6. kapitulua
XVEIK BERRIRO ETXEAN,
GURPIL ZOROA ZEHARKATURIK

Polizia-zuzendaritzaren eraikuntzatik zebilen buruzagitza arrotzaren izpirituak frogatzen zuen zein gutxi zeuden herritarrak gerrarekin buru-beroturik. Salbuespenak salbuespen (interes zeharo arrotzengatik odola eman behar zuen nazio baten semeak zirela ukatzen ez zutenak, alegia), harrapari burokratikoen talderik ederrenaz osatua zegoen polizia-zuzendaritza. Harrapariok kartzela eta urka beste modurik ez zuten ezagutzen, lege korapilatsuen existentzia defendatzeko.
Aldi berean, xalotasun maltzurrez tratatzen zituzten beren biktimak, aurretiaz hitz bakoitza neurtuz.
— Izugarri sentitzen dut —esan zuen marra beltz eta horidun harrapariotako batek, Xveik eraman ziotenean— gure eskuetan berriz erori izana. Uste genuen zintzotuko zinela, baina oker genbiltzan.
Xveikek, mutu-mutu, buruaz baietz egin eta hainbesterainoko errugabe-aurpegia jarri zuen, non harrapari beltz-horiak galdezka bezala so egin eta azpimarratu baitzuen:
— Ez jarri halako ergel-aurpegirik.
Alabaina, berehala doinu maitagarrira pasa eta segitu egin zuen:
— Guretzat oso desatsegina da zu preso edukitzea, eta zaude ziur nire ustez zure errua ez dela hain handia, zeren eta horren adimendu urrikoa zarenez, ez dago dudarik endredatu zaituztela. Esadazu, Xveik jauna: nork endredatzen zaitu halako tentelkeriak egiteko?
Xveikek eztul egin eta esan zuen:
— Neronek ez dakit inolako tentelkeriaz.
— Eta ez ote da tentelkeria, Xveik jauna —esan zuen doinu aitatar faltsuak—, zuk, hona ekarri zaituen aguazilaren txostenaren arabera, alaka bati atxikitako gerra-adierazpenaren aurrean jendearen pilaketa eragin izana, eta «Agur Frantzisko Jose enperadoreari. Gerra hau irabazita dago» oihukatuz jendea asaldu izana?
—Ezin izan naiz besoak antxumatuta geratu —iragarri zuen Xveikek, bere begi onak inkisidorearen begiradan ezarriz—. Ernegatu egin naiz ikustian jende guztiak adierazpena irakurri eta alaitasunik batere erakusten ez zuela. «Gora» bat ere ez, «bizi bedi» bat ere ez, deusik ez, jauna, bost axolako balie bezala. Eta horra non nik, laurogeita hamaikagarren errejimenduaren soldadu zahar honek, holakorik ezin ikusi eta esaldi horiek oihukatu nituen, eta uste dut nire lekuan egon bazina nik bezalaxe egingo zenuela. Gerra denian, irabazi egin behar, eta enperadoriaren alde bibaka aritu, hori ez dit inork burutik kenduko.
Garaiturik eta makur-makur eginik, Xveik bildots errugabearen begirada jasan ezinik, harrapari beltz-horiak begiak akta ofizialera jaitsi eta hauxe esan zuen:
—Zure berotasuna aitortuko nuke egoera bestelakoa izan balitz. Badakizu, ordea, aguazil batek ekarri zaituela, eta hortaz, halako adierazpen abertzaleak ezin ziola jendeari seriotasunik eragin, ironia baizik.
— Aguazil batek eramaten zaituenekoa —erantzun zuen Xveikek— une gogorra da gizakiaren bizitzan. Baina gizakiak halako une gogorrian ere ahazten ez badu zer egitia egokitzen den gerra denian, uste dut gizaki hori ez dela hain txarra.
Harrapari beltz-horiak, marraska egin eta, beste behin behatu zion Xveiki begietara.
Xveikek bere begiradaren bero errugabe, bigun, apal eta samurraz erantzun zuen.
Biak elkarri adi-adi so egon ziren une batez.
— Deabruak eramango ahal zaitu, Xveik —esan zuen azkenik kokots ofizialak—. Hemendik berriz agertzen bazara, ez dizut batere galderarik egingo, eta Pragako gazteluko epaitegi militarrera joango zara erromes, zuzen-zuzen. Aditzen?
Eta otoz otoan, Xveikek, hurbildu eta, eskua musukatu zion, hauxe ziotsola:
— Jainkoak ordain diezazula. Inoiz edo behin odol garbiko txakurren bat beharko bazenu, etor zaitez nigana. Txakur-saltzailia nauzu.
Eta honela aurkitu zen Xveik berriz ere aske eta etxerako bidean. Aurrena Kalizatik pasatu behar ote zuelako hausnarketa, arestian Bretschneider detektibeak lagunduta zeharkatutako atea irekitzean bukatu zen.
Tabernan erabateko isiltasuna zen nagusi. Bertan zenbait bezero zeuden eseririk, haien artean Apolinario elizako sakristaua. Beltzuriturik zeuden. Barraren atzealdean Palivets andre tabernaria zegoen eserita, garagardo-zipotzari nagi-nagi beha.
— Bueltan nago, izan ere —esan zuen Xveikek alai—. Emadazu basokada bat garagardo. Non daukagu, bada, Palivets jauna? Etxian dagoeneko?
Erantzun beharrean, negarrari eman zion Palivets andreak, eta bere hitz bakoitzeko azentu apartean bere zoritxarra kontzentraturik, adia egin zuen:
— Pasa-den-astean-hamar-urteko-kartzelaldia-ezarri-zioten.
— Tira —esan zuen Xveikek—, orduan astebetia egin du dagoeneko.
— Hegorik gabeko zozoa baino zuhurragoa zen gaixoa —Palivets andreak negarrez—. Hala esaten zuen berak beti bere buruaz.
Tabernako bezeroek temaz eusten zioten isiltasunari, Palivets jaunaren izpiritua handik erratuko balitz bezala eta are zuhurtasun handiagora bultzatuko balitu bezala.
— Zuhurtasuna jakituriaren ama da —esan zuen Xveikek, mahaira garagardo edalontziarekin eserita. Garagardoaren aparrean zulo txikiak zeuden, aparrean tantaka eroriak ziren Palivets andrearen malkoak Xveiki garagardoa mahairatzean—. Gaurko garaiak behartu egiten gaitu zuhurrak izatera.
— Atzo bi hileta izan genituen —gaiz aldatu zen Apolinarioko sakristaua.
— Nabari da baten bat hil zela —esan zuen bigarren bezero batek, hirugarren batek hauxe gaineratu zuelarik:
— Hiletak zerraldo eta guzti izan al ziren?
— Jakin nahi nuke —esan zuen Xveikek— nolakoak izango diren orain gerran hileta militarrak.
Bezeroak altxatu ziren. Ordaindu eta isilka egin zuten alde. Xveik bakarrik gelditu zen Palivets andrearekin.
— Ez zitzaidan burutik ere pasa —esan zuen Xveikek— errugabe bat hamar urterako kartzelaratuko zutenik. Errugabe bati bost urte jarri zizkiotela, hori entzunda nengoen, baina hamar urte, hori gehiegi da.
— Berak dena aitortu zuen —negar egin zuen Palivets andreak—. Hemen euli horietaz eta irudi horretaz esan zituenak komisarian eta auzitegian errepikatu zituen. Epaiketan haren lekukoa izan nintzen, baina zein testigantza eman nezakeen, bada, senarrarekin ahaidetasunezko harremana nuela eta lekukoa izateari uko egin niezaiokeela esan bazidaten? Nik, bada, ahaidetasunezko harreman horrek kalte gehiago egingo zuelako beldurrez, uko egin nion lekukoa izateari, eta gaixoak so egin zidan. Hil arte ez ditut bere begi horiek ahaztuko. Eta gero, epaiaren ostean, handik zeramatela, korridorean oihu egin zien, bere onetik aterata bezala: «Gora pentsamendu askea!»
— Eta Bretschneider jauna ez da harrezkero hona etortzen? —galdetu zuen Xveikek.
— Zenbaitetan egon da hemen —erantzun zuen tabernariak—, garagardo bat edo bi edan, hona nor datorren niri galdetu, eta bezeroei futbolaz hizketan entzuten die. Haiek, hura ikustean, futbolaz baino ez dira mintzatzen. Berak haserre-keinuak egiten ditu, une oro amorratuko balitz bezala. Denbora honetan guztian Pritxna kaleko tapizatzaile bat baino ez zaio amuari lotu.
— Entrenamendu kontua da —ohartarazi zuen Xveikek—. Gizon tentela zen tapizatzailia?
— Nire gizonaren pareko edo —erantzun zuen negarrez—. Serbiarren kontra tiro egingo ote zuen galdetu zion. Eta berak esan zion ez zekiela tiro egiten, behin tiro-eremu batean izan zela eta han koroa tirokatu zuela. Gero denok entzun genuen Bretschneider jaunak zera esan zuela, koadernoa ateratzeaz batera: «Hara bestea: berriro goi mailako traizio ederra!, eta Pritxna kaleko tapizatzaile honekin alde egin zuen. Tapizatzailea ez da gehiago itzuli».
— Beste asko ez dira itzuliko —azaldu zuen Xveikek—. Emadazu rona.
Xveiki rona bigarrenez botatzen zionean hain zuzen ere, Bretschneider polizia sekretua iritsi zen mostradorera. Mostradoreari eta lokal hutsari begirada azkar bat bota eta gero, Xveiken ondoan eseri zen, eta garagardoa eskaturik, Xveikek zer esango zain gelditu zen.
Xveikek kakotik egunkari bat hartu eta iragarkien atzeko orrialdeari so, honako hau bota zuen:
— Hara, Straxkova kaleko bost zenbakiko Txinpera delako batek etxaldia saltzen du, hirurehun eta hirurogeita hamabost hektareakoa, bertan eskola eta trena daudela.
Bretschneiderrek hatz-muturrez jo zuen mahai gainean, urduri, eta Xveikenganantz bueltaturik, honela esan zion:
— Harritzen naiz zuri etxalde hori interesatzeaz, Xveik jauna.
— Oi, zu zara —esan zuen Xveikek, eskua luzatuz—. Ezin izan zaitut ezagutu, ze oroimen kaxkarra daukat. Oker ez banago, polizia-zuzendaritzako harrera-gelan ikusi ginen azken aldiz. Zer egin duzu harrezkero? Askotan etortzen zara hona?
— Gaur zugatik etorri naiz —esan zuen Bretschneiderrek—. Polizia-zuzendaritzan aditzera eman didate txakurrak saltzen dituzula. Sagu-txakur eder bat beharko nuke, edo grifoi bat, edo antzeko zerbait.
— Hori guztia eskuratu ahal dizut —Xveikek arrapostu—. Nahi duzu odol garbiko bat ala kalekoa?
— Uste dut —erantzun zuen Bretschneiderrek— odol garbiko txakurra aukeratuko dudala.
— Eta ez ote zenuke polizia-txakurrik nahi? —itaundu zuen Xveikek—. Berihala dena igarri eta gaizkiliaren oinatzaren atzetik doan horietakoa. Vrxovitse-ko harakin batek badauka bat, eta txakurrak gurditxoa arrastatzen dio. Esaten den bezala, txakur horrek hanka sartu zuen ogibide kontuan.
— Nik grifoia nahi nuke —neurritasun lasaiz esan zuen Bretschneiderrek—, kosk egingo ez lukeen grifoi bat.
— Grifoi hortzgabea nahi duzu, hortaz? —galdetu zuen Xveikek—. Badut baten berri. Deivitse auzoko tabernari batena da.
— Orduan, hobe sagu-txakurra —nahasirik bota zuen Bretschneiderrek, zeinaren gaitasun kinologikoak hasiera-hasieran baitzeuden, eta polizia-zuzendaritzatik agindu hori jaso izan ez balu, inoiz ez zuen txakurrei buruz ezer jakingo.
Baina agindua zehatza, argia eta gogorra izan zen: Xveiken txakur-merkataritzaren aitzakian, harekin tratu fidakorra eduki behar zuen. Xede hori lortzeko, laguntzaileak aukeratu eta txakur-erosketarako dirutza erabiltzeko eskubidea zeukan .
— Sagu-txakurrak handiagoak eta txikiagoak dira —esan zuen Xveikek—. Badakit bi txikiren eta hiru handiren berri. Bostak altzoan eduki ditzakezu. Biziki gomendatzen dizkizut.
— Estimatzen dizut —iragarri zuen Bretschneiderrek—. Eta zenbat balioko luke batek?
— Hori tamainaren araberakoa da —erantzun zuen Xveikek—. Sagu-txakurra ez da txahala. Sagu-txakurrekin alderantziz gertatzen da: zenbat eta txikiagoa, garestiagoa.
— Niri handiak interesatzen zaizkit, zaintzen dutenak —Bretschneiderrek arrapostu, Estatuko poliziaren aurrekontu ezkutuak hondatuko ez ote zituen beldurrez.
— Ongi —esan zuen Xveikek—: handi bat berrogeita hamar koroan saltzia badut, eta handiago bat berrogeita bostean, baina gauza bat ahaztu dugu: txakurkumia izan behar da, ala txakur zaharragoa? Txakurrarra ala txakurremia?
— Berdin dit —erantzun zuen Bretschneiderrek, zeinak orain problema ezezagunekin zer egin baitzeukan—. Eskura iezazkidazu, eta bihar, arratseko zazpietan, etxera joango natzaizu haien bila. Egongo dira?
— Bai. Etorri —Xveikek lehor arrapostu—, baina kasu horretan behartuta nago hogeita hamar koroako fidantza eskatzera.
— Bai horretan —esan zuen Bretschneiderrek, dirua ordaintzeaz batera—, eta orain baso bana ardo hartuko dugu nire kontura.
Edandakoan, Xveikek beste baso bat hartu zuen bere kontura. Gero Bretschneiderrek beste horrenbeste egin zuen.
— Ez beldurtu —erregutu zion Xveiki—: gaur ez nago zerbitzuan eta politikaz hitz egin daiteke nirekin.
Xveikek esan zuen berak ez zuela inoiz tabernan politikaz hitz egiten, politika guztia haur txikientzat zela.
Bretschneiderrek, aitzitik, iritzi iraultzaileagoak zituen, eta esan zuen Estatu makal guztiak desagertzera kondenaturik zeudela, eta galdetu zion Xveiki zer zeritzon horri.
Xveikek Estatuarekin zerikusirik ez zeukala iragarri zuen, baina behin zaindu zuela soldaduentzako opilez elikatzen zuen sanbernardokume ahul bat, eta hura ere akabatu zela.
Bosna baso hartuta, Bretschneiderrek anarkistatzat jo zuen bere burua, eta baita Xveiki galdetu ere zein erakundetan eman behar zuen izena.
Xveikek esan zuen behin batez anarkista batek leonberger bat erosi ziola ehun koroako prezioan, eta azken ordainketan zordun gelditu zitzaiola.
Seigarren zurrutadan, Bretschneiderrek iraultzaz eta mobilizazioaren kontra hitz egin zuen, eta ondoren Xveikek, albora makurtu eta, belarrira xuxurlatu zion:
— Bezero bat sartu berri da tabernara, ea ez dizun entzuten, bestela ustekaberen bat izan zenezake eta... Tabernaria negarrez dago, ikusten?
Palivets andrea benetan ari zen negarrez mostradorearen atzeko aulkian.
—Zergatik ari zara negarrez, andrea? —galdetu zion Bretschneiderrek—. Hiru hilabeteren buruan irabaziko dugu gerra, amnistia izango da, zure gizona itzuliko da, eta aitzur ederra harrapatuko dugu zuenean. Ala uste duzu ez dugula irabaziko? —bueltatu zitzaion Xveiki.
— Zer dela-ta beti horrekin gora eta behera? —esan zuen Xveikek—, irabazi egin behar da eta kitto, baina orain etxera joan behar dut.
Xveikek kontua ordaindu zuen eta Müller neskame zaharrarengana itzuli zen. Hau erabat ikaratu zen, etxeko atea irekitzen ari zen gizona Xveik zela ikusita.
— Nik uste nuen, jaun agurgarria, zenbait urteren buruan itzuliko zinela —esan zuen, ohi bezain egiazale—. Nik, bitartian, errukiaren errukiz, gau kafetegi bateko atezain bat hartu dut etxian, ze hiru aldiz etorri da polizia miatzera, eta ezer aurkitzerik izan ez dutenez, horren arteriotsua izatiagatik galdua zinela esan dute.
Xveik berehala konbentzitu zen arrotz ezezaguna guztiz eroso instalaturik zegoela. Haren ohean lo egiten zuen, eta hain zen eskuzabala, non ohe erdiarekin konformatzen baitzen: beste erdian ile luzedun izaki bat ezarria zuen, zeinak esker onez haren lepo besarkatuta lo egiten baitzuen, gizonezko eta emakumezko janzkiak, nahas-mahas, ohe inguruan barreiatzen ziren bitartean. Nahaspila horretatik ikus zitekeen gau kafetegiko atezaina eta dama umore onean itzuliak zirela.
— Jauna —esan zuen Xveikek txakur-gonbidatua astinduz—, etzazula bazkaria galdu. Biziki minduko nintzateke bota zaitudala zabalduko bazenu, dagoeneko inon ez zenuke-eta bazkaltzekorik aurkituko.
Gau kafetegiko atezaina lozorroan zegoen, eta luze jo zion ulertzeak ohearen jabea etxera itzulia zela eta ohearen jabetza aldarrikatzen ari zela.
Gau kafetegiko atezain guztiek ohi bezala, gizon horrek ere adierazi zuen norbaitek iratzarriz gero txikitu egingo zuela, eta berriro saiatu zen lokartzen.
Xveikek, bitartean, haren janzkiak bildu, ohera eraman, eta bortitz astintzen zituela, honela esan zuen:
— Jantzi ezik, zaudeten bezala kaleratuko zaituztet. Zuentzat abantaila handia izango da hemendik jantzita egiten baduzue hanka.
— Nik arratseko zortziak arte nahi nuen lo egin —esan zuen txunditurik atezainak prakak janzteaz batera—. Egunero bi koroa ordaintzen dizkiot andre horri, eta andereñoak ekar ditzaket kafetegitik. Miren, jaiki zaitez!
Alkandoraren lepokoa eta gorbata atontzen ari zela, bere onera etorri zen, hainbesteraino non honako hau baietsi ahal izan baitzion Xveiki: Mimosa gau kafetegia errespetagarrienetako bat zela. Bertara sartu, nortasun agiria indarrean zuten damak bakarrik sar zitezkeela. Eta Xveik bihotz-bihotzez bisita egitera gonbidatu zuen.
Haren laguna, aitzitik, ez zegoen Xveikekin batere konformaturik, eta botatzekoak bota zituen, txit itxurosoak, haietarik itxurosoena hauxe izan zelarik:
— Hi, lotsagabe madarikatu hori!
Txakur gonbidatuek alde eginda, Xveik Müller andrearengana joan zen bereak eta bost botatzera, baina ez zuen haren arrastorik ere aurkitu, paper pusketa bat izan ezik: bertan, lapitzez zirriborraturik zegoen Müller andrearen eskuizkribu nahaspilatu bat, non honek ohi baino askoz aiseago azaltzen baitzituen bere pentsamenduak Xveiken ohea gau kafetegiko atezainari alokatu zioneko gertaera zoritxarrekoaz:
— Barka iezadazu, jauna, ez zaitudala gehiagotan ikusiko, leihotik salto egingo dut eta.
— Gezurra dio —esan zuen Xveikek, eta zain jarri zen.
Handik ordu erdira isil-gordean sukalderatu zen Müller andre zoritxarrekoa, eta bere aurpegi abailduan ikus zitekeen kontsolamenduzko hitzak espero zituela Xveikengandik.
— Leihotik saltatzekotan —esan zuen Xveikek—, zoaz logelara, leihoa ireki dut eta. Sukaldeko leihotik saltatzia ez nizuke gomendatuko, lorategiko arrosen gainera erori, sasiak zapaldu, eta guztia ordaindu beharko zenuke eta. Logelako leihotik eder asko jausiko zara espaloira, eta zorterik edukiz gero, garondoa hautsiko duzu. Zorte txarrik edukiz gero, saihets guztiak, eskuak eta hankak baino ez dituzu hautsiko, eta ospitalea ordaindu beharko duzu.
Müller andreak, negarrari eman, logelatik isilik atera, leihoa itxi, eta itzulitakoan esan zuen:
— Haize bolada dabil, eta ez litzateke ona izango jaun agurgarria zaren horren erreumarako.
Gero, ohea egitera joan zen, ezohiko arduraz den-dena txukundu, eta sukaldera itzulirik, Xveik ohartarazi zuen, negarrezko behakoa eginez:
— Jauna, patioan izan ditugun bi txakurkume horiek akabatu egin dira. Eta sanbernardo horrek, horrek ihes egin digu polizia miatzera etorri denian.
— Jainkoarren! —deiadar egin zuen Xveikek—, txakur hori saltsa ederrian sar daiteke, seguru orain poliziak bilatuko duela.
— Komisario bati kosk egin zion, miaketan ohe azpitik atera zuenian —aurrera egin zuen Müller andreak—, ze aurrena gizon horietako batek esan zuen ohepian norbait zegoela. Handik legearen izenian ateratzeko esan zioten sanbernardo horri, eta nahi ez zuenez, atera egin zuten. Eta txakurrak irentsi nahi zituen, atetik irten, eta ez zen gehiago itzuli. Niri ere egin zidaten itaunketa, nor etortzen den hona, atzerritik dirurik jasotzen ote dugun. Gero zeiharka esan zidaten ttunttuna naizela, esan nielako kanpotik gutxitan iristen zaigula dirua, azkena Brno hiriko txofer batengandik: «Nazio politika»-n iragarri zenuen Angorako katu baten truke aurretiazko hirurogei koroa ordaindu zituen, eta horra non, katu horren ordez, fox-terrierkume itsu bat bidali zenion datil-kutxa batian. Gero oso xalo hitz egin zidaten, eta baita gau kafetegiko atezain hori gomendatu ere, etxian bakarrik bizitziagatik ez beldurtzeko, badakizu, kaleratu duzun hori...
— Nahikoa atsekabe izan dut dagoeneko autoritateekin, Müller andria. Orain ikusiko duzu haietako zenbat datozen hona txakurrak erostera —hasperen egin zuen Xveikek.
Ez dakit errejimen-aldaketaz geroztik poliziaren artxiboa arakatu zuten jaunek polizia sekretuaren ezkutuko dirutzaren zenbatekoa deszifratu ote zuten: S... 40 k, F... 50 k, L... 80 k, etab, baina seguru nahasi egin zirela, uste izan baldin bazuten inperio austro-hungariarrari 40, 50 eta 80 koroaren truke nazio txekiarra saldu zioten gizonen hasierazko letrak zirela B, F eta L.
S-k sanbernardo esan nahi du, F-k fox-terrierra, eta L-k leonbergerra. Txakur hauek guztiak Xveiken etxetik polizia-zuzendaritzara eraman zituen Bretschneiderrek. Munstro itsusiak ziren, Xveikek aipatutako odol garbiko arrazarekin batere zerikusirik ez zutenak.
Sanbernardoa bi kale-txakurren nahasketa zen; fox-terrierrak azeri txakur baten belarriak zituen, eta artzakur hanka-oker baten tamaina, errakitismoak jota balego bezala. Leonbergerraren buruak karlintxakur baten mutur iletsua gogorarazten zuen, buztan ebakia zeukan, artzakur baten garaiera, eta ipurdia, Ameriketako txakur biluzi famatuek bezain ilegabea.
Gero, Kalous detektibe jauna joan zen hara txakur bat erostera, eta hiena orbandun bat gogorarazten zuen munstro txoropito batekin itzuli zen: Eskoziako artzain-txakur baten ilajea zeukan, eta ezkutuko dirutzaren kontuari «D... 90 k» berria erantsi zitzaion.
Munstro horrek doba-txakur baten rola jokatzen zuen...
Baina Kalousek ere ez zuen alerik atera Xveikez zerbait jakin nahian. Bretschneiderri bezala atera zitzaion kontua. Hizketa politiko sakonenetan ere Xveik txakurkumeen mukieriaren osabidearen gaira lerratzen zen. Bretschneiderrek Xveiken etxetik berriz ere munstro bat eramanez bukatzen ziren beti Xveiken azpijoko maltzurrak: modu imajinaezinean gurutzatutako munstro bat, alegia.
Eta hori izan zen Bretschneider detektibe ospetsuaren akabua. Etxean halako zazpi txakur zantar zeuzkanean, haiekin batera atzealdeko gelan giltzapetu zen, luzaro jaten eman ez, eta txakurrek irentsi egin zuten.
Hain zen ohoragarria, non hiletak aurreztu baitzizkion Estatuari.
Polizia-zuzendaritzan zeukan zerbitzu-orrian erregistraturik zeuden, maila-igoeren laukian, tragediaz betetako hitzok: «Bere txakurrek irentsia».
Geroago Xveikek, jazoera tragiko horren berri jakin zuenean, esan omen zuen:
— Buruan sartzen ez zaidan bakarra zera da, nola bilduko dituzten haren zatiak azken judizioan.
© Jaroslav Hasek
© itzulpenarena: Carlos Cid Abasolo