XX
Sukaldeko atean emandako kolpe ozenek asaldaturik esnatu zen ama. Etengabe eta egonarri tematiz jotzen ari ziren. Gau iluna zen artean, isilik zegoen dena, eta kolpeen tarrapata setatsuak larridura sortzen zuen iluntasunean. Arrapaladan jantzi ondoren, abiadan irten zen sukaldera eta, ate aurrean geldituta, itaundu zuen:
— Nor da?
— Ni! —erantzun zuen ahots ezezagun batek.
— Nor?
— Zabaldu! —erantzun zioten ateaz bestaldetik, erregutzaile eta apalki.
Amak krisketa jaso eta hankaz bultzatu zuen atea. Ignat sartu zen, eta alaiki esan:
— Hara, ez naiz okertu!
Gerriraino lokatzez zipriztinduta zegoen, aurpegia gristurik, begiak sakon sartuta eta lazturik ile kizkurra, txano azpitik leku guztietatik nahas-mahas ateratzen zitzaiola.
— Ezbeharra gertatu zaigu! —jaregin zuen xuxurlaka, atea itxitakoan.
— Bazekiat...
Horrek harrituta utzi zuen mutila. Begiak kliskaturik, galdetu zuen:
— Nolatan gero?
Amak labur eta azkar azaldu zion.
— Eta beste biak, hire lagunkideak, harrapatu dituzte?
— Haiek ez zeuden han. Erreklutamendu-bulegora joanak ziren. Bost harrapatu dituzte, haien artean osaba Mikhail...
Airea sudurretik bota eta, ezpain artean irrika, esan zuen:
— Baina nik ospa egin dut. Seguru nire bila ari direna.
— Eta nola atera haiz onik? —galdetu zuen amak. Zaratarik gabe ertireki zen gelako atea.
— Ni? —egin zuen oihu Ignatek, bankuan eserita eta ingurumariak arakatzen zituen bitartean—. Haiek baino minutu bat lehenago basozaina etorri zen, leihoa jo eta esan zigun: kontuz, mutilok, zuen bila datoz...
Ahopetik barrez hasi zen, berokiaren behealdeaz aurpegia garbitu eta hizketan jarraitu zuen:
— Zera, osaba Mikhaili ezta mailukada batez ere ez diozu burua nahasiko. Segituan esan zidan: «Ignat, hoa hirira, azkar! Gogoan duk edadeko emakume hori?» Eta ohartxo bat idatzi zuen. «Bada, hoa!...» Nik, sasi artean arrastaka nindoala, entzun egin nituen, gure bila ari ziren! Asko ziren, zarataka zetozen alderdi guztietatik, demonioak! Urkabilurra lantegiaren inguruan. Sasi artean etzanda nengoen eta nire albotik pasatu ziren. Orduan, zutitu eta ibili ta ibili hasi nintzen. Bi gau eta egun betez ibili naiz, atsedenik hartu gabe.
Bere buruarekin pozik zegoela nabaritzen zitzaion, irribarreak distira egiten zuen haren begi gaztainkaretan, dardarka zituen ezpain gorri mardulak.
— Tea emango diat oraintxe bertan! —esan zuen amak arrapataka, samovarrari heltzeaz batera.
— Hartu ohartxoa...
Nekez hanka jaso eta, bekainak zimurturik eta karrankaz, banku gainean jarri zuen.
Nikolai agertu zen atean.
— Egun on, lagunkidea! —esan zuen, begiak naretuz—. Mesedez, utzi laguntzen.
Eta, makurturik, azpantar lohitsuak bizkor askatzen hasi zitzaion.
— Hara! —oihu apala jaregin zuen mutilak, hankari tiraka, eta, begiak harriduraz kliskatuz, aman begiratu zion.
Haren begiratuaz ohartu gabe, amak esan zuen:
— Vodkaz igurtzi behar dizkiogu hanka horiek...
— Bai horixe! —jaulki zuen Nikolaik.
Ignatek, nahasirik, erremuskada egin zuen.
Nikolaik ohartxoa aurkitu zuen, papertxo gris maiztua lisatu eta, aurpegira hurbildurik, irakurri zuen:
«Ama, ez utzi bertan behera zure zeregina; mesedez, esan andere altuari ez ahazteko gehiago idatzi behar dela gure arazoez. Agur. Ribin».
Nikolaik astiro beheratu zuen ohartxoari heltzen zion eskua, eta ahots apalez esan:
— Hau bai miresgarria!
Ignat biei begira zegoen, hanka oinustuko behatz lokaztuak leunki mugituz. Ama, aurpegia ezkutaturik, malkotan blai, harengana hurbildu zen treska bete ur eskuetan zuela. Zoruan eseri eta mutilaren oinera luzatu zituen besoak. Hark agudo gorde zuen bankuaren azpian, beldurturik oihu eginez:
— Zer egingo duzu?
— Emadak lehenbailehen oin hori...
— Oraintxe ekarriko dut alkohola —esan zuen Nikolaik. Mutilak oina banku azpian gero eta barrurago sartu eta purrustadaka esaten zuen:
— Zertan ari zara? Zer da hau, ospitalea ala...?
Orduan, ama, beste oinetakoa eranzten hasi zitzaion.
Ignatek sudurretik zaratatsu egiten zuen arnasa eta, lepoa baldarki mugituz, goitik behera begiratzen zion amari, ezpainak era barregarrian irekita zituela.
— Badakik Mikhail Ivanovitx jo zutena...? —galdetu zion amak ahots dardaratiz.
— Benetan? —egin zuen oihu mutilak ahapeka eta beldurrez.
— Bai. Jipoituta ekarri zitean, eta Nikolskoen polizi sarjentuak jo zian, eta komisarioak ere bai, aurpegian eta ostikoka... odoletan zegoan!
— Haiek badakite hori egiten! —arrapostu zuen mutilak, bekainak zimurtuz. Zirgit egin zion sorbaldak—. Horregatik, deabruari baino beldur handiagoa diet! Eta mujikek ez zuten jo?
— Batek jo zian, komisarioak agindu zioan. Baina gainerakoek ez, haren alde azaldu eta guzti ere egin zitean, ez jotzeko esan zitean...
— Ba-ai, mujikak ulertzen hasiak dira non eta zertarako dagoen bakoitza.
— Han ere badituk zentzudunak...
— Eta non ez? Pobrezia! Leku guztietan badira, baina zailak dira aurkitzen.
Nikolaik botila bete alkohol ekarri zuen, samovarrera ikatza bota eta isilik alde egin zuen. Jakin-minezko begiradaz jarraitzen zitzaiola, Nikolaik ahapeka galdetu zion amari:
— Jaun hori, medikua da?
— Borroka honetan ez zegok jaunik, lagunkideak gaituk denok...
— Harritzekoa da! —esan zuen Ignatek, sinesgogor eta txunditurik irribarre eginez.
— Zer da harritzekoa?
— Ba, hori. Bazter batean muturra berotzen dizute, bestean oinak garbitzen dizkizute, eta erdian zer dago?
Parez pare zabaldu zen gelako atea, eta Nikolaik, atalasean zutik, hala esan zuen:
— Bada, erdian, muturra berotzen dutenen eskua milikatu eta muturra berotzen dietenen odola hurrupatzen dutenak daude; hori da erdia!
Ignatek begirunez so egin zion eta, isilune baten ondoren, esan zuen:
— Hala ematen du!
Mutila zutitu, oinak zoruan sendo finkaturik lehen hanka batean eta gero bestean bermatu, eta ohartarazi zuen:
— Berri antzera geratu zaizkit! Eskerrik asko...
Gero, jangelara joan eta tea hartzera eseri ziren, eta Ignatek doinu serioz esan zuen:
— Nik banatzen nituen egunkariak, ibiltari aparta naiz.
— Jende askok irakurtzen ditu? —galdetu zion Nikolaik.
— Irakurtzen dakiten guztiek, eta aberatsek ere bai; haiei, noski, ez dizkiegu guk ematen... Izan ere, ulertu egiten dute nekazariek beren odolaz zulatuko dutela lurra jauntxo eta aberatsen oin azpian, hau da, haiek banatuko dutela, horrez geroztik ez ugazabarik ez langilerik ez izateko moduan partituko dutela, dudarik gabe! Zergatik ekingo diote borrokari, horregatik ez bada?
Minduta ere bazegoela ematen zuen, eta sinesgogor, galderati begiratzen zion Nikolairi. Nikolaik irribarre egiten zuen isilik.
— Eta gaur denok batera borrokatu, eta nagusitu, eta bihar berriro batzuk aberatsak eta besteak pobreak badira, zer? Jai daukagu! Guk ondotxo dakigu nolakoa den aberastasuna, harea mugikorren antzekoa da, ez da mantso egoten, eta berriro barreiatuko da leku guztietatik! Ez, horrelakorik ez dugu nahi!
— Baina ez haserretu! —esan zion amak txantxetan.
Nikolaik pentsakor jaulki zuen:
— Ahalik eta arinen bidali behar ditugu hara Ribinen atxiloketari buruzko agiriak, baina nola?
Ignat erne jarri zen.
— Bada agiririk? —galdetu zuen.
— Bai.
— Eman, neuk eramango ditut! —proposatu zuen mutilak, eskuak igurtziz.
Ama ahopetik barrezka hasi zen, hari begiratu gabe.
— Baina ez duk esan nekatuta hagoela eta beldur haizela?
Ignatek, esku ahur zabalaz buruko ile kizkurrak leunduz, arduratsu eta patxadaz esan zuen:
— Izua izua da, eta eginbeharra eginbeharra! Zergatik egiten duzu barre? Hara bestea ere!
— Ai, hi, nire umetxoa! —jaregin zuen amak nahigabe, mutilak sortarazitako alaitasun sentimenduari ezin eutsirik. Hark sasi-irribarre egin zuen, aztoraturik.
— Bada, hona hemen umetxoa!
Nikolai mintzatu zen hurrena, begi ertirekiek begiratu onbera eta arretatsua egozten ziotela mutilari:
— Zu ez zara joango hara...
— A ez? Nora joango naiz ba? —galdetu zuen Ignatek urduri.
— Zure ordez beste norbait joango da, zuk zehatz-mehatz azalduko diozu zer eta nola egin behar duen, konforme?
— Konforme! —esan zuen Ignatek, ez bat-batean eta gogoz kontra.
— Pasaporte ona lortuko dizugu eta basozain sartuko zaitugu.
Mutilak agudo jaso zuen burua, eta kezkaturik galdetu:
— Eta mujikak egur bila etortzen bazaizkit edo... orokorrean, zer egin behar dut? Lotu? Ez dut balio horretarako...
Amak barre egin zuen, Nikolaik ere bai, eta horrek berriro nahasi eta atsekabetu zuen mutila.
— Ez kezkatu! —kontsolatu zuen Nikolaik—. Ez duzu inolako mujikik lotu beharrik izango, sinets iezadazu!
— Beno, tira, tira! —jaulki zuen Ignatek, lasaiturik eta irribarre alaiz—. Baina nik fabrikara joan nahiago nuke, han, diotenez, mutilak nahiko buruargiak dira...
Ama mahaitik altxatu zen eta, pentsakor leiho aldera so, esan zuen:
— Ah, bizitza! Egunean bost aldiz barre algaraka eta bost aldiz negar malkotan egoten zara! Tira, amaitu duk, Ignat? Hoa lotara...
— Baina ez naiz logura...
— Hoa, hoa...
— Oso zorrotzak zarete hemen! Beno, banoa... Eskerrik asko teagatik, azukreagatik eta zuen maitasunagatik...
Amaren ohean etzan zenean, purrustadaka esan zuen buruan hatz eginez:
— Orain bikearen kiratsa izango duzue etxe osoan... arraioa! Alferrikakoa da hau guztia... Ez dut lorik egin nahi... Bete-betean asmatu du erdiari buruzko kontu horrekin... Deabruak...
Eta, ozenki zurrunga eginez, lo geratu zen, bekainak gora jasorik eta ahoa ertirekita.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda