UDAZKENA

 

        Hilaren 3an, arratsaldean, Barchini paper-saltzaile eta tipografoa agertu zen apaizetxera.

        —Oraindik inor ez —esan zuen Barchinik—. Argi dago ez dutela ezer egiteko asmorik.

        —Badago denborarik oraindik —ezetsi zuen On Camillok—. Laurak ere ez dira.

        Barchinik buruari eragin zion.

        —Testua laburra izanik ere, hiru ordu behar izaten ditut beti moldatzeko. Gero, zuzenketak egin eta azkenik inprimatu behar da. Prentsarekin inprimatzea, gainera, sekulako lana da: orri bat aldi bakoitzean. Ziur egon daiteke, On Camillo. Nolanahi ere, norbait bidaliko dut abisatzeko.

        Zuhurtziagatik, On Camillok beste ordu batez itxaron zuen. Ondoren, Barchiniren berririk ez zuenez, soingainekoa jantzi eta udaletxera abiatu zen. Alkatea, jakina, ez zegoen han, eta orduan etsi-etsian zuzendu zen Pepponeren garajera, bai eta Peppone han topatu ere, tuerka bat estutzen.

        —Arratsaldeon, alkate jauna.

        —Hemen ez dago alkaterik —erantzun zuen besteak aldarte txarrez, lanetik begiak jaso ere gabe—. Alkatea udaletxean dago. Hemen Giuseppe Botazzi herritarra baino ez dago, ogia irabazteko bizkarra apurtzen, besteak paseatzera ateratzen diren bitartean.

        On Camillo ez zen asaldatu.

        —Zuzena duk hori —erantzun zuen—. Orduan, mesede bat eska diezaioket Giuseppe Botazzi herritarrari, ala iritsi da Kominternetik agindua Peppone alderdikideak zerbitzutik kanpo ere txoriflauta baten antzera joka dezan?

        Pepponek utzi egin zion egiten ari zen lanari.

        —Entzun dezagun —bota zuen, susmo txarrez.

        —Begira —hasi zen On Camillo ganoraz—. Giuseppe Botazzi herritarrari esan beharko litzaioke mesedez Peppone alderdikideari esateko, alkate jauna aurkitzen duenean, arren eska diezaiola On Camillo erretoreari bidaltzeko Udalak azaroaren 4agatik inprimarazi duen bandoaren kopia bat, On Camillok bere klub-jostalekuko oholean josi nahiko lukeelako.

        Peppone berriro lotu zitzaion lanari.

        —Esan erretore jaunari bere elkartearen oholean Aitasantuaren argazkia josi dezala.

        —Bazagok —argitu zuen On Camillok—. Orain azaroaren 4koari buruzko bandoaren kopia bat behar nikek, horrela bihar irakurri ahalko zieat umeei eta azaldu zer esan nahi duen egun horrek.

        Pepponek irri egin zuen.

        —Hara bestea! Apaiz jaunak, latina jakinda eta kintalerdiko liburuekin ikasi badu ere, zer beharko eta Pepponek azaroaren 4a azaltzeko ideia ematea behar du, Pepponek lehen eskolako hirugarren maila baino egin ez bazuen ere. Barkatu, baina oraingoan ez zaio ondo atera. Uste bazuen dibertitu egingo zela bere apaizteria zibil guztiarekin nire gramatika akatsen azterketa logikoa azalduz, oker zegoen.

        —Hi haiz oker dagoena! —protestatu zuen lasai On Camillok—. Nik ez zaukaat inolako asmorik Peppone mekanikariaren idazkian gramatika akatsen bila dibertitzeko. Bakarrik argitu nahi zieat nire umeei zer pentsatzen duen herriko agintari gorenak azaroaren 4az. Nik, erretorea naizen honek, ados egon nahi diat alkatea haizen horrekin. Denok egon behar dugulako ados zenbait gauzatan. Beraz, hau ez duk politika kontua.

        Pepponek ondotxo ezagutzen zuen On Camillo eta aurre-aurrean jarri zitzaion, ukabilak gerrian.

        —On Camillo: utikan poesia horiek eta goazen harira. Ahaztu oholean josi nahi duen bandoaren istoriotxo hori eta esan zer nahi duen nigandik.

        —Ez diat ezer nahi. Edo, azaroaren 4ari buruzko bandoa egin duan ala ez jakin, hori besterik ez. Egin ez baduk, hemen naukak, bion artean moldatzeko.

        —Eskerrik asko eskaintza atseginagatik! Baina bandoa ez dut egin, ezta egingo ere!

        —Agitazio eta Propaganda atalaren agindua?

        —Ez da inoren agindua! —oihu egin zuen Pepponek—. Neure kontzientziarena besterik ez! Herriak gerraz eta garaipenez betea du arima. Herriak ondotxo daki zer diren gerrak, hitzaldi eta bandoekin goraipatzen ibili beharrik gabe!

        On Camillok buruari eragin zion.

        —Gaizki ari haiz, Peppone. Hemen inork ez dik nahi gerra bat goraipatu. Gerra hartan sufritu eta bizia galdu zutenei omenaldia egitea duk kontua.

        —Gezurra! Hildakoak eta sufrimenduak gogoratzeko aitzakiaz, propaganda militarista, gerrazale eta erregezale zikina egiten da! Heroitasuna, sakrifizioa, ihesi doan etsaiari makulua botaz hiltzen dena, San Giustoko kanpaiak, Trento eta Trieste, Grappa mendia, Santa Goriziako festa, Piave ibaiaren murmurioa, garaipen-partea, gure patu loriatsua: erregetza eta ejerzito usaina darien gauzak, gazteei burua nahastu eta nazionalismoari eta langileriaren aurkako gorrotoari propaganda egiteko bakarrik balio dutenak. Ze berehala ateratzen da gero Istria, Dalmazia, leizezuloak, Tito, Stalin, Komintern, Amerika, Vatikano, Kristo, erlijioaren etsaiak eta abar; eta azkenik, langileria dela aberriaren etsaia eta inperioa eraiki behar dela berriro!

        Hitz egin ahala berotzen joan zen Peppone, eta mitin batean balego bezala ari zen keinuka. Bukatu zuenean, On Camillok patxadaz esan zuen:

        —Ederki, Peppone: Unitàn ateratako artikulu bat dirudik erabat. Dena den, erantzun nire galderari: ez duk ezer egin behar garaipenagatik?

        —Garaipenagatik nahikoa soldadutza egin nuen! Mutiko bat nintzela eraman ninduten amaren besoetatik, lubaki batean sartu eta zorriz, gosez eta zerrikeriaz bete ninduten. Gero gauez martxa eginarazi zidaten, euripean, bizkarrean tona bat gauza eramanez, erasora joanarazi ninduten balak kazkabarra bezala erortzen zirela, zaurituta geratu nintzenean neure kasa konpontzeko esan zidaten. Zamamutil, enterradore, sukaldari, artillero, erizain, mando, zakur, otso eta hiena izan nintzen. Gero, Italiaren irudia zuen zapi bat eta algodoi txarreko traje bat eman zizkidaten, eta paper bat esanez egina nuela nire betebeharra, eta etxera itzuli nintzenean lan eske joan behar izan nuen nire bizkar eta desgraziatu haien guztien bizkar milioiak egin zituztenengana.

        Pepponek bere jarduna eten eta solemneki jaso zuen hatz bat.

        —Hau da nire bandoa! —esan zuen bukatzeko—. Eta esaldi historiko batez bukatu nahi badu, gorriz jar beza Peppone alderdikidea lotsaturik dagoela jende zerri hura aberasteko borrokan ibili zelako, eta gaur harro egongo litzatekeela «desertorea izan nintzen!» esan ahal izango balu!

        On Camillok ezker-eskuin mugitu zuen burua.

        —Barkatu, baina —galdetu zuen—, orduan zergatik ibili hintzen mendian 43an?

        —Eta zer ikustekoa du? —oihu egin zuen Pepponek—. Oso gauza desberdina da hori. Hara ez ninduen Bere Maiestateak bidali! Nahita joan nintzen. Gainera, gerrak eta gerrak daude.

        —Ulertzen diat —adierazi zuen On Camillok—. Italiar batentzat gauza atseginagoa duk aurkari politiko italiarren kontra borrokatzea.

        —Ez esan babokeriarik, On Camillo! —oihukatu zuen Pepponek—. Han goian nenbilenean ez nuen politikarik egiten. Aberria defenditzen ari nintzen!

        —Nola? —hots egin zuen On Camillok—. Aberria aipatu duala iruditu zaidak.

        —Aberriak eta aberriak daude —azaldu zuen Pepponek—. 15-18ko hura aberri bat zen, eta 43-45ekoa beste bat.

 

* * *

 

        Gerran eroritakoen omenezko mezan, eliza leporaino beterik zegoen. Ez zen sermoirik izan; On Camillok hauxe baino ez zuen esan: «Meza bukatzen denean, klubeko umeak monumentuan koroa bat jartzera joango dira». Eta meza bukatu zenean, denak jarri ziren ilaran umeen atzetik, eta segizio isila herrian zehar desfilatu zen, plazaraino. Plaza hutsik zegoen, baina Erorien Monumentu txikiaren oinetan norbaitek ipinitako bi lore-koroa handi zeuden. Batak xingola hirukolorekoa zuen, «Udala» idatzita zuena; bestea krabelin gorriz egina zegoen osorik, eta xingolan «Herria» idatzita zegoen.

        —Eskuadrakoek ekarri dituzte zuek mezatan zeundeten bitartean —azaldu zuen plazako kafetegiaren jabeak—. Peppone ez beste guztiak zeuden.

        Ipini zuten umeen koroa eta, mintzaldirik gabe, batzarra desegin zen.

        Etxeratzean, On Camillok Peppone aurkitu zuen. Ia ez zuen ezagutu, euri-lanbroa zegoelako eta Peppone bere gabardinan bilduta zegoelako.

        —Ikusi ditiat koroak —esan zuen On Camillok.

        —Koroak? Zein? —galdetu zuen Pepponek, ezaxolaz.

        —Monumentukoak. Politak.

        Pepponek besaburuak jaso zituen.

        —A, mutilen burutazioa izango zen. Gaizki iruditu zaio?

        —Bai, pentsa!

        Apaizetxe aurrean, Pepponek joateko imintzioa egin zuen baina On Camillok ez zion alde egiten utzi.

        —Hator baxoerdi bat edatera. Ez zagok pozoituta, ziur egon haiteke.

        —Beste batean —erantzun zuen Pepponek—. Etxera joan nahi dut. Ez nago oso ongi, gaur ezin izan dut lanik ere egin. Hotzak nago: hotzikarak dauzkat etengabe.

        —Hotzikarak? Sasoiko gripea izango duk. Sendabiderik onena baxoerdi bat ardo. Edo, hobeto esanda, oso aspirina onak zauzkat nik; hator barrura.

        Sartu zen Peppone.

        —Eseri, bitartean botila hartzera noak —esan zuen On Camillok.

        Handik gutxira ardoa eta edontziekin itzuli zenean, eserita topatu zuen Peppone, baina gabardina erantzi gabe.

        —Hotzak akabatzen nago —azaldu zuen Pepponek—. Nahiago dut ondo tapatuta egon.

        —Nahi duan bezala.

        Basokada bete bat eta bi pastila zuri eskaini zizkion Pepponeri.

        —Irentsi hori.

        Pepponek aspirinak irentsi eta ardoa edan zuen gero. On Camillo une batez irten zen, besakada bat egur ekarri eta beheko suan ipini zuen.

        —Niri ere on egingo zidak su apur batek —adierazi zuen On Camillok, egurrari su emanez.

        —Hire atzoko hitzez pentsatzen ibili nauk —esan zuen On Camillok, garrak atera zirenean—. Hire ikuspegitik begiratuta, arrazoi daukak. Niretzat, aldiz, gerra oso gauza desberdina izan zuan. Ni ere seminariotik atera berriko apaiztxo bat ninduan gerra erdian sartu nintzenean. Zorriak, gosea, soldadutza, balak, sufrimenduak, hik bezalaxe. Ni ez ninduan erasora joaten, jakina, baina bai zaurituak jasotzera. Niretzat gauzak oso desberdinak zituan: nire lana zuan, eta lan hori neuk aukeratu nian. Hiretzat bestela zuan: hire lana ez zuan soldadu izatea. Zorionez, zeren soldadu lana egiten dutenak jendilajea baitira denak.

        —Zera, hori ez da beti egia —bota zuen Pepponek—. Militar ofizialen artean ere badago jende onik. Gainera, onartu beharra dago, monokuloaz ibiltzen diren zerrikumeak izango dira, baina larrua arriskatu behar denean, arriskatzen dute.

        —Dena den —jarraitu zuen On Camillok—, niretzat balen azpian zaurituak sendatzea eta hiltzorian zeudenei olio santuak ematea nire apaiz lana zen bitartean, hiretzat hura zerbait gogaikarria zuan. Apaizaren lana paradisura Vatikanoaren bidetik bidali beharreko arimak pilatzea duk; beraz, apaiz batentzat aukera bikaina duk kolera-epidemia baten, lurrikara baten edo gerra baten erdian egotea. Mauka ederra duk arimak salbatzeko bizimodua duenarentzat. Baina hi bezalako batentzat, zer dago gerra batean salbatzeko? Larrua!

        Pepponek mugitzekoa egin zuen, beheko suan infernukoak bezalako sugarrak zeudelako, eta horrela, bi aspirina barruan eta gabardina soinean, beroaren beroz lehertu beharrean zegoen.

        —Ez, Peppone —esan zuen On Camillok—. Mugitzen bahaiz alferrik duk: aspirina izerdia botatzeko duk. Zenbat eta gehiago bota, lehenago sendatuko haiz. Hobe, edan ezak beste basokada bat ardo. Freskoa zagok eta kenduko dik egarria.

        Pepponek bi basokada edan eta izerdia xukatu zuen.

        —Horrelaxe —jarraitu zuen On Camillok—. Ondo ulertzen diat hutsaren truke larrua arriskatzera behartuta dagoenak hanka egitea beste desiorik ez izatea. Baldintza horietan, desertorea izatea erabakitzen duena ez duk beldurtia, bizirik irauteko senari jarraitzen dion gizaki bat besterik ez duk. Edan ezak, Peppone.

        Pepponek edan egin zuen. Izerditan blai zegoen, eta bazirudien une batetik bestera lehertu behar zuela.

        —Gabardina erantzi ezak orain, nahi baduk —gomendatu zion On Camillok—. Horrela, gero irteten haizenean, berriz jantzi eta ez duk sentituko berotik hotzera pasatzen haizela.

        —Ez, ez daukat berorik.

        —Ni arrazoitzen duen pertsona bat nauk —jarraitu zuen On Camillok—. Oso ondo egin duk inolako bandorik ez ateratzean. Huts egingo hien hire printzipioei. Nik atzo nire kasuaz pentsatzen nian bakarrik, nirekoi samarra izanik: niretzat gerran interesa zegoan, negozioa. Pentsa: behinola, arima bat salbatzeko irrikagatik eta Jaungoikoaren aurrean ondo geratzeagatik, gure lubakiaren eta austriarren lubakiaren artean bala batek bota zuen batek deitzen zidala entzutean, lubakitik kanpora atera eta hiltzorian daudenei esaten zaizkien ohiko gauzak kontatzera joan nintzaioan eta besoetan hil zitzaidaan. Niri bala pare batek urratua egin zidatean buruan, huskeria, baina zerbait esan behar.

        —Badakit hori —esan zuen Pepponek, ilun—. Zerri horiek janariaren truke lubakietara ekartzen ziguten egunkarian irakurri nuen. Domina bat eman zioten, oker ez banago.

        —Hortxe zaukaat —esan zuen—. Domina gehiegi zagok bazterretan.

        —Berorrek badu eramateko eskubidea —protestatu zuen Pepponek, beste basokada bat irentsi eta gero—. Dominak lapurtzen ez dituenak badu eramateko eskubidea.

        —Ez dezagun horretaz hitz egin, hik bestela pentsatzen duk-eta gerrari buruz. Baina, erantzi ezak gabardina hori, gizona!

        Pepponek Bibliako uholde handia zirudien, izerdiagatik, hain bero handia zeukan, baina mandoa bezain kaskagogorra zenez ez zuen erantzi gabardina.

        —Azken batean —bukatu zuen On Camillok—, arrazoia hik daukak, erretorika abertzaleari dagokion guztia erdeinatzen duan horrek, hire aberria mundua dela dioen leloa daukaan horrek, hik bai, eta ez besteek. Izan ere, hiretzat garaipenaren eguna egun beltza duk, gerra bat irabazten duenak joera handiagoa duelako beste gerra bat egiteko galtzaileak baino. Egia al da Errusian domina ematen dietela desertoreei eta, aldiz, zigortu egiten dituztela gerran balentriaren bat egiten dutenak?

        —Ufa! —oihu egin zuen Pepponek—, banekien kontu hau politikara eramateko era aurkituko zuela! Banekien!

        Gero bat-batean lasaitu zen.

        —Beroak hiltzen nago! —esan zuen zizpuruka.

        —Erantzi ezak ba gabardina hori!

        Pepponek azkenik erantzi zuen gabardina, eta orduan ikusi zen 15-18ko gerran irabazitako zilarrezko domina zeramala jaka-paparrean.

        —Beno —esan zuen On Camillok, koadrotik bere zilarrezko domina ateraz eta sotana gainean jarriz—. Ideia bat duk.

        —Ordua da —abisatu zien neskameak atetik.

        —Mokadu bat jatera joango gara? —esan zuen On Camillok.

        Jan zuten, botila dexente hustu zuten eta, bukaeran, topa egin zuten beste gerrako jeneral batzuen larru zaharren omenez.

        Gero, gau aldean, Peppone gabardina jantzi eta aterantz abiatu zen.

        —Espero dut nire ahulezia honetaz aprobetxatzeko bezain zitala ez dela izango!

        —Ez —erantzun zuen On Camillok—. Baina urkatu beharko haudan egunean, inork ezingo zidak galarazi errespetuz urkatzea.

        —Ikusiko du bigarren olatua iristen denean! —bota zuen Pepponek ilun, gauean aienatuz.

        Hildakoen itzalak zebiltzan jiraka omenezko zeru hits baten argi ahularen pean, eta Plinio Nomelliniren koadro alegoriko bat zirudien.

 

 

 

© Giovannino Guareschi

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giovannino Guareschi / On Camilo" orrialde nagusia