10. kapitulua

XVEIK, KAPILAUAREN SEHI MILITAR

 


 

I

 

        Berriro hasi da Xveiken odisea. Lagun egiten dioten bi soldadu baionetadunek kapilauarengana eraman behar dute.

        Elkar osatzen duten bi gizon dira. Haietako bat hanka-luzea bada, bestea txiki eta lodia da. Hanka-luzea eskuineko hankatik herren dabil; soldadu txikia ezkerrekotik. Biak atzeguardian daude, zeren gerra hasi baino lehen soldadutzatik aske gelditu baitziren.

        Serio-serio doaz espaloitik, noizean behin Xveiki saiheska begiratzen diotela. Xveik erditik tipi-tapa dabil, honi eta besteri agurka. Haren janzki zibila presondegiko biltegian galdu zen, gerrarako zeraman txano militarrarekin batera. Agur egin aurretik, tripontzi batena zen uniforme zahar bat eman zioten, bera baino buru bat handiagoa.

        Jantzirik dauzka praketan beste hiru Xveik kabituko ziren. Bularraz goragoraino iristen zaizkio prakok. Oinetatik harainoko tolesdura amaigabeek begiraleen mirespena sortzen dute nahi gabe. Ukondoetan adabakiak dauzkan brusa neurrigabea, koipetsu eta zikina, txorimaloaren janzkia bezala kulunkatzen zaio Xveiki. Prakak janzteko moduagatik zirkoko pailazoa dirudi. Presondegian aldatu zioten txano militarrak belarriak estaltzen dizkio.

        Xveikek irribarre bigunez, bere begi onberen bero eta samurtasunez erantzuten die begiraleen irribarreei.

        Eta, halatan, Karlin auzora abiatu dira, kapilauaren etxebizitzara.

        Lodikote txikiak hitz egin dio aurrena Xveiki. Mala Strana auzoan daude, behealdean, arkupetan.

        — Nongotarra haiz? —galdetu du lodikote txikiak.

        — Pragakoa.

        — Eta ez diguk ihes egingo? — lotu zaio hanka-luzea elkarrizketari.

        Gertaera ezin bitxiagoa! Izan ere, txiki eta lodi gehienak asmo oneko baikorrak dira, eta hanka-luze zirlingak, ordea, eszeptikoak.

        Eta, horregatik, hanka-luzeak honela esan dio txikiari:

        — Ahal izatera, ihes egingo likek.

        — Eta zergatik? —bota du lodikote txikiak—. Askatasunean bezala zegok, presondegitik kanpo. Hemen jartzen dik, paketean.

        — Eta zer dago kapilauarentzako pakete horretan? —galdetu du hanka-luzeak.

        — Ez zekiat, bada.

        — Beraz, ikusten duk, ez dakik, eta hitz egiten duk.

        Guztiz isilik zeharkatu zuten Karlos zubia. Karlos kalean lodikote txikiak berriz ere ele egin dio Xveiki:

        — Ez dakik zergatik haramagun kapilauarengana?

        — Aitortzera —esan du Xveikek artagabe—, bihar urkatu egingo naute eta. Beti egiten da honela, eta izpirituzko kontsolamendua esaten zaio.

        — Eta zer dela eta urka...? —galde egin du zuhur hanka-luzeak, lodikoteak Xveiki doluminezko behakoa egiten dion bitartean.

        Biak herriko artisauak dira, familia-buruak.

        — Ez dakit, bada —ihardetsi du Xveikek, irribarre onbera ezpainetan—. Nik ezer ere ez dakit. Patua izango da, nonbait.

        — Atzekoz aurrera jaio haiz akaso —ohartarazi du gupidaz txiki adituak—. Jasenna u Josefova duk nire herria, eta bertan morroi bat urkatu ziaten Prusiako gerraren garaian. Haren bila joan zituan, ez ziotean ezer esan, eta Josefoven urkatu ziaten.

        — Nik uste diat —esan du hanka-luze eszeptikoak— ez dela inor musu-truk urkatzen, zioren bat egon behar duela beti horren justifikagarri.

        — Gerrarik ez dagoenian —ohartarazi du Xveikek—, justifikatu egin behar, baina gerran ez da aintzakotzat hartzen den gizakirik. Frontian erori behar, edo jaioterrian esekia izan. Berdin dio.

        — Aizak, preso politikoa ote haiz? —galdetu du hanka-luzeak. Bere galderaren doinuan antzeman daiteke Xveik begikoa gertatzen hasia zaiola.

        — Politikoa goitik behera —irribarre egin du Xveikek.

        — Nazional-sozialista ote haiz? —orain lodikote txikia zuhurra izaten hasi da. Elkarrizketan tartekatu da—. Zer axola digu horrek? —esan du—. Alde guztietatik jendea dago, guri begira. Baionetak atariren batean kentzerik izango bagenu sikiera, pixka bat disimulatzeko. Ez diguk ihes egingo? Problemak izango genitizkek. Ez dut arrazoi, Andonitxo? —bueltatu zaio hanka-luzeari, zeinak honela esan baitu ahapeka:

        — Ken genitzakek, bai. Izan ere, gutarra diagu honako hau.

        Eszeptikoa izateari utzi dio eta Xveikenganako errukiaz bete zaio arima. Orduan baionetak kentzeko atari egokia bilatu dute, eta lodikoteak bere ondotik joaten utzi dio Xveiki:

        — Erreko huke, ezta? —esan du—, baldin... —Hauxe esan nahi zuen: «Baldin eta urkatu aurretik erretzekorik ematen badiate», baina ez du esaldia bukatu, parte onekoa izango ez zela oharturik.

        Hirurek erre dute, eta laguntzaileak Kralovehradetsek-eko familiez, emazteez, haurrez, lur-sailtxoaz eta behi batez kontu kontari hasi zaizkio Xveiki.

        — Egarriak nago —esan du Xveikek.

        Elkarri so egin diote hanka-luzeak eta txikiak.

        — Inora joan gintezkek, bai, garagardo bana edatera —esan du txikiak, hanka-luzearen adostasuna nabarituz—, baina deigarriak izango ez garen taberna batera.

        — Goazen Kuklik-era —proposatu du Xveikek—. Baionetak sukaldian utziko dituzue, Serabona tabernaria Sokol   Kirol elkarte txekiar abertzalea elkartekoa da, ez duzue zertan beldur izan. Biolina eta harmonika jotzen dituzte bertan —segitu du Xveikek—, eta prostitutak joan ohi dira, eta jatetxe dotoreetan sartu ezin den jende zintzoa ere bai.

        Hanka-luzeak eta txikiak elkarri begiratu diote berriz ere, eta honela esan du hanka-luzeak:

        — Bada, goazemak hara, Karlin-era joateko bidea luzea diagu eta.

        Bidean zehar Xveikek era guztietako pasadizoak kontatu zituen, eta umore onean Kuklik-era sartu eta Xveikek aholkatu bezala egin zuten: fusilak sukaldean gorde eta edangelara sartu. Bertako giroa biolinak eta harmonikak betetzen zuten, kantu ezagun baten doinuaz: «Pankrats-en, hango muino hartan, bada zuhaizti bat...»

        Neska bat, agure baten altzoan eseririk, kantuz ari zen ahots erlatsez: «Neska bat badut emaztegai, beste gizon bat atzetik doakio».

        Mahai batean sardina-saltzaile bat zegoen lo. Tarteka-marteka esnatu, mahaian ukabila jo, «ezin liteke» farfuilatu eta loak hartzen zuen berriz ere. Ispilupeko billarraren atzean beste hiru neska zeuden eseririk, tren-gidari bati oihuka: «Gizon gazte, emaguzu bermut bana». Musikaren ondoan bik eztabaidan ziharduten, aurreko egunean patruila batek Mirentxu delako bat harrapatu ote zuen. Batek bere begiez ikusi omen zuen eta besteak baieztatzen zuen Valx hotelera joan zela soldadu batekin lo egitera.

        Ate ondo-ondoan soldadu bat zegoen eseririk, Serbian zauritu zutenekoa inguruko zenbait zibili kontatzen. Eskua bendatua zeukan, eta patrikak ingurukoengandik jasotako zigarretez beteak. Gehiagorik edan ezin zezakeela zioen, eta taldeko batek, aitona burusoilak, etengabe egiten zion gonbit:

        — Edan ezazu, soldadutxo, nork daki berriro bilduko garen. Eskatu behar al dut zerbait jo diezazuten? Gustatzen zaizu «Umezurtz»?

        Izan ere, kantu hura gustukoena zuen aitona burusoilak, eta handik pixka batera biolinak eta harmonikak adia egin zuten, aitonak, malkoak begietan, ahots dardaratiz abesten zuen bitartean:

        — Hizketan ikasita hasi zen amaz galdezka, amaz galdezka...».

        Beste mahai batetik norbaitek esan zuen:

        — Aski da. Zoaz antzarak ferratzera eta ixo. Deabruek eramango ahal haute.

        Eta, karta-joko baten azken karta gisa, mahai etsaia kantatzen hasi zen:

        — Agur betikoa, agur betikoa, minbera daukat bihotza, bihotza...

        — Prantxixko —deiadar egin zioten soldadu zaurituari, «Umezurtz» entzun ez zedin kantatu ondoren—, utz itzak eta etorri gurekin esertzera. Bidal itzak popatik hartzera eta ekarri hona zigarretak! Ergel horiek hire lepotik ari dituk dibertitzen.

        Xveik eta bere gidariak honi guztiari beha zeuden, interes handiz.

        Xveik oroitzapenetan murgildu zen: nola gerra baino lehen maiz esertzen zen han. Nola Draxner komisarioa bertara azaldu ohi zen miatzera eta prostitutak, haren beldur izan eta hari buruzko kantak osatzen zituzten alderantzizko edukiaz. Nola behin honako abesti hau kantatu zuten batera:

 

                Draxner jauna etorri ta

                hura zen zalaparta!

                Mirentxuk mozkorturikan

                Draxnerri ez beldurrikan.

 

        Halatan, Draxner etorri zen bere segizioarekin, beldurgarri eta errukigabe. Hura iskanbila, hura! Aguazilek tropelean jarri zuten jende guztia. Baita Xveik ere, zeren, bere zoritxarrerako, honela esan baitzion Draxner komisarioari honek bere burua identifikatzeko eskatu zionean:

        — Badaukazu horretarako polizia-zuzendaritzaren baimenik?

        Xveik olerkari batekin ere gogoratu zen: hantxe eseri ohi zen, ispilupean, eta Kuklik-eko zarataren, kantuen eta harmonika hotsen artean olerkiak idatzi eta prostitutei errezitatzen zizkien.

        Xveiken gidarien buruan, ordea, ez zegoen antzeko oroitzapenik. Haientzat zerbait zeharo berria zen. Gustatzen hasi zitzaien. Han erabateko atsegina hartu zuen haietariko lehenengoa lodikote txikia izan zen, zeren eta halako jendeak, baikorra izateaz gain, epikurozalea ere izateko joera handia izaten du. Hanka-luzea bere buruarekin lehiatu zen une batez. Eta eszeptizismoa galdua zuen bezala, poliki-poliki galduz joan zen neurritasuna eta gelditzen zitzaion zuhurtasun apurra ere.

        — Ni dantzara noa —esan zuen bosgarren garagardoaz geroztik, bikoteak dantza lotuan ikustean.

        Txikiak gozamenari eman zion erabat. Haren ondoan neska bat zegoen, lizunkeriez mintzo eta begiak dantzaka zebilzkiola.

        Xveik edaten ari zen. Hanka-luzeak dantzari utzi eta dantzakidearekin mahairatu zen berriz ere. Gero kantatu egin zuten, dantzatu, etengabe edan, emakumezko taldekideei zapladatxoak eman. Eta amodio saldu, nikotina eta alkohol giro hartan bueltaka zebilen, oharkabean, lelo zaharra: «Datorrela gure atzetik uholdea!»

        Arratsaldean soldadu bat haien ondoan eseri eta esan zien hamar koroaren ordainez flemoia eta septizemia egingo zizkiela. Xiringa zeukala eta hankan edo eskuan petrolioa txertatuko ziela   Erietxean sartzeko metodo nahiko frogatua da. Baina hanpaduran gelditzen den petrolio kiratsak traditu egiten du. Gasolina hobea da, lehenago lurruntzen baita. Geroago eterra gasolinaz txertatu, eta geroxeago bestelako hobekuntzak lortu ziren. (autorearen oharra). Horrekin bi hilabete gutxienez emango zituztela ohean, eta zaurian, urte erdiz beharrezkoa bazen, tua jarriz gero, soldadutzatik guztiz aske geldituko zirela.

        Hanka-luzeak, ordurako oreka psikiko guztia erabat galdurik, amore eman zuen, komunean soldadu hark petrolioa jar ziezaion belauneko azalean.

        Arratsa abaildu zenean, Xveikek kapilauarenganako bideari birlotzea proposatu zuen. Lodikote txikiak, jadanik farfuilatzen hasirik, pixka bat itxaroteko erregutu zion. Hanka-luzea ere iritzi horretakoa zen, hau da, kapilauak itxaron zezakeela. Alabaina, Xveikek utzia zion Kuklik-en gustura egoteari, eta, horregatik, bakarrik joateko mehatxua egin zien.

        Hortaz, joan egin ziren, baina beste lekuren batean ere geldituko zirela agindu behar izan zien.

        Florents aldeko kafe-etxe txiki batean gelditu ziren, non lodikoteak bere zilarrezko erlojua saldu baitzuen alaitzen segitu ahal izateko.

        Xveikek besapetik tiraka atera zituen bertatik. Lan ikaragarria eman zion horrek: hankak behin eta berriz okertzen zitzaizkien eta beste norabait joan eta joan nahi zuten. Txikia eta lodikotea kapilauarentzako paketea galdu hurran egon zirenez, Xveikek beharturik ikusi zuen bere burua paketea eramatera.

        Xveikek erne egonarazten zituen kontrako bidetik ofizial edo patruilaren bat zebilen bakoitzean. Gizagaineko ahalegin eta senperrenen ondotik Xveikek Errege Etorbidera arrastatu zituen, kapilauaren etxera, alegia.

        Baionetak fusiletan ezarri zizkien eta, hark haiek eraman beharrean, haiek bera eramatera behartu zituen, saihetsetan ukabilka.

        Lehenengo solairuan, non etxebizitzako atean «Otto Katz, kapilau militarra» zioen txartel bat baitzegoen, soldadu bat iritsi zitzaien irekitzera. Gelatik ahotsak entzuten ziren, bai eta botila- eta edalontzi-tintinak ere.

        — Wir — melden — gehorsam — Herr — Feldkurat   Guk ­ esanekoak garen aldetik - iragartzen dugu - kapilau - jauna —esan zuen senperka hanka-luzeak, soldaduari erreberentzia eginez—, ein — Paket —und ein Mann gebracht   Pakete - bat - eta gizon bat dakarzkigu.

        — Sartu, aurrera —esan zuen soldaduak—. Nondik zatozte piura horrekin? Kapilau jauna ere... —Soldaduak tu egin zuen.

        Soldadua paketearekin joan zen. Harrera-gelan luze itxaron zuten, harik eta atea ireki eta kapilaua hegaka bezala azaldu zitzaien arte. Txaleko batez jantzita, zigarro puru bat eskuan.

        — Hemen zara, beraz —esan zion Xveiki—, ekarri zaituzte, bai. Aizu, pospolorik baduzu?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, ezetz.

        — Aizu, eta zergatik ez duzu pospolorik? Soldadu bakoitzak pospoloak eduki behar ditu zigarreta pizteko. Pospolorik ez duen soldadua zera da... Zer da?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut pospologabia dela —Xveikek arrapostu.

        — Oso ongi, pospologabea da, eta ezin dio inori surik eman. Hortaz, hori zen lehendabizikoa, eta orain bigarrena: kiratsa darie zure hankei, Xveik?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut ezetz.

        — Hortaz, hori zen bigarrena. Eta orain hirugarrena: pattarrik edaten duzu?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut ez dudala pattarrik edaten, rona besterik ez.

        — Ongi. Begira iezaiozu hemengo soldadu honi. Gaurko mailegatu dut Feldhuber tenientearengandik, bere laguntzailea da. Ez du ezer edaten, abs-abs-abstemioa da, eta horregatik joango da frontera. I-izan ere ez dut holako gizonik behar. Ez da laguntzailea, behi bat da. Behiek ura besterik ez dute edaten eta marru egiten dute, idiek bezala. - Hi abstemioa haiz —zuzendu zitzaion soldaduari—, ez haiz lotsatzen, kaiku hori? Belarrondoko pare bat merezi duk hik.

        Kapilauak Xveik ekarri zutenei zuzendu zien arreta: tente irauteko ahaleginean ari ziren, balantzaka, fusiletan alferrik etzanda.

        — Mozkortuta zau-zaudete —esan zuen kapilauak—. Zerbitzuan egonda mozkortzeagatik entzerratu egingo zai-zaituztet. Xveik, har iezazkiezu fusilak eta eraman itzazu sukaldera. Han zainduko dituzu, patruila bila etorri arte. Nik berehala dei-dei-dei-deituko dut kuartelera.

        Eta, beraz, Napoleonen hitzek («gerran une batetik bestera aldatzen da egoera») erdietsi zuten hemen ere erabateko egiaztapena.

        Goizean bi horiek baionetapean eraman zuten Xveik, ihes egingo zienaren beldur zirela, eta gero berak eraman zituen, eta azkenean berak ez beste inork zaindu behar.

        Hasieran ez ziren ongi ohartu aldaketa honetaz harik eta, sukaldean eseririk, Xveik ikusi zuten arte, ate ondoan, fusil eta baioneta zeramatzala.

        — Nik zerbait edango nuke —hasperen egin zuen baikorrak. Bitartean, hanka-luzeak, berriz ere eszeptizismo krisi batek jota, hura guztia traizio doilorra zela zioen. Ozen egotzi zion Xveiki kinka hartara eramatea, eta honako erantzuki hau ere egin zion:

        — Bihar urkatuko zintuztela prometatu zenigun, eta orain ikus daiteke txantxetakoa zela aitortze eta urkatzearena.

        Xveik isilik zebilen ate ingurutik.

        — Baboak izan gara —garrasi egin zuen hanka-luzeak.

        Azkenean, kulpazio guztiak entzunik, hauxe iragarri zuen Xveikek:

        — Orain sikiera ikusten duzue gerra ez dela jolasa. Ni neure eginbeharra betetzen ari naiz. Ni ere saltsan sartua naiz zuek bezala, baina herri mintzairan esaten den bezala, hortzekin sortu naiz.

        — Nik zerbait edango nuke —errepikatu zuen, etsi-etsi eginda, baikorrak.

        Hanka-luzea jaiki eta aterantz abiatu zen halda-maldaka:

        — Utziguk etxera joaten —esan zion Xveiki—, laguna, ez gaitzak izorra.

        — Alde niregandik —erantzun zuen Xveikek—. Zaindu egin behar zaituztet. Orain ez dugu elkar ezagutzen.

        Kapilaua azaldu zen atetik:

        — E-ezin dut kuartelarekin komunikatu. Beraz, zoazte etxera eta gogoratu zerbitzuan egoten denak ezin diola zurrutari eman. Abian!

        Kapilau jaunaren ohorez esan bedi ez zuela kuartelera deitu, zeren etxean ez baitzuen telefonorik eta lanpara baten bonbillari mintzatu baitzitzaion.

 

 

II

 

        Hiru egun ziren Xveik Otto Katz kapilau militarraren morroi zebilela, eta denbora horretan behin bakarrik ikusi zuen. Hirugarren egunean Helmich tenientearen sehi militarra iritsi zen, Xveik kapilauaren bila joan zedin.

        Bidean Xveiki aditzera eman zion kapilaua tenientearekin liskartu zela, pianinoa hautsi, zia zia edan eta ez zuela etxera nahi. Helmich tenientea ere mozkorturik zegoela, kapilaua korridorera bota eta hau ate ondoan eseria zela, lurrean, erdi-lo.

        Xveikek, bertaratutakoan, kapilaua astindu zuen, eta honek, purrustaka, begiak ireki zituenean, Xveikek erreberentzia egin eta honela esan zuen:

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, hemen nagoela.

        — Eta zer... nahi duzu?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut zeure bila etorri naizela, kapilau jauna.

        — Neure bila etorri? Eta nora joango gara?

        — Zure etxera, kapilau jauna.

        — Eta zergatik joan behar dut neure etxera? Ez nago neure etxean, ala?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, beste norbaiten etxeko korridorean zaudela.

        — Eta... nola... iritsi... naiz... hona?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut bisitan zeundela.

        — Bi-bi-bisitan ez. Oker zau-zaude.

        Xveikek kapilaua goratu eta hormara hurbildu zuen. Kapilaua, alde batetik bestera balantzaka, gainera oldartzen zitzaion, honela zioelarik:

        — Erori egingo natzaizu... erori, —errepikatu zuen beste behin, irribarre ergela egiteaz batera.

        Azkenik lortu egin zuen Xveikek kapilaua hormaren kontra bermatzea. Kapilaua, jarrera berri hartan, berriz ere lokartzen hasia zen.

        Xveikek iratzarri egin zuen.

        — Zer nahi duzu? —esan zuen kapilauak, hormatik behera jaitsi eta lurrean esertzen alferrik saiatuz—. Nor zara?

        — Apal-apalik jakinarazten dizut —erantzun zuen Xveikek, kapilauari hormaren kontra berreutsiz— zure morroia naizela, kapilau jauna.

 


 

        — Nik ez daukat morroirik —esan zuen, kostata, kapilauak, Xveiken gainean erortzen berriro saiatuz—. Ni ez naiz kapilau... urde bat naiz —gaineratu zuen edale baten egiazaletasunaz—. Utzi bakean, jauna, nik ez zaitut ezagutzen.

        Xveiken guztizko garaipenarekin bukatu zen lehia txikia. Kapilaua eskaileratik behera atarira ateratzeko erabili zuen Xveikek garaipena. Han kapilaua jarki egin zen kaleratu ez zezan.

        — Nik, jauna, ez zaitut ezagutzen —berretsi zion etengabe Xveiki leihan zehar—. Ezagutzen duzu Otto Katz? Neu naiz... Artzapezpikuarenean izan naiz —txilio egin zuen, atariko ateari helduz—- Vatikanoa nirekin interesaturik dago, ulertzen?

        Xveikek «apal-apalik jakinarazten dizut» baztertu eta tonu guztiz konfiantzazkoaz hitz egin zuen.

        — Eutsi gabe gero —esan zuen— edo sekulako pasada emango diat. Goazemak etxera eta kitto. Asko duk hitzik.

        Kapilaua atetik askatu eta Xveiken gainean erori zen:

        — Goazen, bada, norabait, baina Xuha tabernara ez naiz joango, han zordun nago eta.

        Xveikek bultzatu, ataritik atera eta espaloitik arrastaka eraman zuen etxera bidean.

        — Nor da jaun hori? —galdetu zuen kaleko ikusleetako batek.

        — Nire anaia —erantzun zuen Xveikek—. Oporretan dagoenez, bisitan etorri zait eta pozaren pozez mozkortu da, ze uste zuen hila nintzela.

        Kapiluak azken hitzok entzun zituen, eta inork ezagutu gabeko opereta baten abesti bat bere artean kantatzen zihoan. Halako batean burua altxatu zuen ikusleei begira:

        — Zuetatik hilda dagoena hiru eguneko epean azal dadila armadako Goi Agintaritzaren aurrean, bere gorpua bedeinkatua izan dadin.

        Eta isiltasunean jausi zen, sudurraz espaloian erortzen saiatuz, Xveikek besapetik arrastaka etxeratzen zuelarik.

        Burua aurrerantz eta hankak, bizkarra hautsi zaion katu baten antzera, atzerantz zeuzkala, kapilauak marmar egiten zuen:

        — Dominus vobiscum. Et cum spiritu tuo. Dominus vobiscum.

        Zalgurdi-geltoki batean Xveikek horma baten kontra kapilaua ezarri eta zalgurdizainekin garraioaz ados jartzera joan zen.

        Zalgurdizainetariko batek gizon hura ederki ezagutzen zuela adierazi zuen, behin bakarrik eraman zuela eta ez zuela gehiagotan eramango.

        — Zalgurdian oka egin zuen —azaldu zuen itzulinguruka hitz egin gabe— eta ez zidan bidaia ere ordaindu. Bi ordu baino gehiago garraiatu nuen bizi den lekua aurkitu zuen arte. Hurrengo astea arte, bere etxean hiru bat aldiz egon ondoren, ez zidan sosa eman: bost koroa guztira.

        Ados jartze luzearen ondotik, zalgurdizainetako bat bikotea eramatera deliberatu zen.

        Xveik kapilauarengana itzuli zen: loak hartua zegoen. Tartean, kapela gogor eta beltza (zeren gehienetan zibilez janzten baitzen) norbaitek burutik kendu eta eramana zuen.

        Xveikek iratzarri eta zalgurdizainaren laguntzaz zalgurdira eraman zuen. Behin barruan, kapilaua axolagabekeria osoan erori zen: Xveik hirurogeita hamabosgarren infanteria-errejimenduaren Just koroneltzat hartu eta zenbait aldiz errepikatu zuen:

        — Ez amorratu, ene kide hori, hikan egiten badiat. Urdea nauk.

        Une batez irudi zuen zalgurdia zoladuran binbilikatzearekin kapilaua bere onera etorriko zela. Bada, zuzen eseri eta kanta ezezagun baten zatia abesten hasi zen. Baliteke, baita ere, bere fantasiak asmatua izatea:

 

                Gogoan daukat urrezko denbora,

                altzoan kulunkatzen ninduenekoa,

                Domadzlits ondoan garai hartan

                Merklin-en bizi ginan.

 

        Baina une batez geroztik berriro erori zen soraiotasun betean, eta Xveiki bueltaturik galde egin zuen, begi batez keinuka:

        — Zer moduz zaude gaur, dama graziatsu hori? Udako etxeren batera zoaz? —esan zuen isilune laburraren ondotik, eta dena bikoitz ikusten zuela, galde egin zuen:

        — Baduzu, menturaz, seme nagusirik? —Tartean Xveik seinalatzen zuen atzamarraz.

        — Eser hadi! —oihu egin zion Xveikek, kapilauak eserlekuan zutik jarri nahi zuelarik—. Ez pentsa diziplina irakatsiko ez dizudanik.

        Kapilaua, isildu eta, urde begi txikiez zalgurditik kanpora begira jarri zen, zer gertatzen zitzaion ulertu ere egin gabe.

        Ideia guztiak zeharo galdu eta, Xveiki bueltaturik, goibel esan zion:

        — Andrea, emadazu lehenengo klasea   Garai hartan bi klasetakoak ziren Pragako komunak —prakak jaisteko saioa egin zuen.

        — Itxi zirritua berihala, urde horrek! —deiadar egin zuen Xveikek—. Zalgurdizain guztiek ezagutzen haute behin oka egitiagatik, eta orain, gainera, hauxe. Ez pentsa oraingoan zordun geldituko haizenik azkenengoan bezala.

        Kapilaua, malenkoniaz burua ahurretan bermaturik, kantatzen hasi zen:

— Dagoeneko inork ez nau maite...

Alabaina, berehala eten zuen kantua, eta ohartarazi:

— Entschuldigen Sie, lieber Kamerad, Sie sind ein Trottel, ich kann singen, was ich will.   Barka ezazu, lagun maitea, astakilo bat zara, nahi dudana kanta dezaket

Seguruenik doinuren bat egin nahi zuen txistuka, baina horren ordez hain prrr gogorra isuri zitzaien bere ezpainei, non zalgurdia gelditu egin baitzen.

Geroago, Xveikek hala eskaturik bideari birlotu zitzaizkionean, kapilaua zigarreta bat pizten hasi zen.

— Honek surik ez —esan zuen etsita, pospolo-kaxa gastatu ostean—, zuk putz eta putz itzaltzen didazu eta.

Halarik ere, haria berehala galdu eta irri egiteari eman zion:

— Ze barregarria, tranbian bakarrik egotea ere, ezta, kidea?

Poltsikoa arakatzen hasi zen.

— Galdu dut txartela! —oihu egin zuen—, gelditu, txartel hori aurkitu egin behar da eta!

Eskua astindu zuen, etsita:

— Segi aurrera...

Gero farfuilatu zuen:

— Kasu gehienetan... Bai, ongi... Kasu guztietan... Oker zabiltza... Bigarren solairua?... Aitzakia da... Kontua ez naiz ni, zu baizik, andre graziatsua... Kontua, mesedez... Kafe hutsa...

Erdi lo, jatetxeko leihoaren ondoan esertzeko eskubidea ukatzen zion balizko etsai batekin hasi zen eztabaidan. Gero zalgurdia trentzat hartzen hasi eta, burua kanpora ateratzeaz batera, kalera oihu egin zuen txekieraz eta alemanez:

— Nymburk, tren aldaketa!»

Xveikek bere buruarenganantz erakarri eta kapilauak trena ahaztu zuen, hainbat animaliaren ahots imitatzen hasi zelarik. Luzeen jo zion imitazioa oilarrarena izan zen, eta bere kukurrukua zalgurditik kanpo aditzen zen, garaile.

Bolada batez oso bizkor eta ipurtarin egon zen, zalgurditik erortzen saiatuz eta albotik iragaten zen jendeari sator-iraina eginez. Gero zalgurditik zapi bat bota eta deiadar egin zuen gelditzeko, ekipajea galdu zuela eta. Gero konta kontari hasi zen:

        — Budeiovitsen danborrari bat zegoen. Ezkondu zen, eta handik urtebetera hil —barreari eman zion—. Ez al da pasadizo ona?

        Denbora hartan guztian Xveikek begirunerik gabeko zorroztasunez tratatu zuen kapilaua.

        Kapilaua zalgurditik erortzea edo eserlekua haustea bezalako txantxaren bat egiten saiatzen zen bakoitzean, Xveikek saihetsak jipoitzen zizkion, kapilauak ezohiko axolagabekeria erakusten zuelarik.

        Behin bakarrik saiatu zen matxinatu eta zalgurditik salto egiten, aurrera ez zela joango iragarriz, bazekiela-eta Budeiovitsera gabe Podmokli herrira zihoazela. Minutu batean Xveikek haren matxinada zeharo suntsitu eta eserlekura itzultzera behartu zuen, lokar ez zekion kasu emanez. Tartean esan zuen samurrena hauxe izan zen:

        — Ez lorik egin, basapiztia horrek.

        Kapilauak malenkonia-krisi bat ziplo jasan eta negarrez hasi zen, Xveiki amarik izan ote zuen galdetzen ziola.

        — Ni, jaunok, bakarrik nago mundu honetan —oihu egin zuen zalgurditik—- Babes nazazue!

        — Ez nazak lotsatu —egin zion Xveikek agirika—, hago isilik, bestela jende guztiak esango dik atun ederra harrapatu duala.

        — Nik ez dut ezer edan, laguna —erantzun zuen kapilauak—. guztiz abstemioa naiz.

        Hala ere, bat-batean altxa eta erreberentzia egin zuen: «Ich melde gehorsam, Herr Oberst, ich bin besoffen   Apal-apalik jakinarazten dizut, koronel jauna, mozkortuta nagoela». — Urde bat naiz —errepikatu zuen hamar aldiz desespero etsipengarri eta zintzoaz.

        Eta Xveiki bueltaturik, jo eta su eskatu eta erregutu zion:

        — Bota nazazu zalgurditik. Zergatik naramazu zeurekin?

        Eseri eta marraska egin zuen:

        — Ilargi inguruan biribilak sortzen dira... Sinesten duzu, kapitain jauna, arimaren hilezkortasunean? Joan daiteke zaldia zerura?

        Barrezka hasi zen, ozen, baina handik gutxira goibeldu eta behako soraioa egin zion Xveiki, hauxe adieraziz:

        — Barkatu, jauna, baina nik non edo non ikusi zaitut. Vienan izan zara? Apaiztegitik gogoratzen zaitut.

        Lipar batez latinezko neurtitzak deklamatzen dibertitu zen:

        — Aurea prima sata est aetas, quae vindice nullo! Ezin dut segitu —esan zuen—, bota nazazu kanpora. Zergatik ez nauzu bota nahi? Ez zait ezer gertatuko. Sudurrez aurrera erori nahi dut —iragarri zuen zirt edo zarteko ahotsez.

        — Jauna —jarraitu zuen erreguzko ahotsez—, lagun maitea, emadazu belarrondoko bat.

        — Bat ala batzuk? —galdetu zuen Xveikek.

        — Bi.

        — Hemen dira...

        Kapilauak aho beteka zenbatu zituen jasotzen zituen belarrondokoak, aurpegi zoriontsua jartzen zuen bitartean.

        — Honek on egiten dio urdailari —esan zuen—, digestioari laguntzen dio. Emadazu muturreko bat ere!... Eskerrik asko, bihotz-bihotzez —bota zuen, Xveikek azkar asko gustua egin zionean—. Erabat laketurik nago. Urra iezadazu txalekoa, mesedez!

        Denetariko desirak adierazi zizkion: hanka erauzi, une batez irato, atzazalak moztu, aurreko hortzak atera.

        Martiri-irrikak azaldu zituen, burua moztu eta zorro batean sartuta Moldavara jaurtitzeko eskatuz.

        — Buruaren inguruko izartxoak primeran edukiko nituzke —mintzatu zen beroturik—. Hamar beharko nituzke.

        Gero zaldi-lasterketez mintzatzen hasi zen eta agudo balletera pasatu, gai horretan ere gehiegi luzatu ez bazen ere.

        — Badakizu txardax izeneko dantza hungariarra egiten? —itaundu zion Xveiki—. Ezagutzen duzu hartz-dantza? Honela...

        Saltatu nahi eta Xveiken gainean erori zen. Xveik boxeoka hasi baitzitzaion eta eserlekuan ezarri zuen.

        — Nik zerbait nahi dut —oihu egin zuen kapilauak—, baina ez dakit zer. Badakizu zer nahi dudan? —burua jaitsi zuen erabat etsirik— Eta niri zer axola zer nahi dudan? —esan zuen serio—, eta zuri ere, jauna, bost axola. Nik ez zaitut ezagutzen. Nola ausartzen zatzaizkit adi-adi begiratzen? Badakizu esgriman?

        Minutu batez oldarkor bihurtu eta Xveik eserlekutik botatzeko ahaleginak egin zituen.

        Gero Xveikek lasaitu egin zuen, lotsarik gabe bere nagusitasun fisikoa ezagutarazi ziolarik. Eta orduan, kapilauak galde egin zuen:

        — Zein egun da gaur, astelehena ala ostirala?

        Abendua ala ekaina ote zen jakinguraz ere bazegoen, eta denetariko galderak egiteko gaitasun handia erakutsi zuen:

        — Ezkondua zara? Gustatzen zaizu Gorgontzolako gazta? Zorririk izan duzu etxean? Ongi zaude? Mukieririk izan du zure txakurrak?

        Komunikatibo bihurtu zen. Zaldiz ibiltzeko botak, usta eta zela zor zituela kontatu zuen, aspaldi gonokozia izan zuela, eta hipermanganatoa hartuz sendatu zela.

        — Ez zegoen astirik besterik egin edo pentsatzeko —esan zuen zotinka—. Baliteke zuri oso mikatza iruditzea. Baina esazu, eh, eh, besterik egin nezakeen, eh? Barkatu behar didazu... Termo —jarraitu zuen, une bat lehenago zertaz mintzo zen ahaztuz— esaten zaie edatekoa eta jatekoa jatorrizko tenperaturan gordetzen duten ontziei. Zer iruditzen zaizu, jaun kidea? Zein karta-joko da zuzenagoa, tutea ala hogeita batekoa? — Beste lekuren batean ikusi haut, seguru —bota zuen, Xveik besarkatu eta ezpain lerdetsuez musukatzen saiatzeaz batera—. Elkarrekin joaten gintuan eskolara, on-gizona haizen hori —esan zuen samur, bere hanka laztanduz— nola hazi haizen azkenengoz ikusi ginenetik. Hi ikusteko pozak nahigabe guztiak arintzen ditik.

        Poeta aldartean, aurpegi zoriontsu eta bihotz gartsuen eguzki-argira itzultzeari buruz mintzatzen hasi zen.

        Gero, belaunikatu eta, Agur Maria errezatzen hasi zen, barrez lehertzen zen bitartean.

        Haren etxe aurrean gelditu zirenean, oso zaila izan zen zalgurditik ateratzea.

        — Oraindik ez gara iritsi —oihu egin zuen—, lagundu! Bahituta naukate! Nik aurrera joan nahi dut—. Hitzaren zentzu zuzenean esanda, barraskiloa maskorretik bezala erauzi zuten zalgurditik. Une batez irudi zuen zati-zati egingo zutela, zeren hankak eserleku atzean korapilatu baitzitzaizkion.

        Hala ere, bitartean barrez ari zen, ozen, iruzur egin ziela eta.

        — Zati-zati egingo nauzue, jaunok.

        Gero arrastaka eraman zuten ataritik barrena, eskaileratik gora, haren etxebizitzaraino, non zaku bat bezala jaurti baitzuten sofara. Berak deitu gabeko automobil hori ordainduko ez zuela adierazi zuen, eta ordu laurdena baino gehiago iragan zen harik eta zalgurdia zela azaldu zioten arte.

        Horrekin ere ez zen ados egon, kabriolean bakarrik ibiltzen zela argudiatuz.

        — Iruzur egin nahi didazue —iragarri zuen kapilauak, Xveiki eta zalgurdizainari begiaz keinu nabarmena eginez—: oinez etorri gara.

        Eta bat-batean, eskuzabal-eskuzabal, diru-zorroa jaurti zion zalgurdizainari:

        — Tori guztia, ich kann bezahlen   Ordain zezakeat. Berdin zait ardit bat gora ardit bat behera.

        Hogeita hamasei ardit berdin zitzaizkiola esan beharko zuen zuzenago, diru-zorroan ez baitzegoen gehiagorik. Zorionez, zalgurdizainak miaketa xehea egin zion kapilauari, belarrondokoez mintzo zen bitartean.

        — Hortaz, emadak bat —erantzun zuen kapilauak—. Uste duk ez nuela jasango? Hire bost belarrondoko ere jasango ditiat.

        Kapilauaren txalekoan hamar koroa aurkitu zituen zalgurdizainak. Alde egin zuen, bere patua eta kapilaua madarikatuz, honek denbora eta bezeroak galarazi zizkiola eta.

        Kapilaua lokartzen hasia zen, baina poliki-poliki, zeren etengabe ari baitzen plan berriak asmatzen. Ahal beste burutu nahi zuen: pianoa jo, dantza-klasera joan eta arraintxoak frijitu.

        Gero Xveik bere arrebarekin fedatu zuen, arrebarik ez bazuen ere. Desiratu ere ohera eraman zezatela desiratu zuen, eta azkenean lokartu egin zen, honako nahi hau iragarririk: txerria bezain gizakume baliogarria izatea aitor zekiola.

 


 

III

 

        Goizean, Xveikek, kapilauaren logelara sartu zenean, sofan etzanda aurkitu zuen kapilaua, pentsamenduotan sakon murgildurik: nola busti zuen norbaitek hain aparteko moduan non prakak sofaren larruari atxikita baitzeuzkan.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna —esan zuen Xveikek— bart zuk...

        Zenbait hitzen bidez azaldu zion guztiz oker zebilela inork busti zuela pentsatuz gero. Kapilaua, burua ohi baino astunago zeukalarik, aldarte larrian zegoen.

        — Ezin dut gogoratu —esan zuen— nola heldu naizen ohetik sofara.

        — Han ez zara egon eta. Iritsi garen orduko, sofan ezarri zaitugu, haratago ezin.

        — Eta zer egin dut? Zerbait egin ote dut? Ez nengoen mozkortuta?

        — Guztiz —erantzun zuen Xveikek—, ziharo, kapilau jauna. Eldarnio txiki bat izan duzu. Espero dut lagunduko dizula arropaz aldatu eta garbitzeak.

 

 

        — Norbaitek jipoitu banindu bezala nago —kexatu zen kapilaua—, eta gainera egarri naiz. Ez al nintzen atzo borrokatu?

        — Atzokoa ez zen horren txarra izan, kapilau jauna. Zure egarri hori atzoko egarriaren ondorioa da. Ezin da hain laster kendu. Behin ezagutu nuen arotz bat, lehenengo aldiz 1910eko Gabon Zaharrian mozkortu zena. Bada, urtarrilaren bateko goizian hainbesteko egarria zeukan eta hain ondoezik zegoen, ze harenke bat erosi eta berriro edaten hasi zen. Eta lau urtez honantz egunero egiten du horrela, eta inork ezin dio lagundu, ze larunbatian erosten ditu harenkiak aste osorako. Halakoxe zaldiko-maldiko bat da, 91. errejimenduko sarjentu zahar batek esaten zuenez.

        Kapilaua aje itzelak eta erabateko depresioak jota zegoen. Une hartan entzungo zionak pentsa zezakeen kapilaua Alexander Batek izeneko sendagilearen hitzaldietara joan ohi zela, «deklara diezaiogun hil edo biziko gerra gizonik onenak hiltzen dizkigun alkohol demonioari», eta haren «Ehun zipriztin etiko» irakurtzen zuela.

        Egia da iritzi hori pittin bat ñabartu zuela, honela esanez:

        — Araka, marraskinoa edo koñaka bezalako edari nobleak edanez gero bai, baina atzo ipuru-pattarra edan nuen. Harritzen naiz hainbat zurrut eman ahal izanaz. Zapore nazkantea dauka. Ginga-pattarra izan balitz behintzat. Jendeak denetariko txerrikeriak asmatu eta ura bezala edaten ditu. Halako ipuru-pattarrak ez dauka zapore onik, ez kolorerik. Eztarrian erre egiten du, ordea. Eta benetakoa balitz behintzat, ipuru destilatuzkoa, behin Moravian edan nuena bezalakoa. Baina ipuru-pattar hori egur-alkohol eta oliozkoa zen. Begira nola egiten dudan korrok... Pattarra pozoia da —erabaki zuen—, jatorrizkoa izan behar du, benetakoa, eta inola ere ez juduen fabrika batek destilatu gabe egindakoa. Ronari bezala gertatzen zaio: ron ona bitxitasuna da... Hemen benetako intxaur-pattarrik balego —hasperen egin zuen—, sabela sendatuko lidake. Bruska-ko Xnabl kapitain jaunak daukan bezalako intxaur-pattarra.

        Poltsikoak arakatu eta diru-zorroa aztertzen hasi zen.

        — Hogeita hamasei ardit dauzkat guztira. Zer moduz —haintzat hartu zuen— sofa salduko banu? Zer uste duzu zuk? Inork erosiko du? Etxeko jabeari esango diot niregandik mailegatu dutela edo norbaitek ostu digula. Ez, sofarekin geldituko naiz. Xnabl kapitain jaunarengana bidaliko zaitut ea ehun koroa uzten dizkidan. Herenegun kartetan irabazi zuen. Han ezer lortu ezik, bada Vrxovitse auzoko kuartelera joango zara, Mahler tenientearengana. Han ere alferrik bada, Pragako gaztelura joango zara, Fixer kapitainarengana. Horri esango diozu zaldiarentzako bazka ordaintzeko dela, horretarako dirua edanean gastatu nuela eta. Eta hor ere lortzen ez baduzu, bahian emango dugu pianoa, gertatzen dena gertatzen dela. Lerro pare bana idatziko diet. Eta ez eman amorerik, gero. Esazu behar dudala, guztiz dirugabe nagoela. Asma ezazu nahi duzuna, baina ez itzuli eskutsik, bestela frontera bidaliko zaitut eta. Galde iezaiozu Xnabl kapitainari non erosten duen intxaur-pattarra, eta eros itzazu bi botila.

        Xveikek ederki bete zuen eginbeharra. Bere bihotz-sinpleziak eta aurpegi zintzoak, esaten zuena egia zela sinestarazi zien guztiei.

        Xveikek egokiagotzat jo zuen Xnabl kapitainaren, Fixer kapitainaren eta Mahler tenientearen aurrean, kapilauak zaldiarentzako bazka ordaindu behar zuela aipatu baino, kapilauaren eskaera maitale baten gastuen ordainketan funtsatzea. Edonon jaso zuen dirua.

        Espediziotik ohorez itzuli eta hirurehun koroa erakustean, kapilaua, bitartean garbitu eta arropaz aldaturik, biziki txunditu zen.

        — Batera hartu dut diru guztia —esan zuen Xveikek—, bihar edo etzi berriz ere diruaz ez kezkatzeko. Oso erraza izan da, baina Xnabl kapitainaren aurrian belauniko jarri behar izan nuen. Piztia bat da. Baina norbaiten jaki-pentsioa ordaindu behar zenuela esan nionian...

        — Jaki-pentsioa? —errepikatu zuen kapilauak ikara batean.

        — Bai, jaki-pentsioa, kapilau jauna, neska batentzako kalte-ordaina. Zerbait asmatzeko esan zenidan, eta niri ez zait besterik bururatu. Nire auzoko zapatari batek jakiak ordaintzen zituen bost neskarentzat batera, eta etsi egin zen, eta dirua mailegatu ere egin zuen, eta guztiek uste zuten egoera ikaragarrian zegoela. Galdetu didate nor den neska hori, eta esan diet oso ederra dela, hamabost urte ere ez dituela. Beraz, haren helbidia nahi izan dute.

        — Ederra egin duzu, Xveik —hasperen egin, eta gelatik ibiltzen hasi zen kapilaua—. Lotsa ederra berriz ere —zioen, buruari heldurik—. Hau buruko mina, hau!

        — Nire kaleko atso gor baten helbidia eman diet —azaldu zuen Xveikek—. Zintzo bete nahi izan dut zure esana- Agindua beti agindu. Amorerik eman ez... eta zerbait asmatu behar izan dut. Bestalde, pianoaren zain daude atondoan. Nik ekarri ditut, pianoa bahi-dendara eraman dezaten, kapilau jauna. Ez da txarra izango piano hori kanpoan egotia. Leku gehiago egongo da hemen, eta diru gehiago izango dugu. Eta egun batzuetarako lasai biziko gara. Eta etxeko jabiak galdetuz gero zer egin dugun pianoarekin, esango diot hariak hautsi eta konpontzera bidali dugula. Haren emaztiari esana diot, pianoa atera eta garraiatzen dutenian deigarri gerta ez dakion. Gainera, dagoeneko erosle bat daukat sofa salduko diodana Nire ezagun bat da, altzari zaharren merkataria, eta arratsaldian etorriko da. Gaur egun prezio onian ordaintzen dira larruzko sofak.

        — Ez duzu besterik egin, Xveik? —galdetu zuen kapilauak, buruari etengabe ahurraz eutsirik eta aurpegi etsia jarririk.

        — Apal-apalik jakinarazten dizut, kapilau jauna, Xnabl kapitainak erosten duen bezalako bi intxaur-pattar botilen ordez, bost ekarri ditudala, etxian erreserba egoteko zer edan izan dezagun. Pianoa eramateko agindu dezaket bahi-denda itxi baino lehen?

        Kapilauak etsi-etsian astindu zuen eskua, eta handik une batera orgatilan eraman zuten pianoa.

        Xveik bahi-dendatik itzuli zenean, intxaur-pattar botila irekiaren aurrean eserita aurkitu zuen kapilaua, bazkaritako xerra nahiko errea ez zegoelako biraoka.

        Kapilaua horditurik zegoen berriro. Biharamunetik aurrera bizimodu berria eramango zuela iragarri zion Xveiki. Alkohola edatea materialismo zakarra zela, eta beharrezkoa zela bizimodu izpirituala edukitzea.

        Ordu erdiz mintzatu zen filosofikoki. Hirugarren botila irekitakoan, altzari zaharren merkataria etorri eta kapilauak ia musu-truk saldu zion sofa, eta baita berarekin solastatzera gonbidatu ere, eta oso nahigabetu zen merkatariak gau-mahai bat ere erostera joateko aitzakia erabili zuenean.

        — Tamala nik ez edukitzea —esan zuen kexaz kapilauak—. Ezin da denetan pentsatu.

        Merkatariak alde egindakoan, kapilauak Xveikekin lagunkoi solastatzeari eman zion, eta beste botila bat edan zuen harekin. Haren hizketaren zati bat emakume eta kartekiko harremanez osaturik zegoen.

        Luze egon ziren eseriak. Ilunabarrak ere harrapatu zituen Xveik eta kapilaua lagun giroko solasaldian.

        Alabaina, gauez aldatu egin zen egoera. Kapilaua bezperako aldartera itzuli zen. Xveik beste inortzat hartu eta honela esan zion:

        — Inola ere ez, ez zaitez joan, gogoan al duzu tren militarreko kadete ilegorri hura?

        Idilio hark, harik eta Xveikek kapilauari hauxe esan zion arte iraun zuen:

        — Kopetaraino nagok, orain oheratu eta lokartu egingo haiz, ulertzen?

        — Banoan ohera, maitia, banoan... joango ez naiz, bada? —farfuilatu zuen kapilauak—, gogoratzen dun elkarrekin joaten ginela bosgarren mailara eta greko-ariketak egiten nizkinala? Zuek txalet bat daukazue Zbraslav auzoan. Eta baporean joan zaitezkete Moldavatik. Badakizue zer den Moldava?

        Xveikek botak eta arropa eranztera behartu zuen. Kapilauak obeditu egin zuen, pertsona ezezagunei protesta eginez.

        — Ikusten duzue, jaunok —mintzatu zitzaien armairu eta fikusari—, nola tratatzen nauten ahaideek... Ez ditut ezagun neure ahaideak —erabaki zuen ziplo, ohean etzanez—. Zeruak eta lurrak azpilan egingo balidate ere, ez ditut ezagun...

        Eta logelan kapilauaren zurrungak aditu ziren.

 

 

IV

 

        Egun haietan Xveikek Müller andre neskame zaharrari egindako bisita ere gertatu zen. Etxebizitzan Xveikek Müller andrearen lehengusina aurkitu zuen: negar batean eman zion aditzera Müller andrea atxilotu zutela, Xveik armadara eraman zuen arratsean bertan atxilotu ere. Epaimahai militarrak jujatu zuela, eta ezer frogatu ezinik, Steinhof-eko zigor-zelaira eraman zutela. Jadanik haren gutun bat iritsia zen.

        Xveikek etxeko erlikia hori hartu eta irakurri egin zuen:

        Anetxo maitea:

        Oso ongi gabiltza hemen. Denok osasuntsu gaude. Alboko ohekoa ***** jota dago eta hemen ******** beltza ere badago. Bestela, dena ondo dago. Nahikoa janari daukagu eta saldarako patatazko ******** biltzen ditugu. Entzuna dut Xveik jauna ****** dela jadanik. Hortaz, entera zaitez non dagoen lurperatuta, gerra ostean hobian hilarri bat jartzea enkargatzeko. Ahaztu zait esatea ganbaran, eskuineko izkinan, sagu-txakurtxo bat dagoela, txakurkume bat, kutxatxo batian. Baina badira aste asko jatekorik hartzen ez duela, ********* gatik bila etorri zitzaizkidanetik, hain zuzen. Beraz, uste dut jada berandu dela eta txakur hori ere ******* dagoela.

        Eta gutun osoan zehar, zigilu arrosa bat: Zensuriert. K.k. Konzentrationslager Steinhof   Zentsuratua. Steinhof-eko Errege zigor-zelai inperiala.

        — Eta hala zen: txakurtxoa hila zen —hipa egin zuen Müller andrearen lehengusinak—, eta zuk ere ez zenuke zeure etxea ezagutuko. Jostun batzuk dauzkat han, eta dama-salatxo bihurtu dute etxea. Horma guztietan moda-aldizkariak daude, eta lore-xortak leihoetan.

        Müller andrearen lehengusina ez zegoen lasaitzeko moduan.

        Etengabeko hipa eta kexen erdian, azkenik adierazi zuen beldur zela Xveikek armadatik ihes egin eta bera ere izorratu eta zoritxarra ekarri nahiko ote zion. Azkenean benturazale makur bati bezala mintzo zitzaion.

        — Oso barregarria da esan duzuna —esan zuen Xveikek—, izugarri gustatzen zait. Bada, jakin dezazun, Kejtx andrea, arrazoi osoa duzu handik desertatu naizela esatian. Baina horretarako hamabost zaindari eta sarjentu hil behar izan ditut. Baina ez esan inori...

        Xveiki bere etxeak ez zion harrerarik egin, eta bertatik alde egin zuen, hauxe iragarririk:

        — Kejtx andrea: tindategian badauzkat zenbait lepoko eta paparreko. Zoaz bila, gerratik itzulita zibilez zer jantzi eduki dezadan. Eta kontuz ibili armairuko arropa pipiak ez jotzeko. Eta nire ohian lo egiten duten andereñoei goraintziak eman.

        Gero Xveik Kalizara abiatu zen. Palivets andreak ikusi zuenean, zerbitzatuko ez zuela esan zion, desertorea omen zen eta.

        — Nire gizona —hasi zen istorio zaharra zirriborratzen— hain zen zuhurra, eta hantxe da, gaixoa hor dago preso, ziorik gabe. Eta horrelako jendia mundutik dabil, armadatik ihes. Joan den astian zure bila etorri ziren berriro... Gu zu baino zuhurragoak gara —bukatu zuen bere hizketa— eta zoritxarrian gaude. Denek ez daukate zuk hainbateko zorionik.

        Hizketa honek gizon heldu bat izan zuen entzule: Smichov auzoko sarrailagile bat, Xveikengana hurbildu eta honela esan ziona:

        — Mesedez, jauna, itxaron iezadazu kanpoan, zurekin hitz egin behar dut eta.

        Gizon hark ere, Palivets andrearen gomendioei jarraiki, desertoretzat jo zuen Xveik, eta harekin solasean hasi zen kalean.

        — Seme bat daukat, zuk bezala armadatik ihes egindakoa, eta Jasenna u Josefova herrian dago, amonarenean.

        Gizonak, Xveiki desertore ez zela sinesteke, hamar koroako txanpona tinkatu zion eskuan.

        — Tori, gastu txikitarako —esan zuen, izkinako ardandegira arrastaka zeramala—. Nik ulertzen zaitut, ez duzu nire beldur izan behar.

        Xveik gauez berandu itzuli zen kapilauaren etxera. Kapilaua artean iritsi gabea zen. Goizean heldu, Xveik iratzarri eta esan zion:

        — Bihar kanpaina-meza emango dugu. Egizu kafe hutsa ronarekin. Edo are hobeto, egizu grog-a   ron, ur bero eta azukrez eginiko edaria.

 

 

 

© Jaroslav Hasek

© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo

 

 

"Jaroslav Hasek / Xveik soldadu onaren menturak (I)" orrialde nagusia