasuna, berotasuna. Austrian halako berotasunik balego... baina utz ditzagun kontuok. Gurean ere badira buruberoak. Irakurri duzu «Nazio Politikan» Bergr artilleriako tenientearena, alegia, izei garai batera igo eta adar batean beobachtungspunkt   Begiratokia bat eratu zuela? Gureak erretiratu zirenean, bera ezin zen jaitsi, bestela preso hartuko zuten eta. Horrenbestez, zain egon zen gutarrek etsaiak berriro bota arte, eta handik bi astera gertatu zen hori. Bi aste osoak zuhaitzean igota eman zituen, eta gosez ez hiltzeko, gain osoa marraskatu eta abarrez eta pinu-hostoz elikatu zen. Eta gutarrak iritsi zirenean, hain zegoen ahulduta, ze ezin zion zuhaitzari eutsi, behera erori, eta hil egin zen. Hil ostean, urrezko domina ezarri zioten bere ausardiarengatik.

        Eta subofizialak serio-serio erantsi zuen:

        — Hori bai dela sakrifizioa, kabo jauna, hori heroitasuna... Baina kontxo, hizketan hasi gara berriro ere: zoaz lasterka bazkaria eskatzera, eta bitartean bidal iezadazu gizona.

        Kaboak Xveik ekarri eta subofiziala, eseri zedin keinu lagunkoia eginda, galdezka hasi zitzaion gurasorik ote zeukan.

        — Ez.

        Subofizialari berehala otu zitzaion: «hainbat hobe: horrela, inork ez dik zoritxarreko horrengatik negar egingo». Bizkitartean Xveiken aurpegi onberari adi-adi begiratu eta, bat-batean, ontasun-olde batek jota, sorbaldan txapaka egin, harenganantz makurtu, eta galde egin zion, aita batena zirudien tonuaz:

        — Aizu, eta gustatzen zaizu Txekia?

        — Txekia oso-osorik gustatzen zait —erantzun zuen Xveikek—. Neure bidian han-hemenka topatu dut oso jende ona.

        Subofizialak baiezkoa egin zuen buruaz:

        — Gurean jendea oso ona eta maitagarria da. Lapurreta edo liskarren bat, hori ez da aintzat hartzekoa. Hamabost urte daramatzat hemen, eta kontuak aterata, urteko hiru laurden hilketa edo gertatzen dira.

        — Hilketa inperfektuaz ari zara? —galdetu zuen Xveikek.

        — Inola ere ez, ez naiz horretaz ari. Hamabost urtean hamaika hilketa baino ez ditugu ikertu. Haietako bost bidelapurrek egindakoak ziren, eta gainontzeko seiak, merezi ez duten halako arruntak.

        Subofiziala isildu eta berriz ere pasatu zen bere itaunbidera:

        — Eta zer egin nahi zenuen Budeiovitsen?

        — 91. errejimenduari lotu.

        Subofizialak Xveik zaintokira itzultzera gonbidatu zuen, eta azkar, ez ahazteko, hauxe izkiriatu zuen Pisekeko jendarme-agintaritzarentzako txostenean: «Primeran daki txekieraz, eta Txeske Budeiovitseko 91. infanteria-errejimenduan sartzen saiatu nahi du».

        Subofizialak poz batean eskuak igurtzi zituen, material eskuratuaren aberastasunaz eta bere itaunbidearen emaitza zehatzez alaiturik. Aurreko subofiziala gogoratu zuen, Bürger, zeinak atxilotuari hitzik egin ez, deusik galdetu ez, eta berehala eskualdeko auzitegira igortzen baitzuen txosten labur batekin: «Neure kaboak salatu bezala, alfer eta eskale ibiltzeagatik izan da atxilotua». Itaunketa ote da hori?

        Eta subofizialak, bere txostenaren orrialdeei so, poz-pozik irribarre egin eta Pragako jendarme-agintaritzaren agiri ezkutuak atera zituen idazmahaitik, ohiko «Txit isilpekoa» eta guzti. Eta berriz ere irakurri zuen:

 

        «Jendarme guztiei zorrotz agintzen zaie haien barrutietatik ibilitako jende guztiaren atzetik arreta osoz ibil daitezela. Gure armada Ekialdeko Galitziara aldatu izanak aukera eman die zenbait unitate militar errusiarri Karpatoak zeharkatu eta gure Inperioaren barrualdean posizioak bereganatzeko, frontea gure monarkiaren mendebalderago aldatu delarik. Egoera berri honi esker, espioi errusiarrak, frontearen aldatzeaz baliatuz, gure lurraldean barneragotu egin dira, batez ere Silesian eta Moravian, eta bertatik, berri fidagarrien arabera, espioi errusiar saldoa Txekiaraino heldu da. Frogaturik dago haien artean txekiar errusiar asko daudela, Errusiako goi eskola militarretan heziak: txekieraz primeran dakitenez, espioi bereziki arriskugarriak gertatzen dira, zeren gai baitira (eta ziurrenik hala obratuko dute) herritar txekiarren artean goi traizioko propaganda egiteko. Eskualdeko Agintaritzak, hori dela eta, agintzen du susmagarri guztiak atxilotzea, bai eta zaingoa ugaltzea ere kuartel, zentro, geltoki eta tren militarretatik gertu dauden tokietan. Preso hartutakoak berehala ikertu eta goiko instantzietara igorri behar dira».

 

        Flanderka subofizialak berriz irribarre alaia egin eta «Sekretreservaten», isilpeko erreserbatua, gainontzekoen artean ezarri zuen, honako iragarki hau zeukan tiradera batean: «Isilpeko instrukzioak».

        Instrukziook asko ziren: Barne Ministerioak lantzen zituen Defentsa Ministerioarekin elkarlanean, zeinaren menpean jendarmeria baitzegoen.

        Pragako jendarme-agintaritzak ez zeukan bere burua askitzat instrukzioak kopiatu eta igortzeko.

        Hauexek ziren:

        Bertoko herritarren pentsamoldearen kontrolari buruzko dekretua.

        Bertoko herritarrekin solastatuz, haien pentsamoldean borroka-lekuko berriek zein eragin daukaten jakiteko dekretua.

        Bertoko herritarrek gerrarako mailegu eta bilketei dagokienez duten jokamoldeari buruzko galdeketa.

        Gerrara deituak direnen eta deituak izan behar dutenen aldarteari buruzko galdeketa.

        Bertoko agintarien eta intelektualen aldarteari buruzko galdeketa.

        Zein alderdi politikotan dauden afiliaturik bertoko herritarrak eta zein indartsua den alderdi politiko bakoitza luza gabe egiaztatzeko dekretua.

        Bertoko alderdi politikoen buruzagien ekintzak eta bertoko herritarren artean ordezkatutako alderdi politiko jakinen leialtasun-mailari buruzko informazioa kontrolatzeko dekretua.

        Jendarmeriako barrutira iritsitako egunkari, aldizkari eta liburuxkei buruzko galdeketa.

        Desleialtasunagatik susmagarri direnek zeinekin dituzten harremanak eta beren desleialtasuna zertan erakusten den jakiteko argibideak.

        Bertoko herritarren artetik salatari ordainduak eta informatzaileak lortzeko argibideak.

        Bertoko herritarren artean hautatuak izan eta jendarmerian zerbitzen duten informatzaile ordainduentzako argibideak.

        Egunero argibide, agindu, galdeketa eta dekretu berriak ekartzen zituen. Austriako Barne Ministerioko sorkari saldo hartan murgildurik, Flanderkak egiteko ugari zeuzkan, eta galdeketak arrunkeriaz erantzuten zituen, bere barrutian dena behar bezala zegoela eta bertoko herritarren leialtasuna Ia mailakoa zela.

        Austriako Barne Ministerioak, monarkiarenganako leialtasuna eta fideltasuna neurtzeko, mailok zituen asmatuak: Ia, Ib, Ic-IIa, IIb, IIc-IIa, IIIb, IIIc-IVa, IVb, IVc. Azken «IV» honek, «a»-rekin lotuta, goi mailako traizioa eta urkamendia esan nahi zuen; «b»-rekin lotuta, internatzea; «c»-rekin lotuta, aztertu eta espetxeratzea.

        Subofizialaren idazmahaian era guztietako inprimakin eta aurkibideak zeuden. Gobernuak hari buruz hiritar bakoitzak zer uste zuen jakin nahi zuen.

 


 

        Zenbat aldiz okertu zituen eskuak Flanderkak, etsi-etsian, posta bakoitzarekin errukirik gabe ugaltzen ziren inprimakin haien aurrean! Gutun-azal ezagunak ikusi orduko, «Portofrei - dienstlich   Zergetatik aske. Ofiziala» zigilua eta guzti, bihotza taupaka hasten zitzaion beti, eta gauean, guztiaz pentsatuz, azkenean sinetsita zegoen ez zuela gerraren bukaera arte iraungo, eskualdeko jendarme-agintaritzak azken arrazoi puska kenduko ziola, eta ez zuela Austriako armen garaipenaz pozterik izango, zeren edo adar bat edo bi faltako baitzaio. Eta eskualdeko jendarme-agintaritzak galdera-bonbardaketa egiten zion egunero: zergatik ez ote zegoen erantzunda 72345/721af d zenbakiko galdeketa, nola konpondu zen 88992/822gfeh z zenbakiko instrukzioa, zeintzuk ziren 123456/1292br zenbakiko aginduaren emaitza praktikoak, etab.

        Ardurarik gehien eman zion instrukzioa, bertoko herritarren artetik salatari ordainduak eta informatzaileak lortzearena izan zen. Blata eskualdea hasten den tokiko norbait izatea ezinezkotzat jotzen zuenez (izan ere, hango jendea burugogorra baitzen), bururatu zitzaion zerbitzu hartarako auzo-artzaina hartzea. «Josetxu, saltazak!» deitzen zioten, eta ergel hutsa zen, hala deitzen ziotenetan salto egiten zuena; naturak eta jendeak bazter utzitako izaki gizagaixo haietako bat zen, urtean pare bat urrezko txanpon eta janaren truke auzo-ganadua bazkatzera eramaten zuen elbarria.

        Beroni deitu eta esan zion:

        — Badakik, Josetxo, nor den Prochazka zaharra?

        — Bee.

        — Ez egik bee, eta gogora ezak hala esaten zaiola enperadore jaunari. Badakik nor den enperadore jauna?

        — Enpedadode jauna da.

        — Ongi, Josetxo. Orduan, gogora ezak: etxez etxe bazkari eskean joaten haizenean inori entzuten badiok enperadore jauna astakiloa edo dela, etor hadi berehala nigana eta jakinaraz iezadak. Txanpon bat jasoko duk, eta inori entzuten badiok ez dugula gerra irabaziko, etor hadi berriro nigana, ulertzen duk?, eta esango didak nork esan duen, eta beste txanpon bat jasoko duk. Baina entzuten badut ezer ezkutatzen didaala, gaizki ibiliko haiz: hartu eta Pisekera eramango haut. Eta orain salta ezak!

        Salto egindakoan, bi txanpon eman zizkion, eta pozarren idatzi zuen eskualdeko jendarme-agintaritzarentzako txostena, lortua zuela informatzaile bat, alegia.

        Biharamunean apaiz jauna etorri eta guztiz ezkutuan jakinarazi zion goiz hartan, herriaren atzean, Josetxo Saltazak auzo-artzaina aurkitu eta honek kontatu ziola: «Jaun agudgarria: sadjentu jaunak atzo kontatu zidan enpedadode jauna astakiloa dela eta ez dugula gerra idabaziko. Bee. Ale hop!».

        Apaiz jaunarekin azalpenetan eta solasean luzatu ondoren, Flanderka subofizialak auzo-artzaina atxilotzeko agindu zuen. Geroago, Pragako gazteluan epaitu eta hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Josetxori, goi mailako traizioa leporaturik. Fiskalak traiziozko satorkeria arriskugarriak frogatu zizkion, matxinada, maiestatearenganako iraina eta beste zenbait delitu eta lege-hauste.

        Josetxo Saltazakek artzaintzan edo auzokoen artean bezala jokatu zuen epaiketan. Galdera guztien aurrean mingaina behekoz goiti itzuli zitzaion, eta epaia emanik, «bee, ale hop!» oihukatu eta salto egin zuen. Horren kariaz zigortu egin zuten, bakar-ziegako ohe gogor eta hiru barau-egunekin.

        Garai hartatik subofizialak, informatzailerik gabe gelditu eta, bat asmatzearekin konformatu behar izan zuen: plantazko izen bat eman zion, eta honela bere hileroko soldata berrogeita hamar koroatan gehitu zen, sos hori «Katua» tabernan xahutzen zuelarik. Hamargarren edalontziaz geroztik, kontzientziako harra izatenzuen, garagardoa ahoan mikazten zitzaion, eta beti entzuten zuen albokoengandik esaldi hau: «Gaur triste dabil gure jendarme jauna, umore onez ez balego bezala». Halako batean etxerakoa hartu eta beti esaten zuen norbaitek: «Gureak egin du berriro Serbian. Horrexegatik dago jendarmea hain isilik».

        Eta subofizialak, bederen, beste galdeketa bat osatzen zuen etxean: «Herritarren aldartea: Ia».

        Askotan luze eta logabeak izaten ziren gauak subofizial jaunarentzat. Ikuskapenaren, ikerketen aiduru zegoen beti. Gauez urkamendiarekin amesten zuen, nola zeramaten urkamendira, eta nola, azkenik, Defentsa ministroak berak galdetzen zion urkamendipean: «Wachmeister, wo ist die Antwort des Zirkulärs No 1786789/23792 X.Y.Z?   Jendarmeburua, non dago 1786789/23792 X.Y.Z zenbakiko zirkularraren erantzuna?.

        Jendarmeria osoan bazter guztietatik ehiztarien agur zaharra entzungo balitz bezala zen: «Ehiza ona!». Eta Flanderka subofizialak ez zuen dudarik egin eskualdeko nagusiak sorbaldan txapaka egin eta honela esango ziola:

        — Ich gratuliere Ihnen, Herr Wachmeister   Zorionak, jendarmeburu jauna.

        Subofizialak beste irudi eder batzuk ere pintatu zituen gogoan, bere burmuin ofizialaren zokoren batean hazten zirenak. Dominak, maila-igoera azkarra, karrera irekiko zioten bere gaitasun kriminalisten estimua.

        Kaboari deitu eta honela galdetu zion:

        — Eman diozue bazkaria?

        — Haragi ketua, aza eta irin egosizko bolak ekarri dizkiote. Saldarik, ez, ordea, bukatua zen eta. Te bat edan du eta beste bat nahi du.

        — Eman diezaiotela! —eskuzabal baimendu zuen subofizialak—. Tea bukatzen duenean, ekar ezazue nigana.

        — Zer? Gustatu zaizu? —galdetu zuen subofizialak, handik ordu erdira kaboak Xveik ekarri zuenean, aserik eta beti bezain lasai.

        — Tira, bada. Balekoa zen, subofizial jauna, baina aza gehixeago egon beharko. Baina berdin dio; badakit ez zeundetela horretarako prestatuta. Haragi ketua goxoa zegoen, baina ez zen etxekoa, etxeko txerriaz egina. Tea ronarekin ere ona zegoen.

        Subofiziala, Xveiki begiratu eta, honela hasi zen:

        — Egia da Errusian te asko edaten dela? Ronik ere badaukate han?

        — Rona mundu osoan dago, ofizial jauna.

        — Orain ez egik muzinik —pentsatu zuen berriro subofizialak—. Lehenago erreparatu beharko hion esaten duanari—. Eta Xveikenganantz makurturik, isilpean galdetu zuen:

        — Neska ederrik Errusian?

        — Neska ederrak mundu osoan daude, subofizial jauna.

        — Hik ere —pentsatu zuen berriro subofizialak—, hik ere libratu nahi huke orain korapilo honetatik.

        Eta subofizialak aurpegi beltzaz begiratu zuen:

        — Zer egin nahi zenuen 91. errejimenduan?

        — Frontera joan.

        Subofizialak Xveiki pozik begiratu eta ohartarazi zuen:

        — Zuzena da hori. Horixe da Errusiara heltzeko modurik onena... Benetan, oso ongi pentsatuta —distiratu zen subofiziala, bere hitzek Xveikengan zeukaten eraginari beha.

        Alabaina, Xveikengan ezin izan zuen erabateko lasaitasuna besterik susmatu.

        — Gizon honek betileak mugitu ere ez ditik egiten —ikaratu zen bere baitan subofiziala—. Hainbesterainokoa duk bere heziketa militarra. Ni bere egoeran egon eta inork holakorik esanez gero, dardara batean izango nitizkek belaunak... Bihar goizean Pisekera eramango zaitugu —bota zuen, bidenabar bezala—. Inoiz izan zara Piseken?

        — 1910ean, maniobra inperialetan.

        Subofizialaren irribarrea, erantzun honez geroztik, are atsegin eta garaile itxura handiagokoa izan zen. Bere baitan sinetsita zegoen galdera sistema horrekin bere burua gainditua zuela.

        — Maniobra guztietan ibili zinen?

        — Bai, noski, subofizial jauna, infanteriako soldadu gisa.

        Eta lehen bezain lasai gelditu zen Xveik subofizialari so, zeinak, pozaren pozez burua mugituz, ezin baitzion jada txostenean hori guztia apuntatzeko gogoari eutsi. Xveik eraman zezan kaboari deitu, eta osatu egin zuen bere txostena: «Hauxe zen haren plana: 91. infanteria-errejimenduko ilaretan isil-gordeka sarturik, berehala eskatu nahi zuen frontera alda zezatela, eta lehendabiziko abagunean Errusiara heldu, zeren nabaritu baitzuen ezinezkoa zela, zaintza-azpiegitura zela kausa, itzulbidea bestela egitea. 91. errejimenduan primeran aterako zitzaion plana, eta guztiz ulergarria da hori, zeren itaunketa luzeaz geroztik aitortu duenaren arabera, infanteriako soldadu ibili baitzen Pisek inguruan, 1910eko maniobra inperial guztietan. Horretan ikus daiteke txit gai dela bere alorrean. Aipatu behar da, bestalde, lortutako erruztapenak nire itaunketa moduaren emaitzak direla».

        Atean kaboa agertu zen:

        — Subofizial jauna, komunera joan nahi du.

        — Bajonet auf!   Baioneta gora! —erabaki zuen subofizialak—, baina ez, ekar ezazue hona.

        — Zerorrek komunera joan nahi duzu? —maitekor esan zuen subofizialak—. Ez dago horretan gibel-asmorik? —Eta Xveiken aurpegian ezarri zuen begirada.

        — Benetan, honetan ez dago beharra besterik, subofizial jauna —ihardetsi zuen Xveikek.

        — Horretan gibel-asmorik ez egoteko —modu adierazgarrian errepikatu zuen subofizialak, arauzko errebolberra gerrikatzeaz batera—, zurekin joango naiz.

        — Oso errebolber ona da hori —esan zion Xveiki bidetik—. Zazpi tiro egiten ditu, eta zehaztasunez, gainera.

        Halarik ere, patiora atera aurretik, kaboari deitu eta isil-gordean esan zion:

        — Har ezazu baioneta gora, eta barruan zaudenean jar zaitez komunaren atzean, tunelik aitzur ez dezan.

        Komuna zurezko etxetxo bat zen, txiki eta arrunta, patio erdian jarria, pixaz eta kakaz gainezkako zulo baten gainean.

        Aspaldian egina zen, zaharra, eta bertan belaunaldiak eta belaunaldiak txiza eta kaka eginda zeuden. Oraingoan Xveik zegoen han, esku bat ateko sokari oratuta, atzealdeko leihatilatik kaboak ipurdia begiratzen zion bitartean, aitzur ez zezan.

        Eta subofizialaren aztore-begiak ateari adi-adi so zeuden, eta subofizialak pentsaketan ziharduen, ea zein hankatan egin behar zion tiro, ihes eginez gero.

 


 

        Baina atea lasai asko ireki, eta Xveik azaldu zen, poz-pozik, subofizialari galdetzen ziola:

        — Luzaroan izan naiz han? Asko itxaron behar izan duzu?

        — Inondik inora, inondik inora —ihardetsi zuen subofizialak, bere artean pentsatzen zuela: «Ze samur eta zintzoa den: bazekik zer daukan zain, baina burua xut. Azken unera arte zintzo. Hala jokatuko ote luke gutar batek haren lekuan balego?».

        Subofiziala zaintokian eseri zen, Xveiken aldamenean, Rampa jendarmearen etzaleku hutsean. Goizera arte zerbitzua, herrietan egin beharreko erronda eduki arren, Rampa Protivingo «Zaldi gorri» tabernan zegoen une hartan, lasai asko eserita, zapatariekin kartetan, eta atsedenaldietan gerra Austriak irabaziko zuela azaltzen.

        Subofizialak pipa piztu, eta Xveiki berea ere piztu zezala utzi zion. Kaboak berogailuan ikatza jarri eta jendarmeria Lurbiraren lekutxorik atseginena bihurtu zen, bazter lasai, habia bero, solasean emandako negu arrats hurbilean.

        Hala ere, denak isilik zeuden. Subofiziala pentsamendu jakin baten atzetik zebilen, eta azkenean zera adierazi zuen, kaboari bueltaturik:

        — Nire iritziz, ez da bidezkoa espioiak esekitzea. Bere eginbeharragatik, bere, nolabait esateko, aberriagatik sakrifikatzen dena, modu ohoragarrian kendu behar da erditik, bolboraz zein balazoka. Zer uste duzu zuk, jauna?

        — Dudarik ez: tiroka eta eseki gabe —bat etorri zen kaboa—. Demagun gu ere bidali eta esaten digutela: «Egiaztatu behar duzue zenbat metrailadore dauzkaten errusiarrek beren maschinengewehrabteilung   Metrailadore Saila-en». Arropaz aldatu eta abiatu egingo ginateke. Eta horrexegatik eseki behar nindukete, bidelapur hiltzaile baten modura?

        Kaboak, amorruaren amorruz altxatu eta, deiadar egin zuen:

        — Ohore militarrekin fusilatu eta ehortz nazatela eskatzen dut nik.

        — Horrek badu alde txarrik, ordea —bota zuen Xveikek—: norbait azkarra izanez gero, ez diote inoiz ere ezer frogatuko.

        — Frogatu egingo diote, bai —azpimarratu zuen subofizialak—, haiek ere azkarrak badira eta beren metodoa badaukate. Konbentzitu egingo zara. Bai, konbentzituko —errepikatu zuen, oraingoan tonu baketsuz errepikatu ere, irribarre atsegina erantsirik—. Gure herrian inor ez dabil itzulinguruka, ezta, jauna?

        Kaboak buruaz adostasuna erakutsi eta iritzi ere, iritzi zion zenbait jendek aurretiaz daukala galduta kontua, erabateko lasaitasunaren maskarak ere ez duela lagunduko, zenbat eta inork lasaiagoa irudi, nabariago zaiola erruduntasuna.

        — Zu nire eskolakoa zara —iragarri zion, harrotuta, subofizialak kaboari—. Lasaitasuna xaboizko burbuila da, lasaitasun artifiziala corpus delicti da—. Eta bere teoriaren azalpena etenik, kaboari bueltatu zitzaion:

        — Zer dugu gaur afaltzeko?

        — Gaur ez zara, subofizial jauna, tabernara joango, ezta?

        Galdera honekin, subofizialaren aurrean problema astun berri bat sortu zen, berehala konpondu beharrekoa: eta gauean han ez egoteagatik, Xveik horrek hori aprobetxatu eta ihesari emango balio, zer? Egia da kaboa fidagarria zela, arretatsua, baina bi arlotek ihes egina zioten jada. Benetan gertatu zena hauxe izan zen: behin, neguan, elurretatik gaindi Pisekeraino eraman nahi ez eta Razitse ondoko soroetan utzita airera tiro egin zuen itxurak egitearren.

        — Bidal dezagun geure neskamea afari bila eta doala garagardo-pitxerrarekin —konpondu zuen subofizialak problema astuna—, doala azkar amona.

        Eta Peizlerka amona, haiei adi-adi zegoena, azkar joan zen benetan.

        Afalostean, jendarmeriaren eta «Katua» tabernaren arteko bideak giro ederra izaten zuen. Peizlerka amonaren botatzar astunek lotune hartan utzitako oinatz izugarri ugariak lekuko, subofizialak ordain ederra hartu zuen «Katua»-an ez egotearen truke.

        Eta azkenik Peizlerka amona berriz ere agertu zenean edaritegian subofizialaren mandatu bat zeramalarik (alegia, guztientzako eskumuinak eta pattar botila bidal ziezaioten nahi zuela), leher egin zuen tabernariaren jakin-minak.

        — Nor daukaten han? —erantzun zuen Peizlerka amonak—. Gizon susmagarri bat. Nik alde egin aurretik, biek lepotik helduta zeukaten, eta subofizialak burua laztantzen zion, ziotsala: «Hi, neure urrezko mutiko eslaviarra, hi, neure espioitxo txikitxoa!»

        Eta gero, gauerdia dexente pasata, kaboa lo zegoen, zurrunga ozenak eginez, bere etzalekuan botata, uniformez jantzita.

        Beste aldean subofiziala zegoen eserita, botilaren hondoko pattar hondarra zeukala, Xveiki lepotik oratuta, malkoak aurpegi beltzaranetik zerizkiola, bizar-ileak pattarrarengatik itsatsita, farfuilatuz:

        — Esan ezak Errusian ez daukatela honelako pattar onik, esan ezak, lasai oheratu ahal nadin. Aitor ezak gizona haizen aldetik.

        — Ez daukate.

        Subofiziala Xveiken gainera erori zen.

        — Poza eman didak, aitortu egin duk. Hala izan behar itaunketan. Erruduna izanez gero, zertarako ukatu?

        Altxatu eta, botila hutsa eskuan, bere gelara joan zen halda-maldaka, xuxurlatuz:

        — Norabide o-okerrera joan ez balitz, dena bestela ate-terako zen.

        Uniforme eta guzti ohean amildu baino lehen, idaztegitik bere txostena atera eta material honekin osatzen saiatu zen: «Ich muß noch dazu beizufügen, daß die russische Kontuszówka   Halaber, pattar errusiarra gaineratu behar dut 56 zenbakidun paragrafoa kontuan hartuz...».

        Zirriborroa egin, garbitu, eta irribarre ergela eginez, ohera amildu eta lo seko gelditu zen.

        Goiz aldera, kabo jendarmeak, beste aldeko hormako ohean etzanda, sudur-txistuaz lagundutako zurrungari eman zion, Xveik iratzartzeraino. Berau altxa, kaboa astindu, eta etzatera joan zen berriz. Ordurako, oilarrak kukurruku egiten hasiak ziren, eta gero eguzkia irten zenean, gaueko harat-honatarengatik loak hartutako Peizlerka amona etorri zen berogailua piztera. Eta hara, atea irekita aurkitu du eta denak lo sakonean murgilduta. Artean ke beltza zerion zaintokiko petroliozko lanparari. Peizlerka amonak alarma jo, kaboa eta Xveik ohetik atera, eta honela esan dio kaboari:

        — Ez zaitu lotsatzen piztia baten erara jantzita lo egiteak, ala? —eta baita Xveiki gogorarazi ere emakume bat ikustean behintzat zirritua ixteko.

        Azkenik, kabo erdi lokartuari kementsu esan zion subofizial jauna iratzartzera joan zedin, ez zela-eta parte onekoa bertan zurra-zurra lo egitea.

        — Esku onetan erori zara gero —murmurikatu zion amonak Xveiki, kaboak subofiziala iratzartzearekin batera—. Zein baino zein hordiputzagoak. Begi arteko sudurra ere edango lukete horiek. Hiru urteko soldata zor didate, eta hori gogorarazten diedanetan, zera esaten dit subofizialak: «Ixo, amona, edo preso hartuko zaitut. Guk badakigu zure semea ezkutuko ehiztaria dela eta nagusiarenera joaten dela egurra lapurtzera». Eta, horrenbestez, hau da laugarren urtea enbarazu egiten didatena.

        Amonak hasperen sakona egin eta murmurikatzeari ekin zion:

        — Batez ere kontuz ibili subofizialarekin. Halakoxe elezuria da, eta azken finean lotsagaldu ikaragarria. Edonor atxilotu eta kartzelaratzeko prest dago beti.

        Gaitz izan zen subofiziala iratzartzea. Lanak ibili zituen kaboak goizez zela sinestarazten.

        Azkenik begiak erdi ireki, igurtzi, eta lauso hasi zen bezperakoak gogoratzen. Bat-batean gogora etorri zitzaion pentsamendu izugarri bat, kaboari duda-mudatan begiratuz adierazi zuena:

        — Ihes egin digu?

        — Baita zera ere. Gizon zintzoa da oso.

        Kaboa gelatik ibiltzen hasi zen, leihotik begiratu, berriro itzuli, mahai gaineko egunkaritik paper pusketa urratu, eta hatzekin zimurtuz, paperezko bolatxo bat egin zuen. Nabari zen zerbait esan nahi zuela.

        Subofizialak aiko-maiko hari so egin eta azkenik, susmatu besterik egiten ez duenaren segurtasun osoa eskuratu nahirik, honela esan zuen:

        — Lagundu egingo dizut, ene jaun kaboa. Atzo berriro ere ez egitekoren bat egingo nuen, ezta?

        Kaboak, erantzuki eginez so egin zion bere nagusiari.

        — Jakingo bazenu, nagusi jauna, nolakoak bota zenituen atzo eta nolakoak ekarri zenituen harekin hizpidera.

        Subofizialaren belarrirantz makurtuz, xuxurlatu zuen:

        — Gu guztiok, txekiarrok eta errusiarrak, odol eslaviar bera garela. Nikolai Nikolaievitx Prerov hirian izango dela datorren astean; Austriak etsi egingo duela; hurrengo itaunketetan den-dena ukatu eta korapilatu dezala eta kosakoek askatu arte euts dezala; kontua lehertzear dagoela; gerra hustarretan   Jan Hus erreformatzaile txekiarra, Konstantzako Kontzilioak herexea izateaz akusaturik, sutan hil zuten 1415ean. Ondorioz, txekiar nekazariak matxinatu eta «hustarra» izeneko gerra zibilari hasiera eman zitzaion bezala gertatuko dela; nekazariak, idaur eta guzti, Vienara joango direla; enperadore jauna agure eri bat dela; ez duela udaberriko kukua entzungo; Gilhem enperadorea astakirtena dela; dirua bidaliko diozula kartzelara ondoezik egon ez dadin, eta halako berriketa gehiago...

        Kaboa subofizialarengandik apartatu zen:

        — Hori guztia ederki dut gogoan, hasieran txolinduta baino ez nengoelako. Baina gero ni ere hasi nintzen zozokeriak esaten.

        Subofizialak kaboari behatu zion.

        — Eta, gainera, gogoratzen dut —iragarri zuen— nola esan zenuen gu, errusiarren aldean, ergel hutsak garela, eta nola «Gora Errusia!» esan zenuen orroka, gure atsoaren aurrean.

        Kaboa gelatik urduri ibiltzen hasi zen.

        — Zezen baten antzera orroka —esan zuen subofizialak—. Gero ohera oldartu eta zurrungaka hasi zinen.

        Kaboak, leiho ondoan gelditu, tarrapataka aritu, eta hauxe iragarri zuen:

        — Zuk ere, nagusi, ez zeneukan ahoan batere bilorik gure atsoaren aurrean, eta gogoan dut nola esan zenion: «Gogora ezazu, atso horrek, enperadore eta errege guztiek patrikari baino erreparatzen ez diotela, eta horrexegatik antolatzen dituzte gerrak, Prochazka zaharra bezalako aitonak izanik ere. Horri ez diote komunetik irteten uzten, Schönbrunn jauregi osoa kakaztu ez diezaien».

        — Halakorik esan nuen?

        — Bai, jauna, patiora oka egitera irten aurretik, eta baita zera oihukatu ere: «Amona, sar iezadazu hatza eztarrian!».

        — Zuk ere ederrak bota zenituen —moztu zion subofizialak—. Nolatan, bada, otu zaizu Nikolai Nikolaievitx errege txekiarra izango delako pellokeria esatea?

        — Hori ez dut gogoratzen —adierazi zuen kaboak lotsatuta.

        — Nolatan, bada, gogoratuko zenuke? Total eginda zeunden, txerri-begitxoak zeneuzkan, eta kanpora nahi zenuenean, irten barik berogailura joan zinen arrastaka.

        Biak isildu ziren, harik eta isilune luzea subofizialak eten zuen arte:

        — Beti esan dizut alkohola galbidea dela. Zuk ez duzu askorik jasaten, eta edan egiten duzu. Eta horrek ihes egin baligu, zer? Nola zurituko genuke geure burua? Ene! Hau buruhaustea! Esaten dizut, jaun kaboa —jarraitu zuen subofizialak—, kontua argi eta garbi baldin badago, ihes egin ez zuelako dela: gizon arriskugarria eta zolia da honako hau. Itaunketan esango du atea gau osoa egon zela irekita, mozkortu ginela, eta mila aldiz ihes egin zezakeela errudun sentitu izan balitz. Eskerrak honelako gizon bati ez zaion sinesten, eta den-dena gizon horren asmakizun eta gezur hutsa dela esaten dugunean zin ofizialpean, orduan Jainkoak ere ez dio lagunduko, eta beste lege hauste bat izango du bizkar gainean. Honelako buruko min handirik ez baneuka!

        Isiltasuna. Handik une batera, subofizialaren ahotsa entzun zen:

        — Dei egiozu gure atsoari.

        — Aizu, amona —esan zion subofizialak Peizlerkari, aurpegira zorrotz begiratuz—, bila ezazu inon gurutzefika bat idulki eta guzti, eta ekarri hona.

        Peizlerkak zerbait galdetu nahian bezala begiratu zuenez, orro egin zuen subofizialak:

        — Kontu egizu berehala egon dadin hemen!

        Subofizialak mahaitxotik bi argizari atera zituen, agiri ofizialetarako lakre aztarnak zeuzkatenak, eta azkenik Peizlerka, gurutzefika eskuan, ozta-ozta eta astiro heldu zenean, subofizialak gurutzea bi argizarien artean, mahai ertzean ezarri, argizariak piztu, eta serio-serio esan zuen:

        — Eseri, amona.

        Peizlerka, zurtuta, besaulkian amildu, eta izu-ikaran, subofizial, argizariari eta gurutzefikari beha jarri zen. Beldurra nagusitu zitzaion, eta eskuak amantalean zeuzkalarik, ikus zitekeen dardaraka zeuzkala, baita belaunak ere.

        Subofizialak, serio, haren ingurutik bira eman zuen, eta haren aurrean bigarrenez gelditurik, oso zeremoniatsu eman zuen aditzera:

        — Bart gertaera handien lekuko izan zara, amona. Baliteke zure adimen tentelak hori ez ulertzea. Soldadu hori agente bat da, espioia, amona.

        — Jesus, Maria eta Jose —garrasi egin zuen Peizlerkak—, Ama Birjina!

        — Ixo, amona! Informaziorik ateratzeko, mintzagai ugari erabili behar izan genuen. Entzun zenuen nolako mintzagai bitxiak generabiltzan?

        — Entzungo ez nuen, bada? —bota zuen Peizlerkak ahots dardaratiz.

        — Baina mintzagai horiek guztiek, amona, aitortzea, gurekin konfiantzan sartzea zuten helburu. Eta lortu egin genuen. Den-dena atera genion. Atzaparra egotzi diogu horri.

        Jendarmeak une batez hizketa eten zuen argizarien metxa konpontzeko, eta gero jarraitu egin zuen benazko, Peizlerkari zorrotz begiratuz:

        — Zu, amona, tartean izan zara eta sekretu osoaren jakitun zaude. Sekretu hau ofiziala da. Horretaz ez diozu inori hitzerdi ere esan behar, ezta azken hatsa ematean ere, ze, bestela, hilerrian lurperatu ere ez zintuzkete egingo.

        — Jesus, Maria eta Jose —nahigabetu zen Peizlerka—, zein zoritxarrekoa naizen hona naizenetik.

        — Negarrik ez, amona. Altxatu, gurutzefikaren aurrean jarri, eskuineko eskuaren bi hatz altxatu. Zin egingo duzu. Errepika nire esanak.

        Peizlerka mahairatu egin zen, halda-maldaka eta aieneka:

        — Ama Birjina, zein zoritxarrekoa naizen hona naizenetik.

        Eta gurutzetik Kristoren aurpegi sufritua zeukan begira, argizariei kea zeriela, eta den-denari zerbait beldurgarria eta naturaz gaindikoa iritzi zion Peizlerkak. Bere onetik aterata zegoen, belaunak eta eskuak dardaraka zeuzkala.

        Bi hatz gorantz altxatu eta subofizialak, enfasi eta solemnitatez, hauxe errepikarazi zion:

        — Zin dagizuet Jainko Guztiahaldunari eta zerorri, subofizial jauna, hemen entzun eta ikusitakoez ez diodala hil arte inori ere hitzik esango, ausaz galdetuko balidate ere. Jainkoak lagun biezat horretan.

        — Musu emaiozu gurutzefikari, amona —agindu zion subofizialak, Peizlerkak, negar zotin ikaragarrian, zin egin eta debozioz aitaren egindakoan.

        — Tira, eta orain eramazu gurutzefika hartutako lekura, eta esazu itaunketarako behar izan dudala!.

        Peizlerka, lur jota, oin-puntetan irten zen gelatik, gurutzefika eskuan, eta leihotik zehar ikus zitekeen nola errepidetik behin eta berriz bueltatzen zituen begiak jendarmeriara, bere buruari sinestarazi nahian bezala ez zela amets hutsa izan, baizik eta une bat lehenago bere biziaren zerbait izugarria bizi izan zuela benetan.

        Subofizialak, bitartean, gauez zirriborroz betetako txostena kopiatu zuen. Zirriborrook eskuizkribuarekin batera miazkatuak zituen, paperean marmelada balego bezala.

        Oraingoan zeharo aldatu zuen, eta gogoratu zuen gauza bat galdetzeke utzi zuela. Xveik deiarazi eta honela galdetu zion:

        — Badakizu argazkiak ateratzen?

        — Bai.

        — Eta zergatik ez daramazu aldean argazki-makinarik?

        — Ez daukadalako —izan zen erantzun zintzo eta garbia.

        — Eta edukiko bazenu, argazkirik aterako zenuke? —galdetu zuen subofizialak.

        — Zergatik ez? —Xveikek tolesgabe arrapostu, eta lasai jasan zuen subofizialaren aurpegiera galdetzailea. Subofizialak, buruko mina hasi berri eta, ez zuen galdera hau besterik egiterik izan:

        — Zaila da tren-geltoki bati argazkiak ateratzea?

        — Beste edozeri baino errazagoa —erantzun zuen Xveikek—, ze ez da mugitzen, eta geltokia beti geldi egoten da toki batian, eta ez zaio esan behar aurpegi atsegina jartzeko.

        Honenbestez, subofizialak bere txostena osatu ahal izan zuen: «Zu dem Bericht No 2172, melde ich...»   2173 zenbakidun txostenari dagokionez, hauxe iragartzen dut

        Eta idazteari eman zion:

        «Nire itaunketan deklaratu du, besteak beste, badakiela argazkiak ateratzen, eta tren-geltokiei batez ere. Egia da argazki-makinarik ez zaiola aurkitu, baina uste izatekoa da inon gordeta daukala, eta horrexegatik ez darama aldean, deigarria ez izateko. Horren froga, bere aitormena izan da: aldean argazki-makinarik edukiz gero, argazkiak aterako lituzkeela».

        Subofiziala, bezperako kontuengatik buru astuna zeukalarik, gero eta korapilagotzen ari zen argazki-ateratzearen berri ematean, eta idazteari ekin zion:

        «Argi eta garbi dago, bere aitormenaren arabera, aldean argazki-makinarik ez eramateak ez bestek eragotzi ziola geltokiko eraikinei eta, oro har, garrantzi estrategikodun lekuei argazkia egitea, eta ez dago dudarik hala jokatuko zuela, seguruenik gordeta zeukan makina aipatua aldean edukiz gero. Atxilotutakoaren aldean argazkirik aurkitu ez bazaio, argazki-makina eskura ez zeukalako baino ez da».

        — Aski da —esan, eta sinatu egin zuen subofizialak.

        Subofiziala ezti-eztitan zegoen bere lanarekin, eta kaboari irakurri zion harro-harro eginda.

        — Primeran atera zait —esan zion kaboari—. Begira, honelaxe idazten dira txostenak. Den-denak egon behar hor. Itaunketa, motel, ez da hain kontu erraza, eta gauza printzipalena txostena ederki osatzea da, goiko horiek sor eta lor geldi daitezen. Ekardazu hona gure gizona, kontu honi bukaera emateko.

        — Bada, orain kaboak Pisekera eramango zaitu —adierazi zion subofizialak, serio, Xveiki—, bezirksgendarmeriekommando-ra   Poliziaren eskualde-zuzendaritza. Aginduen arabera, bilurrak jarri behar zaizkizu, baina zintzoa zarela uste dudanez, ez dizkizugu jarriko. Sinetsita nago bidetik ere ez zarela ihes egiten saiatuko.

        Subofizialak, Xveiken aurpegi onberari begira nabarmen txunditurik, hauxe erantsi zuen:

        — Eta ez nazazu gaizto antzean gogoratu. Eramazu, kaboa: hemen dauzkazu bilurrak.

        — Agur, beraz —esan zuen Xveikek samur—. Eskertzen dizut, subofizial jauna, nigatik egindako guztia, eta aukera edukiz gero, idatzi egingo dizut, eta inoiz inguru hauetara etorriz gero, hemendik pasako naiz.

        Xveik kaboarekin errepideratu zen, eta norbaitek halako lagun-giroko solasean murgilduta aurkituz gero, pentsatuko zuen hirirako bide bera, demagun elizarakoa, daukaten aspaldiko ezagunak zirela.

        — Inoiz ez nuen pentsatuko —azaldu zuen Xveikek— Budeiovitserako bidea hainbeste gorabeherarekin lotuta egongo zenik. Honek gogora dakarkit Kobylisy herriko harakinari gertatutakoa: behin, gau batez, Moran auzora heldu zen, Palackyren oroigarrira, eta goizera arte inguru hartan jira eta bira ibili zen, iruditzen zitzaiolako horma hark ez zuela amaierarik. Guztiz etsita zegoen, eta goizaldean, gehiago ezinean, oihuka hasi zen: «Patruila!», eta poliziak korrika hurbildu zirenean, bada, orduan galdetu zien nondik joaten zen Kobylisyra, horma haren albotik bost ordu zeramatzala ibiltzen, eta ez zegoela bidearen amaierarik. Orduan eraman egin zuten, eta zigor-ziegan den-dena txiki-txiki egin zuen.

        Kaboak horretaz ez zuen hitzerdi ere esan, gogoetan zegoelarik:

        — Baina zer kontatzen didak hik? Hasia haiz Budeiovitseko beste ipuin batekin.

        Urmael ondotik zihoazen, eta Xveikek arretaz galdetu zion kaboari ezkutuko arrantzale asko ote zeuden inguru haietan.

        — Hemengo guztiak ezkutukoak dira —erantzun zuen kaboak—. Aurreko subofiziala uretara jaurti nahi izan zuten. Urmaeleko zaindariak, bere etxetik, perdigoiz tirokatzen ditu ipurdian, baina alferrik. Letoi puska bana eramaten dute praketan.

        Kaboa aurrerakuntzaz mintzatu zen, nola gizakiek denetik asmatzen duten, eta nola elkar engainatzen duten, eta teoria berri bat garatu ere egin zuen, alegia, gerra hura zorte onekoa zela gizateriarentzat, zeren estualdi haietan, jende zintzoarekin batera, zirtzilak eta zitalak ere fusilatuko baitziren.

        — Dena den, jende asko dago munduan —adierazi zuen serio—. Bata bestearekin pilatzen dira, eta gizateria izugarri ugaldu da.

        Bideko taberna batera hurreratu ziren.

        — Hau haize ikaragarria, hau! —esan zuen kaboak—. Uste dut kopa batek ezin digula kalterik egin. Ez esaiozu inori Pisekera zaramatzadanik. Estatuko sekretua da.

        Kaboaren aurrean dantzaka hasi zen bulego zentraletako agindua, jende susmagarriari buruzkoa eta jendarmeria bakoitzaren eginbeharrari buruzkoa: «Bertoko herritarrekin harremanetan sar daitezela eragotzi, eta goiko instantzietara eramatean inguruan hizpiderik ez emateaz zorrotz arduratu».

        — Ez da nor zaren jakin behar —bota zuen berriro kaboak—. Egin duzunak ez dio inori axola. Ez da izu-ikararik hedatu behar. Izu-ikara, gerra denbora honetan, gauza txarra da —jarraitu zuen—. Zerbait esan, eta berehala hor doa, elur-jausi bat balitz bezala, inguru guztitik. Ulertzen?

        — Orduan, ez dut izu-ikararik hedatuko —esan zuen Xveikek, eta baita horren arabera jokatu ere, zeren, tabernaria mintzatzen hasi zitzaienean, Xveikek azpimarratu baitzuen:

        — Nire anaia honek dio ordu batean Piseken izango garela.

        — Eta baimenik al dauka zure anaiak? —galdetu zion tabernari autubatzaileak kaboari. Honek, begiak kliskatzeke, honela erantzun zuen, ozar:

        — Gaur bukatzen zaio!

        — Ziria sartu diogu —iragarri zion irribarrez kaboak Xveiki, tabernaria norabait joandakoan—, eta batere izu-ikararik gabe gainera. Gerra denboran gaude.

        Baldin eta kaboak, tabernan sartu aurretik, adierazi baldin bazuen kopa batek ezin zezakeela kalterik egin, baikorra zen, zeren zenbatekoaz ahaztua baitzen, eta hamabi edandakoan, guztiz zirt-zart iragarri zuen hirurak arte bazkaritan izango zela eskualdeko jendarmeriako nagusia, alferrik zela hara lehenago iristea, eta gainera bisutsa zekarrela. Piseken arratsaldeko lauretan izateko garaiz zebiltzala oso. Gero, seietan heltzeko garaiz zebiltzala. Geroago, iluntzean abiatuko zirela, egun hartako eguraldia zela eta. Berdin ziola orain edo geroago joan. Pisekek ezin zuela ihes egin.

        — Poztu gaitezen bero esertzeaz —izan zen bere azken hitza—. Eguraldi txakur honekin han, lubakietan, gehiago sufritzen dute guk hemen, berogailu ondoan baino.

        Azulejuzko berogailutzar zaharrak beroa hedatzen zuen, eta kaboak frogatu zuen kanpoko beroa egoki bete daitekeela barrukoarekin denetiko pattar goxo eta gogorren laguntzaz, Galitzian esaten duten bezala.

        Tabernariak, bakardade hartan, zortzi pattar mota zeuzkan, aspertzen zen, eta edan egiten zuen haizeak ertz bakoitzean egiten zuen txistuarekin batera.

        Kaboak etengabe gonbidatzen zuen tabernaria berarekin edatera, eta gutxi edaten zuelako kargu hartzen zion. Begi bistako bidegabekeria zen hura, zeren eta tabernariak ozta-ozta zirauen zutik, etengabe nahi zuen kartetan aritu, eta baieztatzen zuen kanoikadak gauez entzun zituela ekialdetik. Eta kaboak, zotinka:

        — Baina izu-ikararik ez. Horretaz badira in-instrukzioak.

        Eta azaltzen hasi zen instrukzioak agindurik hurbilenen bilduma zirela. Tartean zenbait ezkutuko agindu ezagutarazi zituen. Tabernariak jadanik ez zuen deusik ulertzen, eta ez zuen indarrik aurkitu gerra-instrukzioekin irabazten ez zela iragartzeko baino.

        Jadanik iluna zegoen kaboak erabaki zuenean Xveikekin Pisekera abiatzea. Bisutsa zela eta, ez zegoen urrats batera ikusterik, eta kaboak etengabe esaten zuen:

        — Beti zuzen, sudurrari jarraiki, Pisekeraino.

        Hau hirugarrenez esan zuenean, bere ahotsa jada ez zen errepidetik entzuten, beheko lekuren batetik baizik. Izan ere, malda elurtu batera eroria baitzen. Eskopetaz baliatuz, ozta-ozta lortu zuen errepidera berriro irtetea. Xveikek irri itoaz esandako hauxe entzun zion:

        — Hau txirrista, hau!

        Handik une batera, ordea, ez zitzaion berriz entzun, zeren berriro erori baitzen maldatik behera, haizea gortzeko moduan oihukatu zuelarik:

        — Erortzera noa, hau ikara!

        Norabait erori ondoren azalera setaz igotzen den inurri maratz bihurtu zen kaboa.

        Bost aldiz errepikatu zuen maldako txangoa, eta berriro Xveiken ondora helduta, nahasirik eta etsita esan zuen:

        — Erraz asko galdu ahal izan zaitut.

        — Ez beldurrik izan, jauna —esan zuen Xveikek—. Hobe dugu elkar lotzea. Horrela ezin dugu batak bestea galdu. Aldean al daramatzazu bilurrak?

        — Jendarme guztiek beti eraman behar izaten dituzte aldean bilurrak —azpimarratu zuen kaboak, Xveiken ingurutik balantzaka—. Gure eguneroko ogia dira.

        — Orduan, lotu gaitezen —proposatu zuen Xveikek—. Saia zaitez.

        Mugimendu trebe batez, kaboak bilur bat jarri zion Xveiki, eta bestea bere eskuineko eskumuturrari, eta orain bikiak balira bezala lotuak ziren. Errepidetik balantzaka, elkarrengandik banandu ezinean, kaboak harri meta batetik arrastaka eraman zuen Xveik, eta erorita, berarekin batera Xveik ere lurreratu zuen. Tartean bilurrek urratuak egiten zizkieten eskuetan, harik eta kaboak iragarri zuen arte hala ezin zitekeela, askatu behar zituela. Luzaro eta alferrik saiatu ondoren, hasperen egin zuen:

        — Egun eta santa sekulako lotuak gara.

        — Amen —erantsi zuen Xveikek, eta bide nekezari jarraiki zitzaizkion.

 


 

        Guztizko eroraldia jabetu zen kaboaz, eta sufrimendu ikaragarriaren ostean, arratsean Pisekeko jendarmeria nagusira iritsi zirenean, eskaileretan zeharo izuturik esan zion kaboak Xveiki:

        — Oraingoa ikaragarria izango da. Ezin gaitezke elkarrengandik banandu.

        Eta benetan ikaragarria izan zen, subofizialak jendarmeriako nagusia, König kapitaina bila zezatela agindu zuenean.

        Kapitainaren lehendabiziko hitza hauxe izan zen:

        — Bota arnasa neure aurpegirantz.

        — Orain ulertzen dut —esan zuen kapitainak, bere usaimen azkar eta trebatuaz egoerari ezbairik gabe erreparatuz—, rona, pattarra, ginebra, patxarana, koñaka, eta intxaur likorea... Subofizial jauna —bueltatu zitzaion bere mendekoari—, hemen duzu adibide bat nola ez duen jendarme batek irudi behar. Honela jokatzea akats handia da, epaimahai militarrak epaitu behar duena. Gaizkile batekin bilurrez lotzea. Mozkor heltzea, total eginda. Piztia bat bezala arrastaka. Kendu egiezu hori.

        — Zer? —bueltatu zitzaion kaboari, zeinak esku libreaz alderantziz egiten baitzuen erreberentzia.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapitain jauna, txostena dakardala.

        — Zuri buruzko txostena joango da epaimahaira —esan zuen labur kapitainak—. Subofizial jauna, har itzazu preso bi gizonok, goizean itaunketara ekarriko dituzu, eta Putimgo txosten hori ikasi eta bidal iezadazu etxera.

        Pisekeko kapitaina gizon txit ofiziala zen, bere mendekoak kontrolatzeaz arduratsu, kontu burokratikoetan nabarmendua.

        Bere barrutiko jendarmerietan inoiz ezin zuten esan ekaitza alde egina zenik: itzuli egiten zen kapitainak sinatutako agiri bakoitzarekin. Honek, egunero, denetariko erantzuki, ohartarazpen eta mehatxuak igortzen zituen eskualde osora.

        Gerra hasi zenetik, Pisek eskualdeko jendarmerien gainetik hodei beltz astunak agertu ziren.

        Izu-ikarazko egoera zen benetan hangoa. Burokraziaren trumoia ari zuen, jendarmerietako sarjentu, kabo, soldadu eta mandatariak joaz. Edozein tentelkeriarengatik, diziplina-ikerketa.

        — Gerra irabaztekotan —esaten zuen jendarmerietatik barrena egindako ikuskapenetan—, «a» «a» izan behar, «b» «b», eta «i» gainean beti puntua.

        Saldukeriaz setiaturik sentitzen zen, eta iritzi zehatz bat zerabilen, alegia, eskualdeko jendarme bakoitzak bazeukala bekaturen bat gerra zela eta ez zela, garai latz hartan bakoitzak deskuiduren bat zeukala bere zerbitzuan.

        Eta goitik agiri-bonbardaketa etortzen zitzaion. Agiriotan esaten zenez, Defentsa Ministerioak frogatua zuen Pisekeko eskualdea, Gerra Ministerioaren berrien arabera, etsaiari lotzen zitzaiola.

        Eta eskualdeko leialtasuna ikertzeko lana eman zioten. Ikaragarria zen. Inguruetako emakumeek senarrei gerrara lagun egiten zieten, eta berak bazekien gizonok emazteei prometatzen zietela ez zirela enperadore jaunarengatik hilko.

        Hodeiertz beltz-horiak iraultzaren hodeiez estaltzen hasi ziren. Serbian, Karpatoetan, batailoiak etsaiari lotzen zitzaizkion. 28. errejimendua, 11. errejimendua. Azken honetan baziren Pisek eskualdeko soldaduak. Ekaitzaren aurreko sargori hartan Vodnanyko soldadu berriak heldu ziren, organdi beltzezko krabelinak eskuan. Pisekeko geltokitik Pragatiko soldaduak igarotzen ziren, Pisekeko damek bagoi hautseztatuetara luzatzen zizkieten zigarretak eta txokolatea leihotik jaurtiz.

        Geroago fronterako batailoi bat iragan zen, eta Pisekeko zenbait juduk «Heil, nieder mit den Serben!»   Gora! Serbiarrak kanpora! oihukatu zuten, eta belarrondoko eder pare bana jaso zuten, astebetez kalera ez irteteko modukoak.

        Gertaerok argi eta garbi erakusten zuten elizetako organoek «Gorde gaitzazu, Jauna» jotzea urre faltsu kaxkarra zela, planta hutsa. Bien bitartean, «à la Putim» delako galdeketentzako erantzun ezagunak iristen ziren jendarmerietatik: dena behar bezala zegoela, gerraren kontra inon ez zela matxinadarik sortuko.

        — Zuek ez zarete jendarmeak, udaltzainak baizik —esan ohi zuen bere errondetan—. Zuen ernetasuna ehuneko mila azkartu beharrean, poliki-poliki aberetzen ari zarete.

        Aurkikunde zoologiko hau buruturik, erantsi ohi zuen:

        — Etxean zaudete, zabar-zabar eginda, eta uste duzue: Mit ganzem Krieg kann man uns Arsch lecken   Nigatik balitz, egin dezatela gerra.

        Jarraian beti etortzen zen zoritxarreko jendarmeen eginbehar guztien zerrenda, egoeraren azalpena, nola dena kontrolpean eduki behar zen, behar bezala izateko. Austriako monarkiaren indartzerantz zuzendutako jendarme-perfekzioaren eredu distiratsuaren deskribaketa honen ostean, mehatxuak zetozen, diziplina-ikerketak, lekualdaketak eta biraoak.

        Kapitaina bete-betean sinetsirik zegoen han zerbait zaintzeko zegoela eta jendarmerietako bere mendeko horiek guztiak alfer banda bat zirela, berekoiak, zitalak, iruzurgileak, pattarraz, garagardoaz eta ardoaz baino ulertzen ez zutenak. Eta mozkortzeko nahiko soldatarik ez zeukatenez, saldu egiten zuten beren burua, eta baita Austria poliki baina segurki hondatu ere. Fidatu, eskualdeko agintaritzaren subofizialaz baino ez zen fidatzen. Honek, ordea, beti esaten zuen tabernan:

        — Gaur ere txalaparta izan diat gure agure astolapikoarekin...

        Putimgo jendarmeriako subofizialak Xveikez idatzitako txostena ikasten ari zen kapitaina. Bere aurrean zutik, Matteika sarjentua zegoen, pentsatzen zein ondo etorriko zitzaion kapitaina bere txostenekin pikutara joatea, zeren behean, Otava ibaiaren ondoan, bere zain baitzeuden kartetan aritzeko.

        — Azkenengoan esan nizun, Matteika —bota zuen kapitainak—, Protivingo subofiziala zela inoiz ezagutu dudan ergelik handiena. Kabo petral mozkorti horrek bi txakur balira bezala elkar lotuta ekarri duen soldadu hori ez da espioia. Seguru desertore arrunta dela. Hemen idatzi dituenak hain dira zentzugabeak, ze edozein haur txiki lehenengo begiratu batean ohartuko da morroi hori total eginda zegoela. Ekardazu hona berehala soldadua —agindu zuen, Putimgo txostena beste une batez ikasten zuen bitartean—. Sekula ez dut hainbeste tentelkeria ikusi, eta, gainera, horra non bidaltzen didan, morroi susmagarri honekin batera, bere kabo astolapikoa. Jende honek gutxi ezagutzen nau oraindik: ni ikaragarria izan naiteke. Nire aurrean egunean hiru aldiz beldurrik pasatzen ez badute, sinetsita daude nire lepotik barre egin dezaketela.

        Kapitaina hizketan hasi zen:

        — Gaur egun, jendarmeriak uko egiten die agindu guztiei. Nik egindako txostenetan berehala ikus daiteke subofizial guztiek edozeri egiten diotela barre, beste zerbait korapilatzearren. Goitik ohartarazten denean ez dagoela baztertuta espioiak eskualdeetatik ibil daitezkeenik, jendarmerietako subofizialek saldoka ekoizten dituzte, eta gerrak gehixeago iraunez gero, zoroetxe bihurtuko da hau. Bulegotik telegrama bat bidal dezatela Putimera, bihar hango subofiziala etor dadin Pisekera. Burutik kenduko diot bere txostenaren hasieran aipatzen duen «garrantzi handiko gertakari» hori.

        — Zein errejimendutatik egin duzu ihes? —ongietorria eman zion kapitainak Xveiki.

        — Errejimendu batetik ere ez.

        Kapitainak Xveiki so egin eta haren aurpegi lasaian axolagabekeria ikusi zuenez, honela galdetu zuen:

        — Nolatan heldu zara uniformea janztera?

        — Soldadu guztiek, armadan sartzean, uniformea jasotzen dute —erantzun zuen Xveikek irribarre baketsuz—. Nerau 91. errejimenduan nago, eta ez nuen neure errejimendutik ihes egin, bai alderantziz, ordea.

        «Alderantziz» hitza ahoskatzeko tonua zela eta, kapitainak aurpegi lastimagarria jarri eta galdetu zuen:

        — Nolatan, bada, alderantziz?

        — Oso gauza erraza da —fidatu zen Xveik—: neure errejimendura noa, haren bila nabil, eta ez diot ihes egiten. Ez dut neure errejimendura lehenbailehen ailegatzia beste desiorik. Ni ere guztiz urduri nago, Txeske Budeiovitsetik urruntzen ari naizelako, kontuan hartuta bertan zain daukadala errejimendu osoa. Putimgo subofizial jaunak mapan erakutsi zidan Budeiovitse hegoaldean dagoela, eta berak, ordea, iparraldera bidali ninduen.

        Kapitainak eskua astindu zuen, hauxe esan nahi balu bezala: «Horrek jendea iparraldera bidaltzea baino gauza are txarragoak egiten ditik gero».

        — Beraz, ezin duzu zeure errejimendua aurkitu —esan zuen—. Joan zara bila?

        Xveikek egoera osoa azaldu zion. Tabor, eta Budeiovitsera joateko zeharkatutako toki guztiak aipatu zituen: Milevsko, Kvetov, Vraz, Maltxin, Txizova, Sedlets, Horazddovitse, Radomyxl, Putim, Xtekno, Strakonitse, Volyn, Dub, Vodnany, Protivin, eta berriz ere, Putim.

        Berotasun neurrigabez, Xveikek bere patuarekiko lehia azaldu zuen, nola nahi zuen, kosta ahala kosta, oztopoei erreparatzeke, Budeiovitseko 91. errejimendura iritsi, eta nola bere ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren.

        Grinaz mintzo zen, kapitaina, paper puska batean, lapitz batez gurpil zoro bat marrazten ari zen bitartean: Xveik soldadu onak, bere errejimendura zuzendu nahi eta, saihestu ezin zuen gurpil zoroa, hain zuzen.

        — Herkulesen lana izan zen —esan zuen azkenik, Xveikengan errejimendura iritsi ezinak sortutako atsekabearen deskripzioa pozik entzundakoan—. Oso dibertigarria gertatuko zitzaizun, nonbait, Putim ingurutik bueltaka ibiltzea.

        — Kontua orduan konpon zitekeen —iritzi zion Xveikek—, herri salastrajo hartako subofizial jaunagatik izan ez balitz. Horrek ez zizkidan ez izena ez errejimendua galdetu, eta den-dena oso bitxia iruditzen zitzaion. Budeiovitsera bidali beharko ninduen, eta kuartelian esango zioten bere errejimenduaren bila ibilitako Xveik hori ote nintzen ala gizon susmagarriren bat. Jadanik bi egun eman nitzakeen neure errejimenduan neure eginbehar militarrak burutzen.

        — Zergatik ez zenuen Putimen ohartarazi hutsegite bat zela?

        — Ikusten nuelako harekin hitz egitia alferrikakoa zela. Hala esaten zuen Vinohrady auzoko Rampa tabernari zaharrak, inork haren zordun izan nahi zuenean: gure bizitzan ailegatzen dela momentu bat harrikotorrak baino sorragoak garena.

        Kapitainak ez zuen hausnarketa luzerik egin, eta erabaki zuen bere errejimendura iritsi nahi duen gizonaren halako bide biribila giza gainbeheraldiaren zantzurik sakonena zela. Eta bulegoan honako gutun hau idazmakinara pasatzeko agindu zuen, eredu ofizialaren arau eta edergarri guztiak bazter utzita:

 

Txeske Budeiovitseko 91. infanteria-errejimenduko Agintaritza loriatsuari:

        Gutun honekin batera igortzen den Josef Xveikek errejimendu horretako soldadua dela baieztatzen du, eta Pisek eskualdeko Putim herriko jendarmerian atxilotu zutela desertore-susmoa hartu ziotela eta. Bere esanen arabera, goian aipatutako errejimendura abiatzen da. Gizona txiki eta lodia da, aurpegi eta sudur simetrikoduna eta begi-urdina, ezaugarri berezirik gabe. B1 eranskinean haren elikaduraren kontua igortzen da: igor bedi, otoi, kontua Defentsa Ministeriora, iritsi izanaren ziurtagiriaren eskaerarekin batera. C1 eranskinean, zuen informaziorako, atxiloketa-unean atxilotuak aldean zeramatzan gauzen zerrenda igortzen da.

 

        Piseketik Budeiovitsera trenez egindako bidea oso azkar pasatu zitzaion Xveiki. Bere bidelaguna jendarme gazte bat zen, sartu berria, Xveikengandik begiak apartatzen ez zituena: izan ere, ikaragarri beldur zen Xveikek ez ote zion ihes egingo. Bide osoan problema zail baten konponbidea bilatu zuen: komunera joatekotan, nola egingo luke?

 


 

        Eta baita aurkitu ere: Xveikek aitabitxiarena egingo zion.

        Tren-geltokitik Budeiovitseko Marianske kuartelerako bide osoa, bere begi ikaratuak Xveikengan jarrita egin zuen, eta izkina edo bidegurutzeren batera iristen zirenetan Xveiki kontatzen zion, bidenabar bezala, zenbat kartutxo baladun jasotzen zituzten eskolta bakoitzean, eta Xveikek erantzuten zion sinetsirik zegoela ezein jendarmek ez ziola inori kalean tiro egingo, ezbeharrik ez sortzeko.

        Eztabaida betean heldu ziren kuartelera.

        Bi egun ziren Lukax tenienteak kuartelean zerbitzua zeukala. Bulegoko mahaiaren atzean eserita zegoen, ezer susmatzeke, Xveik, paper eta guzti, eraman ziotenean.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, berriz ere hemen nagoela —erreberentzia egin zuen Xveikek, aurpegi zeremoniatsua jarriz.

        Eszena honetan guztian Kottatko alfereza egon zen. Honek geroago kontatuko zuen Lukax tenientea, Xveiken aurkezpenaren ondotik, salto egin, eskuak burura eraman, eta hortzak gora erori zela Kottatkoren gainera, eta bere onera etorrarazi zutenean, Xveikek, denbora osoan agur eta ohore egindakoan, errepikatu zuela:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, berriz ere hemen nagoela!

        Eta, halatan, Lukax tenienteak, zurbil, esku dardaratiez Xveiki buruzko paperak hartu, sinatu, guztiei irteteko eskatu, eta jendarmeari esan zion dena ondo zegoela eta Xveikekin bulegoan itxiko zela.

        Honela bukatu zen Xveiken anabasi budeiovitsetarra. Argi dago Xveiki mugitzeko askatasuna eman balitzaio bera bakarrik heldu zatekeela Budeiovitsera. Baldin eta organo ofizialak Xveik bertara eramateaz harrotu bazitezkeen, akatsa besterik ez da. Bere ausardia eta borrokarako gogo agortezina zirela kausa, organo ofizialek kasu honetan esku hartzea, Xveiki hankapean makilak jaurtitzea bezalakoa izan zen.

        Xveik eta Lukax tenientea elkarri begira zeuden.

        Tenientearen begiak ikaraz, izu-laborriz eta etsipenez distiratzen ziren, eta Xveikek samur eta maitekor behatzen zion tenienteari, maitale galdu eta berriro aurkitu bati bezala.

        Bulegoan, elizan bezalako isiltasuna zegoen. Ondoan, korridoretik, norbaiten joan-etorria entzun zitekeen. Ahotsagatik igar zekiokeenez, gripeagatik etxean gelditutako urtebeteko boluntario arretatsu batek buruz ikasitakoa xuxurlatzen zuen: nolako harrera eman behar zaien gotorlekuetan Etxe Inperialeko partaideei. Argi eta garbi entzuten zen:

        — Sobald die höchste Herrschaft in der Nähe der Festung anlangt, ist das Geschütz auf allen Bastionen und Werken abzufeuern, der Platzmajor empfängt dieselbe mit dem Degen in der Hand zu Pferde und reitet soddan vor   Bere Maiestatea goarniziora hurbildu bezain laster, bastioi eta gotorleku guztiek batera egin dezatela tiro; komandanteak zaldi gainean eta sablea eskuan abegi egin behar dio, eta gero segizioaren buru jarri.

        — Lotu ezpainak! —oihu egin zuen korridorera tenienteak—. Deabruek eramango al zaituzte! Sukarrik edukiz gero, geldi zaitez ohean etzanda.

        Urtebeteko boluntario fina urruntzen entzun zen, eta zurrumurru isil bat balitz bezala, xuxurla bat heldu zen korridorearen bukaeratik:

        — In dem Augenblicke, als der Kommandant salutiert, ist das Abfeuern des Geschützes zu wiederholen, welches bei dem Absteigen der höchsten Herrschaft zum dritten Male zu geschehen ist   Komandanteak agur egiten duenean, kanoikadak errepikatu; berdin egin gorengo bisitariak zaldi gainetik jaistean ere.

        Eta berriz ere, tenientea eta Xveik isilka jarri ziren elkarri so, harik eta, azkenik, Lukax tenienteak ironia mingotsez esan zuen arte:

        — Ongi etorri, Xveik, Txeske Budeiovitsera. Urka-bidean dagoena ez da itotzen. Emanda dago jada zu atxilotzeko agindua, eta bihar errejimenduko epaimahaira azalduko zara. Ni ez naiz gehiago haserretuko zurekin. Nahikoa buruhauste izan dut zurekin, eta erre zait pazientzia. Zu bezalako ergel batekin hain denbora luzean bizi ahal izan naizela pentsatzen dudanean...

        Bulegotik ibiltzen hasi zen:

        — Ez, ikaragarria da. Orain harritzen naiz nola ez nizun sua hautsi. Zer gertatuko zitzaidan? Ezer ez. Aske geldituko nintzen. Aditzen?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, guztiz aditzen dudala.

        — Ez hasi berriro, Xveik, zeure pellokeria horiekin, edo benetan zerbait gertatuko da. Azkenik izarrak kenduko dizkizugu. Ergelkeria etengabe gehituz joan zaizu, hondamendia sortu arte.

        Lukax tenienteak eskuak igurtzi zituen:

        — Zure akabua da, Xveik.

        Mahaira itzuli, paper puska batean zenbait lerro idatzi, bulegoko zaindariei deitu, eta Xveik eta oharra kartzelariarengana eraman zitzatela agindu zien.

        Eraman zuten Xveik patiotik zehar, eta tenienteak, poza disimulatu gabe, begiratu zuen nola kartzelariak, «Regimentsarrest   Errejimenduko atxiloketa» iragarki beltz-horia zuen atea irekitzen zuen, nola Xveik ate atzean desagertzen zen, eta nola, handik une batera, kartzelaria irteten zen ate hartatik.

        — Eskerrak Jainkoari —pentsatu zuen ozen tenienteak—, hantxe duk azkenik.

        Marianske kuarteleko ziegen eremu ilunean, urtebeteko boluntario lodi lastairan iraulkatu batek eman zion bihotzeko ongietorria Xveiki. Preso bakarra zen, eta bi egun zeramatzan bakarka aspertuta. Xveikek zergatik zegoen han galdetuta, huskeria bategatik zela erantzun zion. Oker, artilleriako teniente bati belarrondokoa jo zion gau batez plazako arkupean, mozkorrak eraginda. Izan ere, zapla jo ez, burutik txanoa kendu besterik ez zion egin. Honela gertatu zen: artilleriako teniente hori arkupetan zegoen, emagaldu baten zain, nonbait. Bizkar emanda zegoen, eta urtebeteko boluntarioak Materna Prantzisko boluntario adiskidetzat hartu zuen.

        — Bera halakoxe kakanarrua da —kontatzen zion Xveiki—; halatan, atzetik oin-puntetan hurbildu nintzaion, bota nion txanoa, eta «aupa, Prantxixko!» esan nuen. Morroi ergel hark txistuka deitu zion patruilari, eta eraman egin ninduten. Baliteke —aiherrak eman zion urtebeteko boluntarioari— iskanbilaren erdian belarrondoko pare bat eman izana, baina horrek, nik uste, ez du ezer aldatzen, oker nabarmena zen eta. Berak «aupa, Prantxixko!» esan nuela aitortzen du, eta Anton du izena. Argi eta garbi dago. Ospitaletik ihes egin izanak egin diezadake, akaso, kalte bakarra, eta «krankenbuch»   Eritegiko erregistro liburua horrena lau haizetara zabaltzen bada... Alistatzerakoan —ekin zion kontakizunari—, gela bat alokatu nuen aurretiaz hirian, eta erreuma harrapatzen saiatu nintzen. Hiru aldiz elkarren segidan atun ederra harrapatu eta ondoren hiriaren atzeko erreten batean etzan nintzen, botak erantzita, euripean. Horrek ez zidan lagundu. Hortaz, negu partean astebetez bainatu nintzen gauero Malxe ibaian, eta guztiz alderantzizkoa lortu nuen: lagun, izugarri gotortu nintzenez, bizi nintzen etxeko patioan elur gainean etzan nintekeen, gau osoan etzan ere, eta goizez, auzokoek itzartzen nindutenean, bero-bero neuzkan hankak, abarketak jantziko banitu bezala. Anginak jota egon banintz, sikiera, baina bai zera. Gonokozia ergel bat ere ez nuen harrapatu. Egunero «Port Arthur» putetxera joaten nintzen, zenbait kideri hanpatuak zitzaizkien barrabilak, ebaki egin zizkieten, eta ni, ordea, inmune. Bai zoritxarra, lagun. Harik eta behin, Arrosa tabernan, Hlubokako elbarritu batekin ezaupidea egin nuen arte. Esan zidan iganderen batean bere etxera bisitan joateko, eta biharamunean pitxerren antzera izango nituela hankak. Etxean orratza eta xiringa zeuzkan, eta ozta-ozta heldu nintzen, benetan, Hlubokatik etxera. Ez zidan huts egin ogi puska hark. Eta halatan, azkenik harrapatu nuen, dena den, nire giharretako erreumatismoa. Berehala ospitalera, eta dena primeran. Eta gero bigarren aldiz zorte ona lagun izan nuen. Zizkov auzoko nire anaiaren koinatu Masak osagilea bidali zuten Budeiovitsera, eta berari eskertu behar diot ospitalean hain luzaro egotea. Nire kasua mediku ikuskatzailearengana helduko zen, zoritxarreko krankenbuchem horrekin dena alferrikaldu ez banu! Ideia ona zen, bikaina. Liburu handi bat eskuratu nuen, eta «Krankenbuch des 91 Reg.» jartzen zuen iragarkitxo bat atxiki nion. Laukiak eta dena ordenatuta zeuden. Fikziozko izenak apuntatu nituen bertan, sukar-mailak, gaixotasunak, eta egunero, eguerdiko bisitaz geroztik, hirira joaten nintzen, lotsarik gabe, liburua besapean. Atean erreserbistak zeudenez jagole, alde horretatik guztiz salbu nengoen. Liburua erakutsi nien, eta erreberentzia egin zidaten. Gero Ogasuneko funtzionario adiskide baten etxera joan nintzen, bertan zibilez jantzi, eta tabernara joan nintzen. Han, lagunartean goi mailako hainbat traizioz aritu ginen. Gero, hainbesteraino lotsagabetu nintzen, ze zibilez jantzi ere ez nintzen egin, eta tabernaz taberna eta hiriz hiri joan nintzen uniformez jantzita. Goizaldean bueltatzen nintzen nire ospitaleko ohera, eta gauez patruilak geldiarazten ninduenean, nire 91. errejimenduko krankenbuch delakoa erakusten nien, eta inortxok ere ez zidan besterik galdetzen. Ospitaleko atean berriro ere isilka liburua erakutsi, eta nola edo hala beti hartzen nuen oherakoa. Hainbesteraino handitu zen nire lotsagabekeria, ze uste nuen inork ezin zidala ezer egin, harik eta plazako arkupean zorigaiztoko akatsa gertatu zen arte. Akats horrek argi eta garbi frogatu zuen zuhaitz guztiak ez direla zerurantz hazten, amigo. Harroa bai harroa hego-haizeak daraman bezalakoa. Loria guztiak mendiko belarraren antzekoak dira. Ikarori hegoak erre zitzaizkion. Gizakiak digantea izan nahi luke, eta kaka zaharra da, amigo. Ez da halabeharraz fidatu eta gau eta egun zapla jo behar, eta ohartaraztekoa da zuhurtzia guztia inoiz ez dela nahikoa, eta ugari denak kalte egiten duela. Bakanal eta orgien ondotik beti agertzen da aje morala. Naturaren legea da, lagun maitea. Pentsatzen jarrita, sendagile-batzordearen aurrean alferrikaldu egin nuen elbarritzat hartua izateko aukera. Felddienstunfähig   Kadetea izan nintekeen. Izugarrizko babesa lortuko nuen! Bulegoren batean zabar-zabar ibil nintekeen, baina nire zuhurtziarik ezak zangartekoa egin zidan.

 


 

        Urtebeteko boluntarioak zeremonia handiz bukatu zuen bere aitorpena :

        — Kartagorekin beste horrenbeste gertatu zen: Ninivetik hondakinak baino ez ziren geratu, lagun maitea, baina burua zut! Ez dezatela pentsa frontera bidaltzen banaute lehenengo kolpea hartuta hilko naizenik. Regimentsraport!   Errejimenduko norbaiten kontrako partea aurkezteko bulegoa Eskolatik botatzea! Gora bere maiestate Kretinismoa! Zertarako egongo naiz ni, bada, eskolan luze eta zabar eserita, azterketak egiten? Kadet, fénrich, laitnant, obrlajtnant   Kadetea, alfereza, subtenientea, tenientea. Kaka zaharra! Offizierschule. Behandlung jener Schüler derselben, welche einen Jahrgang repetieren müssen!   Ofizial eskola, ikasturtea errepikatu behar duten ikasleak Elbarritasun militarra. Zein besaburutan eramaten da fusila, ezkerrekoan ala eskuinekoan? Zenbat izar ditu kaboak? Evidenzhaltung Militärreservemänner!   Erreserba militarren zerrendak osatu — Kaxuen zotz, ez dago zer erre, amigo. Nahi duzu sabairantz tu egiten irakasterik? Begira, honela egiten da. Tartean zerbaitetan pentsatu, eta bete egingo da zure desioa. Gogokoa baduzu garagardoa, pitxar hartako ura gomendatu ahal dizut. Goseak bazaude eta zerbait goxoa jatekotan, «Udal Jatetxea» izenekoa gomendatzen dizut. Halaber, aisialdian poemak idaztea aholkatu ahal dizut. Neronek epopeia bat daukat idatzita:

 

                Etxean da kartzelaria? Lo dago, mutiko, lasaia,

                bera da armadaren oinarria,

                Vienatik izan aitzin berriro etorria

                guda galdua den manatu berria.

                Hemen eraso etsaiaren aurka

                barrikada egingo du erabiliz etzalekuak.

                Lana konplitu orduko

                bere ahotik irtengo da:

                «Austriako Inperioa ez da galduko,

                Aberri eta Enperadoreari loria!»

 

        — Ikusten duzu, lagun? —jarraitu zuen urtebeteko boluntario lodiak—. Gero inork ez dezala esan jendartean desagertzen ari dela gure monarkia maitearenganako errespetua. Zer erre eduki ez eta epaiketaren zain dagoen gizon presoak tronuarenganako fideltasunik ederrena erakusten du. Bere kantuetan laudatu egiten du bere aberri zabala, alde guztietatik jipoiak mehatxatua. Kendu diote askatasuna, baina bere ahoari darizkion bertsoak leialtasun haustezinez gainezka daude. Morituri te salutant, Caesar! Hiltzera doazenek agurtzen zaituzte, enperadore, baina kartzelaria lekaio bat da. Jendilaje ederra dago zure morroi. Herenegun bost koroa eman nizkion zigarretak eros ziezazkidan, eta mixerable horrek gaur goizean esan dit ez dagoela hemen erretzerik, arazoak izan litzakeela eta bost koroak atzera emango dizkidala soldata kobratu orduko. Bai, lagun, gaur egun ez dut ezertan sinesten. Kontsignarik onenek porrot egin dute. Presoei lapurtu! Eta hori gutxi balitz bezala, morroi horrek egun osoa pasatzen du kanta kantari. Wo man singt, da leg' dich sicher nieder, böse Leute haben keine Lieder!   Kantatzen badute, ez beldurrik izan; jende gaiztoak ez daki kantatzen Zitala, zirtzila, zatarra, traidorea!

        Urtebeteko boluntarioak orduan galde egin zion Xveiki haren erruari buruz.

        — Errejimenduaren bila? —esan zuen—. Txango ederra, bai horixe: Tabor, Milevsko, Kvetov, Vraz, Maltxin, Txizova, Sedlets, Horazddovitse, Radomyxl, Putim, Xttekno, Strakonitse, Volyn, Dub, Vodnany, Protivin, Pisek, Budeiovitse. Bide arantzaduna. Eta zu bihar regimentsraport-era? Anaia, orduan urkamendian elkartuko gara. Gure koronel Schöder poz-pozik dago berriz ere. Ezin duzu imajinatu ere egin nola eragiten dioten errejimenduko gorabeherek. Patiotik hegaka dabil zakur erotu baten gisa eta mingaina ateratzen du behor zahar batek legez. Eta hara nola mintzatzen den, nola mehatxatzen duen, eta nola aldi berean tu egiten duen bere inguruan, gamelu egarti baten erara! Bere berriketak ez du amaierarik, eta zuk Marianske kuartel osoa lehenbailehen errenditzea espero duzu. Neronek ongi ezagutzen dut, behin izan nintzen-eta regimentsraport horietako batean. Bota altuak eta kapela luzea jantzita sartu nintzen soldadu, ze jostunak ez zidan garaiz uniformea eman, bada, urtebeteko boluntarioen eskolako ariketa-lekura heldu nintzen bota altuak eta kapela luzea jantzita, lerroan sartu eta haiekin abiatu nintzen ezkerreko hegalerantz. Schöder koronela zaldiz niregana zuzen etorri eta lurrera bota ez ninduenean. «Donnerwetter»   Arraio tximista!, garrasi egin zuen, ziurrenik Xumava eskuan entzuteko moduan, «was machen Sie hier, Sie Zivilist?»   Zer ari zara hemen, zibil hori?. Jator erantzun nion urtebeteko boluntarioa nintzela eta ariketetan parte hartzen ari nintzela. Ikusi beharko zenuen: ordu erdiko berbaldia bota zuen, eta bukatu arte ez zen konturatu kapela luzearekin egiten nuela erreberentzia. Orduan, biharamunean regimentsraport-era joan behar nuela besterik ez zidan esan, oihuka, eta zaldia akuilatu zuen amorratuta, auskalo nora abiatuz, zaldun ero baten gisa, eta berriro arrapaladan, berriro oihukatu, amorratu, bularrean kolpea jo, eta agindu zuen ariketa-lekutik berehala atera eta ziegara eraman nintzatela. Regimentsraport delakoan irteteko baimena kendu zidan bi asterako, biltegiko trapu zatar batzuekin jantzarazi ninduen, eta arrantxoa kentzearekin mehatxatu ere.

        — Urtebeteko boluntarioa izatea —bota zuen ozen koronel ergel hark— zerbait handi-handia da, aintzaren enbrioia, balore militarra, heroitasuna. Wohltat urtebeteko boluntarioak, azterketa gainditu ondoren kabo izendaturik, bere burua eskaini zuen frontera joateko, eta hamabost etsai hartu zituen preso, eta haiek entregatzerakoan granada batek txiki-txiki egin zuen. Handik bost minutura agindu bat heldu zen, esanez Wohltat urtebeteko boluntarioa kadete izendatua zela. Zerorrek ere zain edukiko zenituzke halako etorkizun bikaina, maila-igoerak, dominak; zeure izena errejimenduaren urrezko liburuan agertuko litzateke.

        Urtebeteko boluntarioak tu egin zuen:

        — Ikusten duzu, lagun, nolako animaliak jaiotzen diren eguzkipean. Kaka zaharra! Haizea hartzera urtebeteko boluntarioen arrantxoa eta pribilegio guztiak!: «Urtebeteko boluntarioa zaren hori, astakilo bat zara». «Astakilo bat zara» esaldiak ondo ematen du, eta ez «Astakilo bat haiz» delako esaldi zatarrak. Eta hil ondoren signum laudis deritzana jasoko duzu, edo zilarrezko domina handia. Gorpu izartxodun eta izartxogabeen hornitzailea besterik ez da Armada. Idia askozaz zoriontsuagoa da: hiltegian hiltzen dute, eta hil baino lehen ez daramate arrastaka ariketa-lekura ezta tiro-eremura ere.

        Urtebeteko boluntario lodia beste lastairan etzan zen zabar, eta jarraitu egin zuen:

        — Segurua da honek guztiak behin egin behar duela leher, eta ezin duela betiko iraun. Saia zaitez txerri bati loria ponpatzen, eta azkenean lehertu egingo zaizu. Frontera joango banintz, tren militarrean idatziko nuke:

 

                Giza hankekin soroa ongarrituko dugu.

                Acht Pferde oder achtundvierzig Mann   Zortzi zaldik edo berrogeita zortzi gizonek.

 

        Ireki zen atea eta agertu zen kartzelaria, bientzat laurden bat ogi eta ur freskoa zekartzala.

        Lastairatik altxatu gabe, urtebeteko boluntarioa hitzokin zuzendu zitzaion kartzelariari:

        — Bai gorena eta ederra dela, 91. errejimenduko Santa Ines haizen horren aldetik, presoak bisitatzea! Ongi etorri, onegitearen aingeru. Errukiz beterik daukak bihotza. Saski bat bete janari eta edari dakark gure samina arintzeko. Inoiz ez diagu ahaztuko ze on egin diguan. Agerpen distiratsu bat haiz gure espetxe ilunean.

        — Regimentsraport-ean pikutara bidaliko zaituzte —purrust egin zuen kartzelariak.

        — Odol gaizto egin gabe gero, morroi —erantzun zuen etzalekutik urtebeteko boluntarioak—. Hobe esaten badiguzu nola egingo zenukeen hamar boluntario preso hartu beharko bazenitu. Ez begiratu ergel baten antzera gero, Marianske kuarteleko giltzari horrek. Hogei preso hartu eta hamar askatu egingo zenituzke. Jesus, Maria eta Jose! Ni Gerra ministroa banintz, gerra izango zenuke nirekin! Ezagutzen duzu honako teorema hau?: eraso-angelua errefrakzioaren parekoa da. Markatu eta emadazu puntu finko bat espazioan, eta lurbira osoa eta zu altxatuko zaituztet, epel hori.

        Kartzelariak alderik alde begiak ireki, dardara egin eta danbatekoa jo zion ateari.

        — Kartzelariak eliminatzen elkarri laguntzeko elkartea —esan zuen urtebeteko boluntarioak, ogia bi puskatan zuzen zatituz—. Kartzelako arautegiaren 16. paragrafoaren arabera, presoek epaia erabaki arte jaso behar dute arrantxoa, baina hemen oihaneko legea da nagusi: ea nork hartzen dituen aurrena presoentzako jakiak.

        Biak etzalekuan eserita zeuden, ogia marraskatuz.

        — Kartzelariarengan ikusten da hobekien —ekin zien hausnarketei urtebeteko boluntarioak— nola zakartzen duen gerrak jendea. Seguru gure kartzelaria, armadan sartu aurretik, idealak zituen gizon gaztea zela, kerubin ilehoria, edonorekiko samur eta sentikorra, bere herriko dantzaldietan neskaren batengatik liskarrik sortuz gero galtzaile gertatzen zirenen aldekoa. Ez dago dudarik denek estimatzen zutela, baina gaur egun... Ene, gogoz emango nioke belarrondoko bat, burua etzalekuaren kontra jo, komunera buruz jaurti. Hau ere, lagun, arte militarreko ideien zakartze guztizkoaren froga bat da.

        Kantatzeari eman zion:

 

                Deabruari ere ez zion beldurrik,

                une horretantxe kanoilari batek zuen aurkitu...

 

        — Lagun maitea —ekin zien azalpenei—, hau guztia gure monarkia maiteari aplikatuta ikusten badugu, honako ondorio honetara helduko gara ezinbestez: Puxkinen osabari bezalaxe gertatuko zaiola. Hari buruz zera idatzi zuen ilobak, azpisuge bat izaki, ez zitzaiola hau egitea beste erremediorik gelditzen:

 

                Hasperen egin eta pentsatu bere alde,

                deabruak eramanda hil arte.

 

        Berriz ere giltza kirrinkatzen entzun zen atean, eta kartzelariak, korridorean, argia piztu zuen petroliozko lanparatxo batean.

        — Argi printza bat iluntasunean —oihu egin zuen urtebeteko boluntarioak—. Kulturaren argia armadan sartzen ari da. Gabon, kartzelari jauna, eskumuinak ofizial guztiei eta amets ederra egin, esaterako, amets ezazu atzera eman dizkidazula zigarretak erosteko emandako bost koroak, niri topa eginez edanean xahutu zenituen horiek. Lo goxo-goxo egin, basapiztia horrek!

        Biharamuneko regimentsraport delakoari buruz zerbait murmurikatzen entzun zitzaion kartzelariari.

        — Berriro bakarrik —esan zuen urtebeteko boluntarioak—. Lokartu arteko uneetan hitzaldi bat eman ohi dut, errekrutek eta ofizialek dauzkaten ezagutza zoologikoak egunero ugaltzen direla azalduz. Gerra-material bizi berria eta mokadu militar kontzientziadunak kanoien ahoetara bidaltzeko, beharrezkoa da Natur Zientziak edo «Ongizate ekonomikoaren iturburuak» liburua sakon ikastea. Bertan daude, orrialde guztietan, «abere», «txerri», «urde» eta halako hitzak. Azken bolada honetan ikusten dugu, ordea, gure zirkulu militar aurrerakoiek izen berriak erabiltzen dituztela sarberriei deitzeko. 11. konpainiako Althof kaboak «Engandinako ahuntza» hitza erabiltzen du; Müller ofizialak, Kasperkeko mendietako aleman irakasleak, «txekiar kiratsu» deitzen die sartu berriei; Sondernummer sarjentuak «idi itxurako igel» eta «Yorkshireko basurde», eta gainera ofizial guztiei prometatzen die kontu emango diotela. Alor horretan hain jakitun jokatzen du, ze badirudi abereak gizenaraztera dedikatutako familia batekoa dela. Graduazio handiko militar guztiek honela ernarazi nahi dute aberriarenganako amodioa, bitarteko propioak erabiliz: garrasiak, errekruten inguruko dantzak, eta gerra-uluak, antilope errugabe bat larrutzeko edo bazkaritako misiolari baten zangoa erretzeko prest dauden Afrikako basatiak gogorarazten dituztenak. Honek, jakina, ez du zerikusirik alemaniarrekin. Sondernummer sarjentuak txerri banda bat aipatzen badu, «die tschechische»   Txekiarra eransten du berehala, alemaniarrak iraindurik senti ez daitezen. Bitartean, 11. konpainiako errekruta guztiei jira-biran dabilzkie begiak, olioz bustitako belaki bat antsiaz irentsi eta eztarritik atera ezin duen txakur dohakabe baten gisa. Behin solas bat entzun nuen Müller ofizialaren eta Althof kaboaren artean. Errekruta berrien ariketen hasieraz ari ziren. Solas horretan «ein paar Ohrfeigen»   Belarrondoko pare bat eta antzeko hitzak tartekatu ziren. Hasieran uste nuen zerbait gertatua zela haien artean, unitate militar alemaniarra urratzen ari zela, baina guztiz oker nenbilen. Izan ere, soldaduez baino ez ziren ari. «Halako urde txekiarrek —irakatsi zuen suhartuta Althof kaboak— hogeita hamar ikasgaiz geroztik ere ikasten ez dutenean kandela bezain tente egoten, ez duk nahikoa masailekoa ematea. Jo egiok ukabila sabelean, eta beste eskuaz sar iezaiok txanoa belarrietaraino, eta esaiok: Kehrt euch!   Bira erdia!, eta bueltatzen denean emaiok ostiko bat ipurdian, eta ikusiko duk nola jartzen den tente eta nola egiten duen barre Dauerling alferezak». Orain, lagun, zerbait esan behar dizut Dauerlingez —jarraitu zuen urtebeteko boluntarioak—. Mexikoko mugatik gertu lapur mexikar ospetsu baten beldurrez borda batean bizi den amona bakarti bat balitz bezala aipatzen dute 11. konpainiako errekrutek. Dauerlingek gizajale fama du, beste leinuetako jendea eskura erori eta jaten duten tribu australiarretako antropofago fama. Bere bizitza zoragarria da: jaio eta handik gutxira haurtzaina erori zen berarekin batera, eta Konrad Dauerling txikiak kaskarreko ederra hartu zuen, halako moldez, non gaur egun ikusten zaion buruan halakoxe mailatu bat, kometa batek iparraldeko poloarekin jo balu bezala. Denek duda egiten zuten umea, garuneko kommozioa gaindituz gero, norbait izatera helduko ote zen. Bere aita, koronela, zen itxaropena galtzen ez zuen bakarra: zioenez, horrek ez zion axolarik, zeren, jakina den bezala, Dauerling gaztea, hazitakoan, armadan sartuko baitzen. Dauerling gaztea lehia ikaragarrian aritu zen bere kabuz ikasitako eskola ertaineko lau mailetan. Maisu partikular bati ohi baino lehenago urdindu zitzaion ilea eta ergeldu egin zen, eta beste batek salto egin nahi izan zuen, etsiaren etsiaz, Vienako San Esteban katedraleko dorretik behera. Geroago, Hainburgeko kadete eskolan sartu zen. Bertan inoiz ez zen aintzat hartzen aurreko heziketa, zeren gehienetan ez baitzetorren bat Austriako ofiziala izatearekin. Ideal militarra «soldadu-jolasean» ikusi izan da beti. Hezkuntzak goretsi egiten du arima, eta armadan ez dago horren beharrik. Zenbat eta zakarragoak izan ofizialak, hobe.

        Dauerling kadete ikaslea ez zen denek nola edo hala gainditzen zituzten ikasgaietan ere gailentzen. Eskola hartan ere ikus zitezkeen Dauerlingek txikitan koskorrekoa hartu zueneko aztarnak.

        Azterketetan ematen zituen erantzunak zoritxar horren argigarri ziren nabarmen, eta halako ergelkeria nabaritzen zitzaienez, klasikotzat hartuak ziren beren ergelkeria eta korapiltasunagatik. Halatan, eskolako irakasleek izen bakarra ematen zioten: «unser braver Trottel»   Ergel on gurea. Bere tentelkeria hain zen itsugarria, non zenbait hamarkadaren ondotik Terezingo Akademia Militarrera edo Gerra Ministeriora helduko zela espero baitzuten.

        Gerra hasi eta kadete gazte guztiak alferez egin zirenean, Konrad Dauerling ere izan zen Hainburgen igoera lortu zutenetako bat, eta hala heldu zen 91. errejimendura.

        Urtebeteko boluntarioak hasperen egin eta kontakizunari ekin zion:

        — «Drill oder Erziehung»   Instrukzioa ala Heziketa izeneko liburu bat plazaratu zen, Gerra Ministerioak argitaratuta. Hala jakin zuen Dauerlingek soldaduak ikaratu egin behar direla. Ariketaren arrakasta ikara-mailaren araberakoa dela. Eta bere lan horretan beti lortzen zuen arrakasta. Soldaduak, haren oihuak ez entzutearren, taldeka azaltzen ziren medikuarengana, baina alferrik. Gaixorik zegoela zioenak hiru eguneko verschärft   Inkomunikazio-ziega delakoa jasotzen zuen. Bestalde, badakizu zer den verschärft: ariketa-lekutik korrika eragiten dizute egun osoan, eta gainera gauez entzerratzen zaituzte. Eta hala gertatu zen, Dauerlingen konpainian ez zegoela gaixo bakar bat ere. Konpainiako gaixoak ziegan ziren. Dauerlingek oraindik ere eusten dio ariketa-lekuan kuarteleko tonu berezko horri, «urde» hitzarekin hasi eta misterio zoologiko bitxi batekin bukatzen dena: urde txakurra. Alabaina, oso liberala ere bada. Erabakitzeko askatasuna ematen die soldaduei. Esaten du: «Zer nahiago duk, elefante horrek, sudurreko pare bat ala hiru eguneko verschärft?» Inork verschärft aukeratuagatik ere, bi sudurreko jasotzen zituen, Dauerlingen azalpen honekin batera: «Hi, koldar hori, heure muturragatik beldurra daukak, eta zer egingo duk gero, artilleria astuna hasten denean?»

        Behin, errekruta bati begia hautsi zionean, adierazi zuen:

        — Pah, was für Geschichte mit einem Kerl, muß so wie so krepieren   Zelako nahasteak ergel horren kariaz. Dena dela, leher egingo du!.

        Hala esaten zuen Hötzendorfeko Konrad landa-mariskalak ere:

        — Die Soldaten müssen so wie so krepieren   Soldaduek dena dela leher egin behar dute.

        Hau da Dauerlingen metodorik gustuko eta eraginkorrena: soldadu txekiarrak bere hitzaldi batera gonbidatu eta bertan Austriako eginbehar militarrez mintzatzea, heziketa militarraren printzipio orokorrak azaltzen dituen bitartean, leotzetik hasi eta urka eta fusilamenduraino. Negu hasieran, nerau erietxera joan aurretik, 11. konpainiaren alboko ariketa-lekuan aritu ginen, eta atsedenaldian Dauerlingek berbaldia bota zien bere errekruta txekiarrei:

        — Badakit —hasi zen— zirtzilak zaretela, eta burutik kendu behar zaizuela erokeria guztia. Txekierarekin ez zarete urkamendira ere helduko. Gure nagusi militar gorena ere alemaniarra da. Entzun? Himmellaudon, nieder!   Arraio tximista, lurrera!

        Denak lurreratu ziren, eta lurrean zeutzala, Dauerling beren aurretik zihoan, berbaldia ahoan:

        — Niederrek nieder izaten segituko du, zuek, banda hori, lokatz horretan urtuta ere. Nieder Erroma zaharrean bazen, garai hartan denak alistamendura dei zitezkeen hamazazpi urtetik hirurogeira, soldadutza zelaian egiten zen eta hogeita hamar urte irauten zuen, eta ez zeuden kuarteletan zabar-zabar eginda, txerrien gisa. Garai hartan ere bakar bat ziren hizkuntza militarra eta agintaritza. Jaun ofizial erromatarrak sor eta lor geldituko ziren soldadu-jendeak etruskoz hitz egin balu. Nik ere nahi dut alemanez erantzun dezazuela, eta ez mordoilo hori erabilita. Ikusten duzue zein ederki zautzaten hor lokatzean, baina imajina ezazue zuetako bat, gehiago etzan nahi ez eta, altxatzen dela. Zer egingo nuke? Muturra urratuko nioke belarrietaraino, ze hori managaiztasuna da, matxinada, men ez egitea, soldaduaren eginbeharren kontrako delitua, arautegiaren eta diziplinaren haustea, zerbitzu-arauen mespretxua. Hortik ondorioztatzen da morroi horrek urka daukala zain, eta Verwirkung des Anspruches auf die Achtung der Standesgenossen   Lagunen errespeturako eskubidea ken dakiola.

        Urtebeteko boluntarioa isildu egin zen, eta gero jarraitu zuen. Atsedenaldian, antza, kuarteleko harremanak deskribatzen segitzea erabaki zuen:

        — Hau guztia Adamitxka kapitainaren agindupean gertatu zen, gizon guztiz epela. Bulegoan esertzen zenean, normalean hutsari begira gelditzen zen ero isil baten gisa, eta bere adierazpenagatik badirudi esan nahi zuela: «Jan nazazue, euliok!». Batailoiko epaimahaian zegoenean, auskalo zertan ari zen pentsatzen. Behin, 11. konpainiako soldadu bat epaimahai hartara azaldu zen, kexa egitera: gauez, Dauerling alferezak urde txekiar deitu ziola kalean. Bizitza zibilean liburu-saltzailea zen, langile nazional kontzientziaduna.

        — Hala izan zen, beraz —esan zuen Adamitxka kapitainak isilka, zeren berak beti oso isilka hitz egiten baitzuen—, hori esan zizun gauez kalean. Jakin beharko kuarteletik irteteko baimenik ote zeneukan. Abtreten!

        Handik lasterrera, Adamitxka kapitainak kexa egin zuena deiarazi zuen.

        — Frogatua da —esan zuen berriz ere isilka— egun hartan baimena zeneukala gaueko hamarrak arte kuarteletik kanpo egoteko. Eta horregatik ez zara zigortua izango. Abtreten!

        Adamitxka kapitain horri buruz esaten zen justizia-sena zuela. Hortaz, lagun maitea, frontera bidali zuten, eta bere ordez Wenzl maiorra iritsi zen hona. Eta deabruaren semea zen jazarpen nazionalei zegokienez, eta berak ahoa tapatu zion Dauerling alferezari. Wenzl maiorrak txekiarra dauka emaztea, eta horrexegatik die beldurrik gehiena liskar nazionalei. Orain dela urte batzuk, Kutna Hora hirian kapitain zegoela, hotel batean mozkortu eta zerbitzaria iraindu zuen, «zirtzilu txekiarra» deituz. Ohar zaitez jendartean Wenzl maiorra txekieraz besterik ez zela mintzatzen, eta baita etxean ere, eta bere seme-alabek txekiera ikasten dutela. Berria bala-bala ibili, eta bertoko egunkarira heldu zen, eta diputatu batek Vienako parlamentuan interpelatu zuen Wenzl kapitainak hotelean izandako jokaera. Wenzlek arazoak izan zituen garai hartan parlamentua legedi militarra bozkatzen ari zelako, eta hara non, orain, Kutna Horako Wenzl kapitain mozkortia datorkien izorratzera.

        Geroago, Wenzl kapitainak jakin zuen hura guztia Zitko urtebeteko boluntarioak prestatu zuela. Honexek eman zion berria egunkariari, zeren Wenzl kapitainarekin etsaiturik baitzebilen, jendaurrean eta Wenzl kapitaina bertan zegoela, ondoko hausnarketa egin zuenetik bertatik Zitko delako hark: aski zela naturari behatzea, aski zela ohartzea hodeiek zerumuga estaltzen dutela, mendiak urruntasunean gailentzen direla, basoko ur-jauziak orro egiten duela, txoriek kantatzen dutela.

        — Asko da konparaziorik —bota zuen Zitko kadeteak— kapitain baten eta natura handi-handiaren artean. Edozein kadete bezain hutsala da kapitaina.

        Ofizial guztiak horditurik zeudenez, Wenzl kapitainak Zitko filosofoa jo nahi izan zuen zaldi bat balitz bezala, eta etsaitasuna gehitu egin zen eta kapitainak, ahal zuen guztietan, gogait eragiten zion Zitkori alferrikako eskariekin, zeren Zitko kadetearen esaldi bat, «zer da Wenzl kapitaina natura handi-handiaren aldean?» alegia, esaera ezagun bihurtu baitzen Kutna Hora osoan.

        — Zirtzil hori bere burua hiltzera behartuko dut —esaten zuen Wenzl kapitainak, baina Zitko bizitza zibilera igaro eta filosofia ikasten hasi zen. Garai hartatik bertatik irauten du Wenzl maiorrak ofizial gazteei dien amorruak. Teniente bat ere ez dago salbu haren ernegu eta haserrealdietatik. Eta kadete eta alferezez hobe hitzik ez egitea.

        —Zorriak balira bezala zanpatuko ditut —esaten du Wenzl maiorrak, eta norbait huskeria bategatik batailoiko epaimahaira bidaltzen duen alferezak larrutik ordainduko du. Wenzl maiorrarentzat, hutsegite handi eta izugarriak besterik ez dira baliagarri, esaterako, bolborategiko zaindaria loak hartzea. Eta badira huts handiagoak ere, adibidez, soldadu batek gauean Marianske kuarteleko horma saltatu eta horma gainean loak hartuta erreserbista batek edo gaueko patruilak harrapatzea. Hitz batean esanda, hain gauza izugarriak eginda, errejimenduaren lotsagarri gelditzea. «Jainkoarren», garrasika entzun nion behin korridorean, «beraz, hirugarrenez harrapatu du erreserbisten patruila batek. Eramazue berehala piztia hori kaiolara, eta irteten denean, lan egin dezala tren militarretara simaurra eramaten. Haiekin borrokatu ere ez zen egin! Eta ez dira soldaduak, kale-garbitzaileak baizik. Ez emaiozue jaten etzi arte, ken iezaiozue lastaira eta sar ezazue ziegan, eta burusirik ez!».

        Atera kontuak, lagun: hona iritsi bezain laster, Dauerling alferez tentel horrek soldadu bat bidali zuen batailoiko epaimahaira, nahita agur egin ez ziola-eta Dauerling plaza zeharkatzen ari zenean gurtitxi batean, igande arratsaldez, andereño batekin! Bolada hartan, batailoiko epaimahaian, errekrutek ziotenez, kristoren kalapita gertatu zen. Batailoiko bulegoko sarjentuak, paperak eskuan, korridoreraino hanka egin zuen, eta Wenzl maiorrak garrasi egin zion Dauerlingi:

        — Arraio tximista! Ez dut honelakorik onartzen! Badakizu, alferez jauna, zer den batailoiko epaimahaia? Batailoiko epaimahaia ez da urde-festa bat. Nola ikusi ahal zintuen soldadu hark, bada, plaza zeharkatzen ari zinenean? Ahaztu duzu ikasitakoa, alegia, goragoko graduaziokoekin topo egitean beraiei agur egin beharrak ez duela esan nahi soldadu batek jira-bira egin behar duela ziba baten gisa, plaza zeharkatzen ari den alferez jauna aurkitzeko. Isilik egon, mesedez. Batailoiko epaimahaia oso erakunde serioa da. Soldaduak zin egin zizun ez zintuela ikusi, kale-kantoian neuri ari zitzaidalako agurka, niganantz, Wenzl maiorrarenganantz bueltatuta, ulertzen? Zin egin zizun ez zeukala atzerantz, zure gurtitxirantz begiratzerik. Beraz, uste dut sinetsi egin behar diozula. Hurrengoan, mesedez, ez egidazu enbarazurik halako huskeriekin.

        Ordutik, Dauerling aldatu egin zen.

        Urtebeteko boluntarioak aharrausi egin zuen:

        — Regimentsraport-era joan aurretik lo egin behar dugu. Bakarrik esan nahi nizun, azaletik behinik behin, nola dagoen kontua errejimenduan. Schröder koronelak ez du begiko Wenzl maiorra. Oro har, tipo bitxia da. Sagner kapitainak urtebeteko boluntario eskolaren ardura dauka, eta benetako soldaduaren eredua ikusten du Schröderengan, nahiz Schröder koronelak ezeri ez dion beldur handiagorik frontera joateari baino. Sagner parte txarreko gizona da, eta Schröderek bezala, ez dauzka begiko erreserbako ofizialak. Zibil kiratsuak direla esaten du. Piztiak izango balira bezala begiratzen die boluntarioei, eta uste du «piztia» horiek makina militar bihurtu behar direla, izartxoak josi behar zaizkiela eta frontera bidali behar direla, kasta oneko ofizial aktiboen ordez hil daitezen. Oro har —esan zuen urtebeteko boluntarioak, burusipean ezkutatzeaz batera—,ustel-usaina dario armadako edozer gauzari. Soldadu-aldrak, aho zabalik, oraindik ez dira beren onera etorri. Begiak ireki-ireki eginda, txikizioa pairatzera joaten dira, eta gero, balatxo batek harrapatzen dituenean, «amatxo...» besterik ez dute xuxurlatzen. Ez dago heroirik, hiltegirako ganadua eta Goi Agintaritzako harakinak baizik. Eta azkenean honek guztiak leher egingo du eta saltsa ederra izango da. Gora Armada! Gabon!

        Urtebeteko boluntarioa isildu zen, eta ondoren burusipean alde batetik bestera hasi eta galdetu zuen:

        — Lo zaude, lagun?

        — Ez —erantzun zuen Xveikek beste etzalekutik—, pentsatzen ari naiz.

        — Zertaz, lagun?

        — Vinohrady auzoko Vavrova kaleko zurgin batek bere ausardiagatik jaso zuen zilarrezko domina handiaz. Mlitxko zuen izena, eta gerra hasieran bera izan zen errejimenduko estreinakoa granada bategatik hanka galdu zuena. Gezurrezko hanka bat jarri zioten, eta dominarekin bere buruaz harrotzen hasi zen, bera baitzen errejimenduko lehendabiziko elbarria, estreinakoa, gerratean. Behin Vinohradyko «Apollo» tabernara joan eta sesioan hasi zen hiltegiko harakinekin, harik eta beraiek gezurrezko hanka erauzi eta buruan jo zioten arte. Erauzi zionak ez zekienez gezurrezko hanka zenik, ikararen ikaraz konortea galdu zuen. Komisarian Mlitxkori hanka bueltatu zioten, baina garai hartatik Mlitxkok begitan hartu zuen bere zilarrezko domina handia, bahi-denda batera eraman, eta bera eta domina atxilotu zituzten bertan. Arazoak izan zituen, eta gerrako elbarrientzako ohorezko epaimahai berezi batek kondenatu egin zuen zilarrezko domina eta hanka galtzera...

        — Nolatan, bada, hori?

        — Oso erraza. Egun batez batzorde bat joan zitzaion, iragarriz ez zuela gezurrezko hanka eramaterik merezi, eta, beraz, desmuntatu eta eraman egin zioten. Baina barre egitekoa izaten da baita ere —jarraitu zuen Xveikek— gerran eroritako baten oinordekoek bat-batian halako domina jasotzea, ohar bat atxikita: etxeko toki bikain batian esekitzeko ematen zaiela domina. Vyxehrad auzoko Bozettechova kalian, aita ernegatu batek, Estatuko erakundeek arpa jotzen ziotelakoan, komunian eseki zuen domina, eta komun partekatu hori erabiltzen zuen auzoko batek, polizia baitzen, goi mailako traizio salaketa egin zion, eta bere betea eman zitzaion gaixoari.

        — Hortik ondorioztatzen da —esan zuen urtebeteko boluntarioak— gloria guztiak ez duela balio lau zorri. Vienan «Urtebeteko boluntarioaren Agenda» publikatu berri dute, eta bertan bertso liluragarri hau dago txekierara itzulita:

 

                Behin zorioneko boluntario bat bazen

                aberri eta Erregegatik erori zena,

                sendoa, aberriaren alde

                borrokan direnen adibidea.

 

                Begira, kanoi-gurdian daramate gorpua,

                kapitainak jarritako domina bularrean,

                otoitz isilak altxatzen dira zerura

                aberriagatik eroriaren omenean.

 

        — Nire ustez —esan zuen urtebeteko boluntarioak, isilune labur baten ondotik—, gure herriko izpiritu militarra maldan behera amildua da. Proposatzen dut, lagun maite, Jaburek kanoilariaren omenez kanta dezagula gaueko ilunpean, gure presondegiko isiltasunean. Horrela, gora egingo du izpiritu militarrak. Baina oihuka kantatu behar, Marianske kuartel osoan entzuteko moduan. Horregatik proposatzen dut ate ondoan jar gaitezela.

 


 

        Eta handik lipar batera marruma bat entzun zen ziegatik etorrita, korridoreko leihoak dardaraka jarri zituena:

 

                ... Eta kanoi ondoan zegoen

                bete eta bete etengabe.

                eta kanoi ondoan zegoen

                bete eta bete jo eta ke.

                Bala batek hegan

                bi eskuak erauzi brastakoan

                eta bera lasai zegoen

                kanoia bete eta bete etengabe,

                kanoi ondoan zegoen

                bete eta bete jo eta ke.

 

        Pausoak eta ahotsak entzun ziren patioan.

        — Kartzelaria da —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, gaur txanda daukan Pelikan tenientearekin batera. Erreserbako ofizial bat da hori, «Klub txekiarra» jatetxetik ezagun dudana. Bizitza zibilean, matematikari lana egiten du aseguru-etxe batean. Zigarretak emango dizkigu horrek. Segi dezagun marruka.

        Eta berriz entzun zen: «Eta kanoi ondoan zegoen...»

        Atea ireki zenean, kartzelariak, txanda zeukan ofizialaren presentziaz nabarmen ernegaturik, zakar bota zuen:

        — Hau ez da zoologikoa.

        — Barkatu —erantzun zuen urtebeteko boluntarioak—, Rudolfinum Arte Etxeko sukurtsal bat da hemen, presoen aldeko kontzertu bat. Bukatu berri da programaren lehendabiziko ekitaldia: «Gerra Sinfonia».

        — Uztazu hori —esan zuen Pelikan tenienteak, itxuraz zorrotz—. Uste dut badakizula bederatzietan lotara joan behar duzula eta ez duzula zaratarik egin behar. Plazan ere entzun daiteke zure kontzertua.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna —esan zuen urtebeteko boluntarioak— behar bezala prestatu garela, eta pixka bat desafinatuz gero...

        — Hala egiten du gauero —zirikatu nahi izan zuen kartzelariak bere etsaia—. Batere adimenik gabe jokatzen du.

        — Mesedez, teniente jauna —esan zuen urtebeteko boluntarioak—, bakarka hitz egin nahi nuke zurekin. Itxaron dezala kartzelariak ate atzean.

        Hau beterik, urtebeteko boluntarioak isilpean esan zuen:

        — Tira, Prantzixko, emazkiguzu zigarretak. «Kirol» markakoak dira? Tenientea zaren aldetik, ez daukazu hoberik? Estimatua dago, dena den. Pospoloak ere bai. «Kirol» markakoak —esan zuen mespretxuz urtebeteko boluntarioak, tenienteak alde eginda—. Mixeria gorrian ere gorena izan behar. Erre ezazu, lagun, lo egin aurretik. Bihar Azken Judizioa daukagu zain.

        Urtebeteko boluntarioak, loak hartu baino lehen, ez zuen hau kantatzerik ahaztu: «Mendiak, haranak eta harkaitz garaiak dira ene lagunak. Baina gogoko genuen hau guztia ez zaigu itzuliko, neskatxa maitagarria...»

        Baldin eta urtebeteko boluntarioak munstrotzat deskribatu bazuen Schröder koronela, oker zebilen, zeren Schröder koronelak justizia-sen eskasa baitzeukan, gauak hotelean lagun-giro alaian pasatzen zituenean erakusten zuena.

        Urtebeteko boluntarioak kuarteletako egoera erabidez kritikatzen zuen bitartean, Schröder koronela hotelean zegoen, ofizialekin batera, Kretschmann tenientearen kontakizuna entzuten. Berau Serbiatik itzulia zen, zaurituta, behi batek adarkatu baitzion hanka, eta kontatzen ari zen Goi Agintaritzatik bertatik ikusi zuela posizio serbiarren kontrako eraso bat:

        — Bai, irten dira lubakietatik. Bi kilometro luzez alanbradak zeharkatu eta oldartu dira etsaiaren kontra. Eskuko granadak gerriko atzean, maskarak, fusila sorbaldan, tiro egiteko pronto, kolperako prest. Txistuka balak. Erori da lubakitik irtendako soldadu bat, beste bat lehertutako lubetan, beste bat zenbait urrats emandakoan, baina soldadukideen gorputzek aurrera egiten dute etengabe, «aurrera» eta «gora» esateaz batera, ke eta hautsaren erdian. Eta etsaiak alde guztietatik egiten du tiro, lubakietatik, granadek egindako zuloetatik, eta metrailadorez apuntatzen gaituzte. Erori dira soldadu gehiago. Patruila batek etsaiaren fusil bat eskuratu nahi du. Erori da. Baina soldadukideak aurrera doaz. Gora! Erori da ofizial bat. Dagoeneko ez da entzuten infanteriaren fusilik. Zerbait ikaragarria prestatzen ari da. Berriz ere erori da patruila oso bat, eta entzun dira etsaiaren fusilak: ratatatata... Erori da... Nik, barka ezazue, ezin dut gehiago, mozkortuta nago...

        Eta hanka zaurituta zeukan ofiziala isildu eta aulkian eserita gelditu da, soraio. Schröder koronelak irribarre maitagarria egin du eta aurrean daukan Spiro kapitainari beha jarri da: liskartu nahirik bezala, mahaia jo du ukabilez, eta batere esangurarik ez daukan zer edo zer ulertezina errepikatu du:

        — Har ezazue kontuan, mesedez, badauzkagula, gure alde armaturik, Austriako lantzari zaldizkoak, Bosniako basozainak, Austriakoak, Austriako infanteria-soldaduak, Hungariakoak, Tirol aldeko tiratzaile inperialak, Bosniako infanteria-soldaduak, Hungariakoak, Hungariako husarrak, basozain zaldizkoak, dragoiak, lantzari zaldizkoak, artilleriakoak, trenak, zulatzaileak, osasun-zerbitzua, marinelak. Ulertzen duzue? Eta Belgika? Lehenengo eta bigarren deialdi militarrek osatzen dute operazio armada, hirugarrena atzeguardiako zerbitzuez arduratzen da...

        Spiro kapitainak ukabilez jo zuen mahaia:

        — Defentsa Nazionaleko soldaduek bake garaian zerbitzatzen dute.

        Aldameneko ofizial gazte bat gogotik saiatzen zen koronelari bere tinkotasun militarra sinestarazten, eta ozen adierazten zion bere ondokoari:

        — Tuberkulosoak frontera bidali behar dira, on egingo die eta, eta gainera hobe da gaixoak hiltzea jende osasuntsua baino.

        Koronelak irribarre egin zuen, baina bat-batean beltzuri egin eta Wenzl maiorrari bueltaturik honela esan zuen:

        — Harritzen naiz ikusteaz nola Lukax tenientea heldu denetik itzurtzen zaigun. Behin ere ez da etorri gure artera.

        — Poematxoak egiten ditu —bota zuen burlaizez Sagner kapitainak—. Iritsi bezain laster, Schreiter ingeniariaren andrea antzerkian ezagutu eta berarekin maitemindu da.

        Koronelak bere aurrera begiratu zuen, kopetilun:

        — Badaki kupleak kantatzen, ezta?

        — Kadete eskolan geundenean ere, asko dibertitzen gintuen kupleekin —erantzun zuen Sagner kapitainak—, eta badakizki horrek txisteak gero. Ez dakit zergatik ez datorren gure artera.

        Koronelak triste higitu zuen burua:

        — Gaur egun ez dago gure artean lehen bezalako adiskidetasunik. Lehen, gogoratzen dudanez, ofizialetako bakoitzak dibertsioari bere alea eman nahi genion kasinoan. Gogoan du behin Dankl delako teniente bat larrugorritan jarri, lurrean etzan, sardinzar baten isatsa jarri ipurdian, eta itsasneska itxurak egin zituela. Beste batek, Schleisner tenienteak, bazekien belarriak higitzen eta irrintzi egiten zaldi baten antzera. Katu-marrua eta erlastar-burrunba imitatzen zituen. Skoday kapitaina ere gogoratzen dut. Horrek beti, nahi genuenean, neska batzuk ekartzen zituen kasinora, hiru ahizpa ziren, eta txakurren gisa zeuzkan hezita. Mahaian jartzen zituen, eta gure aurrean biluzten ziren erritmo bati segika. Batuta txiki bat zeukaten, eta zein zoragarria!: zuzendaria bikaina zen. Eta nolakoak egiten zituen haiekin sofan! Behin bainuontzi bat, ur bero eta guzti, ekarrarazi zuen gelako erdi aldera, eta guk bata bestearen ondotik bainatu behar izan genuen neskekin, berak argazkiak ateratzen zizkigun bitartean.

        Oroitzapen hau bururatu ahala, Schröder koronelak irribarre txit zoriontsua egin zuen.

        — Eta nolako apustuak egiten genituen bainuontzian! —jarraitu zuen, mingainarekin klaska nazkagarria eginez eta aulkian mugituz—. Gaur egun, ordea, ba ote dago dibertigarririk horretan? Kupletista hura ere ez da agertzen. Gaurko ofizial gazteek edaten ere ez dakite. Hamabiak ere ez dira eta, ikusten duzuenez, bost daude mahaian mozkortuta. Garaia batean bi egun eserita eman, eta zenbat eta gehiago edan, orduan eta urrunago geunden mozkortzetik, eta etengabe betetzen ginen garagardoz, ardoz, eta likorez. Gaur egun ez dago benetako izpiritu militarrik. Batek jakin zergatik. Batere txisterik ez, halako solas amaigabeak besterik ez. Entzun ezazu nola hitz egiten duten han, beheko mahai hartan, Estatu Batuez.

        Mahaiaren bestaldetik inoren ahots serioa entzun zen:

        — Estatu Batuak ezin dira gerran sartu. Amerikarrak eta ingelesak harri eta makil dabiltza. Estatu Batuak ez daude gerrarako prest.

        Schröder koronelak hasperen egin zuen:

        — Hau hitzontzikeria hau, erreserbako ofizialena! Deabruak paratua dirudi. Atzo arte banku batean zebiltzan eskribau, edo kukurutxoak egin eta espeziak, kanela eta botak garbitzeko betuna saltzen zituzten, edo haurrei eskolan kontatzen zieten goseak urrundu egiten dituela otsoak basotik, eta gaur ofizial aktiboen parean egon nahiko luke, dena ulertu eta denetan sudurra sartu. Eta Lukax tenientea bezalako ofizial aktiboak dauzkagunean geure artean, orduan teniente jauna ez dator gure artera.

        Schröder koronela umore txarrez etxeratu zen, eta goizean itzarririk, are umore txarragoa zuen, zeren ohean irakurritako egunkarian honako esaldi hau zenbait aldiz topatu baitzuen gerrari buruzko berrietan: posizio aurretiaz prestatuetara eraman zutela armada. Austriako armadaren egun loriatsuak ziren, Xabatse hiri serbiarreko egunen antz-antzekoak.

        Eta irudipen honen pean, Schröder koronelak hasiera eman zion, goizeko hamar-hamarretan, urtebeteko boluntarioak, agian egoki, «Azken Judizioa» deituko zuen ekitaldiari.

        Xveik eta urtebeteko boluntarioa patioan zeuden, koronelaren zain. Bertan ziren, halaber, errekrutak, txanda zeukan ofiziala, landa-laguntzailea, eta errejimenduko bulegoko sarjentua, justiziaren aizkora (regimentsraport-a, alegia) zain zeukaten errudunen zerrenda eta guzti.

        Azkenik, koronel kopetiluna agertu zen, urtebeteko boluntarioen eskolako Sagner kapitainarekin batera, bere bota altuen ertza zartailuaz astinduz, urduri.

        Txostena jasota, erabat isilik igaro zen Xveiken eta urtebeteko boluntarioaren ingurutik, hauek, segun koronela zein hegaletatik ageri zen, ezkerraldera zein eskuinaldera begiratzen zuten bitartean. Hain zehaztasun aparta erakusten zuten, non lepoa dislokatu ahal zitzaien, horrek guztiak askotxo iraun zuelako.

        Koronela, azkenik, urtebeteko boluntarioaren aurrean gelditu zenean, boluntarioak iragarri zuen:

        — Urtebeteko boluntarioa...

        — Badakit —esan zuen labur koronelak—, urtebeteko boluntarioen paria bat. Zer zara bizitza zibilean? Filosofia Klasikoko ikaslea? Intelektual mozkorti bat, beraz... Kapitain jauna! —deitu zion Sagnerri—, ekarri hona urtebeteko boluntarioen eskolako guztiak. Jakina —ekin zion urtebeteko boluntarioari hitz egiteari—, Filosofia Klasikoko ikasle estimagarria zaren horrekin zikindu behar dut neronek. Kehrt euch!   Buelta erdia! Banekien. Berokiaren tolesak, behar ez bezala. Putetxetik etorriko balitz bezala. Erakutsiko dizut, mutiko.

        Urtebeteko boluntarioen eskolakoak patioan sartu ziren.

        — Laukia osatu! —agindu zuen koronelak. Boluntarioek koronela eta auzipetuak lauki estu bat osatuz inguratu zituzten.

        — Begira iezaiozue gizon horri —irrintzi egin zuen koronelak, zartailuaz urtebeteko boluntarioa seinalatuz. Tropak borroka-lekuan loriara eramango dituzuen ofizialak izateko hezi behar duzue zuek, eta berak xahutu egin du zeuon, urtebeteko boluntarioon ohorea. Baina nora eramango zuen mozkorti horrek bere tropa? Tabernaz taberna. Kontrabandoko ron guztia edango luke troparekin. Ezer esan dezakezu zeure burua zuritzeko? Ezin duzu. Begira iezaiozue. Bere burua zuritzeko ere ezin dezake ezer esan, eta bizitza zibilean Filosofia Klasikoa ikasten du. Adibide klasikoa, benetan.

        Koronelak mantsotasun esanguratsuz bota zituen azken hitzok, eta gero zakar bota zuen:

        — Filosofo klasiko bat, gaueko mozkorraldian ofizialei txanoak lurrera botatzen dizkiena burutik. Mensch   Gizona!. Eskerrak artilleriako ofiziala besterik ez zen.

        Azken hitzotan zegoen laburbildurik 91. errejimenduak Budeiovitseko artilleriari zion ezinikusi guztia. Gauez errejimenduko patruilaren eskuetan eroritako artillari dohakabeak! Patruila dohakabea! Ezinikusia izugarria zen, bihozgabea. «Vendetta», mendeku odoltsua, kintaz kinta hedatzen zen, pasadizo ugariz ziprinztindurik, adibidez, nola infanteriako soldaduek Vltava ibaira jaurtitzen zituzten artilleriakoak, edo alderantziz; nola borrokatu ziren «Port Arthur»-en, «Arrosa»-n eta Hego Txekiako metropoliko beste dibertsio-toki askotan ere.

        — Dudarik gabe —jarraitu zuen koronelak—, horrelako gauza batek zigor zentzagarria merezi du. Gizon hori urtebeteko boluntarioen eskolatik bota behar da, moralki suntsitu. Asko dauzkagu-eta armadan horrelako bizkorrak. Regimentskanzlei!   Errejimenduko bulegoa!

        Errejimenduko bulegoko sarjentua serio hurbildu zen, zerrenda eta lapitza eskuan.

        Isiltasuna nagusitu zen, auzitegian hiltzaile bat epaitzen duen epaimahaiburuak «entzun epaia» esaten duenean bezala.

        Eta ahots berdintsuz bota zuen koronelak:

        — Marek urtebeteko boluntarioarentzako zigorra: hogeita bat eguneko espetxeratzea, eta zigorra beterik, sukaldean patatak zuritu.

        Urtebeteko boluntarioengana bueltatuz, koronelak lerrokatzeko agindua eman zien. Entzun zen zein azkar launaka jarri eta abiatu ziren. Aldi berean, koronelak kapitainari esan zion gaizki ari zirela, eta arratsaldez pausoak errepika zitzala haiekin patioan.

        — Zarata egin behar dute, kapitain jauna. Eta beste gauza bat ia ahaztu zait: esaiezu eskolako boluntario guztiei baimena kenduko zaiela bost egunez, inork ahaztu ez dezan bere kide ohia, Marek zirtzil hori.

        Eta Marek zirtzila Xveiken ondoan zegoen, zutik, poza aurpegian. Gauzak ezin izan zitzaizkion hobeki atera. Dudarik gabe, hobe da sukaldean patatak zuritu, kauserak egin eta saiheskiak marraskatzea, ezen ez, motxilak gainezka, etsaiaren urakan antzeko suaren azpian hau oihukatzea: «Einzeln abfallen! Bajonett auf!»   Banan-banan jaitsi! Baionetak gora!

        Sagner kapitainarengandik itzulirik, Schröder koronela Xveiken aurrean gelditu zen eta adi-adi begiratu zion. Une hartan, Xveiken aurpegi lodi eta irribarretsua zen haren ezaugarririk adierazgarriena: ondo sartutako txano militarraren azpian bere bi belarri handiak gailentzen ziren, aurpegia mugatzen ziotelarik. Haren eite orokorrak pentsarazten zuen erabateko ziurtasuna zeukala eta ez zuela batere errurik aitortzen. Begiek «ezer txarrik egin dut?» galdetzen zuten. Begiak mintzo ziren: «Ezeren errurik al dut?».

        Eta koronelak, errejimenduko bulegoko sarjentuari egindako zion galdera batean laburtu zuen ikusitakoa: «Ergela ote da?»

        Eta orduan koronelak ikusi zuen nola bere aurrean aurpegi onbera horren ahoa irekitzen zen.

        — Apal-apalik jakinarazten dut, koronel jauna, ergela naizela —erantzun zuen Xveikek koronelaren ordez.

        Schröder koronelak keinu egin zion landa-laguntzaileari eta harekin irten zen bazter batera. Gero, sarjentuari deitu eta Xveiki buruzko materiala aztertu zuten.

        — Hara —esan zuen Schröder koronelak—, Lukax tenientearen morroia da, bere txostenaren arabera Tabor hirian galdu zitzaiona. Uste dut ofizial jaunek hezi behar dituztela beren sehiak. Lukax teniente jaunak halako ergel nabarmena aukeratu bazuen morroitzat, hor konpon. Inora ez doanez, badu nahikoa aisia. Ezetz zuk ere inoiz ikusi gure lagunartean! Bada, horixe. Hortaz, nahikoa denbora dauka bere sehia hezteko.

        Schröder koronela Xveiki hurreratu zitzaion, eta haren aurpegi onberari so, honela esan zuen:

        — Hiru eguneko verschärft-a daukazu, astakirten horrek, eta zigorra betetakoan, azal zaitez Lukax tenientearen aurrera.

        Halatan, berriro topatu ziren Xveik eta urtebeteko boluntarioa errejimenduko presondegian, eta Lukax tenientea oso poztu ahal izan zen, Schröder koronelak hau esateko deitu zionean:

        — Teniente jauna: orain dela astebete edo, zu errejimendura iritsi ondoren, txosten bat eman zenidan sehi baten eskean, zeurea Taborko geltokian galdu zitzaizun eta. Itzuli denez...

        — Koronel jauna... —erreguz esan zuen Lukax tenienteak.

        — ... erabaki dut —segitu zuen, azpimarratuz bezala, koronelak— hiru egunez atxilotu eta ondoren zuri atzera ematea...

        Lukax tenienteari, ikararen ikaraz, izerdia zerion koronelaren bulegoan.

 

        Xveik txit dibertitu zen Marek urtebeteko boluntarioarekin emandako hiru egunetan. Gauero etzalekuetan erakustaldi aberkoiak antolatzen zituzten.

        Gauez beti entzuten ziren ziegatik «Gorde gaitzak, Jauna» eta «Prinz Eugen, der edle Ritter»   Eugenio printzea, zaldun noblea. Halaber, makina bat abesti militar kantatzen zuten, eta kartzelaria etortzen zenean, honako hau kantatzen zioten, ongi etorria emanez bezala:

 

                Kartzelari zahar guria

                ez da hil behar,

                bila etorri behar zaio

                infernutik galtzagorria.

                Gurdian etorri eta

                jaurtiko du lurrera,

                deabruek kartzelariarekin

                su ederra egingo dute infernuan.

 

        Eta etzalekuaren gainean, urtebeteko boluntarioak kartzelaria marraztu eta azpian kantu zahar honen testua idatzi zuen:

 

                Pragara odolki bila joan nintzenean,

                xakur bat aurkitu nuen bidean.

                Ez zen xakurra, kartzelaria baizik,

                kosk egingo zidan ihes egin ezik.

 

        Eta biek kartzelaria Sevillan Andaluziako zezena trapu gorri batez xaxatzen duten erara xaxatzen zuten bitartean, Lukax tenientea estu eta larri zegoen, Xveik agertu eta haren zerbitzura itzultzen zela iragarriko zion egunaren zain.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (II)" orrialde nagusia