8. kapitulua
XVEIK ITXURATI

Garai handi hartan, sendagile militarrek arta hartzen zuten sabotajearen deabrua itxuratiengandik atera eta armadaren altzora itzularazteko.
Zenbait tortura maila ezarrita zeuden itxuratientzat eta itxurati antza hartzen zitzaienentzat, hala nola honako hauentzat: tuberkulosoak, erreumadunak, hernia zutenak, giltzurrunetako gaitzak jotakoak, tifusdunak, diabetikoak, pneumoniadunak, eta bestelako gaitzak zituztenak.
Itxuratiek jasaten zuten tortura sistematizaturik zegoen, eta hauexek ziren tortura mailak:
1. Dieta zorrotza: goizez eta gauez kikara bat te hiru egunean. Aldi berean, guztiei aspirina bana banatuko zitzaien izerditzeko, kexu ziren gaixotasuna zeinahi zelarik ere.
2. Gerra eztia bezain gozoa ez zela pentsa ez zezaten, kinina banatuko zitzaien hauts-dosi ugaritan. «Kinina miazkatzea» izena ere badu sendabide honek.
3. Egunean bitan urdaila garbitzea, litro bat ur bero erabiliz.
4. Aiuta bat, xaboi-ura eta glizerina erabiliz.
5. Ur hotzean bustitako maindireaz estaltzea.
Bazegoen jende ausartik , bost tortura mailak gainditu eta hilerri militarrera zerraldo xume batean eramaten zutenik. Jende belaska ere bazegoen, ordea, aiuta hartzean jadanik sendatuta zegoela eta batailoirik hurbilenarekin lubakietara joatea beste desiorik ez zuela iragartzen zuena.
Xveik halako itxurati belasken artean ezarri zuten, kuarteleko gaixotegi moduko barrakoian.
— Ezin dut hau gehiago jasan —esan zuen bere ohe ondokoak. Kontsulta-gelatik ekarri berria zuten, bigarrenez urdailaren garbiketa eginda.
Gizon horrek bista txarrekoa zelako itxurak egiten zituen.
— Bihar errejimendura noa —deliberatu zen ezkerraldeko bigarrena, zeinak, aiuta hartu berri eta, sorra eta gorra zegoelakoa egiten baitzuen.
Ate ondoko ohean tuberkuloso bat zegoen hilzorian, ur hotzean bustitako maindireaz estalita.
— Hirugarrena da aste honetan —ohartarazi zuen eskuinaldekoak—. Eta zuk zer duzu, bada?
— Erreuma —erantzun zuen Xveikek. Eta erantzun horren ondotik inguruko guztien irri zintzoa etorri zen. Tuberkulosia zuelakoa egiten zuen hilzorikoak ere egin zuen barre.
— Erreuma eduki eta gure artean egotea ere! —serio ohartarazi zuen Xveik—. Erreumak hemen ez du aipatzeko ere balio; nerau anemikoa naiz, urdail erdia falta zait, eta baita bost saihets ere, eta inork ez dit sinesten. Hori gutxi balitz bezala, hemen gormutu bat egon zen, bi astez ordu erdiro estaltzen zuten ur hotzean bustitako maindireaz, eta egunero aiuta eman eta urdaila garbitzen zioten. Erizain guztiek uste zuten nahi zuena lortua zuela eta etxera joango zela, sendagileak okadarako zerbait errezetatu zionean. Lur jota, adoregabetu egin zen. «Ezin dut gormutuarena egiten segitu», esan zuen, «mintzoa eta entzumena itzuli zaizkit». Eri guztiek galbidean jar ez zedin ohartarazi zuten, baina bera bere betean zegoen, besteek bezala entzun eta hitz egiten zuela. Eta hori goizez ere adierazi zuen, sendagileen bisitaldian.
— Luzaro iraun zuen —ohartarazi zuen hanka bat hamar zentimetro laburragoa zeukalako plantak egiten zituen gizon batek—, apoplexiak jota zegoelakoa egiten zuen hark ez bezala. Aski izan ziren hiru kinina, aiuta bat eta egun bateko baraua. Aitortu egin zuen, eta urdaila garbitu zioten baino lehen, ez zegoen apoplexiaren arrastorik ere. Hemen gehien iraun zuena txakur amorratu batek ausikitako hura izan zen. Kosk egiten zuen, ulu, egia da, primeran gainera, baina ez zen inondik ere gai izan muturretik lerdea ateratzeko. Ahal bezala lagundu genion. Ordubetez kili-kili egin genion sendagileen bisita arte, espasmoak eduki eta zurbiltzeraino, baina muturrean lerderik ez. Ikaragarria izan zen. Goizeko bisitan amore ematen ari zela ikusita, errukitu gintzaizkion. Ohe ondoan ardatza baino tenteago jarri, erreberentzia egin eta hauxe esan zuen: «Apal-apalik jakinarazten dizut, mediku jauna, kosk egin zidan txakurra ez bide zela amorratua». Medikuak gizon ausikiari hain harrituta begiratu zion, ze honen gorputz osoa dardaraka jarri zen. Gizonak hizketan segitu zuen: «Apal-apalik jakinarazten dizut, mediku jauna, ez zidala txakur batek kosk egin, neuk egin niola kosk neure eskuari». Aitortu ondoren, ikerketa egin zioten bere burua desitxuratzeagatik, hau da, gerrara ez joateko bere eskua ausiki nahi izateagatik.
— Badira muturrean lerdea egotea behar duten gaixotasunak. Bada, zaila da —esan zuen itxurati lodiak— haietako bat duzulako plantak egitea. Esaterako, epilepsia. Hemen epileptiko bat ere izan zen, eta horrek beti esaten zigun bost axola ziola epilepsia-krisi batek eta bazitekeela hamar edo egitea egun batean. Konbultsioek makur eragiten zioten, ixten zituen ukabilak, neurrigabe irekitzen zituen begiak, jotzen zuen bere burua, ateratzen zuen mingaina: labur esanda, lehen mailako epilepsia zoragarria, halakoxe egiazkoa. Bat-batean erlakaiztenak atera zitzaizkion, bi lepoan, bi bularrean, eta ezin izan zuen makur-makur eginda lurretik bere burua jotzen segitu, ez zeukan-eta ez burua mugitu, ez eseri ezta etzaterik ere. Sukartu egin zen, eta sukarraldian dena kontatu zuen sendagileen bisitaldian. Eta erlakaiztenokin geure betea eman zigun, ze haiekin hiru egunez egon behar izan zuen oheraturik gure ondoan eta beste dieta bat jarri zioten: goizez kafea ogiarekin, bazkaltzeko salda eta irin-bola saltsan, gauez purea edo salda, eta guk, urdaila goseturik eta garbiturik, erabateko dietarekin, begiratu egiten genion jaten, klaskatzen, bafatzen, asebetean korrok egiten. Honela, hankartea egin zien hiruri, eta haiek ere aitortu. Horiek bihotzeko gaitzen bat zeukaten.
— Hoberena —aipatu zuen itxuratietako batek—, zoroarena egitea da. Nire irakasle-taldeko bi alboko gelan daude. Batak gau eta egun egiten du oihu: «Giordano Brunoren suteari kea dario oraindik, berritu ezazue Galileoren prozesua!». Besteak zaunka egiten du, aurrena hiru bider astiro: guau, guau, guau, gero bost bider arin: guauguauguauguaugau, eta berriro astiro, eta hola etengabe. Hiru aste baino gehiago nozitu dute jada. Hasieran neuk ere egin nahi nuen zoroarena, erlijiozko zoroarena, eta Aita Santuaren hutsezintasunaz predikatu, baina azkenean Mala Strana-ko bizargin batek urdaileko minbizi bat eskuratu zidan hamabost koroaren truke.
— Nik Brevnov auzoko tximinia-garbitzaile bat ezagutzen dut —ohartarazi zuen beste gaixo batek—, eta horrek, hamar koroaren truke, hainbesterainoko sukarra eragingo dizu, non leihotik salto egingo baituzu.
— Hori ez da ezer —esan zuen beste batek—. Vrxovitse auzoan badago emagin zahar bat hogei koroagatik oina primeran dislokatu eta hil arte ezindurik uzten zaituena.
— Niri hamar koroagatik dislokatu didate oina —aditu zen leiho ondoko ohe ilaratik—, hamar koroa eta hiru garagardorengatik.
— Bada, neure gaixotasuna berrehun baino gehiago kostatu zait —iragarri zuen haren ondokoak, pika bezain argala zenak—. Aipa iezadazue edozein pozoi: ez duzue hartu ez dudanik aurkituko. Pozoitegi bizia naiz. Sublimatua edan dut, merkuriozko lurrinak arnastu, artsenikoa irentsi, opioa erre, opiozko tindagaia edan, ogian morfina bota, estriknina irentsi, fulminatoan egindako posporo-soluzioa eta trinitrofenola edan. Hondatu ditut gibela, birikak, giltzurrunak, behazuna, burmuina, bihotza eta hesteak. Inork ez daki zein gaixotasun dudan.
— Hoberena da —azaldu zuen baten batek atetik— eskuaren azalean petrolioa txertatzea. Nire lehengusua hain izan zen zorionekoa, non ukondoraino ebaki baitzioten besoa, eta gaur lasai dago gerrari dagokionez.
— Ikusten? —esan zuen Xveikek—: edozer jasan behar da enperadore jaunarengatik. Baita urdailaren garbiketa eta aiuta ere. Urte asko direla neure errejimenduan zerbitzatu nuenian, are txarragoa zen kontua. Gaixo zegoena esku-hanketan lotu eta itzalera botatzen zuten sendatuko bazen. Han ez zegoen etzalekurik edo listuontzirik, hemen bezala: kuxa soil bat, eta gainian gaixoak etzaten ziren. Behin, benetako tifusak jo zuen bat, eta baztangak bere ondokoa. Biak esku-hanketan lotuak ziren, eta errejimenduko sendagiliak ostikoa jo zien urdailian, plantak egiten ari zirelakoan. Geroago bi soldaduok hil zirenian, albistia parlamentura ailegatu zen, eta egunkarietara ere bai. Berihala egunkariak irakurtzia debekatu ziguten, eta gure zorroak miatu zituzten ea nork ote zeuzkan egunkariak. Eta beti zoritxarrekoa izan naizenez, errejimendu guztian ez zizkioten inori aurkitu, niri ezik. Eta hara non errejimenduko tribunalera eraman eta gure koronela, halako pepelerdoa, goian bego, oihuka hasi zaidan, tente jartzeko, eta esateko nork idatzi duen hori egunkarietan, bestela txikitu egingo nauela eta itzalera betiko bidali. Gero errejimenduko sendagilea etorri da, nire sudurpetik ukabila astindu eta deiadar egin du: «Sie verfluchter Hund, Sie schäbiges Wesen, Sie unglückliches Mistvieh Zu, txakur nazkagarria, izaki madarikatua, zerri hori!, hi sozialista hori!». Guztiei behako zintzoa egin diet begietara, keinurik egin gabe, isilka, eskuina txanoan eta ezkerra praken tolesian. Txakurrak bezala zihoazen, korrika, nire ingurutik, zaunkaka, eta nik ezer ez. Isildu naiz, errespetua erakutsi dut eta ezkerreko eskua praken tolesian. Ordu erdi edo horrela horretan zihardutela, koronelak, niregana etorri eta, garrasi egin dit: «Ergela zara ala ez zara ergela?». «Apal-apalik jakinarazten dizut, koronel jauna, ergela naizela». «Hogeita bat eguneko espetxeratze zorrotza ergelkeriagatik, astean bi barau, hilabete batez ateratzeko baimenik gabe, berrogeita zortzi ordu girgiluekin, berihala giltzapetu, jaten ez eman, lotu, Estatuak ergelik behar ez duela erakutsi. Burutik kenduko dizkizugu egunkariak, babo horri» —deliberatu zen lasterketa luziaz geroztik koronel jauna. Preso nengoen bitartian, gauza harrigarriak gertatu ziren kuartelian. Gure koronelak soldaduei edozer irakurtzia debekatu zien, Pragako egunkari ofiziala barne, kantinan ezin zen egunkarian bildu ez saltxitxarik ez gaztatxorik ere. Harrezkero soldaduak irakurtzen hasi ziren eta gure errejimendua heziena izan zen. Egunkari guztiak irakurtzen genituen, eta konpainia bakoitzian koronel jaunaren kontrako bertso eta abestiak egiten zituzten. Eta errejimenduan zerbait gertatzen zenian, beti aurkitzen zen soldaduen artean ongile bat, egunkarietan horren berri jakinarazten zuena «Soldaduen tratu txarrak» izenburupian. Eta horrekin ez zuten aski izan. Diputatuei Vienara idatzi zieten babes eskian, eta hauek interpelazioak egiten hasi ziren bata bestiaren ondotik, gure koronel jauna basapiztia bat zela eta abar. Ministro batek gugana batzorde bat bialdu zuen ikertzera, eta Hluboka-ko Prantzisko Hentxlu delako bati bi urteko espetxe-zigorra jarri zioten gero. Izan ere, bera zen Vienako diputatuei zuzendu zitzaiena, koronel jaunak ariketa-lekuan eman zion belarrondokoa zela-ta. Batzordeak alde egindakoan, koronel jaunak errejimendu guztia ilaran jarri eta hara non dioskun soldadua soldadu dela, ezpainak lotu eta zerbitzatu behar duela, eta zerbait gustatzen ez bazaio, hori men ez egitea dela. «Orduan uste zenuten, zitalok, batzorde horrek lagunduko zizuela», esan du koronel jaunak, «baita zera ere. Eta orain konpainia bakoitza nire ingurutik desfilatuko da, esan dudana aho betean errepikatuz». Orduan konpainia bat bestearen ondotik joan gara, eskuinera begira, koronel jauna zegoen tokirantz, eskua espingardaren gerrikoan, eta oihu egin diogu: «Orduan uste zenuten, zitalok, batzorde horrek lagunduko zizuela, baita zera ere». Koronel jaunak irri egin du sabelari eutsita, hamaikagarren konpainia desfilatu arte. Joan da, oina lurrean bortitz zapaldu, eta koronelarengana iristian, ezer ez, isilik, hitzik ere ez. Koronel jaunari bekokia ere gorritu zaio, eta hamaikagarren konpainiari atzera eragin dio berriz ere errepikatzeko. Isilik desfilatu, eta ilara batak bestearen ondotik lotsagabe begiratu dio koronel jaunari begietara. «Ruht!» Atseden! esan du koronel jaunak, eta patiotik barrena botak zartailuaz astindu eta txistua botatzen aritu da, gero bat-batian gelditu eta «Abtreten!» Joan zaitezte! oihukatu du, bere zaldiaren gainera igo, eta atetik kanpora abiatu da. Hamaikagarren konpainian zer gertatuko zain gelditu ginen, eta ezer ez. Egun batez, biz, astebetez egon ginen zain, eta ezer ez. Koronel jauna ez zen gehiago kuartelera itzuli, tropa eta ofizialen pozerako. Gero koronel berria jarri ziguten, eta aurrekoari buruz zabaldu zen ospitaleren batian zegoela, ze enperadoriari gutun bat idatzi omen zion hamaikagarren konpainia matxinatu egin zela esanez».
Iritsi zen sendagileen arratsalderoko bisita. Grünstein sendagile militarra ohez ohe zihoan, eta haren atzetik osasun-subofiziala, ohar-liburua eskuan.
— Matsuna?
— Hemen!
— Aiuta eta aspirina! — Pokorny?
— Hemen!
— Urdaila garbitu eta kinina! — Kovarik?
— Hemen!
— Aiuta eta aspirina! — Kottatko?
— Hemen!
— Sabela garbitu eta kinina!
Eta hala suertatu zen, bata bestearen atzetik, errukirik gabe, mekanikoki, kaliputsuki.
— Xveik?
— Hemen!
— Zer duzu? —begiratu zion Grünstein sendagileak.
— Apal-apalik jakinarazten dizut erreuma dudala!
Grünstein sendagilea, eskarmentuaren eskarmentuz, ironia samurrez mintzatzen ohitua zen, zeren modu hori oihu egitea baino askozaz emankorragoa baitzen.
— Hara bestea, erreuma —esan zion Xveiki—. Gaixotasun oso larria duzu, izan ere. Ze kasualitatea: Mundu-Gerra suertatu eta jendeak gerrara joan behar duenean erreumak jota egotea! Triste egongo zara, ezta?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, sendagile jauna, oso triste nagoela.
— Hara, triste dago gaixoa. Oso polita da zu orain, erreumak jota zaudenean hain zuzen, gurekin akordatzea. Bake garaian gaixoa tximista bezain azkar ibiltzen da, baina gerra hasi orduko, berehala dauka erreuma eta berehala gaixotzen zaizkio hankak. Ez duzu hanketako minik?
— Apal-apalik jakinarazten dizut baietz.
— Eta gau osoan begiak batu ezinean zabiltza, ezta? Erreuma oso gaixotasun arriskugarri, mingarri eta gogorra da. Guk hemen eskarmentu ona daukagu erreumadunekin. Dieta zorrotza eta gure bestelako sendabideak egoki suertatu dira. Hemen ezkailu bat bezain osasuntsu jarriko zara eta frontera airean joango zara zure atzealdea hautseztaturik utzita.
Osasun-subofizialari bueltaturik, hauxe esan zion:
— Idatz ezazu: Xveik, dieta zorrotza, egunean bitan urdaila garbitu, egunean behin aiuta, eta zer moduz ibiliko den ikusiko dugu. Bitartean eraman ezazu kontsulta-gelara, garbi iezaiozu urdaila, eta bere senera datorrenean emaiozu aiuta bat, baina behar bezalakoa, santu guztiei deitzeko modukoa bere erreuma ikaratu eta ospa egin dezan.
Gero, ohe guztietara bueltaturik, esaera eder eta ulergarriz betetako mintzaldi bat bota zuen:
— Ez pentsa ziria noiznahi sartu ahal diozuen pepelerdo bat daukazuenik zeuen aurrean. Zuen jokaerak ez nau nire onetik ateratzen. Badakit denok itxuratiak zaretela, gerratik desertatu nahi duzuela. Eta horren arabera jokatzen dut zuekiko. Zuek bezalako ehunka eta ehunka soldadu igaro dira nire eskuetatik. Oheotan, izpiritu militarra besterik falta ez zitzaion jende mordoa etzan izan da. Beren soldadukideak borrokan ari ziren bitartean, haiek uste zuten ohean zabar-zabar etzan, ospitaleko jana jaso, eta gerra bukatu arte itxarongo zutela. Baina hatz buruak jota zeuden, eta baita zuek ere. Hogei urte barru ere oihuka arituko zarete lo bitartean, nire aurrean egindako plantekin amesten duzuenean.
— Apal-apalik jakinarazten dizut, sendagile jauna —aditu zen ahapeka leiho ondoko ohetik—, sendatua naizela, gauez sentitu dudan arnasestua kendu zaidala.
— Nola duzu izena?
— Kovarik. Zure agindutara. Aiuta eman behar didate.
— Ongi, aiuta biderako emango dizute —erabaki zuen Grünstein sendagileak—. Hemen sendatu ez zaitugula ez kexatzeko. Eta orain aipatu ditudan gaixo guztiak joan bitez subofizialaren atzera, bakoitzak dagokiona jaso dezan.
Eta bakoitzak berebiziko dosia jaso zuen, errezetaturik zeukan bezala. Eta baldin eta zenbait saiatu baziren ere aginduaren betetzaileak eskaeraz eta mehatxuz konbentzitzen («baliteke noizbait gu ere erizain bihurtu eta zuek gure esku erortzea» esanez, alegia), Xveikek ausardiari eutsi zion.
— Nirekin begirunerik ez —erregutu zion aiuta ematen zion lekaioari—. Gogora ezak hire zina. Eta hemen heure aita edo anaia etzanez gero, emaiok aiuta dudarik egin gabe. Pentsa Austria aiuta horien esku dagoela, eta garaipena geurea dela.
Biharamunean, sendagileen bisitaldian, Grünstein sendagileak zer moduz zegoen erietxe militarrean galdetu zion Xveiki.
Leku zuzen eta gorena zela erantzun zion Xveikek. Saritzat aurreko gauekoa eman zioten, eta horrekin batera aspirina bat eta hiru kinina-hauts, berehala edateko uretan bota zizkiotenak.
Sokratesek ere ez zuen astaperrexil-kopa edan Xveikek kinina bezain lasai, nahiz eta Grünstein sendagileak, kinina horrekin, tortura maila guztiak esperimentatu.
Xveikek, sendagilearen aurrean, maindire bustiaz estaltzen zutelarik, honela erantzun zion zer moduz zegoelako galderari:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, sendagile jauna, igerilekuan edo itsasaldeko bainuetxeetan bezala nagoela.
— Oraindik baduzu erreumarik?
— Apal-apalik jakinarazten dizut, sendagile jauna, ez zaidala inondik ere kentzen.
Tortura berri bat noziarazi zioten Xveiki.
Garai hartan, infanteriako jeneral baten alargunak, von Botzenheim baroisak, soldadu hura ezagutzeko gogo bizia zuen Bohemie egunkarian arestian irakurri zuenetik nola ezindu hori gurpil-aulkian zihoan «Belgradera» oihukatuz, eta nola, ezinduaren berbaldi abertzaleak eraginda, Bohemie-ko erredakzioak heroi ezindu leialarentzako opariak egitera gonbidatzen zituen irakurleak.
Azkenik, polizia-zuzendaritzari galdeturik, ezindua Xveik zela egiaztatu, eta gainontzeko xehetasunak jakitea erraza izan zen. Von Botzenheim baroisa Pragako gaztelurantz abiatu zen, dama laguntzaile eta zerbitzariarekin, saskia hartuta.
Baroisa andre gaixoak jakin ere ez zekien zer esan nahi zuen kartzela militarreko erietxean egoteak. Bere helbide-txartelak kartzelako ateak ireki zizkion eta bulegoan harrera txit xaloa egin zioten, eta handik bost minutura bazekien galdez zebilkion «der brave Soldat Xveik» hura hirugarren barrakoian zegoela, hamazazpigarren ohean. Grünstein sendagilea bera, muturra pasmatuta, harekin joan zen.
Xveik, Grünstein sendagileak errezetatutako eguneroko tratamendu ohikoaz geroztik, ohean eserita zegoen, itxurati erkin gosetuz osatutako taldeaz inguraturik. Horiek ez zuten artean amorerik eman, eta Grünstein sendagilearekin lehia tematsuan ziharduten dieta zorrotzaren gudatokian.
Entzungo zienari irudituko zitzaion sukaldaritzan adituak zituela lagun, goi mailako sukaldaritza eskola batean, edo gastronomia ikastaroan.
— Bilgorrezko txintxorta zakar hauek ere jan daitezke —kontatzen ari zen bat, «urdaileko marranta kronikoak» jota zetzana—, bero baldin badaude. Bilgorra kiskaltzen denean, lauskitu egiten da lehortu arte, gatza bota, piperrautsa, eta zaudete seguru antzara-txintxortek ez dutela haien almazena berdintzen.
— Utzi bakean antzara-txinkortak —esan zuen «urdaileko minbizidun» gizonak—. Antzara- txintxortek ez dute parekorik. Haien aldean txerri gantzezkoek ez dute lau zorri ere balio. Eta, jakina, gorritu arte kiskali behar dira, juduek egiten duten bezala: antzara gizena hartu, gantz eta guzti larrutu, eta kiskali egiten dute.
— Badakizu oker zaudela txerri txintxortei dagokienez? —ohartarazi zuen Xveiken aldamenekoak—. Etxeko gentzaz egindako txintxortez ari naiz, noski. Horregatik deitzen zaie etxeko txintxortak. Ez dute ez gris ez hori kolorerik eduki behar, bitarteko zerbait baizik. Halako txintxortak ez du bigunegia izan behar, ezta gogorregia ere. Ez du karraska egin behar, erreta egongo litzateke eta. Mingainean urtu behar da, eta bitartean ez zaizu iruditu behar kokotsetik gantza darizunik.
— Zuetako zeinek jan du zaldi gantzez egindako txintxortarik? —aditu zen inoren ahotsa, baina ez zion inork erantzun, une hartan osasun-subofiziala sartu zelako lasterka:
— Denak ohera, baroisa bat dator eta. Inork ez ditzala burusitik hanka zikinak erakuts!
Printzesa bat ere ezin zitekeen von Botzenheim baroisa bezain serio sar. Segizio guztia zetorkion atzetik. Ez zen erietxeko sarjentu kontularia ere falta: honek inspekzioaren esku ezkutua zekusan horretan guztian.
— Atzeguardiaren aska oparotik alanbradaz jositako frontera jaurtiko naik inspekzioak, balen eskura jarrita —pentsatu zuen.
Zurbil zegoen, baina are zurbilago zegoen Grünstein sendagilea. Begi aurretik dantzaka zebilkion baroisa zaharraren helbide-txartela, «jeneralaren alarguna» izenburua eta guzti, bai eta izenburu horrekin loturik egon zitekeen guztia ere: kontaktu onak, babesa, kexak, fronterako lekualdaketa, eta beste zenbait gauza ikaragarri.
— Hemen dugu Xveik —esan zuen sendagileak, lasaitasun artifizialari eutsiz eta Von Botzenheim baroisa Xveiken oherantz zeramalarik—. Pazientzia gutxiz jokatzen ari da.
Xveiken ohearen ondoan ezarritako aulkian eseri ondoren, honela esan zuen Von Botzenheim baroisak:
— Soldadua txekiarra, ona soldadu, gaixoa soldadu ausarti soldadu da, ni asko maite txekiarra Austriako.
Tartean, Xveiken aurpegi bizarra egin gabea laztandu eta hizketan segitu zuen:
— Ni egunkari denak irakurri dut, zuri jateko ekarri dut, edateko, erreteko, soldadu txekiar, ona soldadu. Johann, kommen Sie her! Johann, etorri hona!.
Johann izeneko sehi hark, bere bizar laztua zela eta, Babinsky lapur ospetsua gogorarazten zuen. Johannek ohera hurbildu zuen saski handia. Bitartean, baroisa zaharraren dama laguntzailea Xveiken ohean eserita zegoen. Luzea zen, eta malkoz bustita zeukan aurpegia. Lastozko burkoa bizkar atzean egokitu zion Xveiki, heroi eriei hala egin behar zitzaiela erabat sinetsirik.
Bien bitartean, baroisak opariak atera zituen saskitik: alde batetik, dozena bat oilasko erre, zetazko paper arrosan bilduak eta zinta beltz-hori batez lotuak; bestetik, gerra-likore baten bi botila, «Gott strafe England!» Jainkoak Ingalaterra zigor dezala! etiketa zutenak. Atzealdeko etiketan Frantzisko Jose eta Wilhem ageri ziren, eskutik hartuta, honako jolas honetan arituko balira bezala: «Zubiri zubiri, nongo nongo alkate zerade... zubi hontatik pasatzen dana hementxe geldituko da».
Gero, eriondoentzako hiru ardo botila atera zituen saskitik, eta bi zigarreta kutxatila. Xveiken ondoko ohe hutsean hori dena dotore hedatu zuen, bai eta ederki koadernatutako liburu bat ere: «Gure monarkaren bizitzaren pasadizoak»; egilea, Prantxisko zaharraren miresle amorratua bera, «Txekoslovakiako errepublika» buletinaren erredaktore nagusi txit estimagarri dugu gaur egun. Gero txokolate kutxatxoak metatu ziren ohean «Gott strafe England» inskripzio bera zeukatenak, hauek ere Austria eta Alemaniako enperadoreen erretratuekin. Txokolatean jada ez zeuden eskutik hartuta, nor bere aldetik zihoazen, eta elkarri bizkarra erakusten zioten. Polita zen hortzetako eskuila, ilara bikoitzekoa, «Viribus unitis» inskripzioa zuena guztiek, hortzak garbitzerakoan, Austria gogora zezaten. Opari dotore eta fronte eta lubakietarako txit egokia atzazalak garbitzeko kit bat zen. Kutxatxoko irudian bala bat lehertzen ikus zitekeen, bai eta gizon kaskodun bat ere, baioneta eskuan aurrera zihoana. Eta azpian: «Für Gott, Kaiser und Vaterland!» Jainko, enperadore eta aberriarengatik!. Galleta kutxa irudirik gabe zegoen, baina, hala ere, poema hau zeukan:
Österreich, du edles Haus,
stech deine Fahne aus,
laß sie im Winde weh'n,
Österreich muß ewing steh'n!
eta, beste aldean, itzulpena:
Austria, etxe noblea,
jaso ezak hire bandera,
utziok haizeari astin dezan,
Austriak betiko iraun beza.
Azken oparia hiazinto bat zen, lorontzi batean sartuta.
Hau guztia ohean agerian zegoenean, von Botzenheim baroisak, hunkituaren hunkituaz, ezin izan zion negarrari eutsi. Zenbait itxurati goseturi ahogozoa etorri zitzaien. Baroisaren dama laguntzailea ere negarrez ari zen, Xveik eseriari eusten ziola. Elizan bezalako isiltasuna zegoen, Xveikek, eskuak baturik, ziplo etena:
— Gure aita, zeruetan zarena, santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua... barkatu, andrea, ez da horrela, nik zera esan nahi nuen: Jainkoa, zeruetako aita, bedeinka itzazu zure eskuzabaltasunari esker hartuko ditugun jakiok, amen!
Hitzon ondotik ohetik oilaskoa hartu eta klaska! jateari eman zion, Grüntein sendagilearen begirada ikaratuak jarraiturik.
— Ene, nola gustatzen zaion soldaduari —berotasunez xuxurlatu zion Grünstein sendagileari baroisa zaharrak—, dagoeneko sendatuta dago, antza bai, eta gerrara joan daiteke. Benetan pozten naiz nire oparia nola egokitu zaion ikusteaz.
Gero ohez ohe ibili zen, zigarretak eta txokolatinak banatzen, eta erronda bukaturik Xveikengana itzulita, ilea laztandu, «Behüt' euch Gott» Jainkoak babes zaitzala esan eta atetik irten zen, segizio osoarekin batera.
Grünstein sendagilea behetik, baroisari laguntzetik alegia, itzuli baino lehen, Xveikek oilaskoak banatu zituen. Gaixoek hain azkar klaskatu zituzten, non Grünstein sendagileak, oilaskoen ordez, hezur meta bat besterik ez baitzuen aurkitu. Hezurrak erabat marraskaturik zeuden, oilaskoak putre-habian bizirik erori eta haien hezur marraskatuak hainbat hilabetetako eguzkiak jo izan balitu bezala.
Gerra-likore delakoa ere desagertua zen, eta hiru ardo botila ere bai. Gaixoen sabeletan txokolate eta galleta kutxak ere desagertuak ziren. Are gehiago, norbaitek, kutxatilatik atzazal-esmaltea atera eta edan egin zuen, eta baita hortzetako eskuilarekin zetorren hortzetako pastari kosk egin ere.
Itzuli ostean, Grünstein sendagileak berriro borroka-jarrera hartu eta berbaldi luzea bota zuen. Arindu ederra hartua zuen, bisitak alde eginda. Marraskatutako hezur metak areagotu egin zion gaixoak ezin zuzenduzkoak zirelako pentsamendua.
— Soldaduok —hasi zen—: behar bezain azkarrak izan bazinete, janari guztia zegoen tokian utzi eta esango zenuten hori janez gero sendagile nagusiak ez zizuela sinetsiko larri gaixorik zaudetelako hori. Honela, nire ontasuna estimatzen ez duzuela baino ez duzue agerian utzi. Urdaila garbitzen dizuet, aiuta eman, dieta zorrotza ezarri, eta zuek pipa bezala betetzen zarete. Gastritisik izan nahi duzue? Bada, oker zabiltzate: zuen urdaila hori guztia digeritzen saiatu aurretik hain sakon garbituko dizuet ze hil arte gogoratu eta seme-alabei kontatuko diezue nola oilaskoekin eta bestelako jaki onekin zeuon tripotxak bete zenituzten eta nola, hala ere, jaki horiek urdailean ordu laurdena ere ez zuten iraun, zeren eta urdaila, artean bero-bero zegoela, garbitu zizueten. Eta, hortaz, jar zaitezte errenkadan nire atzean, ez dezazuen ahaztu ez naizela zuek bezain ergela, zuek guztiak batera baino azkar samarragoa baizik. Gainera, jakinarazten dizuet bihar batzorde bat bidaliko dizuedala hona. Iizan ere, luzaro izan zarete hemen, zabar-zabar eginda. Agerian utzi berri duzuenez, minutu pare batez urdaila ederki zikintzeko kapaz zarete, zuetako inork gaitzik ez duelako seinale. Beraz, aurrera!
Txanda Xveiki iritsi zitzaionean, Grünstein sendagileak so egin zion, eta egun hartako bisita misteriotsua gogoratzeak honako hau galdearazi zion:
— Ezagutzen duzu baroisa andrea?
— Nire amaordea da —ihardetsi zuen lasai asko Xveikek—. Haurtzaroan abandonatu ninduen eta orain berriro aurkitu nau...
Eta Grünstein sendagileak labur-labur esan zuen:
— Gero emaiozue Xveiki beste aiuta bat.
Arratsean tristezia zerien etzalekuei. Zenbait ordu lehenago guztiek gauza on eta gozo ugari zeukaten sabelean, eta orain, ordea, te makala eta ogi-xerra bana.
Leihotik 21. zenbakia aditu zen:
— Sinetsiko didazue, lagunok, errea baino frijitua nahiago dudala nik oilaskoa?
Norbaitek «lotu iezazkiozue ezpainak» purrust egin zuen, baina guztiak oturuntza zapuztu honen kausaz hain zeuden ahuldurik, non inor ere ez baitzen mugitu.
Grünstein sendagileak bete egin zuen hitza. Goizean batzorde famatuaren zenbait sendagile iritsi ziren.
Benazko zihoazen ohe ilaretatik, eta «erakutsi mingaina» baino ezin zen entzun.
Xveikek hain urrutira atera zuen mingaina, non bere aurpegiak keinu groteskoa egin eta begiak erdi itxi baitzitzaizkion:
— Apal-apalik jakinarazten dizut, mediku jauna, ez dudala mingain luzeagorik.
Solas interesgarria hasi zen Xveik eta batzordearen artean.
— Eta esango dizuet zergatik jakinarazi dizuedan hori: izan ere, beldur naiz ez ote duzuen pentsatuko zuen aurrean mingaina ezkutatzen dudala.
Batzordekoak ez ziren inondik ere bat etorri Xveiki buruzko iritzietan. Haietarik erdiek «ein blöder Kerl» ergel bat-tzat jo zuten Xveik, eta beste erdiek, ordea, armadari adarra jo nahi zion zitaltzat.
— Ez duzu lantegi erraza gero —deiadar egin zion Xveiki batzorde-buruak— guri ziria sartzea.
Xveikek ume errugabe baten lasaitasun jainkotiarraz begiratu zion batzorde osoari.
Sendagile nagusia Xveiki hurreratu zitzaion:
— Jakin nahi nuke, urdea halakoa, zertan ari zaren pentsatzen orain.
— Apal-apalik jakinarazten dizut ez naizela ezertan ere pentsatzen ari.
— Himldonrvetr Arraio tximista —hots egin zuen batzordekideetako batek sableari eraginez—. Beraz, honek ez du batere pentsatzen. Nola liteke zuk, elefante siamdar horrek, ez pentsatzea?
— Apal-apalik jakinarazten dizut ez dudala pentsatzen soldaduek debekatuta daukatelako. Duela urte asko, laurogeita hamaikagarren errejimenduan nengoela, gure kapitain jaunak beti esaten zigun: «Soldaduak ez du bere kasa pentsatu behar. Agintariek pentsatzen dute haren ordez. Soldadua pentsatzen hasi orduko, ez da soldadua, zibil zorritsua baizik. Pentsatzeak ez darama...»
— Lotu ezpainak! —eten zion Xveiki sumindurik batzorde-buruak—, zure berri badakigu eta. Der Kerl meint: man wird glauben, er sei ein wirklicher Idiot Morroi honek uste du benetako ergela dela pentsatuko dugula... Zu ez zara batere ergela, Xveik, azkarra zara, malmutza, zitala, barrabasa, satorra, ulertzen...?
— Apal-apalik jakinarazten dizut ulertzen dudala.
— Ezpainak lotzeko esan dizut, aditu?
— Apal-apalik jakinarazten dizut ezpainak lotziarena aditu dudala.
— Alajainkoa!, lotu itzazu hortaz ezpainak. Izan ere, ondo dakizu, nik agindu dizudalako, ez duzula hitzik ere egin behar.
— Apal-apalik jakinarazten dizut badakidala ez dudala hitzik egin behar.
Ofizialek elkarri begiratu eta sarjentuari deitu zioten.
— Gizon hau —esan zuen batzorde-buruak Xveik seinalatuz— eramazu behera, bulegora, eta zaude gure txostenaren zain. Presondegi militarrean burutik kenduko diote behingoz hitzontzikeria hori. Morroi hau ezkailu bat baino osasuntsuago dago, plantak egiten ditu, berritsua da, eta bere agintariei adar joka dabil. Uste du hemen bere dibertigarri daudela, gerra txantxetako kontua dela, denbora-pasa. Xveik: presondegi militarrean erakutsiko dizute gerra ez dela txantxetakoa.
Xveik sarjentuarekin bulegorantz atera, eta bidean, patioan barrena, ahapeka kantatu zuen:
Beti pentsatu dut
gerra txantxetakoa dela,
han aste bat edo bi egonda
etxeratuko naizela...
Eta bulegoan, zerbitzuan zegoen ofizialak Xveiki «zu bezalako morroiak fusilatu beharko lirateke» oihukatzen zion bitartean, batzordeak hil egin zituen goiko geletako itxuratiak. Hirurogeita hamar gaixotatik bi baino ez ziren salbatu: granada batek hankagabetutakoa eta benetako hezur-txantxarra zeukana.
Hauek izan ziren «tauglich» berbatxoa entzun zuten bakarrak; gainontzeko guztiak, hilzorian zeuden hiru tuberkuloso barne, gerrarako gaitzat hartuak izan ziren.
Batzorde-buruak ez zuen berbaldi bat botatzeko aukera galdu. Berbaldia denetariko irainez bilbatua izan zen, eta eduki aldetik laburra. Denak asto lukainkak zirela, simaurra, eta bakar-bakarrik enperadorearen alde ausarki borrokatuz gero itzul zitezkeela gizartera, eta gerra ostean barkatuko zitzaiela gerratik libratu nahia eta plantak egitea. Ez zuela, hala ere, horretan sinesten eta, bere ustez, denek urkamendia zeukatela zain.
Sendagile militar gazte batek, ordura arte arima garbi eta usteldu gabeak, baimena eskatu zion sendagile nagusiari berak ere hitz egiteko. Bere berbaldia baikortasunean eta tolesgabetasunean bereizi zen nagusiarenetik. Alemanez egin zuen.
Luze mintzatu zen:
— Errejimenduarekin gerrara joateko ospitalea uzten zutenetako bakoitzak garaile eta aitonen seme behar du izan. Sinetsita nago trebeak izango zaretela armekin, bataila-gunean, eta prestuak izango zaretela bai gerra kontuetan, bai eguneroko bizitzan. Gerrari garaitezinak izango zarete, eta gogoan izango duzue Radecky-ren eta Savoyako Eugenio printzearen ospea. Zeuon odolaz zelai zabalak ongarrituko dituzue monarkiaren ohoretan, eta arrakastaz beteko duzue historiak predestinatutako eginbeharra. Adore ausartaz, zeuon bizitza mespretxatuz, aurrera egingo duzue, loriarantz eta garaipen berrietarantz, zeuon errejimenduen bandera tiroz josien azpian.
Ondoren, honela esan zion korridorean gizon tolesgabe horri sendagile nagusiak:
— Ene lankide hori: benetan diotsut dena alferrikakoa dela. Ez Radecky-k ez Savoyako Eugenio printzeak ez zituzten zitalok soldadu bihurtuko. Berdin da haiekin samur zein zakar hitz egitea. Banda bat dira.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo