XXIII

 

        Bi egunez bizi izan zen horrela, isilik, harridura eta malenkoniazko hodei horretan, itxaronaldi goibelaren zamapean, eta hirugarrenean Sasha agertu zen eta Nikolairi esan zion:

        — Prest dago dena! Gaur ordu batean...

        — Prest jadanik? —harritu zen.

        — Zergatik harritzen zara? Nik Ribinentzako tokia eta jantziak lortu besterik ez nuen egin behar, gainerako guztiaz Gobun arduratu da. Ribinek etxalde bat soilik zeharkatu beharko du. Kalean Ribin elkartuko zaio —mozorroturik, noski—, beroki bat gainetik bota, txano bat eman, eta bidea erakutsiko dio. Ni haren zain egongo naiz, jantziak aldatu eta eraman egingo dut.

        — Ez dago txarto! Eta nor da Gobun hori? —galdetu zuen Nikolaik.

        — Ikusia duzu. Haren etxean biltzen zinen sarrailariekin.

        — Ah, bai! Gogoan dut! Agure xelebre samarra...

        — Soldadu ohia da, teilagina. Adimenez ez da oso argia, biziki gorrotatzen ditu indarkeria mota guztiak... nolabait filosofoa ere bada —zioen Sashak pentsakor, leihora begira. Amak isilik entzuten zuen, eta zerbait zehaztugabea helduz zihoan haren baitan.

        — Gobunek bere loba askatu nahi du. Gogoan duzu? Evtxenko, zuri gustatzen zitzaizun, oso mutil dotore eta txukuna.

        Nikolaik baiezka eragin zion buruari.

        — Ondo antolatuta dauka dena —jarraitu zuen Sashak—, baina zalantzak sortzen hasi zaizkit arrakastari buruz. Paseoak denentzat izaten dira, eskailera ikustean preso askok ihes egin nahi izango dutelako susmoa dut...

        Begiak itxi eta pentsakor geratu zen; ama areago hurbildu zitzaion.

        — Eta traba egingo diote elkarri...

        Leiho aurrean zutik zeuden hirurak, ama Nikolairen eta Sasharen atzean. Haien elkarrizketa azkarrak sentimendu nahasia ernatzen zion bihotzean...

        — Ni hara joango naiz! —esan zuen tupustean.

        — Zertarako? —galdetu zion Sashak.

        — Ez joan, laztana! Horrelakoren batean harrapatu egingo zaituzte! Ez dago horren beharrik! —aholku eman zion Nikolaik.

        Amak begiratu zion, eta ahotsa beheraturik baina setatsuago errepikatu zuen:

        — Ez, joango naiz...

        Haiek agudo begiratu zioten elkarri. Sashak, sorbaldak goratuz, esan zuen:

        — Ulertzekoa da...

        Amarengana jiratu zen, eskutik oratu, harengana makurtu, eta xumeki, bihotzetik hurbil mintzatu zitzaion:

        — Dena dela, esan behar dizut alferrik itxarongo duzula...

        — Nire laztana! —egin zuen oihu amak, beso dardaratiaz neska bere kontra estuturik—. Eraman nazazu, ez dizuet enbarazurik egingo! Behar dut. Ez dut sinesten ihes egin ahal dela!

        — Etorriko da! —esan zion neskak Nikolairi.

        — Hori zuen kontua da! —erantzun zuen hark, burua makurtuz.

        — Ezin egon gaitezke elkarrekin. Zu zelaira joango zara, soroetara. Handik kartzelako murrua ikusten da. Baina, eta galdetzen badizute zertan ari zaren hor?

        Alaiturik, ziurtasunez erantzun zuen amak:

        — Asmatuko dut zer esan!

        — Ez ahaztu kartzelako zaintzaileek ezagutzen zaituztela! —esan zion Sashak—. Eta handik ikusten bazaituzte...

        — Ez naute ikusiko! —egin zuen oihu amak.

        Bat-batean, argitasun mingarriz bizitu zen denbora guztian oharkabean bularra erretzen zion itxaropenaren su motela, eta indar berria eman zion...

        «Baliteke bera ere...» —pentsatzen zuen, presaka janzten zen bitartean.

        Ordubete geroago ama kartzela aurreko zelaian zegoen. Haize zakarra zebilen inguruan, soinekoa harrotzen zion, lur izoztuaren kontra jotzen zuen, ama albotik zihoan soroko hesi zaharkitua astindu eta kartzelako murru baxuari erasotzen zion. Murrua gainditurik, norbaiten oihua altxatzen zuen, airean barreiatu eta zerura eramaten zuen. Han, lasterka igarotzen ziren hodeiak, goi urdinean zuriune txikiak zabalduz.

        Amaren atzean soroa zegoen, aurrean hilerria, eta eskuinaldean, hogei bat metrora, kartzela. Hilerritik hurbil soldatu batek korrika eragiten zion zaldi sokaz lotuari, eta beste batek, haren ondoan zutik, ozenki zapaltzen zuen lurra oin azpian, oihuka, txistuka eta barrezka. Beste inor ez zen kartzelatik hurbil.

        Amak astiro ibiltzen jarraitu zuen haien aldamenetik hilerriko harresirantz, zeharretik eskuinetara eta atzera begiratuz. Eta, bat-batean, sentitu zuen hankek zirgit egin ziotela, astundurik, izoztuta eta lurrari itsatsita geratu balitzaizkio bezala: kartzelako kantoiaren atzetik presaka, farolariak ibili ohi diren moduan, gizon lepoker bat agertu zen, aldean eskailera zekarrela. Amak, beldurrez begiak kliskatuz, segituan begiratu zien soldaduei: lehengo leku berean zeuden, eta zaldia trostan zebilen haien inguruan. Farolariari begiratu zion, ordurako murruaren kontra jarrita zeukan eskailera eta presarik gabe igotzen ari zen. Eskuaz keinu egin zuen patio aldera, abiadan jaitsi eta kantoi atzean desagertu zen. Amari bihotz-taupadak azkartu zitzaizkion, poliki joaten ziren segundoak. Kartzelako horma ilunean eskaileraren marrak apenas nabarmentzen ziren zikinune eta kare-geruza pitzatuko soilguneen erdian. Eta bat-batean, murruaren gainetik, buru beltz bat agertu zen, gorputz bat sortu, jauzi egin eta horman behera irristatu zen. Beste buru bat azaldu zen, txano iletsuz jantzia, lurretik bola beltz bat lerratu eta kantoi atzean desagertu zen. Mikhailok zutitu, inguruetara begiratu eta buruari eragin zion...

        — Alde, alde azkar! —murmurikatzen zuen amak, lurra oin azpian zapalduz.

        Burrunbada zuen belarrietan, garrasi ozenak iristen zitzaizkion; orduan, beste buru bat agertu zen murruaren gainean. Amak, eskuak bularrera eramanik, geldi-geldirik begiratzen zuen. Buru ilehori, bizargabe hark goranzko ahaleginak egiten zituen, nonbaitetik bereizi nahirik bezala eta, halako batean, murru atzean desagertu zen. Oihuak gero eta ozenagoak eta bortitzagoak ziren, haizeak airetik barreiatzen zituen txilibituen txistu zoliak. Mikhailo murruaren albotik zihoan, baina ordurako haren muturrera iritsia zen eta kartzelaren eta hiriko etxeen arteko eremu zabala gurutzatzen ari zen. Amari iruditzen zitzaion astiroegi zebilela, eta arriskutsua zela burua horrenbeste goratzea: izan ere, aurpegiari begiratu bat emango liokeen edonork betiko gogoratuko luke aurpegi hori. Txutxu-mutxuka zioen:

        — Arinago... arinago...

        Kartzelako murruaz bestaldean danbateko sorra entzun zen, eta gero, kristal hautsien hots mehea. Soldadu batek, hankak lurrean bermaturik, beregana tiraka egiten zion zaldiari; bestea, ukabilaz ahoa bildurik, zerbait oihukatzen ari zen kartzela aldera eta, oihuak jaregin ondoren, soslai jiratzen zuen bertarantz burua, belarri emanez.

        Amak, ahaleginak eginez, alderdi guztietara bihurtzen zuen lepoa; begiek, dena ikusi arren, ez zuten ezer sinesten: errazegi eta bizkorregi burutua zen berak hain izugarri eta zail irudikatua zuen hori; eta bizkortasun horrek txundituta utzi eta kordea sorgortzen zion. Ordurako kalean ez zen Ribinen arrastorik sumatzen, oinez zihoan beroki luzeko gizon garai bat, korrika zebilen neskato bat. Kartzelako kantoi atzetik hiru presozain agertu ziren, lasterka zetozen elkarrengana trinko estuturik eta eskuineko besoa aurrerantz luzaturik. Soldaduetako batek ziztu bizian jo zuen haiengana, besteak korrika egiten zuen zaldiaren inguruan, haren gainera igotzen saiatuz, baina abereak ez zion uzten, jauzika ari zen, eta inguruko guztiak ere jauzi egiten zuen harekin batera. Etengabe, beste zarata guztiak itota, txilibitu hotsek airea urratzen zuten. Haien soinu urduri, haserreak arriskuaren kontzientzia ernatu zuen amarengan; zirgit eginik, hilerriko harresiaren albotik ibiltzen hasi zen, presozainak zelatatuz, baina bai haiek bai soldaduak kartzelaren beste muturreko kantoira abiatu ziren korrika eta han desagertu ziren. Haien atzetik, uniformeko jaka lotu gabe, hara abiatu zen kartzelako zuzendariordea ere, amak hain ondo ezagutzen zuena. Nonbaitetik polizia azaldu zen, herritarrak lasterka elkartuz zihoazen.

        Haizea zurrunbiloka zebilen, oldartsu, zerbaitek alaituta bezala, emakumearen belarrietaraino garrasi eta txistuak iristen ziren, etenka, nahasian... Ardaila horrek alaiturik, urratsa bizitu zuen, pentsatuz:

        «Agian, bera ere bai!»

        Tupustean, harresiko kantoiaren atzetik bi polizia agertu zitzaizkion aurrez aurre.

        — Geldi! —oihu egin zion haietako batek, arnasestuka—. Ez duzu ikusi gizon bizardun bat?

        Amak besoaz soroetara seinalatu, eta patxadaz erantzun zien:

        — Handik joan da korrika, zer ba?

        — Egorov! Jo txilibitua!

        Etxeko bidea hartu zuen. Bazen zerbait nahigabea sortzen ziona, zerbait garratza eta mingarria sumatzen zuen barnean. Zelaia atzean utzita kale artean sartzean zalgurdi batek pasabidea itxi zion. Burua jasotakoan, bibote ile-argi eta aurpegi zurbil, nekatuko gazte bat ikusi zuen kotxean. Hark ere so egin zion. Saiheska eserita zegoen, eta, segur aski horregatik, eskuineko besaburua ezkerrekoa baino gorago zeukan.

        Nikolaik pozik hartu zuen.

        — Esan, zer gertatu da?

        — Badirudi ondo atera dela!

        Oroimenean xehetasun guztiak berreskuratzen ahaleginduz, ihesaldia azaltzen hasi zitzaion, norbaiti entzundako istorio bat kontatuko balio bezala, haren egiatasunari buruzko zalantzaz.

        — Bai zortea gurea! —esan zuen Nikolaik, eskuak igurtziz—. Baina beldurraren beldurrez egon naiz zuri zer gertatuko! Deabruak daki nola! Aizu, Nilovna, onar ezazu lagun on baten aholkua: ez izan epaiketaren beldur! Zenbat eta lehenago izan, orduan eta hurbilago egongo da Pavelen askatasuna, sinets iezadazu! Agian, bidean bertan egingo du ihes. Epaiketa, gutxi gorabehera, honelakoa izango da...

        Eta epaiketaren nondik norakoaren berri ematen hasi zitzaion. Amak entzun, eta ulertzen zuen zerbaiten beldur zela baina adore eman nahi ziola.

        — Uste duzu, agian, zerbait esango diedala epaileei? —galdetu zion ustekabean—. Eskaeraren bat egingo diedala?

        Nikolai jauzi batez zutitu zen, amaren aurrean eskuei eragiten hasi eta minduta oihukatu zuen:

        — Baina, zer diozu!

        — Beldur naiz, egia da! Zeren beldur? Hori ez dakit! —Isilik geratu zen, begiak gelatik noraezean eramanez.

        — Batzuetan pentsatzen dut Pasha iraintzen hasiko direla, trufa egingo diotela. Aizak hi, mujik hori, mujik baten semea haizela ziotek eta! Zer trikimailu prestatu duk? Pasha oso harroa da, eta sekulakoak erantzungo dizkie! Edo, beharbada, Andrei haien lepotik barrezka hasiko da. Hain dira odolberoak denak. Eta orduan pentsatzen dut: halako batean ezin izango du bere burua menperatu... Eta hain zigor handia ezarriko diote, sekula ez baitut berriro ikusiko!

        Nikolai isilik zegoen, bekozko ilunez, kokospekoari tiraka.

        — Gogoeta horiek burutik ezin ezabaturik nabil! —esan zuen amak ahapeka—. Izugarria da epaiketa! Nola hasiko diren dena aztertzen eta neurtzen! Oso izugarria da! Ez zigorra, epaiketa bera baizik. Ez dakit nola azaldu...

        Nikolaik —ohartu zen ama— ez zuen ulertzen, eta horrek traba gehiago jartzen zion bere izuaz hitz egiteko gogoari.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia