MENDEKATZAILEA
Meharra azaldu zen lasterketa-bizikleta gainean eta amerikar erara galgatu zuen: alegia, zelatik atzerantz salto egin eta gurpil gainean zangalatrau eseriz, gauza aparta.
On Camillo egunkaria irakurtzen ari zen apaizetxe aurreko jarlekuan eserita eta burua altxatu zuen.
—Stalinek ematen al dizkik galtzak? —galdetu zuen patxadatsu.
Meharrak gutun bat eskuratu zion, kapelako hegala hatz puntaz ukitu eta, apaizetxeko izkinatik desagertzerakoan, une batez biratu zen.
—Aitasantuak ematen dizkit! —oihukatu zuen, pedaletan zutitu eta tximistaren antzera abiatu baino lehen.
On Camillok espero zuen gutun hura: Herriaren Etxea inauguratzeko ekitaldirako gonbidapena zen, ospakizun egitarauarekin batera. Mintzaldiak, adierazpenak, musika banda, freskagarriak eta, bazkalostean, «Ukabil-joko handia, bertoko sekzioko Mirko Bagotti alderdikide eta pisu-maila handienekoaren eta Probintziako Federazioko Anteo Gorlini alderdikide eta pisu-maila handienekoaren artekoa.»
On Camillo aldareko Kristori esatera joan zitzaion.
—Jesus —hots egin zuen, egitaraua irakurri eta gero—, honi desoneskeria deitzen zaio! Peppone ez balitz astakumeetan azkena, ez zuen jarriko zaplada-jotze hau egitarauan, Dynamos eta Bikainak-en arteko errebantxako partida baizik! Beraz, orain nik...
—Beraz, zuk orain ez ezazu ezta amestu ere egin beragana joango zarela nahi zenituzkeen hamarrak eta bost horiek esatera, ez duzulako arrazoirik —eten zion Kristok—. Pentsatzekoa zen Peppone zuek ez bezalako zerbait egiten saiatzea. Bigarrenik, pentsatzekoa zen Pepponek nahi ez izatea bere Etxea porrot batekin inauguratzeko arriskua hartu. Bere txapeldunak galduta ere, onartu behar dugu, ez da ezer gertatzen: alderdikidea bata, alderdikidea bestea, familian geratzen da dena. Zure taldearen aurrean garaitua izatea, aldiz, kaltegarri gertatuko zitzaion bere alderdiaren ospeari. On Camillo, onartu behar duzu Pepponek ezin zuela jarri egitarauan zure taldearekin beste partida bat jokatzea.
—Baina —hots egin zuen On Camillok—, nik aldiz halako partida bat jarri nuen. Eta galdu gero!
—On Camillo —ihardetsi zion Kristok gozotasunez—, baina zuk ez duzu alderdi bat ordezkatzen. Zure mutilek ez zituzten defenditzen Elizaren koloreak. Kasualitate pozgarri bategatik parrokiaren itzalean sortutako kirol talde baten ospea besterik ez zuten defenditzen. Ala, uste duzu igande hartan kristau erlijioa izan zela garaitua?
On Camillok barreari eman zion.
—Jesus —protestatu zuen—, ez duzu nirekin zuzen jokatzen nik horrela arrazoitzen dudala pentsatzen baduzu. Nik bakarrik esan dut Peppone astakume bat dela, kirolaren ikuspegitik mintzatuz. Eta, beraz, bere txapeldun ospetsuak hartuko dituen kankarreko guztiekin, hirugarren rounderako ez du jakingo bere izena zein den ere, eta, orduan, barkatuko didazu algaraka hasten banaiz.
—Barkatuko dizut, bai, On Camillo. Ez dizut barkatuko, ordea, zuri ere dibertigarria iruditzen bazaizu bi gizon muturjoka ikustea.
On Camillok besoak zabaldu zituen.
—Nik ez dut sekulan pentsatu hori, eta inoiz ez dut nire presentziarekin halako basakeriarik onetsiko, herriaren ariman nahikoa errotuta dago-eta indarkeriarekiko mirespena. Guztiz ados nator zurekin, eta gaitzetsi egiten dut trebetasunaren gainetik indar hutsa jartzen duen edozein kirol.
—Ederki, On Camillo —esan zuen Kristok—. Gizon batek sentitzen badu giharrak berotu beharra, ez du inondik ere zertan ukabilka hasi lagun hurkoarekin. Nahikoa du jardutea, eskuak eskularru barrubigunduekin babestuta, nonbait eskegitako zerrakin-zaku batekin edo baloi batekin.
—Bai horixe —esan zuen On Camillok, azkar aitaren eginez eta irtetera joanik.
—Gauza bat argitu behar didazu, On Camillo —hots egin zuen—. Nola deitzen da soka elastiko batez sabaira eta lurrera lotuta jarri duzun larruzko baloi hori?
—«Punching-ball» uste dut —bota zuen On Camillok, geldituaz batera.
—Eta zer esan nahi du?
—Ez dakit ingelesez —erantzun zuen On Camillok, hanka eginez.
* * *
On Camillo ikusten egon zen Herriaren Etxea inauguratzeko ekitaldia, eta Pepponek berak lagundu zion lokalak bisitatzera: benetan gauza handi eta bikaina zen.
—Zer iruditzen? —galdetu zion Pepponek, pozez lehertzen.
—Polita! —On Camillok irribarrez erantzun—. Egia esanda, ez zirudik Zakarra bezalako igeltsero-maisu gizarajo batek diseinatua denik!
—Horixe —bota zuen Pepponek, kriston dirutza xahutu baitzuen proiektua hiriko arkitektorik onenari eskatzen.
—Ez duk ideia txarra leihoak baxuak izatea eta ez luzeak —ohar egin zuen On Camillok—. Gela baxuagoak eduki zitezkek, gaizki geratu gabe. Ondo, ondo. Almazena al da hau?
—Bilkura aretoa da —azaldu zuen Pepponek.
—A! Eta armategia eta aurkari arriskutsuentzako ziega sotoan ipini dituzue?
—Ez —erantzun zuen Pepponek—. Aurkari arriskutsurik ez dugu, kalean jarraitu dezaketen axola gutxiko batzuk besterik ez. Armategia dela eta ez dela, ordea, pentsatu dugu beharra egonez gero berorrena erabil genezakeela.
—Ideia zoragarria! —erantzun zuen On Camillok, gizalege handiz—. Gainera, badakik nolako arreta handiz zaintzen dudan herorrek utzitako metraileta, Peppone jauna.
Erretratu handi baten aurrera iritsi ziren: bertan, gizon handi bat zegoen margotuta, beheranzko biboteak zituena, begitxo txikiak eta pipa.
—Zuen hildakoetako bat al da hori? —galdetu zuen On Camillok, atsekabez.
—Gure bizietako bat da, berori kanpandorreko tximistorratzaren gainean eserita jarriko duena, hona etortzen denean —azaldu zuen Pepponek, gehiago ezin jasanik.
—Toki altuegia erretore apal batentzat. Herriko tokirik altuena alkateari zegokiok beti, eta hemendik aurrera hiri uzten diat erabat.
—Izango al dugu gaurko boxeo saioan berori gurekin edukitzeko ohorea, erretore jauna?
—Eskerrik asko. Nire tokia Tximistari emaiozue, nik baino hobeto estima zezakek-eta ikuskizunaren esanahi hezgarri eta espiritual sakona. Dena dela, apaizetxean prest egongo nauk: zuen txapeldunak olio santuaren beharra edukiz gero, Meharra hara bidali eta bi minututan izango nauzue hemen.
* * *
Bazkalostean, On Camillo ordubetetxo batez geratu zen hizketan Kristorekin, eta gero lizentzia eskatu zuen:
—Logale naiz, ohera noa denbora pixka batez. Eta eskerrik asko euria goian-behean eginarazteagatik. Uste dut oso ona izango dela gariarentzat.
—Eta, batez ere, Pepponeren ospakizunera etortzea eragotziko dio, zure ustez, urrun bizi den jende askori —gaineratu zuen Kristok—. Ez da hala?
On Camillok buruari eragin zion.
Euriak, goian-behean egin arren, ez zuen ezertarako ere hondatu Pepponeren festa: herriko auzo guztietatik eta herririk hurbilenetatik etorri zen jendea, eta Herriaren Etxeko kiroldegi handia lepo zegoen. Federazioko txapeldunak izen ezaguna zuen, eta Bagottik dudagabeko ospea zeukan inguruetan. Gainera, herriaren eta hiriaren arteko norgehiagoka zen hura, eta ikusmina eragin zuen.
Peppone, lehen lerroan ring azpian, pozez gainezka zegoen hango jende emanagatik. Gainera, ziur zegoen okerrenean ere Bagottik puntuengatik galduko zuela: kasu hartan, garaipen bat bezala zen.
Lau-lauretan, sabaia lurjoarazteko moduko esku-tinkatze eta oihu iskanbila handi baten ondoren, lehen gong kolpea aditu zen eta jendea norbere gibela jaten hasi zen, bataren edo bestearen alde.
Probintziako txapeldunak, berehala ikusi zen, Bagottik baino estilo hobea zuen, baina Bagotti azkarragoa zen eta lehen rounda arnasa kentzeko modukoa izan zen benetan.
Peppone izerditan pats zegoen eta bazirudien dinamita janda zegoela.
Bigarren rounda ondo hasi zen Bagottirentzat, erasoari ekin zion eta: baina ustekabean, Bagotti harri baten antzera erori zen lurrera. Eta epailea segundoak kontatzen hasi zen.
—Ez! —oihu egin zuen Pepponek, aulki gainean zutik jarriz salto batez—. Kolpe baxua!
Txapeldun federala Pepponeren aldera bueltatu zen, irri gaiztoz. Ezezkoa egin zuen buruaz eta bere kokotsa ukitu zuen ukabilaz.
—Ez! —oihu egin zuen Pepponek sumindurik, jendea asaldatzen ari zen bitartean—, denek ikusi dute! Lehendabizi kolpe baxu bat eman diok eta minaren minez makurtu denean kokotsean eman diok ukabilkada bat! Ez dik balio!
Txapeldun federalak sorbaldak jaso zituen, irritxo batez. Eta, bitartean, epaileak hamar arte kontatu zuen eta boxeolariaren eskuari heldu zion altxatzeko, eta orduantxe gertatu zen tragedia.
Peppone kapela jaurti eta salto batez oholtzara igo zen, eta txapeldun federalarenganantz abiatu, ukabilak estutuz.
—Nik irakatsiko diat! —oihukatu zuen Pepponek.
—Emaiok horri, Peppone! —oihukatu zuen jendeak erotuta.
Boxeolariak ukabilak pronto jarri zituen eta Pepponek, panzer baten antzera oldartuz, muturreko bat jaurti zion. Baina Peppone haserreegi zegoen arrazoitzeko, eta besteak erraz egin zion izkin, bai eta matrailera muturreko bat luzatu ere. Eta ez zitzaion kostatu indarrez eta toki egokian jotzea, Peppone geldirik zegoelako han, erabat babesgabe, eta zerrakin-zaku bat jotzea bezala zen.
Peppone harri baten antzera erori zen, jendea lurjota geratu zen eta hitza eztarrian izozturik geratu zitzaion mundu guztiari. Baina hara non, txapeldun federalak oholtza gainean zerraldo eroritako erraldoiari errukiz begiratzen dion bitartean, jendetzak sekulako oihua altxarazi duen: gizon bat igo da borrokalekura. Zira bustia eta kapela eranzteko ardurarik ere hartu gabe. Soken txokoan zegoen aulkitxo gaineko bi eskularru handiak hartu, lotu ere gabe jantzi, ukabilak pronto jarrita txapeldunaren aurrean paratu eta belarrondoko bat jaurti dio.
Txapeldun federalak izkin egin dio, noski, baina ezin dio erantzun bestea ondo babestuta dagoelako. Hiru segundoko atzerapena besterik ez da, ordea. Izan ere, saltotxoak egiten ditu aurreko gizonaren inguruan, bestea poliki eta dorpe mugitzen den bitartean, eta, une egokia iristean, muturreko ikaragarri bat bota dio. Bestea ez da mugitu ere egin: ezkerrez desbideratu du, eta muturreko gaizto galanta eman dio eskuinez, hainbesterainokoa non txapeldunak ohe-bagoia hartzen baitu: hau da, bidaian lo gelditu eta lo seko erortzen da borroka-uztaitik behera.
Jendea pozez eroturik dago.
* * *
Sakristauak eraman zuen albistea apaizetxera, eta On Camillok ohetik jauzi eta ireki behar izan zion atea, sakristauak erotua zirudielako eta lehertu egingo zelako dena hasieratik bukaeraraino kontatzen ez bazion.
On Camillo Kristori kontatzera joateko jaitsi zen.
—Eta? —galdetu zuen Kristok—. Nola joan da?
—Iskanbila lotsagarria, pentsatu ere ezin den ikuskizun inmorala eta bortxakeriazkoa.
—Zure epailea lintxatzeko saialdi hartan bezala? —galdetu zuen Kristok, ezaxolaz bezala.
On Camillok irri egin zuen.
—Baita zera ere! Bigarren roundean, Pepponeren txapelduna patata zaku baten antzera erori da lurrera. Orduan, Peppone bera igo da ringera eta mutur-joka hasi da garailearekin. Jakina, idia bezain indartsua da, baina baita kaskagorra ere, eta zuluak edo errusiarrak bezala joaten da erasora, dena kolpe batean jarriz alegia, eta horrela, zer esanik ez, besteak kokotsean muturreko bat itzuli eta zerraldo bota du lurrera.
—Beraz, bi aldiz menperatu dute haren alderdia.
—Bai, bi aldiz alderdia eta behin federazioa —irri egin zuen On Camillok—. Ez delako hor dena bukatu; izan ere, Pepponek behea jo bezain azkar, beste bat igo da. Auzo herrietako batetik etorritako norbait, antza: tantai eder bat, bizarra, bibote eta guztikoa, aurrean jarri zaiona ukabilak pronto zituela eta txapeldun federalari matraileko galanta bota diona.
—Eta besteak izkin egin eta erantzun dio: eta bizarduna ere erori da lurrera, ikuskizun basati hori osatzeko! —eten zion Kristok.
—Ez! Gizona kutxa gotor baten antzera zegoen babestuta. Orduan, txapeldun federala saltotxoka hasi da, ustekabean harrapatzeko. Eta hara non, di-da, eskuinez zuzen-zuzeneko muturreko bat jaurti dion. Orduan nik ezkerrez desbideratu eta eskuinez jo eta seko utzi dut. Baita ringetik kanpora bota ere!
—Zer egin duzula?
—Ez dut ulertzen.
—Esan duzu: «ezkerrez desbideratu eta eskuinez jo eta seko utzi dut».
—Ez dakit zergatik esan dudan nik hori.
Kristok buruari eragin zion.
—Ez da izango txapelduna jo duen gizona zu zeu zarelako?
—Ez dut uste —erantzun zuen On Camillok oso serio—. Nik ez daukat ez bizar eta ez biboterik ere.
—Edozeinek jar ditzake gezurrezkoak, jendeak ez dezan ikus haien erretoreari interesgarria iruditzen zaiola guztien agerian muturka ari diren bi gizonen ikuskizuna!
On Camillok besoak zabaldu zituen.
—Jesus, dena gerta daiteke: kontuan izan behar da haragizkoak direla erretoreak ere.
Kristok hasperen egin zuen.
—Kontuan dugu hori: baina kontuan dugu, baita ere, erretoreek, haragizkoak eginak badira ere, ez luketela ahaztu beharko burmuinez ere eginak direla. Izan ere, haragizko erretorea mozorrotu egiten bada boxeo saio batera joateko, burmuinez egindako erretoreak eragotzi egiten dio bortxazko ikuskizun bat ematea.
On Camillok buruari eragin zion.
—Egia. Baina kontuan izan beharko litzateke, gainera, erretoreak haragiz eta burmuinez ez ezik, beste zerbaitez ere eginak direla. Eta orduan beste zerbait horrek ikusten duenean alkate bat lurrera josi duela, bere herritar guztien aurrean gainera, kolpe baxuak emanez irabazten duen hiriko zerrikume batek —eta Jainkoaren mendekua eskatzen du horrek—, zerbait horrek haragizko erretorea eta burmuinezko erretorea hartu eta ringera igotzera behartzen ditu.
Kristok ezker-eskuin mugitu zuen burua.
—Esan nahi duzu kontuan izan beharko nukeela erretoreak bihotzez ere eginak direla?
—Jainkoarren! —hots egin zuen On Camillok—, ez naiz ni hasiko zuri aholkuak ematen. Hori bai, esan diezazuket inork ez dakiela nor den gizon bizarduna.
—Tira, neuk ere ez dakit —erantzun zuen Kristok hasperen batez—. Bestalde, oraindik ez al dakizu zer esan nahi duen punching-ball horrek?
—Nire ingeles maila ez da batere hobetu, Jauna —erantzun zuen On Camillok.
—Hori ere jakin gabe etsi behar —esan zuen Kristok irribarrez—. Azken batean, kultura batzuetan kaltegarriagoa da onuragarria baino. Agur, txapeldun federal hori!
© Giovannino Guareschi
© itzulpenarena: Koldo Biguri