AURKEZPENA

 

        On Camillo eta Peppone, apaiz demokristaua bata eta alkate komunista bestea, Pinocchiorekin batera, literatura italiarreko pertsonaiarik ezagunenak dira mundu osoko irakurleen artean. Baina, Collodik ez bezala, Giovannino Guareschik inoiz ez du lortu literatur parnasoaren aitortza edo onarpena, are gutxiago Italian, bere sorterrian.

        Halere, orain euskaraturik dugun On Camillo honetatik eta haren ondoren etorritako beste hiru liburuetatik (On Camillo eta bere artaldea, On Camillo burkidea eta On Camillo eta egungo gazteak) laurehun mila aletik gora saldu ziren Italiaren gerraosteko lehen urteetako egoera zailaren erdian; oso laster, gainera, beste hainbat hizkuntzatara itzuli eta, haietan oinarrituta, oso ikusiak izan ziren film batzuk jiratu ziren, Fernandel aktore frantses ezagunak egiten zuelarik apaiz kementsuaren papera. Era honetan, Guareschik asmatutako pertsonaien izena herrialde askotara zabaldu eta mundu osoaren literatur ondarean sartu ziren.

        Giovannino Guareschi, ordea, kultura italiarreko aditu eta ikertzaileentzat, inoiz izan-eztako idazlea da. Alferrik bilatuko dugu haren izena hango literaturari buruzko eskulibururik garrantzitsuenetan; zorte askorekin, aipamen labur-laburren bat besterik ez da aurkitzen azterlibururen bateko zokoren batean. Galdera bat etortzen zaigu, horrenbestez, burura: nola daiteke Europan eta baita kanpoan ere 50eko urteetan idazle italiarrik ezagun eta irakurriena izan zenak horrelako aitorpenik eza edukitzea bere herrian?

        Erantzuna sinplea da: Guareschi, erdeinuz, «herri literatura» edo «azpiliteratura» deitu izan den horren barruan sailkatutako idazlea da; hori izan da oraintsu arte, behintzat; izan ere, Italian oraintxe hasiak dira literatur kritikari eta aztertzaile batzuk haren izena eta lana «berreskuratzen» eta haren ekarpenari garrantzia ematen. Ezbairik gabe, Guareschi ez da goraipatua izango bere estiloaren bikainagatik edo bere literatur eraikuntzaren aberastasun edo sakontasunagatik; baina literaturaren barruko fenomeno sozial oso azpimarragarria izatera iritsi zen; haren pertsonaiak arketipo hutsak badira ere bizirik daude oraindik, On Camilloren sortako liburuak behin eta berriz argitaratzen dira bere sorlekuan, eta beste hizkuntzetara ere itzultzen dira, gure kasuan bezala. Arrazoi nahikoa da hori idazle hau beste argi batekin ikusteko, literaturaren historian toki duinagoa emateko eta, adibidez, euskarazko «Literatura Unibertsala» deritzan itzulpen bilduma honetan sartzeko, inoiz izan diren literaturgilerik handienekin batera.

        On Camillo eta Pepponeren istorioetan, esan bezala, ez dago maila handiko literaturarik, ez zen hori autorearen nahia ere; baina bai, gaur egungo ikuspegi urrunetik begiratuta, herri baten garai korapilotsu baten isla eta hari buruzko gogoeta baliozkoa, satira politikoaren bisturi zorrotzaz Italiako historiaren zatirik mingarrienetako bat urratzen duena, ez, ordea, odola nola isurtzen den ikusteko, odol-isuri hori oztopatzeko baizik.

        Italian, gerra osteko lehen urteetan, egoera politikoa oso arriskutsua zen: gerrak eta faxismoak bere azken arnasaldietan piztutako gorroto eta etsaitasunek bizirik zirauten, mendekuzko hilketak eta kontu-konpontze politikoak eguneroko gauza ziren; eta, batez ere, gerra hotzaren ondorioak oso modu nabarmenean jasaten ziren: Italia bi indar politiko indartsuren artean erdibituta zegoen, Europako alderdi komunistarik handienarekin, eta Italian bertan eta baita kanpoan ere askok beldurrez ikusten zuten iraultza komunista gerta zitekeela bertan, Italia izan zitekeela komunismoaren eskumenean eroriko zen Europa mendebaleko lehen herria. Beste alderdian, alderdi demokristaua eta mendebaleko estatuen sostengua zuten eskuineko indarrak zeuden, haiek ere estatu-kolpea emateko prest, gerora jakin den bezala, alderdi komunista boterera iritsiz gero. Gerra zibila pizteko gutxi falta zen, beraz. Bada, giro zail honetan kokatu behar ditugu Guareschiren kontakizunak; eta argi horrekin ulertu behar da itxuraz barregarri hutsak diren pasadizoen sakoneko mamia.

        Giovannino Guareschi (Parma 1908 - Cervia 1968) nekazari sozialista baten eta maistra monarkiko baten semea zen; datu horrek asko esan nahi du bai beraz eta baita bere jarrera politikoaz ere, edo haren lana ulertu beharreko moduaz. Izan ere, bera nolabait kapitalismoaren eta komunismoaren arteko ulermenaren fruitu izanik, horixe bera predikatu nahi izan zuen bere literatur lanen bitartez: ideologia kontrajarri eta etsaituen gainetik, posible eta beharrezkoa zela bi indar handi horien arteko akordioa, gizarte osoaren onerako eta bakerako. Guareschi, berez, eskuindarra, erregezale eta antikomunista izan zen, antikomunista amorratua gainera, hainbat tokitan argitaratu zituen marrazki satirikoetan batez ere; aldiz, bere literaturan ematen zuen mezua esan dugun ulerbidearen aldekoa zen, zalantzarik gabe faxismoaren eta nazismoaren biktima izan zelako bera ere.

        Bigarren Mundu Gerratearen erdian, 1943an, Italia gobernu faxistaren menpe zegoela, noren alde jarri erabaki behar izan zuen: Salòko errepublika faxistaren eta alemanen alde, partisano zentro-ezkertiarren alde ala erregearen alde; eta azkena aukeratu zuen, erdibidearen eta tradizioaren ordezkaria zelakoan. Horrenbestez, uko egin zion lerro nazi-faxistetan borrokatzeari eta, ondorioz, kontzentrazio-esparru militar batera bidali zuten, Poloniara. Han, kulturgintzari lotu zitzaion berehala, ahal izan zuen neurri txikian: ahozko egunkari bat eta irrati bat antolatu zituen, marraztu eta idatzi zuen bertan preso zeudenentzat.

        Italiara itzuli zenean, 40 kilo gutxiago zituen, eta inolako esperientziarik ez faxismoaren aurkako borrokan. Italia, gainera, errepublika bihurtuta zegoen eta erregea atzerrian betiko: zaldi galtzailearen aldeko apustua egin zuen, beraz, eta beste jarrera politiko bat hartu behar izan zuen, Italia banatzen zuten bi indar haien arteko tirabiraren erdian. Hasieran, demokristauen aldeko jarrera hartu zuen, eta «Candido» izeneko astekari batean hasi zen idazten, propaganda demokristaua eta antikomunista eginez; hain zuzen ere, bertan eman zituen argitara On Camilloren istorioak, banaka; geroago, 1948an, liburu batean bildu zituen.

        Geroago, demokrata-kristauekin ere etsaitu egin zen, bai eta kartzelaldia jasan ere Alcide De Gasperi demokristau buruzagiaren ustezko gutun difamatorio batzuk plazaratzeagatik; indultuaz baliatzeko aukera eman zioten, baina berak zigor osoa jasan nahi izan zuen. Bere bizitzako azken urteetan, bere jarrera eskuindarra areagotu eta faxismotik hurbil kokatu zuen bere burua. Horrela, hil zenean, batzuentzat eta besteentzat pertsonaia deserosoa zen eta, Italian izandako idazlerik irakurrienetako bat izan arren, inor gutxiren omenaldia izan zuen, gizarte politikoak eta literarioak erosotasunez ahaztuta.

        Liburu honetan eta sorta bereko beste hiruetan, Guareschik inkoherentzia politikoa predikatzen duela esan daiteke, eta horrela ikusiko dugu Peppone komunista eta On Camillo apaiza ados jartzen direla hainbat arazotan, gauza benetan «funtsezkoetan», hasieran beraien arteko liskarra gertatu eta gero, askotan armak eskuratzerainoko liskarra, gainera. Izan ere, Guareschi gizon politikoak ez du onartzen gerraosteko gizarte italiarrak derrigor banatuta egon behar zuenik adiskidetu ezinezko bi klaseren artean: aberats okituak alde batera utzita, gizarteko beste klaseak etengabeko harremanetan zeuden, ez ziren elkarren etsai: etsaiak gizartea inkomunikazio horretara eraman nahi zutenak ziren. Era honetara, liburu honetako pertsonaia nagusiek ordezkatzen dituzten bi «klaseak», Guareschiren begietan, ez dira benetan bi klase desberdin: dirudunak daude, jakina, baina gutxi, eta gainontzeko guztiak, langileak bezala burgesak ere, pobreturik irten dira gerratik, kontakizun batean greba-apurtzaile moduan agertzen den irakasle gizajoak erakusten duen bezala. Guareschik dio herriak bat egin behar duela, adostasun-bideak aurkitu behar direla aurrera ateratzeko, bestela ez dagoela etorkizunik.

        Honetan oinarrituta, kritikari batzuk esaten hasi dira katoliko-burgesen eta ezkertiarren elkar-ulertzearen predikari aitzindari bat izan zela gure autorea eta, beraz, Italiako komunismoaren eta demokristauen arteko «konpromiso historikoa» deitu izan zenaren aurre-asmatzailea izan zela, Enrico Berlinguer baino 30 urte lehenago, izan ere. Egia esanda, ez dirudi hori zenik Guareschi antikomunista porrokatuak nahi zuena, baina egia da bete-betean asmatu zuela Italiako orduko burgesia txikiaren sinestearekin: hots, klase honek, erregimen faxistarekiko lilura galdu ondoren, gerraostean pobretuta esan bezala, bere gain hartu behar izan zuen Italia berreraikitzeko eta bakean iraunarazteko eginkizun zaila, etsaitutako bi mutur indartsuren erdian. Bada, Guareschiren lanak burgesia txiki horren protagonismoa goraipatzen du, beste bi indar kontrajarriak bakebideratzeko helburuaren barruan; eta honetxek azaltzen du, hain zuzen ere, liburuok izan zuten arrakasta handia, bai Italian eta baita, On Camillo eta Pepponeren arteko tirabirak gerra hotzeko bi bloke handien mailara eramanda, mundu osoan ere.

        Liburu honetan, azal irrigarri batez hornituta dagoen arren, indarkeria eta haren mehatxua salatzen dira. Batzuk eta besteak, On Camillo bera eta Peppone bera armaturik azaltzen zaizkigu askotan, muturka eta kolpeka ikusiko ditugu, ideologiak horretara daramatzalako; baina, esan bezala, gauza funtsezkoetan ados jarriko dira. Guareschik liburu honetan ere ematen du komunismoaren irudi karikatureskoa eta topikoz betea, baina komunisten alderdi gizatiarra ere jartzen du agerian; Peppone alkatea pobrea da, eskolatugabea, baina liburu-sortan zehar hobera egingo du bere lanari eta meritu hutsei esker, inor zanpatu gabe. Eta On Camillo pertsonaia «ona» den arren, kristauen eta Elizaren ordezkaria ere den neurrian, irrigarri utziko du batzuetan, gurutzeko Kristo hiztunaren bidez; asmo onak dauzka, baina armak ere gordetzen ditu, eta hori ez dago ondo, ez da arrazoizkoa: gauzak arrazoibidean ipini behar ziren, haren ustez, indarkeriaren aldeko deiek gerra zibila edo iraultza armatua ekarriko ez bazuten.

        Seguru aski, garai hartako Italian nekez aurkituko zen liburu honetakoak bezalako On Camillo eta Peppone askorik, hau da, Guareschik haien bitartez eman nahi zuen mezuaren aldeko apustua egingo zutenik, baina hori ez da garrantzitsuena; garrantzia duena da Guareschiren lanak arrakasta handiz hartu zituzten irakurle ugariek ez zutela ideia hori arbuiatu eta mezu hori nolabait errotzen joan zela beraien baitan. Italia, zorionez, urte haietako amesgaizto hartatik irten zen, zailtasun askorekin, Guareschiren mezu hori arrazoizkoa zen seinale. Baina asko kostatu zaie hori onartzea, bai eta beren literaturan Guareschiri orain arte baino toki duinagoa ematea ere, seguru aski italiarrei ez zaielako gehiegi gustatzen autore honek kontaturiko pasadizo gogorrak berritzea, garai batean bilatu nahi izan zuten kontrakotasun latz batzuk ekartzen dizkielako gogora.

        Ikusten den bezala, liburu honetako istorio irrigarriek badute mami serioagoa eta, tamalez, mende hasiera honetako euskaldunontzat ere badu mezurik. Irri egin dezagun, bada, baina irriaren ondoren, gogoeta ere egin dezagun.

Koldo Biguri

 

 

 

© Koldo Biguri

 

 

"Giovannino Guareschi / On Camilo" orrialde nagusia