XIX
Nikolaik zabaldu zion etxeko atea, txima-jario, liburu bat eskuetan.
— Hain goiz? —jaregin zuen pozik—. Laster itzuli zara!
Maitekiro eta bizitasunez kliskatzen zituen begiak betaurrekoen atzean, berokia eranzten lagundu eta, irribarre samurrez aurpegira so, esan zion:
— Begira, gauean etxea miatu didate, eta pentsatu dut: zer dela eta? Zerbait gertatu ote zaio Nilovnari? Baina ez dute atxilotu. Atxilotu izan balute, ni ez ninduten aske utziko!
Jangelara eraman zuen, pizturik hizketan jarraitzen zuela:
— Dena den, orain lanetik botako naute. Baina ez dut tamalik hartuko. Kokoteraino nago zaldirik gabeko nekazariak zenbatzeaz!
Gelaren itxura ikusita bazirudien ezen norbaitek, esku indartsuz eta eroaldi ergel batek eraginda, kaletik etxeko hormak astintzen jardun zuela harik eta barruko guztia hankaz gora jarri zuen arte. Erretratuak lurrean botata zeuden, hormetako papera urratuta eta zerrendatan dingilizka, bazterrean zoruko ohol bat altxatuta, leihoaren hegala erauzita, eta berontziaren inguruan errautsa lurretik barreiatuta. Amak burua kulunkatu zuen hain ezaguna zitzaion koadro horren aurrean, eta finko begiratu zion Nikolairi, harengan zerbait berria sumaturik.
Mahai gainean, itzalita zegoen samovarra, garbitu gabe ontziak eta, platerik ezean, paperez bilduta hestebeteak eta gazta, han-hemenka sakabanaturik ogi puska eta apurrak, liburuak eta samovarreko ilintiak. Amak erdi irribarre egin zuen, Nikolaik ere irribarre egin zuen, nahasirik.
— Nik osatu dut progromaren koadroa, baina berdin dio. Berdin dio, Nilovna! Uste dut berriro etorriko direla, horregatik ez dut txukundu hau guztia. Tira, zer moduz bidaia?
Galderak astunki sakatu zuen amaren bularra: aurrean berriro ikusi zuen Ribin, eta errundun sentitu zen, ez baitzuen berehalakoan berataz hitz egin. Aulkian makurturik, gorputza Nikolairengana aurreratu eta, lasaitasunari eusten saiatuz, zerbait ahazteko beldurrez, gertatutakoa kontatzeari ekin zion.
— Harrapatu egin dute...
Nikolairen aurpegiak zirgit egin zuen.
— Bai?
Amak eskuaren mugimendu batez haren itauna geldiarazi eta hizketan jarraitu zuen, justiziaren aurrera agertu eta gizonak jasandako torturari buruzko kexa aurkezten ariko balitz bezala. Nikolai aulkiaren bizkarraldean bermatu zen, zurbil, eta ezpainak hozkaturik entzuten zion. Astiro kendu zituen betaurrekoak, mahai gainean ipini eta eskua pasatu zuen aurpegitik, bertatik amaraun ikusezin bat kentzeko bezala. Zorroztu zitzaion aurpegiera, harrigarriro nabarmendu masailalboak, dardarka hasi sudurzuloak. Lehenbiziko aldia zen amak horrela ikusten zuena, eta apur bat beldurtu zen.
Amaitu zuenean, Nikolai zutitu eta tartetxo batez ibili zen gelatik, isilik eta ukabilak poltsikoetan hondoraino sartuta. Gero, hortz artetik purrustadaka esan zuen:
— Gizon handia, inondik ere. Gogorra izango zaio kartzelan egotea, bera bezalako jendea txarto sentitzen da han barruan!
Gero eta hondorago ezkutatzen zituen eskuak, bere hunkipena menperatuz, baina, hala ere, ama haren zirraraz ohartu eta kutsatzen zen. Zorrotz estutu ziren Nikolairen begiak, ganibet-puntak bailiran. Berriro gelatik harat-honat zebilela, hotz eta amorruz mintzatzen zen:
— Begira zein izugarria den! Kirten mordo batek jende guztia jo, ito eta zapaldu egiten du herriaren gainean duen zorigaiztoko boterea defendatzearren. Haziz doa basakeria, ankerkeriak agintzen du bizitzan, pentsa ezazu! Batzuek, jo egiten dute, zigorgabekeriak piztia bihurturik; min emateko egarri neurrigabeak gaixoturik daude, esklaboen sentimenduak eta animalien azturak gordinki erakusteko askatasuna eman dioten esklaboaren gaixotasun nardagarria da hori. Beste batzuk, berriz, mendekuak pozoituta daude; eta gainerakoak, animalien parekoak izateraino ostikoka kikilduta, mutu eta itsu geratu dira. Herria galbidetzen ari dira, herri osoa!
Gelditu eta isildu egin zen, ezpainak estuturik.
— Nahigabe zeu ere piztia bihurtzen zara piztien bizitza honetan! —esan zuen ahapeka.
Bere narritadurari nagusiturik, kasik lasaituta, leinuru irmoa begietan, amaren aurpegi malko isilez beteari begiratu zion.
— Guztiarekin ere, ezin dugu denborarik galdu, Nilovna! Saia gaitezen geure buruaren jabe izaten...
Gogoilun irribarre eginez, amarengana hurbildu zen eta, makurturik, eskua estutuz, galdetu zion:
— Non da zure maleta?
— Sukaldean! —erantzun zuen.
— Zelatariak etxeko atean daude, ezin izango dugu paper pila hori oharkabean atera, eta ez dago inon ezkutatzerik, baina uste dut gaur gauean berriro etorriko direla. Beraz, tamalgarria bada ere, erre egingo dugu hori guztia.
— Zer? —galdetu zuen amak.
— Maletan dagoen guztia.
Ulertu zuen, eta —triste egon arren— bere arrakastak eragindako harrotasun sentimenduak irribarrea ekarri zion aurpegira.
— Hor ez dago ezer, ezta orritxo bat bera ere! —esan zuen eta, arian-arian suspertuz, Txumakovekiko topaketaren berri ematen hasi zitzaion. Entzuten zion Nikolaik, kezkaturik eta kopeta-zimur hasieran, harriduraz gero, eta azkenean, kontaketa etenik, oihu egin zuen:
— Aizu, entzun, hori miragarria da! Harritzekoa da nolako zortea duzun...
Eskua estutu zion, eta ahapeka bota:
— Zure fedeak hain biziki hunkitzen du jendea... nik, benetan, maite zaitut, nire ama bazina bezala!
Amak, irribarretsu, jakin-minez arakatzen zuen, ulertu nahi zuen zergatik zegoen hain distiratsu eta pizturik.
— Dena da miragarria! —esan zuen hark eskuak igurtziz, irri leun eta samurrez barre egiten zuelarik—. Entzun, azken egunotan ikaragarri ondo bizi izan naiz; denbora guztia langileekin, irakurtzen, hitz egiten, behatzen. Osasuna, garbitasun harrigarria pilatu dut gogoan! Hori bai jende ona, Nilovna! Langile gazteez ari naiz: sendoak dira, sentiberak, dena ulertzeko egarriz daude. Haiei begiratu, eta argi ikusten duzu: Errusia munduko demokraziarik distiratsuena izango da!
Baiezka jaso zuen eskua, zin eginez bezala, eta, isilune baten ondoren, jarraitu zuen:
— Hor eserita egoten nintzen, idazten, liburuxka eta zifra artean herdoilduta, lizunduta bezala. Ia urtebete horrela bizitzea higuingarria da. Kontua da ohituta nagoela langileen artean egoten, eta haiengandik bereizten naizenean, deseroso sentitzen naiz, badakizu? atezuan jartzen naiz, ahalegin handiak egin behar izaten ditut bizimodu hori eramateko. Eta orain askatasunez bizi ahal naiz berriro, langileekin elkartuko naiz, haiekin jardun. Ulertzen duzu? Ideia jaio berrien sehaskan egongo naiz, energia sortzaile gaztearen aurrean. Hori harrigarriro xumea eta ederra da, narritadura bitxia eragiten dizu, gazte eta sendo bihurtzen zaitu, bizitza aberasten dizu!
Barrez hasi zen, aztoraturik eta alaiki, eta haren poza amaren bihotzaz jabetu zen, ulertu egiten baitzuen.
— Eta gainera, zu izugarri ona zara! —egin zuen oihu Nikolaik—. Zein ondo deskribatzen duzun jendea, zein argi ikusten duzun!
Nikolai amaren alboan eseri zen, nahasirik burua bazterrera bihurtuta eta ilea lisatuz, baina laster jiratu zen eta, begietara so, gogotsu entzuten zuen haren kontaketa arin, xehe eta argia.
— Arrakasta harrigarria! —egin zuen oihu—. Kartzelara joateko aukera guztiak zenituen, eta bat-batean...! Bai, antza denez, nekazariak mugitzen hasi dira; bestetik, berezkoa da hori! Ezin zehatzago irudikatzen dut emakume hori! Landako zereginez bereziki arduratuko den jendea behar dugu... jendea. Gutxi gara... Bizitzak ehunka beso eskatzen ditu...
— Pasha kalera aterako balitz! Eta Andriusha! —esan zuen amak ahapeka.
Nikolaik begiratu zion eta burua jaitsi zuen.
— Begira, Nilovna, zuretzat gogorra izango da hau entzutea, baina, hala ere, esan egingo dizut: nik ondo ezagutzen dut Pasha, ez du ihes egingo kartzelatik! Epaiketa behar du, barruan daukan guztia agertarazi behar du, ez dio uko egingo aukera horri! Baina beharrik ez dago! Ihes egingo du Siberiatik.
Amak hasperen egin eta ahopetik erantzun zuen:
— Beno, hala beharko! Berak badaki zer den onena...
— Jum! —jaregin zuen Nikolaik isilune baten ondoren, betaurrekoen atzetik aman so eginez—. Lehenbailehen etorriko ahal da zure mujik hori gugana! Begira, ezinbestekoa da Ribini buruzko orri bat idaztea landarako. Horren ausardia handiz jokatzen badu, horrek ez dio kalterik ekarriko. Gaur bertan idatziko dut. Liudmilak berehalakoan inprimatuko du... Baina nola helaraziko dugu haraino?
— Nik eramango dut...
— Ez, eskerrik asko! —esan zuen Nikolaik bizkor—. Pentsatzen ari naiz Vesovstxikovek ez ote duen horretarako balio!
— Berarekin hitz egingo dut?
— Tira, saia zaitez! Zer egin behar duen azaldu.
— Ez kezkatu!
Idaztera eseri zen. Amak, mahaia txukuntzen zuen bitartean, so egiten zion, eta ikusten zuen nola mugitzen zen luma haren eskuan eta nola betetzen zuen orria hitz lerro beltzez. Batzuetan dardarizoak hartzen zion lepoko azala, atzera eramaten zuen burua, begiak itxita, kokotsa dardarka. Larritu egiten zuen horrek.
— Prest dago! —esan zuen, zutitzeaz batera—. Gorde ezazu papertxo hau nonbait zure jantzien artean. Baina kontutan izan jendarmeak agertzen badira zu ere miatuko zaituztela.
— Pikutara doazela! —erantzun zuen patxadaz.
Arratsean Ivan Danilovitx medikua azaldu zen.
— Zer dela-eta daude agintariak bat-batean hain urduri? —zioen, gelatik azkar zebilela—. Bart zazpi miaketa egin zituzten. Non dago gaixoa, e?
— Atzo joan zuan! —erantzun zuen Nikolaik—. Ez badakik ere, gaur larunbata duk, hitzaldia zeukak, eta ezin dik huts egin...
— Hori bai lelokeria, burua apurtuta hitzaldietara joatea ere...
— Horixe azaldu zioat nik, baina alferrik...
— Lagunkideen aurrean plantak egiteko irrikaz dago —ohartarazi zien amak—, hona, begira, nik dagoeneko isuria diat nire odola...
Medikuak begiratu, odoltzale aurpegia jarri eta hala esan zuen, ezpainak estuturik:
— U-u, odol-gosetia...
— Aizak, Ivan, hik ez duk zer eginik hemen, eta bisitariak espero ditiagu, alde egin ezak! Nilovna, emaiozu papertxoa...
— Beste papertxo bat? —egin zuen oihu medikuak.
— Hona hemen! Hartu eta moldiztegira eraman.
— Hartu diat. Eramango diat. Besterik?
— Besterik ez. Atean zelatari bat zegok.
— Ikusi diat. Nire etxeko atean ere bazegok bat. Tira, ikusi arte! Ikusi arte, emakume odoltzalea. Badakizue, adiskideok? hilerriko borrokaldia gauza ona izan da azken batean! Mintzagai du hiri guztiak. Horri buruz idatzi huen orrixka oso ona izan zuan, eta une egokian kaleratua. Nik beti esan diat liskar ona bake txarra baino hobea dela...
— Ondo zegok, hoa...
— Ez haiz oso atsegina! Ekarri bosteko hori, Nilovna! Dena den, mutikoak lelokeria galanta egin dik. Badakik non bizi den?
Nikolaik helbidea eman zion.
— Bihar joango nauk ikustera, mutil jatorra, ezta?
— Oso...
— Zaindu beharra zegok, buru argia dik! —esan zuen medikuak joaterakoan—. Hain zuzen ere, horrelako gaztetxoengandik sortuko duk benetako intelligentsia proletarioa, gu ordeztuko gaituena seguru asko honezkero klasearteko kontraesanik ez dagoen lekura alde egiten dugunean...
— Oso berritsua bihurtu haiz, Ivan...
— Pozik nagok, horregatik. Beraz, kartzelara joatea espero duk? Bertan atseden har dezaan opa diat.
— Eskertzekoa duk. Baina ez nagok nekatuta.
Amak haien elkarrizketa entzuten zuen, eta atsegin zitzaion langile gaztearenganako ardura hori.
Medikua agurtu ondoren, Nikolai eta ama tea edatera eta mokadu bat jatera eseri ziren, gaueko bisitarien zain eta ahots apalez hizketan. Nikolaik luze hitz egin zion bere lagunkideei buruz, bai erbestean bizi zirenez, bai ordurako handik ihes egin eta ezizenak hartuta borrokatu behar zutenez. Gelako horma soilek atzera itzularazten zuten haren ahotsaren soinu leuna, mundu berria eraikitzeko borroka handian beren indarrak musu-truk ematen zituzten heroi xume haiei buruzko istorioek liluratuta eta haietan fidatu gabe bezala. Iluntasun epelak samurki inguratzen zuen emakumea, bihotza jende ezezagun horrenganako maitasunezko sentimenduaz berotuz. Amaren irudimenean jende horrek guztiak indar kementsu agortezinez hornitutako gizaki bakar erraldoia osatzen du. Astiro baina nekaezin dabil lurretik, egokitu zaien lanarekin maitemindutako eskuez mundua mendetako gezurraren lizunetik garbitzen, bizitzaren egia argi eta xumea jendearen begien bistan agerian jartzen. Eta egia handi horrek, berpizturik, berdinki luzatzen die guztiei berarengana inguratzeko dei abegikorra, berdinki hitz ematen die denei gutiziatik, makurkeriatik eta gezurretik askatuko dituela, hiru horiek baitira, beren indar zinikoarekin, mundu osoa uztarpetuta eta ikaratuta daukaten munstroak... Irudi horrek ariman sortzen zion sentimendua bere bizialdiko gainerako egunak baino eramangarriagoa iruditzen zitzaion egunen bat amaitzean esker onez eta alaiki otoitz eginez ikonoen aurrean jartzen zenean sentitu ohi zuenaren antzekoa zen. Harrezkero ahaztuak zituen egun haiek, baina eragiten zioten sentimendua, aldiz, zabalagoa bilakatua zen, argitsuagoa eta alaiagoa, sakonago errotuta zeukan ariman eta, bizitasunez, gero eta distiratsuago argitzen zuen.
— Eta jendarmeak ez datoz! —egin zuen oihu Nikolaik, bere kontaketa bat-batean etenik.
Amak begiratu eta, isilune baten ondoren, amorruz arrapostu zuen:
— Infernura doazela!
— Bai horixe! Baina orain, lo egiteko ordua duzu, Nilovna, leher eginda egon behar duzu. Harritzekoa da zein indartsua zaren, aitortu beharra dago! Zenbat zirrara eta estualdi, eta zein erraz eramaten dituzun! Baina ilea abiadan urdintzen ari zaizu. Hara, zoaz, atseden hartu.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda