X

 

        Larritasunezko gau hartatik ia hilabetera agertu ziren. Pavelen etxean Nikolai Vesovstxikov eta Andrei zeuden. Egunkariari buruz hitz egiten ari ziren hirurak. Berandu zen, gauerdi aldera. Ama ohean zegoen jada, logale zen baina erdi esnaturik zegoen artean eta ametsetan bezala entzuten zituen mutilen ahots apal kezkatuak. Halako batean, Andreik, kontuz ibiltzen, sukaldea gurutzatu eta hotsik atera gabe ertitxi zuen atea bere atzean. Atalondoan burdinazko treska bat erori zen, zarata eginez. Eta bat-batean, parez pare zabaldu zen atea, jojolak zangokada batez sukaldera sartu eta ahots ozenez xuxurlatu zuen:

        — Ezproi hotsa!

        Amak jauzi batez ohetik altxatu eta esku dardaratiez soinekoa hartu zuen, baina gelako atean Pavel agertu zen eta patxadaz esan zion:

        — Gera zaitez ohean. Zu gaixorik zaude!

        Atalondoan marmar hots zuhurra aditu zen. Pavelek atera hurbildu eta, eskuaz bultza eginik, galdetu zuen:

        — Nor dabil hor?

        Atetik irudi gris garai bat sartu zen bizkortasun harrigarriz, eta haren atzetik beste bat. Bi jendarmeek atzera bultzatu zuten Pavel eta alde banatan kokatu zitzaizkion. Isekazko ahots zoli bat durundatu zen:

        — Zer, beste norbaiten zain zeundeten, ezta?

        Bibote beltz mehatzeko ofizial garai eta argal batek esan zuen hori. Amaren ohe alboan Fediakin auzoko polizia agertu zen eta, esku bat kapelura eramanik eta bestea amaren aurpegira zuzenduz, begiratu izugarria egotziz esan zuen:

        — Hona hemen haren ama, jaun ohoragarria! —eta eskua Pavelengana astinduz, gaineratu zuen—: Eta hor, hura bera!

        — Pavel Vlasov? —galdetu zuen ofizialak, begiak nareturik, eta, hitzik esan gabe Pavelek buruaz baiezkoa egin zionean, bibotea bihurrituz adierazi zuen—: Hire etxea miatu behar diat! Atso hori, altxa hadi! Nor dago hor? —galdetu zuen, gela aldera begiratu bat emanez, eta aterantz jo zuen oldarka.

        — Zuen deiturak? —burrunba egin zuen haren ahotsak. Atalondotik bi lekuko sartu ziren: Tveriakov galdari zaharra eta etxean apopilo zeukan Ribin sugina, mujik mardul eta beltzaran bat. Honek goraki, ahots lodiz esan zuen:

        — Gabon, Nilovna!

        Ama janzten ari zen eta, bere buruari adore emateko, hala zioen ahapeka:

        — Baina, zer da hau? Gauez etortzen dira, jendea ohean lo dago eta, hara, hauek azaltzen dira!

        Gela estu geratzen zen eta, ezin jakin zergatik, betun kirats handia zerion. Bi jendarmek eta Riskinek, auzoko polizi buruak, zorua zarataka zapalduz, liburuak apaletatik hartu eta mahai gainean pilatzen zituzten ofizialaren aurrean. Beste bik ukabilez jotzen zituzten hormak, aulkien azpian begiratzen zuten, eta haietariko bat labe gainera igo zen baldarki. Jojola eta Vesovstxikov bazter batean zeuden, zutik, elkarrengana estuturik. Nikolairen aurpegi naparbana gorriunez bete zen, eta begi gris txikiek tinko begiratzen zioten ofizialari. Jojolak bibotea bihurritzen zuen, eta, ama gelara sartu zenean, maitekiro agurtu zuen buruaz, erdi irribarre eginez.

        Ama, izua menperatzeko ahaleginak eginez, ez zen ohi bezala saiheska mugitzen, artezturik eta bularrari aurrera eraginez baizik, eta horrek itxura barregarria eta arranditsua ematen zion. Ozenki zapaltzen zuen zorua oin azpian, eta bekainak dardarka ari zitzaizkion...

        Ofizialak bizkor hartzen zituen liburuak hatz meheekiko esku zuriez, orriak irauli, astindu, eta albora jaurtikitzen zituen eskuaren mugimendu trebe batez. Noizean behin liburu bat edo beste lurrera erortzen zen hots biguna atereaz. Isilik zeuden denak, jendarme izerditsuen arnasots estuak eta ezproien tintin hotsa besterik ez zen entzuten. Aldika, durundi egiten zuen ahapekako galderaren batek:

        — Begiratu duzu hor?

        Ama hormaren ondoan kokatu zen, Pavelengandik hurbil, honen antzera besoak bularraren parean uztarturik, eta berak ere so egiten zion ofizialari. Dardarka zituen belaunak eta gandu lehor batek lausoturik begiak.

        Bat-batean, Nikolairen ahots zorrotzak isiltasuna urratu zuen:

        — Baina, zergatik bota behar dituzue liburuak lurrera?

        Zirgit egin zuen amak. Tveriakovek buruari eragin zion, garondoan zartakoa eman baliote bezala, eta Ribinek karraka egin eta arretaz begiratu zion Nikolairi.

        Ofizialak begiak naretu eta segundo batez aurpegi nabarban zurrunean josi zituen. Haren atzamarrek arinago irauli zituzten liburuetako orriak. Noizik behin, ikaragarri zabaltzen zituen begi gris handiak, oinaze jasanezin batek jota egonik min horrek eragiten zion amorru indargea garrasi ozen batez askatzeko zorian balego bezala.

        — Soldaduak! —esan zuen berriro Vesovstxikovek—. Jaso liburuak...

        Jendarme guztiak harengana jiratu ziren, gero ofizialari begiratu zioten. Honek burua jaso zuen berriro eta, begiratu zorrotzez Nikolairen irudi zabala arakaturik, sudur-mintzoz esan zuen astiro:

        — Tira ba... jaso itzazue...

        Jendarme bat makurtu eta, zeharretik Vesovstxikovi begiratuz, zoruan zeuden liburu zatikatuak biltzen hasi zen...

        — Nikolai honek hobe likek isilik egon! —xuxurlatu zion amak Paveli ahopetik.

        Semeak sorbaldak goratu zituen. Jojolak burua eraitsi zuen.

        — Nork irakurtzen du biblia?

        — Nik! —esan zuen Pavelek.

        — Eta norenak dira liburu hauek guztiak?

        — Nireak! —erantzun zuen Pavelek.

        — Ederto! —esan zuen ofizialak, aulkiaren bizkarraldean bermatuz. Esku finetako hatz-koskoak kliskatu, hankak mahai azpian luzatu, bibotea leundu, eta Nikolairi galdetu zion:

        — Hi haiz Andrei Nakhodka?

        — Bai! —erantzun zuen Nikolaik, aurrera eginez. Baina jojolak besoa luzatu, sorbaldatik heldu, eta atzera eragin zion.

        — Okertu egin da! Ni naiz Andrei!

        Ofizialak esku bat altxatu eta, txirkandaz Vesovstxikovi mehatxu eginez, esan zuen:

        — Kontuz ibili nirekin!

        Eta zerbaiten bila hasi zen bere paperen artean.

        Gau zuri argitsuaren begi axolagabeek leihora begiratzen zuten kaletik. Leihoaz bestaldean astiro zebilen norbait, elurretan kirrika eginez.

        — Hi, Nakhodka, lehenago ere auzitara eraman haute politika arloko lege-hausteak direla eta? —galdetu zuen ofizialak.

        — Bai, auzitara eraman naute Rostoven, baita Saratoven ere... Baina hango jendarmeek «zuka» egiten zidaten...

        Ofizialak eskuineko begia kliskatu, hura igurtzi eta, hortz txikiak erakutsiz, esan zuen:

        — Eta ez duzu zuk jakingo, Nakhodka, hain zuzen ere zuk, nor diren fabrikan agiri kriminalak banatzen dituzten zerri horiek, ezta?

        Jojolak hanken gainean zabunkatu eta, irribarre zabala aurpegian, zerbait esan nahi izan zuen, baina berriro durundatu zen Vesovstxikoven ahots ernegatua:

        — Hauxe da guk zerririk ikusten dugun lehenbiziko aldia...

        Isiltasuna nagusitu zen, eta lipar batez geldirik geratu ziren denak.

        Amaren aurpegiko orbaina zuri-zuri ipini zen, eta eskuineko bekaina gorantz igo zitzaion. Ribinen bizar beltza dardarka hasi zen modu arraroan eta, begiak lurrera jarrita, atzamarrez astiro orrazteari ekin zion.

        — Atera ezazue astakirten hori hemendik kanpora! —esan zuen ofizialak.

        Bi jendarmek Vesovstxikovi besoetatik heldu eta sukaldera eraman zuten arrastaka. Han, hankak zoruan gogor finkatuz, gelditzea lortu eta oihu egin zuen:

        — Itxaron... berokia jantziko dut!

        Auzoko polizi buruak etxartetik itzuli eta esan zuen:

        — Ez dago ezer, dena arakatu dugu!

        — Jakina! —jaregin zuen ofizialak, irribarre maltzurrez—. Hemengoa gizon saiatua da...

        Amak ofizialaren ahots ahul, dardarati eta hauskorra entzuten zuen eta, aurpegi horiari izuturik so eginez, bihotza jendearenganako erdeinu handiputzez gainezka duen etsai gupidagabea sumatzen zuen gizon horrengan. Gutxitan ikusia zuen horrelako jendea eta ia ahaztuta zeukan existitzen zuela.

        «Hara nor zirikatu duten!» —pentsatzen zuen.

        — Zu, Andrei Onisimov Nakhodka jauna, sasikume hori, atxilotu egingo zaitut!

        — Zer dela eta? —galdetu zuen patxadaz jojolak.

        — Hori, gero esango dizut! —erantzun zuen ofizialak gizalege maltzurrez. Eta Vlasovarengana jiratuz, galdetu zuen—: Hik ba al dakin irakurtzen eta idazten?

        — Ez! —erantzun zuen Pavelek.

        — Ez diat hiri galdetu! —esan zuen ofizialak mintzo latzez, eta berriro jaulki zuen—: Erantzun ezan, atso zahar horrek!

        Ama, nahigabe gizon harenganako gorrotoaren mendean eroriz, bat-batean, ur izoztura jauzi egin balu bezala, dardarizoak hartuta, tente jarri zen, orbaina gorritu eta beherantz jausi zitzaion bekaina.

        — Ez egin oihurik! —esan zuen, besoa harengana luzatuz—. Zu gaztea zara oraindik, ez dakizu zoritxarra zer den...

        — Lasai zaitez, amatxo! —gerarazi zuen Pavelek.

        — Egon, Pavel! —oihu egin zuen amak, oldarrean mahaira hurreraturik—. Zergatik hartzen duzue preso jendea?

        — Hori ez da zure kontua, isil zaitez! —garrasi egin zuen ofizialak, hanka gainean jarriz—. Ekar ezazue Vesovstxikov atxilotua!

        Eta paper-orri bat irakurtzen hasi zen, aurpegiraino jasorik.

        Nikolai ekarri zuten.

        — Erantzi txanoa! —oihu egin zuen ofizialak, irakurketa etenik.

        Ribin Vlasovarengana hurbildu zen eta, sorbaldaz bultzatu ondoren, ahapeka esan zion:

        — Ez sumindu, ama...

        — Nola erantziko dut txanoa besoetatik heltzen badidate? —galdetu zuen Nikolaik, aktaren irakurketa oztopatuz.

        Ofizialak mahai gainera jaurtiki zuen papera.

        — Izenpetu!

        Amak, akta nola izenpetzen zuten begiratzen zuelarik, adore guztia galdu zuen, bihotza erori zitzaion, irainak eta ezintasunak malkoz bete zizkioten begiak. Ezkondurik eman zituen hogei urteetan zehar horrelako malko ugari isuri zituen, baina azken urteotan ia ahaztu zitzaion haien zapore mingotsa. Ofizialak begiratu eta, aurpegia nazkaz zimurturik, ohartarazi zion:

        — Anderea, goizegi hasi zara negar intzirika! Gero ez duzu malko nahikorik izango!

        Ama sutan jarri zen berriro, eta esan:

        — Amok badugu guztirako malko nahikorik, guztirako! Zuk amarik baduzu, berak ere jakingo du hori, seguru!

        Ofizialak paperak presaka batu eta hesgailu distiratsuekiko orri zorro berri-berri batean sartu ziten.

        — Goazen! —agindu zuen.

        — Ikusi arte, Andrei; ikusi arte, Nikolai! —esan zuen Pavelek maitekiro eta ahapeka, lagunei bostekoa emanez.

        — Horixe ba, ikusi arte! —errepikatu zuen ofizialak irribarre maltzurrez.

        Vesovstxikov arnasestuka eta bafadaka zihoan. Odola lepotzarrera bildu zitzaion, begiek amorru basatiz distiratzen zuten. Jojolak, aurpegia irribarreak argiturik, buruaz agurtu eta zerbait esan zion amari. Honek aitaren egin zion, eta esan:

        — Jainkoak errugabeak babesten ditu...

        Azkenik, longaina grisekiko gizon saldoa atalondora irten eta, ezproiei tintin hotsa eraginez, han desagertu zen. Azkena Ribin atera zen, begi ilunek begiratu arretatsua egotzi zioten Paveli, eta pentsakor esan zuen:

        — Ea ba, agur!

        Eta, bizar aldera eztulka, astiro irten zen atalondora.

        Eskuak bizkar atzean bildurik, Pavel poliki zebilen gelatik, zoruan han-hemenka barreiatutako mihiseria eta liburuen artean, eta gogoilun esan zuen:

        — Ikusi dun nola egiten diren gauza hauek...?

        Harriturik gela lardaskatuari erreparatuz, amak kopetilun marmaratu zuen:

        — Zergatik esan dizkio Nikolaik arrunkeria horiek?

        — Segur aski, ikaratuta zegoelako —esan zuen Pavelek ahapeka.

        — Etorri, harrapatu eta eraman —murduskatu zuen amak, besoak zabalduz.

        Nolanahi ere, etxean zeukan semea eta amaren bihotz-taupadak baretu egin ziren, baina pentsamendua geldirik geratu zitzaion ezin azal zezakeen gertakari horren aurrean.

        — Gizon horiak iseka egin ziguk, mehatxu egin ziguk...

        — Tira, ama! —esan zuen bat-batean Pavelek, doinu erabakitzailez—. Hau guztia jaso behar dinagu...

        «Ama» deitu zion eta «hika» mintzatu, berarengandik ohi baino hurbilago sentitzen zenetan soilik egiten zuen modura. Semearengana jo zuen, aurpegira begiratu eta ahapeka galdetu zion:

        — Mingarria izan da hiretzat?

        — Bai! —erantzun zuen semeak—. Oso latza izan dun! Hobe ni ere haiekin eraman banindute...

        Iruditu zitzaion begiak malkotan zituela eta, kontsolatu nahirik, haren mina nola edo hala sentituz, hasperen egin eta esan zuen:

        — Egon! Hi ere eramango haute!

        — Bai, eramango naiten!

        Isilune baten ondoren, tristuraz ohartarazi zion amak:

        — Zein latza haizen, Pasha! Inoiz edo behin, besterik ez bada ere, kontsolatu beharko nindukek. Baina, bai zera, nik gauza ikaragarriak esan eta hik are gauza ikaragarriagoak erantzuten dizkidak.

        Semeak begiratu, hurbildu, eta ahapeka esan zion:

        — Ezinezkoa zaidan ama! Ohitu egin beharko haiz.

        Hasperen egin zuen amak eta, isilune baten ondoren, hizketan hasi zen, beldurrak sortzen zion dardarizoari eutsiz:

        — Eta baliteke haiek jendea torturatzea? Gorputza zarrastatzea, hezurrak apurtzea? Horretaz pentsatzen dudanean, Pasha, maitea, izutu egiten nauk.

        — Arima apurtzen diten... eta are mingarriagoa dun arima esku zikin horiez...

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia