Laugarren kapitulua

 

        Biharamunean, ezin hobeto konpondu zen dena. Kostanjoglok pozarren eman zizkion hamar mila errublo, korriturik gabe, bermerik gabe, ordainagiri soil bat sinatzearen truke. Horrenbesteraino zegoen prest edonori aberasten laguntzeko. Hori gutxi balitz, Khlobuievenera lagunduko ziola agindu zion Txitxikovi, etxaldea berarekin batera ikuskatzeko. Oparo gosaldu ondoren, abian jarri ziren hirurak Pavel Ivanovitxen kalesan; etxeko nagusiaren kotxea hutsik zihoan haien atzetik. Jarb, berriz, lasterka zihoan aurretik, txoriak bidetik uxatzen. Ordu eta erdi inguru geroago, hemezortzi versta eginik, herrixka bat begiztatu zuten, bi etxerekin. Bata handia eta berria zen, amaitu gabea eta hainbat urtez erdi eginik utzia; bestea, aldiz, txikia eta zaharra zen. Narras, logale eta ohetik jaiki berria aurkitu zuten etxeko nagusia; adabakiak zituen jakan, eta zuloak botetan.

        Izugarri poztu zen bisitariak iritsi zirenean, etxetik aspaldi joandako bi anaia ikusi balitu bezala.

        — Konstantin Fiodorovitx! Platon Mikhailovitx! —egin zuen oihu—. Ene adiskide maiteok! Ongi etorri! Ezin dut sinetsi! Erabat etsita nengoen inortxo ere ez zela ni ikustera etorriko! Izurritik bezala ihes egiten dute denek niregandik: uste dute dirua eskatuko diedala. Latza da nire egoera, oso latza, Konstantin Fiodorovitx! Badakit neu naizela horren errudun bakarra. Zer egingo diogu!, zerria zerrien antzera bizitzen hasi da. Barkatu, jaunok, zuen aurrera honela jantzirik agertzeagatik: dakusazuenez, zuloz beterik dauzkat botak. Baina, esadazue, zer eskaini ahal dizuet?

        — Itzulingururik ez, mesedez. Zeregin baterako etorri gara hona —esan zuen Kostanjoglok—. Hona hemen Pavel Ivanovitx Txitxikov, erosle bat.

        — Izugarri pozten naiz zu ezagutzeaz. Ekarri bosteko hori.

        Txitxikovek biak luzatu zizkion.

        — Biziki gustatuko litzaidake, Pavel Ivanovitx agurgarria, arreta merezi lukeen etxalde bat erakustea... Baina, barkatu, bazkaldu duzue, jaunok?

        — Bai, bai, bazkaldu dugu —esan zuen Kostanjoglok, lehenbailehen amaitzeko irrikaz—. Goazen oraintxe bertan, gerotik gerora ibili gabe.

        — Tira, goazen, hala nahi baduzue.

        Khlobuievek eskuan hartu zuen kapelua. Bisitariek buruan jantzi zituzten kapeluak, eta oinez joan ziren denak herrixka ikustera.

        — Goazen nire desordena eta zabarkeria ikustera —zioen Khlobuievek—. Eskerrak bazkaldu duzuen, ondo egin duzue, alajaina! Sinetsidazu, Konstantin Fiodorovitx, oilo ziztrin bat ere ez daukat etxean, horraino iritsi naiz. Zerrien antzera gobernatzen naiz, zerrien antzera!

        Hasperen sakona egin zuen, eta, Konstantin Fiodorovitxen bihotz gogorra biguntzerik lortuko ez zuela sumatuko balu bezala, besotik heldu zion Platonovi eta aurrera jo zuen berarekin batera, besoa bere bularraren kontra gogor estutzen zuela. Kostanjoglo eta Txitxikov atzean geratu ziren, eta, elkarri besotik helduta haiek ere, urrunetik jarraitu zieten beste biei.

        — Latza da nire egoera, Platon Mikhailitx, oso latza! —ziotson Khlobuievek Platonovi—. Ez dakizu zein latza den! Dirurik ez, ogirik ez, botarik ez! Gaztea eta ezkongabea banintz, tira, bost axola lidake horrek. Baina ezbehar horiek guztiak zahartzaroan gertatzen bazaizkizu, emaztea eta bost seme-alaba dituzula, goibel jartzen zara, goibel jartzen zara ezinbestean...

        Errukitu egin zen Platonov.

        — Eta, herrixka saltzen baduzu, hobera egingo du zure egoerak? —galdetu zion.

        — Hobera egin! —esan zuen Khlobuievek, besoak airean mugituz—. Nahitaez, zorrak kitatzeko erabili beharko dut diru guztia, eta, hori egindakoan, mila errublo ere ez zaizkit geldituko.

        — Orduan, zer egingo duzu?

        — Jainkoak daki —esan zuen Khlobuievek, soinei gora eraginez.

        Harritu egin zen Platonov.

        — Nola? Ez duzu ezer egingo egoera horretatik ateratzeko?

        — Zer egin dezaket?

        — Ez duzu baliabiderik?

        — Bat ere ez.

        — Bada, lana bilatu, enpleguren bat hartu.

        — Probintziako idazkari arrunta naiz. Nork emango lidake enplegu onuragarririk? Oso gutxi ordainduko lidakete, eta emaztea eta bost seme-alaba ditut.

        — Orduan, lan egin ezazu lurjaberen batentzat, administratzaile gisa.

        — Eta nork utziko luke bere etxaldea nire eskuetan?, neurea hondatu dut eta!

        — Baina zer edo zer egin behar da gosea eta heriotza atarian daudenean. Anaiari galdetuko diot ea ezagunen baten bidez enplegurik aurkitu ahal dizun hirian.

        — Ez, Platon Mikhailovitx —esan zuen Khlobuievek, hasperen eginik eta besoa gogor estutzen ziola—, dagoeneko ez dut ezertarako balio. Zahartzarora iritsi baino lehenago zahartu naiz, eta garai bateko gehiegikeriek gaixotu egin dizkidate giltzurrunak, eta hezueriak jota dauzkat sorbaldak. Nora jo nezake orain? Zergatik ekarri alferrikako gastu gehiago Estatuari? Bulegari asko ari dira irabazi handiko karguak eskuratu nahirik. Eta ez nuke nahi nire erruz, nire soldata jasotzeagatik, behartsuek zerga gehiago ordaindu behar izaterik, Jainkoak gorde nazala horretatik!: haien bizimodua aski zaila da berez. Ez, Platon Mikhailovitx, babes dezala Jainkoak herri behartsua!

        «Hau egoera latza! —pentsatu zuen Platonovek—. Nire alferkeria baino okerragoa duk!»

        Bitartean, Kostanjoglo eta Txitxikov, zuhurtasunezko tartea utzirik haien atzetik zihoazela, honela mintzo ziren elkarrekin:

        — Begira zein egoera penagarrian daukan dena! —zioen Kostanjoglok, hatzaz ingurua seinalatuz—. Miseria gorrira eraman ditu mujikak! Izurri batek abereak hiltzen baditu, ez duzu zeure ongizatea begiratu behar. Dena saldu behar duzu, eta abelburu bana eman mujikei, egun bakar batez ere lanerako baliabiderik gabe gera ez daitezen. Baina hemengo hondamendia ez da urtetan konponduko: mujikak alferrontzi bilakatu dira jadanik, festazale eta mozkor porrokatuak dira.

        — Beraz, horrek esan nahi du irabazpide txarra dela etxalde hau orain erostea, bai? —galdetu zuen Txitxikovek.

        Kostanjoglok, orduan, honakoa esan nahi balio bezala begiratu zion: «Zein txarto hezi zaituzten! Abezetik hasi beharko dugu orain, ala?».

        — Irabazpide txarra!, hiru urte barru urtean hogei mila errubloko etekina aterako nuke nik etxalde honetatik. Horra zein irabazpide txarra den! Hamabost versta ditu. Ez da gutxi, alajaina! Eta nolakoa da lurra?, begiratu lurrari! Urak harturik dago dena. Baina nik lihoa landatuko nuke, eta lihoak bakarrik bost mila errublo utziko lizkidake; arbia ereingo nuke, eta lau mila errublo irabaziko nituzke arbiei esker. Eta begira han, zekalea dago mendi-malda horretan; iaz lurrean geraturiko hazietatik sortu da; ondo asko dakit aurten ez dutela alerik erein. Etxalde honek ehun eta berrogeita hamar mila balio du, ez berrogei mila.

        Txitxikov beldur zen Khlobuievek entzungo ote zien, eta, hala gerta ez zedin, are atzerago geratu zen.

        — Horra zenbat alor aferrik galdurik! —zioen Kostanjoglok, haserretzen hasita—. Lanerako gogorik izan balu, aurrera aterako zuen hau guztia. Golderik ez bazuen, aitzurraz iraul zitzakeen soroak. Bazeukan soroak lantzea. Lau urtez lanik gabe bizitzera behartu ditu mujikak. Ez da huskeria, gero! Urtebete aski da nekazariak betiko gaiztatzeko eta galbidera eramateko. Zarpaz jantzirik eta alderrai ibiltzera ohitzea lortu du! Eta horrelaxe bizi da bera ere.

        Eta, hori esanik, tu egin zuen Kostanjoglok, eta aldarte behazuntsuak hodei beltz baten antzera ilundu zion bekokia...

        — Ezin naiz denbora gehiago geratu hemen: hil egingo naiz desordena eta utzikeria hau ikusirik! Orain, ni gabe egin ahal duzu tratua berarekin. Kendu lehenbailehen altxor hau ergel horri. Jainkoaren oparia laidoztatu baino ez du egiten!

        Eta, hori esanik, Txitxikov agurtu zuen Kostanjoglok, eta, etxeko nagusiaren aldameneraino aurreraturik, agur egin zion berari ere.

        — Mesedez, Konstantin Fiodorovitx —esan zuen, harriturik, etxeko nagusiak—, oraintxe etorri zara, eta bazoaz berriro!

        — Ezin naiz gelditu. Premia larriko eginbeharrak ditut etxean —esan zuen Kostanjoglok. Agurtu, kotxera igo, eta alde egin zuen.

        Khlobuievek, nonbait, ulertu egin zuen zergatik joan zen.

        — Konstantin Fiodorovitxek ezin izan du hau jasan —esan zuen—. Inondik ere, nire gobernatze barreiatua ez da ikuskizun pozgarria bera bezalako lurjabe batentzat. Ezin izan dut, Pavel Ivanovitx, sinetsidazu aurten ezin izan dudala ia ezer erein, ohorezko hitza ematen dizut. Ez neukan hazirik, eta, zer esanik ez, ez neukan lurra zerez goldatu. Zure adiskide Platon Mikhailitx, ordea, ohiz kanpoko nagusia omen da; eta zer ez duten esaten Konstantin Fiodorovitxez!, bere gisako Napoleon bat omen da. Nik, egia esan, sarritan pentsatzen dut: «Zergatik hornitu dute buru bakar bat hain adimen handiz? Zergatik ez diote eman nire buru ergel honi adimen horren pittin bat, etxea behar bezala gobernatzen jakiteko adina gutxienez. Ez zekiat ezer, ez nauk ezertarako gai». Ai, Pavel Ivanovitx, [har itzazu] zeure ardurapean! Batez ere, errukarri zaizkit nire mujik dohakabe horiek. Konturatzen naiz ez dudala [...] jakin, ez naizela gauza aginduak emateko, ezin dudala latz eta zorrotz jokatu. Nolatan ohituko ditut mujikak ordenara neu desordenaren eredu izanik? Aske utziko nituzke oraintxe bertan denak, baina errusiarra halako moldez eginik dago, ezen norbaiten akuilua behar baitu beti..., bestela, alfertu eta zabartu egiten da.

        — Izan ere, bitxia da hori —esan zuen Platonovek—, zer dela eta gure erresuma honetako herri xehea mozkor eta alproja bihurtzen da inork begi zorrotzez zaintzen ez badu?

        — Kulturarik ez duelako —oharrarazi zuen Txitxikovek.

        — Jainkoak daki zergatik. Gu ikasiak gara, eta zertan da gure bizitza? Ni, adibidez, unibertsitatean ibilia naiz, eta jakingai guztiei buruzko eskolak jaso ditut, baina ez ditut ikasi ez gizalegearen arauak ez bizitzearen antzea, alderantziz, azken orduko mizkeria eta erosotasun berri guztietan dirua parrastaka xahutzearen antzea besterik ez dut ikasi, diruarekin ezin hautsizko lotura duten ikasgaiak baino ez ditut menderatu. Ikasle txarra izan naizela esan nahi du horrek? Bada, ez: horixe bera gertatu zaie beste hainbat ikaskideri ere. Beharbada, bizpahiru laguni onuragarri gertatu zitzaizkien ikasketak, baina, seguraski, berez buruargiak zirelako; gainerakoek, ordea, osasunaren kaltegarri diren gauzak eta lagun hurkoari dirua ateratzeko modua ikastera zuzendu zituzten beren ahalegin guztiak. Halaxe da! Helburu bakarra zuten: irakasleei txalo egitea eta opariak banatzea, haiengandik ezertxo ere jasotzeko asmorik gabe. Horregatik, eskolatuak bagara ere, alderdirik nardagarrienak hautatu ditugu ikasgai guztien artetik. Itxuraz soilik gara ikasiak, ez dugu ikaskuntzaren mamia geureganatu. Ez, Pavel Ivanovitx, ez dakit zergatik, baina ez dakigu beste modu batera bizitzen; nik, behintzat, ez dakit zergatik, zinez diotsut.

        — Arrazoiren bat egongo da —esan zuen Txitxikovek.

        Hasperen sakona egin zuen Khlobuiev gizagaixoak, eta esan:

        — Batzuetan iruditzen zait errusiarra gizaki galdua dela. Ez du borondaterik, ez du adorerik, ez du pairamenik. Dena egin nahi du, eta ezin du ezer egin. Denek uste dute biharamunean bizimodu berri bati ekingo diotela, biharamunetik aurrera behar bezala gobernatuko direla, biharamunetik aurrera dieta egingo dutela, baina ez da horrelakorik gertatzen: arrats horretan bertan hain sabelbete itzela egiten dute, ezen mutu eta adia galdurik geratzen baitira, mihia ezin mugiturik, hontza baten antzera jendeari begira... Horrelakoxeak dira denak!

        — Zentzua eraman behar da beti aldean —esan zuen Txitxikovek—, etengabe hitz egin behar da zentzuarekin, solasaldi adiskidetsuak izan berarekin.

        — Jakina! —esan zuen Khlobuievek—. Baina nik, egia esan, uste dut gu ez garela zentzudunak izateko jaio. Ez dut sinesten gure artean zentzudunik badenik. Baten bat zintzo bizi dela eta dirua bildu eta metatzen duela ikusten badut ere, ez dut sinesten! Deabruak hura ere nahasiko du zahartzaroan, eta bere ondasun guztiak xahutuko ditu bat-batean! Gure erresuma honetan denak dira horrelakoak: aitoren semeak, mujikak, ikasiak eta ezikasiak. Horra zer egin zuen behin mujik buruargi batek: ezerezetik mila errublo irabazi, eta, mila errublo haiek irabazi bezain laster, apetak eman zion bainuontzia xanpainaz bete behar zuela, eta xanpainan bainatu zen. Tira, uste dut dena ikusi dugula. Ez dago besterik. Begiratu bat eman nahi diozu errotari? Ez dauka errotarririk, eta eraikinak ez du ezertarako balio.

        — Hala bada, ez du merezi ikustea! —esan zuen Txitxikovek.

        — Orduan, goazen etxera.

        Eta etxerantz zuzendu zituzten hirurek urratsak.

        Itzulbidean lehengo berberak izan ziren ikuspegiak. Lehen bezala, hango nahaskeria lardatsak nonahi erakusten zuen bere irudi zantarra. Zaharkiturik eta bertan behera utzirik zegoen dena. Kale erdiko istil bat zen gauza berri bakarra. Emakume haserre batek, zaku-oihal zoldatsu batez jantzirik, sekulako jipoia eman zion neskato errukarri bati, eta agiraka ari zen eztarria urratu beharrean, deabru guztiak aipatuz. Urruntxeago, bi mujikek axolagabekeria estoikoz begiratzen zioten emakume mozkorraren amorruari. Bata bizkarraren behealdean hazka ari zen, eta bestea, berriz, aharrausika. Bazirudien etxeak eta teilatuak ere aharrausika ari zirela. Platonovek, haiei begira, aharrausi egin zuen. «Hauexek izango dituk nire mujikak —pentsatu zuen Txitxikovek—, zuloa zuloaren gainean eta adabakia adabakiaren gainean!» Izba batean atetzar oso bat zegoen teilatuaren ordez. Leiho behera eroriak nagusiaren aletegitik lapurturiko hagaz eutsirik zeuden. Hitz batean, antza zenez, Trishkinen berokiaren sistemaren arabera gobernatzen zuten etxalde hura: mahukaburuak eta mendelak moztu ukondoak adabatzeko.

        Geletara sartu ziren. Hango txirotasuna luxuzko hainbat zirtzilkeria ikusgarrirekin nahasirik zegoen, eta horrek apur bat harritu zuen Txitxikov. Brontze berri-berriak ikusten ziren tresna eta altzari apurtuen artean. Shakespeare bat zegoen tintontzi baten estalki; nork bere bizkarrean hatz egiteko kirten dotore marfilezko bat ageri zen mahai gainean. Khlobuievek emaztea aurkeztu zien bisitariei. Emakume bikaina zen. Arrakasta handia izango zukeen Moskun. Haren soinekoa gustu onekoa zen, modaren araberakoa. Hiria eta hango antzoki berria zituen mintzagairik gogokoenak. Berarengan denak salatzen zuen senarrari baino are gutxiago gustatzen zitzaiola herria eta Platonov baino gehiago aspertzen zela bakarrik geratzen zenean. Handik gutxira, neska-mutilez bete zen gela. Bost ziren. Seigarrena amaren besoetan zegoen. Oso politak ziren denak. Itxura ederra zuten hala neskek nola mutilek ere. Apain eta gustu onez jantzirik zeuden, biziak eta alaiak ziren. Eta, horregatik, are tristagarriagoa gertatzen zen haiei begiratzea. Hobe zuketen txarto jantzirik, etxeko gona eta brusa zarpailez, patioan batera eta bestera lasterka ibili eta ezertan ez izan nekazari arrunten seme-alabengandik desberdinak! Lagun bat etorri zen etxekoandrea ikustera. Damak beren geletara joan ziren. Haurrek lasterka alde egin zuten haien atzetik. Gizonezkoak bakarrik geratu ziren.

        Eroste-jardunari ekin zion Txitxikovek. Hasieran, erosle guztiek ohi dutenez, gutxietsi egin zuen erosi nahi zuen etxaldea. Eta, ikuspuntu guztietatik gutxietsi ondoren, esan zuen:

        — Zein da zure prezioa?

        — Ez dizut garesti salduko —esan zuen Khlobuievek—, badakizu?, nire aldetik lotsagabekeria handia litzateke hori, eta ez dut gogoko lotsagabe jokatzea. Ehun arima dauzkat erroldaturik, baina ez dizut ezkutatuko berrogeita hamar bakarrik gelditzen zaizkidala: gainerakoak, edo izurriek jota hil dira, edo ihesi joan dira nortasun-txartelik gabe, eta, beraz, hiltzat hartu behar dituzu. Hori dela eta, hogeita hamar mila errublo bakarrik eskatuko dizkizut guztira.

        — Hogeita hamar mila! Etxaldea bertan behera utzirik daukazu, nekazari asko hil zaizkizu, eta hogeita hamar mila eskatzen dizkidazu! Hogeita bost mila emango dizkizut.

        — Pavel Ivanovitx! Bahituran jarriko banu, hogeita bost mila jasoko nituzke, ulertzen duzu? Hogeita bost mila jaso eta, gainera, etxaldeari eutsi. Baina dirua behar dut lehenbailehen, horrexegatik saldu nahi dut; bahituko banu, luze joko lidake kobratzeak, dirua eman beharko nieke bulegariei, eta ez daukat sosik.

        — Hala eta guztiz ere, hogeita bost mila emango dizkizut.

        Platonovek lotsagarri iritzi zion Txitxikoven jokabideari.

        — Eros ezazu, Pavel Ivanovitx —esan zuen—. Ordaindu ahal da [prezio] hori etxaldearengatik. Hogeita hamar mila ematen ez badizkiozu, anaiak eta biok dirua bildu eta geuk erosiko diogu.

        Ikaratu egin zen Txitxikov...

        — Ondo da! —esan zuen—. Hogeita hamar mila ordainduko dizkizut. Bi mila emango dizkizut orain, seinale gisa, zortzi mila aste bete barru eta gainerakoa hilabete barru.

        — Ez, Pavel Ivanovitx, ahalik eta lasterren jaso nahi dut dirua. Orain hamabost mila eman behar dizkidazu gutxienez, eta gainerakoa bi aste barru beranduen ere.

        — Baina ez ditut hamabost mila! Hamar mila bakarrik ditut orain. Emadazu denbora dirua biltzeko.

        Baina gezurretan ari zen Txitxikov: hogei mila zituen.

        — Ez, Pavel Ivanovitx, hamabost mila behar ditut ezinbestean, premia larrian nago.

        — Bada, bost mila falta zaizkit. Ez dakit nondik aterako ditudan.

        — Nik utziko dizkizut —eten zion Platonovek.

        — Ondo da! —esan zuen Txitxikovek, eta bere artean pentsatu: «Oso une egokian eskaini zidak mailegu hori: bihar arte ez dik dirua ekarriko». Kutxa ekarri zioten kalesatik, eta, luzamendutan ibili gabe, hamar mila errublo atera zituen Khlobuieventzat. Gainerakoa biharamunean ekarriko ziola hitzeman zion; horixe egin zuen: hitzeman; biharamunean hiru mila ekartzeko asmoa zuen, eta gainerakoa bizpahiru egun geroago, eta, epea luzatu ahal izanez gero, are geroago oraindik. Pavel Ivanovitxek ez zuen batere gogoko dirua eskutik jaregitea. Premia larriren bat zuenean ere, uste izaten zuen hobe zuela dirua biharamunean eman, egunean bertan baino. Horrelaxe jokatzen dugu denok! Atsegin zaigu eskatzailea gogaitzea. Neka dezala bizkarra harrera-gelan itxaroten! Ezin du puska batean itxaron, ala? Beharbada, ordu bakoitza balio handikoa da berarentzat eta, gure jokaera dela eta, geroko utzi beharko ditu bere eginkizunak, baina zer axola digu horrek guri? «Itzul zaitez, bihar, adiskidea, gaur ez dut astirik.»

        — Non jarriko zara bizitzen etxaldea saldutakoan? —galdetu zion Platonovek Khlobuievi—. Baduzu beste herrixkarik?

        — Ez, ez dut beste herrixkarik, hirira joango naiz. Bestela ere, hori egin beharko nukeen, ez niregatik, seme-alabengatik baizik. Irakasleak beharko dituzte musika, dantza eta Jainkoaren legeak ikasteko. Herrixkan ez dago hori lortzerik.

        «Ogi apurrik ez, eta seme-alabei dantzan irakatsi nahi!», pentsatu zuen Txitxikovek.

        «Harrigarria!», pentsatu zuen Platonovek.

        — Ea, bada, busti dezagun tratua! —esan zuen Khlobuievek—. Aizak, Kiriushka, ekartzak botila bat xanpaina!

        «Ogi apurrik ez, eta xanpaina bai!», pentsatu zuen Txitxikovek.

        Platonovek ez zekien zer pentsatu.

        Ekarri zieten xanpaina. Hiruna kopa edanik, alaitu egin ziren denak. Khlobuievek lotsa guztia galdu zuen, buruargi eta atsegin bihurtu zen. Askotariko istorioak eta esaera zorrotzak entzun zizkioten. Haren solasak jendearen eta munduaren ezagutza sakona erakusten zuen. Hain ondo eta zehatz ikusten zituen gauza asko, hain egoki eta trebeki deskribatzen zituen hitz gutxitan inguruko lurjabeak, hain argi atzematen zien guztien akats eta hutsuneei, hain ondo zekien aitoren seme bakoitzaren porrotaren historia —zer zela eta, nola eta zergatik egin zuen porrot bakoitzak—, hain orijinaltasun eta egokitasun handiz azaltzen zituen haien ohiturarik xeheenak ere, ezen bi solaskideek zeharo liluraturik entzuten baitzituzten haren hitzak, gizon ezinago buruargitzat ezagutzeko zorian.

        — Aizu —esan zion Platonovek, besotik heldurik zeukala—, hain buruargia eta aditua izanik eta bizitza hain ondo ezaguturik, nolatan ez duzu zeure egoera latz horretatik ateratzeko biderik aurkitu?

        — Irtenbiderik ez zait falta —esan zuen Khlobuievek, eta bere egitasmo ugarien berri eman zion berehala. Hain ziren denak burugabeak, hain ziren bitxiak, hain lotura ahula zuten jendearen eta munduaren ezagutzarekin, ezen, haien berri entzunik, sorbaldak jasotzea besterik ezin baitzitekeen egin, eta esan: «Jainkoarren!, zein tarte ikaragarria dagoen mundua ezagutzetik ezagutza horretaz baliatzen jakitera!». Ia egitasmo guztiek oinarri berbera zuten: behingoan ehun mila edo berrehun mila errublo eskuratzea nondik edo handik. Khlobuiev ziur zegoen ezen, nahitaezko baldintza hori betez gero, behar bezala aterako litzaiokeela dena: etxaldeak aurrera egingo luke, zulo guztiak josiko lituzke, etekinak laukoiztu egingo lirateke eta zor guztiak kitatzeko aukera izango luke. Eta honela amaitu zuen jarduna—: Baina zer nahi duzue egitea? Ez dut inon aurkitzen ongilerik berrehun mila edo, gutxienez, ehun mila errublo uzteko prest legokeenik! Argi dago Jainkoak ez duela horrelakorik nahi.

        «Jakina! —pentsatu zuen Txitxikovek—. Nolatan bidaliko dizkio Jainkoak berrehun mila errublo hi bezalako ergel bati?»

        — Litekeena da nire izeba zahar batek hiru milioi edukitzea —esan zuen Khlobuievek—. Emakume elizkoia da: dirua ematen die elizari eta monasterioei, baina esku-laburra da lagun hurkoarekin. Ospe handia du. Lehengo lege zaharreko emakumea da, ikustea merezi duen horietakoa. Laurehun kanario inguru ditu berak bakarrik, eta dobazakurrak, eta beraren lepotik bizi diren bizkarroi ugari, eta jadanik inon ikusten ez diren zerbitzari horietakoak. Zerbitzaririk gazteenak hirurogei bat urte ditu, eta, hala ere, honela esaten dio berak: «Aizu, mutiko!». Gonbidaturen batek behar bezala jokatzen ez badu, jaki bat edo beste ken diezaiotela agintzen du. Eta kentzen diote, alajaina!

        Platonovek irribarre txikia egin zuen.

        — Nola du izena eta non bizi da? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Hirian bizi da, Aleksandra Ivanovna Khanasarova deritzo.

        — Zergatik ez duzu berarengana jotzen? —galdetu zuen Platonovek, lagunaren zoriaz arduraturik—. Nire ustez, bihotz-gogorra bada ere, zure familiaren egoera ondo azalduko bazenio, ez luke adorerik izango laguntza ukatzeko.

        — Horixe izango lukeela! Izeba oso emakume irmoa da. Harrizko bihotza du atso zahar horrek, Platon Mikhailitx! Ni gabe ere, ezti-jario asko ditu inguruan, beti lausenguka. Bada bat kosta ahala kosta gobernadorea izan nahi duena, eta ahaidetzat dauka izeba..., Jainkoak gorde dezala!, beharbada, erdietsiko du bere helburua! Jainkoak gorde ditzala bera eta gainerako guztiak! Bere garaian ez nuen jakin izebarengana hurbiltzen, eta orain berandu da: dagoeneko ez zait makurtzen bizkarra.

        «Ergela! —pentsatu zuen Txitxikovek—. Izeba zaindu behar huen, haurtzainak umetxoa bezala!»

        — Zer da hau!, lehor-lehor ari gara hizketan —esan zuen Khlobuievek—. Aizak, Kiriushka, ekartzak beste botila bat xanpaina!

        — Ez, ez, nik ez dut gehiago edango —esan zuen Platonovek.

        — Nik ere ez —esan zuen Txitxikovek. Eta ezezko biribila eman zioten biek eskaintzari.

        — Orduan, gutxienez, hitzeman nire etxera etorriko zaretela hirian: ekainaren zortzian bazkari bat emango dut hiriko funtzionario nagusientzat.

        — Horrelakorik! —egin zuen espantu Platonovek—. Ez zara ezeren jabe, erreka jo duzu, eta bazkari bat emango duzu!

        — Beste aukerarik ez dut. Ezin baztertuzko eginbeharra da —esan zuen Khlobuievek—. Haiek ere askotan gonbidatzen naute.

        «Honek ez dik erremediorik!», pentsatu zuen Platonovek. Artean ez zekien ezen Rusen —Moskun eta beste hirietan— badirela gizaki askojakinak zeinen bizitza ezin azalduzko enigma baita. Halakok diru guztia xahutu du, zorretan leporaino sarturik dago, ez du inolako baliabiderik, baina, hala ere, bazkari bat ematen du, azkena nonbait; eta bazkaltiar guztiek pentsatzen dute biharamunean bertan espetxean sartuko dutela etxeko nagusia. Hamar urte igarotzen dira, eta askojakinak mundu honetan dirau, lehen baino askoz ere zor gehiago ditu, baina, hala ere, bazkari bat ematen du, eta denek pentsatzen dute azkena izango dela, eta denak etsirik daude biharamunean bertan espetxean sartuko dutela etxeko nagusia. Askojakin horietakoa zen Khlobuiev. Rusen bakarrik bizi zitekeen horrela. Ezer ez eduki arren, abegi ona egiten zien hirira iristen ziren artista guztiei, berera gonbidatzen zituen eta, hori gutxi balitz, babesa eta laguntza ematen zizkien, aterpea eta logela eskaintzen zizkien bere etxean bertan. Norbaitek sartu-irten bat egingo balu hirian zeukan etxe hartan, ez luke inola ere asmatuko nor zen etxeko nagusia. Gaur pope batek elizkizunak egin ditu han, meza-jantzia soinean; bihar, berriz, antzezlan bat saiatuko dute aktore frantziar batzuek. Beste egun batean, etxean inor gutxik ezagutzen duen batek leku hartzen du egongelan eta, paper asko aldean, bulego bihurtzen du, eta inor ez da harritzen edo urduri jartzen, gertakari hori guztiz ohikoa balitz bezala. Batzuetan, hainbat egunez janari-hondarrik ere ez zen egoten etxean; beste batzuetan, aldiz, gastronomorik ahozurienaren gustua asebetetzeko moduko bazkariak ematen zituzten. Etxeko nagusia pozik eta alaitsu egoten zen beti; haren itxura ikusirik, jaun aberatsa zela esan zitekeen; esne-mamitan eta oparo bizi den gizonaren ibilera zuen. Batzuetan, hain une latzak bizitzea egokitzen zitzaion, ezen beste edonork bere burua ukartu edo tiro batez hilko baitzukeen. Baina erlijiozaletasunak salbatzen zuen, oso modu bitxian uztarturik baitzeukan bere bizimodu barreiatuarekin. Une latz eta mingots haietan, liburu bat zabaldu, eta martirien zein jakintzalarien bizitzak irakurtzen zituen, haiek oinaze eta zoritxar guztien gainetik bizitzeko hezi baitzuten beren arima. Horrelakoetan bigundu eta samurtu egiten zitzaion arima, eta malkoz betetzen begiak. Eta —bai harrigarria!— une haietan ezusteko laguntzaren bat iristen zitzaion ia beti nondik edo handik. Edo aspaldiko lagun batek, beraz oroiturik, dirua bidaltzen zion; edo hirian iragaitzaz zegoen emakume ezezagunen batek, ustekabean haren historia entzunik eta emakumezkoen bihotz-zabaltasun kartsuak eraginik, diru-laguntza oparoa helarazten zion; edo beraren alde erabakitzen zen auzi bat non edo han, nahiz eta berak sekula ez zuen auzi horren aditzerik izan. Debozioz eta esker onez, probidentziaren errukitasun mugagabea ezagutzen zuen orduan, esker-mezak atera, eta berriro ekiten zion bere bizimodu barreiatuari.

        — Erruki dut, benetan, erruki dut! —esan zion Platonovek Txitxikovi, etxeko nagusia agurturik handik joan zirenean.

        — Seme galdua da, ordea! —esan zuen Txitxikovek—. Nik ez dut inolako errukirik horrelako jendearentzat.

        Eta, handik gutxira, harengan pentsatzeari utzi zioten biek: Platonovek, munduko beste edozeri bezain soraio eta axolagabe begiratzen ziolako lagun hurkoaren egoerari. Erdiratu eta beratu egiten zitzaion bihotza besteen oinazeak ikusten zituenean, baina zirrara horrek ez zion aztarna sakonik uzten ariman. Ez zuen Khlobuievengan pentsatzen bere buruarengan ere pentsatzen ez zuelako. Txitxikovek ez zuen Khlobuievengan pentsatzen eginiko erosketa oldozpen guztiez jabetu zitzaiolako. Zenbatu, kontatu eta gogoan hartzen zituen erositako etxaldearen alderdi on guztiak. Eta, edozein ikuspegitatik azterturik, erosketa ona egin zuela iruditzen zitzaion. Bahituran jar zezakeen etxaldea. Bahituran jar zitzakeen hildakoak eta ihesi joandakoak bakarrik. Aurrena lur-sailik onenak zatika saldu, eta bahituran jar zezakeen gero etxaldea. Auzolagun eta ongile zuen aldetik Kostanjogloren aholkuei jarraiki eta, hura bezalako lurjabe bihurturik, berak goberna zezakeen etxaldea. Edo beste lurjabe bati sal ziezaiokeen (berak gobernatzeko gogorik izan ezean, jakina), hildakoak eta ihesi joandakoak beretzat gorderik. Beste alderdi on bat bururatu zitzaion orduan: alde egin zezakeen inguru haietatik, Kostanjoglori mailegua itzuli gabe. Hitz batean, edonondik ikusita, erosketa ona egin zuela iruditzen zitzaion. Atsegin handia sentitu zuen, atsegin handia jadanik lurjabea zelako —ez alegiazko lurjabea, egiazkoa baizik—, lurrak, alorrak eta nekazariak zituelako, ez alegiako nekazariak, ez irudimenean soilik bizi ziren nekazariak, egiazkoak baizik. Eta, apurka-apurka, hor hasi zen jauzika, eta eskuak igurtzitzen, eta ahapeka abesten, eta bere buruarekin hizketan, eta martxa bat jotzen eskua aho aurrean bildurik —turuta bailitzan—, eta hitz kilikagarri eta gozo batzuk ere eskaini zizkion bere buruari, ozenki, «muturtxo», «oilartxo» eta horrelakoak esanez. Baina gero, bakarrik ez zegoela gogoraturik, isildu egin zen bat-batean, neurriz gaineko pozaren oldarrari eusten saiatu zen, eta Platonovek, hots haietakoren bat berari zuzenduriko esalditzat harturik, «Zer?» galdetu zionean, Txitxikovek erantzun zion: «Ezer ez».

        Une horretan, ingurura begiratu, eta baso eder bat zeharkatzen ari zirela ohartu zen; urki lirainak zituzten ezker-eskuin, ilara banatan. Harrizko eliza zuri bat atzematen zen zuhaitzen artean. Jaun bat agertu zen bidearen amaieran; haienganantz zetorren, kapelua buruan eta makila adabegitsu bat eskuan. Hanka luze mehekiko zakur ingeles bat lasterka zihoan haren aurretik.

        — Gelditu! —esan zion Platonovek gidariari, eta jauzi batez jaitsi zen kalesatik.

        Txitxikov ere kalesatik jaitsi zen. Oinez abiatu ziren biak jaunarenganantz. Jarb, ordurako, zakur ingelesa musukatzen ari zen; inondik ere, aspalditik ezagutzen zuen, axolagabeki hartu baitzuen bere mutur lodian Azorren musu kartsua (hala zuen izena zakur ingelesak). Jarb musukatu ondoren, Azor izeneko zakur bizkor hura lasterka oldartu zen Platonovengana, eta, bere mihi bizkorrarekin eskua miazkatutakoan, Txitxikoven bularrera jauzi egin zuen, ezpainak miazkatzeko asmoz, baina ez zuen lortu, eta, Txitxikovek bultzada batez atzera eragin ziolarik, Platonovengana jo zuen berriro, besterik ezean belarria miazkatu nahirik.

        Bitartean, Platonek eta haienganantz zihoan jaunak elkarren ondora heldu eta elkar besarkatu zuten.

        — Anaia Platon, mesedez, zergatik jokatzen duk horrela nirekin? —galdetu zuen jaunak hitzetik hortzera.

        — Nola, gero? —erantzun zuen Platonovek axolagabeki.

        — Galdetzea ere! Badituk hiru egun hire berririk ez dakidala! Petukhen korta-mutilak hire garañoa ekarri zidaan lehengo batean. «Jaun batekin joan da», esan zidaan. Baheukan argibideren bat ematea: nora, zertara, noiz arte. Arren, anaia, nola egin didak horrelakorik? Jainkoak zekik zer pentsatu dudan egunotan!

        — Zer egingo zaio! Ahaztu egin zitzaidaan —esan zuen Platonovek—. Konstantin Fiodorovitxenera joan gaituk ikustalditxo bat egitera... Goraintziak bidaltzen dizkiate berak eta arrebak. Hona hemen Pavel Ivanovitx Txitxikov. Pavel Ivanovitx, hona nire anaia Vasili. Adiskide hau ni bezainbeste maitatzeko eskatzen diat.

        Vasilik eta Txitxikovek, kapelua erantzirik, musuak eman zizkioten elkarri.

        «Nor ote da Txitxikov hau? —pentsatu zuen Vasilik—. Anaia Platonek edonola aukeratzen ditik adiskideak, eta, seguraski, ez zekik nolakoa den gizon hau.» Eta gizabideak uzten zion bezain zorrotz aztertu Txitxikov, eta ikusi zuen apur bat makurturik eusten ziola buruari eta aurpegiera atsegina zuela une horretan.

        Txitxikovek ere, bere aldetik, gizabideak uzten zion bezain zorrotz aztertu zuen Vasili. Platon baino apur bat baxuagoa zen, ilunagoa zuen ilea eta haren aurpegia ez zen, ez hurrik eman ere, anaiarena bezain ederra; hazpegiek, ordea, bizitasun eta kemen handia erakusten zuten. Nabari zitzaion ez zela bizi geldotasunaren eta soraiotasunaren altzoan.

        — Badakik zer bururatu zaidan, Vasili? —esan zuen Platonek.

        — Zer? —galdetu zuen Vasilik.

        — Rus santuan barrena bidaiatzea, Pavel Ivanovitxekin batera hain zuzen ere: agian, jostagarria gertatuko zaidak hori, eta goibeltasuna ezbatuko zidak.

        — Eta zer dela eta hartu duk erabaki hori hain bat-batean?... —hasi zen Vasili, anaiaren erabakiak zeharo harriturik, eta gutxigatik ez zuen honakoa erantsi: «Eta, gainera, norekin eta oraintsu ezagutu duan gizon batekin joatea bururatu zaik; deabruak zekik nor den, litekeena duk gizatxar hutsa izatea». Eta, goganbeharturik, zeharka begiratu zion Txitxikovi, eta ikusi zuen itxura ezinago adeitsua zuela, burua oso modu atseginean alde baterantz apur bat okerturik zeukala artean ere eta begirunezko agur-imintzioa zuela aurpegian, halako moldez, ezen ez baitzegoen asmatzerik zer-nolako gizona zen Txitxikov.

        Isilik abiatu ziren hirurak. Bidearen ezkerraldean harrizko eliza zuria atzematen zen, noizean behin, zuhaitz artean; eskuinaldean, berriz, jauretxearen inguruko eraikinak agertzen hasi ziren apurka-apurka, zuhaitz artean haiek ere. Azkenean, ate nagusia ere azaldu zen. Teilatu garaiko jauretxe zaharraren aurreko patioan sartu ziren. Erdian hazitako bi ezki eskergak itzalpean zeukaten patioaren alderdi bat. Ozta-ozta ikusten ziren etxeko hormak haien atzean, hosto ugariko adar beherantz makurtuek ezkutaturik. Jarleku luze batzuk zeuden ezkien azpian. Vasilik esertzeko gonbita egin zion Txitxikovi. Eseri zen Txitxikov, eta eseri zen Platonov ere. Lorategiko amañi-lili eta otsagereziondo loretsuak patio osoa inguratzen zuten urki lirainetaraino iristen ziren, lore-uztai edo beira-alezko iduneko baten antzera, eta nonahi aditzen zen haien urrina.

        Hamazazpi urte ingurko mutil erne eta trebe batek, arrosa koloreko alkandora polit batez jantzirik, pitxer batzuk ekarri eta aurrean ipini zizkien; pitxer batzuetan ura zegoen, eta beste batzuetan, berriz, gas-urarenaren antzeko burbuila-hotsa ateratzen zuten kvasak, mota eta kolore askotakoak. Pitxerrak haien aurrean utzitakoan, zuhaitz batera hurbildu, enborraren arrimuan zegoen pala handi bat hartu, eta lorategira joan zen. Platonov anaien mendeko guztiek lorategian lan egiten zuten, zerbitzari guztiak lorazainak ziren, edo, hobeto esan, ez zegoen zerbitzaririk, baina batzuetan lorazainek egiten zituzten zerbitzari-lanak. Vasili erabat etsirik zegoen zerbitzaririk gabe bizi zitekeela. Uste zuen edonork jardun zezakeela zerbitzari, eta, horrenbestez, ez zuela merezi gizartean lan horretarako sail berezirik eratzea; errusiarra, haren iritziz, ona, ernea, ederra, trebea eta langile saiatua da alkandoraz eta oihal latzezko beroki lodiz jantzirik dagoen bitartean, baina baldar, itsusi, motel eta alfer bihurtzen da jaka alemaniarra jantzi bezain laster. Haren ustez, errusiarrak garbitasunari eusten dio alkandoraz eta oihal latzezko beroki luzez jantzirik dagoen bitartean; jaka alemaniarra jantziz gero, ordea, ez du alkandora aldatzen, ez du bainurik hartzen, jaka jantzirik lo egiten du, eta jakaren azpian zimitzak hazten zaizkio, eta arkakusoak, eta deabruak daki zer gehiago. Horretan, beharbada, arrazoi zuen. Haren herrixkako jendea txukun eta dotore janzten zen, eta urrun joan beharra zegoen alkandora eta oihal latzezko beroki polit haiek eskuratzera.

        — Ez duzu freskagarririk edan nahi? —galdetu zion Vasilik Txitxikovi, pitxerrak seinalatuz—. Geuk eginak dira kvas hauek; ospe handia ekarri diote aspalditik gure etxeari.

        Txitxikovek, lehen pitxerra hartu, eta edalontzia bete zuen. Garai batean Polonian edan ohi zuen ezti-uraren berdina zen edari hura: xanpainarenak bezalako burbuilak zituen, eta gasak oso kilika atseginak eragiten zituen ahotik sudurrera igotzean.

        — Nektarra da hau! —esan zuen Txitxikovek. Beste pitxer bateko isurkariaz bete zuen gero edalontzia, eta aurrekoa baino gozoagoa iruditu zitzaion.

        — Norantz eta zein lekutara joateko asmoa duzu? —galdetu zion Vasilik.

        — Oraingoz —esan zuen Txitxikovek, eskuarekin belauna igurtziz eta, aldi berean, gorputz-enborra leunki kulunkatuz eta burua alde batera okerturik—, ez noa nik nahi nukeen tokira, beste batek agindutakora baizik. Betristxev jenerala lagun mina dut eta, nolabait esateko, baita babesle ere. Senide bat ikustera joateko eskatu dit. Jakina, senideak senide, bidaia horrek, neurri batean behintzat, badu interesik niretzat ere; batetik, esan beharrik ez dago onuragarria izan daitekeela nire odoluzkientzat, eta bestetik, berriz, mundua ikusiko dut, askotariko jendea ezagutuko dut, eta hori, nolanahi ere, liburu bizi baten antzekoa da, beste jakintza bat.

        Pentsakor geratu zen Vasili. «Oso hizkera puztua zerabilek gizon honek, baina arrazoi dik —pentsatu zuen—. Anaia Platonek premiazko dik jendea, mundua eta bizitza ezagutzea.» Apur batean isilik egon ondoren, ozenki esan zuen:

        — Pentsatzen hasita nagok, Platon, bidaia hori, agian, zuzpergarri ona izango dela hiretzat. Sorgorturik daukak arima. Lo hago, baina ez asetasunaren edo nekearen eraginez, ezpada zirrara eta sentipen bizien ezarengatik. Ni guztiz bestelakoa nauk. Gustatuko litzaidakek gertatzen zaidan guztia hain biziki ez sentitzea eta hain estuan ez hartzea.

        — Hik nahi dualako hartzen dituk estuan gauza guztiak! —esan zuen Platonek—. Hik heuk bilatzen dituk kezkabideak, hik heuk asmatzen dituk larritasunak.

        — Ez diat ezer asmatu beharrik! Edonora noala, atsekabea baino ez diat aurkitzen! —esan zuen Vasilik—. Badakik nolako azpikeria egin digun Lenitsinek hi kanpoan hintzelarik? Hemengo mujikek Pazko osteko lehen astea ospatzeko erabiltzen zuten larreaz jabetu dik.

        — Ez zian horren berri jakingo, horregatik jabetuko zuan lur-sail horretaz —esan zuen Platonek—, berria duk hemen, orain dela gutxi etorri duk Petersburgetik. Gauzak zertan diren azaldu eta dena argitu behar hion.

        — Bazekian, ondo asko jakin ere. Gizon bat bidali nioan guztiaren berri azaltzera, baina gordinkeria bat erantzun zian.

        — Hik heuk joan behar huen gauzak argitzera. Hitz egin ezak herorrek berarekin.

        — Ezta pentsatu ere. Handiustez harrotuegi zegok jadanik. Ez nauk berarengana joango. Hoa hi, nahi baduk.

        — Joango nindukek, baina ez diat besteren galtzetan sartzeko ohiturarik. Engainatu egingo nindikek, ziria sartuko lidakek.

        — Ondo baderitzozu, neu joango naiz —esan zuen Txitxikovek.

        Begiratu egin zion Vasilik, eta pentsatu: «Hori duk bidaiatzeko gogoa!».

        — Azaldu, mesedez, nolako gizona den eta zer gertatu den —esan zuen Txitxikovek—, hori baino ez dut behar.

        — Lotsa ematen dit hain eginkizun gogaikarria zure esku uzteak; izan ere, niretzat, horrelako gizon bati azalpenak emate hutsa eginkizun gogaikarria da berez. Jakin behar duzu gizon hori gure probintzia honetako aitoren seme arrunt eta xehe bat dela. Gora egin zuen Petersburgen, bidea urratu zuen nola edo hala hango gizartean, ez dakit noren alaba sasikoarekin ezkondu zen, eta handiustez puzten hasi zen harrezkeroztik. Nabarmenkeriaz jokatzen du hemen. Jainkoari eskerrak, gure probintziako jendea ez da batere ergela: ez dugu moda legetzat hartzen, ezta Petersburg tenplutzat ere.

        — Jakina! —esan zuen Txitxikov—. Eta zer gertatu da?

        — Gertaturikoa zentzugabekeria galanta da. Lur gutxi dauka, eta larre kaxkar batez jabetu da. Nonbait, kontu egin du inork ez duela lur-sail hori behar eta jabeak berak ahazturik daukala, baina hemengo nekazariak antzina-antzinatik elkartzen dira hor Pazko osteko lehen astea ospatzeko. Lur-sail horri eusteagatik, prest nengoke beste lur batzuk sakrifikatzeko, hobeak izan arren. Ohiturak sakratuak dira niretzat.

        — Beraz, prest zaude beste lur batzuk emateko?

        — Prest nengokeen, bai, baldin eta ez balu horrela jokatu nirekin. Baina, ikusi dudanez, epailearekin harremanak izateko gogoa du. Ondo da, ikus dezagun nork irabazten duen auzia. Planoek ez digute argitasun handirik emango, baina lekukoak ditut: oraindik bizirik daude hainbat nekazari zahar, eta oroimen ona dute.

        «Jum! —pentsatu zuen Txitxikovek—. Argi zegok bi hauek bihotz-bihotzez maite dutela elkar.» Eta ozenki esan zuen:

        — Uste dut auzi hau onez onean konpon daitekeela. Artekariaren esku dago hori. Idatziz

 

[...]

 

        ... zuretzat oso onuragarria litzatekeela, esaterako, azken erroldaren arabera zure lurrei dagozkien arima hil guztiak nire izenean jartzea. Horrela, nik ordainduko nituzke haien zergak. Eta, legea ez hausteko, eroste-agiri baten bidez egingo dugu eskualdaketa, arimak bizirik baleude bezala.

        «Hau duk hau! —pentsatu zuen Lenitsinek—. Tratu bitxia benetan!» Eta, zeharo harriturik, apur bat atzera egin zuen aulkiarekin batera.

        — Uste betean nago ondo iritziko diozula tratu honi —esan zuen Txitxikovek—, oraintxe esan dugun bezala jokatuko dugu eta. Bi gizon helduren arteko sekretua izango da, eta biotako inork ez du okerkeriarik egingo.

        Zer egin? Kinka gaiztoan zegoen Lenitsin. Ezin susma zezakeen arestian agerturiko iritziak hain ondorio berehalakoak ekarriko zituenik. Ez zuen inola ere espero horrelako proposamenik egingo ziotenik. Jakina, egintza horrek ez zion kalterik egingo inori: aurrerantzean ere lurjabeek arima haiek bahituko zituzten biziekin batera, hau da, Estatuaren finantzek ez zuten inolako galerarik izango; desberdintasun bakarra zen arima haiek lurjabe batenak zirela lehen eta beste batenak orain. Baina horrek ez zion arindu larritasuna. Berak zorrotz betetzen zituen lege guztiak, tratularia zen, tratulari zintzoa: ez zuen legez kontrako traturik egiten, ez zuen inoiz eskupeko diru zikinik onartzen. Baina orain nahasirik zegoen, tratu horri zein izen eman asmatu ezinik, ez baitzekien legezkoa ala legez kontrakoa zen. Beste edonork horrelako tratu bat egitea proposatu balio, honela esango zion: «Inozokeria galanta!, ezdeuskeria! Ez dut umekeriarik edo lelokeriarik egin nahi!». Baina izugarri gustatu zitzaion bisitaria, bat etorri ziren gauza askotan kulturaz eta zientziaz aritu zirenean. Nolatan eman, bada, ezezkorik? Kinka ezinago gaiztoan zegoen Lenitsin.

        Baina une horretantxe, hain zuzen ere ezbehar hura erremediatzeko bezala, etxekoandrea sartu zen gelan, gazte, sudur-zapal, zurbil, argal, moztaka, gustu onez jantzirik, Petersburgeko damak bezala. Lenitsinen emaztearen ondotik, inudeak besoetan ekarri zuen lehensemea, senar-emazte ezkonberrien maitasun samurraren fruitua. Txitxikov, esan beharrik ez dago, bertantxe hurbildu zen damarengana, eta, agur-hitz adeitsuei zein buru-makurtu atseginari esker, aise irabazi zuen emakumearen estimua. Haurtxoarengana inguratu zen gero. Haurtxoa negarrez hasi zen, baina Txitxikovek, hala ere, hitz egokiak esaten asmatu zuen: «Apa, apa, enetxoa!». Hatzez kriskitinka eta erlojutik zintzilik zeraman apaingarri kornalinazkoa erakutsiz, bere besoetara erakarri zuen haurra. Besoetan harturik, gorantz altxatzeari ekin zion, eta umeak oso irribarretxo atsegina egin zuen, gurasoak pozez zoratzen utzirik.

        Baina, zela gozamenaren eraginez, zela beste arrazoiren batengatik, haurrak ezegiteko bat egin zuen ustekabean. Oihuka hasi zen Lenitsinen emaztea.

        — Ene Jainkoa! Goitik behera hondatu dizu fraka!

        Txitxikovek behera begiratu zuen: frak berri-berriaren mahuka guztiz hondaturik zegoen. «Deabruak eramango ahal hau, txerrenkume malapartatu hori!», murduskatu zuen bere kolkorako, haserre bizian.

        Etxeko jauna, etxekoandrea eta inudea lasterka joan ziren kolonia-uraren bila, eta Txitxikov alde guztietatik garbitzen hasi ziren hirurak.

        — Ez da ezer, ez da ezer, benetan, ez da ezer —zioen Txitxikovek—. Zer gaitz egin dezake haurtxo errugabe batek?

        Eta, aldi berean, bere kabutan pentsatzen zuen: «Bete-betean zikindu naik bihurri madarikatu honek».

        — Bai adin zoragarria! —esan zuen, garbitzen amaitu zutenean eta imintzio atsegina aurpegira itzuli zitzaionean.

        — Izan ere —esan zuen etxeko nagusiak, Txitxikovenganantz jiraturik eta irribarre atseginez berak ere—, ez dago haurtzaroa baino adin desiragarriagorik: kezkarik ez, etorkizunean pentsatu beharrik ez...

        — Oraintxe bertan aldatuko nintzateke ni egoera horretara —esan zuen Txitxikovek.

        — Birritan pentsatu gabe —esan zuen Lenitsinek.

        Baina, inondik ere, gezurretan ari ziren bi-biak: aldaketa hori egiteko aukera eman baliete, atzera egingo zuketen. Inudearen besoetan egon eta frakak hondatu, zer du horrek alaigarririk?

        Etxekoandre gazteak eta inudeak gelatik alde egin zuten lehensemearekin batera. Izan ere, zereginak zituzten berarekin, zeren eta, Txitxikovi oparitxoa egiteaz gain, haurtxoa ez baitzen bere buruaz ahaztu.

        Gertakari itxuraz hutsal hark Txitxikoven nahia betetzera makurtu zuen etxeko nagusia. Nolatan ukatu ezer horrelako bisitari bati, etxeko semetxoa hain samur tratatu eta, ezkuzabaltasun paregabea erakutsiz, bere fraka sakrifikatu baitzuen? Lenitsinek honela zioen bere artean: «Izan ere, zer nahi duen jakinik, zergatik ez onartu haren eskabidea?» [...]

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia