15. kapitulua
HONDAMENDIA
Frederiko Kraus koronelari, Salzburgo ondoko herrixka bere arbasoek irentsi batetik zetorkion von Zillergut titulua. Koronel hori ergel estimagarria zen. Zerbait kontatzen zuenean, gauza baikorrak baino ez zituen esaten, aldi berean galdetuz ea guztiek esaerarik primitiboenak ulertzen zituzten.
— Leihoa, beraz, jaunok. Badakizue zer den leihoa?
Edo:
— Bi aldeetan erretenak dituen bideak errepide du izena. Bai, jaunok: badakizue zer den erretena? Erretena, jendeak lan egiten dueneko lur zuloa da. Zulape bat. Bai. Aitzurrez egina. Badakizue zer den aitzurra?
Azalpenak etengabe emateko joerak jota zegoen, bere sorkariaz hitz egiten duen asmatzailearen berotasunarekin hitz eta pitz.
— Liburua, jaunok, orrialde multzoa da, inprimatu, bildu, koadernatu eta kolatua. Bai. Badakizue zer den kola? Kola lekeda da.
Hain zen ergel galanta, non ofizialak urrundik itzurtzen baitzitzaizkion, espaloiak kalea galtzadatik banantzen duela eta etxe aurrealdeen pareko harrizko lerro altxatuxea dela ez entzuteko. Eta kaletik edo espaloitik ikusten dugun aldea dela etxe aurrealdea. Etxe atzealdea ezin dugula espaloitik ikusi, kaleratu orduko konturatuko garenez.
Datu interesgarri hau berehala frogatzeko prest zegoen. Dena den, zalgurdi batek harrapatu zuen, zorionez. Harrezkero ergelagotu egin zen. Ofizialak geldiarazi, eta haiekin solas luze amaigabeei ekiten zien arrautzopil, eguzki, termometro, kausera, leiho, eta tinbreez.
Benetan harritzekoa zen ergel horrek graduaziotan nahiko azkar gora egin eta eragin handiko jendearen babesa izatea, hala nola komandante jeneral batena. Eta hori, koronela militar gisa erabat ezgai zelarik.
Maniobretan gauza benetan miresgarriak egiten zituen bere errejimenduarekin. Inoiz ez zen inora garaiz heltzen, errejimendua zutabetan eramaten zuen metrailadoreen aurka, eta behin, urte asko zirela, gertatu zen Hego Bohemiako maniobra inperialetan galdu egin zela bere errejimenduarekin. Moraviaraino iritsi ziren, eta bertan zenbait egunez noraezean ibili ere, maniobrak bukatu eta gainerako soldaduak kuarteleratuak zirenean. Barkatu egin zioten.
Komandante jeneralarekin eta Austria zaharreko goi agintari militar tentelekin zeuzkan lagun-harremanei esker domina eta gurutze ugari lortu zituen. Hortaz, biziki ohoraturik sentitzen zen, eta munduko soldadurik hoberentzat eta estrategia eta arte militar guztien teorizatzailetzat zeukan bere burua.
Errejimenduaren desfileetan soldaduekin mintzatzeari eman eta beti gauza berbera galdetzen zien:
— Zergatik deitzen zaie «manlijerovka» armadan erabilitako fusilei?
Errejimenduan «manlijergel» izengoitia zuen. Izugarri mendekatia zen, eta gustatzen ez zitzaizkion ofizialak suntsitu egiten zituen, eta ezkondu nahi zutenean, haien eskariari buruzko oso gomendio txarra bidaltzen zuen Agintaritzara.
Ezkerreko belarri erdia falta zitzaion. Gaztetako duelu batean moztu zion etsai batek, honek honako egia hau frogatu zuenean: Frederiko Kraus von Zillergut mutiko ezin ergelagoa zela.
Haren gaitasun psikikoak aztertzen baditugu, ohartuko gara ez zirela inola ere hobeak Frantzisko Jose hasburgtarrari ergel-ospea eman ziotenak baino.
Hitz-jario bera, tolesgabetasun handienezko hornidura bera. Ofizialen kasinoko oturuntza batean, Kraus von Zillergut koronelak, Schillerrez hitz egiten zenean, honela esan zuen besterik gabe:
— Jaunok: lokomotoraz mugitutako lurrunezko golde bat ikusi nuen atzo. Kontu egizue, jaunok, lokomotoraz, eta ez batez, bi lokomotoraz. Kea ikusi, hurbildu, eta horra lokomotora, eta beste aldean bestea. Esadazue, jaunok: ez da irrigarria? Bi lokomotora, bakar bat nahikoa ez balitz bezala.
Une batez isildu eta berehala esan zuen:
— Gasolina agortzen denean, autoak gelditu egin behar du. Hori ere ikusi nuen atzo. Eta gero inertziaz hitz egiten da, jaunok. Ez dabil, gelditzen da, ez da mugitzen, ez dauka gasolinarik. Ez da irrigarria?
Zabarra izateaz gain, txit jainkozalea ere bazen. Etxean aldarea zeukan. Askotan joaten zen aitortzera eta jaun hartzera San Ignazio elizara, eta gerra hasi zenetik Austria eta Alemaniako armen garaipenaren alde egiten zuen otoitz. Kristautasuna hegemonia germaniarrarekin nahasten zuen. Jainkoak garaituen aberastasun eta lurraldeak bereganatzen lagundu behar zuen.
Izugarrizko amorrazioa harrapatzen zuen, presoak ekarri zituztela egunkarian irakurtzen zuen guztietan. Honela esaten zuen:
— Presoak zertarako? Armaz jo ditzatela guztiak! Errukirik ez. Gorpuen gainetik dantzatu. Serbiako zibil guztiak erre. Haurrak baionetaz akabatu!
Ez zen Vierordt olerkari alemaniarra baino txarragoa, zeinak gerra denboran neurtitzak plazaratu baitzituen, Alemaniak milioika deabru frantses gorrotatu eta errukirik gabe hil zitzala eskatzeko.
Mendi gaineko hodeietarantz igo bitez
giza hezur metak eta haragi ketsua.
Urtebeteko boluntarioen eskolan irakatsi ostean, paseora atera zen Lukax tenientea Maxekin batera.
— Utzidazu ohartarazten, teniente jauna —esan zuen Xveikek kezkatuta—, zuhurra izan behar duzula txakur honekin, ihes ez egiteko. Agian bere etxe zaharra faltan botako du, eta hanka jokoa egin dezake sokatik askatzen baduzu. Eta aholku bat: ez eraman Havlitxek plazatik. Hortik txakur gaizto bat ibiltzen da, kosk asko egiten duena. Bere esparruan txakur kanpotarrik ikusiz gero, berihala jelosten da, zerbait jango ote dion. Done Kastulo elizako eskaliaren antzekoa da.
Max saltoka zebilen, alai, tenientearen hanketara tartekatzen zelarik; sokaz sablearen ingurutik jiratu, eta ezohiko poza erakutsi zuen paseora joatearren.
Kalera irten ziren eta Lukax tenientea Erreten kalera abiatu zen txakurrarekin. Dama batekin biltzekoa zen Panska kaleko izkinan. Pentsamendu ofizialetan murgildurik zegoen. Zer irakatsiko die bihar eskolan urtebeteko boluntarioei? Nola ematen dugu mendi baten garaiera? Zergatik ematen dugu beti garaiera itsas mailarekiko? Nola kalkulatzen dugu, itsas mailaren gaineko garaieratik, mendi baten garaiera bere oinetik? Arraio!, zergatik jartzen du Armada Ministerioak honelakorik eskolako programan? Hori artilleriarentzako kontua da. Eta, gainera, Estatu Nagusiko mapak daude. Etsaia 312. kotan dagoenean, ez dago astirik pentsatzeko zergatik muino horren garaiera itsas mailarekiko ematen den, ezta muino haren garaiera kalkulatzeko ere. Mapari begiratu, eta aski da.
Pentsamenduotatik «Halt!» Geldi! zorrotz batek apartatu zuen, Panska kalera hurbiltzen ari zenean, hain zuzen.
«Halt!» horrekin batera, txakurrak ihes egin zion, soka eta guzti, eta zaunka alaiaz oldartu zitzaion «Halt!» zorrotza esandako gizonari.
Tenientearen aurrean Kraus von Zillergut koronela zegoen. Lukax tenienteak erreberentzia egin, koronelaren aurrean zutik gelditu, eta ikusi ez izanagatik desenkusatu zen.
Kraus koronela «halt» esateko joeragatik zen ofizialen artean ezaguna. Gerraren arrakastaren oinarri eta botere militar osoaren zutabe irizten zion erreberentziari .
— Erreberentzian soldaduek arima jarri behar dute —esan ohi zuen. Mistizismo militarrik ederrena zen.
Koronelak arreta guztia jartzen zuen, errespetua erakusten zuen edonork arautegiaren arabera egin zezan erreberentzia, zehatz eta duin, detailerik ñimiñoena ere ahazteke.
Ingurutik iragaten zitzaizkion guztiak zelatatzen zituen, infanteriako soldadutik hasi eta tenienteraino. Bidenabar, baldin eta infanteria-soldadu batek txano-hegala ukitzeaz batera «kaixo» esan nahi balu bezala egiten bazuen erreberentzia, kuartelera eramaten zuen zuzen-zuzen zigortzera.
Harentzat ez zuen «ez zaitut ikusi»-k balio.
— Soldaduak —esan ohi zuen— bere nagusia bilatu behar du jendetzan, eta arautegian idatzita dauzkan betebehar guztiak betetzea besterik ez pentsatu. Guda-lekuan erortzen bada, bere heriotzaren aurretik erreberentzia egin behar du. Niretzat piztia da erreberentzia egiten jakin ez, ez ikusiarena egin edo erreberentzia arduragabea egiten duena.
— Teniente jauna —esan zuen Kraus koronelak ahots ikaragarriz—, graduazio txikiagoko batek ohorea errenditu behar izaten dio beti graduazio goragoko bati. Arau horrek indarrean dirau. Eta bigarrenik: noiztik ohitu dira ofizial jaunak txakur lapurtuekin paseatzen? Bai, txakur lapurtuekin. Besterena den txakurra txakur lapurtua da.
— Txakur hau, koronel jauna... —desenkusatu zen Lukax tenientea.
— ... neurea da, teniente jauna —latz moztu zion koronelak—, nire Fox da.
Eta Fox edo Maxek bere jabe zaharra gogoratu eta berria bere bihotzetik guztiz deserrotu zuen, eta askaturik, koronelaren gainera salto egin eta poz handia erakutsi zuen, bere idealetan ulerkuntza aurkitzen duen seigarren mailako ikasle maiteminduaren antzera.
— Txakur lapurtuekin ibiltzea, teniente jauna, ez dator bat ofizial baten ohorearekin. Ez zenekien hori? Ofizialak ezin du txakurrik erosi, sinetsita ez badago ondorio txarrik gabe eros dezakeela —bereak eta bi esaten segitu zuen Kraus koronelak, Fox-Max laztantzearekin batera: berau, koronelak tenientea seinalatu eta «eutsi horri!» esan balio bezala, purrustaka hasi zitzaion tenienteari, hortzak karraskatzen zitzaizkion bitartean.
— Teniente jauna —segitu zuen koronelak—, ontzat hartzen duzu lapurtutako zaldiaz joatea? «Bohemie» eta «Tagblatt»-en nire grifoiaren galeraz argitaratutako iragarkia irakurri duzu? Zure nagusiak egunkarietan jarri duen iragarkia irakurri duzu?
Koronela sor eta lor zegoen.
— Ofizial gazte hauek ere! Non dago diziplina? Koronelak iragarkiak jarri, eta tenienteak irakurri ez.
— Bi belarrondoko eman ahal izango banizkik, aitona zahar horri! —pentsatu zuen Lukax tenienteak, orangutan bat gogorarazten zuten koronelaren papilotei beha.
— Etorri nirekin minutu batez —esan zuen koronelak. Eta halatan joan ziren, oso solas atseginean zihardutelarik.
— Frontean, teniente jauna, ezin zaizu horrelakorik bigarrenez gertatu. Seguru oso desatsegina dela atzeguardian txakur lapurrekin paseatzea. Bai horixe! Nagusiaren txakurrarekin paseatzea ere! Guda-lekuetan egunero ehunka ofizial galtzen ditugun garaian! Eta iragarkiak ez dira irakurtzen. Ehun urtez argitara nitzake iragarkiak txakurra galdu zaidala eta. Berrehun urtez, hirurehun urtez!
Koronelak zintz ozena egin zuen (amorrazio handiaren seinale beti ere), eta baita honela esan ere:
— Segi dezakezu paseatzen.
Buelta eman eta alde egin zuen, suminaren suminez bere ofizial-berokiaren muturra ustaz astinduz.
Lukax tenienteak, beste aldeko espaloira iragan eta, han ere «Halt!» entzun zuen berriro. Koronelak zoritxarreko infanteria-soldadu bat geldiarazi berria zuen, erreserbista bat, hain zuzen, etxean utzitako amarengan pentsatzen zebilenez ez baitzen koronelaz ohartu.
Koronelak berak eraman zuen kuartelera, arrastaka, itsas urdea deituz irain egiten ziola, zigortzera.
— Zer egingo dut, bada, Xveik horrekin? —pentsatu zuen tenienteak—. Muturra hautsiko zioat, baina hori ez duk nahikoa. Larrutzea ere gutxi duk zital horrentzat.
Dama batekin zuen hitzorduari erreparatu gabe, etxerakoa hartu zuen amorraturik.
— Akabatu egingo diat, mixerablea alaena! —esan zuen berekiko, tranbian esertzean.
Bien bitartean, Xveik soldadu ona kuarteleko mandatariarekin solas batean murgildurik zegoen. Soldadu honek sinatzeko agiri batzuk ekarri tenienteari, eta orain zain zegoen.
Xveikek kafea hartzera gonbidatu, eta elkarrekin komentatzen ari ziren Austria galtzaile aterako zela.
Esandako guztiak jakinak balira bezala ziharduten hizketan. Adierazpen segida etengabe bat zen, eta hitz bakoitza goi mailako traiziotzat definituko zukeen, ziurrenik, epaimahai batek, biak urkamendira kondenatuz.
— Enperadore jauna tenteldu egingo du honek guztiak —iragarri zuen Xveikek—. Ez da inoiz argia izan, baina seguru gerra honek errematatu egingo duela.
— Tentela da —iragarri zuen ziurtasunez kuarteleko soldaduak—, tontolapiko galanta. Agian jakin ere ez daki gerra dagoenik. Hari esatearen lotsa ziren akaso. Bere herriei zuzendu zien adierazpen hura faltsutua da, nonbait. Berak jakin gabe inprimatu dute, berak ezin du ezertan pentsatu.
— Lur jota dago —erantsi zuen Xveikek aditu-itxuraz—, kaka galtzetan egiten du, eta ume bati bezala eman behar zaio jaten. Lehen egunian, tabernan jaun batek kontatu zuen enperadoriak bi unide dauzkala eta egunero hiru aldiz eman behar diotela bularra.
— Hori besterik ez balitz! —hasperen egin zuen kuarteleko soldaduak—. Jipoia berotuko baligute sikiera, Austriak bakea edukitzeko!
Eta biak solasari birlotu zitzaizkion, harik eta Xveikek Austria juztiz juzkatu zuen arte ondoko hitzez:
— Halako monarkia ergelak ez du munduan egon behar ere.
Eta besteak, adierazpen hori nolabait praktikara eramateko, hauxe erantsi zuen:
— Frontera ailegatu orduko, ospa egingo dut.
Biek txekiar jendeak gerraz zeukan iritzia interpretatzen segitzen zutelarik, kuarteleko soldaduak errepikatu egin zuen egun hartan Pragan entzundakoa, alegia, Nachod herrian kanoiak entzuten zirela eta Errusiako tsarra ahalik lasterren izango zela Krakovian.
Gero kontu kontari jarraitu zuten, bertoko garia Alemaniara eramaten zela, eta soldadu alemaniarrek zigarretak eta txokolatea jasotzen zituztela.
Gero gerra zaharretako garaia gogoratu zuten, eta Xveikek azaldu zuen garai batean, gaztelu setiatu batera eltze kiratsuak botatzen zituztenean, ez zela hori ere goxoa izaten, halako kiratsaren erdian borrokatzea, alegia. Halaber, behin irakurri zuela nonbaiteko gaztelu bat hiru urtez setiatu zutela, eta horrela etsaiak ez zuela setiatutakoekin egunero dibertitu besterik egiten.
Seguruenik gauza interesgarri eta didaktiko gehiago esango zituzkeen, Lukax tenientearen etorrerak solasa moztu izan ez balie.
Xveiki begirada ikaragarri eta birrintzailea jaurtiz, agiriak sinatu eta, soldaduari joaten utzirik, Xveiki keinu egin zion, gelara jarraiki zekion.
Tenientearen begiek tximist itzelak bota zituzten. Aulkian eseri eta, Xveiki so, sarraskia noiz hasi pentsatzeari eman zion.
— Aurrena muturreko pare bat emango zioat —pentsatu zuen tenienteak—, gero sudurra hautsi, belarriak atera, eta gero gerokoak.
Eta aurre-aurrean zeukan, begira, zintzo eta bihotz-oneko, Xveiken begi onbera errugabe parea. Xveik ekaitzaren aurreko barea hitzokin eteten ausartu zen:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, katua galdu duzula. Zapatak garbitzeko krema jan eta hil egin da, apetatsua halakoa. Sotora bota dut, baina albokora. Ez duzu horrelako Angorako katu zintzo eta ederrik berriz ere aurkituko.
— Zer egin behar dut honekin? —bururatu zitzaion tenienteari berehalakoan—, alajainkoa, zein aurpegiera lerdoa daukan.
Eta Xveiken begi bihotz oneko errugabeek biguntasun eta samurtasunez distiratzen segitu zuten: oreka izpiritual guztizkoa adierazten zuten, dena ongi balego bezala, ezer gertatuko ez balitz bezala, eta zerbait gertatuz gero, zerbait gertatze hori ongi balego bezala.
Lukax tenientea salto batez jaiki zen, baina ez zuen Xveik jo, hasieran pentsatuta zeukanez. Haren sudurpean ukabila astindu eta oihu egin zion:
— Txakurra lapurtu egin zenuen, Xveik!
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez dudala azken bolada honetan antzeko zerbaiten berri izan, eta utzidazu esaten, teniente jauna, gaur arratsaldez Maxekin paseatzera joan zarela, eta, beraz, nik ez dudala lapurtzerik izan. Txakurra gabe ailegatu zarenian, berihala pentsatu dut zerbait gertatu zitzaiola. Hau egoera, hau. Spalena kalian bada Kunex delako poltsagile bat, txakurra paseora atera ezin zuena, ez galtzeko. Gehienetan, tabernaren batian uzten zuen ahaztuta, edo baten batek lapurtzen zion, edo mailegatu eta ez zion itzultzen...
— Xveik, jainkoarren, lotu ezpainak, astolapiko horrek! Edo gaizto fina zara, edo gamelu, ergel eta ganoragabea. Beti adibideak eta adibideak ari zara ematen. Baina ohartarazten zaitut nirekin ez dagoela jolasik. Nondik ekarri zenuen txakur hori? Nola lortu zenuen? Badakizu gure koronel jaunarena dela eta eraman egin duela bat-batean topatu garenean? Badakizu zein lotsagarria izan den kontua? Hortaz, esan egia: lapurtu zenuen ala ez?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez nuela lapurtu.
— Bazenekien txakur lapurtua zela?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ez nekiela txakur lapurtua zenik.
— Xveik, Jesus, Maria eta Jose, sua hautsiko dizut, astakilo, urde, zital horri! Horren ergela zara?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, baietz.
— Zergatik ekarri zenidan txakur lapurtu bat? Zergatik sartu zenidan etxean piztia hori?
— Zuri poza emateko, teniente jauna.
Eta Xveiken begiak, onbera eta samur, tenientearen aurpegira beha zeuden, eta tenientea eseri egin zen, adia eginez:
— Zergatik zigortzen nau Jainkoak astakirten honekin?
Etsipen isilean zegoen tenientea aulkian eseririk, eta irudipena zuen indarra falta zitzaiola, Xveiki belarrondokoa emateko ez ezik, zigarreta biltzeko ere, eta ez zekien zergatik bidali zuen Xveik Bohemie eta Tagblatt egunkarien bila, Xveikek berak irakur zezan koronelak txakurraren lapurretaz argitaratutako iragarkia.
Xveik itzuli egin zen, egunkariak iragarki-orrialdeetan irekita. Distiratsu zegoen, pozarren iragarriz:
— Hementxe dago, teniente jauna. Koronel jaunak ederki deskribatzen du grifoi-txakur lapurtua, zoragarria, eta gainera ehun koroako diru saria ematen dio eramango dionari. Diru sari dexente, alajaina! Gehienetan berrogeita hamarrekoa izaten da. Koxir-eko Bozettech delako batek hortik ateratzen zuen bizimodua. Beti txakurra lapurtu, iragarkietan nor zebilkion bila bilatu, eta harengana joaten zen berihala. Behin otso-txakur beltz eder bat lapurtu, eta jabiak egunkarietan iragarkirik jartzen ez zuenez, berak jarri zuen. Hamar koroa gastatu zituen iragarkitan, harik eta azkenik jaun bat azaldu zitzaion arte beria zela esanez, galdua zuela, eta bilatzia alferrik zela. Jadanik ez zuela jendearen zintzotasunian sinesten. Baina orain, bere pozerako, ikusten zuela artian jende zintzoa egon bazegoela, printzipioz zintzotasuna saritzearen kontrakoa zela, baina bere liburutto bat oparituko ziola, oroigarri gisa, etxian eta lorategian loreak zaintzeari buruz. Bozettech maitiak, otso-txakur beltz hari atzeko hanketatik heldu, eta jabiaren burura bota zuen, iragarkirik berriro jarriko ez zuela zin eginez. Nahiago zuen txakurra txakurtegiari saltzia, inork iragarkitan txakurraren berri eskatu ezik.
— Zoaz lotara, Xveik —agindu zuen tenienteak—, bihar arte lelokeriak botatzeko gauza zara eta.
Bera ere joan zen lotara, eta gauean Xveikekin egin zuen amets, Xveikek tronurako ondorengoari zaldia lapurtu eta eraman egin ziola, eta ondorengoak zaldia ezagutu zuela desfile batean, zaldiaren gainean Lukax teniente zoritxarrekoa zegoelarik, bere troparen aurrean.
Biharamunean, tenientea unaturik zegoen, gau osoan ez baitzuen lorik batu. Zapla jo baliote bezala zegoen. Amesgaitz ezin astunago bat ibili zitzaion atzetik. Goizaldean berriz ere lokartu zen, amets ikaragarriaz indargabeturik, eta ate-jotzeak iratzarri zuen: atean Xveiken aurpegi onbera agertu zen, zer ordutan iratzarri behar zuen galdetzeko.
Tenientea ohean auhendatu zen:
— Kanpora, astakaiku hori! Hau ikaragarria da!
Gero zutitu zen, eta Xveikek gosaria ekarri zionean, zur eta lur gelditu zen Xveiken galdera berriarekin:
— Zure agindutara, teniente jauna: xakurren bat eskuratzerik nahi zenuke?
— Badakizu, Xveik, zu epaimahai militarrera bidaltzeko gogoa dudala? —esan zuen hasperen eginez tenienteak—, baina haiek askatu egingo zintuzkete, ze ez dute sekulan horrelako ergel handirik ikusi. Begira iezaiozu ispiluan zeure buruari. Ez zara gaizki sentitzen zeure aurpegiera tentelaren aurrean? Inoiz ikusi dudan Naturaren aborturik lerdoena zara. Tira, esan egia, Xveik: gustukoa duzu zeure burua?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, ezetz: ispilu horretan okertua nago. Ez da ispilu alakatua. Stanek-en denda txinatarrian bazeukaten behin ispilu konbexu bat, eta bertan bere buruari begiratzen zionari botaka hasteko gogoa etortzen zitzaion. Ahoa honela, burua zakarrontzi baten gisakoa, tripa kalonje mozkor batena bezalakoa: hitz batez esanda, txorimaloa. Gobernadore jauna hortik igaro zen, bere buruari begiratu zion, eta ispilu hura berihala kendu behar izan zuten.
Tenienteak bizkarra eman, hasperen egin, eta egokitzat jo zuen Xveikez barik kafesneaz arduratzea.
Xveik sukaldean atzera-aurrera zebilen, eta Lukax tenienteak Xveiken kantua entzun zuen:
Grenevil frontera doa Bolbora Atetik barrena
distiran dauka sablea, negarrez dira neskeak
Sukaldetik etorritako kantu hark jarraipena izan zuen:
Soldaduok jaunak gara,
neskatxek gaituzte maita,
dirua irabazi, edonon ongi izan...
— Hi bai ongi hagoela, tentel hori —pentsatu zuen tenienteak, eta tu egin zuen.
Atean Xveiken burua agertu zen:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, zure bila etorri direla kuarteletik. Koronel jaunaren aurrera azaldu behar duzu berihala. Hemen dago mandataria.
Eta isilpean erantsi zuen:
— Xakurra dela kausa, akaso.
— Entzuna dut —esan zuen tenienteak, mandatariak atondoan bere burua aurkeztu nahi izan zionean.
Hori ahots larriz esan eta alde egin zuen, Xveiki begirada suntsitzailea botatzeaz batera.
Ez zen txosten bat, zerbait txarragoa baizik. Koronela besaulkian eseririk zegoen, txit kopetilun, tenientea bulegora sartu zitzaionean.
— Orain dela bi urte, teniente jauna —esan zuen koronelak—, eskatu zenuen Budeiovitseko 91. errejimendura aldatzea. Badakizu non dagoen Budeiovitse? Moldava ibaian, bai, Moldavan, eta bertara isurtzen ditu urak Eger ibaiak edo. Hiria handia da, nolabait esateko, biziki atsegina eta, oker ez nabil, kaia dauka. Badakizu zer den kaia? Uretatik babesteko eraikitzen den horma. Bai. Gainontzekoak ez du garrantzirik. Maniobrak egin ditugu han.
Koronela isildu, eta tintontziari beha, bestelako gaietara lerratu zen:
— Nire txakurra gaixotu egin zen zure etxean. Ez du ezer jan nahi. Hara, tintontzian euli bat dago. Bitxia da neguan ere euliak tintontzian erortzea. Hau desordena, hau!
— Harira, aitona mixerable hori —pentsatu zuen tenienteak.
Koronela jaiki zen eta zenbait aldiz zeharkatu zuen bulegoa.
— Denbora luzean egon naiz pentsatzen, teniente jauna, zer egin behar dizudan horrelakorik ez errepikatzeko, eta gogoratu dut 91. errejimendura aldatzea eskatu zenuela. Goi Agintaritzak arestion iragarri digu ofizial eskasia handia dagoela 91. errejimenduan, serbiarrek asko hil dituzte eta. Zin dagizut hiru egunen buruan Budeiovitseko 91. errejimenduan egongo zarela. Han batailoiak osatzen ari dira frontera joateko. Ez didazu eskerrik eman behar: Armadak ofizialak behar ditu...
Eta zer gehiago esan ez zekielarik, erlojuari begiratu eta hitz egin zuen:
— Hamar eta erdiak dira: txostenaren bila joateko garaia.
Honela bukatu zen solasaldi atsegina, eta tenienteak lasaitu ederra hartu zuen bulegotik atera eta urtebeteko boluntarioentzako eskolara joan zenean: bertan jakinarazi zuen handik egun gutxira frontera abiatuko zela, eta horregatik agur-festa antolatuko zuela Nekazanka jatetxean.
Etxera itzulitakoan, honela esan zion Xveiki serio-serio:
— Badakizu, Xveik, zer den martxa-batailoia?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, martxa-batailoia «martxaba» dela, eta martxa-konpainia «martxakonpa» dela. Guk beti laburtzen ditugu.
— Bada, Xveik —ahots zeremoniatsuz esan zuen tenienteak—, aditzera ematen dizut «martxabara» etorriko zarela nirekin, izen labur hori nahiago baduzu. Baina ez pentsa frontean hemen bezalako ergelkeriak egingo dituzunik. Pozik?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, teniente jauna, oso pozik nagoela —ihardetsi zuen Xveik soldadu onak—, zoragarria izango da guk biok enperadore jaunaren eta haren familiaren alde bizitza ematia.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo