XI

 

        Biharamuneko egun osoa joan-etorrietan eman zuen, hileta antolatzen, eta arratsean, bera, Nikolai eta Sofia tea hartzen ari zirelarik, Sashenka azaldu zen, ohi ez bezala zalapartatsu eta pizturik. Masailak gorriturik eta sutan zituen, begiek pozez distiratzen zuten, eta oro har —amari iruditu zitzaionez—, halako itxaropen alai batez beterik zegoen. Haren aldartea brastakoan eta oldarka sartu zen hildakoaren oroitzapenen ildo goibelean eta, berarekin bat egin gabe, denak aztoratu eta, ustekabean ilunpetan piztutako su baten antzera, itsutu egin zituen. Nikolaik, atzamarrez mahaian tarrapataka, hala esan zuen:

        — Gaur ez duzu zeure buruaren antzik, Sasha...

        — Bai? Baliteke! —erantzun zuen, eta zorion-irriz barre egiten hasi zen.

        Amak gaitzespenezko imintzio mutuz begiratu zion, eta Sofiak gogorarazte doinuz ohartarazi:

        — Egor Ivanovitxi buruz hitz egiten ari ginen...

        — Hori bai gizon miresgarria, ez da egia? —egin zuen oihu Sashak—. Inoiz ez dut aurpegian irribarrerik gabe ikusi, txantxetan beti. Eta nola egiten zuen lan! Iraultzaren artista zen, maisu handi baten antzera menperatzen zuen pentsamolde iraultzailea. Nolako bakuntasun eta indarrez pintatzen zituen beti gezurraren, indarkeriaren, bidegabekeriaren koadroak.

        Ahotsa goratu gabe hitz egiten zuen, irribarre ameslaria begietan, baina irribarre horrek ez zion begiradatik ezabatzen inork ezin uler zezakeen baina denek argi zekusaten bozkarioaren sua.

        Ez zuten nahi lagunkidearenganako doluzko gogaldiaren lekua Sashak ekarritako pozezko sentimenduak har zezan, eta, beren burua atsekabez elikatzeko eskubide goibela oharkabean defendatuz, nahigabe saiatzen ziren neska beren aldartearen eremuan sartzen...

        — Eta orain, hilik dago! —esan zuen Sofiak temati, Sashari arretaz begiratuz.

        Sashak begiratu azkar eta galderatiz guztiei so egin eta bekainak zimurtu zituen. Eta, burua beheraturik, isildu egin zen, keinu geldo batez ilea egoki eratzen zuela.

        — Hilik? —ozenki esan zuen pausa baten ondoren, eta berriz ere begiratu erronkaria egotzi zien guztiei—. Hilik, zer esan nahi du horrek? Zer hil da? Hil al da Egorri diodan begirunea, langunkidearenganako maitasuna, haren pentsamenaren lanaren oroitzapena? Hil da lan hori? Desagertu al dira nire bihotzean eragin dituen sentimenduak? Ezabatu al da gizon ausart eta zintzo gisa hari buruz osatua dudan irudia? Hilik dago hori guztia? Niretzat hori ez da sekula hilko, jakin badakit hori. Nire ustez, gizakiaz ari garela, berehalakoan, arinegi esan ohi dugu hil egin dela. «Hil dira haren ezpainak, baina beraren hitzak betiko biziko dira bizien bihotzetan!»

        Hunkiturik, mahaira eseri zen berriro, ukondoak haren gainean finkatu eta bareago, hausnarkorrago jarraitu zuen, begi lausotuak irribarrez lagunkideengan jarrita.

        — Beharbada, lelokeriak esaten ari naiz, baina nik, lagunkideok, jende prestuaren hilezkortasunean sinesten dut, bizitzen dudan bizitza ederra bizitzeko zori ona eman didan jendearen hilezkortasunean, bizitza horrek pozez horditzen bainau bere konplexutasun harrigarriaz, gertakarien ugaritasunaz eta neure bihotza bezainbeste maite ditudan ideien hazkundeaz. Gu, beharbada, zuhurregiak gara sentimenduak gastatzeko orduan, ideiaz beterik bizi gara, eta horrek apur bat eraldatzen gaitu: balioztatu bai, baina ez dugu sentitzen...

        — Zerbait ona gertatu zaizu? —galdetu zion Sofiak irribarre eginez.

        — Bai! —esan zuen Sashak, buruaz baiezka—. Oso ona, nire ustez! Gau osoa Vesovstxikovekin hizketan eman dut. Lehen ez nuen maite, zakarra eta ezjakina iruditzen zitzaidan. Eta izan ere, horrelakoxea zen, dudarik gabe. Guztienganako sumin tinko eta iluna gordetzen zuen bere barnean; modu jasanezin, nekagarrian ipintzen zen beti guztiaren erdigunean, eta zantarki, amorruz esaten zuen: ni, ni, ni! Nolabait, burges txikiaren jokamoldea zen, haserregarria...

        Irribarre egin zuen eta begirada dirdiratsu batez bildu zituen denak berriro.

        — Orain, aldiz, zera esaten du: lagunkideok! Eta entzun beharra dago nola esaten duen. Halako maitasun herabeti eta samurrez; ez dago hitzez adierazterik! Harrigarriro tolesgabe eta egiati bihurtu da, lan egiteko gogoz gainezka dago. Bere burua aurkitu du, bere indarra ikusten du, badaki zer ez daukan; eta garrantzizkoena, egiazko lagunkidetasun sentimendua jaio da berarengan...

        Vlasovak Sasharen hitz jarioa entzuten zuen, eta atsegin zitzaion neska latz hura bigundurik eta pozik ikustea. Baina, aldi berean, arimaren sakoneko lekuren batean gogoeta bekaizti bat ernatzen ari zitzaion:

        «Eta Pavel zer?»

        — Lagunkideak besterik ez darabil gogoan —zioen Sashak—, eta badakizue zer sartu nahi didan buruan? Bada, haien ihesa antolatu beharra dagoela, oso erraza dela...

        Sofiak burua jaso eta susperturik esan zuen:

        — Eta zuk zer uste duzu, Sasha? Ideia ona da!

        Te kikara dardarka hasi zen amaren eskuan. Sashak bekainak zimurtu zituen, bere piztura menperatuz, isilune bat egin eta ahots serioz, baina alaitsu irribarre eginez, nahasiki esan zuen:

        — Berak dioen bezain erraza bada benetan, saiatu egin behar dugu! Gure betebeharra da hori!

        Gorritu egin zen, aulkian gorputza erortzen utzi eta isilik geratu zen.

        «Nire laztana, nire bihotzeko laztana!» —pentsatu zuen amak, irribarrez. Sofiak ere irribarre egin zuen, eta Nikolai, Sashari aurpegira samurki begiratuz, barrez hasi zen ahopetik. Orduan, neskak, burua altxatu, guztiei zorrotz begiratu eta, zurbil, begiak dirdirka, lehor, mindurik esan zien:

        — Barre egiten duzue, ulertzen zaituztet... Interes pertsonala dudala uste duzue?

        — Zergatik, Sasha? —galdetu zion Sofiak maltzurki, zutitu eta harengana hurbiltzeaz batera. Amak soberako eta neskarentzat iraingarri iritzi zion galdera horri; hasperen egin eta, bekainak goraturik, gaitzespenez begiratu zion Sofiari.

        — Ba nik ez dut ezer jakin nahi! —egin zuen oihu Sashak—. Ez dut parte hartuko erabaki horretan, baldin eta arazoa aztertzen baduzue...

        — Lasai zaitez, Sasha! —esan zuen Nikokaik patxadaz.

        Ama ere harengana hurbildu zen eta, alboan makurturik, leunki laztandu zion burua. Sashak eskua hartu eta, aurpegi gorritua gora jasorik, aztoratuta begiratu zion amari aurpegira. Honek irribarrea osatu eta, Sashari zer esan jakin gabe, hasperen egin zuen tristuraz. Sofia aulkian eseri zen Sasharen aldamenean, sorbaldatik besarkatu eta, jakin-minezko irribarrez begietara so eginez, hala esan zion:

        — Zein bitxia zaren!

        — Bai, inondik ere, zozokeria mordoa esan dut...

        — Nolatan pentsa zenezakeen... —jarraitu zuen Sofiak. Baina Nikolaik eraginkor eta serio eten egin zuen:

        — Ihesa antolatzea dela-eta, posible bada, ezin egon daiteke bi iritzi. Ezer baino lehen, jakin behar dugu barruan dauden lagunkideek hori nahi duten...

        Sashak burua jaitsi zuen.

        Sofiak zigarro bat piztu, nebari begiratu eta keinu nabarmen batez bazter batera jaurtiki zuen pospoloa.

        — Hara, nolatan ez dute nahi izango ba! —esan zuen amak, hasperen eginik—. Baina ezin dut sinetsi posible denik...

        Isilik geratu ziren denak, baina bera ihes egiterik bazegoela berriro entzuteko irrikaz zegoen!

        — Vesovstxikovekin egon behar dut! —esan zuen Sofiak.

        — Bihar esango dizut noiz eta non! —erantzun zion Sashak ahots apalez.

        — Zer egingo du orain? —galdetu zuen Sofiak, gelatik paseatuz.

        — Moldiztegi berrian tipografo sartzea erabaki dute. Eta ordura arte basozain baten etxean biziko da.

        Zimurtu ziren Sasharen bekainak, aurpegiak betiko eite latza hartu zuen, eta ahots doinua lehor bihurtu zen berriro. Ama kikarak garbitzen ari zelarik, Nikolai harengana hurbildu zen, eta esan zion:

        — Etzi Pavel ikustera joango zara, ohar bat eman behar diozu. Uler ezazu, jakin behar dugu...

        — Ulertzen dut, ulertzen dut! —arrapostu zuen presaka—. Emango diot...

        — Ni banoa! —adierazi zuen Sashak eta, agudo, guztiei eskua isilean estutu ondoren, ohi baino ibilera irmoagoz, han joan zen, tente eta lehor.

        Sofiak eskuak amaren sorbaldan jarri eta, aulkian kulunkatuz, irribarrez esan zion:

        — Zer, Nilovna, gustatuko litzaizuke horrelako alaba bat edukitzea?

        — Ene, jainkoa! Behin bederen biak elkarrekin ikusterik izango banu! —egin zuen oihu Vlasovak, negarretan hasteko zorian.

        — Bai, zoriontasun apur bat ondo datorkio edonori! —ohartarazi zuen Nikolaik ahapeka—. Baina munduan ez da gizakirik zoriontasun apur bat soilik nahiko lukeenik. Eta ugaria denean, balioa galtzen du...

        Sofia pianoaren aurrean eseri eta doinu malenkoniatsu bat jotzen hasi zen.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia