XXI
Bizitza agudo jariatzen zen, nabarrak ziren egunak, denak ezberdinak. Bakoitzak zerbait berria ekartzen zuen, eta ordurako horrek ez zuen larritzen ama. Gero eta sarriago, arratsetan, pertsona ezezagunak agertzen ziren etxera; kezkaturik, Andreirekin mintzatzen ziren ahopean, eta gaueko beranduan, berokiaren idunekoa jasota, txanoa begietaraino ondo sarturik, iluntasunean desagertzen ziren, tentuz, zaratarik atera gabe. Barnean eutsitako narritadura sumatzen zuen amak guztiengan, bazirudien kantuka eta barrez hasteko irrikaz zeudela baina ez zutela horretarako astirik, beti presaka ibiltzen ziren eta. Batzuk ironia zaleak eta serioak ziren, beste batzuk alaiak eta gaztetasunaren indarrak argituak, eta beste hainbeste isilak eta gogoetatsuak, baina amaren begiek irmotasun eta segurantza berbera kausitzen zuten guztiengan, eta bakoitzak bere aurpegiera bazuen ere, berarentzat aurpegi bakarra osatzen zuten denek: argala, lasaia eta kemenez betea, argitsua, begi-iluna eta begirada sakonekoa, samurra eta latza aldi berean, Emauserako bidean Kristoren begiek agertzen zutenaren antzekoa.
Amak zenbatu egiten zituen, Pavelen inguruan multzo handi bat osatzen zutela irudikatuz; eta gizatalde horren erdian Pavel ohartezin bilakatzen zen etsaien begietarako.
Behinola, ile kizkurreko neska bizi bat iritsi zen hiritik. Pakete bat utzi zuen Andreirentzat eta, alde egitean, hala esan zion Vlasovari, begi alaiak ñirñir zituela:
— Ikusi arte, lagunkidea!
— Agur! —erantzun zuen amak, irribarreari eutsiz.
Neskari lagun egindakoan, leihora hurbildu eta, barrez, begira geratu zen nola urruntzen zen kaletik bere lagunkidea, oin txikiak zapasaltoka mugituz, udaberriko lorea bezain lerden, tximeleta bezain arin.
— Lagunkidea! —esan zuen amak bisitaria begien bistatik desagertu zenean—. Ai, nire laztana! Jainkoak emango ahal din lagunkide jator bat bizitza osorako!
Sarritan, nolabaiteko umetasuna antzematen zien hiritik etortzen zirenei, eta irribarre egiten zuen bihozbera. Baina, hunkiturik, zoriontsu miresten zuen haien fedea, zeinen sakoneko muina gero eta argiago baitzekusan. Laztandu eta berotu egiten zuten justiziaren garaipenari buruzko haien ametsek; haien hitzak entzuten zituenean, nahigabe egiten zuen hasperen bihozmin ezezagun batek eraginda. Baina bereziki hunkitzen zuten haien xumetasunak eta beren buruarekiko arduragabetasun eskuzabal ederrak.
Ordurako, bizitzari buruz esaten zituzten gauzetako asko ulertzen zituen. Gizaki guztien ezbeharren benetako sorburua aurkitua zutela sumatzen zuen, eta haien ideiekin ados egotera ohitu zen. Alabaina, bere arimaren sakonean ez zuen sinesten bizitza beren erara aldatzeko gai izango zirenik, ezta herri langile osoa beren suaren argitara erakartzeko indarrik izango zutenik ere. Bakoitzak egunean bertan egon nahi du asebeterik; gaur bertan jaterik izanez gero, inork ez du bere otordua ezta bihar arte ere atzeratuko. Banaka batzuek soilik joko zuten bide urrun eta zail horretatik, begi gutxi batzuek soilik ikusiko zuten bidearen amaieran gizakien arteko anaitasunaren erresuma miragarria. Horra hor zergatik gizaki onbera horiek guztiak, bizarrak eta aldian aldiko aurpegi nekatuak gorabehera, umeak iruditzen zitzaizkion.
«Nire laztanak!» —pentsatzen zuen, buruari eraginez.
Baina orduan jadanik haien bizimodua zuzena, serioa eta zentzuduna zen, ongiaz hitz egiten zuten eta, zekitena jende guztiari irakatsi nahirik, horri ekiten zioten beren buruaz errukitu gabe. Zituen arriskuak gorabehera bizimodu hori maitatzerik bazegoela ulertzen zuen, eta, hasperen eginez, atzera begiratzen zuen, non, zerrenda ilun estu baten antzera, beraren iragan hutsala hedatzen baitzen. Ohartu gabe, bizimodu berri horretan bera ere premiazkoa zelako kontzientzia barea eratuz zihoan amaren baitan, ordura arte inoiz ez zuen bere burua inorentzat beharrezko sentitu, baina orain argi zekusan beharrezkoa zela askorentzat. Sentipen hori berria zen, atsegina, eta burua altxarazten zion...
Hutsik egin gabe eramaten zituen orrixkak fabrikara —bere betebehartzat hartzen zuen hori—, eta ohiko bilakatu zen isileko polizientzat, ongi asko ezagutzen zuten jada. Behin baino gehiagotan miatzen zuten, baina beti ere orriak fabrikan agertu eta biharamunean. Aldean ezer ez zeramanean, bazekien nota piztu isileko polizien eta zaintzaileen susmoak, haiek oratu eta goitik behera arakatzen zuten, berak minduta zegoelako plantak egiten zituen, haiekin eztabaidatzen zen eta, lotsagorriturik utzi ondoren, han alde egiten zuen bere abileziaz harroturik. Gogoko zuen jolas hori.
Vesovstxikov ez zuten fabrikan berriro onartu. Egur-merkatari batentzat hasi zen lanean. Egurra, enborrak eta oholak garraiatzen zituen auzotik. Amak ia egunero ikusten zuen: hanka eginahalak ikaraziak lurrean tinko bermatuz, bi zaldi beltz zihoazen, biak zahar eta hezurtsu, nekaduraz eta tristuraz kulunkatzen ziren haien buruak, unaturik kliskatzen zituzten begi hitsak. Haien atzetik herrestan, dardarka, enbor heze luzea zetorren, edo egur zati piloa, muturrak ozenki elkar joka; eta aldamenean, uhalak lasaiturik, oinez zebilen Nikolai, zarpail, zikin, bota luze astunekin, txanoa garondoaren parean, baldar, lurretik errotik ateratako tantaia bailitzan. Hark ere burua kulunkatzen zuen, oin azpian zuenari begira. Zaldiek itsu-itsuan jotzen zuten aurrez zetozkien telega eta oinezkoen kontra; haserre biziko biraoek, erlastarrak bailiran, jira-biraka inguratzen zuten gurtzaina, eta amorruzko deiadarrek urratzen zuten airea. Nikolaik, burua altxatu gabe, jendeari erantzun gabe, doinu zakar eta zizkolatsuz txistu egin eta, ahots garratzez, purrustadaka esaten zien zaldiei:
— E, kontuz!
Foiletoak edo atzerriko egunkarien azken zenbakiak irakurtzeko lagunkideak Andreiren etxean biltzen ziren bakoitzean, hara agertzen zen Nikolai ere, bazter batean eseri eta hortxe ematen zuen ordu bat edo bi, isilik entzuten. Irakurketaren ondoren, gazteak luzaro eztabaidatzen ziren, baina Vesovstxikovek ez zuen eztabaidetan parte hartzen. Gainerakoek baino beranduago alde egiten zuen eta, Andreirekin bakarrik geratzen zenean, galdera goibelak egiten zizkion:
— Eta nor da errudun nagusia?
— Begira, errudun nagusia lehenengo aldiz «hau nirea da» esan zuena duk. Baina pertsona hori orain dela milaka urte hil zuan, eta ez dik merezi harekin haserretzea! —esaten zion jojolak txantxetan, baina begiek kezkaz begiratzen zuten.
— Eta aberatsak? Eta haien alde daudenak?
Jojolak eskuak burura eraman, biboteari tiraka egin eta, hitz arruntak erabiliz, luze hitz egiten zuen jendearen bizimoduari buruz. Baina ondorio berbera ateratzen zuen beti: oro har gizateria osoa zen errudun; eta horrek ez zuen Nikolai gogobeterik uzten. Ezpain mamitsuak finko estuturik, ezezka eragiten zion buruari eta, sinesgogor, hori horrela ez zela adierazi eta atsekabeturik eta gogoilun alde egiten zuen.
Behin, hala esan zuen:
— Ez, errudunak egon behar dituk! Hementxe bertan zeudek! Nik zera zioat: bizitza osoa goldatu beharko diagu berriro, sastrakaz jositako zelai bat balitz bezala, gupidarik gabe!
— Horixe bera esan zian behin Isai ikuskatzaileak zuetaz! —gogoratu zuen amak.
— Isaik? —galdetu zuen Vesovstxikovek, isilune baten ondoren.
— Bai. Gizon makurra duk! Itzalgaizka ibiltzen duk guztien atzetik, norberaren mihitik zer aterako; gure kaletik agertzen hasi duk, leihotik begiratzen ziguk...
— Begiratzen dizue? —errepikatu zuen Nikolaik.
Ama ohean zetzan jada eta ez zekusan haren aurpegia, baina konturatu zen soberako zerbait esan berria zuela, zeren jojolak berehalakoan eta adiskidetsu hartu baitzuen hitza.
— Bada, ibil dadila, begira dezala! Badik horretarako astia eta paseatu egiten duk...
— Ez, egon! —esan zuen Nikolaik, garrazki—. Bera duk erruduna!
— Zeren erruduna? —galdetu zuen jojolak agudo—. Leloa izatearen erruduna?
Vesovstxikovek erantzun gabe alde egin zuen.
Jojola geldiro eta nekaturik zebilen gelatik, argalaren argalaz armiarmarenak ematen zuten hankak zaratarik gabe arrastaka. Botak erantzi zituen; beti egiten zuen hori hotsik ez ateratzeko eta ama ez asaldatzeko. Baina ez zegoen lo eta, Nikolai joan zenean, larriturik esan zuen:
— Haren beldur naiz!
— Ba-ai! —esan zuen jojolak astiro, hitza luzatuz—. Mutil haserrekorra da. Enetxoa, zuk ez hitz egin berarekin Isairi buruz. Egia da, Isai hori zelataria da.
— Ez da harritzekoa! Haren adixkidea jendarmea da! —ohartarazi zion amak.
— Beharbada, egunen batean Nikolaik jipoi ederra emango dio! —jarraitu zuen jojolak, errezeloz—. Ikusi duzu gure bizitzan agintzen duten handi-mandiek nolako sentimenduak hazi dituzten herri xehearengan? Zer gertatuko da Nikolai bezalako jendea pairatzen duen egoera iraingarriaz jabetu eta bere senetik ateratzen denean? Odolak zerua zipriztinduko du, eta bitsez estaliko du lurra, xaboia balitz bezala.
— Izugarria da, Andriusha! —egin zuen oihu amak, ahapeka.
— Ez balute eulirik irentsiko, ez lukete oka egingo! —esan zuen Andreik isilune baten ondoren—. Eta, nolanahi ere, enetxoa, haien odol tanta bakoitza aurretiaz garbituta dago herriaren malko-itsasoan...
Bat-batean, ahopetik barrez hasi, eta gaineratu zuen:
— Bidezkoa da, baina ez kontsolagarria!
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda