ZIGORTZEKO ESPEDIZIOA

 

        Besalariak plazan bildu ziren eta zalaparta ateratzen hasi ere, Udalak lana ematea nahi zutelako, baina Udalak ez zeukan dirurik, eta orduan Peppone alkateak balkoira atera eta lasai egoteko esan zien oihuka, bera arduratuko zela.

        —Hartu autoak, motozikletak, kamioiak eta gurdiak eta ekarri denak hona ordubetean! —agindu zien Pepponek bere bulegoan bildu ziren handi-mandiei.

        Hiru ordu behar izan ziren, ordea, baina haien buruan han ziren bildurik udalerriko lurjabe eta maizterrik aberatsenak, zurbil eta ikaraturik, udalbatzarraren aretoan, behean jendetza txutxumutxuka ari zen bitartean.

        Peppone garbi mintzatu zen.

        —Irits naitekeen tokiraino iristen naiz ni —esan zuen, zakar—. Gose dagoen jendeak ogia nahi du, ez hitz politak: ba, hobe duzue mila bana lira eman hektarea bakoitzeko, eta kasu horretan interes publikoagatik emango zaio lana jendeari: bestela nik, alkate eta langileriaren buru naizen aldetik, eskuak garbituko ditut.

        Zakarra balkoira atera zen eta jendeari azaldu zion alkateak hau eta bestea esan zuela. Gero, lurjabeen erantzunen berri eman zuen; eta jendeak hainbesterainoko oihua egin zuen, non zurbil-zurbil jarri baitziren lurdunak.

        Eztabaidak ez zuen luze iraun, eta erdiak behintzat sinatu zuten beren kasa hektarea bakoitzeko hainbana emateko konpromisoa, eta bazirudien denek sinatuko zutela, baina dena bertan behera geratu zen Verola zaharraren, hots, Campolungoko etxagunaren txanda iristean.

        —Ez dut sinatuko ezta hiltzen banauzue ere —esan zuen Verolak—. Legea dagoenean ordainduko dut. Orain, ordea, nik ez dut sosik emango.

        —Hartzera joango gara ba —oihukatu zuen Zakarrak.

        —Bai, bai —bota zuen Verola zaharrak; izan ere, Campolungon, semeak, semeen semeak, alaben senarrak eta ilobak kontatuz, punteria oneko hamabost eskopetari bildu ahal zituen—. Bai, bai: ezagutzen duzue bidea.

        Sinatu zutenek eskuei hozka egin zieten amorruz, eta besteek:

        —Verolak ez badu sinatzen —esan zuten—, guk ere ez dugu sinatuko.

        Zakarrak plazakoei kontatu zien, eta plazakoak oihuka hasi ziren Verola handik behera botatzeko, bestela haiek igoko zirela eskua botatzera horri. Baina Pepponek orduan balkoira atera eta esan zuen ez zezatela erokeriarik egin.

        —Lortu dugunarekin bi hilabetez lasai jarraitzeko modua dugu. Bitartean, legetik atera gabe, orain arte egin dugun bezalaxe, bilatuko dugu Verola eta besteak nola komentzitu.

        Ondo joan zen dena, eta Pepponek berak lagundu zion Verolari autoan, komentzitzen saiatzeko. Baina, Campolungoko zubitxo aurrean jaitsi zenean, zera izan zen agurearen erantzun bakarra:

        —Hirurogeita hamar urterekin, beldur bakarra dago: oraindik luzaro bizi beharra.

        Handik hilabetera, lehengo lepotik jarraitzen zuen denak, eta jendea gero eta gaiztotuago zegoen, eta horrela, gau batean, gertatu behar zuena gertatu zen.

        On Camillok goizean goiz jaso zuen abisua eta bizikletaz abiatu zen Campolungora. Verolatar guztiak soro batean bilduta aurkitu zituen, lerro-lerro, lurrera begira harriak baino isilago eta besoak gurutzatuta.

        On Camillo haien erditik aurrera segi eta arnasarik gabe gelditu zen: mahastiko ilara erdi bat orpo-orpotik ebakita zegoen eta belarretan utzitako mahats-adarrek suge beltzak ziruditen; eta urki batean josita, kartel bat: «Lehen abisua».

        Nekazari bati mahasti bat ebaki baino hobe duzue hanka bat ebaki: min gutxiago egingo diozue. On Camillo ikaraturik etxeratu zen, hildako-ilara erdi bat ikusi balu bezalaxe.

        —Jesus —esan zion Kristori—, hemen gauza bakarra egin daiteke: horiek aurkitu eta urkatu.

        —On Camillo —erantzun zuen Kristok—, esaidazu: buruko mina duzunean, burua ebakitzen al duzu mina kentzeko?

        —Baina sugegorri pozoitsuak zanpatu egiten dira! —oihukatu zuen On Camillok.

        —Nire Aitak mundua sortu zuenean, argi bereizi zituen animaliak eta gizakiak. Horrek esan nahi du gizakien kategorian sartuta dauden guztiak gizaki direla beti, edozer gauza egiten dutela ere, eta gizakien moduan tratatu behar dira beti. Bestela, gizakiak erredimitzeko lurrera etorri eta gurutzean hil ordez, ez al zitzaidan askoz errazagoa izango besterik gabe horiek suntsitzea?

        On Camillok igande hartan, elizan, bere aita nekazariari ebaki balizkiote bezala hitz egin zuen mahasti sarraskituaz.

        Hunkitu egin zen, liriko jarri. Baina, halako batean, eliztarren artean Peppone ikusi zuenean, eztenka hasi zen:

        —Eskerrak ematen dizkiogu Zeruetako Jaunari, eguzkia goian eta urrun jarri duelako zeruan, bestela baten batek itzaliko zuen, betaurreko ilunak saltzen dituen aurkariari min ematearren. Entzun ezazu, herria, zeure buruzagien hitza: egiazko jakintza dute haiek. Eta haiek erakusten dizute zapatagile zekena zigortzeko zeure oinak ebaki behar dituzula!

        Eta Pepponeri begira jarraitu zuen, hitzalditxoa harentzat bakarrik egiten ari balitz bezala.

        Gauean, Peppone apaizetxean azaldu zen kopetilun.

        —Berori —esan zuen—, kontuak nirekin egiten ari al zen goizean?

        —Nik jendearen buruan halako teoria batzuk sartzen dituztenekin bakarrik egiten ditiat kontuak —erantzun zuen On Camillok.

        Pepponek ukabilak estutu zituen.

        —On Camillo, ez du ba pentsatuko nik erakutsi diedala horiei Verolaren mahatsondoak ebakitzera joaten?

        On Camillok buruari eragin zion.

        —Ez. Hi indarzalea haiz, baina ez zitala. Baina heuk berotzen dizkiok kaskoak jende horri.

        —Alderantziz: hozten saiatzen naiz; baina jendeak ez dit kasurik egiten.

        On Camillo zutik jarri eta Pepponeren aurrean tente-tente jartzera joan zen.

        —Peppone —esan zuen—, hik badakik nork moztu dituen mahatsondoak!

        —Nik ez dakit ezer! —hots egin zuen.

        —Badakik nor izan den, Peppone, eta astapotro edo ergeletan azkena bihurtu ez bahaiz, badakik hire obligazioa dela horiek salatzea.

        —Nik ez dakit ezer —berriro, Pepponek.

        —Hitz egin behar duk, eta ez bakarrik hogeita hamar mahatsondo ebakiek eragin duten kalte moral edo materialarengatik; jertse batean apurtzen den puntu baten antzera duk hau: hobe duk berehala gelditzea, bestela biharamunerako akabo jertsea. Jakin bai, baina eskurik ez baduk mugitzen, mandioan zigarro-mutur piztua ikusi eta itzaltzen ez duen gizona bezalakoa haiz: gutxi barru, etxe osoa erreta egongo duk hire erruz, eta zigarro-muturra bota duenaren erruz, baita asmo txarrez bota badu ere.

        Pepponek berriro esan zuen ez zekiela ezer, baina On Camillok estutu eta estutu egiten zuen, arnasa ere kendu arte, eta amore eman zuen azkenik besteak.

        —Ez dut hitz egingo ezta lepoa bihurritzen badit ere! Nire alderdian jende zintzo franko dago, eta hiru astapotrorengatik...

        —Ulertu diat —eten zion On Camillok.

        —Bihar gauza hori jakingo balitz, besteak ere gogor eta gaizto jarri eta tiroka bukatuko lukete denek.

        On Camillo gora eta behera ibili zen denbora luzean, eta azkenik geratu.

        —Onartzen al duk behintzat astapotro horiek zigorra merezi dutela? Onartzen al duk zerbait egin behar dela, egin duten gaiztakeria ez errepikatzeko behintzat?

        —Zerri bat izango nintzateke onartuko ez banu!

        —Ederki —bukatu zuen On Camillok—. Itxaron hemen.

        Hogei minutu geroago, On Camillo panaz jantzita itzuli zen, ehiztari baten gisan, oinetan bota luzeak eta buruan kapela zituela.

        —Goazemak —esan zuen, bere arropetan bilduz.

        —Nora?

        —Hiru horietako lehenaren etxera. Bidean azalduko diat.

        Iluna eta haizetsua zen gaua eta bidean ez zegoen arimarik. Etxe solte baten inguruetara iristean, On Camillo bufandaz begietaraino estali eta erretenean ezkutatu zen. Pepponek, aldiz, aurrera jarraitu zuen: atean kask-kask jo, barrura sartu eta, handik gutxira, gizon batekin itzuli zen. Une egokian, On Camillo erretenetik atera zen salto batez.

        —Altxa eskuak! —esan zuen, metraileta aterata. Biek altxatu zituzten eskuak. On Camillok linterna elektriko baten argia bota zien aurpegira.

        —Hik ospa hemendik bizkarra itzuli gabe —esan zion Pepponeri. Eta Pepponek ospa egin zuen.

        On Camillok soro baten erdira bultzatu zuen bestea, lurrean ahuspez etzanarazi eta, metrailetari ezkerrarekin eutsiz, eskuinarekin hipopotamo bati ilea kentzeko moduko hamar zigorkada eman zizkion ipurdian.

        —Lehen abisua —azaldu zuen—. Ulertu al duk?

        Besteak baiezkoa egin zuen buruaz.

        On Camillok hitzartu zuten tokian aurkitu zuen Peppone.

        Bigarrena harrapatzen errazagoa izan zen: izan ere, labe-etxola ostean ezkutaturik, On Camillo Pepponerekin lehenagokoa ez bezalako plan bat ehuntzen ari zen bitartean, gizona ur pegarra hartzera irten zen, bai eta On Camillok aidean harrapatu ere. Hango lana bukatuta, bigarrenak ere hartu zuen kontuan lehen abisua zela hura eta ulertu zuela esan zuen.

        On Camillok besoa minberatuta zeukan, gauzak ganoraz egin baitzituen, eta zuhaizti baten atzean eseri zen, puru toskano erdi bat erretzeko Pepponerekin batera.

        Gero, betebeharraren zentzuak deituta, purua zuhaitz baten azalean itzali zuen.

        —Eta orain hirugarrenarengana —esan zuen, jaikiaz batera.

        —Hirugarrena neu naiz —Pepponek erantzun.

        On Camillok arnasarik gabe gelditzen zela sentitu zuen.

        —Hirugarrena hi haizela? —marmartu zuen—. Zergatik?

        —Berorrek ez badaki, Zeruetako Jaunarekin harremanetan egonik, nola nahi du nik jakitea? —esan zuen ozenki Pepponek.

        Gero, soingainekoa erantzi, eskuetan ttu egin eta amorruz besarkatu zuen zuhaitz baten enborra.

        —Jo, ba, apaiz madarikatua! —oihukatu zuen, hortzak estutuz—. Jo, edo neuk joko dut.

        On Camillok buruari eragin eta hitzik esan gabe aldegin zuen.

 

* * *

 

        —Jesus —esan zuen On Camillok, aztoraturik, aldare aurrera iritsi zenean—. Ez nuen inoiz imajinatuko Pepponek...

        —On Camillo, gaur gauean egin duzuna ikaragarria da —esan zion Kristok—. Nik ez dut onartzen nire apaiz bat hastea zigortzeko espedizioak egiten.

        —Jesus, barka ezazu zure seme duingabe hau —xuxurlatu zuen On Camillok—. Barka nazazu, Jaungoiko Jaunak zu barkatu zintuen bezala Tenplua kutsatzen ari ziren merkatariak zigorkatu zenituenean.

        —On Camillo —esan zuen Kristok, bere onera itzulirik—, espero dut orain ez didazula leporatuko eskuadrista baten iragana izatea!

        On Camillo goibel hasi zen ibiltzen eliza hutsaren barruan. Irainduta zegoen, umiliatuta: Peppone mahatsondo-hiltzailearen kontu hura ezin zuen irentsi.

        —On Camillo —dei egin zion Kristok—. Zergatik ari zara odola gaiztotzen? Pepponek aitortu du eta damutu da. Zeu zara gaiztoa, ez baituzu barkatzen. On Camillo, egin ezazu zeure obligazioa.

 

* * *

 

        Garaje hutsean bakarrik, Peppone tuerka bat amorruz estutzen ari zen kamioi baten kapotean burua murgilduta, On Camillo sartu zenean. Pepponek motore gainean makurturik jarraitu zuen, eta On Camillok hamar zigorkada jo zizkion bizkar azpian.

        —Ego te absolvo —esan zuen, ostiko gehigarri bat erantsiz—. Horrela ikasiko duk niri apaiz madarikatua deitzen.

        —Estimatzen diot —esan zuen Pepponek, hortzak estutuz eta burua kamioiaren kapotaren barruan zuela artean ere.

        —Etorkizuna Jaungoikoaren eskuetan zagok —egin zuen hasperen On Camillok.

        Irtetean, makila urrun bota zuen eta, gau hartan, amets egin zuen makila hura lurrera erortzean sustraiak ateratzen zitzaizkiola, berehala ernatu eta loreak eta mahats-hostoak ateratzen zituela eta berehala betetzen zela urre koloreko mahats-lukuz.

 

 

 

© Giovannino Guareschi

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giovannino Guareschi / On Camilo" orrialde nagusia