XIII

 

        Misereatur vestri omnipotens Deus, et, dimissis peccatis vestris... xaboi-burbuilak bezala irten ziren hitzak Gusewski erreberendoaren aho zorroztutik eta ostadarraren kolore guztiak hartu zituzten, une batez airean kulunkatu, kanabera ikusezinetik jaulkitzerakoan ezbaiti, azkenean igo, leihoak, aldarea eta Ama Birjina islatu, hi ni eta dena islatu, eta minik gabe egin zuten eztanda Onespena bere aldetik burbuilak jaurtikitzen hasi zenean: Indulgentiam, absolutionem et remissionem peccatorum vestrorum... Baina zazpi-zortzi eliztarren Amenak bola hegaldun berri hauei eztanda eragin zienekoxe, Gusewskik hostia altxatu zuen, ezpainak zeharo biribildurik puztu eta ikaraturik bezala dardara egin zuen aire-korrontean, eta mihi-punta arrosaz bultza egin zion: eta poliki-poliki igo zen, harik eta erori eta Ama Birjinaren aldarearen ondoko bigarren aulkian desagertu zen arte: Ecce Agnus Dei...

        Mahlke belaunikatu zen aurrena eta lehenik «Jaunanieznaiznorzunireetxeansartzeko» hiru bider errepikatu zuen jaunartze-aulkian. Eta nik oraindik Gusewski erreberendoa aldarean behera gidatu eta jaunartze-aulkiaren aurrean kokatu baino lehen, berak atzera botatzen zuen burua, otoitz egiten zuen bere aurpegi zorrotz eta lo egin gabekoa kaperako porlan-estaldura igeltsutuarekiko paralelo eta mihiaz banatzen zituen ezpainak. Une horretan, apaizak esleituriko hostiaz gurutze txiki eta pasakorra egiten zuen bere gainetik: haren aurpegiari izerdia zerion. Ihintzak dirdira egiten zion poroetan eta jariatzen hasten zitzaion. Bizarra kendu gabe zeukan: galtzuak erdibitu egiten zizkion perlak. Begiak egosita baleude bezala irteten zitzaizkion. Baliteke, tankelari-jakearen beltzak bere aurpegiaren zurbiltasuna nabarmentzea. Mihia lodi bazeukan ere, ez zuen irensten. Grabaturik gurutzatzen zen burdinazko zera hura, haurtzaroko zirrimarraketak eta hainbeste errusiar tankeren ezabaketa konpentsatuko zituena alkandoraren iduneko botoi gorenaren gainean eta axolagabe geratzen zen. Gusewski erreberendoak hostia Joachim Mahlkeren mihian ezartzean, eta honek otil-orri arina hartzean, irentsi behar izan huen; metalak segi egin zion prozesuari.

        Ospa dezagun hirurok eta beste behin sakramentua: hi belauniko hago eta ni atzean, aterpean. Izerdiak poroak zabaltzen dizkik. Erreberendoak mihi zikinean ezartzen dik hostia. Oraindik orain hirurok hitz berean elkartzen gintuan, baina orain mekanismo batek tira egiten dik mihitik. Ezpainak berriz biltzen dituk. Hire irensketak aurrera segitzen dik, eta zera handia mugitzen ari dela ikustean, badakit, Mahlke Handiak Andre Manaren kaperatik sendoturik alde egingo duela, izerdia lehortu egingo zaiola; eta berehalaxe aurpegia bustiak distiratzen bazion, euriarengatik zen. Kanpoan, kaperaren aurrean, lanbroa ari zuen.

        Sakristia lehorrean Gusewskik esan zuen: —Ate aurrean egongo da. Agian barrura pasarazi beharko nuke...

        Nik esan nion: —Zaude lasai, erreberendo. Neu arduratuko naiz beratzaz.

        Gusewski armairuko izpiliku-zakutxoetan eskuak dituela: —Ez ote du tentelkeriaren bat egin nahiko?

        Jantzita utzi nuen, ez nion eranzten lagundu: —Hobe izango duzu zerorrek eranztea, erreberendoa. —Baina Mahlkeri, uniformetan eta euriak blai eginik, neure aurrean neukala esan nion: —Inozoa, zertan hago hemen? Hoa lehenbailehen Hochstriesseko heure kuarteleko unitatera. Asma ezak zerbait lizentzi epea gainditu dualako. Nik ez diat ezer jakin nahi horretan.

        Hitz hauek esan eta alde egin beharko nukeen, baina geratu eta busti egin nintzen: Eguraldi euritsuak elkartu egiten du. Ongi hitz eginez ahalegindu nintzen: —Ez haute jango horregatik. Izebari edo aman zerbait gertatu zaiola esan dezakek.

        Mahlkek baietz esaten zuen buruaz, eten bat egiten nuenean, noizean behin behe-matrailari erortzen uzten zion eta arrazoi gabe barre egiten zuen, bat-batean bota zuen: —Sekulakoa izan duk bart gauekoa Pokriefketxorekin. Ez nian inoiz pentsatuko. Dirudienaz zeharo bestelakoa duk. Benetan esango diat: beragatik ez diat joan nahi. Azken finean egin diat neure partea— ala ez? Eskari bat aurkeztuko diat. Gross Boschpolera instruktore gisa bidal nazatela. Orain beste batzuen txanda duk. Ez, ez diat beldurrik, nahikoa egin diat eta kito. Ulertzen al didak?

        Ez nion nahasten utzi eta estu hartu nuen: —Pokriefkerengatik orduan, e? Ez duk horregatik izan. Berak Olivara doan bi linea gidatzen dik eta ez bost linea. Mundu guztiak zekik hori. Kakalarritan hago hi: hori bai ulertzen dudala.

        Bien artean zerbait egon zela zioen behin eta berriz: —Bai, Tullarekin, ziur egon haiteke. Eta bere etxean izan duk, Elsenstrassenen. Amak ez ziok jaramonik egiten. —Baina arrazoi duk; ez diat gehiago nahi. Balitekek beldurra izatea ere. Lehen, mezaren aurretik, sentitzen nian pixka bat. Orain hobeto nagok.

        — Pentsa, nik uste nian ez huela Jainkoagan eta guzti horretan sinesten.

        — Horrek ez zeukak zerikusirik.

        — Tira, uztagun hori. Eta orain zer?

        — Beharbada Storterbeker eta mutilengana joan gintezkek. Ezagutzen dituk, ezta?

        — Ez, gizona. Bandarekin ez diat ikustekorik nahi. Hasten haiz hatz txikia ematetik eta gero... Hobe huen Pokriefkeri eskatzea, benetan bere etxean egon bahaiz behintzat...

        — Konprenidak: ezin naitekek Osterzeilen agertu. Dagoeneko han ez bazeudek, berandura gabe agertuko dituk—, aizak, zergatik ez nauk geratzen zuen sotoan egun pare batez?

        Baina horrekin ere ez nuen ezer jakin nahi izan: —Beste edonon ezkuta hadi. Badituk senitartekoak baserrian, edo Pokriefkeren etxean, bere osabaren zurgindegiko estalpean... Edo ontzian.

        Hitzaren ondoren isilunea sortu zen. Halere Mahlkek esan zuen: —Eguraldi lardats honekin? —baina ordurako dena erabakita zegoen; eta nik setati eta hitz-jariotsu ontzira laguntzeari uko egiten eta neuk ere eguraldi lardatsaz hitz egiten banuen, nabarmen geratu zen, berarekin joan beharko nuela: eguraldi euritsuak elkartu egiten du.

        Ordubete luzea behar izan genuen Neuschottlandetik Schellmühlerako bidea egiten eta itzultzen eta berriro Posadowskiwegen barrena igo behar izan genuen. Bi iragarki-zutaberen atzean babestu behar izan genuen haizetik, zeinak betiko ikatzaren lapurreta eta bonbonkeriaren kontrako kartelez beterik zeuden, kuzkurtu eta berriro ibiliari ekin genion. Emakumeentzako Udal Ospitalearen sarreratik ikusi genuen ikusmira ezaguna: trenbide-lubetaren eta gaztainondo adaburutsuen atzean Institutu irmoaren hegal biko teilatua eta kanpandorrea ageri ziren, baina berak ez zuen hara begiratzen, edo beste zerbait ikusten zuen. Gero ordu erdi itxaron genuen, herri-eskolako bizpahiru ikaslerekin, Reichskolonieko geralekuko etxetoaren latorrizko sabai ozenaren azpian. Mutikoak boxeoan eta elkarri bultza egiten zioten aulkitik kanpora. Mahlkek bizkarra ematen zien, baina alferrik izan zen. Haietako bi koadernoak zabalik zituztela hurbildu, dialekto zarratuan elkarri zerbait esan zioten, eta nik galdetu nien: —Ez al duzue eskolarik?

        — Bederatzietan bakarrik, joan ere egiten bagara.

        — Ongi dago —baina bizkor ibili.

        Mahlkek bi koadernoen azken orrialdean eta goiko lehen lerroan, ezkerretara, bere izena eta gradua. Baina mutikoak ez ziren pozik geratu, desegindako tankeen kopuru zehatza idaztea ere nahi zuten —eta Mahlkek amore eman zuen: posta-igorpenak beteko balitu bezala idatzi zuen, aurrena zifratan eta gero letratan, eta nire estilografikoaz bertsoa errepikatu behar izan zuen beste hi koadernotan. Estilografikoa hartzekotan nengoela, mutiletako batek zera jakin nahi izan zuen: —Non txikitu dituzu, Bielogradon ala Zhitomirren?

        Mahlkek buruaz baietz esan beharko ziekeen eta bakean geratuko ginatekeen. Baina ahots gandutuz xuxurlatu zien: —Ez, mutilok, gehienak Kovel-Brody-Brezany aldean. Eta apirilean, Lehen Armada Motorduna sakabanatu genuenean Buczacz aldean.

        Berriro estilografikoa deskiribildu behar izan nuen. Mutikoek dena idatziz eduki nahi zuten, eta txistu jo zieten euripean zeuden beste bi ikasleri etxetora etor zitezen. Lehengo ikasle beraren bizkarra zen idazmahaia. Hark ere tentetu eta bere koadernoa aurkeztu nahi zuen, baina besteek ez zioten utzi: batek jasan beharra zeukan. Eta Mahlkek, gero eta idazkera dardaratiagoz —eta berriro izerdi argia zerion poroetatik— Kovel eta Brody-Brezany, Cerkassy eta Buczacz idatzi behar izan zituen. Aurpegi koipetsu distiratsuetatik galderak sortzen ziren: —Krivoi Rogen ere egon al zara? Aho guztiak zabalik. Aho guztietan falta ziren hortzak. Begiak, aitaren aldetiko aitonarenak. Belarriak erabat amaren familiakoak. Guztiek zituzten sudurzuloak: —Eta nora bidali behar zaituzte orain?

        — Tira, hori ezin dik esan, zergatik galdetzen diok?

        — Inbasioan parte hartuko al duzu?

        — Hau gerra osterako gordetzen diate.

        — Galdegiok, ea Führerrarekin egon al den.

        — Egon al haiz, txo?

        — Aizak, ez al duk ikusten azpiofiziala dela?

        — Ez al daukazu zeure argazkirik aldean?

        — Bilduma egiten dugu.

        — Zenbat denborako lizentzia duzu oraindik?

        — Bai, zenbat denborakoa oraindik?

        — Bihar oraindik hemen izango al zara?

        — Edo noiz bukatzen zaizu lizentzia?

        Mahlkek bidea urratu zuen. Motxilek oztoparazi egiten zuten. Nire estilografikoa etxetoan geratu zen. Iraupen-lasterketa uholde betean. Soinka putzuen artetik: euriak elkartu egiten du. Kiroldegia pasatu eta gero utzi genituen mutikoak atzean. Oraindik luzaro aritu ziren deika eta ez ziren eskolara joan. Oraindik gaur egun ere estilografikoa itzuli nahian dabilzkit.

        Hiriaz kanpoko baratzetara iritsi ginenean bakarrik lortu genuen lasaiago arnasa hartzea. Ni haserre bizitan nengoen eta sumina areagotu egin zitzaidan. Hatz erakusleaz seinalatu nion gozoki madarikatua, eta Mahlkek berehalakoan kendu zuen lepotik. Hura ere zintzilik zegoen, urte batzuk lehenago destorlojailua bezala, kordoi batetik. Mahlkek eman egin nahi zidan, baina uko egin nion: —Uztak, hutsa balio dik eta.

        Baina ez zuen burdina sastraka bustien artera bota, baizik eta patrika bat zeukan fraken atzealdean.

        Nola irtengo naiz hemendik? Hesi inprobisatuen atzeko arakatzak heldu gabe zeuden: Mahlke bi eskuka hartzeari ekin zion. Nire estakurua hitz bila hasi zen. Jan eta azalak tuka botatzen zituen. —Itxaroidak hemen ordu-erdi bat. Derrigor bizigaiak eraman behar dituk, bestela ez duk luzaz iraungo ontzian.

        Malkek esan izan balu: —Tira, baina itzul hadi—, ospa egingo nukeen. Ozta-ozta esan zuen baietz buruaz, hamar hatzez segi zion uzta biltzeari sastraketatik hesietako hesola artean, eta aho betearekin bortxatu ninduen gelditzera: euriak elkartu egiten du.

 

 

        Mahlkeren izebak ireki zuen. Eskerrak ama etxean ez zegoela. Nik neure etxean jateko zerbait hilduko nukeen. Baina pentsatu nuen: Zertarako dauka bere familia? Izebarekiko jakin-mina ere banuen. Desliluraturik geratu nintzen. Sukaldeko mantalaren atzetik jarri eta ez zuen galderarik egiten. Ate irekietan barrena hortzak kamusten zituen zerbaiten usaina zerion: Mahlkeren etxean arabarba egosten zuten.

        — Joachimentzat jaitxo bat antolatzen ari gara. Edaria badugu nahikoa, baina gosetzen bagara...

        Hitzik esan gabe kiloko bi txerriki-lata ekarri zituen sukaldetik, eta irekigailu bat ere bai. Baina ez zen Mahlkek ontzitik jaso zuena bera, ontziaren jakitegian igel-hankak aurkitu zituenean.

        Bera bila eta ongien zer eraman nezakeen pentsatzen ari zela —Mahlketarren armairuak beti beteta edukitzen zituzten, zeren senitartekoak zituzten baserrian eta hartzearekin aski zuten—, zangoak urduri neuzkala korridorean sentitzen nuen eta Mahlkeren aita eta Labuda labezaina ageri zituen zeharreko argazki hark begiratzen zidan. Galdara ez zegoen pizturik.

        Izena erosketa-sare batekin eta kontserba-latentzako kazeta-paperekin itzuli zenean, esan zuen: —Txerrikia jan nahi baduzue, aurrena pixka bat berotzea komeni da, bestela gogorregia da eta urdaileko mina egingo dizue.

        Alde egitean galdetu izan banu, ea norbait izan zen han Joachimez galde egiten, erantzuna ezezkoa izango zatekeen. Baina ez nuen ezer galdetu, aitzitik atea esan nuen: —Joachimen partez goraintziak—, nahiz eta Joachimek ez zidan goraintziak ematekorik esan, ezta bere amari ere.

 

 

        Mahlkek berak ere ez zuen inolako jakin-minik agertu, hiriaz kanpoko baratzeen artean eta euri berdinaren azpian bere uniformearekin topo egin nuenean, sarea hesola batean eseki eta kordelak estuturiko atzamarrak igurtzi nituen. Berak arakatz heldugabeak jaten ziharduen, bere izebaren antzera, bere gorputzeko ongizateaz arduratzera behartuz: —Urdaila hondatuko duk! baina Mahlkek, «Goazemak» nik esan eta gero, oraindik hiru eskutada hartu zituen sastraka tantankarietatik, bete zituen fraken patrikak eta arakatz-azal gogorrak tuka botatzen segi zuen, Neuschottlanden eta Wolfswwweg eta Barenweg bitarteko koloniaren biran itzulinguru handi bat egiten ari ginen bitartean. Eta tranbia-atoiaren atzealdeko tranpalean geundenean eta aireportua atzean euripean ezkerretara utzi genuenean, zera berak jaten segitzen zuen. Sutan jartzen ninduen bere arakatzekin. Bestalde euria atertzera zihoan. Zeruaren grisa esnezko bihurtu zen, jaitsi eta bere arakatzekin bakarrik uzteko gogoa ematen zidan. Baina zera esan nion bakarrik: —Hire etxera dagoeneko bi aldiz joan dituk hitaz galdezka. Paisanozko bi.

        — Ah, bai? —azalak tuka botatzen segi zuen tranpaleko listoi-zolaren gainera—. Eta amak? Ba al dik zerbaiten susmorik?

        — Ama ez zegoan etxean, izeba bakarrik.

        — Erosketak egiten ibiliko huen.

        — Ez diat uste,

        — Orduan Schielketarrenean izango huen plantxan laguntzen.

        — Han ere ez egoan, zoritxarrez.

        — Nahi al dituk arakatz batzuk?

        — Hartu eta Hochstriessera eraman diate. Ez nian esan nahi.

        Brösenera heldu baino zertxobait lehenago ahitu zitzaizkion arakatzak Mahlkeri. Baina berak bila segitzen zion bi patrika blaituetan, jadanik hondartzan barrena gindoazela, non euriak aztarna utzi baitzuen. Eta Mahlke Handiak entzun zuenean nola itsasoak hondartzaren kontra txipli-txapla egiten zuen eta bere begiek Baltiko itsasoa ontziarekin ikusi zutenean, urruneko atze-oihal gisa eta itsasontzi batzuen itzalak badian, esan zuen —eta horizonteak marra bat egiten zion bi betseinetan zehar—: —Ezin diat igerian egin. Ordurako nik zapatak eta frakak erantzita neuzkan.

        — Ez hadi txorakeriekin has.

        — Benetan hi, tripako minak dizkiat. Arakatz alu horiek!

        Txakurrenak esateari ekin nion eta bilatu eta txakurrenak esateari eta neure jake-patrikan marko bat eta txanpon batzuk aurkitu nituen. Harekin Brösenera lasterka joan eta Kreft zaharrari batel bat mailegatu nion bi ordutarako. Baina ez zen izan idaztea bezain erraza, nahiz eta Kreftek galdera gutxi egin eta laguntza eman zidan batela flotatzen jartzeko. Hondartzara heldu nintzenean Mahlke hareatan iraulka zebilen, bere tankelari-uniformearekin. Ostikoz jo behar izan nuen zutik jar zedin. Dardarka, izerditan zegoen eta bi ukabilak urdail-zuloaren kontra estutzen zituen; baina gaur egun ere oraindik lanak ditut tripako min haiek egiazkoak zirela sinesten, baraurik urdailean zeuzkan arakatz heldugabeak gorabehera.

        — Hoa haremunen atzealdera, tira, joan hadi! —makurturik joan zen, oinak arrastaka, eta hondartzako aski luzearen atzean desagertu zen. Agian kepia ikusi ahal izango nion, baina begiak ez nituen moilatik kendu, itsasoan sartzen edo irteten ezer ageri ez bazen ere. Oraindik makurturik itzuli zen, baina batela libratzen lagundu zidan. Brankan eserarazi eta sarea belaunetan ezarri nion kontserba-latekin, eta irekigailua, kazeta-paperetan bildua, atzaparretan. Lehen harea-gunearen, eta gero bigarrenaren ondoren, ura ilunduz joan zenean, esan nuen: —Orain heuk ere arraunkada batzuk eman ditzakek.

        Mahlke Handiak buruari zirkin bat ere ez zion eragin, konkorturik eserita zirauen, irekigailu bilduari gogor helduz eta nitaz harantzago begira, zeren biak elkarren aurrez aurre eserita baikeunden.

        Nahiz eta harez gero sekula gehiago arraun-ontzi batera igo ez naizen, oraindik halaxe eserita diraugu elkarren aurrez aurre: eta haren atzamarrak urduri mugitzen dira. Lepoan ez zeukan ezer. Bina kepia zuzen zeukan. Uniformearen tolesdurei hondar apur bat darie. Ez du ari euririk, baina bekokia tantaka ari zaio. Muskulu guztiak zurrun. Begiak koilarez husteko moduan. Norekin aldatu du sudurra? Bi belaunak ikara dabilzkio. Ez dago katurik itsasoan, baina sagua iheskor.

        Baina ez zuen hotzik egiten. Hodeiak urratu eta eguzkia zuloetatik erortzen zenean, tarteka hotzikarak pasatzen ziren doi-doi arnasa hartzen zuen gainaldetik eta bateleraino salto egiten zuten. —Arraun egin ezak pixka bat, berotu egingo hau eta. —Brankaren erantzuna hortz-kriskitina zen, eta mundura iristen ziren hitz etenak aldizkako intzirien artean: —... zertarako balio zuen. Norbaitek aurrez gaztigatu izan balit... Halako tentelkeria batengatik. Halere hitzaldi bikaina egingo nukeen. Apunteen sistemaren deskribapenetik hasiko nintzatekeen, gero granada zulatzaileez, Maybach moteez eta abarrez hitz egingo nukeen. Artillari nengoela, sarritan irten behar izaten nuen, tiropean ere, bernoak tinkatzera. Baina ez nukeen neure buruaz bakarrik hitz egingo. Aita eta Labuda labezainaz ere bai. Dirschaueko trenbide-istripuaz laburki hitz egingo nukeen. Eta nola aitak bere buru-ukapen pertsonalaz. Eta artileri postuan beti aitaz gogoratzen nintzela. Elizakorik gabe hil zela, zerean. Eskerrak hiri ere orduko kandelengatik. Oi guztiz garbia. Distira orbangabean hagoen hori. Bitartekotzaz hadi partaide. Maitagarria, graziaz betea. Bai, jauna. Ni lehendabizikoz kanpainan sartu nintzenetik egiaztatu zuelako Kursken iparraldean. Eta zarramaltzaren erdian, Oreleko kontraerasokoan. Eta nola abuztuan Ama Birjinak Vorsklan. Guztiek barre egiten zuten eta Dibisioko kaperaua herari ere sinetsarazi zioten. Baina gero frontea egonkortu egin genuen. Tamalez erdigunera aldatu ninduten lekuz. Bestela Kharkovekoa ez zatekeen hain bizkorra izango. Eta berandura gahe berriz ere Korostenen agertu zitzaidan, 59º Gorputzean. Eta orduan ez zuen Haurra inoiz erabiltzen, argazkia beti. Ba al dakizu, zuzendari jauna, geure korridorean daukagu zintzilik, eskuilen poltsa ondoan Eta ez nion bularraren parean eusten, beherago baizik. Argi eta garbi sumatzen nuen lokomotorea bere barrean. Aita eta Labuda labezainaren artean apuntatzea besterik ez nuen behar izaten. Laurehun. Tiro zuzena. Ikusi duk Pilenz, dorrea eta bainuontzia bitartean jotzen diat beti. Aireztatzeko. Ez, zuzendari jauna, ez dit hitz egin. Baina, egia esan behar badizut, nirekin ez dauka hitz egin beharrik. Frogak? Argazkia neukala esaten dizut. Edo bestera matematikatan. Zu irakasten ari zarenean eta lerro paraleloak amaigabean elkar ukitzen dutelakotik abiatzean, zera sortzen da hartatik, onartu beharra daukazu, transzendentzia bezalako zerbait. Eta halaxe izan zen Kasatin aldeko defentsa-prestamenekoan ere. Eguberrietako hirugarren egunean gainera. Ezkerraldetik zetorren, basotxorantz hogeita hamabosteko martxa-abiaduran. Aski nuen apuntatzea, apuntatzea eta apuntatzea. Bi arraunkada ezkerraldera, Pilenz, ontzitik desbideratzen ari gaituk.

        Mahlkek lortu zuen hasieran kriskitinarekin eta gero hortz menderatuekin zirriborraturiko hitzaldian zehar, gure batelaren joanaira jagotea eta bere dikzioaz erritmo bat ezartzea, nire bekokiari izerdia ateraraziz, bere poroak lehortzen eta atertzen ziren bitartean. Arraunkada bakar baten denboraldian ere ez nintzen ziur egon hazten ari zen zubiko gaineraikinetan ezer gehiago ikusten ote zuen ohiko kaioez gainera.

        Trikatu baino lehen, lasaiago eserita zegoen brankan oharkabean jolas egiten zuen irekigailuarekin paperik gabe eta ez zen tripako minez kexatzen. Ni baino lehen igo zen ontzira, eskuak lepoaren inguruan mugitzeari ekin zion: gozoki handia atzeko patrikatik gora bere lekura igo zen. Esku-igurtziketa, eguzkia tartean sartu zen, gorputz-adarren luzaketa. Mahlke ontzigainaren alde batetik bestera zebilen jabetza hartu duenaren pausajeaz, letani zati bat ahopean kantatzen ari zen, eskuaz keinu egiten zien goiko kaioei, eta urteetako absentzia abenturatsuaren ondoren bisita egitera datorren osaba umoretsuarena egiten zuen, bere burua oparitzat ekarriz eta elkar-ikusketa ospatzeko gogoarekin: Kaixo, haurrok, ez zarete batere aldatu!

        Kosta egiten zitzaidan bere parean jartzea: —Tira, buka ezak! Kreft zaharrari ordu eta erdirako bakarrik mailegatu zioat ontzia. Lehenengotan ordu bete bakarrik nahi zian.

        Mahlkek berehala aurkitu zuen tonu erreala: —Ongi zegok. Ez zaiek bidaiariei egonarazi behar. Gainera itsasontzi hura, tankearen ondoan dagoena, bai, baxu samar dagoena. Baietz suediarra izan. Bada, jakin dezaan, abordatuko diagu. Ilundu bezain laster. Bederatziak aldean hemen. Hori eska diezaaket, ezta?

        Jakina, oso gaizki ikusten zen eta ez zegoen zama-ontziaren nazionalitatea bereizterik. Eta Mahlke begiramenduz eta aldi berean hitza eta pitza zeriola arropak eranzten hasi zen. Zertarakorik gabe ari zen berriketan. Tulla Pokriefkez apur bat: —Bargasta ederra, neuk esaten diat! —Gusewski erreberendoari buruzko txisteak: —Merkatu beltzean aritzen omen duk, eta aldareko oihalekin, edo gutxienez kupoiei dagokienekin. Ekonomi Bulegotik ikuskari bat bidali ziotek—. Ondoren bere izebari buruzko txisteren bat: —Nire aitarekin gutxienez beti ongi konpondu zela bere alde esan beharra zegok, txikitan, biak baserrian bizi zirenean—. Eta ondoren lokomotorearen ipuin zaharra: —Bide batez joan haiteke berriz ere Osterzeilera eta argazkia ekarri, markoarekin edo gabe. Baina hobe uztea. Lasta besterik ez duk.

        Gimnasi fraka gorri haiekin zegoen, gure Institutuaren tradizioaren zati bat ziren haiekin. Uniformea arretaz tolestu zuen eta berarekin erregelamenduzko fardeltxoa eginez eta bitakoraren atzean, bere ohiko lekuan, estibatuz. Botak lotara joan aurretik bezala zeuden. Esan nion: —Dena al daukak, latak? Ez ahaztu irekigailua. —Kondekorazioa eskuinaldetik ezkerraldera pasarazi zuen eta neurririk gabe eskolari-aldrebeskeriak jaregiten segi zuen: —Zer tonelaia dik Moreno korazatu argentinarrak? Zer abiadura dik nudotan? Blindajearen lodiera? Eraikuntza-urtea? Noiz eraldatu ziaten? Hamabost koma biko zenbat pieza ditu Vittorio Veneto!

        Gogoz kontra erantzuten nion, baina pozik nengoen oraindik erantzunak ahaztu ez zitzaizkidalako. —Bi latak batera eraman behar al dituk behera?

        — Ikusiko diat.

        — Ez ezak irekigailua ahaztu, hor zegok.

        — Ama batek bezala zaintzen nauk.

        — Ni hire lekuan banengo, poliki-poliki sotora jaisten hasiko nindukek.

        — Ongi zegok. Dena lizundurik egongo duk hor behean.

        — Ez daukak negua hor pasatu beharrik.

        — Garrantzizkoena sutegiak funtzionatzea duk, zeren alkohola nahikoa baitago behean.

        — Nik ez niake traste hori botako. Agian han oroigarri gisa sal dezakek. Auskalo.

        Mahlkek gauza esku batetik bestera saltarazi zuen. Eta zubian zehar urruntzean, eta pausotxoz pausotxo eskotila bilatu zuen, bi besoak jostari kulunkatuz, nahiz eta sareak bi latekin eskuin besoa estutzen zion. Belaunek olatutxoak eragiten zituzten. Eguzkia berriz ere tartean sartu zelako bere zain eta bizkarrezurrak itzala egiten zuten ezkerretara.

        — Honez gero hamar t'erdiak paseak izango dituk.

        — Ez zegok nik uste bezain hotza.

        — Beti horrela izaten duk euria egin ondoren.

        — Estimazioak: ura hamazazpian, airea hemeretzian.

        Sarrerako buiatik aurrerago draga bat zegoen kanalean. Lanean ari zela ikusten zen, baina zarata irudipenezkoa zen, zeren haizeak kontra jotzen baitzuen. Mahlkeren sagua ere irudipenezkoa zen, zeren oinen bitartez eskotila aurkitu zuenean, bizkarra bakarrik erakusten baitzidan.

        Beti galdera errepikari berak zulatzen dit belarria: Esan ote zuen beste ezer jaitsi aurretik? Erdi ziur daukadan gauza bakarra zubirantz egin zuen zehar-begiratua da, ezkerreko sorbaldaren gainetik. Une batez makurtu egin zen bustitzeko, gimnasta-galtzoiaren gorri-bandera gorri-ilunez tindatzeko, eta eskuinaz gogor heldu zion bi lata zeuzkan sareari —baina gozokia? Ez zeukan lepotik zintzilik, horretaz ziur nago. Bota egin ote zuen ni konturatzeke? Zein arrainek itzuliko ote dit? Beste ezer esan ote zuen sorbaldaren gainetik? Kaioetarantz gora? Hondartzarantz eta badiako itsasontzietarantz? Madarikatu egin al zituen karraskariak? Ez dut esan esaten entzun nizunik: —Tira gauera arte orduan! —Buruz aurrera eta bi kontserba-lataren pisuarekin murgildu zen: bizkarrak eta ipurdiak garondoari segi zioten. Oin zuri batek ostikoa eman zion hutsarteari. Eskotilaren gaineko urak olatutxozko jolas ohikoari ekin zion.

        Orduan irekigailutik oina kendu nuen. Irekigailua eta biok atzean geratu ginen. Nik orduan ontzira salto egin eta utzi izan banu esanez: —Tira, moldatuko da hori gabe ere! —Baina geratu egin nintzen, segundoak kontatu nituen, sarrerako buiaren aurreko dragari bere noriarekin zenbaketa eramaten utzi nion, eta neronek ere larriturik zenbatu nuen: hogeita hamabi, hogeita hamahiru segundo herdoiltsu. Hogeita hamasei, hogeita hamazazpi segundo lokatza ateraz. Berrogeita bat, berrogeita bi segundo gaizki olioztatu; berrogeita sei berrogeita zazpi berrogeita zortzi segundotan dragak ahal zena egin zuen, gora igo, irauli eta berriro uretaratzen ziren treskekin: Neufahrwasserreko portu-sarrerako kanala sakonduz zihoan eta denbora neurtzen laguntzen zidan. Mahlke ordurako bere helmugan zegoen nonbait eta kontserba-latekin, irekigailu gabe, gozokiarekin edo gabe, zeinak gozoa eta garratza erdiz erdi zeuzkan, garai bateko Rybitwa poloniar minadragatzekoaren irrati-kabinan, zeina ur-azalaren gainean zegoen.

        Nahiz eta deitzeko seinalerik akordatu ez genuen, balitekek hik deitu izana. Behin eta berriz utzi nion dragari nire ordez hogeita hamar segundo zenbatzen. Esaten den bezala. Giza aurreikuspen guztien arabera behar zuen... Kaioek sumindu egiten ninduten. Airean irudiak ebakitzen zituzten, ontzia eta zeruaren artean. Baina zio irakurgarririk gabe kaioek bat-batean bira eman eta urrundu zirenean, orduan sumindu egin ninduten falta ziren kaioek. Eta zubiaren gainalde jotzen hasi nintzen, aurrena neure takoiez eta ondoren Mahlkeren botez: herdoilak plakatxotan salto egiten zuen, eta kolpe bakoitzeko jaulki eta dantza egiten zuen zerbaitek kaio-zirin karezkoetan. Pilenz, kolpeka ari zen ukabilean irekigailua zuela, oihuka ari zen: —Itzul hadi, gizona! Irekigailua goian utzi duk, irekigailua... —Kolpeen arteko etenaldiak eta gero dei basatiak, gero erritmikoki ordenaturiko kolpeak eta oihuak. Zoritxarrez ez nekien Morse sistemaz komunikatzen eta kolpeak ematen nituen: bihiru bihiru. Erlastu egin nintzen: I-re-ki-gai-lu-a! I-re-ki-gai-lu-a!

        Ostiral hartatik badakit zer den isiltasuna, isiltasuna sartu egiten da kaioek bira eman eta aldentzen direnean. Ezerk ez du isiltasun handiagorik sortu lanean ari den draga batek baino, zeinaren burdinazko zarata haizeak eramaten baitu alderantzizko zentzuan Baina isiltasunik handiena Joachim Mahlkek ere sortzen du, nire iskanbilari erantzunik ez ematean.

        Horrela, bada, itzultzeko arraunean egin nuen. Baina arraunean hasi baino lehen, dragaren aldera bota nuen irekigailua, baina ez nuen jo.

        Horrela, bada, bota nuen irekigailua, itzuli nintzen arraunka, itzuli nion batela Kreft arrantzaleari, hogeita hamar pfennig estra ordaindu behar izan nituen eta esan nuen: Baliteke iluntzean berriz etortzea eta atzera batela hartzea.

        Horrela, bada, bota, arraunean egin, itzuli, estra ordaindu, etxera itzultzea erabaki, eseri tranbian eta, esan ohi denez, joan nintzen etxera.

        Horrela, bada, azken finean ez nintzen zuzenean etxera joan, baizik eta txirrina jo nuen Osterzeilen, ez nuen galderarik egin, baina markoraturiko lokomotorea emanarazi nien, zeren berari eta Krefti esana bainien: —Baliteke iluntzean berriz etortzea...

        Horrela, bada, zeharretako argazkiarekin etxeratu nintzenean, amak bazkaria prestaturik zeukan. Tren-bagoi-fabrikako sindikatu-buruetako batek bazkaltzen zuen gurekin. Ez zegoen arrainik, eta gainera niretzat, plateraren ondoan, barruti militarreko komandantziatik etorritako gutun bat zegoen.

        Horrela, bada, irakurri eta irakurri eta berrirakurri egin nuen neure armadaratze-agindua. Amak negarrari eman zion eta egoera zailean jarri zuen sindikatuko gizona. —Baina igande-gaura arte ez noa eta —esan nuen—, eta ondoren, gizon hartaz arduratu gabe: —Ba al dakizu non dauden aitaren prismatikoak?

        Prismatikoekin, bada, eta zeharretako argazkiarekin, igande goizean joan nintzen, eta ez gau hartan bertan hitzartu zenez —ikusmira lainotu egingo zatekeen eta curia berriro hasi ere egin zuen—, Brösenera, eta lekurik garaiena bilatu nuen hondartzako baso-haremunetan: Soldaduaren Oroigarriaren aurrez aurre. Oroigarriaren tranpaleko mailari gorenera igo nintzen —nire atzean euriak herdoilduriko bol aurreztuari eusten zion obeliskoa zegoen— eta prismatikoak begien aurrean neuzkala ordu-erdi baino gehiago egon nintzen, hiru ordu-laurden izan ez baziren behintzat. Dena lausotzen hasi zitzaidanean bakarrik jaregin nituen betaurrekoak begietatik otsalaparretara begiratzeko.

        Horrela, bada, ezerk ez zuen zirkinik egiten ontzian. Argiro ageri ziren bi bota huts. Eta egia da, herdoilaren gainean kaio batzuk zebiltzala hegaka, noizean behin kokatu eta ontzigaina eta zapatak hautsez betetzen zituztenak, baina zer axola jadanik kaioak. Badian bezperako itsasontzi berak ageri ziren, baina ez zegoen suediarrik haien artean. Draga doi-doi aldatu zen lekuz. Eguraldia hoberako zegoen. Alde egin nuen berriro, eta esan ohi denez, etxera joan nintzen. Amak kartoizko maleta egiten lagundu zidan.

        Horrela, bada, egin nuen maleta: zeharretako argazkia markotik atera eta, nola hik ez huen erreklamatu, azpi-azpian ezarri nuen. Hire aitaren eta Labuda labezainaren eta presiopean ez zegoen hire aitaren lokomotorearen gainean, neure barne-arropa metatu nuen, ohiko trasteak eta neure egunkaria, gero Cottbusen galdu zitzaidana argazkia eta gutunekin batera.

 

 

        Nork idatziko dit orain amaiera on bat? Zeren katua eta saguaren erara hasi zenak orain lertxun mottodun gisa tormentatzen nau ihiz inguraturiko idoietan. Eta naturari ihes egiten badiot, film dokumentalek erakusten dizkidate uretako hegazti trebe horiek. Edo nodoek Rhinen hondoraturiko zama-ontziak ateratze-ahaleginak, edo urpeko lanak Hamburgeko portuan: Howaldteko ontziolen ondoko bunkerrak zartarazi beharra dago, aire-minak dragatu beharra dago. Gizon batzuk jaisten dira, arinki mailaturiko kasko distizariekin eta berriz igotzen dira, besoak luzatzen dira beraiengana, kaskoa destorlojatu eta eskafandra eranzten dute. Baina ez du inoiz Mahlke Handiak zigarroa pizten pantaila ñirñirkarian; beti beste batzuk izaten dira erretzaileak.

        Zirkoren bat hirira etortzen bada, ni bezero izaten nau. Ia denak ezagutzen ditut, honekin eta harako pailazoarekin hitz eginda nago, pribatuan eta orga bizitegien atzean; baina gizon hauek umore txarrean egoten dira eta Mahlke izeneko lankide baten aditzerarik ez dutela esan ohi dute.

        Oraindik esan beharra ote daukat berrogeita hemeretziko urrian Regensburgera joan nintzela, hik bezala Zaldun Gurutzea lortu zuten biziraule haien topaketara? Ez zidaten aretora sartzen utzi. Armada Federalaren bandak jotzen edo atsedena hartzen zuen txandaka barruan. Atsedenaldietako batean zaintzaileen buru zegoen tenientearen bitartez bandaren tranpaletik dei eragin nian: —Mahlke azpiofizialari sarrerara dei egiten zaio! —Baina hik ez huen azalera irten nahi izan.

 

 

 

© Gunter Grass

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Gunter Grass / Katua eta Sagua" orrialde nagusia