13. kapitulua

XVEIK OLIATZERA DOA

 

        Otto Katz kapilaua malenkoniaz eserita zegoen, kuarteletik ekarri berria zuen zirkular baten aurrean. Gerra Ministerioaren agiri isilpeko bat zen:

        «Gerra Ministerioak, gerrak dirauen bitartean, armadako soldaduen oliatzeari buruzko arauak baliogabetu eta ondoko arautegia ezartzen die armadako apaizei:

        1. Fronteko oleazioa bertan behera uzten da.

        2. Larri eri eta zaurituei ez zaie zilegi atzeguardiara abiatzea oleazioa dela eta. Armadako apaizak beharturik daude halako jendea berehala agintari militarren esku uztera gerorako auziei begira.

        3. Atzeguardiako erietxe militarretan zilegi da oleazio kolektibo bat ematea sendagile militarren txostenaren oinarrian, baldin eta oleazioa oztopo gertatzen ez bazaio dagokion instituzio militarrari.

        4. Aparteko kasuetan atzeguardiako erietxe militarretako zuzendaritzak banakako oleazioa ematea baimen dezake.

        5. Armadako apaizak beharturik daude, erietxe militarretako zuzendaritzak horretara deituta, zuzendaritzak proposatutakoei oleazioa ematera».

        Gero kapilauak berriz ere irakurri zuen biharamunean Karlos kaleko erietxe militarrera larri zauritutakoak oliatzera joan beharra iragartzen zion agiria.

        — Aizu, Xveik —deitu zuen kapilauak—, ez da kakazkeria bat? Praga guztiko kanpaina-kapilau bakarra ote naiz ni? Zergatik ez dute hara bidaltzen arestian gurean lo egindako apaiz jainkozale hori? Karlos plazara joan behar dugu oliatzera eta ni ahaztuta nago nola egiten den.

        — Orduan katixima erosiko dugu, kapilau jauna. Han egongo da salgai —esan zuen Xveikek—. Artzain izpiritualentzako gida bat bezalakoa da. Emaus-ko monasterioan lorazain laguntzaile batek egiten zuen lan, eta laikoen ordean sartu eta, bere arropa ez urratzeko, fraide-abitua hartu nahi izan zuenian, katixima erosi behar izan zuen eta baita zera ikasi ere, nola egiten den aitaren, nor izan zen jatorrizko bekatutik babestutako bakarra, zer den kontzientzia garbia edukitzia, eta beste hainbeste huskeria, eta gero, ezkutuan, monasterioko baratzeko pepinorik erdiak saldu zituen eta baita lotsa handiz monasteriotik irten ere. Harekin topatu nintzenian, hara non esan zidan: «Pepinoak katiximarik gabe ere sal nitzakeen».

        Xveikek katixima erosi eta ekarri zuenean, kapilauak honela esan zuen gainetik irakurtzearekin batera:

        — Hara, kanpaina-kapilauak ez bestek eman dezake oleazioa, eta apezpikuak bedeinkatutako olioaz bakarrik. Ikusten duzu, Xveik? Zuk ezin duzu oliatu. Irakur iezadazu nola egiten den.

        Xveikek irakurri egin zuen:

        — Honela oliatzen da: apaizak gaixoaren zentzumenetako bakoitza igurzten du, otoitz egitearekin batera: «Jainkoak, oleazio santu honen bidez eta bere erruki eskuzabalaz barka diezazkiala ikusmen, entzumen, usaimen, dastamen, mintzo, ukimen eta ibiltzeaz egindako bekatu guztiak».

        — Jakin nahi nuke, Xveik —bota zuen kapilauak— ze bekatu egin daitekeen ukimenarekin. Azalduko al didazu?

        — Gauza asko, kapilau jauna. Ukimena inoren poltsikoan praktika daiteke, edo dantzaldietan. Ulertzen nauzu, ezta? Ikustekoak ikusten dira bertan!

        — Eta ibiltzearekin, Xveik?

        — Herren gabiltzanean, jendia gupidatu dadin.

        — Eta usaimenarekin?

        — Kirats bat gogoko ez dugunian.

        — Eta dastamenarekin, Xveik?

        — Inor gustukoa dugunian.

        — Eta mintzoarekin?

        — Entzumenarekin batera doa, kapilau jauna. Batek oilo-ipurdia jan eta besteak entzuten dionian.

        Hausnarketa filosofikooz geroztik, kapilaua isildu egin zen, eta gero esan zuen:

        — Apezpikuak bedeinkatutako olioa behar dugu, hortaz. Hemen dauzkazu hamar koroa eta eros ezazu botilatxoa. Intendentzia militarrean ez daukate halako oliorik, nonbait.

        Orduan Xveik apezpikuak bedeinkatutako oliorako bidean jarri zen. Halako gauza Bozena Nemcova idazlearen ipuinetan ur bizia bilatzea baino txarragoa da.

        Zenbait drogeriatan izan zen, eta «botila bat apezpikuak bedeinkatutako olio nahi dut» esan orduko, leku batzuetan barre egiteari ematen zioten, eta beste toki batzuetan, izu-ikaraturik, mostradorepean ezkutatzen ziren. Bitartean Xveikek aurpegi ezin serioagoa jartzen zuen.

        Orduan botiketan probatzea otu zitzaion. Lehendabizikotik bota egin zuen jabearen laguntzaileak. Bigarrenean polizia-etxera deitu nahi izan zuten, eta hirugarrenean botikariak esan zion Etorbide Luzeko Polak enpresak olioak eta bernizak saltzen zituela, eta seguruenik biltegian izango zuela eskatutako olioa.

        Etorbide Luzeko Polak enpresa bizkorra zen benetan. Ez zion ezein bezerori irteten uzten haren nahia betetzeke. Kopaibazko baltsamorik nahi bazuen, trementina botatzen zioten eta ez zen ezer gertatzen.

        Xveikek, iritsi eta, hamar koroa apezpikuak bedeinkatutako olio eskatu zuenean, honela esan zion ugazabak laguntzaileari:

        — Bota iezaiozu, Tauchen jauna, ehun gramo hiru zenbakidun kalamuzko olio.

        Eta laguntzaileak, botilatxoa paperean biltzen ari zelarik, honela esan zion Xveiki, dendari ona zen aldetik:

        — Puntako kalitatekoa da. Pintzel, laka edo bernizik behar izanez gero, etor zaitez berriro. Ganoraz zerbitzatuko zaitugu.

        Bitartean, kapilauak, apaiztegian zegoen garaian memorian tinkatu ez zitzaiona errepikatzen zuen katiximan bere artean. Oso gustukoak zituen esaldi agudo batzuei gustura egin zien barre: «Azken oleazioa esaten da, oleazio hori gehienetan izaten baita Elizak gizakiari ematen dizkion oleazio guztietarik azkena».

        Edo: «Larri gaixotu eta arrazoibidera heldutako edozein katolikok har dezake oleazioa».

        «Eriak, ahal izatera, memoria ona daukan bitartean hartu behar du oleazioa».

        Gero, bulego-mezulari bat etorri zen pakete bat ekartzera. Bertan zera iragartzen zitzaion kapilauari, biharamunean «Soldaduen erlijio-heziketaren aldeko emakume nobleen elkartea» azalduko zela erietxeko oleaziora.

        Elkarte hori amona histerikoz osaturik zegoen, eta erietxeetako soldaduen artean santuen iruditxoak banatzen zituzten, bai eta enperadore jaunaren alde hiltzen den gerlari katoliko bati buruzko istorioak ere. Istorio horietan bazegoen koloretako iruditxo bat borroka-lekua irudikatzen zuena. Edonon pilatzen ziren gorpuak eta zaldi hilak, munizio-zalgurdi irauliak eta kanoi-gurdia gorantz zeukaten kanoiak. Zeruertzean herri bat sutan eta balak lehertzen, eta lehen planoan soldadu bat, hilzorian datzala, hanka zauriturik. Haren gainean aingeru bat makurtzen da eta koroa bat dakarkio, xingola batean iragarki hauxe daukana: «Gaur bertan nirekin izango haiz paradisuan». Eta gizonak irribarre dagi zoriontsu, izozkia balekarkiote bezala.

        Otto Katzek paketearen edukia irakurri ondoren, tu egin eta pentsatu zuen:

        — Hau eguna hau, biharkoa.

        Jendilaje hura, berak deitzen zionez, San Inazio elizatik ezagutzen zuen, berton militarrentzat sermolari zebilen garaitik. Orduan oso zaintzen zituen sermoiak, eta Elkartea koronelaren atzean eseri ohi zen. Beltzez jantzitako bi emakume luzanga, arrosarioa eskuan, egun batez atxiki zitzaizkion sermoiaren ondoren, eta bi orduz mintzatu ziren soldaduen erlijio-heziketaz, harik eta, ahiturik, honela esan zien arte:

        — Barkatu, andreok, kapitain jauna zain daukat seiko urrean aritzeko.

        — Badaukagu olioa —esan zuen zeremoniatsu Xveikek Polak enpresatik itzulitakoan—, kalamuzko olioa, hiru zenbakiduna, primerako kalitatekoa. Honekin batailoi guztia igurtzi dezakegu. Enpresa serioa da. Berniza, laka eta pintzelak ere saltzen ditu. Txilina ere behar dugu orain.

        — Zertarako txilina, Xveik?

        — Bidetik jo behar dugu, jendiak kapela eranzteko gu, kapilau jauna, Jainkoa eta hiru zenbakidun kalamuzko olio honekin goazenian. Honela egiten da, eta hori bost axola zitzaion jende asko kartzelan sartu dute kapela ez eranztiagatik. Behin, Zizkov auzoko apaiz batek itsu bat jo zuen kapela ez eranztiagatik, eta gainera kaiolan sartu zuten itsua, ze epaimahaiak frogatu zuen ez zela gormutua, itsu soila baizik, eta txilinaren tintina entzun eta iskanbila sortu zuela, gauez bazen ere. Gorpuzti-egunian bezalakoa da. Beste egun batian jendiak ez liguke kasurik ere egingo, eta orain, berriz, kapela erantziko dute. Beraz, kapilau jauna, eragozpenik ez badaukazu, segidan ekarriko dizut.

        Baimena jasorik, handik ordu erdira ekarri zuen Xveikek txilina.

        — «Gurutze» tabernako atekoa da —esan zuen—. Bost minutuko ikaraldia kostatu zait, eta luze itxaron behar izan dut, jendia ari zen-eta etengabe ailegatzen.

        — Kafe-etxera noa, Xveik. Nor edo nor etorriz gero, itxaron dezala.

        Handik ordubetera-edo ile urdineko gizon zahar bat heldu zen, gorputz tente eta begirada zorrotzekoa. Haren itxurari amorrua eta haserrea zerion. Patuak igorrita gure planeta miserablea deuseztatu eta unibertsoan haren aztarnak suntsitu beharko balitu bezala begiratzen zuen.

        Haren mintzoa latz, lehor eta zorrotza zen:

        — Ez dela etxean? Kafe-etxera joan dela? Itxaron behar dudala? Ongi, itxaron egingo dut goizera arte. Kafe-etxera joateko dirua dauka, bai, baina zorrak ordaintzeko ez. Apaiz bat, bai lotsa!

        Tu egin zuen sukaldean.

        — Jauna, ez egizu turik hemen —bota zuen Xveikek, gizon arrotzari arretaz so eginez.

        — Eta beste behin egingo dut tu, ikusten?, honela —esan zuen tematsu jaun zorrotzak, lurrean bigarrenez tu eginez—. Ez dauka lotsarik horrek? Armadako apaiz bat, lotsagarria!

        — Eskola oneko gizona bazara —ohartarazi zuen Xveikek—, ez zaitez ohitu etxe arrotzian tu egiten. Ala uste duzu Mundu-Gerra dagoenian zernahi egin dezakezula? Zintzo jokatu behar duzu, eta ez alproja batek bezala. Samurra izan behar duzu, egoki hitz egin, eta ez sator bat bezala portatu, zibil ergela zaren hori.

        Jaun zorrotza aulkitik jaiki, amorruaren amorruaz dardaraka hasi, eta oihu egin zuen:

        — Halako ausarkeria! Gizon zintzoa ez naizela esatea ere! Zer naiz, orduan? Hitz egizu...

        — Zirtzila —erantzun zuen Xveikek, haren begietara so—, lurrean tu egiten duzu, tranbian egongo bazina bezala, trenian edo leku publikoren batian. Beti harritu naiz zergatik esekitzen dituzten han-hemenka txartelak lurrian tu egitia debekatuz, eta orain ikusten dut zeuregatik dela. Oso ondo ezagutu behar zaituzte leku guztietan, nonbait.

        Jaun zorrotza aurpegiko kolorea aldatzen hasi eta, Xveiki eta kapilauari zuzendutako birao-uholde batekin erantzuten saiatu zen.

        — Amaitua duzu berbaldia? —galdetu zuen lasai asko Xveikek, azken «zitalak zarete biok; Nolako nagusia, halako morroia» erori zenean—, ala besterik erantsi nahi duzu eskaileratik behera hegaldatu aurretik?

        Jaun zorrotza, unatuaren unatuaz, birao preziaturik otu ez eta isildu zenez, Xveikek alferrikakotzat jo zuen eranskinei itxarotea.

        Beraz, atea ireki, jaun zorrotza atearen ondoan korridorera begira jarri, eta halako ostikoaren lotsa ez litzateke nazioarteko futbol-talderik hobereneko futbolaririk hoberena ere izango.

        Eta jaun zorrotzaren atzetik Xveiken ahotsa durunditu zen eskaileran:

        — Hurrena jende jatorra bisitatzera zoazenean, joka ezazu jator.

        Jaun zorrotza luze ibili zen leiho azpietatik kanpaina-kapilauaren zain. Xveikek leihoa ireki eta so egin zion.

        Azkenik kapilaua iritsi, gizon arrotza gelara eraman eta bere aurrean eserarazi zuen.

        Xveikek isilka-misilka listuontzia ekarri eta arrotzaren aurrean jarri zuen.

        — Zer zabiltza, Xveik?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, lehenago tira-bira izan dudala hemen jaun honekin lurrian tu egitiagatik.

        — Utz gaitzazu, Xveik, geure arteko zerbait konpondu behar dugu eta.

        Xveikek erreberentzia egin zuen.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, utziko zaituztedala.

        Sukaldera alde egin eta gelan elkarrizketa txit interesgarria gertatu zen.

        — Oker ez banabil, letra haren diruaren bila etorri zara, ezta? —galdetu zion kapilauak arrotzari.

        — Bai, eta espero dut...

        Kapilauak hasperen egin zuen.

        — Jendea sarri askotan ailegatzen da egoera batera, non esperantza baino ez zaion gelditzen. Zein ederra den «esperantza» berbatxoa, gizakia bizitzaren kaosetik goratzen duen hirukoteari dagokiona: fedea, esperantza, maitasuna.

        — Nik espero dut, kapilau jauna, zenbatekoa...

        — Jakina, jaun errespetagarria —moztu zion kapilauak—. Berriz ere errepika dezaket «esperantza» hitzak indartu egiten gaituela bizitzarekiko gatazkan. Zuk ere ez duzu esperantzarik galtzen. Zein ederra den ideal zehatza eduki, izaki errugabe, garbia izan, letraren truke dirua utzi eta sosa garaiz itzuliko digutelako esperantza izatea. Espero izatea, etengabe espero izatea mila eta berrehun koroa ordainduko dizkizudala, patrikan ehun ere ez dauzkadanean.

        — Beraz, zuk... —toteldu zen arrotza.

        — Bai, beraz, nik —erantzun zuen kapilauak.

        Arrotzaren aurpegiak berriz ere adierazpen amorratu eta haserretua hartu zuen.

        — Jauna, hau engainua da —esan zuen jaikitzeaz batera.

        — Lasai zaitez, jaun errespetagarria.

        — Engainua da —deiadar egin zuen tematsu arrotzak—. Nire konfiantzaz aprobetxatu zara.

        — Jauna —esan zuen kapilauak—: seguru lekuz aldatzeak on egingo dizula. Hemen sargori gehiegi egiten du. Xveik! —oihu egin zuen sukalderantz—, jaun honek aire freskora irten nahi du.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna —aditu zen sukaldetik— jadanik behin bota dudala jaun hori hemendik.

        — Errepikatu —izan zen agudo, azkar eta bortitz bete zen agindua.

        — Eskerrak, kapilau jauna —esan zuen Xveikek korridoretik itzuli ostean— harekin bukatu dugun iskanbilarik sortu baino lehen. Malexitse auzoan bazen tabernari bat, bibliazalia bera, denetarako Eskritura Santuen aipuak zeuzkana, eta inork zartailua jotzen zionetan honela esaten zuen: «astinaldiak aurrezten dituenak bere semia du gorroto, baina semia maite duenak sasoiz du zigortzen. Zipli-zapla emango diat. Nire tabernan borrokatzia ere!»

        — Ikusten duzu, Xveik, nola bukatzen duen apaizari lotsa ez dion gizonak? —irribarre egin zuen kapilauak—. San Juan Krisostomok hauxe esan zuen: «apaizari lotsa dionak Kristori dio lotsa, apaiza iraintzen duenak Kristo Jauna du iraintzen, zeinaren ordezkaria apaiza bera baita». Biharko ederki prestatu behar dugu. Prestatu arrautza frijituak urdaiazpiko egosiarekin, Bordeleko pontxea, eta gero gogoetetan jardungo dugu, ze arratseko otoitzean esaten den bezala: «Jainkoaren dohainagatik etxe honetatik baztertuak dira etsaien azpikeria guztiak».

        Munduan bada jende setatsua, eta kapilauaren etxetik bi aldiz botatako gizona jende mota horri zegokion. Afaria prest zegoenean, norbaitek txirrina jo, Xveik irekitzera joan, handik une batera itzuli, eta hauxe iragarri zuen:

        — Hemen da berriro, kapilau jauna. Oraingoz bainuontzian giltzapetu dut, lasaitasunian bazkaldu dezagun.

        — Ez zara zuzen ari, Xveik —esan zuen kapilauak—. Arrotza etxera, Jainkoa etxera. Aspaldian, oturuntzetan, baziren munstroak jendearen jostagarri. Ekarri hona, ea dibertitzen gaituen.

        Handik laster itzuli zen Xveik begirada goibeleko gizon setatsuarekin.

        — Eser zaitez —gonbidatu zuen xalotasunez kapilauak—, berehala bukatuko dugu afaria. Otarrainak eta izokina izan ditugu, eta orain arrautza frijituak urdaiazpiko egosiarekin. Bai, ongi gabiltza, jendeak dirua uzten digu eta.

        — Espero dut hemen zuen barregarri ez egotea —esan zuen gizon goibelak—. Hirugarrenez nago hemen. Espero dut dena argituko dela orain.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna —ohartarazi zuen Xveikek— egoskorra dela, Liben-go Bouxek delako bat bezala. Gau batian hemezortzi aldiz bota zuten Exner tabernatik, eta beti itzultzen zitzaien, han pipa ahaztua zuela eta. Leihotik sartu zitzaien, atetik, sukaldetik, hormatik, sototik, eta agian tximiniatik ere jaitsiko zen suhiltzaileek teilatutik jaitsarazi ez balute. Hain zen setatsua, ze ministroa edo diputatua izatera irits zitekeen. Harengatik ahal beste egin zuten.

        Gizon setatsuak, hizpideak axolarik ez balio bezala, tematsu errepikatu zuen:

        — Nik dena argitzea nahi dut, eta entzun diezadazuela ere bai.

        — Baimenduta —esan zuen kapilauak—, hitz egizu, jaun errespetagarria. Hitz egizu nahi bezain luze, eta tartean guk geure oturuntza jarraituko dugu. Espero dut horrek ez dizula kontakizuna oztopatuko. Xveik, jarri mahaia.

        — Ezaguna zaizunez —esan zuen setatsuak—, su ta gar dabil gerra. Gerra baino lehen dirutza utzi nizun, eta gerrarik ez balego, ez nintzateke kobratzeko ahaleginean tematuko. Alabaina, esperientzia tristeak dauzkat.

        Patrikatik koadernoa atera eta segitu zuen:

        — Dena idatzita daukat. Janata tenienteak zazpiehun koroa zor zizkidan, eta Drina ibaian erortzen ausartu da. Praxek tenientea preso hartu dute Errusiako frontean, eta bi mila koroa zor dizkit. Wichterle kapitainak dirutza berdina zor dit eta bere soldaduek hil zezaten utzi du Rava Ruska hiri ukainiarrean. Machek tenienteak, Serbian preso, mila eta bostehun koroa zor dizkit. Hemen holako jende gehiago dago. Hau Karpatoetan erori da nire letra ordaindu gabearekin, hori preso hartu dute, hura Serbian ito zait, bestea Hungarian hil da ospitalean. Orain uler dezakezu zergatik naizen beldur gerra honengatik ez ote dudan lur joko, kementsua eta zorrotza ez banaiz. Baliteke zu nirekin bat ez etortzea eta esatea ez zaituela arrisku zuzen batek ere mehatxatzen. Begira.

        Bere koadernotxoa sudurpean jarri zion kapilauari.

        — Ikusten? Brnoko Matias kanpaina-kapilaua hil egin zen joan den astean isolamendu-ospitale batean. Etsipengarria da kontua: ez zizkidan mila eta zortziehun koroa ordaindu, eta hara non kolera-departamentura doan, berarekin zerikusirik ez zuen gizon bat oliatzera.

        — Bere eginbeharra zen, jaun maitea —esan zuen kapilauak—. Ni ere oliatzera noa bihar.

        — Eta kolera-departamentura, beste hura bezala —apuntatu zuen Xveikek—. Gurekin etor zaitezke, sakrifikatzeak zer esan nahi duen ikusteko.

        — Jaun kapilaua —esan zuen gizon setatsuak—, sinets iezadazu egoera etsipengarrian nagoela. Nire zordun guztiak mundutik eramateko al da gerrarik?

        — Frontera joateko deitua zarenian —apuntatu zuen Xveikek berriz ere—, kapilau jaunak eta biok meza santua emango dugu zeruko Jainkoari esker lehendabiziko esku-bonbak hautsi zaitzan.

        — Jauna, hau gauza serioa da —esan zion tematiak kapilauari—. Zure sehia gure aferetan ez nahastea eskatzen dizut, berehala buka dezagun.

        — Barkatu, kapilau jauna —esan zuen Xveikek—, agindu iezadazu, arren, zuen aferetan ez nahasteko. Bestela, zure interesak defendatzen segituko dut, soldadu zintzo bati dagokion bezala. Gizon honek arrazoi du oso: bakarrik joan nahi du hemendik. Niri ere ez zait iskanbilarik gustatzen, gizon lagunkoia nauzu eta.

        — Xveik, aspertzen hasia naiz —esan zuen kapilauak, arrotzaren presentziaz ohartuko ez balitz bezala—. Uste nuen gizon honek dibertitu egingo gintuela, pasadizo batzuk kontatuko zizkigula, eta hark eskatzen dit agindu diezazudala tartean sar ez zaitezela, nahiz eta harekin birritan izan duzun zereginik. Gaur gauean, hain elizkizun garrantzitsuaren aurrean nagoenean, neure zentzumen guztiak Jainkoarengana bueltatu behar ditudanean, nekarazi egin nahi nau mila eta berrehun koroa ziztrinei buruzko istorio ergel batekin, kontzientzia-azterketatik, Jainkoarengandik apartatzen nau, eta ezer emango ez diodala berriro esan diezaiodala nahi du. Ez dut harekin gehiago hitz egin nahi, gau sakratu hau alferrik ez galtzeko. Esaiozu zeuk, Xveik: «kapilau jaunak ez dizu ezer emango».

        Xveikek agindua bete zuen, arrotzaren belarrira kapilauaren esanak oihuztatuz.

        Arrotz setatsuak, ordea, eserita segitu zuen.

        — Xveik —eskatu zion kapilauak—, galde iezaiozu zenbat denbora uste duen hemen segituko duela kuxkuxean.

        — Ez naiz hemendik mugituko dirua jaso arte —tematsu bota zuen setatsuak.

        Kapilaua jaiki, leiho ondora joan, eta honela esan zuen:

        — Hala bada, zeuri pasako dizut, Xveik. Egizu harekin nahi duzuna.

        — Etorri, jauna —esan zuen Xveikek, arrotz nekagarria sorbaldatik hartuta—. Hirugarrenian bai.

        Eta azkar eta dotore errepikatu zuen bere eginkizuna, kapilauak leihoan, atzamarrez, hileta-martxa bat jotzen zuen bitartean.

        Meditazioari emandako gauak zenbait fase iragan zituen. Kapilaua hain jainkozale eta gartsu hurbildu zen Jainkoarengana, non gauerdiko hamabietan ere kantu hau entzuten baitzen haren etxean:

 

                Gu gerrara abiaturik

                negar egiteke ez zen neskarik

 

        Harekin batera, Xveik soldadu onak ere kantatzen zuen.

 

 

        Erietxe militarreko bi zeuden oleazioa noiz helduko irrikatan: komandante zahar bat eta banku-gerente bat, erreserbako ofiziala. Bala bana jasoa zuten Karpatoetan, eta elkarren ondoan zeutzan. Erreserbako ofizialak bere betekizuntzat jotzen zuen elizakoak hartzea, zeren bere nagusiak oleazioa irrikitzen baitzuen. Berak ere hartu ezik, managaiztasuna iritziko zion. Komandante jainkotiarrak adimentsuaren adimentsuz egin zuen, fedezko otoitzak eria sendatzen duelakoan. Baina oleazioaren aurreko gauean biak hil ziren, eta goizean kapilaua Xveikekin azaldu zenean, aurpegia belzturik zeutzan izara baten azpian, itota hiltzen diren guztiak bezala.

        — Hainbeste bonbazia, kapilau jauna, eta alferrik —haserretu zen Xveik, bi horiek deusik behar ez zutela bulegoan iragarri zietenean.

        Eta egia zen bonbaziarena: zalgurdian joanak ziren, Xveikek txilina jo eta kapilauak olio botila eskuan eramana zuen ezpainzapi batean bilduta, kapela erantzitako oinezkoak bedeinkatuz.

        Egia esan, oinezkoak ez ziren asko, nahiz eta Xveik bere txilinarekin egundoko zaratotsa egiten saiatu.

        Zalgurdi atzetik zenbait haur errugabe zebiltzan korrika, eta haietako bat atzealdean esertzean, bere lagunek aho batez egin zuten deiadar:

        — Zalgurdi atzetik! Zalgurdi atzetik!

        Eta Xveik txilin-joka zebilen. Zalgurdizainak atzealderantz eman zuen zartada. Voditxka kalean atezain bat, Mariaren Kongregazioko partaidea, arin-bai-arin zalgurdiraino ibili, martxan bedeinkapena hartu, aitaren egin eta gero tu egin zuen:

        — Jainko Jaunarekin doaz deabruak eramanda bezala! Tisia harrapatzeko moduan, bai! —eta arnasestuka itzuli zen zegoen tokira.

        Txilinaren hotsak zaldia izutzen zuen gehien. Aurreko urteetako zerbait zekarkion gogora, antza bai, zeren zaldiak etengabe begiratzen baitzuen atzealderantz, eta noizean behin lauzaduran dantzatzen saiatzen baitzen.

        Hura zen, hortaz, Xveikek aipatutako bonbazia handi hori. Bitartean, kapilaua bulegora joan zen oleazioaren arlo ekonomikoa konpontzera. Sarjentu kontularia aurrean zegoela, kalkulatu zuen altxor militarrak ehun eta berrogeita hamar koroa zor zizkiola olio bedeinkatuagatik eta bidaiagatik.

        Jarraian, erietxeko agintariaren eta kapilauaren arteko lehia sortu eta kapilauak, mahaian ukabila joz, hauxe adierazi zuen:

        — Ez pentsa, kapitain jauna, oleazioa dohainik denik. Dragoien ofizial bat ukuilura bidaltzen dutenean zaldiak zaintzera, hari ere ordaintzen dizkiote dietak. Benetan sentitzen dut bi horiek oliatu baino lehen hiltzea. Berrogeita hamar koroa garestiagoa izango zen kontua.

        Xveik, anartean, behean zegoen, aiduru, zaindari-postuan, olio santuzko botilatxoarekin, zeinak benetako interesa piztu baitzuen soldaduen artean.

        Baten batek aipatu zuen olio horrekin oso ongi garbituko zirela fusilak eta baionetak.

        Txekomoraviako goi-ordokiko soldadu gaztetxo batek, artean Jainkoarengan sinesten zuenak, holako gauzez hitz egin ez zedila eskatu zuen, bai eta misterio santua eztabaida ez zedila ere, kristauki espero izan beharra zegoen eta.

        Erreserbista zahar batek ume gorri hari begiratu eta honela esan zuen:

        — Esperantza ederra bala batek burua erauztea. Ziria sartu digute askotan. Behin diputatu klerikal bat etorri eta Lurra estaltzen duen Jainkozko bakeaz mintzatu zitzaigun, eta nola Jainkoak ez duen gerrarik nahi eta denok bakian bizi eta anaiak bezala konpontzia nahi duen. Eta begira ze ergela den: gerra hasi orduko eliza guztietan egiten da otoitz Austriako armen garaipenaren alde, eta Jainkoa aipatzekotan, gerra hau zuzentzen eta gidatzen duen Estatu Nagusiko agintari gisa aipatzen da. Ospitale militar honetan ehorzketa asko ikusita nago, eta hanka eta beso ebakiak zalgurditan eramaten dituzte hemendik.

        — Eta soldaduak biluzik lurperatzen dituzte —esan zuen beste soldadu batek—, eta bizirik den bati jartzen diote uniformia, eta horrela etengabe.

        — Irabazi arte —ohartarazi zuen Xveikek.

        — Sehi honek zerbait irabazi nahi du —bota zuen ertz batetik kabo batek—. Zuek frontera, lubakietara. Baioneta eta guzti narraz, alanbrada eta minetan barrena. Edonork daki atzeguardian patxada ederrean ibiltzen, eta inork ez du frontean erori nahi.

        — Bada, nik uste dut oso polita dela baionetak zeharkaturik hiltzia —esan zuen Xveikek—, eta txarra ere ez da sabelian bala bat jasotzia, eta are politagoa granada batek hautsi eta ikusten duzunian zure hankak eta sabela zeuregandik urruti samar daudela, eta harritu egiten zara inork azalduko dizun baino lehen hilko zarela ikustian.

        Soldadu gaztetxoak hasperen luzea egin zuen. Bere bizitza gazteak, hain gizaldi tentelean jaio eta hiltegian behia bezala akabatua izateak pena ematen zion. Zergatik hura guztia?

        Soldadu batek, ogibidez maisu zenak, haren pentsamenduak irakurriko balitu bezala, ohartarazi zuen:

        — Jakintsu batzuek eguzkian orbanak agertzea hartzen dute gerraren azalpentzat. Halako orbana sortu orduko, beti etortzen da zerbait izugarria. Kartagoko konkista...

        — Ze jakintsu eta ze jakintsu oste! —moztu zion kaboak—. Hobe duzu logelan erratza pasatzea, gaur zeure txanda da eta. Guri ze axola eguzkiaren orban horiek? Hogei izango balira ere, ez nuke hortik atarramenturik aterako.

        — Eguzkiaren orbanok esangura handia dute benetan —tartekatu zen Xveik—. Behin halako orbana agertu eta egun horretan jo egin ninduten Nusle auzoko Banzet tabernan. Harrezkero, inora joaten naizenetan, egunkarian bilatzen dut beste orbanik ez ote den agertu. Eta agertu orduko, agur t'erdi, ez noa inora, horrela bakarrik iraun dut bizirik. Mont Pelé sumendiak Martinika irla osoa suntsitu zuenean, irakasle batek zera idatzi zuen Nazio Politika aldizkarian, aspaldi ohartarazi zituela irakurleak eguzkiaren orban handiaz. Eta Nazio Politika ez zen garaiz ailegatu irla hartara, eta bertakoak hor konpon, Maria Anton.

        Bitartean kapilauak, goiko bulegoan, «soldaduen erlijio-heziketaren aldeko emakume nobleen elkarte»-ko dama batekin egin zuen topo. Sirena zahar eta erdeinagarria zen, goizean goizetik ospitaletik ibiltzen zena, han-hemenka santuen iruditxoak banatzen. Baina soldadu zauritu eta eriek listuontzietara botatzen zituzten.

        Inguruka ibiltze horretan jende guztia ernegatzen zuen bere lelo ergelarekin, alegia, bihotz-bihotzetik bekatuez damutu eta benetan zintzotu behar zutela Jainko dohatsuak betiko salbazioa eman ziezaien hil ondoren.

        Kapilauari mintzatu zitzaionean, zurbil zegoen: gerrak, soldaduak nobletu beharrean, basatu egiten zituela esan zion; beheko eriek mingaina atera omen zioten, eta txingote hutsa eta jainkojalea zela esan omen zioten.

        — Das ist wirklich schrecklich, Herr Feldkurat, das Volk ist verdorben   Hau ikaragarria da benetan, kapilau jauna. Herria ustel dago.

        Eta hizketan hasi zen, nola imajinatzen zuen soldaduen erlijio-heziketa azalduz. Soldaduek, bere enperadorearen alde borrokatzekotan, Jainkoarengan sinetsi eta erlijio-sentimendua eduki behar zutela; orduan ez zirela heriotzaren beldur izango, paradisua zain zeukatela jakingo zuten eta.

        Hitzontziak antzeko beste ergelkeria batzuk esan zituen eta ikus zitekeen kapilaua ez uztea deliberatua zuela. Honek, ordea, bat ere gizabiderik gabe egin zion agur.

        — Goazen etxera, Xveik! —garrasi egin zuen zaindari-postura. Itzulbidean ez zuten bonbaziarik erakutsi.

        — Hurrengoan beste norbait joan dadila oliatzera —esan zuen kapilauak—. Salbatu beharreko arima bakoitzagatik diruagatik liskartu behar izatea ere! Kontabilitateaz baino ez dira arduratzen horiek! Jendilajea halakoa!

        Xveiken eskuan «bedeinkatutako» olioz betetako botilatxoa ikusirik, kopeta zimurtu zuen:

        — Hobe dugu, Xveik, olio honekin nire botak eta zeureak igurzten badituzu.

        — Sarraila ere igurzten saiatuko naiz —gaineratu zuen Xveikek—, itzelezko kirrika egiten du-eta gauez etxeratzen zarenian.

        Honenbestez, honela bukatu zen eman gabeko oleazioa.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia