I

 

        Gainerakoan, oroitzapenen lanbro nabarrean murgilduta eta gorputza zein arima indarrez zapaltzen zizkion neke astunaren zamapean igaro zuen eguna. Orban gris baten antzera jauzika ageri zitzaion ofizial ziztrin txaparra, distiratsu zekusan Pavelen aurpegi beltzarana, irribarre egiten zuten Andreiren begiek.

        Harat-honat zebilen gelatik, leihoaren alboan esertzen zen, kalera begiratzen zuen, ibiltzeari ekiten zion berriro, bekaina jasorik, zirgit eginez, ingurumariak miatuz, eta, helburu jakinik gabe, zerbait bilatzen zuen. Ura edaten zuen, baina ez zuen egarria asetzen, eta ezin itzal zezakeen bularra kiskaltzen zioten estutasunaren eta irainaren su tipia. Eguna bi zatitan hautsia zen: hasierakoa edukiez betea, oraingoa zeharo hustua; amak eremu goibel handia zekusan aurrean eta, nahasirik, galdera bat zerabilen jirabiraka:

        «Zer egin orain?»

        Korsunova iritsi zen. Eskuei eragiten zien, oihu egiten zuen, negar egiten zuen eta, gogo-beroturik, oin azpian behea zapalduz, zerbait proposatu eta prometatzen zuen, norbait mehatxatzen zuen. Baina horrek guztiak ez zuen hunkitzen ama.

        — Ene! —Mariaren ahots karrankaria entzuten zuen—. Nolanahi ere, sutan jarri diten jendea. Fabrika osoa altxatu dun, denak altxatu ditun!

        — Bai, bai! —zioen amak ahapeka, buruaz baiezka, eta begiak mugitzeke arretaz begiratzen zion harrezkero iragana zenari, Andreirekin eta Pavelekin batera joana zenari. Ezin zuen negarrik egin, estu eta agor zeukan bihotza, ezpainak ere lehor, eta hezetasun arrastorik ez ahoan. Dardarka zituen eskuak, eta ikara leun batek hartuta bizkarreko larruazala.

        Arratsean jendarmeak agertu ziren. Harridurarik gabe hartu zituen, beldurrik gabe. Zarataka sartu ziren, eta nolabaiteko poza eta gogobetetasuna antzematen zitzaizkien. Ofizial aurpegi-horiak hala esan zuen, hortzak agerian utziz:

        — Hara, zer moduz bizi zara? Hirugarren aldia da elkarrekin topo egiten duguna, ezta?

        Ama isilik zegoen, mihi lehorra ezpainetatik pasatuz. Ofizialaren hitz jarioa oparoa eta harroa zen, mintzatzean atsegin hartzen zuela antzematen zion. Baina haren hitzak ez ziren amarenganaino iristen, ez zioten enbarazurik egiten. Soilik esan zuenean: «Hi heu ere errudun haiz, ez baitun heure semearengan ez jainkoarenganako ez tsarrarenganako begirunea hazten jakin». Berak, atean zutik eta begiratu gabe, ahots garratzez erantzun zion:

        — Bai, seme-alabak izango dira gure epaileak. Eta arrazoiz leporatuko digute horrelako bide batean bakarrik utzi izana.

        — Zer? —oihu egin zuen ofizialak—. Ozenago!

        — Zera diot: seme-alabak izango dira gure epaileak! —errepikatu zuen amak, hasperen eginez.

        Orduan, ofiziala, zerbaiti buruz hitz egiten hasi zen arrapaladan eta haserre, haren hitzak amaren inguruan kiribiltzen ziren, baina ez zuten ukitzen.

        Maria Korsunova hartu zuten lekuko. Zutik zegoen amaren alboan, baina ez zion begiratzen, eta ofizialak galderaren bat egiten zion bakoitzean, berak, buru-makurtu nabarmenak eginez, arrapataka erantzuten zion beti ahots doinu berbera erabiliz:

        — Ez dakit, jaun ohoragarria! Emakume ezikasia naiz, saltzea dut ogibide eta, leloa naizenez gero, ezertxo ere ez dakit...

        — Beno, isil hadi! —agindu zion ofizialak, bibotea mugituz. Mariak burua makurtu eta, haren oharkabean atzamarrez isekazko keinua eginez, txutxu-mutxuka esan zuen amaren belarrira:

        — Harrapa ezak hori!

        Vlasova miatzeko agindu zioten. Begiak kliskatzen hasi zen, ofizialari zur eta lur begiratu eta beldurrez esan zion:

        — Jaun ohoragarria, nik ez dakit horrelakorik egiten!

        Hark behea zapaldu zuen, garrasika. Mariak begiak eraitsi eta ahapeka eskatu zion amari:

        — Tira ba, laxatu jantziak, Pelageia Nilovna...

        Soinekoan arakatu eta haztatzen zuen bitartean, Mariak, aurpegia gorriturik, xuxurlaka esaten zion amari:

        — Ah, zakur halakoak!

        — Zertaz ari haiz hor berbetan? —oihu egin zuen ofizialak, doinu latzez, miaketa egiten ari zen txokora begiratuz.

        — Emakume kontuak dira, jaun ohoragarria! —murmurikatu zuen Mariak beldurrez.

        Amari miaketaren akta sinatzeko agindu zionean, honek, eskua baldarki mugituz, moldezko letra handi eta dirdiratsuz hauxe idatzi zuen paperean:

        «Pelageia Vlasova, langile baten alarguna».

        — Zer idatzi dun? Zer dela eta? —egin zuen oihu ofizialak, aurpegia nazkaz zimurturik, eta gero, irribarre maltzurrez, gaineratu zuen—: Astakiloak!

        Joan egin ziren. Ama leiho alboan ipini zen, zutik, besoak bularrera uztarturik, eta, begiak behin ere kliskatu gabe, ezer ikusi gabe, luzaroan egon zen aurrera begira, bekainak gora jasorik, ezpainak elkarren kontra estuturik, eta barailak hain indar handiz tinkaturik ezen berehalakoan mina nabaritu baitzuen hortzetan. Kriseiluan keroseno guztia errea zen, sugarra iraungiz zihoan pindarka. Putz batez itzali eta ilunpetan geratu zen. Burua hutsik, tristurazko hodei ilun batek bete zion bularra, bihotz-taupadak eragotziz. Tarte luzea eman zuen zutik, hankak eta begiak nekatu zitzaizkion. Entzun zuen nola Mariak leiho azpian gelditu eta mozkor ahotsez oihukatzen zion:

        — Pelageia! Lo hago? Martiri dohakabea! Lo egin ezan!

        Ama arropak erantzi gabe oheratu zen, eta berehala, leize sakon batean behera amildu balitz bezala, lo pisu batek hartu zuen.

        Zingiraz bestaldean hiriko bidean zegoen hareazko muino horia ikusi zuen ametsetan. Tontorrean, harea ateratzen zuten trokara jaisten zen pendizaren ertzean, Pavel zegoen zutik eta, Andreiren ahotsaz, doinu leunez, ozenki kantatzen zuen:

 

                Gora, jaiki hadi, herri langilea...

 

        Bera muinoaren alboko bidetik zihoan eta, eskuaren barneko aldea bekokira eramanik, semeari begiratzen zion. Haren irudia argi eta garbi nabarmentzen zen zeru urdinaren kontra. Lotsa ematen zion harengana hurbiltzea, haurdun baitzegoen. Eta besoetan ere haurtxo bat zeukan. Aurrera jarraitu zuen. Zelaian ume batzuk pilotan jolasten ari ziren, asko ziren, eta pilota gorria zen. Haurtxoak amaren beso artetik haiengana joateko saioa egin zuen eta negar-marraka hasi zen ozenki. Titia eman zion eta atzera itzuli zen, baina ordurako soldaduak zeuden muinoan, baionetak berari aurrez jarrita. Landaren erdian zegoen eliza batera jo zuen korrika bizian. Eliza zuria eta etereoa zen, hodeiz egina balitz bezala, eta neurrigabeko altuera zuen. Norbait ehorzten ari ziren han; hilkutxa handia zen, beltza, estalkiaz tankan itxia. Apaiza eta diakonoa, ordea, zuriz jantzita zebiltzan elizatik, abesten:

 

                Kristo hilen artetik biztu zen...

 

        Diakonoak intsentsu-ontziari eragin eta buru-makurtua egin zion, irribarrez. Haren ilea gorri bizia zen eta aurpegia alaia, Samoilovena bezalakoa. Goitik, kupulatik behera, eguzki izpiak erortzen ziren, eskuoihalak bezain zabalak. Elizako bi koruetan haur batzuek ahots apalez kantatzen zuten:

 

                Kristo hilen artetik biztu zen...

 

        — Harrapa itzazue! —oihukatu zuen apaizak tupustean, elizaren erdian gelditzeaz batera. Meza-jantzia soinetik aienatu eta aurpegian bibote ileurdin latza agertu zitzaion. Korrika hasi ziren denak; diakonoak ere, intsentsu-ontzia bazter batera jaurtiki ondoren, lasterka ihes egin zuen, eskuak buruan, jojolaren antzera. Amak haurtxoa lurrera erortzen utzi zuen, jendearen oin azpira; haiek gorpuztxo biluziari lotsorrez begiratu eta txiri egiten zioten albotik. Amak, belauniko jarrita, oihu egiten zuen:

        — Ez abandonatu umea! Jaso ezazue...

 

                Kristo hilen artetik biztu zen...

 

abesten zuen jojolak, besoak bizkar atzean uztarturik eta irribarrez.

        Ama behera makurtu zen, haurtxoa hartu eta oholez betetako gurdi batean eseri zuen. Gurdiaren alboan astiro zebilen Nikolai, barre algaraka eta hala esanez:

        — Zeregin astuna eman didate...

        Kalea lokaztuta zegoen, jendea etxeetako leihoetara agertzen zen txistuka, oihuka, besoei eraginez. Oskarbi zegoen, eguzkiak biziki argitzen zuen, baina itzalperik batere ez zegoen.

        — Kanta ezazu, enetxoa! —zioen jojolak—. Horrelakoa da bizitza!

        Eta abesten jarraitzen zuen, bere ahotsaz gainerako hots guztiak estalita. Ama haren atzetik zihoan; tupustean behaztopatu eta ziztu bizian amildu zen zulo amaigabe batean behera, eta hondoa firrindaka hurbiltzen zitzaion...

        Dardarka esnatu zen. Bazirudien norbaiten esku latz astunak bihotza bildu eta, jolas makurrean, poliki estutzen ziola. Setaz urratu zuen airea lanerako deiak, eta amak bigarren joaldia zela egin zuen kontu. Gelan liburuak eta jantziak lurrean barreiaturik zeuden, hankaz gora zegoen dena, nahas-mahas, oinatzak nonahi.

        Ohetik altxatu eta, garbitu gabe, jainkoari otoitz egin gabe, gela txukuntzen hasi zen. Sukaldean begien bistan ikusi zituen makila eta hari lotutako oihal puska gorri bizia; etsaikeriaz eskuan hartu eta berontziaren azpira botatzekotan egon zen, baina, hasperen eginez, bandera zatia bertatik askatu, txatal gorria ardura handiz tolestu, eta poltsikoan gorde zuen; makila, aldiz, belaunaz kraskatu eta berontziaren aurrealdeko ahora jaurtiki zuen. Ondoren, leihoak eta zorua ur hotzez garbitu, samovarra piztu eta jantzi egin zen. Sukaldeko leihoaren alboan eseri zen, eta aurrean lehengo galdera berbera azaldu zitzaion berriro:

        «Zer egin orain?»

        Artean otoitz egin gabea zela oharturik, irudien aurrean ipini eta, aldiune batez zutik egon ondoren, atzera eseri zen: hutsik zuen bihotza.

        Isiltasun bitxia zegoen, aurreko egunean kalean hainbeste oihukatzen zutenak orain egun berezi hartaz isilean hausnartzen etxean gorderik baleude bezala.

        Bat-batean, gogora etorri zitzaion behinola, gazte zelarik, ikusi zuen eszena: Zausailov jaun-andreen parke zaharrean urmael handia zegoen, igebelar ugariz hornitua. Udazkeneko egun gris batean, urmaelaren aldamenetik zebilela, txalupa bat ikusi zuen haren erdian. Urmaela ilun eta bare zegoen, eta txalupak iduri zuen hosto horiek tristuraz apainduriko ur beltzari itsatsirik zegoela. Arrangura sakona, samintasun berezia zerion ez arraun ez arraunlari hosto ihartuen artean ur goibeletan geldirik zegoen txalupa bakarti hari. Ama luzaroan egon zen urmaelaren ertzean, pentsatzen: «nork urrundu ote du txalupa urbazterretik, zergatik?» Egun hartako arratsean bertan jakin zuten denek Zausailovtarren administratzailearen emaztea, orraztu gabeko ile adats beltzeko eta ibilera azkarreko emakume txikia, urmaelean itoa zela.

        Amak aurpegitik pasatu zuen eskua, eta oroitzapen hori dardarka lerratu zen bezperako bizipenen zurrunbilora. Gogoeta horiek buruan, luzaz egon zen eserita, begiak katilukada te hoztuan finkaturik, eta pertsona buruargi eta xumeren bat ikusi eta makina bat galdera egiteko gogoa piztu zitzaion.

        Amaren nahiari erantzunez bezala, bazkalostean Nikolai Ivanovitx agertu zen. Baina ikusi bezain laster, urduri jarri zen eta, haren agurrari erantzun gabe, ahapeka esan zion:

        — Ai ene, ez zenuen etorri behar, motel! Arriskutsua da! Ikusiz gero, harrapatu egingo zaituzte...

        Eskua indarrez estutu ondoren, betaurrekoak egokitu eta, aurpegia amarengana makurturik, agudo azaldu zion xuxurlaka:

        — Begira, atxilotzen bazituzten biharamunean hirira eramango zintudala hitzartu nuen Pavelekin eta Andreirekin! —zioen samurki eta kezkaturik—. Miatu dute etxea?

        — Bai. Goitik behera miatu eta arakatu dute. Jende horrek ez du ez lotsarik ez kontzientziarik! —egin zuen oihu amak.

        — Zertarako behar dute lotsa? —esan zuen Nikolaik sorbaldei gora eraginez, eta hirian bizi behar izatearen zergatia azaltzen hasi zitzaion.

        Amak adiskidetasunez entzuten zuen ahots atsegin hura, irribarre zurbilez begiratzen zion eta, ematen zizkion argudioak ulertu gabe, harrituta zegoen gizon horrenganako sentitzen zuen konfiantza eztia zela eta.

        — Pashak hori nahi badu —esan zuen—, eta zuri ez badizut enbarazurik egiten...

        Nikolaik moztu:

        — Horregatik ez kezkatu. Bakarrik bizi naiz, lantzean behin arreba etortzen zait, gutxitan.

        — Baina ez dut zure bizkar musu-truk bizi nahi —pentsatu zuen boz goraz.

        — Nahi baduzu, egitekoren bat aurkituko dizugu! —esan zuen Nikolaik.

        Harrezkero amak buruan zerabilen egitekoaren kontzeptua lokarri haustezinez bat eginik zegoen semeak eta Andreik lagunkideekin batera egiten zuten lan motarekin. Nikolairengana hurbildu zen eta, begietara so eginez, galdetu zion:

        — Aurkituko duzue?

        — Nire etxean ez dago zeregin handirik, ezkongabe bizi naiz...

        — Ez, ez naiz etxeko zereginez ari! —esan zuen amak ahapeka.

        Eta hasperen sakona egin zuen, Nikolaik ulertu ez zuelako minduta. Hark, begi miopeak irribarreka, pentsakor esan zuen:

        — Tira, agian, Pavel ikustera zoazenean, egunkaria egiteko eskatu zioten nekazarien helbideak lortzen saia zintezke...

        — Badakit haien berri! —oihu egin zuen amak, pozarren—. Aurkituko ditut, eta zuek eskatzen didazuen guztia egingo dut. Nork susmatuko luke nik aldean debekuzko gauzak eramaten ditudala? Fabrikara eramaten nituen. Jainko maitea!

        Eta, bat-batean, bidea hartu eta zorroa lepoan eta makila eskuan baso eta herrixketan barna norabait abiatzeko gogoa piztu zitzaion.

        — Utzi nire gain ardura hori, mesedez eskatzen dizut, maitea! —zioen—. Edonora joango naiz, zuek esan! Probintzia guztiak kurrituko ditut, bide guztiak aurkituko ditut. Neguan zein udan ibiliko naiz, hiltzen naizen arte, erromes. Patu txarra al da hori niretzat?

        Kopetilun jarri zen bere burua erromes ikusi zuenean, etxegabe, herriz herri izbetako leihoen azpian Kristoren izenean erremusina eskatzen.

        Nikolaik amaren eskua samurtasunez hartu eta bere esku epelaz laztandu zuen. Gero, erlojuari begiratu eta esan zuen:

        — Gero hitz egingo dugu horretaz!

        — Laztana! —egin zuen oihu amak—. Seme-alabek, gure bihotzeko atalik maiteenek, askatasuna eta bizia ematen dituzte, beren buruaren errukirik gabe hiltzen dira; eta nik, ama izanik, zer egin behar dut?

        Nikolairen aurpegia zurbil zegoen, eta ahapeka, amari maitekiro eta arretaz begiratuz, hala esan zion:

        — Badakizu? Orain arte ez dut inoiz horrelako hitzik entzun...

        — Zer esan dezaket nik? —esan zuen amak, buruari tristuraz eraginez eta besoak ezintasunez zabalduz—. Ama baten bihotzak zer sentitzen duen adierazteko hitzak aurkituko banitu...

        Hanka gainean jarri zen, bularrean haziz zihoakion indarrak sakaturik eta burua gaitzidurazko hitzen oldar sutsuaz horditurik.

        — Askok negar egingo lukete... Baita gaiztoek, lotsagabeek ere...

        Nikolai ere zutik jarri zen, erlojuari beste begiratu bat eman ondoren.

        — Beraz, ados zaude? Hirira etorriko zara, nire etxera?

        Isilean, baiezka eragin zion buruari.

        — Noiz? Lehenbailehen! —erregutu zion Nikolaik, eta ahots leunez gaineratu zuen—: Kezkaturik egongo naiz zuri zer gertatuko, benetan!

        Amak harriduraz begiratu zion: zergatik kezkatzen zen berataz? Aurrez aurre zeukan, burua makurtuta, aztoraturik irribarre eginez, konkorturik, begi-labur, jaka beltz xume batez jantzita, soinean zeraman guztiak beste norbaitena ematen zuen...

        — Badaukazu dirurik? —galdetu zion Nikolaik, begiak eraitsiz.

        — Ez!

        Berehalakoan diru-zorroa poltsikotik atera, zabaldu eta amari luzatu zion.

        — Mesedez, hartu...

        Amak nahigabe irribarre egin eta, buruari eraginez, ohartarazi zion:

        — Dena aldatu da! Ezta diruak ere ez du baliorik! Berak eramaten du galbidera jendearen arima, baina zuentzat ez du garrantzirik! Badirudi jendeari on egiteko soilik ibiltzen duzuela aldean...

        Nikolaik barre egin zuen ahopetik.

        — Dirua gauza ikaragarri deseroso eta gogaikarria da! Ez da batere atsegina ez hartzea ez ematea...

        Amaren eskua hartu, gogor estutu eta berriro ere erregutu zion:

        — Beraz, ahalik eta lasterren!

        Eta, beti bezala isilik, han joan zen.

        Amak ateraino lagundu zion, eta pentsatu:

        «Hain onbera izanda ere, ez din niganako gupidarik erakutsi...»

        Eta ez zuen jakin hori ezatsegina zen ala soilik harrigarria.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia