XVI
Polizi komisarioa, aurpegi biribileko gizon garai, mardula, jendearengana zihoan. Kapela alde batera okertuta zekarren, bibote atal bat gorantz bihurrituta eta bestea beherantz erorita, eta horrek itxura makurra ematen zion haren aurpegiari, irribarre ergel, adieragabe batek itsustuari. Ezkerreko eskuan sablea zeraman eta eskuinekoa airean kulunkatzen zuen. Haren urrats astun eta sendoen hotsa entzuten zen. Jendetza haren aurrean zabaltzen zen. Zerbait goibela eta etsia agertu zen aurpegietan, zalaparta moteldu eta isildu egin zen lurrera erori balitz bezala. Amak sentitu zuen bekokiko azala dardarka eta begiak sutan zituela. Jendetzan sartzeko gogoa egin zitzaion berriro, aurrera makurtu eta zurrun gelditu zen jarrera bortxatu batean.
— Zer gertatzen da hemen? —galdetu zuen komisarioak, Ribinen aurrean gelditu eta begiradaz neurtzen zuela—. Zergatik ez ditu eskuak lotuta? Guardiak! Lotu!
Haren ahotsa garaia eta ozena zen, baina belaxka.
— Lotuta zituen, baina herriak askatu dizkio! —erantzun zion guardietako batek.
— Zer? Herria? Nolako herria?
Komisarioak beraren aurrean biribil erdia osatzen zuen jendetzari begiratu zion. Eta beti tonu berberaz, ahots zuriz, ez ozenago ez apalago, hizketan jarraitzen zuen:
— Nor da herria?
Sablearen eskutokiaz ukitu bat eman zion bularrean mujik begi-urdinari.
— Hi haiz herria, Txumakov? Tira, nor gehiago? Hi, Mishin?
Eta eskuineko eskuaz bizarretik tiraka egin zion beste bati.
— Ospa hemendik, jendaila! Bestela, bestela larrutik ordainduko duzue!
Haren ahotsean, haren aurpegian ez zen ez haserrerik, ez mehatxurik, patxadaz hitz egiten zuen, horretara eginda zeuden esku luze eta sendoen mugimendu beti-berdinez jotzen zuen jendea. Nekazariek atzera egiten zuten haren aurrean, burua beheraturik, aurpegia bazterrera jiratuta.
— Eta zuek zer? —esan zien guardiei—. Lotu ezazue!
Hitz zantarrez biraoka, Ribini berriro begiratu eta ozenki esan zion:
— Eskuak atzera, hi!
— Ez dut eskuak lotzea nahi! —esan zuen Ribinek—. Ez dut ihes egiteko asmorik, ez dut borrokarik egiten, zergatik lotu behar dizkidazu?
— Zer? —galdetu zuen komisarioak, harengana hurbildurik.
— Nahikoa sufriarazi diozue herriari, basapiztiak! —jarraitu zuen Ribinek, ahotsa goratuz—. Laster iritsiko zaizue zuei ere kontuak berdintzeko ordua...
Komisarioa zutik zegoen haren aurrean eta aurpegira begiratzen zion, bibotea mugituz. Gero, urrats bat atzera egin eta, harrituta, ahots txistukariz garrasika hasi zen:
— Ha-hara, sasikume halakoa! Ze-zer hitz dira horiek?
Eta bat-batean, agudo eta gogor, zartakoa eman zion aurpegian.
— Ez duzu ukabilez egia hilko! —oihukatu zuen Ribinek, harengana oldartuz—. Eta ez duzu ni jotzeko eskubiderik, zakur zikina!
— Ez dut eskubiderik? Nik? —karraka egin zuen komisarioak, hitzak luzatuz.
Eta berriro eragin zion eskuari, Ribinen burua jomuga zuela. Baina Ribin kukubilko jarri zen eta kolpeak ez zuen ukitu. Komisarioak zabu egin zuen eta ozta-ozta eutsi zion hanka gainean. Jendetzan erremuskada ozena jaregin zuen norbaitek, eta berriro entzun zen Mikhailen amorruzko ahotsa:
— Ni jotzen ez ausartzeko esan dizut, deabrua!
Komisarioak ingurura begiratu zuen, jendea kopetilun eta isilik hurbiltzen ari zen biribil estu eta iluna osatuz...
— Nikita! —deitu zuen komisarioak ozenki, ingurura begiratuz—. E, Nikita!
Zamarra laburrez jantzitako mujik potolo, txapar bat bereizi zen multzotik. Lurrera begiratzen zuen, buru handi txima-jarioa beheraturik.
— Nikita! —esan zuen komisarioak bibotea bihurrituz eta presarik gabe—. Emaiok belarrondoko bat, gogotik eman ere!
Mujikak urrats bat aurrera egin, Ribinen aitzinean gelditu eta burua jaso zuen. Bekoz beko so, Ribinek hitz andana zorrotz eta gordina jaurtiki zion aurpegira:
— Hona hemen, herritarrok, ikus ezazue nola basapiztiek zeuen eskuez itotzen zaituzteten! Ikus ezazue, pentsa ezazue!
Mujikak besoa astiro altxatu eta nagikeriaz jo zuen Ribinen aurpegia.
— Hori al da jotzeko modua, sasikume alaena?! —txilio egin zuen komisarioak.
— Aizak, Nikita! —esan zioten ahapeka jendartetik—. Jainkoaz ez ahaztu!
— Jotzeko esan diat! —oihu egin zuen komisarioak, mujikari lepoan bultza eginez.
— Ez dut berriro joko...
— Zer?
Komisarioaren aurpegiak dardara egin zuen, zorua oin azpian zapaltzen hasi eta, biraoka, Ribinengana oldartu zen. Zartako sorra entzun zen, Mikhailok kulunka egin zuen, besoari eraginez, baina bigarren kolpeak lurrera erorarazi zuen. Komisarioa, inguruan jauzika, marrumaka hasi zen Ribini bularrean, saihetsetan, aurpegian ostikoak ematen.
Gizaldea etsaitasunez burrunbaka hasi zen, zabuka, komisarioarengana hurbilduz. Honek, horretaz jabeturik, alde batera jauzi egin eta sablea atera zuen zorrotik.
— Zer ari zarete?... Zer da hau? Errebolta? Ba-ai?...
Haren ahotsa ikarak hartuta zegoen, orro egin eta erlasten hasi zitzaion, kraskatu balitz bezala. Ahotsarekin batera indarra ere galdu zuen, burua sorbalden artean sartu, uzkurtu, eta, begi hotzak alderdi guztietara biratuz, atzera egin zuen, oinekin behea kontuz haztatuz bere gibelean. Atzeraka zihoala, ahots erlatsez eta urduri oihukatzen zuen:
— Ondo! Tira ba, har ezazue, nik alde egingo dut! Ba al dakizue, gizatxar madarikatuok, kriminal politikoa dena, tsarraren kontra dagoena, erreboltak antolatzen dituena, badakizue? Eta zuek haren alde jotzen duzue, ezta? Erreboltariak zarete? Ha-hara!
Mugitu gabe, begiak kliskatu gabe, indarge eta burua hutsik, ama amets astun batean bezala zegoen, izuak eta gupidak zapalduta. Haren buruan, erlastarren antzera, burrunbaka ari ziren jendearen oihu mindu, goibel eta amorratuak, dardara egiten zuen komisarioaren ahotsak, xuxurla norbaiten marmarak...
— Hutsik egin badu, auzipetu!
— Barka iezaiozu, jaun ohoragarria...
— Zu ere legez kanpo jokatzen ari zara...
— Nolatan liteke hau? Zer gertatuko da denak jotzen hasten badira?
Jendea bi taldetan banatu zen. Batekoak, komisarioa inguraturik, oihuka ari zitzaizkion, limurtu beharrez. Beste taldea txikiagoa zen eta zaurituaren inguruan bilduta zegoen, sor eta goibel marmarka. Gizon batzuek lurretik altxatu zuten, guardiek eskuak lotu nahi zizkioten berriro.
— Geldi egon, deabruok! —oihu egiten zieten.
Mikhailo basatik eta odoletik garbitzen ari zen bizarra, eta isilean arakatzen zuen ingurua. Haren begirada amaren aurpegitik lerratu zen, honek zirgit egin, gorputza harengana luzatu eta eskuari eragin zion nahigabe, baina Ribin jiratu egin zen. Handik gutxira haren begiak berriro pausatu ziren Vlasovaren aurpegian. Arteztu, burua jaso eta masaila odoleztatuak dardarka hasi zitzaizkiola iruditu zitzaion aman...
«Ezagutu nau? Ezagutu ote nau?»
Buruaz agurtu zuen, bozkario goibel eta beldurrezko batek zirgit eragiten ziola. Baina hori egin bezain laster ohartu zen Ribinen alboan mujik begi-urdina zegoela, eta begira zeukala. Begirada horrek arriskuaz jabearazi zuen berehalakoan...
«Zertan ari naiz? Harrapatu egingo naiten ni ere!»
Mujikak zerbait esan zion Ribini, honek burua astindu zuen eta ahots dardaratiz baina argi eta kementsu mintzatu zen:
— Ez du garrantzirik! Ni ez naiz bakarra munduan, ez dute egia guztia harrapatuko! Izan naizen leku guztietan nire oroipena geratuko da, bai horixe! Nahiz eta habia suntsitu duten, nahiz eta ez den han ez adiskiderik ez lagunkiderik geratzen...
«Niri esaten zidan hori!» —ulertu zuen amak behingoan.
Emakume batek treska bete ur ekarri zuen eta, aieneka eta zotinka, Ribinen aurpegia garbitzen hasi zen. Haren ahots zoli, erostaria Mikhailen hitzekin elkartzen zen eta haiek ulertzea eragozten zion aman. Mujik multzo bat, komisarioa aurrean, beste taldea zegoen tokira hurbildu zen, eta norbaitek ozenki esan zuen:
— Ekarri gurdi bat presoa eramateko! Noren txanda da?
Gero, komisarioaren ahotsa entzun zen, berritua, arrangura antzeko doinua zuela:
— Nik hi jo ahal haut, baina hik ni ez, ezin duk, ez haiz ausartzen, kirtena!
— Hara! Eta nor haiz hi, jainkoa? —garrasi egin zuen Ribinek.
Oihu eztanda itxuragabe eta apal batek estali zuen haren ahotsa.
— Ez eztabaidatu, motel! Bera da hemen agintaria!
— Ez haserretu, jaun ohoragarria! Gizon hau ez dago bere senean...
— Isil hadi, zoro hori!
— Orain hirira eramango zaituzte...
— Han balio handiagoa du legeak!
Jendearen oihuak bareagoak ziren, erregutzaileak, anabasa nahasia osatzen zuten, zeinetan dena etsipena eta kexua baitzen. Guardiek udaletxeko atalondora eraman zuten Ribin besoetatik helduta, eta ateaz bestaldean desagertu ziren. Mujikak astiro sakabanatzen hasi ziren plazan barrena, amak ikusi zuen begi-urdina berarengana zetorrela eta zeharretik begiratzen ziola. Dardarka hasi zitzaizkion hankak belaunetatik behera, larritasun sentimendu batek xurgatzen zion bihotza, goragaleak eraginez.
«Ez dinat alde egin behar! —pentsatu zuen—. Inola ez!»
Eta, barandari gogor eutsita, zain geratu zen.
Komisarioa, udaletxeko atalondoan zutik, hizketan ari zen, eskuak mugituz, erantzute eginez, ohiko ahots zuri eta bihozgabea berreskuratuta.
— Ergelak, sasikumeak! Ezer ulertu ez eta muturra sartu behar duzue honelako auzi batean, estatuaren auzi batean! Astakiloak! Eskerrak eman behar dizkidazue, nire oinetara makurtu nire ontasunagatik! Nik nahi izanez gero, espetxera joango zinatekete denak...
Hogei bat mujik ziren han, txanoa erantzita, entzuten. Iluntzen ari zuen, hodeiak beherago zeuden. Begi-urdina atalondora hurbildu zen eta, hasperen egin ondoren, amari esan zion:
— Begira nolako gauzak gertatzen diren hemen...
— Ba-ai —arrapostu zuen amak ahapeka.
Hark begiratu tolesgabea egotzi, eta galdetu zion:
— Zertan aritzen zara?
— Farfailak erosten dizkiet emakumeei, eta oihalak ere bai...
Mujikak poliki laztandu zuen bizarra. Gero, atalondo aldera begiratuz, gogaituta eta ahots apalez esan zuen:
— Hemen ez duzu horrelakorik aurkituko...
Amak burutik oinetara aztertu zuen eta gelara itzultzeko une egokiaren zain geratu zen. Mujikaren aurpegia pentsakorra eta polita zen, begiak tristeak. Bizkar-zabala eta garaia zen, soinean goitik behera adabakiz jositako beroki zaharra zeukan, perkalezko alkandora garbia, oihal gorrixkaz egindako nekazari galtzak, eta zapata apurtuak oin biluzietan...
Amak, zergatik jakin gabe, arnasa hartu zuen arindurik. Eta bat-batean, pentsamenduari aurrea hartu_ zion bihozkada zehaztugabe bati men eginez, bere burua ere ezustean harrapaturik, galdetu zion:
— Eta zer, ba dago zure etxean gaua egiterik?
Galdetu eta barnean dena, gihar eta hezur, atezuan zurrun gelditu zitzaion. Gorputza zuzendu zuen, begiak mujikarengan finko jarrita. Amaren burutik hainbat gogoeta eztenkari igarotzen zen ziztu bizian:
«Nikolai Ivanovitx galduko dinat. Pasha ez dinat luzaroan ikusiko! Jipoi ederra emango zidaten!»
Lurrera begira eta presarik gabe, mujikak erantzuna eman zion berokia bularraren parean gurutzatzeaz batera:
— Gaua egiterik? Baliteke, zergatik ez? Baina nire izba nahiko txarra da...
— Ez naute mainaz hazi! —erantzun zuen amak hitzetik hortzera.
— Baliteke! —errepikatu zuen mujikak, jakin-minezko begiradaz aztertzen zuela.
Ordurako gaua zen, iluntasunean haren begiek hotz dirdiratzen zuten eta aurpegiak oso zurbila ematen zuen. Amak, mendi batetik behera jaisten ariko balitz bezala sentituz, ahapeka esan zuen:
— Beraz, oraintxe bertan joango naiz, eta zuk nire maleta hartuko duzu...
— Konforme.
Mujikak sorbaldak goratu, berokia berriro gurutzatu eta ahots apalez esan zuen:
— Hara, badator gurdia...
Udaletxeko atalondoan Ribin azaldu zen, eskuak atzean loturik berriro, burua eta aurpegia zerbait grisaz estalita.
— Agur, jende ona! —durundi egin zuen haren ahotsak gaueko iluntasun hotzean—. Bila ezazue egia, gorde ezazue, sinets iezaiozue hitz garbia ekartzen dizuen lagunari, zabarkeriarik gabe jo ezazue egiaren alde!
— Isilik, zakurra! —oihu egin zuen nonbaitetik komisarioaren ahotsak—. Guardia, akuilatu zaldiak, ergela!
— Zer duzue galtzekorik? Nolakoa da zuen bizitza?
Gurdia abian jarri zen. Haren gainean bi guardiaren erdian eserita zihoala, Ribinek ahots garratzez oihukatzen zuen:
— Zer dela-eta hil behar duzue goseak jota? Gogor ekin askatasunaren alde, berak emango dizkizue ogia eta egia. Agur, jende ona!
Gurpilen kirrinka presatiak, zaldien trapalak eta komisarioaren ahotsak Ribinen hitzak inguratu, lardaskatu eta ito egin zituzten.
— Amaitu da! —esan zuen mujikak, burua astindurik, eta, amari zuzenduz, ahapeka jarraitu zuen—: Zuk posta-etxean itxaron, gurdiaren bila noa...
Ama gelara sartu zen, mahai batera hurbildu, samovarraren aurrean eseri, ogi puska bat eskuan hartu, begiratu bat eman, eta atzera utzi zuen platerean. Ez zen gose, larriak botatzeko gogoa nabaritu zuen berriro urdailean. Berotasun nazkagarri baten antzekoa zen, ahuldu egiten zuen, odola hurrupatzen zion bihotzetik, zorabioa eragiten zion buruan. Aurrean mujik begi-urdinaren aurpegia ageri zitzaion: arraroa zen, bukatu gabea edo, ez zuen uste onik sortzen. Arrazoiren bat zela medio, amak ez zuen zuzenean pentsatu nahi saldu egingo zuela, baina gogoeta hori sortua zitzaion jada barnean eta astun zetzan beraren bihotz gainean, sor eta geldi.
«Konturatu egin dun! —hausnartu zuen nagiki eta indarge—. Konturatu dun, susmoa hartu zidan!»
Pentsamenduak ez zuen sakonagora jo, erorialdi penagarri batean, goragale zentzazio likits batean itorik.
Leihoaz bestaldean uzkurtutako isiltasun herabetiak, zarata ordeztuta, agerian uzten zuen herrian halako giro erori, ikaratu bat, bakardade zentzazioa areagotzen zuen bularrean, errautsaren antzeko zerbait ilun, gris eta bigunaz betetzen zuen gogoa.
Neska gaztea sartu zen eta, ate ondoan geldituta, galdetu zuen:
— Tortilla bat ekarriko dizut?
— Ez dut behar. Ez naiz gose, oihu horiek ikaratu egin naute!
Neskatoa mahaira hurbildu zen, pizturik baina ahots apalez hitz egin zion:
— Nola jotzen zuen komisarioak! Ni oso hurbil nengoen eta dena ikusi dut, hortz-hagin guztiak apurtu dizkio, odola botatzen zuen ahotik, odol lodi-lodia, iluna! Ezta begiak ere ez zitzaizkion ikusten! Bikegilea da. Sarjentua hortxe dago etzanda, mozkor-mozkor eginda, eta ardoa eskatzen du oraindik ere. Dioenez, talde oso bat zegoen, eta hori, bizardun hori, nagusia zen, atamana, esan nahi dut. Hiru harrapatu dituzte, eta batek ihes egin du, hori diote behintzat. Maisu bat ere harrapatu dute, haien kidea. Ez dute jainkoagan sinesten eta besteak konbentzitu nahi dituzte elizetan lapurtzeko, hara nolakoak diren! Gure mujik batzuei pena ematen zien bizardun horrek, baina beste batzuek akabatu beharra dagoela esaten zuten. Gure artean badira horrelako mujik gaiztoak, ai ene!
Amak arretaz entzuten zuen neskatoaren hitz jario nahasi, azkarra, bere larritasuna menperatzen eta itxaronaldiaren estutasuna uxatzen saiatuz. Baina neskatoa, inondik ere, pozik zegoen entzuten ziolako eta, hitzek ito beharrean, gero eta piztuago berriketan jarraitzen zuen, ahotsa beheratuz:
— Aitak dioenez, hau guztia uzta txarraren ondorioa da! Bigarren urtea da lurrak fruiturik eman ez duena, porrot eginda gaude! Horregatik agertzen dira orain horrelako mujikak, hau zoritxarra! Oihuka aritzen dira batzarretan, liskar egiten dute. Duela gutxi, zorrak ez ordaintzeagatik Vasiukoven ondasunak saltzen ari zirenean, berak muturreko ederra eman zion alkateari, hartu nire zorrak, esan zion...
Urrats astunak entzun ziren ate atzean. Eskuak mahaian bermaturik, ama hanka gainean jarri zen...
Mujik begi-urdina sartu zen eta, txanoa erantzi gabe, galdetu zuen:
— Non dago fardel hori?
Aise jaso zuen maleta, astindu bat eman eta esan zuen:
— Hutsik dago! Marka, eraman ezan bidaiaria nire izbara.
Eta alde egin zuen, inori begiratu gabe.
— Hemen egingo duzu gaua? —galdetu zuen neskatoak.
— Bai! Farfail bila nabil, farfailak erosten ditut...
— Hemen ez dugu horrelakorik egiten! Tinkovon bai, eta Darinon, baina gurean ez! —azaldu zion neskatoak.
— Bihar joatekoa naiz hara...
Tea ordaindu zion, hiru kopek eman zizkion eta horrek ikaragarri poztu zuen neskatoa. Kaletik bizkor, lur bustia oin biluzien azpian palastaka zapalduz zihoala, hala esaten zion:
— Nahi baduzu, laster batean joango naiz Darinora eta farfailak hona ekartzeko esango diet emakumeei! Hona etorriko dira, eta zuk ez duzu hara joan beharrik izango. Hogei versta dago haraino...
— Ez dago horren beharrik, maitea! —erantzun zion amak, haren aldamenean zihoala. Aire hotzak indarberritu egin zuen, eta gogoan erabaki zehaztugabe bat sortzen hasia zitzaion astiro. Artean lainotsua zen, baina zerbaiten promesa zekarkion, poliki osatuz zihoan, eta emakumeak, haren hazkundea azkartu nahirik, bere buruari galdetzen zion behin eta berriro:
«Zer egin? Baldin eta argi eta garbi, kontzientziaren arabera jokatzen badut...»
Giroa ilun, heze eta hotz zegoen. Argi gorrixka, geldiek motelki distiratzen zuten izbetako leihoetan. Isiltasunean logalez marruka ari ziren abereak, oihu etenak entzuten ziren. Herria gogoetaldi ilun, erori batean murgilduta zegoen.
— Hemendik! —esan zuen neskatoak—. Gauerako ostatu txarra aukeratu duzu, mujik hau oso pobrea da...
Haztamuka atea bilatu, zabaldu, eta bizitasunez hots egin zuen izba barrura:
— Izeba Tatiana!
Eta korrika alde egin zuen. Ilunpetik iritsi zen haren ahotsa:
— Agur!
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda