HORIA ETA ARROSA

 

        Balak zeharkatu zuen leihoak elizaren jabetzako zelaitxo batera ematen zuen, eta karabinero nagusia eta On Camillo gertakaria ikertzen ari ziren kaperatxoaren atzean.

        —Hona hemen froga —esan zuen karabineroak, hormako zarpiaduran, leihotxo ospetsuaren hegi azpian arra betean, nabarmen ikusten ziren lau zuloak seinalatuz.

        Poltsikotik labanatxo bat atera, zuloetako batean aztarrika ibili, eta zerbait atera zuen azkenik.

        —Nire iritziz, gertatua garbi dago —azaldu zuen karabinero nagusiak—. Tiratzailea urrun kokatua zegoen eta metrailetaz tiroka hasi zen leiho argituaren kontra. Lau balak hemen bukatu dute, horman, eta beste bat kristala zulatu eta barrura sartu da.

        On Camillok buruari eragin zion.

        —Esan dizut pistola baten tiroa izan dela, eta hemendik bertatik egin dutela. Pistola baten tiroa eta metraileta baten tiroketa ez bereizteko bezain aguretuta ere ez nago! Lehendabizi pistola batekin egin dute tiro, eta hemendik bertatik, eta gero urrutiagotik bota dute metrailetarekin.

        —Balaren azala aurkitu beharko genuke hemen orduan! —ihardetsi zion karabineroak—. Eta azalik ez dago.

        On Camillok sorbaldak astindu zituen.

        —Scalako kritikari musikala izan behar da, tonalitateagatik bereizten jakiteko nola egin ote den tiroa, errepikapen-pistola batekin ala danbor-errebolber batekin! Dena delakoak danbor-errebolber batekin egin badu tiro, balaren azala berarekin eraman du.

        Karabineroa inguru guztia miatzen hasi zen, eta azkenik zerbait aurkitu zuen eliz albotik bospasei metrora landaturiko gereziondoetako baten enborrean.

        —Azala urratu dio honi baletako batek —esan zuen. Eta nahiko gauza bistakoa zen.

        Buruan hazka hasi zen, harriturik.

        —Tira —esan zuen azkenik—, polizia zientifikoarena ere egin beharko dugu.

        Makila bat hartu eta lurrean sartu zuen, hormari pega-pega eginda, zarpiaduran egindako zuloetako baten aurrean; gero, zelaitik ibiltzen hasi zen eta, noizean behin, balak jotako gereziondoaren azalera begiratu eta ezker edo eskuinera mugitzen zen, harik eta enborrak horma ondoan ipinitako makila estaltzen zuen arte. Horrela, halako batean, hesi aurrean gertatu zen eta hesiaz bestaldean erretena eta gurdibidea zeuden.

        On Camillo harengana gerturatu eta bata hesiaren alde batetik eta bestea bestetik lurra miatzen hasi ziren. Ez zuten luze jardun bila. Bost minuturako, On Camillok «Hementxe dago» esan zuen, eta metraileta baten bala-azala zen. Gero beste hirurak aurkitu zituzten.

        —Nik esandakoa frogatzen du honek —adierazi zuen karabinero nagusiak—. Tipoak hemendik egin du tiro leihoaren kontra.

        On Camillok buruari eragin zion.

        —Ni ez naiz metraileta kontuan aditua —esan zuen On Camillok—, baina badakit beste fusilekin balek ez dutela errebueltarik egiten. Begiratu pixka bat.

        Iritsi zen karabinero bat eta herrian mundu guztia lasai zegoela esan zion nagusiari.

        —Eskerrik asko! —ohar egin zuen On Camillok—. Tiroak niri bota dizkidate, ez haiei ba!

        Ofizialak fusila eskatu zion karabineroari eta, lurrean etzanda, kaperako lehen leihoaren kontra apuntatu zuen, gutxi gora-behera bala-zuloa zegoen aldera.

        —Tiroa eginez gero, non joko luke balak? —galdetu zuen On Camillok.

        Kalkulua ume batek ere egin zezakeen: handik ateraz gero, eta kaperako leihotxotik barrura sartu behar zenez gero, bala batek eskuineko lehen konfesalekuan joko zuen, gehienez ere, elizako atetik hiru metrora.

        —Bala eskolatu bat ez bazen, ezin zen aldaretik pasatu ezta senperrenak eginda ere! —ondorioztatu zuen karabinero nagusiak—. Horrek esan nahi du, On Camillo, arazoren batean berori nahastuta dagoenean, ileetatik tiraka hasteko moduko arazoa izango dela! Berorrentzat ez al zen nahikoa bakar batek egitea tiro? Ez, jauna: bi behar zituen! Bata, leiho atzetik tiro egiten duena, eta bestea ehun eta berrogeita hamar metrora dagoen hesi batetik.

        —Zera, ni horrela eginda nago —erantzun zuen On Camillok—. Baita garesti ateratzen bazait ere!

        Arratsalde hartan, Pepponek estatu nagusi osoa eta udalerriko auzo guztietako ordezkariak bildu zituen alderdiaren egoitzan.

        Peppone betilun zegoen.

        —Lagunok! —esan zuen—, beste gertakari batek areago nahastu du herriko egoera. Ezezagun batek tiro egin du bart gauean erretorearen kontra, eta erreakzioa horretaz aprobetxatu da burua ateratzeko eta alderdiaren gainera zikinkeria botatzeko. Erreakzioak, beti bezain zital, ez dauka argi hitz egiteko kemenik, baina, jakin dugunez, txokoetan marmar egiten du eta guri egozten digu atentatu honen errua!

        Hankaluzek eskua altxatu eta hitz egin zezakeela adierazi zion Pepponek keinu batez.

        —Ezer baino lehen —esan zuen Hankaluzek—, erreakzio andreari esan behar zaio frogatu behar digula benetan egon dela apaizaren kontrako atentatua. Orain arte, berak bakarrik esan du eta! Eta lekukorik ez zegoenez, baliteke apaiz jauna bera izatea tiro egin duena, bere berripaper zikinean gure kontrako gezurrak ipini ahal izateko gero! Has daitezela frogak erakusten!

        —Ondo esana! —onartu zuten adostasunez—. Arrazoia du Hankaluzek.

        Pepponek hartu zuen hitza berriro.

        —Egon pixka bat! Hankaluzek dioena zuzena da, baina ezin dugu besterik gabe baztertu egiatan gertatu izana. On Camillo nolakoa den ezagututa, egiaz ezin esan daiteke horrelako maltzurkeriak erabiltzen dituztenetakoa denik...

        —Peppone burkidea! —eten zion Harroskok, Molinettoko taldeburuak—. Gogoan izan apaiza beti apaiz dela! Zure sentimentalkeriak baino ez dira horiek! Kasu egin izan bazenit ez zen irtengo haren berripaper zikin hori, eta gaur alderdiak ez zituen jasan beharko Pizziren suizidioagatik bota dizkiguten gezur zitalak! Errukirik ez herriaren etsaiekin! Herriari traizioa egiten dio herriaren etsaiaz errukitzen denak!

        Pepponek kolpe bat jo zuen mahaian ukabilaz.

        —Nik ez zaukaat hik etika irakatsi beharrik! —egin zuen oihu.

        Harrosko ez zen kikildu.

        —Eta zerbait egin zitekeen garaian egiten utzi izan bazenigu —oihu egin zuen—, orain ez genuke izango atzerakoi mordo bat bazterrak nahasten! Nik...

        Harrosko hogeitabost urte inguruko gazte bat zen, argala, eta ilea atzeraka orraztuta eramaten zuen, kizkurtuta buru gainean, gominaz basitua lokietan eta atzean gandor moduko bat eginez, iparraldeko aza-kirtenek eta Trastevereko guapoek bezala. Begi txikiak eta ezpain meheak zituen.

        Peppone erasokor hurbildu zitzaion.

        —Astazakil galanta haiz hi! —esan zion, aurpegira begiratuz.

        Bestea zurbil-zurbil jarri eta isilik egon zen.

        Mahaira itzulirik, Peppone berriro hasi zen hizketan.

        —Apaiz baten hitz hutsean oinarritutako gertakari batez baliatuz —jarraitu zuen—, erreakzioa azpikeria berriak egiten saiatzen ari da herriaren kalterako. Beharrezkoa da alderdikideok inoiz baino kemen gehiago izatea. Gure bizkar esaten dituzten...

        Bat-batean, inoiz ez bezalako zerbait arraroa gertatu zitzaion. Pepponek bere buruari entzun zion. Iruditzen zitzaion bera, Peppone, han hondoan zegoela eta Peppone esaten ari zena entzuten ari zela.

        «...saldutako haragia, langileriaren etsaiek ordaindutako erreakzioa, lurjabe zanpatzaileak...»

        Pepponek entzun egiten zuen eta gero eta gehiago iruditzen zitzaion beste bati ari zitzaiola entzuten.

        «Savoiatarren sokakoak... Apaizteria faltsua... Gobernu beltza... Amerika... Plutokrazia...»

        «Zer esan nahi ote du plutokraziak? Zergatik hitz egiten dik horrek plutokraziaz, zer esan nahi duen ez badaki?» pentsatzen zuen Pepponek. Ingurura begiratu eta doi-doi ezagutzen zituen aurpegiak ikusi zituen. Eta begi anbiguoak, Harrosko gaztearenak denetan anbiguoenak. Zakarraz gogoratu zen, bere leialenaz, eta haren begiak bilatu zituen, baina Zakarra hondoan zegoen, besoak tolestuta eta buruapal.

        «...baina jakin dezatela gure etsaiek Erresistentziaren espiritua ez dela ahuldu gure baitan... Egun batean askatasunaren alde eskuratu genituen armak...»

        Orain ero baten moduan garrasika ari zela sentitu zuen Pepponek. Gero, txaloek bere senera itzuli zuten.

        —Ondo horrela —xuxurlatu zion Harroskok irteten ari zen bitartean—. Zuk badakizu, Peppone: txistu bat, eta hasiko gara. Nire mutilak pronto daude. Baita ordubete barru ere.

        —Ederki, ederki! —erantzun zuen Pepponek, sorbaldan txapaka eginez. Baina gustura zanpatuko ziokeen burua. Auskalo zergatik.

        Zakarra eta biak bakarrik geratu ziren, eta isilik egon ziren pixka batean.

        —Eta? —oihu egin zuen Pepponek halako batean—. Tontotuta hago, ala? Ez al didak esan behar ondo hitz egin dudan ala ez?

        —Ederki hitz egin duk —erantzun zuen Zakarrak—. Ederki. Beste aldi guztietan baino hobeto.

        Ondoren, isiltasunezko lanbroa jausi zen berriro bion artera.

        Peppone kontuak egiten ari zen erregistro-liburu baten gainean; bat-batean, kristalezko paper-zama bat hartu, lurrera indarrez bota eta amorruz beterik birao luze korapilatsu etsitu bat bota zuen.

        Zakarra begira geratu zitzaion.

        —Tintaz zikindu diat! —azaldu zuen Pepponek, liburua itxiz.

        —Barchini lapur horren betiko lumak! —ohar egin zuen Zakarrak, zuhurtziaz Pepponeri adierazi gabe lapitza erabili zuela eta, beraz, tintaren kontu hori ez zela batere egokia.

        Kanpora irten zirenean, gauez, eta bidegurutzera iritsi zirenean, Peppone han gelditu zen, Zakarrari zerbait esan nahi balio bezala. Aldiz, motzetik jo zuen:

        —Orduan, bihar elkartuko gaituk.

        —Bihar, nagusi. Gabon.

        —Agur, Zakarra.

 

* * *

 

        Eguberriak gertu zeuden eta azkar-azkar jaiotzako iruditxoak kaxetatik atera, garbitu, kolore-ukituak eman eta koskak konpondu behar zitzaizkien. Eta berandu zen, baina On Camillo lanean ari zen apaizetxean. Leihoan joka ari zirela entzun eta, berehala, atea zabaltzera joan zen, Peppone zelako.

        Peppone eseri egin zen, On Camillo bere zereginari berriz lotzen zitzaion bitartean, eta biak isilik egon ziren pixka batean.

        —Jainko zaharra! —hots egin zuen halako batean Pepponek amorruz.

        —Nora eta apaizetxera etorri behar duk birao egitera? —galdetu zuen On Camillok, patxadaz—. Alderdiaren egoitzan hengoen bitartean ezin huen?

        —Egoitzan ezta biraorik ere ezin da egin dagoeneko! —bota zuen Pepponek—. Birao eginez gero, azalpenak eman behar direlako.

        On Camillok San Joseren bizarra berun-hautsez errepasatzeari ekin zion.

        —Gizon zintzo batek ezin du bizitzen jarraitu mundu zikin honetan! —hots egin zuen Pepponek handik pixka batera.

        —Eta hiri zer axola dik? —galdetu zuen On Camillok—. Gizon zintzo bihurtu haiz, akaso?

        —Beti izan naiz.

        —Ederra bota duk! Ez nian sekulan usteko!

        On Camillok San Joseren bizarra errepasatzen jarraitu zuen. Ondoren, arropak txukundu zizkion.

        —Denbora luzerako al du? —galdetu zuen Pepponek suminez.

        —Esku bat botatzen badidak, azkar bukatuko diat.

        Peppone mekanikoa zen eta baldeak adinako eskuak zeuzkan, bai eta ozta-ozta tolesten ziren hatz erraldoiak ere. Baina, norbaitek kronometro bat konpondu beharra bazeukan, Pepponerengana jo behar zuen. Hala direlako gauzak: gizonkote handiak direlako, hain zuzen, gauza txiki-txikietarako eginak daudenak. Ertz fin-finak ederki margotzen zituen autoen karrozerietan edo zalgurdien gurpil-izpietan, ogibide hori balu bezalaxe.

        —Bai horixe! Oraintxe hasiko naiz ni santuak margotzen! —bota zuen—. Sakristautzat hartu al nau?

        On Camillok kaxatxoaren hondoan bilatu eta gauza txiki arrosa bat atera zuen, txorikume baten tamainakoa: Jesus Haurtxoa zen.

        Pepponek, jakin gabe nola, eskuan aurkitu zuen iruditxo hura, eta orduan pintzel txiki bat hartu eta lana txukun-txukun egiten hasi zen. Bera mahaiaren alde batean eta On Camillo bestean, elkarri aurpegia ikusi ezin ziotela, kriseiluaren argitasuna zegoelako bien tartean.

        —Mundu zikina da hau, gero! —esan zuen Pepponek—. Ezin da inortaz fidatu zerbait esan nahi denean. Neure buruaz ere ez naiz fidatzen.

        On Camillo buru-belarri ari zen bere lanean: osorik berregin behar zitzaion aurpegia Amabirjinari. Lan ederra.

        —Eta nitaz fidatzen al haiz? —galdetu zuen On Camillok, ezaxolaz bezala.

        —Ez dakit.

        —Saiatu zerbait esaten, horrela ikusiko duk.

        Haurtxoaren begiak bukatu zituen Pepponek: gauzarik zailena. Gero, ezpain txikien gorria berritu zuen.

        —Pikutara bota nahi nuke dena —esan zuen Pepponek—. Baina ezin da.

        —Nork eragozten dik?

        —Eragotzi? Errejimentu oso bat txiki dezaket nik, burdinazko makila bat hartuz gero.

        —Beldurra al duk?

        —Beldurrik ez dut nik sekula santan izan!

        —Nik bai, Peppone. Noizbait, beldurra izaten diat.

        Pepponek pintzela busti zuen pinturan.

        —Beno, baita neuk ere batzuetan —esan zuen Pepponek. Baina ozta-ozta entzun zen.

        On Camillok ere egin zuen hasperen.

        —Bala kopetatik bi hatz-betera pasatu zitzaidaan —kontatu zuen On Camillok—. Justu orduantxe burua atzeratu ez banu, seko utziko nindian. Mirari bat izan zuan.

        Pepponek bukatua zuen Jesus Haurraren aurpegia, eta gorputzaren arrosa errepasatzen ari zitzaion.

        —Pena dut kale egin nuelako —bota zuen Pepponek—. Baina urrutiegi zegoen, eta tartean gereziondoak zeuden.

        On Camillok bertan gelditu zuen pintzela.

        —Hiru gau baziren —azaldu zuen Pepponek— Zakarra Pizziren etxe inguruetan zebilela, besteak umetxoa ez garbitzeko. Umetxoak ikusiko zuen nork bota zion tiroa aitari leihotik eta besteak badaki. Bitartean, ni berorren etxe inguruetan nenbilen. Ziur nengoelako besteak bazekiela berorrek badakiela nork bota zion tiroa Pizziri.

        —Besteak, nork?

        —Nik ez dakit —erantzun zuen Pepponek—. Nik urrundik ikusi nuen kaperako leihora hurbiltzen. Baina ezin nion tiro egin berak zerbait egin baino lehenago. Berak tiro egin orduko bota nion nik ere berari. Baina kale!

        —Eskerrak Jaunari! —esan zuen On Camillok—. Bazakiat nolako tiratzailea haizen eta orduan mirariak bi izan zirela esan behar diat.

        —Nor ote da? Berorrek eta umetxoak bakarrik dakizue nor den.

        On Camillok astiro hitz egin zuen.

        —Bai, Peppone, bazakiat, baina munduan ezerk ere ezin zidak hautsiarazi aitorpenaren isilpekoa.

        Pepponek hasperen egin eta margotzen jarraitu zuen.

        —Zerbait ez dabil ondo, ordea —esan zuen halako batean—. Iruditzen zait mundu guztiak beste begi batzuekin begiratzen didala orain. Mundu guztiak, baita Zakarrak ere.

        —Zakarrari ere irudituko zaiok hori, eta besteei ere bai —erantzun zuen On Camillok—. Bakoitzak besteari ziok beldurra, eta norberak hitz egiten duen bakoitzean bere burua defenditu behar duela sentitzen dik beti.

        —Zergatik, baina?

        —Ez dezagun politikarik egin, Peppone.

        Pepponek hasperen egin zuen berriro.

        —Kartzelan bezala sentitzen naiz —esan zuen, kopetilun.

        —Beti zagok aterik mundu honetako edozein kartzelatatik ihes egiteko —erantzun zuen On Camillok—. Kartzelak gorputzerako dituk soilik. Eta gorputzak axola gutxi dik.

        Jesus Haurra bukatuta zegoen jada eta, koloreberrituta eta hain arrosa eta hain argi, bazirudien distira egiten zuela Pepponeren eskutzar ilunaren barruan.

        Begiratu zion Pepponek eta gorputz txikitxo haren epela nabaritzen zuela iruditu zitzaion. Eta ahaztu egin zuen kartzela.

        Kontu handiz pausatu zuen Haurtxoa mahai gainean, bai eta On Camillok Amabirjinaren ondoan jarri ere.

        —Gure umea Gabon-bertsoak ikasten ari da —iragarri zuen Pepponek harro—. Gauero entzuten dut bere amak nola errepasatzen dizkion lokartu baino lehen. Fenomeno bat da.

        —Bazakiat —onartu zuen On Camillok—. Gotzain jaunarentzako bertsoak ere primeran ikasi zizkian.

        Peppone zurrundu egin zen.

        —Hori berorren itsusikeriarik handienetako bat izan zen! —hots egin zuen—. Ordaindu beharko dit.

        —Ordaindu eta hiltzea, beti garaiz egiten diren gauzak dituk —erantzun zion On Camillok.

        Gero, Haurtxoaren gainean makurturik ageri zen Amabirjinaren ondoan, mandoaren iruditxoa ezarri zuen.

        —Hau Pepponeren semetxoa duk, hau Pepponeren emaztea eta hau Peppone —esan zuen On Camillok, azkena mandoa ukituz.

        —Eta hau On Camillo! —hots egin zuen Pepponek, idiaren iruditxoa hartuz eta taldearen ondora eramanez.

        —Ba! Abereok beti konpontzen gaituk elkarrekin —bukatu zuen On Camillok.

        Irtetean, Pepponek Po aldeko lurretako gau ilunean aurkitu zuen bere burua, baina orduko lasai-lasai zegoen, artean sentitzen zuelako esku-txokoan Haurtxo arrosaren epela.

        Gero bertsoen hitzen oihartzuna entzun zuen bere baitan, buruz baitzekizkien.

        —Gabon gauean esaten dizkidanean, gauza zoragarria izango da! —poztu zen—. Langileriaren demokrazia nagusitzen denean ere, bakean utzi beharko dira poesiak. Hobeto esan, beharrezkoak bihurtuko ditugu!

 

* * *

 

        Ibaian urak emeki eta goxo egiten zuen bere bidea, han, bi pausotara, ezpondaren hondoan, eta hori ere poesia zen: mundua hasi zenean hasitako eta oraindik ere zirauen poesia bat. Eta ur azpiko miloika harrietan txikiena biribildu eta leuntzeko, milaka urte behar izan ziren.

        Eta hogei belaunaldi igaro eta gero bakarrik leunduko zuen urak beste harritxo bat.

        Eta mila urteren buruan, jendea orduko sei mila kilometroko abiadan ibiliko da indar superatomikoz mugituriko autoetan, eta zertarako? Urte bukaerara iristeko eta aho-zabalik gelditzeko Peppone alderdikideak, gau horietako batean, pintzelaz koloreberritu zuen igeltsuzko Haurtxo berberaren aurrean.

 

 

 

© Giovannino Guareschi

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giovannino Guareschi / On Camilo" orrialde nagusia