Azken kapitulua

 

        Txitxikov, hari urrekaraz brodaturiko mantal pertsiar batez jantzirik eta dibanean eroso eserita, merke-lehian ari zen hirian iragaitzaz zegoen kontrabandista-merkatari jatorriz judu eta ahoskeraz alemaniar batekin, eta, ordurako, aurrean hedaturik zeukan eroskizuna, hau da, kalitaterik oneneko ehun holandarra —alkandorak egiteko— eta, paperezko bi kutxatan gorderik, dohain paregabeak zituen xaboi berezi bat, ezin hobea (horixe zen, hain zuzen ere, aduanan lan egin zuen garaian noizean behin eskuratzen zuen xaboia; izan ere, dohain bereziak zituen masailei leuntasun eta zuritasun harrigarria emateko). Hezibide oneko edozein gizasemerentzat ezinbestekoak ziren gai haiek adituaren zorroztasunaz erosten ari zela, zalgurdi baten zarata entzun zen, gero eta hurbilago, etxeko hormak eta leihoak leunki dardararaziz, eta Aleksei Ivanovitx Lenitsin jaun ohoragarria sartu zen gelan.

        — Lagun ohoragarri hori, begira nolako ehuna eta nolako xaboia, eta hona nolako bitxikeria erosi nuen atzo! Esadazu, arren, zer deritzezun.

        Txitxikovek, hala mintzo zen bitartean, urrez brodaturiko eta beira-alez apainduriko txano bat jantzi zuen buruan. Pertsiako shah baten antza zuen, hain ageri zen duintasunez eta handientzaz beterik.

        Baina lagun ohoragarriak, galderari erantzun gabe, larri-antzean esan zuen:

        — Arazo bati buruz hitz egin behar dut zurekin.

        Haren aurpegiak argi adierazten zuen lur jota zegoela. Bertantxe bidali zuten gelatik ahoskera alemaniarreko merkatari itzaltsua, eta [bakarrik] geratu ziren biak.

        — Badakizu nolako ezbeharra gertatu den? Atsoaren beste testamentu bat aurkitu dute, bost [urte] lehenago egina. Etxaldearen erdia monasterio bati uzten dio, eta beste erdia, berriz, berak hezitako bi neskari, erdi bana. Beste inork ez du ezer jasoko.

        Txunditurik geratu zen Txitxikov.

        — Baina testamentu hori zentzugabekeria hutsa da. Ez du inolako baliorik, bigarrenak indarrik gabe uzten du.

        — Hain zuzen ere, kontua da azken testamentuak ez dioela lehena indargabetzen duenik.

        — Esan beharrik ere ez dago: azkenak lehena indargabetzen du berez. Lehen testamentuak ez du ezertarako balio. Nik ondo asko dakit zein izan zen hildakoaren azken nahia. Bertan nintzen. Nork sinatu zuen?, nor izan ziren lekukoak?

        — Legeak agintzen duenez, auzitegian legeztatu zuten testamentua. Burmilov eta Khavanov epaileak izan ziren lekukoak.

        «Bai txarto! —pentsatu zuen Txitxikovek—. Khavanov gizon prestua omen duk, eta Burmilov, berriz, agure santujalea, jaiegunetan Apostolua irakurtzen dik elizan.»

        — Baina ez du inolako baliorik, ez du inolako baliorik —esan zuen ozenki, eta edozeri buru egiteko erabakitasun irmoa sumatu zuen barnean—. Nik inork baino hobeto dakit zer gertatu zen: hildakoaren aldamenean egon nintzen azken minutuetan. Inork baino hobeto dakit han gertaturikoaren berri. Zin egiteko prest nago.

        Txitxikoven hitzek eta erabakitasunak lasaitu egin zuten Lenitsin. Oso kezkaturik zegoen, eta susmatzen hasia zen Txitxikovek asmo makurren bat zerabilela testamentuari zegokionez. Orain, ordea, bere burua gaitzetsi zuen horrelako susmo txarrak izateagatik. Zin egiteko prest agertze horrek argi frogatzen zuen Txitxikov [errugabea zela]. Adoretsu esan zuen Pavel Ivanovitxek zin egingo zuela, baina ez dakigu bere hitza betetzeko adorerik izango ote zuen.

        — Lasai egon, legelari batzuekin hitz egingo dut auzi honi buruz. Zuk hobe duzu ezer ez egin, utzi dena nire esku. Orain, nahi adina denbora gera naiteke hirian.

        Txitxikov, kotxea ekartzeko agindu, eta legelari batengana joan zen berehala. Jardunaren jardunaz, ezinago aditua zen legelari hura. Baziren hamabost urte auzipeturik zegoela, baina hain antze handiz jokatu zuen beti, ezen, gogotik saiatu arren, ezin izan baitzuten kargutik egotzi. Denek ezagutzen zuten, sei aldiz erbesteratu beharko zuketen eginiko balentriengatik. Ezin konta ahal okerkeriaren susmagarritzat zeukaten, baina ezin zuten lortu beraren kontrako froga argi eta erabatekorik. Bazuen zerbait misteriotsua, eta, kontatzen ari garen istorio hau ezjakintasunaren aro ilunean gertatua balitz, aztia zela aitortzen ausartuko ginateke.

        Harritzekoak ziren legelariaren itxura hotza eta mantal zoldatsua, inola ere ez baitzetozen bat kaobazko altzari ederrekin, kristalezko kanpai baten azpian gordetako erloju urrezkoarekin, muselinazko zorro babesgarritik zehar atzematen zen argi-armiarmarekin eta, batez ere, heziketa europar distiratsuak ingurune guztian eta legelariarengan berarengan utziriko arrasto biziarekin.

        Txitxikovek, legelariaren aire eszeptikoari amore eman gabe, auziaren korapilo guztiak azaldu zizkion, eta oso modu limurgarrian adierazi zion hutsik egin gabe eskertuko zizkiola azkenean aholku onak eta laguntza.

        Legelariak erantzun zion mundua hitz-jalez beterik dagoela, eta antze handiz ulerrarazi zion arranoa hegan baino hobe dela txepetxa eskuan.

        Beste aukerarik ez zegoen: txepetxa jarri behar izan zion eskuan. Tupustean aienatu zen filosofoaren hoztasun eszeptikoa. Gertatu zen munduko gizonik jatorrena eta irekiena zela, solaskide ezinago atsegina eta Txitxikov bezain hizlari trebea.

        — Inondik ere, ez duzu ondo irakurri testamentua. Auzibide luze bati ekin aurretik, hobe zenuke ondo aztertu: eranskinen bat izan behar du non edo non. Idazkia eskuratu beharko zenuke aldi baterako. Dakizunez, debekaturik dago horrelako agiri bat etxera eramatea, baina funtzionarioren bati era egokian eskatuko bazenio... Nik, neure aldetik, ahal dudan guztia egingo dut.

        «Ulertu diat», pentsatu zuen Txitxikovek, eta esan:

        — Izan ere, nik ez nuen idatzi testamentua, eta ez naiz gogoratzen eranskinik ba ote duen.

        — Begi zorrotzez aztertzea duzu onena. Bestetik —jarraitu zuen, ezinago onbera—, lasai egon behar duzu; egoerarik okerrenean ere, ez aztoratu. Gertatzen dena gertatzen dela, ez etsi inoiz: ez dago ezin zuzenduzkorik. Begiratu niri: lasai nago beti. Askotariko hobenak leporatzen dizkidate, baina horrek ez dit lasaitasun izpirik kentzen.

        Izan ere, legelari-filosofoaren aurpegiak erabateko lasaitasuna agertzen zuen, hainbesterainokoa, ezen Txitxikov oso [...]

        — Hori da garrantzitsuena noski —esan zuen Txitxikovek—. Baina, guztiarekin ere, onartuko didazu ez dagoela lasai egoterik zenbait gertakari eta gorabeheraren aurrean. Etsaien erasoak eta irainak oso latzak dira batzuetan, oso gauza larriak gertatzen dira.

        — Hori txepeltasuna da, benetan —erantzun zuen, oso lasai eta onbera, filosofo-legegizonak—. Agiriek izan behar dute auzibide osoaren oinarria, eta zuk berebiziko ahaleginak egin behar dituzu baldintza hori bete dadin; dena idatziz, ezer ez hitzez soilik. Eta ikusten duzunean auzibidea amaitzera doala eta epaileak, eragozpenik gabe, laster erabakiko duela, ez saiatu zeure burua zuritzen edo aldezten; hori egin beharrean, ahal beste nahaspilatu dena, agiriei atariko berriak, bigarren mailako klausula gehigarriak eta horrelakoak erantsiz.

        — Alegia, zera lortzeko...

        — Nahaspilatu, nahaspilatu dena, besterik ez —erantzun zuen filosofoak—. Eta, gauzak erabat korapilatzeko, erants itzazu auziarekin inolako loturarik ez duten gertakari batzuk eta beste hainbat lagun auzipetzea ekar dezaketen afera denetarikoak. Besterik ez duzu egin behar. Ea Petersburgetik iritsi berriak diren funtzionario horietakoren bat mataza askatzeko gai den! Aska dezala mataza, aska dezala! —errepikatu zuen, atsegin handiz Txitxikovi begietara so, hala nola so egiten baitio irakasleak ikasleari errusierazko gramatikaren atal erakargarri bat azaltzen dionean.

        — Bai, ulertu dut, edonori burua zeharo nahasteko gai diren zertzelada horiek aurkitzea da kontua —esan zuen Txitxikovek, filosofoari begietara so, atsegin handiz bera ere, irakasleak azalduriko atal erakargarria ulertu duen ikaslearen antzera.

        — Aurkituko dituzu, horixe aurkituko dituzula! Sinetsidazu: saiatuaren saiatuaz, asmotsu bilakatzen da burua. Lehenik eta behin, gogoan izan hainbaten laguntza izango duzula. Auzi korapilatsuak diru-iturri polita dira jende askorentzat: funtzionario gehiago behar dira, gehiago ordaindu behar diete... Haietako batzuen lana alferrikakoa izanik ere, haiei berdin: erraza dute beren burua garbitzea, agiriak aztertu behar dituzte, dirua behar dute... Ogia dago jokoan... Sinetsidazu, egoera gaizkoatzen denean, dena nahaspilatzea da eginkizunik behinena. Inortxok ere ezer ez ulertzeko moduan nahaspilatu eta korapilatu behar dira gauzak. Ni zergatik nago beti lasai? Bada, aldez aurretik dakidalako nire kontrako auziak okertu bezain laster direnak eta ez direnak sartuko ditudala tartean: gobernadorea, gobernadoreordea, poliziaburua, diruzaina, guzti-guztiak sartuko ditut tartean. Dena dakit haiei buruz: nor norekin dagoen haserre, nork nor daukan begitan harturik, nork nor eraman nahi duen espetxera. Gero, beharbada, onik aterako dira ataka horretatik, baina beste batzuek aberastea lortuko dute haiek onik aterata. Karramarroak ur uherretan soilik harrapatzen dira. Auziren bat noiz nahaspilatuko zain daude denak.

        Legelari-filosofoak, hori esandakoan, berriro so egin zion Txitxikovi begietara, neurrigabeko plazerrez, hala nola begiratzen baitio irakasleak ikasleari errusierazko gramatikaren atal are erakargarriago bat azaltzen dionean.

        «Izugarri azkarra duk gizon hau», pentsatu zuen Txitxikovek bere artean, eta pozarren eta aldarte ezin hobean alde egin zuen legelariaren etxetik.

        Guztiz lasai eta seguru, zalutasun zabarrez bota zuen gorputza kotxeko bigungarri gurien gainera. Selifani estalkia jaisteko agindu (estalkia jasorik eta larruzko errezelak hedaturik joan zen legelariaren etxera), eta eroso eseri zen, husarren koronel erretiratu batek edo Vishnepokromovek berak egingo luketen bezalaxe, hanka bat bestearen azpian trebeki tolesturik, burua alde baterantz jiraturik eta aurpegia distiratsu belarrien ertzeraino sarturik zeraman sedazko kapelu berriaren azpian. Zuzenean denden kalera joateko agindu zion Selifani. Merkatariek, bertako zein kanpoko, nor bere dendako atean zutik, begirunez eranzten zuten kapelua, eta Txitxikovek, erantzun gisa, duintasun handiz altxatzen zuen berea. Ezagunak zituen jadanik haietako batzuk; beste batzuk, aldiz, etorri berriak ziren, baina, hain jaun ospetsuaren itxura prestuak liluraturik, agur egiten zioten ezagutuko balute bezala. Tfuslavel hiriko azoka ez zen artean amaitu. Joanak ziren zaldiak eta nekazariak, eta heziketarik oneneko jaunentzako salgai ederren txanda zen orain. Zalgurdiz etorriak ziren merkatariak, eta, leraz ez bazen, ez zuten etxera itzultzeko asmorik.

        — Zatozte, zatozte! —zioen, gizalegezko keinu nabarmenak eginez, saltzaile batek oihal-denda baten aurrean, burua biluzik, kapelua eskuan, moskutar ebakerako jaka alemaniarra soinean, bi hatzez bizarrik gabeko kokots biribilari eusten ziola eta heziketa fina adierazten zuen imintzioa aurpegian.

        Dendara sartu zen Txitxikov.

        — Mesedez, erakutsi oihalak.

        Merkatariak, oso antzetsua bera, berehalaxe altxatu zuen salmahaiko ohola, eta, igarobidea horrela irekirik, saltoki barruan kokatu zen, salgaiak atzean eta eroslea aurrean.

        Salgaiak atzean eta eroslea aurrean zeuzkala, merkatariak, burua biluzik eta kapelua eskuan, berriro agurtu zuen Txitxikov. Gero, kapelua jantzi, gizalegezko buru-makurtua egin, eta, bi eskuak salmahaian bermaturik, esan zuen:

        — Oihal ingelesa?, edo, aukeran, hemengoa nahiago duzu, Errusiakoa bertakoa?

        — Hemengoa nahiago dut —esan zuen Txitxikovek—, baina kalitaterik onenekoa, ingelesa deritzoten mota horretakoa.

        — Zein kolore nahi duzu? —galdetu zuen saltzaileak, salmahaian bermaturiko bi eskuen gainean oso modu atseginean kulunkatzen zen bitartean.

        — Kolore ilunen bat, olibakara edo botila-berdea, txilar koloreko izpilekin —esan zuen Txitxikovek.

        — Hitzematen dizut kalitaterik oneneko oihala emango dizudala, ez dago hoberik bi hiriburuetan —esan zuen saltzaileak, goiko apal batean zegoen oihal bat harturik; trebetasun handiz mahai gainera bota, mutur batetik tiraka zabaldu, eta argitara eraman zuen—. Hau distira! Moda-modakoa da, azken orduko gustuaren araberakoa!

        Oihalak dir-dir egiten zuen sedazkoa balitz bezala. Saltzaileak aise igarri zuen oihal-kontuetan aditua zen erosle baten aurrean zegoela, eta ez zuen hamar errubloko oihaletatik hasi nahi.

        — Ez dago txarto —esan zuen Txitxikovek, oihala leunki haztatuz—. Baina hobe behingoan erakusten badidazu azkena erakutsi nahi didazun beste hori; eta eskatu dizudan kolorearen antz handiagoa izan dezala, eta izpilduna, benetan izpilduna izan dadila.

        — Ulertzen dut, orain Pe[tersburgen modan] dagoen kolore horretakoa nahi duzu. Badut oihal bat ezin hobea. Hori bai, jakinarazi behar dizut prezioa oso handia dela, baina kalitatea ere oso handia da.

        — Ekarri.

        Hitzik ez prezioaz.

        Bestearen gainera etorri zen oihala. Saltzaileak antze handiz hedatu zuen hori ere; mutur batetik heldu, eta sedazkoa balitz bezala hedatu zuen. Hainbeste hurbildu zion Txitxikovi, ezen, aztertzeaz gain, usaindu ahal izan baitzuen.

        — Hau kolore polita! Navarinoko kea eta sugarrak —esan zuen saltzaileak.

        Ados jarri ziren prezioan. Burdinazko arshinak, azti baten makila bailitzan, aitaren batean neurtu zituen Txitxikoven fraka eta galtzak. Saltzaileak, artaziekin ebaki bat egin, eta, trebetasun handiz, alderik alde urratu zuen oihala bi eskuekin. Oihala urratzen amaitzeaz batera, buru-makurtua egin zion Txitxikovi halako xarma ezin liluragarriago batez. Oihala tolestu eta paperean bildu zuen trebetasun handiz; bilgoa jira-biraka hasi zen lokarri mehearen azpian. Txitxikovek sakela arakatu nahi izan zuen, baina nabaritu zuen norbaitek leunki inguratzen ziola gerria besoaz, eta haren belarriek hitz hauek entzun zituzten:

        — Adiskide agurgarri hori, zer erosten ari zara hemen?

        — Hau ustekabeko elkartze atsegina! —esan zuen Txitxikovek.

        — Topo egite atsegina benetan! —esan zuen gerria inguratu zionaren ahotsak. Vishnepokromov zen—. Arretarik eskaini gabe dendaren aldamenetik igarotzeko zorian nengoela, aurpegi ezagun bat ikusi dut bat-batean, eta nola uko egin hain plazer atseginari! Zalantzarik gabe, oihalak aurreko urteetan baino askoz hobeak dira aurten. Baina lotsagarria da, gero! Ez dut ezer aurkitu... Prest nago hogeita hamar edo berrogei errublo gastatzeko..., berrogeita hamar ere ordainduko nituzke, baina eman diezadatela oihal on bat! Nire ustez, oihal bikainik aurkitu ezean, hobe da ezer ez edukitzea. Ez da hala?

        — Bai horixe! —esan zuen Txitxikovek—. Gauza on bat edukitzeko ez bada, zergatik nekatu?

        — Erakutsi tarteko prezioko oihalen bat —entzun zen haien atzean Txitxikovi ezaguna iruditu zitzaion ahots bat. Atzerantz jiratu zen: Khlobuiev zen. Nabari zitzaion oihala ez zuela apetak eman ziolako erosiko, erabat higaturik baitzeukan bere jaka ziztrina.

        — Hara, Pavel Ivanovitx! Zurekin hitz egiteko aukera izango dut azkenean. Ez dago zu aurkitzeko modurik. Hainbatetan joan naiz zure bila, baina kanpoan zara beti.

        — Adiskidea, oso lanpeturik ibili naiz, eta, zinez diotsut, ez dut zurekin egoteko astirik izan.

        Ingurura begiratu zuen, azalpenik eman gabe ihes egiterik ba ote zegoen, eta Murazov ikusi zuen dendan sartzen.

        — Afanasi Vasilievitx! Jainkoarren! —esan zuen Txitxikovek—. Hau elkartze atsegina!

        Eta, haren ondotik, Vishnepokromovek errepikatu zuen:

        — Afanasi Vasilievitx!

        [Khlobuievek] ere errepikatu zuen:

        — Afanasi Vasilievitx!

        Eta, azkenean, heziketa oneko saltzaileak, eskuaren eginahal guztian kapelua ahalik eta lasterren erantzi, aurrera egin, eta esan zuen:

        — Afanasi Vasilievitx, onar iezadazu, arren, nire begirune apalaren aitorpena!

        Giza arrazako zakurrek aberats okituei erakutsi ohi dieten begiramen zakurrezkoa azaldu zen haien aurpegietan.

        Agureak diosal egin zien guztiei, eta zuzenean joan zen gero Khlobuievengana:

        — Barkatu, denda honetan sartzen ikusi zaitut urrunetik eta apur batean zu nekaraztera erabaki naiz. Gero, zereginik ez baduzu eta etxera bidean nirearen aldamenetik igaro behar baduzu, eskertuko nizuke sartu-irten labur bat egitea. Hitz egin behar dut zurekin.

        Khlobuievek esan zuen:

        — Oso ondo, Afanasi Vasilievitx.

        — Eguraldi ederra dugu gaur, Afanasi Vasilievitx —esan zuen Txitxikovek.

        — Ezin ederragoa —gaineratu zuen Vishnepokromovek—. Ez da hala, Afanasi Vasilievitx?

        — Bai, Jainkoari eskerrak, eguraldi ona dugu. Baina euri apur bat beharko genuke, ereiteko sasoian gaude eta.

        — Horixe beharko genukeela —esan zuen Vishnepokromovek—, ona litzateke ehizarako ere.

        — Bai, euri apur batek ez luke inolako kalterik egingo —esan zuen Txitxikovek. Bost axola zion euriak, baina atsegin zuen milioi askoren jabearekin bat etortzea.

        Eta agurea, berriro ere denak agurturik, dendatik joan zen.

        — Jira-biraka jartzen zait burua gizon horrek hamar milioi dituela pentsatze hutsarekin —esan zuen Txitxikovek—. Sinestezina da.

        — Nolanahi ere, hori ez da bidezkoa —esan zuen Vishnepokromovek—, kapitalek ez dute bakar baten [eskuetan] egon behar. Gaur egun, gai horri buruzko liburuak argitaratzen ari dira Europa osoan. Ondo dago dirua edukitzea, baina besteekin partekatu behar da: opariak egin, dantzaldiak antolatu, oparotasun onuragarria sortu, maisuek eta eskulangileek eguneroko ogia irabazteko modua izan dezaten.

        — Nik ezin dut hori ulertu —esan zuen Txitxikovek—. Hamar milioi, eta mujik arrunt bat bezala bizi da! Deabruak daki zer egin daitekeen hamar milioirekin. Hamar milioiren jabe izanik, jeneral eta printzeen artean aukera daitezke adiskideak.

        — Bai —erantsi zuen saltzaileak—, Afanasi Vasilievitxek berezitasun itzalgarri asko ditu, baina baita ezin barkatuzko akats ugari ere. Merkataria, itzalgarria bada, ez da merkatari hutsa, negozio-gizona ere bada nola edo hala. Nik, esaterako, palko bat akuratu behar dut antzokian, eta alaba ez dut koronel arrunt batekin ezkonduko: jeneral batekin ez bada, ez dut inorekin ezkonduko. Zer onik ekarriko lidake koronel batek? Niri gozogile batek prestatu behar dit bazkaria, ez sukaldari batek...

        — Argi baino argiago dago! —esan zuen Vishnepokromovek—. Hamar milioirekin edozer egin daiteke! Eman niri hamar milioi eta ikusiko duzue zer egiten dudan!

        «Ez —pentsatu zuen Txitxikovek—, hik ez huke onurazko gauza askorik egingo hamar milioirekin. Nik bai, ordea; hamar milioi banitu, zerbait egingo nikek.»

        «Nik orain —pentsatu zuen Khlobuievek—, hain eskarmentu ikaragarriaren ondotik, hamar milioi banitu, bestela jokatuko nikek: eskarmentuari esker, kopek bakoitza zein garestia den ikasten duk.» Eta gero, une batez pentsakor egon ondoren, bere buruari galdetu zion: «Zentzuz jokatzen asmatuko nuke benetan?». Eta, eskuari eraginez, gaineratu zuen: «Ze demontre! Ziur nagok dena xahutuko nukeela, lehen bezala», eta dendatik irten zen, Murazovek zertaz hitz egin behar zion jakiteko irrikaz.

        — Zure zain nengoen, Piotr Petrovitx! —esan zuen Murazovek, Khlobuiev sartu zela ikusirik—. Mesedez, zatoz nire gelatxora.

        Eta irakurleak dagoeneko ezagutzen duen gelatxo horretara eraman zuen Khlobuiev. Urtean zazpiehun errublo irabazten dituen funtzionario batek ere ez luke hain gela xumea izango.

        — Nago zure egoerak hobera egin duela honezkero. Zerbait jasoko zenuen izeba hildakoan, ezta?

        — Nola azalduko nizuke, Afanasi Vasilievitx? Ez dakit nire egoerak hobera egin duen. Berrogeita hamar nekazari-arima eta hogeita hamar mila errublo jaso ditut guztira, baina nire zorretako batzuk kitatzeko erabili behar izan dut diru hori, eta ezer gabe nago berriro. Baina garrantzitsuena da testamentuaren arabera gauzak ez daudela batere garbi. Horiek amarruak, Afanasi Vasilievitx! Oraintxe kontatuko dizut zer gertatu den, eta zeharo txunditurik geratuko zara. Txitxikov hori...

        — Barkatu, Piotr Petrovitx, Txitxikov horretaz hitz egin baino lehen hitz egidazu zeure buruaz. Esadazu: guztira zenbat diru beharko zenuke zure egoeratik behin betiko ateratzeko?, zenbat joko zenuke nahikotzat?

        — Nire egoera oso larria da —esan zuen Khlobuievek—. Egoera horretatik ateratzeko, zor guztiak ordaintzeko eta premiazkoenarekin soilik bizitzeko, ehun mila behar ditut gutxienez, edo gehiago beharbada. Hitz batean, ezinezkoa zait.

        — Eta diru hori izango bazenu, nola gobernatuko zenuke zeure bizitza?

        — Gela txiki bat akuratuko nuke eta seme-alaben hezkuntzaz arduratuko nintzateke, ez nuke-eta niretzako enplegurik lortuko: dagoeneko ez dut ezertarako balio.

        — Eta zergatik ez duzu ezertarako balio?

        — Zuk esango didazu zer egin dezakedan! Orain ezin naiz berriro behetik hasi, bulego batean eskribau. Ahaztu egin zaizu familia dudala. Berrogei urte ditut, txarto dauzkat giltzurrunak eta nagitasunaren mende nago; eta ez didate hori baino enplegu hoberik emango; ez dut izen onik. Egia aitortuko dizut: ez nuke irabazi errazeko kargu badaezpadakorik onartuko. Beharbada, gizatxar hutsa naiz, jokalari amorratua eta nahi duzun guztia, baina ez dut eskupeko diru zikinik onartuko. Sekula ez naiz ondo konponduko Krasnonosovekin eta Samosvistovekin.

        — Barkatuko didazu, baina ezin dut ulertu nolatan bizi daitekeen biderik gabe, nolatan joan daitekeen biderik ez dagoen lekutik, nolatan ibil daitekeen oin azpian lurrik ez badago, nolatan egin daitekeen igeri gorputz-adarrak uretan sartu gabe. Bizitza, izan ere, bidaia baita. Barkatu, Piotr Petrovitx, baina aipatu dituzun jaun horiek badute, hala ere, bideren bat, lan egiten dute hala ere. Onar dezagun bidea galdu dutela nola edo hala, bekatari guztiei gertatzen zaien legez, baina berriro aurkituko duten esperantza dago. Abiatzen dena beti iristen da; bidea aurkituko duen esperantza dago. Beti egonean dagoenak, ordea, nolatan aurkituko du inongo biderik? Bidea ez da berez etortzen norberarengana.

        — Ulertzen dizut, Afanasi Vasilievitx, eta badakit zuzen zaudela, baina berriro diotsut hil eta amaitu egin zaidala lanean jarduteko gogo guztia; ez dut uste inolako onik egin ahal diodanik mundu honetako inori. Deus egiteko gai ez den kirtentzat daukat neure burua. Lehen, gazteagoa nintzenean, uste nuen dirua zela gauza guztien oinarria, uste nuen ehun mila errublo izango banitu zoriontsu egingo nuela jende asko: laguntza emango niekeen artista behartsuei, liburutegiak eta babes-etxeak sortuko nituzkeen, arte-bildumak sustatuko nituzkeen. Ez naiz gusturik gabeko gizona, eta badakit gure aberatsek baino askoz hobeto jardungo nukeela zeregin askotan, zeinetan haiek hainbestean moldatzen baitira. Baina orain iruditzen zait harrokeria dela hori guztia, eta onura gutxi dakarrela. Ez, Afanasi Vasilievitx, ez dut ezertarako balio, ezertarako ere ez, zinez diotsut. Ez naiz gauza lanik xumeena ere egiteko.

        — Entzun, Piotr [Petrovitx]! Zuk otoitz egiten duzu, elizara joaten zara, badakit ez duzula huts egiten ez goizeko eta ez arratseko otoitza. Ez duzu gogoko goiz jaikitzea, baina goiz jaikitzen zara, eta mezatara joaten zara, goizeko lauretan joaten zara, beste inor oraindik jaiki ez den orduan.

        — Hori besterik da, Afanasi Vasilievitx. Arima salbatzeko egiten dut hori, erabat etsirik bainago ezen, hori eginez gero, nire bizitza alferraren hobena garbituko dudala, apur bat besterik ez bada ere. Gaiztoa naiz, baina, hala ere, ziur nago Jainkoak aintzat hartzen duela otoitza. Otoitz egiten dut, bai, ez naiz fededuna, baina, hala ere, otoitz egiten dut. Nola zaldiek eta bestelako zamariek senez ezagutzen baitute uztarrian lotzen dituena, nik ere halaxe sumatzen dut badela jaun bat gauza guztiak bere mende dituena.

        — Beraz, otoitz egiten duzu zure otoitzen entzuleari atsegin emateko, arima salbatzeko, eta horrek indarra ematen dizu eta ohetik goiz jaikitzera behartzen zaitu. Sinetsidazu, lanari horrela ekingo bazenio, otoitz egiten diozun hori berori zerbitzatzen duzula sinetsirik, lanerako gogoa piztuko litzaizuke, eta inork ez luke indarrik izango zure kemena ahultzeko.

        — Afanasi Vasilievitx, berriro diotsut hori besterik dela! Lehen kasuan, nolanahi ere, ikusten dut egiten dudana. Prest nago monasterio batera joateko, eta agintzen dizkidaten lan eta balentria guztiak egingo ditut han, direnik eta nekezenak direla ere. Ziur nago ez dagokidala niri arrazoitzea zer dela eta zigortzen nauten neke horien bidez; burua makurtuko dut han, eta badakit Jainkoaren aurrean makurtuko dudala.

        — Eta zergatik ez duzu horrela arrazoitzen lurreko gauzez ere? Izan ere, lurrean Jainkoa zerbitzatu behar dugu, ez beste inor. Eta beste inor zerbitzatzen badugu, Jainkoak hala agindu digula ziur gaudelako zerbitzatzen dugu, bestela ez genuke zerbitzatuko. Zer besterik dira norberaren gaitasun eta dohain berezi guztiak? Horrelakoxea dugu otoitza: batzuek hitzez eta beste batzuek ekintzez egiten dute. Zu ezin zara monasterio batera joan: munduari loturik zaude, familia duzu.

        Hori esandakoan, pentsakor geratu zen Murazov. Khlobuiev ere pentsakor geratu zen.

        — Berrehun mila errublo izango bazenitu, uste duzu gai zinatekeela zentzatzeko eta aurrerantzean bizimodu zuhurragoa eramateko?

        — Gutxienez, ahal dudana egingo dut, seme-alaben hezkuntzaz arduratuko naiz, irakasle onak aurkitzeko aukera izango dut.

        — Eta esango balizute bi urte barru zorrez josirik egongo zarela berriro?

        Khlobuiev isilik geratu zen une batez, eta astiro hitz egiten hasi zen gero:

        — Ez da horrelakorik gertatuko, hain eskarmentu latzaren ondoren...

        — Eskarmentua! —esan zuen Murazovek—. Ezagutzen zaitut. Bihotz handiko gizona zara: adiskide batek dirua eskatuko dizu, eta eman egingo diozu; txiro bat ikusiko duzu, eta lagundu nahi izango diozu; gonbidatu atsegin bat etorriko zaizu etxera, eta ahalik abegirik onena egin nahi izango diozu; amore emango diozu ontasunezko lehen barne-bultzadari, eta zuhurtasuna ahaztuko zaizu. Eta azkenik, uzten badidazu, argi eta garbi esango dizut ez zaudela seme-alabak hazteko moduan. Bere eginbeharra bete duen aitak soilik hezi ahal ditu seme-alabak. Eta emaztea... bihotz handikoa da hura ere... baina ez du seme-alabak hezteko behar adina eskolarik. Barkatuko didazu hau esatea, Piotr Petrovitx, baina nago zure seme-alabentzat kaltegarria izango dela zurekin bizitzea, ez duzu hala uste?

        Khlobuiev zalantzan geratu zen; ikuspegi guztietatik aztertu zuen bere burua, eta azkenean onartu zuen Murazovek arrazoi zuela hainbat gauzatan.

        — Piotr Petrovitx, utzi nire esku seme-alaben ardura; utzi familia eta seme-alabak: nik zainduko ditut. Zure egoera hain larria izanik, hobeto egongo dira nire ardurapean. Horrela jarraituz gero, gosez hilko dira. Izan ere, edozer egiteko prest egon behar duzu orain. Ezagutzen duzu Ivan Potapitx?

        — Bai, eta estimu handitan daukat, beti nekazari-beroki arruntez jantzirik badago ere.

        — Bada, Ivan Potapitx aberats okitua zen, funtzionario banarekin ezkondu zituen alabak, errege bat bezala bizi zen; eta zer egin zuen erreka jo zuenean?, dendari hasi zen lanean. Ez zitzaion batere samurra gertatu zilarrezko plateretik katilu arruntera igarotzea: bazirudien ez zuela ezeri ekiteko adorerik izango. Orain Ivan Potapitxek zilarrezko platerean jan lezake berriro, baina ez du nahi. Ondasunak bil litzake berriro, baina zera esaten du: «Ez, Afanasi Ivanovitx, orain ez dut neure burua zerbitzatzen, Jainkoak hala [erabaki] du eta. Ez dut neure kabuz ezer egin nahi. Ez diot jendeari entzun nahi, Jainkoari baizik, eta Jainkoari entzun nahi diodalako entzuten dizut zuri, Jainkoak gizaki onenen ahotik hitz egiten du eta. Zu ni baino buruargiagoa zara, eta horregatik ez dut nik erantzuten, zuk baizik». Horra zer esaten duen Ivan Potapitxek; eta, egia esan behar badizut, bera ni baino askoz buruargiagoa da.

        — Afanasi Vasilievitx! Ni ere prest nago zure aginpidea [ezagutzeko], zeure zerbitzari nauzu eta nahi duzuna egingo dut: zure esanera nago. Baina ez eman nire indarrez gainetiko lanik: ni ez naiz Potapitx, eta berriro diotsut ez dudala ezer onik egiteko balio.

        — Ez zaitut estutuko, Piotr Petrovitx. Jainkoa zerbitzatu nahi zenukeela esan duzunez, hona errukizko egintza bat zuretzat. Eliza bat eraikitzen ari dira inguru hauetan, herritar elizkoiek borondatez ematen duten diruarekin. Urri dabiltza, ordea, eta eskean ibili behar dute. Jantz ezazu beroki arrunt bat... orain herritar xehea zara, txiroa, porrot egin duen aitoren seme bat, baina ez duzu zertan lotsaturik! Bidez bide eta herriz herri ibiliko zara, telega arrunt batean eta limosna-liburua eskuan. Apezpikuak bedeinkapena eta liburua emango dizkizu, eta zoaz Jainkoarekin.

        Txunditurik utzi zuen Piotr Petrovitx eginkizun berri horrek. Bera, garai batean lehengo era zaharreko aitoren semea izanagatik, liburua eskuan eliza bat eraikitzeko diru eske ibili, telega batean zanbuluka gainera! Baina ezin ezezkorik eman edo ukorik egin: errukizko egintza zen.

        — Zalantzan zaude? —esan zuen Murazovek—. Bi zerbitzu egingo dituzu: bata Jainkoari eta bestea niri.

        — Zuri?, nolako zerbitzua egingo dizut zuri?

        — Hona nolakoa. Ni oraindik izan ez naizen hainbat lekutara joango zara, eta gauza asko jakingo dituzu: nola bizi diren mujikak, non diren aberatsagoak, non dauden beharraldian eta zertan den leku bakoitzeko egoera. Jakinarazi behar dizut ni mujik-familia batean jaioa naizela eta agian horregatik maite ditudala mujikak. Baina kontua da zitalkeria nagusitu dela haien artean. Raskolnikek eta denetariko arloteek burua berotzen diete, boterearen kontra jartzen dituzte, boterearen eta ordenaren kontra, eta jendea aise matxinatzen da zapaldurik dagoenean. Gizabanakoa eramankorra bada, ordea, nekez matxinatuko du inork. Konponbidea ez da behekoak zigortzen hastea. Ez da komeni indarra erabiltzea: horrek ez luke inolako onurarik ekarriko, gaizkileen mesedetarako litzateke. Zu gizon buruargia zara, erne ibili, jakin ezazu jendea non den eramankorra eta non suminkorra, eta konta iezadazu gero horren guziaren berri. Badaezpada ere, diru apur bat emango dizut mujik eramankor errugabeen artean banatzeko. Zuk, zeure aldetik, haien bihotza hitzen bidez arintzen saiatu behar duzu, eta askoz hobe azaltzen badiezu Jainkoak agindu zuela etsi onean eraman behar ditugula nahigabeak, eta otoitz egin behar dugula zorigaitzaren orduan, eta ez dela bidezkoa bazterrak nahastea edo norberak mendeku hartzea. Labur esanik, hitz egin haiekin, inor inorekin etsaitu gabe eta denak adiskidetuz. Baten batek inori gorroto diola ikusten baduzu, gogotik ahalegindu berarekin.

        — Afanasi Vasilievitx!, nire esku utzi nahi duzun eginkizun hau —esan zuen Khlobuievek— eginkizun santua da; baina gogoan izan noren esku uzten duzun. Bizitza santua daraman eta dagoeneko lagun hurkoa barkatzeko gai izan den norbaiten esku soilik utz daiteke horrelako eginkizun bat.

        — Ez dut esan nahi hori guztia lortuko duzunik; ahal duzuna, zure esku dagoena soilik egin behar duzu. Gutxienez, itzultzen zarenean, leku horiek ezagutuko dituzu eta alderdi bakoitza nolako egoeran dagoen jakingo duzu. Funtzionario batek inoiz ez du irabaziko herritarren uste ona, eta mujikak ez dira garbi mintzatuko harekin. Baina zu, elizarako diru eske zabiltzala, etxe guztietan sartuko zara, hala burges txikienetan nola merkatarienetan, eta guztiei galdetzeko aukera izango duzu. Hain zuzen ere, gobernadore militarrak zu bezalako jendea behar du orain, horregatik jo dut zuregana; eta zuk kargu ezin hobea jasoko duzu, edozein goi-bulegoko buruarena baino hobea, eta zure bizitza ez da alferrikakoa izango.

        — Saiatuko naiz, ahal dudan guztia egingo dut —esan zuen Khlobuievek. Eta adorea nabaritu zitzaion ahotsean, tentetu zitzaion bizkarra, eta goratu burua, itxaropenak argituari gertatzen zaion legez—. Ohartu naiz Jainkoak zentzuaren dohainaz hornitu zaituela eta adimen kamutsekook baino argiago ikusten duzula dena.

        — Eta orain, utzi beste galdera bat egiten —esan zuen Murazovek—. Nor da Txitxikov hori eta zertan dabil?

        — Ezin sinesteko moduko gauzak kontatuko dizkizut Txitxikovez. Izugarriak egiten ditu... Badakizu, Afanasi Vasilievitx, testamentua gezurrezkoa dela? Egiazkoa aurkitu dute, eta ondasun guztiak bi ikasle ohirentzat dira.

        — Ez da izango! Eta nork egin zuen gezurrezko testamentua?

        — Kontua da gertaturikoa guztiz higuingarria dela. Diotenez, Txitxikovek berak egin zuen testamentua, eta atsoa hil ondoren sinatu zuten: beste emakume bat jarri zuten hilaren lekuan, eta berak sinatu zuen. Hitz batean, ezin nabarmenagoa kontua. Auzi-eskeak milaka iritsi omen dira epaitegira, leku askotatik. Orain galai asko inguratzen zaizkio Maria Jeremeievnari; dagoeneko bi funtzionariok elkar jipoitu dute haren kariaz. Horra zertan diren gauzak, Afanasi Vasilievitx!

        — Ez nekien horren berririk, eta afera larria da, izan ere. Aitor dut Pavel Ivanovitx Txitxikov hori ezin enigmatikoagoa dela niretzat —esan zuen Murazovek.

        — Nik hainbat eskabide aurkeztu ditut gogorarazteko oinordekorik hurbilena bizirik dagoela oraindik...

        «Ze demontre, mokoka ibil daitezela denak, niri bost! —pentsatu zuen Khlobuievek, gelatxotik irteteaz batera—, Afanasi Vasilievitx ez duk ergela. Inondik ere, ondo hausnarturik hautatu naik eginkizun horretarako. Haren esana egingo diat, eta kito.» Bidaian pentsatzen hasi zen, eta, bitartean, Murazovek behin eta berriro errepikatzen zuen bere artean: «Ezin enigmatikoagoa duk niretzat Pavel Ivanovitx Txitxikov hori. Hobe genikek seta eta kemen hori guztia onerako erabiliko balu!».

        Eta, bitartean, mordoka iristen ziren auzi-eskeak epaitegira. Inork ezagutzen ez zituen hainbat ahaide agertu ziren bat-batean. Hegaztiak sarraskira nola, halaxe inguratzen ziren denak atsoak utziriko ondare oparora. Txitxikoven kontrako salaketak, azken testamentua gezurrezkoa zelako salaketak, lehen testamentua gezurrezkoa zelako salaketak, lapurretaren eta diru-kopuru ezkutuen frogak. Hainbatek salatu zuten Txitxikovek arima hilak erosten zituela, eta beste hainbatek, berriz, aduanan jardun zuen denboran kontrabandoan aritu zela; eta frogak aurkeztu zituzten denek. Dena atera zen argitara, agerian geratu zen Txitxikoven iragana. Jakinkoak daki nork eta nola zabaldu zuen horren guztiaren berri. Txitxikoven ustez berak eta lau hormek bakarrik zekizkiten hainbat konturen frogak ere agertu ziren. Hori guztia auzibideko sekretua zen oraindik, eta, horrenbestez, ez zen iritsi Txitxikoven belarrietara, baina, hala ere, legelariak luze gabe bidali zion ohar batek aditzera eman zion eltzea borborka hasia zela. Oharra oso laburra zen: «Berandu baino lehen jakinarazten dizut zure auzia nahasi samar datorrela, baina gogoan izan ez duzula larritu behar. Lasaitasuna da garrantzitsuena. Dena konponduko dugu». Ohar horrek erabat lasaitu zuen Txitxokov. «Jeinu hutsa duk gizon hau», esan zuen bere artean.

        Hain albiste ona asko ez zela, jostunak [jantzia] ekarri zion une horretantxe. Bere burua Navarinoko ke eta sugar koloreko frak berriaren barruan ikusteko gogo bizia sumatu zuen [Txitxikovek]. Nekez jantzi zituen galtzak, eta oso modu zoragarrian bildu zizkioten hankak alde guztietatik. Estu-estu egokitu zitzaizkion izter-aztalen inguru guztian, are malgutasun-itxura handiagoa emanez. Gerriaren atzeko lokarria gogor lotu zuenean, sabelak danbor baten itxura hartu zuen. Eskuilaz ukalditxo bat eman, eta esan zuen: «Hau jantzi xelebrea! Hala ere, ondo ematen dik dena batera ikusirik». Fraka galtzak baino are hobeto josirik zegoen: zimurrik gabe egokitzen zitzaien saihetsei eta gerriari, Txitxikoven gorpuzkera nabarmenduz. Aukeran estuegi geratzen zen eskuineko galtzarbean, baina horri esker are lirainago biltzen zion gerria. Jostunak, pozaren pozez, hitzetik hortzera esan zuen: «Lasai, Petersburgen baino ez dute hau bezalakorik egiten». Jostuna Petersburgen jaioa zen, baina idazkun hau zeukan dendako atearen gainean: «Londreseko eta Pariseko atzerritarra». Ez zituen gogoko adar-jotzeak, eta, bi hirien izenak batera jarririk, ahoa itxi nahi izan zien gainerako jostun guztiei: aurrerantzean ezingo zituzten bi hiri haiek erabili eta, haien ordez, «Karlsruhe» edo «Kopenhage» idatzi beharko zuten.

        Txitxikovek eskuzabal ordaindu zion jostunari eta, bakarrik geratu zenean, beste zereginik ez zuela, bere irudia ispiluan aztertzen hasi zen, artista batek egingo lukeen bezala, halako sentipen estetiko batez eta con amore. Bazirudien lehen baino itxura hobea zuela: politagoak masailak, erakargarriagoa kokotsa, iduneko zuriak tonu egokia ematen zien masailei, eta satenezko gorbata urdinak tonu egokia ematen zion idunekoari; azken orduko modaren araberako paparreko tolesdunak tonu egokia ematen zion gorbatari, sedazko [txaleko] aberatsak tonu egokia ematen zion paparrekoari, eta Navarinoko ke eta sugar koloreko frakak, seda bezain distiratsu, tonu egokia ematen zion guztiari. Eskuinetara jiratu, eta ondo! Ezkerretara jiratu, eta are hobeto! Horrela jantzirik, xanbelan bat gogorarazten zuen, edo, aukeran, frantsesak baino frantseszaleago diren jaun horietako bat, zeren eta horrelakoak frantsesen erara orrazten dira eta, are haserre daudenean ere, ez diote beren buruari desohorerik ematen errusierazko hitz zantarrak esanez, errusieraz birao egiten ere ez dakite eta, horrenbestez, frantsesez egiten dute errieta. Hori fintasuna! Burua alde baterantz apur bat makurturik, tarteko adineko eta heziketa modernoko andre bati mintzatzeko hartuko lukeen jarrera saiatu zuen: hura koadro ederra! Margolaria, hartu pintzela eta ekin pintatzeari! Pozaren pozez, jauzi arin bat egin zuen, entrechat baten antzekoa. Dar-dar egin zuen komodak, eta kolonia-uraren flaskoa lurrera erori zen zarata handia ateraz, baina horrek ez zuen inola ere asaldatu. Merezi zuenez, ergela esan zion kolonia-uraren flaskoari, eta pentsatu: «Aurrena nor ikustera joango naiz? Onena lukek...».

        Ustekabean, bota ezproidun batzuen hotsa aditu zen harrera-gelan, eta jendarme bat azaldu zen, goitik beheraino armaz josirik, berak bakarrik gudaroste oso bat zirudiela. «Gobernadore militarraren aurrera agertu behar duzu oraintxe bertan!» Harri eta zur geratu zen Txitxikov. Mamarro bibotedun bat zeukan aurrean, izugarri, tente, zaldi-buztan bat buruan, hede bat sorbalda batean, beste hede bat bestean eta sable ikaragarri bat gerriaren alde batean zintzilik. Iruditu zitzaion fusila eta deabruak daki zer gehiago zeramala gerriaren beste aldean esekirik: gudaroste osoa soldadu bakar batean! Aitzakiak jartzen hasi zen, baina mamarroak zakar esan zion: «Oraintxe bertan!». Harrera-gelako atetik ikusi zuen beste mamarro bat zegoela han; leihora begiratu, eta zalgurdi bat. Zer egin zezakeen? Zegoen bezalaxe, Navarinoko ke eta sugar koloreko fraka jantzirik, zalgurdira igo behar izan zuen, eta, gorputz osoa dardaraka, gobernadore militarrarenera abiatu zen, jendarmea aldamenean zeukala.

        Atarian sartu zelarik, ez zioten lasaitzeko betarik eman. «Azkar! Printzea zure zain dago eta!», esan zion guardiako funtzionarioak. Laino artean bezala ikusi zuen aurrean ataria, non postariek paketeak jasotzen baitzituzten, eta areto bat gero, zeina honela pentsatuz zeharkatu baitzuen: «Atxilotu egingo naik, eta zuzen-zuzenean Siberiara bidali, epaiketarik gabe, besterik gabe!». Maitalerik jeloskorrenarena baino bortizkiago ari zitzaion taupadaka bihotza. Azkenean, atea ireki zen haren aurrean; bulegoa agertu zen, paper-zorroz, armairuz eta liburuz beterik, eta printzea, haserre baino haserreago.

        «Nireak egin dik, nireak egin dik! —esan zuen Txitxikovek bere artean—. Bertan txikituko naik; otsoak bildotsa nola, halaxe hilko naik!»

        — Zutaz errukitu nintzen lehengo batean; espetxea merezi zenuen, baina hirian gelditzeko baimena eman nizun, eta zu ezein gizakik sekula egin duen makurkeriarik gaitzesgarrienaz lohitu zara berriro.

        Printzearen ezpainak amorruz dardaraka zeuden.

        — Jaun ohoragarri hori, zein makurkeria ezinago gaitzesgarriz ari zara? —galdetu zuen Txitxikovek, gorputz osoa dardaraka.

        — Emakumea —esan zuen printzeak, Txitxikovengana apur bat hurbildurik eta begirada haren begietan iltzaturik—, zuk hala agindurik testamentua sinatu zuen emakumea atxilotua izan da, eta buruz buru jardun beharko duzue biok epaimahaiaren aurrean.

        Txitxikov mihisea baino zuriago jarri zen.

        — Jaun ohoragarri hori! Egia osoa aitortuko dizut. Errudun naiz, bai, errudun naiz, baina ez hain errudun. Etsaiek laidoztatu egin naute.

        — Zu ezin zaitu inork laidoztatu, gezurtirik gezurtienak [asma] lezakeen baino zitalagoa baitzara berez. Nago zure bizitza osoan ez duzula egin gaitzesgarria ez den ezer. Irabazi duzun kopek bakoitza era gaitzesgarrian irabazi duzu, eta hori lapurreta da, zartailuaz eta Siberiaz zigortzen den egintza ezin gaitzesgarriagoa! Ez, aski da! Oraintxe bertan eramango haute espetxera, eta han egongo haiz, muduko gaizkilerik doilorrenekin batera, hire auzia erabaki arte. Eta bihozbera nauk hirekin, haiek baino askoz ere txarragoa haiz eta: haiek oihal latzezko jaka lodiak eta ahari-larruzko beroki luzeak janzten ditiztek; hik, ordea...

        Navarinoko ke eta sugar koloreko frakari begiratu zion, eta, sedazko sokatxo bati eraginez, txilina jo zuen.

        — Jaun ohoragarri hori! —egin zuen oihu Txitxikovek—, izan zaitez biguna, arren! Aita familiakoa zara. Gupidarik ez niretzat, baina erruki zaitez nire amaz, oso zaharra da eta!

        — Gezurtia halakoa! —egin zuen garrasi printzeak, haserre bizian—. Aurrekoan, nire bihotza biguntzea lortu huen seme-alabak eta familia aipatuz, eta ez huen halakorik, eta orain ama hartzen duk ahotan!

        — Jaun ohoragarri hori, munduko gizonik zitalena eta gaiztoena naiz —esan zuen Txitxikovek, ahots [...]—. Gezurra esan nizun, bai, ez dut ez seme-alabarik ez familiarik; baina, Jainkoa lekuko, ezkontzeko gogoa izan dut beti, gizon eta herritar gisa dagokidan betebeharra egin nahi izan dut beti, horrela gizartearen eta agintarien begirunea irabazteko... Baina zoritxarreko gertakari asko bildu dira nire kontra! Gorriak, jaun ohoragarri hori, gorriak ikusi ditut bizibidea lortzeko. Tentazioak eta galbideak aurkitu ditut nonahi..., etsaiak, eta hiltzaileak, eta lapurrak. Nire bizitza osoa erauntsi bortitz baten gisakoa izan da, haizearen mende olatu artean dabilen itsasontziaren antzekoa nauzu. Gizakia naiz, jaun ohoragarri hori!

        Bat-batean, ibaika isuri zituen malkoak bi begietatik. Belauniko erori zen printzearen oinen aurrean, zegoen bezalaxe, Navarinoko ke eta sugar koloreko fraka, belusezko txalekoa, satenezko gorbata eta galtza berriak jantzirik, ondo orrazturik eta kolonia-uraren usain gozoa zeriola.

        — Urrun zaitez niregandik! Eraman ezazue gizon hau hemendik! —agindu zien printzeak gelan sartu berriak ziren soldaduei.

        — Jaun ohoragarri hori! —esan zuen oihuka [Txitxikovek], eta bi eskuekin heldu zion printzearen bota bati.

        Dardara batek [printzearen] zain guztiak astindu zituen.

        — Alde egiteko esan dizut! —egin zuen oihu, hanka Txitxikoven besarkadatik askatzeko ahalegin biziak eginez.

        — Jaun ohoragarri hori!, nitaz errukitzen ez zaren bitartean, ez naiz hemendik joango! —zioen [Txitxikovek], printzearen bota askatu gabe eta hankari itsatsirik lurretik arrastaka zihoala, Navarinoko ke eta sugar koloreko fraka soinean.

        — Joateko agindu dizut! —zioen printzeak, oin azpian zapaltzeko adorerik gabe zomorro nazkagarri bat dakusanak sentitzen duen higuin-sentipen ezin azalduzko horrekin. Hain gogor eragin zion hankari, ezen Txitxikovek botaren ukaldia nabaritu baitzuen sudurrean, ezpainetan eta kokots biribilean, baina ez zuen bota askatu, eta are indar handiagoz inguratu zuen hanka bi besoekin. Bi jendarme sendok indarrez bereizi, eta gela guztietan barrena eraman zuten galtzarbeetatik heldurik. Zurbil zegoen, lur jota, sorgortasunezko egoera ikaragarri batean, hala nola egoten baita gizabanakoa aurrean dakusanean herio beltz eta ezin saihestuzkoa, gure izaeraren kontrako mustro nazkagarri hori...

        Atean bertan, Murazov ikusi zuen zurubian gora igotzen, berarenganantz. Itxaropen-izpi batek distiratu zuen bat-batean. Txitxikov, begien itxi-ireki batean, naturaz gaindiko indarrez bi jendarmeen besoetatik askatu, eta agure harrituaren oinetara oldartu zen.

        — Pavel Ivanovitx adiskidea, zer gertatzen zaizu?

        — Salba nazazu! Espetxera naramate, heriotzara...

        Jendarmeek heldu eta eraman egin zuten, ezer entzuteko betarik eman gabe.

        Zoko-usaineko traste-gela heze bat, garnizoiko soldaduen bota eta azpantarren kiratsa, mahai margotu gabe bat, bi aulki kaxkar, burdin sarez itxitako leiho bat, eta zirrituetatik kea ateratzen zitzaion eta batere berotzen ez zuen berogailu zahar bat: horra gure [protagonistari] eman zioten bizitegia, noiz eta bizitzaren gozoa dastatzen eta herrikideen arreta Navarinoko ke eta sugar koloreko frak berri dotorera erakartzen hasia baitzen. Ez zioten aukerarik eman gauzakirik ezinbestekoenak ere eramateko, ez zioten utzi dirua gordetzeko erabiltzen zuen kutxa hartzen. Paperak, arima hilen eroste-agiriak..., dena zegoen orain funtzionarioen eskuetan! Lurrera erortzen utzi zuen gorputza, eta goibeltasun izugarri eta itxaropenik gabearen har aseezina bihotzaren alboan kiribildu zitzaion. Gero eta lasterrago, bihotz babesgabe hura marraskatzeari ekin zion. Horrelako beste egun bat, hain tristura handiko beste egun bat, eta Txitxikov betiko desagertuko zen mundu honetatik. Baina esku orosalbatzaile bat Txitxikoven zoriaz arduratu zen. Ordu bete geroago, espetxeko ateak ireki eta Murazov zaharra sartu zen.

        Baldin eta eztarri lehorrera iturbegiko ura isuriko baliote, egarri kiskalgarri batek oinazetua ez litzateke Txitxikov zuzpertu zen bezainbeste zuzpertuko.

        — Nire salbatzailea! —esan zuen Txitxikovek, eta, arrapaladan haren eskua harturik, muin egin zion eta bularraren kontra estutu zuen—. Jainkoak sarituko ahal zaitu dohakabeari bisita egiteagatik!

        Malkoz bete zitzaizkion begiak.

        Agureak, samintasunezko begirada errukiorra egotzi, eta esan zuen:

        — Ai, Pavel, Pavel Ivanovitx! Pavel Ivanovitx, zer egin duzu?

        — Zitala naiz... Erruduna... Legea hautsi dut... Baina esadazu, uste al duzu bidezkoa dela honela jokatzea nirekin? Aitoren semea naiz. Espetxean sartu naute, epaiketarik gabe, auzibiderik gabe, eta dena kendu didate: nire gauza guztiak, kutxa..., hor daukat dirua, hor dauzkat ondasunak, hor dauzkat nire ondasun guztiak, Afanasi Vasilievitx, nekez eta izerdiz irabazitako ondasunak...

        Eta, berriro ere bihotza irauli zion goibelaldiari eusteko indarrik gabe, negar-zotinka hasi zen, ozenki, eta zotinek espetxeko horma lodiak zeharkatu eta urrun burrunbatu zuten. Satenezko gorbata erauzi eta, eskuaz idunekoari heldurik, goitik beheraino urratu zuen Navarinoko ke eta sugar koloreko fraka.

        — Pavel Ivanovitx, ez duzu zer eginik: agur esan behar diezu ondasunei eta mudu honetan daukazun guztiari. Ez zara gizabanako baten aginpidearen mende erori, lege gupidagabearen mende baizik.

        — Neronek galdu dut neure burua, badakit, ez naiz gai izan garaiz gelditzeko. Baina zer dela eta honen [zigor] ikaragarria, Afanasi Vasilievitx? Gaizkilea al naiz? Inork sofritu al du nire erruz? Zorigaitza ekarri al diot inori? Nekez eta izerdiz, odolezko izerdiz irabazi dut kopek bakoitza. Zertarako? Egunen batean oparo bizitzeko, sorterriaren onerako eta mesedetarako ekarri nahi nituen seme-alabei zerbait uzteko. Bide okerra hartu dut, ez dut ukatzen, bide okerra hartu dut..., baina zer egin nezakeen? Bide okerra hartu dut ikusi nuelako bide zuzenetik ez nituela nire helburuak erdietsiko eta zeharbidea laburragoa zela. Baina lan egin dut, jardunean aritu naiz. Beste batzuk, ordea, askoz zitalagoak dira, auzitegiez baliatzen dira Estatuari dirutza handiak lapurtzeko, edo jende behartsua larrutzen dute, azken kopeka kentzen diote ezertxo ere ez daukanari!... Afanasi Vasilievitx! Ez naiz lapurra, ez naiz mozkortia. Nolako nekeak nireak!, nolako egonarri burdinazkoa! Nik, argi esan dezaket, oinazez ordaindu dut irabazi dudan kopek bakoitza, oinazez! Mundu honetan inork sofritu badu, ni nauzu hori! Horixe izan da nire bizitza osoa: borroka latza, itsasontzi bat olatu artean. Eta, Afanasi Vasilievitx, galdu egin dut borroka horretan irabazitako guztia...

        Ez zuen solasa amaitu, eta, bihotzeko min jasanezinak eraginik, ozenki hasi zen negarrez, aulki gainera bota zuen gorputza, dilindan zeukan frak-barren zarrastatu bat bereizi eta urrun jaurti zuen, bi eskuekin heldu zien buruko ileei eta, nahiz eta lehen biziki arduratzen zen haien sendotasunaz, gupidarik gabe erauzi zituen orain, atsegin hartuz, beste min horrekin bihotzeko min ezin arinduzkoa leundu nahirik.

        — Ai, Pavel Ivanovitx, Pavel Ivanovitx! —zioen [Murazovek], errukiz begira eta [buruari] ezker-eskuin eraginez—. Askotan pentsatzen dut nolako gizona zinatekeen kemen eta egonarri hori guztia egintza onetarako eta [helburu] hobeak erdiesteko erabili bazenu! Ai ongia maite duten gizaki horietakoren bat zu kopek bakoitza irabazten ahalegindu zaren bezain kementsu lehiatuko balitz ongia egiten!... Ai horietakoren batek handinahia eta bere buruarenganako estimua ongiaren mesedetan sakrifikatuko balitu, bere buruaren gupidarik gabe, hala nola zuk ez duzun zeure buruaren gupidarik izan kopek bakoitza irabazteko!

        — Afanasi Vasilievitx! —esan zuen Txitxikov errukarriak, eta bi eskuekin heldu zien haren eskuei—. Lortuko bazenu ni askatzea eta nire ondasunak itzultzea! Zin dagit bestelako bizimodua eramango nukeela hemendik aurrera! Salba nazazu, nire ongilea, salba nazazu!

        — Zer egin dezaket nik? Legearen kontra borrokatu beharko nuke. Demagun horretara erabakitzen naizela, baina printzea gizon zuzena da, eta inola ere ez du atzera egingo.

        — Nire ongilea! Zuk dena egin dezakezu. Ez nau legeak beldurtzen, aurkituko dut legeari aurre egiteko bidea, beldurtzen nauena da arrazoirik gabe sartu nautela espetxean, zakur bat bezala galduko naizela hemen, eta nire ondasunak, agiriak, kutxa... Salba nazazu!

        Agurearen oinak besarkatu, eta malkoz busti zizkion.

        — Ai, Pavel Ivanovitx, Pavel Ivanovitx! —zioen Murazov zaharrak, [buruari] eraginez—. Nola itsutu zaituzten ondasun horiek! Haien kariaz, ez diozu zeure arima dohakabeari ere entzuten!

        — Pentsatuko dut neure ariman ere, baina salba nazazu!

        — Pavel Ivanovitx! —esan zuen Murazov zaharrak, eta isildu egin zen une batez—. Zerorrek ikus dezakezunez, zu salbatzea ez dago nire esku. Dena dela, ahal dudan guztia egingo dut zu askatzeko eta zure zorigaitza arintzeko. Ez dakit lortuko dudan, baina ahaleginak egingo ditut. Eta lortzen badut, Pavel Ivanovitx, nire ahaleginen saria eskatuko dizut: bertan behera utziko dituzu eroste-asmo guztiak. Nire ohorearengatik hitzematen dizut ezen, neure ondasun guztiak galduko banitu —eta zuk baino askoz gehiago ditut—, ez nintzatekeela negarrez hasiko. Nire ustez, [gakoa] ez dago konfiskatu ahal didaten ondasun horretan, inork lapurtu edo kendu ezin didan beste horretan baizik. Zu, dagoeneko, aski bizi izan zara mundu honetan. Zerorrek diozunez, zure bizitza olatu artean dabilen itsasontzi bat da. Dagoeneko baduzu aurrerantzean oparo bizitzeko adina. Jar zaitez bizitzen bazter leku lasai batean, elizatik eta herritar xume onengandik hurbilago; edo, aukeran, munduan ondorengoak uzteko gogo handia baduzu, ezkon zaitez neurritasunera eta etxeko zeregin arruntetara jarririk dagoen neska txiro on batekin. Ahaztu mundu zalapartatsu hau eta haren apeta liluragarriak oro; eta ahatz zaitzala berak ere zu! Mundu honetan ez dago sosegurik. Zerorrek ikusi duzunez, etsai, tentatzaile eta traidorez beterik dago.

        Pentsakor geratu zen Txitxikov. Zer bitxi bat, ezin azal zitzakeen sentipen berri eta ordu arte ezezagun batzuk nabaritu zituen: bazirudien zerbait esnatu nahi zitzaiola barnean, haurtzarotik itorik eduki baitzuten irakaskuntza zorrotz eta antzuak, haurtzaro aspergarriko maitasunik ezak, jaiotetxeko hustasunak, familiarik gabeko bakartasunak, aurreneko zirraren pobretasun eta urritasunak, eta, azkenik, patuaren begirada latzak, modu aspergarrian begiratu baitzion, neguko elur-erauntsiak ganduturiko leiho batetik zehar.

        — Salba nazazu, Afanasi Vasilievitx! —egin zuen oihu—. Bestelako bizimodua eramango dut aurrerantzean, aintzat hartuko ditut zure aholkuak! Hitzematen dizut hala egingo dudala!

        — Ez ezazula hitza jan, Pavel Ivanovitx! —esan zion Murazovek, eskutik heldurik zeukala.

        — Jango nuke beharbada, irakaspena hain izugarria izan ez balitz —esan zuen, hasperen eginik, Txitxikov errukarriak, eta gaineratu—: Baina latza izan da irakaspena; latza, latza izan da irakaspena, Afanasi Vasilievitx!

        — Eskerrak latza izan den, ona da hori. Eskerrak eman Jainkoari, otoitz egin ezazu. Banoa zure alde jardutera.

        Hori esanik, han joan zen agurea.

        Txitxikovek jadanik ez zuen negarrik egiten, ez zituen erauzten fraka eta ileak: lasaiturik zegoen.

        — Ez, aski duk! —esan zuen azkenean—, bestelako bizimodua, bestelako bizimodua. Izan ere, zintzo bizitzeko garaia iritsi zaidak. Oi nola edo hala estualdi honetatik onik aterako banintz eta gutxienez kapital txiki batekin alde egingo banu!, bazter urrun batean jarriko nauk bizitzen... Eta eroste-agiriak?... —Pentsatu zuen: «Zer arraio? Zergatik utzi bertan behera hain neke handiz eskuratutakoa?... Ez diat gehiago erosiko, baina bahituran jarri behar diat daukadana. Gorriak ikusi ditiat hori eskuratzeko! Bahituran jarriko diat, bahituran jarriko diat, eta etxalde bat erosiko diat diru horrekin. Lurjabea izango nauk, horrela gauza on asko egin daitezkek eta». Eta berriro ernatu zitzaizkion Gobrojoglorekin izan zenean beraren barneaz jabetu ziren sentimendu haiek, eta gogora etorri zitzaion arratseko argitasun berogarrian izaniko elkarrizketa atsegin eta mamitsua, zeinean lurjabe buruargi hark azaldu baitzion zein emankorrak eta onuragarriak diren etxaldeko lanak. Eder irudikatu zuen herrixka, artean ere herrixkaren xarma guztiak atzemateko kemena balu bezala.

        — Ergelak gu, ezerezkerien atzetik gabiltzak! —esan zuen azkenean—. Alferrak gaituk eta! Hurbil zeukaagu dena, eskumenean diagu dena, baina munduaren azken muturrean dagoena nahi diagu. Zer da bizitza lanean jardutea baino, bazter leku batean bada ere? Zalantzarik gabe, lana duk atsegin nagusia. Norberaren lanaren emaitza baino fruitu gozoagorik ez zegok... Ez, lan egingo diat, herrixka batean jarriko nauk bizitzen, eta zintzo jokatuko diat, besteengan eragin ona izateko moduan. Izan ere, zergatik uste izan jadanik ez dudala ezertarako balio? Gai nauk etxalde bat gobernatzeko, baditiat horretarako behar diren berezitasunak, zuhurra nauk, eta lehiatsua, eta zentzuduna, baita setatsua ere. Horretara erabakitzea bakarrik falta zaidak. Oraingoz gauza bakarra diat argi eta garbi: alegia, badela eginbehar bat norberak mundu honetan bete beharrekoa, nork bere bizilekuan, dagoen lekuan dagoela.

        Eta lanari atxikiriko bizitza, hala hiriko zalapartatik nola lana ahazturik daukan gizabanako astitsuak nagiaren nagiaz asmatzen dituen tentazioetatik urrun, hain kolore biziz hasi zen haren irudimenean agertzen, ezen ia ahaztu baitzitzaion bere egoeraren garraztasun guztia eta, agian, prest bailegokeen probidentziari hain [irakaspen] latza eman izana eskertzeko ere, baldin eta askatuko balute eta gutxienez ondasunen parte bat itzuliko baliote. Baina... bere gela zikin hartako ate atal-bakarra ireki, eta funtzionario bat sartu zen: Samosvistov, gizon epikureoa bera, ausarta, adiskide bikaina, festazalea eta, lagunek berek esaten zutenez, alproja petoa. Balentria miragarriak egingo zituzkeen gizon horrek gerra-denboran: etsaien aldera bidaliko zuketen, itzalgaizka eta leku ibilgaitz, arriskutsuak zeharkatuz, haien muturraren aurrean kanoi bat lapurtzera. Armadan sartu balitz, beharbada, gizon prestua izatera iritsiko zatekeen, baina horrelakorik gertatu ez zenez, gaiztatu eta zitaldu egin zen. Bai harrigarria!, ona zen adiskideekin, ez zuen inor saltzen, eta hitza emanez gero, eutsi egiten zion; gainetik zituen agintariak, ordea, halako etsai-bateria bat ziren berarentzat, kosta ahala kosta urratu beharrekoa, ahulgune, zirritu eta zabarkeria guztiez baliatuz...

        — Dena dakigu zure egoerari buruz, dena entzun dugu! —esan zuen ikusi zuenean atea erabat itxi zela beraren atzean—. Lasai egon, lasai egon! Ez kezkatu: dena konponduko da. Zure alde jardungo dugu denok, zure zerbitzari gaituzu denok! Hogeita hamar mila guztiontzat, gehiagorik ez.

        — Zer? —egin zuen oihu Txitxikovek—. Eta dena barkatuko didate?

        — Den-dena!, eta, gainera, kalteak ordainduko dizkizute.

        — Eta lan horren truke?...

        — Hogeita hamar mila. Denontzat: guretzat, gobernadore militarraren sailekoentzat eta idazkariarentzat.

        — Barkatu, baina nola ordain nezake? Nire gauza guztiak... kutxa... ezkoz zigilaturik dago dena orain, zaintzapean...

        — Ordu bete barru dena jasoko duzu. Ados zaude? Ekarri bosteko hori!

        Txitxikovek eskua estutu zion. Dardaraka zeukan bihotza, ez zuen sinesten horrelakorik gerta zitekeenik...

        — Bitartean, agur! Agindu didate esateko lasaitasuna eta odol hotza direla garrantzitsuena.

        «Jum! —pentsatu zuen Txitxikovek—. Ulertzen diat: legelaria!»

        Desagertu zen Samosvistov. Txitxikov haren hitzak ezin sinetsirik geratu zen, eta hara non, elkarrizketa hura izan eta ordu bete geroago, kutxa ekarri zioten: agiriak, dirua, txukun-txukun ordenaturik dena. Samosvistov nagusi-itxurak eginez azaldu zen: kargu hartu zien jagoleei arretarik gabe zaintzen zutelako, eta soldadu gehiago ipintzeko agindu zuen, zaintza sendotze aldera; kutxa ez ezik, Txitxikov nola edo hala konprometitu ahal zuten paper guztiak ere hartu zituen; dena batera lotu, bilgoa ezkoz zigilatu, eta soldaduari berari agindu zion behingoan eramateko Txitxikovi, gauerako eta lotarako premiazko gauzak balira bezala, eta, horrenbestez, bere gorputz hilkorra estaltzeko behar zituen berogarriak ere jaso zituen Txitxikovek agiriekin batera. Hain igortze lasterrak ezin adierazizko neurriraino poztu zuen. Itxaropen sendoa sumatu zuen, eta askotariko pizgarriak amesten hasi zen berriro, hala nola arrats hartan antzerkira joatea, gorteatzen zuen dantzaria ikustera. Margultzen hasi ziren herrixka eta bizimodu lasaia; hiria eta zalaparta, aldiz, lehen baino argitsuago eta distiratsuago azaldu zitzaizkion... Oi, bizitza!

        Bitartean, auziak neurrigabeko zabaltasuna hartu zuen auzitegian eta Ganberan. Lan egiten zuten eskribauen idazlumek, eta, sudurretik tabakoa hartuz, jardunean aritzen ziren haien buru nahaspilatuak, lerro kakoak miretsiz, artistak balira bezala. Legelariak, ezkutuko mago ikusezin baten antzera, mekanismo guztia gobernatzen zuen; erabat lardaskatu zuen dena, inork ezer ikertzeko astirik izan baino lehen. Nahaste-borrastea gero eta handiagoa zen. Samosvistovek bere ausardiaren eta ozartasun berebizikoaren mugak gainditu zituen. Atxiloturiko emakumea non zeukaten jakinik, hara joan zen zuzenean, eta hain bulartsu eta agintari-aire nabarmenez sartu zen, ezen jagolea, ohoreak egin, eta tente-tente jarri baitzen berehala.

        — Aspalditik hago hemen?

        — Goizetik, jaun agurgarri hori.

        — Asko falta da ordezkoa etortzeko?

        — Hiru ordu, jaun agurgarri hori.

        — Hire beharra diat. Hire lekuan beste norbait jartzeko esango zioat ofizialari.

        — Zure esanera, jaun agurgarri hori!

        Etxera joan zen, eta, minutu bat ere galdu gabe, jendarme jantzi zen bera, beste inor tartean ez sartzeko eta aztarnarik ez uzteko. Deabruak berak ere ez zukeen ezagutuko, halako bibote eta belarrondoko bizar gezurrezkoak jarri zituen. Horrela mozorroturik, Txitxikov zegoen etxera joan zen, eta, aurkitu zuen lehen emakumea harrapaturik, bera bezain maltzurrak ziren bi funtzionario gazteren eskuetan utzi zuen, eta berak zuzenean jo zuen jagolearengana, bibotearekin eta fusila aldean, zegokion bezala.

        — Hoa, nik beteko diat hire lekua, hi ordeztera bidali naik komandanteak.

        Jagolearen lekuan jarri, eta hantxe geratu zen, fusila aldean.

        Hori besterik ez zuen behar. Bitartean, espetxetik atera zuten lehengo emakumea, eta bestea haren tokian aurkitu zen, zer gertatzen zen jakin gabe eta tutik ulertzen ez zuela. Hain ondo ezkutatu zuten lehengo emakumea, ezen inork ez baitzuen gehiago haren berririk jakin. Samosvistov militar gisa aritzen zen bitartean, legelariak mirariak egin zituen zibilen arloan: gobernadoreari zeharka jakinarazi zion prokuradoreak salaketa bat jarri zuela beraren kontra; jendarmeriako funtzionario bati jakinarazi zion ezkutuan bizi zen funtzionario batek hainbat salaketa aurkeztu zituela beraren kontra; ezkutuan bizi zen funtzionarioari sinetsarazi zion bazela funtzionario are ezkutuago bat beraren kontrako salaketa jarri zuena, eta hain kezkaturik utzi zituen denak, ezen berarengana jo behar izan baitzuten aholku eske. Izugarri nahasi ziren gauzak: salaketak bata bestearen gainean pilatuz zihoazen, eta agerian geratu ziren ordu arte argitara sekula atera gabeko kontu ugari, eta are inoiz izan ez ziren gertakari ustezko asko ere. Edozeri heldu zioten, denetariko gorabeherez baliatu ziren: halako sasiko semea zela, halakoren maitalearen izen-abizenak eta gizarte-maila, eta halakoren emazteak halako gorteatzen zuela. Eskandaluak eta bekatuak hainbesteraino nahasi eta katramilatu ziren Txitxikoven auziarekin eta arima hilekin, ezen ez baitzegoen ulertzerik auzi guztietatik zein zen zentzugabeena: itxuraz, denek zituzten merezimendu berdinak. Azkenean paperak gobernadore militarraren eskuetara iristen hasi zirenean, printze dohakabeak ezin izan zuen ezertxo ere ulertu. Guztiaren laburpena egiteko agindu zioten funtzionario guztiz buruargi eta erne bati, eta zoratzeko puntuan egon zen, mataza haren hariari jarraitu ezinik. Garai hartan printzeak beste arazo asko zituen kezkabide, denetarikoak, zein baino zein gogaikarriagoa. Probintziako eskualde batean gosetea zegoen. Garia banatzera bidalitako funtzionarioek ez zuten beren eginkizuna behar bezala bete. Probintziako beste eskualde batean raskolnikak bazterrak nahasten ari ziren. Baten batek antikristoa jaioa zelako zurrumurrua zabaldu zuen haien artean, hilei ere ez omen zien bakerik ematen eta halako arima hil batzuk erosten zebilen. Damutzen ziren eta bekatu egiten zuten berriro, eta, antikristoa atzitzeko aitzakian, antikristoa ez ziren asko hil zituzten. Beste eskualde batean, berriz, mujikak lurjabeen eta polizi kapitainen aurka matxinatu ziren. Arlote batzuek aldarrikatu zietenez, luze gabe mujikak lurjabe bihurtu eta frakez jantziko ziren, eta lurjabeak, aldiz, oihal latzezko beroki lodiz jantzi eta mujik bihurtuko ziren, eta barruti oso batek, orduan lurjabe eta polizi kapitain gehiegi egongo zirela kontuan hartu gabe, uko egin zion zergak ordaintzeari. Indarra erabili behar izan zuten matxinoak menderatzeko. Printzea zeharo gogo-erorita zegoen. Une horretantxe, zerga-biltzailea iritsia zela jakinarazi zioten.

        — Sar dadila —esan zuen printzeak.

        Sartu zen agurea...

        — Horra zure Txitxikov! Zuk haren alde egin duzu, defendatu egin duzu. Bada, lapurrik handienak ere egingo ez lukeen gaiztakeria batean harrapatu dugu.

        — Barkatuko didazu esatea, jaun ohoragarri hori, ez dudala oso ondo ulertzen zer gertatu den.

        — Testamentu bat faltsutu du! Eta nola!... Zigorraldi ederra eman beharko genioke herritar guztien aurrean!

        — Jaun ohoragarri hori, ez dut Txitxikoven alde egin nahi, baina hoben hori ez dago frogaturik: oraindik ez da hasi auzibidea.

        — Baditugu frogak: atxilotu egin dugu hilaren ordez jarri zuten emakumea. Hain zuzen ere, zure aurrean egin nahi diot galdeketa.

        Printzeak, txilina jo, eta emakumeari deitzeko agindu zuen.

        Isilik geratu zen Murazov.

        — Hoben arbuiagarriagorik! Eta, lotsaren lotsa, hiriko funtzionario nagusiak tartean dira, baita gobernadorea bera ere. Ez da gisakoa hura bezalako gizon bat lapur eta alprojekin nahastea! —esan zuen printzeak sutsuki.

        — Baina gobernadorea oinordekoetako bat da; dagokiona eskatzeko eskubidea du; eta besteek nola edo hala etekina ateratzen saiatzea, jaun ohoragarri hori, gizakion berezko joera da. Aberats bat hil da, bere ondasunak zentzuz eta zuzenbidez banatu gabe; diruzaleak berehala inguratu dira bazter guztietatik, gizakion berezko joera da hori...

        — Baina zergatik doilorkeriarik egin?... Zitalak halakoak! —esan zuen printzeak, haserre—. Nire funtzionarioetako bat bera ere ez da ona, doilor hutsak dira denak!

        — Jaun ohoragarri hori!, eta gutariko nor da ona?, gutariko nor da behar bezalakoa? Gure hiriko funtzionario guztiak gizakiak dira, alderdi onak dituzte eta haietako askok ezin hobeto dakite beren lana, baina gizaki oro dago bekatutik hurbil.

        — Afanasi Vasilievitx, zu zara prestutzat daukadan gizon bakarra, esadazu, mesedez, zergatik egiten duzu horren sutsuki denetariko zitalen alde?

        — Jaun ohoragarri hori —esan zuen Murazovek—, zuk zital deritzezun horiek guztiak gizakiak dira. Nolatan ez defendatu gizakia, gaiztakerien erdiak zakartasunak eta ezjakintasunak eraginik egiten dituela jakinik? Guk, asmo txarrik gabe bada ere, bidegabekeriak egiten ditugu urrats bakoitzean eta besteren zoritxarraren eragile izaten gara une oro. Zuk ere, jaun ohoragarri hori, bidegabekeria handia egin duzu.

        — Zer? —egin zuen oihu printzeak, elkarrizketaren nondik norakoaren aldaketa ezusteko horrek erabat zurturik.

        Murazov isilik geratu zen lipar batez, zerbait hausnartzeko bezala, eta azkenean esan zuen:

        — Behinik behin, Derpennikoven kasuan bai.

        — Afanasi Vasilivevitx! Estatuaren oinarrizko legeen kontrako krimena sorterriari traizioa egitearen pareko da!

        — Ez dut haren jokabidea zuritzeko asmorik. Baina zuzena al da eskarmenturik ezaz baliaturik limurtu eta atzipetu duten gazte bat zigortzea galbidera eraman dutenetako bat bezala? Izan ere, berdina izan da Derpennikoven eta edozein Voroni-Drianniren zoria, baina haien hobenak ez dira berdinak.

        — Jainkoarren!... —esan zuen printzeak, urduritasun nabarmenez—. Zerbait dakizu horretaz? Esadazu. Hain zuzen ere, duela gutxi mezulari bat bidali dut Petersburgera, haren zigorra arintzeko aginduarekin.

        — Ez, jaun ohoragarri hori, ez dut esan badakidala zuk ez dakizun zerbait. Hala eta guztiz, bada zertzelada bat mesede egingo liokeena, baina berak ez du baliatu nahi, zeren eta, baliatuz gero, kalte egingo bailioke hirugarren bati. Baina nago ez ote zenuen orduan arinegi jokatu. Barkatu, jaun ohoragarri hori, nire adimen ahularen arabera arrazoitzen dut. Zuri argi eta garbi mintzatzeko eskatu didazu askotan. Agintaria izan nintzen garaian langile asko izan nituen nire mende, onak batzuk eta txarrak beste batzuk... Aintzat hartu beharko genuke norberaren iragana; bestela, dena odol hotzez aztertu ezean, eta hasieratik bertatik kargu hartuz gero, izutu egingo duzu mendekoa, eta ez du egia aitortuko; baina begikotasunez galdetzen badiozu, anaiak anaiari bezala, bere kabuz aitortuko du dena, ez du gupidarik eskatuko, eta ez du inoren kontrako gorrotorik sentituko, argi ikusiko baitu ez dudala nik zigortzen, legeak baizik.

        Pentsakor geratu zen printzea. Une horretantxe, funtzionario gazte bat sartu eta begirunez gelditu zen, paper-zorro bat eskuan. Kezka eta nekeek beren aztarna utzia zuten haren aurpegi gazte eta artean mardulean. Nabari zitzaion ez zuela alferrik jarduten zeregin berezietan. Eskribau-lanetan con amore aritzen ziren funtzionario bakan horietako bat zen. Ez zuen akuilatzen ez handinahiak, ez diru-goseak, ez besteak imitatu nahiak, lan egiten zuen etsirik zegoelako hor eta ez beste inon zerbitzatu behar zuela, horretarako eman ziotela bizia. Dena arretaz arakatu, xehe-xehe aztertu, eta, auzirik korapilatsuenaren haria atzemanik, dena argitu, hori zuen bere lana. Eta nekea, ahaleginak zein lorik gabeko gauak oparo saritutzat jotzen zituen auzia azkenean bere aurrean argitzen hasten bazen, ezkutuko arrazoiak argitara ateratzen baziren, eta sumatzen bazuen hitz gutxitan kontatu ahal zuela dena, zehatz eta argi, edonorentzat nabaria eta ulergarria izateko moduan. Esan liteke ikasle bat ez litzatekeela poztuko esaldi ilun bat argitu eta idazle handi baten ideiaren benetako zentzua argitzean, funtzionario hura auzi korapilatsu bat argitzen zuenean pozten zen bezainbeste. Hala ere, [...]

        — ... garia gosetea dagoen lekuetan; funtzionarioek baino hobeto ezagutzen dut nik eskualde hori: neronek ikusiko dut bakoitzak zer behar duen. Eta, ondo baderitzozu, jaun ohoragarri hori, raskolnikekin ere hitz egingo dut. Gogokoago dute gurekin herritar xumeokin mintzatzea. Agian, haiekin bakezkoak egiten lagunduko dut horrela. Eta ez dizut dirurik onartuko, lotsagarria litzateke norberaren onuran pentsatzea jendea gosez hiltzen ari den bitartean. Garia daukat biltegian gorderik; sorta bat bidali dut Siberiara orain dela gutxi, eta datorren udan gehiago eramango dute.

        — Jainkoak bakarrik saritu ahal dizu zerbitzu hori, Afanasi Vasilievitx. Nik ez dizut hitzik esango, zeren eta, zerorrek ondo dakizunez, hitzek ez baitute inolako indarrik honelako kasuotan. Hala ere, uztazu zertxobait esaten lehen egin didazun eskariaz. Esadazu: badut eskubiderik gauzak dauden daudenean uzteko? Zuzena eta gisakoa litzateke nire aldetik zital horiei barkatzea?

        — Jaun ohoragarri hori, ez da bidezkoa jende horri zitala deitzea, batez ere kontuan izanik [haietako] asko herritar zintzoak direla. Egoera zailak bizitzea egokitzen zaio askotan gizakiari, jaun ohoragarri hori, oso, oso egoera zailak. Batzuetan ematen du bat edo beste guztiz erruduna dela, baina, gauzak sakon aztertuz gero, irudipen hori okerra dela konturatzen gara.

        — Baina zer esango dute haiek gauzak dauden daudenean uzten baditut? Horren ondotik, haietako batzuk areago harropuztuko dira, eta, besteak beste, beldurtu egin nautela esango dute. Haiexek izango dira begirunea galduko didaten lehenak...

        — Jaun ohoragarri hori, uztazu nire iritzia agertzen: elkartu denak, aditzera eman guztiaren berri dakizula, eta oraintxe nire aurrean egin duzun bezalaxe azal ezazu haien aurrean zeure egoera, eta aholkua eskatu: zer egingo luke haietako bakoitzak zure egoeran balego?

        — Baina zuk uste duzu bihozberatasunak inolako eraginik izango lukeela haiengan, azpikeriekin eta aberastearekin zerikusirik ez baitu? Sinetsidazu, barre egingo dute nire lepotik.

        — Ez dut uste, jaun ohoragarri hori. Errusiarra, denik eta gaiztoena ere, gai da zuzentasunari atzemateko. Judu batek beharbada bai, baina errusiarrak ez. Ez, jaun ohoragarri hori, ez ezkutatu ezer. [Nire] aurrean bezalaxe hitz egin haiei. Haiek, iraindu egiten zaituzte; diotenez, handinahia zara, harroputza, ez diezu jaramonik egiten besteen iritziei, uste sendoa duzu zeure buruarengan; bada, ikus zaitzatela zaren bezalakoa. Zer axola zuri? Zu zuzen zaude. Jainkoaren aurrean zeure bekatuak aitortuko zenituzkeen bezalaxe hitz egin, haien aurrean zaudela ahazturik.

        — Afanasi Vasilievitx —esan zuen printzeak, zalantzan—, hausnartuko dut hori. Bitartean, eskerrik asko zure aholkuarengatik.

        — Eta Txitxikov askatzeko agindu, jaun ohoragarri hori.

        — Esaiozu Txitxikov horri lehenbailehen alde egiteko hemendik, zenbat eta urrunago, hobe. Neure kabuz, berari sekula ez niokeen barkatuko.

        Diosal egin zuen Murazovek, eta printzearenetik zuzenean joan zen Txitxikovengana. Aldarte oneko aurkitu zuen Txitxikov, sukalde guztiz on batetik toskazko plateretan ekarritako bazkari nahikoa on bat patxada ederrean jaten. Elkarrizketako lehen esalditik bertatik, agureak igarri zion ordurako hitz egina zela auzi korapilatsuez arduratzen ziren funtzionarioetakoren batekin. Halaber, ulertu zuen ezin ikusizko legelari trebe batek esku hartu zuela aferan.

        — Entzun, Pavel Ivanovitx —esan zuen—, askatasuna ekarri dizut, oraintxe bertan hiritik alde egiteko baldintzarekin. Bildu zure puska guztiak eta zoaz Jainkoarekin. Ez berandutu minutu bat ere, gauzak uste baino okerrago daude eta. Badakit hemen badela gizon bat aldarte oneko jartzen zaituena; bada, isilpean jakinarazten dizut beste kontu bat ateratzen ari dela argitara, hain larria, ezen ez baitago salbatuko zaituen indarrik. Berak, noski, beste herritar batzuk ere hondatu nahi ditu, baina dena argituko da azkenean. Aurrekoan zurekin izan nintzenean, zure egoera ona zen, oraingoa baino askoz ere hobea. Txantxetan ez hartzera aholkatzen zaitut. Lehia biziz eta elkar joka eskuratu nahi dituzte denek ondasun materialak, beste munduko bizitzan pentsatu gabe hemengo bizitzan ongizatea lortzerik balego bezala; bada, nire ustez, ez dira horiek ondasunik funtsezkoenak. Sinetsidazu, Pavel Ivanovitx, elkar zapaldu eta xehatzeraino denek irrikatzen duten guztiari uko egin eta espirituzko ondasunek dakarten ongizatea gogoan hartzen ez dugun bitartean, ondasun materialetatik ez da inolako ongizaterik sortuko Lurrean. Iristear dago gosearen eta pobretasunaren garaia, hala herri osoarentzat, nola gizarte-sail bakoitzarentzat... Argi dago hori. Diotena diotela, arimaren mende dago gorputza. Nolatan nahi dute gauzak behar bezala joatea? Ez pentsatu arima hiletan, zeure arima bizidunean baizik, eta, Jainkoaren laguntzaz, har ezazu beste bide bat! Ni ere hemendik joango naiz bihar. Azkar ibili!, ni hemen ez banaiz, ezbeharren bat gerta dakizuke eta.

        Hori esandakoan, han joan zen agurea. Pentsakor geratu zen Txitxikov. Bizitzaren zentzua nahikoa garrantzitsua begitandu zitzaion berriro. «Arrazoi dik Murazovek —esan zuen—, iritsi zaidak beste bide bat hartzeko ordua!» Hori esandakoan, espetxetik atera zen. Jagole batek kutxa eraman zuen beraren atzetik, arrastaka; beste batek, berriz, arropa zuriaren fardela. Selifan eta Petrushka izugarri poztu ziren nagusi jauna aske ikusi zutenean.

        — Ea, mutilok —esan zien Txitxikovek, txeratsu—, bil itzatzue gauza guztiak, alde egin beharra zeukaagu.

        — Berehalaxe, Pavel Ivanovitx —esan zuen Selifanek—. Inondik ere, bidea irmo dago, elur asko bota du eta. Egia esan, bazen garaia hiri honetatik joateko. Hainbesterainoko gorrotoa hartu diot, ezen ez bainuke berriro ikusi nahi.

        — Hoa arotzarengana eta gurpiletan irristagailuak ipintzeko eskatu —esan zuen Txitxikovek, eta hirira joan zen, bera bakarrik eta azken agurra egitera inoren etxera inguratzeko asmorik gabe. Ez zegoen batere lasai gertakari haien guztien ondotik, batez ere berari buruzko esamesa ugari zebiltzalako hirian, ezin erdeinagarriagoak denak. Ustekabeko topo egiteak oro saihesturik, Navarinoko ke eta sugar koloreko oihala saldu zion merkatariaren dendan soilik sartu zen, itzalgaizka; beste lau arshina oihal erosi —fraka eta galtzak egiteko adina—, eta lehengo jostunarengana joan zen. [Prezio] bikoitzaren truke, jostuna ohi baino lehiatsuago jardutera erabaki zen, eta gau osoan lan egitera behartu zituen jostundegiko langile guztiak, kandelen argitan, orratz, lisa-burdina eta hortzekin, eta biharamunean prest zegoen fraka, berandutxo baina. Zaldiak kotxeari loturik zeuden ordurako. Txitxikovek, hala ere, saiatu egin zuen fraka. Ondo josirik zegoen, aurrekoaren berdin-berdina zen. Baina, ai!, buruan soilgunetxo bat zuela konturatu zen, eta tristuraz esan zuen: «Zergatik lerratu naiz hain bortizki etsipenera? Buruko ileak erauztea ere!». Jostunari ordaindu, eta hiritik alde egin zuen azkenean, oso gogo-aldarte bitxiko. Ez zen lehengo Txitxikov bera. Lehengo Txitxikoven hondarrak-edo ziren. Lurrera bota duten etxe zahar batekin aldera zitekeen haren gogo-aldartea: hondakinen gainean beste eraikin bat altxatzeko eraitsi dute etxe zaharra, baina oraindik ez dira etxe berria erakitzen hasi, arkitektoak ez dituelako planoak ekarri eta langileak zer egin ez dakitela geratu direlako. Murazov zaharrak Txitxikovek baino ordu bete lehenago alde egin zuen hiritik, Potapitxekin batera, kibitka arrunt batean; Txitxikov abiatu eta ordu bete geroago, berriz, printzearen agindu bat zabaldu zen hirian, Petersburgera joatekoa zela-eta funtzionario guztiak batera ikusi nahi zituela esanez.

        Gobernadore militarraren etxeko areto nagusian hiriko funtzionario guztiak bildu ziren, gobernadoretik hasi eta kontseilari titularreraino: sailburu eta bulegoburuak, kontseilariak, aholkulariak, Kisloiedov, Krasnonosov, Samosvistov, eskupeko diru zikinak onartzen zituztenak eta errefusatzen zituztenak, tolesez beteak, tolesez erdi beteak eta tolesik gabeak; jeneralaren agerpenaren zain zeuden, jakinminez denak eta ez guztiz lasai inor. Agertu zen printzea, ez goibel eta ez alai: irmoa zuen begirada, hala nola ibilera ere... Diosal egin zioten funtzionario guztiek, soina nabarmenki makurtuz haietako askok. Buru-makurtu arin batez erantzun, eta honela hasi zen printzea:

        — Petersburgera joatekoa naizela, egokia iruditu zait guztiokin elkartzea eta alde egitera bultzatu nauten arrazoietako batzuk azaltzea. Oso auzi lotsagarria hasi da gure hiri honetan. Uste dut hemen zaudenetako askok badakizuela zertaz ari naizen. Auzi horrek beste afera batzuk atera ditu argitara, hura bezain arbuiagarriak, zeinetan nahasirik baitaude orain arte nik prestutzat neuzkan funtzionario asko. Orobat jakin dut auzibidea ahal beste korapilatzeko asmo ezkutua dagoela, auzia ohiko lege-bideetatik epai dadin eragozteko. Badakit nor izan den eragile nagusia eta ezkutuan nori [...], nahiz eta trebetasun handiz estali duen bere esku hartzea. Gauzak horrela, jakinarazi behar dizuet nire asmoa ez dela lege-bide burokratikoetara jotzea, epaiketa militar berehalakoa egitea baizik, gerra-[denboran] bezala, eta espero dut erregeak horretarako baimena emango didala dena azaltzen diodanean. Auzi bat bide zibiletik argitzea erabat ezinezkoa bada, armairuak [paperez] mukuru beterik badaude eta, azkenik, auziarekin inolako zerikusirik ez duten gertakari ustezkoen lekukotasun gehiegiek eta gezurrezko salaketek berez ilun samarra den auzi bat areago iluntzen badute, uste dut epaiketa militarra beste irtenbiderik ez dela geratzen, eta jakin nahi nuke zein den zuen iritzia.

        Isildu egin zen printzea, erantzunaren zain balego bezala. Begiak lurrean landaturik zeuzkaten denek. Zurbil zeuden haietako asko.

        — Badakit beste afera baten berri ere, nahiz eta horretan nahasirik dabiltzanak ziur dauden inork ez dakiela horren berririk. Auzi horrek ez du ohiko bide burokratikoa hartuko, ni neu izango bainaiz auzi-jartzaile eta salatzaile, eta ezin gezurtatuzko frogak aurkeztuko ditut.

        Baten batek dar-dar egin zuen funtzionario-taldearen erdian; asaldatu egin ziren izukorrenetako batzuk ere.

        — Eragile nagusiei, esan beharrik ez dago, gradua eta ondasunak kenduko dizkiete, eta gainerakoak kargutik egotziko dituzte. Badakit errugabe asko zigortuko dituztela errudunekin batera. Zer egingo zaio! Gertaturikoa arbuiagarriegia da eta justizia eskatzen du. Dena dela, badakit zigorrak ez dituela besteak zentzatuko, beste batzuek beteko dute kargutik egotzitakoen lekua, eta ordu arte zintzo izanikoak maltzur bihurtuko dira, eta orain agintarien uste ona irabaziko dutenek iruzur eta traizio egingo dute gero, baina, hala ere, bihotz-gogor jokatu beharra daukat, gertaturikoak justizia eskatzen du eta. Badakit zorroztasun gupidagabea leporatuko didatela, baina badakit beste batzuek [...] leporatuko didate [...] Orain, ezinbestean izan behar dut justiziaren tresna bihozgabea, errudunen buruaren gainera eroriko den aizkora.

        Nahi gabe, halako ikara batek hartu zituen aurpegi guztiak.

        Printzea lasai zegoen. Haren aurpegiak ez zituen salatzen ariman sentitzen zituen haserrea eta amorrua.

        — Orain, bere eskuetan askoren zoria duen hau berau, inoren erreguek sekula bigunduko ez zuketen hau berau, zuen oinetara abailtzen da, guztioi erreguka. Dena izango da ahaztua, ezabatua, barkatua; nire eskaria betetzen baduzue, guztion alde egingo dut. Hona eskaria. Badakit mehatxuek, zigorrek eta bestelako baliabideek ezin erauz dezaketela zuzengabekeria: erro sakonegiak egin ditu dagoeneko. Eskupeko diru zikinak onartzeko joera arbuiagarri hori ezinbesteko eta premiazko bilakatu da guztiontzat, are doilor jaio ez direnentzat ere. Badakit dagoeneko askori ezinezkoa gertatzen zaiela jokabide orokorrari gogor egitea. Baina orain, nork bere sorterria salbatu behar duen une sakratu eta erabakigarrian bezala, herritar oro dena jasateko eta sakrifikatzeko prest agertzen den une horretan bezala, dei bat egin behar diet oraindik ere bularrean bihotz errusiarra duten eta nola edo hala «bihotz-zabaltasun» hitza ulertzen duten guztiei. Ez gara hasiko orain eztabaidatzen gutariko nor den errudunagoa! Ni, beharbada, inor baino errudunagoa naiz; nik, beharbada, gogorregi jokatu nuen zuekin hasieran; beharbada, gehiegizko mesfidantzaz, muzin egin nien niretzat baliagarri izateko asmo zintzoa zuten askori, nahiz eta nik ere, neure aldetik, haiei [zer gaitzetsirik] izan. Justizia eta sorterriaren ongia benetan maite bazituzten, ez zuten zertan iraintzat hartu nire harrokeria; aitzitik, beren handinahia ito eta beren nortasuna sakrifikatu beharko zuketen. Ezinbestean, haien abnegazioaz eta ongiarekiko atxikimendu zintzoaz ohartuko nintzatekeen eta, azkenean, aintzat hartuko nituzkeen haien aholu baliagarri eta zuhurrak. Nolanahai ere, lehenago dagokie mendekoei nagusiaren izaerara moldatzea, nagusiari mendekoenera baino. Hori, gutxienez, legezkoa da, eta errazagoa, mendeko askorentzat nagusi bakarra baitago, eta nagusi bakoitzeko, ordea, ehunka mendeko. Baina utz dezagun orain alde batera nor den errudunagoa. Kontua da sorterria salbatu beharra daukagula; hilzorian dugu sorterria, eta gu geu gara horren errudunak, ez hogei herri atzerritarren inbasioa; legezko gobernuaren alboan beste agintaritza bat eratzen ari da, legezko edozein gobernu baino askoz ere ahaltsuagoa. Ezarrita daude haren baldintzak; finkaturik dago gauza bakoitzaren balioa, eta denek dakite prezioen berri. Eta ez dago agintaririk, legegile eta agintari guztietan jakintsuena izanik ere, kalteak konpontzeko gai denik, nahiz eta funtzionario gaiztoen egintzak murrizten saiatu beste funtzionario batzuk izendatuz haiek zaintzeko. Matxinaden garaian herria etsaiari aurre egiteko armatzen zen bezala jazarri behar du gutariko bakoitzak zuzengabekeriaren aurka; horretaz jabetzen ez garen bitartean, alferrikakoak izango dira ahalegin guztiak. Odol berdina dabil gure zainetan, odola dugu lokarri, eta, hain zuzen ere, odolkide eta errusiar gisa mintzo natzaizue orain. Bihotz-zabaltasunaren ideia ulertzen duen zuetako bakoitzarengana jotzen dut. Edonon dagoela gizabanakoari dagokion eginbeharra gogora ekartzeko eskatzen dizuet. Dei egiten dizuet hurbilagotik aztertzeko zuetako bakoitzaren eginbeharra eta Lurrean dituen betebeharrak, zeren eta dagoeneko oso ilun baitakusagu dena, eta neke handiz [...]

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia