IX

 

        Behinola, Nikolai, bere ordutegia beti zehazki betetzen zuen arren, ohi baino askoz beranduago itzuli zen lanetik, eta, erantzi gabe, susperturik eskuak igurtziz, arrapaladan esan zuen:

        — Badakizu, Nilovna? Gaur gure lagunkideetariko batek kartzelatik ihes egin du! Baina nor da? Hori ez dugu jakiterik izan...

        Amak zabu egin zuen hanken gainean, zirrarak harturik, aulkian eseri eta xuxurlaka galdetu zuen:

        — Baliteke Pasha izatea?

        — Baliteke! —erantzun zuen Nikolaik, sorbaldak goraturik—. Baina nola lagundu ezkutatzen, non aurkitu? Oraintsu kaleetatik ibili naiz ea topatzen nuen! Lelokeria da, baina zerbait egin beharra dago! Eta banoa berriro...

        — Ni ere bai! —oihu egin zuen amak.

        — Zu Egorrengana joan, ea berak zerbait dakien! —proposatu zion Nikolaik, eta presaka desagertu zen.

        Burua lepoihalaz estali eta, itxaropenez beterik, lasterka irten zen kalera Nikolairen atzetik. Lausoturik zituen begiak, eta bihotza abiadan taupadaka ari zitzaion, korrika eraginez ia. Zitekeenaren bila zihoan, burua beheraturik, eta ez zion inguruari batere erreparatzen.

        «Iritsi, eta bera han egongo dun!» —dirdiratzen zuen itxaropenak, ama piztuz.

        Bero egiten zuen, nekeak hats-gabeturik zebilen eta Egorren etxeko eskailerara heldu zenean, gelditu egin zen, gehiago ibiltzeko indarrik gabe; jiratu eta, harriturik, oihu apala jaregin eta begiak itxi zituen lipar batez: iruditu zitzaion atarian Nikolai Vesovstxikov zegoela, eskuak poltsikoetan sartuta. Baina berriro begiratu zuenean, han ez zegoen inor...

        «Nire irudipena izan dun!» —esan zuen bere golkorako, mailak igoz eta belarria erne jarrita. Behean, patioan, urrats geldoen hots sorra entzun zen. Amak, eskaileraren biragune batean gelditurik, makurtu eta behera begiratu zuen, eta berriro ikusi zuen aurpegi naparbantzua, berari irribarre eginez.

        — Nikolai! Nikolai... —egin zuen oihu, harengana jaitsiz, baina etsipena bihotza estutzen hasia zitzaion.

        — Hoa! Hoa gora! —erantzun zion Nikolaik ahots apalez, eskuari eraginez.

        Ama eskaileran gora igo zen korrika, Egorren etxera sartu, eta, arnasestuka, dibanean etzanda ikusi zuelarik, marmarka esan zion:

        — Nikolaik kartzelatik... ihes egin du!

        — Zeinek? —galdetu zuen Egorrek ahots erlatsez, burua kuxinetik jaso ondoren—. Bi zeuden eta...

        — Vesovstxikovek... Hona dator!

        — Ederto!

        Ordurako Nikolai gela barruan zegoen, atea krisketaz itxi eta, txanoa erantzirik, irribarre gozoa osatu zuen buruko ilea leuntzen zuen bitartean. Egorrek, ukondoak dibanean bermaturik, altxatu eta korroka egin zuen, buruari eraginez.

        — Ongi etorri...

        Irribarre zabala aurpegian, Nikolaik amarengana hurbildu eta eskutik heldu zion:

        — Eskerrak ikusi haudana, bestela kartzelara itzuliko nindunan agian! Hirian ez dinat inor ezagutzen, eta auzora joanez gero, behingoan harrapatuko ninditenan. Hortik nenbilenan eta pentsatzen ninan: ergela! zergatik alde egin duk? Eta bat-batean hi ikusi haut korrika! Eta hire atzetik joan naun...

        — Nola egin duk ihes? —galdetu zion amak.

        Nikolai baldarki eseri zen dibanaren muturrean eta, aztoraturik sorbaldak jasorik, azaldu zien:

        — Egokiera sortu da! Paseatzen ari nintzen, eta preso arruntak zaintzaile bat jotzen hasi dira. Han bada bat lapurreta egiteagatik poliziatik bota dutena, zelatatu egiten du, salatu egiten du, ez dio inori bizitzen uzten! Bera jotzen ari ziren, iskanbila ederra, zaintzaileak beldurtu egin dira, korrika hasi dira, txilibituak jotzen. Ikusi dut atea zabalik, plaza, hiria. Eta astiro ibiltzen hasi naiz... Ametsetan bezala. Apur bat urrundu eta nire senera etorri naiz: nora joan? Begiratu dut, baina ordurako kartzelako atea itxita zegoen...

        — Mmm! —esan zuen Egorrek—. Ba zuk, jauna, atzera itzuli, gizalegez atea jo eta sartzen uzteko eskatu behar zenien: barkaidazue, zera, zoraldi txiki bat izan da...

        — Bai —jarraitu zuen Nikolaik, erdi irribarre eginez—. Taiugabea da! Baina, hala ere, lagunkideekin ez dut ondo jokatu, ez diot inori ezer esan... Kaletik nenbilen. Eta gorpu bat zeramatela ikusi dut, haur batena. Hilkutxaren atzetik joan naiz, burua makurturik, inori begiratu gabe. Puska batean hilerrian eserita egon naiz, egurastu eta ideia bat etorri zait burura...

        — Bakarra? —galdetu zuen Egorrek eta, hasperen egin ondoren, gaineratu zuen—: Ez zuan oso estu egongo gero...

        Vesovstxikovek onera hartu zuen, buruari eragin eta barre algaraka hasi zen.

        — Tira, orain nire burua ez zegok lehen bezain hutsik. Eta hi, Egor Ivanovitx, beti gaixorik...

        — Bakoitzak ahal duena egiten dik! —erantzun zuen Egorrek, eztulka—. Segi!

        — Gero, zemstvoko museora joan naiz. Pixka batean handik ibili naiz, begiratzen, eta denbora guztian nire artean pentsatzen nuen: eta orain nora joango naiz? Haserretu ere egin naiz neure buruarekin. Eta goseak amorratzen nengoen! Kalera irten naiz, ibili naiz, sutan... Ikusi dut poliziek arretaz begiratzen ziotela jende guztiari. Beno, pentsatu dut, mutur honekin laster joko dik nire azken orduak! Bat-batean, Nilovna ikusi dut niregana korrika zetorrela, bazterrera egin dut eta haren atzetik joan naiz, hori izan da guztia!

        — Eta ni ez nauk hitaz ohartu! —jaulki zuen amak, errudun sentituz. Vesovstxikov aztertzen zuen eta eite zaluagoa zuela iruditzen zitzaion.

        — Segur aski, lagunkideak kezkaturik daude... —esan zuen Nikolaik, buruan hatz eginez.

        — Eta agintariek ez diate penarik ematen? Seguru haiek ere kezkaturik daudena! —ohartarazi zion Egorrek. Ahoa zabaldu eta ezpainak mugitzen hasi zen, airea marraskatzen jardungo balu bezala—. Tira, broma gehiagorik ez! Ezkutatu behar haugu, zaila duk, baina gustura egingo diagu. Zutitu ahal izango banintz... —Arnasa hartu ezinik, eskuak bularrera eraman eta mugimendu ahulez igurzten hasi zen.

        — Oso gaixorik hago, Egor Ivanovitx! —esan zuen Nikolaik, eta burua beheratu zuen. Amak hasperen egin eta urduri eraman zituen begiak gela txiki, estuan barrena.

        — Hori nire kontua duk! —erantzun zuen Egorrek—. Amatxo, galde egiozu Paveli buruz, ez dago itxurarik egin beharrik!

        Vesovstxikovek irribarre zabala egin zuen.

        — Pavel ondo dago! Osasuntsu. Han gure arduraduna edo horrelako zerbait da. Agintariekin hitz egiten du, eta, orokorrean, berak agintzen du. Errespetatu egiten dute...

        Vlasovak baiezka mugitzen zuen burua Vesovstxikoven kontakizuna entzuteaz batera, eta zeiharka begiratzen zion Egorren aurpegi handitu, urdinxkari. Zurrun zegoen, motel, adierazpidea galduta, bitxiki zapala ematen zuen, eta soilik begiek bizitasunez eta alaitsu distiratzen zuten.

        — Mesedez, emadazue jateko zerbait, goseak nago benetan! —egin zuen oihu Nikolaik tupustean.

        — Amatxo, apalean ogia dago, gero korridorera irten eta ezkerreko bigarren atea jo. Emakume batek zabalduko dizu, esaiozu hona etortzeko eta daukan janari guztia ekartzeko.

        — Hara, zergatik guztia? —protestaka hasi zen Nikolai.

        — Ez kezkatu, ezer gutxi izango da...

        Irten zen ama, jo zuen atea eta, belarria haren atzeko isiltasunera jarrita, tristuraz pentsatu zuen:

        «Hilzorian zegon...»

        — Nor da? —galdetu zuten ate atzetik.

        — Egor Ivanovitxen partetik! —erantzun zuen amak ahots apalez—. Beraren etxera joateko eskatzen dizu...

        — Oraintxe noa! —erantzun zioten, atea ireki gabe. Apur batean itxaron eta berriro jo zuen. Oraingoan, bizkor zabaldu zen atea, eta korridorean emakume garai betaurrekodun bat agertu zen. Presaka atorraren mahuka zimurtua lisatuz, doinu latzez galdetu zion amari:

        — Zer nahi duzu?

        — Egor Ivanovitxen partetik nator...

        — Hara! Goazen. A bai, ezagutzen zaitut! —esan zuen emakumeak ahapeka—. Kaixo! Ilun dago hau...

        Vlasovak emakumeari begiratu eta gogoratu zuen noiz edo behin Nikolairen etxean ikusia zuela.

        «Denak gutarrak» —pentsatu zuen une arin batez.

        Vlasovari bultza eginez, emakumeak aurrera joanarazi zuen, eta bera atzetik joan zen, galdezka:

        — Ondoezik dago?

        — Bai, ohean dago. Jatekoa eramateko eskatzen dizu...

        — Beno, hori soberan dago...

        Egorren etxera sartu zirenean, honek korroka eginez hartu zituen:

        — Beste mundura noa, adiskidea! Liudmila Vasilievna, gizon honek kartzelatik ihes egin du agintarien baimenik gabe, lotsagabe halakoa! Lehenengo eta behin, jaten eman, eta gero nonbait ezkuta ezazu.

        Emakumeak baietz esan zuen buruaz eta, gaixoaren aurpegiari arretaz begiratuz, mintzo latzez esan zuen:

        — Aizu, Egor, hauek etorri bezain laster bidali behar izan duzu norbait nire bila! Eta, ikusten dudanez, bi aldiz ez duzu botika hartu, zergatik zara hain axolagabea? Lagunkidea, etorri nirekin! Oraintxe bertan ospitaletik etorriko dira Egorren bila.

        — Guztiarekin ere, ospitalera joan behar dut? —galdetu zuen Egorrek.

        — Bai. Ni zurekin izango naiz han.

        — Han ere bai? Ene, jainkoa!

        — Ez esan lelokeriarik...

        Hitz egiten zuen bitartean, burusia eratu zuen Egorren bularraren gainean, Nikolai arretaz aztertu eta begiz neurtu zuen botilatxoan zegoen sendagaia. Doinu lau eta ahots apalez mintzatzen zen, haren mugimenduak leunak ziren, aurpegia zurbila, bekain ilunek begitartean bat egiten zuten ia. Amari ez zitzaion haren aurpegia gustatzen, hantuts zeritzon, eta begiek irribarrerik gabe, leinururik gabe so egiten zuten. Eta aginduak emanez bezala hitz egiten zuen.

        — Gu bagoaz! —jarraitu zuen—. Ni berehala itzuliko naiz! Zuk koilarakada bat botika eman Egorri. Ez utzi hitz egiten...

        Eta alde egin zuen, Nikolai berekin eramanez.

        — Emakume zoragarria! —esan zuen Egorrek hasperen egin ondoren—. Emakume miresgarria... Zuk, ama, haren etxean geratu beharko zenuke, oso nekatzen da...

        — Ez hitz egin! Alajaina, hobe huke hau edan! —proposatu zion amak eztiro.

        Hark sendagaia irentsi, begi bat naretu eta hizketan jarraitu zuen:

        — Berdin dio, isilik egonda ere, hil egingo naiz...

        Beste begiaz aurpegira begiratzen zion amari, astiro ireki zituen ezpainak irribarrea osatuz. Amak burua makurtu zuen, gupidazko sentimendu zorrotz batek malkoak isurarazten zizkiola.

        — Lasai egon, hau naturala da... Bizitzearen atseginak hil beharra dakar berez...

        Amak eskua ipini zuen haren buruan eta, berriro ere ahapeka, esan zion:

        — Isilduko al haiz?

        Egorrek begiak itxi zituen, bularreko korrokadei arreta jarriz bezala, eta gogoilun jarraitu zuen:

        — Zentzugabekeria da isiltzea, amatxo! Zer irabaziko dut isilik egonik? Agoniako segundo batzuk gehiago, baina lagun on batekin hitz egitearen atsegina galduko dut. Uste dut beste munduan ez dagoela hemen bezain jende onik...

        Amak urduri eten zuen haren hitz jarioa:

        — Orain hura etorriko duk, andere handiki hori, eta agirika egingo zidak hitz egiten ari haizelako...

        — Ez da handikia, iraultzailea da, borrokakidea, arima zoragarria. Dena dela, amatxo, seguru agirika egingo dizuna. Agirika egiten die guztiei, beti...

        Eta poliki, ezpainak nekez mugituz, Egor bere auzokidearen bizitzaren historia kontatzen hasi zitzaion. Haren begiek irribarre egiten zuten, amak ikusten zuen berariaz zirikatzen zuela, eta, haren aurpegi izerditsu eta urdinduari begiratuz, larri pentsatzen zuen:

        «Hilko dun...»

        Liudmila sartu zen eta, atea bere atzean kontuz itxi ondoren, Vlasovari esan zion:

        — Ezinbestekoa da zure ezaguna mozorrotzea eta ahalik eta armen nire etxetik ateratzea; zu, Pelageia Nilovna, zoaz oraintxe bertan harentzako jantzi baten bila eta ekar ezazu hona. Pena da Sofia ez egotea, berebizikoa da jendea ezkutatzeko.

        — Bihar etorriko da! —ohartarazi zion Vlasovak, lepoihala sorbalden gainera botatzeaz batera.

        Mandaturen bat egiteko eskatzen zioten bakoitzean, zeregin hori azkar eta ondo betetzeko grina biziak hartzen zuen, eta harrezkero ezin pentsa zezakeen bere egitekoaz besterik. Eta orain, bekainak kezkaz eraitsiz, arduratsu galdetu zuen:

        — Nola janztea pentsatu duzu?

        — Berdin dio! Gauez aterako da...

        — Gauez txarragoa da, kaleetan jende gutxiago egoten da, zorrozkiago zaintzen dute, eta bera ez da oso trebea...

        Egorrek barre erlatsa jaregin zuen.

        — Eta badago ospitalera hi bisitatzera joaterik? —galdetu zion amak.

        Hark, eztulka, baiezkoa egin zuen buruaz. Liudmilak begi ilunez begiratu zion aman aurpegira, eta esan:

        — Nahi duzu guk biok txandaka beilatzea? Bai? Ondo! Eta orain, zoaz lehenbailehen...

        Samurki baina aginkor aman besotik heldu, korridorera irtenarazi, eta han ahopetik esan zion:

        — Ez mindu presaka kaleratzen zaitudalako! Baina kalte egiten dio hitz egiteak... Eta nik badut itxaropena...

        Eskuak estutu zituen, hatzei karraska eraginez, eta unaturik jaitsi zituen betazalak begien gainera...

        Azalpen horrek nahasirik utzi zuen ama, eta zezeldu zuen:

        — Zer gertatzen zaizu?

        — Kontuz ibili zelatariekin! —esan zuen emakumeak ahapeka. Eskuak aurpegira jasorik, leunki igurzten zituen lokiak, ezpainak dardarka ari zitzaizkion, eta aurpegiera gozoagoa zuen.

        — Badakit! —erantzun zion amak, ez harrotasunik gabe.

        Ataritik irtetean, une batez gelditu zen lepoihala ondo paratzeko, eta bestela baitakoan baina adi-adi ingurumariak arakatu zituen. Ordurako bazekien ia hutsik egin gabe zelatariei antz ematen kaleko jendetzaren erdian. Oso ondo ezagutzen zituen haien ibileraren axolagabetasun nabarmena, keinuen laxotasun itxurazkoa, haien aurpegiek erakusten zituzten nekadura eta gogaitasuna eta, horren guztiaren azpian txarto ezkutatuta, begi zakarki zorrotz eta urdurien dirdira susmari eta errukara.

        Oraingoan ez zuen aurpegi ezagunik hauteman eta, presarik gabe, oinez abiatu zen kaletik, baina gero zalgurdi bat alokatu eta merkatura eramateko agindu zion gidariari. Nikolairentzako jantziak erostean, gogor errekardaritzen zuen saltzaileekin eta, bide batez, senar mozkortia iraintzen zuen, ia hilero goitik behera arropa berriz janztera behartzen baitzuen. Asmaketa horrek apenas eraginik izaten zuen dendariengan, baina aman oso gustatzen zitzaion; izan ere, bidean hausnartua zuen ezen, segur aski, poliziak Nikolaik jantziz aldatu beharra zuela susmatu eta isileko agenteak bidaliko zituztela merkatura. Errezelo laño beroriekin itzuli zen Egorren etxera. Gero, hiriko bazter-auzo batera eraman behar izan zuen Nikolai. Bera eta Nikolai kalearen alde banatatik zihoazen, eta amak barreguraz eta atseginez ikusten zuen nola zebilen Vesovstxikov astun, burua makurturik eta hankak beroki gorrailaren hegalen behealdeetan trabatzen zitzaizkiola, eta nola zuzentzen zuen txanoa, sudur gainera erortzen zitzaion eta. Kale huts batean Sashenka elkartu zitzaien, eta ama, buru-makurtu batez Vesovstxikov agurtu ondoren, etxera joan zen.

        «Eta Pasha barruan... Eta Andriusha...» —pentsatzen zuen tristuraz.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia