V
Andre Mariaren Kaperan ez nuen sekula borlekin ikusi. Nahiz eta ikasleen artean moda erabat hedatzen hasi zen, berak gero eta bakanago janzten zituen. Batzuetan, gutako bi berarekin geundela betiko gaztainondopean, jolastokian, artilezko aldrebeskeria haien gainetik guztiok batera hizketan ari ginela, Mahlkek lepotik kendu egiten zituen, baina ezbaiti eta kontrapisu hobeen gabeziaz, berriz korapilatzen zituen jolastordu-amaieraren bigarren seinalearen ondoren.
Lehen aldiz gure eskolako ikasle graduatu bat frontetik itzultzean, zeinak bidenabar bisita egin baitzuen Führerraren Kuartel Nagusira eta orain bonboi irrikatua lepoan baitzeukan, ikastaldiaren erdian, txirrin-seinale berezi batek dei egin zigun aulara. Eta mutil gaztea aretoaren burualdean, hiru leihateria handiei bizkarra emanez eta hosto handiekiko lore-poto eta irakasle batzartuen klaustroaren erdi-zirkuluaren aurrean, ez katedraren atzean, baizik eta gozokia lepotik zintzilik zuela, kutxa zahar nabarraren alboan zutik zegoen eta ahotxo gorri poxpolinaz gure buruen gainetik, tarteka keinu argigarriz bere hitzak lagunduz, hitz egiten zuen bitartean, ikusi nuen Joachim Mahlkeri, nire eta Schillingen aurreko erreskadan eserita zegoenari, belarriak gardendu egin zitzaizkiola, gorri-gorri jarri zela, zurrun arrimatzen zela aulki-bizkarraren kontra, eta, eskuinaz eta ezkerraz lepotik zerbait laxatzen ekiten ziola, neke handiz irentsiz eta azkenean zerbait aulkipera jaurtikiz: artilea, borlak, bolatxoak, gorri eta berdez nahastuak, nik uste. Eta hasieran ozta-ozta ahoa ireki zuen gazteak, Luftwaffeko tenienteak, trabatuz mintzatzen zen, baldartasun begikoz, eta behin eta berriz gorritzen zen, bere hizketak horretarako ziorik eman gabe: «... tira, ez duzue uste izan behar hori untxi-ehiza bat bezala denik, eraso, utzi eta kito. Batzuetan aste osoan ez da ezer gertatzen. Baina Kanalera joan ginenean... tira, pentsatu nuen, orain edo sekula ez. Eta hala izan zen. Lehen irteeran ehiztari-babespeko erakuntza bat jarri zitzaigun muturren aurrean, eta karrusela, esango nuke, batzuetan hodeien gainean, beste batzuetan azpian, perfektua izan zen: kurba-hegaldia.
Ahalegintzen naiz gora igotzen, hiru Spitfire dabiltza nire azpian biraka, gerizatu egiten dira, pentsatzen dut, ona nagok ekiten ez bazieat, oldartzen naiz goitik, barruan daukat, eta apuntatu egiten dit, halere astia daukat ezkerreko hegal-puntaren aldera otarreari bira erdi emateko, eta miragailuan aurrez aurre datorkidan beste Spitfire bat daukat, amildu egiten natzaio, bera edo ni, diot; tira, ikusten duzuenez, berak jo behar izan zuen hondoa, eta nik pentsatu nuen, badauzkak bi, ekiok hirugarrenari eta jo eta aurrera, gasolina insten hada behintzat. Eta ikusten dut erakuntza desegin eta haietako zazpi ihes egitera doazkigula, eta ni beti eguzki bikaina atzealdean dudala, hautatzen dut bat, ematen diot bedeinkapena eta, errepikatzen dut saioa, hau ere ongi ateratzen zait, tira egiten diot palankari beheraino, eta jartzen zait hirugarrena xiringaren aurrean: espiralean jaisten da, jo egin dut nonbait, sen hutsez segitzen dut, galtzen dut, hodeiak, hor daukat berriz, zapaltzen dut atzera hodia, hor doa hondora, bilin-boloka, baina neu ere ozta libratzen naiz bainutik; egia esan, ez dakit nola berreskuratu dudan oreka. Nolanahi ere, hegalen gainean kulunka etxera itzultzean —ziur badakizue edo zinean ikusita daukazue, hegalekin kulunka egiten dugu zerbait amilarazi dugunean—, ez dut lurrartzeko trena eraistea lortzen: trabaturik. Eta hala egin behar izan nuen tripa gaineko neure lehen lurrartzea. Gerora, txiribogan, zalantzarik gabe sei izan zirela nireak esan zidaten: jakina, borrokan ez nintzen haiek zenbatzen aritu ni, aztoramendua eta guzti horrekin; dena den, pentsa dezakezue nolako poza izan zen, baina laurak aldean berriz gora, besterik gabe: hura ere lehen bezalatsu gertatu zen, gure jolastoki zaharrean eskubaloian aritzen ginenean bezalatsu, zeren oraindik ez baikenuen kiroldegirik. Agian gogoan izango du Mallenbrandt profesoreak: nik, edo ez nuen golik sartzen, edo bederatzi jarraian sartzen nituen. Eta halaxe gertatu zen arratsaldean ere: eguerdi arteko seiei beste hiru gehitu nizkien; Horiek nire bederatzigarrenetik hamazazpigarrenerainokoak izan ziren. Sei bat hilabete geroago, berrogei baneuzkanean, buruzagiak dei egin zidan, eta Kuartel Nagusian aurkeztu nintzenean ordurako baneuzkan berrogeita lau neure kontuan; kontua da kanalean ozta-ozta irteten ginela geure otarreetatik, eta jasan egiten genuen, ez lehorreko pertsonalak bezala, guztiek ez baitzuten jasan ahal izan. Eta orain, aldatzeko, zerbait jostagarria: Hegazkin-habia guztietan txakur maskota bat izaten da. Bada, eguraldi bikaina egiten zuen batean, Alex geure txakurrari zera eman genion...»
Hala mintzatu zen gutxi gorabehera kondekorazio gorenak zituen teniente hura, aireko bi borrokaren artean, Alex txakur maskotaren, paraxutaz jaisten ikasi behar izan zuenaren historia ekitaldi artekotzat emanez, eta alarmak jotzen zuenean beti beranduegi izara artetik irteten zen eta behin baino gehiagotan bere aparatuan hegaz egin behar izaten zuen kaboari buruzko pasadizotxoa.
Tenienteak barre egiten zuen, ikasleek, seigarrenekoak barne, barre egitean, eta irakasle batzuek ere amore emanez, irribarre egiten zuten. Hogeita hamaseian egin zuen batxilergoa gure eskolan, eta berrogeita hiruan eraitsi zuten Ruhr eskualdean. Ilea gaztaina-iluna zuen, partitu gabea, atzera luzatua, ez zen bereziki handia, gau-klub batean zerbitzatzen zuen kamarari apaina zirudien. Hitz egitean esku bat patrikan edukitzen zuen, baina berehala ateratzen zuen esku ezkutatua aireko borroka bat deskribatu eta bi eskuez aditzera eman behar zenean. Esku-ahur hedatuen joko hori ñabardurekin menperatzen zuen, sorbaldak makurtuz kurba-hegada imitatzeko gauza zen bitartean, esaldi argigarri luzeei ihes egin, gehienera azalpenezko hitz solteez ordeztu, eta abiatzetik lurra hartu arte motor-zarata edo motorren bat oker zebilenean tartaka entzunaraziz bere burua gainditzen zuelarik. Uste izatekoa zen ikuskizun hau behin baino gehiagotan bere hegazkin-habiako txiribogan eskainita zeukala, batez ere «txiriboga» hitzak bere kontakizunean funtsezko esanahia hartzen baitzuen: «Guztiok txiribogan lasai eserita geunden eta bagenuen... Hain zuzen ere txiribogara nindoala, zeren... Gure txiribogan han dago zintzilik...» Baina bere aktore-eskuak eta zaraten imitazio zehatza alde batera utzita ere, bere hitzaldia atsegin samarra gertatu zen, zeren lortu baitzuen bere garaietan ere gure garaietako ezizen herak zituzten irakasleen parte baten lepotik txantxak egiten. Oro har, atsegina, bihurri samarra eta nahikoa tenorio gertatu zen, baina harropuzkeriarik gabe; zerbait bereziki zaila egin bazuen ere, ez zen inoiz arrakastaz mintzatzen, bere zorte onaz baizik: «Igandez jaiotakoa bainaiz; eta eskolan, sustapen-ziurtagirian pentsatzen dudanean.» Eta hemen, ikasle-txantxa baten erdian, bere ikasgelako hiru kide gogora ekarri zituen, berak zioenez, alferrik erori ez zirenak noski; baina ez zen hitzaldia hiru erorien izenak aipatuz bukatu, baizik eta honako aitorpen honekin: «Mutilok, gauza bat esaten dizuet: frontean dagoenak sarritan eta gustura gogoratzen ditu eskola-garaiak!»
Luzaroan txalo jo genuen, orroka eta lurzoruari ostikoka aritu ginen. Eskuak kiskaltzen eta gogorturik neuzkanean, konturatu nintzen Mahlke uzkur zegoela eta ez zuela txalorik jotzen katedra aldera.
Gure aurrean Klohse profesoreak izugarri biziki estutu zizkion bi eskuak, ikasle ohiari txaloek zirauten bitartean. Gero errekonozimenduz pasa zion besoa sorbaldetatik, supituki jaregin zuen figura hauskorra, berehalaxe bere lekua aurkitu zuena, eta katedraren atzean jarri zen.
Zuzendariaren mintzaldia luzea izan zen. Aspertasuna hedatuz joan zen lore-poto jorietatik hasi eta aularen atzealdean esekiriko oliozko erretraturaino, De Conradi Baroia, eskolaren sortzailea irudikatzen zueneraino. Tenienteak berak ere, Brunies eta Mallenbrandt profesoreen artean kaskar, behin eta berriro begiratzen zien atzazalei. Klohseren arnasa mentoldunak, bere matematika-klase guztiak urrineztatzen zituen eta zientzia hutsaren usaina ordezkatzen zuenak berak ere ezer gutxi balio zuen areto garaian. Aurrealdetik hitzak ozta-ozta iristen ziren aularen erdiraino: «Ondoren etorriko zaizkigunak — Etaorduhonetan — Bidaiarizarazu — Bainaoraingoanaberria — Etaezdezagunsekula ere — kemenez — garbi — lehenesanbezala — garbi — Etahorrelaizangoezbalitzhobe — Etaorduhonetan — garbiiraun — Schilerrenhitzezamaiera emateko — bereahaleginguztiaegitenezduenak sekulaezdubehardenetekinaaterako — Etaorainekinlanari!»
Saioa amaitu zen eta bi multzotan pilaturik geunden aulako ate meharregietan. Mahikeren atzeraino bidea urratzea lortu nuen. Izerditan zegoen, eta ile azukreztatua motots itsaskorretan zeukan arraia nahastuaren inguruan. Inoiz ere ez, ezta gimnasioan ere, ez neukan Mahlke izerditan ikusita. Hirurehun ikasleen kiratsa zipotza bezala zegoen tinkatua aulako ateetan. Zazpigarren ornotik garondora doazen bi zain-balak kiskaltzen eta izerdi-tantaz estaliak ageri zitzaizkion. Klaustroan, orri biko ateen aurrean, lehen urtekoek ateratzen zuten iskanbilaren artean, berehalaxe ekin baitzioten harrapaketan jolas egiteari, atzeman eta aurrez aurre galdetu nion: —Eta zer diok hik?
Mahlkek aurrera so egiten zuen. Bere lepoari ez-ikusi egiten ahalegindu nintzen. Bazen han koloma artean igeltsuzko Lessingen busto bat: baina Mahlkeren lepoak irabazi egiten zion. Patxadaz eta kexati, bere izebaren aspaldidaniko ajeez hitz egin nahi balu bezala, etorri zen ahotsa: —Orain gutxienez berrogei eraitsi beharko dizkiate, gurutzea eskuratu nahi dutenek. Hasiera-hasieran eta Frantzia eta Iparraldekoa amaitzean, hogeiraino behar izaten hituen —gauzak horrela segitzen badik...
Tenientearen mintzaldia ez huen ongi hartu. Bestela zergatik jo huen ordezko hain merkera? Garai hartan papertegietako eskaparateetan eta arropa-dendetan baziren plakatxo eta botoi argikor biribil, obalatu eta lakatu batzuk. Plakatxoetako batzuk arrain-erakoak ziren, eta beste batzuek, ilunpetan argi herde-esnezkoa egiten zutelarik, kaio hegalari baten profila birsortzen zuten. Plakatxo hauek gehienetan adineko gizonezko eta atso herbalek erabiltzen zituzten berokien solapetan, beldurra baitzioten kale ilunetan tupust egiteari: bastoiak ere bazeuden zerrenda argikorrekin.
Baina hi ez hintzen airekontrako babesaren biktima, baina bospasei plakatxo ezarri hituen arrain-sarda argitsu bat, kaio hegalarien saldo bat, lore fosforeszenteen zenbait sorta, lehenik berokiaren solapan eta gero tapabokian, izebari josarazi hizkion, berokian goitik behera, gai argikorrezko dozena erdi bat botoi, pailazo bihurtzen utziz; zeren horrela ikusi baihindudan, ikusten hau oraindik eta ikusiko haut etortzen luzaroan neguko inularrean, ilunabarrean, zeharreko elur-malutetan barrena, edo ilunpe itsuan, oinez beti goitik behera zenbagarri eta alderantziz, bat bi hiru lau bost sei beroki botoirekin argi berde lizun haiekin, Bärenwegetik behera: mamutzar behartsu bat bezala, gehienera ere haurrak eta hirurogeitaka urteko atsoak izutzeko modukoa, eta gaueko ilunpean inork ohartuko ez zukeen nahigabe batekin; baina hik pentsatuko huen, noski: ez zagok fruitu ikaragarri hori irentsiko duen ilunperik; guztiek ikusten susmatzen sentitzen diate, oratu egin nahi diate, eskura dagoenez gero; hobe bai negu hau laster bukatuko balitz eta nik murgil egin eta urpean egoteko aukera izango nau!
© Gunter Grass
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu